Euskal Gizataldeen IV Mundu Biltzarra, 2007
2007ko Batzarra: Zubigintzan
“Zubigintzan” lemapean egin berri den Euskal Gizataldeen IV Mundu Biltzarrak eztabaidatutako ondorioen agiri bat onartu du Bilbon, Euskal Gizataldeen Aholku Batzordeak 2008-2011 eperako Erakundeen Lau Urterako Jarduera Plana prestatzeko orduan kontuan har dezan. Eusko Jaurlaritzak lau urtetik behin antolatzen du, Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Zuzendaritzaren bitartez, kongresu edo batzar hau, kanpoko euskal gizatalde eta euskal etxeen eta euskal erakundeen arteko harremanak bultzatzeko asmoz.
IV. Biltzarra, 2007ko uztailaren 9tik 13ra bitartean egin da, honako helburuarekin: norbanakoen, gizarteen, enpresen eta gobernuen arteko harreman mota berriak sustatu eta ireki, beti ere Euskal Herria eta euskal diasporaren arteko lotura estutzeko balioko duten norabide askotako zubi eta komunikabideak eraikiz. Bost egunetan zehar, 120 lagun inguru bildu dira hogei txostenetik gora aztertzeko egin diren lan jardueretan.
Amaiera ekitaldian, herrialdeetako ordezkariek Aholku Batzorderako euren ordezkaritza onartu dute. Batzorde hori organo aholku-emailea da, eta bertan biltzen dira euskal erakundeetako eta euskal etxe eta federazioetako ordezkariak. Xabier Berrueta (San Frantzisko, Ameriketako Estatu Batuak), Carlos Sosa (Buenos Aires, Argentina) eta Jon Zaballa (Madril, Espainia) izan dira Euskal Etxe eta Federazioen ordezkariak datozen lau urteetarako, harik eta 2011 urtean V Mundu Biltzarra egiten den bitartean. Aholku Batzordearen egitekoak dira: Lau Urterako plana egitea, eta euskal gizataldeengan eragina duten xedapenak onartu edo aldatzeko proposamena luzatzea Euskal Autonomi Erkidegoko erakundeei.