Osasun Saila / Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2015eko abenduaren 10ekoa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuarena, zeinarekin deialdia egiten baita, batetik, hirugarren herrialdeetan mahastizaintza eta ardogintzako produktuei buruzko sustapen- eta informazio-programetarako zein -ekintzetarako laguntzena, eta, bestetik, ardogintza eta mahastizaintzako sektorea bultzatzeko programaren inbertsiorako laguntzena, betiere 2016ko ekitaldiari dagokionez.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 241
  • Hurrenkera-zk.: 5311
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2015/12/10
  • Argitaratze-data: 2015/12/18

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ekonomi Jarduerak; Ingurune naturala eta etxebizitza; Ogasun eta Ekonomía
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Informazio etak komunikazioak; Nekazaritza eta arrantza; Ekonomia; Merkataritza eta turismoa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Erkidegoko mahastizaintza eta ardogintzako ekoizleen lehiakortasuna areagotzeko eta haien ardoen kalitatea finkatzeko, mahastizaintza eta ardogintzako merkatuaren erakunde komun bat ezarri da. Erkidegoko araudiak ezarritako babes-neurrien artean, erkidegoko ardogintzako produktuak hirugarren herrialdeetako merkatuetan sustatzea sartzen da.

Merkatuen erakunde komun hori (MEK) honako arau hauen arabera ezarri da: Kontseiluaren 2008ko apirilaren 29ko 479/2008 (EE) Erregelamendua, eta Batzordearen 2008ko ekainaren 27ko 555/2008 (EE) Erregelamendua Kontseiluaren 479/2008 (EE) Erregelamendua garatzeko arauak ezartzen dituena, zeina Batzordearen 2010eko irailaren 1eko 772/2010 (EB) Erregelamenduak aldatu baitzuen. Era berean, MEK hori 1234/2007 (EE) Erregelamenduan sartu zen (erregelamendu hori bakarra zen MEKentzat). Bestalde, Batzordearen 2008ko ekainaren 27ko 555/2008 (EE) Erregelamendua aldatu egin da orain dela gutxi, Batzorderen 2013ko martxoaren 8ko 202/2013 (EB) Betearazpen Erregelamenduaren bitartez aldatu ere. 1234/2007 (EE) Erregelamendua, berriz, indargabetu egin da, eta txertatu egin da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013 (EE) Erregelamenduan, zeina orain dela gutxi argitaratu baita. Azken erregelamendu horren bidez, sortu da nekazaritza-produktuen merkatuen erakunde komuna, eta, aldi berean, baliogabe utzi dira erregelamendu hauek: 922/72 (EEE), 234/79 (EEE), 1037/2001 (EE) eta 1234/2007 (EE).

Estatuan, 2013ko uztailaren 20an argitaratu zen uztailaren 19ko 548/2013 Errege Dekretua, zeina abenduaren 19ko 1079/2014 Errege Dekretuaz indargabetu eta ordeztu baitzen. Azken dekretu hori: Mahastizaintza eta ardogintzaren sektoreari laguntzeko 2014-2018 programako neurriak aplikatzeari buruzko da, eta uztailaren 31ko 740/2015 Errege Dekretuaz aldatu zen. Abenduaren 19ko 1079/2014 Errege Dekretuan, II. kapituluko 1. sekzioan, jasotzen da «Hirugarren herrialdeetako merkatuetan promozioa» neurria, eta 4. sekzioan, «Inbertsioak» neurria jasotzen da.

Euskal Autonomia Erkidegoan, abenduaren 22ko 630/2009 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoan mahastizaintza eta ardogintzaren sektorea laguntzeko Europako Erkidegoak emandako neurriak garatzeko eta aplikatzeko denak ezarri zituen Europako Erkidegoko erregelamenduak eta Estatuko oinarrizko araudia garatu eta aplikatzeko arauak. Dekretu hori azaroaren 15eko 234/2011 Dekretuaren bidez aldatu zen.

Erkidegoko araudian nahiz Estatuko oinarrizko legedian aldaketa ugari egin dira; horrenbestez, abenduaren 9ko 227/2014 Dekretua argitaratzea erabaki zen. Dekretu hori: Euskal Autonomia Erkidegoan mahastizaintza eta ardogintzaren sektorea laguntzeko Europako Erkidegoak emandako neurriak garatu eta aplikatzeari buruzkoa da, eta indargabetu eta ordeztu egiten du abenduaren 22ko 630/2009 Dekretua, laguntza horiek arautzen dituzten arau nagusietan aldaketak sartzeko. Agindu honen bitartez aplikatu egiten da abenduaren 9ko 227/2014 Dekretuko 7.2, 9., 17.2 eta 19. artikuluetan xedatutakoa, eta horrez gain, 2015-2016 aldirako laguntzen deialdia bat egiten da, bai ardogintza eta mahastizaintzako produktuei buruzko sustapen- eta informazio-programetarako eta -ekintzetarako laguntzena, bai inbertsiorako laguntzena.

Agindu honen bidez deialdia egiten da, abenduaren 19ko 1079/2014 Errege Dekretuaren II. kapituluaren 1. eta 4. sekzioetan aurreikusitako inbertsio-laguntzak emateko dena, baina laguntza horien gastua FEAGA 2015-2018 aurrekontuari egotziko zaio. Horrenbestez, laguntza horiek eraginkorrak izateko, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2016ko Aurrekontu Orokorretan behar besteko kreditua eduki behar da, hala xedatuta baitago Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzko 2007ko apirilaren 26ko Aginduan. Horiek horrela, honako hau

Lehenengoa. Eskabideak aurkeztea.

  1. 2016-2017 kanpainan, hirugarren herrialdeetan ardogintzako produktuen sustapen- eta informazio-programak zein ekintzak burutzeko laguntzak eta inbertsioetarako laguntzak jaso nahi badira, eskabideak Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari zuzendu beharko zaizkio, eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren bulegoetan Gasteizko Donostia kalea 1, 01010 aurkeztu beharko dira, edo bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak 38.4. artikuluan aurreikusitako tokietako batean. Laguntza horiek honako arau hauetan aurreikusten dira: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013 (EE) Erregelamenduan; abenduaren 19lko 1079/2014 Errege Dekretuan.

  2. Hirugarren herrialdeetan ardogintzako produktuen informazio- eta sustapen-programak eta -ekintzak gauzatzeko laguntzetarako eskaerak, 2016ko otsailaren 15a baino lehen aurkeztu behar dira. Bestalde, inbertsioetarako laguntzen eskaerak, 2016ko otsailaren 1a baino lehen aurkeztuko dira.

  3. Agindu honetan jasotako laguntza-eskabidearen eredua onartzen da. web-orri honetatik eskuratu ahal izango da: http: //www.euskadi.net. Aurkezten den eskabidea informatikoki bete eta grabatu behar da, http: //www.euskadi.net web-orrian, eta gero, sinatuta aurkeztu, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzan.

    Bigarrena. Egokitzapena.

  1. Laguntza horiek honelaxe arautuko dira: batzordearen 2013ko martxoaren 8ko 202/2013 (EB) Betearazpen Erregelamenduan eta abenduaren 19ko 1079/2014 Errege Dekretuan biak ere Estatu espainiarrean bete beharrekoak eta abenduaren 9ko 227/2014 Dekretuan xedatutakoaren arabera.

  2. 2016-2017 ekitaldiko laguntzak arautzen dituen legedia ezagutarazteko, abenduaren 9ko Dekretuaren 7.2 eta 17.2 artikuluetan xedatutakoa betez, agindu honen eranskinetan jasoko da araudia, ekitaldi honetan aplikatzekoa zein erreferentziazkoa.

    Hirugarrena. Baldintza.

    Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako gastu-espedienteen aldez aurretiko izapidetzea arautzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan aurreikusitako ondorioetarako, agindu hau eraginkorra izateko, kreditu egokia eta behar hainbatekoa izan beharko da Euskal Autonomia Erkidegoaren 2016ko Aurrekontu Orokorretan, behin betiko ebazpenaren unean.

    Laugarrena. Bateraezintasunak.

    Agindu honen bidez deitzen diren laguntzak bateraezinak dira helburu bereko laguntzekin, eta bereziki, nekazaritzako produktuak eta elikagaiak eraldatu, merkaturatu eta sustatzeko laguntzak emateko (Lehiatu programa) urriaren 7ko 172/2008 Dekretuan mahastizaintza eta ardogintza arloan inbertitzeko aurreikusitako laguntzekin.

    Bosgarrena. Baliabideak.

    Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta beraren aurka berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke nekazaritza-gaietan eskumena duen sailburuari, hilabeteko epean, edo bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.

    Seigarrena. Ondorioak.

    Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.

    Vitoria-Gasteiz, 2015eko abenduaren 10a.

    Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

    MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

    (Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.