Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

230. Estavilloko herrigunearen multzoa (Estavillo, Armiñon)

7. ETAPA: LA PUEBLA DE ARGANZÓN • BRIÑAS

Bidegurutzeko hiribildu aberatsa

Estavillo, Zadorra ibaiaren bazterrean kokatzen diren herrien artean, gune oparoenetarikoa izan zen, bidegurutze batean zuen kokapen ezin hobeari esker. Muino baten gainaldean kokatuta dago, Zadorrako ibarra kontrolatzen den tokian, eta bertatik igarotzen ziren erromatar bidea eta Gortetik Frantziara zihoan bidea. Estavillok garrantzi eta aberastasun handia lortu zuen Erdi Aroan eta Aro Modernoan zehar. Hala, bidean geldialdi bat egitea erabakitzen zuten erromes eta bidaiariei laguntzeko zerbitzuak izan zituen hiribilduak, adibidez, ospitale bat. Bestalde, bidean mugarri zen San Martin elizak edo herriak zituen ermita ugariek kontsolamendu espirituala ematen zieten erromesei.

Estavillo, gainera, aipamen dokumental zaharrenetarikoa duen Arabako herria da, 871. urtean Okoiztako Done Bikendi monasterioari egindako dohaintza bati buruzko dokumentu batean aipatzen baita, Stavellu izenpean. 1270etik XV. mendera arte, gutxienez, Trebiñu Konderriko herrixka bat izan zen, eta gero, auzi baten ondorioz independizatu egin zen Armiñónekin batera, hori ere Trebiñukoa baitzen. Ondoren, hiribildu bihurtu zen, baina ez dakigu noiz. Estavilloko Ermandadearen barne egon zen, eta ondoren, Arabakoan.

Komunikabideetan erreferentziazko gunea izateaz gain, Estavilloko beste jarduera ekonomiko garrantzitsu bat mahatsondoak izan ziren. Herriaren iparraldean dagoen Las Canteras deritzon lekuan terrazak dituen lursail bat ikus daiteke, mahatsondo-laborantzaren arrastoa.

Estavillok erreferentziazko herrigunea izaten jarraitu zuen 1765 arte. Gero, Kotxeen Errege Bidearen eraikuntzaren ondorioz trafikoa Armiñónera desbideratu zen, eta ordu ezkero bidetik urrun geratu zen.

Estavilloko herrigunea

Estavillok Erdi Aroan eta Aro Modernoan izan zuen garrantzia bere ondarean ikus daiteke: San Martin eliza eta beste elementu aipagarri batzuk. Eraikin historikoetan erabilitako eraikuntza-tekniken eta materialeen kalitateak agerian uzten du zer nolako garrantzi ekonomikoa izan zuen herriak. Hiri-egiturari dagokionez, hiribilduko hirigintza du: kale nagusi baten inguruan antolatuta dago, non etxebizitzak ageri diren alboetan, harlanduzko fabrikaz eraikitako horma mehelinak dituztenak, bi altuera, eta bi isuriko estalkia. XIX. mendean eraiki zen arren, Picota kaleko 15-16 zenbakiko etxea ere aipagarria da, estilo neoklasikoa duena.

Herriko elementurik aipagarriena parrokia-eliza da, zalantzarik gabe. Hasierako San Martin tenplu erromanikoaren arrastorik ez da geratzen, eta kontserbatu den eraikina XV. mendearen amaieran eta XVI. mendearen hasieran egindako berreraikitze lanen emaitza da. Gotiko estilokoa, gurutze latindarreko oinplanoa, burualde laua eta tertzelete-gangadun estalkia ditu. Portada gotikoa du, non Deikundea irudikatzen duen erliebea nabarmentzen den tinpanoan. Arku konopialaren goialdean San Martinen irudia ikusten da eta, goiko frisoaren gainean, aingeru multzo batek Kristoren pasioko objektuak garraiatzen ditu eskuetan. Sarrerako atearen parean, tamaina handiko gurutze irten bat ageri da.

Barrualdean, erretaula nagusia nabarmentzen da batez ere, Euskal Herriko lehen erretaula erromanista. 1567an Pedro Gamizek eraiki zuen, eta italiar Errenazimentuaren eragin argiak ditu. Michelangeloren eraginak ikusten dira irudien anatomia gihartsuan eta alboko zutabeen ordena erraldoian. Andre Maria Sortzez Garbiaren kaperan Francisco Ayalak egindako XVI. mendeko erretaula-bitxi bat dago, polikromatuta ez dagoena.

Elizaren ondoan San Roke ermita dago, XVI. mendean eraikia eta antzina ospitale izandakoa. Nabe bakarra du, bi isuriko estalkia, eta harlangaitzezkoa da. Sarrera zaharra dobeladun erdi-puntuko arku batek osatzen zuen; gero itxi egin zuten, eta gaur egun egurrezko ate bat ageri da.

Partekatu

unesco