ZUREKIN programa pilotua

Helburuak

"ZUREKIN"- Genero-Indarkeriaren Biktima diren emakumeei arlo judizialean laguntza integrala emateko programa pilotua

Zurekin programa Lan eta Justizia Sailak bultzatzen duen eta Euskadiko Birgizarteratze Institutuak (IRSE.EBI) kudeatzen duen programa pilotua da, eta genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei jarduera judizialetan laguntza integrala ematea du helburu.

Zurekin programak lotura estua du Biktimari Laguntzeko Zerbitzuarekin; azken zerbitzu horrek ebaluatzen baitu laguntza egokia den, eta, hala badagokio, Zurekin programa aktibatzea ahalbidetzen du.

Emakumeei laguntza integrala ematea prozedura judizialaren inpaktu emozionala arintzeko teknika eta tresna bat da, eta aukera ematen die emakumeei estres gutxiagorekin eramateko zenbait esperientzia (zitazioak, izapideak, agerraldiak …).

Azken batean, helburu orokorra zera da: genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek (eta haien seme-alabek ere, izanez gero) ahalik eta baldintza onenetan jo dezaten Justizia Jauregira, eta ahalik eta estres gutxiagorekin, hara jo behar izanez gero prozedura judizial batean parte hartu behar dutelako egin beharreko egintzaren baten bidez (deklarazioak, Auzitegiko Balorazio Integraleko Unitatera edo Talde Psikosozial Judizialera egin beharreko bisitak, eta abar). Izan ere, halakoetan, estres-iturri izaten dira, besteak beste, testuinguru horren gaineko ezjakintasuna, figura judizialak, biktima eta biktimarioa eraikin berean edo inguruetan egon daitezkeela pentsatzea, terminologia juridiko eta judiziala nahasiak eta ilunak izatea..., azken batean, sortzen den ziurgabetasuna, ezezaguna eta aldi berean haien etorkizunerako hain garrantzitsua denaren aurrean.

PROGRAMAREN KONTZEPTUALIZAZIO OPERATIBOA

ZUREKIN programa Genero Indarkeriaren aurkako Babes Osorako Neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoak genero indarkeriaren kontzeptu penalari ematen dion definizioaz harago, bat dator Europako Kontseiluaren Hitzarmenarekin, emakumearen aurkako indarkeria eta etxeko indarkeriaren aurkako prebentzioari eta borrokari buruzkoarekin (Istanbulgo Hitzarmena ere esaten zaio). Edozein indarkeria-motak biktimizatzen dituen emakumeei babesa emateko helburua dauka. Hona nola ulertu behar diren zenbait termino:

  1. "Emakumearen aurkako indarkeria": giza eskubideen urraketa eta emakumeen aurkako bereizkeria-modu bat. Generoan oinarritutako indarkeria-ekintza guztiak izendatuko dira horrela, emakumeentzat kalte edo sufrimendu fisiko, sexual, psikologiko edo ekonomikoak dakartzatenak edo ekar ditzaketenak, ekintza horiek egiteko mehatxuak, hertsapena edo askatasunaz arbitrarioki gabetzea barne, bizitza publikoan zein pribatuan.
  2. "Etxeko indarkeria": familian, etxean edo ezkontideen edo izatezko bikotekideen artean gertatzen diren indarkeria fisiko, sexual, psikologiko edo ekonomikoko ekintza guztiak, alde batera utzita delituaren egileak biktimaren bizileku bera duen edo izan duen.
  3. "Generoa": jendarte jakin batek emakumeei edo gizonei esleitzen dizkien portaerak, eginkizunak eta ezaugarriak, emakumeek edo gizonek berezkoak dituztelakoan, jendarteak berak eraikitakoak diren arren.
  4. Emakumearen aurkako indarkeria, generoa dela-eta ": emakume baten aurkako indarkeria oro, emakumea izateagatik izaten denean edo emakumeei neurriz kanpo eragiten dienean.
  5. "Biktima": a eta b ataletan zehaztutako portaeren pean dagoen pertsona fisiko oro.
  6. "Emakume" terminoak 18 urtetik beherako neskatilak ere hartzen ditu.

Legegintzaldia

XI. Legegintzaldia

Garatzeko jarduerak eta baliabideak

Zerbitzu berri hau Bilboko Justizia Jauregian dago, Barroeta Aldamar kalea 10, 1.go solairuko Hallean (Audientziarako sarbidean), eta gizarte- eta hezkuntza-arloan adituak diren 5 pertsonaren laguntza teknikoa du. ZUREKIN programaren testuinguruan, teknika profesional eta baliabide bihurtzen da, aldi berean, prozesu judizial batean sartuta dagoen emakume biktimizatuari ematen zaion laguntza.

LAGUNTZA AKTIBATZEKO PLANTEAMENDUA ETA EREMUAK

ZUREKIN programak espazio judizialean sarrera, harrera eta gida lagunkoia egin nahi du, eta emakumeari modu integralean lagundu, laguntza emozional eta fisikorako beharrezko babesa emanez, honako hauek barnean hartuta:

  1. Informazio-laguntza: informazio egokia ematea kokapenei, ordutegiei, administrazio- eta prozedura-dinamikei, epaitegiko espazio fisikoei, Biktimari Laguntzeko Zerbitzuarekin aurretiko hitzordua ezartzeari buruz, besteak beste.
  2. Justizia-jauregiaren barruan kokatzeko laguntza: informazioa eta/edo laguntza sinplea: espazio zehatzeraino (epaitegi zehatza, aretoa, Orientazio Juridikoko Zerbitzuak, Epaitegi Dekanoa, Biktimari Laguntzeko Zerbitzua …), azalpenek helburua lortzea ziurtatu ezean eraginkorrak ez izateagatik.
  3. Eustea: emozioei eta/edo testuinguruari eustea beharrezko denean ematen den laguntza-mota (estresa, beldurra, ziurgabetasuna …).
  4. Amekin joaten diren adingabeei laguntzea (sor daitezkeen oinarrizko beharrizanak aintzat hartuz: elikadura, garbitasuna, itxaronaldia …)

Hala, laguntza aktibatzeko eremuak honako hauek izango dira:

  • Aurretik eratutako probak
  • Adierazpenak
  • Zenbait motatako manifestazioak
  • Fiskaltzarekiko topaketak
  • Taldeko ezagutze-saioak
  • Talde psikosozial judizialak
  • Auzitegiko Balorazio Integraleko Unitateak
  • Ahozko ikustaldia

PROZEDURA:

1. Biktimari Laguntzeko Zerbitzua (BLZ).

Orain arte bezala, Biktimari Laguntzeko Zerbitzuak, bere arreta-esparruaren barruan, emakumeari ematen ari zaion laguntzaren egokitasuna balioesten du kasu guztietan, eta hura zehazten du, eta, hala badagokio, balorazio horren arabera beste zerbitzu batera bideratzen du. Artatutako emakumearen zaurgarritasuna eta egoera espezifikoak dira aintzat hartzen diren funtsezko irizpideak.

2. Talde psikosozial judizialetatik (BGAE) eta Auzitegiko Balorazio Integraleko Unitateetatik (UVFI)

Bi zerbitzuek ZUREKIN zerbitzua aktiba dezakete, biktimari egiten dioten zitazioaren jakinarazpena bidalita. Horrela, ZUREKIN programa harremanetan jartzen da interesdunarekin, eta laguntza eskaintzen dio, balorazioa edota miaketa egin aurretik.

3. Emakumeen aurkako indarkeriaren arloko epaitegiak/ZIGOR-arloko epaitegiak/PROBINTZIA AUZITEGIA

Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei zentzurik zabalenean laguntzeko pentsatuta dago ZUREKIN programa.

Horregatik, zerbitzuak laguntza aktibatzeko aukera jasotzen du, generoarekin eta/edo sexu-erasoarekin zerikusia duten gaietan. Dagokion epaitegiak ZUREKIN programari jakinarazi edo igorri ahal izango dio zitazioa, epaiketa-data …, laguntza-zerbitzua baloratu eta eskaintze aldera.

Denborazko konpromisoa

Programa pilotuak 2020/12/31n amaiera izango du.

Planeko kudeaketa organoak

Zurekin programa Lan eta Justizia Sailak bultzatzen duen eta Euskadiko Birgizarteratze Institutuak (IRSE.EBI) kudeatzen duen programa pilotua da.

Segimendu eta ebaluaziorako organoak

Eusko Jaurlaritzako Justizia Zuzendaritza

Azken aldaketako data: