Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

264. Errotatxo errota (Mutiloa)

3B. ETAPA: BIDANIA • ZEGAMA

Erroten ingeniaritza Euskal Herrian

Erdi Aroan, uraren indarra aprobetxatzen zuten errotak bi motatakoak izan zitezkeen, elementu eragileen kokapenaren arabera: noria-errotak edo errotak. Lehenengoetan, alea ehotzen duen harria birarazten duen ardatza horizontalean jartzen da: ura gurpilaren hegaletara isurtzen da gorago dagoen kanalizazio batetik, edota gurpil hori ura igarotzen den kanalean sartuta dago partzialki, gurpila mugiaraziz.

Badakigu Euskal Herrian horrelako errotak egon zirela, baina errota gehienek ardatz bertikala zuten, eta batzuk oraindik martxan daude. Bigarren mota honetako errotetan ura ibaian zegoen oztopo baten bidez (presa bat edo presa txiki bat) jasotzen zen, eta uraren parte bat ibilguarekiko paralelo zegoen ubide batetik desbideratzen zen, biltegi batera isuriz. Errotariak sistemari eragiten zionean, ura hodi estu batetik sartzen zen (horrek indar eta abiadura handiagoa ematen zion) beherago kokatuta zegoen makina-gelara. Sifoi batek ur-zurrusta uraren bultzadaz biratzen zen gurpilaren molduretara zuzentzen zuen. Gero, ardatz bertikalak goiko solairura igortzen zuen errotazioa, ehotzeko gelara.

Ehotzeko harriak binaka jartzen ziren: egonekoa esaten zaion harria ez zen biratzen, aldiz goikoa, hegalaria, bai. Azken horren ardatzaren gainean tobera bat zegoen, bertara alea isurtzen zelarik, eta pixkanaka grabitatez husten zen, errotarrien artean erortzen zen kantitatea dosifikatuz. Harrien formak ere laguntzen zuen ateratzen zen irina bere pisuaz ehotzeko harrien oinean zegoen ontzi batera eror zedin.

Soberan zegoen ura estolda edo hustubidetik ateratzen zen; normalean, arku handi bat izaten zen, eta langileak ere sar zitezkeen, matxura izanez gero edo doikuntzaren bat egin behar izanez gero.

Errotatxo, Eleizaldeko edo Mutiloako errota

Gaur egun Errotatxo izenez ezagutzen den arren (gutxienez 1865etik), dokumentu zaharrenetan Eleizalde (San Migel parrokiaren oinean dagoelako) edo Mutiloa bezala agertzen da. XVI. mendekoa da baina hari buruz dugun informazioa XVII. mendearen hasierakoa da.

Garai hartan, 1612 eta 1620 bitartean, Pedro Gartzia Zerainek eta Jose Txiribogak (lehenaren suhia, Maria Gartzia Zerainen senarra) errota eraberritzeko lanak enkargatu zituzten. 1612an Zerainek Juan Gartzia Oinaz eta Juanes Gurrutzeaga arotzekin instalazioa elikatzen zuten bi presen eraikuntza kontratatu zuen, bai eta antepara edo ur-biltegia eta gainerako egitura ere, Usurbildik eramandako ehotzeko harri baten instalakuntza barne. 1620an Txiribogak beste enkargu bat egin zuen, oraingoan Juan Saez Igartzarekin, aipatutako bi presak karez eta errekarriz egiteko; izan ere, agian, arotzekin egindako lehenengo kontratua ez zen gauzatu, edo ikusi zuten ez zela egokia, edo behar bada uholderen batek hondatu zuen.

Gure garaietara iritsi den errotak 14 x 6 m-ko oinplano angeluzuzena du, eta konponketak egin zaizkion arren XVII. mendearen hasieran zituen ezaugarriak mantentzen ditu. Bitxikeria gisa, gurpilak mugitzen dituen ura bi ibaietatik dator: Urresti edo Zerain (hego-mendebaldetik jaisten da) eta Mutiloa edo Troi (ipar-mendebaldetik). Ura pilatzen den biltegia parrokiara eta plazara igotzeko harmailadiaren oinean dago. Eskaileraren oinean, Leirniara igotzen den errepidearen bidegurutzearen parean, horma sendo bat aurkitzen dugu errota elikatzeko pilatzen den ur handiari eusteko. Errotaren hegoaldean perpendikularki itsatsita Errotatxo baserria dago.

Gurpilen gelak, gutxi gorabehera, angelu zuzena osatzen du ur-biltegiaren ardatz nagusiarekin, eraikina zabaleran zeharkatzen du eta Zerain ibaira itzultzen du ura. Hustubideko arkua arku beheratu bat da, eta bi gurpil ditu, bakoitzak ehotzeko bina harri mugiarazten dituela. Ehotze-gela gainean dago, kanoi-ganga handi baten gainean. Instalazioak, Euskal Herrian izan ziren errota gehienetan ez bezala, kontserbazio-egoera onean daude.

Partekatu

unesco