Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

229. Estavilloko iturri-garbitoki multzoa (Estavillo, Armiñon)

7. ETAPA: LA PUEBLA DE ARGANZÓN • BRIÑAS

Garbitokiak, emakumeen espazioak

Higienearen kontzeptua modernoa da, batez ere XIX. mendean hasi baitzen kontuan hartzen liberalismoak bultzatuta, aurreko mendeko ideia ilustratuek eraginda. Higienearen helburua herrien eta biztanleen osasuna hobetzea zen, eta hainbat alderdi hartzen zituen kontuan, adibidez: herritarrek ura eskura izatea, saneamendua, argiztapena, aireztapena eta epidemien kontrola. Izan ere, konturatu ziren epidemietako asko, hala nola XIX. mendean eragin handia izan zuen kolera, uraren bidez transmititzen zirela.

Hiri-espazioetan garbitokiak eraikitzea izan zen higiene-neurriak ezartzeko garaian egin zen ekimenetako bat. Horretarako, soilik arropa garbitzeko izango zen gune bat prestatu zuten, ordura arte ibaietan, ubide edo errekastoetan egiten zen lana erosotasun handiagoz egin ahal izateko, eta ura errazago eskuratzeko. Garbitokiak udalarenak izaten ziren, eta kontzejua arduratzen zen mantentzeaz, eta araudia egin eta betearazteaz.

Arropa garbitzea higienearen, garbitasunaren eta hiritartasunaren kontzeptuaren barruan sartzen da, eta emakumeari egokitu izan zaio tradizionalki. Hala, garbitokia espazio femeninoa zen, emakumeak lanera joaten ziren lekua (arropa garbitzea lan gogorra zen), baina halaber, une, solasaldi eta aholkuak partekatuz sozializatzeko lekua. Gizona espazio horretatik kanpo geratzen zen, eta bertan emakumeek elkarrekin lan-uneak eta elkarrizketak izaten zituzten gizonen begiradatik urrun.

Estavilloko iturri-garbitokiak

Estavilloko kontzejuak bi garbitoki ditu, Goikoa eta Behekoa. Azken urteotan zaharberritu egin dituzte, kontserbazio-egoera txarrean baitzeuden. Bi iturri-garbitokiek Zadorra ibaira isurtzen den La Cava errekatik hartzen dute ura.

Arabako garbitokiak leku itxiak eta babestuak dira, udan zein neguan tenperatura atseginagoak mantentzeko. Bi garbitokien jatorrizko estalkiak ez dira kontserbatu, gaur egun dituztenak birgaitze-lanetan jarri baitziren: egurrezko egitura dute, teilez estalia.

Goiko iturri-garbitokia XIX. mendean eraiki zen eta estilo neoklasikoa du. Hiru horma eta bi isurkiko estalkia dituen gela itxia da. Ez du zutaberik barruan, eta garbitokia da gehien okupatzen duen elementua, arropa taldean garbitzeko putzu batez osatua.

Behealdeko iturri-uraska-garbitokia herriaren behealdean dago, erromatarren garaiko bidearen ertzean, eta hortik igarotzen da Compostelarako erromes-bidea. Erdi irekita dago, izan ere, harlangaitzez eraikitako horma bat baino ez du babes gisa, agian animaliak aska horretara errazago iristeko. Isuri bakarreko estalkia du, egurrezko bi zutabetan bermatzen dena.

Garbitoki horiek egitura lineala dute, hau da, osatzen duten elementuak lerroan antolatzen dira, bata bestearen segidan. Horrela, lehenik iturria ikusten da, eta hortik ateratzen da ura; gero, uraska kokatzen da (behealdekoaren kasuan); eta, azkenik, ehunak garbitzeko garbitokia. Uraren mugimenduak egitura lineala jarraitzen du, halaber, elementu batetik bestera igaroz.

Partekatu

unesco