Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

171. Etxeberri baserria (Anoeta)

2. ETAPA: HERNANI • TOLOSA

Etxeberri baserria Anoetako komunitatean

Anoetan Erdi Aroan ez zen egon boterea lortu nahi zuen noblezia boteretsurik, eta beraz, baserri-komunitatea protagonista izan zen herriaren funtzionamenduan eta bilakaera sozial eta politikoan. Dokumentazioari esker, Anoetan XVI. mendean 26 baserri zeudela ezagutzen da (tartean zela Etxeberri baserria), eta beroriek izan ziren Antzinako Erregimenean zehar eta XX. mendera arte Anoetako komunitatearen antolaketaren funtsa.

Ez dakigu zehazki noiz hedatu zen sakabanatutako etxebizitza-unitate produktibo hori (baserria), herrixka eta auzoetako guneetatik kanpo. Mendebaldeko Europako toki batzuetan baieztatu da 1000. urte inguruan kokaleku egonkorrak sortzen hasi zirela basoari kendutako lurretan. Kostaldeko Euskal Herrian, dirudienez, 1200. urte inguruan izan ziren lehen kasuak, eta XV. mendetik aurrera esan dezakegu sakabanatutako baserrien garapena erabat finkatuta eta garatzen ari zen errealitatea zela.

Baserri horiek ez ziren komunitatearen bazterreko elementuak; aitzitik, baserri hauetako asko (normalean antzinakoenak) eskubide osoko etxeak izan ohi ziren, eta bertako familiaburuek komunitateari zegozkion erabakietan parte hartzen zuten (kontzejuko ofizial gisa parte hartzea eta hautatuak izatea, parrokiako apaizak aukeratzea, jabetza komunei buruzko erabakiak hartzea, etab.).

Etxeberri baserria Anoetako Elbarren auzoa osatzen duten baserri-sarekoa da. Auzo hori izen bereko bailaran dago, Anoeta eta Villabona artean. Guztiak XVI. mendean eratu ziren.

Bere lehen aipamen dokumentala 1541. urtekoa da, non Echeberria izenaz aipatua agertzen zen, eta beraz, azken 500 urteetan nagusiki nekazaritza ustiapenera bideratutako baserria izan da. Ezagutzen den baserriaren lehen jabea Domingo Etxeberria izan zen; baserriaren abizena zuen, oinetxeetan ohikoa zen bezala, hau da, komunitatearen barruan eskubide politiko osoak zituzten etxeetan. Abizen hau belaunaldiz belaunaldi etxeari lotuta mantendu zen XIX. mendera arte, baserrian azken Etxeberriatarrak bizi izan ziren garaira arte, alegia; ondoren beste familia batek eskuratu zuen, Ezeizatarrek.

Baserri monumentala

Jatorriz baserria XVI. mendekoa bada ere, gaur egungo eraikina XVII. mendean egindako lanen emaitza da. Hala ere, jatorrizko harrizko eraikin hartatik kontserbatzen dira: pieza bakarreko egurrezko zutabe bat, baserriaren barruan beheko solairuan; dobeladun arku baten erdia; iparraldeko horman erdi-puntuko arku bat, kareharrizko harlanduzko dobelak dituena. Horiek guztiek XVI. mendeko arkitekturan ohikoak ziren elementu errenazentistak dira.

XVII. mendean, baserria altueran eta ekialderantz handitu zen, eta gaur egungo fatxada nagusia eraiki zen. Fatxada horretan baserriaren handitasuna antzematen da, eta bere hiru altuerak: behe-solairua, non ganadua eta sukaldea zeuden; lehen solairua, bizitokia; ganbara goiko solairua, uzta edota gari eta arto aleak gordetzeko. Fatxada harlangaitzezkoa da, eta harlanduz sendotuak ditu baoak eta eskantzuak, teilatupeko solairua izan ezik, haren egitura egurrezkoa baita eta itxitura adreiluzkoa. Teilatupeko pisuaren berezitasuna da pieza bakarreko hiru urkila baliatzen dituela, baita zutikoak eta besoak ere. Halaber, ateburudun egurrezko bi bao, bi idi-begi eta adreiluzko bao alderantzikatu triangeluar bat irekitzen dira. Horregatik guztiagatik Etxeberri Euskal Herriko baserri nabarmenenetarikoa da. Barruan, dolare zahar baten hondarrak gordetzen ditu, non sagarra prentsatzen zen sagardoa egiteko, mendeetan zehar baserrian egindako nekazaritza-jarduera garrantzitsuaren erakusgarri.

Partekatu

unesco