Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

216. Elorriagako Batzarreko Kapareen multzoa (Elorriaga, Gasteiz)

5. ETAPA: SALVATIERRA-AGURAIN • VITORIA-GASTEIZ

Elorriaga, Elorriagako Zaldun Kapareen Batzarraren egoitza

XVI. mendearen erdialdean, Elorriagako Zaldun Kapareen Batzar Noblea sortu zen, Vitoria-Gasteizko hiribilduaren jurisdikziokoak ziren herrixketako nobleen interesak babestea helburua zuen erakundea. Batzarrean, kapareek herriko bizitza politikoan zuten parte hartzeari buruzko gaiak jorratzen zituzten, bai eta herri-lurren ustiapenaren gaineko eskubideak eta eskubide fiskalak ere (hiribilduari ordaindu beharreko zergak).

Herrixka horiek ordura arte Arriagako Kofradiakoak izan ziren baina 1332an beren egoera aldatu egin zen. Kofradiaren eta Gasteizko kontzejuaren arteko auzi bat honela ebatzi zen: hiribilduaren inguruan kokatutako 41 herrixka hiribilduaren errege-jurisdikzio barnean sartzen ziren, eta hala, bere eragina murriztuta, Kofradia urte horretan bertan desegin zen; hiribilduak, aldiz, bere lurraldea eta boterea neurri handi batean areagotu zituen. Une horretatik aurrera, herrixka horietako nobleek gatazka ugari izan zituzten Gasteizko kontzejuarekin, haien estatusa eta egoera pribilegiatua arriskuan ikusten baitzuten. Elorriagako Zaldunen Batzarra, beraz, Gasteizko herrixketako nobleen defentsa-estrategia gisa sortu zen, hiribilduaren botereari aurre egiteko.

Batzarrak Elorriagan egiten ziren, hasiera batean elizan, non gaur egun Zaldunen Batzarraren artxiboa gordetzen den, eta ondoren, parrokiaren ondoan dagoen eraikinean, erakundearen izena daraman horretan, nahiz Elorriagako Jauregia izenaz ere ezagutzen den. Artxiboko dokumenturik zaharrena zerrenda eta dekretuen lehen liburuari dagokio, 1567. urtekoa.

Elorriaga, gaur egun Gasteizko udalerriko kontzejua, gune independentea izan zen 1870era arte. Dena den, garai bateko zaldun kapareek egiten zuten bezala, Gasteizko kontzejuen batzarren egoitza da oraindik ere.

Batzarren egoitza eta artxiboa

Elorriaga jauregia XVIII. mendeko jauregi barrokoa da. Oinplano angeluzuzena du, harlangaitzezko hormak eta lau isurkiko estalkia. Teilatuan egurrezko hegala du eraikinaren lau aldeak zeharkatzen dituena. Bi solairu ditu, eta kalera ematen duen solairuan sarrera nagusi gisa erabiltzen den ateburudun atea. Fatxada nagusiko baoak ateburudunak dira eta nabarmendutako inguruak dituzte. Lehenengo solairuan, XVIII. mendeko errege armarria nabarmentzen da, Gaztela eta Leongo armak eta urrezko ardi-larrua dituena, eta haren azpian honako idazkun hau irakur daiteke: Casa de los Cavalleros Hijosdalgo de la Jvnta de Elorriaga.

Jauregiaren ondoan, XVI. mendeko San Pedro eliza dago. Aurreko eliza baten elementuak kontserbatzen ditu, hala nola XIV. mendeko portada, dekoraziorik gabeko arkiboltaz apaindutako arkua duena, eta XII. mendeko leiho erromaniko bat, kanpoaldetik ikus daitekeena absidearen ondoan. Elizaren oinaldean oinplano karratuko kanpandorrea nabarmentzen da, eskailera kiribil bat duen beste dorre bat atxikita duela. Barruan, XVII. mendeko erretaula nagusia nabarmentzen da. Alboetan, San Sebastiani eta Arrosarioko Ama Birjinari eskainitako bi erretaula ditu, eta azken hori Mauricio Valdivielso arabarraren XVIII. mendeko lanik garrantzitsuenetako bat da.

Partekatu

unesco