Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2024ko martxoaren 14koa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarena, zeinaren bidez garatzen baita Euskadiko Turismo Enpresen eta Jardueren Erregistroari buruzko uztailaren 16ko 112/2019 Dekretua, turismo aktiboko eta abentura-turismoko enpresei dagokienez.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 65
- Hurrenkera-zk.: 1577
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2024/03/14
- Argitaratze-data: 2024/04/03
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ekonomi jarduerak
- Azpigaia: Gobernua eta Administrazio Publikoa; Merkataritza eta turismoa
Testu legala
Turismoari buruzko uztailaren 28ko 13/2016 Legearen VI. tituluaren arabera, «turismo-intereseko jardueratzat hartzen dira Euskadiko turismoa dinamizatzen laguntzen duten eta turisten mugimendua eta egonaldiak errazten dituztenak»; horien artean, 72.b) artikuluak «naturako kirol-jarduerak hala nola turismo aktiboa eta abentura-turismoa eskaintzen dituzten enpresak» sartzen ditu.
Turismoari buruzko Legean enpresa-mota horiek erregulatu gabe daude, jardunean hasi eta aritzeari eta enpresok bete beharreko betekizun substantiboei dagokienez; ostatu- eta bitartekaritza-enpresak eta turismo-lanbideak, aldiz, erregulatuta daude. Horregatik, Turismoari buruzko Legearen 74. artikuluan, turismo-agintaritzaren esku uzten da jarduera hori bultzatu, sustatu eta errazteko araudi espezifiko bat egitea eta abian jartzea, Jaurlaritzako beste sail batzuekin batera.
Turismoari buruzko Legearen 24. artikuluaren arabera, Euskadiko Turismo Enpresen eta Jardueren Erregistroa izaera administratiboko erregistro publiko bat da, helburu duena inskribatzea bai turismo-enpresak, bai turismo-jardueretan aritzen diren pertsona fisikoak edo juridikoak.
Ildo horretan, sektorearen bihar-etziko araudiari aurrea hartuta, legeak aurreikusita dauka Euskadiko Turismo Enpresen eta Jardueren Erregistroan sartzea legearen VI. tituluan jasota dauden enpresak edo establezimenduak, hain zuzen ere, erregelamenduz ezarritako baldintzak bete eta erregistroan inskribatzeko eskatzen badute. Hala ere, Euskadiko Turismo Enpresen eta Jardueren Erregistroari buruzko uztailaren 16ko 112/2019 Dekretuan, zioen azalpenean jasota dago interes turistikoko jarduerak egiten dituzten enpresa edo establezimenduak inskriba daitezkeela, baina, hala ere, ez da jaso horiei buruzko manurik.
Turismo aktibo eta abentura-turismoari buruzko araudirik ez izateak ez du eragotzi horretan diharduten enpresak agertzea, araudirik ezean librea izan behar baita jardun horretan hastea eta aritzea. Hori horrela den arren, erregistroan inskribatu gabe egotearen ondorioz, enpresentzat zailagoa da jarduera horretan dihardutela egiaztatzea, eta, horren eraginez, eragozpenak izan dituzte jarduerak beste autonomia-erkidego batzuetan egiteko, hain zuzen ere, administrazio-erregistro batean inskribatuta egotea eskatzen duten autonomia-erkidegoetan.
Horregatik, premiazkoa da turismo aktiboan eta abentura-turismoan jarduten duten enpresei eta enpresariei aukera ematea Euskadiko Turismo Enpresen eta Jardueren Erregistroan inskriba daitezen. Gainera, neurri horrek ez du eragozten jarduera erregulatzeko araudi bat promulgatzea, Turismoari buruzko Legea garatuta.
Erregistroan inskribatzea borondatezkoa izango da beti, eta, inskripzioari esker, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak jarduera horretan diharduten enpresei eta enpresariei buruzko datuak lortu ahal izango ditu.
Hori dela eta, agindu honek enpresak eta enpresariak inskribatzea arautzen du soilik. Komunikazio sinple bat eskatuko da, hots, identifikazio pertsonala eta garatzen diren jarduerak komunikatzea; ondoren, inskripzio-zenbaki bat emango zaie, inskribatuta daudela publikoki egiaztatuko duena.
Agindu honek, halaber, turismo-administrazioarekiko harreman telematikoak izateko nahitaezkotasuna ezartzen die Euskadiko Turismo Enpresen eta Jardueren Erregistroan inskribatzeko eskatzen duten enpresei eta enpresariei. Nahitaezkotasun hori bermatuta dago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluan, eta Herritarrei arreta integral eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuaren 15. artikuluan; izan ere, artikulu horietan baimentzen denaren arabera, Administrazioak soilik bide telematikoak erabiltzera behartu ditzake pertsona fisikoak, baldin eta haien gaitasun teknikoagatik eta ardura profesionalagatik egiaztaturik badago behar diren bitarteko elektronikoetarako irispidea eta eskuragarritasuna dutela.
Agindua babestua dago 112/2019 Dekretuaren azken xedapenetako hirugarrenean: turismo-arloko eskumena duen sailburuari baimena ematen zaio erregistroaren egitura eta osaera aldatzeko, «erregistroa osatzen duten liburuak, atalak eta azpiatalak ezabatuz, azpizatituz edo izenez aldatuz, erregistroa turismo-enpresa eta -jarduerei hobeto egokitzeko xedearekin».
Horrenbestez, aipatutako legeak eta oro har aplikatu behar diren eta bat datozen beste batzuk aztertu ondoren, hau
Agindu honen bitartez, turismo aktiboan eta abentura-turismoan diharduten enpresei eta enpresariei aukera ematen zaie Euskadiko Turismo Enpresen eta Jardueren Erregistroan inskribatzeko. Erregistro hori Euskadiko Turismo Enpresen eta Jardueren Erregistroari buruzko uztailaren 16ko 112/2019 Dekretuan dago araututa.
Euskadiko Turismo Enpresen eta Jardueren Erregistroari buruzko uztailaren 16ko 112/2019 Dekretuaren 4. artikuluan, liburu, atal eta epigrafe batzuk daude ezarrita. Orain, beste liburu bat eta beste atal bat sortu dira, honela idatzita:
c) III. liburua. Interes turistikoko jarduerak.
atala. Turismo aktiboko edo abentura-turismoko enpresak.
Agindu honen ondorioetarako, helburu sozial edo jarduera nagusitzat turismo aktiboko eta abentura-turismoko jarduerak egitea duten enpresak eta enpresariak inskriba daitezke, forma juridikoa edozein dela ere.
Turismo aktiboko jardueratzat hartzeko, jardueren helburua izan behar da jolas-, kirol- eta abentura-jarduerak egiteko zerbitzuak ematea, prezio bidez; jarduerak, batez ere, naturak berak eskaintzen dituen baliabideen bitartez egin behar dira, dagokion ingurunean izan airean, lurrazalean, lurrazpian, uretan edo urpean, eta beharrezkoa izango da trebetasun- edo esfortzu-maila jakin bat izatea jarduera horiek egin ahal izateko.
Erregistroan inskribatzea borondatezkoa da, eta ez da betekizuna izango Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan jardunean aritzeko.
Enpresek eta enpresariek, erregistroan inskribatzeko eskatzeko, turismoaren arloko sail eskudunari komunikazio bat bidali beharko diote, bide telematikoz, eta hor datu hauek eman beharko dizkiote:
Turismo-jardueraren titular den pertsona fisiko edo juridikoaren identifikazio-datuak, identifikazio fiskaleko zenbakia, eta izen komertziala.
Telefono-zenbakia, helbide elektronikoa, web-orria eta posta-helbidea edo, hala badagokio, egoitza soziala.
Egiten dituen turismo aktiboko eta abentura-turismoko jardueren zerrenda.
Agindu honetan ezarritako komunikazioak bitarteko elektronikoen bidez soilik aurkeztu eta kudeatuko dira. Egin beharreko izapideei buruzko informazio guztia eta inskripzioa eskatzeko prozeduraren formularioak eta dokumentu-ereduak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri: https://www.euskadi.eus. Egoitza elektroniko horretara sartzeko, hor onartutako identifikazio eta sinadura elektronikoko bitartekoak erabiliko dira.
Komunikazio osoa jaso ondoren, Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzak eskabidea egin duen enpresa edo enpresaria inskribatuko du, identifikazio-zenbaki bat esleituko dio, eta eskatzaileari jakinaraziko dio.
Enpresei eta enpresariei dagokie inskribatutako datuak aldatzea eta inskripzioa ezereztea, bide elektronikoz, aurreko artikuluaren bigarren apartatuan xedatutakoarekin bat etorriz.
Datuak aldatzeko eta inskripzioa ezerezteko prozeduraren inprimakiak eta dokumentu-ereduak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri: https://www.euskadi.eus
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hogei egunera jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko martxoaren 14a.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,
JAVIER HURTADO DOMÍNGUEZ.