Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

214. Estibalitzeko santutegia (Villafranca, Gasteiz)

5. ETAPA: SALVATIERRA-AGURAIN • VITORIA-GASTEIZ

Erromanikoaren etorrera Arabara eta Estibalitzera

Arabako probintzian eliza erromaniko ugari daude: estilo horretako elementuak dituzten 260 tenplu zenbatu dira. Estibalizkoa probintziako adibiderik aipagarri eta erreferenteetako bat da.

IX. mendeaz gero Arabako elizak Arabako Elizbarrutiaren barne zeuden, eta bertako liturgiak hispaniar errituari jarraitzen zion, bisigodoen praktika erlijiosoekin lotuagoa, eta non eliza pribatuak oso errotuta zeuden: nobleek ordaintzen zituzten tenpluak ziren, nahierara kudeatzen zituzten eta, azken batean, tenpluaren jabeak ziren. 1075ean Arabako elizak Calahorrako Elizbarrutira pasa zirenean, gatazka ugari sortu ziren, elizbarruti berriak Erromatik bultzatutako gregoriar erreforma ezarri nahi baitzuen Araban. Horrek erritu eta ohituren bateratzea ekarri zuen, eta, beraz, arabarrek aurrerantzean erritu hispanoa utzi eta erromatarra hartu behar zuten. Gainera, eliza pribatuak deuseztatzen zituen legedi berria onartu behar zen.

Aldaketa juridiko eta liturgiko horrekin batera, Araban estilo erromanikoa sartu zen, erreformak proposatzen zuen errito berria hartzeko pentsatua. Ezarpen hori ez zen erraza izan, Arabak ez baitzituen alde batera utzi nahi ez tradizio liturgikoa ez jaunen landa-elizen gaineko pribilegioak. Erresistentzia horren erakusgarri da 1109ko dokumentua, erromatarren errituari heldu nahi ez izateagatik arabarrak eskumikatu zituena. Gertaera Estibalizko muinoan gertatu zen. Garai hartan, gotorleku-etxea eta Andre Mariari eskainitako eliza txikia zeuden, Bizkaiko jaunei lotuak, eta handik ezartzen zuten beren boterea probintzian. Tokiko leinu nagusien eta Calahorrako apezpikuaren arteko topaketa egin zen han, non aipaturiko eskumikuarekin amaitu zen.

Testuinguru horretan, lurralde etsai batean kokatzen den lantza-mutur gisa, Santa Maria la Real monasterioko monje beneditarrek Estibalizko eliza eraiki zuten, klunitar monasterio baten zati izateko pentsatua baina sekula osatu ez zena. Kokagune hori Maria Lopez andreak 1138an emandako testamentuaren bidez iritsi zen erlijiosoen eskuetara. Maria Lopez andrea Bizkaiko jaunen ondorengoa zen, eta ekintza horren bidez Arabak erromatarrekiko obedientzia onartzen zuela sinbolizatzen zen. Izan ere, monje beneditarrak Clunyko Monasterioaren menpe zeuden, erreformaren bultzatzaile nagusiak eta, beraz, erromaniko estiloaren hedatzaile handiak. Hortik zetorren erromatar errito berriarekin bat etorriko zen monasterio bat eraikitzeko interesa. Hala ere, proiektua ez zen burutu; baliteke arrazoietako bat Gasteizko hiribilduaren fundazioa izatea, 1181. urtean, Estibalizko guneak garrantzi gutxiago izatea eragin zuena.

Estibalizko eliza

Estibalizko Santutegia Arabako lurraldeko tokirik enblematiko eta tradizio handieneko bat da, eta Euskal Herriko erromanikoko harribitxietako bat.

Arabako erromanikoaren ezaugarri nagusietako bat eszena biblikoen irudikapenik eza da, eta horren ordez eguneroko bizitzako eszenak eta elementuak, animalia fantastikoak eta elementu geometriko eta lorezkoak gehitzeko joera duena. Estibalizko elizan, hala ere, Salbazioaren, Erredentzioaren eta eszena erlijiosoen programa ikonografiko erlijioso oso bat ageri da, erromatar liturgia berriarekin bat datozen elementu klasikoak erromanikoaren baitan.

Elizak gurutze latindarreko oinplanoa, hiru ataleko nabe bakarra eta gurutzadura zabala ditu. Burualdea hiru absidek osatzen dute, bakarra Euskal Herriko erromaniko osoan. Hormak harlangaitzezkoak dira, eta harlanduarekin konbinatzen dira portikoak, eskantzuak eta absideak. Nabeak kanoi-ganga zorrotzeko estalkia du, zutabeetan bermatuta dagoena. Zutabeen kapitelek landare-motibo apaingarriak dituzte. Erdiko absidean, erdi-puntuko arkuak dituzten bi leiho irekitzen dira. Aipatzekoak dira, halaber, gurutzadura apaintzen duten kapitelen multzoa, non Arabako eskultura erromanikoaren maisulanetako batzuk aurkitzen diren, eta Deikundearen erliebea, erromaniko berantiarraren adibide bikaina dena.

Kanpoaldean, absidearen aldeko teilatu-hegala apaintzen duten hagaburutxoak oso interesgarriak dira. Abside hori animalia erreal eta fantastikoen irudikapenez beteta dago. Hala ere, elizaren kanpoaldeko gauzarik aipagarriena hegoaldeko fatxada da, non Speciosa atea dagoen, XII. mendeko erromanikoko maisulan bat.

Partekatu

unesco