Osasun Saila / Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila

Arautegia

Inprimatu

1/2023 LEGEA, martxoaren 16koa, Euskal Administrazio Publikoen zehatzeko ahalari buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Legea
  • Organo arau-emailea: Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 60
  • Hurrenkera-zk.: 1470
  • Xedapen-zk.: 1
  • Xedapen-data: 2023/03/16
  • Argitaratze-data: 2023/03/27

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Eusko Legebiltzarrak Euskal Administrazio Publikoen zehatzeko ahalari buruzko martxoaren 16ko 1/2023 Legea onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.

Testu honen helburua da gure legea Estatuko oinarrizko legedira egokitzeko ezinbesteko aldaketak egitea, baina, horrekin batera, kontu xeheagoak ere aldatu nahi dira, indarrean den ordenamendu juridikoa hobetzeko. Testu integral berri batean aldaketak sartzeak indarrean den legearen zati handi bat eta legea egitea justifikatu zuten arrazoietako asko errepikatzea ekarriko du aldi berean, hain zuzen ere testu kontsolidatu hau kasuan kasuko arrazoiengatik osatu arte.

Otsailaren 20ko 2/1998 Legea, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen Zigortzeko Ahalmenari buruzkoa, indarrean egon da orain arte, eta, nabarmen egokia eta arrakastatsua izan den arren, zenbait urte igaro dira onartu zenetik, eta aldaketa nabarmenak izan dira prozeduran. Bereziki, eta oinarrizko legedi gisa, lege hauek indarrean sartu izana aipatu behar dugu: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; eta 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; biak indarrean jarri izanak berrikuntza garrantzitsuak ekarri ditu arlo horretan.

Bi dira lege honen bitartez zalantzarik gabe mantentzen diren helburuak: alde batetik, arau orokor substantibo batzuk zehaztea, gero edozein zehapen-araubide sektorialetan aplikatzeko balioko dutenak; hau da, bestela esanda, administrazioko zehapen-zuzenbidearen zati orokor bat ezarri nahi dugu, eta, beste alde batetik, Euskal Autonomia Erkidegoaren berezko espezifikotasunetara egokituta egongo diren arau orokor batzuekin prozedura bat zehaztu eta, era berean, halako bide formal bat zabaldu nahi dugu, zehatzeko ahala erabiltzeko balioko dutenak gaia edozein izanda ere.

Helburu bata eta bestea lege-erabiltzaileen berebiziko premia batek eraginda etorri dira, eta erabiltzaile horiek dira bai zehatzeko ahala erabili behar dutenak, bai erabilera horren emaitzen aurrean legezko defentsa-eskubidea erabili beharrean gertatzen direnak. Premia hori, azken batean, segurtasun juridikoa lortu beharra da, gai honi buruzko araudiak nahiko sakabanatuta baitaude eta, are eta nabarmenagoa dena, egon ere, halako araudi gutxiegi baitago.

Legearen zati substantiboari dagokionez, inspirazio-iturri nagusia gaiaren inguruan Konstituzio Auzitegiak sortutako doktrina, jurisprudentzia eta izandako pronuntziamenduak izan dira. Oinarrizko printzipioak, zigortzearen arloan komuna dena, Zigor Kodeak duen zigor-arloko zuzenbidearen atal orokorreko arauetan eta Zigor Kodean daude.

Arau penal horiek, batzuetan, oinarrizko printzipio komun horietako bat jaso besterik ez dute egiten, eta halakoetan, beraz, ez da inolako ñabardura-beharrik administrazio-arloko araudira eramateko. Ñabardurarik egon badaiteke, halako kasuetan, zehatzeko ahala erabiltzen daukagun esperientzian ibili gara haren bila, hor dago-eta benetan jurisdikzio-ahal penaletik bereizten duena.

Legearen prozedura-atalari dagokionez, epaiketa justurako eta defentsarako eskubideen muina errespetatzea da kontua. Eta hori ia guztiz lortua izango dugu, hasiera-hasieratik, baldin eta indarrean dugun administrazio-zuzenbidearen printzipioen arabera interpretatzen badugu, eta, zehatz-mehatz, prozedurari dagokion zatiaren arabera bai orokorra eta bai zehapenei buruzkoa. Ez dugu, beraz, zuzenbide prozesal penalaren barruko printzipio eta arauetara jotzeko behar handirik. Lege honetarako iturriak, horrenbestez, administrazio-prozedurako zuzenbidean aurkitu ditugu, eta, zati substantiboa idazteko kontuan izan dugun modu berean, kontuan hartu ditugu Konstituzio Auzitegiak gai honen inguruan emanak dituen jurisprudentzia, doktrina eta pronuntziamenduak.

Eskumen-oinarriari dagokionez, bada lege honetarako nahikoa oinarri.

Zehapen-araubidea eta administrazio-prozedura baliabideak dira, gai jakin bat lege aldetik eratzeko balio dutenak; beraz, baliabide horien gaineko aginpideak kasuan kasuko gaiaren gainean ditugun aginpideen araberakoak izango dira, mugak muga: administrazio publikoen araubide juridikoaren oinarriak eta administrazio-prozedura erkidea direla-eta Estatuari dagozkion eskumenak.

Muga horiek lehen aipatutako legeetan zehaztu dira. Eta, oinarrizkoa zer den kontzeptu materiala eta dinamikoa bada ere, arau horietatik abiatu behar dugu, eta arau horien barruan ere badu tokirik lege honetan egindako araugintza-lanak, horretarako nahiko tarte zabala uzten baitute.

Zehapen-araubidearen eta prozeduraren inguruko eskumenak eta atzetik dituzten gai jakinen inguruko eskumenak lotuta daudenez, lege hau bete beharko da bakar-bakarrik zehatzeko ahala Autonomia Erkidegoaren barruan erabiltzen bada, eta Erkidegoko erakunde komunek dena delako gaiari buruzko araugintza-aginpideak beren eskuetan badituzte, aginpideak osoak izan nahiz arauak garatzeko besterik ez izan. Gai-mugaketa material hori Estatuarekiko eta lurralde historiko eta toki-erakundeekiko ere bete beharko da.

Azpimarratzekoa da toki-erakundeen zehatzeko ahala, bai araudi sektorial espezifikoan emandako zehatzeko ahala gauzatzeko, baita dagozkion ordenantzetan ezarritako betebehar, debeku zein murrizpenak ez betetzeagatik zehapenak ezartzeko ere. Hori kontuan izanik, toki-erakundeen zehatzeko ahal hori arautzeko ordenantza propioak onartzeko aukera irekitzen da, eta, hala, gainerako instituzioekin parekatuta geratzen dira.

Lege honek Estatuko arauetako prezeptu batzuetako testuak hartu ditu behin baino gehiagotan, baina horrek ez du esan nahi formaren aldetik Konstituzioa urratu denik, aginpide autonomikoak erabilita edo legea ondo osatu eta zehatz egin beharrak bultzatuta egin dugu eta, hau da, azken batean, segurtasun juridikoak eskatuta egin da eta.

Helburu horiek nola lortu arautzeko baliabiderik egokiena legea da. Konstituzioaren 25.1 artikuluan zehaztutako lege-erreserban arau-hauste eta zehapenak besterik ez dago jasota berariaz, baina arrazoizkoa da esatea edozein zehapen-araubidetako alderdirik garrantzitsuenak ere, zati substantiboaren ingurukoak izan edo prozeduraren ingurukoak izan, erreserba horren barruan daudela; esate baterako, erantzukizuna zehaztearen inguruko guztia: justifikatzeko arrazoiak, errurik gabe uzteko arrazoiak, partaidetza, preskribatzea eta defentsa-eskubidea.

Beste alde batetik, ikuspuntu praktiko batetik begiratuta, arloz arlo indarrean dauden legezko araudiak ordenamendutik kanpora utzi nahi baldin baditugu lege honetan araututakoaren kontra dauden kasuetan, hori seguru lortzeko bide bakarra lege bat egitea da. Halakoetan, gainera, nahitaez utzi beharko ditugu kanpoan, bateratzea erdietsi eta, ondorioz, segurtasun juridikoa bermatzea lortu nahi baldin badugu.

Legeak hiru kapitulu ditu: lehenengo kapituluan, legea zer eremutan ezarri behar den zehaztu da, betiere oinarri-oinarrian azaldu dugun aginpide-banaketa errespetatuta. Bigarren eta hirugarrenean, berriz, lege honen helburuak lortzeko ahaleginaren emaitza jaso dugu.

Bigarren kapituluan, zehapen-ekintza guztien norabidea zuzendu behar duten arau substantiboak jaso ditugu, hau da, alde batetik, jokaera jakin bat zehatzeko modukoa den edo ez jakiteko balio dutenak, alegia, jokaera hori tipikoa, zuzenbidearen aurkakoa eta erruduna den, eta zehatzea segurtasun juridikoaren kontrakoa ez den ala baden preskripzioa esango digutenak; eta, beste alde batetik, zehapen-lanerako oinarrizko printzipio hau lortzeko bidea ematen dutenak: zehapena beti nori berea ezarri behar zaio, kontuan hartuta errua zenbaterainokoa den (erantzukizuna aldatzen duten inguruabarren arabera erabaki behar da nolako pena ezarri) eta zehapenak nolako ondorioak ekarriko dizkion. Bigarren kapituluan, laburtu beharrez, Zigor Kodeko zati orokorreko arauak jaso ditugu, baina beharrezkoak iruditu zaizkigun ñabardurak eginda eta zatiak kenduta (ñabardurak egitea baita azken hori ere).

Proportzionaltasun-printzipioari zabaltasuna ematen zaio, ziurtatzeko tipifikatutako arau-hausteak egitea ez dadila izan dagokien zigorra betetzea baino onuragarriagoa. Horretarako, urraketaren onura behar den moduan neurtzeko eta kuantifikatzeko betebeharra ezartzen da, zeina bateragarria baita isunarekin eta efektuak konfiskatzearekin.

Beste eredu zehatzaile bat egituratzeko norabidea urratuz, isunak nahitaezkoak direla legez ezarrita ez dagoen kasuetan, isunen ordez tokiko komunitatearen aldeko lan baliokideak ezartzeko aukerak irekitzen dira lege honetan, baita prestakuntza-saioetara joateko edo gizarte-jardueretan parte hartzeko aukerak ere. Egindako arau-haustea eta proportzionaltasun-printzipioa uztartuko dira irizpide hau aplikatzerakoan, eta horretarako bidea irekitzen du lege honek.

Era berean, arau-hauslearen egoera eta inguruabarrak kontuan hartzea funtsezkoa da zehapena aplikatzeko garaian. Enplegu-eskatzaileen, oinarrizko errentaren jasotzaileen, bazterkeria sozialaren arriskuan daudenen edo kolektibo zaurgarri bateko kide direnen kasuan, aurreikusitako isun-tarteari dagokion gutxieneko kopurua ezartzeko aukera irekitzen da.

Errebokatzearen figura zehazten da lege honetan. Jaurlaritzak eta lurralde bakoitzeko aldundiek ez ezik, udalbatzek ere izango dute norberaren eskumenekoak diren eremuetan ezarritako zehapenak errebokatzeko aukera. Errebokatzea egoki erabiltzeko neurriak hartuko dira, erabakiak modu arrazoituan eta justifikatuan eman daitezen, eta, kasu horietan ere, arau-hauslearen inguruabarrak eta egoera ekonomiko zein soziala kontuan hartzeko aukerak emango dira.

Hirugarren kapitulua prozedurari buruzkoa da, eta bi ataletan dago banatuta; bata xedapen orokorrei buruzkoa, eta bestea prozedura bera zehazten duena.

Ius puniendi-a gauzatzeko behar diren prozedura-bermeak interesdunen eskubideak behar bezala zaintzea dela eta prozedurari buruzko administrazio-zuzenbidean jasota daude dagoeneko: bai lege-testuetan eta bai lege horiek Konstituzioarekin bat datozen jakiteko normaltasunez egiten ari diren interpretazioetan. Dagoeneko indarrean dagoen horretatik abiatuta eta hori oinarri hartuta, zehaztasuna lortu eta osatzen saiatzea da lege honen asmoa, betiere orekaren bila: batetik, zehatzeko ahalak eraginkorra izan behar du, hau da, defendatzen dituen eskubide eta balioak garrantzitsuak dira eta eraginkortasunez babestu behar dira, baina, bestetik, prozedurak eragiten dion herritarraren eskubideen funtsa ere errespetatu behar du.

Halakorik balego, biktimaren figura ezartzen da, kaltetutako pertsona den aldetik, prozesuan edozein motatako interes indibidual edo kolektibo izan dezakeen subjektu gisa. Horrela, biktimak identifikatzeko betebehar zehatzak jartzen zaizkio zehapen-izapidearen instruktoreari, eta neurri eta egintza zehatzak arautuko dira biktimak prozesuan zehar bere interesak defendatzeko duen eskubidea egikaritu dezan.

Prozeduraren iter delakoaren barruan, nabarmenena da hasiera emateko egintza bat finkatu dela. Egintza horrek, bere edukiaren eta aurkeztu behar diren agirien bidez, aukera ematen dio inputatuari defentsa-eskubidea aurrera eramateko, prozedura hasten den unetik bertatik; hori horrela egitea printzipio akusatorioak berak eskatzen du, eta prozesu penalaren instrukzio-fasean ere ageri da printzipio hori. Dena den, horren premia handiagoa ikusten da administrazio-prozedura zehatzailean, hor ez baitago alderdi guztiak elkartzen diren une edo faserik. Modu berezian azpimarratzen da ebazpen-proposamenak eta behin betiko ebazpenak arrazoitua izan behar duela, eta garbi uzten da praktikatutako frogen balorazioa jaso behar dela ebazpen horretan; hau da, hiru gauza jaso behar dira: arau-haustea gertatu dela, egilea zein izan den, eta zehapen zehatza nahiz arau-haustearen beste ondorio batzuk zehazteko aukera eman duen frogen balorazioa. Instrukzio-egileak frogaldia eta alegazioen epeak laburtu edo luzatzeko aukera izango du, tramiteren bat kentzeko aukera eman ordez. Izan ere, interesdunen defentsa behar bezala egiteko eta prozeduraren helburua lortzeko, uste da beharrezkoak direla tramite horiek guztiak. Bukatzeko, gogora ekarri behar da organo zehatzaileak auzipetzeko duen ahalaren eta akusazio-printzipio eta defentsa-eskubidearen arteko beharrezko orekaren bila jardutea izan dela inspirazio-iturria.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoan zehatzeko ahala duten Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publiko eta horien mende dauden entitate eta organismo publiko guztiek aplikatu beharko dute lege hau, erkidegoko erakunde komunek araugintzako eskumena duten arloetan, eskumen hori erabatekoa izan edo Estatuarekin edo lurralde historikoetako organoekin partekatua izan.

  2. Lege hau toki-erakundeek aplikatuko dute araudi sektorial espezifikoan emandako zehatzeko ahala gauzatzean, bai eta, toki-araubidearen legedian ezarritako irizpideei jarraikiz eta araudi sektorial espezifikorik ezean, arau-hausteak tipifikatzen dituztenean eta dagozkion ordenantzetan ezarritako eginbeharrak, debekuak zein murrizpenak ez betetzeagatik zehapenak ezartzen dituztenean ere, egoki antolatu ahal izateko toki-intereseko elkarbizitza-harremanak, bai eta haien zerbitzuen, ekipamenduen, azpiegituren, instalazioen eta espazio publikoen erabilera ere. Era berean, toki-erakundeek zehatzeko ahala gauzatzeko ordenantza propioak onartu ahalko dituzte.

  3. Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuan eta lege hori garatzeko emango diren funtzio eta enplegu publikoari buruzko legeetan aurreikusi gabekoei dagokienez, lege honetan jasotako xedapenak erabili ahal izango dituzte, ordezko zuzenbide gisa, administrazio publikoek beren diziplina-ahala beren zerbitzura diharduten langileekin ezartzeko orduan, dena delakoa izanik ere lan-harremanaren izaera juridikoa.

  4. Lege honetako xedapenak ez dira aplikatuko administrazio publikoek zehatzeko ahala hauekin baliatzen dutenean: administrazioekiko lotura sektore publikoko kontratuen legediak araututako harremanen bidezkoa dutenekin edo administrazio publikoen ondare-legediak araututako harremanen bidezkoa dutenekin. Era berean, ez dira aplikatuko zerga-arloko zehatzeko ahala baliatzen denean.

  5. Lege- edo erregelamendu-mailako xedapen baten bidez zehatzeko ahala espresuki esleitua duten administrazio-organoei dagokie ahal horretaz baliatzea.

  6. Aurreko apartatuan xedatutakoa hala izanik ere, arauren batek eskumen hori eskuordetzeaz ezer balio, hori bete beharko litzateke.

  1. Estatuko oinarrizko legedi aplikagarrian, lege honetan, lege hau garatzeko garapen-arauetan eta zehapen-araubideetan zehazten diren arau sektorialetan ezarritako printzipioen arabera baliatuko da zehatzeko ahala.

  2. Ezartzekoa den Estatuko oinarrizko legedian, lege honetan, lege hau garatuko duten arauetan edo zehapen-araubideek ezarriko dituzten arau sektorialetan esandakoari jarraituz ezin baldin bada sortutako arazoren bat konpondu zehatzeko ahalaz baliatuta, orduan Zigor Kodeko kasuan kasuko arauak ezarriko dira, betiere arau-haustearen ezaugarriekin eta dena delako alorreko araudi sektorialaren helburuarekin bateragarriak baldin badira.

Ez dago zehapenik dolo edo errurik gabe.

  1. Zehapen-araubideak eratuko dituzten lege, foru-arau eta ordenantza sektorialek ahalik eta zehatzen tipifikatuko dituzte arau-hausteak, eta honela sailkatuko dituzte, babestekoak diren ondasun juridikoen garrantzia eta jasotako jokabideen ondoriozko lesioa edo lesio-arriskua kontuan hartuta: oso astunak, astunak eta arinak.

  2. Arau-hausteak eta zehapenak definitzen dituzten arauak ezin dira analogiaz aplikatu.

  3. Garapeneko erregelamendu-xedapenek zehaztapenak edo graduazioak sar ditzakete legez ezarritako arau-hauste edo zehapenen multzoan, baldin eta, arau-hauste edo zehapen berririk eratu gabe eta legeetan ezarritakoei izaera edo mugak aldatu gabe, jokabideak zuzenago identifikatzen eta dagozkien zehapenak zehatzago finkatzen laguntzen badute.

  4. Ezartzekoa den legedi sektorialean, edo Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legean, edo Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen XI. tituluan, edo hura ordezkatzen duen Estatuko legedian eta toki-araubideko gainerako araudian ezarritakoari jarraikiz arau-hauste motak ezartzen dituzten eta zehapenak jartzen dituzten toki-ordenantzek arau-hausteak sailkatu behar dituzte araudi horretan ezarritako kategorien arabera, eta zehapenak mugatu behar dituzte araudian baimentzen diren gehienekoetara, baina, horretaz gain, ahalik eta zehaztasunik handienarekin tipifikatu behar dituzte beti arau-hausteak, aurreko apartatuetan ezarritakoari jarraikiz.

  5. Zehapen-araubideak eratzeko orduan, ez da tipifikatu behar lege penaletan lehendik tipifikatutako delituen edo beste zehapen-arau administratibo batzuetan tipifikatutako arau-hausteen egitatezko kasu eta oinarri berak dituen arau-hausterik.

  6. Funtsa bera dela joko da arau-hauste administratiboa tipifikatzean babesten den ondasun juridikoa eta babes horrekin zaindu nahi den arriskua aurreko tipo penal edo administratiboan aurreikusitako berberak baldin badira.

  7. Xedapen zehatzaile hauek aplikatuko dira: arau-hauste administratibo diren egitateak gertatu diren unean indarrean daudenak. Xedapen zehatzaileek atzeraeragina izango dute soilik arau-hauslearen edo ustezko arau-hauslearen mesederako diren neurrian, hala arau-haustearen tipifikazioari nola zehapenari eta preskripzio-epeei dagokienez, eta are xedapen berria indarrean jartzean bete gabe dauden zehapenei dagokienez ere.

  1. Burututako arau-hausteak baino ez dira izango zehatzeko modukoak.

  2. Arauak hausteko konspirazioa, proposamena eta probokazioa ez dira zehatuko. Era berean, arauak hausteko apologia egitea ere ez da zehatuko.

  1. Erantzukizunetik salbuestea dela eta, zehatzeko arauetan salbuesteko ezarriko diren arrazoi zehatzak kontuan izanda ere, Zigor Kodean erantzukizunetik salbuesteko jasota dauden arrazoiak aplikatuko dira, baldin eta egindako arau-haustearen ezaugarriekin eta kasuan kasuko araudi material sektorialarekin bateragarriak badira.

  2. Tipoko elementu batean edo arau-haustea izan den egintzaren ez-zilegitasunean izandako akatsak ez du erantzukizunetik salbuetsiko, saihetsezina izan den kasuan izan ezik. Oker gaindigarria aringarria izango bada, jokabidearen zuhurtziagabekeria-maila jaistea ekarri behar du. Doloa aplikatutako hauste-tipoaren barruko elementua bada, oker gaindigarriak ere salbuetsiko du erantzukizunetik. Inguruabar astungarriren batean akatsa egon bada, ez da kontuan hartuko, saihetsezina baldin bada. Saihesteko modukoa baldin bada akatsa, ondorio aringarria eduki ahal izango du, inguruabar astungarria kontuan izatearekin lotura duen zehapen-tramoan.

  3. Zehatzeko arau sektorialek, kasuan kasuko araudi sektorialaren ezaugarriak eta helburu zehatza kontuan izanda, eta adingabeei araudi horretan onartzen zaien jarduteko gaitasuna kontuan izanda, arau-hauste baten erantzule izateko gutxieneko adina zein den zehaztuko dute. Gaiaren inguruan ezer ere erabakitzen ez den artean, hamalau urtez beherakoak ez dira erantzule izango.

  1. Zehatzeko arau sektorialetan ezarritako inguruabarrak hartuko dira kontuan. Dena den, Zigor Kodean jasota dauden inguruabar aringarriak ere kontuan izango dira, 6. artikuluan aipatzen diren baldintzak beteta.

  2. Hori horrela izanik ere, aringarri moduan kontuan eduki beharko da arau-hauslearen erantzukizuna txikiagoa izatea eragingo duen edozein inguruabar, Zigor Kodean edo ezartzekoa den zehapen-araubidea eratzen duten administrazio-arauetan berariaz jasota daudenekin analogia izan edo izan ez arren dena delako inguruabarrak. Hala ere, ondorio aringarririk dagoen edo ez jakin eta arintze hori zenbaterainokoa den ikusteko, arau-hauste zehatza nolakoa den edo zer helburu zuen jakin beharko da, bai eta zer arlotako zehapen-araubidea dagokion ere.

  3. Ezin izango da astungarri moduan kontuan hartu lege honetan edo ezartzekoa den zehapen-arauan berariaz jaso ez den inguruabarrik.

  4. Arau-hausteak doloz egitea astungarria izango da dagokion zehapen-lege sektorialak horrela adierazten duenean. Doloa inoiz ez da astungarri izango, inplizituki edo esplizituki, arau-hauste tipoaren osagaia bada.

  5. Izandako zuhurtziagabekeria zenbatekoa den kontuan edukiko da, erantzukizuna arintzeko edo astuntzeko.

  6. Beti ondorio aringarria izango du errugabetzeko arrazoiren bat egoteak, arauak errugabe uzteko eskatzen duen baldintzetakoren bat betetzen ez bada.

  7. Era berean, inputatuak gertakariak argitzen laguntzen baldin badu, hori ere inguruabar aringarritzat hartuko da.

  8. Arau-hauste tipoan ageri diren ekintzak edo ez-egiteak denboran zehar mantentzeko modukoak baldin badira edo hainbat pertsonari eragiteko modukoak baldin badira, eta denbora hori benetan igarotzeak edo hainbat pertsonari benetan eragin izanak ez badakar tipoaren aplikazio anizkuna, inguruabar horiek eragin astungarria izango dute.

Arau-hausteen erantzule arau-haustea burutu duten pertsonak baino ez dira izango.

  1. Tipifikatutako gertakaria beren kasa, beste norbaitekin batera edo beste norbaitez baliatuz egiten duten pertsona fisikoak edo juridikoak dira egile.

  2. Pertsona hauek joko dira egiletzat:

    1. Arau-haustea burutzeko ezinbestekoa den laguntza eman duten pertsonak.

    2. Beste norbaitek araua hausteari aurrea hartu ez dioten pertsonak, legearen mailako arau batek aurrea hartzeko aginduta ere.

      Pertsona horiek ez dira erantzule izango ez badago zehaztuta, edozein arrazoi dela eta, zein den aurrea hartu beharko lioketen arau-haustea, edo ez bada frogatu beren ardurapeko pertsonak berak hautsi duela araua. Arau-haustea egin bada eta egilea ardurapeko pertsona izan bada, ardura zuten pertsonak erantzule izango dira, nahiz eta egile materiala errudun jo ez pertsona hori inputabilitatetik edo erruduntasunetik salbuesteko arrazoiren bat dela eta.

  3. Lege-mailako arau batean ezarritako betebeharrak pertsona batek baino gehiagok bete behar badituzte elkarrekin, modu solidarioan erantzungo diete, halakorik bada, arau-hausteei eta ezarritako zehapenei. Hala ere, zehapena diruzkoa bada, ebazpenean indibidualizatu egingo da, posible denean, erantzule bakoitzak izan duen parte-hartzearen graduaren arabera.

  4. Lege batek jarduteko gaitasuna aitortzen badie, arau-hauste administratibo diren egitateengatik zehatu ahal izango dira, baita ere, honako hauek: ukituen taldeak, nortasun juridikorik gabeko batasun eta entitateak eta ondare independente edo autonomoak, baldin eta egitate horien erantzule badira doloarengatik edo erruarengatik.

  5. Ustezko erantzulea pertsona juridikoa baldin bada, zehatu nahi den jarduera konkretua egiteko edo ez egiteko pertsona juridiko hark izan duen borondatean eragina izandako pertsona fisikoaren edo pertsona fisikoen aurka egingo da erruduntasun-judizioa. Horrelakoetan, ezingo dira zehatu pertsona fisiko horiek arau-hauste beragatik.

  6. Burututako egitateen erantzulea hemezortzi urtetik beherakoa bada, harekin batera erantzukizun solidarioa izango dute, eragindako kalte eta galeren gainean, haren guraso, tutore, harreragile eta legezko nahiz egitezko zaintzaileek, hurrenkera horretan. Haiek ez badute adingabearen jokabidea erraztu dolo edo zabarkeria larriaren bidez, gutxitu daiteke haien erantzukizuna, 7. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

  7. Balizko adingabe arau-hausleek, lege honetan erregulatzen den zehapen-prozedurari dagokionez, Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko eta Babesteko otsailaren 18ko 3/2005 Legean edo haren ordezko legeetan aitortzen zaizkien eskubide guztiak izango dituzte, bai eta Adingabeen babes juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoan, Haurren Eskubideei buruzko 1989ko azaroaren 20ko Konbentzioan eta adingabeen babesari buruzko gainerako arau aplikagarrietan aurreikusitakoak ere.

  8. Zehazki, prozedura horretan kontuan hartuko da adingabeek eskubidea izango dutela beraiei dagozkien ekintza eta erabaki guztietan beren interes gorena baloratua izan dadin eta funtsezkotzat har dadin, egon daitezkeen bestelako interes legitimoen gainetik, eta kontuan hartuko da, halaber, hartzen diren neurri guztien hezkuntza-izaera. Zehapen-araubideek ahalbidetu behar dute adingabeei ezartzen zaizkien zehapenetan eginkizun prebentiboa, hezteko eginkizuna eta jarrerak zuzentzekoa bateratzea.

  9. Kasu horietarako, erregelamendu bidez garatuko da zehapen-espedienteari amaiera emateko aukera, adingabearen eta biktimaren edo Administrazioaren arteko adiskidetzearen ondorioz edota kaltea erreparatzearen ondorioz, betiere artikulu honetan aurreikusitako arauekin bat etorriz.

  10. Artikulu honetan aurreikusitako kasuetan, eta legearekin bat etorriz, Fiskaltzak prozeduran jardun ahal izango du adingabeen eta ezgaien eskubideen defentsan, eta haien interesaren alde egin beharreko jarduketak zaintzea eta beharrezkoak diren prozedurazko bermeak betetzea sustatuko du.

  11. Desgaitasuna duten pertsonen eskubideak bermatzeko beharrezkoa den heinean 2006ko abenduaren 13ko Konbentzioan eta haren Protokolo Fakultatiboan daude jasota eskubide horiek, erregelamendu bidez sartu ahal izango dira, halaber, lege honetan aurreikusitako prozeduraren beste modulazio batzuk.

Aurreko bi artikuluetan ezarritakoa errespetatuta, zehatzeko arau sektorialek erantzuleak zein diren zehaztu ahal izango dute, kasuan kasuko zehapen-araubide sektorialaren ezaugarriak eta helburuak zein diren kontuan izanda.

  1. Zehapena da pertsona bati administrazioko arau-hauste bat egiteagatik legez ezarritako ondorio juridikoa, zigorraren barruan direla heziketako neurri guztiak edo justizia errestauratiboaren eremutik datozen antzeko neurri guztiak, bai eta zehapen nagusiaren osagarri jarritako gainerako neurri zehatzaile guztiak ere.

  2. Ez dira zehapentzat hartuko legezkotasuna berrezartzearen eta urratutako araua zuzen betearaztearen ondorio soil diren gainerako ondorioak, eta hori guztia baita arau-hausteak eraldatutako egoera berriz lehengora bihurtzeko betebeharra jartzen denean edo administratuak baldintzatutako nahiz behar ez bezala lortutako eskubideak galtzea dakarrenean ere.

  3. Era berean, ez dira zehapentzat hartuko lege honetan xedatutakoaz bat hartutako kautelazko neurriak. Dena den, zehatzekoak ez diren ondorioen barruan biltzerik ez diren kautelazko neurriak betetzea, alegia, aurreko apartatuan aipatzen direnak betetzea, kontuan hartuko da azkenean jarriko den zehapena konpentsatzeko, hala badagokio.

  4. Zehapen-araubideak eratuko dituzten arauek finkatuko dituzte arau-hauste bakoitzari edo arau-hausteen kategoria bakoitzari dagozkion zehapenak, proportzionaltasunaren printzipioari jarraikiz. Hau da, kontuan izango dira bai arau-hausteen astuntasuna eta ezaugarriak, bai dagokion erregulazio material sektorialaren ezaugarriak eta xedea, eta ziurtatuko da tipifikatutako arau-hausteak egitea ez dadin izan hautsitako arauak betetzea baino onuragarriagoa arau-hauslearentzat.

  5. Zehapen-izapidean, arau-haustearen ondorioen kalkulu ekonomiko ahalik eta zehatzena eta erantzulearen ahalmen ekonomikoen azterketa egingo dira, berau esanguratsua den kasuetan.

  6. Zehapen-araubidea arau bidez zehazterakoan eta administrazio publikoek zehapenak jartzerakoan, begiratu egin beharko da ezarri beharreko zehapenaren doitasuna eta premia, bai eta arau-haustetzat jotako egitatearen astuntasunarekiko egokitasuna ere. Zehapenaren graduaziorako, 7. artikuluan aurreikusitakoaz gain, irizpide hauek hartuko dira kontuan, bereziki:

    1. Erruduntasun-maila edo intentzionalitatea.

    2. Jokaera arau-hauslearen jarraitutasuna edo iraunkortasuna.

    3. Zer-nolako kalteak eragin diren.

    4. Berrerortzea, urte berean izaera bereko arau-hauste bat baino gehiago egin izanagatik, hala deklaratu denean administrazio-bidean irmoa den ebazpenez.

  7. Aplikatzekoa den zehapen-araubidea eratzen duen legeak espresuki ezartzen badu, zehapenak berarekin batera beste ondorio gehigarri bat ere izango du, hau da, arau-haustetik etorritako gauzak, araua hausteko erabilitako tresnak, horretarako euskarri material izan diren gauzak eta lortutako irabaziak konfiskatzea, edozein izanik ere gauza horiek izandako aldaketak, salbu eta haiek edo azken horiek arau-haustearekin zerikusirik ez duen fede oneko hirugarren pertsona batenak badira eta legez eskuratu baditu, gainera.

  8. Aplikatzekoa den zehatzeko arau sektorialean ez baldin bada arau-haustearen ondorioz lortutako gauzak eta irabaziak konfiskatzeko agintzen, edo hori exekutatzea ezinezkoa bada, arau-hausleak lortutako onura zein izan den kontuan hartuko da isuna zenbatekoa den jakiteko, baldin eta isuna diruzkoa bada.

  9. Administrazio-zehapenek, diruzkoak izan ala ez, ez dute inola ere ekarriko, zuzenean edo subsidiarioki, askatasun-gabetzea.

  10. Zehapen-arauek aukera emango dute adingabeei ezartzen zaizkien zehapenek prebentzio-funtzioa eta hezkuntza- eta erreforma-funtzioa uztartzeko.

  1. Zehapen-prozeduraren ondoriozko administrazio-erantzukizunak bateragarriak izango dira erantzuleei arau-haustearen ondorioz aldaturiko egoera lehengoratzea exijitzearekin, bai eta arau-haustearen ondorioz sortutako kalte eta galeren ordaina pagatzearekin ere; zehatzeko ahala baliatzea dagokion organoak zehaztu eta ordainaraziko du kalte-ordain hori.

  2. Lehengoratzea egin ezean edo kalte-ordaina pagatu ezean horretarako ezartzen den epean, premiamendu-prozedura erregulatzen duten arauetan aurreikusitako prozedurari jarraituko zaio.

Kasu bakoitzean arau-haustea zein izan den zehazteko, arau-hausteen tipoaren deskripzioan jasotako elementuak baino ez dira hartuko kontuan.

  1. Legean jasota dauden zehapenak bakarrik jarri ahal izango dira.

  2. Arau-hauste jakin baterako edo arau-haustearen maila baterako legean zehapen-mota bat baino gehiago baldin badago jasota, legeak berak berariaz kontrakoa baimentzen ez duen artean, arau-hauste bererako aurreikusita dagoen zehapenetakoren bat bakarrik jarri ahal izango da.

  3. Kasu zehatz bakoitzean zehapena zein izango den edo zenbatekoa izango den zehazteko, betiere ezartzekoak diren zehapen-arauetan arau-hausterako edo arau-haustearen mailarako ezarritakoaren arabera, kontuan izango dira inguruabar astungarriak eta aringarriak.

  4. Hainbat inguruabar aringarri baldin badaude, edo bakarra baina garrantzi handikoa, eta kasu batean zein bestean erruduntasuna asko murrizten bada, egin den arau-hausteari edo arau-hausteen mailari dagokion mailakoa baino zehapen txikiagoa ezarriko du zehapen-organoak.

  5. Ezin izango da inoiz ere, dauden inguruabar astungarriak kontuan izanda, larritasun handiagoko arau-hausteetan edo arau-hausteen mailetan ezartzeko pentsatutako zehapenik jarri.

  6. Inguruabar astungarri edo aringarriak ezin izango dira ezarri, inguruabar horiek edo oso antzeko errealitateari erreferentzia egiten diotenak nahiz ondasun juridiko berari edo antzekoari edo erruduntasunaren antzeko arloari edo arlo berari erreferentzia egiten dioten inguruabarrak ezarriko den arau-hauste tipoaren deskripzioan ageri baldin badira. Era berean, ezin izango dira ezarri arau-hausteari erabat lotutakoak badira astungarri edo aringarriak, hau da, bestela arau-haustea burutuezina bihurtzeko besteko lotura dutenak.

  7. Kasuan kasuko inguruabar aringarri edo astungarriak zenbatekoak diren ezartzeko, inguruabar horiek guztiak ponderatu egingo dira, arau-haustearen eta zehatzeko araubide sektorialaren ezaugarriak eta helburua zein diren kontuan izanda, eta egilearen erruduntasunaren graduaren eta zehapenaren artean proportzionaltasuna gordetzen saiatu beharko da.

  8. Arau-hauste edo arau-hausteen maila baterako aurreikusita dagoen zehapenik larriena ezarri ahal izateko, artikulu honetako hirugarren eta zazpigarren zenbakietan aipatzen den ponderazioaren emaitza nabarmen eta biziki astungarria izan beharko da.

    Aurreko paragrafoa aplikatzean, ezartzekoa den zehapen-araubidean arau zehatzik ez baldin badago jasota, zehapenik larrientzat hartuko dira inputatuaren ondare juridikoan eragin kaltegarriena dutenak.

  9. Erruztatuak arau-haustearekin lortutako onura kontuan hartu beharko da isunaren zehapena edo funtsean berdinak diren beste ondorio batzuk zehazteko, eta bateragarria izango da zehapen-arau sektorialek arau-haustearen ondoriozko efektuak eta irabaziak konfiskatzearekin.

  10. Kasuan kasuko sektore-legeak, zehapen-prozedura arautzerakoan, ordenantzak ere arau-hauste eta zehapenak tipifikatzen laguntzea aurreikusten badu, aukera egongo da legeak isunak nahitaezkoak direla ezarri ezean, isunen ordez, tokiko komunitatearen aldeko lan baliokideak eta arau-haustearen larritasunarekiko proportzionalak izango direnak ezartzeko hala nola prestakuntza saioetara joatea edo gizarte-jardueretan parte hartzea, legearen helburuetara egokituz, eta betiere organo zehatzaileak hala erabakitzen badu.

  11. Zehapenaren ezarpenean bertan zehaztutako zigorren mailaketa arinak, astunak eta oso astunak gutxieneko eta gehieneko tartetan adieraziko da. Mailaketa horrek aintzat hartuko du arau-hauslearen gaitasun ekonomikoa, ikuspegi progresibo batetik. Arau-hausleak bere egoera eta inguruabarrak idatziz eta modu arrazoituan adierazi beharko ditu enplegu-eskatzailea izatea, oinarrizko errentaren jasotzailea izatea, bazterkeria sozialaren arriskuan egotea edo kolektibo zaurgarri bateko kide izatea zehapenaren instruktorearen aurrean, aurreikusitako isun-tarteari dagokion gutxieneko kopurua ezar dakion eskatzeko.

  1. Zehapena zehaztutakoan, baldin eta aurreko erregelak bakarrik ezarriz ondorioztatzen den zehapena isuna bada, kontuan hartuko da zein den erantzulearen egoera ekonomikoa, bai eta emakumeen eta gizonen arteko egiturazko desberdinkeria-egoera ere, eta kasu egingo zaie egoera horretan eragiten duten norberaren inguruabarrei, familiakoei eta gizartekoei.

  2. Baldin eta aurreko zenbakiak aipatu bezala egoera haztatu ondoren ikusten bada aurreko artikuluetan jasotako erregelak ezarriz ondorioztatzen den zehapenak ez duela proportziorik erantzulearen egoera ekonomikoarekin, orduan, ondorengo zenbakietan zehaztutako eran jardungo da.

  3. Isunaren zenbatekoaren ordainketa zatitu egingo da bidezkotzat jotzen den eran, eta ezingo da gainditu ezarritako zehapenaren edo zehapenen preskripziorako aurreikusitako zatikapenaren guztizko epea, zehatutako pertsonaren ahalmen ekonomikoaren arabera.

  4. Aurreko zenbakian finkatutako zatiketa ez bada nahikoa zehapena erantzulearen egoera ekonomikora egokitzeko, eten egingo da zehapen-ebazpenaren betearazpena, bidezkotzat jotzen den eperako. Epe horrek ezin izango du gainditu ezarritako zehapenaren edo zehapenen preskripziorako aurreikusitako epea.

    Erantzulearen egoera ekonomikoa etena egiteko arrazoirik ez izateko beste hobetzen bada, kendu egingo da zehapenaren eten hori. Halaber, administrazio-bideko ebazpen irmo batek berriro zehatzen badu erantzulea arau-hauste oso astun batengatik, zehapenaren etena kendu egingo da, baldin eta etendako zehapena edo zehapenak ezarri zizkion zehapen-araubide sektorial bera ezartzen bada. Sortzen den zehapen berria ezin izango da eten.

    Zehapenaren betearazpena eteten bada, zehapenaren preskripzio-epea ere gelditu egingo da, eta epe berria hasiko da zenbatzen, honako epe-hasierak dituela: etete-aldia amaitzen denetik, edo zehapenaren etena kentzen denetik, edo isuna murriztu nahiz ordezten duen behin betiko ebazpen osagarria ematen denetik, baina betiere ondoko zenbakietan jasotako kasu eta moduetan.

  5. Ordainketaren zatiketak edo betearazpenaren eteteak eten egiten dute preskripzio-epea hura adostu den epean zehar.

  6. Ordainketa zatitzea edo zehapenaren betearazpena etetea ezinezkoa bada edo nahikoa ez bada zehapen-erantzuna erantzulearen egoera ekonomikora egokitzeko, edo eten-epea igarota etenaren arrazoiak bere hartan jarraitzen badu, murriztu egingo da isunaren zenbatekoa, edo beste zehapen batekin ordeztuko, baina betiere kasuan kasuko arau-hausterako edo arau-hauste mailarako aurreikusitako eremuaren barruan.

  7. Zehapen-ebazpenak berak zehaztuko du nolako aukerak dauden zenbatekoa zatitu, eten, murriztu edo ordezteko; aukerok arrazoitu egin beharko dira, eta ebazpenetik bereizita agerrarazi, alegia, aurreko artikuluetako erregelen arabera finkatutako zehapenetik bereizita. Neurri horiek hartzeko arrazoiak zehapen-ebazpena eman ondoren aztertu edo agertzen badira, eta, hartara, ebazpen horretan hori jasotzea ezinezkoa izan baldin bada, ebazpen osagarri bat emango da, eta bertan era arrazoituan ezarriko dira neurri horiek; edo, bestela, administrazio-errekurtsoan azalduko dira, halakorik egonez gero.

    Ebazpen osagarri hori eman ahal izango da zehapena irmoa izan arren.

  8. Eremu bakoitzean arautuko da zer inguruabar izan behar diren organo zehatzaileek, isunen ordez, arau-haustearen larritasunarekiko proportzionalak izango diren tokiko komunitatearen aldeko lan baliokideak edo prestakuntza-saioetara joateko edo gizarte-jardueretan parte hartzeko aukera aplikatzeko.

  9. Zehapen-ebazpenaren aurka jar daitezkeen errekurtso berak jarri ahal izango dira ebazpen osagarriaren aurka. Zehapen-ebazpenaren aurka administrazio-errekurtsoa jarri ahal bada, eta ebazpen osagarria zehapen-ebazpenaren aurkako administrazio-errekurtsoa aurkezteko epea baino lehen ematen bada, ebazpen osagarriaren aurkako errekurtsoan aurkaratu ahal izango da zehapen-ebazpena. Aitzitik, zehapen-ebazpena irmoa izan ondoren ematen bada ebazpen osagarria, ebazpen osagarriaren aurkako errekurtsoan ezin izango da zehapen-ebazpena aurkaratu.

  10. Aplikatzekoak diren arau sektorialek honelakorik aurreikusi ez badute ere, arau-haustearen izaerak aukera ematen badu, eta erantzulearen inguruabarrek egoki egiten badute, diruzko zehapenak ordeztu ahal izango dira heziketako beste zehapen batzuekin, edo justizia errestauratiboaren eremutik datozen antzeko zehapenekin, bitartekaritza-prozesu bati ekinez.

  1. Zehapen-arau sektorial bereko edo ezberdinetako bi prezeptu edo gehiagoren arabera arau-haustetzat jo daitezkeen gertakariak honako erregela hauek kontuan hartuz zehatuko dira:

    1. Prezeptu bereziak lehentasuna izango du orokorrarekiko.

    2. Prezeptu subsidiarioa ezarriko da bakar-bakarrik prezeptu nagusirik ez denean, eta hori, subsidiarietatea berariaz adierazita edo esan gabe ondorioztatuta.

    3. Prezepturik zabalenak edo konplexuenak zehatuko ditu haren esparruan egindako arau-hausteak.

    4. Aurreko irizpiderik ez bada, zehapenik handienarekin zehatutako arau-haustea jasotzen duen prezeptuak salbuetsi egingo ditu zehapenik txikienarekin zehatutako arau-hausteak jasotzen dituztenak.

  2. Aurreko zenbakia aplikatu ahal izateko, ezinbestekoa da aipatutako prezeptu horietako bakar bat nahikoa izatea gertakariaren esanahi antijuridiko osoa besarkatzeko. Bi arrazoi izan daitezke irizpide hori ezartzeko: batetik, prezeptu horiek guztiek ondasun juridiko bera babesten dutelako arrisku beraren aurrean, eta, bestetik, horri dagokionez ezberdintasunak egonda ere, jotzen delako ez dagoela nahikoa oinarririk zenbait arau-hauste daudela ondorioztatzeko; horretarako, ezinbestekoa da ezberdintasunak garrantzitsuak ez izatea eta gertakariaren egozgarritasuna txikia izatea. Horrela ez bada, ondoko artikuluak dioenari jarraituko zaio.

  1. Bi arau-hauste edo gehiago egiten dituenari arau-hauste horiei guztiei dagozkien zehapenak ezarriko zaizkio.

  2. Arau-hausteen aniztasuna egitate bakarretik edo aldez aurretik pentsatutako plan bat betez edo aukera bera baliatuz egindako hainbat egitatetatik badator, edo arau-hausteetako bat beste bat egin ahal izateko beharrezko baliabidea bada, aurreko zenbakian ezarritako erregela aplikatzeko, arau-hauste bakoitzerako ezarritako zehapenetatik astuntasun txikiena dutenak ezarriko dira, baina azken zehapenak ezin izango du gainditu egindako arau-hausterik astunenarentzat ezarritakoa.

  3. Artikulu honen lehenengo zenbakia aplikatzearen ondorioz sortzen diren zehapenen kopurua edo nolakotasuna ez da arrazoia izango zehapenean jaitsieraren bat egiteko, nahiz eta lege honen 15. artikuluan ezarritakoa bete beharko den.

  1. Zigorra edo administrazio-zehapena jaso duten egitateei ezin zaie beste zehapenik jarri subjektua, gertakaria eta funtsa zigortu edo zehatutako berberak direla ikusten bada.

  2. Kasu hauetan, zuzenbide-oinarri bera dagoela joko da:

    1. Aurreko zigor edo zehapenaren bidez zigortzen den zigor- edo administrazio-arloko arau-hausteak eta aztertzen ari den arau-hausteak ondasun juridiko bera arrisku beretik babesten badute.

    2. Baldin eta, babestutako ondasun juridikoen artean edo aurreikusitako arriskuen artean zenbait desberdintasun egonda ere, horiek ez badira behar bezain handiak zigortze bikoitza justifikatzeko, desberdintasun horien babesak ez baitu beste zehapenik behar.

  3. Nahiz eta zuzenbide-oinarri bera ez izan, puntu komunak badira babestutako ondasun juridikoen artean edo kontuan hartutako arriskuen artean, eta baldin eta aurretik ezarritako zehapen edo penak zehatuko den arau-haustearekiko babes-helburua, zati batez bada ere, betetzeko balio badu, aurretiazko zehapena edo zigorra aintzat hartuko da ondorengo zehapenaren aringarri modura. Proportzionaltasun-printzipioak hala eskatzen badu, larritasun txikiagoko arau-hausteei edo arau-hauste kategoriei dagozkien zehapenak ezarriko dira; salbuespenez, aurretik ezarritako zehapena edo zigorra bereziki larria izan den kasuetan, konpentsatu ahal izango da ondorengo zehapena, baina, hala ere, arau-haustea egin dela aldarrikatu beharko da.

  1. Honako kasu hauetan amaitzen da erantzukizuna:

    1. Zehatutako pertsona fisikoa hiltzen bada.

    2. Ezarritako zehapena guztiz konplitzen bada.

    3. Errebokazioa jasotzen bada.

    4. Arau-hausteak preskribatu egiten badu.

    5. Zehapenak preskribatu egiten badu.

  2. Zehatutako pertsona juridikoa desegin egiten bada, zehapena edo zehapenak betearazteko, administrazio-arau sektorialek edo zuzenbide pribatuan ezartzekoak diren araudiek diotenari jarraituko zaio.

  1. Errebokazioa kasuotan eman ahal izango da: kasu jakinaren inguruabar guztiak aintzat hartu ondoren, ikusten bada ezarritako zehapena ez dela ekitateak kasu horretarako eskatzen duen bezain egokia, eta hori, nahiz eta zehapenak bat egin indarrean dagoen legediarekin. Nolanahi ere, errebokazioa eman ahal izateko, ezinbestekoa da zuzenbideak bestelako biderik ez eskaintzea errebokazioak lortu nahiko lukeen justizia-helburu bera lortzeko.

  2. Halaber, hori egitea ebidentziaz eskatzen duen interes orokor zehatza badago, onartu ahal izango da.

  3. Erabakitako zehapenaren ordez larritasun txikiagoko arau-hausteei edo arau-hauste kategoriei dagokien zehapen bat ezartzen denean ere erabili ahal izango da aurreko bi zenbakietan aurreikusitakoa.

  1. Eusko Legebiltzarrak emandako legeen ondorioz ezarritako zehapenak badira, Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseilua izango da zehapena errebokatzeko organo eskuduna.

    Zehapenak foru-arauak aplikatuz jartzen badira, errebokazioa dagokion foru-organoak emango du, artikulu honetan eta aurrekoan ezarritako printzipioei eta prozedurari jarraikiz.

    Zehapenak udal-ordenantzak aplikatuz jartzen badira Toki Erakundeen Legearen baitan, kasuan kasuko udalerriko udalbatzak erabakiko du zehapena errebokatzea, artikulu honetan eta aurrekoan ezarritako printzipioei eta prozedurari jarraikiz, eta, betiere, modu arrazoituan eta justifikatuan, idatziz aurkeztutako txosten baten bidez.

    Arau-hausleari zehapena errebokatu ahal izango zaio bazterketa sozialagatik, ezintasun ekonomikoa izateagatik edo kolektibo zaurgarri bateko kide izateagatik.

    Arau-hausleak bere egoera eta inguruabarrak idatziz eta modu arrazoituan adierazi beharko ditu enplegu-eskatzailea izatea, oinarrizko errentaren/DSBEaren jasotzailea izatea, bazterkeria sozialaren arriskuan egotea edo kolektibo zaurgarri bateko kide izatea zehapenaren instruktorearen aurrean, zehapena errebokatzeko eskaera eginaz.

    Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak, dagozkion foru-organoek eta udalbatzek zehapena errebokatzeko inguruabarrak, baldintzak, prozedura, epeak eta aurkeztu beharreko dokumentazioa arautuko dituen dekretua onartuko du Jaurlaritzak, lege hau onartu eta sei hilabeteko epean.

  2. Prozedura hasteko hiru bide daude, alegia, alderdi interesdunak eskatuta; Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak, dagokion foru-organoak edo udalak ofizioz hasita; edo zehapena ezarri zuen organoak nahiz administrazio-errekurtsoa ebatzi zuen organoak proposatuta. Prozedurak honako tramite hauek izango ditu:

    1. Zehapena ezarri zuen organoaren txostena.

    2. Zehapen-ebazpenaren aurka jarritako administrazio-errekurtsoa ebatzi zuen organoaren txostena.

      Organo horrek zehapena errebokatzea proposatu duenean baino ez da egingo txosten hori.

    3. Zehatutako pertsonaren alegazioak.

    4. Kasuan kasuko zehapen-prozedurako alderdien alegazioak.

  3. Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak, dagokion foru-organoak edo udalak, kasu bakoitzerako, epe komun bat finkatuko du aurreko zenbakiak aipatzen dituen tramiteak betetzeko, betiere kasuan biltzen diren inguruabarrak kontuan hartuta.

  4. Arau-haustea errepikatzeak eta hartan berrerortzeak zehapena errebokatzea eskatzeko aukera baliogabetuko du. Era berean, urtebeteko epean arau-haustea errepikatzeak edo hartan berrerortzeak isunaren ordezkatzaileak izango diren neurriak aplikatzeko aukera ezeztatuko du.

  5. Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak, dagokion foru-organoak edo udalak zehapena errebokatzeko egingo duen dekretuak, kasu bakoitza indibidualizatzen duten inguruabarretan oinarrituta, justifikatu behar du errebokazioaren erabakiak ez diola eragingo berdintasun-printzipioari, interes publikoari edo ordenamendu juridikoari. Dekretu hori zehatuari jakinarazi behar zaio, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

  6. Ezarritako zehapen guztiei, batzuei edo haien ondorio gehigarriei egokitu ahal izango zaie errebokazioa, baina bakar-bakarrik bete gabe geratzen diren zatiei. Nolanahi ere, horrek guztiak ez du Administrazioa behartzen ordaindutakoa itzultzera, ez eta zehapen betearaziak zehatuari sortuko bide zizkion kalteen ordaina ematera ere.

  7. Errebokazioak ez die inola ere eragingo jokabide arau-hausleek ekar ditzaketen erantzukizun zibilei, ez eta lege honen 12. artikuluak aipatzen dituen berrezartze eta kalte-ordainen betebeharrei ere.

  8. Zehapena errebokatzeko prozedura abiarazteak ez du zehapena betearaztea etengo; bai, ordea, zehapenaren preskripzio-epea.

  1. Arau-hausteak eta zehapenak ezartzen dituzten arauek zehaztuko dituzte preskribatzeko epeak. Arauok ez badituzte preskribatzeko epeak finkatzen, arau-hauste oso astunek hiru urtera preskribatuko dute; astunek, bi urtera; eta arinek, sei hilabetera. Bestalde, arau-hauste oso astunak direla-eta ezarritako zehapenek hiru urtera preskribatuko dute; arau-hauste astunengatikoek, bi urtera; eta arau-hauste arinengatikoek, urtebetera.

  2. Arau-haustea egin zen egunaren biharamunetik hasita zenbatuko da arau-hausteen preskripzio-epea. Jarraian egin diren arau-hausteen kasuetan, arau-haustetzat jotako azken egitatea burutu den egunetik aurrera zenbatuko da epea, edo legez kanpoko egoera amaitu denetik aurrera. Arau-hauste etengabeen kasuan, jokaera arau-hauslea amaitu zen unetik hasiko da epea aurrera egiten.

  3. Zehapen-izaerako administrazio-prozedura ustezko erantzulea jakinaren gainean dela hasten bada, eten egingo da arau-haustearen preskripzioa. Ustezko erantzuleari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik geldiarazi bada prozedura, handik hilabete eta egun batera abiatuko da berriro preskripzioa epe osorako, edo, bestela, prozedura erantzukizun-adierazpenik gabe amaitu eta hurrengo egunean. Prozeduraren helburua lortzera bideratzen den eta helburu horren neurrikoa den edozein jarduketa egiteak galarazi egingo du prozedura gelditutzat jotzea, nahiz eta jarduketa hori ez egon espresuki jasota prozeduraren arauan, betiere jarduketa organo eskudunak erabaki badu eta behar bezala dokumentaturik badago.

  4. Zehapena ezartzen duen ebazpena administrazio-bidean irmo bihurtzen den egunaren biharamunean bertan hasiko da zenbatzen zehapenen preskripzio-epea. Zehapena ezartzeko ebazpenaren aurka aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoa presuntzioz ezetsiz gero, zehapenaren preskripzio-epearen zenbaketa hasiko da errekurtso hori ebazteko legez aurreikusitako epea amaitu eta biharamunetik aurrera.

  5. Zehapenaren preskripzioa eten egingo da betearazteko prozedura hasten bada zehatua jakinaren gainean dela. Zehatuari egotzi ezin zaion arrazoi batengatik prozedura geldituz gero, hilabete bete eta hurrengo egunean hasiko da berriz preskripzioa epe osorako.

    Betearazteko prozeduraren helburua lortzera bideratutako edozein jarduera egiteak, helburu horren neurrikoa bada, galarazi egingo du prozedura gelditutzat jotzea, nahiz eta jarduera hori ez egon berariaz jasota prozedura-arauan, betiere organo eskudunak erabaki badu eta behar bezala dokumentatuta badago.

    Halaber, betearazpena epaileen erabakiz eteten bada, zehapenaren preskripzioa ere eten egingo da, eta dagokion epea oso-osorik kontatzen hasiko da berriro epaileen etena bete eta hurrengo egunetik aurrera.

  1. Kapitulu honen arauak ezarriko zaizkie erakundeek zehatzeko ahala baliatzeko egiten diren prozedura guztiei, betiere 1. artikuluan jasotako esparruaren barruan.

  2. Administrazio-prozedura zehatzailean, arlo honetako Estatuko oinarrizko legerian ezarritako printzipio eta arauei, lege honi eta lege hau garatzeko emango diren erregelamenduzko arauei jarraituko zaie. Horiek ezean, administrazio-prozedura erkidearen arauak ezarriko dira.

  1. Prozedurak noiznahi sartzeko printzipioa hartuko du aintzat. Horretarako, interesdunek, prozeduraren edozein unetan, eskubidea dute tramitazioa zertan den jakiteko eta bertan biltzen diren dokumentuetara iritsi eta kopiak eskuratzeko.

  2. Amaituta dauden zehapen-espedienteetara iristeko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 13.d artikuluan xedatutakoa bete beharko da, edo etorkizunean lege hori ordeztuko duen arauan xedatutakoa, hain zuzen ere legediak gardentasunaren, informaziora iristearen eta gobernu onaren inguruan egiten dituen aurreikuspenez ari garela, eta, kasuan-kasuan, zehatzeko ahala gauzatzen ari den Administrazioak aplikatu beharrekoak direnean aurreikuspenok.

  3. Prozeduran sor daitezkeen gorabeherek ez dute prozedura etetea ekarriko, ezta jardunaren deuseztasunaren ingurukoak izanda ere. Errefusatzeak, ordea, etendura ekarriko dio prozedurari.

  1. Instrukzio-egileak, prozedurako edozein unetan, uste badu instrukziopean dauden gertakariek legez kontrako izaera penala izan dezaketela, ebazpen-organo eskudunari emango dio horren berri. Organoak bidezkotzat jotzen badu instrukzio-egilearen ustea, Fiskaltzari jakinaraziko dizkio gertakari horiek, eta instrukzio-egileari eskatuko dizkio egindako jarduketei buruzko argibideak.

    Halaber, administrazio-prozedurak biltzen dituen gertakarien gainean prozesu penala egiten ari dela jakiten bada, egindako jarduketei buruzko jakinarazpena eskatuko zaio Fiskaltzari. Bestalde, administrazio-prozedurak biltzen dituen gertakarien ondoriozko gertakarien gainean ere prozesu penala badago irekita, horrelako beste jakinarazpen bat eskatuko zaio Fiskaltzari.

  2. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuetan, prozeduraz ebazteko ezinbestekoa bada organo jurisdikzional penalak aldez aurretik erabakia hartzea, prozeduraz ebazteko eta ebazpena jakinarazteko legezko gehieneko epeak aurrera egitea eten egin ahal izango da, hain zuzen ere Fiskaltzari egindako jarduketen berri eskatzen zaion unetik, eta hori hala dela jakinarazi beharko zaie interesdunei, eta etenda egongo da epea, Administrazioak jakin arte Fiskaltzak artxibatu egin duela kasua, edo eskumena duen jurisdikzio-organoak dagokion erabakia hartu duela jakin arte. Egoera horien berri ere jakinarazi beharko zaie interesdunei. Beti, Fiskaltzaren jakinarazpena jasotakoan, jakinarazpenak berresten badu jurisdikzio penalean jarduketak egiten ari direla, zehapen-prozedura ebazteko organo eskudunak prozedura etetea erabakiko du, harik eta epaileek behin betiko ebazpena eman arte.

  3. Administrazio-prozedura zehatzailea eten arren, kautelazko neurriek bere hartan jarraitu ahal izango dute, betiere bateragarriak badira prozesu penalean hartutako neurriekin. Hala ere, neurri horiek ez dira bateragarritzat joko baldin eta kautelazko neurri penalak nahikoa badira administrazio-prozedura zehatzailean aintzat hartutako kautelaren helburuak lortzeko.

    Fiskaltzari jakinarazi beharko zaio kautelazko neurriak hartzeko edo bere hartan jarraitzeko egintza.

  4. Ebazpen judizial irmo bidez frogatutzat hartutako egintzak lotesleak izango dira beti administrazio-organoentzat, bultzatzen dituzten zehapen-prozedurei dagokienez.

    Administrazioak ofizioz berraztertuko ditu ebazpen penalean frogatutzat jotako gertakariekin bat ez datozen administrazio-ebazpenak, ofizioz berraztertzeko prozeduraren arauek diotena beteta.

  1. Egiaztatzen bada zehapen-prozeduraren bat egiten ari dela Europar Batasuneko organoetan egitate berberak direla eta, administrazio-prozedura ebazteko organo eskudunak ebazpena gerora dezake, harik eta Europakoak ebazpen irmoa izan arte.

  2. Europar Batasuneko organoek zehapena jarriz gero, betiere subjektua eta funtsa berberak ez badira, barruko zehapen-prozedura ebazteko eskumena duen organoak zehapen hori kontuan hartu beharko du berak jarri beharreko zehapena graduatzeko, halakorik jarri behar badu; konpentsatu edo gutxitu ere egin dezake, hargatik eragotzi gabe arau-haustea egin dela adieraztea.

Instrukzio-egileak jakin badu beste zehapen-prozedura bat egiten ari dela gertakari berberak direla eta, horren berri emango dio zehapen-organoari. Organo hori, prozedura gelditu gabe, harremanetan jarriko da prozedura ebazteko organo eskudunarekin, eta, horrela, beren artean koordinatu ahal izango dira lege honen 16., 17. eta 18. artikuluek ezarritakoa eraginkortasunez aplikatzeko.

Espedientea ebazteko eginkizuna esleituta daukan organo administratiboak, zehapen-prozeduraren edozein alditan, datu adierazgarrien bidez uste badu bere eskumenekoa ez den gertakari bati dagokion arau-haustea duela esku artean, eta, hortaz, zehapena ezartzea ez dagokiola berari, gai horren arduraz abstenitzeko erabakia hartuko du formalki, eta eskumen hori daukan organoari jakinaraziko dio, eta erabakia hartu arte egindako guztia helaraziko.

1. 1. artikuluan ezarritakoarekin bat zehatzeko ahala berariaz eman zaien organoek, ahal hori baliatzean, prozedura ebazteko ahalmena eta prozedurari hasiera emateko agintzeko ahalmena izango dute.

  1. Hori hala izanik ere, bereizi egin behar dira instrukzio-fasea eta ebazpen-fasea, eta horietako bakoitza administrazio-organo edo -unitate ezberdinen eskuetan geratuko da.

  2. Baldin eta zehapen-prozeduren instrukzioa egiteko administrazio-unitate jakin bat badago, orokorra nahiz sektoriala, instrukzio-egilea unitate horretako funtzionario bat izan beharko da. Horrelako unitaterik ez badago, instrukzio-egilea ustezko arau-haustearen gaian eskumena duen sail edo erakundeko lege-aholkularitzako funtzionario bat izango da.

  3. Funtzionario instrukzio-egileak, tramiteak dirauen artean, ez du inolako menpekotasun funtzionalik izango instrukzio-lana betetzeari dagokionez.

  4. Zehapen-arauek edo antolaketa-arau sektorialek sistema objektiboa ezarriko dute kasu bakoitzean jardungo duen instrukzio-egilea zehazteko. Ebazpen-organo eskudunak ezin izango du instrukzio-egilea hautatu.

  1. Prozedurako interesdun izango dira, arduradun izan litezkeenez gain, prozedura hori sustatzen dutenak, norbanakoek edo kolektiboek dituzten eskubide edo interes legitimoen titular gisa.

  2. Era berean, zehapen-prozeduran interesdun izango dira, prozeduraren hasieran parte hartu ez arren, hartuko den erabakiak eragin diezaiekeen eskubideak dituztela alegatzen dutenak, edo ebazpenak haien interes legitimo indibidual edo kolektiboei eragin diezaiekeela erakusten dutenak, betiere prozeduran agertzen badira ebazpen irmoa eman aurretik. Azken hauek interesa adierazi eta gehienez ere bi eguneko epean, zehapena izapidetzea dagokion organoak prozeduraren egoeraren berri emango die.

  3. Ekonomiaren eta gizartearen interesen ordezkari diren elkarte eta antolakundeak bidezko talde-interesen titularrak izango dira, legeak aitortutako moduan.

  4. Interesdun izatea harreman juridiko eskualdagarriren baten ondorioz sortzen bada, eskubidedunak eskuratuko du kondizio hori, prozedura dagoen egoeran dagoela ere.

  1. Halakorik balego, arau-haustearen biktimaren figura ezartzen da. Instrukzio-egileak prozesuan edozein motatako interes indibidual edo kolektibo izan dezakeen pertsona oro identifikatu beharko du, kaltetutako pertsona den aldetik. Pertsona horri prozeduraren inguruko informazio guztia helaraziko zaio, pertsonatu ahal izateko eta egokitzat jotzen dituen interesak alegatu ahal izateko.

  2. Instrukzio-egileak arau-haustearen biktimen identifikazioa egingo du martxan dagoen jurisdikzio-jardueran arau-haustearen biktima pertsonatua edo identifikatua egonik.

    Irabazi-asmorik gabeko elkarteen erregistro bat egingo da, sorrerako helburuekin bat datozen zehapen-prozeduren tipologian oinarrituta, aukera izan dezaten martxan dagoen zehapen-prozeduran pertsonatzeko.

    Instrukzio-egileak ofiziokoak dituen bestelako bideak erabiliko ditu identifikazioa egiteko.

  3. Arau-haustearen biktima identifikatu ondoren, espedientea helaraziko zaio, 48 orduko epean, eta bere esku dituen egintzak eta eskubideak jakinaraziko zaizkio.

  4. Espedientea ezingo da itxi biktima identifikatu eta hari bere esku dituen egintza eta eskubideen berri eman gabe. Identifikazioa ezinezkoa suertatuko balitz, arrazoiak txosten batean jaso eta justifikatuko dira, eta berau espedienteari atxikiko zaio.

  1. Nahikoa irizpen-elementu egonez gero, zehatzeko ahala duen organoak beharrezkoak iruditzen zaizkion behin-behineko nahiz kautelazko neurriak hartu ahal izango ditu prozeduraren edozein unetan, helburu hauetakoren bat betetzeko: eman daitekeen ebazpenaren eraginkortasuna bermatzea, prozedura oztopatzen ez uztea, auzipetutako egitateen edo antzekoen jarraipena edo errepikapena galaraztea, eragindako kalteen jarraipena eragoztea, edo kalteak arintzea.

    Behin-behineko nahiz kautelazko neurriak hartzea erabaki aurretik, entzunaldia eskainiko zaie interesdunei bost eguneko epe komunean. Arrazoitu egin beharko da erabakia, egitateak eta zuzenbideko oinarriak labur adieraziz.

  2. Aurreko zenbakian adierazitako aurretiko entzunaldia ordezka daiteke, epe berean egindako ondorengo alegazioen bidez, ikusten bada behin-behineko neurriek, aurretiko entzunaldiaren izapidea egin arte atzeratuz gero, eraginkortasuna galduko dutela. Presa geroraezineko kasu horietan eta ukitutako interesak behin-behinekoz babesteko, prozedura hasteko edo instruitzeko eskumena duen organoak, administrazio-prozedura hasi aurretik, beharrezko eta proportziozko gertatzen diren neurriak hartu ahal izango ditu modu arrazoituan. Kasu horietan, interesdunek orobat eskatu ahal izango diote prozedura hasteko edo instruitzeko eskumena duen organoari har ditzala behin-behineko neurri horiek, baita administrazio-prozedura hasi aurretik ere. Modu horretan hartutako behin-behineko neurri horiek berretsi, aldatu edo kendu egin beharko dira prozedura hasteko erabakian. Erabaki hori hamabost egunen barruan hartu beharko da, behin-behineko neurriak hartzen direnetik aurrera, eta dagokion errekurtsoa jarri ahal izango da haren kontra.

  3. Ezin da behin-behineko neurririk hartu, kalte erreparagaitza edo erreparaezina dakarrenik edo legeek babestutako eskubideak urratzen dituenik.

  4. Kautelazko neurriak hartzean, proportzionaltasun-irizpidea hartuko da aintzat, kontuan izanik neurri horiek erruztatuari sorraraziko dizkioten kalteen eta kasu bakoitzean neurriok ezartzeko aintzat hartu beharreko arrazoien arteko oreka. Eta aukeratu behar da helburuak zentzuz lortzeko neurri bat edo neurri-multzo bat, erruztatuari ahalik eta kalterik txikiena eragingo diona eta indarraldia amaitu ostean errazen erreparatuko diren ondorioak eragingo dituena.

  5. Kautelazko neurriak ezingo dira luzatu kasu zehatz bakoitzean kautelazko helburuak betetzeko behar-beharrezkoa den denbora baino gehiago.

  6. Kautelazko neurriak erabakitzen dituen organoak baliogabetu egin behar ditu neurri horiek, ofizioz edo alderdi batek eskaturik, egiaztatuz gero kasu zehatz horretan kautelazko helburuak betetzeko ez direla jada beharrezkoak.

  7. Organo horrek egiaztatzen badu, ofizioz edo alderdi batek eskatuta, kautelazko erabakia hartzean kontuan hartutako egoera aldatu egin dela, erabakia aldatuko du: erabakitako kautelazko neurriak aldatuko ditu, edo haien ordez beste neurri batzuk jarriko ditu, egoera berriaren eta aurreko 4. zenbakian xedatutako irizpideen arabera.

  8. Honako arrazoi hauengatik amaituko dira kautelazko neurriak:

    1. Ebazpen baten bidez amaitzea kautelazko neurriak hartzea eragin zuen prozedura.

      Dagokion administrazio-errekurtsoa ebazteko organo eskudunak euts diezaieke erabakitako neurriei, edo beste neurri batzuk har ditzake, arrazoiak adierazita, errekurtsoari buruzko ebazpena eman arte.

    2. Zehapen-prozedura iraungitzea.

  1. Ikuskaritza-lanak betetzen ari diren funtzionarioek ez-zilegiak izan daitezkeen gertakariak egiaztatzen badituzte, salbuespenez kautelazko neurriak erabaki ahal izango dituzte, interesdunei aurreko entzunaldirik egin gabe, beharrezkoak badira arau-hauste izan litezkeen egitateen edo antzekoen jarraipena edo errepikapena galarazteko, edo eragindako kalteen jarraipena eragozteko edo kalte horiek arintzeko.

  2. Funtzionario horiek 32. artikuluan ezarri diren irizpideak hartuko dituzte aintzat, eta hartu duten edo dituzten kautelazko neurriak azaldu, arrazoitu eta justifikatu egingo dituzte ikuskaritzaren ondorioz irekitako akta idatzian, baita kautelazko neurriaren edo neurrien arrazoi zehatza eta xede zehatza ere.

  3. Artikulu honek arautzen dituen kautelazko neurriak salbuespenez erabaki diren kasuetan, dagokion zehapen-prozedura irekiko da 48 orduko epean, eta zehatzeko eskumena duen organo titularrak irekitze-egintzan zehaztuko du, arrazoituta, hartutako neurriak amaitu, jarraitu edo aldatu egin behar diren. Horren ondoren, 32.2 artikuluan aurreikusten diren kautelazko neurrien ondorengo alegazioen tramiteari ekingo zaio.

  4. Artikulu honi jarraikiz salbuespenez hartutako kautelazko neurriak hartu zirenetik lau egun pasatu ondoren, neurrioi dagokien zehapen-prozedura irekitzen ez bada, kautelazko neurri horiek azkendu egingo dira.

Prozedura hasi eta gero egiaztatzen baldin bada erantzuleak izan daitezkeenak ez direla hasieran inputatutakoak, beste batzuk baizik, lehenengo inputatu horiek absolbitzen dituen ebazpena emango da, eta bigarren inputatuei buruzko prozedura hasiko da, baldin eta inputatu berrientzat arau-hausteak preskribatu ez baldin badu. Preskripzio-epea ez da etendakotzat joko lehenengo prozedura tramitatzen den bitartean, bertan egindako inputazio-akatsa bigarren prozedurako inputatuen erruz gertatu denean izan ezik, hau da, bigarren prozedurako inputatu horiek beren erantzukizuna saihesteko eragin garrantzitsua izan dutenean lehenengo prozedurako inputazio-akatsean.

II. ATALA

TRAMITAZIOA

  1. Lege hau aplikatuko den eremuan, ezin izango da zehapenik jarri dagokion prozedura izapidetu gabe.

  2. Zehapen-prozedurak ofizioz hasiko dira eskumena duen organoak hala erabakita, izan haren ekimenez edo izan goragoko agindu baten indarrez, interesdunen ekimenez edo beste organo batzuen eskaera arrazoituaren ondorioz edo salaketa baten ondorioz.

  3. Prozedura hasi aurretik, zehatzeko ahala duen organo eskudunak informazioa lortzeko edo aurretiazko eginbideetarako epe bat ireki ahal izango du, eta dena delako arloan ikerketak eta ikuskatze-lanak egiteko eskumena dutenei edo, halakorik ezean, lan horiek egiteko izendatuko den pertsonari edo administrazio-organoari eskatuko dio zehaztu dezala, ahalik eta zehaztasunik handienarekin, prozedura abiaraztea eragin dezaketen gertakariak zein diren; zein den edo diren, ustez, arduraduna edo arduradunak; eta gaiaren inguruan izandako inguruabar azpimarragarrienak; hain zuzen ere, kasu zehatzaren nondik norakoak ezagutu eta prozedura abiaraztea komeni den edo ez jakiteko.

  4. Norberaren ekimenez jardutea da zehatzeko ahala esleitua duen organoak jardutea, prozeduraren xede diren inguruabar, jokaera edo egitateen berri zuzenean edo zeharka izan ostean.

  5. Goragoko agindutzat hartzen da hierarkian zehatzeko ahala duen organoa baino gorago dagoen administrazio-organo batek emandakoa.

  6. Aginduak, ahal dela, honako hauek zehaztu behar ditu: erantzukizuna duten pertsona edo pertsonak; arau-hauste administratibo izan litezkeen jokabideak edo egintzak eta haien tipifikazioa; eta egintzak gertatutako tokia, data, datak edo aldi jarraitua.

  7. Interesdunen ekimen gisa hartzen da lege honen 30. artikuluan adierazitako pertsona edo kolektiboen ekimenez egiten dena.

  8. Eskaera arrazoitutzat jotzen da prozedura hasteko proposamen bat, zehatzeko ahala gauzatzerik ez duen edozein administrazio-organok egina, prozeduraren xede diren inguruabar, jokaera edo egitateen berri izan duelarik, bai halabeharrez, edo bai ikuskatze-, azterketa- edo ikerketa-eginkizunak esleituak dituelako.

  9. Beste organo batek eskaera arrazoitua egiten duenean, arau-hauste izan daitezkeen egitateen kontaketa egin beharko du, eta xehetasun hauek adierazi beharko ditu: tipifikazioa, noiz gertatu ziren data, datak edo denbora jarraitua, eta, ahal izanez gero, ustezko erantzuleen identifikazioa. Organo eskatzaileak eskaeraren xedeari buruz bere esku dauzkan dokumentuak eta frogak aurkeztu beharko ditu, eskaera arrazoituarekin batera.

  10. Eskaera arrazoitu bat egiteak ez du prozedura hastera behartzen zehatzeko ahala duen organoa, baina eskaera egin dion organoari komunikatu behar dio prozedura hastea erabaki duen ala ez; ez hastea erabakitzen badu, horren arrazoiak adierazi beharko dizkio.

  11. Salaketa da egintza bat, zeinaren bidez edozein pertsonak, legezko betebehar bategatik edo bestela, administrazio-organo bati jakinarazten baitio badela egitate bat administrazio-prozedura bat ofizioz hastea justifika lezakeena.

  12. Salaketan, adierazi behar da nor den edo diren hura aurkezten duten pertsonak, eta adierazi beharko da zer egitateren berri ematen zaion Administrazioari. Egitate horiek arau-hauste administratibo izan badaitezke, salaketan adierazi behar da noiz gertatu diren eta, ahal bada, ustezko egilea edo egileak nahiz erantzuleak nor diren, zer arautan dauden tipifikatuta egitateak, zer zehapen egokitzen den edo diren eta zer arautan dauden jasota zehapenok.

  13. Salatzaileak hala eskatzen badu, haren identitatea babesteko neurriak hartuko ditu Administrazioak.

  14. Salaketak administrazio publikoen ondarearen kalte bat argudiatzen badu, prozedura ez hastea arrazoitu egin beharko da, eta salatzaileei beti jakinarazi beharko zaie prozedura hasteko edo ez hasteko erabakia.

  15. Salatzaileak parte hartu badu halako arau-hauste batean eta beste arau-hausle batzuk baldin badira, prozedura ebazteko eskumena duen organoak salbuetsi egin beharko du salatzailea legokiokeen isuna ordaintzetik edo diruzkoa ez den beste zehapenen batetik, bera baldin bada prozedura hasteko edo arau-haustea egiaztatzeko froga-elementuak ekartzen dituen lehena, betiere elementu horien berri emateko unean ez bada daturik aski zehapen hori agintzeko, eta egindako kaltea erreparatzen bada. Halaber, ebazteko eskumena duen organoak gutxitu egin beharko du legokiokeen isunaren zenbatekoa edo, hala badagokio, diruzkoa ez den zehapena, baldin eta, aurreko baldintzetakoren bat betetzen ez delarik, salatzaileak froga-elementu batzuk aurkezten baditu lehendik daudenen aldean balio erantsi adierazgarria dutenak. Bi kasuetan, beharrezkoa da salatzaileak arau-haustean parte hartzeari utzi izana eta salaketaren xedearekin lotutako froga-elementurik ez desegin izana.

  16. Salaketa bat aurkezteak ez du inor, besterik gabe, interesdun bihurtzen prozeduran. Salatzailea ez bada interesduna lege honen 30. artikuluan xedatutakoaren arabera, ezin izango du prozeduran parte hartu, baina organo eskudunak prozedura hasi den ala ez jakinarazi behar dio, eta, hala badagokio, azken ebazpena ere bai, horretarako eskubidea du eta.

  17. Salaketa lege honen arabera interesdun den batek jartzen badu, artikulu honetan aurreikusitakoaz gain, hurrengo artikuluko arauak aplikatuko dira.

  1. Zehapen-prozedurak lege honen 30. artikuluaren arabera interesdun den alderdi batek eskatuta ere has daitezke, aurreko artikuluan ezarritakoari jarraikiz ezarritako salaketa baten bidez. Zehapen-prozedura bat hasteko eskaerak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1 artikuluan edo gerora hura ordeztuko duen arauan eskatutakoak bete behar ditu, eta, horretaz gain, arrazoitua izan behar du, eta aurreko artikuluko 2. apartatuan dagokion salaketa jartzeko eskatutako alderdiak jaso behar ditu, hargatik eragotzi gabe alderdi horiek aldatzeko aukera egotea alderdi interesdunak gerora prozeduran zehar egingo dituen alegazioetan. Alderdi eskatzaileak, eskaera horrekin batera, interesduna dela-eta zer lortu nahi duen justifikatzeko dokumentuak, tresnak eta frogak aurkeztu ahal izango ditu.

  2. Aurreko puntuan aipatutako eskaera eta eskaerarekin batera aurkeztutako gainerako guztia bertan ustezko erantzuletzat jotzen diren pertsonei igorriko zaie, egoki irizten diotena alegatu ahal izan dezaten hamar eguneko epe komunean. Salatzailearen identitatea babestu egingo da, hark hala eskatzen badu. Alegazio-epe berbera izango da prozedura irekitzeko eskaeran aldaketak sartzeko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan edo gerora hura ordeztuko duen arauan xedatzen den zuzentze-ahalmena baliatuz.

  3. Aurreko puntuan adierazten diren alegazioak jaso edo horretarako epea pasatu ondoren, ebazteko eskumena duen organoak prozedura hasteko eskaera onargarria den ala ez erabakiko du.

  4. Ez da eskaera onartuko kasu hauetan:

    1. Artikulu honetako 1. zenbakian eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66. artikuluan edo gerora hura ordeztuko duen arauan ezarritako xehetasunak behar bezain argi adierazi ez badira, eta aipatu legearen 68. artikuluan edo gerora hura ordeztuko duen arauan ezarritako epea akats hori zuzendu gabe pasatu bada.

    2. Argi eta garbi ikusten bada oinarririk gabekoa dela. Onarpenik eza arrazoi honetan oinarritzeko, kontuan hartuko da, bereziki, eskaeran egindako arrazoibidea eta eskaerarekin batera aurkeztutako frogen laguntza. Onarpenik eza arrazoi honetan oinarritzen denean, ezin izango da aurreko letran azaltzen den zuzenketa gauzatu.

    3. Interesdun ez den batek aurkezten badu. Ezingo dira zuzendu eskaeran alde horri buruzko arrazoibidean dauden akatsak eta gabeziak.

  5. Organo eskudunari prozedura hasteko eskaera onartezina iruditzen bazaio, hala adieraziko du ebazpen arrazoitu batean. Aitzitik, eskabidea onargarria dela iruditzen bazaio, prozedura hasteko erabakia emango du.

  6. Ezin da zehapen-prozedura berririk hasi arau-hausleak behin eta berriz egiten dituen eta arau-hauste gisa tipifikatuta dauden egitate eta jokaerengatik, artean ez bada eman lehenbiziko ebazpen zehatzaile bat, betearazpen-indarrekoa.

  1. Prozedura hasteko erabakiak honako eduki hau izango du gutxienez:

    1. Nor den edo diren ustezko egile eta gainerako erantzuleak.

    2. Nor den biktima, berau identifikatu eta haren egintzak edo eskubideak egikaritzeko azalpena emanaz.

    3. Zer egitatek eragin duten prozedura hastea, zer kalifikazio juridiko izan lezaketen eta zer zehapen legozkiekeen, hargatik eragotzi gabe instrukziotik ondorioztatzen dena.

    4. Nor den prozeduraren instrukzio-egilea, espresuki adierazirik haren errekusazio-araubidea.

    5. Zer organo den prozedura ebazteko eskudun, eta zer arauk esleitzen dion eskumen hori. Adierazi behar da ustezko erantzuleak baduela aukera borondatez bere erantzukizuna aitortzeko, lege honetan aurreikusitako ondorioekin. Orobat jasoko da, hala badagokio, zehapen-espedienteari amaiera emateko aukera, arau-haustearen egilearen eta biktimaren edo Administrazioaren arteko adiskidetzearen ondorioz edota kaltea erreparatzearen ondorioz, lege honetan ezarritakoaren arabera.

    6. Zehapen-prozedura hasteko eskumena duen organoak erabakitako behin-behineko neurriak, eta, halaber, zehapen-prozeduran zehar 32. artikuluari jarraikiz har daitezkeenak, baita 33. artikuluan ezarritakoari jarraikiz salbuespenez hartutako neurriak errebokatze, mantentze edo aldatzearen ingurukoak ere.

    7. Adieraziko da badela alegazioak egiteko eskubidea eta prozeduran entzuna izateko eskubidea, eta zer epe dauden haiek baliatzeko; orobat ohartaraziko da ezen, prozedura hasteko erabakiaren edukiaz aurreikusitako epean alegaziorik egin ezean, erabaki hori ebazpen-proposamentzat hartu ahal izango dela inputatutako erantzukizunari buruzko irizpen zehatz bat jasotzen badu.

  2. Prozedura hasteko erabakia kasuaren instrukzioa egin behar duenari jakinaraziko zaio, eta, era berean, adieraziko zaio zein den prozedura ebazteko eta amaiera emango dioten egintzak jakinarazteko gehieneko epea; hori guztia erruztatuari eta gainerako interesdunei ere jakinaraziko zaie, eta ohartaraziko zaie hamabost eguneko epea izango dutela egoki iritzitako alegazioak, dokumentuak edo informazioa aurkezteko nahiz frogaldia has dadila eskatzeko eta egoki iritzitako frogak aurkezteko. Hasteko erabakiarekin batera, prozedura irekitzeko eskaera, salaketa edo eskaera arrazoitua bidaliko dira, baita haiei erantsi zaizkien edo zehapen-eskumenaren organo titularrak prozedura irekitzeko kontuan hartu dituen dokumentuak eta frogak ere.

  3. Prozedura hasteko erabakiaren jakinarazpenak ez baditu artikulu honetan zehaztutako baldintzak betetzen edo ez baditu errespetatzen interesdunen hizkuntza-eskubideak, data honetatik aurrera izango ditu ondorioak ukitutako pertsonarengan: akatsa zuzentzen denetik edo interesdunak jakinarazpenaren xede den ebazpenaren edo egintzaren edukiaren berri baduela erakusten duten jarduerak egiten dituenetik, edo bidezkoa den errekurtsoren bat aurkezten denetik.

  4. Ebazpena eman beharra eragin duten egitateak zehazteko, ezagutzeko eta egiaztatzeko behar diren instrukzio-egintzak ofizioz eta bitarteko elektronikoz edo paperean egingo ditu prozedura izapidetzen ari den organoak. Interesdunek eskubidea dute, nolanahi ere, beren esku-hartzea eskatzen duten edo legez edo erregelamenduz ezarritako izapideak diren jarduketak proposatzeko.

  5. Prozeduren instrukzioa egiteko erabilitako aplikazioek eta informazio-sistemek bermatu behar dute denborak eta epeak kontrolatzea, erantzule diren organoak identifikatzea eta espedienteak modu ordenatuan izapidetzea, eta erraztasunak eman behar dituzte prozedurak sinplifikatzeko eta publiko egiteko.

  6. Interesdunek parte hartu behar duten instrukzio-egintzak haiei komenigarrien zaien moduan egin behar dira, eta haien lanarekin edo betebehar profesionalekin ahal den neurrian bateragarri izateko moduan.

  7. Betiere, instrukzio-organoak behar diren neurriak hartuko ditu prozeduran osotara errespeta daitezen prozedurako interesdunen kontraesan- eta berdintasun-printzipioak. Horretarako, agintaritzaren agenteen adierazpenek kontrako froga ahalbidetuko dute, eta horiek arrazoituak eta koherenteak izan beharko dute, hau da, logikoak, arrazoizkoak eta giza portaeraren esperientzia komunean oinarrituak.

  8. Interesdunek aukera izango dute prozeduraren edozein urratsetan, entzunaldiaren izapidea egin baino lehen, alegazioak egiteko eta dokumentuak edo bestelako irizpen-elementuak aurkezteko. Horiek guztiak kontuan hartuko ditu organo eskudunak ebazpen-proposamena idaztean.

  9. Interesdunek prozeduraren edozein urratsetan alega ditzakete izapidetze-akatsak, eta, bereziki, haien ondorioz prozedura gelditzea, nahitaezkotzat jarritako epeak ez betetzea edo gaiari buruzko behin betiko ebazpena eman aurretik konpon daitezkeen izapideak ez egitea dakartzatenak. Alegazio horiek diziplina-erantzukizuna galdatzea ekar dezakete, horretarako arrazoirik badago.

  1. Frogaldia honako kasu hauetan irekiko da:

    1. Aurreko artikuluan ezarritako alegazioen izapidean interesdunetako edozeinek eskatzen badu, horretarako frogabide zehatzak proposatuta, betiere frogabide horietakoren bat bidezko jotzen badu instrukzio-egileak. Instrukzio-egileak arrazoitu egingo ditu frogaldia irekitzeko eskaera ez onartzeko eta froga jakinak atzera botatzeko hartzen dituen erabakiak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 77 eta 53.2.b artikuluak edo gerora hura ordeztuko duen araua aplikatuz.

    2. Interesdunek eskaerarik egin ez arren, instrukzio-egileak ezinbestekotzat jotzen badu gertatutakoak argitzeko eta erantzuleak zehazteko. Zehazki, instrukzio-egileak frogaldi bat irekitzea erabakiko du, Administrazioak interesdunek alegatutako egitateak egiazkotzat jotzen ez baditu edo prozeduraren izaerak hala eskatzen badu. Kasu horretan, instrukzio-egileak bost eguneko epea emango die interesdunei bidezkotzat jotzen dituzten frogabideak proposa ditzaten.

  2. Frogaldiak hogeita hamar egun balioduneko iraupena izango du, baina instrukzio-egileak erabaki dezake, lege honen 41. artikuluaren arabera, epe hori luzatzea edo laburtzea.

  3. Frogen praktikarako, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 78. artikuluan edo gerora hura ordeztuko duen arauan ezarritakoa bete beharko da.

  4. Epaile eta auzitegiek zigor-arloko jurisdikzioan emandako ebazpen judizial irmoek frogatutzat jotzen dituzten egitateak lotesleak izango dira lege hau aplikagarri zaien administrazio publiko eta entitate guztientzat, haien aurrean bideratzen diren zehapen-prozedurei dagokienez.

  1. Probaldia amaitutakoan, halakorik egon bada, instrukzio-egileak proposamen bat egingo du, eta kontu hauek zehaztuko ditu, arau-haustea eta erantzukizuna izan direla uste badu:

    1. Frogatutzat jotzen dituen egitateak eta kontsiderazio horren oinarri den frogaren balorazioa.

    2. Erantzuletzat jotzen dituen pertsonak, eta kontsiderazio horren oinarri diren manuak eta frogaren balorazioa.

    3. Arau-hausteak tipifikatzeko zein manutan oinarritzen diren egitateak, eta horiek arau-haustetzat jotzeko arrazoiak.

    4. Egoki iritzi dien zehapenak eta ondorio gehigarriak, zein manutan oinarritzen diren, horretarako kontuan hartu dituen inguruabarrak, kontsiderazio horren oinarri diren manuak eta frogen balorazioa, eta, hala egokituz gero, baita zehapenaren betearazpena geldiarazteko, atalka betearazteko edo aldatzeko proposamena eta proposamen horren arrazoiak ere.

    5. Arau-hausteak lehen zegoen egoera zertan aldatu duen eta zer kalte-galera eragin dituen frogatutzat jotzen dituenak, kontsiderazio horietarako arrazoiak, proposatzen diren erreparazioak edo kalte-ordainak eta proposamen horien arrazoiak.

  2. Arau-hausterik eta erantzukizunik ez dagoela irizten badio, honako hauek jasoko dira beti:

    1. Batetik, deklarazio formal eta arrazoitu bat, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 89.1 artikuluan aurreikusten den ahalmena erabiltzeari uko egiten zaiola adierazteko lege hau aplikatuz eta 3. apartatuko egoerak ez diren heinean, eta, bestetik, izapideekin jarraitzeko premia, hurrengo artikuluan aipatzen den entzunaldiaren izapidea eginda edo egin gabe.

    2. Estimazio hori froga-balorazio baten edo apreziazio juridiko baten ondorio den, eta bata zein bestea oinarritzeko arrazoinamendua.

    3. Absoluzio-proposamena.

  3. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 89.1 artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz, instrukzio-egileak prozedurari amaiera emango dio ebazpen arrazoitu baten bidez eta jarduketak artxibatuko ditu, ebazpen-proposamena formulatu beharrik gabe, prozeduraren instrukzioan agerian jartzen bada honako inguruabar hauetakoren bat gertatzen dela:

    1. Arau-hauste izan litekeen egitaterik ez egotea edo egitateak egiaztatu gabe gelditzea.

    2. Frogatutako egitateak ez izatea, modu agerikoan, arau-hauste administratibo.

    3. Erantzulerik ez egotea edo ezin identifikatu izatea, edo erantzukizunik ez dutela agertzea.

    4. Arau-hausteak preskribatzea.

      Prozedura ebazteko eskumena duen organoari eta prozeduran esku hartzen duten aldeei jakinaraziko zaie prozedura amaitzeko eta jarduketak artxibatzeko ebazpena.

  1. Instrukzio-proposamena interesdunei jakinaraziko zaie, eta aditzera emango zaie hamabost eguneko epea dutela alegazioak egiteko eta egoki iritzitako dokumentuak eta justifikazioak aurkezteko. Jakinarazpen horretan, halaber, aditzera emango zaie interesdunei epe horretan espedientea agerian jarriko dela, beren kabuz edo ordezkarien bitartez kontsultatu eta bertako dokumentuen fotokopiak egin ahal izateko. Horretarako, kontuan izango dira gardentasunari eta informazio publikoa eskuratzeari buruzko legedi aplikagarrian egon daitezkeen mugak.

  2. Aholkularitza juridikorako eskumena duen organoari txostena eskatu baino lehen emango zaie entzunaldia interesdunei, edo Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren edo lurralde historikoetako organo aholku-emaile baliokidearen irizpena eskatu baino lehen, horietakoren batek prozeduran parte hartu behar duen kasuan.

  3. Epea igaro aurretik interesdunek adierazten badute ez dutela alegaziorik egingo ez beste dokumentu edo justifikaziorik aurkeztuko, izapidea egintzat joko da.

  4. Entzunaldiaren izapidea egin gabe utz daiteke prozeduran ez bada azaltzen eta ebazpenean ez bada kontuan hartu interesdunak azaldutako egitate, alegazio eta frogak besterik.

  5. Entzunaldiaren izapidea amaitzen denean, instrukzio-egileak bere proposamenean aldaketak egitea proposatzen ez badu, zirriborroa ebazpen-proposamen bihurtuko du, interesdunei jakinaraziko die, eta berehala bidaliko dio prozedura ebazteko eskumena duen organoari, espedienteko dokumentu, alegazio eta informazioekin batera.

  6. Kontrako kasuan, hau da, ebazpen-proposamenak aldaketak baditu instrukzio-proposamenean zehazki jasotakoarekin alderatuta, interesdunei hamar eguneko beste epe bat emango zaie alegazioak egin eta egoki iritzitako dokumentu eta informazioak aurkezteko, prozedura ebazteko organo eskudunaren aurrean, zuzenean.

  1. Instrukzio-egileak, arrazoiak emanez, eta alderdien kontrako jarrerarik egon ezean, murriztu ahal izango du frogaldiaren iraupena, egin beharreko frogen kopuruaren eta izaeraren arabera, baina epe hori, gutxienez, hamar egunekoa izango da. Halaber, arrazoituz gero, murritz ditzake lege honetan alegazio-izapideak egiteko ezarritako epeak, kasu honetan ere, gutxienez, hamar egunera, alderdi hauek kontuan hartuta: egitateen astuntasun txikia, inplikatutako gai juridikoen kopurua eta konplexutasun eskasa, eta instrukzio-egileak izapideak bideratzeko interesdunen esku jarri dituen dokumentuen eta frogen kopurua eta konplexutasuna.

  2. Instrukzio-egileak luzatu ahal izango du frogaldiaren epea. Luzapenak arrazoitua izan beharko du, behin bakarrik egin ahal izango da, eta, gehienez ere, beste hamar egun luzatu ahal izango da. Luzapena beharrezkoa denean baino ez da egingo, hots, egin beharreko frogen kopurua eta izaera, egoera faktikoen eta aztertutako gai juridikoen konplexutasuna edo bestelako arrazoi garrantzitsuak direla-eta beharrezkoa denean, egitateak eta erantzukizunak behar bezala zehazteko eta inputatuen defentsa eraginkorra bermatzeko. Luzapenak dirauen artean ez du aurrera egingo iraungitze-epeak.

Instrukzio-egileak frogaldia irekitzea edo alderdiek proposatutako frogabideen praktika ukatzea erabakitzen badu, errekurtsoa aurkeztu ahal izango da administrazio-egintza horren aurka. Prozedura ebazteko eskumena duen organoaren aurrean aurkeztuko da errekurtsoa, hiru eguneko epean. Organo eskudunak bestelako tramiterik gabe ebatziko du ebazpena, hiru eguneko epean, eta, erantzunik ematen ez badu, errekurtsoa ezetsi egin duela jo behar da.

  1. Ebazpena eman aurretik, ebazteko eskumena duen organoak, erabaki arrazoitu baten bidez, erabaki dezake prozedura ebazteko beharrezkotzat jotzen dituen jarduketa osagarriak egitea. Jarduketa osagarriak hamabost eguneko epean egingo dira.

    40. artikuluan aurreikusitako alegazio-epea luzatzeko aukera (41.2 artikuluan aurreikusitako moduan eta bertan emandako arrazoietan oinarrituz), eta bigarren entzunaldi-izapide bat egiteko aukera, 40.6 artikuluaz bat, jarduketa osagarri hauen barruan sartuko dira, eta, kasu horretan, ez da beharrezkoa izango alegazioen beste izapide batzuk bideratzea, hurrengo apartatuan aurreikusitakoaren ildotik.

  1. Jarduketa osagarriak burutu ondoren, interesdunei jakinaraziko zaizkie jarduketa horien emaitzak, bidezko irizten diotena alegatzea izan dezaten, zazpi eguneko epean.

  2. Jarduketa osagarrien hasierak berekin ekarriko du prozeduraren iraungitze-epearen kontaketa etetea, jarduketa horietan aurreikusitako alegazioen izapidea edo izapideak amaitu artean.

  3. Prozeduraren azken ebazpena eman aurre-aurreko txosten edo irizpen derrigorrezkoak ez dira jarduketa osagarritzat joko.

  1. Organo eskudunak ebazpen arrazoitua emango du, interesdunek aurkeztutako gai guztiei buruz eta prozeduraren ondorio diren gaiei buruz erabakiz. Txosten edo irizpenak onartzeak ebazpena arrazoitzeko balioko du, haren testuari gehitzen zaizkionean. Prozedura ebazten duen ebazpenak lege honen 39. artikuluan ezarritako edukia jaso beharko du, oinarrizko legedi aplikagarrian ezarritakoaz gainera. Interesdunak eskaturik izapidetutako prozeduretan, interesdunak eskatutakoaren harikoa izango da ebazpena, eta ezein kasutan ezin izango du interesdunaren hasierako egoera okerragotu, hargatik eragotzi gabe Administrazioak ofizioz beste prozedura bat hasteko ahala izatea, hala badagokio.

  2. Ebazteko eskumena duen organoak bakar-bakarrik aldatu ahal izango du ebazpen-proposamenean adierazitako egitate-zerrenda, ñabarduraren bat erantsiz edo beste batzuk kontuan hartuz, baldin eta aldaketa 40.6 artikuluan aipatzen den azken entzunaldi-izapidetik badator, aurreko artikuluak aipatzen dituen jarduera osagarrietatik badator edo instrukzio-egileak egindako instrukzio-proben edo -egintzen balorazio desberdinetik badator. Kasu bietan, ebazpena emateko organo eskudunak beren-beregi arrazoituko du aldaketa faktikoa ebazpenean. Ez da aurreko enuntziatuan adierazten den aldaketatzat joko, inola ere, prozedura abiarazteko egintzan ezarritako xedearekin zerikusirik ez duten egitateak sartzea prozeduran, egitate berriak sartzea inputatuaren onerako denean izan ezik. Lotura duten baina interesdunek planteatu ez dituzten gaiak agertzen baldin badira, organo eskudunak erabaki dezake haiei buruz, aurrez interesdunei adierazirik, hurrengo apartatuan ezarritako moduan.

  3. Aurreko zenbakian adierazten den aldaketa faktikoaren edo ebazpen-proposamenean egitateei eta inguruabarrei ezarritako bestelako kalifikazio juridikoaren ondorioz ebazpena emateko organo eskudunak uste badu ez dela bidezkoa instrukzio-egileak proposatutako absoluzioa onartzea, instrukzio-egileak iritzitakoa baino zehapen astunagoa ezarri beharra dagoela edo arau-hausteak eragindako kalteengatik ebazpen-proposamenean jasotzen ez den edo han jasotzen dena baino handiagoa den erreparazio edo kalte-ordain bat ezarri behar dela, edo ebazpenean lotura duten baina interesdunek planteatu ez dituzten gaiak agertzen baldin badira, hamabost eguneko epea utzi beharko du ebazpena eman aurretik, interesdunek bidezko irizten diotena alegatu ahal izateko edo, hala egokituz gero, aldaketa faktikoan kontuan izan diren egitateei buruzko frogak egitea proposatzeko. Izapide hori amaitu bezain laster, ebazpena emango du, eta alderdiei jakinaraziko die. Aurreko paragrafoan ezarritako alegazio-epea komunikatzeko eginbidean zehatz-mehatz adieraziko da, arrazoituz, ebazteko eskumena duen organoaren iritziz zein den ebazpen-proposamenari buruz behin betiko ebazpenean sartu behar den aldaketa konkretua.

  4. Ebazpena hamar eguneko epean jakinarazi beharko da, eta, horrez gain, ebazpenean jaso behar da zer errekurtso aurkeztu daitezkeen haren aurka, zer administrazio-organori edo organo judiziali aurkeztu behar zaizkion eta zer epetan, hargatik eragotzi gabe interesdunek egoki iritzitako beste errekurtsoren bat aurkezteko aukera.

  5. Ebazpena betearazlea izango da administrazio-bidean irmo bihurtzen denean. Ebazpenean, hala badagokio, behar diren kautelazko xedapenak jasoko dira, betearazle ez den bitartean eraginkorra izango dela bermatzeko.

  6. Interesdunak jakinarazpenetarako adierazitako modua eta lekua gorabehera, prozeduraren ebazpena elektronikoki emango da; organo eskudunaren identitatea bermatuko du ebazpenak, eta orobat bermatuko du autentikoa eta osoa dela dokumentua, legez aurreikusitako tresnetakoren bat erabiliz formalizatua.

  7. Ebazpena, betearaztekoa denean, kautelaz eten daiteke interesdunak Administrazioari adierazten badio asmoa duela administrazio-bidean irmoa den ebazpenari administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzeko. Kautelazko etete hori amaituko da:

    1. Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzeko legez aurreikusitako epea amaitu denean interesdunak halakorik jarri gabe.

    2. Interesdunak administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri eta izapide berean ez denean eskatu aurkaratutako ebazpena kautelaz etetea, edo organo judizialak iritzia ematen duenean etete horri buruz, ebazpenean aurreikusitako moduan.

  1. Zehatutako jokaerek kalteak edo galerak eragin badizkiete administrazioei eta kalte horiek ordaintzera bideratutako kopurua ez bada espedientean zehaztu, zenbateko hori prozedura osagarri baten bitartez erabakiko da, eta prozesu hori zehatzeko ahala duen organo eskudunaren aurrean bideratuko da; prozedura horretako ebazpena berehala betearaztekoa izango da.

  2. Prozedura hori modu itunduan amaitu daiteke, baina ez itunak ez arau-hausleak ebazpena onartzeak ez dakarte borondatez bere erantzukizuna aitortzea.

  3. Prozeduraren ebazpenak amaiera emango dio administrazio-bideari.

  1. Prozedurari amaiera emango zaio, hura 44. artikuluaren arabera ebazten denean ez ezik, erantzukizuna aitortzen bada, interesdunak eta Administrazioak uko egiten badiote edo atzera egiten badute eta iraungitze-deklarazioa ematen bada, datozen artikuluetan ezarritako moduan.

  2. Ematen den ebazpenak arrazoitua izan beharko du beti.

  1. Zehapen-prozedura bat hasitakoan, arau-hausleak bere erantzukizuna aitortzen badu, dagokion zehapena ezarriz ebatzi ahal izango da prozedura.

  2. Zehapena diruzkoa soilik baldin bada, edo aukera baldin badago diruzko zehapen bat eta diruzkoa ez den beste bat ezartzeko baina bigarrena egokia ez dela justifikatu bada, ustezko erantzuleak ebazpena baino lehenagoko edozein unetan borondatez ordaintzeak amaitu egingo du prozedura, salbu eta aldatutako egoera lehengoratzeari dagokiona edo arau-hausteagatik sortutako kalte eta galeren ordaina erabakitzeari dagokiona.

  3. Bi kasuetan, zehapena diruzkoa soilik bada, prozedura ebazteko eskumena duen organoak murriztapenak aplikatuko ditu, gutxienez % 20koak, proposatutako zehapenaren gainean, eta murriztapenak elkarrekin bateratu daitezke. Murriztapen horiek zehaztuta egon behar dute prozeduraren hasierako jakinarazpenean. Haietaz baliatzeko, bestalde, zehapenaren aurka administrazio-bidean jarritako akzio edo errekurtsoetan atzera egin edo uko egin beharra dago.

  4. Erantzukizuna aitortzeagatik eta borondatez ordaintzea onartzeagatik artikulu honetan aurreikusitako murriztapenen ehunekoak handitzeko aukera egongo da, erregelamendu bidez edo zehapen-araubide sektorialei buruzko legedian aurreikusitakoaz bat. Legedi sektorialean aurreikusitako murriztapenak, artikulu honetan aurreikusitakoen antzekoak badira, ezin izango dira elkarrekin bateratu, aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan izan ezik.

  1. Ofizioz hasitako prozeduretan, Administrazioak atzera egin ahal izango du, arrazoiturik, legeetan aurreikusitako kasuetan eta aurreikusitako betekizunekin, baita jarraitzea materialki ezinezkoa denean ere gerora sortutako arrazoiengatik.

  2. Alderdietako batek eskatuta hasitako prozeduretan, interesdun orok atzera egin dezake bere eskaeran, edo, ordenamendu juridikoan debekatuta ez badago, uko egin diezaieke bere eskubideei.

    Hasiera emateko idazkia bi pertsonak edo gehiagok idatzi badute, uko egiteak edo atzera egiteak idazkia idatzi dutenei bakarrik eragingo die. Dena den, prozedura hasi izanak sortutako gaia interes orokorrekoa bada edo amaierara iristea komeni bada gaia zehaztu edo argitzeko, Administrazioak aukera izango du atzera egitearen edo uko egitearen ondorioak interesdunarengan mugatzeko eta prozedurarekin jarraitzeko; bestela, Administrazioak uko egitea ere izango du, interesdunak egindako bidetik, 1. apartatuan zehaztutako moduan.

  3. Administrazioak uko egiteak ez du esan nahi beste prozedura bat hasterik ez dagoenik, hain zuzen ere Administrazioak gertakari edo froga berrien berri izango balu, edo aurrera egitea materialki erabat oztopatzen zuen arrazoia desagertuko balitz.

  1. Prozeduraren ebazpena (44. artikulua) ez bada jakinarazten prozedura hasteko akordioaren egunetik sei hilabete igaro baino lehen, prozedura hori iraungita geratuko da, oinarrizko legediak ezarritako moduan eta haren ondorioekin.

  2. Sei hileko epe hori etenda geldituko da lege honetan ezarritako kasuetan eta interesdunei egotz dakizkiekeen arrazoiengatik prozedura geldirik dagoen bitartean.

  3. Gerta daiteke iraungitzea aplikagarri ez izatea, sortutako arazoaren eragina, gizartearentzat interes orokorrekoa izanik, irekitako prozedura administratiboaren baitan kokatzen diren pertsona eta eragileen interes-eremutik haratagokoa bada, eta arazoa mugatzeko eta argitzeko bideratzea komeni bada. Hori espresuki erabaki behar da prozedura ebazteko eskumena duen organoaren ebazpen arrazoitu baten bidez.

  4. Prozedura iraungitzeak ez du besterik gabe norbanakoaren edo Administrazioaren akzioen preskripzioa ekarriko, baina iraungitako prozedurek ez dute preskripzio-epearen zenbaketa geldituko. Preskripzioa gertatu ez delako beste prozedura bat hasteko aukera ematen duten kasuetan, prozedura horri gehitu ahal izango zaizkio iraungitzea gertatu ezean edukia berdin mantenduko zuten egintza eta izapideak. Prozedura berrian, betiere, bete beharreko izapideak izango dira alegazioak, froga-proposamena eta interesdunari entzunaldia ematea.

  1. Prozeduraren izapidetze sinplifikatua hautatu ahal izango da, oinarrizko legedian ezarritako moduan, prozedura hasteko eskumena duen organoak irizten badio ezen, hura erregulatzen duen araudiaren arabera, irizpen-elementu nahikoa dagoela arau-haustea arintzat jotzeko. Prozedura ebatzi aurreko edozein unetan, izapidetze arruntaren arabera jarraitzea erabaki ahal izango du izapidetzeko eskumena duen organoak.

  2. Erabaki hori interesdunei jakinaraziko zaie, baina horiek izapidetze-modu horren aurka agertzeak ez du esan nahi Administrazioak izapidetze arruntarekin jarraitu beharko duenik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 96.2 artikuluan edo gerora hura ordeztuko duen arauan ezarritako moduan.

  3. Izapidetze arrunterako denbora gutxiago geratzen ez bada behintzat, modu sinplifikatuan izapidetutako prozedurak hogeita hamar eguneko epean ebatzi beharko dira, prozeduraren izapidetze sinplifikaturako erabakia interesdunari jakinarazi eta biharamunetik aurrera zenbatuta, eta izapide hauek bakarrik egingo dira:

    1. Prozedura hastea, ofizioz edo interesdunak eskaturik.

    2. Aurkeztutako eskaera zuzentzea, hala badagokio.

    3. Prozeduraren hasierari alegazioak aurkeztea, bost eguneko epean.

    4. Entzunaldiaren izapidea, ebazpenak interesdunaren kontrakoa izan behar duen kasuan bakarrik.

    5. Zerbitzu juridikoaren txostena, derrigorrezkoa bada; edo, hala jasoko balitz kasuan kasuko lege edo arauan, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren irizpena, edo lurralde historikoetan haren baliokidea den aholku-organoarena, derrigorrezkoa den kasuan.

    6. Ebazpena.

  4. Aurreko apartatuan aurreikusi gabeko izapideren bat egitea eskatzen duten prozedurak modu arruntean izapidetu beharko dira.

  1. Lege hau indarrean jarri aurretik hasi eta legea indarrean jartzen den egunean oraindik izapideak amaitu gabe dituzten zehapen-prozedurak, hasi zirenean aplikatu zitzaizkien araudiekin bat etorriz tramitatuko dira aurrerantzean ere.

  2. Aurreko zenbakian adierazten diren prozedurak sei hilabeteko epean ebatzi behar dira, lege hau indarrean jartzen den egunetik hasita. Sei hilabeteko epea bete eta hurrengo hogeita hamar egunetan ebazpenik ematen ez bada, prozedurak iraungitzat joko dira.

Indargabetuta geratzen da 2/1998 Legea, otsailaren 20koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen Zigortzeko Ahalmenari buruzkoa, bai eta lege honetan xedatutakoarekin bat ez datozen maila bereko edo beheragoko xedapenak ere.

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hiru hilabetera jarriko da indarrean.

Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko martxoaren 20a.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.