Arautegia
Inprimatu6/2019 LEGEA, maiatzaren 9koa, Euskal Kultura Ondarearena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Legea
- Organo arau-emailea: Lehendakaritza
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 93
- Hurrenkera-zk.: 2359
- Xedapen-zk.: 6
- Xedapen-data: 2019/05/09
- Argitaratze-data: 2019/05/20
Gaikako eremua
- Gaia: Kultura eta Kirola
- Azpigaia: ---
Deskribapenak
Testu legala
Eusko Legebiltzarrak 6/2019 Legea, maiatzaren 9koa, Euskal Kultura Ondarearena onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.
Zentzurik zabalenean, kultura-ondarea da iraganetik gizarteak jaso dituen ondasunen multzoa, zeinean gizarte horrek kontserbatzea eta transmititzea merezi duten balioak aitortzen dituen. Kultura-balioak aldakorrak direnez, ondarearen kontzeptua bera etengabe eraikiz doa, eta hura osatzen duten elementuak ere mudakorrak dira eta ekarpen berriak hartzeko irekita daude.
Nazioarteko araudiak ere aldaketak onartzeko gaitasun hori erakusten du. Munduko Kultura eta Natura Ondarea Babesteko Hitzarmenak (1972) artean kultura-ondarea ondasun ukigarrietara mugatzen zuen, ondasun horiek monumentuak izan, multzoak edo tokiak izan; Kultura Tradizionala eta Herritarra babesteko Gomendioak (1989), aldiz, ateak ireki zizkion ondare ukiezinari, eta ikuspegi hori indartu zuen Kultura Ondare Materiagabea Babesteko Hitzarmenak (2003). Nazioarteko beste agiri batzuek ohiko babes-eremuak zabaldu eta dibertsifikatu zituzten; esate baterako, XX. mendeko Ondare Arkitektonikoa Babesteko Gomendioak (1991), Paisaiaren Europako Hitzarmenak (2000), Urpeko Kultura Ondarea Babesteko Hitzarmenak (2001) edo Industria Ondareari buruzko Nizhny Tagil-eko Gutunak (2003). Horiek guztiek kultura-ondarearen kontzeptu berri bat ondu dute; alegia, eraketa ukigarriak ez ezik (objektuak, eraikinak edo paisaiaren adierazpen materialak), giza sorkuntzaren emaitza diren bestelako adierazpen ukiezinak ere hartuko dituen kontzeptua. Babes-eremuen ikuspegi zabalago hau indartzera etorri da, gainera, ondarearen bi dimentsio onartzen duen ikuspegi berria, hau da, ondarea memoria moduan ulertzea, baina baita baliabide garrantzitsu moduan ere, zeinak eragin handia baitauka jarduera ekonomikoan eta turismoan, bai eta garapen-politikak aurrera eramateko lagungarri gisa ere.
Euskal Autonomia Erkidegoa (aurrerantzean, EAE) aitzindarietako bat izan zen kultura-ondarea babestu, aberastu, hedatu eta sustatzeko lana bermatzen duen ordenamendu juridikoa sortzen, eta horren froga da Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea. Lehenengo arau autonomikoa izan zen kulturala kalifikatzailea erabiltzen ondareaz aritzeko, eta lehenengoa, baita ere, ondasun immaterialak zuzenean aitortzen. Igaro den denborak, alabaina, euskal kultura-ondareari buruzko lege berri bat idaztea eskatzen du, azken urteotan kultura-ondarearen kontzeptualizazioan gertatu den bilakaera ordenamendu juridikoan txertatzeko, zeren ondare horren azterketa- eta jardun-eremua nabarmen zabaldu baita.
Horrenbestez, lege berri honen helburu nagusia kultura-ondarearen kudeaketa integrala bermatzea da, hau da, alde batetik, ondarea identifikatu, dokumentatu, ikertu, kontserbatu eta babestuko duen kudeaketa, baina horrekin batera haren transmisioa, sustapena eta balio-nabarmentzea bermatzeko konpromisoa agerian utziko duena. Hori guztia ondarea babesteko eta sustatzeko eredu eraginkorrago baten bidez, oraingo eta etorkizuneko belaunaldienganako transmisioa eta gozamena segurtatuz. Horretaz gainera, liburutegi, artxibo eta museoen sistemetan gure ordenamendu juridikoan egon diren aldaketetara egokituta dago; arlo horiek lege honen ezarpen-eremutik kanpo gelditzen dira, lege-araudi berezkoa jaso baitute.
Kultura Ondare Immaterialaren Babeserako 2015eko maiatzaren 26ko 10/2015 Legea promulgatu ondoren, lege berri honek aitortzen du, halaber, 2003ko Kultura Ondare Immateriala Babesteko Hitzarmenak nazioarteko araudian izan duen eragin erabakigarria, zeren, bertan esaten denez, kultura-ondare immateriala belaunaldiz belaunaldi helarazia eta komunitateek ingurunearekin eta historiarekin elkar eraginez etengabe berritua identitate eta jarraidura sentipen bat ematen baitie komunitateei, eta kultura-aniztasunarekiko eta giza sorkuntzarekiko errespetua areagotzeko laguntza ematen baitu.
Hori guztia aintzat hartuta, arau honek euskal kultura-ondarearen barruan sartzen ditu gure erkidegoaren kultura-herentzia osatzen duten adierazpide esanguratsu guztiak: batetik, errealitate materialen bitartez gauzatzen direnak (higiezinak edo higigarriak), eta, bestetik, errealitate immaterialen bitartez gauzatzen direnak (adibidez, tradizioak eta ahozko adierazpideak, ikuskizun-arteak, errituak eta jai-ekitaldiak, naturari eta unibertsoari buruzko jakintza eta praktikak eta eskulangintza-teknika tradizionalak, euskal nortasuna era dinamikoan osatzen doazenak eta testigantza ematen dutenak egungo banaketa administratiboa gainditzen duen kolektibotasun nazional baten ibilbide historikoari buruz. Lege honek kasu egiten dio errealitate horri seigarren artikuluaren eta bosgarren xedapen gehigarriaren bidez.
Informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriak sartzeak eta garatzeak ekarri dute kultura-ondarea, lege honetako xedea, euskarri digitalean katalogatua, dokumentatua eta zabaldua izatea, ondare bibliografiko, dokumental eta museistikoarekin gertatzen den bezala, izaera orokorreko beste xedapen batzuek arautzen baitituzte Euskal Autonomia Erkidegoan.
Ondare digitalak, objektu analogiko batetik birtualizatuak edo objektu digital gisa sortuak, mundu fisikoaren banaketa tradizionalak gainditzen ditu eta espazio kultural digital berri batera bildu ohi da, interkonexioak dituena artxiboak gordetzeko tresnak konpartitzeko, datuak erabiltzeko eta zabaltzeko. Era horretara aukera ematen digu kultura-edukia eskuragarriago jartzeko eta baita berrerabiltzeko ere, baldin eta bateragarria bada jabego intelektualaren eskubideekin eta izaera pertsonaleko datuak babestearekin.
Lege-ekimen honen oinarri dira Euskal Herriko Autonomia Estatutuak 10. artikuluan, 17. eta 19. zenbakietan, EAEri emandako kultura-arloko eskumenak. Hain zuzen, 17. zenbakian xedatutakoarekin bat, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du kultura-arloan. Bestalde, lehen aipatutako 10. artikuluaren 19. zenbakiak erkidego honi ematen dio ondare historiko, artistiko, monumental, arkeologiko eta zientifikoaren gaineko eskumen esklusiboa, eta EAEk bere gain hartzen du Estatuak ondare hori esportazioaren eta espoliazioaren aurka babesteko ezarritako arauak eta betebeharrak betetzea.
Azaroaren 25eko 27/1983 Legean (Autonomia Erkidegoko Erakunde Erkideen eta Lurralde Historikoetako Foru Erakundeen arteko Harremanei buruzkoa) ezarritako eskumen-araubideari dagokionez, 6. artikuluak xedatzen du EAEko erakunde komunen eskumena dela Autonomia Estatutuaren arabera Erkidego honi dagozkion gai guztiei buruz legeak egitea edo lege horiek betearaztea, non eta gai horiek, estatutu horretan, aipatutako legean edo ondorengo lege batzuetan, ez zaizkien lurralde historikoetako foru-organoei aitortzen edo esleitzen. Arau horretako bigarren zenbakiak adierazten du lege-mailako arauak emateko ahalmena Eusko Legebiltzarrari bakarrik dagokiola. Lurralde Historikoen Legearen 7. artikuluak foru-erakundeei esleitzen die ondare historiko-artistikoa, monumentala eta arkeologikoa kontserbatu, hobetu, berriztatu edo, hala badagokio, induskatzeko lanetan erakunde komunetatik sortutako arauak garatu eta betetzeko eskumena. Azkenik, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legeak aitortzen duenez, udalerrien eskumena da udal ondare historikoa babestea, kudeatzea eta kontserbatzea.
Euskal kultura-ondareari buruzko legeak zehazten ditu kultura-ondarearen arloan euskal administrazio publikoen hiru mailetako bakoitzari dagozkion jarduerak, eta jarduera horien koordinazioaren ardura izango duen organoa sortzen du. Eskumen-marko horretatik abiatuz, lege honek erraztu egiten du EAEren eta beste zenbait erkidegoren arteko elkarlana, alegia, EAEren kultura-ondare aberatsaren zati bat konpartitzen dutenekin, nazioen gaineko egituretan (Akitania Euskadi-Navarra Euroeskualdea, kasu) gauzatutako ahaleginen ildotik.
Legeak hamaika titulu ditu, 91 artikulu, bost xedapen gehigarri, lau xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat eta bi azken xedapen. Aurren-aurrenik, gainera, legearen berritasun nabarmenenak azaltzen eta arrazoitzen dituen zioen adierazpen hau du.
tituluak legearen xedapen orokorrak biltzen ditu, non, besteak beste, xedea eta aplikazio-eremua ezartzen diren. Gainera, euskal kultura-ondarea babesteko jardunbidean inplikatuta dauden administrazio publikoak definitzen dira, eta haien funtzioak eta eskumenak arautu. Alde horretatik, Euskal Kultura Ondarearen EAEko Zentroaren bidez erakunde komunek garatu behar dituzten eginkizunak zehazten dira. Halaber arautzen dira foru-erakundeek eta udalek dituzten eskumen eta eginkizunak. Horretaz gainera, bi organo berriren arautzea txertatu da: Euskal Kultura Ondarearen EAEko Kontseilua, euskal administrazio publikoen diziplina anitzeko organo parte-hartzaile gisa, kultura-ondarearen alorra esleiturik duen euskal kultura-administrazioaren organo aholku-emaile gisa, eta Euskal Kultura Ondarearen erakundearteko Organoa, zeinak helburu nagusi baitu komunikazioa, elkarlana eta laguntza emateko betebeharra egikaritzea administrazio publikoen artean, bai eta, zeharka, kultura-administrazioaren eta inplikaturiko gainerako administrazio sektorialen artean ere.
Ondaretzat aintzatesten da historikoki ikustezinak izan diren talde sozialen beste baliabide, jaraunspen eta jakintza batzuen multzoa, esaterako, emakumezkoena. Legean ondareari buruzko ikuspegi integratzaile bat jasotzen da, imajinario femeninoaren zentzuak eta esanahiak balio kultural gisa berreraikitzeko aukera emango duena eta balioko duena herentzia eta ekarpen femeninoa elementu bereizgarri gisa ikusarazteko eta birbaloratzeko politika publikoen jarduna errazteko.
eta III. tituluak kultura-ondasunak babesteko ereduari eta aitortzeko prozedurari buruzkoak dira, hurrenez hurren, eta IV. tituluak euskal kultura-ondarearen EAEko erregistroen gaineko arauketa berri bat dakar. Hiru babes-maila bereizten dira, ondasunak dituen kultura-balioen garrantziaren arabera: babes berezia duten kultura-ondasunak, babes ertaina duten kultura-ondasunak eta oinarrizko babesa duten kultura-ondasunak. Halaber, babesteko hemeretzi kategoria bereizten dira, lehen zeuden hirurak izan beharrean: sei ondasun higiezinen kasuan, bi ondasun higigarrien kasuan eta hamaika ondasun immaterialei dagokienez.
Aldatu egiten dira deklarazio-espedienteak ebazteko eta jakinarazteko epeak, bai eta kultura-ondasunak babesteko prozedurazko izapideak ere; horretara, babes-espedientea hasten den unean legezko babes-araubidea berehala eta behin-behinean aplikatuko dela xedatzen da, eta, halaber, lizentziak eten egingo direla, bai babes berezia duten ondasunetan bai babes ertaina dutenetan.
, VI. eta VII. tituluetan hainbat neurri jasotzen dira, ondorengo agiri hauetan oinarriturik: Ezgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazio Batuen Konbentzioa, azaroaren 29ko 1/2013 Errege Dekretu Legegilea, zeinaren bidez onartzen baita Ezgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei eta Haien Inklusio Sozialari buruzko Lege orokorraren testu bategina, Irisgarritasuna Sustatzeko 20/1997 Legeari dagokiona, eta apirilaren 11ko 68/2000 Dekretua, hiri-inguruneen, espazio publikoen, eraikinen eta informazio eta komunikazioko sistemen irisgarritasun-baldintzei buruzko arau teknikoak onartzen dituena.
Berritasun gisa azpimarratu behar da Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistroko kultura-ondasunei aplikagarriak zaizkien esku hartzeko eta kontserbatzeko irizpide komunak ezarri direla, eta proiektu tekniko espezifiko bat eta esku hartzeari buruzko txosten bat egiteko obligazioa ere bai, Krakoviako 2000ko Gutunaren ondorioz sortutako nazioarteko arau-tradizioari jarraituz. Gainera, babes berezia eta ertaina duten kultura-ondasun higiezinetan eta higigarrietan baimendu daitezkeen esku-hartze moten gaineko erregulazio zehatz bat ezarri da. Ondare immaterialaren erregulazioak garrantzi handiagoa hartu du, ondare mota hori azken urteotan irabazten ari den aitorpenarekin bat. Horretarako, bi babes-tresna espezifiko berri sortu dira: Kultura Ondasun Immaterialaren EAEko Inbentarioa eta kultura-ondasun immaterialak zaintzeko planak. Bi tresnok ondare hori zaintzea eta bideragarri egitea dute helburu.
Bestalde, ondasun higiezinen ingurunea arautzearen garrantzia azpimarratzen da; ingurunea soilik mugatu beharko da babestutako ondasunei behar bezalako babesa bermatzeko eta haien balioa nabarmentzeko beharrezkoa denean. Ingurunearen definizio berria eta orohartzailea sartu da, haren izaera instrumentala islatzen duena, ondasuna hartzen duen paisaia-, hiri- eta arkitektura-testuinguruari eusteko. Gainera, oraingo ikuspegi eta joera berriekin bat etorrita, ikusizko kutsadura eta kutsadura akustikoa arautzen dira.
Halaber, VIII. titulua ere gehitu da, industria-ondareari buruzkoa zeina errotuta baitago euskal identitatean, mendeetan zehar bateragarri egin baititu paisaiarekiko eta biodibertsitatearen kontserbazioarekiko errespetuzkoak diren bizimoduak eta ekoizteko erak eta, era berean, bereziki XX. mendean, lotura karakteristiko eta berezia ezarri baitu Euskadiko industria-iraultzaren berebiziko elementuak izandako lan-modu, toki, ofizio eta eraikinekin. Iraultza horrek aldatu egin zituen euskal geografiako hiri eta herri ugaritako bizimoduak eta paisaia, eta esanahi desberdina eta bereizgarria eman zien. Fabrika, lantoki izateaz gain, bilakatu zen familien diru-sarreren iturri eta, gainera, duintasuna erreibindikatzeko, sozializatu eta elkarretaratzeko eta hurrengo belaunaldientzako etorkizun hobea eraikitzeko gune.
titulua oso-osorik zentratzen da ondare arkeologikoan eta paleontologikoan, jarduera arkeologiko eta paleontologikoak baimentzeko sistemaren funtsezko elementuak atxikiz, baina altxaeren azterketa estratigrafikoa erantsita. Beste berritasun batzuen artean nabarmentzekoa da, halaber, baimendutako jarduerak bertatik bertara zuzentzeko betebeharra, edo jarduera arkeologikoei buruzko txostenak gutxieneko eduki batzuk jaso behar izatea. Gainera, beren-beregi definitzen da zer den ustezko eremu arkeologikoa, kautelazko figura gisa.
tituluak sustapen-neurriak jasotzen ditu. Babestutako ondasunak kontserbatu eta haien balioak nabarmentzeari begira ezartzen diren obligazioak betetzen laguntzeko, laguntza ekonomikoak eta pizgarri fiskalak arautzeko beharra aurreikusten du euskal kultura-ondarearen legeak, gaur egun indarrean dagoen lege-esparruak EAEko administrazioei aitortzen dizkien eskumenen argitan. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak eta foru-aldundiek lan publikoetan egindako inbertsioaren ehuneko bat, gutxienez, baliatu beharko dute euskal kultura-ondarea kontserbatzeko eta haren balioa nabarmentzeko. Gainera, babestutako kultura-ondasunen kontserbazioa eta haien balioa nabarmentzeko egiten diren diru-ekarpenen kontzeptuan, foru-erakundeek zergak arintzeko neurriak arautu beharra jasotzen da.
tituluan Administrazioko arau-hausteak eta haiei dagozkien zehapenak arautzen dira. Lehenik eta behin, arau-hauste motak zerrendatzen dira arin, larri edo oso larri gisa sailkatuta; gero, zehapenak direla eta, azpimarratzen da kalteak konpontzeko betebeharra, ahal den guztietan, eta eragindako kalte eta galeren ordaina ematearen betebeharra, kasu orotan. Funtsezko neurria da, gizartea sentsibilizatzeko ahaleginen osagarri diren zehapenen disuasio-indar gisa.
Xedapen gehigarrietan, iragankorretan eta azken xedapenetan ezartzen da, besteak beste, lege honetan aurreikusitako babes-mailen eta aurretik ezarritakoen baliokidetasuna, baita aukera dagoela elkarlanerako eta kooperaziorako akordioak sustatzeko Nafarroako Gobernuarekin eta Iparraldeko Hirigune Elkargoarekin kultura-ondareari buruz eta udaletako hirigintzako agirietako informazioa Oinarrizko Babesa duten Kultura Ondasunen EAEko Erregistrora eramateari buruz.
Lege honen xedea da EAEko euskal kultura-ondarearen araubide juridikoa ezartzea, beraren babesa, kontserbazioa eta balio-nabarmentzea bermatzeko, bai eta pertsona guztiek, oraingo eta etorkizuneko belaunaldiek, irisgarritasun unibertsaleko baldintzetan posible direnean, ondare hori ezagutu, ikertu, hedatu eta goza dezatela erraztea ere.
Lege honen ondorioetarako, honako ondasun hauek osatzen dute euskal kultura-ondarea: arte, historia, arkeologia, paleontologia, etnologia, antropologia, hizkuntza, zientzia, industria edo paisaia edo arkitektura aldetik, edo kulturaren beste edozein alderdiren aldetik, balioa duten Euskadiko kultura-ondasun guztiek (higiezinak direla, higigarriak edo immaterialak), aintzat hartuak izateko eta belaunaldi arteko transmisiorako interesa badute.
Kulturaren arloan eskumena duen saila arduratuko da EAEra itzul daitezen bere lurraldetik kanpo dauden eta euskal kultura-ondarea osatzen duten ondasunak.
Lege honen ondorioetarako, honelako aintzatespenak izango dira:
Ondasun higiezinak, Kode Zibilaren 334. artikuluan zehaztutakoak.
Kultura-ondare higigarri moduan hartzen dira, eskuratzeko modukoak izanik, aurreko kapituluan aipatu ez diren kultura-ondasunak; eta, orokorrean, puntu batetik bestera garraia daitezkeen ondasun guztiak, hori egin badaiteke haien euskarri den ondasun higiezinari kalterik egin gabe.
Kultura-ondare immateriala deitzen da komunitateek, taldeek eta, hala badagokio, pertsonek onartzen dituzten praktikak, esamoldeak eta ezagutzak eta jakitateak, bai eta tresnak, objektuak eta lotutako kultur espazioak ere, beren kultura-ondaretzat onartzen dituztenak. Kultura-ondare immaterial hori, komunitateek eta taldeek belaunaldiz belaunaldi helarazia, birsortzen dute etengabe, naturaren eta beren historiaren elkarreraginez. Ematen die identitate eta jarraipen sentimendu bat, kultura aniztasunaren errespetua eta giza sorkuntza sustatzen dutena.
Ondorio horietarako, kontuan izan beharko da 56.2 artikuluan ondare immaterialaz araututakoa.
Kultura-ondasun higiezinak, higigarriak eta immaterialak lotuta egon daitezke elkarrekin. Lotura hori dagoela jotzen da baldin eta ondasunen banaketak haien kultura-balioa gutxitzea badakar.
Hona hemen zein diren administrazio eskudunak lege honen ondorioetarako:
Eusko Jaurlaritza.
Foru-erakundeak.
Udalak.
Hauek dira Eusko Jaurlaritzaren eginkizunak:
Lege honen oinarrizko arau-garapena onartzea.
Euskal administrazio publikoek euskal kultura-ondarearen alorrean egiten dituzten jarduketak koordinatzea.
Kultura-ondasunak deklaratzea, lege honetan xedatutakoarekin bat.
Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistroa eta Oinarrizko Babesa duten Kultura Ondasunen EAEko Erregistroa kudeatzea.
Euskal kultura-ondarearen inbentarioak egitea eta eguneratuta edukitzea, eta horretarako behar diren irizpide tekniko eta metodologikoak ezartzea.
Euskal kultura-ondareari eragiten dioten arau eta planen aldez aurretiko txostena egitea.
Euskal kultura-ondarearen balioa nabarmentzeko sustapen-neurri ekonomikoak bultzatzea.
Eroslehentasun-eskubidea eta atzera eskuratzeko eskubidea egikaritzea, bai beretzat bai beste erakunde batzuentzat.
Euskal kultura-ondarearen zabalkundea egitea.
Akordioak eta lankidetza-hitzarmenak sustatzea beste autonomia-erkidegoekin, Estatuaren Administrazio Orokorrarekin, Europako instituzioekin eta nazioarteko erakundeekin.
Lege honetan berariaz aitortutako gainerako eskumenak.
Euskal Kultura Ondarearen EAEko Zentroaren bitartez gauzatuko dira zenbaki honetan zerrendatutako eskumenetatik eratortzen diren administrazio-eginkizunak.
Hauek dira foru-erakundeek tokian tokiko lurraldean dituzten eginkizunak:
Euskal kultura-ondarea kontserbatzeko, hobetzeko eta zaharberritzeko edo, hala badagokio, indusketa-lanak egiteko emandako arauak garatzea eta gauzatzea.
Babestutako kultura-ondasunetan egin beharreko esku-hartzeei baimena ematea, lege honetan xedatutakoarekin bat.
Euskal kultura-ondarea osatzen duten ondasunetan egiten diren esku-hartzeak ikuskatzea, lege honetan xedatutakoarekin bat.
Aurri-deklarazioaren espedientea ebatzi aurretiko txostena egitea.
Euskal kultura-ondarearen kontserbazioa eta zaharberritzea sustatzeko neurri ekonomikoak bultzatzea.
Euskal kultura-ondarea mantentzeko, hobetzeko eta sustatzeko pizgarri fiskalak arautzea.
Lurralde historikoan dagoen kultura-ondarearen zabalkundea egitea.
Lege honetan berariaz aitortutako gainerako eskumenak.
Hauek dira udalek beren udal-eremuan garatu beharreko eginkizunak:
Babestu beharreko ondasunen hirigintza-katalogoak idaztea eta kudeatzea.
Baimena ematea monumentu-multzoetan egin beharreko esku-hartzeei, lege honek horretarako bidea ematen duen kasuetan.
Udal-mugartean dauden kultura-ondasunen hur-hurreko aurri-egoeretan kalteak ekiditeko beharrezkoak diren neurriak hartzea, lege honetan xedatutakoarekin bat.
Udal-mugartean dagoen kultura-ondarea sustatzea eta haren zabalkundea egitea.
Lege honetan berariaz aitortutako gainerako eskumenak.
EAEko administrazio publikoek elkarrekin lan egingo dute, hertsiki, kultura-ondarea defendatzeko zereginak eta eskumenak betetzeko orduan; horretarako, elkarrekiko harremanetan komunikazioa, lankidetza eta laguntza erabatekoak izango dira.
Euskal Kultura Ondarearen EAEko Kontseilua sortzen da, euskal administrazio publikoen kultura-ondarearen eskumena duen diziplina anitzeko organo parte-hartzaile gisa, kultura-ondarearen alorra esleiturik duen Eusko Jaurlaritzako sailari atxikita.
Honako hauek dira Euskal Kultura Ondarearen EAEko Kontseiluaren zeregin nagusiak:
Aholku ematea euskal administrazio publikoei kultura-ondarearen alorrean.
Babes berezia eta ertaina duten kultura-ondasunen deklarazio-proposamenen gaineko txostenak ematea Eusko Jaurlaritzari. Hala ere, lege honen ondorioetarako, Euskal Kultura Ondarearen EAEko Kontseiluaren aktetan jasotako akordioek jarduera-prozedurak abian jartzeko baliotasuna izango dute, babes berezia eta ertaina duten kultura-ondareetan.
Lege honetan agindutako txostenak egitea.
Euskal Kultura Ondarearen EAEko Kontseiluaren osaera, antolamendua, funtzionamendua eta zereginak erregelamendu bidez ezarriko dira. EAEko erakundeetako pertsonal kualifikatuak eta kultura-ondarearen alorrean jarduten duten sektore profesionaleko teknikariek, espezialistek edo ordezkariek osatuta egongo da.
Antolaketa- eta funtzionamendu-sistema bat ezarriko da erregelamenduz, honako alderdi hauek, gutxienez, jasoko dituena:
Erabakiak hartzeko euskarri tekniko aski bat, alorrean alorreko espezialista adituen entzunaldiaz hornitua.
Osoko bilkuren bidez edo beren beregi sorturiko batzordeen bidez funtzionatzea.
Emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua, bai Osokoan bai sor litezkeen batzordeetan.
Euskal Kultura Ondarearen erakundearteko Organoa sortzen da, kultura-ondarearen eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari atxikita, eremu horretan euskal administrazio publikoen erakundearteko elkarlana antolatzeko.
Honako hauek dira Euskal Kultura Ondarearen erakundearteko Organoaren zeregin nagusiak:
Euskal kultura-ondarearen babesari buruzko informazio-trukea eta elkarlana bultzatzea.
Irizpide bateratuak eta jarduketa-planak proposatzea, euskal kultura-ondarea zaintzeko, transmititzeko, bere balioa nabarmentzeko eta haren zabalkundea egiteko.
Euskal kultura-ondarea sustatzeko koordinazio-neurriak proposatzea.
Euskal kultura-ondarea babesteko eta kudeatzeko lanean inplikaturiko beste administrazioekin lankidetza eraginkorra bultzatzea, batez ere lurralde-antolamendu eta hirigintzarekin, etxebizitzarekin, industriarekin, ingurumenarekin, turismoarekin eta hezkuntzarekin.
Euskal Kultura Ondarearen erakundearteko Organoaren osaera, antolamendua, funtzionamendua eta zeregin osagarriak erregelamendu bidez ezarriko dira. Bertan, ordezkari-kopuru bera izango dute, alde batetik, Eusko Jaurlaritzak, eta beste aldetik, foru aldundiek eta udalek; organoaren presidentea Eusko Jaurlaritzan kultura-ondarearen eskumena duen sailburua izango da.
Nolanahi ere, Euskal Kultura Ondarearen erakundearteko Organoa osatzen duten hiru erakundeetako batek eskatzen badu, biltzeko deia egin beharko da, eta urtean bi koordinazio-bilera egin beharko dira gutxienez.
Eusko Jaurlaritzak lehentasunez sustatuko ditu euskal kultura-ondarearen alorrean elkarlana eta lankidetza espainiar Estatukoak diren edo ez diren erkidego eta lurraldeekin EAErekin lotura kulturalak, historikoak edo linguistikoak baldin badituzte. Horretarako, elkarlan- eta lankidetza-akordioak formalizatu ahal izango ditu, dagokion moduan, autonomia-erkidego eta lurralde horietako erakunde publiko eta pribatuekin, baita kanpoko gizataldeetan artikulaturik dagoen diasporarekin ere.
Halaber, Eusko Jaurlaritzak akordioak eta lankidetza-harremanak sustatuko ditu beste autonomia-erkidego batzuekin, Estatuaren Administrazio orokorrarekin, Europako instituzioekin eta nazioarteko erakundeekin.
Euskal kultura-ondarearen eskumena duten administrazioek herritarren parte hartzea bultzatuko dute euskal kultura-ondarea kontserbatzeko, babesteko, haren balioa nabarmentzeko, sustatzeko, erabiltzeko eta zabalkundea egiteko lanean, eta, horretarako, ondare horri buruz dagoen informazioa haien eskura jarriko dute.
Kultura-ondasun bat suntsitu, hondatu edo galtzeko arriskua dagoela dakiten herritarrek horren berri eman beharko diote ondasuna kokatuta dagoen lurraldeko foru-aldundiari edo udalari.
Edonork du legitimitatea kultura-ondarearen alde jarduteko, eta, beraz, egoki iritzitako egintzak bideratu ahal izango ditu, administrazio-bidean edo bide judizialean, administrazio publikoei lege honetan xedatutakoa bete dezatela exijitzeko.
Administrazioak, Euskal Kultura Ondarearen erakundearteko Organoaren bidez, parte hartzeko mekanismoak antolatuko ditu herritarrek kultura-ondasunen babesa proposatu dezaten lege honetan dauden irizpide eta kategorien arabera.
Euskal kultura-ondarea osatzen duten ondasuna, dagokien babes-mailaren arabera, honelakoak izango dira:
Babes berezia duten kultura-ondasunak: babes berezia jasoko dute lege honen 2.1 artikuluko kultura-balioetako bat duten EAEko kultura-ondasun higiezin, higigarri eta immaterial nabarmenenek.
Babes ertaina duten kultura-ondasunak: babes ertaina jasoko dute lege honen 2.1 artikuluko kultura-balioetako bat duten EAEko kultura-ondasun higiezin eta higigarri garrantzitsuek.
Oinarrizko babesa duten kultura-ondasunak: oinarrizko babesa jasoko dute indarrean dauden udal hirigintza-plangintzako dokumentuetako katalogoetan sartuta dauden ondasunetatik abiatuta arauz zehazten diren eta lege honen 2.1 artikuluan aipaturiko kultura-balioren bat duten kultura-intereseko higiezinek, salbu eta babes berezia edo ertaina aitorturik dutenek, horiek Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistroan sartuta baitaude.
Bizirik dagoen egile baten kultura-ondasunaren babesa salbuespentzat joko da, eta kasu horretan titularraren berariazko baimena beharko da.
EAEren interesaren izenean babes bereziko eta ertaineko kultura-ondare deklaratzen diren ondasun higiezinak kategoria hauetako batean sailkatu beharko dira:
Monumentua.
Monumentu-multzoa.
Eremu arkeologiko edo paleontologikoa.
Lorategi historikoa.
Kultura-ibilbidea.
Kultura-espazioa.
Lege honen ondorioetarako, honela ulertzen dira:
Monumentua: giza jarduerak sortutako eraikina edo obra materiala, unitate berezia osatzen duena.
Monumentu-multzoa: lege honetan babesten diren balioetako batzuk dituztelako kultura-unitate bat osatzen duten ondasun higiezinen multzoa, modu jarraituan zein ez-jarraituan; ez da nahitaezkoa izango osagai diren elementuek banaka garrantzirik edo kultura-baliorik izatea.
Eremu arkeologikoa edo paleontologikoa: interesa duten aztarna arkeologiko edo paleontologiko egiaztatuak dituen gunea.
Lorategi historikoa: gizakiak diseinatutako eta zedarritutako gunea, kultura- eta natura-balioak eta -berezitasunak dituena.
Kultura-ibilbidea: biztanlegune, eskualde eta herrialde ezberdinen arteko truke eta elkarrizketarekin lotutako kultura-esanahia duen komunikazio-bidea.
Kultura-espazioa: esanahi desberdinak, ukigarri zein ukiezinak, identifikatzen diren esparru naturala, lurrekoa, itsasertzekoa, ibaietakoa, landagunekoa, hirigunekoa edo hiri-ingurukoa.
Kategoria kolektibo baten barruan deklaratzen diren kultura-ondasunen artean egon daitezke banaka-banaka babes-maila ezberdina duten ondasunak; hala eta guztiz ere, ez da beharrezkoa izango horien banakako deklarazioa, eta lege honetan banaka esleitzen zaien babes-mailari dagokion babes-araubidea aplikatuko zaie. Horretaz gainera, nola banakotasun hori gainditzen duen kultura-ondasun kolektibo baten zati diren, ondasun kolektiboetarako aurreikusitako babes-araubidea ere aplikatuko zaie, kasuan-kasuan ematen zaien babes-mailaren arabera.
Dena den, kultura-ondasun kolektiboei esleitzen zaien babes-maila beti izango da banaka dituzten ondasunen artean mailarik altuena duenaren parekoa edo hortik gorakoa.
Euskal kultura-ondarea osatzen duten kultura-intereseko ondasun higigarriak kategoria hauetako batean sailkatu beharko dira:
Ondasun higigarri banakakoa.
Ondasun higigarrien multzoa.
Lege honen ondorioetarako, ondasun higigarri banakakoa da berez, banaka hartuta, kultura-balioa duen ondasun higigarria.
Lege honen ondorioetarako, ondasun higigarrien multzoa da, berez, banaka hartuta, kultura-balioaz gainera, ondasun bateratuen kultura-unitate zabalago bat osatzen duena, kidetasun estilistikoa, fisikoa, tipologikoa edo bestelakoa dela-eta.
Ondasun higigarrien multzo baten barruan deklaratzen direnen artean egon daitezke banaka-banaka babes-maila ezberdina duten ondasunak. Ondasun higigarrien multzoari esleitzen zaion babes-maila beti izango da banaka dituzten ondasunen artean mailarik altuena duenaren parekoa edo hortik gorakoa.
Euskal kultura-ondarea osatzen duten ondasun immaterialak gutxienez kategoria hauetan sailkatu ahalko dira, zeinak beren artean iragazkorrak izango diren:
Kulturaren ahozko tradizioak eta adierazpideak; hizkuntza barne, kultura-ondare immaterialaren hedatzailea den aldetik, eta toponimia.
Bertsolaritza.
Musika.
Dantza.
Emanaldi tradizionalak eta oroitzapenezkoak.
Usadio sozialak.
Gastronomia.
Kirola.
Jai-ekitaldiak.
Naturarekin eta unibertsoarekin lotutako ezagutzak eta usadioak.
Eskulangintzari eta industriari buruzko teknikak.
Babes berezia eta ertaina duten kultura-ondasunen deklarazioak Eusko Jaurlaritzan kultura-ondarearen eskumena duen sailaren deklarazio-espedientea hastea eskatuko du. Prozedura ofizioz hasiko da beti, alor horretako eskumena duen sailordetzaren eskutik, bai norberaren ekimenez bai beste organo eta administrazio batzuen edo edozein pertsona fisiko edo juridikoren eskariz.
Prozeduraren hasiera interesdunen eskariz sustatzen bada, hiru hilabeteko epean ebatzi beharko da eta jakinarazi hasiera egokia den ala ez.
Kultura-ondasun higiezinak, higigarriak eta immaterialak babesteko espedientea jendaurrean jarriko da, eta interesdunei entzungo zaie, arau hauek beteta:
Kultura-ondasun higiezinen kasuan, entzunaldia kasuan kasuko foru-aldundiari, ondasuna kokatuta dagoen udalari, eragindako jabeei eta espedienteari hasiera emateko eskatu duten entitate, elkarte eta partikularrei entzunaldia emango zaie; gainera, espedientea jendaurrean jarriko da. Monumentu-multzoak edo gainerako tipologia kolektiboetako ondasunak badira, eragindako jabeentzako eta partikularrentzako jakinarazpenen ordez, tokian tokiko aldizkari ofizialetan argitaratuko da espedientearen hasieraren berri.
Kultura-ondasun higigarrien kasuan, entzunaldia kasuan kasuko foru-aldundiari, ondasuna kokatuta dagoen udalari eta eragindako jabeei emango zaie.
Kultura-ondasun immaterialen kasuan, entzunaldia kasuan kasuko foru-aldundiari eta udalei emango zaie; gainera, espedientea jendaurrean jarriko da. Eragindako partikularrei egin beharreko jakinarazpena tokian tokiko aldizkari ofizialaren bidez egingo da.
Deklarazio-erabakia hamabi hileko epean, gehienez, ebatzi eta jakinarazi beharko da, espedientearen hasiera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik zenbatuta.
Gehienezko epe hori igaro eta esanbidezko ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, deklarazio-prozedura iraungi egingo da. Prozedura hasi zuen organo bera izango da iraungitzeko ebazpena emango duena eta eskatu zuenari jakinaraziko diona, eta, horrekin batera, jarduketak artxibatzeko aginduko du.
Ondasun bat babesteko espedientea hasteaz bat, ondasun hori babesteko araubide berariazkoa aplikatuko da behin-behinean, bai eta lege honetan aurreikusitako babes-araubide erkidea eta berezia ere. Ondasun higiezinen kasuan, eten egingo dira babestutako guneetan partzelatzeko, eraikitzeko eta eraisteko lizentziak eta dagoeneko emanda daudenen ondorioak, babes-araubidean ezarritakoaren arabera.
Espedientea iraungi izanaren ebazpenak eraginik gabe utziko du legeko babes-araubidearen behin-behineko aplikazioa, eta, horren ondorioz, aurreko zenbakian udal-lizentzietarako aipatzen den etendura bukatu egingo da.
Euskal kultura-ondarea osatzen duten ondasunen deklarazioak honako elementu hauek jasoko ditu, gutxienez ere:
Ondasunaren babes-maila eta kategoria. Babestutako ondasun bat baino gehiago baldin badago, horietako bakoitzaren maila adieraziko da.
Ondasunaren eta haren kultura-balioen deskribapen argia eta zehatza, haren parte diren osagarri guztiena barne, eta, hala badagokio, babesa jasotzen duten eta berari lotuta dauden beste ondasunen deskribapena ere.
Ondasunaren babesa justifikatzen duten balio kulturalen azalpena.
Elementu degradatzaileen zerrenda, ikusizko kutsadura edo kutsadura akustikoa sortzen dutenak barne, arintze edo ezabatze aldera.
Proposatutako babes-neurriak, egin ahal diren edo, bere kasuan, debekatuta dauden jarduerak zehaztuta.
Ondasunaren mugaketa, eta, hala badagokio, hura behar bezala babesteko eta beraren balioa nabarmentzeko beharrezkoa den ingurunearena.
Desgaitasuna duten pertsonek dituzten irisgarritasun-behar espezifikoei erantzuteko arrazoizkoak diren proposamenen eta doikuntzen zerrenda.
Babes berezikotzat jotako ondasunen zerrenda, horrelakorik balego, eroslehentasun-eskubidea eta atzera eskuratzeko eskubidea egikaritzeko, baldin eta monumentu-multzo bat edo banakoturik ez dagoen beste kategoria bat bada; salbuespenak dira ondasunen zerrenda hau behar ez duten gune arkeologikoak.
Eusko Jaurlaritzak babes bereziko kultura-ondasun edo babes ertaineko kultura-ondasun deklaratu ahalko du ondasun-kategoria, -mota edo -era zehatz bat, aldez aurretik espediente bat emanda, non eragindako ondasunen zerrenda osoa, haien kokalekua eta bidezko txostenak eta dokumentazioa jasoko diren.
Deklarazio orokorraren espedientea bideratzeko, kapitulu honetan ezarritako izapide berberak bete beharko dira, eta espedientea ebazteko proposamena argitaratzen denetik aurrera, behin-behinean, legean ezarritako babes-araubidea aplikatuko zaie eragindako ondasunei.
Babes berezia duen kultura-ondasunaren deklarazioa Gobernu Kontseiluaren dekretu bidez onartuko da, Eusko Jaurlaritzan kultura-ondarearen eskumena duen sailburuaren proposamenez.
Babes ertaina duen kultura-ondasunaren deklarazioa Eusko Jaurlaritzan kultura-ondarearen eskumena duen sailburuaren agindu bidez onartuko da.
Babes-araudi berariazko bat jasotzen duten eta aurreko zenbakietan aipatzen diren dekretu-aginduak xedapen orokortzat joko dira. Eta haien izapideak egiteko, lege honetan aurreikusten diren prozedurazko arauei jarraituko zaie.
Babes berezia edo ertaina duten kultura-ondasunen deklarazioak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta dagokion lurralde historikoko aldizkari ofizialean argitaratuko dira.
Babes berezia duen kultura-ondasun baten eta babes ertaina duen kultura-ondasun baten deklarazioa indarrik gabe utzi ahal izango da, osorik edo partez, deklarazioa egiteko erabili diren izapide berberak erabiliz, aldez aurretik Euskal Kultura Ondarearen EAEko Kontseiluak horren aldeko txostena ematen badu.
Ondasun baten babes berezia edo ertaina azkendu dela deklaratzeko ekintza administratiboak arrazoituta egon beharko du eta prozedurari hasiera ematea eskatu zuenari jakinarazi beharko zaio.
Eusko Jaurlaritzan kultura-ondarearen eskumena duen organoak ofizioz eskatuko du babes berezi eta ertainaren deklarazioa jasotzen duten kultura-ondasun higiezinak Jabetza Erregistroan doan inskribatzeko. Erregistroko arduradunek beharrezko neurriak hartuko dituzte inskripzioa egoki egin dadin.
Ondasun higiezin bat oinarrizko babesa duen kultura-ondasun deklaratuko da indarrean dauden udal hirigintza-plangintzako dokumentuetako katalogoetan sartzen denean, salbu eta jadanik Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistroan sartuta badago. Horretarako, Eusko Jaurlaritzan hirigintzaren eskumena duen sailak udal hirigintza-plangintzak onartzen dituzten ebazpenak jakinaraziko dizkio Eusko Jaurlaritzan kultura-ondarearen eskumena duen sailari.
Deklarazioa Oinarrizko Babesa duten Kultura Ondasunen EAEko Erregistroan inskribatuko da. Erregistro horretan inskribatutako ondasunek babes berezia edo babes ertaina duten kultura-ondasun deklaratuak izateko behar besteko balio badute, lege honetan azken horientzat aurreikusitako izapideak egin beharko dira. Kasu horietan, 15. artikuluan ezarritako babes-araubidea aplikatu beharko zaie, aldi baterako.
Oinarrizko babesa duen kultura-ondasun baten deklarazioa indarrik gabe utzi ahal izango da, osorik edo partez, deklarazioa egiteko erabili diren izapide berberak erabiliz, eta aldez aurretik Euskal Kultura Ondarearen EAEko Kontseiluak horren aldeko txostena ematen badu.
Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistroa sortzen da, kultura-ondasun higiezinak, higigarriak eta immaterialak babesteko eta kudeatzeko tresna gisa. Bertan, deklarazioa jaso duten babes bereziko eta ertaineko ondasunak inskribatuko dira.
Eusko Jaurlaritzan kultura-ondarearen eskumena duen sailak kudeatuko du Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistroa. Erregistroaren antolamendua eta funtzionamendua erregelamendu bidez ezarriko dira.
Oinarrizko Babesa duten Kultura Ondasunen EAEko Erregistroa sortzen da. Eusko Jaurlaritzan kultura-ondarearen eskumena duen sailak kudeatuko du erregistroa, eta erregelamendu bidez arautuko ditu haren antolamendua eta funtzionamendua.
Ondasun bat Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistroan inskribatzeko prozedura amaitzen denean, zuzenean kenduko da ondasun hori, hala badagokio, Oinarrizko Babesa duten Kultura Ondasunen EAEko Erregistrotik.
Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistroan eta Oinarrizko Babesa duten Kultura Ondasunen EAEko Erregistroan inskribatutako ondasunek kode bana jasoko dute, identifikatu ahal izateko.
Oinarrizko babesa duten kultura-ondasunen kasuan, sistema operatiboa erregelamenduz ezarriko da, aldundiek jakin dezaten zein esku-hartze egin daitezkeen ondasun horietan.
Bi erregistroek honako hauen fede emango dute: bertan jasotako datuena, bertan inskribatuta dauden ondasunen identifikazioari eta kokapenari eragiten dieten jarduketena, eta erregistroen gainean egiten diren egintzena.
Erregistro horietan inskribatuta dauden ondasunen titularrek jakinaren gainean jarriko dute Eusko Jaurlaritzan kultura-ondarearen eskumena duen saila, baldin edozein esku-hartze edo lekualdatze gertatzen bada edo beren ondasunei eragiten dieten egintza juridikoak eta bestelako gorabeherak gertatzen badira.
Era berean, foru aldundiek eta udalek ere jakinaren gainean jarriko dute Eusko Jaurlaritzan kultura-ondarearen eskumena duen saila, baldin inskribatutako ondasunei eragiten dieten egintza administratiborik eta jarduketarik egiten bada.
Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistroko eta Oinarrizko Babesa duten Kultura Ondasunen EAEko Erregistroko irispidea publikoa izango da, erregistroetan jasotako oharrei dagokienez, salbu eta segurtasuna eta ordena publikoa, pertsonen bizitza pribatua eta intimitatea eta legeak babestutako sekretu komertzialak eta zientifikoak direla-eta babestu beharreko informazioei dagokienez, datuak babesteko arauei jarraituz. Orobat, mugatu egingo da erregistrorako irispidea, erregistratutako ondasunen segurtasuna bermatze aldera, erregelamendu bidez ezartzen diren baldintzetan.
Babes-araubide erkidearen arauak berdin aplikatuko zaizkie kultura-ondasun higigarriei, higiezinei eta immaterialei, edozein dela ere haien babes-maila (berezia, ertaina edo oinarrizkoa).
Babes-araubide erkide honekin batera, nahitaez bete beharko da ondasun mota bakoitzari jarritako legezko babes-araubidea ere, zeina babes-mailaren eta, hala badagokio, babes-espedientean ezarritako araubide berariazkoaren arabera zehaztuko baita.
Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistroan inskribatuta dauden titulartasun publikoko ondasunak preskribaezinak eta enbargaezinak dira.
Administrazio publikoek ezin izango dituzte babes berezia duten kultura-ondasunak besterendu, elkarri egiten dizkioten eskualdatzeetan izan ezik.
Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistroan eta Oinarrizko Babesa duten Kultura Ondasunen EAEko Erregistroan inskribatutako kultura-ondasunen jabeak, edukitzaileak edo ondasunen gaineko eskubide errealen titularrak behartuta daude hirigintzaren eta kultura-ondarearen alorrean indarrean dagoen legediak ezarritakoa betez ondasun horiek behar bezala kontserbatzera, zaintzera, babestera eta erabiltzera, ondasunen osotasuna bermatzeko eta galdu, suntsitu edo hondatu ez daitezen.
Ondasunen titularrek aurreko zenbakian adierazitako kontserbatzeko obligazioak bete ezean, honako neurri hauek agindu ahal izango dituzte foru-aldundiek, ofizioz edo Eusko Jaurlaritzan kultura-ondarearen eskumena duen sailaren eskariz:
Babestutako kultura-ondasunetan egiten den edozein obra, lan edo jarduketa berehala etetea, baldin eta obra, lan edo jarduketa horiek lege honetan xedatutakoa urratuz egin badira.
Aplikatzekoa den babes-araubidearekin bateragarriak ez diren ondasunaren erabilerak etetea.
Kasuan kasuko ondasuna ez galtzeko edo bertan egindako kalteen ondorioak ezabatzeko beharrezkoak diren neurriak betearaztea.
Babestutako ondasunaren kontserbazioa bermatzeko beharrezkoa bada, foru-aldundiak zuzenean egin ahal izango ditu ondasunaren osotasuna ziurtatzeko atzeraezinak diren esku-hartzeak. Ondasuna kontserbatzera behartuta dagoenak ordainduko du esku-hartzea, eta betearazte-bidea erabiliz eskatu ahal izango zaio ordaintzeko.
Tokian tokiko foru-aldundiak emango du kultura-ondasun higiezinen kontserbazioa bermatzea xede duen esku hartzeko agindu irmoa. Agindu horrek zehaztuko du, esku-hartzearen ordainketari begira, horren helburu diren babestutako ondasunek zuzeneko eta berehalako obligazio erreala duten. Obligazio erreal hori orri-bazterreko ohar bidez adierazi behar da Jabetza Erregistroan, berme erreala dela espresuki jasota eta egon daitezkeen bestelako bermeen aldean lehentasunezkoa dela zehaztuz.
Lege honetan ezarritako eginbeharrak betetzen direla bermatzeko ematen diren betearazpen-aginduak bete ezik, foru-aldundiek ahalmena izango dute agindutakoa modu subsidiarioan betearazteko obligaziodunaren kontura, betiere gauzatzeko aurrekontu balioetsia behin-behinean likidatu ondoren.
Hertsatzeko isunak jarriko dira, hilero, gehienez ere hamar elkarren segidan; horietako bakoitzaren zenbatekoa jarraian aipatzen direnetatik handienaren bestekoa izango da, gehienez: obren edo jarduketen kostuaren hamarrena edo 1.000 euro.
Behartutako pertsonak hertsatzeko hamar isun jasoz gero, betearazpen subsidiariora joko da, obligaziodunaren kontura, isunik jarri gabe ere, baldin eta dagokion foru-aldundiak komenigarri ikusten badu agindutakoa modu subsidiarioan betearaztea.
Hertsatzeko isunak jarri arren, beste isun batzuk ere jarriko dira zehapen gisa, haien izaera ez baita zehatzailea.
Babestutako kultura-ondasunak desjabetu ahalko dira, onura publikoko eta interes sozialeko honako arrazoi hauek direla medio:
Kultura-ondasunak defendatzea eta babestea.
Babestutako ondasunen jabeek, edukitzaileek eta eskubideen titularrek lege honetan ondasuna kontserbatzeko eta zaintzeko ezarritako betebeharrak ez betetzea; horrek ahalmena ematen baitio Administrazioari babestutako ondasuna osorik edo partzialki desjabetzeko.
Babestutako higiezin baten aurri-deklarazioa. Babestutako ondasun bat aurri deklaratzeko espedientea irekiz gero edo aurri-egoeraren salaketa jasoz gero, nahitaez desjabetzeko prozedura ireki ahal izango da.
Babestutako kultura-ondasunik desjabetuz gero, balio justuaren barruan zenbatuko dira ondasun horien kontserbazio egokia bermatzeko administrazio eskudunek egiten dituzten esku-hartzeei dagozkien zorrak.
Kultura-ondasunen titularrek lege hau betearazteko beharrezkoa den informazioa eta ondasunetarako irispidea eskuratu beharko diete agintari eskudunei edo funtzionario arduradunei.
Era berean, kultura-ondasunen titularrek ikertzeko aukera eman behar diete, nahitaez, dagokion foru-aldundiaren berariazko baimena duten ikertzaileei. Baimena eman ahal izateko, aurrez eskari arrazoitua egin beharko da. Baina ukatu egin ahal izango da edo baldintzak jarri, baldin eta beharrezkoa bada kultura-ondasuna behar bezala babesteko edo horren ezaugarriek hala gomendatzen badute.
Kultura-ondasunen jabeek edo edukitzaile legitimoek baimena eman beharko dute ondasunaren jendaurreko bisitaldiak egiteko, tokian tokiko foru-aldundian kultura-ondarearen eskumena duen sailak erregelamendu bidez ezartzen dituen baldintzetan. Ez da, aldiz, obligaziorik egongo kultura-ondasunak, haien eremuak edo elementuak bisitagai jartzeko, baldin eta titular edo jabe legitimoek arrazoi justifikatu bat alegatzen badute, betiere oinarrituta intimitate-, ohore- eta bestelako funtsezko eskubideetan eta askatasun publikoetan, edo Eusko Jaurlaritzan kultura-ondarearen eskumena duen sailak ontzat emandako beste edozein arrazoitan. Kultura-ondasun higigarrien kasuan, bisitaren ordez, ondasunaren gordailua egin ahal izango da, alde biek aldez aurretik hala adosten badute.
Lege honetan araututako babes-erregimenek proposamenak jasoko dituzte, desgaitasun fisikoak dituzten pertsonei ondasun kulturaletarako sarbidea ahalbidetuko dietenak, betiere proposamen horiek bateragarriak baldin badira babestutako balio kulturalekin. Era berean, lege hau indarrean sartu eta lau urteko gehienezko epean, desgaitasun fisikoak dituzten pertsonei sarbide unibertsala bermatuko zaie babestutako ondasun kulturalei buruzko informaziora eta horiei buruz sortzen diren material didaktikoetara.
1. ATALA
BABES BEREZIA ETA ERTAINA DUTEN KULTURA ONDASUNETAN ESKU HARTZEA ETA HAIEK KONTSERBATZEA
Oro har, foru-aldundiei dagokie lege honen bidez babesten diren kultura-ondasunetan egin beharreko esku-hartzeak baimentzea.
Artikulu honetan aipaturiko esku-hartzeak baimentzeari buruzko ebazpena emateko eta jakinarazteko gehienezko epea hiru hilabetekoa izango da, eskaera jasotzen den egunaren biharamunetik zenbatuta. Epea igaro eta ebazpenik jakinarazi ez bada, diru-laguntzaren eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko dute interesdunek, administrazio-isiltasuna dela eta.
Lege honen bidez babesten diren ondasunetan egiten diren esku-hartzeei buruzko baimenak interesdunei eta Eusko Jaurlaritzan kultura-ondarearen eskumena duen sailari jakinarazi beharko zaizkie.
Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistroan dagoen euskal kultura-ondarearen edozein ondasunetan egiten diren esku-hartzeetan, ondasunaren ezagutza, kontserbazioa, zaharberritzea eta haren balioa nabarmentzeari begirako birgaitzea bermatuko dira, zientzia eta teknikaren bitarteko guztien bidez.
Lege honen ondorioetarako, kultura-ondasun baten balioa nabarmentzea da hura ezagutzeko, balioztatzeko, aitortzeko eta erabilera emateko egiten diren jarduketen multzoa, betiere ondasunaren kultura-balioak desitxuratu gabe egiten bada.
Ondasunen erabilerak bateragarria izan behar du deklarazioan babestu nahi diren balioekin, eta beti bermatu beharko da haien kontserbazioa eta balioa nabarmentzea.
Oinarrizko jardun-printzipioa hau izango da: ondasunak berekin dituen kultura-balioen transmisioa segurtatzeko nahitaezkoa den gutxieneko esku-hartzea eta aplikatzen diren prozeduren itzulgarritasuna.
Esku-hartzeetan, ondasunaren bilakaerari buruzko informazioa ematen duten eta garai guztietan atxiki diren eranskinak errespetatuko dira. Orobat, babestutako ondasunak kaltetu dituzten eranskinak kentzeko ahalegina egingo da.
Falta diren zatiak berreraikitzea edo berrezartzea baimenduko da bakar-bakarrik zati horien benetakotasuna frogatzen duen aski informazio zehatza dagoenean eta, gainera, honako baldintza hauetako bat gertatzen denean:
Esku-hartzea beharrezkoa izatea ondasunaren osotasuna bermatzeko edo haren kultura-balioak egoki ulertzeko.
Berrezartze-lanetan jatorrizko elementuak erabiltzea edo, hori ezinezkoa bada, elementu bateragarriak; azken kasu horretan, jatorrizkoetatik bereizteko modukoak izango dira.
Baimentzen diren gehikuntzek multzoaren harmonia gorde beharko dute, baina jatorrizko zatietatik bereiziko dira, faltsifikazio historikoak edo artistikoak eragozteko. Gehikuntza horien izaerak haien itzulgarritasuna bermatu beharko du, ondasunari kalterik egin gabe.
Esku-hartzeetan, barne egiturak, banaketak eta akaberak babestu beharko dira, kanpoko inguratzaileen babes-maila berarekin, eta elementu eratzaileak eraistea ekidingo da, non eta banan-banan ordezkatzeko ez bada, eta orduan jatorrizkoen antzeko egiturak jarriko dira.
Debekatu egiten da ondasuna eta haren ingurunea eratzen duten teknika eta materialekin bateragarriak ez direnak erabiltzea, edo araubide aplikagarriari jarraituz babestu nahi diren balioekin bateragarriak ez direnak. Esku-hartzeetan erabiltzen diren teknikek eta materialek esperientziaren bitartez edo ikerketaren bitartez nahikoa egiaztatuta dauden jokaera eta emaitzak izan behar dituzte.
Araudi sektorialen aplikazioa ondasunaren kultura-balioak kontserbatzearen mende egongo da.
Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistroko kultura-ondasun bat deklaratzeko balioei eragiten dieten esku-hartzeek proiektu tekniko espezifiko bat beharko dute, ondasunaren izaerarekin eta esku-hartzearen izaerarekin bat datorrena. Ondasunaren titularrak aurkeztu beharko du txosten hori, foru-aldundietan kultura-ondarearen eskumena duen departamentuak onar dezan. Lege honen 46.2 artikuluan aipatzen diren esku-hartzeen kasuan, proiektu teknikoa udalei aurkeztu beharko zaie.
Esku-hartzea bukatutakoan, hura egiaztatu eta erregistratze aldera, txosten bat aurkeztu beharko du ondasunaren titularrak, tokian tokiko foru-aldundian kultura-ondarearen eskumena duen departamentuan.
Legezko gaitasuna duten profesionalek idatzi beharko dituzte bai esku-hartzearen proiektua bai haren gaineko txostena ere; esku-hartzearen izaerak hala eskatzen duenean, profesional horiek diziplina arteko taldeetan integratuko dira.
Foru-aldundien eginkizuna da esku-hartzeko proiektuaren eta txostenaren edukiak ezartzea.
Memoriak, nolanahi ere, ondorengo oinarrizko zehaztapenak izango ditu:
Esku hartutako eremuaren egoera eta mugaketa.
Esku-hartzerako erabilitako metodologia adieraztea.
Halaber, jarduera arkeologikoen eta paleontologikoen kasuan, alderdi hauek ere jasoko ditu:
Unitate estratigrafikoen, mailen eta geruzen informazio zehatza.
Aztarnategiaren egoera esku-hartzearen ondoren.
Aztarnategiaren azken balorazioa.
2. ATALA
BABES BEREZIA DUTEN KULTURA ONDASUNEN ARAUBIDE ESPEZIFIKOA
Babes berezia duten kultura-ondasunak lege honetan aurreikusitako babes-araubidearen bitartez arautuko dira, bai eta ondasun bakoitzaren deklarazioan ezartzen den berariazko araubideren bitartez ere.
Kultura-ondasun higiezinak, higigarriak eta immaterialak izan ahalko dira babes bereziko kultura-ondare.
Babes bereziko kultura-ondarearen edozein kategoriari eragiten dion obra edo esku-hartze orok kategoria horren babes-araubidean jasotako irizpideak bete beharko ditu. Babes-araubide berariazkorik izan ezean, bakar-bakarrik baimenduko dira ondasunen kontserbatzea eta haien balioa nabarmentzea xede duten esku-hartzeak, lege honen 34. artikuluan adierazitako irizpideekin bat.
Monumentuetan esku hartzeko, honako irizpide hauek bete beharko dira:
Eraikuntza-sistemen osotasunari eusteko beharrezkoak diren gutxieneko kontserbazioko esku-hartzeak baimenduko dira, baldin eta sistema horiek huts eginez gero kalte konponezinak sor badaitezke monumentuan, estalkietan eta iragazgaizteetan, edo egituretan eta zimenduetan.
Beste eraikuntza-sistemetan (itxiturak, zatiketak, zurgin-lanak eta estaldurak) bakarrik esku hartuko da haien osotasunari eusteko, eta ez da aldaketa nabarmenik egingo.
Instalazio-sistemen eguneratzea onartuko da, baldin eta monumentuaren erabilera hobetzera zuzenduta badago eta ez badio kalterik ekartzen babestutako balioen kontserbazioari.
Erabilerak aldatzea onartuko da, betiere aldaketa horiek ezinbestekoak badira monumentua kontserbatzeko eta haren balioa nabarmentzeko. Erabilera berria monumentuaren osotasunarekin bateragarria dela frogatu beharko da.
Monumentu-multzoetan esku hartzeko, honako irizpide hauek bete beharko dira:
Multzoaren hiri- eta arkitektura-egiturari eutsiko zaie, baita inguruaren ezaugarri orokorrei eta paisaiaren soslaiari ere; hori dela eta, ez dira onartuko lerrokadurak aldatzea, eraikigarritasuna aldatzea, lur-zatikatzeak edo higiezin-eransketak, baldin eta multzoaren egiturari ezaugarri orokorrei eragiten badiete, salbu eta berariazko babes-araubidean jasotako kasuetan.
Multzoaren elementu eratzaileetan egiten diren esku-hartzeen koordinazioa bultzatuko da, eta, horretarako, esku-hartzeak ondasun babestuaren gainean duen inpaktuaren aldez aurretiko ebaluazioa egingo da, kontserbatu beharreko multzoaren osagarriak ezagutzeko eta haren balioa nabarmentzeko jarraibideak emateko.
Multzoaren elementu eratzaileetan barne-birgaitzerako esku-hartzeak onartuko dira, erabilera berrietara egokitzekoak eta bizigarritasuna hobetzekoak, betiere eraginik ez badute eraikuntza-, arkitektura- eta ingurumen-sistemen osotasunean.
Eremu arkeologikoetan esku hartzeko, irizpide hauek bete beharko dira:
Bakar-bakarrik baimendu ahal izango dira helburu zientifikoa duten jarduerak, ikerketa arkeologikora bideratutakoak eta aztarnak in situ mantentzera zuzendutakoak, salbu eta berariazko babes-araubidean jasotako salbuespenak.
Jarduera zientifiko horiek aztarnategiaren azterketa globala egiteko programa batean sartu beharko dira, eta aztarnategia hobeto ezagutzen lagundu beharko dute, haren balioa nabarmentzen errazteko.
Behin esku-hartze arkeologikoa amaitutakoan, lurpean geratzen diren egiturak eta aztarna higiezinak agertu diren lekuan bertan kontserbatuko dira.
Garrantzi historiko-arkeologikoa duten egiturak eta aztarna higiezinak ez ezik, kontserbazio-mailagatik garrantzia dutenak ere kontserbatuko dira.
Lorategi historikoetan, kultura-ibilbideetan edo kultura-paisaietan esku hartzeko, honako irizpide hauek bete beharko dira:
Elementu eratzaileetan egiten diren esku-hartzeen koordinazioa bultzatuko da, eta, horretarako, esku-hartzeak ondasun babestuaren gainean duen inpaktuaren aldez aurretiko ebaluazioa egingo da, kontserbatu beharreko ondasunaren osagarriak ezagutzeko eta haren balioa nabarmentzeko jarraibideak emateko.
Ondasunak mantentzeko esku-hartzeak, indartzekoak eta berreskuratzekoak lege honen 2.1 artikuluan aipatzen diren balioak dituzten kultura- zein natura-elementuei aplikatuko zaizkie.
Aintzat hartuko da, behar izanez gero, ondasunaren immaterialtasuna, eta babes-neurri espezifikoak eta bereziak hartuko dira beraren iraunkortasuna, eboluzioa eta ohiko erabilera bultzatzeko.
Babes berezia duten kultura-ondasun higigarrietan esku hartzeko, honako irizpide hauek bete beharko dira:
Ondasuna honda ez dadin bideratutako prebentziozko kontserbaziorako estrategiak aplikatzea.
Diziplina arteko ikerketa bat egitea, esku-hartzean jarraitu beharreko irizpide eta lan-metodologia ezartzeko.
Kontserbazio sendagarriko esku-hartzeak eta zaharberritzekoak aplikatzea, batez ere kultura-ondasuna betiko galtzeko arriskua edo haren balio kultural, artistiko edo historikoetan galera bat izateko arriskua duten hondamen-kasu larrietan.
Egindako esku-hartzeari buruzko txosten bat idaztea, hautatutako irizpideak eta lan-metodologia azalduko dituena, bai eta esku hartutako eremuak eta erabilitako produktuak ere, argi zehaztuz zer proportziotan erabili diren eta zein den haien izen zientifikoa. Txostenak, halaber, obraren mantentze-lanei eta kontserbatze-lanei buruzko plan bat jasoko du, non gerora obra ez hondatzeko eta haren egonkortasuna luzatzeko jarraibideak jasoko diren.
Proposamen bat egingo da mantenimendu-gomendioekin, ondasun higigarriak beste esku-hartze bat exijituko duen kalte gehiago jasan ez dezan.
Tratatutako ondasuna jatorrizko kokalekura itzuliko da, toki horrek behar diren baldintza egokiak baditu. Zaharberritzeko arrazoia izan bada kokalekuaren ingurumen-egoera txarra, ondasuna jatorrizko kokaleku horretan berriz jarri baino lehen arazo horiek konpondu direla bermatu beharko da, ondasunaren kontserbazioa segurtatze aldera.
EAEko Administrazio Orokorrak lehentasunez erosteko eskubidea eta atzera eskuratzeko eskubideak izango ditu inter vivos eskualdatze kostu bidezkoetan, borondatezkoetan zein babes berezia duten kultura-ondasunen gaineko betearazpen-prozeduretatik eratorritakoetan.
Hiru hilabeteko epean, EAEko Administrazio Orokorreko dagokion organoak lehentasunez erosteko eskubidea erabili ahal izango du, bai beretzat, bai beste Administrazio edo erakunde publiko batzuentzat edo irabazi asmorik gabeko kultura-erakundeentzat; hala gertatuz gero, adostutako prezioa ordaindu beharra izango du. Lehentasunez erosteko eskubidea erabiliz gero, erosketa egin behar duen administrazioak edo erakundeak, kasuan kasuko organo eskudunaren bitartez, kostu bidezko eskuraketaren ebazpena eman behar du aurretiaz, egin beharreko aurrekontu-erreserba eginda edo, izaera publikoa ez duten erakundeen kasuan, ordainketaren bermea, erabakitzen den erosketa hori gauzatu ahal izateko.
Lehentasunez erosteko eskubidea eta atzera eskuratzeko eskubidea gauzatzeko prozedurak honako arau hauek bete beharko ditu:
Eskualdatzea egiten duenak jakinarazi beharko dio Eusko Jaurlaritzan kultura-ondarearen eskumena duen sailari, modu frogagarrian jakinarazi ere, kultura-ondasuna eskualdatzeko asmoa duela, eta datu hauek guztiak zehaztu: prezioa, ordainketaren atzerapena horrelakorik badago, eroslearen nortasuna eta eskualdatzearen gainerako funtsezko baldintzak.
Ondare-betearazpen prozedura batean egindako eskualdatzeen kasuan, esleipena egiten duen erakundeak Eusko Jaurlaritzan kultura-ondarearen eskumena duen sailari jakinarazi beharko dio, aldez aurretik, eskualdatzea, hiru eguneko epean, prezioa eta esleipenduna zein izango den adierazita.
Eskualdatzeko asmoaren gaineko jakinarazpen frogagarria garaiz eta modu egokiz jaso ondoren, EAEko Administrazio Orokorrak uko egin ahal izango dio lehentasunez erosteko eskubidea erabiltzeari, eta horren berri eman beharko dio eskualdatzaileari. Administrazioak ez badu lehentasunez erosteko eskubidea erabili jakinarazpen osoa eta frogagarria jaso eta hurrengo hiru hilabete igaro ondoren, eskubide hori iraungi egingo da jakinarazitako eskualdatzeari dagokionez.
EAEko Administrazio Orokorrak honako kasu hauetan gauzatu ahalko du atzera eskuratzeko eskubidea:
1. Eskualdatzea egiten duenak ez badu jakinarazpena egin, edo egin duen jakinarazpena osatugabea edo akastuna bada.
2. Jakinarazitako eskualdatzea lehentasunez erosteko eskubidea iraungi baino lehen egin bada.
3. Lehentasunez erosteko eskubidea gauzatzeko epea amaitu ondoren, eskualdatzea jakinarazpenean adierazitako baldintzak aldatuta egin bada.
4. Aipatutako baldintzetan eta hiru hileko epean gauzatu ahalko da atzera eskuratzeko eskubidea. Atzera eskuratzeko eskubidea gauzatzeko epea eskualdatzea egin dela jakiten den unean hasiko da kontatzen, edozein bitartekoren bidez jakinda ere.
Monumentu-multzoen barruko ondasunak edo banakakoa ez den beste kategoria batekoak direnean, eskubide hori erabiliko ahalko da soilik multzoaren babes-araubidean banaka babes berezikotzat jotako ondasunen kasuan.
Babes berezia duten kultura-ondasunen inter vivos eskualdatze kostu bidezkoetan, lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko eskubidea erabiltzeko artikulu honetan ezarritakoak ezinbestez bete beharrekoak izanik ere, eta aurreikusitako transakzioen berri egotea bermatze aldera, babes berezia duten kultura-ondasunen enkanteen sustatzaileek jakinarazi beharko diote Eusko Jaurlaritzan kultura-ondarearen eskumena duen sailari, gutxienez hilabete bat lehenago, ondasunak besterendu nahian egingo diren enkanteen berri. Jakinarazpenean, enkantearen eguna, ordua eta lekua agertu beharko dira, baita ondasunak enkantearen hasieran izango duen prezioa ere.
Notarioek eta jabetza-erregistratzaileek, beren eskumenak gauzatuz, uko egingo diote babes berezia duten kultura-ondasunak eskuratzeko tituluak eskritura publikoan jasotzeari eta inskribatzeari, baldin eta behar bezala egiaztatzen ez bazaie jakinarazpena egin dela lehen adierazitako eran. Gainera, babes berezia duten kultura-ondasunen eskualdatzeak eskritura publikoan formalizatzeko edo erregistroan inskribatzeko asmoa izanez gero, Eusko Jaurlaritzan kultura-ondarearen eskumena duen sailari jakinarazi beharko diote, baldin eta Administrazioak aipatu ondasunak lehentasunez eskuratzeko eskubidea badu eta ez badira lege honetan eskatzen diren jakinarazpenak egin. Lehentasunez eskuratzeko eskubidea erabiltzeko agintzen duen administrazio-ebazpena titulu nahikoa izango da Jabetza Erregistroan inskribatzeko, prezioaren ordainketa edo gordailua egiaztatu ondoren.
3. ATALA
BABES ERTAINA DUTEN KULTURA ONDASUNEN ARAUBIDE ESPEZIFIKOA
Babes ertaina duten kultura-ondasunak lege honetan aurreikusitako babes-araubidearen bitartez arautuko dira, bai eta ondasun bakoitzaren deklarazioan ezartzen den berariazko araubideren bitartez ere.
Ondasun higiezinak eta higigarriak izan ahalko dira babes ertaina duten kultura-ondare.
Babes ertaineko kultura-ondarearen edozein kategoriari eragiten dion obra edo esku-hartze orok kategoria horren babes-araubidean jasotako irizpideak bete beharko ditu. Babes-araubide berariazkorik izan ezean, erabilera berrietara egokitutako aldaketak baimendu ahal izango dira, betiere eusten bazaie ezaugarri formalei, egitura nagusiei, banaketei eta espazioen konposizio esanguratsuei. Beti errespetatuko dira lege honen 34. artikuluan adierazitako irizpideak.
Erabilera berrietara egokitzeko zailak diren ondasunak badira, Euskal Kultura Ondarearen EAEko Kontseiluaren aldeko txostena eskatuko da aldez aurretik.
Monumentuetan esku hartzeko, honako irizpide hauek bete beharko dira:
Eraikuntza-sistema guztiak zaharberritzeko esku-hartzeak baimenduko dira.
Erabileraren edozein aldaketa onartuko da, ez badu eraginik ondasunaren balio babestuetan eta kontserbazio-baldintza hobeak badakartza eta ondasunaren balioa nabarmentzearen alde egiten badu.
Eremu arkeologikoetan esku hartzeko, irizpide hauek bete beharko dira:
Eremu arkeologikoan aldaketak eragin ditzakeen edozein jarduera egin aurretik, ikerketa arkeologiko bat egin beharko da. Obrak egiteko lizentzia lortzeko, baldintza hori betetzea nahitaezkoa izango da.
Esku-hartze arkeologikoa amaitutakoan, azaleratu diren egiturak eta aztarna higiezinak dauden ingurunean bertan integra daitezen bultzatuko da, eta eraikinaren, kanalizazioaren edo dena delakoaren bideragarritasuna egitura horiek kontserbatzearekin bateragarria izan dadin.
Babes ertaina duten kultura-ondasun higigarrietan egiten diren esku-hartzeetan, segurtasuna, biltegiratzea, erakustea eta garraiatzea baldintza egokietan egiten dela bermatuko da, halako moldez non ondasuna hondatzeko eta suntsitzeko arrisku guztiak ekidingo diren, bereziki espoliazioa, berotasuna, argitasuna, hezetasuna, kutsadura eta gai kimiko eta biologikoak, dardarak eta kolpeak.
Aurreko zenbakian ezarritakoa betearazteko behar diren betebeharrak ezarriko dituzte foru-aldundiek.
Oinarrizko babesa duten kultura-ondasunen babes-araubidea udaleko hirigintza-araudiak ezarritakoa izango da, eta ondasun horiek inola ere ezin izango dira eraitsi, ez osorik, ezta partzialki ere.
Kultura-ondare higiezinak izan ahalko dira oinarrizko babesa duten kultura-ondasun.
Hirigintzako baimenak eman baino lehen, nahitaez lortu beharko dira Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistroko ondasunei eragiten dieten obrak edo jarduerak egiteko lege honetan eskatzen diren baimenak.
Udalek zuzenean baimenduko dituzte Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistroan sartutako monumentu-multzoen gaineko esku-hartzeak, baldin eta esku-hartze horiek aurreikusita badaude Eusko Jaurlaritzan kultura-ondarearen eskumena duen sailak ontzat emandako lurralde- eta hirigintza-antolamenduko planetan edo kultura-ondasunaren deklarazioa duen arloa babesteko plan berezietan. Baimen edo lizentzia horiek hamar eguneko epean jakinarazi beharko zaizkio kasuan kasuko foru-aldundiari, zeinak eragindako ondasuna lehengoratzeko agindu ahalko baitu, baldin eta baimenak edo lizentziak horretarako onartutako babes-araubidearen aurkakoak badira.
Ezin izango da babestutako ondasunetan obrak edo esku-hartzeak egiteko agindurik eman, baldin eta administrazioek aurretik baimena emateari buruz ezarritako eskakizunak betetzen ez badira lege honetan ezarritakoaren arabera.
Lurralde- edo hirigintza-antolamenduko tresnek, bai eta euskal kultura-ondarea osatzen duten ondasunetan eragiten duten sektore-plan edo -programek ere, kultura-ondasunei eta ustezko eremu arkeologikoei ematen zaien babesarekin bateragarria izango den antolamendua ezarriko dute.
Lege honetan Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistroan inskribatutako ondasun higiezinei zein ustezko eremu arkeologikoan sartutako ondasunei ematen zaien babesak lehentasuna izango du hirigintza-, lurralde- eta ingurumen-antolamenduko tresnekiko. Bi urteko epea egongo da, ondasuna inskribatzen denetik kontatzen hasita, antolamendu horiek kasuan kasu ezarritako kultura-babeseko araubidera egokitzeko, ikusizko kutsadurari berebiziko arreta jarriz.
Hirigintza-, lurralde- eta ingurumen-antolamenduko tresnek kultura-ondasun higiezin babestuen babesa eta kontserbazioa bermatzeko zehaztapenak jaso beharko dituzte beren dokumentazioaren barruan, bai eta ustezko eremu arkeologikoena ere. Horretarako, Eusko Jaurlaritzan kultura-ondarearen eskumena duen sailaren aldeko txostena izan beharko dute. Txosten hori nahitaezkoa izango da, ondasun horiei dagozkien zehaztapenetan loteslea izango da, eta bi hilabeteko epean emango da, eskatzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita. Epe horren barruan txostena eman ezean, aldeko txostena dela ulertuko da.
Dagoeneko deklarazioa jaso duten monumentu-multzoei dagokienez, harik eta dagokien hirigintza-antolamenduko tresna onartzen zaien arte, ez dira onartuko esku-hartze hauek: lehendik dauden lerrokadurak eta sestrak aldatzea; eraikigarritasuna gehitzea edo aldatzea, lur-zatikatzeak eta lur-eransketak egitea, eta, oro har, aldaketak egitea bolumenen, estalkien eta baoen banaketan, eraikin-multzoaren harmoniari eta eraikineko konponbide teknikoei eta artistikoei eragiten badiete.
Kultura-ondasunei zuzenean edo zeharka eragiten dieten ingurumen-inpaktuaren ebaluazio guztiak izapidetzean, bai eta ustezko eremu arkeologikoei eragiten dietenak izapidetzean ere, ingurumenean eskumena duen administrazioak txostena eskatuko dio Eusko Jaurlaritzan kultura-eskumena duen sailari. Txosten hori nahitaezkoa eta loteslea izango da, eta haren zehaztapenak ingurumen-deklarazioan erantsi beharko dira.
Babestutako kultura-ondasun higiezinak ezin dira beren ingurunetatik atera. Ezin izango dira lekuz aldatu, salbu eta ezinbesteko kasuetan edo interes sozialeko arrazoiak daudenean. Kasu horietan, tokian tokiko foru-aldundiaren baimena beharko da lekualdaketa egiteko.
Lege honek babesten dituen kultura-ondasun higiezinen ingurunea da ondasun horiek betetzen duten espazioa eta espazioak hartzen dituen elementuak, gertu egon ala ez, horiek aldatzeak eragina badu ondarearen kultura-balioetan eta ondarearen balioa nabarmentzean.
Ondasunaren babesa bermatzeko eta haren balioa nabarmentzeko beharrezkotzat joz gero soilik mugatuko da ingurunea, eta mugaketa horrek helburu instrumentala izango du, ondasunaren paisaia-, hiri- eta arkitektura-testuinguruari eusteko, modu jarraituan zein ez-jarraituan.
Ondasunaren ingurunea mugatuz gero, ingurunea bera deklarazioa jaso duen ondasunaren parte izango da, lege honen ondorioetarako. Babes-araubideak babes-araubide espezifiko bat sartu beharko du ingurune horretarako.
Kasuan kasuko foru-aldundiek zuzenean baimendu ahal izango dute babestutako ondasunaren inguruan dauden ondasun higiezinak eraistea, betiere babes-araubideak esku-hartze hori ahalbidetzen badu.
Hirigintzako plangintzak zenbait jarduera aurreikusi beharko ditu babestutako kultura-ondasun higiezinen ingurunean, babesten ari den ondasuna behatzean, hautematean, ikertzean edo gozatzean eragina duten elementuak, eraikuntzak eta instalazioak kentzeko.
Baldin eta ondasunen inguruneetan lan txikiak egiten badira, eta lan horiek ez badute inolako eragin material edo bisualik babestutako kultura-ondasunetan, kasuan kasuko foru-aldundiari eman beharko zaio lan horien berri, lanak hasi baino hilabete bat lehenago, gutxienez. Foru-aldundiek ikusten badute deklarazioa jaso duten ondasunetan aurreikusitako esku-hartzeek ondasunak arriskuan jar ditzaketela, eten ahalko dituzte esku-hartze horiek, kautelaz, eta hilabete batez, gehienez.
Lege honen ondorioetarako, ikusizko kutsadura da babestutako kultura-ondasun baten gainean pertzepzio inbasiboa sortzen duen edozein interferentzia, baldin eta pertzepzio horrek ondasuna behatzea eragozteaz, zailtzeaz edo desitxuratzeaz gain, haren testuinguru-balioak degradatzen baditu.
Era berean, kutsadura akustikotzat jotzen da inguruan zaratak edo bibrazioak egotea, sortzailea edozein emisore akustiko delarik, babestutako kultura-ondasuna behatzea zailtzen edo distortsionatzen dutenean.
Euskal kultura-ondarearen EAEko erregistroetan inskribatutako ondasun higiezinen espedientean zehaztuta azalduko dira ikusizko kutsadura edo kutsadura akustikoa eragiten duten elementuak: eraikuntzak, instalazioak, errotuluak edo seinaleak, hiri-altzariak, jarduerak edo ikusizko kutsadura edo kutsadura akustikoa eragiten duen beste edozein elementu.
Lege honen bitartez babestutako kultura-ondasunei eragiten dien ikusizko kutsadura edo kutsadura akustikoa ezabatzea sustatuko dute Eusko Jaurlaritzak eta foru-aldundiek.
Babes berezia eta ertaina duten kultura-ondasunen aurri-deklarazioa honako lege honen eta legea garatzeko ematen diren arauen bidez arautuko da.
Baldin eta, hirigintzaren arloko legerian ezarritakoarekin bat etorriz, babes berezia eta ertaina duten ondasun batzuen aurri-deklaraziorako prozedura bat abiarazten bada, ofizioz edo interesdunak eskaturik, lege honetan ezarritako irizpideen araberako deklarazioa egin aurretik, Eusko Jaurlaritzari kultura-ondasunaren desafektazioaren gaineko baimena eskatu beharko zaio.
Udalek babes berezia edo ertaina duen ondasun bati eragiten dion aurri-espedienteari hasiera eman zaiola jakinarazi beharko diete ondasunaren jabeei, bertan bizi direnei eta ondasunaren gaineko eskubide errealen titularrei, baita kasuan kasuko foru-aldundiari eta Eusko Jaurlaritzan kultura-ondasunaren eskumena duen organoari ere, erakunde horiek legitimatuta baitaude prozeduraren alderdi izateko.
Aurri-deklarazioari buruzko espedientearen ebazpena eman baino lehenago, nahitaezkoa izango da kasuan kasuko foru-aldundiak higiezinaren egoerari buruzko txostena ematea, non adierazi beharko baitira higiezin hori konpontzeko titularrak foru-aldundiari eska diezazkiokeen diru-laguntzak eta babestutako ondasunaren gaineko betearazpen-aginduak edo bestelako ebazpenak, horrelakoak egonez gero.
Espedientean ageri diren txostenak ikusirik, eta Euskal Kultura Ondarearen EAEko Kontseiluaren nahitaezko irizpen loteslea eman ondoren, Eusko Jaurlaritzan kultura-ondarearen eskumena duen organoak desafektazio horretaz ebatziko du, eta ondasuna osorik edo partez desafektatu ahal izango du, edo ondasunaren babes-araubidea aldatu benetako inguruabarretara egokitzeko.
Baldin eta babestutako ondasuna desafektatzea ebazten bada, desafektazioa ez da eraginkorra izango harik eta kultura-ondasuna luze eta zabal dokumentatzen duen txosten bat aurkeztu arte.
Bidezko izango da babes berezia edo ertaina duten ondasunen aurri ekonomikoaren deklarazioa egitea, baldin eta babes berezia edo ertaina duen eraikin edo eraikuntza bati egiturazko egonkortasuna berriz emateko egin beharreko konponketen kostuak higiezinaren berregokitze-kostuaren % 60 gainditzen badu eta egiaztatzen bada ez dagoela diru-laguntzarik portzentaje horren eta beharrezko konpontze-lanen kostuaren guztizkoaren arteko diferentzia ordaintzeko. Konpontze-kostuaren balioespenean ez da aplikatuko adinagatiko baliogabetzearen inolako koefizienterik; bai, ordea, gehiagotze-koefiziente batzuk, baldin eta haiek aplikatzea justifikatuta badago, ondasuna babestea eragin zuten kultura-balio batzuk egotearen arabera.
Aurri-deklarazioaren egoera lege honetan aurreikusten diren kontserbazio-eginbeharrak ez betetzearen ondorio bada, eraispena ezingo da baimendu, eta higiezina jabearen kontura kontserbatzea exijituko da.
Kultura-intereseko ondasun baten eraispen partzialak edo osoak ez du inola ere ekarriko hirigintza-aprobetxamendu handiagorik.
Eraikin bat erortzeko zorian, hau da, hur-hurreko aurri-egoeran dagoela antzematen bada, kasuan kasuko udalak aginduko du pertsonei eta ondasunei kalteak ekiditeko beharrezko neurriak hartzeko, eta kasuan kasuko foru-aldundiari jakinarazi beharko dio, berehala, ondasunaren gainean zer-nolako lanak egiteko asmoa duen. Segurtasun-zioak direla-eta ezabatu behar diren elementuak berriz jartzea aurreikusi beharko dute lan horiek, lege honen erregelamendu-garapenaren bitartez ezartzen den prozedurari jarraituz.
Aginduak adierazi beharko du zein epetan hartu beharko diren aipatutako neurriak.
Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistroan inskribatuta dauden ondasun higigarrien jabeek eta edukitzaileek erregistro horretan eman beharko dute ondasun horien lekualdaketen berri, baita ondasun horiek saltzeko asmoen berri ere, Administrazioak lehentasunez erosteko eskubidea baliatu ahal dezan.
Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistroan inskribatuta dauden ondasun higigarriei buruzko informazioan egoten diren aldaketen berri eman beharko die Eusko Jaurlaritzak foru-aldundiei, urtean bitan, gutxienez.
Foru-aldundiek agindu ahalko dute Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistroan inskribatutako ondasun higigarriak behin-behingoz leku egoki batzuetan gordailutzeko, betiere egiaztatzen bada jatorriko kokalekuak ez dituela betetzen ondasun horiek behar den bezala kontserbatzeko beharrezko diren baldintzak. Halaber, posible den guztietan, ondasun horiek esleituta daukaten xedea betetzea errespetatu beharko da. Behin babestutako ondasuna behar den bezala kontserbatzea bermatzeko beharrezkoak diren baldintzak betetzen direla egiaztatuz gero, jatorrizko kokalekura itzul dadin baimenduko da.
Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistroan inskribatutako ondasun higigarrien titularrek ondasun horiek gordailuan lagatzea adostu ahalko dute administrazio publikoekin. Gordailuan lagatzeak gordailututako ondasunak jendeari erakusteko eskubidea ekarriko du berekin Administrazio gordailuzainarentzat, salbu eta horrekin pertsonen interes zilegiei kalte egin ahal bazaie eta hori horrela dela behar den bezala justifikatzen bada.
Babes berezia eta ertaina duten kultura-ondasun higigarriak, baldin eta ondasun higiezin edo immaterial batetik bereiztezintzat aitortuak izan badira, babes bereziko edo ertaineko ondasuntzat joko dira, Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistroan inskribatuko dira eta ondasun higiezin edo immaterialaren destinoaren mende egongo dira, non eta Eusko Jaurlaritzan kultura-ondasunaren eskumena duen sailak ez duen salbuespenez baimentzen ondasun horiek bereiztea, betiere hori egiteko dauden arrazoiak adierazita.
Lekualdaketa baimentzeko eskarian honako alderdi hauek zehaztu beharko dira: ondasunaren jatorria eta norakoa, lekualdaketaren unean uneko edo behin betiko izaera, eta kontserbazio-baldintzak, segurtasuna, garraioa eta, dagokion heinean, aseguratzea.
Euskal Kultura Ondarearen EAEko Zentroak, lekualdaketa baimentzen duen ebazpenean, ondasuna babesteko argibide zehatzak gehitu ahalko ditu, kontserbazio eta babeserako arriskuak aurreikusten direnean desplazamendua geldiarazteko neurriak hartuz.
Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistroan inskribatutako ondasun higigarrien merkataritzan eskuarki diharduten pertsonek erregistro-liburu bat formalizatu beharko dute, ondasun horien gainean egiten dituzten eskualdaketak jaso beharko dituena. Liburuan, transakzio gai den ondasunaren identifikazioko datuak eta argazkia agertu beharko dira, gutxienez, bai eta transakzio horretan esku hartzen duten alderdien identifikazioa ere.
Arestian aipatutako pertsonek erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dute Eusko Jaurlaritzan kultura-ondarearen eskumena duen sailean, zeinean adierazi beharko baitute aurreko zenbakian aurreikusten den eskakizuna betetzen dutela eta jarduerak irauten duen bitartean transakzioen erregistro-liburua eguneraturik edukitzeko hitz ematen dutela.
Erantzukizunpeko adierazpena aurkezteak, lege honetan aurreikusitako ondorioetarako eta aplikagarria den indarreko araudiaren ondorioetarako, egun horretatik jarduera hori modu mugagabean egiteko gaitzen du, Eusko Jaurlaritzan kultura-ondarearen eskumena duen sailaren aldetik geroago egin daitezkeen egiaztapenak eragotzi gabe; gainera, gaikuntza hori kendu ahal izango zaie, ebazpen arrazoitu baten bitartez eta interesdunei entzun ondoren, baldin eta egiaztatzen bada zehaztasun-gabezia, faltsukeria edo ez-egiteren bat dagoela, funtsezkoa, erantzukizunpeko adierazpenean bildutako edozein datutan, edo baldin eta eskakizunen baten ez-betetze geroratua gertatzen bada.
Kultura-ondare immaterialaren babesaren helburua izango da etorkizunean hura zainduta eta bideragarri egongo dela bermatzea, ondare hori identifikatzeko, zenbait euskarritan hari buruzko dokumentazioa ezartzeko, ikertzeko, begiratzeko, berpizteko, sustatzeko eta erakusteko beharrezkoak diren neurriak eta baliabideak ezarriz.
Kultura-ondare immaterialtzat joko da bakarrik giza eskubideen arloan dauden nazioarteko tresnekin eta erkidegoen, taldeen eta gizabanakoen arteko elkar-errespetuaren aginduekin bateragarri dena.
Eusko Jaurlaritzan kultura-ondarearen eskumena duen sailak lan egingo du kultura-ondare immateriala osorik babesteko, zeina beste kultura-ondasun higiezin edo higigarri batzuei lotu ahalko baitzaie, baita haren garapenarekin lotutako espazioei ere, balio erantsia ematen dion talde koherente bat bezala.
Deklarazioa jaso duten kultura-ondasun immaterialak babesteko araubideak kasuan kasuko aplikagarriak izango zaizkion babes-, sustapen- eta hedapen-neurriak ezarri beharko ditu.
Eusko Jaurlaritzan kultura-ondarearen eskumena duen sailak Kultura Ondasun Immaterialaren EAEko Inbentarioa egingo du, bai eta kultura-ondasun immaterialak zaintzeko planak ere.
Kultura Ondasun Immaterialaren EAEko Inbentarioa oinarrizko tresna izango da euskal kultura-ondare immateriala identifikatzeko, ezagutzeko eta garatzeko, eta Euskal Kultura Ondarearen EAEko Zentroari dagokio hura egitea, gordetzea eta haren zabalkundea egitea.
Kultura Ondasun Immaterialaren EAEko Inbentarioa egiteko prozesua, haren egitura eta irispidea erregelamendu bidez ezarriko dira.
Kultura Ondasun Immaterialen EAEko Inbentarioaren elementuak aldizka berrituko dira, erkidego honetako kultura-ondare immateriala izandako bilakaeraren berri izateko, eta, hala badagokio, zaintza-neurriak egokitzeko, bideragarriagoa izan dadila bermatze aldera.
Baldin eta Kultura Ondasun Immaterialen EAEko Inbentarioan inskribatutako ondasunek babes berezia duten kultura-ondasun deklaratuak izateko behar besteko balio badute, lege honetan azken horientzat aurreikusitako izapideak egin beharko dira. Kasu horietan, 15. artikuluan ezarritako araubidea aplikatu beharko zaie, aldi baterako.
Lege honen 11. artikuluan bereizitako kategoria bakoitzerako kudeaketa-organo espezifikoa sortuko da, zeinean parte hartuko baitute Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek, Eudel-ek, erkidego eramaileek eta kultura-ondare immaterialeko eremu espezifikoetan ezagunak diren erakundeak.
Sortuko diren kudeaketa-organoen misio nagusia izango da, batetik, jarduera-lehentasunak identifikatzea eta, bestetik, kultura-ondasun immaterialak babesteko planak egitea, sustatzea eta ebaluatzea.
Kultura-ondasun immaterialak babesteko planak tresna bat dira, ondasun horiek babesteko estrategiak eta jarduerak batzen dituena. Egoki diren babes-, sustapen- eta hedapen-neurriak jasoko dituzte, lagunduko dutenak eragindako erkidego eramaileak dinamizatzen, ez bakarrik alderdi ekonomikoan, baizik eta bereziki alderdi sozial eta kulturalean.
Industria-ondarea osatzen dute industriarekin lotutako hainbat jarduerak (teknikoak, erauztekoak, teknologikoak, ingeniaritzakoak, ekoizpenekoak eta eraldatzekoak) izandako eboluzioaren testigantza adierazgarria, baita industria-kulturarekin loturiko adierazpenena ere, ematen duten ondasun higiezin, higigarri eta immaterialen multzoa.
Honako hauek dira industria-ondarearen ondasun higiezinak: teknika- eta industria-jarduerarekin lotutako instalazioak, lantegiak ingeniaritza-lanak eta paisaiak.
Honako hauek dira industria-ondarearen ondasun higigarriak: teknologia-, lantegi- eta ingeniaritza-jarduerekin lotutako tresnak, makineria eta piezak.
Honako hauek dira industria-ondarearen ondasun immaterialak: teknologia- eta industria-jarduerarekin lotutako praktikak, irudikapenak, adierazpenak eta ezagutzak, baita industrializazioaren alderdi sozialak ere, eta bereziki eguneroko bizitzaren aldaketekin eta langileen mugimenduaren historiarekin lotutakoak.
Industria-ondareen babesa ez da bateraezina izango horiek ustiatzeko baimen administratiboekin, baina babesak berekin ekarriko du babesteko gomendiorako kultura-balioak identifikatzen dituzten elementuak kontserbatu beharra.
Bertan behera utzitako industria-jardueren zein berreskuraezinak direnen kasuan beste era bateko erabilerak, publikoak zein pribatuak, ezartzea sustatuko da, bateragarriak badira industria-ondarearen ondasunak kontserbatzearekin eta babestearekin.
Lege honen ondorioetarako, ondare arkeologiko eta paleontologikotzat joko dira gizakiei buruz eta, oro har, izaki bizidunei buruz interes zientifikoa duten eta informazio garrantzitsua ematen duten aztarna materialak, higigarriak zein higiezinak, azalean zein lur-azpian edo urpean egonda ere.
Lege honen ondorioetarako, jarduera arkeologikotzat eta paleontologikotzat joko dira labar-artearen ikerketak, bai eta ondasun edo eremu arkeologikoei edo paleontologikoei eragiten dieten prospekzioak, zundaketak, indusketak, kontrolak edo beste zernahi lan, ondorengo paragrafoetako definizioekin bat etorriz:
Prospekzio arkeologikoa: lur-eremu baten esplorazioa da, era guztietako aztarna historikoak, arkeologikoak edo paleontologikoak bilatzera zuzentzen dena; erabiltzen den teknikaren arabera, honako era hauetako batekoak izan daitezke:
Ikusizko prospekzioa: gainazalaren esplorazioa da, lur-eremu baten miaketa ere egiten duena eta interes arkeologikoa edo paleontologikoa duten materialak biltzea ekar dezakeena.
Prospekzio geofisikoa: lurpearen azterketa da, zientzia fisikoen aplikazioaren bitartez egiten dena.
Lagin bidezko prospekzioa: espazio mugatu batetik lurra erauztea da, leku horretan aztarnategi arkeologiko bat dagoen edo ez egiaztatzeko egindakoa. Prospekzio hori amaitutzat emango da lehen ebidentzia arkeologiko kontestualizatuak agertzen direnean.
Zundaketa arkeologikoa: eremuaren osotasunarekiko proportzioan, neurri txikikoa den indusketa da, eta aztarnategi arkeologiko baten sekuentzia estratigrafikoa ezagutzeko egindakoa.
Indusketa arkeologikoa: aztarna arkeologikoak eta paleontologikoak ikertzeko, dokumentatzeko eta lurpetik ateratzeko edo erauzteko jarduera da, sedimentuen estratigrafiari jarraituz.
Kontrol arkeologikoa: interes arkeologikoa izan dezakeen espazio bati eragiten dioten edo eragin diezaioketen obra-prozesu batean esku hartzea da, hau da, obra horiek gainbegiratzea, behar izanez gero, obra horiek egiten diren bitartean agertzen diren interes arkeologikoko ebidentzia edo elementuen kontserbazioa edo dokumentazioa ahalbidetzen duten neurri egokiak ezarrita.
Labar-artearen ikerketa: metodo arkeologikoaren bidez ikertuak izan daitezkeen labar-adierazpenak eta haien testuinguruak ikertzera, haien dokumentazio grafikoa egitera eta erreproduzitzera zuzendutako landa-lanen multzoa da.
Altxaeren azterketa estratigrafikoa: eraikinen eraikuntza-bilakaera aztertzeko eta ezagutzeko metodologia arkeologikoa aplikatzea da. Ez da jarduera arkeologikotzat joko altxaeren azterketa estratigrafikoa, baldin eta haren xedea hezkuntza-metodoa edo prestakuntza ezagutzea edo ikastea bada eta ez badakar berekin ondasunaren gaineko loturarik.
Jarduera paleontologikoak: jarduera paleontologikotzat joko dira zona paleontologikoa ikasgai duten landa-lanak (prospekzioak, zundaketak, indusketak edo kontrolak izanik ere), zonak ez badu metodologia arkeologikoa aplikatzea eskatzen, horrela denean zona arkeologikotzat joko baita.
Aztarna arkeologikoak egon daitezkeela uste den eremuetan, orubeetan edo eraikinetan, jabeak edo egin nahi diren obren sustatzaileak azterketa bat aurkeztu behar du, hirigintzako lizentzia eman baino lehenago, orubearen edo eraikinaren balio arkeologikoari eta obra-proiektuan izan dezakeen eraginari buruz. Foru-aldundiek arautu egingo dute zein kasutan ez den beharrezkoa izango azterketa hori aurkeztea proiektu arkeologikoa egiteko.
Behin azterketa egin eta gero, foru-aldundiak zehaztuko du ea proiektu arkeologikoa beharrezkoa den edo ez, eta, hori guztia ikusirik, obra-lizentziaren aurreko baimena emango du. Proiektu arkeologikoa idazteari eta betearazteari dagokionez, lege honen 67. artikuluan aurreikusten den laguntzen araubidean ezarritakoari jarraituko zaio.
Lortutako informazioan oinarrituta erabakiko da beharrezkoa den ala ez babesa ematea babes berezia edo ertaina duen kultura-intereseko ondasun deklaratuz, edo adieraziko da lege honen arabera babesa merezi izateko moduko kultura-baliorik ez duela, eta, horrenbestez, eremuari ez zaio inolako babesik emango.
EAEren lurralde-eremuan jarduera arkeologikoak eta paleontologikoak egiteko lurrekoak edo urpekoak izan, kasuan kasuko foru-aldundiaren aldez aurreko baimena beharko da, salbu eta lurrak iraultzea ez dakarten gainazaleko prospekzio-proiektuak edo eraikinen altxaerak direnean.
Baimenaren titularrak baimentzen den jarduera arkeologiko eta paleontologikoaren zuzendaria izan behar du. Baimenaren titularrak pertsona fisiko bat izan beharko du, eta baimentzen diren jarduera arkeologikoen edo paleontologikoen zuzendaritza bere gain hartzeko behar besteko arkeologia edo paleontologia alorretako formakuntzadun unibertsitate-titulazioa eta esperientzia duela egiaztatu beharko du.
Foru-aldundi bakoitzak arautuko ditu nahitaezko baimena emateko modua, bai eta baimena ematetik ondorioztatzen diren betebeharrak ere. Dena den, baimenaren titularrak nahitaezko txostenen eta memorien kopia bidaliko dizkio Eusko Jaurlaritzan kultura-ondarearen eskumena duen sailari, bai eta lortutako materialen inbentarioen kopia ere, material horiek zein estratigrafiatatik datozen identifikatuz.
Deklaratutako eremu edo ondasun arkeologikoei edo paleontologikoei eragiten dien edonolako obraren ondorioz jarduera arkeologikoa edo paleontologikoa egitea beharrezko bihurtzen denean, obren sustatzaileak kasuan kasuko proiektu arkeologikoa edo paleontologikoa aurkeztu beharko dio ondasuna kokatuta dagoen lurralde historikoko foru-aldundiari, obra horiek egin aurretik proiektu hori onar dezan.
Esku-hartzearen eremuaren garai historikoetara egokitzen den prestakuntza egiaztatzen dutenei bakarrik emango zaizkie jarduera arkeologikoen zuzendaritzarako baimenak.
Eremu paleontologiko batean ikerketako edozein landa-lanen zuzendaritza-ardura izateko, eremu hori kokatuta dagoen lurralde historikoko foru-aldundiak ikertu nahi den aztarnategiaren ezaugarrietarako egokia den titulazio akademikoa exijitu beharko du. Nolanahi ere, ziurtatuta geratu beharko da zuzendari horrek paleontologia-lanetan edo lekuko tipologiarekin bat datozen natura-zientzien adarretan duen prestakuntza.
Eremu paleontologiko baten gaineko esku-hartzearen garapenak metodologia arkeologikoaren aplikazioa eskatzen duenean, esku-hartze hori jarduera arkeologikotzat aitortua izango da zuzenean, eta nahitaez bete beharrekoak izango dira lege honek jarduera arkeologikoei buruz ezartzen dituen zehaztapenak.
Babes berezia edo ertaina duten kultura-ondasunei eragiten dien edozein obratan proiektu arkeologikoen eta paleontologikoen idazketaren eta betearazpenaren finantzaketa jardueren titularraren kontura izango da, zuzenbide publikoko erakundeak direnean. Baldin eta titularra pribatua bada, kasuan kasuko foru-aldundiak bere gain hartuko du gastuen parte bat laguntzak emanez, edo zuzenean gauzatuko du proiektua, horrela egitea beharrezkotzat joz gero. Foru-aldundia, dena dela, behartuta egongo da jarduera arkeologikoak hartuko duen guztizko kopuruaren % 50 ordaintzera.
Ez da baimenduko, inola ere, egin beharreko esku-hartzea egin ondoren aztarnategia egokitzeko neurririk jasotzen ez duen ikerketako proiektu arkeologikorik egitea. Neurri horiek aztarnategiaren eta agerian jarritako aztarnen kontserbazioa bermatu beharko dute, aztarna horien balioa nabarmentzeko.
Kasuan kasuko foru-aldundiak baimendu beharko du eremu arkeologiko bateko aztarnak sendotzeko, zaharberritzeko edo haren balioa nabarmentzeko proiektu oro. Horrelako proiektu bat ezingo da baimendu, aurretik ez bada egiten azterketa arkeologiko xehekatu bat, zaharberritu, sendotu edo balioztatu nahi dena zehazteko. Azterketa horrek aztarnategiaren berreraikuntza eta haren balioa nabarmentzea ziurtatuko duten oinarriak finkatu eta irizpideak ezarri beharko ditu, eraikuntza- eta okupazio-historiaren arabera.
Jarduera arkeologikoak eta paleontologikoak egiteko baimenaren titularrek jarduera arkeologikoen eta paleontologikoen hasiera- eta amaiera-data jakinaraziko dizkiote kasuan kasuko foru-aldundiari, eta, halaber, jarduera garatzean gertatzen diren gorabehera guztien berri eman beharko diote.
Baimenaren titularrak berak zuzendu beharko ditu jarduera arkeologikoak eta paleontologikoak, eta jarduera horiek bertatik bertara ikusi beharko ditu. Baldin eta, justifikatutako arrazoiak direla medio, titularrak jarduerak bertatik bertara zuzentzea ezinezkoa badu, horren berri eman beharko dio kasuan kasuko foru-aldundiari eta bere erantzukizuna beste pertsona baten esku utzi beharko du, zeinak titularra ez dagoenean jardueren zuzendaritza bere gain hartzeko zenbait baldintza bete beharko baititu, titulazioari, gaitasun profesionalari eta behar besteko ezagutzari dagokienez.
Behin landa-lanak amaituta, esku-hartzea amaitzen denetik gehienez ere hamabost eguneko epean, jarduera arkeologikoak eta paleontologikoak egiteko baimenaren titularrek Eusko Jaurlaritzan kultura-ondarearen eskumena duen sailari jakinarazi beharko diote material arkeologikoak edo paleontologikoak jaso dituztela, horrelakorik badago, eta eskatu beharko dute material horiek gordailutzeko sigla eta lekua komunikatzeko.
Behin materialen berreskurapena baieztatuta, Eusko Jaurlaritzan kultura-ondarearen eskumena duen sailak identifikazio-sigla esleituko dio aztarnategiari, edo aurretik dagoena jakinaraziko du, aurreko esku-hartzerik egon bada. Orobat, esku-hartze arkeologiko eta paleontologikoko zuzendaritzari jakinaraziko dio zer lekutan gordailutu behar diren berreskuratutako materialak: oro har, lurralde-museoetan edo Eusko Jaurlaritzak horretarako izendutako gordailutzeko lekuak izango dira.
Material paleontologiko hutsak gordailutzeko lekua adierazteko, izaera horren araberako zentroak aukeratuko dira, natura-zientziei lotutakoak, lehentasunez.
Jarduera arkeologiko eta paleontologiko baimenduen ondorioz eta ustekabean aurkitzen diren ondasunak kasuan kasuko lurralde-museoetan edo Eusko Jaurlaritzan kultura-ondarearen eskumena duen sailak xede horretarako izendatzen dituen zentroetan gordailutu beharko dira, eta haren baimenarekin bakarrik lekualdatu ahal izango dira beste zentro batzuetara, xedatuko denari jarraituz. Lekualdaketarako baimena egiteko, dagokion foru-aldundiaren aldeko txostena beharko da, erakunde horri dagozkionean bere kontserbazioa eta gordetzea.
Ustekabean aurkitutako interes arkeologikoko eta paleontologikoko objektuak eta gainerako materialak aurkitu diren lekuan bertan utzi beharko dira, harik eta foru-aldundiak haiei buruzko irizpena ematen duen arte. Salbuespen gisa, material horiek desagertzeko edo hondatzeko arrisku larria daukatenean, ondasunaren izaerak ahalbidetzen badu, kasuan kasuko lurralde-museoan edo Eusko Jaurlaritzan kultura-ondarearen eskumena duen sailak xede horretarako izendatzen duen zentroan entregatu beharko dira.
Behin materialak horretarako izendatutako lekuan gordailututa, edozein jarduera arkeologiko eta paleontologiko egiteko baimenaren titularrak jarduera horri dagokion txostena aurkeztu beharko du kasuan kasuko foru-aldundian, erregelamenduz zehazten diren baldintzetan, baimendutako esku-hartze hori amaitzen denetik zenbatuta gehienez ere bi urteko epean.
Indusketa sistematikoko prozesuen mende dauden aztarnategien kasuan, haiek garatzeko urte bat baino gehiago behar bada, txosten bat aurkeztu beharko da, gehienez ere bi urteko epean, bosgarren kanpainaren amaieratik aurrera edo azken kanpainaren amaieratik, bost baino gutxiago badaude, zeinean hura ematen den data arte lortutako emaitzak bilduko baitira. Dena dela, behin aztarnategiko lan arkeologikoak edo paleontologikoak amaituta, amaierako txostena aurkeztu beharko da gehienez ere bi urteko epean, baimendutako esku-hartze arkeologikoa edo paleontologikoa behin betiko ixten denetik.
Baimenaren titularrak Eusko Jaurlaritzan kultura-ondarearen eskumena duen sailari igorriko dio memoriaren kopia, lortutako materialen behin betiko inbentarioa erantsita, material horiek zein estratigrafiatatik datozen identifikatuz, eta esku-hartze horretan zehar sortutako dokumentazio grafikoa erantsita ere.
Txosten berri horiek ikusirik, Eusko Jaurlaritzan kultura-ondarearen eskumena duen sailak erregistroak eta inbentarioak eguneratu beharko ditu, eta, behar izanez gero, aztarnategiaren egoera berritik ondoriozta daitekeen babes-prozedurari ekin beharko dio. Aldiz, txosten horietatik ondorioztatzen bada ez direla agertzen aztarnategia kultura-ondasun deklaratzera eraman zuten balioak, deklarazio hori ondoriorik gabe uzteko prozedurari ekingo zaio.
Foru-aldundien eginkizuna da baimendutako jarduera arkeologiko eta paleontologikoei buruzko txostenaren edukiak ezartzea.
Jarduera arkeologiko eta paleontologikoak zuzentzeko baimena duen pertsonak baino ezingo ditu entregatutako materialen gaineko azterketa eta ikerketak egin, entrega hori egiten denetik bi urteko epean; pertsona horrek berariaz baimena eman dezake epe hori bukatu baino lehenago materialok jendaurrean uzteko, beste azterlan eta ikerketetarako probetxugarriak izan daitezen.
Foru-aldundiek zuzenean gauzatu ahal izango dute edozein esku-hartze arkeologiko, interes arkeologikoa duten aztarnak daudela inork jakiten duen edo daudela uste den edozein lekutan, eta, xede horretarako, bizkortasun-printzipioaren arabera jardungo dute, ahalik eta kalterik txikiena egiten saiatuta. Jarduera horiek ekonomikoki ebalua daitezkeen kalteak badakartzate, haien kalte-ordaina Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legean aldi baterako okupazioei buruz xedatutakoaren arabera egingo da.
Foru-aldundiek, era berean, beharrezkoak diren esku-hartze arkeologikoak eta paleontologikoak gauzatzeko agindu ahal izango dute, kasuan kasuko proiektu arkeologikoa edo paleontologikoa aurkeztu eta onartu ondoren, gune arkeologiko edo paleontologiko babestuei dagokienez, baldin eta haien kontserbazioa edo dokumentazioa arriskuan badago lege honetan xedatutakoa ez betetzeagatik. Kasu horietan, proiektu arkeologikoaren edo paleontologikoaren finantzaketa osoa arau-hauslearen kontura izango da, ezar dakiokeen beste edozein zehapenez gainera. Bien bitartean, kautelaz eten ahal izango dira ondare arkeologikoa edo paleontologikoa arriskuan jartzen duten jarduerak.
EAEren lurralde-eremuan aurkitzen diren interes arkeologikoko eta paleontologikoko ondasunak, direla ezustekoak, direla xede horretarako eskainitako lan sistematiko baten ondoriozkoak, jabari publikokoak izango dira.
Lege honen ondorioetarako, ezusteko aurkikuntzatzat joko da euskal kultura-ondareari dagozkion balioen jabe diren objektuak eta aztarna materialak aurkitzea, baldin eta aurkikuntza horiek zoriz edo edonolako lur-mugimenduren eta eraispenen baten edo edozein motatako lanen ondorioz gertatzen badira, betiere horrelako objekturik edo aztarnarik zegoela inork ez zekien lekuetan.
Baimendutako jarduera arkeologikoak eta paleontologikoak egiten direnean, aurkitzaileek kasuan kasuko foru-aldundiari jakinarazi beharko dizkiote aurkikuntzak eta lortutako emaitzak, erregelamenduz aurreikusten den epean.
Ezusteko aurkikuntzak berehala jakinarazi beharko zaizkio kasuan kasuko foru-aldundiari edo udalari. Udalak, edonola ere, foru-aldundiari eman beharko dio horren berri, berrogeita zortzi orduko epean.
Aurkikuntza hori lur-mugimenduengatik edo edozein motatako obrarengatik lortu bada, kasuan kasuko foru-aldundiak edo, urgentziazko kasuetan, udal bakoitzeko alkateek lan horiek berehala geldiarazteko agindu ahal izango dute gehienez ere hamabost egunetako eperako, foru-aldundi horri berrogeita zortzi orduko epean lanen geldiaraztea jakinaraziz. Geldiarazte horrek ez du ekarriko inolako kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik. Beharrezko gertatzen bada, foru-aldundiak luzatu ahal izango du etenaldia, kasuan kasuko jarduera arkeologikoa izan dadin. Kasu horretan, herri-administrazioen erantzukizunari buruzko legerian xedatutakoari jarraituko zaio.
Foru-aldundiek beren gain hartuko dute proiektu arkeologikoa idazteko eta betearazteko kostua, proiektu hori beharrezko gertatzen bada, salbu eta Eusko Jaurlaritzak eragindako ondasuna deklaratzeko espediente bat abiarazten badu; kasu horretan, lege honen 67. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.
Eusko Jaurlaritzak eta foru-aldundiek, lege honen hirugarren artikuluan aurreikusitako eskumenak baliatuz, euskal kultura-ondarea osatzen duten ondasunen titularrei laguntza ekonomikoa emateko neurriak arautuko dituzte, lege honetan aurreikusitako betebeharrak ondasun horiek kontserbatzeari, zaintzeari, haien balioa nabarmentzeari eta zabalkundea emateari dagokienez bete daitezen sustatze aldera.
Artikulu honetan jasotako sustapen-neurri ekonomikoak ematean behar diren bermeak ezarriko dira, neurri horien bidez kontserbatzen, zaharberritzen edo hobetzen diren ondasunekin espekulatzerik egon ez dadin.
Artikulu honetan aipatzen den laguntza ekonomikoa ematen denetik hamar urteko epean Eusko Jaurlaritzak edo kasuan kasuko foru-aldundiak lagundutako kultura-ondarea eskuratzen badu, eskuratze-prezioari kopuru bat kenduko zaio, hain zuzen, laguntzaren zenbateko gaurkotuaren baliokidea izango dena, laguntza konturako ordainketatzat joko baita.
Lege honetan ezarritako kontserbazio-betebeharra betetzen ez duten titularrek ezin izango dituzte jaso artikulu honetan aurreikusitako sustapen-neurriak.
Aurreko artikuluan ezarritakoa betetze aldera, Euskal Autonomia Erkidegoaren eta haren lurralde historikoen administrazioek lan publikoa finantzatzera zuzendutako aurrekontu-atalen % 1 baliatuko dute, gutxienez, euskal kultura-ondarea osatzen duten ondasunak kontserbatzeko, zaintzeko, haien zabalkundea egiteko eta haien balioa nabarmentzeko.
Betekizun horretatik salbuetsita daude lege honen helburuak betetzeko egiten diren obrak.
Lege hau garatzeko erregelamenduan ezarriko da euskal kultura-ondarera zuzendutako ehunekoa aplikatzeko sistema zehatza.
Foru-aldundiek arautu ahalko dute, beren eskumenen esparruan, euskal kultura-ondarearen titularrek hura kontserbatzeko eta haren balioa nabarmentzeko pizgarri fiskalak pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren foru-arauetan, sozietate-zergan, ondarearen zergan, ondasun higiezinen gaineko zergan, hiri-lurren balio-gehikuntzaren gaineko zergan eta eraikuntza, instalazio eta obren zergan.
Orobat, foru-erakundeek euskal kultura-ondarea kontserbatzera eta haren balioa nabarmentzera zuzendutako dohaintzen pizgarri fiskalak arautu ahalko dituzte, mezenasgoaren pizgarri fiskalak arautzen dituzten foru-arauetan.
Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorrarekin sortutako zorrak osorik edo partzialki ordaindu ahalko dira euskal kultura-ondarea osatzen duten ondasun higiezinak eta higigarriak ordainean emanez, zerga-arautegian aplikatzekoak diren foru-arauetan ezarritakoaren arabera.
Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiekin eta udalekin lankidetzan, unitate didaktikoak egingo ditu formatu digitalean Historiaren eta Artearen ezagutza-arloetako curriculumaren esparruan, unibertsitatez kanpoko irakaskuntza arautuko ikasleei zuzenduak, euskal kultura-ondarearen berri emateko.
Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiekin eta udalekin elkarlanean, kultura-ondareari buruzko gaietan ikerkuntza eta prestakuntza sustatuko du, eta helburu horretara zuzendutako lankidetza-bide egokiak ezarriko ditu unibertsitateekin eta elkarteekin edo zentro espezializatuekin, publikoak zein pribatuak izan.
Administrazio eskudunek eta horretarako baimena duten langileek lege honetan ezarritakoak benetan betetzen direla egiaztatzeko beharrezkotzat jotzen dituzten adina jarduera egin ahalko dituzte.
Eskumena duen sailak izendatutako ikuskatzaileek agintaritzako agenteen kontsiderazioa izango dute beren funtzioak betetzen dituztenean.
Uste bada lege honetan edo lege hau garatzeko arauetan aurreikusitako betebeharren aurkako jarduerarik edo arau-hauste gisa tipifikatu daitekeen jarduerarik egin dela, haiek ikertzeko prozedura hasi beharko da. Horrek ekar dezake dagokion zehapen-prozedura hastea, edo jarduerak artxibatzea, araudi honen aurkako inolako jarduerarik egiaztatzen ez bada.
Delituaren edo zigor-zuzenbideko faltaren zantzurik antzematen bada, zehapena jartzeko organo eskudunak Fiskaltzari jakinaraziko dio, eta administrazio-prozedura zehatzailea eten egingo da, harik eta jurisdikzio penalak epaia ematen duen arte. Zehapen penalak, betiere horrelakorik izaten bada, administrazio-zehapena jartzea salbuetsiko du; horrek ez du esan nahi arau-haustea egin aurreko egoerara lehengoratzeko neurririk hartu beharko ez denik, edo euskal kultura-ondareari eragindako kalte eta galeren ordainak eskatuko ez direnik.
Eskumena duten administrazioek hartu, aztertu eta, hala dagokionean, Justiziaren aurrean martxan jarriko dituzte herritarrek jakinarazten dizkieten kultura-ondarearen kontrako jardueren salaketak.
Kultura-ondarearen arloko administrazioko arau-hausteak izango dira lege honetan ezarritako betebeharrak urratzen dituzten ekintzak edo ez-egiteak; zehazki, 82., 83. eta 84. artikuluetan ezarritakoak.
Arau-haustea egiteagatik izan ditzakeen erantzukizun administratiboez gain, arau-hausleari urratutako legea betetzeko eska dakioke, baita eragindako kalteen ordaina ere.
Administrazio eskudunak, bidezko diren zehapenak jartzea alde batera utzita, neurriak hartu beharko ditu, legezkotasuna berrezartzeko eta jarduera arau-hausleak eragindako kalteak konpontzeko.
Kultura-ondarearen arloko arau-hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.
Euskal kultura-ondarearen arloan, arau-hauste arinak hauek dira:
Babes bereziko eta babes ertaineko kultura-ondasunak aplikatu behar zaien babes-araubidean ezarritakoa urratuz erabiltzea.
Kultura-ondasun babestuen jabeek, edukitzaileek eta titularrek beren ondasunei buruzko informazioa emateari uko egitea edo ondasunak aztertzeko baimenik ez ematea, lege honek ezarritako baldintzetan.
Kultura-ondasun babestuak direla-eta, bisita publikoak egiteko baimena ematearekin lotutako legezko eta erregelamenduzko arauak ez betetzea.
Kultura-ondasun babestuak kaltetuak izateko edo suntsitzeko arriskua dagoenean, jabeek eta horretara behartuta dauden gainerakoek dagokion foru-aldundiari horren berri ez ematea.
Babes bereziko eta babes ertaineko ondasun higigarrien jabeek eta edukitzaileek Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistroari ondasun horien lekualdatzearen berri emateko obligazioa ez betetzea.
Euskal kultura-ondarea osatzen duten ondasun higigarriekin merkataritzan eskuarki dihardutenek ondasun horien gainean egiten dituzten eskualdaketen erregistro-liburu bat formalizatzeko betebeharra ez betetzea.
Baimendutako jarduera arkeologikoak eta paleontologikoak egiten direnean, aurkitzaileek aurkikuntzak eta lortutako emaitzak jakinarazteko betebeharra ez betetzea; betebehar hori lege honen 69.3 artikuluan xedatuta dator.
Euskal kultura-ondarearen arloan, arau-hauste larriak hauek dira:
Ondasunen osotasuna bermatzeko eta ondasun horiek galdu, suntsitu edo hondatu ez daitezen, babestutako kultura-ondasunen jabeek, edukitzaileek edo ondasun horien gaineko eskubide errealen titularrek ondasunak kontserbatzeko, zaintzeko, eta behar bezala babesteko betebeharra ez betetzea dagokien babes-araubidearen arabera.
Lizentziak edo betearazpen-aginduak ematea babestutako ondasunetan obrak egiteko, lege honetan ezarritako aurretiazko baimen edo nahitaezko txostenik izan gabe.
Babestutako ondasunetan esku hartzea, lege honetan ezarritako aurretiazko nahitaezko baimena lortu gabe, edo emandako baimenen zehaztapenen aurka jokatuta.
Babestutako ondasunetan obrak egiteko edo esku hartzeko betearazpen-aginduak ez betetzea.
Ustezko eremu arkeologikoetan esku-hartzeak egitea, lege honetan horietarako ezarritako babes-araubidea bete gabe.
Jarduera arkeologikoak edo paleontologikoak egiteko baimenaren titularrak nahitaezko txostenen eta memorien kopia ez aurkeztea, ezta lege honen arabera lortutako materialen inbentarioen kopia ere.
Loturiko ondasun higigarriak baimenik gabe bereiztea.
Babestutako ondasun higigarriak aldatzeko, konpontzeko edo zaharberritzeko baimenik gabeko esku-hartzeak egitea.
Babestutako eremu arkeologikoei edo ondasun arkeologikoei eragiten dieten obren sustatzaileak obrak hasi aurretik onartua izan dadin kasuan kasuko proiektu arkeologikoa aurkezteko betebeharra ez betetzea.
Euskal kultura-ondarearen arloan, arau-hauste oso larriak hauek dira:
Kultura-ondasun higiezin babestuak eraistea edo suntsitzea, lege honen aginduak bete gabe.
Kultura-ondasun higigarri babestuak hondatzea.
Baimendutako jarduera arkeologikoak edo paleontologikoak egitean aurkitutako ondasunen materialak gordailutzeko eta emateko betebeharra ez betetzea.
Euskal kultura-ondaretzat jotzeko balioak dituzten objektu eta materialak ezustean aurkitzen dituenak aurkikuntzaren inguruko betebeharrak ez betetzea.
Arau-hausteen erantzuleak dira lege honetan arau-haustetzat tipifikatutako jokabide edo ez-egiteen egileak eta, egile horiek erakunde edo enpresa baten mende badaude edo horien ordezkari badira, enpresa edo erakunde horiek izango dira erantzuleak.
Hauek ere erantzule izango dira, hala dagokionean:
Araua hausten duen jarduera zein ondasunetan egiten den, ondasun horren jabeak, eskubide errealen titularrak edo edukitzaileak, baldin eta jarduera hori esanbidez nahiz isilbidez onartzen badute, eta ez badituzte kultura-ondarearen ondasunak ez kaltetzeko behar diren neurriak hartzen.
Lege honen arabera legez kontrakoak diren obren eta esku-hartzeen sustatzaileak, eraikitzaileak, eta lan horiek zuzentzen dituzten teknikariak, obrak edo esku-hartzeak baimenik gabe edo legezko baldintzak bete gabe edo eteteko administrazio-aginduak bete gabe egiten direnean.
Kultura-ondarea suntsitzea edo kaltetzea dakarten obren edo esku-hartzeen proiektuak egiten dituzten profesionalak eta teknikariak.
Kultura-ondarea suntsitzea edo kaltetzea dakarten obren edo esku-hartzeen aldeko txosten teknikoak egiten dituzten pertsonak edo horien lizentzia, baimen eta proiektuak onartzen dituzten organoetako titularrak, baldin eta horien edukiak argiro hausten badu araua lege honen arabera.
Legean ezarritako betebeharrak betetzen ez direla ezagututa, hortik onura ateratzen duten pertsonak.
Administrazioko arau-hauste arinak hiru urtera preskribatuko dira; larriak bost urtera, eta oso larriak hamar urtera.
Arau-hausteak preskribatzeko epea arau-haustea egin den egunaren biharamunetik zenbatzen hasiko da. Behin eta berriz egindako arau-hausteetan, azken arau-haustea egiten den egunetik edo zilegi ez den egoera ezabatzen denetik hasiko da epea kontatzen.
Administrazio-zehapena jartzeko prozedura bat izapidetu beharko da, gertatutakoa zehazteko, interesdunari entzun ondoren. Zehapenak proportzionalak izango dira, gertakariaren larritasunaren, zehapena ezarri zaionaren egoera pertsonalaren eta euskal kultura-ondareari egin zaion edo egin zekiokeen kaltearen arabera.
Administrazio eskudunak, zehapen-prozedura hasteaz gain, agindu beharko du babestutako ondasunak behar bezala babesteko eta kontserbatzeko beharrezkoak diren neurriak berehala har daitezela.
Besteak beste, honako neurriak hartu ahalko dira: araua ustez hausten duen jardueran erabilitako materialak inkautatzea; jarduera horiek eteteko agindua ematea; establezimenduak eta lokalak zigilu bidez ixtea; fidantzak jartzea, eta euskal kultura-ondarea osatzen duten ondasunak kautelaz gordailutzea, babestutako ondasunak suntsitzeko edo modu larrian kaltetzeko benetako arriskua dagoela egiaztatzen bada.
Honako zehapen hauek jarriko dira:
Arau-hauste arinetan, 100.000 euro arteko isuna.
Arau-hauste larrietan, 250.000 euro arteko isuna.
Arau-hauste oso larrietan, 1.000.000 euro arteko isuna.
Hiru arau-hauste motentzat ezartzen den zehapenaren diru-zenbatekoa honako bi balorazio hauen neurriraino igo ahal izango da: bata, araua hautsi zuenak lortutako onuraren halako bi, eta, bestea, euskal kultura-ondareari eragindako kaltearen halako bi.
Eusko Jaurlaritzak baimena dauka lege honetan jasota dauden isunen zenbatekoa erregelamendu bidez eguneratzeko. Zenbateko horiek ezingo dira handitu bizi-kostuaren indize ofizialen gehikuntzaren gainetik.
Legez dagokion isuna alde batera utzita, euskal kultura-ondareari kalteak eragiten dizkioten arau-hausteek berekin ekarriko dute, ahal den neurrian, gauzak konpontzeko eta lehen zeuden moduan uzteko betebeharra, eta, edozein kasutan, eragindako kalteen eta galeren ordainei aurre egin behar izatea.
Konpontzeko betebeharra betetzen ez bada, dagokion foru-aldundiak ahalmena izango du konpontze-lanak modu subsidiarioan egiteko, arau-hauslearen kontura.
Babes bereziko, ertaineko eta oinarrizko babeseko ondasun higiezinetan baimenik gabe eraispenak egiteagatik izandako arau-hausteekin lotutako zehapen-prozeduretan, erantzuleek ondasun horiek berreraiki beharko dituzte, zehapen-espedientearen ebazpenean ezarritakoaren arabera, eta inoiz ere ezingo da eraitsitako eraikinari zegokiona baino eraikigarritasun handiagoa lortu.
Eusko Jaurlaritzan kulturaren eskumena duen organoaren eskumena izango da 82. artikuluaren e), f) eta g) letretan tipifikatutako arau-hauste arinei dagozkien zehapen-prozedurak izapidetzea eta ebaztea, baita 83. artikuluaren f) eta g) letretan tipifikatutako arau-hauste larriei eta 84. artikuluaren c) letran tipifikatutako arau-hauste oso larriei dagozkienenak ere.
Aurreko zenbakian aipatutakoak salbu, dagokion foru-aldundiaren eskumena izango da lege honetan tipifikatutako arau-hausteei dagozkien gainerako zehapen-prozedurak izapidetzea eta ebaztea.
Zehapen arinak bi urtera preskribatuko dira; larriak hiru urtera, eta oso larriak lau urtera, betiere zehapen-prozedura erabakitzen duen ebazpena irmoa den unetik zenbatzen hasita.
EAEko lurralde-eremuan kokatuta dauden eta aldi berean Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen babespean kultura-ondasuntzat jo diren ondasun higigarri eta higiezin guztiak babes bereziko kultura-ondaretzat joko dira, baldin eta Kalifikatutako Kultura Ondasunen Erregistroan sartu badira, eta babes ertaineko kultura-ondasuntzat, berriz, Euskal Kultura Ondasunaren EAEko Inbentario Orokorrean sartu badira. Kasu bietan, ondasun horiei aplikagarri zaien araubide juridiko berberaren pean egongo dira.
Orobat, Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legea indarrean sartu aurretik kultura-intereseko ondasun deklaratutako eta EAEn kokatutako ondasun higigarri eta higiezin guztiak euskal babes bereziko kultura-ondasuntzat joko dira, eta mota horretako ondasunei aplikatu beharreko babes-araubide juridiko bera aplikatuko zaie.
Halaber, labar-artea jasotzen duten haitzuloak, babes-lekuak eta lekuak euskal herriaren kultura-ondasun dira, eta lege honetan kalifikatutako ondasunentzat aurreikusitako araubidearen mende daude.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen babespean Kalifikatutako Kultura Ondasunen Erregistroan zein Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Orokorrean sartutako kultura-ondasun higigarri eta higiezin guztiak berez sartuko dira Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistroan, lege hau onartzearekin batera.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Eusko Jaurlaritza saiatuko da, akordioen eta hitzarmenen bidez, EAEtik kanpo dauden eta euskal kultura-ondarea osatzen duten ondasunak bertara ekartzen.
LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Euskal kultura-ondareko ondasun kalifikatuei edo inbentariatuei beste lege eta araudietan egiten zaizkien erreferentziak babes berezia eta babes ertaina duten ondasunei dagozkiela ulertuko da.
BOSGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Kontuan hartuta errealitate eta afinitate historikoa, kulturala eta linguistikoa, Eusko Jaurlaritzak elkarlanerako eta kooperaziorako akordioak sustatuko ditu Nafarroako Gobernuarekin eta Iparraldeko Hirigune Elkargoarekin kultura-ondarearen alorrean.
Lege hau indarrean sartu aurretik kultura-ondasun deklaratzeko hasitako espedienteen izapideak eta haien ondorioak lege honek ezarritakoaren mende geldituko dira.
BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA
Oinarrizko Babesa duten Kultura Ondasunen EAEko Erregistroa sortze aldera, Eusko Jaurlaritzan hirigintzaren eskumena duen sailak lege hau indarrean hasten den unean indarrean dauden udalen hirigintza-dokumentuen katalogoen berri emango dio Eusko Jaurlaritzan kultura-ondarearen eskumena duen sailari.
HIRUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA
Lege honetan aurreikusitako erregelamendu-mailako arauak indarrean hasi arte, dagoeneko daudenak aplikatu beharko dira, lege honetan ezarritakoaren kontra ez doan kontu orotan.
LAUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA
Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistroan inskribatutako ondasun higigarrien merkataritzan eskuarki diharduten pertsonek aurkeztu beharko dute 55. artikuluan aurreikusitako erantzukizunpeko adierazpena, urte beteko epean lege hau indarrean hasten denetik kontatzen hasita.
BOSGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA
Euskal Kultura Ondarearen erakundearteko Organoak, bere sorreraren ondorengo hiru urteen epean, ikusizko kutsaduraren eta kutsadura akustikoaren aurkako plan bat egingo du, kultura-ondarearen arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak onartu beharko duena.
Indargabetuta geratzen da uztailaren 3ko 7/1990 Legea, Euskal Kultura Ondarearena, kapitulu hauek izan ezik: III. tituluaren VI. kapitulua, ondare dokumentalarena, eta V. tituluaren I. kapitulua, artxiboen zerbitzuena.
Indargabetuta geratzen da martxoaren 26ko 62/1996 Dekretua, Euskadiko Arkeologia Ondarearen Aholku Batzordea eratzen duena.
Era berean, indargabetuta geratzen dira lege honetan xedatutakoaren aurkako xedapen guztiak.
Baimena ematen zaio Eusko Jaurlaritzari lege honetan berariaz aurreikusitako erregelamendu-xedapenak eman ditzan, legean bertan berariaz aurreikusten direnez gain, betiere haren eskumenekin bat.
Eusko Jaurlaritzak baimena dauka lege honen 88. artikuluan jasota dauden isunen zenbatekoa erregelamendu bidez eguneratzeko. Zenbateko horiek ezingo dira handitu bizi-kostuaren indize ofizialen gehikuntzaren gainetik.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko maiatzaren 10a.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (18)
- Ikus: AGINDUA, 2024ko irailaren 6koa, Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, 2024-2025 aldirako dirulaguntzetarako deialdia egiten duena, Euskal Kultura Ondare Immateriala babestearen arlora bideratutako lanak egiteko.
- Ikus: AGINDUA, 2024ko uztailaren 16koa, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, 2024. eta 2025. urteetan euskal kultura-ondarea babestera bideratutako ikerketa-lanak egiteko dirulaguntzak emateko araubidea iragarri eta arautzen duena.
- Ikus: AGINDUA, 2024ko ekainaren 5ekoa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, itsas kultura-ondarearen garrantzia nabarmentzeko 2024ko ekitaldiko dirulaguntzen oinarri arautzaileak ezarri eta laguntza horiek emateko deialdia egiten duena.
- Ikus: AGINDUA, 2024ko ekainaren 5ekoa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, Euskal Kultura Ondarearen garrantzia azpimarratu eta hedatzeko 2024-2026 aldirako dirulaguntzetarako deialdia arautzen eta egiten duena.
- Aldatutakoa: 14/2023 LEGEA, azaroaren 30ekoa, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legea aldatzekoa.
- Ikus: AGINDUA, 2023ko ekainaren 28koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, euskal kultura-ondare immateriala babestearen arlora bideratutako lanak egiteko 2023-2024 aldirako dirulaguntzetarako deialdia egiten duena.
- Ikus: AGINDUA, 2023ko ekainaren 8koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, 2023an eta 2024an Euskal Kultura Ondarearen babesaren arlora bideratutako ikerketa-lanak egiteko dirulaguntzen deialdia egin eta hartarako araubidea arautzen duena.
- Ikus: AGINDUA, 2023ko martxoaren 22koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, Euskal Kultura Ondarearen garrantzia azpimarratu eta hedatzeko 2023-2025 aldirako dirulaguntzetarako deialdia arautzen eta egiten duena.
- Ikus: AGINDUA, 2022ko ekainaren 8koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, 2022an eta 2023an Euskal Kultura Ondarearen babesaren arlora bideratutako ikerketa-lanak egiteko dirulaguntzen deialdia egin eta hartarako araubidea arautzen duena.
- Ikus: AGINDUA, 2022ko maiatzaren 26koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, Arabako Arkeologia Museoa Arabako Lurralde Historikoan aurkitutako interes arkeologikoko ondasunen gordailu-zentro izendatzen duena.
- Ikus: AGINDUA, 2019ko irailaren 11koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, Euskal Kultura Ondarearen garrantzia azpimarratu eta hedatzeko 2019-2021 aldirako dirulaguntzetarako deialdia egiten duena.
- Zuzendutakoa: HUTS-ZUZENKETA, honako lege honena: «6/2019 Legea, maiatzaren 9koa, Euskal Kultura Ondarearena».
- Ikus: AGINDUA, 2019ko irailaren 17koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, itsas kultura-ondarearen garrantzia nabarmentzeko 2019ko ekitaldiko dirulaguntzen oinarri arautzaileak ezarri eta deialdia egiten duena.
- Ikus: 6/2022 DEKRETUA, urtarrilaren 11koa, Euskal Kultura Ondarearen Euskal Autonomia Erkidegoko Erregistroari buruzkoa.
- Ikus: AGINDUA, 2022ko urtarrilaren 5ekoa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, Euskadiko industria-ondare higigarriaren «Orkonera-Lutxana Bilduma» sortzen duena.
- Ikus: 221/2021 DEKRETUA, urriaren 5ekoa, Euskal Kultura Ondarearen Erakundearteko Organoaren osaera, antolamendua, funtzionamendua eta zereginak arautzen dituena.
- Ikus: AGINDUA, 2020ko uztailaren 22koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, Euskal Kultura Ondarearen garrantzia azpimarratu eta hedatzeko 2020-2022 aldirako dirulaguntzetarako deialdia egiten duena.
- Indargabetzen du: 62/1996 DEKRETUA, martxoaren.26koa, Consejo Asesor de Patrimonio Arqueológico de Euskadi/Euskadiko Arkeologi Ondarearen Aholku Batzordea eratzeko dena.