Osasun Saila / Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2009ko abenduaren 17koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluaren barne erregimeneko erregelamendua argitaratzea agintzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indargabetua

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 27
  • Hurrenkera-zk.: 665
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2009/12/17
  • Argitaratze-data: 2010/02/10

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ingurune naturala eta etxebizitza; Osasun eta kontsumoa
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Nekazaritza eta arrantza

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Euskadiko nekazaritza eta elikadura ekologikoari buruzko abenduaren 29ko 10/2006 Legeak Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua, aurrerantzean Kontseilua, sortu zuen zuzenbide publikoko korporazio gisa, nortasun juridiko propioarekin eta bere eginkizunak betetzeko jarduteko ahalmen osoarekin Xedapen horretako 6. artikuluan zehaztuta daude eginkizun horiek. Horien artean, c) idatz-zatiak honako hau finkatzen du: «Nekazaritzaren arloko eskumenak dituen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren sailari nekazaritzako ekoizpen ekologikoaren arau teknikoen multzoa eta barne-erregimeneko erregelamendua proposatzea, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko; azken erregelamendu horrek, beste batzuen artean, ondorengoak zehaztuko ditu: langile propioak eta ondarea. Aurreikusitako helburuak eta Kode Zibilaren 39. artikuluan xedatutakoa bete beharko dute horiek guztiek». Era berean, azken xedapenen artean lehenak honako hau ezartzen du: «Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak gehienez ere sei hilabeteko epean barne-erregimeneko erregelamendua idatzi eta onartu beharko du, eta beste kontu batzuen artean, hauteskunde-sistema nolakoa izango den zehaztu beharko du, lege honetan aipatzen diren ordezkaritzak bermatuko direla ziurtatu ahal izateko». Kontseiluak 2008ko azaroaren 25eko bilkuran erregelamendua onartu zuenez eta abenduaren 29ko 10/2006 Legeak ezartzen dituen manuak betetzen dituela ikusita, nekazaritza-arloan eskuduna den sailari dagokio hau da, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari erregelamendua argitaratzeko onartzea.

Horren indarrez, honako hau

Agindu honen eranskinean bilduriko Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluaren barne-erregimeneko erregelamendua argitaratzeko agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2009ko abenduaren 17a.

Ingurumen, Lurralde Plangintza,

Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

MARÍA DEL PILAR UNZALU PÉREZ DE EULATE.

Irailaren 24ko 229/1996 Dekretuaren bidez, nekazaritza ekologikoaren ekoizpena, elaborazioa eta merkaturatzea arautu ziren, eta Nekazaritza Ekoizpen Ekologikoaren Euskal Kontseilua sortu zen Industria, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren organo kolegiatu gisa, nekazaritza ekologikoaren alorrean kontsulta- eta lankidetza-eginkizunak egikaritzeko. Elikagaien Kalitateko Zuzendaritzari atxikita zegoen organikoki eta hierarkikoki, eta erakunde horrek egikaritu ditu orain arte kontrol-agintaritzaren eginkizunak Euskadiko Autonomia Erkidegoaren esparruan, ekainaren 28ko 834/2007 zenbakiko Erregelamenduaren (EEE) 27. artikuluan ezarritako kontrol-sistema aplikatuta.

Kontseiluari garrantzi handiagoa emate aldera, eta horrenbestez, bertan ordezkaturiko sektoreei ere bai, Kontseiluaren konfigurazio juridikoa aldatzea erabaki da. Abenduaren 29ko 10/2006 Legearen bidez, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua sortu zen zuzenbide publikoko korporazio gisa, nortasun juridiko propioarekin, autonomia ekonomikoarekin eta jarduteko ahalmen osoarekin nekazaritza-ekoizpen ekologikoari aplika dakiokeen erregimenaren ondoriozko eginkizunak betearazteko eta nekazaritza- eta elikadura-produktuetan dagokion adierazlea ezartzeko.

Etapa berri horretan, Kontseiluaren funtzionamenduari buruzko eta indarreko araudian bilduriko helburuetarako eta betebeharren betetzerako egokitzapenari buruzko gainbegiratze- eta tutoretza-eginkizunak soilik gordetzen ditu Administrazioak.

Kontseiluak Ingurumen, Lurralde Antolamendu, Nekazaritza eta Arrantza Sailari barne-erregimeneko erregelamendu hau proposatzen dio onar dezan, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluaren eginkizunei buruzko abenduaren 29ko 10/2006 Legearen 6. artikuluaren 1. idatz-zatiaren c) letran ezarritakoari jarraiki, baita azken xedapenen arteko lehenengoan ezarritakoari jarraiki ere.

Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak ENEEk izena edo marka hartuko du (bere euskarazko siglak dira) irudi korporatiboan, sustapen- eta dibulgazio-materialetan, domeinu elektronikoetan eta beste argitalpen batzuetan (Kontseiluak 2008ko azaroaren 25ean aho batez harturiko erabakia).

ENEEKen eskumenen esparrua honela finkatuta egongo da:

  1. Lurraldeari dagokionez, Euskadiko Autonomia Erkidego osora.

  2. Produktuei dagokienez, 834/2007 EEE Erregelamenduaren 1. artikuluan definiturikoak, baita arau teknikoen koadernoetan bilduta dauden lehenengoak lortzeko erabilitako beste produktu batzuk ere.

  3. Pertsonei dagokienez, fisikoak eta juridikoak, betiere beren jarduera ENEEKi behar bezala jakinarazi badiete eta haren mende jartzen badira.

ENEEK Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua izango da Euskadiko Autonomia Erkidegoaren esparruan kontrol-sistema aplikatzeaz arduratuko den kontrol-agintaritza, 834/2007 Erregelamenduaren (EEE) 27. artikuluan ezarritako nekazaritza-produktu ekologikoen kontrol-sistema aplikatuta.

  1. ENEEKek 834/2007 Erregelamenduaren (EEE) 1. artikuluan aipaturikoez bestelako produktuen erabilera gomendatu ahalko du, produktua lortzeko zuzenean edo zeharka esku hartzen badute, baita erregistroan izena emandako ustiapen eta pertsonei emandako zerbitzuena ere, eta merkataritza-establezimendu jakin batzuena ere bai, «ENEEKek gomendaturiko produktu, zerbitzu edo establezimendua» adierazlea edo antzeko bat erabilita.

  2. Gomendio-adierazlea erabili nahi duten enpresa guztiek frogatu egin beharko dute, ENEEKen dagozkion zerbitzu teknikoak konbentzitzeko moduan, produktu, zerbitzu eta establezimendu horiek Kontseiluak ezartzen dituen baldintzak betetzen dituztela, legeak horretarako dagozkion baldintza teknikoen koadernoetan finkaturiko eginkizunen esparruaren barruan.

  3. Kontseiluak onartu beharko ditu baldintza teknikoen koadernoak 4.1 idatz-zatian aipaturiko produktu, zerbitzu edo establezimenduak onesteko, eta baita ere enpresentzat onespen hori lortzeak eta mantentzeak ekarriko dituen eskakizun eta betebeharrak finkatzea ere, direla teknikoak eta ekonomikoak, direla haren eraginpean egongo diren kontrol-erregimenekoak.

  4. Gomendio-erregimenera biltzen diren eta ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten enpresetan berehala kenduko zaie adierazleen erabilera.

  5. Produktu, zerbitzu edo establezimenduak onesteko baldintza teknikoen koadernoak ENEEKen arau teknikoen koadrora gaineratuko dira atal espezifiko batean.

  6. ENEEKek gomendaturiko zerbitzu eta establezimenduen titularren interesak ordezkatzen dituzten elkarte edo erakundeak kontsultatuko dituzte eraginpean har ditzaketen gaietan.

Abenduaren 29ko 10/2006 Legearen 6. artikuluaren 1. idatz-zatiaren a) letrari jarraiki, Kontseiluak kalitate-sistema bat ezarriko du nekazaritza eta elikaduraren sektorean produktu-ziurtapenak egiteko UNE-EN 45011 Europar Arauan definituriko irizpide orokorren arabera. Horrela, bermerik handiena eskaini ahalko du bere jardunen eskumenari buruz nekazaritza-ekoizpen ekologikotik lorturiko produktuen ziurtapen-jarduerari dagokionez.

Produktuaren ziurtapen-jardueretan inplikaturiko ENEEKen antolamenduaren zati osoari aplikatuko zaio.

Kalitate-eskuliburua, nekazaritza-ekoizpen ekologikoko produktuen ziurtapen-prozedura, gainerako barne-prozedura orokor eta espezifikoak, kontrol-planak eta kontrol- eta ziurtapen-jarduerarekin loturiko arau teknikoen erregelamendu eta koadernoak.

Gainera, Ziurtapen Batzorde bat sortuko da kontrol- eta ziurtapen-prozesuen inpartzialtasuna eta independentzia bermatzeko, batzorde horren osaera, eginkizunak eta funtzionamendu-erregimena agiri honetan bilduta daude.

Sektore publikoaren kontratuei buruzko urriaren 30eko 30/2007 Legean ezarritakoari jarraiki, eta bereziki lege horren 3.3.b) artikuluan ezarritakoari, ENEEK sektore publikoaren zati da, eta Administrazio Publikoaz bestelako botere esleitzailetzat hartzen da lege horri dagokionez.

Lege horren 175. artikulu horrek ezartzen duenez, Administrazio Publikoez bestelako botere esleitzaileek jarraibide batzuk, dagokien barne-esparruan nahitaez bete beharrekoak, onartu behar dituzte harmonizaturiko erregulaziopean ez dauden kontratuen kontratazio-prozedura arautzen dituztenak.

Aurrekoa betetzeko, kontratuen esleipen-prozesuan parte hartzeko interesa duten guztien eskueran egongo diren kontratazio-jarraibideak izango ditu ENEEKek, eta kontratatzailearen profilean argitaratuko dira www.eneek.org web orrian.

Honako hau da egoitzaren helbidea: Anboto kalea, 4, Zornotza (Bizkaia).

  1. Produktu ekologikoen produkzioko, elaborazioko, inportazioko edota merkaturatzeko enpresen titular diren pertsona fisiko edota juridiko guztiek eman ahalko dute izena, betiere jarduera horietarako duten dedikazioa behar bezala egiaztatzen badute eta nekazaritza-ekoizpen ekologikoaren araudia betetzeko ziurtapen-prozedura gainditzen badute.

  2. 834/2007 EEE Erregelamenduaren nekazaritza-ekoizpen ekologikoaren adierazle babestu guztiak erabili nahi dituzten pertsona fisiko edota juridiko guztiek erregistroan izena emanda egon behar dute eta ziurtapen-prozeduraren eraginpean.

  3. Erregistroa honako atal hauetan egituratzen da:

    1. Nekazaritzako ekoizpen-unitateetako titularren atala.

      Nekazari, ganaduzale eta ekoizpeneko nekazaritza-enpresetako beste titular batzuk, Euskadiko Autonomia Erkidegoan kokatutakoak, betiere nekazaritza-ustiapenean ustiapen horretan lorturiko produktuak lortzeko, ontziratzeko eta lehen etiketa jartzeko lanak egiten badituzte. Nekazaritza-jarduera ekologikora bihurtzeko prozesuan dauden ekoizleak ere agertuko dira.

    2. Enpresa elaboratzaileetako titularren atala.

      Euskadiko Autonomia Erkidegoan kokaturiko eta produktu ekologikoen kontserbazio- edota transformazio-lanak (akabatzea eta animalia-produktuen zatikatzea barne) egiten dituztenak, baita ontziratzea edota ekoizpen ekologikoko metodoari buruzko etiketen aldaketak ere.

    3. Hirugarren herrialdeetako enpresa inportatzaileen titularren atala.

      Hirugarren herrialdeetako nekazaritza-ekoizpen ekologikotik datozen produktuak inportatzen dituzten Euskadiko Autonomia Erkidegoan kokaturiko enpresak.

    4. Merkaturatze-enpresetako titularren atala.

      Euskadiko Autonomia Erkidegoan kokaturiko enpresak, nekazaritza ekologikoaren ekoizpenaren produktuen salmentako (salmenta-eskaintza barne), banaketako edo transferentziako beste edozein motatako dela kostu bidezkoa, dela doakoa lanetan aritzen direnak.

  4. Ziurtapenari dagokionez ekoizpen ekologikoko ekoizleen elkarte gisa eratzen diren ekoizpeneko nekazaritza-enpresen titularrek beren banakako erregistroari eutsiko diote erregistroan. Kontsiderazio hori ENEEK osatzen duten pertsonentzako ezarritako gainerako betebehar eta eskubideetara zabaltzen da, zehapen-erregimena eta hauteskunde-erregimena barne.

  5. Erregistroaren atal bati baino gehiagori dagozkion jarduerak egiten dituztenak atal horietako bakoitzean erregistratuta agertuko dira.

  6. Honako datu hauek erregistratuko dira erregistroan:

    1. Pertsonaren datuak:

      Ustiapenaren titularraren edo kotitularraren izen-abizenak, IFZ eta helbidea. Pertsona juridikoak badira, IFK, izen soziala, helbide soziala eta ENEEKen aurrean erantzule den pertsonaren datuak.

    2. Espedientearen datuak izena ematen duen erregistroaren atalerako;

      Ustiapenaren edo enpresaren produkzio-unitateen, lurzatien, eraikuntzen eta instalazioen datuak: mota, azalera, eta dagokion kokapenaren erregistroaren eta erroldaren araberako datuak.

      Jardueraren, jarduera nagusiaren, dedikazio esklusibo edo mistoaren, produktu edota laboreen, kantitate edota azaleren eta kokatzen direneko produkzio-unitatearen datuak.

      Azpikontratatzen bada, instalazioen, makinen edo beste enpresetako zerbitzuen datuak.

  7. Honako euskarri hauetan antolatzen da erregistroa:

    Izena emateko liburua atal bakoitzerako euskarri informatikoan.

    Aurkezten diren agiriak bertan gaineratzeko espedienteen artxibo fisiko edo informatikoa.

  8. ENEEKen zuzendariak gainbegiratuko du datuak eguneratzeko lana.

  1. Erregistroan izena emateko, zabaltzeko edo berritzeko ENEEKi zuzenduriko eskaera bat aurkeztu behar da. Eskaera zuzenean aurkez daiteke ENEEKen egoitzan, postaz edo web orrian balia daitekeen tresna informatikoa erabilita.

  2. Titulartasuna eta izena eman beharreko jardueretarako dedikazioa egiaztatzen duten agiriak erantsi behar dira izen-ematean. Pertsona juridikoen kasuan izen-ematea eskatzeko dagokion gobernu-organo gorenaren erabakiaren ziurtapena esleituko da, baita ENEEKen aurrean lan hori betez jardungo duen ordezkariaren izendapena ere.

  3. Bihurtzealdiak ezarri behar direnean, izena emateko edo zabaltzeko eskaera aurkezten den egunak finkatuko bihurtzealdiaren zenbaketaren hasiera.

  4. Erregistroan izena emateak ez ditu interesdunak salbuesten oro har ezarritako beste erregistro batzuetan izena eman behar izatetik. Horietan bilduta egotearen ziurtagiri eguneratuarekin batera entregatu beharko da eskaera.

  5. Erregistroan izena emateak, baldintza orokorrez gain, baldintza partikularrak ere ekar ditzake erabilitako produktu edo prozesu motaren arabera. Izen-ematearen ebazpenean idazki bidez bilduko dira baldintza partikularrak. Izena emateko baldintzak eguneratzen dituen ebazpen berri batean bildu beharko litzateke ondorengo edozein aldaketa.

  6. Kontseiluaren presidenteak erregistroan izena emateko, zabaltzeko edo berritzeko ebazpena emango du. Aurretik, nekazaritza-ekoizpen ekologikoko araudia betetzeko ziurtapen-prozeduraren eraginpean jarri behar da eskatzailea.

    Erregistroan izena emateko edo berritzeko ebazpena baliokoa izango da emandako ziurtapena indarrean dagoen bitartean. Ziurtapen-prozeduran ezartzen da ziurtapenaren indarraldia.

  7. ENEEKek eskaerak ukatu egingo ditu izena emateko, zabaltzeko edo berritzeko prozesuaren eskakizunetara egokitzen ez badira. Eskaeran deskribaturiko garatu beharreko jarduerak nekazaritza-ekoizpen ekologikoko araudia betetzea ahalbidetzen ez duenean. Eskatzaileek frogatzen ez dutenean ezarritako kuotekin edo ENEEKekin harturiko beste betebehar batzuekin egunean daudela.

    Ebazpen horren aurka gora jotzeko errekurtso jar dakioke Ingurumen, Lurralde Antolamendu, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari.

    Erregistrotik baja hartzeko eskaera berri bat egiteko igaro beharreko gutxieneko denboraldia ezartzen da, prozedura honetan deskribaturiko zehapen-erregimenaren arabera.

  8. Erregistroan izena emateko, zabaltzeko edo berritzeko eskaera legez ezarritako kuotaren ordainagiriarekin batera entregatu behar da. Izen-emateak ebazpen negatiboa badu, izen-emate kuota ez da itzuliko eginiko lanen konpentsazio gisa. Berritzearen ebazpen negatiboak ez du eragingo bukatzeko dagoen urtea dela-eta ordainduriko mantentze-kuota itzultzerik.

  1. Honako hauek dira erregistraturiko pertsonen eskubideak:

    1. Beren produktuak 834/2007 (EEE) Erregelamenduan ezarririko ekoizpen-arauen arabera ekoitzi edota lantzea, baita aplikatzekoak diren gai berari buruzko gainerako xedapen gehigarrietan ezarritakoaren arabera.

    2. 834/2007 EEE Erregelamenduan eta gainerako xedapen gehigarrietan adierazitako adierazle babestuak erabiltzea nekazaritza-ekoizpen ekologikotik datozen nekazaritza- eta elikadura-produktuak merkaturatzeko. Bermezko beste edozein izendapen edo markak ere babestu ahalko ditu produktu horiek.

    3. Erregistratuta daudela edo ziurtapena aipatzea erregelamendu honetan edo ziurtapen-prozeduran aipaturiko moduan.

    4. Aurkezturiko eskaeren izapidetzearen egoerari eta izan daitezkeen arazo eta gabeziei buruzko informazioa jasotzea.

    5. Erabilitako indarreko prozedura guztien eta egin daitezkeen aldaketen berri izatea, batez ere ziurtapen-sistemari buruzkoen berri.

    6. ENEEKek egindako nekazaritza eta elikadura ekologikoko produktuen sustapen- eta zabalkuntza-jardun generiko guztien berri izatea eta horietan parte hartzeko aukera izatea.

    7. ENEEKen hauteskunde-prozesuetan hautesle gisa eta Kontseiluko kide izateko hautagai gisa parte hartzea.

    8. Beren eskubide eta jardueretarako kaltegarritzat jotzen dituzten ENEEKek egindako egintza guztiak errekurritzea, baita nekazaritza eta elikadura ekologikoko ekoizpenen garapen orokorrerako kaltegarritzat jotzen dituztenak ere. Edozein kasutan, errekurtso bat aurkezteak ez du eraginik izango ziurtapena kentzeko ebazpenaren eta erregistroko ondoriozko bajaren gain.

    9. Interesdun guztiek eskuratu ahalko duten izena emandako ustiapen eta enpresen indarreko direktorioaren agertzea.

  1. Honako hauek dira izena emandako pertsonen betebeharrak:

    1. 834/2007 (EEE) Erregelamenduak ezartzen dituen arauak betetzea, baita gainerako xedapen gehigarriak, barne-erregimeneko erregelamendu hau, arau teknikoen koadernoa eta ENEEKek harturiko erabakiak ere, eta, oro har, indarrean dagoen nekazaritza-ekoizpen ekologikoaren eta horien adierazle babestuen arloan indarrean dagoen araudia.

    2. ENEEKek adostuta harturiko erabaki eta jardun-norabideak betetzea.

    3. Jarduera egikaritzeko legez ezarritako edozein betebehar mota betetzea.

    4. Ziurtapen-prozeduran ezarritako betebeharrak betetzea:

      Beren enpresa kontrol-erregimenpean jartzea eta hori egiteko kostua ordaintzea.

      ENEEKek egiten dituen auditoria eta kontrol-bisitetan laguntzea, eta auditoreen lana erraztea. Eskaturiko informazioa ematea eta ustiapenaren edota enpresaren zati, bulego eta eraikuntza guztiak libre baliatzeko aukera ahalbidetzea, baita dagozkion agiri tekniko, industrial, merkataritza-arloko eta kontabilitate-arloko guztiak ere.

      Salgaien mugimendua eta eginiko eragiketak justifikatzeko balio duen dokumentazio guztia erakustea.

      Laginak hartzeko aukera ahalbidetzea eta araudia ez-betetze posiblearen ondorioz sortzen diren analisi errepikatuen kostua beren kargu hartzea.

      ENEEKi idazki bidez jakinaraztea antolamendua eta zuzendaritza, nortasun juridikoa eta ekoizpen-unitate eta industriak edota lortzeko produktu eta prozesuak eraginpean hartzen dituzten aldaketa guztiak, eta, oro har, nekazaritza-ekoizpen ekologikoko sistematik datozen produktuen azken kalifikazioa eraginpean hartzen dituztenak. Aldaketak Kontseiluaren aldez aurreko baimena behar badu, beharrezko aurrerapenarekin jakinarazi beharko da.

      Bezeroekiko erreklamazio-sistemari eustea ziurtaturiko produktuei dagokienez, hala badagokio.

    5. 834/2007 EEE Erregelamenduak aipatzen dituen adierazle babestuak eta ENEEKek eskaturiko salgaien zirkulazio- eta kontrol-agiriak nekazaritza-ekoizpen ekologikoko araudia betetzen duten nekazaritza- eta elikadura-produktuetan soil-soilik erabiltzea. Kasu guztietan ere, ezinbesteko baldintza izango da operadoreen erregistroaren dagokion atalean izena emanda egotea.

    6. ENEEKek finkatzen duen kuotaren zenbatekoa onartzea, indarrean dagoen kuoten eta kontrol-gastuen agirian bilduko dena. Agiri hori eskatzaile eta erregistratuei emango zaie eta ENEEKek urtero berrikusiko du. Zenbateko jakin batzuetatik aurrera, kuotaren ordainketa zatikatua ahalbidetuko da agiri horretan ezarritakoaren arabera.

    7. Zehapen-espediente baten ebazpenaren ondorioz ezarritako zehapenak betetzea, administrazio-bidean irmo bihurtutakoan.

    8. ENEEKi baimena eskatzea nekazaritza-ekoizpen ekologikoko metodoari buruzko adierazleak eraman behar dituzten produktuen edozein publizitate- eta sustapen-materialen edukiei buruz. Inprimatzearen eta zirkulazioan jartzearen aldez aurreko baldintza da baimen hori.

    9. Baimena eskatzea ENEEKi adierazle babestuak erabili behar duen edozein produktu merkaturatzeko. Produktu horiekin batera agertu beharreko etiketa-eredua bildu beharko du baimen horrek. Merkaturatu beharreko produktu mota bakoitzerako baimena eskatu beharko da, eta gauza bera egin beharko da produktua edota haren etiketa eraginpean hartzen duen edozein aldaketa sartu nahi denean. Produktu horiek zirkulazioan jartzearen eta merkaturatzearen aldez aurreko baldintza da baimen hori.

    10. Beren lokaletan sartzen diren nekazaritza-ekoizpen ekologikoko produktuek kalifikazioari dagokionez zalantzarik planteatzen ez dutela egiaztatzea.

    11. ENEEKen helburuen aurka ez jardutea, haren irudiari kalterik ez egitea, eta izen ona ken diezaioketen egintzarik ez egitea.

    12. Nekazaritza-ekoizpen ekologikoko produktuen ekoizpena eta merkaturatzea aktiboki sustatzea eta bultzatzea.

    1. ENEEKi jakinaraztea edo salatzea nekazaritza-ekoizpen ekologikoko produktuei dagokienez detektatzen diren irregulartasun eta iruzurrak.

  2. Nekazaritza-produktuekin lan egin behar denean ere nekazaritza-ekoizpen ekologikoaren adierazle babestuak erabiltzeko eskubiderik gabe, aldez aurretik aurkeztu behar da ezarri beharreko neurrien protokolo zehatz bat babesturiko produktuekin edozein kutsadura, nahaste edo errakuntza saihesteko. ENEEKek neurriak hartu ahalko ditu kasu horietarako eta betearaziko ditu.

  3. Baja boluntarioa gertatzen bada edo nekazaritza- eta elikadura-jarduera utziz gero, berehala jakinarazi behar zaio idazki bidez ENEEKi, berehala utzi behar zaio adierazle babestuak erabiltzeari eta ENEEKek entregaturiko erabili gabeko salgaien zirkulazio- eta kontrol-agiri guztiak itzuli behar dira. Adierazle babestuen aipuak dituzten merkataritza-agiri eta etiketa guztiak erabileratik eta zirkulaziotik kendu egin beharko dira.

  1. Erregistroan izena emandako edonor ENEEKen kontrol-erregimenaren pean egongo da 834/2007 EEE Erregelamenduaren V. tituluan ezarritako betebeharren eta aplikatzekoak diren gainerako xedapenen arabera. Betebehar horiei jarraiki, honako formalitate hauek bete behar dituzte ENEEKen erregistroan izena emandako guztiek:

    1. Ekoizpeneko nekazaritza eta abeltzaintzako ustiapenetako titularrak: Ustiapen-koaderno bat edo erregistro-sistema bat eraman behar dute, inputen sarrerako datu guztiak bertan idazteko, data, mota, kantitatea eta erabilera, ekoizpenak edo lorturiko uztak eta sarerako datu guztiak, abiapuntua eta helmuga adierazita, zehaztuta, baita ENEEKen zuzendaritza teknikoaren ustez beharrezkoak diren gainerako datuak ere. ENEEKek zehatz-mehatz ezarriko ditu izena emandako jardueretarako erregistroen edukiak. Izena emandako titular bakoitzak bere erregistro-sistema propioa eratu ahalko du, eta ENEEKek onartuko du, betiere jardueren kontrol eraginkorra ahalbidetzen badu. Erregistroak etengabe eguneratuta egon behar du eta ENEEKen eskueran betiere.

    2. Enpresa elaboratzaile, inportatzaile eta merkaturatzaileetako titularrak: Kudeaketa- eta kontabilitate-sistema bat eraman behar dute, erabilitako lehengai eta osagaien jatorria, lorturiko ekoizpenak eta zertarako ezagutzea ahalbidetuko duena, produktuen trazabilitatea bermatuta une oro. ENEEKek sistemaren gutxieneko edukiak ezarriko ditu eta enpresa bakoitzak bere eredu propioa aurkeztuko du, eta ENEEKek onartu egingo du, betiere jardueren kontrol eraginkorra ahalbidetzen badu. Informazio eguneratua edukitzea ahalbidetu behar du sistemak, betiere ENEEKen eskueran.

    3. Produktu-igorpenak ekoizpen ekologikoko adierazle babestuak erabiltzeko eskubidearekin: Zirkulazio-agiri bat edo agiri baliokide bat behar dute, eta bertan adieraziko dira igorleen eta hartzaileen datuak, erregistro-zenbakia, produktuaren izena, sorta edo trazabilitate-erreferentzia, kantitatea eta kontrol-erakunderen identifikazioa. Igorlea edo hartzailea Euskadiko Autonomia Erkidegokoak ez badira, garraiaturiko kontrola egin duen kanpo-kontroleko erakundea ere identifikatuko da. ENEEKek ezarriko ditu agiri-eredua eta hori erabiltzeko arauak.

    4. Produktuen adierazleak ekoizpen ekologikoko adierazle babestuekin: Legeria orokorrean ezarritako etiketa-arauak betetzeaz gain, kontsumorako babesturiko produktuek beren azken enbasean adierazle jakin batzuk eraman beharko dituzte 834/2007 EEE Erregelamenduaren IV. tituluan ezarritako betebeharren eta etiketei buruzko aplikatzekoak diren gainerako xedapenen arabera. Enpresek ENEEKi aurkeztu beharko dizkiote, onar dezan eta betiere erabili aurretik, etiketa guztiak eta adierazle horiek txertatuko diren gainerako euskarriak.

      ENEEKek, interesdunak aldez aurretik eskatuta, kontrol-erakunde gisa identifikatzen duen zenbaki-kodea, erkidegoko logotipoa edo ENEEKen beraren logotipoa emango du, hori ezartzen bada.

      ENEEKek euskarriak etiketa generikoen (zenbakituak edo gabeak), lotzeko zinten eta zuzeneko salmentako iragarkien bidez erabakiko ditu euskarriak, edo beste edozein euskarriren bidez, babesturiko produktuak hobeto kontrolatzeko erabili beharrekoak.

      Adierazleak erabiltzeko eskuliburu batean bilduko dira eskakizun horiek, eta bertan zehaztuko dira erabiltzeko baldintzak.

    5. Produktuen fakturak ekoizpen ekologikoko adierazle babestuekin: Emandakoetan zein onartutakoetan produktu ziurtatu ekologikoa ote den zehaztu behar da.

  1. 834/2007 EEE Erregelamenduan ezarritako eskakizunak eta aplikatzekoak diren gainerako xedapenak betetzean irregulartasun bat egiaztatzen bada, ENEEK arduratuko da egiaztatzeaz irregulartasun horrek eraginpean harturiko sorta edo ekoizpen osoan ekoizpen ekologikoko metodoa ez dela aipatzen etiketan eta publizitatean, betiere modu proportzionalean hautsi den eskakizunarekiko eta jarduera irregularren mota eta inguruabar jakin batzuekiko.

    ENEEKek erregistroan izena emateko aldi baterako etenaldia erabaki ahalko du zehapen-erregimenean ezarritako eperako.

    Arau-hauste oso larri bat eta ondorio luzeak dituen arau-hauste bat egiaztatzen bada, Kontseiluak debekatu egingo dio operadoreari ekoizpen ekologikoaren metodoa etiketan eta publizitatean aipatuta produktua merkaturatzea, barne-erregelamendu honetan ezarritako zehapen-erregimenaren arabera finkatuko den aldi baterako.

ENEEKen ANTOLAMENDUAN

  1. Kontseilua da ENEEKen gobernuko, administrazioko eta ordezkaritzako organo gorena. Kontseiluaren presidenteak dauka gobernu-organoaren ordezkaritza gorena.

  2. Zuzendaria eta Ziurtapen Batzordea dira organo delegatuak. Erakundearen kudeaketa arruntaz arduratzeko eginkizuna du zuzendariak. Ziurtapenaren jarduerak kontrolatzeaz arduratzen den organo delegatua da Ziurtapen Batzordea.

  3. 10/2006 Legean ezarritakoaren arabera, lan-batzordeak sor daitezke aholkularitza eta laguntza emateko lan-arlo guztietan. Batzorde tekniko bat eta sustapen-batzorde bat dauzka ENEEKek. Mugagabeak dira, Kontseiluaren ekimenez. Araudiko pertsona espezialista teknikoen eta nekazaritza-ekoizpen ekologikoaren esparruko sustapeneko pertsona teknikoek parte hartzen dute, delegatzen duen erakundeko zuzendariak edo pertsonak zuzenduta. Kontseiluaren presidenteak gonbidatzen ditu parte-hartzaileak, zuzendariak proposatuta. Bilerak kontsultazkoak dira, eta akordioak ezarriz gero Kontseiluaren onarpena behar dute. Parte-hartzea doakoa da eta ez du ordainsaririk eragiten, salbu eta ezar daitezkeen dietak eta kalte-ordainak.

  1. Honako osaera hau du Kontseiluak:

    1. Presidentea.

    2. Presidenteordea.

    3. Hiru bokal ekoizpen-ustiapenen titularren ordezkari gisa.

    4. Hiru bokal enpresa elaboratzaileen, inportatzaileen edota merkaturatzaileen titularren ordezkari gisa.

    5. Bokal bat kontsumitzaile-elkarteen ordezkari gisa.

    6. Bokal bat Euskadiko Nekazaritza Ekologikoko Elkarteen Federazioaren ordezkari gisa.

  2. Kontseiluaren bileretara gehienez ere nekazaritza ekologikoaren arloan eskudun den Euskadiko Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorraren sailaren hiru ordezkari bertaratu ahalko dira, eta beste pertsona bat foru-aldundi bakoitzaren ordezkari gisa. ENEEKen zuzendaria ere bertaratuko da. Guztiek ere hitza izango dute, baina ez botoa.

  3. Ekoizpenaren, elaborazioaren, inportazioaren eta merkaturatzearen ordezkari diren bokalak demokratikoki aukeratuko dituzten errolda bakoitzean izena emandako pertsonek, eta horien artetik aukeratuko dituzte, erregelamendu honetan hauteskunde-prozesuari buruz finkatzen diren arauen arabera.

  4. Kontseiluko kideei dagokie:

    1. Bileren gai-zerrenda erregelamendu honetan finkaturiko aurrerapenarekin jasotzea. Eztabaidagai izan daitezkeen gai-zerrendan agertzen diren gaiei buruzko informazio beharrezkoa edo erabilgarria kideen eskueran egongo da epe berean.

    2. Bilkuretako eztabaidetan parte hartzea.

    3. Botorako eskubidea egikaritzea eta boto partikularra ematea, baita beren botoaren zentzua eta hori justifikatzen duten arrazoiak adieraztea ere.

    4. Galde-eskeak egitea.

    5. Beharrezko informazioa lortzea esleituriko eginkizunak betetzeko.

    6. Kontseilukide izateagatik dagozkien eginkizun guztiak.

  5. Elkarteen arteko akordioen bidez izendatuko dira kontsumitzaileen elkarteak ordezkatzen dituzten pertsonak.

  6. Kontseiluak proposatuta, Ingurumen, Lurralde Antolamendu, Nekazaritza eta Arrantza Sailak abenduaren 29ko 10/2006 Legean definiturikoaren arabera izendatuko dute Kontseiluaren presidentea, eta betiere ekoizpen-ustiapenen, enpresa elaboratzaileen, merkaturatzaileen eta inportatzaileen ordezkarien bokalen artean. Abenduaren 29ko 10/2006 Legearen 8. artikuluan finkaturiko eginkizunak izango ditu.

  7. Absentzia- edo gaixotasun-kasuan eta, oro har, arrazoi justifikaturen bat dagoenean, ordezkoek ordeztuko dituzten titularrak. Interes sozialak ordezkatzen dituzten erakundeek beste kide batzuk jarri ahalko dituzte beren kide titularren ordez, ENEEKen idazkaritzan egiaztatuta.

  8. Kontseiluaren osoko bilkura batera bertaratu ezin diren bokalak izango dute ordezko bokalari abisatzeko eta deialdia eta gainerako dagokion dokumentazioa helarazteko ardura, baita ENEEKen ordezkaritzari horren berri ematekoa ere.

  9. Kontseiluko bokalek beren kideen artean hautatuko dute presidenteordea, presidentea bezalatsu.

  10. Presidente- eta presidenteorde-karguak hautatzearen ondoriozko bokalen eserleku hutsen zuzkidura dagokion errolda barruko hurrengo hautagai bozkatuenarekin egingo da. Hautagai gehiago sartzen ez badira, horien ordezkoek jardungo dute bokal gisa. Aurrerantzean, azken horien ordezkapen posibleak erroldan bertan ordezko hautaturiko bokalekin hautatuko dira.

    Kontseiluko bokalen agintaldiak lau urteko iraunaldia izango du, berriz hautatua izateko aukerarekin.

  11. Zuzendari gisa izena emandako enpresa bateko kide izateagatik aukeraturiko bokalak enpresa horretan duten zuzendari-kargua utzi egingo dute, beste enpresa batera igaro izanagatik sektorera lotuta jarraitzen badute ere, eta haren ordezkoa hautatuko da hauteskunde-erregimenean ezarritakoari jarraiki.

  12. Bokalek ezin izango dituzte ordezkaritza-eginkizunak beren gain hartu, salbu eta arau batek edo organoak berak baliozkotasunez harturiko erabaki batek esanbidez eman badizkie, kasu bakoitzerako.

  13. Kontseiluko kide izatea doakoa da eta ez du ordainsaririk eragiten, salbu eta ezar daitezkeen dietak eta kalte-ordainak.

  1. 834/2007 zenbakiko Erregelamenduak (EEE) ezarritako nekazaritza-ekoizpen ekologikoari eta nekazaritza- eta elikadura-produktuetako horren adierazleari aplikatzekoa zaion erregimena betetzearen ondoriozko eginkizunez gain, honako eginkizun hauek ditu esleituta Kontseiluak abenduaren 29ko 10/2006 Legean ezarritakoari jarraiki.

    1. Ikuskapen- eta ziurtapen-eskumenak baliatzea ekoizpen ekologikoaren arloan, kontrol-agintaritza gisa jardunez, 834/2007 EEE Erregelamenduaren xedapenei jarraiki.

    2. Zehapen-ahalmena egikaritzea, abenduaren 29ko 10/2006 Legean ezarritakoaren arabera.

    3. Nekazaritza-ekoizpen ekologikoaren arau teknikoen koadroa lantzea eta proposatzea nekazaritza-arloan eskuduna den Euskadiko Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorraren sailari, baita ENEEKen barne-erregimeneko erregelamendua ere.

    4. Abenduaren 29ko 10/2006 Legearen eta barne-erregimeneko erregelamendu honen xedapenak aplikatzea, eta beteko direla zaintzea.

    5. Ekoizpen ekologikoko sistemen eta horietatik ateratzen diren produktuen ezagutza eta aplikazioa zabaltzea.

    6. Nekazaritza-arloan eskuduna den Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean sailari proposamenak eta orientazioak egitea ekoizpen ekologikoaren arloan.

    7. Nekazaritza-arloan eskuduna den Euskadiko Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorraren sailari jakinaraztea nekazaritza-produktu ekologikoen produkzioan, elaborazioan, biltegiratzean, merkaturatzean eta inportazioan gertatzen dien aldaketak.

    8. Nekazaritza-arloan eskuduna den Euskadiko Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorraren sailari jakinaraztea non izango den ENEEKen presidentzia egikarituko duen pertsona, hura izendatzeko. Horretaz gain, presidenteordetza baliatzeko hautaturiko pertsonari ere jakinaraziko zaio, beharrezkoa denean.

    9. ENEEKen zerbitzupeko langileak hautatzea, kontratatzea, etetea edo berritzea, zuzendaria barne, baita berezko zereginak beste pertsona batzuetan azpikontratatzea ere.

    10. ENEEKen biltzen diren operadoreei aplikatzen zaizkien kuoten zenbatekoa urtero finkatzea, baita 834/2007 EEE Erregelamenduan aurreikusiriko kontrol-gastuen kontribuzioagatik bildu beharreko zenbatekoa ere.

    11. Nekazaritza- eta elikadura-produktu ekologikoen kontsumoa eta zabalkundea sustatzea ere.

    12. Operadoreen erregistroa kudeatzea.

    1. ENEEKen aurrekontuan agertzen diren diru-sarrerak eta gastuak kudeatzea.

    2. Aurreko ekitaldiaren aurrekontuaren likidazioa egitea eta ENEEKen urteko aurrekontua onartzea.

    3. ENEEKen zuzendari teknikoan egindako kudeaketa ekonomikoa berrestea eta kudeaketa horren norabide orokorrak ezartzea.

      Aurreko paragrafoetan finkaturiko eginkizunak aparte utzi gabe, ENEEKek eginkizun propiotzat izango du bere kideei zerbitzuak ematea, baita euren jarduera burutzeko beharrezkoa den aholkularitza profesionala ere, eta euren interes ekonomiko eta korporatiboen ordezkaritza eta defentsa ere bai, eta argi eta garbi bereizi behar dira kudeaketa-eginkizunak eta nekazaritza- eta elikadura-ekoizpenaren kontrolari eta ziurtapenari buruzkoak.

  1. Osoko bilkuraren eta lan-batzordeen bidez funtzionatuko du Kontseiluak. Lan-batzordeak aldi baterako edo mugarik gabe eratuko dira, eta beren ondorioak aztertzeko aurkeztu beharko dizkiote Kontseiluaren osoko bilkurari, edo beren funtzionamenduaren berri eman. Batzordearen eraketa-akordioan eskumenekoak dituzten egiteko espezifikoak eta egikarituko dituzten eginkizunak definituko dira.

  2. Ohiko bilkuran bilduko da Kontseilua, presidentearen deialdiaren bidez, hiru hilean behin gutxienez. Era berean, ohiz kanpo bildu ahalko da presidenteak modu horretan deitzen duenean, edo Batzordearen gutxienez heren batek eskatzen duenean.

  3. Baliozkotasunez eratzeko, presidentea edo presidenteordea eta gutxienez kideen erdia bertaratu beharko dira.

  4. Presidenteak egingo du deialdia, edo hark delegatutako pertsonak. Osoko bilkura arruntei dagokienez, aurreko osoko bilkuran finkatu ahalko da deialdia eta hurrengo bilkurarako erabakitako eguna, ordua eta lekua jasoko da aktan. Kasu horretan, nahikoa izango da bileraren gai-zerrenda gutxienez bost egun lehenago bidaltzearekin. Ezohiko edo aldez aurretik finkatu gabeko deialdien kasuan, ziurtatu egin beharko da deialdian bildutakoek gutxienez 48 ordu lehenago izan dutela deialdiaren berri. Ezin izango da aztertu deialdiaren gai-zerrendan agertzen ez den ezein gai, salbu eta gaia urgentea dela deklaratzen bada bertaraturiko kontseilukide guztien hiru laurdenen aldeko botoarekin.

  5. Erabakiak bertaratutako botoen gehiengoarekin hartuko dira. Berdinketarik egonez gero, presidentearen kalitatezko botoak erabakiko du.

  6. Ez da boto-delegazioa onartuko.

  7. Gehiengoaren erabakiarekin bat ez datozen kideek idazki bidezko boto partikularra eman ahalko dute berrogeita zortzi orduko epean, eta onarturiko testura gaineratuko da.

  8. Zuzendariak Kontseiluaren idazkari-lanak beteko ditu, bilkura bakoitzaren akta emango du, eta bertan bileraren gai-zerrenda, bertaratuen zerrenda, bilera egiteko eguna, ordua eta lekua, eta harturiko erabakien edukia zehaztuko dira, eta Kontseiluak harturiko erabakien betearazpenaren segimenduaz arduratuko da.

  9. Aktan agertuko da, organoaren dagozkion kideek eskatuta, harturiko erabakiarekiko kontrako botoa, kideen abstentzioa eta hori justifikatzen duten arrazoiak edo kideen aldeko botoaren zentzua. Era berean, edozein kidek eskubidea du bere txandaren edo proposamenaren transkripzio osoa eskatzeko, betiere ekitaldian bertan ekartzen badu, edo presidenteak adierazitako epean, bere txandari fidelki dagokion testua, eta horrela jasoko da aktan edo kopia erantsiko zaio.

  10. Organoaren kideek aurkako botoa ematen badute edo abstenitzen badira, erabakietatik ondoriozta daitekeen erantzukizunetik salbuetsita geratuko dira, kasuak kasu.

  11. Bileratik zenbatzen hasi eta hamar egun balioduneko epean igorriko zaie akta bakoitza Batzordearen Osoko Bilkurara bertaratzen diren kide guztiei, Euskadiko Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorraren eta foru-aldundien ordezkariak eta ezin etorria adierazi duten deitutakoak barne.

  12. Aktak hurrengo bilkuran onartuko dira, eta, dena den, harturiko erabaki espezifikoei buruzko ziurtapena eman ahalko du idazkariak, ondoren akta onartzea aparte utzi gabe. Akta onartu aurretik emandako harturiko erabakien ziurtapenetan, espresuki jasoaraziko da zirkunstantzia hori.

  13. Interes legitimo baten titulartasuna egiaztatzen dutenek zuzendariarengana jo ahalko dute erabakien ziurtapena eman diezaien.

  1. Abenduaren 29ko 10/2006 Legeak esleitzen dizkion eginkizunak izango ditu presidenteak:

    1. ENEEK Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua ordezkatzea.

    2. Deialdia egitea, eta Kontseiluaren bilkurak eta eztabaidak zuzentzea.

    3. Berdinketa izanez gero, kalitatezko botoa ematea.

    4. Zehapen-espedienteak ireki eta ebaztea abenduaren 29ko 10/2006 Legearen 15. artikuluan xedaturikoaren arabera.

    5. Operadoreen erregistroetan izena emateari edo deskalifikatzeari buruz ebaztea.

    6. Agindu ahalko dizkioten eginkizun guztiak.

  2. Presidenteak presidenteordean delegatu ahalko ditu eginkizunak, honako hauen arabera:

    1. Delegazioa idazki bidez jaso beharko da, eta horrekin batera denboraldia eta delegazioa eragiten duten zirkunstantziak, eserleku hutsa, absentzia, gaixotasuna edo bateraezintasuna.

    2. Pertsona horrek egikaritzen dituen eginkizun guztietan jaso beharko da zirkunstantzia hori.

    3. Delegazioa edozein unetan ezeztatu ahalko da.

    4. Presidentziaren eginkizun guztiak delegatu ahalko dira, salbu eta erregistroko izen-emateari edo deskalifikazioari buruzko ebazpena, zehapen-espedienteen ebazpena eta Osoko Bilkuraren bozketetako kalitate-botoaren egikaritzapena.

  3. Izena emateko, zabaltzeko edota berritzeko ebazpenen bat edo zehapen-espedientea presidentearena bada edo harekin zuzeneko familia-harremanak edo lotura profesionalak edo beste mota batekoak dituen inorenak, presidenteak ezin izango du espediente horien ebazpenik eman eta presidenteordean delegatu beharko du lan hori. Zuzendariak hartuko du erabaki hori, eta hark erabakiko du bateraezintasunik ote dagoen.

  1. Kontseiluak hautatuko du zuzendaria eta honako eginkizun hauek beteko ditu:

    1. ENEEKek ematen dituen zerbitzuen antolamendua Kontseiluak ezartzen dituen norabideen arabera.

    2. ENEEKen beren zerbitzuak ematen dituzten langileen zuzendaritza eta koordinazioa.

    3. Kontrol- eta ziurtapen-lanen koordinazioa eta segimendua.

    4. ENEEKen kudeaketa ekonomikoa, aurrekontu-aurreproiektuak eta jarduera-memoria landuta Kontseiluari aurkezteko onar ditzan.

    5. ENEEKen lan tekniko, burokratiko eta barne-erregimenekoak zuzentzea eta garatzea, langileei zein ondareari eta bitarteko material eta finantzarioei buruzkoak.

    6. Kontseiluaren osoko bilkuretan idazkari gisa jardutea, horretarako honako eginkizun hauek beteta:

      1. Kontseiluaren lanak prestatzea eta erabakien betearazpena izapidetzea.

      2. Presidenteak agindutako deialdiak bideratzea, bileretara bertaratzea, aktak jasotzea harturiko erabakien ziurtagiriak ematea presidentearen ontzat emanarekin.

      3. Zehapen-espedienteak izapidetzea abenduaren 29ko 10/2006 Legearen 15. artikuluan finkaturikoaren arabera.

      4. Presidenteak agindu ahalko dizkion guztiak.

    7. ENEEKen presidentziak agindu ahalko dizkion guztiak.

  1. Helburua eta eginkizunak. 10/2006 Legearen 12. artikuluan ezarritakoaren arabera, Ziurtapen Batzorde bat izango du ENEEKek. Ziurtapen-jarduerak kontrolatzeaz arduratuko den organoa izango da, eta ziurtapen-prozesuaren inpartzialtasun eta independentzia ziurtatzeko arduraduna ere izango da. Honako hauek dira batzordearen eginkizunak:

    1. Ziurtapen-jardueren inpartzialtasunarekin loturiko politikak egiteko laguntzea;

    2. ENEEKek kontsiderazio komertzialak edo bestelakoak ziurtapen-jardueren emate sistematikoki objektiboan nahastea uzteko izan dezakeen edozein joera indargabetzea.

    3. Ziurtapenean konfiantza eraginpean hartzen duten alderdiei buruz aholkatzea, hala nola gardentasuna edo jendearen pertzepzioa.

  2. Osaera. Ziurtapenean identifikaturiko interes nagusi guztiek osatuko dute, betiere interesen oreka bat lortzeko moduan, eta bakar bat ere ez da bereziki nagusituko.

    Erabakiak hartzean hitzarekin eta botoarekin, honako interes hau egongo dira ordezkatuta:

    Administrazioa: Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Antolamendu, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Elikagaien Kalitateko zuzendaria, edo hark hautaturiko pertsona,

    Kontsumitzaileak: Kontsumitzaileen elkarteak ordezkatuko dituzten pertsonak, ahal dela nekazaritza-produktu ekologikoenak.

    Ekoizleak: Nekazaritzako ekoizpen-unitateetako titularren erregistroaren atalean izena emandako operadorea.

    Elaboratzaileak: Enpresa elaboratzaile inportatzaile edota merkaturatzaileetako titularren erregistroaren atalean izena emandako operadorea.

    Aditu teknikoak: Batzordearen kualifikazio teknikoa eta nekazaritza ekologikoan aholkularitza teknikoa ematen duten sektoreko teknikarien parte-hartzea ziurtatzeko helburu bikoitzarekin, parte hartuko dute teknikari batek 3 lurraldeetako foru-aldundien nekazaritza-zerbitzuak ordezkatuz eta beste teknikari batek aholkularitza teknikoa ematen duten nekazaritza ekologikoko ekoizleen elkarteak ordezkatuz.

    Gainera, ENEEKen zuzendaria eta presidentea bileretara bertaratuko dira, baina ez dute boto-eskubiderik izango.

    ENEEKen zuzendariak edo presidenteak proposatuko ditu batzordeko kideak, eta erakundeko kontseiluak onartuko ditu.

    Batzordearen osaeran edo egituran aldaketarik gertatuz gero, ENEEKek egiten duen ziurtapen-lana egiaztatzen duen erakundeari jakinarazi behar zaio gertakari hori, hala badagokio.

    Batzordeak espezialista independente eta ospe handikoen aholkularitza eskatu ahalko du, beharrezko irizten dionean, bere eginkizunak betetzeko.

  3. Funtzionamendua. Batzordeak bilera bat egingo du urtean behin gutxienez. Zuzendariak idazki bidez deituko ditu bilerak, aldez aurretik eta gai-zerrenda erantsita. Horretaz gain, edozein kidek eskatu ahalko dio zuzendariari ezohiko bileren deialdia egitea.

    Batzordeak eskatuta, ziurtapen-jardueraz arduratzen den taldeak beharrezkoa den informazio guztia eman behar du, beren erabakien eta neurri garrantzitsuen arrazoiak eta ziurtapenarekin loturiko jarduera jakin batzuen arduradunen hautaketa barne, ziurtapen-prozesu egoki eta inpartziala berma dadin. Batzordearen eskueran jarriko dira ziurtapenari buruzko espediente guztiak, azken aldian ukaturiko eskaerak bereizita eta jada emandako ziurtagirien artean, aldi baterako eta behin betirako etetea dutenak. Gainera, beste edozein agiri esanguratsu gehituko litzateke, hala nola laborategiko entseguak, ezohiko bisitak, ENEEKi aurkezturiko alegazio edo erreklamazioak.

    Batzordeko kideek beharrezko irizten dituzten espediente guztiak aztertu eta berrikusiko dituzte, eta zuzendariari eskatu ahalko diote informazioa.

    Batzordeko kideek berretsi egin beharko dituzten hala badagokio, bileran gainbegiratuak izan diren ENEEKek egindako ziurtapen-jarduerei buruz hartutako erabakiak.

    Erabakiak hartzeko beharrezkoa izango da boto-eskubidea duten kideen gehiengo bat egotea. Erabakiak gehiengo sinplez hartuko dira.

    Berrikusteko espedienteetako bat Ziurtapen Batzordearen ordezkari batena bada edo harekin zuzeneko familia-harremanak edo lotura profesionalak edo beste mota batekoak dituen inorenak, ordezkari horrek ezin izango du botorik eman espediente horiekiko. Zuzendariak hartuko du erabaki hori, hark erabakiko du bateraezintasunik ote dagoen, eta eraginpekoak erabaki hori onartuko du.

    Bileren akta jasoko du zuzendariak, bertan jorraturiko gaiak eta harturiko erabakiak adierazita. Batzordeak egiten duen hurrengo bileran onartuko dira aktak.

    Ziurtapen Batzordearen txostenak Kontseiluari helaraziko zaizkio, ezarri beharreko ekintzak erabaki ditzan.

    Batzordeak, hurrengo bileran, harturiko erabakiei erantzuteko Kontseiluak harturiko ekintzen segimendua egingo du.

    Kontseiluak edo ENEEKen ziurtapen-taldeak inoiz batzordearen gomendioak errespetatzen ez baditu, beharrezko neurriak hartu behar ditu Kontseiluak, eta horien artean egiaztapen-erakundeari jakinaraztea, hala badagokio.

  4. Konfidentzialtasuna. Emandako dokumentazio eta informazio guztia konfidentziala da; Batzordeko kideek horri buruzko konfidentzialtasun-konpromiso bat izenpetuko dute, eta ENEEKek artxibatuko du.

  1. ENEEK bi lan-arlo handitan antolatzen da, Kontrol eta Ziurtapenekoa eta Antolamendukoa, zuzendariaren zuzendaritzapean eta koordinaziopean.

  2. Kontrol eta Ziurtapen Arloak kontrolatu beharreko errolda eta jardueretarako araudiaren betetzea ebaluatzeko teknikari adituak izango ditu. Egin beharreko prestakuntza eta ebaluazio-lanak ziurtapen-prozeduran biltzen dira, eta gutxienez eskaerentzako erantzuna, «in situ» bisitak egitea eta laginak biltzea barnean hartzen ditu.

    Horretaz gain, arlo horretatik, laguntza emango zaio Kontseiluak sorturiko lan-batzorde teknikoari ekoizpen ekologikoko araudia aztertu eta garatzeko, eta idazkaritza teknikoko lanak egingo ditu batzorde horretarako.

  3. Antolamendu Arloak teknikari arduradunak izango ditu, eta hainbat lan hartuko dituzte beren gain, hala nola erregistroaren mantentzearekin loturikoak, web edukien mantentzearekin loturikoak eta gainerako gida eta argitalpenenak, sustapen- eta zabalkuntza-jardueren kudeaketa eta agindutako baliabide materialen beste administrazio- eta kudeaketa-lan batzuk.

    Arlo horretan lan-batzorde baten laguntza izango da Kontseiluak onarturiko sustapen-jardueren segimendua egiteko, eta nekazaritza-ekoizpen ekologikoan interesa duten elkarte guztiek parte hartuko dute bertan.

  1. ENEEKi zerbitzuak eman behar dizkieten langileen hautaketa behar adinako publizitatea bermatzen duen deialdi bidez egin behar da, eta bertan izangaiek parte hartzeko dituzten eskakizunak eta balioetsi beharreko merezimenduak, guztiak ere Kontseiluak erabaki beharrekoak, jasoko dira.

  1. Honako hau da ENEEKen organigrama:

  1. Abenduaren 29ko 10/2006 Legearen 14. artikuluan ezarritakoaren arabera, nekazaritza eta elikadurako ekoizpenaren kalitatearen defentsaren arloan indarrean dagoen legerian tipifikatuta dauden nekazaritza-ekoizpen ekologikoko araudiaren arau-hausteak legeria horretan aurreikusirikoaren arabera zehatuko dira. Zehazki, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen estatutuari buruzko abenduaren 22ko 6/2003 Legean, kontsumitzailearen defentsaren eta nekazaritza eta elikadurako ekoizpenaren arloan arau-hausteak eta zehapenak arautzen dituen ekainaren 22ko 1945/1983 Errege Dekretuan, nekazaritza- eta elikadura-politikari buruzko abenduaren 23ko 17/2008 Legean edota horiek osatzen edo ordezten dituzten beste edozein xedapenetan.

  2. Mahastizaintza eta ardogintza antolatzeari buruzko maiatzaren 7ko 5/2004 Legea aplikatzeko esparruan bildutako produktu ekologikoen kasuan, bertan bilduriko arau-hauste eta zehapenak izango dira aplikatzekoak, baita mahastiari eta ardoari buruzko uztailaren 10eko 24/2003 Legean bildurikoak ere.

  3. Operadoreak ENEEKi lotuta egotearen ondoriozko arau-hausteak barne-erregimeneko erregelamendu honetan daude tipifikatuta, baita ezarritako zehapenak ere.

  4. Ez dira biltzen sanitate-arloko eta kontsumitzailea babestearen arloko arau-hausteak, betiere horien errepresioa eta zehapena Eusko Jaurlaritzaren beste sail batzuen eskumenari badagokie.

  1. Abenduaren 29ko 10/2006 Legearen 15. artikuluan, Herri Administrazioaren Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen IX. tituluan, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legean emandako bertsio berrian eta Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen Zigortzeko Ahalmenari buruzko otsailaren 20ko 2/1998 Legean aurreikusirikoaren arabera egikarituko da zehapen-prozedura.

  2. Abenduaren 29ko 10/2006 Legearen 2. idatz-zatiaren 15. artikuluak esleituriko eskumenei jarraiki, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua da organo eskuduna aurreko artikuluan aurreikusiriko arau-hausteengatiko zehapen-prozedura irekitzeko eta ebazteko organo eskuduna. Kontseiluaren idazkariari egokituko zaio zehapen-prozedura bideratzeko eskumena. Presidenteari egokituko zaio espedienteak irekitzea eta ebaztea.

  3. Aurreko artikuluaren 21.1 eta 21.2 paragrafoetan aurreikusitako arau-hausteengatiko irekitako zehapen-prozeduren ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko zaio nekazaritza-arloan eskuduna den Euskadiko Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorraren dagokion sailari, administrazio-prozeduraren arauetan ezartzen diren epean eta eskakizunekin. Aurreko artikuluaren 21.3 paragrafoan aurreikusiriko arau-hausteengatik irekitako zehapen-prozeduren ebazpenaren aurka barne-erregimeneko erregelamendu honetan xedaturikoak aginduko du.

  4. Zehapen-prozeduraren aurka baliabide bat aurkezteak ez du ondoriorik izango ziurtapena kentzeko erabakiaren gain.

  5. Burututako arau-hausteak soilik izango dira zigorgarriak, eta hortaz, ez dira zehatuko arau-hausteak egiteko ez konspirazioa, ez proposamena, ez probokazioa.

  6. Zehapen-prozedurak ekimen propioz, alderdi interesdunak eskatuta edo beste administrazio-organo batzuen eskari arrazoituaren edo salaketaren ondorioz hasiko dira. Salaketak ez du berez salatzailea zehapen-prozedurako interesdun bihurtzen. Salbu eta legitimazioa badu, prozeduran izango duen parte-hartze bakarra prozedura ireki edo ez ireki izanari buruz organo eskudunaren komunikazioa jasotzeko eskubidea izango da, eta prozedura amaituko duen ebazpena jasotzekoa.

  1. ENEEKiko loturaren ondoriozko administrazio arau-haustetzat hartuko dira 834/2007 Erregelamenduak eta aplikatzekoak diren gainerako xedapenek ezartzen duten nekazaritza-ekoizpen ekologikoko metodoen aldaketa bat dakarten ez-betetzeak.

    Ez dira arau-haustetzat hartuko nekazaritza-ekoizpen ekologikoko metodoan aldaketarik ez dakarten administrazio-jardun edo -omisioen ondoriozko ez-betetze arinak.

  2. Administrazio arau-hausteak larritan eta oso larritan sailkatzen dira.

  3. Arau-hauste larriak kontrol propioaren edo jardueran eskatzekoa den arduraren ondoriozkoak dira, instalazioei edo ekoizpen- eta elaborazio-prozesuei gagozkiela. Arau-hauste larritzat hartzen da, halaber, urtebetean hiru arau-hauste arin egitea.

  4. Nekazaritza-ekoizpen ekologikoko metodoa eta hori produktuetan adieraztea erabat baztertzea dakartenak dira arau-hauste oso larriak. Fede txarra izan delako edota babesturiko produktuen irudirako kalte bat edo kontsumitzailearentzat kalte bat gertatu duela kontuan hartzen den arau-haustetatik eratortzen dira. Arau-hauste oso larritzat hartzen da, halaber, urtebetean hiru arau-hauste arin egitea.

  5. Honako zehapen hauek izango dituzte arau-hauste larriek eta oso larriek:

    1. Larritzat kalifikaturiko arau-hausteetan erregistroko izen-ematearen aldi baterako etetea aplikatuko da hiru hilabetetik urtebetera bitarteko aldian.

      Denboraldi horretan titularrak:

      Ezin izango du nekazaritza-ekoizpen ekologikoko adierazlerik erabili.

      Erregistroan antzinatasuna atxikiko du, izen-ematea berriz zertan eskatu gabe.

      Nekazaritza ekologikoko araudia betetzen dela bermatu beharko du etenaldian.

      Epea igarotakoan beste ebaluazio bat egingo da.

      Ekoizpen-unitateen bihurtzealdi berriak ez dira aplikatzekoak izango, salbu eta detektaturiko ez-betetzeek hori eskatzen badute.

      Ekoizpenaren edo jardueraren zati bat soilik hartuko lukete eraginpean murrizketek. Titularra hainbat ustiapen dituzten ekoizleen elkartea bada, erregistraturiko ustiapen eta titularren zati bat hartuko ahalko du eraginpean murrizketak.

      Jardunaldi baliodunetan aplikatu behar da aldi baterako etenaldia. Urtaroko produktuetan, produkziorik edota jarduerarik ezagatik zehapena efektiboa ez den denbora gutxituko da etenalditik.

      Aldi baterako eteteak ez du salbuesten aldi horri dagokion kuota ordaintzea.

    2. Oso larritzat kalifikaturiko arau-hausteak adierazlea erabiltzeko eskubidea guztiz kentzearekin zehatuko da, eta erregistroan baja erabat ematearekin urte batetik bost urtera bitarteko aldirako.

    3. Arau-hausteak arau-hauslearentzat mozkin ekonomikoa dakarrenean, isuna aplikatuko da lorturiko mozkin guztirako. Isunaren zenbatekoan eraginpeko salgaiaren edo produktuaren konfiskazioaren ondoriozko gastuak bilduko dira, hala badagokio.

  6. Zehapen ekonomikoak jartzearen ondoriozko diru-sarrerak zuzenbide publikoko diru-sarreratzat hartuko dira eta ENEEK finantzatzera bideratuko dira, abenduaren 29ko 10/2006 Legearen 13.d) artikuluan ezarritakoari jarraiki.

  1. Erregelamendu honek arauturiko hauteskundeei dagokienez, honako definizio hauek hartuko dira kontuan:

    Ekoizpenaren errolda zera da, erregelamendu honetako 4.3.a) artikuluan aipaturiko erregistroaren ekoizleen atalean izena emandako pertsonek osaturikoa.

    Elaborazioaren, hirugarren herrialdetiko inportazioa edota merkaturatzea zera da, erregelamendu honetako 4.3 artikuluaren b), c) eta d) idatz-zatietan aipaturiko erregistroaren ataletan izena emandako pertsonek osaturikoa.

  2. Errolda bakoitzeko bokal titularren hautaketan hautesletzat hartuko dira beren jardueraren arabera operadoreen erregistroaren dagokion atalean izena behar bezala izena emandako pertsona fisikoak, adinez nagusiak eta pertsona juridikoak, betiere erregelamendu honen 4. artikuluak xedatzen duena betetzen badute.

    Pertsona juridikoen kasuan, haien lege-ordezkaria hartuko da hautesletzat, eta bere izaera egiaztatu beharko du ahalordetze-eskritura bidez edo zuzenbidean onargarria den beste edozein frogabide baliatuta.

  3. Hainbat jarduera egiten dituztelako erregistroaren atal batean baino gehiagotan izena emandako operadoreek beren botoa eman ahalko dute dagokien errolda bakoitzean.

  4. Boto-eskubidea egikaritzeko hauteskunde-legeria orokorrak bilduriko eskakizunak ere bete beharko dira.

  1. Kontseiluko kide hautatu ahalko dituzte aurreko artikuluak ezartzen dituen eskakizunak biltzen dituzten pertsona fisikoak zein juridikoak.

  2. Ezin hautatu ahalko dituzte honako zirkunstantzia hauetakoren batean bilduriko pertsona fisiko edo juridikoak:

    1. Erregelamendu honetan eskaturiko hautagai-eskakizunak ez biltzea.

    2. Ezarritako zehapena bete gabe Kontseiluak zehatuta egotea.

    3. ENEEKekiko betebehar ekonomikoak eguneratuta ez izatea.

    4. Hauteskunde-erregimen orokorra arautzen duen legeriak ezarritako hautatua izatea eragozten duen kausaren batean egotea.

  3. Aurreko idatz-zatiaren eskakizunak pertsona juridikoen ordezkariari ere eskatuko zaizkio eta gainera eskatzekoak izango dira Kontseiluko bokal izateari eusteko, edo hautaketaren ondoriozko beste edozein kargu.

  1. Boto-eskubidea duten hautesleen kopurua eta nortasuna zehazteko, ENEEKek errolda zehatza landuko du izena emandako operadoreen erregistroak oinarritzat hartuta. Hauteskunde-errolda ixteari dagokionez, hauteskundeen deialdiaren aurretik presidenteak sinaturiko ebazpen bidez onarturiko azken kideraino hartuko dira hautesletzat eta hautagarritzat.

  2. Aurreko idatz-zatiak aurreikusten dituen ondorioetarako, honako atal hauetan banatuko da errolda:

    1. Ekoizpeneko nekazaritza-enpresen titularren errolda.

    2. Enpresa elaboratzaileetako titularren errolda.

    3. Hirugarren herrialdeetako enpresa inportatzaileen titularren errolda.

    4. Merkaturatze-enpresetako titularren errolda.

  3. Errolda, landutakoan, Ingurumen, Lurralde Antolamendu, Nekazaritza eta Arrantza Sailari emango zaio.

  4. Foru-aldundien lurraldeko nekazaritza-bulegoetan erakusgai egongo da errolda Hauteskunde Batzordea eratzen denetik 5 egun balioduneko epean eta 15 eguneko eperako. Aldi horretan, egoki iritzitako alegazio edo zuzenketak egin ahalko zaizkio Hauteskunde Batzordeari. Epea agortutakoan, gehienez bi egun balioduneko epean ebatziko ditu Hauteskunde Batzordeak aurkezturiko erreklamazioak.

  5. Egokitzat deklaraturiko alegazioak gaineratutakoan, behin betiko errolda onartuko du Hauteskunde Batzordeak.

  1. Kontseiluaren presidenteari dagokio, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailarekin adostuta, hauteskundeen data zehaztea.

  1. Hauteskunde-deialdiaren 30 egun ondoren, egutegiko 10 eguneko epea zabalduko du Hauteskunde Batzordeak hautagaiak aurkezteko.

  2. Errolda bakoitzerako kandidaturak banakoak dira bozketari eta zenbaketari begira, nahiz eta zerrendetan elkar daitezkeen aurkezpenerako eta hauteskunde-kanpainarako. Hautagai bakoitzak dagokion erroldan izena emandako pertsonen arteko gutxienez bost sinadurak abalatuta aurkeztu beharko du bere kandidatura, salbu eta legez eraturiko nekazaritza-erakunde batek edo nekazaritza ekologiko elkarte batek abalatuta badago. Proposaturiko elkarteak dagokion erroldan 5 kide baino gehiago ez baditu, eskaturiko sinaduren kopurua osatu beharko du hautagaiak.

  3. Honako eskakizun hauek bildu beharko dituzte hautagaiek:

    1. ENEEKeko kide izatea, eta horretarako behar bezala izena emanda egon behar dute erregistroaren dagokion atalean. Pertsona juridikoen legezko ordezkariek enpresa hautagaiarekiko duten lotura frogatu beharko dute.

    2. Dagokion erroldarako aurkeztea, hau da, ekoizpenaren erroldarako edo elaborazio, inportazio edo merkaturatzearenerako. Izena emandakoaz besteko errolda bateko pertsona ezin ahalko da aurkeztu. Erregistroaren atal batean baino gehiagotan izena emanda eta bi erroldetan sartuta egonez gero, horietako batean soilik aurkeztu ahalko da.

    3. Zehatza eta ez nahasteko moduan jaso behar ditu izena, abizenak eta indarren dagoen NANa, baita helbidea eta jakinarazpenetarako beste harreman-bitarteko batzuk ere.

  4. Artikulu honen 1. idatz-zatiak ezartzen duen epea amaitutakoan, Hauteskunde Batzordean 5 egun balioduneko aldian izendatuko ditu onarturiko hautagaiak. Aldi honetan, ikusitako konpon daitezkeen anomalia, errakuntza edo akats guztiak jakinaraziko zaizkie hautagaiei, zuzen ditzaten.

    Kandidatura bakar bat hautatu badute, ez da bozketarik burutuko dagokion edo dagozkion erroldarako edo erroldetarako.

  5. Hautagaiak izendatu ondoren, 2 egun balioduneko beste epe bat zabalduko da erabakia errekurritzeko. Hauteskunde Batzordeari aurkeztu beharko zaio errekurtsoa, eta gehienez 5 egun balioduneko epean ebatzi beharko du.

  1. Errolda bakoitzeko Kontseiluko kideen zuzeneko hautaketan, hautesle bakoitzak gehienez hiru hautagai titularri, dagozkien ordezkariekin, eman ahalko die botoa.

    Boto gehien lortzen dituzten hautagaiak hautatuko dituzte, errolda bakoitzean hiru kide osatu arte.

  2. Irteten den bokalaren ordezkariarekin zuzkituko dira lehenik eserleku hutsak. Ordezkariak ez badu bokal titular gisa jardun nahi dagokion errolda barruko hautagai bozkatuenera joko da. Hautagai gehiago ez badago, errolda horretan bertan jada ordezkari gisa jarduten ari den bokalen batekin beteko da eserleku hutsa.

  1. Hautagaiak izendatu ondoren, hauteskunde-kanpainan garatzen diren sustapen-ekitaldiak nolakoak izango diren eta horiek bete beharreko eskakizunak erabakiko ditu Hauteskunde Batzordeak.

  1. Hauteskundeetako txartel eta gutun-azalen eredu ofizial bat prestatuko du Hauteskunde Batzordeak, eta hautagaiek presta ditzaketenak eredu horretara egokitzen direla egiaztatuko du.

  1. Hauteskunde-prozesuaren gardentasuna eta objektibotasuna bermatzeko, honako hauek osatuko dute hauteskunde-administrazioa:

    1. Hauteskundeen deialdiaren 3 egun ondoren eratuko den Hauteskunde Batzorde bakar batek; ENEEKen instalazioetan izango du egoitza eta honako hauek osatuko dute:

      Presidentzia egikaritzen duen pertsonak: Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Antolamendu, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Elikagaien Kalitateko Zuzendaritzaren titularrak hautatuko du.

      Presidentziaordetza egikaritzen duen pertsonak: Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Antolamendu, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Elikagaien Kalitateko Zuzendaritzaren titularrak hautatuko du.

      Bokalek:

      (1) Aholkulari juridiko bat, Elikagaien Kalitateko Zuzendaritzaren titularrak hautaturikoa, eta idazkari-eginkizunak egikarituko ditu.

      (1) Ordezkari bat, sindikatu-arloko nekazaritza-erakunde profesional bakoitzak izendatutakoa.

      (3) Ordezkariak, bakoitza foru-aldundi bakoitzak izendaturikoa.

      (1) Kontseiluaren gerentziaren eginkizunak egikaritzen dituen pertsona.

    2. Hauteskunde-mahai bat lurralde historiko bakoitzeko, Kontseiluak erabakitako lekuan eratuko dena. Presidente batek eta bokal batek osatuko dute, eta Elikagaien Kalitateko Zuzendaritzako funtzionario bati eta ENEEKen langileetako bati egokituko zaizkie kargu horiek, hurrenez hurren. Bi hautestontzi izango dira mahaian, bat berritu beharreko errolda bakoitzeko.

  1. Honako eginkizun hauek izango ditu:

    1. Hautagaiak jasotzea eta izendatzea.

    2. Bozketen behin betiko zenbaketa egitea.

    3. Hautetsien izendapena egitea.

    4. Behin betiko errolda onartzea.

    5. Hauteskunde-prozesua arautzeko beharrezkoa den araudia proposatzea, erregelamendu honek aurreikusten ez duen guztirako, eta planteaturiko interpretazio-arauak ebaztea.

    6. Hauteskunde-prozesua hobeto bideratzeko beharrezkoa den beste edozein.

  2. Bilkura guztien akta jasoko du idazkariak eta kideei kopia entregatuko die onartu ondoren. Era berean, hauteskundeen behin betiko emaitzen akta jasoko du.

  1. ENEEKen egoitzan edo Kontseiluak onarturiko beste edozein lekutan egingo da. Ez da boto-delegaziorik inoiz ere onartuko.

  2. Egun bakarrean garatuko da bozketa, 09:30etik 17:00etarako ordutegian.

  3. Hautagai bakoitzak kontu-hartzaile bat hautatu ahalko du, eta horretarako, bozketa baino 10 egun lehenago izendapen idazki bidez igorri ahalko dio Hauteskunde Batzordeari, eta bertan jasoko dira hautagaiaren eta kontu-hartzailearen izenak, abizenak eta NANak.

    Hauteskunde Batzordeak bozketa baino 5 egun lehenago emango du kontu-hartzailearen egiaztapenaren ziurtagiri bat hiru aletan, bat hautagaiarentzat, bestea kontu-hartzailearentzat eta hirugarrena hauteskunde-mahaiarentzat.

    Kontu-hartzaileek mahaiko presidenteari egiaztatuko diote beren kargua Hauteskunde Batzordeak emandako ziurtagiriaren bidez, eta mahaian sartuko dira eratzen den unean.

    Mahaia eratutakoan, ez da onartuko beste inor sartzerik; nolanahi ere, berandu iristen den kontu-hartzaileak bere boto-eskubidea egikaritu ahalko du hauteslea bada, baina ezin izango du kontu-hartzaile eginkizunetan jardun.

  4. Hauteskunde-mahaia 09:00etan eratuko da, eta bozketarako epea 09:30ean zabalduko da, hautesleak hauteskunde-mahaira joango dira eta, behar bezala identifikatu ondoren, mahaiko presidenteari emango diote lehendik bertan txartela sartu duen gutun-azala. Orduan, presidenteak hautestontzian sartuko du gutun-azala.

  1. Honako prozedura honi jarraiki egingo da zenbaketa:

    1. Bozketaldia amaitutakoan, hautestontzia irekiko da eta bozketako gutun-azalak atera eta irekiko dira, edukia ozenki irakurriko da, txartela kontu-hartzaileei erakutsiko zaie eta hautagai bakoitzari dagokion botoa idatziko da.

    2. Txartelen irakurketa amaitutakoan eta zenbaketa egindakoan, mahaiko idazkariak zenbaketaren eta bi erroldetan lorturiko emaitzaren akta egingo du, eta hautagai bakoitzak loturiko boto kopurua, boto baliogabeak eta boto zuriak jasoko ditu, baita bozketan izandako eta kontu-hartzaileek jaso nahi dituzten gorabehera guztiak ere.

    3. Mahaiko kideek sinatuko dute akta, eta kontu-hartzaileek ere bai, eta ziurtaturiko kopia bat emango zaie.

    4. Zenbaketa-akta gutun-azal batean sartuko da, mahaiaren eraketa-aktarekin batera, eta mahaiko kideek sinatuko dute, sinadurak ondoren ireki beharreko gutun-azalaren aldean gurutzaturik, eta Hauteskunde Batzordeari igorriko zaio, zenbaturiko botoen behin betiko prozedurari ekin diezaion.

    5. Hauteskunde Batzordeak hiru hauteskunde-mahaien akta jasotakoan, behin betiko zenbaketari ekingo dio eta errolda bakoitzean boto kopuru handiena lortu duten hautagaiak izendatuko ditu, eta izendaturiko hautagaien txarteletan halakotzat agertzen diren ordezkariak.

  2. Bi edo hautagai gehiagoren arteko berdinketa izanez gero, erregistroan izena emandako zaharrenak izango du lehentasuna.

  3. Txartelik gabe gutun-azalak edo hautagairik markatu gabeko txartelak dituztenak boto zuri gisa zenbatuko dira.

  4. Honako hauek hartuko dira boto baliagarritzat:

    1. Sektore bereko hautagai berei bozka ematen dieten bi txartel edo gehiago biltzen dituzten gutun-azalei dagozkienak. Zenbaketari dagokionez, boto bakartzat zenbatuko da.

    2. Gurutze batekin markatuta, inguratuta, azpimarratuta edo iraingarria edo laidogarria ez den inskripzio edo adierazpenen batekin agertzen diren zerrendako izen bat edo gehiago biltzen dituzten gutun-azalei dagozkienak, betiere gehikuntza horiek hautagaien izenak irakurtzea eragozten ez badute.

  5. Honako hauek hartuko dira boto baliogabetzat:

    1. Izen marratuak edo ezabatuak biltzen dituzten gutun-azalei dagozkienak, edo inskripzio iraingarriak edo laidogarriak biltzen dituztenak.

    2. Hautagai desberdinei edo erroldatakoei botoa ematen dieten bi txartel edo gehiago dituzten gutun-azalei dagozkienak.

    3. Hauteskunde Batzordeak onarturiko ereduari ez dagozkien txartelei emandakoak.

  1. Hautagaien izendapen-ekitaldiaren hurrengo 3 egun baliodunetan errekurtsoa jarri ahalko zaio Hauteskunde Batzordeari.

  2. Izendaturiko eta izendatu gabeko hautagaiak daude legitimatuta errekurtso hori jartzeko.

  3. Hauteskunde Batzordeak emandako ebazpena Ingurumen, Lurralde Antolamendu, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari errekurritu ahalko zaio, gora jotzeko errekurtso bidez.

  1. Hauteskundea egin eta 20 egun ondoren eratuko da Kontseilua, salbu eta errekurtsoa jarri bada hautetsien izendapenaren aurka, kasu horretan hauteskundeak egin eta 40 egun ondoren eratuko baita.

  1. Erregelamendu honetan ezarritako hauteskunde-erregimenak aurreikusten ez duen guztian hauteskunde-erregimen orokorra arautzen duen indarrean dagoen araudi erregulatzailea izango da aplikatzekoa.

  1. Edozein titulurengatik dauzkan ondasun eta eskubide guztiek eratuko dute ENEEKen ondarea, eta edozein motatako ondasunak erosi eta saldu ahalko ditu. ENEEKen hasierako ondarea zero euro da.

  1. Honako hauek izango dira ENEEKek bere jarduera sozialak garatzeko aurreikusitako baliabide ekonomikoak:

    1. Kontribuziotik datozen diru-sarretatik, izena eman duten operadoreetatik, eta 834/2007 (EEE) Erregelamenduan aurreikusiriko kontrol-gastuetatik bilduriko kopurua, eta kontrol-gastu horiek izaera publikoko ondare-prestaziotzat hartuko dira.

    2. ENEEKen biltzen diren operadoreek ordainduriko kuota edo tasen zenbatekoa.

    3. Euskadiko Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura urtero ezartzen diren aurrekontu-esleipenak, baita administrazio publikoek erakundearen alde ematen dituzten beste diru-laguntza batzuk ere.

    4. Zuzenbide publikoko diru-sarreratzat hartuko diren zehapenak kobratzearen zenbatekoak, zuzenbide publikoko gainerako diru-sarreren erregimen beraren pean.

    5. Egokitu ahalko zaizkion dohaintzak, legatuak eta beste edozein baliabide.

    6. ENEEKi edo ordezkatzen dituen interesei eragindako kalte-ordainengatik jaso daitezkeen zenbatekoak.

    7. Erakundearen ondarearen errentak eta produktuak.

    8. Edozein titulurengatik egokitu ahalko zaizkion baliabide guztiak.

      Artikulu honetan a eta b letretan ezarritakoari jarraiki, ENEEK indarrean dauden kuoten eta kontrol- eta egiaztapen-tarifen dokumentu bat izango du, interesdun guztien eskueran izango dena eta ENEEKen web orrian argitaratuko dena.

      ENEEKek lorturiko mozkinak, jarduera ekonomikoak egikaritzearen ondoriozkoak (zerbitzuak ematea barne), bere helburuak betetzera bideratuko dira zehazki, eta ez dago zertan horiek operadoreen edo Kontseiluko kideen artean banatzerik, ezta Kontseiluko kideen ahaideen artean ere, eta ezta irabazi-asmozko interesa duten pertsona fisiko edo juridikoei doan lagatzea ere.