Elkarrizketa Pantxoa Etchegoin-ekin, Euskal kultur erakundeko zuzendaria
Dakizunez, Kultura-ohiturei, -praktikei eta -kontsumoari buruzko estatistika 2007-2008 izeneko eragiketa estatistikoaren emaitzak berriki aurkeztu dira. Zein da, Ipar Euskal Herriari dagokionez, emaitza hauei buruz egiten duzuen balorazio orokorra?
Lehenik eta behin, EKEren aldetik esan nahi dugu boztasunez hartu dugula ezaugarri hauetako ikerketa bat egitea Iparralde mailan, eta gogotik laguntza bat ekarri dizuegu. Orain arte kulturari edo eta euskarari buruzko eragiketa estatistikoak egin dira, baina ikerketa honetan lehen aldiz aztertu dira gaika, herritarrek kulturarekiko dituzten portaerak eta kultura-kontsumoaren maiztasuna zein intentsitatea, eta oso garrantzitsua iruditzen zaigu horrelako kultura behatoki baten ukaitea, publikoaren ohidurak aztertzeko eta kultura norabide batzuen finkatzeko.
Bestalde, laginaren aldetik, estatistikaren estaldura ona izan da: 1.300 inkesta baino gehiago egin dira eta kontutan hartu dira lurralde desberdinak : kostaldea, erdigunea eta barnekaldea.
Nolakoa da Ipar Euskal Herriko biztanleriaren dinamikotasuna Euskal Herri osoarekiko, hau da, zeintzuk dira kultura-praktika nabarienak eta zeintzuk hain ohikoak ez direnak?
Inkestak dionaz, Iparraldean hiru alor nagusi agertzen dira : musikaren entzutea, ohitura hau gazteen artean indartsuagoa delarik, irakurzaletasuna (eta bi alor hauetan euskarazko argitalpenek edo euskarriek leku garrantzitsua daukate) eta zinemara joatea, bereziki kostaldean, han baita zinegela kopuru handiena.
Euskal Herriko beste lurraldeekin konparatuz, nabarmentzen da Iparraldean gehiago irakurtzen dela eta etxean egiten den ohiko jarduera dela. Aitzitik, konparatzen badira emaitzak Hegoaldearekin, ikus daiteke hemen gutiago joaiten garela liburutegietara, museoetara, kontzertuetara, bainan badela partehartze handia kultura ekintzetan. Iparraldean, dirudi ikusle bezain kultura aktore garela.
Biztanle elebidunen artean, euskarazko irakurketa zabala da. Euskal musika entzuteari eta euskarazko antzerki-ikuskizunetara joateari dagokienez, Iparraldeko elebidunen jarduera oso nabaria da.
Iparraldeko lurraldeen arteko konparaketaren aldetik, Zuberoak dantza-ikuskizunetara joaten den jende kopuru handiena hartzen du, besteak beste pastoralak badirelakoz ere. Baxe Nabarreko biztanleriaren kasuan, berriz, sustrai sakonak dituen ohitura antzerki-ikuskizunetara joatea da. Lapurdin zinemara joatea eta irakurketa dira jarduera nagusiak. Musikari dagokionez, hiru lurraldeetan berdintsu dira.
Azkenik, Iparraldeko gazteek ere kultura kontsumitzeko erabiltzen duten tresna oroz gainetik Internet da, eta hauen artean, askok euskarazko edukiak aukeratzen dituzte (musika-edukiak, foroak, ...).
Zeintzuk izan litezke tokiko politika kulturalen etorkizuneko erronkak?
Ikusten da jendeak dihardun ekintza kulturalak zeintzuk diren, beraz, ildo honetatik abiatuz, euskal kulturari buruzko gaiak indartu beharko lirateke jendea maiz joaiten den tokietara : liburutegietan, zinegeletan, ikusgeletan, etabar, adibidez irakurketa edo idazketa tailerrak antolatuz, edo euskal zine sorkuntzak bultzatuz.
Argi azaltzen da Iparraldeko biztanleak euskal kulturaren aktoreak direla, horregatik, alderdi ezberdinetatik jardun behar da: alde batetik, etxe barruan diharduen jendearengana hurbildu behar da, kultura eskaintza hurbildu behar zaie, etxetik atera eta kalera eraman behar dira gune espezifikoetara, kultura ekintzetan zuzenki parte har dezaten, adibidez dantzaren, musikaren, bertsularitzaren edo antzerkiaren bitartez.
Transmisioa eta sorkuntza garaikideari dagokienez, gazteak kontutan hartu behar ditugu, haiekin gogoetak eta egitasmoak eramanez. Teknologia berriak baliatuz, eduki bereziak prestatu behar dira gazteen parte hartzea bultzatzeko. Azken finean, erakutsi behar zaie euskal kultura zer den eta zer izan daitekeen gaurko kulturatik abiatuz.