Osasun Saila / Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2009ko abenduaren 4koa, Herrizaingoko sailburuarena, zeinaren bidez garatzen baita joko-makina eta -sistemen Erregelamendua onartzen duen azaroaren 17ko 600/2009 Dekretuan aurreikusitako joko-makinen araubidea.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: ---
  • Jadanekotasuna-egoera: Indargabetua

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 243
  • Hurrenkera-zk.: 6637
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2009/12/04
  • Argitaratze-data: 2009/12/18

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi jarduerak; Administrazioaren antolamendua; Segurtasuna eta justizia
  • Azpigaia: Industria; Gobernua eta Administrazio Publikoa; Herrizaingoa

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoan jokoa arautzen duen azaroaren 8ko 4/1991 Legea, Autonomia Estatutuaren 10.35 artikuluak Euskal Autonomia Erkidegoari jokoaren esparruan uzten dion eskumen esklusiboa garatzeko eman zen. Eskumen horrek ahalmena ematen dio Gobernuari artikulu horretan ezarritako garapen eta gauzatze-xedapenak egiteko.

Erregelamendu-ahal hori egikarituz, onartu egiten da joko-makina eta sistemen Erregelamendua onartzen duen azaroaren 17ko 600/2009 Dekretua; haren Azken Xedapenetako Lehenengoak ahalmena ematen dio sailburuari, erregelamenduan araututako makinen betebeharrak eta ezaugarriak garatu eta egikaritzeko.

Esandakoaren ondorioz, honako hau

Agindu honen bidez arautu nahi da zein baldintza eta ezaugarri tekniko bete behar dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko joko-makinek, homologatuak eta modelo-erregistroan erregistratuak izan daitezen, Joko-makina eta sistemen Erregelamendua garatuz.

Homologatuak izateko, «B» motako makinek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

  1. Gehienez ere partidaren prezioa 20 zentimokoa izango da; erabiltzaileak 3 partida egin ditzake aldi berean, partidaren gehienezko prezioa baino hiru aldiz garestiago direnak.

  2. Makinak eman dezakeen sari nagusia gehienez ere 500 eurokoa izango da, eta joko-programan ez da ez harreman sistematikorik, ez aldez aurretik finkatutakorik izango, bat eginda zenbateko hori gainditzen duten sarien arte.

  3. Joko-programak ez du jarriko partida batean lortutako sariren bat eskuratzea txanpon edo kreditu gehigarriak sartzearen menpe.

  4. Dirua sarrera-kreditu gisa biltzeko kontagailu berezi bat izango dute. Sarrera-kontagailu horietan ez da onartuko 25 partida bakunen hainbateko krediturik pilatzerik.

    Erreserbako kontagailu gehigarri bat eduki ahal izango dute, eta kontagailu horretan bilduko da sartutako diruaren soberakina; diru hori edozein unetan berreskuratu ahal izango du erabiltzaileak. Nolanahi ere, bi kontagailuen arteko kredituak transferitzeko, erabiltzailearen borondatezko parte-hartzea beharko da.

  5. Kontagailu berezi eta esklusiborik badu sariak erabiltzaile kreditu gisa modura pilatzeko, ezin izango da kontagailu horretan pilatu baimendutako gehienezko saria baino balio handiagorik, eta erabiltzaileak edonoiz berreskuratu ahal izango du pilatutako dirua, edo sariak apustuak egiteko erabili ahal izango ditu, aldi berean gehienez ere bost partidatan parte hartu ahal izango duela.

  6. Makinak, erabiltzaileari gutxienez sartutako diruaren 100eko 70 itzultzeko programatu eta ustiatuko dira. Ehuneko hori gehienez ere segidako 40.000 partidaren sortetan lortu beharko da.

  7. Partiden batez besteko iraupena gehienez ere bost segundokoa izango da, eta hogeita hamar minututan ezin izango dira hirurehun eta hirurogei partida baino gehiago egin. Partiden iraupenaren ondorioetarako, aldi berean egiten diren partiden iraupena partida sinpleak balira bezala kontatuko dira.

  8. Makinek mekanismo bat izan ahal izango dute, erabiltzaileak jokatu nahi duen dirua eta jokoan eman nahi duen denbora mugatzeko.

  9. Makinek ematen dituzten sariak nahitaez legezko erabilerako dirua izango dira, makinek emango dutena. Hala ere, joko-establezimenduetan ezarritako makinen sariak, jokalariak onartutako legezko edozein bide erabiliz ordaindu ahal izango dira.

    Era berean, eta legezko erabilerako diruaren ordez, Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak baimendu ahal izango du txartela edo euskarri elektronikoak edo fisikoak ematea, joko-establezimenduetan soilik erabil daitezen; txartel eta euskarri horiek aurretiaz eskuratu ahal izango dira establezimenduan bertan.

    Makinek blokeatzeko mekanismo bat izan beharko dute, jokoa etengo duena, ordainketa egiten ez bada.

  10. Konbinaketa irabazle bat lortzen denean, makinaren aurrealdea argituko da edo, bestela, ondo nabarmen geratuko da sari hori lortu dela.

Homologazioa lortzeko, «BS» motako makinek, 2. artikuluan ezarritako baldintzak ez ezik, honako hauek ere bete beharko dituzte:

  1. Gehienez ere partidaren prezioa 20 zentimokoa izango da; erabiltzaile bakoitzak gehienez ere 2 euro gastatu ahal izango ditu, aldi berean egindako apustuetan.

  2. Bete beharko dituzte 2.f) artikuluan ezarritako itzultze-ehunekoak; gehienez ere 1.500 euroko sariak eman ahal izango dituzte.

  1. Homologazioa lortzeko, «BS» motako makinek, 2. artikuluan ezarritako baldintzak ez ezik salbu eta a), b), d) f) eta g) ataletan ezarritakoa, honako hauek ere bete beharko dituzte:

    1. Gehienez ere partidaren prezioa 20 zentimokoa izango da; erabiltzaile bakoitzak gehienez ere 6 euro gastatu ahal izango ditu, aldi berean egindako apustuetan.

    2. Partiden batez besteko iraupena gehienez ere hiru segundokoa izango da, eta hogeita hamar minututan ezin izango dira seiehun partida baino gehiago egin.

    3. Makinek, egindako apustuen ehuneko 80 gutxienez itzuli beharko dute, konbinazio posibleetatik ateratzen den partida-estatistikarekin bat etorriz. Hala eta ere, makina bakoitzak eman dezakeen sari nagusia gehienez ere mila handiz handiagoa izango da partidan jokatutako dirua baino.

    4. Apustuak egiteko eta sariak kobratzeko, baliagarri izango dira bai txartelak, bai ordaintzeko edo dirua itzultzeko euskarri elektroniko fisikoak, baldin eta Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak baimendu baditu.

    5. Jokoa, bideo-zeinu bidez edo antzeko sistemaren bat erabiliz kontrolatzen diren pantailen bitartez egingo da.

    6. Nahitaez jokoaren funtsa honako hau izango da: informatika bidez garatutako bingo-jokoan oinarritutako bariazioak; salako langileek ez dute jokoan inola ere parte hartuko.

    7. Makinak ezin izango du inola ere eman jokoaren kartoi edo euskarri fisikorik, erabiltzaileek kanpotik baliatu ahal izateko garatutakorik.

  2. Sistemak honako elementu eta funtzionalitate hauek izan beharko ditu:

    1. Taldeko zerbitzaria: lanean ari diren pantaila terminalekin etengabe solasean aritzea izango du arduratzat, egindako apustuak eta lortutako sariak direla eta.

    2. Komunikazio-zerbitzaria: informazioa bideratzea eta taldeko zerbitzariaren eta zerbitzu nagusiaren arteko informazio-trukea bermatzea izango du arduratzat.

    3. Zerbitzu nagusia: egindako apustuei eta lortutako sariei buruzko datuak artxibatuko ditu; eta egindako partida-kopuruei, jokatutako zenbatekoei eta emandako konbinazio irabazleei buruzko estatistikak eta txostenak sortu behar ditu, eguna eta ordua adierazita.

    4. Kutxa-sistema informatiko bat, kutxazain-terminala izango duena; kutxazain horrek kargatu egingo dizkie baimendutako txartelei edo euskarri elektroniko edo fisikoei erabiltzaileek eskatutako kopuruak, eta adieraziko du zenbateko saldoa edo kreditua duten txartel edo euskarri informatikoek, ordaintzeko. Horretarako, programa informatiko bat izan beharko du, egindako transakzio ekonomiko guztiak kontrolatu eta kudeatzeko.

    5. Egiaztapen-sistema bat, bingo-aretoko saio bakoitza hasi aurretik egunero egiaztatuko duena sistema osoa ondo dabilela. Sistemak jardunean diharduen bitartean, matxurarik edo hutsik ikusten bada bai zerbitzarian, bai makinaren terminal-pantailetan, eta erabiltzaileei apustuan jokatutako dirua itzul badakieke ere, sistema berrabiarazi aurretik egiaztatu beharko da sistema eta terminal-pantaila guztiak ondo dabiltzala.

    6. Agindu honen 9.d) artikuluan aurreikusitako funtzionalitateak dituzten kontagailuak izan beharko dituzte. Hala ere, bingo-aretoaren enpresa titularrak edo zerbitzu-enpresak informazio-sistema bat ezarri ahal izango du establezimenduko zerbitzarian. Sistema hori gaitutako saiakuntza-laborategi batek homologatu beharko du. Aretoko makinekin edo terminalekin konektaturik egongo da sistema, eta 9.d) artikuluko funtzionalitate orokorrak erregistratuko ditu.

Homologatuak izateko, «C» motako makinek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

  1. Partida bakoitzaren prezioa Joko eta Ikuskizunetako zuzendariak finkatuko du, makina-modelo bakoitzerako, Modeloen Erregistroan homologatu eta inskribatzeko ebazpenean. Hala ere, partida bakar batean apustu bat baino gehiago egin ahal izango dira. Modeloa homologatu eta inskribatzeko ebazpenean egongo da ezarrita gehienezko muga.

  2. Kontagailu berezi eta esklusiboa izango dute, sarrerako kredituak biltzeko. Erabiltzaileak edozein mementotan berreskuratu ahal izango ditu kreditu horiek.

  3. Makinak partida batean eman dezakeen saririk handiena, Modeloen Erregistroan homologatu eta inskribatzeko ebazpenean modelo bakoitzerako ezarritakoa izango da, artikulu honen e) atalak ezartzen duen banaketa-portzentajea errespetatuz.

  4. Jokaldien edo partiden iraupena gutxienez 2,5 segundokoa izango da.

  5. Makinaren mekanismoa programatuta eta ustiatuta dago, hain zuzen ere, egindako hamar apusturen baliotik gutxienez zortzirena erabiltzaileei itzultzeko, egin litezkeen konbinazioetatik sortzen diren jokaldien sorta estatistikoan zehar.

  6. Makinek mekanismo bat izan ahal izango dute, erabiltzaileak jokatu nahi duen dirua eta jokoan eman nahi duen denbora mugatzeko.

  7. Agindu honen 9. eta 10. artikuluan aipatutako gailuak izan beharko dituzte.

  8. Aurrealdean taula bat izan beharko dute, eta hor, modu grafikoan eta idatziz, argi eta erabiltzaileak ondo ikusteko moduan, honako datu hauek egongo dira adierazita:

    1. Joko-arauak, eta horren barruan, partida bakoitzeko egin litezkeen apustuak, zein apustu-mota egin litezkeen eta apustuak zenbatean diren adieraziko da.

    2. Zein diru-mota eta balio erabiltzen duen makinak, edo zein baliokide onartzen duen.

    3. Konbinazio irabazle guztien deskribapena.

    4. Konbinazio irabazleei dagozkien sarien zenbatekoa, dirutan edo itzuli beharreko txanponetan edo fitxetan adierazia, eta datu hori argiztatuta edo argi adierazita egongo da, konbinazioa gertatzen den bakoitzean.

    5. Partidaren gutxieneko prezioa, makina bakoitzerako homologatua.

      1. Berariaz kontrakorik esan ezean (hala bada, horren berri agertu beharko da modeloaren inskripzioan), mota honetako makina guztiek txanponen bina barne-edukiontzi izango dituzte:

        1. Ordainketen erreserba-biltegia: horren helburua izango da diruari edo fitxei atxikitzea, behar denean, haren bidez ordaintzen baititu sariak.

        2. Irabazien biltegia: makinak sarien ordainketarako erabiltzen ez duen diru edo fitxei atxikitzea du eginkizuntzat, eta makinaren konpartimentu bereizi batean kokatuta egon beharko du, elikadura-bidea soilik izango duelarik ondoan.

          Hala ere, makina batzuek ez dute horrelako biltegirik behar izango, hain zuzen ere sariak ordaintzeko bide bakartzat txartelak edo ordaintzeko eta jasotzeko euskarri elektronikoak eta fisikoak erabiltzen badituzte, establezimenduan bertan legezko erabilerako diruarekin trukagarriak edo itzulgarriak izan daitezkeenak.

          1. Sariaren zenbatekoa sariak ordaintzeko erreserba-biltegiaren edukiera baino handiagoa bada edo makinaren saria apustuak eta ordainketak egiteko erabilitako unitatearen zatikia bada, salako langileak eskuz egin ahal izango dizkio ordainketak erabiltzaileari (halakoetan, argi edo soinu-ohartarazle bat izan beharko dute zeina besterik gabe aktibatuko baita erabiltzaileak sari hori eskuratzen duenean). Izango dute, orobat, blokeo-mekanismo bat, eta arestian aipatutakoa gertatuz gero, inork ezin izango du erabili makina harik eta saria ordaintzen den arte eta salako langileek makina desblokeatzen duten arte.

          2. Sariak erabiltzaileentzako kreditu gisa pilatzen uzten duen kontagailu berezia duten makinetan, erabiltzaileek edozein unetan erabaki ahal izango dute pilatutako kredituak itzultzea.

          3. Argi eta soinu-mekanismo bat izango dute, makinen goiko aldean egongo dena, eta mekanismo hori besterik gabe hasiko da funtzionatzen noiz eta makinak edozergatik irekitzen dituztenean.

          4. Gainera, makinek argi eta soinu-mekanismo ohartarazle bana izango dute, erabiltzaileek salako langileei deitzeko erabiliko dena.

          5. Partekatutako «C» motako makinak homologatu ahal izango dira, eta halakotzat hartuko dira, hain zuzen ere, bi jokalarik edo gehiagok batera lehiatzeko bidea ematen duten makinak badira, programa bakar batekin ari badira, altzari bakarra osatzen badute eta irabazle gertatzen den postuari edo jokalariari ematen badiote saria.

          6. Bi erabiltzailek edo gehiagok parte har dezaketen makinek, altzari bakarra osatzen badute, gorputz bakarra badute edo baimendutako moduluetan banatuta badaude, zilindro birtual edo mekaniko batekin edo batzuekin funtzionatu ahal izango dute, eta zilindro horiek elektromekanikoki edo eskuz bultzatu ahal izango dira.

  1. Joko-makina eta sistemen Erregelamenduaren 47. artikuluan aurreikusitako establezimenduetan baimendu ahal izango da aisialdiko eta ausazko makinen arteko interkonexioa, baldin eta mota berekoak, establezimendu berekoak edo establezimendu desberdinetakoak badira, sari gehigarri bat emateko, Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak interkonexio-sistema homologatu eta inskribatu ondoren.

  2. Interkonexio-sistema bat homologatzeko, gaitutako laborategi batek egiaztatu beharko du bete egiten direla agindu honetan eta Joko-makina eta sistemen Erregelamenduan ezarritako baldintza eta betebehar teknikoak.

  3. Joko-establezimenduen arteko interkonexio-sistemek honako baldintza tekniko hauek bete behar dituzte:

    1. Interkonexio-sistemak unitate nagusi bat izango du autonomia-erkidegoan, eta unitate horrek bermatuko du interkonexio-sistemak ondo funtzionatzen duela.

    2. Bermatuta geratuko da makinen interkonexio-sistemak etengabeko komunikazioa izango duela, denbora errealean gainera, eta sistema horrek ziurtatuko du jokoan gertatzen diren gorabeheren eta kudeaketa eta kontrol-sistemaren arteko lotura, partida baterako araututako gutxieneko denboraren azpian betiere.

    3. Doitzaileak izango dituzte, joko-makinei lotuak, eta interkonexio-sistemaren karrusela osatzen dute.

    4. Joko-establezimenduetan barne-sare bana egongo da, makinen doitzaileak tokiko zerbitzariarekin edo establezimenduko kontzentratzailarekin lotuko dituena.

    5. Kanpo-sare bana izango dute, joko-establezimendua interkonexio-sistema nagusiarekin lotuko duena.

    6. Bistaratzaileak izango dituzte, joko-establezimendu bakoitzaren sarearekin lotuta egongo direnak, edozein unetan sariez eta beste makinei konektatutako jokoaren egoeraz informazioa emateko.

    7. Sistemari konektatuta dauden joko-makinek jokalariarekin elkarlanean jardun behar dute, baina horretarako, ez dute batere elementu gehigarririk izan beharko, baldin eta elementu gehigarri horiek makinen menpe jartzen badute jokoaren garapena.

  4. Makinen arteko interkonexioak ez du inola ere ekarriko makina bakoitzak eman beharreko sarietan itzuli beharrekoaren legezko portzentaia gutxitzea.

  5. Aplikatzekoak izango dira, orobat, Herrizaingoko sailburuaren 2000ko abenduaren 21eko Aginduan jasotako zehaztapen teknikoak.

  6. Beste makinei konektatutako makinetan berariaz aipatuta agertu beharko da zenbatekoa izango den eman dezaketen saririk handiena, eta adierazi beharko da, orobat, sari horrek ez diola murrizketarik erakarriko elkarri konektatutako makinek emango dituzten sarien portzentajeari.

  7. Joko eta Ikuskizunen zuzendariaren ebazpen bidez ezarriko dira Unitate Nagusia Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzarekin etengabe komunikatuta egoteko betebeharrak; horrela, etengabe eta denbora errealean ikusi ahal izango da une horretan jokoa zertan den.

  1. Joko-makina eta sistemen Erregelamenduaren 47.1.d) eta e) ataletan aipaturik agertzen diren establezimenduetan ezarritako «B» motako makinak elkarri konektatuta egon ahal izango dira, Herrizaingoko sailburuaren agindu batean ezarritako baldintza teknikoekin bat etorriz, honako baldintza hauek betetzen badituzte:

    1. Elkarri konektatu beharreko makinak makina guztien ehuneko hogeita hamabosta izan beharko dira gutxienez, interkonexio-sistema bakoitzeko.

    2. Elkarri konektatutako «B» makinen bitartez modu guztietara eskura daitekeen saria gehienez ere sei mila eurokoa izango da.

    3. Konektatutako sistemak emandako saria txeke, banku-taloi, txartel edo legez onartutako euskarri elektroniko edo fisikoen bidez ordainduko da, erakunde titularraren banku-kontuan.

  2. «B», «BM» eta «BS» motako makinak «BC» motakoak izan ezik, elkarri konektatuta egon ahal izango dira, eta gutxienez 5 izango dira establezimendu berean edo Autonomia Erkidegoko hainbat establezimendutan instalatutakoen artean, eta horretarako, baldintza hauek bete beharko dira:

    1. «B» motako makinak zenbait joko-lokalen artean elkarri konektatuta egoteko baimena emateko, joko-establezimendu horien ehuneko hogeita hamabostetik gorakoen artekoa izan beharko du interkonexio horrek.

    2. Elkarri konektatutako «B» motako makinen bitartez modu guztietara eskura daitekeen saria gehienez ere 5.000 eurokoa izango da, interkonexioa joko-establezimendu batean egiten bada, eta 15.000 eurokoa, ordea, zenbait joko-establezimendutan instalatuta dauden «B» motako makinen artean egiten bada.

    3. Joko-lokal bakoitzean elkarri konektatutako sistema bat baino gehiago egon litezke. Lokal berean elkarri konektatutako zenbait sistemaren sarien batura gehienez ere aurreko paragrafoan aipatzen den gehienezko sariaren bestekoa izango da.

    4. Konektatutako sistema batek emandako saria eskala desberdinetan eman ahal izango da baldin eta guztien batura baimendutako gehienezko saria baino handiagoa ez bada.

    5. Aldi berean, lokal bereko beste makinei eta beste joko-establezimendu batzuetako makinei konektatu egon daiteke makina bat.

  3. «BG» motako makinak elkarri konektatu ahal izango zaizkio, bingo-saletan, baina elkarri konektatutako makinen bitartez modu guztietara eskura daitekeen gehieneko saria ezingo da izan elkarri konektatutako makinen gehieneko sariaren batura baino handiagoa; muga 30.000 eurokoa izango da.

  1. «C» motako makinak elkarri konektatuta egon ahal izango dira. Horrela, poltsa-sarien edo sari berezien baturari dagokion saria ez ezik, sari gehigarri bat ere eskaini ahal izango da, dirutan edo gauzatan ordaindu ahal izango dena. Sari hori eskuratzeko, ez da lortu beharko makinaren irabazi-planean irabazle ateratako konbinaziorik; egindako apustuaren zenbatekoak ere ez du ezer baldintzapetuko.

  2. Sari gehigarriaren zenbatekoa eta bere izaerari buruzko aipamena argi eta garbi adierazita daude ageriko leku batean, elkarri konektatutako makinetatik ondo ikusteko moduko leku batean, eta kasinoaren beste alde batzuetan erakutsi ahal izango dira. Beste makinei konektatutako makinetan, halaber, gorabehera hori ageri-agerian azalduko da. Saria gauzatan ematen bada, sariaren zenbatekoa legezko erabilerako dirutan adierazita jakinarazi beharko da.

  3. Elkarri konektatutako makinak gutxienez bost izango dira eta makina horien bitartez modu guztietara eskura daitekeen gehieneko saria ezingo da izan elkarri konektatutako makinen gehieneko sarien batura baino handiagoa.

  4. Konektatutako sistema batek emandako saria eskala desberdinetan eman ahal izango da baldin eta guztien batura baimendutako gehienezko saria baino handiagoa ez bada.

  5. «C» motako makinak elkarri konektatu ahal izango dira autonomia-erkidegoan baimendutako joko-establezimendu batzuen artean. Halakoetan, interkonexio-sistemak bildu beharko ditu agindu honen 6.3 artikuluan ezarritako baldintza teknikoak.

  1. «B» eta «C» motetako joko-makinek eta makina laguntzaileek honako baldintza hauek bildu beharko dituzte, jokoaren segurtasuna eta osotasuna bermatuko badute:

    1. Memoriak eta gailu elektronikoak halako moduan prestatu eta atonduko dira jokoa eta, behar izanez gero, irabazien plana zehazteko, edo egindako partiden kopurua eta zenbatekoa, txartelak, ordainagiriak edo antzekoak kontabilizatzeko, ezen ezin izango baitira aldatu.

    2. Mekanismo bat izango dute, kontagailuak manipulatzea eragotziko duena, energia autonomoaren elikatze-iturri bat izango dutena. Iturri horrek zainduko ditu haren memoriak, deskonexioa gertatzen bada edo argindarra eteten bada; behar izanez gero, programa zegoeneantxe berrabiarazteko bidea emango du.

    3. Blokeo-mekanismo bat izango dute, dirua, fitxak edo beste ordainketa-modu batzuk sartzea eragotziko duena noiz eta sariak ordaintzeko erabilitako gordailuak behar besteko erreserbarik ez duenean edozein sari ordaintzeko edo, behar izanez gero, txartelak, ordainagiriak edo baliokideak emateko. Hala jakinarazi beharko diote makinaren balizko erabiltzaileari.

    4. Serieko kontrol-kontagailuak izango dituzte, eta babestuta egongo dira manipulazio iraunkorren kontra, makina instalatzen dutenetik etengabe datu hauek biltzen badituzte: zenbat partida egin diren, modalitateka sailkatuak, zenbateko apustuak egin diren, zenbat diru bueltatu den sarien bidez, zenbat txartel eta zein euskarri eman diren. Gainera, argi ikusi ahal izango da araudi-aldi bakoitza, zein egunetan bukatu zen eta sarien itzultze-ehunekoa zenbateko den zikloko.

      Kontagailu horiek memorian bildutako datuei eutsiko diete, makina itzalita egon arren, eta matxura gertatuz gero edo kontagailua deskonektatuz gero, makina erabiltzea eragotziko dute.

      Era berean, instalatuta dauden makina identifikatuko dute eta Administrazioak bere aldetik irakurtzeko bidea emango dute.

    5. Gailuak izango dituzte, makinaren funtzionamendua etengo dutenak edo makina automatikoki deskonektatuko dutenak, hain zuzen ere, sari baten ordainketa osoa egiten ez bada, kontagailuak ez badabiltza edo txanponen pasaera (edo beste ordain-bide baliokideren batena) ondo erregistratzen ez bada.

    6. Gailuak izango dituzte erabiltzaileek baimendutakoa baino diru gehiago joka dezan eragozteko; makina-mota bakoitzerako ezarritakoa baino diru gehiago sarrera-kontagailuetan sartzen ere ez dute utziko, gehiegizko dirua automatikoki itzuliko baitute.

  2. «B» eta «C» motako joko-makinek, gainera, ezaugarri hauek izan beharko dituzte:

    1. Joko-programa biltzen duten zirkuitu integratuak izpi ultramoreei pasatzen utziko ez dien paperezko etiketa batez estalita egongo dira, eta etiketa hori suntsituko da edo konponbiderik ez duen kaltea eragin beharko da, inor paper hori manipulatzen saiatzen bada. Biltegiratzeko beste euskarri-mota batzuk badira, babesteko gailu bereziak ere izan beharko dituzte, osotasuna bermatzeko, eta norbait gailu horiek manipulatzen saiatzen bada, guztiz hondatuko dira.

    2. Gailu bat izan behar dute, makinari partida bukatzen eta behar izanez gero, lortutako saria ordaintzen uzten diona, partidak dirauen bitartean energia eteten bada ere.

    3. Gainera, arrabol-makinek edo horrelako gailuek honako tresna hauek izan beharko dituzte:

      Makina automatikoki pizten duen gailu bat, hain zuzen ere, arrabolak edo horrelako gailuak biraka aske ari ez badira ere, edo jokaldi bakoitzean bere bira-angelua 90 gradukoa baino txikiagoa bada ere, edo beren funtzionamenduak makinaren preskripzio teknikoak betetzen ez baditu ere.

      Gutxienez bi arrabol edo danbor edo antzeko gailuak dituzten bira-abiadurak ausaz aldatuko dituen gailu bat; gailu horrek bietako lehenengoaren bira-abiadura aldatuko du nahitaez, errepikapen estatistikorik gerta ez dadin.

      Energia etenda egon ondoren, makinara itzultzen denean, arrabolen edo antzeko gailuen bira eta, behar izanez gero, lortutako sariaren ordainketa-zikloa osatzen uzten duen gailu bat.

    4. Makinen konfigurazioa dela-eta, joko-programak ezin izango dira ordeztu edo aldatu, derrigor izan behar duen baimenean ezarritako arauak bete gabe.

    5. Joko eta Ikuskizun Zuzendaritza kontrolatzeko makinaren sarbide bat aurreikusita edukitzea, zuzena eta independentea izango den sarbidea, makinaren operadore edo fabrikatzailearen laguntzarik gabe joko-programetan sartzeko.

  1. Joko-makinek eta makina laguntzaileek ezin izango dute instalatuta eduki makina erabiltzen ari ez den bitartean erabiltzaileak erakartzeko edo haien arreta bereganatzeko gailurik.

  2. Partida hasteko edo txartelak edo bestelako euskarriak ematen hasteko, erabiltzaileak tresna berezi bati eragin beharko dio. «B» motako makinetan «BG» motakoak izan ezik, bost segundo pasata eragiten ez bazaio, makina besterik gabe funtzionatzen hasiko da.

  3. Aurrealdean, partidaren eta egin litezkeen apustuen prezioa agertuko da, argi-argi, erabiltzaileak erraz ikusteko moduan. Azalduko dira, orobat, zein diru diru-mota edo ordaintzeko bide onartzen duen, zein diren jokoaren arauak, sarien bidez itzuli beharreko ehunekoa, konbinazio irabazle guztien deskribapena eta konbinazio bakoitzari dagokion sariaren zenbatekoa.

  4. Jokoa bideo-seinalearen bidez edo horrelako sistemaren bat erabilita garatzen duten makinek aurreko ataleko informazioa eskuratzeko sarbidea argi eta garbi adierazita izango dute pantailan, eta gutxienez agertuko dira egin nahi diren jokoak eta lor daitekeen saria.

  5. Balioztapen-sistemaren baten bidez, makinak egiaztatu beharko du egindako jokaldia edo apustua baliozkoa dela eta sistema informatiko batean sartuta dagoela; sistema informatiko horrek erabiltzaileari eskubidea emango dio jokoan parte hartzeko eta sariak eskuratzeko.

  6. Sariak, txartelak, billeteak, ordainagiriak eta gisakoak kanpora egozteko mekanismo bat izan beharko dute. Makinak emandako sarien zenbatekoa ematen duenean, sari horiek erretilu batean edo antzeko ontzi batean bildu beharko dira, haren eskura jarrita. Nolanahi ere, «B» makinetan aurreikusita egongo da sariak automatikoki egotziko direla, erabiltzailea gehienez ere 10 segundotan jokoari lotu ez bazaio. Joko-lokaletako makinen kasuan, sariak ez dira automatikoki egotzi beharko, ordainketa legezko ordainketa-bideak erabiliz egiten bada, Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzaren baimena lortu ondoren.

  7. Makinek mekanismo edo gailu elektroniko bat edo antzeko zerbait izan beharko dute, makinari partida-kopuru jakin batez funtzionatzen utziko diona.

  1. «B» motako makinek eta makina laguntzaileek etiketa bat izango dute, eta etiketa horrek adieraziko du adingabeek jokoan aritzea debekatuta daukatela.

  2. «B» eta «C» makinek eta makina laguntzaileek etiketa bat izango dute, «jokoak mendekotasuna sor dezake» idatzirik izango duena.

    «B» motako makinetan eta 47.1.e) artikuluan jasotako establezimenduetan ezarritako makina laguntzaileetan, bi testuak etiketa bakar batean egongo dira.

  3. Etiketek agindu honen eranskinean zehaztutako testua eta formatua izan beharko dituzte.

    Etiketetako testuak Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetan idatzita egon beharko dira.

  4. Etiketak birtualak edo fisikoak izan ahal izango dira. Fisikoak izanez gero, txanponak edo billeteak sartzeko zorroaren inguruan edo txartel edo euskarri elektroniko edo fisikoetarako zirrikituen ondoan egon beharko dira, gehienez ere gailu horietatik, etiketa osatzen duen errektangeluaren ertzetik 10 cm-ra, makinaren aurrealdean betiere.

  5. Makina atsedenaldian badago, etiketa birtuala pantailan agertuko da eta posizioa ausaz aldatuko da, haren azaleraren gainean. Idatzi horiek joko-establezimenduan argi ikusten badira, ez da horien premiarik izango.

Araudi honen betebeharrak ez zaizkie aplikatuko ez Europar Erkidegotik datozen produktuei, ez Europako Esparru Ekonomikoaren Akordioan Kontratatzaileak diren EMAEko herrialdeetatik datozenei ere, ez eta Europar Batasunarekin Aduana Elkarteko Hitzarmen bat duten estatuei ere, baldin eta honako hauek betetzen badituzte:

  1. Jarduera onen araudi edo kode bat, normalizazio nazionaleko erakunde batetik edo Europako Esparru Ekonomikoaren Akordioan Kontratatzaileak diren Alderdietako bateko entitate baliokide batetik datorrena, baldin eta alderdi horretan legez jarraitu badira.

  2. Nazioarteko araudi bat, estatu horietako batean aplikatu ahal izango dena.

  3. Arau tekniko bat, estatu horietako batean fabrikatu, merkaturatu edo erabiltzeko aplikatu beharrekoa.

  4. Fabrikazio-metodo tradizionalak edo berritzaileak, Europako Esparru Ekonomikoaren Akordioan Kontratatzaileak diren Alderdietako batean legez jarraitzen direnak. Metodo horiek dokumentazio tekniko deskriptiboa izan behar dute, behar bezain zehatza, produktuak adierazitako aplikaziorako ebaluatu ahal izateko behar izanez gero, proba osagarriak egin ahal izango dira. Ezinbestekoa izango da arauak, praktika onen kodeak, arau teknikoak edo dena delako metodoak erregelamendu honek lortu nahi duenaren pareko babes-maila bermatzea.

Agindu hau onartu aurretik instalatuta zeuden «B» eta «C» motako makinetan eta makina laguntzaileetan, 11. artikuluko etiketak jarri beharko dira, hiru hilabeteko epean, agindua indarrean sartzen den egunetik hasita.

Lehenengoa. Agindu hau indarrean sartu eta urtebetera, «B» makinetan erabiltzaileak 4 partida aldi berean egin beharko ditu, gehienez ere partidaren gehienezko prezioaren halako lau izango dena.

Bigarrena. Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2009ko abenduaren 4a.

Herrizaingoko sailburua,

RODOLFO ARES TABOADA.

B eta C motako makina-jokoetan eta joko-laguntzaileetan ezarri beharreko etiketa-eredua eta formatua.

Etiketen ezaugarriak:

Eskatutako gutxieneko neurriak: 70 x 32 mm.

Tipografia:

Arial Rounded MT Bold (18 urtetik beherakoei debekatuta) eta

Helvetica Rounded (Jokoak mendekotasuna sor dezake).

Letra zuriak hondo gorri negatiboaren gainean (C=15 M=100 Y=100 K=0).

Ertz borobilduak dituen hondoa.

1,5 mm-ko lodiera duen ertz zuria.

Formatua: beheragoko ereduen arabera.

  1. Etiketa integratuaren eredua, adingabeentzako erabilera-debekuari buruzkoa eta jokoak mendekotasuna sor dezakeela dioena.

  2. Etiketa-eredua, jokoak mendekotasuna sor dezakeela dioena.