Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2022ko maiatzaren 26koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, Arabako Arkeologia Museoa Arabako Lurralde Historikoan aurkitutako interes arkeologikoko ondasunen gordailu-zentro izendatzen duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 109
- Hurrenkera-zk.: 2512
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2022/05/26
- Argitaratze-data: 2022/06/07
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Kultura eta Kirola
- Azpigaia: EAEko udalak
Testu legala
Euskal Autonomia Erkidegoak, Espainiako Konstituzioaren 148.1.16 artikuluaren babesean eta Autonomia Estatutuaren 10.19 artikuluaren arabera, eskumen esklusiboa bereganatu zuen kultura-ondarearen arloan. Eskumen horretaz baliatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legea onartu zen.
Maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 74. artikuluaren lehenengo apartatuan adierazten denez, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan aurkitzen diren interes arkeologikoko eta paleontologikoko ondasunak jabari publikokoak izango dira.
Bestetik, lege beraren 70. artikuluaren lehenengo apartatuak ezartzen duenez, jarduera arkeologiko eta paleontologiko baimenduen ondorioz eta ustekabean aurkitzen diren ondasunak kasuan kasuko lurralde-museoetan edo Eusko Jaurlaritzan kultura-ondarearen eskumena duen sailak xede horretarako izendatzen dituen zentroetan gordailutu beharko dira.
Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan aurkitutako interes arkeologikoa edo paleontologikoa duten ondasunak garraiatu, entregatu eta gordailuan uzteko baldintzei buruzko urriaren 5eko 341/1999 Dekretuak betebehar berbera jasotzen du 8. artikuluan, hau da: ondasun horiek lurralde-museoetan edo Eusko Jaurlaritzan kultura-ondarearen eskumena duen sailak xede horretarako izendatzen dituen zentroetan gordailutu beharko dira.
Kulturako sailburuak, 2006ko irailaren 20an emandako Aginduaren bidez, Arabako Arkeologia Museoa izendatu zuen, hamar urteko eperako, Arabako Lurralde Historikoan aurkitutako arkeologia- edo paleontologia-ondasunak gordetzeko zentro.
Epea amaituta, Arabako Foru Aldundiak Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Ondarearen Zuzendaritzari idazki bat bidali zion izendapen hori berritzeko eskatuz, eta izendapenari buruzko informazio garrantzitsua erantsi zuen.
Urriaren 5eko 341/1999 Dekretuaren 8. artikuluko hirugarren paragrafoaren arabera, izendapena egiteko orduan, kontuan hartu behar dira Arabako Arkeologia Museoaren ibilbide aitortua, museoak dituen baliabide material eta giza baliabideen gaitasuna eta museoaren zerbitzura dauden lokalen egokitasuna.
Euskal Kultura Ondarearen EAEko Zentroko zerbitzu teknikoek egindako txostena ikusita, Arabako Foru Aldundiko Arabako Arkeologia Museoak urriaren 5eko 341/1999 Dekretuan ezarritako baldintzak betetzen ditu, hau da: erakundearen ibilbidea eta Araban aurkitutako interes arkeologikoko ondasunak gordailutzeko zentro gisa erabiltzeko lokalen eta baliabide material eta pertsonalen egokitasuna.
Horregatik guztiagatik, eta Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 70. artikuluan eta urriaren 5eko 341/1999 Dekretuaren 8. artikuluan ezarritakoaren arabera, Euskal Kultura Ondarearen EAEko Zentroko zerbitzu teknikoek egindako aldeko txostena aztertu ondoren, honako hau
Lehenengoa. Arabako Arkeologia Museoa izendatzea Arabako Lurralde Historikoan aurkitutako interes arkeologikoko ondasunen gordailu-zentro.
Bigarrena. Izendapen honen indarraldia hamabost urtekoa izango da, baldin eta Eusko Jaurlaritzaren titulartasunekoa den zentrorik ez badago. Epe hori igarotakoan, izendapena berrikusi egingo da.
Hirugarrena. Arabako Arkeologia Museoak zaindu beharko du material arkeologikoak entregatzeko betebeharrak betetzen direla, urriaren 5eko 341/1999 Dekretuak ezarritako zehaztapenen arabera (341/1999 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko esparruan aurkitutako interes arkeologikoa edo paleontologikoa duten ondasunak garraiatu, entregatu eta gordailuan uzteko baldintzei buruzkoa.
Laugarrena. Izendapen-agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, guztiek honen berri izan dezaten.
Bosgarrena. Izendapenaren berri ematea Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailari, Vitoria-Gasteizko Udalari eta Arabako Arkeologia Museoari.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Administrazio-bideari amaiera ematen dion agindu honen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete zuzenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2022ko maiatzaren 26a.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.