Etxebizitza eta Hiri Agenda Saila

Arautegia

Inprimatu

2/2016 LEGEA, apirilaren 7koa, Euskadiko Toki Erakundeei buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Legea
  • Organo arau-emailea: Herri Administrazio eta Justizia Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 70
  • Hurrenkera-zk.: 1544
  • Xedapen-zk.: 2
  • Xedapen-data: 2016/04/07
  • Argitaratze-data: 2016/04/14

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía
  • Azpigaia: EAEko udalak; Gobernua eta Administrazio Publikoa; Ekonomia; Funtzio publikoa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Eusko Legebiltzarrak 2/2016 Legea, apirilaren 7koa, Euskadiko Toki Erakundeei buruzkoa onartu duela jakinarazten zaie euskadiko herritar guztiei

Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legea da Euskadiren egituraketa juridiko-instituzionalerako arau juridikorik garrantzitsuenetakoa, eta, hala ere, Eusko Legebiltzarrak 1980an legegintza-lana hasi zuenetik, hogeita hamabost urtetik gora igaro dira dagoeneko Euskadiko toki-erakundeei buruzko lege bat oraindik onesteke.

Harrigarria da legea orain arte onesteko modurik eduki ez izana, nahiz eta horren premia benetan larria dela iritzi zaion ia aho batez; izan ere, hasieratik bertatik EAEko autogobernuaren egitura juridiko-instituzionalaren zutabeetako bat izan beharko zukeen; hiruko egitura dela esan daiteke, hiru mailatan oinarritzen baita erakunde komunak, lurralde historikoak, eta udalak eta gainerako toki-erakundeak, horietako bakoitzak profil bereizia eta eskumen propioak dituela.

Ondo jakina den bezala, Euskal Autonomia Erkidegoko egitura juridiko-instituzionala hiru maila instituzional horien arteko egituraketan oinarritzen da, non maila, jatorri, eduki eta irismen desberdineko arau juridikoek elkarri eragiten baitiote. Hala, 1978ko Konstituzioak eta indarrean dagoen Euskal Autonomia Erkidegoko 1979ko Autonomia Estatutuak Gernikako Estatutua deitua Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko eskumen-banaketa zehazten dute. Bestalde, erakunde komunen (Eusko Jaurlaritza eta Legebiltzarra) eta lurralde historikoetako foru-organoen (foru-aldundiak eta batzar nagusiak) arteko eskumen-banaketaz arduratzen dira Autonomia Estatutua eta Eusko Legebiltzarraren azaroaren 25eko 27/1983 Legea, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde komunen eta lurralde historikoetako foru-organoen arteko harremanei buruzkoa, Lurralde Historikoen Lege gisa ezagun dena. Horrez gain, Kontzertu Ekonomikoak gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Kontzertu Ekonomikoa onesten duen maiatzaren 23ko 12/2002 Legeak arautua EAEk Estatuarekin dituen finantza- eta zerga-harremanak arautzen ditu eta, hortaz, EAEko finantza- eta zerga-sistemaren bizkarrezurra da. Eta, azkenik, lurralde historikoetako foru-arauek lurralde historiko horien eskumenak diren arloak arautzen dituzte eta, udalei dagokienez, baita haiei zuzenean eragiten dieten gai batzuk ere, kontu espezifiko batzuetan, hala nola lurralde-mugaketak, udalez gaindiko erakundeak, aurrekontuak, finantzak eta tokiko ogasunak.

Baina Euskadiko toki-erakundeei buruzko legerik gabe, EAEko eraikin instituzionala osatu gabe zegoen, eta horregatik zen beharrezkoa lege hau onestea, Euskadiko gobernuaren hiru maila instituzionalak josteko prozesua burutu ahal izateko.

EAEko udalek eta gainerako udal-erakundeek, orain arte halako legerik eduki ez dutenez, urritasuna ezaugarri izan duen arau-esparru instituzional batean jardun behar izan dute. Egia da lurralde historikoek bakoitzak bere lurralde-eremuko udaletan eta toki-erakundeetan zuzenean aplikatzekoak diren foru-arauak onetsi dituztela, bai zerga-arloan eta arlo ekonomiko-finantzarioan, bai beren eskumeneko beste gai batzuetan. Baina egia da, halaber, Euskal Autonomia Erkidegoak lege propiorik ez duenez udal-kontuak osotasunean jorratzeko, Euskadiko udaletako eta gainerako toki-erakundeetako gobernu-organoek toki-araubideari buruzko Estatuko oinarrizko legeria eta Eusko Legebiltzarrak onetsitako lege sektorialak aplikatu dituztela, eta lege sektorial horiek hainbat gaitan eragin dutela eta kasu askotan, gainera, zuzenean eragiten dutela udal-eskumenetan; esaterako, hirigintzan, ingurumenean, gizarte-zerbitzuetan, eta abar. Alta, horrek guztiak, orain arte, ez du konpondu arazoa, alegia, EAEko udalei esparru juridiko propioa ematea, egonkortasuna eduki eta beren autogobernua gauzatu dezaten, beren helburu nagusia betetze aldera: hots, herritarren eskaerei erantzutea, herritarrengandik gertuen dagoen administrazioa baita.

Legeak eskumenak argitu nahi ditu, segurtasun juridikoa emateaz gain udalaren egiteko instituzionala indartzeko, eta finantzaketa egokia emateko, toki-erakundeek finantza-jasangarritasuna ziurtatu dezaten eta, hartara, herritarrei zerbitzuak egoki emango zaizkiela berma dadin. Ildo horretatik, legearen funtsezko alderdiekin batera hala nola araubide instituzionala, eskumenak eta abar, orobat azpimarratzekoa da Europar Batasuneko araudiarekin bat, eta Konstituzioan eta legeetan aurrekontu-egonkortasunaren eta finantza-jasangarritasunaren printzipioari lotutako erreforma egin ondoren zer-nolako garrantzia hartu duten arkitektura instituzional ekonomiko-finantzarioarekin lotutako alderdiek toki-araubidearen garapenean. Eta horrek are beharrezkoagoa egiten du erreforma hori egin baino askozaz lehenago ere etengabeko eskaera zen hori; alegia, ezinbestekoa da EAEko udalak zuzenean eragiten dieten organoetan eta erabakiak hartzeko prozesuetan egotea, aurrerantzean ez daitezen izan halako tutoretza-mailaren mende dauden administrazioak, tutoretza horrek ez baititu beti errespetatzen udalei dagozkien funtzio garrantzitsuak eta, gainera, tutoretza hori ez baita beti bateragarri udalek bermatuta eduki behar duten tokiko autonomiaren errespetuarekin.

Bistan da urte hauetan guztietan beti hor egon dela toki-erakundeei buruzko lege baten premia, eta, horregatik, legea prestatzeko hainbat testu, aurreproiektu eta proiektu egin dira, baina, arrazoi batzuk ala beste batzuk tarteko, ez dira lege-mailako arau bihurtu. Gaur egungo egoera politikoan, ordea, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legea onesteko prozesua bultzatzeko lagungarri izan den aukera bat sortu da.

Halaber, argi zegoen edukiak izendatzaile komunetako txikiena ezarri behar zuela, sentsibilitate politiko desberdinetako eta Euskadiko hiru maila instituzionaletako ordezkaritza ahalik eta zabalena ados jar zedin lortzeko. Izan ere, eragile politiko eta instituzional guztiak jakitun ziren horrelako lege batek babes zabala behar zuela, baldin eta aurrera ateratzea ez ezik denboran irautea lortu nahi bazen. Legea onesteko prozesuaren zailtasuna bi alderditan islatu da argi eta garbi: lehenik, edukian, non oreka delikatu bat bilatu baita aukera normatibo desberdinen artean, adostasunaren mesedetan denen ekarpenak jasota gera daitezen saiatzeko; eta bigarrenik, edukiaren azken erredakziorako jarraitutako prozedura konplexuan.

Iturrien gaian, legeak gure udal-sistema foralaren ondare juridikoa hartu du kontuan, zeinaren aurrekari zaharrenak denboran atzeratzen baitira harik eta foruen garaian euskal lurraldeetan indarrean egon zen toki-erakundeen zuzenbidera arte. Zuzenbide horrek oso kontuan hartzen zuen herrialdean udal-antolakuntzan zegoen aniztasuna eta, ondorioz, herrialdean zeuden udal-mailako, udalez gaineko eta udalez azpiko erakundeei egokitutako eredu juridiko-politikoak arautzen zituen; eredu horrek, lurralde bakoitzean berezitasunak izanik ere, elementu komun garrantzitsuak ditu Pirinioen bi aldeetara, doktrinarik babestuenak agerian jarri duen bezala.

Euskal udal-tradizioan nabarmenak ziren ere toki-erakundeen eskumen zabalak, beren burua antolatzeko, arautzeko eta kudeatzeko zeukaten ahalmen handia, ez bakarrik eremu politikoan, baizik eta baita eremu ekonomikoan ere, eta azkenik, foru-udalen eta batzar legegile foralen arteko harreman estua; batzar horietan zeukaten jatorria, halaber, lurraldeetako gobernu-organoek eta, harreman horri esker, egoki ezkontzen ziren udal-maila eta foru-lurralde bakoitzaren maila.

Udal-eredu foral hori krisian sartu zen XIX. mendean, gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoa osatzen duten hiru lurraldeetan; izan ere, lurralde horietan 1841eko urriaren 29ko Errege Dekretua inposatu zen erabat alde bateko erabakiz, eta ordura arte indarrean egon zen zuzenbide publikoaren foru-sistema alde batera utzi zuen ia guztiz, baita udal foru-sistema ere.

Zuzenbide publikoko euskal foruen azken arrastoak behin betiko baliogabetu ondoren 1876ko uztailaren 21eko legearen kariaz, eta nahiz eta EAEko udalek ez zuten foru-garaian edukitakoaren antzeko autonomia mailarik eskuratu berriz ere, udalen egoera juridiko-ekonomikoa nabarmen bereiziz joan zen araubide komuneko udalen aldean, eta 1878an sortutako Kontzertu Ekonomikoaren araubidearen babesean toki-eredu propio bat eratzera ere iritsi zen, doktrinak «udal kontzertatua» deitu duena; eredu hori oso maila desberdineko arau juridikoek babesten dute, baina euskarria ematen diote euskal sistemaren berezitasunari. Ildo horretatik, adibide moduan aipa daitezke, hurrenkera kronologikoari jarraituz, 1878ko ekainaren 8ko Errege Agindua, 1882ko abuztuaren 29ko Probintzia Legearen laugarren xedapen iragankorra, 1891ko abuztuaren 8ko Errege Agindua eta horietatik eratorritako ondorengo arauak.

Garai horretan, EAEko udalen eskumenak estuki lotuta egon ziren euskal aldundiek, Kontzertutik bertatik eratorritako ahalmen ekonomiko-administratiboei jarraituz, gero eta ahalmen gehiago edukitzearekin. Hala ezartzen zuen 1906ko abenduaren 13ko Errege Dekretuaren 15. artikuluak, eta oraindik indarrean dago haren edukia, egungo Kontzertu Ekonomikoaren hirugarren xedapen gehigarrian jasota baitago. Eta Primo de Riveraren diktaduraren bete-betean ere, 1924ko urriaren 21eko Errege Dekretuak jaso zituen 1924ko Udal Estatutuak EAEko araubide bereziari egindako egokitzapenak.

Eta tradizio historikoari jarraituz, ez baitzen eten erregimen politikoa aldatu zenean ere, II. Errepublikako Udal Legeak, 1935ekoak, 11. xedapen iragankorrean ezarri zuen ezen lege horren preskripzioek aginduko zutela hiru probintzietan, baldin eta ez baziren probintzia haietan indarrean zegoen araubide berezian ezarritakoaren aurkakoak. Bestalde, 1936ko Euskal Estatutuak 2.a.3 artikuluan ezarri zuen, toki-araubidearen gaian, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenari zegokiola (Errepublikako Konstituzioaren 16. eta 17. artikuluen arabera) legegintza esklusiboa eta betearazpen zuzena, eta euskal udalei esleitutako autonomiak ezin izango zituela eduki Estatuko lege orokorretan ezarritako mugak baino txikiagoak.

Diktadura frankistaren denboran, euskal udalek ez zuten araudi komunera orokorrean egokitu beste erremediorik eduki, baina, hala ere, profil bereizi bat gordetzen ahalegindu ziren ahal izan zuten guztietan. Hala gertatu zen Arabako lurraldean, non Kontzertu Ekonomikoak indarrean jarraitu baitzuen eta zenbait berezitasun mantendu baitziren, toki-araubideari buruzko araudi estatalean Arabaren berezitasuna berariaz salbu uzten zuten xedapen espezifiko batzuen babesean, Nafarroarekin gertatu zen bezala, zeinak indarrean mantendu baitzuen bere Hitzarmen Ekonomikoa.

Beste alde batetik, eta indarrean dagoen ordenamendu juridikoaren esparruan, askotarikoa dugu Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legearen eskumen-oinarria, eta komeni da zehatz antolatzea; izan ere, EAEko arkitektura instituzional bereziak, bere eskumen espezifikoek eta bere araubide ekonomiko-finantzarioak Konstituzioaren lehenengo xedapen gehigarritik, Autonomia Estatututik eta Kontzertu Ekonomikotik eratorriak, bai eta euskal eskubide historikoak eguneratu dituen gainerako arauditik ere esparru juridiko konplexua osatzen dute, eta kontuan hartu behar da beti.

Horri dagokionez, aipatu behar dira honako xedapen hauek: Gernikako Estatutuaren 10.4 artikulua; Kontzertu Ekonomikoaren Legea; tokiko ogasunen araudia martxoaren 5eko 2/2004 Legegintzako Errege Dekretuak arautua, eta batik bat dekretu horren zortzigarren xedapen gehigarria, euskal foru-araubideari buruzkoa; Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Jasangarritasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoa, zeinaren azken xedapenetako hirugarrenak ezartzen baitu Kontzertu Ekonomikoan ezarritakoa errespetatu beharko dela; eta, noski, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legean jasotako toki-araubideari buruzko oinarrizko legeria, eta, zehazki, lege horren jatorrizko testuan zein Toki Administrazioaren Arrazionalizazioari eta Jasangarritasunari buruzko abenduaren 27ko 27/2013 Legearen bidez egindako aldaketetan euskal erakundeei aitortutako espezialitateak.

Apirilaren 2ko 7/1985 lege honetatik azpimarratzekoak dira, arlo honetan, 39. artikulua eta hain garrantzitsua den bigarren xedapen gehigarria, euskal foru-araubideari buruzkoa, EAEko udal-araubidearen espezialitate nabarmenak arautzen baitituzte, eta babes juridikoa ematen baitiote udal-eredu propio baten araubidean aurrera egiteko aukerari Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Lege honetan garatzen da aukera hori, Konstituzio Auzitegiak toki-araubidearen gaian adierazitakoarekin koherentzian, batik bat 7/1985 lege hau hizpide duen abenduaren 21eko 214/1989 Epaian adierazitakoarekin, eta zehazki haren 26. zuzenbide-oinarrian, zeren eta auzitegiak errekonozitzen baitu EAEko toki-araubidearen espezialitateak zuzen-zuzenean lotzen direla euskal eskubide historikoen errespetuarekin, zeinak Konstituzioaren lehenengo xedapen gehigarrian babesten baitira, eta beraien eguneraketarekin, eta iristen da berariaz esateraino: «Era honetara ulertzen da berme konstituzional horrek berarekin ekartzea toki-araubide horren tratamendu normatibo berezi propio bat, eta hori are Estatuko botere zentralen aurrean ere».

Eta hala, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legeak aukera horiek garatzen ditu, eta, tokiko gaietan, euskal foru-araubidetik eratorritako eskubide historikoak eguneratzeko arau bihurtzen da, indarrean dagoen legeriaren esparruan eta toki-araubideari buruzko oinarrizko legeriaren babesean, horien edukia errespetatu eta garatu egiten baitu, edozein eguneraketak, bistan denez, berrikuntza ere badakarrelako. Horrek guztiak justifikatzen ditu kasuan-kasuan eskumenak dituzten EAEko erakundeen mesedetan lege honetan sartu diren espezialitateak. Haien bidez, Euskadin tokiko gobernuaren sistema kohesionatu, integratu eta efiziente bat eraikitzeko aukera egon beharko litzateke, nahi ez diren bi alderdi ekidinez: batetik, Autonomia Erkidegoko edo lurralde historikoetako erakundeen esku-sartzea udalen bizitzan, arriskuan jar dezakeelako udalen benetako autonomia, eta bestetik, tokiko espazioa zatitzeko arriskuak, sistemaren biziraupena bideraezin egin dezaketelako.

Azkenik, legegileak oso kontuan izan ditu eta, ahal den neurrian, testuan txertatu, euskal toki-araubidea erregulatzeko aurreko gobernuek edo alderdi politikoek, biak ere mota ezberdinetakoak, bere garaian aurkeztu zituzten lege-proiektu eta -proposamenek egindako ekarpen baliotsuak; Euskadiko toki-araubidearen gaineko azken bi proiektuei buruz Arbitraje Batzordearen bi erabakietan egindako ohar garrantzitsuak, urriaren 20ko 1/2008 eta apirilaren 19ko 3/2012 erabakietan jasota daudenak; eta baita Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren apirilaren 9ko 64/2008 eta uztailaren 28ko 193/2011 irizpenek kontu horri buruz egindako ekarpen interesgarriak ere. Hori guztia, ahaztu gabe zer-nolako ekarpen garrantzitsuak egin dituzten jurisprudentziak eta doktrinak gai honetan.

Euskadiko Toki Erakundeek buruzko Legearen edukia zehazteko jarraitutako prozedurari dagokionez, oinarrizko adostasun bat lortzeko beharra zegoenez gero EAEko autogobernu-sistemarentzat giltzarri den lege honek ahalik eta babesik handiena lor dezan, hitzartzeko eta elkar ulertzeko metodologia bikoitza jarri da abian: batetik, inplikatutako maila instituzionalen artean, eta bestetik, Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten sentsibilitate politiko desberdinen artean.

Euskal Autonomia Erkidegoa konplexua da erakunde, lurralde eta ideologia aldetik, eta ezaugarri horrek udalen garapen instituzionalerako aukeren ahultze nabaria ekarri du, bai eta behar bezalako oinarririk gabe ixtea ere lurraldeetako botere publikoen arteko harreman-sistema arrazoizko baten egituraketa. Horregatik, komenigarria zen oso kontuan izatea horrelako arau bat udalek, lurralde historikoek eta erakunde komunek onetsi behar dutela, eta erakunde horiek, halaber, indar politiko desberdinek goberna ditzaketela; nolanahi ere, sistemak funtziona dezan, joko-arau berberak onetsi behar dituzte horiek guztiek, alde batera utzita une bakoitzean erakunde horietako bakoitza nork gobernatzen duen.

Horregatik, eta Euskadiko Udal Kontseiluaren deialdiaren ondoren erakundeen topaleku da organo hori, legearen aurreproiektua idazten parte hartu zutenak, pixkanaka, testuaren tituluak aurkeztuz joan ziren, lan-talde batean eztabaidatzeko. Organo tekniko horretan hiru maila instituzionalak zeuden ordezkatuta (Eusko Jaurlaritza, foru-aldundiak eta udal-ordezkariak, Eudel-Euskadiko Udalen Elkartearen bidez), eta, hortaz, legearen lurralde-eremuan gehiengoa duten sentsibilitate politikoak. Helburua zen ahalegina egitea aurreproiektu baten zirriborroa adosteko, Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden indar politikoen negoziaziorako oinarri eta bultzada izan zedin, Eusko Legebiltzarrak baitu legeari buruzko azken hitza, baina abantaila erantsi batekin: herri-subiranotasunaren egoitzan negoziazio hori oinarrizko testu batetik abiatuko zen, eta testu hori idazten arituak izango ziren eraginpeko erakundeen ordezkariak, zeinak, era berean, sentsibilitate ideologiko nagusien ordezkari baitira.

Legeak oinarri dituen irizpideei dagokienez, sintesi labur bat dago hemen printzipio garrantzitsuenez, legegileak EAEko udal-araubidearen erregulazioa gida dezaten nahi izan duen horiez, abiapuntu garbi bat hartuta: «arau integral» bat ematea, hau da, lege-testu horretan definitzea EAEko udalaren kokapen instituzionala bai ekintza publikoaren esparruan, bai finantzaketa-esparruan. Hortaz, tokiko gobernuen eredu integratu bat antolatzea da kontua, Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako bi maila instituzionalekin harmonian txertatuko dena, eta, horrela, autonomiaren barne-instituzionalizazioaren prozesua burutuko da, beldurrik eduki gabe guztien adostasunarekin aldatu beharreko araudia aldatzeko; horrek, batzuetan, esaterako, Lurralde Historikoen Legea deitutakoaren testua osatzea eskatzen du, eta noizbait, zehaztea eta zuzentzea ere bai.

Udal-bizitzaren alderdi zehatzei buruz eta toki-erakundeek herritarrari ematen dioten zerbitzuari buruz lege-testuak jasotzen dituen printzipioekin batera, eta horien denen buru, lege honen irizpide oinarrizkoa eta gidaria da EAEko udalari botere-sorta zabala ematea, udal-autonomia eraginkorraren estandar altu batzuk bermatzeko diseinatua. Halaber, legeak apustu garbia egiten du tokiko gobernuaren mailen sendotze instituzionalaren alde, udala baita herritarrengandik gertuen dagoen erabaki-foroa. Horregatik, legea saiatzen da tokiko politika publikoen diseinuan, erabakian eta ezarpenean herritarrek informazioa eskuratzeko eta parte hartzeko bidea izan dezaten bitartekoak sustatzeko dagoen premia larriari erantzuten, eta, horrela, aurre egiten ordezkaritzako demokrazia tradizionalak berezko dituen zenbait ahuleziari eta boterea are gehiago kontrolatzeko eta kontuak argiago emateko eskakizunak ekarritako erronka berriei. Orobat oso kontuan izan da erronka horiek lotuta daudela gero eta indartsuagoak diren eskakizun batzuei, alegia, tokiko ekintza publikoan eta udal-egituretan beretan gobernu ona, etika eta gardentasuna eskatzeari; erronka horiei esker, eguneroko esperientziak erakusten duen bezala, egunerokoan balio horien arabera diharduten udalak erakunde eraginkor eta garapen ekonomiko eta sozialaren lagungarri bihurtzen dira.

Bistakoa da tokiko politikaren kalitate instituzionala hobetu beharra dagoela udal-gobernuek beren legitimitatea indar dezaten, zerbitzu-zorro iraunkor eta efizientea garatuz. Izan ere, udalak dira herritarrek arazoak konpontzeko jotzen duten lehendabiziko atea, eta udalen legitimazio instituzionalaren oinarria da, neurri handi batean, herritarren beharrei erantzun egokia ematea eta herritarrei bizi-kalitate egokia eskaintzea, eskubide guztiak baliatzeko aukera bermatuta; horien artean, gainera, hizkuntza-eskubideak.

Hala islatzen da legeak toki-harremanetan kultura- eta hizkuntza-eredu propio baten alde egin duen aukera garbian ere, apustu sendoa egiten baitu euskararen iraunarazpen, finkapen eta garapenaren alde, amorez eta euskal toki-administrazioa benetan euskalduna izan ahal dadin, horrek berarekin dakarrekin guztiarekin, hala nola den euskara laneko ohiko hizkuntza izan ahal izatea, euskara jakitea mugatu gabe, askotan gertatzen denez, tokiko enplegu publikora iristeko eskakizun formal huts izatera. Horregatik, toki-administrazioak etsenplu eta gidari izan behar du euskara erabat berreskuratzearen arloan, eta horretarako beharrezkoa da administrazio horrek apustu argi bat egitea bere jarduna gero eta gehiago euskalduntzen joateko.

Horregatik, euskara babestu eta normalizatzeko lana, Euskal Herriaren hizkuntza berezkoa eta komuna denez, lehenik, euskal botere publiko guztiei dagokie, baina euskal udalak bide-erakusle izan behar dira eginkizun horretan. Ondorioz, lege honen asmoa da aitzindari izatea prozesu batean non botere publiko guztiek apustu irmoa egin behar baitute euskararen alde, haren normalizazio desiratua eta erabateko garapena galarazten edo oztopatzen duten trabak erauziz. Hala, lege honek, zeinak uneoro errespetatzen baitu toki-araubidea, aldezten du, kasuan kasuko toki-erakundeak hala erabakitzen badu, euskara erakunde horretako lan-hizkuntza izatea. Era berean, modu berariazko, funtsezko eta zuzenean aurreikusten du udalek eskumenak edukitzea euskararen erabilerari eta normalizazioari buruzko planen arloan, bai «ad extra», hau da, beraien jardunaren lurralde-eremuan, bai «ad intra», hau da, toki-erakundean bertan artikulatzeko antolamendu bakoitzak erabakitzen dituen jasotzaileekin.

Halaber, amorez eta hizkuntza-normalizazioko prozesuek gainditu dezaten toki-erakundeen lanpostuetarako hautaketa- edo horniketa-prozesuetan gaitasun hori egiaztatzearen estadioa, aurreikusten dira ere zinegotziek hizkuntza-gaitasunak eskuratu eta hobetzeko lagundu dezaketen neurriak, zeren eta bi errealitateak, bai enplegatu publikoei dagokiena eta bai politikaren eremuari dagokiona, uztarturik joan behar baitira, euskararen erabileran benetako normalizazioa lortzeko, hau da, esan den bezala euskara laneko ohiko hizkuntza bihurtu dadin euskal toki-erakundeetan.

Alabaina, hori esan ondoren, adierazi behar da ere, alde batetik, euskal toki-administrazioaren euskalduntzearen aldeko apustu irmo horrek ezin dituela inola ere ahaztu herritarren hizkuntza-eskubideak, herritarrek uneoro izango baitute hautatzen duten hizkuntza ofizialean artatuak izateko eskubidea eta bi hizkuntza ofizialetakoren bat ez jakiteagatik inolako babesgabetasunik ez nozitzeko eskubidea. Eta beste alde batetik, toki-agintarien jardunak eskatuko du neurri bereziak hartzea euskararen alde, egoera kaxkarragoan dagoen hizkuntza ofiziala baita. Izan ere, euskara faboratzeak bilatzen duena da, hain zuzen, herritarren artean benetako berdintasuna sustatzea, Hizkuntza Erregionalen edo Gutxituen Europako Kartaren 7.2 artikuluan jasotakoaren zentzuan karta hori 1992ko azaroaren 5ean onetsi zen Estrasburgon eta indarrean dago gure ordenamendu juridikoan, 2001eko otsailaren 2an berretsia izan ondoren, non bere helburu eta printzipioen artean esaten duen ezen «hizkuntza erregionalen edo gutxituen alde neurri bereziak hartzea, hizkuntza horien hiztunen eta gainerako biztanleen artean berdintasuna sustatzera zuzenduta daudenak eta beraien egoera berezia kontuan izatea bilatzen dutenak, hori ez da hartuko hizkuntza hedatuagoen hiztunekiko diskriminazio-egintzatzat».

Azken finean, lege honek bilatzen du euskal toki-erakundeei erabateko toki-autonomia bermatzea modu efektiboan esku har dezaten beren auzotarren interes eta asmoei eragiten dieten gaietan, muga bakarra izanik errespetatzea eraginkortasunaren, efizientziaren eta administrazio onaren printzipioak, eta betiere mendeturik aurrekontu-egonkortasunari eta finantza-jasangarritasunari buruzko arautegi aplikagarriari, udal-autogobernuko eredu garatuenekin koherentzian jokatuz eta 1985eko urriaren 15eko Toki Autonomiari buruzko Europako Kartaren espirituarekin eta printzipioekin bat etorriz, karta hori indarrean baitago gure ordenamendu juridikoan 1988ko urtarrilaren 20an berretsia izan ondoren. Eta hori guztia Toki Autonomiari buruzko Europako Karta lehentasunezko iturri bat delako toki-araubideari buruzko legeen integraziorako eta interpretaziorako.

Zentzu horretan, Europako Kontseiluak iritzi dio toki-erakundeak erregimen demokratiko baten zutabe garrantzitsuenetako bat direla eta herritarrek arazo publikoen kudeaketan parte hartzeko daukaten eskubidea printzipio demokratiko komunen parte dela, sinetsirik baitago tokiko maila honetan modu zuzenagoan egikaritu daitekeela eskubide hori. Eta hala, eskumen efektiboak dituzten toki-erakundeak egoteak posible egiten du administrazioa eraginkorra eta herritarrengandik hurbilekoa izatea. Horregatik, Europako Kontseiluaren ustez, europar herrialde desberdinetan toki-autonomia babestea eta indartzea funtsezko ekarpen bat egitea da demokraziaren eta botere-deszentralizazioaren printzipioetan oinarritutako Europa eraikitzeko.

Euskal Herriak ere bere ekarpena egin nahi dio europar eraikuntzari, bete ere bere identitatea gordez eta osagai dituen lurraldeen eta udalen artean lokarriak estutuz. Hartarako, lege honek itzulingururik gabe sustatzen du lurralde eta udal horien arteko batasun kultura, sozial, administratibo eta politikoa eta aldi berean irizten dio ezen Europa hori, zeinaren eraikuntzan ekarpena egin nahi baitugu, gizakiaren neurriko Europa izan behar dela, non ekonomia herritarren bizi-baldintzak hobetzearen zerbitzuan egongo baita eta non, beraz, tokiko eremuak, herritarrengandik hurbilen dagoenak, lehentasunezko tratua izango baitu beste eremu batzuekiko. Eta hartarako, herri txiki eta zahar honetatik egin dezakegun ekarpen onenetako bat da bertako toki-erakunde txikien egituraketa historikoa eta juridikoa zaindu, ezagutzera eman eta balioan jartzea, erakundeok estuki lotuta baitaude bere ingurune naturalarekin eta beren herritarrei zerbitzuak ahalik modurik hurbilenean emateko moduan antolatuta baitaude.

Eta hala, tokiko eremua adierazpide demokratikoaren espazio publiko gisa diluitu beharrean, lege honen helburua da toki-erakundeak indartzea eta EAEko udalei behar bezalako toki-autonomia ematea, kontuan hartu gabe zein lurralde-eremutan dauden. Iritzi da unea toki-autonomiaren printzipioak behingoz garatu ditzan bere potentzialtasun guztiak. Iritsi da egiaren unea, gure eredu politiko bereziari eman nahi diogun norabidea aukeratzea unea. Eta ondorioz, gobernu-ekintza herritarrengana hurbiltzea ezinutzizko beharrizan politikoa da, herritarren parte-hartze eskubidea benetakoa eta efektiboa izan dadin, herritarrek benetako kontrola eta partizipazio erabakigarria eduki dezaten denon baliabideen administrazioan eta denon arazoen konponketan.

Hartarako, eskumen publikoen egikaritzea, oro har, herritarrengandik hurbileneko agintaritzei dagokie lehentasunez, eta gure kasuan toki-erakundeei. Zorionez, euskal herriak badu tradizio aberats bat eta egitura bat herri-antolamenduan, eta horren esku jarri behar ditugu instituzioak, herritarrek propiotzat har ditzaten eta parte-hartze politiko eta sozialerako eskubidea osoki erabili ahal dezaten, zeren eta eraldaketa soziala hurbilekoan hasten den lana baita, eskala txikian, tokikoan. Horregatik guztiagatik, Toki Araubideari buruzko Europako Kartaren atarikoan esaten denez, uste dugu toki-erakundeak direla erregimen demokratikoen zutabe nagusietako bat, non zuzenen egikaritu daitekeen herritarrek gai publikoen kudeaketan parte hartzeko daukaten eskubidea, eta toki-erakundea eskumen efektiboz hornituta egoteak posible egiten administrazio eraginkorra eta herritarrengatik hurbila edukitzea.

Alabaina, toki-erakundeek demokratikoki eratutako erabaki-organoak edukitzeaz aparte eta eskumenei eta horiek egikaritzeko modalitateei dagokienez autonomia zabala edukitzeaz aparte, horrez gainera beharrezkoa da erakunde horiek beren eginkizunak betetzeko beharrezkoak dituzten baliabideak edukitzea, alegia, finantza-nahikotasuna deitzen dugun. Baina finantza-nahikotasunaren printzipio hori efektiboa izan dadin, Toki Araubideari buruzko Europako Kartaren 9.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, finantzaketa ezin da izan abiapuntua toki-erakundeei beren autonomiaren bermatzaile diren eskumenak aitortzeko, baizik eta ondorioa, eta horregatik aldarrikatzen da ezen euskal instituzioek, Kontzertu Ekonomikoaren esparruan, bermatuko dutela tokiko finantzaketa udalei esleitutako eskumenei egokitua izango dela, beraien toki-autonomia efektibo bihurtzeko, lege honen artikuluetan jasotzen den eran.

Eta aipatutako helburu horiek betetzeko, eta lege honek herritarrek benetan parte hartzeko eredua defenditzen duen era berean, orobat planteatzen du toki-erakundeek zuzenean parte hartzea beraiei eragiten dieten gaietan, barruan sartuta zuzenean ukitzen dieten arauen tramitazioan parte hartzea eta beraien eskumenen eta finantziazioaren egikaritzeari buruz erabakitzen duten instituzioetan parte hartzea.

Edozein kasutan, ereduak behar bezala funtziona dezan, koherentzia behar da EAEko erakunde-sistemaren parte diren erakundeen jardueren artean, non hiru maila desberdinek bat egin eta elkarri eragiten baitiote, amorez eta azkenean saihesteko instituzioen artean deskoordinazio-motaren bat sortuta eredu hori zamatu dezaketen egoerak, betiere udalen autonomia babeste aldera. Horretarako, lege honek arautzen duen EAEko udal-ereduak udalen eskumen propioen sistema bat ezartzen du, udalen autogobernua eta udalek herritarrei ematen dieten zerbitzua indartzen dituena, eta, aldi berean, toki-erakundeen finantza-jasangarritasuna ziurtatzeaz arduratzen da, baldintzatu gabeko finantzaketaren aldeko apustu sendoa eginez, hartara bai Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legeak bai beste arau sektorial batzuek udalei aitortutako eskumenak ongi bete ahal izango baitituzte.

Alabaina, horrekin batera, nabarmentzekoa da Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legeak errespetatu egiten duela eskubide historikoetatik eratorrita lurralde historikoek EAEko erakundeen egituran betetzen duten leku berezia, eskubide horiek errespetatu egiten baititu indarrean dagoen arautegi estatalak eta bereziki babestuta baitaude Gernikako Estatutuaren 37. artikuluan. Eta horrek guztiak justifikatzen du udal-espazioaren esparru eta alderdi jakin batzuetan proiektatzen den foru-eskumenen funts bat egotea.

Zurrunbilotsua izan ohi da beti Autonomia Erkidegoak eta lurralde historikoek udal-mailako eremuan esku hartzeko daukaten ahalen afera, eta hor oreka zaila bilatu du legeak, ahal horien eta udalen autonomia politiko eta ekonomiko eraginkor baten artean. Horrek azaltzen du zergatik sartu diren hainbat kautela udal-autonomia babesteko, zuzenbide konparatuko eredurik aurreratuenetatik hartutako tekniketara ere joz, hala nola «alerta goiztiarra» deitutako sistemetara, EAEko udalen autonomiari eragin diezaioketen politika arauemaileen aurrean.

Konklusio gisa, legeak ikusgarritasun instituzionala eman nahi izan dio EAEko udalari EAEko botere publikoen sisteman, indartsu defendatuz haren nortasun propioa, ziurtatuz bai haren autonomia politikoa bai finantzaketa egokia ziurtatuz, eta aitortuz gainerako lurralde-botere publikoekin elkarrizketa zuzena edukitzeko ahalmena; horrekin batera, erakundeen arteko lankidetzarako mekanismoak ezartzen ditu, eta horren adibide garbi dira Tokiko Politika Publikoen Euskal Kontseilua eta Finantza Publikoen Euskal Kontseilua eratzea, non, zuzenean dagozkion edo eragiten dioten gaiak aztertzen direnean, udala Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako maila instituzionalekin berdintasunean sartuko baita.

Eta hala, Eusko Legebiltzarrak, Euskal Autonomia Erkidegoaren sistema instituzionalari errespeturik handiena izanik, baina zalantzarik egin gabe, Euskal Autonomia Erkidegoari toki-araubidearen gaian dagokion eskumena gauzatu du lege honen bidez, funtsean Gernikako Estatutuaren 10.4 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Eta hori guztia egiteko, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legeak, beraz, helburu batzuk planteatzen ditu, ezin atzeratuzkoak direnak nahi baldin badugu tokiko gobernuen sistema integratu bat eduki, koherentea eta sendoa, instituzionalki begiratuta.

Lehendabiziko helburua da, gaur egungo esparrutik abiatuta eta esparru horrek eskaintzen dituen konfigurazio-tarteak aintzat hartuta, tokiko gobernuen eredu integratu bat osatzea, lurraldetasunezko gobernu-maila desberdinetan taxuz txertatuko dena, batik bat Autonomia Erkidegoan eta lurralde historikoetan. Eta indarrean dagoen arau-esparru instituzionala errespetatuz, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legearen funtzio nagusia da eskumenen alorrean eta finantza alorrean gutxieneko autonomia-estandar homogeneoak dituen udal-sistema bat ezartzea.

Bigarren helburuaren ardatza da udalen finantza-jasangarritasuna bermatzea, zerbitzu-zorro zabal bat gauzatu ahal izateko eta herritarrei kalitatezko tokiko zerbitzuak eman ahal izateko oinarria. Helburu hori estuki lotuta dago, berehala ikusiko dugun moduan, udal-eskumenen sistemarekin eta udal-finantzaketaren sistemarekin berarekin.

Hirugarren helburua da indartzea udalak herritarrei dagokienez daukan hurbileko administrazioren izaera. Alde horretatik, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legeak apustu zintzo bat egiten du udalen eta herritarren arteko elkarrizketa hobetzeko, kontuak emateko sistema garden bat ezartzeko, eta euskal herritarren bizi-kalitatearen garapen jasangarria bultzatzeko. Horretara bideratuta dago herritarren parte-hartze eta gardentasunaren arloan egiten den arauketa, bai eta tokiko zerbitzu publikoen eta, bereziki, udalei esleitutako eskumenen kudeaketari dagokion garapena.

Udalerriak eta zehatzago, udalak dira herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak, eta, beraz, herritarren beharrizanez ondoen jabetzen direnak. Eta esan den bezala, herritarrak arazoak dituenean jotzen duen lehenengo atea da. Herritarren beharrizanei behar bezala erantzuteak eta herritarren bizi-kalitate arrazoizkoa bermatzeak ematen diote legitimazioa udalari erakunde gisa. Eta erantzukizun instituzionalen eta eskumenen banaketarako sistema argi eta zehatza ezarriz baino ez da lortuko hori. Era berean, horretarako, udalen finantzaketa-sistema egokia finkatu beharko da, udalen erantzukizunak zuzen gauzatu ahal izateko eta tokiko zerbitzu publikoak behar bezala eskaini ahal izateko.

Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legearen laugarren helburua da udal-autonomia indartzea eta bermatzea. Horretarako, autonomia horren aitorpen formala egiteaz gain, beharrezkoa da erabat bermatzea autonomia hori, euskal udalek benetako ahalmena eduki dezaten udalei dagozkien gaiak eta arazoak oso-osorik beren erantzukizunpean antolatzeko eta kudeatzeko. Oraintsuko oinarrizko legeria estatalak toki-autonomiaren printzipioari buruz eta Toki Autonomiari buruzko Europako Kartaren aurreikuspenei buruz egiten duen interpretazioaren kontra, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legea printzipio horiek indartzera dator, eta hala, Euskadiko edozein gobernu-mailatako jardunak nahitaez errespetatu beharko luke EAEko udaletan tokiko autonomiaren gutxieneko estandar batzuen aplikazioa. Hori dela eta, legeak udal-autonomia bermatzeko sistema zehatz bat egituratu du, alerta goiztiarreko mekanismo bat sartuta, Toki Autonomiari buruzko Europako Kartan jasotako printzipioen irakurketa aitzindaria eta egokia eginez. Hori, zalantzarik gabe, tokiko autogobernua indartzeko orduan, Espainiako Estatuan egin den esperientzia aitzindarietako bat da.

Bosgarren helburua, lege honen helburu nagusiarekin koherentzian arituz, hau da, udal-autonomia indartzearekin, bat dator, zuzen-zuzenean, udalak hartzen duen muineko posizioarekin; alegia, udala zuzeneko legitimitate demokratiko erantsia duen tokiko erakundetzat hartzen da, eta horrek bere eragina izan behar du Euskadiko tokiko gobernu-sisteman udalari ematen zaion eginkizun garrantzitsuarekin.

Zentzu horretan berean, seigarren helburua da udalari ikusgarritasun instituzionala ematea euskal botere publikoen sistemaren barruan. Horrenbestez, tokiko jardun-eremua ezin da konfiguratu kasuan-kasuan foru-sisteman edo sistema autonomikoan txertatu beharreko erakunde-multzo baten gisara; aitzitik, beharrezkoak du bai nortasun propioa izatea, bai gainerako lurralde-botere publikoekin solaskidetza zuzena edukitzea. Ikusgarritasun instituzional hori Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legearen hainbat zatitan islatzen da, baina, batez ere, Tokiko Politika Publikoen Euskal Kontseiluaren eta Herri Dirubideen Euskal Kontseiluaren eraketan.

Zazpigarren helburua datza tokiko sistema demokratikoa indartzean. Beraz, kontua da udala printzipio demokratikoaren arabera osatutako lurralde-botere publikoa dela aitortzea, eta udalaren legitimitatea eta kalitate demokratikoa Autonomia Erkidegoko edo lurralde historikoetako organo eta erakundeak eratzeko behar den bestekoa dela gutxienez. Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legeak, hortaz, erdigunean jartzen ditu udal-politikaren printzipio demokratikoa eta kalitate instituzionala. Bi alderdi horiek, efizientziaren eta finantza-jasangarritasunaren printzipioekin batera, Euskadiko tokiko autogobernuaren zimentarriak dira.

Zortzigarren helburua da udalei botere-sorta zabala ematea, eskumen propioen sistema batean islatuko dena, udal-autonomia bermatzeko gutxieneko estandarra izango baita hori. Sektoreko legegileak udal-eskumenak esleitzeko erabiliko duen esparru materialen zerrenda zabalak aditzera ematen du zein den lege-testu honen lege-erabaki giltzarrietako bat: oinarrizko legeriak alor honetan ezartzen dituen betebehar urriak aise gainditzen dituen udal-autonomia gutxieneko baten bermea, Euskal Autonomia Erkidegoa posizio nabarmen aurreratu batean jartzen duena. Edo, beste era batera esanda, kontua da udal-eremua, Euskadin, behar bezala zedarritutako botere politiko gisa eratzea, jarduera-esparru zehatza emanez, eta beste gobernu-mailek ez dezatela izan nahieran udalaren esparru horretan unean-unean edo arbitrarioki sartzeko aukerarik.

Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legearen bederatzigarren helburua nahitaezko zerbitzuen kudeaketa-sistema propio baten diseinuan ardazten da, batez ere kasu jakin batzuetan, zeinetan, egiazko kostuen azterketa eta jarraipenaren ondorioz, foru-aldundiek zerbitzu horien kudeaketa-sistema partekatua edo beste edonolako formula alternatiboak bultza baititzakete. Euskadiko sistema instituzionalaren bereizgarritasunak lagungarriak dira helburu horri begira, esparru horretako solaskideak foru-aldundiak eta udalak baino ez baitira, eta horrek erraztu egiten du nahitaezko zerbitzu horien kudeaketa efizientea lortzeko alternatibak bilatzea, bereziki 20.000 biztanletik beherako udalerrien kasuan, Euskadiko gehienak alegia.

Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legeak, foru-erakundeen eskumenak ezertan ere eragotzi gabe, urrats bat egin nahi du udalen mankomunitateak edo, hala badagokio, partzuergoak indartzeko, nahitaezko zerbitzuok batera emateko sistemak sustatzen dituzten tresna instituzional moduan. Bide horrek hobekiago barneratzen ditu toki-autonomiaren printzipioa eta Toki Autonomiari buruzko Europako Karta bera, esan nahi baita Euskadiko udalek autoantolaketarako duten ahala babesten duela, ahal hori udal-autonomiaren printzipiotik eratortzen den ahalmen gisa ulertuta. Ondorio berak atera dituzte Estatu Kontseiluak eta Europako Kontseiluko Eskualdeko eta Tokiko Botereen Batzarrak, berriki landutako dokumentu batzuetan.

Eta, azkenik, hamargarren helburua, udalen eskumen-sistemak eta finantzaketa-araubideak batak bestearekin duten kausazko lotura estuaren argitan, ideia nagusi honetan oinarritzen da: EAEko udalek finantzaketa egokia izan behar dutela, udal-eskumenak zuzen gauzatu ahal izateko. Dudarik ez dago, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legea aurrerapauso sendo bat da bide egokian, beharrezkoa baita udalek berezkoak dituzten eskumen zabal horien aitorpenak bere isla izatea udal-finantzaketaren sisteman ere. Horrela, udal-finantzaketa, udalen berezko eskumenekin batera, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legearen ardatz bilakatu da. Udal-finantzaketa bermatu gabe, ezinezkoa da zuzentasunez udal-autonomiaz aritzea. Eta, honetaraz gero, ezin saihestuzkoa da EAEko udalen parte-hartzea Herri Dirubideen Euskal Kontseiluaren erabakiguneetan, gobernu-maila horretan funtsezkoak diren alderdiak aztertzen direnean.

Alde horretatik, nabarmentzekoa da Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legea, beste lege autonomiko batzuk ez bezala, edo are tokiko arloan Estatuak eman duen oinarrizko legeria ez bezala, udal-esparru instituzionalaren lege integrala dela, arlo horretan lurralde historikoetako foru-organoek dituzten eskuduntza garrantzitsuen kalterik gabe; izan ere, udalen berezko eskumenak eta munta honetako lege batek berezkoak dituen beste elementuak arautzeaz gain, finantzaketa arloan erabaki arauemaile oso garrantzitsuak hartu dira bertan. Alegia, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legeak integratu egiten ditu, eta ez banandu, udal-autonomiaren oinarri diren bi alderdiak: udal-eskumenak eta udal-finantzaketa. Eta hori inoiz ez da egin Espainiako esparru konparatuan. Eta toki-erakundeei buruzko lege batek, baliozkoa izango bada, bi ikuspegiok batu behar ditu, bestela arriskua baitu paper hila izateko edo euskal udalen benetako beharrizanei ez erantzuteko.

Udalen eskumen-esparru materialak ezin dira erabaki puntualen pentzudan egon, sektoreko legeriak edo foru-botere arauemaileak egoeraren arabera zer erabakitzen duten; izan ere, bestela, ezinezkoa izango litzateke udal-eskumenen gutxieneko estandar bat bermatzea. Are gehiago bizi dugun garaian, zeren, alor horretako Estatuaren oinarrizko legeriaren esparrua erreformatu ondoren, eskumenak legez kalifikatzearen ondorioak (hau da, propioak diren, eskuordetuak edo «propioez bestelakoak» diren) trasladatzen baitira udalek herritarrei ematen dieten zerbitzu-zorrora.

Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legea, beraz, EAEko sistema instituzionalaren funtsezko elementua izango da, muin-muineko osagaia, eta, ondorioz, arlo horretan daukan zeregin garrantzitsua dela-eta, Lurralde Historikoen Legea deitutakoarekin batera Euskadiren instituzionalizazio-prozesua, oraingoz behinik behin, ixten duen legetzat hartu beharko da.

Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legeak bederatzi titulu ditu, arlokako materia espezifikoen arabera banatzen direnak; zazpi xedapen gehigarri; hamahiru xedapen iragankor; xedapen indargabetzaile bat, eta bost azken xedapen.

Lehenengo tituluan, xedapen orokor batzuek legearen ezaugarriak eta helburua azaltzen dituzte, bai eta toki-erakundeen ezaugarriak eta zerbitzuen prestazioarenak ere, eta arau-esparru berri hau zein printzipiotan oinarritzen den ere; azkenik, EAEko toki-erakundeen hizkuntza aztertzen dute. Gainera, legean sartzen diren erabaki arauemaileak arrazoitzen dituzten eskumen-tituluak aipatzen dira.

Printzipioei dagokienez, legean printzipio-zerrenda zehatz bat jasotzen da. Lehenengo eta behin, tokiko autonomiaren printzipioa, printzipio demokratikoaren arabera udal-autogobernuak daukan dimentsio politikoaren bidez gauzatzen dena. Bigarrena finantza-autonomiaren printzipioa da; berariaz jasota dago Toki Autonomiari buruzko Europako Kartan, eta udalek beren eskumenak gauzatzeko behar dituzten baliabideak izateko eskubidean islatzen da. Printzipio horiekin batera, beste zenbait ere zehazten dira: herritarrekiko hurbiltasunaren printzipioa eta haien parte-hartzearena, tokiko zerbitzu publikoetara jotzekoa, ingurumenari buruzkoa, gobernu onari buruzkoa, eta beste maila instituzionaletatik toki-erakundeei esleitutako eskumenei buruzko printzipioak.

Lehenengo titulu honetan jasotzen da, legean leku berezia duelarik, euskararen erabilera Euskal Autonomia Erkidegoaren toki-administrazioaren esparruan, Euskal Herriaren berezko hizkuntza den aldetik.

Euskara hizkuntza ofiziala da Euskal Autonomia Erkidegoan eta, beraz, baita bertako toki-erakundeetan ere. Alde horretatik, jardueretan zerbitzu- eta lan-hizkuntza izango da toki-erakunde horietan, betiere herritarren hizkuntza-eskubideak errespetatuta, eta erabilera normala eta orokorra izango du bertan. Berariaz adierazten da, gainera, euskaraz egin daitekeela egintza eta izapide oro.

Horrekin batera, euskararen erabilera sustatzeko, planifikatzeko eta dinamizatzeko eskumenak aitortzen zaizkie udalei, bai udal-zerbitzuen alorrean, bai udalerriko bizitzaren eremu askotarikoetan ere. Bide horretan, aukera ematen zaie udalei bitartekoak jartzeko, baita bitarteko arauemaile eta ekonomia-finantzen alorrekoak ere, eta aukera, orobat, euskararen eremuan beste erakunde batzuekin lankidetzan edonolako formulak bilatzeko.

Bigarren tituluak udala eta beste toki-erakunde batzuk ditu hizpide, eta bi kapitulu ditu. Lehenengo kapituluan, EAEko tokiko gobernuen sisteman udalak instituzio gisa duen leku gailena aztertzen da, legitimitate demokratiko zuzena duen toki-erakundea den aldetik. Bertan, udal-autonomiaren printzipioaren nondik-norakoak arautzen dira, Toki Autonomiari buruzko Europako Kartak dioenarekin bat, eta autoantolaketarako ahalaren ezaugarriak ere arautzen dira, udal-autonomiaren ezinbesteko ondorio diren neurrian. Lehenengo kapitulu horretan esaten da, halaber, toki-erakundeen erregistro bakarra egongo dela, maila instituzional ezberdinetan erabiliko dena eta geroago erregelamendu bidezko garapena izango duena.

Bigarren kapituluak udalaz besteko toki-erakundeen azterketa orokorra egiten du eta, toki-erakunde horiei dagokienez, lurralde historikoek zer eskumen dituzten aitortzen du. Testuinguru horretan, berariaz aipatzen dira udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko erakundeak, eta haien alde eta haien bereizgarritasunen alde egiten da.

Hirugarren tituluak udal-autonomia bermatzeko sisteman giltzarria den alderdi bat arautzen du: zenbateko botere politikoa har dezaketen udalek, legeak berak ezartzen duen eskumen-sistemaren bitartez. Kasu honetan, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legeak udalak politikan jarduteko adinez nagusitzat jotzearen alde egiten du, nabarmen, Toki Autonomiari buruzko Europako Kartan adierazitakoaren ildotik. Hori horrela, testu garrantzitsu honetan ezarritakoari jarraituz, eskumen publikoak, oro har eta lehentasunez, herritarrengandik gertuen dauden aginteei esleitu behar zaizkie, eta, gainera, normalean, udalen eskumen horiek erabatekoak eta osoak behar dute. Horrez gain, gobernuaren beste instantzia bati esleitu ez zaizkion eskumen guztiak gauzatu behar dituzte EAEko udalek, beren erantzukizunpean erabat, betiere herritarren premiei erantzutera zuzentzen badira.

Legeak udal-eskumena zer den definitzen du, eta beraren tipologia azaldu; eskumen propioak dira autogobernua bermatzen dutenak, eta eskumen transferitu edo eskuordetuak, helburu hori lortzeari dagokionez, salbuespen dira. Zehazten du, gainera, eskumen bat esleitua izateak berekin dakarrela eskumen hori egikaritzeko behar diren funtzio edo ahalmen sorta osoa ere esleitzea, berariaz kontrakoa ezartzen duen legezko xedapena egon ezean.

Udalen eskumen propioen zerrenda ere jasotzen da, hau da, zerrenda material luze bat, erakusten duena euskal instituzioek apustu sendo bat egiten dutela oinarrizko legeriak alor honetan ezartzen dituen udal-autonomiaren estandarrak alde handiz gainditzen dituzten estandar batzuk babesteko; hots, EAEko udal-autogobernurako eredu berezia, kualitatiboki gailentzen dena. Horrek esan nahi du Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legeak, eduki instituzionala duen aldetik, toki-autonomiaren gutxieneko estandar bat ematen diela EAEko udalei, zeina lege sektorialek ondoren hobetu ahalko duten. Baina, edonola ere, arestian adierazi moduan, autonomia-estandar hori aise gailentzen zaio oinarrizko legeriak gaur egun ezartzen duenari.

Legeak, halaber, eskumenen klausula orokor bat gehitzen du, Toki Autonomiari buruzko Europako Kartak berak ezarritakoari jarraikiz; testuak ezartzen baitu toki-erakundeek, betiere legearen esparruaren barruan, beren ekimena gauzatzeko erabateko askatasuna dutela, beren eskumenetik kanpo ez dagoen edo beste aginte bati esleitu ez zaizkion gai guztietan. Hortik ondorioztatzen da EAEko udalek beste lurralde-botere publikoek egiten dituzten jarduerekin osagarriak diren jarduerak egin ditzaketela, baldin eta udal-ogasun osoaren finantza-jasangarritasuna arriskuan jartzen ez bada eta oinarrizko legerian azaldutakoaren arabera bikoiztasunik sortzen ez bada, prestazioaren lurralde-eremuari eta eremu subjektiboari dagokienez (bikoiztasunaren kontzeptuak legeak berak zedarritzen du).

Laugarren tituluak, bestalde, udalen antolaketaren alde jakin batzuk arautzen ditu; hain zuzen ere, Euskadiko toki-gobernua osatzen duten erakundeen kalitatea hobetzera zuzenduta egonda ere oinarrizko legerian jaso ez direnak. Tituluak hiru kapitulu ditu. Lehenengo kapituluak oinarrizko legeriak antolaketa instituzionalaren alorrean jasotzen direnekin osagarriak diren arau batzuk ezartzen ditu. Bigarren kapituluak, aurrenekoaren ildotik, udal-ordezkarien estatutuaren alderdi batzuk arautzen ditu, arreta berezia jarriz, besteak beste, oposizio politikoaren ordezkarien estatutuan, udal-taldeetan edo kode etikoen erregulazioan, zeina oso garrantzitsua baita zeren puntako tokian jartzen baitu Euskadi alor horretan tokiko eremuan. Eta, azkenik, hirugarren kapituluan, zuzendaritza-kide publiko profesionalen figura arautzen da. Arautze hori ere aitzindaria da estatu mailan, tokiko araubidearen esparruan. Eta haren xedea da EAEko tokiko gobernuak instituzionalki indartzea, udaleko zuzendaritza-kide publikoaren figura txertatzeko aukera baliatuz (aukera hori toki-erakunde bakoitzak balia dezakeen diskrezio-ahal gisa defini daiteke). Horiek aukeratzeko prozesuaren profesionaltasuna, nagusiki, honetan funtsatzen da: zuzendaritza-kide publikoek, lehenik eta behin eta aldez aurretik, zenbait gaitasun egiaztatu behar dituzte, baina horrek ez du kentzen, behin aipaturiko gaitasun horiek egiaztatu eta gero, toki-erakunde bakoitzeko organo eskudunak zuzendaritza-kideak izendatu ahal izango dituela, diskrezionalitate-tarte arrazoizkoak erabilita.

Bosgarren tituluak arautzen ditu, alde batetik, udalerrietako auzotarren betebeharrak eta eskubideak, eta, beste aldetik, zerbitzu-kartak. Lehenengo kapituluaren gaia auzotarren betebeharrak eta eskubideak dira. Herritarren betebeharren edo erantzukizunen atala izan ohi da, hain zuzen, gutxien garatu izan dena gure toki-legerian. Hala ere, auzotarrek udaleko partaide izatearen sentimendua areagotu egiten da, herritarrak diren aldetik dituzten erantzukizunak eta herritartasunaren ideiarekin batera doazen balio zibikoak beren gain hartu ahala. Eskubideen katalogoa ere legearen xedea da, eta, hori egiterakoan, Europako Kontseiluak (Eskualdeko eta Tokiko Botereen Batzarrak) azken urteotan gaiari buruz onetsi dituen gomendioak hartu dira kontuan. Baina, begi-bistakoa denez, kasu bietan (eskubideak eta betebeharrak) ulertu behar da lege honek osatu egiten duela, eta inola ez baztertu, oinarrizko legeetan ezarritakoa.

Azkenik, orobat aurreikusten da EAEko udalek zerbitzu-kartak onestea, hala badagokio, Espainian, Europan eta munduko beste leku batzuetan zenbait hirik egin duten bezala. Bosgarren titulu honetako bigarren kapituluak zerbitzu-kartak arautzen ditu; udalek bitarteko horiek onesteko aukera jasotzen du, eta karten edukiaren lerro nagusiak zein diren zehazten du. Kapitulu horrek, halaber, xedatzen du udalek zerbitzu publikoen kalitatea bultzatzeko obligazioa dutela, egiaztatze- edo ebaluazio- sistemen bitartez.

Seigarren tituluak berebiziko garrantzia duen gai bat aztertzen du: toki-erakundeen gobernu irekia, gardentasuna eta herritarren parte-hartzea. Xedapen orokorrak azaltzen dituen lehenengo kapituluaren ondoren, zeinean gaia kokatzen baita gobernu onaren eta gobernu irekiaren printzipioaren barruan eta legearen aplikazio-eremua aztertzen baita, bigarren kapituluan EAEko toki-erakundeek erantzun beharreko publizitate aktiboaren betebeharrak arautzen dira, arlo horretan benetako erregulazio zorrotza dakartenak. Bertan ageri den esparru materialen araberako banakatze xehe eta zehatza ez da ohikoa antzeko beste erregulazioetan, eta, gainera, balio erantsi gisa, gardentasunari buruzko obligazioak egokitzen dira tokiko berezko errealitatera eta udaletan erabiltzen diren bitarteko arauemaileetara, ekonomiko-finantzarioetara edo bestelakoetara. Dena den, eskakizun horiek legearen hirugarren xedapen iragankorraren bitartez zehazten dira behar bezala. Bertan, horien aplikazioa mailaka ezartzen da, udalerri bakoitzak duen biztanleria-atalasearen arabera, nahiz eta horrek ez duen esan nahi, inola ere, legeak ezartzen dituen eskakizunok ezin direnik lortu, horretarako borondate politikoa eta baliabide teknikoak baldin badaude.

Seigarren titulu honetako hirugarren kapituluak informazio publikoa eskuratzeko eskubideari buruzko arau orokor batzuei heltzen die, hau da, gardentasun-printzipioaren eraginkortasunetik segitzen den ondorioetako bat, baina herritarren eskakizunek akuilatuta aktibatzen dena. Eta hor bertan aztertzen dira, orobat, informazio hori eskuratzeari uko eginez gero egin daitezkeen erreklamazioak. Xede hori eta beste batzuk gogoan, legeak aukera egiten du, beste legegintza-eredu batzuek ez bezala, erreklamazio horien ebazpena aparteko kontseilu edo agintaritza espezifiko eta independente baten esku uzteko.

Seigarren tituluko laugarren kapituluak herritarren parte-hartzea arautzen du. Erregulazioak argi eta garbi egiten du herritarren partaidetzarako tresnak sakontzearen alde, Euskadiko toki-eremuan gobernu ona sendotzeko bidean. Izan ere, araudi aurreratua da, herritarren benetako parte-hartzea sustatu nahi duena tokiko politika publikoak bultzatu, diseinatu, landu, gauzatu eta ebaluatzeko sisteman, betiere honako hauek abiapuntutzat hartuta: herritarren parte hartzeko eskubidea indartzea eta partizipazio deliberatiboko prozesuak eraikitzea partizipazio deliberatiboko erabakiaren bitartez, eta ordenantzak sustatu, landu eta onesteko prozesuetan eta udal-aurrekontuetan gastu publikoaren konpromisoa identifikatzeko prozesuetan parte hartzea antolatzea. Horren guztiaren ondoren, toki-eremuan herritarrei egiten zaizkien galdeketak arautzeko erregulazio zabal bat ageri da; espresuki bereizten dira «herri-galdeketak» eta bestelakoak, hala nola «sektoreko galdeketak edo lurralde-eremu mugatuko galdeketak» eta «herri-galdeketa irekiak». Kapituluaren amaieran, herritarren partaidetzako erakundeak eta herritarren partaidetzako erakundeen erregistroa arautzen dira.

Legearen VII. tituluan, zeinak hizpide baititu Politika Publikoen Euskal Kontseilua eta Euskadiko Tokiko Gobernuen Batzordea, udalek, organo horien bidez eta legeak zehaztutako eran, toki-eremuari eragin diezaioketen politika publikoen prestaketan parte hartzea aurreikusten da.

Horrela, bada, Tokiko Politika Publikoen Euskal Kontseilua taxutzen da Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeek toki-autonomia erabat errespetatuko dutela bermatzea helburu izango duen kide anitzeko organo iraunkor gisa. Kontseilua organo independentea izango da, eta autonomia organikoa eta funtzionala edukiko du; baina aurrekontu-ondorioetarako toki-araubidearen gaineko eskumenak dituen Eusko Jaurlaritzako sailera egongo da atxikita. Kontseiluan Autonomia Erkidegoko hiru gobernu-mailek parte hartuko dute (Eusko Jaurlaritza, foru-aldundiak eta udalak), eta artikuluetan zehatz-mehatz azaltzen da zein diren haien eginkizunak eta zeregin instituzional garrantzitsua EAEko erakundeen esparruan politika publikoak koordinatzeko, integratzeko eta bultzatzeko lanean.

Tokiko Politika Publikoen Euskal Kontseiluarekiko independente, Euskadiko Tokiko Gobernuen Batzordea sortzen da. Batzorde horretan, udalak baino ez daude ordezkatuta, eta alerta goiztiarreko mekanismo baten moduan jokatzea du eginkizun nagusia. Hala, legeen edo legegintza-dekretuen aurreproiektuei buruzko aurretiazko txostenak egingo ditu, aurreproiektu edo proiektuok toki-autonomiara egokitzen diren aztertze aldera. Horrela, botere publiko autonomikoen jardunaren aurrean udalen autonomia bermatzeko organo nagusia bilakatuko da Euskadiko Tokiko Gobernuen Batzordea. Batzordearen funtsezko eginkizuna izango da gobernu-maila horietan izapidetzen ari diren arau-jardunetan udal-autonomiaren printzipioa urratzeko arriskuaz «ohartaraztea».

Zortzigarren tituluak tokiko zerbitzu publikoen kudeaketa arautzen du, ikuspegi ezberdinetatik begiratuta. Zortzigarren tituluko lehen kapituluak tokiko zerbitzu publikoen kudeaketa du aztergai, bai eta kudeaketa moldeak eta erakunde instrumentalak ere, zerbitzu horiek emateko bitarteko gisa harturik. Kapituluak 20.000 biztanle baino gutxiago dituzten udalerrietako gutxieneko zerbitzuak arautzen dituen erregulazio berezia jasotzen du eta hizpide ditu tokiko zerbitzu publikoen kostu efektiboa eta lankidetza. II. kapituluak, berriz, tokiko zerbitzu publikoak kudeatzeko bitarteko toki-erakundeak arautzen ditu.

Era berean, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legeak apustu garbi bat egiten du tokiko zerbitzuen kudeaketa partekatuaren alde, aldundietan integratutako kudeaketarekin kontrajarrita. Hortik segitzen da EAEko toki-autogobernuaren ereduaren oinarria dela lehentasuna ematea elkarte-oinarriko erakundeei (nagusiki mankomunitateak) eta partzuergoei, tokiko zerbitzuak emateko bitarteko instituzionalak diren aldetik, baldin eta, eskala-arrazoiak direla edo eraginkortasun-arrazoiak direla, beharrezkoa bada zerbitzu horiek udaletatik beste instantzia batzuetara eskualdatzea.

Udalen finantzaketa, berebiziko garrantzia duen gaia baita, legearen bederatzigarren tituluan lantzen da. Erregulazio hori da, zalantzarik gabe, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legeak duen ezaugarri berezienetako bat, toki-araubidea lantzen duten gainerako legeen aldean (izan Estatukoak zein erkidegoetakoak). Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legeak arbuiatu egiten du, beraz, eskumenen eta finantzaketaren arteko bereizketa, zeren eta guztiz kontrakoa baita beraren abiaburua: Euskadin tokiko gobernua arautu nahi duen lege batek bi aldeak bateratu behar ditu.

Eta hala da. Kontzertu Ekonomikotik ondorioztatzen diren bereizgarritasun ekonomiko-finantzarioen argitan, eta Autonomia Estatutuak berak jasotzen duen erregulazioa aintzat hartuz, komenigarria ez ezik beharrezkoa ere bada tokiko finantzaketaren alorreko zenbait printzipio eta arau jasotzea, betiere espresuki aitortuta EAEko lurralde historikoek beren esparru instituzionaletan eskumen inportanteak dituztela esparru material horretan, baina argi adieraziz eskumenok, aldi berean, Herri Dirubideen Euskal Kontseiluari esleitzen zaion egiteko ezin garrantzitsuagoan uztartu behar direla, bai alor horretan, bai eremu ekonomiko-finantzarioarekin eta aurrekontu-egonkortasunarekin eta finantza-jasangarritasunarekin loturiko beste alor batzuetan.

Aipaturiko bederatzigarren tituluak zenbait xedapen orokor jasotzen ditu lehenengo kapituluan. Bertan, EAEko tokiko ogasunaren printzipioak aipatzen dira, eta udalen finantzaketa baldintzarik gabekoa izango dela dioen araua ere bai, baina baldintzapeko finantzaketa beti ohiz kanpokoa izango dena zenbait betebeharri lotuz. Horrez gain, zenbait arau biltzen ditu; besteak beste, aurrekontuen araubidearen gainean, zorpetze-araubidearen gainean eta kontabilitatearen gainean.

Bederatzigarren tituluaren bigarren kapituluaren xedea EAEko udalen eta gainerako tokiko erakundeen finantzaketa da. Eta gai garrantzitsu hori arautzeko, legeak aukerarik zuhurrenaren alde egiten du, Autonomia Erkidegoko hiru gobernu-mailen interesak (erakunde komunak, lurralde historikoak eta udalak) bateratzeko ahaleginean.

Horrenbestez, protagonismo handia ematen zaio Herri Dirubideen Euskal Kontseiluari, baina betiere alor horretan lurralde historikoetako foru-organoek, hala badagokie, erabil ditzaketen eskumenak errespetatuta. Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legeak, nolanahi ere, bai gai horietan bai beste batzuetan, EAEko udalen ordezkarien parte-hartzea bermatzen du, Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak hartu beharreko erabaki-sorta zabal baten aurrean. Horiek horrela, udalaren presentzia zer eremutan den beharrezko identifikatu nahi izan da, hor hartzen diren erabakiek eragin diezaieketelakoan. Erabaki arauemaile horren bitartez, asetuta geratzen da EAEko udalek egin izan duten eskakizuna, ez bakarrik Euskadiko berezko sisteman ikusgarritasuna izateko, baizik eta zuzenean eragiten dieten erabakitze-prozesuetan aktiboki parte hartzeko.

Legeak, azkenik, garrantzi handiko zazpi xedapen gehigarri biltzen ditu: tokiko araugintza-ahalari buruzkoa; zehapen-prozedurei buruzkoa; udalen federazioei eta elkarteei buruzkoa; enplegu publikoaren eskaintzak batera egiteari buruzkoa; Tokiko Administrazioko funtzionarioei eta arlo horretan erakunde komunek eta lurralde historikoek dituzten eskumenei buruzkoa; tributuak banatzeko irizpideak zehazterakoan udalek parte hartzeari buruzkoa; eta azkenik, zuzendaritza-kide publiko profesionalei buruzkoa.

Gainera, hamahiru xedapen iragankor biltzen ditu: udalen eskumen propioen inguruko esparru materialetako eginkizunei buruzkoa; eskumen-eremuari eta toki-finantziazioari buruzko azterlanetik eratorritako aurreikuspenak arautegian sartzeari buruzkoa; jarduerak burutzen eta zerbitzuak eta prestazioak ematen jarraitzeari buruzkoa; zerbitzu-kartei buruzkoa; VI. tituluan jasotako gardentasun-betebeharrak gerorago aplikatzeari buruzkoa; gardentasunaren atariari buruzkoa; tokiko musika-eskolen eta udal-euskaltegien araubide bereziari buruzkoa; gizarte-larrialdiko laguntzen araubide iragankorrari buruzkoa; sektore-legeak erregelamendu bidez garatzeari buruzkoa; Euskadiko Tokiko Administrazioaren Erregistroaren indarraldiari buruzkoa, Tokiko Erakundeen Erregistroaren inguruko hitzarmenei buruzkoa; zuzendaritza-kide publiko profesionalen araubide juridiko iragankorrari buruzkoa; eta azkenik, funtzionario publikoen arloan ahalmenak eta eginkizunak egikaritzeari buruzkoa.

Xedapen indargabetzaile bat eta bost azken xedapen ere biltzen ditu; horietako batzuk bereziki garrantzitsuak. Lehenengoa, Arbitraje Batzordearen azaroaren 3ko 5/2003 Erabakian azaldutako doktrinari jarraituz, modu zuzen, berariazko eta oinarrituaren bidez taxutzen du Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Komunen eta Lurralde Historikoetako Foru Organoen arteko Harremanei buruzko azaroaren 25eko 27/1983 Legearen aldaketa, Dirubideen Euskal Kontseiluari dagokionean; bigarrena, udalek kontseilu horretan parte hartzeko sistema berri baten ezartzeari buruzkoa da. Azken xedapenetako hirugarrenak, berriz, beste paragrafo bat gehitzen dio Zergapideen Elkarregokitasun, Erakidetasun eta Lankidetasunari buruzko maiatzaren 30eko 3/1989 Legearen 16. artikuluari; eta azkenik, azken xedapenetako laugarrenak eta bosgarrenak hizpide dituzte legea erregelamendu bidez garatzeari eta legea bera indarrean sartzeari buruzko ohiko aurreikuspenak.

  1. Lege honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeetan toki-autonomia garatzea, Tokiko Autonomiaren Europako Gutunean jasotako printzipioei jarraituz. Lege honetan jasotako aurreikuspenen bitartez, lortu nahi da, batez ere, Euskal Autonomia Erkidegoko udalek eta gainerako toki-erakundeek beren toki-autonomia osorik balia dezaten babestu eta bermatzea.

  2. Era berean, lege honen helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko tokiko gobernu-mailari eskumen multzo bat aitortzea eta ematea, berma dadin botere politiko propioa izango duela eta bideragarri gerta dakion herritarrei kalitatezko zerbitzuak ematea, tokiko gobernu ireki, garden eta parte-hartzaile baten bidez.

  3. Arau honen bidez, gainera, zehazten da euskal udalak Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde-sisteman duen lekua, alde batetik, euskal politika publikoak diseinatu eta gauzatzeko koordinazio- eta lankidetza-sistema interinstituzional bat eratzeari dagokionez, udalek edo gainerako toki-erakundeek politika horiek garatzen dituztenean edo haien parte-hartzea eskatzen denean, eta beste aldetik, udalen finantzaketa-sistema zehazteari eta Kontzertu Ekonomikoaren ondorio diren baliabide publikoak banatzeari dagokionez.

  1. Lege honetan xedatutakoaren ondorioetarako, hauek izango dira toki-erakundeak:

    1. Udalerria.

    2. Kontzejuak eta udalerriarena baino eremu txikiagoko beste lurralde-erakundeak, lurralde bakoitzean dagoen foru-araudian eta toki-araubidearen gaineko oinarrizko legerian ezarritakoaren arabera.

    3. Udalerrien mankomunitateak.

    4. Arabako lurralde historikoko kuadrillak.

    5. Beste zeinahi erakunde, baldin eta tokiko lurralde-erakunde zenbait biltzen baditu, dagokion izendapen bereziarekin, lege honetan eta aplikatu beharreko gainerako araudian ezarritakoaren arabera.

      Toki-erakunde horiek nortasun juridikoa izango dute, eta beren helburuak betetzeko gaitasun osoa.

  2. Tokiko zerbitzu publikoak, ahal dela, udalerriak emango ditu, legitimitate demokratiko zuzena duen instantzia den aldetik; eta, hala egitea bideragarria ez bada edo efizientzia edo eraginkortasunagatik bestelakorik komeni bada, orduan, udalerriek berek, udal-autonomiak bere-bereak dituen antolamendu-ahalen arabera eratutako beste toki-erakunde batzuek emango dituzte, Tokiko Autonomiaren Europako Gutunean aurreikusitako eran.

  3. Tokiko zerbitzu publikoak, lurralde historikoetako foru-arauen bidez arautzen denarekin bat, beste edozein toki-erakundek ere eman ahal izango ditu. Zerbitzuak udalez gaindiko toki-erakundeek eman behar badituzte, kontuan izango dira, beti, erakundeak osatuko dituzten udalerri guztien borondatea eta eskaera.

  4. Zerbitzuak hainbat lurralde historikotako udalerriei ematen dizkieten toki-erakundeak lege honen VIII. tituluan arautuko dira.

  5. Artikulu honetako lehen apartatuan aurreikusitako toki-erakundeei toki-araubideari buruzko oinarrizko legerian aurreikusitako ahal guztiak dagozkie, barruan sartuta hirigintza-arrazoiengatikako desjabetzeetan ondasun eta eskubideak urgentziaz okupatzeko deklarazioa, bai eta desjabetza-ahala ere. Ahal horiek gauzatu behar dituztenean, aplikatu beharreko legeetan eta foru-arauetan ezarritakoa alde batera utzi gabe jardungo dute.

    Arabako lurralde historikoaren kasuan, legeek edo foru-arauek aitortzen dizkieten eskumenak dagozkie kontzejuei.

  1. Lege hau onartzen da Euskal Autonomia Erkidegoari Konstituzioaren azken xedapenetan lehenengoak, Euskal Herrirako Autonomia Estatutua onartzen duen abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoak eta Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Kontzertu Ekonomikoa onartzen duen maiatzaren 23ko 12/2002 Legeak ematen dizkioten eskumenak baliatuz.

  2. Eusko Legebiltzarrak toki mailan duen legegintzarako ahala baliatzen da esparru material horren gainean euskal lurralde historikoek dauzkaten berezko eskumenak ezertan galarazi gabe.

  1. Subsidiarietate-printzipioa eta finantza-nahikotasunaren printzipioa Euskal Autonomia Erkidegoko toki-araubidearen printzipio zuzentzaileak izango dira, eta printzipio horien ondorioz:

    1. Eskumen publikoen egikaritzea herritarrengandik hurbilen dauden agintaritzen esku egongo da lehentasunez, Tokiko Autonomiaren Europako Kartan eta Europar Batasunaren Tratatuan printzipio horiei buruz jasotako adierazpenekin bat etorriz.

    2. Onesten den lege edo arau sektorial orok ahalik eta eskumen gehien utzi beharko du toki-erakundeen esku eta eskumen horiek udalari edo beste toki-erakunde batzuei izendatu beharko dizkie, subsidiarietate-printzipioa bera bideragarri egite aldera, erakundeek dituzten kudeaketa-ahalmenen arabera.

    3. Tokiko Autonomiaren Europako Kartaren 9.2 artikuluan ezarritakoari jarraituz, eta subsidiarietate-printzipioa gauzatu ahal izan dadin, euskal instituzioek, Kontzertu Ekonomikoaren esparruan, bermatuko dute udalen eta gainerako toki-erakundeen finantziazioa nahikoa izango dela esleitzen zaizkien eskumenak egikaritzeko, toki-erakundeek finantzatu ahal izatea ez delarik inola ere aurretiazko premisa izango eskumenak izendatu ahal izateko.

    4. Lege edo arau batek eskumenak izendatzen badizkie toki-erakundeei, berarekin joan beharko da nahitaez, hala badagokio, beharrezkoa den finantzaketa-sistema aldatzea, izendatutako eskumena benetan egikaritu ahal izateko.

  2. Udalen eta gainerako toki-erakundeen zuzendaritza politikoa eta gobernu-ekintza lege honetan ezarritakoaren eta honako printzipio hauen arabera garatuko da:

    1. Toki-autonomiaren printzipioa.

    2. Finantza-autonomiaren printzipioa, aurrekontu-egonkortasunaren eta finantza-jasangarritasunaren printzipioen esparruan.

    3. Autoantolaketaren printzipioa.

    4. Herritarrek tokiko zerbitzu publikoetara iristeko berdintasuna izatearen printzipioa.

    5. Herritarrekiko hurbiltasunaren printzipioa.

    6. Solidaritatearen eta ingurumen-jasangarritasunaren printzipioa.

    7. Herritarrek tokiko politika publikoak formulatu, egikaritu eta ebaluatzeko prozesuetan parte hartzearen printzipioa.

    8. Gardentasunaren printzipioa, etika publikoaren garapena eta gobernu onaren printzipioetara egokitzea.

    9. Emakume eta gizonen arteko berdintasunaren printzipioa.

    10. Aniztasun politikoaren eta inpartzialtasunaren printzipioa.

    11. Tokiko ekintza publikoaren efikazia- eta efizientzia-printzipioa, halako moldez non ekintza hori bideratu dadin herritarren beharrizanak antzeman, artatu eta asebetetzera, erakunde horien politikak eta zerbitzuak planifikatzeko, kudeatzeko eta ebaluatzeko eta etengabe hobetzeko prozesuak era ordenatuan egitea bermatuko duten tresnen bitartez.

  1. Toki-autonomiaren printzipioa bermatze aldera, udalerriek eskubidea izango dute aktiboki parte hartzeko Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeetako gobernu-maila guztietako araugintza-prozesuetan, arauak zuzenean eragiten dienean udalerrien eskumen propioei.

  2. Udalerriek aktiboki parte hartzeko eskubide hori Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde eskudunek abiarazi nahi dituzten eta toki-autonomiari eragiten dioten edo eragin diezaioketen programa, proiektu, plan eta politika publiko guztietarako da.

  3. Aurreko paragrafoan aurreikusitako parte hartzeko eskubidea gobernu-maila bakoitzak taxutuko du, autogobernurako dituen ahalak erabiliz.

  1. Euskara Euskal Herriko berezko hizkuntza da eta, gaztelania bezala, Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeen hizkuntza ofiziala, eta, alde horretatik, erakundeon jardueretan erabilera normal eta orokorreko zerbitzu-hizkuntza eta lan-hizkuntza izango da. Edonola ere, bermatu beharko da herritarrek benetan egikaritu ahal izatea toki-erakundeekin harremanak izateko orduan hizkuntza ofiziala hautatzeko duten eskubidea eta, hortaz toki-erakundeek hizkuntza horretan artatzeko duten betebeharra, hartarako behar diren neurriak harturik.

    Euskarari eta gaztelaniari aitortutako ofizialtasunaren arabera, bai euskara toki-erakundeen ekintzetan erabiltzea, bai gaztelania ekintza horietan erabiltzea, balio juridiko osokoak izango dira, betiere eragotzi gabe toki-erakundeek bermatu beharra daukatela, partikularrekiko harremanetan, horiek hautatu duten hizkuntza ofiziala erabiltzea.

  2. Toki-erakundeetako organoen deialdiak, gai-zerrendak, mozioak, boto partikularrak, erabaki-proposamenak, informazio-batzordeen irizpenak, erabakiak eta aktak euskaraz idatzi ahal izango dira. Ahalmen hori baliatu ahal izango da aipatu berri diren kasuetan, baldin eta, toki-erakundearen barruan, euskaraz ez dakiela behar bezala alegatzen duen ezein kideren eskubideak urratzen ez badira, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean aurreikusitakoa ezertan galarazi gabe. Ebazpenak, aktak eta erabakiak euskaraz idazten direnean, euskaraz bidaliko zaizkie kopiak edo laburpenak Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioari eta Estatukoari, toki-araubideari buruzko oinarrizko legeriari jarraituz.

  3. Toki-erakundeek, Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan, erakunde barruko, beste edozein administrazio publikorekiko edo, are, partikularrekiko harremanetan bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko aukera gorabehera, behar diren mekanismoak sortu beharko dituzte, herritarrek karga edo betebeharrik eragingo dieten inolako formaltasun eta baldintzarik gabe baliatu ahal izan dezaten komunikazioak beste hizkuntzan jasotzeko daukaten eskubidea.

  1. Udalei izendatzen zaie, eskumen propio gisa, izendatuta dauzkaten arloetako zerbitzu eta jardueretan euskararen erabilera sustatzeko eta euskararen normalizazioa planifikatzeko eskumena. Eskumen hori egikaritu ahal izateko, udal bakoitzak beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu eta euskararen erabilera normalizatzeko beharrezkoak diren planak onetsi eta garatuko ditu, kontuan izanik instituzio komunetatik eta indarrean dagoen legeriatik euskararen erabilerari dagokionez eratorritako planifikazio eta erregulazio-irizpideak.

  2. Era berean, udalei izendatzen zaie, eskumen propio gisa, hartatik eratortzen diren ahalmen eta funtzioekin, beren lurralde-eremuan euskararen ezagutza sustatzeko eta erabilera dinamizatzeko eskumena, horretarako zerbitzuak eta jarduerak zuzenean antolatuz, edo beste pertsona edo erakunde batzuek euskara sustatu eta dinamizatze aldera burutzen dituzten jardueren finantzaketan lagunduz.

  3. Udalerriei dagokie, halaber, beren lurralde- eta eskumen-eremuko izen ofizialak finkatzea eta, oro har, toponimoen eta leku geografikoen gaineko prozedura arautu eta haiek onartzea, horrek ezertan galarazi gabe Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 10. artikuluan eta aplikatu beharrekoa den gainerako legerian ezarritakoa. Izen horien idazkeraz den bezainbatean, dagokion hizkuntzaren arau akademikoak errespetatuko dira, eta euskararen kasuan, Euskaltzaindiak ezarrita indarrean dauden hizkuntza-arauak.

  4. Udalerriek euskararen erabileraren eremuan aitortuak dituzten eskumenak baliatu ahal izango dituzte ordenantzak, erregelamenduak eta jarduera-planak onartuz.

  5. Toki-erakundeek euskararen arloan aitortuak dituzten eskumenak baliatzeko, hitzarmenak izenpetu ahal izango dituzte; mankomunitate, partzuergo, elkarte eta udalerriz gaindiko bestelako erakundeak sortu edo halakoetan esku hartu ahal izango dute, eta elkarlanerako beste modu batzuetara jo ahal izango dute, erakunde publiko eta pribatuekin.

  6. Toki-erakundeek beren arteko harremanetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako administrazio publikoekiko harremanetan euskara gero eta gehiago erabil dadin sustatuko dute; horretarako, adostasuna bilatuko dute, eta, edonola ere, hizkuntza ofizial bat nahiz bestea erabili ahal izango dute, beste hizkuntza ofizialerako itzulpenik aurkeztu beharrik izan gabe.

  7. Udal euskaldunetako egoera soziolinguistikoan eragina izan dezaketen proiektu edo plangintzak onesteko prozeduran, ekimen horiek euskararen erabileraren normalizazioari dagokionez izan lezaketen inpaktua ebaluatuko da, eta ebaluazio horren emaitzen arabera egoki irizten zaizkien neurriak proposatuko dira.

  8. Herritarren hizkuntza-eskubideei eta euskararen eta gaztelaniaren hizkuntza-ofizialtasunaren erregulazioa betetzeari dagokienez trabarik gertatu ez dadin indarreko legeriak onartzen dituen zehar-kudeaketa moduetako baten bitartez zerbitzua emateagatik, toki-erakundeek egiten dituzten kontratuetan kasu bakoitzean beharrezkoak diren klausulak sartuko dira, hirugarren batzuek egikaritzen dituzten zerbitzu publikoetan helburu hauek bermatze aldera:

    1. Kontratuaren xedeak bete dezala bere izaeragatik eta zerbitzuaren titularra den toki-erakundearen ezaugarriengatik aplikagarria zaion hizkuntza-legeria.

    2. Herritarrak artatuak izan daitezela berek hautatzen duten hizkuntza ofizialean.

    3. Zerbitzua eman dadila, hizkuntza-baldintzei dagokienez, zerbitzuaren administrazio titularrari exijitu ahal zaizkion baldintza beretan.

  1. Udalerria da, zuzeneko legitimitate demokratikoa duen gobernu-maila izanik, Euskal Autonomia Erkidegoko oinarrizko toki-erakundea.

  2. Era berean, udalerria da herritarrek tokiko gai publikoetan parte hartzeko duten bidea.

  1. Udalek autonomia osoa daukate toki-interes publikoko gaiak antolatu eta kudeatzeko, ordenamendu juridikoaren barruan.

  2. Udalen jarduera arauemaile eta betearazlearen berariazko helburua izango da herritarren bizi-kalitatea hobetzea.

  3. Euskal udalek, beren autonomia propioaren eta ordenamendu juridikoak esleitutako eskumenen esparruan, politika propio eta berezituak taxutu eta aplikatu ahal izango dituzte, eta, hala badagokio, dauzkaten baliabideen araberako lehentasunak ezarriko dituzte.

  4. Udal-autonomiak eduki politikoa dauka eta suposatzen du toki-gobernuek antolaketa- eta kudeaketa-gaitasuna edukitzea zerbitzu-emate hutsetik harago doazen politika-propioak definitu eta gauzatu ahal izateko.

  5. Udal-autonomiak barne hartzen du, betiere, interes publikoak antolatzea udalaren berezko esparruan, bere gobernu-organoak eta administrazioa antolatzea eta kudeatzea, bere lurraldea antolatzea, tokiko zerbitzuak arautzea eta ematea, ekimen ekonomikoa, bere zerbitzupeko langileen inguruko politika eta kudeaketa, ondarea eta diru-bilketa, eta orobat bere ogasunen baliabideak administratzea eta erabiltzea.

  6. Udal-organoek hartzen dituzten erabakiak aurrekontu-egonkortasunaren eta finantza-jasangarritasunaren printzipioetara bilduko dira, beti.

  1. Tokiko Autonomiaren Europako Gutunean xedatutakoari jarraituz, udalerriek berek ezarriko dituzte beren eskumenak baliatzeko behar dituzten antolamendua eta administrazio- eta instrumentu-egiturak, horrela, gobernu eta administrazio onaren printzipioa benetan gauzatzeko, eta baliabide publikoak finantzen jasangarritasunaren aldetik modu eraginkor eta efizientean kudeatzeko.

  2. Udalerriek lege honetan, toki-araubidearen inguruko oinarrizko legerian eta aplikatu beharreko gainerako arauetan jasotako printzipio eta arauetara egokituko dituzte antolaketaren arloko erabakiak.

  3. Udalerriek, gainera autoantolaketarako ahalaren adierazgarri obrak egiteko eta tokiko zerbitzu publikoak emateko elkarte gisako formuletara jotzeko eskubidea dute. Bereziki, zerbitzuak mankomunitate eta partzuergoen bidez eskainita, Toki Autonomiaren Europako Gutunean aurreikusi bezala, berariaz zaintzen dira subsidiariotasun- eta hurbiltasun-printzipioak, bai eta toki-autonomiarena ere.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean, Toki Erakundeen Erregistro bakar bat egongo da, eskumenak baliatzeko informazio fidagarria bermatzeko, toki-autonomiaren printzipioa zaintzeko eta organo- eta gastu-bikoiztasunak ekiditeko.

  2. Erregistroaren funtzionamendua erregelamendu bidez ezarriko da.

  3. Dagokion lurralde historikoari jakinaraziko dio, berehala, haren lurralde-eremuko toki-erakundeei dagokienez egiten den idatzohar oro.

  1. Lege honek aitortu eta babestu egiten ditu euskal lurralde historikoek udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko eta udalerriaz gaindiko erakundeekiko dituzten eskumen arauemaile eta betearazleak.

  2. Zehatzago esanda, Arabako lurralde historikoan kontzejuen, kuadrillen eta ermandadeen existentzia bermatzen da, betiere lurralde horretako foru-arauek halakoak aurreikusten dituen kasuetan.

  3. Era berean, lurralde historikoetako foru-organoek, toki-araubidearen oinarrizko legerian xedatutakoarekin eta lege honetan eta beren eskumenetan aurreikusitakoarekin bat, babestu eta bermatu egingo dituzte bakoitzak bere lurralde-eremuko toki-erakundeen ezaugarri historikoak.

Oinarrizko legerian xedatutakoa gorabehera, euskal lurralde historikoetako kasuan kasuko foru-organoei dagokie udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko erakundeekiko eskumen arauemaile eta betearazleak baliatzea, bai eta izaera ekonomiko-finantzarioa dutenak ere.

  1. Lege edo foru-arau bidez ezartzen diren toki-eskumenak hiru motatakoak izan daitezke: propioak, transferituak edo eskuordetuak.

  2. Udalerrien eskumen propiotzat hartzen dira, lege honen 17. artikuluan ezarritako esparru materialen zerrendarekin bat etorrita, legeetan eta foru-arauetan izaera horrekin onartzen diren eskumenak.

  3. Udalen autogobernua eskumen propioak emanez bermatzen da, eta, salbuespen gisa soilik, eskumen transferitu edo eskuordetuen bitartez.

  4. Era berean, toki-erakundeek eskumen propio, transferitu edo eskuordetuetan sartzen ez den beste edozein jarduera, zerbitzu edo prestazio garatu ahal izango dute tokiko komunitatearen intereserako, baldin eta, lege honetan azaldutakoaren arabera, bikoiztasun-egoerarik sortzen ez bada eta erakundearen ogasun osoaren finantza-jasangarritasuna arriskuan jartzen ez bada.

  5. Lurralde-izaerako toki-erakundeei eskumen propioak esleitzerakoan, kontuan izango dira finantza-nahikotasunaren printzipioa, herritarrekiko hurbiltasunaren printzipio, subsidiarietate-printzipioa eta, kasuaren arabera, diferentziazio-prinzipioa, lege honetan aurreikusitakoarekin bat.

  1. Lurralde-izaerako toki-erakundeen eskumena da, legeetan edo foru-arauetan aurreikusitakoaren arabera, toki-erakunde horiei esparru material jakin batean edo sektore edo erakunde berezi batean dagozkien ahalmen eta eginkizunen multzoa edo sorta.

  2. Lurralde-izaerako toki-erakundeen eginkizun edo ahalmenak izan daitezke arauemaile edo antolamendukoak, plangintzakoak, programaziokoak, sustapenekoak, kudeaketakoak edo beterazleak.

  3. Edonola ere, lurralde-izaerako toki-erakunde bati eskumen bat propiotzat esleitzen bazaio, artikulu honen bigarren paragrafoan deskribaturiko ahalmen guztiak izango ditu, non eta ez den, salbuespen gisa, lege-testuan eginkizunen aldetik mugaketa jakin bat ezartzen.

  1. Udalerriek, beren eskumen propio, transferitu edo eskuordetuetan sartu ez arren, beste edozein jarduera, zerbitzu edo prestazio garatu ahal izango dute, baldin eta herritarren bizi-kalitatearen hobekuntza dakarren edozein jarduera-eremu antolatu eta kudeatzeko bada eta komunitatearen edonolako behar edo interesei erantzuten badie.

  2. Edonola ere, eta zerbitzuen antolamendu edo prestazioan bikoiztasunak ekidite aldera, udalerriek ezin izango dituzte zenbait eskumen beren gain hartu edo baliatu; hain zuzen ere, ordenamendu juridikoak, eskumenen esleipen-sistemaren arabera, berariaz beste gobernu-maila batentzat gordetzen dituen jarduera, zerbitzu edo prestazioen gainekoak.

  3. Lege honen ondorioetarako, bikoiztasuntzat hartzen da toki-erakunde bik edo gehiagok gauzatzen dituztenean funtzio publiko berak, eskumen-gai beren gainean, lurralde-eremu berean edo biztanleria berari dagokionez, eta beharrizan sozial berari erantzuteko helburuarekin.

  4. Nolanahi ere, ez da bikoiztasuntzat joko jarduera, zerbitzu edo prestazioa beste administrazio publiko batzuk berariaz finantzatutakoak badira edo administrazio horiek bultzatutako politika edo programen ondorio badira.

  5. Artikulu honen lehenengo paragrafoan aurreikusitako jarduerak, zerbitzuak edo prestazioak horiei ekiten dien udalerriak finantzatuko ditu, oso-osorik, salbu eta lege edo foru-arauren batean berariaz bestelakorik aurreikusten bada edo, salbuespen modura, erkidego- edo foru-erakundeen politika berezi baten arabera diruz laguntzekoa bada.

  6. Dagokion legerian eta foru-arauetan aurreikusitakoaren arabera aurrekontu-egonkortasunaren eta finantza-jasangarritasunaren helburuak betetzen ez dituzten udalerriek, izatekotan ere, beren plan ekonomiko-finantzarioan aurreikusitakoaren arabera eta erakunde eskudunek ezartzen dituzten baldintzetan soilik baliatu ahal izango dituzte artikulu honen 1. paragrafoan ezarritako eskumenak.

  7. Udalerriak eskumen propio, transferitu edo eskuordetuetan sartzen ez diren jarduera, zerbitzu edo prestazioak bultzatu nahi baditu, bikoiztasunik ez dagoela eta finantzen ikuspegitik jasangarria dela erakusteko eskakizun guztiak betetzen dituela justifikatu beharko du, txosten batean. Eusko Jaurlaritzak erregelamendu mailako arau bidez ezarriko du zer prozedura jarraitu behar duten udalerriek beren eskumeneko jarduera, zerbitzu edo prestazioei buruz bikoiztasunik ikusten dutenean kasuan kasuko sailak egin beharreko nahitaezko txostenak eskatzeko; eta zer irizpide bete behar diren txostenak egiteko.

  8. Aurreko paragrafoan aurreikusitako txostena alkateak eskatuko du, eta osoko bilkurari horren berri emango dio. Txosten hori arlo horretan eskumena duen administrazioari igorriko zaio, bai eta finantza-babesa esleitua duen foru-aldundiari. Erakunde horiek egiten dituzten txostenak lotesleak eta arrazoituak izango dira, eta ezezkoa eman ahal izango dute, soilik, bikoiztasunik badago edo udalerriaren finantza-jasangarritasunari eragiten zaiola iritzi badiote. Txosten horiek egiteko hogei egun balioduneko epea izango dute. Epe horretan txostenik egiten ez bada, udalerriek aurrera jarraitu ahal izango dute hasierako asmoarekin.

  1. Lege honetan eta aplikatu beharreko legerian xedatutakoaren esparruan, udalerriek honako esparru material hauetan erabili ahal izango dituzte eskumen propioak:

  1. Babes zibila, emergentziak, eta suteen prebentzioa eta itzaltzea antolatzea eta kudeatzea.

  2. Espazio publikoetan bizikidetza-harremanak antolatzea eta kudeatzea.

  3. Titulartasun publikoko zerbitzu, ekipamendu, azpiegitura eta instalazioen erabilera antolatzea eta kudeatzea.

  4. Udaltzaingoa, trafikoa, bide-segurtasuna eta ibilgailuen aparkalekuak antolatzea eta kudeatzea, eta herritarren segurtasunean laguntzea.

  5. Espazio publikoetan eta konkurrentzia publikoko leku eta establezimenduetan antolatutako ekintzetako segurtasuna antolatzea eta kudeatzea.

  6. Konpainiako animalien eta arriskutsuak izan daitezkeen animalien arloa antolatzea eta kudeatzea.

  7. Etxebizitzen plangintza, programazioa eta kudeaketa.

  8. Ingurumenaren babesa eta garapen jasangarria modu osagarrian antolatzea, sustatzea, kudeatzea eta defendatzea, hiriguneetan kutsadura akustikoa, argiaren kutsadura eta airearen kutsaduraren aurkako babesa barne hartuta.

  9. Hirigintzaren antolamendua, kudeaketa, exekuzioa eta diziplina.

  10. Osasun publikoa sustatzea, kudeatzea, defendatzea eta babestea.

  11. Erabiltzaile eta kontsumitzaileen defentsa eta babesa antolatzea eta kudeatzea.

  12. Hilerrien eta hileta-zerbitzuen antolamendua, plangintza eta kudeaketa, baita osasun arloko kontrola ere.

  13. Gizarte-zerbitzuak antolatzea, planifikatzea eta kudeatzea.

  14. Diru-sarreren bermea eta gizarteratzea antolatzea, programatzea eta kudeatzea.

  15. Zerbitzuak antolatzea, kudeatzea, ematea eta kontrolatzea hiri-erabilerako uraren ziklo integralean. Honako hauek daude barne hartuta: uraren goi-hornidura; uraren behe-hornidura; saneamendua edo biztanleguneetako hondakin-uren eta euri-uren bilketa, eta hiriko hondakin-uren arazketa.

  16. Argiteria publikoa, bide-garbiketa, biztanle-guneetako sarbideak, kale-zoladura eta parkeak eta lorategiak antolatzea eta kudeatzea, eta zerbitzu horiek ematea.

  17. Udal-hondakinak edo hiri-hondakin solidoak bildu eta tratatzeko zerbitzuak antolatzea, kudeatzea, ematea eta kontrolatzea, eta hondakin gutxiago sortzeko plangintza, programazioa eta diziplina ezartzea.

  18. Bidaiarien hiri barruko garraio publikoa garraiobidea edozein dela antolatzea, planifikatzea, programatzea, kudeatzea eta sustatzea, eta horien inguruko diziplina ezartzea, betiere garraioa udalerriaren barruan egiten bada osorik.

  19. Kirola eta kirol-jarduerak antolatzea eta sustatzea, eta erabilera publikoko kirol-ekipamenduak kudeatzea.

  20. Kultura eta kultura-jarduerak antolatzea eta sustatzea, eta erabilera publikoko kultura-ekipamenduak kudeatzea.

  21. Udal-ondare historikoa babestea eta kontserbatzea, eta babes-plan bereziak eta katalogoak egitea eta onartzea.

  22. Tokiko turismoa sustatzea eta kudeatzea.

  23. Irakaskuntzaren programazioa egiten eta derrigorrezko eskolatze-aldia betetzeko zaintzan parte hartzea, bai eta haur-hezkuntzako, lehen hezkuntzako eta hezkuntza bereziko ikastetxe publikoen eraikinak kontserbatzea, mantentzea eta zaintzea ere. Era berean, hezkuntza-administrazioari laguntzea, ikastetxe publiko berriak egiteko behar dituen orubeak aurkitzen.

  24. Zerbitzu-jarduerak antolatzea eta kudeatzea.

  25. Tokiko ekonomia- eta gizarte-garapena, eta tokiko enplegu-planak edo -politikak.

  26. Euskararen erabilera sustatzeko udal-planak idatzi, onartu eta kudeatzea, lege honen 7. artikuluan xedatutakoa gorabehera.

  27. Genero-berdintasunaren eta ekitatea sustatzearen arloko politikak antolatzea eta kudeatzea.

  28. Udal-ondarea kudeatzea eta ondare horren erabilera, zertarakoa, kontserbazioa eta mantentze-lana arautzea, betiere foru-araudiarekin bat.

  29. Hondartza, laku eta mendietan egiten diren jarduerak eta erabilerak antolatzea, kudeatzea eta zaintzea, arlo horretan lurralde historikoek dituzten eskumenak eragotzi gabe. Hondartzetarako sarbideak antolatzea eta haien garbiketa-zerbitzua ematea.

  30. Herritarren partaidetza, gardentasuna, gobernu ona bultzatzeko eta teknologia berriak eskueran izateko azpiegiturak antolatzea eta kudeatzea. Administrazio elektronikoa, prozesuen arrazionalizazioa eta sinplifikazioa. Batez ere, herritarrek informazioaren teknologiak eta komunikazioak modu efiziente eta jasangarrian erabil ditzaten bultzatuko dute, beren udal-mugartean.

  31. Udalerriarenak diren herri barruko bide publikoak eta baserri-bideak antolatzea eta kudeatzea (kontserbatzea eta mantentzea barne).

  32. Udalerriko bideetan, pertsona, ibilgailu motordun zein bestelako eta animalien mugikortasuna eta irisgarritasuna nahiz pertsona eta salgaien garraioa antolatzea, kudeatzea, sustatzea eta diziplina-modua zehaztea; horretarako, beharrezko iritzitako baliabide materialak, teknikoak eta giza baliabideak jarri ahal izango dituzte.

  33. Establezimendu publikoak eta jolas-jarduerak antolatzea eta kudeatzea.

  34. Barne-merkataritza antolatzea eta kudeatzea. Zehatzago esanda, merkatu, hornidura-merkatu, azoka, lonja, hiltegi eta kalez kaleko merkataritza antolatzea eta kudeatzea. Hor sartzen dira, era berean, txikizkako merkataritza eta merkataritzako ekipamendu handiak planifikatzea eta antolatzea, hirigintza-antolamenduko irizpideei eta lurzoruaren arrazoizko erabilerari erantzunez, bai eta ibilgailuak eta bestelako salgaiak espazio publikoetan salerostearen erregulatzea, ikuskatzea eta arlo horretako zehapen-ahalmena.

  35. Immigrazio alorrean gizarteratze-politikak kudeatzea, atzerritartasunaren inguruko legeriarekin bat etorrita eta erakunde autonomikoekin lankidetzan.

  36. Gazteria-politikak planifikatzea, antolatzea eta kudeatzea.

  37. Garapenerako lankidetza alorreko politikak planifikatzea, antolatzea eta kudeatzea.

  1. Toki-autonomiaren printzipioa bermatze aldera, artikulu honen lehenengo paragrafoan jasotako esparru materialen arloan eskumen propioak ematen dizkien Eusko Legebiltzarraren sektore-legeek edo, kasuan kasu foru-arauek aurreko paragrafoan materia bakoitzerako aurreikusitako ahalmenak babestuko dituzte. Udalerrientzat gordetako ahalmen horien edozein murrizketa egoki arrazoitu beharko da, subsidiariotasun- eta proportzionaltasun-printzipioekin bat etorrita, eta arau bidez gauzatu beharko da beren-beregi.

  2. Nolanahi ere, legeek eta foru-arauek, udalerriei eskumenak propio gisa esleitzen dizkietelarik, artikulu honen lehenengo paragrafoan aurreikusitako udal-autonomiaren eremua zehazten duten ahalmenak handitu ahal izango dituzte, betiere, eskumen horien titular diren udalerrien finantza-nahikotasuna bermatuta, IX. tituluan eta eskumenak baliatzeari eta gaiaren araberako finantzaketari buruzko berariazko araubideak arautzen dituen lege honetako xedapen gehigarrietan aurreikusten den eran.

  1. Udalerrien eskumen propioak zeintzuk diren Eusko Legebiltzarraren lege bidez edo foru-arau bidez zehaztu beharko dira, nahitaez, eta eskumen horiek esleitzearen komenigarritasuna lege honetako 14.5 artikuluan jasotako printzipioen arabera ebaluatu beharko da. Prozesu horietan, aintzat hartuko dira bereziki hurbiltasun- eta subsidiariotasun-printzipioak, hala baitago aurreikusita Tokiko Autonomiaren Europako Gutunean.

  2. Aurreko apartatuan ezarritako eskakizunak bete beharko dira, orobat, lege sektorial edo foru-arauen erregelamenduzko garapenaren kasuan, baldin eta garapen horrek berarekin badakar udalei propiotzat izendatu zaizkien eskumenetatik eratorritako zerbitzu, jarduera edo prestazioen zehaztapena.

  3. Udalei eskumen propioak esleitzen dizkien legeek eta foru-arauek, bai eta udalei propiotzat izendatu zaizkien eskumenetatik eratorritako zerbitzu, jarduera edo prestazioen zehaztapena dakarten lege sektorial edo foru-arauen erregelamenduzko garapenek, eranskin berezi batean bilduko dute zenbatekoa den udalerrien finantza-nahikotasuna bermatzeko behar den baliabide-zuzkidura. Zuzkidura horrek ez du euskal administrazio publikoentzat, bere osotasunean hartuta, gastu handiagorik ekarriko, salbu eta Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak, hartarako egindako kontsultaren ondoren, baimentzen badu.

  4. Era berean, udalerrien eskumen propioen eremuetako sektoreko legeen erregelamendu bidezko garapenak zerbitzuak, jarduerak edo prestazioak zehaztea dakarrenean, bermatu egin beharko da aurreko paragrafoan aurreikusitakoa.

  5. Udalerriei eskumenak esleitzeko legeek eta foru-arauek, artikulu honetan aurreikusitakoarekin bat etorrita, beren-beregi zehaztu beharko dituzte esparru material bakoitzeko ahalmenak eta eginkizunak, lege honetako 16. artikuluko 3. eta 4. paragrafoetan adierazitako bikoiztasunik ez dela gertatuko bermatzeko.

  1. Eskumen propioak edukitzeak esan nahi du udalerriek dutela arloko legeriak edo foru-botere araugileak, lege honen 17. artikuluan aurreikusitakoarekin lotuta, mugarritutako esparru materialen inguruko eginkizunen eta ahalmenen titulartasuna.

  2. Udalerriek beren kasa gauzatu ahal izango dituzte eskumen propioak, edo indarreko legeriak aurreikusitako elkartzeko beste formula egoki batzuk erabilita, halako moldez non eskumen propioen ondoriozko obrak egitea eta zerbitzuen prestazioa edo kudeaketa erraztuko den, betiere eragindako udalerriek zehaztutakoaren arabera.

  3. Era berean, lurralde historikoetako foru-arauek, edo Autonomia Erkidegoak, lege honetako VIII. tituluan xedatutakoaren arabera, udalarteko formula instituzionalak ezarri ahal izango dituzte, edo, halakorik ezean, udalaz gaindiko mugarteak. Eta efizientziako eta eskalako ekonomiako arrazoiak behartuta, kudeaketa-emaitzak hobetu egin behar direnean, formula horiek, elkartzeko formulekiko modu osagarri eta subsidiarioan, bermatu egingo dute udalerrien eskumenak antolatzea eta gauzatzea. Formula instituzional horiek ezartzeko, aplikagarria den oinarrizko legerian, lege honetan eta foru-arauetan aurreikusitako baldintzak bete beharko dira.

  4. Dena dela, toki-araubidearen oinarrizko legeriak eta foru-arauek ezarritakoarekin bat etorrita, foru-organo eskudunek laguntza teknikoa emango diete bakoitzak bere lurralde historikoko udalerriei, legeek edo, kasuan kasu, foru-arauek udalerriei esleitutako eskumenak benetan gauzatzen direla bermatzeko.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde komunek eta lurralde historikoetako foru-organoek udalerriei edo toki-erakundeei transferitu edo eskuordetu ahal izango dizkiete eskumenak.

  2. Transferentziaren eta eskuordetzearen bidez, bereizte-printzipioa gauzatzeko aukera egongo da.

  1. Eusko Legebiltzarraren lege baten bidez edo foru-arau baten bidez, Autonomia Erkidegoaren edo lurralde historikoaren eskumen propioak transferitu ahal izango zaizkie toki-erakundeei.

  2. Transferentzia egiten duen legean edo foru-arauan zehaztu beharko da transferentziaren araubide juridikoa.

  3. Dena dela, lurralde-izaerako toki-erakundeei edozein eskumen transferitzeko, eskumenak egoki gauzatzeko behar besteko finantzaketa egon beharko da.

  4. Autonomia-erkidegoko edo lurralde historikoko erakunde eskudunek, egoki iritziz gero, eta betiere transferentzia arautzeko legearen edo foru-arauaren bidez, antolatzeko, planifikatzeko, koordinazio orokorraz arduratzeko eta kontrolatzeko ahalmenak bere eskuetan gordetzea erabaki ahal izango dute.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde komunek eta lurralde historikoetako foru-organoek, udalei propiotzat esleitzen ez badizkiete, udalerriei edo beste toki-erakunde batzuei eskuordetu ahal izango dizkiete beren eskumen propioak.

  2. Euskal erakunde eskudunek hainbat udalerriri edo beste toki-erakunde batzuei eskuordetzan ematen badizkiete eskumenak, eskuordetze- prozesu horietan homogeneotasun-irizpideak erabiliko dituzte.

  3. Eskumenak eskuordetzearen xedea da zerbitzu publikoen prestazioaren efizientzia hobetzea eta administrazio-bikoiztasunak ekiditea, lege honek 16. artikuluaren 3. eta 4. paragrafoetan aurreikusitako eran, bai eta toki-erakundeen finantza-nahikotasuna eta aurrekontu-egonkortasunaren eta finantza-jasangarritasunaren printzipioak babestea ere.

  4. Eskuordetzearekin batera, finantzaketa ere zehaztu beharko da. Eskuordetutako zerbitzuak emateko zuzkidurarik bermatzen ez bada, eskuordetzea deuseza izango da. Eskuordetze-erabakian ezarritako finantza-betebeharrak betetzen ez badira, lege honetako 24. artikuluan aurreikusitako finantza-konpentsazioen sistema aplikatuko da.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoak udalerriei edo bestelako toki-erakundeei eskuordetu ahal izango dizkie dagozkion eskumenak. Eskuordetza Eusko Jaurlaritzaren xedapen edo erabaki bidez egingo da.

  2. Dena den, eskuordetzak toki-erakundeak bere burua antolatzeko duen ahala errespetatu beharko du. Eskumen bat eskuordetzan emanez gero, erabateko erantzukizunez gauzatuko du hartzaileak, ezar daitezkeen zuzendaritza- eta kontrol ahalmenak kaltetu gabe.

  3. Eskuordetzea benetan burutzeko, toki-erakundeak berariaz onartu beharko du; gainera, baliabide materialak, zuzkidura ekonomikoak nahiz finantzarioak laga, eta, beharrezkoa bada, giza baliabideak ere jarri beharko dira.

  4. Eskuordetza-xedapenean edo -erabakian, honako kontu hauek zehaztu beharko dira, gutxienez:

    1. Eskuordetzea justifikatzen duten lege-arauak.

    2. Zein eginkizun betearaztea eskuordetzen den.

    3. Zein baliabide material, ekonomiko nahiz finantzario edo giza baliabide jarriko diren toki-erakundearen esku, bai eta balorazioa eta berrikusteko prozedura ere.

    4. Zerbitzuaren egiazko kostuaren balorazioa.

    5. Eskuordetzea zein egunetan gauzatuko den, eta zenbateko epea izango duen.

    6. Autonomia-erkidegoak jarritako baldintzak, emandako instrukzio edo jarraibideak, jarritako kontrol-bideak, berarentzat gordetako ahalmenak, eta errekerimenduak egiteko zehaztutako prozedura; azken horren arabera, eskuordetzea ezeztatzea ere gerta daiteke.

    7. Eskumena eskuordetzan jasotzen duen toki-erakundeak izango dituen betebeharrak.

  5. Eskuordetza-dekretuan ezarritako betebeharrak ez badira betetzen, gerta daiteke eskuordetzea bertan behera uztea eta eskumen horiek berriz ere Eusko Jaurlaritzak bereganatzea, aldez aurretik toki-erakundeak dioena entzun eta Jaurlaritzaren Kontseiluak hala erabaki ostean. Toki-erakundeek uko egin ahal izango diote eskuordetzari, eskuordetza-xedapen edo -erabakian zehaztuko diren kasuetan. Kasu horietan, Eusko Jaurlaritzak zehaztuko du eskuordetutako eskumenak gauzatzearen edo ez gauzatzearen ondoriozko baliabideak eta kargak nola likidatuko diren.

  6. Lurralde historikoek, foru-organo eskudunen bidez eta autoantolaketarako ahalak erabilita, eskumen-eskuordetzaren araubide orokorra ezarriko dute, legeetan aurreikusitakoarekin bat etorrita.

  1. Lege hau indarrean sartu ondoren Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren edo foru-aldundien eta toki-erakundeen artean egingo diren eskumen-eskuordetzek edo lankidetza-hitzarmenek, baldin eta finantza-betebeharrak badakartzate, finantza-konpromiso horiek beteko direla bermatzeko klausula bat jaso beharko dute. Klausula horren bitartez ordainketak ezarritako eran egiten ez direnerako, baimena emango zaio Herri Dirubideen Euskal Kontseiluari sistema bat erabaki dezan aurreko ekitaldian erakunde eskudunak toki-erakundeei egin ez dizkien finantza-transferentziak atxikitzeko eta, hurrengo ekitaldian, dagokien udalerriei esleitzeko. Ordaintzeko betebeharra bete ez zen aurrekontu-ekitaldiaren ondoz ondoko ekitaldiaren lehen hiru hilabeteetan konpentsatu beharko da transferentzia hori.

  2. Eskumenak eskuordetzeko erabakiak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren edo foru-aldundien eta toki-erakundeen arteko lankidetza-hitzarmenak, lege hau indarrean sartzean denbora jakin batez luzatu behar badira berariaz edo isilbidez, aurreko paragrafoan aurreikusitako berme-klausula jasota duten erabaki edo hitzarmenen kasuan baino ezingo dira berriz ere luzatu.

  3. Herri Dirubideen Euskal Kontseiluaren erabakian bertan ezarriko da aurreko paragrafoetan aurreikusitako atxikipenak aplikatzeko eta funtsen transferentziarako prozedura.

  1. Udalerriaren antolaketa eta funtzionamendua toki-araubidearen oinarrizko legeriak eraenduko ditu, eta, behin onartutakoan, kasuan kasuko erregelamendu organikoak.

  2. Udalerriek toki-araubidearen oinarrizko legerian aurreikusitako beharrezko organoak izango dituzte, eta legeria horren eta lege honen esparruaren barruan gauzatu ahal izango dute antolaketarako araugintza-ahalmena.

  3. Beharrezko organoen funtzionamenduak, erabakiak hartzeko araubideak eta organo horietako kideen estatutuak aipatutako arau-esparruan xedatutakoa bete beharko dute, lege honetan araututako alderdi berezietan izan ezik.

  4. Edozein kasutan, gobernu-ekintza bermatuko da, eta ordezkaritza-organoetan gutxiengo politikoak errespetatuko dira, haien legitimazio demokratikoaren printzipioa betez.

  5. Udalaren ordezkaritza politikoan sexu bien arteko presentzia parekidea bilatuko da. Horretarako, ahalegina egin beharko da toki-hauteskundeetako hautagai-zerrendetan emakumeen eta gizonen kopurua parekidea izan dadin azken hauteskunde-emaitzak kontuan hartuta hautatuak izateko aukerak dituzten postuetan, halako moldez non sexu bakoitzak gutxienez postu horien % 40 har dezan.

  6. Bizitza pertsonala, familiarra eta profesionala bateratzen laguntze aldera, toki-ordezkariek atsedenaldia hartu ahal izango dute amatasunagatik edo aitatasunagatik. Atsedenaldiak baimen horietarako arautegi orokorrak ezartzen duen iraupena edukiko du eta bere funtsa izango da eskubidea edukitzea ez joateko kide diren korporazioko organoen bilkuretara. Ondorioz, eskuordetu ahal izango dute beren botoa atxikita dauden udal-talde politikoaren bozeramailearengan edo, hala badagokio, beste zinegotzi batengan.

    Botoa eskuordetzan emateko, idazki bat igorri beharko zaio alkate udalburuari. Idazki horretan, botoa eskuordetzan lagatzen duenaren izena eta eskuordetzan hartzen duenaren izena zehaztuko dira, bai eta zein eztabaidatan eta botaziotan erabiliko den, eta eskuordetzeak noiz arte iraungo duen.

    Boto eskuordetua erabiliko da, soil-soilik, osoko bilkuran erabakitzekoak diren gaien inguruko azterlan, txosten edo kontsultak lantzeko osoko bilkura eta batzordeetan. Ezein zinegotzik ez du izango boto eskuordetu bat baino gehiago.

  7. Alkateek, beren eskumenen esparruan, antolaketari buruzko arau mailako xedapen orokorrak eman ahal izango dituzte eta dekretuak edo jarraibideak izango dira.

  8. Arabako lurralde historikoko kontzejuen kasuan, foru-arauek ezarriko dituzte haien antolakuntzako araubidea, bai eta beraien eskumenak eta zerbitzuak ere.

  9. Lege honen 6.2 artikuluan jasotako aurreikuspenez gain, toki-erakundeek beren jarduerak euskaraz egitea ahalbidetze aldera, hautetsiek hizkuntza ofizialetan behar besteko gaitasuna (mintzatuaren eta idatziaren ulermena) izatea sustatuko da. Lege honen 17.26 artikuluan xedatutakoa aintzat hartuta, sustapen hori, autoantolakuntza-printzipioari jarraiki, toki-erakunde bakoitzak ezartzen dituen neurriekin gauzatuko da.

    Hartarako, euskararen ezagutza hobetzeko eta optimizatzeko ekimenak garatuko dira eta toki-erakundeek euskaraz funtzionatzea lortzen joateko neurriak hartuko dira, bereziki euskararen arnasgune diren lurraldeetan.

  1. Udalerriek, beren burua antolatzeko ahalak baliatuz, alkateordetzaren figura sortu ahal izango dute udalaren gobernu-egituran.

  2. Udalerrian alkateordetza sortzen denean, figura horrek oinarrizko legerian agertzen den «teniente de alcalde» figura ordezkatuko du. Figura horren eginkizunak, izendatzeko eta kargutik kentzeko prozedurak, eta eskumenak toki-araubidearen oinarrizko legerian «teniente de alcalde» direlakoentzat ezarritako berberak izango dira.

  1. Alkateak eskuordetzan eman ahal izango dizkie eskumenak tokiko gobernu-batzarrari, alkateordeei eta zinegotziei, toki-araubidearen oinarrizko legerian ezarritako kasuetan.

  2. Biztanle-kopuru handiko udalerrietako alkateen eskuordetzak toki-araubidearen oinarrizko legerian xedatutakoaren arabera egingo dira.

  3. Dena dela, alkateak udaleko edozein zuzendaritza-kide, zerbitzuburu edo gaitasun nahikoa duen funtzionariori eskuordetu ahal izango dizkio ordezkaritza-izaerarik ez daukaten edo ordezkaritza-kargu publikoen berezko ahalmenen erabilerarik suposatzen ez duten eskumen guztiak.

Biztanle-kopuru handiko udalerrien erakunde-antolamendua toki-araubidearen oinarrizko legerian eta bere organo eskudunek onartutako antolaketa arauetan bildutako aurreikuspenen arabera egingo da, aplikagarri zaizkion lege honetako alderdietan izan ezik.

  1. Organo osagarriak zehaztu eta osatzeko, udal erregelamendu organikoetan edo, halakorik ezean, osoko bilkuraren erabaki bidez ezarritakoa jarraituko dute udalerriek, lege honetan aurreikusitakoaren esparruan.

  2. Osoko bilkuran ordezkaritza duten talde politiko guztiek izango dute organo osagarrietan parte hartzeko eskubidea, berariaz uko egin ezean, taldeotako zinegotziak organo horietan egonda, osoko bilkuran duten zinegotzi-proportzioaren arabera. Udalaren osaera dela-eta ezinezkoa denean proportzionaltasun hori lortzea, postuak banatzea erabaki ahal izango da, halako eran non gehiengoen osaera osoko bilkurakoa bera izango den; edo, bestela, organoa talde bakoitzeko kide-kopuru berdinarekin osatu ahal izango da, eta, erabakiak hartzeko, boto-sistema haztatua aplikatu.

  1. Udalaren osoko bilkurak publikoak dira.

  2. Tokiko gobernu-batzarraren bilkurak publikoak izango dira, salbu eta kontrakoa ezartzen badu osoko bilkurak, bere kideen legezko kopuruaren gehiengo osoz, edo ordenamendu juridikoak. Aurreko hori gorabehera, edozein kasutan publikoak izango dira gobernu-batzarraren bilkurak, beti ere errespetatuz herritarrek ohorerako, intimitate pertsonal eta familiarrerako eta irudi pertsonalerako duten oinarrizko eskubidea, noiz eta organo horrek jarduten duenean osoko bilkurak eskuordetutako ahalmenak baliatuz, edo tokiko gobernu-batzarraren lehendakariak baimentzen duenean, gai jakin batean, gai hori hobeto ebazteko lagungarriak izan daitezkeen pertsonen presentzia edo parte-hartzea.

  3. Organo osagarrien bilkurak batez ere osoko bilkuraren erabakipean jarriko diren gaiak aztertzeko, haien gainean irizpena egiteko edo haietaz aholkua emateko, eta orobat gobernu-organoen kudeaketaren jarraipena egiteko diren organoenak publikoak izan ahalko dira, hala erabakitzen badu erakundearen osoko bilkurak bere legezko kideen gehiengo osoaren erabakiz, edo hala aurreikusten bada udalaren erregelamendu organikoan.

  4. Eztabaidak eta bozketak sekretuak izan ahalko dira Konstituzioaren 18.1 artikuluaren oinarrizko eskubidean eragina eduki dezaketen gaiei buruzkoak direnean, betiere erakundearen osoko bilkurak egitatezko kideen gehiengo osoz hala erabakitzen badu. Dena dela, osoko bilkura batean irudia edo soinua grabatzen bada eta grabazio horietan ohoreari, intimitate pertsonal edo familiarrari edo irudi pertsonalari dagokion eskubidean eragina izan dezaketen gaiak tratatzen badira, gai horiek tratatzen diren bitartean grabazioa eteteko aginduko du lehendakariak, bere ekimenez edo edozein udal-talde politikok proposatuta, herritarren oinarrizko eskubideak eta datu pertsonalak babesteko legeria betetze aldera.

  5. Desgaitasunen bat duten pertsonen kasuan, artikulu honetan aipatzen den bilkuren informazioa eta publizitate-araubidea bitarteko eta formatu eskuragarrien bidez emango da.

  6. Toki-erakundeen bilkura publikoetan, herritarrek Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetako edozein erabili ahal izango dute, eta ezingo zaie exijitu hitz egiteko aukeratu ez duten hizkuntzan itzulpenik egiterik edo azalpenik ematerik.

    Beste hizkuntza ofizialerako itzulpena, beharrezkoa baldin bada, toki-erakundeak egingo du bere bitartekoekin edo era amankomunatuan, toki-erakunde bakoitzaren autoeraketaren baitan geldituko delarik bere beharrizanen arabera nola gauzatu herritarren eskubide hori. Zerbitzu hori ematea, lege honen 7. eta 17.26 artikuluetan xedatutakoaren arabera, udalen eskumen propioa denez gero, eskumen propio horien finantzaketari dagozkien lege honetako xedapenak aplikatuko zaizkio.

  1. Euskal udal-ordezkarien araubide juridikoa toki-araubidearen oinarrizko legerian eta hauteskunde-legeria orokorrean ezarritakoa izango da.

  2. Euskadiko Autonomia Estatutuak 37.3.e artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita, lurralde historikoetako foru-organoek bakoitzak bere lurralde-eremuko udalerrien hauteskunde-araubidea arautuko dute, parte-hartze politikoa izateko oinarrizko eskubidearen eta hauteskunde-legeria orokorretik ondorioztatutako printzipioekiko errespetuaren esparruan.

  3. Aurreko paragrafoan xedatutakoa aparte utzita, udaletako ordezkaritza-karguen bateraezintasunen araubideak aplikagarri zaion araudian aurreikusitakoa jarraituko du. Interes-gatazkei dagokionez, toki-araubidearen oinarrizko legeriak aurreikusitakoa kontuan hartuta arautuko da oro har, alde batera utzi gabe gai horren inguruan udalerriek onar ditzaketen jokabide-kodeek berariaz araututakoa.

  4. Toki-ordezkarien eskubide eta betebeharrak oro har toki-araubidearen oinarrizko legerian eta lege honetako aginduetan ezarritakoak izango dira.

  5. Toki-araubidearen oinarrizko legeriarekin bat etorrita, lurralde historikoetako foru-organoek zehaztuko dituzte ordezkari horien ordainsariei eta bertaratzeei osotara dagozkien gehienezko mugak, estatuko legeriak, hala badagokio, ezarritako printzipioen eta egituraren arabera, eta biztanleriaren arabera Tokiko Politika Publikoen Euskal Kontseiluak aurrekontu-ekitaldi bakoitzerako erabakitako eskaletara moldatu ahal izango dira.

  1. Udal-ordezkariek toki-araubidearen oinarrizko legerian eta, hala badagokio, lege honetan berariaz aurreikusten diren eskubide ekonomikoak eta arduraldi-araubideak izango dituzte.

  2. Mila biztanletik gorako udalerrietan, alkateek, beren-beregi uko egiten ez badiote, arduraldi esklusiborako eskubidea dute. Ordainsariak jasotzeko eskubidea izango dute eta alta emango zaie Gizarte Segurantzan.

  3. Alkateak proposatuta, osoko bilkurak zehaztuko ditu arduraldi esklusiboa edo partziala izango duten karguak edo korporazioko kideak, eta dagozkien ordainsariak. Osoko bilkuraren erabakiak arduraldi partzialeko kasuetan ordainsari horiek jaso ahal izateko gutxieneko arduraldiaren araubidea zehaztuko du.

  4. Arduraldi esklusiboa edo partziala ez duten toki-erakundeko kideek bakarrik kobratu ahal izango dute bertaratzeengatik. Osagai finko bat eta aldakor bat izango dute. Osagai finkoa berbera izango da udal ordezkari guztientzat, eta horrekin, karguari dagozkion kide anitzeko organoetara, bileretara edo jardueretara benetan joatea ordainduko da. Osagai aldakorrarekin bereizi egingo dira ordezkaritza-karguaren erantzukizunarekin lotutako eginkizunak. Osoko bilkurak zehaztu ahal izango du korporazioko kide bakoitzak urtean gehienez ere zenbat jaso ahal izango duen bertaratzeengatik.

  5. Toki-erakundeetako kideek beren karguak betetzean benetan egindako gastuen kalte-ordainak jasoko dituzte, administrazio publikoetan orokorrean aplikatzekoak diren arauen arabera eta haien garapenean korporazioko osoko bilkurak onar ditzan arauen arabera.

  6. Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeetako hautetsien eginkizun publikoak betetzeko behar beste denboratzat joko da, erakunde horietako kide anitzeko organoetara joaten eta parte hartzen emandakoa. Hartakotzat hartuko da, era berean, hautetsiek ordezkatze-lanetan, eskuordetze-eginkizunetan edo beste erakunde batzuekin edo herritarren elkarteekin egindako bileretan eta karguari dagokion beste edozein jardueratan emandako denbora ere, aipatutako eskubideei buruz lan-legerian eta funtzio publikoan aurreikusitakoak aintzat hartuz.

  1. Hamar mila biztanletik gorako udalerriek bermatu egingo dute oposizioko zinegotzi batek, gutxienez, arduraldi esklusiboa izango duela, udal-gobernua kontrolatzeko eta fiskalizatzeko lana behar bezala egin ahal izateko.

  2. Bost mila eta hamar mila biztanle arteko udalerriek bermatu egingo dute oposizioko zinegotzi batek gutxienez arduraldi partziala izango duela, aurreko paragrafoko helburu berberarekin.

  3. Edozelan ere, oposizioak duen eskubide hori hauteskunde-emaitzen arabera ordezkari-kopuru handiena duen alderdi edo koalizioari dagokio, edo, halakorik ez dagoenean, indar politiko bozkatuenari. Boto-berdinketa egonez gero, indar politiko biek txandaka baliatuko dituzte eskubide horiek, agintaldiko epe berdinetan.

  1. Udal-ordezkarik talde politikoetan antolatuko dira, eta oinarrizko legerian eta lege honetan ezarritako eskubideak eta betebeharrak izango dituzte, salbu eta atxiki gabeko kideak, horien ekonomia-eskubideak eta eskubide politikoak ezingo baitira izan jatorrizko taldean jarraitu izan balute izango lituzketenak baino gehiago.

  2. Udal-talde politikoek diru-sariak jasotzeko eskubidea izango dute. Sari bat finkoa eta berdina izango da talde guztientzat, eta bestea, aldakorra, ordezkari kopuruen araberakoa, ordezkari horiek esleitu zaizkien eginkizunak duintasunez burutu ahal izateko. Osoko bilkurak finkatuko ditu ordainsari horiek ezartzeko eta esleitzeko irizpideak.

  3. Erregelamendu organikoak ezarriko du taldea osatu ahal izateko gutxienez zenbat kide beharko diren. Talde bat osatzeko gutxieneko kopurura heldu ezean, zinegotziak talde mistoan sartuko dira, atxikipen gabeak izan ezik.

  4. Udal-talde politikoek bat etorri beharko dute korporazioan ordezkaritza lortu duten zerrendak aurkeztu dituzten alderdi, federazio, koalizio edo elkarteekin.

  5. Talde politikoa osatzeko, idazkia zuzendu beharko zaio korporazioko presidenteari. Idazkian, adieraziko dute talde horretako kide izateko euren borondatea, taldearen izena, eta bozeramailearen eta haren ordezkoaren izena; eta taldea osatu nahi duten guztiek sinatuko dute. Idazkia korporazioa osatu eta gero formalizatuko da, baina udal-antolamendua eta funtzionamendua zehazteko osoko bilkuraren aurretik. Hala ere, eratze-saioa pasata zinegotzi izendatutakoek ere osatu ahal izango dute, eta, salbuespenez, arrazoi justifikatuengatik zegokion unean ezin izan zutenek ere bai. Ezin da aldi berean bi taldetan egon.

  6. Udal-talde politikoetako bozeramaileek, korporazio-buruaren gidaritzapean, bozeramaileen batzarra eratu ahal izango dute. Atxiki gabeko zinegotziek ezin izango dute parte hartu batzar horretan.

  1. Toki-erakundeen jokabide-kodeak balio, printzipio eta jardute-arau batzuk bilduko ditu, hautetsiek bai euren arteko harremanetan, bai enplegu publikoan eta beste erakunde batzuetan jarduten duten pertsonekiko eta, oro har, herritarrekiko harremanetan, jarraitu beharrekoak.

  2. Toki-jokabidearen kodeak, halaber, jaso ahal izango ditu gobernu ona errazteko eta toki-politikaren erakunde-kalitatea bideratzeko printzipioak edo jarduteko jarraibideak. Osoko bilkurak onartuko du kode hori edo, bestela, tokiko gobernu-batzarrak.

  3. Toki-erakundeek, autoantolaketarako dituzten ahalmenez baliatuz, jokabide-kode propioak egin eta onartu ahal izango dituzte, edo toki-erakundeen ordezkariek onartzen duten dokumentura atxiki ahal izango dira. Edonola ere, toki-erakundeak onartzen duen jokabidearen kodeari ahalik eta zabalkunde eta publizitate handiena eman beharko zaio, erakundearen webgunearen bidez edo horretarako erabilitako beste edozein bitartekoren bidez.

  4. Udal-hautetsien jokabide-kodearekiko atxikipenak berariazkoa, indibiduala eta borondatezkoa izan behar du. Udalean jarduten duten goi-kargudunak eta zuzendaritza-kideak ere kode horretara atxiki ahal izango dira, modu berean.

  5. Kodeak, era berean, jarraipen, kontrol eta ebaluazioko sistema bat ezarri ahal izango du, toki-erakunde bakoitzean nola aplikatzen den jakiteko.

  6. Dena dela, onartuko den jokabide-kodeak bermatu egin beharko du ordezkari publikoek, beren jardunaren ardatza izan behar duten balio, printzipio eta arauen artean, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-printzipioa sustatuko dutela.

  7. Nolanahi ere, toki-erakundeetako kideei Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legearen bigarren xedapen gehigarrian aurreikusitako jarduera- eta jokabide-printzipioak aplikatuko zaizkie.

  1. Toki-erakundeek, bere toki-autonomiatik eratorritako autoantolaketa-ahalak baliatuz eta kasu bakoitzean bultzatu nahi dituzten politikei erantzuteko asmoarekin, erakundeko zuzendaritza-postuen egitura definituko dute, lege honetan eta, hala badagokio, aplikagarria den oinarrizko legerian edo legeria autonomikoan ezarritakoarekin bat etorriz.

  2. Zuzendaritza-postuak hasiera batean zein arlotan txertatuko diren zehazteko eskumena osoko bilkurarena izango da, eta alkateak edo toki-erakundearen presidenteak proposatuta gauzatuko du.

  3. Arlo bakoitzaren eremuan zuzendaritza-postuak zehazteko eta postu horien izena finkatzeko, dagokion toki-erakundearen lanpostuen zerrendatik bereizia den antolaketa-tresna bat erabiliko da. Antolaketa-tresna hori osoko bilkurak onetsiko du, alkateak edo toki-erakundearen presidenteak proposatuta. Salbuespena egingo da populazio handiko udalerriekin, non tokiko gobernu-batzarraren eskumena izango baita.

  4. Toki-erakundean zuzendaritza-kide publikoak izendatzea edo dagokion goi-zuzendaritzako lan-kontratua formalizatzea erakundeko presidentearen eskumena izango da, lege honetan aurreikusten denarekin eta, kasua bada, toki-erakundeen araugintza-ahalaren bitartez garatzen denarekin edo beraien gobernu-organoen erabakiz aurreikusten denarekin bat etorriz. Izendapena edo kontratuaren formalizazioa erakundearen osoko bilkurari jakinaraziko zaio organo horren hurren-hurrengo osoko bilkuran.

  5. Zuzendaritza-postu publiko profesional gisa definitu ahal izango dira 40.000 biztanletik gorako toki-erakundeetakoak diren eta honako tipologia hauetako bati erantzuten dioten postuak:

    1. Toki-erakundeen administrazio-egituraren baitan, koordinazio orokorreko, udalaren kudeatzailetzako, arloko zuzendaritzetako edo sektoreko kudeatzailetzetako eginkizunak dituzten postuak.

    2. Tokiko sektore publikoaren baitan, erakunde publiko, merkataritza-sozietate, partzuergo edo fundazioetako erantzukizun goreneko postuak.

    3. Era berean, organo eskudunak hala erabakitzen baldin badu, zuzendaritza-postutzat jo ahal izango dira egitura edo programa batzuen erantzukizun handieneko postuak, egitura eta programa horiek sortzen direnean, salbuespenezko edo koiunturazko arrazoiengatik politika sektorial jakin bat garatze edo bultzatze aldera, aldi baterako kudeaketa-proiektu batzuk edo gomendio berezi bat garatzeko. Zuzendaritza-postu horiek ez dira egiturazkoak izango eta amortizatu egingo dira kudeaketa-proiektua edo gomendio berezia bukatzen direnean.

  1. Toki-erakundeetako zuzendaritza-kide publiko profesionaltzat joko dira aurreko artikuluan ezarritakoaren arabera zuzendaritza-postu gisa definitu diren postuetako titularrak.

  2. Lege honetan aurreikusitako eran, eta oinarrizko legeria estatalean xedatutakoa eragotzi gabe, toki-erakundeetako zuzendaritza-postuak enplegatu publikoz, karrerako funtzionarioz edo lan-kontratudun finkoz bete ahal izango dira.

    Era berean, salbuespenez, udalaren osoko bilkurak, alkateak proposatuta, aurreikusi ahal izango du, erabaki arrazoituaren bitartez eta bete nahi diren eginkizunei begiraturik, zein jardun-arlo edo -eremutan izendatu daitezkeen enplegatu publiko izaera ez duten pertsonak.

  3. Edozein kasutan, Euskadiko toki-erakundeetan eta beraien sektore publikoko erakundeetan zuzendaritza publiko profesional izaerako lanpostuetan aritzeko, beharrezkoa da graduko unibertsitate-titulua edo baliokidea edukitzea, enplegu publikora sarbidea eduki ahal izateko.

  1. Estatutako gaikuntza duten funtzionarioei erreserbatutako zuzendaritza-postuek, edozein kasutan, toki-araubideko arautegian dagokion funtzionario-eskala eta -azpieskalarentzat erreserbatuta dauden eta aplikazioko legerian beren zuzendaritza-izaeragatik aurreikusita dituzten eginkizunak beteko dituzte.

  2. Zuzendaritza-postuek beteko dituzten eginkizunak izango dira txertatuta daudeneko toki-erakundeak hartzen duen antolaketa-egitura kontuan izanik esleitzen zaizkienak, eta eginkizun horien artean, edozein kasutan, honako hauek egongo dira:

    1. Arloko zuzendaritza eta koordinazio teknikoa, eta koordinazio orokorraren edo udalaren sektore publikoko erakundearen kudeatzailetzaren kasuan, arlo batzu eta besteetako zuzendaritza eta koordinazio teknikoa. Eginkizun horrek inplikatuko du bultzatzea plangintza estrategikoa eta operatiboa, politika eta kudeaketa lerrokatze aldera.

    2. Arlo, erakunde autonomo edo erakunde instrumental bakoitzari, hala badagokio, esleitutako zerbitzuen eta langileen zuzendaritza eta kudeaketa teknikoa.

    3. Arloko aurrekontu-politika proposatzea eta politika horren exekuzioa kudeatzea.

    4. Administrazio elektronikoa, gardentasuna eta gobernu irekia bultzatzea, eta orobat entzute aktiboa eta herritarren partizipazioa sustatzea, bere jardun-eremuan.

    5. Bermatzea bere kudeaketari esleitutako gaien kontu-ematea.

    6. Etengabeko berrikuntza sustatzea bere arloan, erakunde autonomoan edo jarduneko erakundean.

    7. Bere arlo, organismo edo erakundeari izendatutako politiken eta langileen jarraipena eta ebaluazioa.

    8. Txostenak eta ebazpen-proposamenak egitea.

    9. Beste eginkizun oro, hurbiltasun materialagatik edo langileen kualifikazio bereziagatik toki-erakunde bakoitzak hartzen duen antolaketa-egituraren bitartez esleitu ahal zaiena eta modu osagarrian bete behar dutena.

  1. Udalek eta gainerako toki-erakundeek, bai eta tokiko sektore publikoko erakundeek ere, erabakiko dute beren zuzendaritza-kide publiko profesionalen estatutua osatzen duten araubide juridikoa eta eskubide eta betebeharren multzoa. Horretan jokatuko dute oinarrizko legeria estatalean eta lege honetan aurreikusitakoaren bat etorriz, bai eta enplegu publikoari buruzko euskal legerian aurreikusitakoarekin ere bat etorriz. Azken legeria honetako xedapenek, gainera, ordezko izaera edukiko dute toki-erakundeetako zuzendaritza-kide publiko profesionalen araubide juridikoari dagokionez lege honetan erregulatuta ez dauden alderdi guztien kasuan.

  2. Tokiko sektore publikoko erakunde publiko, merkataritza-sozietate, partzuergo edo fundazioei dagokienez, beren langileen araubidea zuzenbide pribatuak erregulatuta baldin badute, ardura goreneko postuen zerbitzu-harremanaren izaera juridikoa goi-zuzendaritzako lan-harremanari dagokiona izango da.

  3. Zuzendaritza-kide publiko profesionalei kargu publikoentzat aplikatzekoa bateraezintasunen eta interes-gatazken araubidea ezarriko zaie, toki-araubideari buruzko oinarrizko legeriarekin, euskal enplegu publikoari buruzko legeriarekin eta lege honen aginduekin bat etorriz.

  4. Zuzendaritza-postuetako titularrek kargu publikotzat edo goi-kargutzat joko dira, honako arau hauetan karguei eta goi-karguei dagokienez aurreikusitakoaren ondorioetarako:

    1. Interes-gatazkei buruzko legeria.

    2. Jokabide-kodea eta gardentasunari eta gobernu onari buruzko zehapen-erregimena erregulatzen duten oinarrizko legeria, Eusko Legebiltzarraren legeria eta gainerako arautegia.

    3. Langileen Estatutuan langileen lan-kontratua eteteari buruz dauden xedapenak.

  5. Zuzendaritza-kide publiko profesionala izatea ezingo da meritutzat jo administrazio publikoen zerbitzuko langile funtzionario edo lan-kontratudun izatera iristeko, nahiz eta baloratu ahal izango den barne-promozioko edo postuen barne-hornidurako prozesuetarako.

  1. Toki-erakundeetako zuzendaritza-kide publiko profesionalei dagozkientzat definitutako postuak deialdi publiko bidez beteko dira. Deialdia erakunde deitzailearen jardun-eremuaren arabera dagokion buletin ofizialean argitaratuko da eta, edozein kasutan, dagokion erakundearen web-orrian edo gardentasun-atarian. Alabaina, deialdia beste bitarteko baten bidez ere argitaratu ahal izango da, betiere bermatzen bada publizitatea eta izangai ezberdinen arteko lehia.

  2. Zuzendaritza-kide publiko profesionalen postuak hornitzeko deialdiak zehazki adierazi beharko ditu hura betetzeko exijitzen diren ezaugarri eta gaitasun profesionalak, lege honetan aurreikusita dagoen postuen antolaketarako tresnan, eta kasuan kasuko erakundearen zuzendaritza-kideei espezifikoki dagokionez, ezarritakoarekin bat etorriz.

    Era berean, deialdiak, hautatutako pertsona zuzendaritza-postuari izendapenaren bitartez atxikitzen zaion kasuetan, praktika-aldi bat aurreikusi ahal izango du, gehienez ere sei hilekoa, eta hautatutako pertsona zuzendaritza-postuari goi-zuzendaritzako lan-kontratuaren bitartez atxikitzen bazaio, proba-aldi bat, gehienez ere sei hilekoa, zeina jasota egon beharko baita dagokion kontratuan. Proba edo praktika aldi horietan zehar, zuzendaritza-kidea postutik kendu ahal izango du, modu diskrezionalean, izendatu duen agintaritzak.

  3. Edozein kasutan, exijitutako eskakizunen artean, egon beharko da gutxieneko esperientzia izatea erantzukizuneko postuak betetzen, administrazio eta erakunde publikoetan edo sektore pribatuan, eremu edo eginkizun hauetakoren batean:

    1. Zuzendaritza-eginkizunak

    2. Pertsonen kudeaketa

    3. Baliabide ekonomikoen kudeaketa

    4. Baliabide teknologikoen kudeaketa

  4. Halaber, exijitu ahal izango da graduondoko prestakuntza espezifikoa izatea zuzendaritza-funtzioan edo baliabideen kudeaketa eta administrazioko funtzioan, beharrezko irizten zaien ezagutza-arloetan, edo beste prestakuntza baliokide oro izatea, esleitu nahi diren eginkizunak edo postua betetzeko egokia dena.

  5. Zuzendaritza-kide publiko profesionalen postuak betetzeko sistemak, hala funtzionario-postu gisa kalifikatuak nola goi-zuzendaritzako lan-kontratudunentzako postuak, euskal enplegu publikoari buruzko legerian aurreikusitakoak izango dira.

  6. Toki-administrazioko zuzendaritza-kide publikoak hautatzeko prozeduraren xedea da hautagaien gaitasun profesionalak eta esperientzia egiaztatzea, hartara baloratu ahal izateko deitutako posturako daukaten prestakuntza, gaitasun profesionala eta esperientzia, eta orobat postu horri esleitutako eginkizunak betetzeko duten egokitasun espezifikoa.

  7. Zuzendaritza-kide publiko profesionalak hautatzeko eta hornitzeko prozedurek kasu egin beharko diete meritu, gaitasun, publizitate eta lehia printzipioei, eta orobat izangaiek deialdiaren xede diren postuetarako duten egokitasunari. Prozedura horietan egiaztatu egin beharko dira izangaiei exijitutako gaitasun profesionalak, edo haien egiaztapena ziurtatu.

  8. Gaitasunak egiaztatzeko prozesua toki-erakundeak berak gauzatu ahal izango du, edo Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari gomendatu ahal izango dio dagokion tresna juridikoaren bitartez, edo kanpoko profesionalekin edo enpresekin kontratatu ahal izango du, beti ere hertsiki loturik deialdiaren zehaztapenetara eta gainerako ordenamendu juridikora.

  9. Zuzendaritza-kide publiko profesionalaren hautaketa egintza diskrezional bat da, soilik burutu daitekeena postua betetzeko deialdira aurkezten diren, deialdian exijitutako eskakizunak betetzen dituzten eta lanpostua betetzeko eskatutako gutxieneko gaitasunak dauzkatela egiaztatu duten pertsonen artean.

  10. Pertsona bat tokiko zuzendaritza-kide publiko gisa izendatzeak edo kontratatzeak gaitasuna emango dio pertsona horri, edozein delarik ere bere jatorria, izendapen edo kontratuaren xede den zuzendaritza-postuari esleitutako eginkizunetan aritzeko eta ahalak erabiltzeko.

  11. Zuzendaritza-kide profesional gisa izendatzeak berarekin darama lanpostuan jarraipena izatea, beti ere gogobetegarriak badira postuan egindako kudeaketaren ebaluazioaren emaitzak. Lanpostuan jarraipena izateak esan nahi du zuzendaritza-kide publiko profesionala bere karguan egongo dela hurrengo udal-hauteskundeak egiten diren urteko abenduaren 31ra arte. Hauteskundeok egindakoan, toki-erakundeko presidenteak erabakiko du, modu diskrezionalean, ea luzatzen duen zuzendaritza-eginkizunetan aritzeko aldia gehienez ere beste agintaldi batez, edo ea egokiagoa den hautaketa- edo horniketa-prozedura deitzea hizpide den zuzendaritza-izaerako lanpostua betetzeko.

  1. Zuzendaritza-postuetako titularrak ebaluatu egingo dira eraginkortasuna eta efizientzia, beren kudeaketagatikako erantzukizuna eta emaitzen kontrola irizpidetzat hartuta, alderdi horiek guztiak ezarri zaizkien helburu eta xedeekin lotuta aztertuz. Edozein kasutan, helburu eta xede horiek kudeaketa-akordio batean ezarriko dira, izendapenetik hasita gehienez hiru hileko epean, eta birdefinitu ahal izango dira une bakoitzean bultzatzen diren politika publikoei erantzuteko.

  2. Emaitzen ebaluazioa hierarkian goiko mailan dagoen pertsonak, edo eginkizun horiek dagozkion gobernu- edo kudeaketa-organoak, edo kanpoko erakunde edo aholkulariek egin ahal izango dute, eta beti ere kudeaketa-akordioan ezarritako helburu eta adierazleekin bat etorriz egingo da.

  1. Kapitulu honetan aurreikusitakoa bete beharko da alde batera utzi gabe biztanle-kopuru handiko udalei zuzendaritza-organoen inguruan aplikagarria zaien toki-araubideari buruzko legeria orokorrean bildutako aurreikuspenak, hala edozein kasutan zuzendaritza-postutzat jo behar diren postuei dagokienez, nola beraien titularren izendapenari eta kargu uzteari dagokienez eta postu horien eta beraien titularren inguruan goi-mailako organoek dituzten eskumenei dagokienez.

  2. Autoantolaketaren printzipioa kontuan hartuta, eta toki-araubideari buruzko oinarrizko legearekiko dagozkion baliokidetasunak ezarrita, oinarrizko legeria estatalean jasotako izendapenekin bat ez datozen zuzendaritza-egiturak zehaztu ahal izango dituzte biztanle-kopuru handiko udalek, eta, era berean, bildu ahal izango dituzte zuzendaritza-organoak, pertsona berak zuzendu ahal izan ditzan.

  3. Udal-erregelamendu organikoaren bitartez, zehaztu ahal izango dira karrerako funtzionarioek bete beharrekoak ez diren zuzendaritza-organoen eginkizunen ezaugarri bereziak, oinarrizko legeria estatalean aurreikusitako eran.

  1. Auzotarren eskubideak dira honako hauek:

    1. Hautesle eta hautagai izatea, hauteskunde-legerian edo hauteskundeetan aplikagarri den araudiarekin bat etorrita.

    2. Tokiko politika publikoak identifikatzen, prestatzen, kudeatzen eta ebaluatzen, eta herri arazoetan parte hartzea, legeek, udal- erregelamendu organikoek eta herritarren parte-hartzeari buruzko erregelamendu organikoek ezarritakoarekin bat etorrita, biztanle-kopuru handiko udalerrien kasuan, eta dagozkion ordenantzetan eta erregelamenduetan esandakoarekin, araubide erkideko udalerrietan.

    3. Ingurumen eta hiri-espazio publiko egokia eta jasangarria gozatzea.

    4. Ingurune irisgarriak izatea, desgaitasunen bat duten pertsonen joan-etorriak eta parte-hartzea ez oztopatzeko, ez mugatzeko.

    5. Zerbitzu publikoak eta interes orokorreko zerbitzu pribatuak modu eraginkorrean eta berdintasun-baldintzetan eskuratzea, lege honetan eta kasuan kasuko ordenantzetan eta erregelamenduetan ezarritakoaren arabera. Bereziki sustatuko da gizartean desabantailan dauden edo objetiboki hala eskatzen duten pertsona, kolektibo eta taldeek udal-zerbitzu horietara iristea.

    6. Udal-esparruan eragin dezaketen arrisku natural zein teknologikoei eta babes zibileko udal-planei buruzko informazioa jasotzea.

    7. Kulturarako eskubidea eta kultura-ondareko ondasunetara iristekoa.

    8. Toki-administrazioarekiko harremanetan, hizkuntza ofizial bietatik edozein erabiltzeko eta aukeratutakoan artatua izateko eskubidea, herritarren hizkuntza-eskubideak arautzen dituen autonomia-erkidegoko legeriaren arabera.

    9. Legeetan eta udal-ordenantzetan herritarrek parte hartzeko aurreikusitako bitartekoez baliatzea bermatuta egotea.

    10. Udal-administrazioan eta bere erakunde instrumentaletan edo mendekoetan tratu berdina jasotzeko eskubidea, sexua edo beste edozein zirkunstantzia gorabehera. Bermatu egingo dira, halaber, diskriminazio anizkoitza jasaten duten pertsonen edo pertsona-taldeen oinarrizko eskubideak.

    11. Legeetan edo, hala badagokio, foru-arauetan, udal-ordenantzetan eta lege honetan ezarritako gainerako eskubideak.

  2. Artikulu honetako lehenengo paragrafoan bildutako eskubideak izango dituzte, halaber, dena delako udalerrian erroldatutako atzerritarrek ere, baita adingabeek ere, lege honetan, sektoreko legeetan eta udal-ordenantza eta erregelamenduetan zehaztutakoaren arabera. Salbuespena izango dira hauteskundeekin lotutako eskubideak, horiek berariazko araudia baitaukate.

  3. Tokiko araugintza-ahalaren adierazpenek, eta toki-erakundeetako organoen erabakiek eta egintzek artikulu honetan jasotako eskubideak islatu eta bermatu beharko dituzte.

  1. Udalerriko auzotarren betebeharrak eta erantzukizunak honako hauek dira:

    1. Legez edo udal-ordenantzen bidez aurreikusitako prestazio ekonomiko eta pertsonalen bitartez, eta garraioko prestazioen bitartez, udal-eskumenak gauzatzen laguntzea.

    2. Udal-erroldan agertu behar diren datuen aldaketa ekarriko duten zirkunstantzia pertsonalen edozein gorabeheraren berri ematea, aplikatzekoa den araudiarekin bat etorrita.

    3. Tokiko arauak betetzea eta horiek aplikatzeko laguntza ematea, eta horretarako, tokiko agintariak informatzea bizikidetza-arauei dagokienez espazio publikoan izaten den arau-hauste oroz eta zerbitzuak ematea eragozten edo zailtzen duen edo erabiltzaile edo hirugarrenentzat arriskua dakarren edozein anomaliaz.

    4. Udal-ondarea, azpiegiturak eta udal-zerbitzuak zentzuz eta egoki erabiltzea, eta haiek kontserbatzen eta berreskuratzen laguntzea. Era berean, udal ekipamenduak eta zerbitzu publikoak bide-seinaleak eta hiri-altzariak barne hartuta errespetatu beharko dituzte, baita haiek berreskuratzen eta kontserbatzen lagundu ere.

    5. Espazio publikoan herritarren bizikidetzarako arauak errespetatzea, eta, era berean, beste pertsonen eskubideak ere errespetatzea.

    6. Ingurumena, espazio publikoa eta hiri-paisaia zaintzea eta hobetzen laguntzea, jarrera ekologiko eta jasangarrien bitartez.

    7. Efizientzia energetikoko politika publikoak eraginkortasun handiagoz bermatzeko, toki-erakundeekin lankidetzan aritzea. Halaber, kontuan izango dituzte uraren, hondakin-uren arazketaren eta hiri-hondakinen kudeaketaren inguruko udal-zerbitzuen efizientzia areagotzeko jarraibideak.

    8. Hiri-bideei buruzko arauak egoki betetzea, baita hondakinak uzteko udalak zehaztutako leku, egun eta orduei buruzko arauak ere.

    9. Legeetan eta udal-ordenantzetan bereziki espazio publikoaren erabilerak edo auzotarren arteko bizikidetza-harremanak arautzen dituztenetan aurreikusitako beste edozein.

  2. Aurreko paragrafoan araututako betebeharrak eta erantzukizunak, b) idatzi-zatian aurreikusitakoa izan ezik, udalerrian modu zirkunstantzialez dauden pertsonek ere bete beharko dituzte, auzotar izan ez arren.

  3. Era berean, artikulu honetako lehen paragrafoan aipatutako betebeharrek eta erantzukizunek gidatuko dute, printzipioak diren aldetik, tokiko araugintza-ahala, politika publikoak, zehapen-motak eta hala badagokio, zehapenen aplikazioa eta espazio publikoa zaintzea, bizikidetza-harremanak eta zerbitzu publiko jakin batzuk ematea xede duten udal-ordenantzetan araututako zehapen-prozedurei dagokienez.

  1. Udalerriek zerbitzu-kartak edo dokumentu baliokideak onartu ahal izango dituzte. Bertan jasoko dira udal-zerbitzu jakin batzuen ezaugarri nagusiak; erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak adieraziko dira, bai eta zerbitzu horiek ematean hartutako kalitate-konpromisoak ere. 20.000 biztanletik gorako udalerrietan, nahitaezkoa izango da zerbitzu-karta edo dokumentu baliokideak onartzea.

  2. Zerbitzu-kartek edo dokumentu baliokideek adierazle objektiboak ezarriko dituzte, hala dagokionean sexuaren, adinaren edo bestelakoen arabera bereizita, udal-zerbitzuen errendimendua eta zerbitzu horien prestazioari buruzko auzotarren gogobetetzea ebaluatu ahal izateko.

  3. Zerbitzu-kartei edo dokumentu baliokideei buruzko publizitatea udalaren egoitza elektronikoan edo web orrian emango da eta hala badagokio, udal-gardentasunaren atarian.

Udalerriek zerbitzu publikoen kalitatea bultzatuko dute, egiaztatze- edo ebaluazio- sistemen bitartez. Sistema horiek, aurreko artikuluan araututako zerbitzu-kartetan bilduko dira.

  1. Lege honen helburua da udalerrien eta gainerako toki-erakundeen gobernu irekia bermatzea, erakundeen kalitatea indartzeko eta Euskadiko tokiko gobernu-maila ezberdinen eta herritarren arteko harremanetarako esparru berri bat finkatzeko.

  2. Hona hemen gobernu irekia bermatzeko bitartekoak:

    1. Gardentasuna sustatzea, eta titulu honetan eta gardentasunaren arloko oinarrizko legerian jasotako publizitate aktiboko betebeharrak bete.

    2. Informazio publikoa eskuratzea, gardentasunaren arloko oinarrizko legeriak eta lege honek aurreikusitakoarekin bat etorrita.

    3. Informazio publikoa datu ireki gisa eskueran jartzea; hau da, halatan non datuak eskueran eta irisgarri egon ahal izan daitezen erreprodukzio, aldaketa edo beste datu batzuekiko integraziorako arrazoizko kostuarekin, eta ahalbidetu dadin informazio hori pertsona orok askatasunez erabiltzea, berrerabiltzea eta birbanatzea, erabat errespetatuz pribatutasun, segurtasun edo jabetzagatiko murrizketak.

    4. Herritarren partaidetzarako tresnak eta bideak garatzea, titulu honetan zehaztutakoarekin bat etorrita.

  3. Lege honetan aurreikusitakoaren arabera partaidetzarako kanalak zehazteaz gain, gobernu irekia gauzatzeko bitartekoen helburua da herritarrak modu sinesgarrian informatzea tokiko gobernuek nola betetzen dituzten euren eginkizunak, nolako politika publikoak abiarazten dituzten eta nola kudeatzen dituzten baliabide publikoak, era horretara arduradun publikoen kontuak ematea errazteko.

  4. Titulu honetan ezarritakoetarako, hona hemen publizitate aktiboa, informazio publikoa eta herritarren parte-hartzea nozioen nondik norakoa:

    1. Gardentasuna: herritarrek toki-erakundeen eskuan dagoen informazio publikora iristea errazten duen prozesua, betiere lege honek eta aplikagarri zaion legeriak ezarritako esparruan eta mugen barruan.

    2. Publizitate aktiboa: herritarrentzat interesa duen informazio publikoa aldian-aldian, eguneratuta eta modu ulergarrian publiko egitea, tokiko botere publikoek konpromisoak nola betetzen dituzten modu sinesgarrian jakitea erraztuz eta botere horien kontu-ematea benetan gauzatuz, interakzio komunikatiboko prozesu bat sustatu ahal izate aldera.

    3. Informazio publikoa: toki-erakundeen esku dagoen informazio oro, beren eginkizunen barruan landu edo eskuratu dutena, edozein dela ere informazio horren euskarria eta adierazpidea.

    4. Herritarren parte-hartzea: politika publikoak identifikatzeko, diseinatzeko, gauzatzeko eta ebaluatzeko prestatutako prozedura, kanal, eta erakunde-organoen multzoa, edo herritarrak modu aktiboan esku hartzeko edozein tresna edo bide.

  1. Titulu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeen gardentasun betebeharrak eta informazio publikoa eskuratzeko eskubidearen printzipio orokorrak arautzea eta betebehar horiek betetzen direla zainduko duen organoa zehaztea. Organo horrek ebatziko ditu, hala badagokio, informazio publikoa eskuratzeko erreklamazioak, eta beteko ditu estatuko edo autonomia-erkidegoko legeen esparruan antzeko ezaugarriak dituzten organo edo erakundeei dagozkien bestelako eginkizunak ere.

  2. Titulu honen xedea da, halaber, herritarren parte-hartzea arautzea Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeetan.

  1. Titulu honetan bildutako arauak honako hauei aplikatuko zaizkie:

    1. Udalerriei.

    2. Arabako lurralde historikoko kuadrilla, ermandade eta kontzejuei.

    3. Gainerako toki-erakundeei, toki-araubidearen oinarrizko legeriak eta lege honek ezarritakoarekin bat etorrita.

    4. Toki-erakunde horiei lotutako edo horien mendeko erakunde publikoei.

    5. Udal-enpresa publikoei, artikulu honetan aurreikusitako erakundeek ehuneko 50 baino gehiagoko partizipazio zuzen edo zeharkakoa badute haien kapital sozialean.

    6. Toki-erakundeek sortutako fundazioei edo patronatuko kide gehienak toki-erakundeen ordezkari dituzten fundazioei.

    7. Partzuergoei eta gainerako erakunde instrumentalei, tokiko kapital publikoaren partaidetza nagusitzen bada edo nagusitasunezko lekua toki-erakunde batek badu.

  2. Publizitate aktiboko arauak aplikatu beharko dituzte, halaber, erakunde pribatuek, baldin eta aurrekontu-ekitaldi batean Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrietatik edo gainerako toki-erakundeetatik guztira 100.000 eurotik gorako laguntzak edo diru-laguntzak jasotzen badituzte, edo, laguntza edo diru-laguntza publikoek gutxienez 5.000 eurora iritsirik, beraien urteko diru-sarreren ehuneko 40 gutxienez egiten badute.

  3. Irabazi asmorik gabeko erakundeak direnean, gizarte-, kultura-, hizkuntza- ingurumen-intereseko helburuak baino ez dituztenean, eta 50.000 eurotik beherako aurrekontua dutenean, lege honek ezarritako betebeharrak betetzeko, ekarpen edo laguntza gehienen iturburu diren toki-erakundeetako bitarteko elektronikoak erabili ahal izango dituzte.

  4. Aurreko paragrafoetan zehaztutakoez bestelako beste edozein pertsona fisiko edo juridiko ere, zerbitzu publikoak ematen baditu edo administrazioaren ahalak betetzen baditu, behartuta egongo da, eskatzen bazaio, tokiko administrazioari eta haren erakunde instrumentalei, mendeko nahiz lotutako, titulu honetan aurreikusitako betebehar guztiak benetan gauzatzeko beharrezkoa den informazio guztia ematera. Betebehar hori sektore publikoko kontratuen esleipendunei ere badagokie, kontratuan aurreikusitako baldintzetan.

  1. Herritarrek eta herritar-erakundeek tokiko gobernua eta administrazioa nola antolatzen den, zer eginkizun betetzen dituen, erabakiak hartzerakoan zer eremu eta politika lehenesten duen eta tokiko zerbitzu publikoak kudeatzerakoan baliabideak nola esleitzen dituen jakiteko interesgarri den informazio publiko oro, aldian-aldian eta etengabe, eta eskura dauden bideak erabiliz, publiko egin beharrekoa da lege honen ondorioz, eta betebehar hori bere gain hartuko dute euskal toki-erakundeek.

  2. Publizitate aktiboaren arloko betebeharren helburua da, alde batetik, toki-erakundeen boterearen, jarduera politiko eta instituzionalaren, eta administrazio-jardunaren kontrola erraztea; eta, bestetik, ordezkari publikoek kontuak emango dituztela eta herritarrek haien kudeaketa arakatzeko aukera izango dutela segurtatzea.

  3. Gardentasun-betebeharrak, batez ere, informazio interesgarri guztia erakundearen webgunean edo egoitza elektronikoan argitaratuz beteko dira, hala dagokionean genero-ikuspegia txertatuz. Aurrekoa gorabehera, eta irisgarritasun unibertsalaren printzipioa bermatze aldera, tokiko botere publikoek informazio hori beste bide batzuen bitartez ere zabaldu beharko dute, baliabide elektronikoetara jotzeko modurik ez duten herritarrek eta, batez ere, Interneten nabigatzeko baliabiderik, bitartekorik edo ezagutzarik ez duten pertsona edo kolektiboek ere izan dezaten haren berri. Pertsona eta kolektibo horiei guztiei, informazio hori eskuratzeko eta, beste pertsona edo kolektiboek bezalaxe, beren eskubideak baliatzeko behar dituzten publizitate aktiboko bitartekoak edo tresnak eskainiko dizkie administrazio publikoak, erabilgarri dituen baliabide teknologiko eta ekonomikoen barruan.

  4. Publizitate aktiboaren arloan aplikatu beharrekoak izango dira, halaber, gardentasunari buruzko oinarrizko legeriak bere egiten dituen mugak, bereziki datu pertsonalen babesaren ondoriozkoak. Alde horretatik, informazioan bereziki babestutako datuak azaltzen badira, datu pertsonalak disoziatu egin beharko dira publiko egin aurretik.

  5. Egoitza elektronikoetan edo beste edozein formatu-motatan azaltzen den informazioak egiazkoa, erraz eskuratzeko modukoa, bereizkeriarik egiten ez duena, argia, erraza eta zehatza behar du izan; eta, gainera, herritarrek ulertzeko moduko mezuekin osatu beharko da; horretarako, batez ere bideoak, grafikoak, argazkiak, marrazkiak eta ematen den informazioaren nondik norakoak hobeto ulertzen laguntzen duten beste edozein konposizio-bide erabiliko da, orria edo dokumentu-euskarria osatzeko.

  6. Publizitate aktiboaren adierazpen grafikoak erabiliko dira, lehentasunez, publizitate aktiborako bitarteko gisa konplexutasun handiko gai eta datuen kasuan, Nolanahi ere, adierazpen grafiko horiek nahitaez erabili beharko dira izaera ekonomiko-finantzarioa duen edozein informazioren kasuan, eta orobat baliabide publikoen erabilerari, politika publikoen lehentasunei eta herritarrek zerbitzu publikoez duten gogobetetasunari buruzko informazioaren kasuan ere, edo estatistika edo ehunekoen bidez erakusteko modukoa den beste edozein informazioren kasuan.

  7. Era berean, tokiko administrazioek eskaintzen duten informazioak izan behar du beste edozein pertsonak erraz eskuratzeko modukoa; doakoa; denboran, egokia; kalitate handikoa; segurua; kanal anitzekoa; formatu anitzekoa, eta berrerabilgarria; eta, gainera, interoperabilitateak bermatuta egon behar du. Orobat zainduko da desgaitasunen bat duten pertsonek informazioa eskuratu ahal izatea; horiek horrela, administrazio publikoek, erabilgarri dituzten baliabide teknologiko eta ekonomikoen barruan, bitartekoak jarriko dituzte herritarrek, herritarren elkarteek eta, halakorik izanez gero, lege honen arabera eratutako plataforma, foro eta sare guztiek informazioa berdin-berdin eskuratu dezaketela bermatzeko.

  8. Gainera, bermatuko da tokiko administrazioen dokumentu eta bestelako euskarrietan ez dela hizkuntzaren erabilera sexistarik egiten, ez zuzenean sortutakoetan ez hirugarren pertsona edo erakunde batzuen bidez sortutakoetan.

  9. Halaber, euskararen erabileraren normalizazioari buruzko legeria betetzea bermatuko da, eta bereziki toki-erakundeen publizitate aktiboan euskararen erabilera sustatzean arreta jartzea.

Titulu honetan jasotako gardentasun- eta publizitate-betebeharrak, lege honetan aurreikusitako salbuespenak salbu, gutxieneko arautzat hartuko dira. Toki-erakundeen esku dago horiek hobetzea, bai araugintzarako ahal propioak baliatuz beren gobernu-organoen erabakien bidez, bai lege honetan ezarritakoa betetzerakoan gardentasun-estandar zorrotzagoak sartuz.

  1. Arlo honetan, gardentasunari buruzko gutxieneko betebeharrak honakoak dira:

    1. Toki-erakundearen organoak, beharrezkoak eta osagarriak, honako hauek adierazita: beraien titularrak (osaera), horiek betetzen dituzten eginkizunak eta horiei aplikagarri zaizkien arauak. Era berean, publiko egingo dira organo bakoitzaren gai-zerrendak eta hartzen dituzten erabakiak.

    2. Erakundean eta haren gobernu-taldeetan ardura politiko gorena duten pertsonei buruzko informazioa, curriculumeko datuak barne.

    3. Publiko egingo dira udaleko gobernu-plana, agintaldiko plana edo jarduera-plana, halakorik izanez gero, eta orobat, aldian-aldian, horien betetze-maila.

    4. Alkatearen eta zinegotzien arduraldi-araubidea.

    5. Erakunde bakoitzean behin-behinekoak diren lanpostuen zerrenda.

    6. Toki-ordezkarien ondasun eta jarduerei buruzko urteroko aitorpenak, indarrean dagoen legerian ezarritako eran.

    7. Udaleko alderdi politikoei buruzko informazioa.

    8. Toki-erakundeko arlo eta sailen antolamendu-egitura eguneratua; berariaz aipatu beharko dira zuzendaritzako edo erantzukizuneko lanpostuak, lanpostu horiek betetzeko zer profil behar den eta lanpostu horiek betetzen dituztenek zer ibilbide profesional daukaten.

    9. Aholku-organoak eta gizarte-partaidetzakoak, haien jarduera eta erabakiak barne.

    10. Edonolako erakunde instrumentalak, eta arduradun gorenak zein diren eta haien antolamendu-egitura zer-nolakoa den ere adierazi beharko da.

    11. Antolamendu-egituren plan eta programak beren xede zehatzak eta horiek gauzatzeko aurreikusitako baliabideak eta epea identifikatuz, eta plan eta programon betetze-maila eta emaitzak, zeinak aldizka ebaluatu eta argitaratu beharko baitira, toki-administrazio eskudunak zehazten duen eran, neurketa eta balorazioko adierazleekin batera.

  2. Toki-erakundeek argitara emango dituzte, beren web-orri instituzionaletan eta informazio orokorreko gainerako medio propioetan, beren posta-helbidea, beren helbide elektronikoa eta erakundeak herritarrentzat dituen irispide orokorreko telefono-zenbakiak, eta adieraziko dituzte beren hautetsi-karguen eta zuzendaritza-karguen interakzio-moduak.

  3. Halaber, ezagutzera emango da zein kanaletatik eskaintzen diren herritarren arretarako zerbitzuak eta zein kanaletatik gauzatu daitekeen herritarren parte-hartzea.

Arlo honetan, gardentasunari buruzko gutxieneko betebeharrak honakoak dira:

  1. Toki-erakundeen ordenantza, erregelamendu eta aurrekontuen proiektuak, beranduenera ere, hasierako onarpena eman eta berehala argitaratuko dira.

  2. Publikoak izango dira, halaber, udal-organoek onartutako erabakiak, baldin eta zuzenbidea interpretatzen badute edo ondorio juridikoak badituzte.

  3. Aholku-organoen txosten edo irizpenak ere publikoak izango dira.

  4. Herritarren partaidetzako prozesuaren txostena eta ondorioak, halakorik baldin badago.

  5. Hasita, martxan eta bukatuta dauden partaidetzako prozesuak. Eta bereziki, prozesu horiekin lotutako txostenak.

Arlo honetan, gardentasunari buruzko gutxieneko betebeharrak honakoak dira:

  1. Toki-erakundeek modu argi, irisgarri, ulergarri eta errazean zabalduko dute zer sartzen den herritarrei eskaintzen dieten zerbitzu-zorroan, eta berariaz zehaztuko dute zer ondasun eta prestazio eskaintzen dituen toki-erakundeak eta horien kostua zenbatekoa den, bai osotara eta bai pertsona bakoitzeko.

  2. Era berean, publiko egingo dituzte zerbitzu-kartak edo pareko dokumentuak, eta, halakorik badute, zerbitzuen kalitatea ziurtatzeko edo egiaztatzeko prozesuak.

  3. Eskaintzen den zerbitzu bakoitzari buruz ordutegia eta ordaindu beharreko prezio publikoak edo udal-tasak zehaztu beharko dira.

  4. Gainera, informazio agregatua, laburra eta argia eskainiko da honako zerbitzu hauen gainean:

    1. Mantentze-lanak eta obrak

    2. Segurtasun publikoa eta babes zibila

    3. Hondakinen bilketa eta tratamendua

    4. Uraren kudeaketa

    5. Kale-garbiketa

    6. Ekonomia-jarduerak eta lizentziak

    7. Hirigintza eta ingurumena

    8. Kultura eta kirolak

    9. Gizarte-zerbitzuak

    10. Emakumeen eta gizonen berdintasuna

Arlo honetan, gardentasunari buruzko gutxieneko betebeharrak honakoak dira:

  1. Kontratu guztiak publikoak izango dira, honako hauek adierazita: xedea, iraupena, lizitazio- eta esleipen-zenbatekoa, zein prozeduraren bidez egin den, zein bitartekoren bidez iragarri den, prozeduran parte hartu duten lizitatzaileen kopurua, esleipendunaren nortasuna, eta kontratuaren aldaketak eta luzapenak. Kontratuetan atzera egiteko eta kontratuari uko egiteko erabakiak ere argitaratu egin beharko dira.

  2. Datu estatistikoak sektore publikoko kontratuen legedian aurreikusitako prozeduretako bakoitzaren bidez esleitutako kontratuek aurrekontuaren gainean hartzen duten ehunekoari buruz.

  3. Ezarritako zigorrak, hala badagokio, kontratisten ezbetetzeengatik.

  4. Suntsiarazitako kontratuen zerrenda. Bereziki, publiko egingo dira kontratuetan atzera egiteko eta uko egiteko erabakiak.

  5. Kontratu txikiak hiru hilabetean behin argitaratuko dira, modu agregatuan, eta argitaratzen direnetik gutxienez 12 hilabetez emango da horien berri.

  6. Sektore publikoko kontratuei buruzko legerian aurreikusitako prozedura bakoitzaren bidez esleitutako kontratuek aurrekontuaren gainean zenbateko ehunekoa hartzen duten adierazten duten estatistika-datuak argitaratu egingo dira.

  7. Sinatutako hitzarmenen zerrenda, honako hauek adierazita: sinatzaileak, xedea, iraupena, aldaketak, prestazioak eta adostutako betebehar ekonomikoak halakorik baldin badago.

  8. Sinatzen diren kudeaketa-gomendioak ere argitaratuko dira, honako datu hauek adierazita: xedea, aurrekontua, iraupena, betebehar ekonomikoak eta azpikontratazioak, berariaz aipatuz esleipendunak, esleipena egiteko jarraitutako prozedura eta esleipenaren zenbatekoa.

  9. Emandako diru-laguntza eta laguntza publikoak: zenbatekoa, xedea edo helburua, eta onuradunak.

Arlo honetan, gardentasunari buruzko gutxieneko betebeharrak honakoak dira:

  1. Publiko egingo dira enplegu publikoaren eskaintzak, zenbateraino bete diren, eta funtzionario eta lan-kontratupeko langileentzako hautaketa-prozesuak deialdiak, eta izendapenera arteko edo kontratua sinatu arteko egintza guzti-guztiak barne.

  2. Toki-administrazioek edo beste erakunde mota batzuek emandako ikastaro eta prestakuntza-programak.

  3. Sindikatu-ordezkaritzako organoak osatzen dituzten kideak eta horretarako liberatuta dauden pertsonen kopurua, berariaz aipatu beharko delarik zer ordu-kreditu duten.

  4. Lanpostuen zerrendek taula sinoptiko bat jaso beharko dute, non, kategoriaren araberako ordainsari indibidualizatua jartzeaz gainera, antolamendu-tresna horren elementu garrantzitsuenak laburtuko diren.

  5. Bateragarritasun-adierazpenen arloan eskumena duen organoaren ebazpenak.

Arlo honetan, gardentasunari buruzko gutxieneko betebeharrak honakoak dira:

  1. Toki-erakundearen aurrekontuak argitara emango dira osorik eta eguneratuta, modu erraz, argi eta grafiko batean, partida nagusiak deskribatuz dira eta informazio zehatza emanez beraien exekuzio-maila ezagutzeko eta ekitaldian zehar onetsitako aurrekontu-aldaketak jakiteko.

  2. Argitaratu beharreko urteko kontuak, eta kanpo-kontroleko organoek horiei buruz egiten dituzten kontu-auditorien eta fiskalizazioen txostenak.

  3. Aurrekontu-egonkortasunerako eta finantza-jasangarritasunerako helburuak betetzeari buruzko informazioa.

  4. Diru-sarrera eta gastuei buruzko oinarrizko informazioa.

  5. Hornitzaileen ordainketaren arloko berankortasunaren gaineko legeria betetzeko epeak.

  6. Ondareko ondasun higiezinen zerrenda, hala bere jabetzakoak direnena nola haien gaineko eskubide errealen bat duenena.

  7. Kontzeptu guztiak hartuta toki-erakundeko ordezkari politikoek eta zuzendaritzako langileek jasotzen dituzten ordainsariak, eta kargua edo eginkizuna utzi ostean jasotzen dituzten kalte-ordainak halakorik izanez gero.

  1. Herritarrentzako interesekoa den informazioa ere argitaratuko da, ahaztu gabe betiere dagokion arautegi espezifikoak ezarritako informazio-betebeharrak.

  2. Ezagutzera emango dira herritarren arretarako eta partaidetzarako zerbitzuak eskaintzeko dauden kanalak.

Lege honen aplikazio-eremuak eragindako subjektuek beharrezkoak diren ekintzak sustatu beharko dituzte beren eskura dauden datuen benetako irekitasunerako, berrerabiliak izan daitezen, betiere pribatutasun-, segurtasun- eta jabego-murrizketak erabat errespetatuz. Datu-irekitasuntzat ulertzen da datuak eskueran jartzea web-bidez eskuragarri izango den formatu digital, estandarizatu eta irekian, egitura argi eta esplizitu bati jarraituta, herritarrek eta agente konputazionalek ulertu eta berrerabili ahal izateko eran.

  1. Toki-erakundeek informazio publikoa berrerabil dadin bultzatuko dute, sektore publikoko informazioa berrerabiltzearen inguruko oinarrizko legeriarekin bat, herritarrek toki-erakundeen esku dauden eta nahi erara erabiltzeko diren datuak baliatu ahal izan ditzaten.

  2. Berrerabilpena da toki-erakundeen esku dauden datuak eta informazioa herritarrek erabiltzea helburu komertzial edo ez-komertzialekin, betiere erabilera hori administrazio publikoaren jarduera bat ez bada eta arlo horretan aplikatu beharreko legerian aurreikusitakoarekin bat etorriz burutzen bada.

  3. Berrerabilpenak helburu izango ditu, halaber, sektore publikoko informazioa berrerabiltzearen arloko oinarrizko legerian ezartzen direnak.

  4. Sektore publikoko informazioa berrerabiltzearen arloko oinarrizko legeriak eta Euskal Autonomia Erkidegoko legeriak informazio publikoa berrerabiltzeko baldintzak ezarriko dituzte. Edonola ere, zehaztutako kasuetan izan ezik, Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeek datuak nahi erara berrerabiltzea bultzatuko dute, aurrez eskaerarik egin beharrik izan gabe, eta berrerabilpen hori inolako baimenak eskuratzearen mende utzi gabe.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeek gardentasunaren atari bat sortu ahal izango dute beren egoitza elektronikoetan edo erakunde-webgunetan, herritarrek eta erakundeek titulu honetan ezarritako gardentasun-betebeharren ondorioz publikoa den informazio oro eta toki-erakundeak eman nahi duen informazio guztia eskuratzea errazteko.

    20.000 biztanle baino gehiagoko toki-erakundeek derrigor izan beharko dute gardentasun-atari bat.

  1. Espazio bat prestatu beharko da herritarrek proposamenak eta iradokizunak egin ditzaten, bai eskatutako informazioari buruz, bai beren eskueran jarritako informazioari eta erabilitako formatu, programa edo lengoaia informatikoei buruz. Espazio horrek, era berean, aukera eman ahal izango du datuen irekitasunari eta berrerabilerari buruzko aplikazio informatikoen garapenean parte hartzeko.

  2. Toki-erakundearen beraren erregelamendu bidez, gainera, informazioa herritarren artean zabaltzea eta herritarren partaidetza bultzatuko duten kanal anitzeko sistemak paratu ahal izango dira.

  1. Pertsona fisikoek, pertsona juridikoek, erakundeek eta lege honetan ezarritakoaren arabera eratutako plataforma eta sareek eskubidea izango dute arrazoitu beharrik gabeko eskabide bat aurkeztuta informazio publikoa eskuratzeko, eta eskubide hori gauzatuko da arlo hau arautzen duen gardentasunaren oinarrizko legerian ezarritako eran eta lege honetan eta kasuan kasuko udal-erregelamenduetan aurreikusitakoarekin bat.

  2. Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea baliatzeari dagokionez, gardentasunaren oinarrizko legeriak ezartzen dituen mugak era murriztailean interpretatuko dira, eta, betiere, lehendabizi ebaluatu beharko dira, alde batetik, aipatzen diren interes publiko eta pribatuari eragindako ustezko kalteak, eta, bestetik, eskatutako informazioa zenbateraino den garrantzitsua edo adierazgarria, eta zenbateraino den beharrezkoa, objetiboki, gobernuaren ekintzaren kontrol demokratikoa egiteko.

  3. Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea toki-botere publikoen eta erakunde horien arduradun publikoen kontu-ematearen kontrol demokratikorako beharrezko den aldetik antiformalismoan eta garapen-samurtasunean oinarritutako prozeduren bidez baliatuko da; eta, edonola ere, eskubide hori berariaz ukatzen denean gardentasunaren oinarrizko legerian aurreikusitako mugak aplikatzearen ondorioz edo datuen babesaren inguruko legeriaren arabera datu pertsonalei zuzenean eragiten dielako, orduan, arrazoibideak oinarri sendoagoak izan beharko ditu.

  4. Eskuratu nahi den informazio publikoan datu pertsonalak agertzen badira, informazio publikoa eskuratzearen inguruko araudia aplikatuko da, salbu eta datu pertsonal guztiak informazioa eskatu duenari buruzkoak badira. Informazioa eskuratzea onartzen bada, informazioa oso-osorik eskuratu ahal izango da.

  5. Bereziki babestutako datu pertsonalak eskuratu nahi direnean, datuak babesteko legerian aurreikusitakoari men egingo zaio.

  6. Informazio-eskaera organoaren antolamendu, funtzionamendu edo jarduera publikoari buruzkoa denean, informazio publikoa eskuratzeko eskubideari emango zaio lehentasuna.

  7. Gainerako kasuetan, eskatutako informazioan bereziki babestu beharreko daturik agertzen ez denean, informazioa inoren esku jarri aurretik, haztatu egingo dira behar bezala arrazoituta informazio publiko hori zabaltzeak duen interes publikoa eta ukitutako pertsonen eskubideak, batez ere datu pertsonalak babesteko duten funtsezko eskubidearen ingurukoak. Haztapenerako, gardentasunaren oinarrizko legerian ezarritako irizpideak hartuko dira kontuan.

  8. Nolanahi ere, aurreko paragrafoetan xedatutakoa ez da aplikatuko, baldin eta toki-erakundeak datu pertsonalak disoziatzen baditu, aurretik, eta ezinezkoa gertatzen bada ukitutako pertsonak zein diren identifikatzea.

  9. Publizitate aktiboaren printzipioari jarraiki informazioa dagoeneko eskatzailearen eskura dagonean, horren berri eman ahal izango zaio eskatzaileari, eta informaziora zein bidetatik irits daitekeen adierazi.

  10. Informaziorako irispidea doakoa da. Nolanahi ere, posible izango da tasak jartzea, toki-ogasunei buruzko foru-arautegiaren bat etorriz, kopiak egiten direnean edo informazioa jatorrizkoa ez den beste formatu batera aldatzen denean. Nolanahi ere, tasa horien zenbatekoa ezingo da izan Administrazioarentzako kostu erreala baino handiagoa.

  11. Eskatutako informazioak, berez eskatu den edukiaz aparte, legerian jasotako salbuespenetakoren batean sartzen den informazioa ere jasotzen badu, bereizi egin beharko da, eta irisgarritzat jotzen den informazioa soilik eman.

  12. Bukatuta dauden espedienteak irispide libreko informazio publikotzat joko dira: edozein herritarrek eskuratu ahal izango ditu, interesdun izan beharrik gabe.

  1. Eskaera jaso eta hilabeteko epean, gehienez ere, jakinarazi beharko da ebazpena. Epe hori luza daiteke beste horrenbeste, eskatutako informazioaren bolumenagatik edo konplexutasunagatik behar izanez gero. Kasu horretan, lehen hamar egunetan eskatzaileari jakinarazi beharko zaio luzatzen dela ebazpen-epea eta azalduko zaio zergatik luzatzen den.

  2. Ematen den informazioa, zati batean, lege hau aplikaziokoa ez duen administrazio publiko batek edo erakunde batek sortu badu, gorabehera hori ebazpenean adieraziko da eta informazio horren jatorrizko egilea edo egileak aipatuko dira.

  3. Eskatzen den informazio hori eskaera zuzentzen zaion subjektuaren eskuetan ez badago, hark subjektu eskudunari bidaliko dio, ezagutzen baldin badu, eta gorabehera horren berri emango dio eskatzaileari.

  4. Oro har, eskaera onesteko ebazpenaren jakinarazpenarekin batera bidaliko da eskatutako informazioa, edo informazio horretarako berehalako sarbidea, salbu eta kasu hauetakoren bat gertatzen baldin bada: informazioaren eskuratzea atzeratzea dakarren legezko kausaren bat egotea; edo informazioaren edo hori eskuratzeko modu edo formatuaren ezaugarriek berehalakotasun hori eragoztea. Informaziorako sarbidea ez bada berehala gertatzen, ebazpenean espresuki adieraziko da noiz eta nola eskuratu ahal izango den; edozein kasutan, gehienez ere hamar eguneko epean egon beharko da eskuragarri.

  5. Ebazpenaren aurka oinarrizko araudian aurreikusten den hautazko erreklamazioa aurkeztu ahal izango da, eta baita ere, hala badagokio, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa.

  1. Oro har, eskatzaileak aukeratutako modu eta formatuan emango da eskatutako informazio publikoa; eta ezer esan ez badu, bitarteko elektronikoz egingo da, ahal den guztietan.

  2. Hala ere, eskatzaileak aukeratutakoak ez diren modu eta formatuan eman ahal izango da informazioa kasu hauetan:

    1. Informazioa dagoeneko argitaratuta dagoenean eta erraz eskura daitekeenean, horrelakoetan nahikoa izango baita ebazpenean adieraztea nola eskura dezakeen.

    2. Informazioa gordetzen den lekuan eskuratzeak jatorrizko euskarria galtzea edo hondatzea ekar dezakeenean.

    3. Kopia aukeratutako formatuan egitea ezinezkoa denean, ez dagoelako ekipamendu teknikorik eskura.

    4. Informazioa aukeratutako modalitatean emateak jabetza intelektualerako eskubidea urratu dezakeenean.

    5. Beste modu edo formatu batean ematea errazagoa denean, edo merkeagoa altxor publikoarentzat.

  1. Toki-erakunde batek edo toki-erakundeen elkarte batek informazio publikoa eskuratzeko eskubidea berariaz edo isilbidez ukatzearen ondorioz egin daitekeen administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu aurreko erreklamazioak, Euskal Autonomia Erkidegoko gardentasunaren eta informazio publikora iristearen kontseilu edo agintaritza independenteak edo kasuan kasuko legerian aurreikusten den organoak aztertu eta ebatziko ditu.

  2. Organo horrek organoa bera sortzeko araudiak toki-erakundeekiko eta beraien elkarteekiko esleitzen dizkion eginkizunak izango ditu, eta, bereziki, publizitate aktiboarekin, informazio publikoa eskuratzeko eskubidearekin eta gobernu onarekin lotutako guztiak.

  1. Urte naturaleko lehen hiruhilekoan, txostena egingo da publizitate aktiboaren eta informazio publikorako sarbidearen inguruko betebeharrak aurreko urte naturalean zein neurritan bete diren jakiteko.

  2. Txosten horrek ondorengo alderdi hauek aztertu eta azalduko ditu, gutxienez:

    1. Udalak eta 47. artikuluan aipatutako bere menpeko gainerako subjektuek zein neurritan bete dituzten publizitate aktiboko euren betebeharrak.

    2. Gardentasunaren atarian kontsulta gehien izan dituzten edukiak.

    3. Informazio publikorako sarbidea izateko eskubidearen erabilera: zenbat eskaera aurkeztu diren; zenbat eskaera ebatzi diren; batez beste zein epetan ebatzi diren; zenbat eskaera onetsi diren oso-osorik, zenbat zati batean, eta zenbat beste pertsona bat aurka egonda; zenbat eskaera ezetsi diren, eta zenbat ez diren onartu; zati batean edo beste pertsona bat aurka egonda onesteko arrazoiak, ezestekoak, eta ez onartzekoak; maizen eskatutako informazioa; eta eskatzailearen profila (adin-tartea, sexua, eta eskaeran erabilitako hizkuntza).

  3. Egindako txostena publizitate aktiboari dagokion informazio guztiarekin batera argitaratuko da.

  1. Kapitulu honen xedea da baldintzak arautzea Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeen gobernu- eta administrazio-eginkizunak betetzeak berekin dakartzan arauak eta plangintza- eta erabakitze-tresnak egiteko prozesuan pertsonek eta elkarteek benetan parte-hartuko dutela bermatzeko.

  2. Kapitulu honen xedea da ere herritarren partizipazio-eskubidea bermatzea. Herritar orok izango du politika publikoetan parte hartzeko eskubidea. Hartarako, erakundeek eskubide hori bermatuko dute eta baliabideak jarriko dituzte hura gauzatze aldera.

  3. Herritarrek bakarka edo taldeka hartu ahal izango dute parte, lege honetan aurreikusten diren eta, kasuaren arabera, udal-ordenantza eta -erregelamenduetan ezartzen diren tresna eta bideei jarraituz.

Herritarrek parte hartzeko moduak, prozedura eta organoak, lege honetan ezarritakoaren arabera, beren araugintza-ahal propioaren eta beren autoantolaketarako ahalen bitartez aukeratuko dituzte udalek, eta lehentasunez beren udal-erregelamendu organikoaren bitartez; hala, bultzatuko dute herritarrek politika publikoetan eta tokiko bizitza publikoko gaietan berdintasun-baldintzetan parte hartzea eta partizipazio hori benetakoa eta eraginkorra izatea. Partizipazio-modu horien egikaritzea loteslea izan ahalko da toki-erakundearen ordezkaritza- eta gobernu-organoentzat, salbu eta kontrakoa ezartzen badu osoko bilkurak, bere kideen legezko kopuruaren gehiengo osoz, edo ordenamendu juridikoak.

  1. Kapitulu honetan herritarren parte-hartzea arautzen da, eta helburu nagusia du arau-esparru bat ezarri, eta, hartara, bideak eskaintzea herritarrak modu aktibo eta errealean sar daitezen politika publikoak identifikatu, bultzatu, gauzatu eta ebaluatzerakoan zuzentasuna, egokitasuna eta eraginkortasuna hobetzeko prozesuetan; arau eta planak egiteko prozesuetan, eta, orobat, administrazio-prozeduretan eta tokiko gobernu-organoen erabakietan.

  2. Kapitulu honetan jasotako aurreikuspenek, lege-esparru gisa, partaidetzako prozesuren baterako deialdia egiten duten kasuetan edo lege honetan aurreikusitako beste kasuetan bakarrik behartzen ditu udalak eta haien erakunde instrumentalak.

  3. Toki-erakundeak behartuta egongo dira arrazoitzera, lege honetan ezarritako eran, zein zirkunstantziak aholkatzen duten, hala badagokio, aurrera ez eramatea bultzatutako partizipazio-prozesua.

  4. Partaidetzako prozesuetan honako pertsona, erakunde edo taldeek hartu ahal izango dute parte, lege honetan ezarritako eran:

    1. Kasuan kasuko udalerrian erroldaturik dauden pertsonek, salbu eta legeak, izaera politikoz, euskal herritar izatea exijitzen badu eta, beraz, hautesle-erroldan inskribatuta egotea.

    2. Udalerrian bizi diren pertsonek, nahiz eta aldi baterako izan, lege honetan adierazten den eran.

    3. 18 urte baino gutxiagoko eta 16 urte baino gehiagoko pertsonek, lege honetan ezarritako eran soil-soilik.

    4. Herritarren partaidetzako erakundeen erregistroan gobernu-maila bakoitzean inskribaturik dauden eta irabazi-asmorik ez duten erakunde, elkarte, gizarte-antolakunde edo taldeak.

    5. Elkarteek, fundazioek, sindikatuek, enpresa-elkarteek, elkargo profesionalek, zuzenbide publikoko korporazioek edo ordenamendu juridikoaren arabera nortasun juridikoa duten bestelako erakundeek.

    6. Herritarren plataforma, foro edo sareek, egoera jakin baterako sortu direlako nortasun juridikorik ez badute eta, betiere, lege honetan jasotako eskakizunak betetzen badituzte. Herritarren plataforma, foro edo sare horiek birtualak ere izan ahalko dira.

  5. Lege honetan ezarritakoa gorabehera, udal-erregelamendu, -ordenantza edo -erabakiek herritarren parte-hartzea gauzatzeko modalitateak artikulatuko dituzte.

  6. Partaidetzako prozesuetan ahalegina egingo da gizon eta emakumeen parte-hartzea parekidea izan dadin eta aztergai diren kontuetan genero-ikuspegia txerta dadin.

  1. Lege honetan ezarritakoaren ondorioetarako, herritarren partaidetzako erakundetzat hartzen dira toki-erakundeen eskumen-esparruarekin lotutako helburuak dauzkaten irabazi asmorik gabeko pertsona juridikoak, formula juridikoa eta izaera edozein dutela ere.

  2. Toki-erakundeek herritarren partaidetzako erakundeen erregistroak sortu ahal izango dituzte. Erregistro horietan inskribatuta ez egoteak ez dio erakundeari eragotziko, inoiz ere, dagokion toki-erakundeak deitutako prozesuetan parte hartzea.

  3. Toki-erakundeek eratutako erregistro horretan, edo esku-hartze eremuaren arabera herritarren partaidetzako erakundeen Eusko Jaurlaritzaren edo, hala badagokio, foru-aldundien erregistroan, inskribatuta dauden erakundeak, dagokien lurralde-eremuko edo eremu materialeko partaidetza herritarreko erakundetzat hartuko dira. Inskripzioak erakundeei behar adinako errekonozimendua emango die dagokien toki-erakundearen aurrean solaskide izateko, lege honetan eta, hala badagokio, bere garaian erabakitzen diren deliberazio partizipatiboko akordioetan ezarritako eran.

  4. Herritarren partaidetzako erakundeek beren jardun sektorialeko eremua edo eremuak eta beren lurralde-proiekzioa definitu beharko dituzte aipatutako erregistroan inskribatzeko unean.

  1. Toki-erakundeen erregistroek beren lurralde-eremuan eta erakundearen eskumenetarako bakarrik balioko dute. Edonola ere, posible izango da eremu autonomikoan edo foralean eratzen diren erregistrora edo erregistroetara igortzea toki-erakundeen erregistroan egiten diren inskripzioen kopia.

  2. Herritarren partaidetzako erakunde bat udalaren, foru-aldundiaren edo Eusko Jaurlaritzaren erregistroan inskribatuta badago, udalerriko deliberazio-prozesuan parte hartzeko interesa agertu ahal izango du, dagokion toki-erakundeari aurrez hala jakinarazita, betiere jardun-arloa bat badator eta deialdia egin duen toki-erakundeak egokitzat jotzen badu dagokion deliberazio partizipatiboko akordioan.

  3. Toki-erakundeen erregistroa, aldundien eta Jaurlaritzaren erregistroak bezala, gai edo sektoreka antolatuko da, eta herritarren partaidetzako erakundeak erregistro bati edo besteari atxikiko zaizkio jardun nahi duten eremuaren edo eremuen arabera, horrek eragotzi gabe, hala ere, erakunde horiek inskribatu ahal izatea izaera orokorreko interesak defendatzeko herritarren partaidetzako erakunde gisa. Herritarren partaidetzako erakundearen sustatzaileen datuak ere jasoko dira, sexu-aldagaia barne. Gaiaren araberako atxikipen horren xedea da erraztea sortzen diren deliberazio-prozesuetako esku-hartzea.

  4. Helburu jakin batekin eta aldi baterako sortzen diren plataforma, foro eta sareek ez dute erregistroan inskribatu beharrik izango. Nolanahi ere, lege honetan araututako prozesuetan parte hartu nahi badute, aurrez jakinarazi beharko diote toki-erakundeari edo dagokion erregistroari zeintzuk diren sustatzaileak haien NANa edo identitatea egiaztatzeko dokumentua aurkeztu beharko dute, non duten jakinarazpenetarako helbidea, eta, zehazki, zer gai edo eremutan jardun nahi duten.

  5. Herritarren partaidetzako erakundeen erregistrorik ez duten toki-erakundeetan, prozesu horiek arautzen dituzten ordenantzetan, erregelamenduetan edo, kasuaren arabera, osoko bilkuraren erabakietan bestelako sistema alternatiboak aurreikusi ahal izango dira, partaidetza-prozesuetarako deialdia egiten denean erakunde horien partaidetza bideratzeko.

  1. Toki-erakundeek beharrezko bideak eratuko herritarren partizipazio-prozesuen garapenari jarraipen efektiboa egin ahal izateko. Hartarako, batzorde espezifiko bat sortu ahal izango du helburu horrekin, edo sor daitezkeen beste batzorde batzuei gomendatu ahal izango die eginkizun hori betetzea. Batzorde horietan parte hartuko dute partizipazio-prozesu bakoitzeko gaian ezagutza duten udal-teknikariek.

  2. Toki-erakundeek programa bat onetsiko dute urtero, non jasoko baita urte horretan zer-aktuazio gauzatu asmo duten herritarrek kontu publikoetan parte hartzea errazteko eta, adieraziko baita hartarako zer baliabide esleitu nahi diren, beharrezko izanez gero, aurrekontu-ekitaldi horretan. Alabaina, beste aktuazio batzuk ere abiarazi ahal izango dira, egoki iritziz gero, nahiz eta aurretiaz jasota ez egon urteko programan.

  3. Toki-erakundeek bultzatuko dute herritarrek udal-organo ezberdinetan parte hartzea, eta erregulatu ahal izango dute parte-hartze horren araubide juridikoa. Herritarren zuzeneko arretarako egongo diren bideak eratu eta publiko egingo dituzte.

  1. Udalek beren partaidetza-sistemaren eta partaidetza-prozesuen ebaluazioa egingo dute.

  2. Hartarako, beharrezko tresnak eta baliabideak aurreikusiko dituzte eta horiek urteroko aurrekontuetan islatuko dira.

  3. Ebaluazio horiek udalek egin beharreko planetan txertatuko dira.

    BIGARREN ATALA

    PARTAIDETZAKO PROZESUAK

  1. Arau orokor gisa, kapitulu honetan ezarritako aurreikuspenen arabera, toki-erakundeek eta haien erakunde instrumentalek beren jardun-arlo edo -eremuetako edozeinetan izapidetzen diren erabaki-prozedurei buruz informazioa jasotzeko eskubidea bermatuko diete partaidetzako prozesu batean parte hartzen duten biztanle eta herritar-erakunde guztiei. Informazio-eskubideaz aparte, entzuna izateko, parte hartzeko eta eskaerak egiteko eskubidea eta herri-ekimenari buruzko eskubidea bermatuko dira.

  2. Herritarren parte-hartzea errazteko, hain juxtu, toki-erakundeek eta haien erakunde instrumentalek, beren jardun-arlo edo -eremu bakoitzaren bitartez, publiko egingo dute izapidetzea dagozkien erabakitze-prozesuei buruzko informazioa. Horretarako, herritarren eta herritar-erakundeen eskura jarriko dira edonolako partaidetzako prozesutan jorratzen ari diren gai guztiei buruz iritzi politiko oinarritu bat osatzeko eta ezagutza fidagarri bat izateko behar diren datuak eta informazioa.

  3. Partaidetzako prozesuren baterako deialdia egitea erabakiz gero, Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeek beren esku dauden neurriak hartuko dituzte desabantaila-egoeran dauden pertsona edo kolektiboek, baldintza txarretan edo bereziki zaurgarrietan daudenek, informazioa eskuratu dezaketela bermatzeko. Zehatz esanda, herritar guztiek informazioa bitarteko telematikoen bidez eskuratu ahal izatea bermatuko dute, behar den euskarri eta laguntza teknikoaren bidez, betiere, dauzkaten giza baliabideen eta baliabide materialen eta teknikoen arabera.

  4. Informazioan datu pertsonalak ere agertzen direnean, men egingo zaio datuak babesteko legeriak horretarako aurreikusten duenari. Edonola ere, datu pertsonalak kentzea ezinezkoa denean, disoziatu egingo dira, informazioa argitaratu aurretik.

  5. Parte-hartzea gauzatzen dela ziurtatzeko, partaidetzako prozesuetan parte hartzen duten pertsona eta taldeek ondoko bermeak izan behar dituzte:

    1. Aukera izatea tramita daitezkeen beren intereseko prozedurak eta horietan prestatutako partaidetza-bideak behar besteko aurrerapenaz ezagutzeko.

    2. Ezagutzea partaidetza-prozesuarekin lortu nahi diren xedeak eta haren irismena, bai eta parte hartzeko modua ere.

    3. Behar besteko aurrerapenaz eskuratzea garrantzitsua den informazioa.

    4. Parte hartzen duen pertsonari buruzko konfidentzialtasuna, hark hala eskatzen duenean eta erabilitako partaidetza-tresnak ahalbidetzen duenean.

  1. Partaidetzazko deliberazio-prozesuen xedea da toki-erakundeak modu aktiboan entzutea eta erabakitze-prozesu baten barruan edo politika publiko bat formulatu eta erabakitzeko esparruaren barruan gauzatutako eztabaida publikoan agertu diren argumentu eta arrazoiak erkatzea.

  2. Lege honetan araututako partaidetzazko deliberazio-prozesuak hainbat unetan egin daitezke: identifikatzeko unean; tokiko politika publikoak diseinatu, egin edo garatzeko prozesuan; edo eragin edo garrantzi berezia duten edo izan dezaketen erabakitze-prozesuen barruan. Orobat, prozesu horietara jo ahal izango da aipatutako politika publiko edo erabaki horiek burutzeko fasean eta halakoen emaitzak ebaluatu edo neurtzerakoan.

  1. Partaidetzazko deliberazio-prozesuak kasuan kasuko arau-proposamen, politika publiko, edo eztabaidatu edo hausnartu nahi den gai zehatzaren araberako forma eta ezaugarriak izango ditu, genero-ikuspegia ere kontuan izanda. Elementu horiek zehaztu baino lehen, galdeketa egin ahal izango zaie herritarren erakundeei, halakorik bada, edo, gutxienez, deliberazio-prozesua sustatu duten pertsona edo erakundeei.

  2. Aurreko paragrafoan adierazitako ondorioetarako, prozesu bakoitzerako partaidetzazko deliberaziorako erabakia onartu beharko du udalerriak. Erabaki horretan, alderdi hauek zehaztuko ditu:

    1. Deliberazio-prozesuaren mota eta izaera.

    2. Deliberazioaren gaia.

    3. Gehieneko parte-hartzaile kopurua.

    4. Parte-hartzaileen kondizioa (norbanako gisa, edo erakunde, plataforma, foro edo sareren baten ordezkari gisa jarduten duten) eta hautaketarako irizpideak.

    5. Prozesuaren gehieneko iraupena.

    6. Ondorioak ateratzeko formatua.

    7. Kasuan kasuko gobernu-mailen izenean prozesua zuzentzeko ardura izango duten pertsonak.

    8. Toki-erakundeari erabakian aipatu beharrekoa dela iruditzen zaion beste edozer.

  3. Prozesu bakoitzean zer erakundek parte hartuko duen erakunde eskudunak erabakiko du, partaidetzazko deliberaziorako erabakian aurreikusitakoaren arabera eta lege honetan eta hura garatzen duten ordenantza, erregelamendu edo erabakietan ezarritakoarekin bat.

  4. Deliberazio-prozesuan politika publikoaren gaian adituak diren pertsonek parte hartu ahal izango dute, eta, azaleratu diren sentsibilitate eta irizpideen arabera, iritzi guztiak aldezteko adituak aukeratuko dira. Era berean, aditu bat baino gehiago badago hautaketa-prozesuan, ahalegina egingo da gizonen eta emakumeen kopurua orekatua izan dadin.

  5. Edonola ere, sektoreko legeriak edo tokiko araudiak esparru material zehatzetan ezarritako organo, tresna, prozedura, edo herritarren partaidetzarako kanalak kontuan izan beharko dira partaidetzazko deliberaziorako erabaki bat egin beharra eskatzen duten herritarren partaidetzako prozesu guzti-guztietan.

  1. Partaidetzako prozesuen ekimena eta garapena, tokiko araugintzarako ahalaren edo osoko bilkuraren erabakiaren bidez eta lege honetan ezarritakoarekin bat arautuko dira.

  2. Prozesu horietan, udal-erabaki guztiek arrazoituak behar dute izan, batez ere toki-erakundeak partaidetzazko deliberazio-prozesuaren ondorioetatik aldentzea erabakitzen duen kasuetan.

    HIRUGARREN ATALA

    TOKI-ERAKUNDEEN ARAU-MAILAKO XEDAPENAK EGITEKO PROZESUETAN PARTE HARTZEA

  1. Herritarrek, erakundeek eta elkarteek, eta plataforma eta sareek, erabakiak, ordenantzak eta toki-erregelamenduak egitea abiarazteko ekimena baliatu ahal izango dute, udal-gobernuak bideragarri diren baloratu dezan.

  2. Tokiko gobernu-batzarrak edo halako organorik ez duten udalerrietan alkateak baloratuko ditu proposamenak; agintaldi-planarekin bateragarria den aztertu, eta, horren arabera, bidezko deritzona erabakiko du. Ekimena abiaraztea edo izapidetzea ukatuko bada, arrazoitu egin beharko da, eta hura sustatu duten pertsona edo erakundeei, banan-banan jakinarazi.

  3. Aurreko zenbakietan aurreikusitako testuak prestatze aldera tramitatzea erabakitzen den sustapen-ekimenak, osoko bilkuran eztabaidatu beharko dira eta ezinbestekoa izango dute legezkotasunari buruzko txostena, gaiaren arabera idazkaritzak edo kontu-hartzailetzak eman beharko duena.

  4. Herritarrek herri-ekimena ere baliatu ahal izango dute, erabaki-, ordenantza- edo erregelamendu-proiektuak aurkezteko. Mota horretako ekimenak baliatzeko, gutxieneko sinadura kopuru bat beharko da: udalerrian 5.000 biztanle baino gehiago bizi badira, biztanleen % 10en sinadura beharko da; 5.000 edo gutxiago bizi badira, orduan, % 20rena; eta bi kasuetan sinadura gutxiagorekin nahikoa izango da, baldin eta herritarren parte-hartzeari buruzko ordenantzetan edo erregelamenduetan hala ezartzen bada.

  1. Euskal toki-erakundeek kontsulta edo deliberazio publikoko prozesuak abiarazi ahal izango dituzte, erakundearen ezaugarriei eta errealitateari ondoen moldatzen zaien eran eta egokien irizten dieten gaiei buruz, gastuaren inguruko erabaki edo alderdi puntual batzuk definitze aldera erakundea hurrengo urteko aurrekontuak prestatzen hasi behar denean.

  2. Diru-sarrera publikoei buruzko erabakiak ez dira deliberazio-prozesuen xede izango.

  3. Aurrekontuen inguruko deliberazio-eremuetan deliberazio-prozesuren bat abiarazteak ez dio eragiten toki-erakundeak aurreikusitako defizit, zor publiko eta gastu-arauaren gaineko helburuak bete behar izateari, ez eta berankortasunaren inguruko legerian hornitzaileei ordaintzeko batez besteko epeari ere.

  4. Tokiko araugintzarako ahalaren bidez edo udal-erabakiaren bidez ezarriko dira partaidetzako prozesu mota horren forma, prozedura eta edukia.

    LAUGARREN ATALA

    HERRITARREN PARTAIDETZARAKO TRESNAK

  1. Toki-araubidearen oinarrizko legeriarekin bat, alkateek, osoko bilkurak gehiengo osoz hala erabaki ondoren eta Estatuko gobernuaren baimenarekin, herritarren edo komunitatearen interesentzat garrantzi handia daukaten gaiei buruzko iritzia galde diezaiokete herriari, baldin eta gaiok udalaren eskumenekoak eta toki-administrazioaren ingurukoak badira. Tokiko araubideari buruzko legerian debekatuta dauden eremuetako gaiez, ordea, ezin izango da galdeketarik egin. Prozedurak, baldintzak eta bermeak erregelamendu bidez ezarriko dira, lege honetan ezarritakoaren arabera.

  2. Udalerriaren araugintzarako ahalaren bidez, eta lege honetan aurreikusitakoarekin eta erregelamenduetan ezartzen denarekin bat, galdeketa horiek nola baliatu garatuko da.

  3. Alkateak egingo ditu mota horretako herri-galdeketetarako deialdiak, osoko bilkurak hala erabaki ondoren. Osoko bilkuraren erabakian honako alderdi hauek jasoko dira gutxienez: galdeketa-gai den xedapen, politika edo erabakia publikoaren testu osoa, galdeketa-gai diren itaunak eta galdeketa noiz egin behar den. Galdeketa-deialdia kasuan kasuko lurralde historikoaren buletin ofizialean argitaratu eta hurrengo 90 egun eta urtebete artean egin beharko da.

  4. Udal-talde politikoen ekimenak gorabehera, lehenengo paragrafoan aipatzen diren herri-galdeketen eskaerak osoko bilkuraren oniritzipean jarri beharko dira, abiapuntua herritarren ekimena izan bada. Udalerriak 5.000 biztanle baino gehiago baditu, erroldatutako auzotarren % 10ek, gutxienez, sinatu beharko dute ekimena, eta 5.000 biztanle edo gutxiago baditu, auzotarren % 20k. Hori eginez gero, udalak tramitea emateko prozedura irekiko du eta prozedura zehaztuko.

  5. Salbuespen gisa eta galdeketa-prozesuaren gaiaren arabera, udalerrian bizi diren atzerritarrek eta bozketa hasten denean gutxienez 16 urte duten adin txikikoek ere hartu ahal izango dute parte. Horrelakoetan, boto-emaileen errolda biztanleen udal-erroldarekin osatuko da, eta toki-erakundeko idazkaritzaren ardura izango da egokitzapen hori egitea.

  6. Kontsulta horiek lotesleak izango dira, betiere ez baldin badago lege-arauren bat kontsulta osorik edo zati batean egitea eragozten duena.

  1. Udalerriek, gaiaren edo xede duten lurralde-eremuaren arabera, herritarren zati bati bakarrik bideratutako galdeketa bereziak egin ahal izango dituzte.

  2. Sektoreko galdeketatzat hartzen da arazo jakin bati buruz egiten dena eta herritarren zati bati bakarrik edo udalerriko biztanleen zati bati bakarrik eragiten diona.

  3. Lurralde-eremu bateko galdeketatzat hartzen da udalerriaren zati batean bakarrik egiten dena, dela auzo batean, dela toki-erakunde txiki batean, dela udal-barruti batean.

  4. Galdeketa horietarako deialdia egitea alkateari dagokio, behin osoko bilkurak gehiengo osoz onartu ondoren.

  5. Galdeketa horietan, gaiaren arabera, udalerrian erroldaturiko atzerritarrek eta 16 urtetik gorako adin txikikoek ere hartu ahal izango dute parte.

  6. Udalerriek ordenantza, erregelamendu edo, halakorik izan ezean, osoko bilkuraren erabaki bidez bozketari, zenbaketari eta prozesuaren kontrolari eragiten dieten prozedurazko alderdiak ezarri ahal izango dituzte, bai eta izaera teknikoko beste kontu batzuk ere.

  7. Edonola ere, prozesu horietan aniztasun politikoaren eta inpartzialtasunaren printzipioak errespetatzen direla eta botoa berdintasun-baldintzetan emateko eskubidea zaintzen dela bermatu beharko da. Alkatearen eskumena izango da printzipio horiek guztiz errespetatzen direla zaintzea eta prozesuak behar bezala burutzen direla bermatzeko neurriak hartzea.

  8. Prozesu horietako bozketa-sistema paperezko botoa edo sistema elektronikoa dagokion toki-erakundeak erabakiko du, zeinak bere biztanleriaren eta eremuaren ezaugarriak kontuan izanik hartuko baitu ebatzia. Toki-erakundeak erraztasunak eman beharko ditu parte hartzeko eskubidea duen pertsonak orok behar adina bermerekin parte har dezan.

  9. Toki-erakundeko idazkaritza izango da prozesu horiek taxutzeko organo eskuduna, eta organo horrek emango du ateratako emaitzen fede.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeek politika edo erabaki publikoei buruzko toki-mailako herri-galdeketa irekiak egin ahal izango dituzte.

  2. Galdeketa horiek bozketa bidez burutuko dira, baina botoa emateko epea 15 egunera artekoa izan ahalko da. Osoko bilkuraren erabaki arrazoituaren bidez erabakiko da egun horiek segidakoak izan behar duten ala ez.

  3. Deialdia egiten duen toki-erakundeak, bere biztanlenriaren eta lurraldearen ezaugarriak kontuan harturik, erabaki ahal izango du paperean, sistema telematikoz edo bi moduetara egitea bozketa, eta erabilgarri dituen baliabide guztiak jarriko ditu ziurtatze aldera parte hartzeko eskubidea duen pertsona orok bere ikuspuntua berme guztiekin adierazi ahal izatea.

  4. Galdeketa horietan, gaiaren arabera, udalerrian erroldaturiko atzerritarrek eta 16 urtetik gorako adin txikikoek ere hartu ahal izango dute parte.

  5. Galdeketaren gaia udalerriaren eskumeneko politika publiko, erabaki edo kontuetara mugatuko da. Ezin izango da galdeketarik egin diru-sarrera publikoekin lotuta dauden alderdiei buruz, salbu eta galdeketak hizpide baditu tokiko tributuei dagozkien udal-eskumeneko alderdiak.

  6. Ordenantzak eta erregelamenduak onartzeko prozesuetan, posible izango da horrelako galdeketak egitea jendaurreko informazioaren aldian.

  7. Udal-ordenantzek edo -erregelamenduek edo, halakorik izan ezean, osoko bilkuraren erabakiek bozketari, zenbaketari eta prozesuaren kontrolari eragiten dioten prozedurazko alderdiak ezarriko dituzte, bai eta izaera teknikoko beste kontu batzuk ere.

  8. Galdeketetako emaitzek ez dute, inolaz ere, izaera loteslerik izango toki-gobernuarentzat. Nolanahi ere, azken erabakia galdeketa irekian ateratako emaitzetatik aldentzen bada, berariaz arrazoitu beharko da zerk eragin duen erabaki hori.

  1. Tokiko Politika Publikoen Euskal Kontseilua sortzen da, udalerrien eta autonomia- eta foru-erakundeen arteko lankidetza-harremanak gauzatzeko helburua izango duen erakunde-egitura gisa, tokiko gobernu-eremuari eragiten dioten politika publikoak diseinatu, prestatu, burutu eta ebaluatzeko prozesuetan udalerrien interesak aitortu eta aintzat hartuko direla bermatzeko.

  2. Tokiko Politika Publikoen Euskal Kontseiluaren eskumena izango da, halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde komunei dagozkien eskumenen gaineko erabakiak hartzea, baldin eta udalerrien eskumen propioen esparru materialari eragiten badiete.

  1. Tokiko Politika Publikoen Euskal Kontseilua da udalerriek Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeetan ordezkaritza izateko eta parte hartzeko erakunde-egitura, eta eginkizun nagusia du beste erakunde horiek toki-autonomia guztiz errespetatzen dutela bermatzea.

  2. Tokiko Politika Publikoen Euskal Kontseilua aurrekontu-ondorioetarako soilik Eusko Jaurlaritzan toki-araubidearen inguruko eskumenak dituen sailari atxikiko zaio.

  3. Eskumenak baliatzeko, autonomia organikoa eta funtzionala dauka, eta erakundeak berak erabakiko ditu lege honetan jasotako aurreikuspenak garatzeko barruko funtzionamendu-arauak.

  1. Tokiko Politika Publikoen Euskal Kontseiluak Eusko Jaurlaritzan toki-araubidearen inguruko eskumenak dituen sailburua edo hark eskuordetzen duena izango du lehendakari.

  2. Kontseiluaren idazkaritzari dagozkion lanak toki-araubidearen arloko eskumenak esleituak dituen sailburuordetzako goi-kargudun batek egingo ditu.

  3. Kontseiluak guztira hemezortzi kide izango ditu: Eusko Jaurlaritzak sei ordezkari izango ditu; foru-aldundiek, bina, eta, udalerriek, berriz, sei. Eusko Jaurlaritzaren ordezkariak lehendakariak izendatuko ditu; foru-aldundienak, kasuan kasuko foru-araudiaren arabera izendatuko dira, eta udalerriei dagozkienak, berriz, ezarpen handiena duen euskal udalerrien elkarteak proposatu eta lehendakariak izendatuko ditu. Udalerrien ordezkariak alkate edo zinegotzi izan beharko dira, nahitaez. Toki-ordezkariak aukeratzerakoan lehentasuna emango zaie lurralde-irizpideari, genero-irizpideari eta tamaina desberdinetako udalerrien presentzia zaintzeari, halatan non udal-ordezkarien herena, gutxienez, 5.000 biztanletik beherako populazioa duten udaletako hautetsiak izan daitezen.

  4. Kontseiluko kideak lau urterako izendatuko dira, eta kide izaten jarraituko dute harik eta izendatu zituen erakundeak kargutik kendu arte, edo kargua uzteko legezko kausaren bat edo kontseiluak berak onartutako funtzionamendu-arauetan aurreikusitako kausaren bat gertatu arte.

  5. Tokiko Politika Publikoen Euskal Kontseiluak dagozkion eginkizunak aurrera eramateko behar beste baliabide eta bitarteko izango du, ondo funtzionatuko duela bermatzeko.

  1. Kontseiluak eginkizun hauek izango ditu:

    1. Autonomia-erkidegoak sustatutako planak eta programak egiten parte hartzea, udalerrien eskumen propioei eragiten dietenean. Plan eta programa horiek udalen eskumenetan izan dezaketen eraginari buruzko txostenak egingo dituzte, eta legezkotasun- eta egokitasun-irizpideetan oinarritutako iritziak emateko aukera ere izango dute. Txostenak ez dira lotesleak izango.

    2. Euskadiko Tokiko Gobernuen Batzordeak Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenen barruan udalerrien eskumen propioei eragiten dien araugintza bultzatzeko onartutako proposamenak bideratzea, betiere udalerrien eskumenak arautzen dituen araudian ezarritako baldintzetan.

    3. Administrazioen arteko elkarlana eta informazio-trukea sustatzea, autonomia-erkidegoko administrazioaren, foru-aldundien eta tokiko administrazioen artean.

    4. Udalerrien eskumenei eragiten dieten politika publiko sektorialez eztabaidatzea eta denen artean lantzea, eta dauden gobernu mailetan zer-nolako eragina duten ikustea.

    5. Lankidetzarako eta, beharrezkoa bada, koordinaziorako sistemak sustatzea, dauden gobernu mailetako politika publikoen kudeaketa integratua izan dadin.

    6. Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernu kontseiluari konstituziokontrakotasun-errekurtsoa aurkez dezan eskatzea, Estatuko lege batek toki-autonomia urratzen duela deritzonean.

    7. Lege honen 88. artikuluan aurreikusitako azterlan eta proposamenei buruzko irizpena ematea eta, egoki iritziz gero, onartzea.

    8. Lege honetan eta beste lege batzuetan berariaz agindutakoak.

  2. Erabakiak hartzeko, gehiengo soila beharko du kontseiluak. Ahalegina egingo da gehiengo horretan egon daitezen gobernu-maila guztietako ordezkari diren kideak, baina lortzen ez bada, bigarren bozketan gehiengo sinplea besterik ez da beharko, erabakia baliozkoa izateko.

  3. Kontseiluak, osoko bilkurako funtzionamenduaz gain aurreko zenbakietan adierazitako eginkizunekin eta erabaki-erregimenarekin jardungo du hartan, batzorde sektorialak sortuko ditu, eta horietako bakoitzean kideen ehuneko hogei, gutxienez, batzordeak langai duen eremu edo sektoreari dagozkion elkarte, erakunde eta plataformetako ordezkariak izango dira, salbu eta batzordearen berezitasunagatik edo eremuagatik posible ez bada antolakundeok ehuneko horretan parte hartzea. Ehuneko horretan, gainera, kontzejuen ordezkaritza ere bermatuko da, hizpide direnean era horretako toki-erakundeei eragin diezaieketen politika publikoak edo eskumenen esleipena.

    Batzorde sektorialen eginkizuna izango da zeinek berari dagokion eremuan udal-eskumenei eragiten politika sektorialei buruz eztabaida egitea eta iritziak partekatzea, bai eta proposamenak aurkeztea Politika Publikoen Euskal Kontseiluko osoko bilkurari haren eskumeneko gaiei buruz.

  1. Euskadiko Tokiko Gobernuen Batzordea sortzen da, alerta goiztiarreko organo gisa. Batzorde horren helburu nagusia izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ekimenez burutzen diren araugintza-prozesuetan toki-autonomia zaintzea, lege honek edo indarrean dagoen legeriaren gainerakoak udalerriei aitortutako eskumen propioei soil-soilik eragiten dieten kasuetan.

  2. Euskadiko Tokiko Gobernuen Batzordeak, organo autonomo eta independentea bada ere, Tokiko Politika Publikoen Kontseiluarekin partekatuko du erregistroa, administrazio-ondorio guztietarako.

  3. Euskadiko Tokiko Gobernuen Batzordearen lehendakari izango da toki-erakundeen ordezkariek aukeratzen.

  4. Batzordeak hamabi kide izango ditu guztira:

    1. Horietako sei Tokiko Politika Publikoen Kontseiluan tokiko mailaren ordezkari direnak izango dira.

    2. Gainerako seiak alkate eta zinegotzien artean hautatuko dira, lurralde-irizpideei lehentasuna emanez eta emakume eta gizonen arteko parekotasuna sustatuz. Horietako herena 5.000 biztanle baino gutxiagoko udaletako alkate edo zinegotzi izan beharko dira.

  1. Euskadiko Tokiko Gobernuen Batzordearen helbururik behinena da toki-autonomia defendatzea, eta, horren barruan, udalerriek autoantolaketarako daukaten gaitasuna aitortzea. Horretarako, eginkizun hauek izango ditu:

    1. Alerta goiztiarreko organo gisa jardutea, haren helburu nagusia baita Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ekimenez burutzen diren eta udalerrien eskumen propioei eragiten dieten araugintza-prozesuetan toki-autonomia zaintzea, salbu eta lege-mailako arauren batek bestelako prozeduraren bat agintzen dien izaera orokorreko xedapenen kasuan.

    2. Xedapen orokorren aurreproiektuak prestatzen parte hartzea, 91. artikuluan ezarritako eran, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eskumen-eremuan udalerrien eskumen propioei eragiten dieten araugintza bultzatzeko proposamenak aurkeztea, betiere udalerrien eskumenen gaineko araudian bertan ezarritako eran, lege honen 86.1.b artikuluan xedatutakoari jarraituz.

    3. Azterlanak eta proposamenak egitea toki-erakundeetako kideen, erakunde horien eta beraien sektore publikoaren zerbitzura diharduten langile behin-behineko eta bestelakoen, eta Estaturako gaikuntza duten funtzionarioen ordainsari eta bertaratze guztien gehienezko mugei buruz. Azterlan eta proposamen horiek Tokiko Politika Publikoen Euskal Kontseiluari aurkeztuko zaizkio, irizpena eman, eta, bidezko iritziz gero, onar ditzan. Proposamen horiek lurralde historikoek udalerrien parte-hartzea bideratzeko gaituko dituzten lurralde-organoetara bidaliko dira, edo, bestela, foru-aldundietara.

    4. Azterlanak eta proposamenak egitea, tokiko zerbitzu publikoen egiazko kostua kalkulatzeko irizpideei buruz. Azterlan eta proposamen horiek Tokiko Politika Publikoen Euskal Kontseiluari aurkeztuko zaizkio, haien berri izan dezan. Proposamen horiek lurralde historikoek udalerrien parte-hartzea bideratzeko gaituko dituzten lurralde-organoetara bidaliko dira, edo, bestela, foru-aldundietara, lege honen 98. artikuluan aurreikusitako gomendioak egin ahal izan ditzaten.

    5. Azterlanak eta proposamenak egitea, aurrekontu-egonkortasunari buruzko araudian eta aplikatu beharreko gainerakoetan ezarritako plan ekonomiko-finantzarioak formulatzeko behar diren arauei buruz. Azterlan eta proposamen horiek Herri Dirubideen Euskal Kontseiluari aurkeztuko dizkio, lege honen IX. tituluan jasotako ondorioetarako.

  2. Eginkizun hauei buruzko erabaki guztiak gehiengo soilaren bidez hartuko dira.

  1. Tokiko maila instituzionalari dagozkion kideak lehendakariak izendatuko ditu, ezarpenik handiena duen euskal udalen elkarteak proposatuta.

  2. Izendapen-proposamenak aintzat hartu beharko ditu lurralde-irizpideak, genero-parekotasuna eta neurri desberdineko udalen presentziaren zaintzea, halatan non tokiko ordezkarien herena, gutxienez, 5.000 biztanle baino gutxiagoko udaletako zinegotziak izan daitezen.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak udal-eskumen propioei soilik eragiten dien lege edo legegintzako dekretu baten aurreproiektuari ekitea erabakitzen duenean, Euskadiko Tokiko Gobernuen Batzordeak nahitaezko txostena egin beharko du, eta ondorio gisa adierazi beharko du ea toki-autonomiari lerma edo urraketarik eragiten dion. Gainera, legearen aurreproiektuak eskumen propioak esleitzen badizkie udalerriei, txostenak argi adierazi beharko du esparru material bakoitzari dagozkion ahalmenak edo ahalak egoki esleitu diren, lege honen 17 artikuluan xedatutakoari jarraituz.

    Txosten hori proposamena egin duen organoak berak eskatuko du, eta eskaera jaso eta hamabost eguneko epean egin beharko da. Eskaera Bidaltzeko eskaeran txostena presazkoa dela behar bezala arrazoitzen bada, txostena egiteko epea zortzi egunekoa izango da.

  2. Proposaturiko arauak toki-autonomian lerma edo urraketa eragiten duela egiaztatzen badu eta Euskadiko Tokiko Gobernuen Batzordeak proposatutako aldaketak araua proposatu duen organoak oso-osorik onartzen baditu, arauaren prozedura izapidetzen jarraitu ahal izango du, kasu bakoitzean ezarritako eran.

  3. Euskadiko Tokiko Gobernuen Batzordeak aurkeztutako proposamen guztiak edo batzuk onartzen ez badira, aldebiko batzorde bat elkartzeko deia egingo da. Batzorde hori arau-proposamena egin duen administrazio sustatzaileak eta Euskadiko Tokiko Gobernuen Batzordeko hiru kidek osatuko dute.

  4. Bi ordezkaritzak ados jartzen ez badira eta lehenengo paragrafoan aurreikusitako txostena egiteko eskatu zenetik hilabete igaro bada, organo sustatzaileak prozedura tramitatzen jarraituko du, eta txosten arrazoitu bat egin beharko du Euskadiko Tokiko Gobernuen Batzordeak planteatutako aldaketa-proposamenak zergatik ezetsi diren azaltzeko. Txostenean berariaz adierazi beharko du ez diola toki-autonomiari eragiten, edo, hala bada, zenbateraino eragiten dion.

  5. Legeen edo legegintzako dekretuen aurreproiektuen kasuan, proiektu gisa onartutakoan, Legebiltzarrera bidaltzen den testuarekin batera aldaketen ezespena justifikatzeko txostena eta Euskadiko Tokiko Gobernuen Batzordeak egindako bilerako edo bileretako aktak bidali beharko dira.

  1. Udalerrien eskumen propioei berariaz eragiten dieten xedapen orokorren aurreproiektu edo proiektuek Euskadiko Tokiko Gobernu Batzordearen aurretiazko txostena beharko dute. Ez da aurretiazko txosten hori beharko, ordea, lege-mailako arauren batek bestelako prozeduraren bat agintzen dien izaera orokorreko xedapenen kasuan.

    Txosten hori egiteko hamabost eguneko epea izango dute, eskaera batzordearen erregistroan jasotzen denetik aurrera zenbatzen hasita. Eskaera bidaltzeko emandako aginduan txostena presazkoa dela esaten bada, behar bezala arrazoituta, txostena egiteko epea zortzi egunekoa izango da.

    Txostenaren xedea izango da proiektuan jasotako araua udalerriaren interesentzat egokia den aztertzea.

  2. Euskadiko Tokiko Gobernuen Batzordeak txostena egin dezan arau-proposamen horiek prozeduraren zein une edo fasetan igorri behar zaizkion, kasu bakoitzean aplikatu beharreko araudia bereziak aginduko du.

  3. Behin arau-xedapenaren aurreproiektua edo proiektua erregistratu ondoren, berehala helaraziko zaio Euskadiko Tokiko Gobernuen Batzordeari, xedapenak euskal toki-erakundeen autonomian izan dezakeen eragina ebalua dezan. Edonola ere, toki-autonomiari eragiten badio, udalerrien eskumen propioetan eragin zuzena duela ulertuko da.

Lurralde historikoetako foru-organoek udalerrien parte-hartzea gauzatzeko lurralde-organoak eratu ahal izango dituzte, lurralde-eremu horren barruan ere udalerrien interesak aitortu eta aintzatetsiko direla bermatzeko, hain zuzen ere, lurralde horretako udalerrien eskumen propioei eragiten dieten edo zenbait politika publikotan erakundeen arteko lankidetza eta elkarlana gauzatzeko eremu bat planteatzen duten foru-arauak, foru-dekretuak, planak eta programak egiteko prozesuetan. Eginkizun horiek lehendik dauden organoei ere esleitu ahal izango zaizkie.

  1. Tokiko zerbitzu publikoen araubide juridikoa eta kudeaketa-erak toki-erakundeak berak ezarriko ditu, araugintzarako eta autoantolaketarako ahalak baliatuz, horrek ezertan eragotzi gabe oinarrizko legerian, lege honetan edo Eusko Legebiltzarraren beste edozeinetan eta lurralde historikoek onartzen dituzten foru-arauetan aurreikusitakoa.

  2. Tokiko zerbitzu publiko guztiak, ahal dela, toki-erakundeek emango dituzte, baina askatasuna izango dute zerbitzu horiek emateko modua erabakitzeko.

  3. Toki-erakundeek berek ezinezkoa badute zerbitzuak ematea (dela bideragarritasun-arrazoiengatik, dela efizientzia- eta eraginkortasun-arrazoiengatik), ahal dela, toki-erakunde horiek partaide dituen beste toki-erakunde batek emango ditu (adibidez, kuadrillak edo mankomunitateak).

  4. Toki-erakundeek zerbitzua ematen hasi aurretik onartu beharko dute zerbitzuaren gaineko araudia; eta, gutxienez, ondorengo kontuak arautu beharko dituzte: zerbitzua eskaintzeko modalitateak, zerbitzuaren egoera, finantzaketa, eta erabiltzaileen eskubide eta betebeharrak.

  1. Tokiko zerbitzu publikoak zuzenean kudeatu ahal izango dira, erakundeak berak eginkizun hori hartuta, edo horretarako sortutako beste erakunde edo elkarte batzuen bidez. Zeharka kudeatzeko aukera ere egongo da, indarrean den legerian eta, batez ere, une bakoitzean aplikatzekoa den kontratuen gaineko legerian aipatzen diren kontratu- edo lankidetza-bideak baliatuta.

  2. Zuzeneko kudeaketa ondorengo modalitateetakoren batekoa izango da:

    1. Toki-erakundeak berak ematea zerbitzua.

    2. Erakunde publiko batek eskaintzea zerbitzua, dela organismo autonomoa dela enpresa-erakunde publikoa.

    3. Tokiko merkataritza-sozietate baten bidez, sozietatearen kapitala titulartasun publikokoa bada.

  3. Enpresa-erakunde publikoen edo titulartasun publikoko kapital soziala duen tokiko merkataritza-sozietateen bidezko zuzeneko kudeaketara jo ahal izango da, soilik, justifikazioko memoria baten bidez egiaztatzen denean kudeaketa-era hori jasangarriagoa eta efizienteagoa dela; eta, horretarako, errentagarritasun ekonomikoari eta inbertsioa berreskuratzeari buruzko irizpideak hartu beharko dira kontuan.

  4. Osoko bilkurak enpresa-erakunde publiko baten bidez edo titulartasun publikoko kapital soziala duen tokiko merkataritza-sozietate baten bidez kudeatzea onartu aurretik, zerbitzuaren kostuari buruz eta jasotako laguntza teknikoari buruz txostenak egin beharko dira, eta horiek argitara eman.

  5. Kudeatzeko era aukeratzerakoan, kontuan izan beharko dira ahal publikoak gauzatzen edo tokiko interes orokorrak zaintzen zuzenean nahiz zeharka parte hartzea dakarten eginkizunak.

  1. Udalerriek, antolaketarako ahalak baliatuta, erakunde publiko instrumentalak eratu ahal izango dituzte, udal-zerbitzu publikoak emateko edo beste edozein eskumen edo jarduera ekonomiko burutzeko, lege honetan ezarritakoari jarraituz.

  2. Udalerri batek plan ekonomiko-finantzario bat onartua badu, ezin izango du erakunde instrumental berririk sortu, ez eta lehendik sortuta dauden beste batzuetan sartu, plana indarrean dagoen artean.

  3. Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak zehaztu ahal izango du, erabaki bidez, zenbatekoak izango diren aurrekontu-ekitaldi bakoitzeko desbideraketen gehieneko atalaseak, aurrekontu-egonkortasunari, finantza-jasangarritasunari edo gastu-erregelari dagokionez; baina horrek ez du berekin ekarriko erakunde instrumentalak sortzeko, halakoak sortzen parte hartzeko edo lehendik sortuta daudenetan parte hartzeko debekurik.

  4. Era berean, nahiz eta administrazio nagusiak aurrekontu-egonkortasuneko eta finantza-jasangarritasuneko helburuak bete ez (aurreko paragrafoan aipatzen den Herri Dirubideen Euskal Kontseiluaren erabakiaren bidez zehaztutako gehieneko atalaseen arabera), aurrekontu-egonkortasunaren eta finantza-jasangarritasunaren printzipioak zaintze aldera, foru-aldundiek baimena eman ahal izango dute udalek modu ezohikoan, ondare-ekarpenak egin edo kapital-gehikuntzak formaliza ditzaten, enpresa publikoetan, udalak partaidetutako enpresa-erakunde publikoetan eta jarduera ekonomikoak finantza-desoreka zuzentzeko plan baten arabera burutzen dituzten erakunde instrumentaletan. Edonola ere, udalek, batetik, beteak behar dituzte izan aurreko aurrekontu-ekitaldiko aurrekontu-egonkortasunaren eta zor publikoaren helburuak, eta, bestetik, hornitzaileei ordaintzeko batez beste erabili duten epea, gehienez ere, berankortasunaren gaineko araudian aurreikusitako gehieneko epea gehi hogeita hamar egun izango da.

  5. Toki-erakundeek, merkatukoak ez diren jarduerak eta zerbitzuak emateko, sozietate interlokalak sortu ahal izango dituzte, edo lehendik sortutakoetan parte hartu, betiere beren eskumenen esparruan eta sortzaile diren erakundeen lurralde-eremuan. Sozietateen kapitala toki-erakundeena izango da, oso-osorik.

  1. Toki-erakundeak, neurria komenigarria eta egokia dela egiaztatzeko espedientearen bidez, ekimen publikoaz baliatu ahal izango dira jarduera ekonomikoak garatzeko, betiere aurrekontu-egonkortasunaren eta finantza-jasangarritasunaren helburua betetzen dela bermatzen bada.

  2. Jarduera ekonomikoak lehia askeko araubidean garatu ahal izateko, korporazioaren osoko bilkurak oinarrizko legerian ezarritako gehiengoarekin onartutako erabakia behar da.

  3. Toki-erakundeek neurria komenigarria eta egokia dela egiaztatzeko espedientearekin monopolio-araubidea baliatu ahal izango dute Estatuko edo Euskal Autonomia Erkidegoko lege bidez haientzat gordetako funtsezko jarduera edo zerbitzuak emateko. Jarduera edo zerbitzu horiek benetan gauzatzeko, beharrezkoa izango da korporazioaren osoko bilkurak horretarako erabakia onartzea, oinarrizko legerian ezarritako gehiengoarekin, eta, ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko organo eskudunak ere onartzea. Eskabidea aurkezten denetik hiru hilabete igaro badira eta organo horrek erabakirik hartu ez badu, toki-erakundeak jarduera edo zerbitzua monopolio-araubidean eman dezakeela ulertuko da.

  4. Monopolioko jarduerak eta zerbitzuak kudeatzeko modua zuzena edo zeharkakoa izan ahalko da.

  5. Toki-erakundeentzat gordetako zerbitzu publikoak jaso eta erabiltzea herritarrentzat nahitaezkotzat jo ahal izango da ordenantza bidez, segurtasunak, osasungarritasunak edo interes orokorreko bestelako inguruabarrek hala eskatzen dutenean.

1. 20.000 biztanle arteko udalerriek nahitaez emango dituzte toki-araubidearen oinarrizko legerian ezarritako zerbitzuak, bai eta autonomia-erkidegoko legeria sektorialaren ondorio direnak ere.

  1. Udalerriek, gutxieneko eta nahitaezko zerbitzuak emateko ardura zuzena beraiei dagokienez, askatasun osoa izango dute zerbitzu horiek nola eman erabakitzeko, lege honen 93. artikuluak ezartzen duen bezala.

  2. Foru-aldundiek gutxieneko eta nahitaezko zerbitzu horiek koordinatu ahal izango dituzte. Horretarako, eta, ukitutako udalerriak ados badaude, bidezko iruditzen zaizkien kudeaketarako formulak proposatuko dituzte, zerbitzuak emateko egiazko kostuak eta kalitate-estandarrak optimizatzen ahalegintzeko. Edonola ere, lege honetan aurreikusitakoaren arabera, lehentasuna izango dute gutxieneko eta nahitaezko zerbitzuak kudeatzeko formula partekatuek.

    Kudeaketa integratuko proposamen bat burutu nahi izatera, kasuan kasuko foru-aldundiak berariaz arrazoitu beharko du zertan diren kudeaketa-formula partekatuen aldean dituen abantailak. Arrazoi horien argitan, udalerriak erabakiko du adostasuna eman ala ez. Proposatutako formulari ezezkoa ematea erabakiz gero, udalerriak berak kudeatuko du zerbitzua, lege honetan eta aurrekontu-egonkortasunaren eta finantza-jasangarritasunaren arau-esparruan ezarritako eran.

  3. Foru-aldundiek gutxieneko eta nahitaezko zerbitzuren bat edo guztiak bere gain hartzen dituztenean, koordinaturiko udalerriek zerbitzuaren egiazko kostua ordaindu beharko dute, erabili dutenaren arabera.

    Horrelakoetan, zerbitzuen egiazko kostua ezin izango da aldatu, ez bada kasuan kasuko foru-aldundiaren eta koordinaturiko udalerrien arteko harreman-dokumentuan jasotzen diren berrikusketa-klausulen bidez. Horrelakoetan, zerbitzuaren egiazko kostua zehazteko oinarri gisa hartu ziren zehaztapen guzti-guztiak errespetatu beharko dira, eta ezin izango dira aldatu ukituriko udalek adostasuna berariaz adierazi ezean.

  1. Tokiko zerbitzu publikoen egiazko kostua kalkulatzeko irizpideak eta, batez ere, gutxieneko eta nahitaezko zerbitzuei eragiten dietenak foru-aldundi bakoitzak ezarriko ditu, 92. artikuluan aurreikusitako lurralde-organoek nork bere lurralde-eremurako prestatzen dituzten gomendioak kontuan izanik eta aplikatu beharreko araudian ezarritakoaren arabera.

  2. Egiazko kostu horiek toki-erakunde bakoitzak kalkulatuko ditu, eta horretarako oinarri gisa hartuko ditu aurreko urteko toki-aurrekontuaren likidazioan, edo, hala badagokio, toki-erakundearekin lotutako edo haren mendeko erakundeek onetsitako urteko kontuetan, jasotako datuak.

    Gutxieneko eta nahitaezko zerbitzuen egiazko kostua toki-erakundeko organo ekonomiko-finantzarioek kalkulatuko dute, foru-aldundiak kasu bakoitzean ezarritako irizpideen arabera. Egiazko kostuaren kontzeptuaren barruan, kontuan izan ahalko dira ematen diren zerbitzu publikoen kalitatea, bai eta udalerriaren edo zerbitzuaren ezaugarriak.

  3. Zerbitzuen egiazko kostuak kontuan hartuko ditu tokiko zerbitzu publikoen zuzeneko eta zeharkako kostu errealak, foru-aldundi eskudunak, araugintzarako eginkizunak baliatuz, zehazten duenari jarraituz.

  4. Egiazko kostu horiek dagokion foru-aldundiari bidaliko dizkio toki-erakunde bakoitzak, eta foru-aldundiak, kasuaren arabera argitaratu egingo ditu, egoki iruditzen zaizkion bitartekoak erabiliz.

  1. Udalerrien eta gainerako toki-erakundeen lurralde arteko elkarlana, autonomia-erkidegoaren mailako, lurralde historiko bateko edo gehiagotako eremuko, edo aipatu berri diren horiek baino eremu txikiagoetako beste sare batzuen bitartez gauzatu ahal izango da, aplikatu beharrekoa den araudiarekin bat.

  2. Lankidetza-sareak toki-erakundeen edo, hala dagokionean, toki-erakundeen zati diren erakunde pribatuen arteko hitzarmen bidez sortu eta formalizatuko dira. Euskal udalerrien elkarteek edo bestelako toki-erakundeen elkarteek tokiko lankidetza-sareak sortzea sustatu ahal izango dute, eta horietan sartzeko aukera izango dute, artikulu honen hurrengo paragrafoan esaten den moduan.

  3. Lurraldeko lankidetzarako sareek nortasun juridikoa duten erakundeak sortzeko aukera izango dute, beren helburuak betetzeko. Erakunde instrumental horiek ezin izango dute, beren aldetik, mendean izango dituzten nortasun juridikoko beste erakunde batzuk sortu.

  4. Autonomia-erkidegoaren mailako edo lurralde historiko bat baino gehiagotako udalerrien edo toki-erakundeen sareak pertsona juridiko publiko nahiz pribatuek osatu ahal izango dituzte, betiere haien helburua bada udal-eskumenak balia daitezen bermatzea eta udal-zerbitzu publikoen kudeaketa partekatua burutzea, eta herritarren interesen alde egiten badute.

  5. Lurraldeko lankidetzarako sareek, hitzarmen bidez formalizatu ondoren, lege honetan aurreikusitako toki-erakundeen erregistroan inskribatuko dira.

    100 artikulua. Lankidetza-hitzarmenak.

  1. Toki-erakundeek lankidetza-hitzarmenak egin ahal izango dituzte bai beraien artean bai gainerako administrazioekin, kudeaketa publiko efizienteagoa lortzeko eta administrazio-bikoiztasunak ekidin edo ezabatzeko.

  2. Lankidetza-hitzarmenen helburua izango da: sektore edo biztanleria jakin bati bideratutako sustapen-politikak koordinatzea; aldeetako baten eskumeneko obra edo zerbitzuak burutzea; lege honetan zehaztutako eskumenak garatzeko propioak, transferituak, eskuordetuak edo bestelakoak behar diren egoitza, lokalak edo eraikinak partekatzea; ondarezko ondasunak erabiltzeko lagatzea eta lagapenak onartzea; prestazio-jarduerak garatzea; hala dagokionean, obra, ondasun eta zerbitzuen administrazio-kontratazioa arrazionalizatu eta zentralizatzeko mekanismoak jartzea; administrazio-zerbitzuak multzokatzea, eta, finean, aurrekoen antzeko beste edozein helburu lortzeko behar diren neurriak hartzea.

  3. Beharrezkoa denean, hitzarmenak aurreikusi ahal izango du, kasuan kasuko zerbitzuak eta bitarteko material eta ekonomikoak eskualdatzeaz gain, zerbitzu horietara atxikitako langileak ere aldatzea; baina horrek ez dakar berekin inor berez ez dagokion administrazio publiko bateko funtzio publikoan sartzea.

101. artikulua. Bitarteko erakundeak sortu, aldatu eta ezabatzea.

  1. Udalerriek elkarte-oinarridun bitarteko erakundeak sortu, aldatu edo ezabatu ahal izango dituzte, udal-zerbitzu publikoak batera edo modu partekatuan eman ahal izateko.

  2. Aurreko paragrafoan aipatutako bitarteko erakundeen arau-esparrua izango da toki-araubidearen oinarrizko legerian, kasuan kasuko foru-arauetan edo, hala dagokionean, lege honetan aurreikusitakoa.

  3. Era berean, lurralde historikoetako foru-organoek aukera izango dute, beren lurraldearen barruan, hainbat udalerri hartuko dituzten udalerria baino eremu handiagoko erakundeak sortu, aldatu eta ezabatzeko, toki-araubidearen oinarrizko legerian, kasuan kasuko foru-araudian edo, hala dagokionean, lege honetan aurreikusitakoaren arabera.

    102. artikulua. Elkarte-oinarridun tokiko erakundeak.

  1. Udal-elkarteak eta toki-erakundeen bestelako elkarte-motak eratu ahal izango dira, kudeaketa partekatua egiteko baliabide egoki gisa, kasu hauetan: lege honen 17. artikuluan aurreikusten diren eremu materialetatik eratorritako obrak egiteko eta zerbitzu publikoak eskaintzeko, udalek edozein kasutan eskaini beharra daukaten zerbitzuak emateko, eta azken zerbitzu horiei dagokienez ukitutako udalak zerbitzuaren kostu efektiboetan edo kalitate-estandarretan hobekuntza dakarren soluzio instituzional bat eman behar duenean, betiere lege honetan ezartzen denarekin eta dagokion foru-arautegian zehazten denarekin bat etorriz.

  2. Lurralde historiko bakar batekoak diren udal-mankomunitateek eta toki-erakundeen bestelako elkarte-motek jarraibide-arau izango dituzte toki-araubidearen oinarrizko legeria eta dagokien lurralde historikoko foru-organoen legeria, ahaztu gabe, hala ere, lege honetan aplikatzekoak zaizkien xedapenak.

    103. artikulua. Lurralde historiko eta autonomia-erkidegoko batekoak baino gehiagotakoak diren udalerrien mankomunitateak.

  1. Lurralde historiko bat baino gehiagotakoak diren udalen mankomunitateek jarraibide-arau izango dituzte artikulu hau eta aplikatzekoak dituzten lege honetako beste xedapenak.

  2. Mankomunitateak eratzeko eta beraien estatutuak egin eta onartzeko prozedura honako hau izango da:

    1. Estatutuen aurreproiektua egitea, beraien legezkotasuna, egokitasuna eta egokiera frogatzen duten azterlan, txosten eta gainerako aurrekariekin. Aurreproiektu hori batzorde tekniko batek prestatuko du, zeina eginkizun horretarako izendatuko baitute udalen osoko bilkurek eta zeina osatuko baitute mankomunitateko udal sustatzaile guztietako zinegotziek. Udal horietako baten esku utziko da prozedura kudeatzeko eskumena, eta hark denen izenean izapidetuko du eta jatorrizko dokumentuak zainduko ditu.

    2. Estatutu-proiektua onestea, udal sustatzaile guztietako alkateek eta zinegotziek osatutako batzar batean. Batzar horren funtzionamendua udal sustatzaileen osoko bilkurek erabakitakoa izango da, eta, halakorik ezean, organo kolegiatuak erregulatzeko oinarrizko arauetan ezarritakoa.

    3. Estatutu-proiektua jendaurrean jartzea hogei egunez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ipinitako iragarkiaren bitartez. Iragarki hori prozeduraren kudeatzaile den udalak bidaliko du eta hartan jaso beharko da udal sustatzaileetako bakoitzak estatutu-proiektu hori onesteko erabakia hartzearen ziurtagiria.

    4. Dagokien foru-aldundien txostena.

    5. Mankomunitatearen eraketa eta estatutuak behin betiko onartzea udal interesdun guztien osoko bilkurek, kideen legezko kopuruaren gehiengo osoaren aldeko botoz.

    6. Udal kudeatzaileak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari bidaltzea udalek hartutako erabakiak eta estatutuen testua, administrazio horrek agindu dezan Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko. Argitalpenak izaera eratzailea edukiko du, eta egintza horrek eragingo du mankomunitatearen jaiotza, haren nortasun juridikoaren errekonozimendua eta hura Autonomia Erkidegoko toki-erakundeen erregistroan inskribitzeko betebeharra.

  3. Behin mankomunitate bat eratu ondoren, haren kide egingo ahal izango dira, beren borondatez, nahi duten udal guztiek, estatutuek zehazten duten prozedura betez. Edozein kasutan, beharrezkoa izango da atxikipena egin nahi duen udalak osoko bilkurako kideen legezko kopuruaren gehiengo osoz onestea mankomunitateko kidetza eta haren estatutuak, eta beharrezkoak izango dira, orobat, informazio publikoko tramitea eta foru-aldundien txostena, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta toki-erakundeen erregistroan aldaketa inskribitzea, aurreko apartatuan ezarritako eran.

  4. Estatutuetan, gutxienez, ondorengo puntuak jaso beharko dira:

    1. Mankomunitatearen izena, egoitza eta osatzen duten udalen zerrenda.

    2. Zein helburu eta eskumen dituen.

    3. Gobernu- eta administrazio-organoak zein diren, nortzuk osatzen dituzten, eta bertako kideak nola izendatu eta kenduko dituzten kargutik.

    4. Gobernu-organoen funtzionamendurako arauak, bai eta administrazioaren kudeaketakoak eta gerentziakoak ere, halakorik balego.

    5. Mankomunitatea osatzen duten udalen ekarpenak, eta erakundeak izango dituen gainerako baliabide ekonomikoak.

    6. Mankomunitateak izango duen iraupena.

    7. Estatutuak aldatzeko prozedura, lege honetan ezarritakoaren arabera.

    8. Udalak mankomunitatean sartzeko eta bertatik irteteko prozedura, eta, mankomunitatearen helburuetako bat edo batzuk betetze aldera, udal horiek elkarteak sortzeko duten aukera.

    9. Mankomunitatea ezabatzeko kausak eta prozedura, eta likidazioari buruzko arauak.

    10. Udalei aplikatu beharreko kalteordainen araubidea, mankomunitatearekin dituzten betebeharrak bete ezean.

    11. Mankomunitatetik irteten diren udalek erabiltzeko lagatako ondasunik badute, ondasun horiek aurrerantzean izango duten araubide juridikoari buruzko aurreikuspenak.

    12. Ahalak, hala dagokionean, jabetza kentzeko ahala barne.

  5. Mankomunitateek toki-araubidearen oinarrizko legeriak udalei esleitzen dizkien ahal berberak izango dituzte, betiere bakoitzak bere estatutuetan hala jaso badu. Halakorik jaso ezean, indarrean dagoen araudiak udalei aitortzen dizkieten eta beren helburuak betetzeko behar dituzten ahal guztiak baliatu ahal izango dituzte, ahal bakoitzari aplikatu beharreko legeriaren arabera.

  6. Mankomunitateek jabetza kentzeko ahala beren gain hartu ez duten kasuetan, okupatu beharreko ondasunak dauden lekuko udalak izango du ahal hori, beti mankomunitateak eskatuta eta haren mesederako; ondasun horiek lurralde historiko bereko udal bat baino gehiagotan badaude, foru-aldundiak izango du ahal hori; eta Autonomia Erkidegoko Administrazioak, lurralde historiko bateko baino gehiagotako udaletan badaude.

  7. Mankomunitateko gobernu-organoak zein diren, zein eginkizun izango duten eta zer funtzionamendu-araubide jarraituko duten zehazteko orduan toki-erakundeen autonomia errespetatu behar bada ere, mankomunitatearen estatutuek bermatuko dute ordezkaritza-organoak, duen osaeragatik, kontrol-lana egin ahal izatea eta ziurtatzea udal guztietako hautetsiak benetan egotea, baina udal batek ere gehiengo osoa izateko aukerarik izan gabe. Udalen ordezkaritza-organoko ordezkariak udal bakoitzak izendatuko ditu, azken udal-hauteskundeetan lortutako emaitzekin modu proportzionalean.

  8. Artikulu honetan araututako mankomunitateak desegiteko espedienteek, toki-araubidearen oinarrizko legerian ezarritakoarekin bat, mankomunitatea eratzeko eta bere estatutuak onartzeko eskatzen diren arau berberak bete beharko dituzte.

  9. Autonomia Erkidegoko udalek, toki-araubidearen oinarrizko legeriarekin bat, beste autonomia-erkidego batzuetakoak diren udalekin mankomunitateetan biltzeko aukera izango dute, lege honetan ezartzen den moduan eta, era berean, gai honi buruz beste autonomia-erkidegoko edo -erkidegoetako legerian erabakitakoarekin bat etorrita.

    Halakoetan, artikulu honen hirugarren apartatuan aurreikusitako aurretiazko txostenaren ordez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren toki-araubidearen arloko organo eskudunak egindako txostena beharko da.

    104. artikulua. Partzuergoak.

  1. Udalerriek eta gainerako toki-erakundeek partzuergoak eratu ahal izango dituzte beste administrazio publiko batzuekin, tokiko zerbitzu publikoak emateko lanean lankidetza ekonomiko, tekniko eta administratiboaren inguruan guztien intereseko helburuak lortzeko. Beste administrazio publiko batzuek eta irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuek ere izango dute horrelako partzuergoetan parte hartzeko aukera, baldin eta partzuergoak osatzen dituzten administrazio publikoen interesekin bat datozen interes publikoak badituzte.

  2. Partzuergoa izango da udalerrien gutxieneko eta nahitaezko zerbitzuak modu partekatuan kudeatzeko hobetsiko den formuletako bat, beharrezkoa jotzen denean udalerriaren aldetik zerbitzuaren egiazko kostuak edo kalitate-estandarrak hobetuko dituen erakunde-mailako konponbide bat eskaintzea, lege honetan aurreikusitakoaren eta dagokion foru-araudian zehaztuko denaren arabera.

    Era berean, partzuergoa izango da udalerrien gutxieneko eta nahitaezko zerbitzuak modu partekatuan kudeatzeko hobetsiko den formuletako bat, foru-aldundia, lege honetan aurreikusitakoaren eta indarreko legerian ezarritakoaren arabera, koordinazio-ahalmenak baliatu beharrean gertatzen denean.

  3. Partzuergoek, beren eskumeneko zerbitzuen kudeaketarako, zuzeneko kudeaketa edo zeharkako kudeaketa baliatu ahal izango dute, zerbitzu publikoak kudeatzeko kontratuan aurreikusitako eren bidez. Murrizketa hori ez zaie aplikatuko, ordea, lehendik sortuta dauden partzuergoei, baldin eta superabit- edo oreka-egoeran badaude edo ustiaketa-emaitza positiboak badituzte.

  4. Edozein partzuergo eratzen dela ere, lehenengo, eraketan parte hartzen duen toki-erakundearen efizientzia ekonomikoa eta finantzen jasangarritasuna zaindu behar dira. Foru-aldundien ardura izango da, finantza-tutoretzako eskumenak baliatuz, partzuergoa mendean duen toki-erakundeari printzipio horiek betearaztea.

    105. artikulua. Lurralde historiko bereko lurralde-erakundeek osatutako partzuergoak.

  1. Partzuergo bat osatu behar duten zuzenbide publikoko erakundeen lurralde-eremuak lurralde historikoaren eremua gainditzen ez duenean, partzuergoaren eraketa egingo da toki-araubidearen oinarrizko legeriaren eta dagokion lurralde historikoko foru-organoaren araudiaren arabera eta lege honi jarraituz aplikatzekoak dituen irizpideen arabera.

  2. Artikulu honetan aurreikusita ez dagoenerako, partzuergoen araubide juridikoa izango da oinarrizko legerian izaera orokorrarekin ezarritakoa eta foru-araudian jasotakoa, eta, edonola ere, administrazio publiko bati atxikita egon beharko dute.

    106. artikulua. Lurralde historiko batez gaindiko partzuergoak.

  1. Partzuergoa osatzen duten zuzenbide publikoko erakundeen lurralde-eremuak lurralde historiko bat baino gehiago ukitzen baditu baina Autonomia Erkidegoaren barruan bada, artikulu honetan eta, hala badagokio, Autonomia Erkidegoak onesten duen arautegian xedatzen dena bete beharko du.

  2. Partzuergo bat eratu edo partzuergo batera bildu nahi duten toki-erakundeetako osoko bilkurek horren aldeko erabakia hartu beharko dute, legezko kideak direnen gehiengo osoak aldeko botoa emanda. Partzuergoan sartu nahi duten gainerako erakundeen kasuan, aurreko paragrafoan aipatzen den erabakia hartzeko, beren estatutuetan edo barne-funtzionamenduko arauetan esaten denarekin bat etorrita jardun beharko dute.

  3. Partzuergoaren estatutuak partzuergoa eratu nahi duten erakunde guztien ordezkariek osatutako batzorde batek landuko ditu, eta, edonola ere, partzuergora bildu den erakunde bakoitzak bozkatu ostean onartuko dira. Toki-erakundeen kasuan, estatutu horiek onartzeko, aurreko paragrafoan aipatzen den gehiengoa behar izango da.

  4. Partzuergoaren estatutuek funtzionamenduko arauak ezarriko dituzte, eta, egin beharreko egokitzapenak eginda, mankomunitateentzat lege honen 103.5 artikuluan aurreikusten diren ezaugarri berak zehaztuko dituzte.

  5. Estatutuetan zehaztu beharko da oinarrizko legerian ezarritakoaren arabera zein administrazio publikori atxikiko zaion partzuergoa.

  6. Artikulu honetan aurreikusitako partzuergoak eratzeko, foru-aldundi eskudunak aztertuko du partzuergoa administrazio nagusiari atxikitzeak zer-nolako eragina daukan udalerriaren edo toki-erakundearen finantza-jasangarritasunean, oinarrizko legerian ezarritako irizpideen arabera.

  7. Autonomia Erkidegoko toki-erakundeak elkartu ahal izango dira partzuergoetan Erkidego honetakoak edo beste lurralde batzuetakoak diren toki-erakundeekin edo administrazio publikoekin.

    107. artikulua. Lurraldeen arteko lankidetza.

  1. Autonomia Erkidegoko instituzio komunek eta lurralde historikoetako foru-organoek, zeinek bere eskumenen eremuan, eta mugaz gaindiko lankidetzako programa bai propio bai komun baten esparruan, sustatuko dute hizkuntza, kultura, ekonomia eta gizarte izaerako lokarriak ezartzea eta indartzea Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako eta Lapurdi, Nafarroa eta Zuberoako toki-erakundeen artean, betiere lankidetza horrek toki-eskumeneko politikak eta zerbitzuen kudeaketa hobetzea badakar.

    Era berean, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako toki-erakundeek lankidetza-hitzarmenak adostu ahal izango dituzte Lapurdi, Nafarroa eta Zuberoako toki-erakundeekin, hizkuntza, kultura, ekonomia, gizarte eta lankidetzazko lokarri komunak ezartze eta indartze aldera.

  2. Aurreko apartatuan aurreikusitako ildo berean, udalek eta gainerako toki-erakundeek lankidetza adostu ahal izango dute Estatu espainiarreko eta beste estatu batzuetako antzeko beste lurralde-erakunde batzuekin, bai nazioarteko elkarte edo federazioak sortzeko, garatzeko edo haietara biltzeko kasuei dagokienean, bai ekonomia eta gizarte izaerako lokarriak eratu edo indartze aldera.

  3. Manu honek hizpide dituen lokarri horiek zuzenbidean baliozko den edozein tresna juridikoren bitartez gauzatu ahal izango dira.

    108. artikulua. Lurralde historiko baten lurralde-eremua gainditzen duten metropolialdeak.

    Eusko Legebiltzarraren lege bidez, lurralde historiko baten lurralde-eremua gainditzen duten metropolialdeak edo udalerria baino eremu handiagoko beste erakunde batzuk sortu ahal izango dira. Metropolialde horiek sortuko dituen legeak zehaztuko ditu erakundeok zer-nolako eskumenak izango dituzten, zein organok osatuko dituzten eta araubide juridikoari buruzko gainerako osagaiak ere zehaztuko ditu.

109. artikulua. Toki-ogasunak.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriek eta gainerako toki-erakundeek ekonomiaren arloan izango dituzten eskubide eta betebeharren multzoak osatuko du euskal tokiko ogasuna.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeen ogasuna, lurralde historikoetako foru-organoek ogasunaren arloan onartutako xedapenen arabera arautuko da, eta, hala badagokio, lege honetan aurreikusitako aurreikuspenen arabera, bai eta tokiko araugintza-ahalez baliatuta onartutako arauen arabera ere.

    110. artikulua. Euskal Autonomia Erkidegoko tokiko ogasunen jardunari buruzko printzipioak.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko tokiko ogasunen jarduna printzipio hauen araberakoa izango da:

    1. Finantza-autonomia izango dute, hau da, ekonomia, finantzak eta aurrekontuak antolatzeko eta kudeatzeko ahala, baina lurralde historikoetako foru-organoek gai horietan dituzten eskumenei kalterik egin gabe.

    2. Aurrekontu-egonkortasuna eta finantza-jasangarritasuna. Horrek, defizit publiko, zor publiko eta gastu-arauei dagokionez ezarritako errekerimenduak betetzea ekarriko du, gai horien inguruko legeria orokorrarekin eta, bereziki, lurralde historikoetako foru-organoek hartarako onartutako arau bereziekin bat etorrita.

    3. Finantza-nahikotasuna, hau da, toki-ogasunek behar beste baliabide izan beharko dute, lege honek, Eusko Legebiltzarraren beste lege batzuek edo lurralde historikoetako foru-arauek ematen dizkieten eskumenak gauzatzeko.

  2. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko tokiko ogasunek ondorengo printzipioak bete beharko dituzte, beren baliabideak kudeatzerakoan: legezkotasuna, gardentasuna, objektibotasuna, ekonomia, eraginkortasuna, efizientzia, kontrola, kutxaren batasuna eta arrazionaltasuna.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoko tokiko ogasunek beren aginpideak aurrera eramaterakoan, Euskadiko Ogasun Nagusiarekin eta lurralde historikoetako foru-ogasunekin koordinaturik, elkartasunez eta erantzukizunak banatuz jardungo dute.

    111. artikulua. Baldintzarik gabeko finantzaketa. Salbuespenak.

  1. Orokorrean, udalerrien eta gainerako toki-erakundeen finantzaketa baldintzarik gabekoa izango da.

  2. Toki Autonomiaren Europako Gutunean xedatutakoari jarraituz, baldintzatutako finantzaketarako mekanismoak salbuespenez baino ezingo dira ezarri, eta arauzko xedapen autonomiko edo arauzko foru-xedapen bidez, edo Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeen edo foru-erakundeen diru-laguntza politika jakin baten bitartez. Honako irizpide hauek jarraitu beharko dira:

    1. Toki-erakundeen parte-hartzearen printzipioa: araudi horren ondorioz Autonomia Erkidegoko edo lurralde historikoetako erakundeek toki-erakundeei zuzenduta egingo dituzten planek, lehentasunak ezartzeko orduan, toki-erakundeek ere parte hartu ahal izatea bermatuko dute, eta toki-erakundeen interesak, hala badagokio, Autonomia Erkidegoaren edo lurralde historikoen interesekin bateratzen saiatuko dira.

    2. Aurrekontu-egonkortasunaren eta finantza-jasangarritasunaren printzipioa: urte anitzeko kudeaketa ekonomikoa erraztu beharko da, eta toki-erakundeak inbertsioak nola egin planifikatu ahal izango du, eta erabakitzeko edo hautatzeko orduan, udaleko jarduera-planak eta lehentasunak izango ditu kontuan, aplikagarria den aurrekontu-egonkortasunari eta finantza-jasangarritasunari buruzko araudiarekin bat etorrita.

    3. Zerbitzu publikoen efizientzia, efikazia eta kalitatearen printzipioak: finantzaketa baldintzatuko sistemen ondorioz eskainiko diren zerbitzuetan bermatuta egongo da hartzaileentzat kalitatezkoak direla, zerbitzua jasangarria izango dela eta eskaintzen jarraituko dela.

      112. artikulua. Udalerrien eskumen eta zerbitzu berrien araubidea.

      1. Lege honetan ezarritako esparru materialetan udalerriei eskumen propioak esleitzen dizkien legeak edo foru-arauak, 18. artikuluan jasotako aurreikuspenak betetzeaz gainera, beti eta aldi berean, eskumen horiek beteko direla edo zerbitzuak emango direla bermatzeko behar diren finantza-baliabideak zehaztu beharko ditu.

      2. Era berean, euskal udalerrien eta gainerako toki-erakundeen autonomia-printzipioa, egonkortasun-printzipioa, finantza-jasangarritasunaren printzipioa eta nahikotasun-printzipioa bermatzeko, legearen edo foru-arauaren proiektuarekin batera joango den txosten ekonomikoan, egoera berri horrek toki-erakundeen ogasunetan izango duen eraginari buruzko analisi bat ere jaso beharko da.

      3. Legearen edo foru-arauaren proiektuarekin batera, Eusko Jaurlaritzan edo dagokion foru-aldundian ogasun arloan eskumena duen sailaren txostena joango da, aurreko paragrafoetan adierazitako printzipioak betetzeari buruzkoa.

        113. artikulua. Eskubideak eskuratu, zertarakoa zehaztu eta preskribatzeko araubidea.

      1. Toki-ogasunek eskubideak eskubideotako bakoitza arautzen duten arau berezietan xedatutakoaz bat eskuratuko dituzte.

      2. Diru-sarrera bakoitzaren araudian bestela ezartzen ez bada, emaitza erakundearen betebeharren multzoa finantzatzeko erabiliko da. Xede jakinetarako liberalitateetatik datozen diru-sarrerak direnean, ez da eraginari buruzko berariazko xedapenik beharko, baldin eta unean-unean indarrean dagoen araudiari jarraiki onartu badira liberalitateak.

      3. Toki-ogasunen eskubideek preskribatuko dute eskubide horiei zuzenean edo osagarri moduan zehazki ezartzekoak zaizkien xedapenetan esaten den gisan.

        114. artikulua. Betebeharrak eskuratzea eta ondorioak izatea.

      1. Euskadiko udalerriek eta gainerako toki-erakundeek beren gain hartuko dituzte aplikagarri zaizkien lege eta foru-arauek zuzenean agintzen dizkieten betebeharrak, bai eta egitate, egintza eta negozio juridikoetatik eratortzen diren betebeharrak ere, ordenamendu juridikoan ezarritakoarekin bat.

      2. Toki-erakundeen eta haien organismo autonomoen kargura egitekoak diren ordainketa-betebeharrak, aurrekontuak gauzatzearen, indarrean dagoen araudiaren edo epai judizial irmo baten ondorio direnean bakarrik gauzatuko dira.

        115. artikulua. Zorpetze-araubidea, aurrekontu-araubidea eta kontabilitate-araubidea.

      1. Lurralde historikoetako foru-organoek emandako arauetan aurreikusitako moduan, toki-erakundeek eta haien mendeko organismo autonomo, zuzenbide pribatuko erakunde publiko, sozietate publiko, fundazio eta partzuergoek era guztietako kreditu-eragiketak hitzartzeko aukera izango dute, bai eta eragiketa horiek aseguratzeko edo haien arriskua edo kostua murriztu edo dibertsifikatzeko finantza arloko beste eragiketa osagarri batzuk egiteko aukera ere.

      2. Toki-ogasunak foru-ogasunekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiarekin erabat artikulatzearren, Euskal Autonomia Erkidegoko udalek eta gainerako toki-erakundeek itundu nahi dituzten urtebetetik gorako eperako kreditu-eragiketak, beti ere, lurralde historikoen kreditu-eragiketekin eta Autonomia Erkidegoko zorpetze-politikarekin koordinatu eta harmonizatuko dira, Herri Dirubideen Euskal Kontseiluaren barruan. Hartarako, foru-aldundiek txosten bat bidaliko diote urtero Herri Dirubideen Euskal Kontseiluari, udalek eta gainerako toki-erakundeek, dagokien lurralde historikoan, hitzarturiko kreditu-eragiketen laburpenarekin.

      3. Toki-erakundeetako sektore publikoen zorpetze-, aurrekontu- eta kontabilitate-araubidea lurralde historikoetako foru-organoek onesten dituzten arauek ezarriko dute. Lurralde historikoetako foru-organoek onesten dituzten arauek ezartzen duten eran, toki-erakundeek eta beraien organismo autonomo, erakunde, sozietate eta fundazioek Euskal Autonomia Erkidegoko instituzio komunek erabiltzen dituzten irizpideekiko irizpide homogeneoak aplikatuko dituzte aurrekontu-prozeduraren eta kontabilitate publikoaren arloan, horrela, ondorio informatiboetarako, euskal sektore publiko osoaren kontsolidazioa lortze aldera.

        116. artikulua. Toki-erakundeen plan ekonomiko-finantzarioak.

      1. Foru-aldundiek beteko dituzte finantza-babeseko ahalmenak, bai eta, ahalmen horiei dagokienez, udalerriek edo aurrekontu egonkortasunerako eta finantza-jasangarritasunerako helburuak bete ez badira aldundiak berak onartutako plan ekonomiko-finantzarioei buruzko laguntza teknikorako, jarraipenerako eta ebaluaziorako eskumenak ere. Hori guztia, aplikagarria den estatuko arauetan edo foru-arauetan aurreikusitakoaren arabera, eta lege honetan xedatutakoarekin bat etorrita.

      2. Edozein modutan, plan ekonomiko-finantzarioek adieraziko dute zergatik gertatu den desbideratze hori eta zein neurriren bidez itzuli ahal izango den ezarritako helburuak betetzera, eta jasoko dituzte defizitaren, zor publikoaren edo gastu-arauaren helburuetan, kasuaren arabera, izandako desbideratzearekin proportzionatuak diren neurriak, hartarako erreferentziatzat hartuz Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak, aurrekontu-egonkortasunaren eta finantza-jasangarritasunaren gaietan dituen eskumenak baliatuz, erabaki bidez ezartzen dituen atalase edo irizpideak.

      3. Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak zehaztu ahal izango du, akordio bidez, zein diren aurrekontu-egonkortasunerako eta finantza-jasangarritasunerako helburuekiko desbideratze-atalaseak, zeinak, zenbateko txikia edo ehuneko pisu murritza egiten dutelako zorraren edo gastu publikoaren bolumenarekiko, inola ere ez baitute ekarriko neurri osagarriak hartzea udalaren zerbitzu-karteran eragingo dutenak, edo zerbitzu publikoen kudeaketa beste erakunde batekin partekatzera behartuko dutenak, edo toki-erakundeen edo erakunde instrumentalen antolamendu-egiturak arrazionalizatzea eskatuko dutenak.

117. artikulua. Itunpeko tributuen etekinak.

  1. Toki-ogasunek parte hartu ahal izango dute Kontzertu Ekonomikoa dela-eta lurralde historikoek eskuratzen dituzten tributuen etekinetan, behin etekin horietatik kendu ondoren bai Estatuari ordaindu beharreko kupoa, bai Autonomia Erkidegoari egin beharreko ekarpena, nola eta, baliabideen banaketarako eta foru-aldundiek Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontuak finantzatzeko egin beharreko ekarpenen zehaztapenerako metodologia definitzen duen legean, une bakoitzean indarrean dagoen bertsioan, aipatzen den eran.

  2. Udalei ordenamendu juridikoak aurreikusten dizkieten eskumenen eta zerbitzuen arabera egokia den baliabide-maila bermatu behar zaie. Baliabide-maila hori, inola ere, ez da izango araubide komuneko legeria aplikatzeagatik legokiekeena baino apalagoa.

  3. Baliabide horiek bermatze aldera, udalek Herri Dirubideen Euskal Kontseiluan parte hartuko dute beren ordezkarien bitartez, noiz eta, kontseiluak hizpide dituenean bi gai hauek: udalei propio gisa esleitutako eskumenetatik eratortzen diren betebehar, zerbitzu, jarduera edo prestazioen finantzaketa; eta Euskal Autonomia Erkidego osoaren sustapen eta garapen ekonomiko eta sozialerako berebiziko garrantzia daukaten, baliabideen esleipen oso garrantzitsua behar duten eta instituzio guztiei eragiten dieten plan eta proiektu jakin batzuen exekuzioaren finantzaketa.

  4. Itunpeko tributuetatik eratorritako etekinetatik baliabide-maila egokia eta orekatua iritsiko zaiela bermatze aldera, udalek parte hartuko dute, Herri Dirubideen Euskal Kontseiluan dituzten ordezkarien bitartez, baliabideen banaketarako eta foru-aldundiek Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontuak finantzatzeko egin beharreko ekarpenen zehaztapenerako metodologia definitzen duten legeak erreformatzeko lanetan.

  5. Edozein kasutan, aurreko apartatuan aipatutako legeak erreformatzeko lanetan, parte hartuko dute hala banaketa horizontaleko eredua nola lurralde historiko bakoitzaren ekarpenaren koefiziente horizontalak ezartzeko irizpideen zehaztapenean, bai eta aipatutako baliabideen banaketa horizontalean gerta daitezkeen desorekak zuzentzeko beharrezko mekanismoen ezarpenean ere.

    118. artikulua. Lurralde historiko bakoitzean parte-hartzea zehaztea.

  1. Lurralde historiko bakoitzean, toki-erakundeek zenbateko parte-hartzea izango duten zehaztea lurralde historikoko foru-organoen eskumena da, eta, ondorioz, organo horiek askatasun osoz baliatuko dute eskumen hori, foru-arauetan aurreikusitakoarekin eta, hala dagokionean, artikulu honetako hurrengo paragrafoetan zehaztutakoarekin bat etorrita.

  2. Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak, aurrekontu-egonkortasunaren arloan dituen eskumenak baliatuz eta udalerrien finantza-egonkortasuna bermatzeko, politika fiskaleko gomendio gisa baino ez, banaketa egiteko irizpide batzuk zehaztu ahal izango ditu. Irizpide horiek aintzat hartuko ditu finantza-nahikotasunaren eta arrisku partekatuaren printzipioak, eta ahalegin fiskala sustatzen eta gastu arruntari buruz berdintasunezko eta elkartasunezko politika orokorra lortzen saiatzea izango dute helburu.

  3. Irizpide horiek ezartzeko, Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak kontuan izango ditu, gutxienez, biztanleria eta ahalegin fiskala.

  4. Lurralde historikoek irizpide horietatik aldentzeko aukera izango dute, eskumena duen foru-organoak hartutako erabakiaren bidez.

  5. Dena dela, aurreko paragrafoetan xedatutakoa gorabehera, Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak, erabaki bidez, udalerriek itunpeko tributuetan izango duten gutxieneko parte-hartzea zenbatekoa den finkatuko du.

    119. artikulua. Baliabideen aplikazioa.

    Aurreko artikuluetan xedatutakoarekin bat etorrita udalerriei eta gainerako toki-erakundeei dagokien finantzaketa toki-erakunde horien ogasunaren baliabide arrunta izango da, haien eskumenekoak diren zerbitzuei aurre egin eta eskaini ahal izateko, betiere lege honetan aurreikusitakoarekin eta aplikatu beharrekoa den araudiarekin bat etorrita.

    120. artikulua. Likidazioa.

    Ekitaldi bakoitzerako lurralde historiko bakoitzean udalerrien eta gainerako toki-erakundeen esku jarritako zenbatekoak behin betiko kitatuko dira ekitaldia amaitzean, itunpeko tributuengatik nahiz kontuan hartu beharreko gainerako diru-sarrerengatik bildutakotik lortutako diru-sarreren datu errealen arabera. Likidazio hori positiboa edo negatiboa izan daiteke dagokion ekitaldian udalerrien esku jarritako zenbatekoekiko.

    121. artikulua. Itunpekoak ez diren tributuetan parte-hartzea.

    Udalerrien eta gainerako toki-erakundeen parte-hartzea itunpekoak ez diren tributuengatiko diru-sarreretan, Kontzertu Ekonomikoan eta aplikatzekoa diren foru-arauetan xedatutakoaren arabera egingo da.

Lehenengoa. Tokiko araugintza-ahala.

  1. Toki-erakundeek emandako arauak era honetakoak izango dira:

    1. Erregelamenduak: Udalbatzak onartutako xedapen orokorrak, toki-erakundearen antolaketa eta funtzionamendua, eta zerbitzu publikoen prestazioa arautzen dutenak. Era berean, biztanle-kopuru handiko udalerrietan, erregelamendu organikoak oinarrizko legerian aurreikusitako materien ingurukoak izango dira. Halaber, biztanle-kopuru handiko udalerrietan, tokiko gobernu-batzarrak, kasuan kasu, bere eskumenekoak diren materiei buruzko xedapen orokorrak eman ahal izango ditu.

    2. Ordenantzak: Xedapen orokorrak dira, luzaroan irauteko onartzen direnak, gizarte antolamendurako eskubideak eta betebeharrak finkatzeko, hirigintzako arauak eta zerga-antolaketakoak barne.

    3. Alkatetzaren dekretuak eta jarraibideak: Alkateak bere eskumenen esparruan emandako xedapen orokorrak, antolaketa izaerakoak zein gizarte-antolamendukoak. Azken kasu horretan, udalbatzak onartutako erregelamenduak eta ordenantzak betearazteko.

    4. Alkatetzaren bandoak: Alkateak salbuespen edo larrialdi-egoeretan emandako xedapen orokorrak. Betebeharrak gogoratzeko edo iragarkietarako ere erabil daitezke. Kasu horietan, ez dute balio arauemailerik.

  2. Ordenantzetan eta erregelamenduetan gaitasuna eman ahalko zaio alkateari edo, hala badagokio, gobernu-batzarrari, arau-xedapen horietan aldaketak sartzeko, baldin eta nahitaez aplikatu beharreko lege-aldaketen ondoriozkoak badira, eta eskakizunak aldatu beharra edo zenbatekoak edo ehunekoak automatikoki egokitu beharra badakarte. Aldaketetan beren-beregi adieraziko da hori. Aldaketa horien berri, berehala emango zaio udalbatzari, berrets ditzan.

    Bigarrena. Zehapen-prozedurak.

    Kausan kasuko sektore-legeak, zehapen-prozedura arautzerakoan, ordenantzak ere arau-hauste eta zehapenak tipifikatzen laguntzea aurreikusten duenean, aukera egongo da legeak isunak nahitaezkoak direla ezarri ezean ordenantzan, isunen ordez, tokiko komunitatearen aldeko lan baliokideak eta arau-haustearen larritasunarekiko proportzionalak izango direnak ezartzeko hala nola prestakuntza saioetara joatea edo gizarte-jardueretan parte hartzea, betiere organo zehatzaileak hala erabakitzen badu.

    Hirugarrena. Federazioak eta elkarteak.

  1. Toki-erakundeek federazioak edo elkarteak eratu ahal izango dituzte, beren interes komunak babesteko eta sustatzeko.

  2. Federazioek eta elkarteek:

    1. Beren eginkizunen esparruan, hitzarmenak egin ahal izango dituzte edozein herri-administraziorekin, eta autonomia-erkidegoko eta foru-aldundietako administrazioen erakunde laguntzaile gisa jardun, toki-erakundeek eta haien mendeko erakundeek jasotzen dituzten diru-laguntzen kudeaketan.

    2. Udalekin hitzarmenak formalizatu ahal izango dituzte udal-zerbitzuak emateko helburuarekin, baina betiere administrazio-ahalak baliatzea ez badakar.

    3. Udal-sareak eratu ahal izango dituzte, eta haietara bildu.

    4. Autonomia-erkidegoko edo foru-aldundiko kontratazio-sistema zentralizatuari atxiki ahal izango zaizkio toki-erakundeen baldintza beretan.

    5. Kontratazio-zentralak sortu ahal izango dituzte, eta haietara atxiki ahal izango dira beraien kide diren erakundeak, horiek kontratatzen dituzten zerbitzu, hornidura eta obretarako.

    6. Legitimaturik daude udaletako eta gainerako toki-erakundeetako langile publikoekin negoziazio kolektiboaz aritzeko. Udalak atxiki ahal izango dira, hurrenez hurren, udalen elkarteek egiten duten negoziazio kolektibora eta elkarte horien bitartez lortzen diren akordioetara.

  3. Udalen edo beste toki-erakunde batzuen elkarteek Euskal Autonomia Erkidegoan duten ezarpena zehazteko, kontuan hartuko da udalen kopurua eta udal horiek Euskal Autonomia Erkidego osoko biztanleetatik zenbat ordezkatzen dituzten.

  4. Onura publikokotzat deklaratzen dira udalek, beste toki-erakunde batzuek edo hautetsiek osatuta dauden eta beren jarduna nagusiki Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan gauzatzen duten elkarte guztiak.

  5. Lege hau indarrean sartu eta hiru hileko epean edo, edozein kasutan, udal-hauteskunde prozesu bakoitza egin ondoren, erabaki beharko da, lege honen hirugarren xedapen gehigarrian aurreikusitako aplikazio-erregelen arabera, zein den Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-eremuan ezarpen handiena duen udal-elkartea. Eusko Jaurlaritzan toki-araubidearen arloan eskumena esleituta duen sailburuaren aginduz hartu beharko da erabaki hori.

    Laugarrena. Enplegu publikoaren eskaintza bateratuak.

  1. Kasuan kasuko udalerriak edo toki-erakundeak hala erabakitzen badu, enplegu publikoaren eskaintzak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren edo dagokion lurralde historikoaren enplegu publikoaren eskaintzan sartu ahal izango ditu.

  2. Toki-erakundeek enplegu publikoaren eskaintzak Euskal Autonomia Erkidegoko beste administrazio publiko batzuekin koordinaturik burutzen badituzte, euskal enplegu publikoari buruzko arauetan horretarako ezarritako prozedura eta eskakizunak bete beharko dituzte.

    Bosgarrena. Toki Administrazioko funtzionarioak.

    Toki Administrazioko funtzionario publikoen arloan, eta Autonomia Estatutuak 10.4 artikuluan Euskal Autonomia Erkidegoari esleitzen dion eskumena egikaritze aldera, Eusko Jaurlaritzari egokituko zaio arlo horretan, indarreko arautegiaren kariaz, Euskal Autonomia Erkidegoari dagozkion ahalmenen ondoriozko eginkizunak banatzea, dekretu bidez, Autonomia Erkidegoko instituzio komunen, lurralde historikoetako instituzio foralen eta toki-erakundeen artean. Banaketa hori egiterakoan, kasu egingo zaio aipatutako gaietan ahalmenen eta eginkizunen banaketan izandako eboluzio historikoari eta aipatutako instituzioek ahalmen eta eginkizun horien egikaritzean egiaztatutako esperientziari.

    Seigarrena. Udalen parte-hartzea tributuak banatzeko irizpideak ezartzerakoan.

    Lurralde historikoetako foru-organoek itunpeko tributuak eta itunpekoak ez diren tributuak banatzeko irizpideak ezartzerakoan, udalek ere parte hartuko dute. Parte-hartze hori bideratzeko, eta betiere udalen autoantolaketa-gaitasuna errespetatuz, existitzen diren finantzen lurralde-kontseiluetarako toki-ordezkarien izendapen-proposamena egingo die ezarpen handiena duen udalen euskal elkarteak dagokien foru-organoei, era horretara toki-autonomiaren printzipioa erabat bermatze aldera.

    Ordezkaritza horrek bermatuko du 5.000 biztanle baino gutxiago dituzten duten udalen herenak, gutxienez, presentzia izatea kontseiluetan.

    Zazpigarrena. Zuzendaritza-kide publiko profesionalak.

    Lege honen 36.5 artikuluan xedatutakoa hala bada ere, Eusko Jaurlaritzak, lege hau onetsi eta hurrengo hiru urteko epean, aldatu egin ahal izango du gorago aipatutako manuan populazioari dagokionez aurreikusitako muga, aldez aurretik iritzia trukatuz beren antolamenduan langile-mota hori sortzea aurreikusi duten udalekin eta ezarpenik handiena duen udal-elkartearekin.

Lehenengoa. Udalerrien eskumen propioen esparru materialetan eskumenak baliatzea.

  1. Eusko Legebiltzarraren legeen bidez edo Batzar Nagusien foru-arauen bidez beste ezer agintzen ez den bitartean, udalerriek eutsi egingo diete lege hau indarrean sartzen denera arte indarrean dagoen legeriak esleitzen dizkieten eta dagokien finantziazioa daukaten eskumenak.

  2. Lege hau indarrean sartzen denean Euskal Autonomia Erkidegoko sektore-legeriak edo foru-arauek zehaztu gabe badaukate oraindik lege honen 17.1 artikuluan aurreikusitako esparru materialetako eskumen propioen irismena, toki-erakundeek han jasotako ahalmenak eta ahalak baliatu ahal izango dituzte, finantzaketa propioarekin edo dagokion administrazioarekin lankidetza-hitzarmenak sinatuta, eta, horrelakoetan, beste administrazioak bermatuko dizkie behar dituzten baliabideak.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeek finantzaketa egokia dutela bermatze aldera, azterketa orokor bat egingo da Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde-maila ezberdinen eskumen propioei eta finantzaketari buruz, lege hau indarrean sartu eta urtebeteko epean, Herri Dirubideen Euskal Kontseiluaren bitartez, banaketa egoki bat ziurtatu dadin Euskal Administrazioan gastu publikoari dagokionez. Azterketa horren emaitzak kontuan izango dira noiz eta, baliabideen banaketarako eta foru-aldundiek Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontuak finantzatzeko egin beharreko ekarpenen zehaztapenerako metodologia definitzen duen legea berrikusten denean.

    Bigarrena. Arautegian sartzea eskumen-eremuari eta toki-finantziazioari buruzko azterlanetik eratorritako aurreikuspenak.

    Indarrean mantenduko dira baliabideen banaketarako eta foru-aldundiek Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontuak finantzatzeko egin beharreko ekarpenen zehaztapenerako metodologia definitzen duen egungo legearen xedapenak, harik eta Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak egin arte lege honen lehenengo xedapen iragankorrean jasotzen duen eskumen propioei buruzko eta Euskal Autonomia Erkidegoko maila instituzional ezberdinen finantzaketari buruzko azterketa orokorra.

    Behin azterketa hori bukatutakoan, abian jarriko dira baliabideen banaketarako eta foru-aldundiek Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontuak finantzatzeko egin beharreko ekarpenen zehaztapenerako metodologiari buruzko lege berri bat idazteko mekanismoak, amorez eta arau-testu berrian sartu daitezen aipatutako azterketaren emaitzetan oinarrituta beharrezkoak diren xedapenak, bai eta banaketa horizontaleko eredua eta lurralde historiko bakoitzaren ekarpenaren koefiziente horizontalak ezartzeko orduan, eta orobat aipatutako baliabideen banaketa horizontalean gerta daitezkeen desorekak zuzentzeko beharrezko mekanismoetan, udalek eduki beharreko partizipazioari buruz lege honetan jasotzen diren aldaketa guztiak.

    Hirugarrena. Jarduera, zerbitzu edo prestazioekin jarraitzea.

    Udalerriek aukera izango dute eskumen propioetan sartu ez arren, eta eskumen eskuordetu edo transferitu ez izan arren lege hau indarrean sartzen denean garatzen ari ziren jarduera, zerbitzu edo prestazioekin aurrera segitzeko, eta kasu horretan ez zaie lege honen 16. artikuluko zazpigarren eta zortzigarren paragrafoetan xedatutakoa aplikatuko.

    Laugarrena. Zerbitzu-kartak.

    Lege honen xedapen-zatian aurreikusitakoa gorabehera, hogei mila biztanletik gorako udalerriek lege hau indarrean sartu ondoren lau urteko epea izango dute udalaren ekintza publikoan bereizten diren arlo ezberdinei buruzko zerbitzu-kartak edo antzeko dokumentuak onartzeko. Gutun edo antzeko dokumentu horiek, besteak beste, helburu neurgarriak eta emandako zerbitzu publikoen kalitatea herritarrek neurtu ahal izateko ebaluazio- edo gogobetetze-sistema bat bilduko dituzte. Bi urterik behin egin beharko da, gutxienez, ebaluazio hori. Bai helburuek bai ebaluazio- edo gogobetetze-sistemak genero-ikuspegia jasota eduki beharko dute.

    Bosgarrena. VI. tituluan bildutako gardentasun-betebeharren aplikagarritasun geroratua.

    2.000 biztanletik beherako udalerriei eta haien erakunde instrumentalei legeria orokorrean bildutako gardentasunari buruzko betebeharrak baino ez zaizkie exijituko, legerian ezarritako epe eta baldintzetan. Lege honetan bildutako gardentasunari buruzko betebeharrak aplikatzetik salbuetsita egongo dira, halaber, Arabako kontzejuak.

    2.000 eta 5.000 biztanle arteko udalerriek eta haien erakunde instrumentalek gehienez ere bost urteko epea izango dute, lege hau indarrean sartzen denetik, VI. tituluan jasotako gardentasunari buruzko betebeharrak erabat betetzeko.

    5.000 eta 10.000 biztanle arteko udalerriek eta haien erakunde instrumentalek gehienez ere lau urteko epea izango dute, lege hau indarrean sartzen denetik, VI. tituluan jasotako gardentasunari buruzko betebeharrak erabat betetzeko.

    10.000 eta 20.000 biztanle arteko udalerriek eta haien erakunde instrumentalek gehienez ere hiru urteko epea izango dute, lege hau indarrean sartzen denetik, VI. tituluan jasotako gardentasunari buruzko betebeharrak erabat betetzeko.

    20.000 biztanletik gorako udalerriek eta haien erakunde instrumentalek gehienez ere bi urteko epea izango dute, lege hau indarrean sartzen denetik, VI. tituluan jasotako gardentasunari buruzko betebeharrak erabat betetzeko.

  1. Mankomunitateek, partzuergoek edo udalez gaindiko beste edozein erakundek, haien kide den biztanle-kopuru handieneko udalerriak bete beharreko eskakizunetara egokitu beharko dute.

  2. Lege honetan eta xedapen iragankor honetan jasotako gardentasun-betebeharrak gorabehera, berdin-berdin bete beharko dira gardentasunaren oinarrizko legerian administrazio publiko guztientzat eta haien sektore publikoko erakunde ororentzat gutxieneko betebehar gisa jotakoak, zeinak araudi horretan aurreikusitako eran aplikatuko baitira.

    Seigarrena. Gardentasunaren ataria.

    Lege honen 61.2 artikuluan aurreikusitako betebeharra lege hau indarrean sartu eta gehienez ere bi urteko epean gauzatu beharko da.

    Zazpigarrena. Tokiko musika-eskolen eta udal-euskaltegien araubide espezifikoa.

    Lege hau indarrean sartzerakoan dauden musikaren irakaskuntzako udal-zentroak eta udal-euskaltegiak finantzatze aldera Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko instituzio eskudunek zuzentzen dituzten laguntza publikoak hitzarmen bidez gauzatuko dira, zeinak sinatuko baitituzte udalen ordezkaritzak eta Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren aldetik gaietako bakoitzean eskuduna den ordezkaritzak.

    Udal-euskaltegien kasuan, batzorde misto bat eratuko eta deituko da, lege hau indarrean sartu eta hiru hileko epean, zeina osatuko baitute udal-ordezkariek, ezarpen handieneko udal-elkarteak izendatuta, eta Autonomia Erkidegoko Administrazioaren ordezkariek. Batzordearen helburua izango da aztertzea nola gauzatu euskaltegi horien finantzaketa eta horrekin lotutako beste alderdi batzuk aipatutako hitzarmenen bitartez.

    Musikaren irakaskuntzako udal-zentroen kasuan, Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak definituko du eskaini beharreko zerbitzuen estandarra eta horren arabera dagokion herena finantzatuko du. Hartarako, egungo finantzaketa gero eta gehiago igotzen joango da lege hau onetsi ondorengo hiru urteetan, harik eta gorago aipatutako kopuru horretara iritsi arte.

    Zortzigarrena. Gizarte-larrialdiko laguntzen araubide iragankorra.

    Diru-sarrerak bermatzeko eta gizarteratzeko euskal sistemaren berrikuspenaren testuinguruan, 2016ko lehen hiruhilean amaitu beharko da diru-sarrerak bermatzeko errentarekin zerikusia duten alderdi guztien diagnostiko espezifikoa, zeina ari baita egiten Enplegu eta Gizarte Politiken Sailari atxikitako batzorde tekniko bat eta zeinetan parte hartzen baitute Administrazio publikoan gaian eskudunak diren maila ezberdinetako ordezkariak, barruan sartuta ordezkaritza handiena duen udal-elkartea. Batzorde tekniko horrek proposamen-txosten bat aurkeztu beharko du, beharrezkoa adostasun interinstituzionala eduki beharko duena. Diagnostiko horren konklusioak beste batzorde batzen eskuetan jarriko dira, zeinak lehenengoarenak baino eginkizun zabalagoak edukiko baititu, baina lehenengoarentzako aipatutako ordezkaritza bera, eta zeinen helburua izango baita diru-sarrerak bermatzeko eta gizarteratzeko euskal sistema bere osotasunean aztertzea. Lan hori 2016ko urtean zehar bukatu beharko du.

    Azterketa global hori amaitzen denetik urtebeteko epean, arau-proposamen bat aurkeztu beharko da, bi azterketetatik eratorritako neurriak jasoko dituena eta, ondorioz, diru-sarrerak bermatzeko eta gizarteratzeko euskal sistema aldatuko duena, amorez eta ziurtatu dadin sistema horren prestazioetara irispidea izatea aurreikusten dituzten gastu espezifikoei erantzuteko likideziarik ez duten pertsonak, edo bazterketa sozialeko egoeran dauden pertsonak, edo estaldurarik gabeko pobrezia-egoera berrietan dauden pertsonak.

    Hala ere, aurreko paragrafoan aipatutako aldaketa egiten ari den bitartean, udal batzuek erabakitzen badute baliabide gehiagorekin osatzea Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrak gizarte-larrialdietako laguntzetarako egindako esleipenak, udal horiekin konpentsazio-mekanismo hau jarraituko da:

    20.000 biztanletik beherako udalen kasuan, hasierako esleipenaren gainetikako zenbatekoaren herenaz erantzun beharko dute udalek beren baliabide propioekin, eta Eusko Jaurlaritzak erantzungo du gainetikako zenbatekoaren enparaduaz, harik ere hasierako esleipenaren % 30era arte gehienez.

    20.000 biztanletik gorako udalen kasuan, behin hasierako esleipena gainditu ondoren, hasierako esleipenaren gainetitako zenbatekoaren erdiaz erantzungo du udalak bere baliabide propioekin, eta Eusko Jaurlaritzak erantzungo du gainetikako zenbatekoaren enparaduaz, harik eta hasierako esleipenaren % 30era arte gehienez.

    Bi kasuetan, udalak erabakitzen badu aipatutako % 30 horretatik gora osatzea Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrak esleitutako baliabideak, beren baliabide propioekin finantzatu beharko du.

    Eusko Jaurlaritzak erregelamendu bidez garatu ahal izango du udalei nola bideratu beharko zaizkien bitarteko aldi horretarako aipatutako formula aplikatzetik ateratzen diren eta Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan urte bakoitzerako izendatuta ez dauden zenbateko osogarriak.

    Bederatzigarrena. Sektore-legeen erregelamendu bidezko garapena.

    Lege honen aurretik onartutako sektore-legeen edo foru-arauen erregelamendu bidezko garapenak berekin badakar udalerriei propiotzat esleitutako eskumenetatik datozen zerbitzuak, jarduerak edo prestazioak zehaztea, finantzaketa egokia izan beharko du, nahitaez.

    Hamargarrena. Euskadiko Toki Administrazioaren Erregistroaren indarraldia.

    Harik eta lege honen 11. artikuluan aurreikusitako Toki Administrazioaren Erregistroa erregelamendu bidez arautu eta funtzionamenduan jarri arte, indarrean jarraituko du abenduaren 15eko 383/1987 Dekretuaren bidez arautzen den Euskadiko Tokiko Administrazioaren Erroldak.

    Hamaikagarrena. Toki Erakundeen Erregistroari buruzko hitzarmenak.

    Lege hau indarrean sartu eta sei hilabeteko epean, Eusko Jaurlaritzak hitzarmenak sinatuko ditu hiru foru-aldundiekin, lege honen 11. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako.

    Hamabigarrena. Zuzendaritza-kide publiko profesionalei aplikagarria zaien araubide juridiko iragankorra.

  1. Enplegu publikoari buruzko euskal legeriaren esparruan zuzendaritza-kide publiko profesionalei buruzko arautegi espezifikoa onesten ez den bitartean, toki-erakundeek definitu ahal izango dituzte, modu iragankorrez, dagokion organoaren erabakiaren edo erabakien bitartez, kasuan kasuko toki-erakundean zuzendaritza publiko profesionalak edukiko duen egituraren eremu eta mailei buruzko irizpideak, bai eta bertako zuzendaritza-kideen hautaketa gauzatzeko prozedurak, betiere kaltetu gabe oinarrizko legeria estatalean gai horretan dauden aurreikuspenak, bai eta enplegu publikoari buruzko euskal legerian postuen hautaketa eta horniketarako erregulatutako sistemak.

  2. Enplegu publikoari buruzko euskal legeriaren esparruan zuzendaritza-kide publiko profesionalei buruzko arautegi espezifikoa onesten ez den bitartean, dagozkion deialdiaren eta hautaketa eta horniketarako prozeduraren ondoren, euskal toki-erakundeetako sektore publikoko zuzendaritza-postuetan aritzera pasa behar diren administrazio publikoetako karrerako funtzionarioen zerbitzu-harremana, zehazki, honako irizpide hauen arabera formalizatuko da:

    1. Bete beharreko zuzendaritza-postua erakunde publiko enpresarialei, kapitalaren gehiengoa publikoa duten merkataritza-sozietateei, partzuergoei eta fundazioei badagokie eta karrerako funtzionarioa hautatu behar bada, goi-zuzendaritzako lan-kontratu bat formalizatuz beteko da postu hori.

    2. Bete beharreko zuzendaritza-postua aurreko letran sartutakoen artekoa ez den toki-erakunde batekoa bada, dagokion izendapenaren bitartez beteko da postu hori.

  3. Edozein kasutan, zuzendaritza-postu bat betetzeko hautatua izan den pertsona euskal administrazio publikoetako karrerako funtzionarioa ez baldin bada, goi-zuzendaritzako lan-kontratu baten bitartez gauzatuko da zuzendaritza-postu horrekiko lotura.

  4. Tokiko zuzendaritza-kide publiko profesionalen lanpostu bat betetzera pasatzen diren karrerako funtzionarioak eta lan-kontratudun finkoak zer-nolako egoera administratibo edo laboralean kokatu behar diren zehazte aldera, eta enplegu publikoari buruzko euskal legeriaren esparruan zuzendaritza-kide publiko profesionalei buruzko arautegi espezifikoa onesten ez den bitartean, erregela hauek izan beharko dira kontuan:

    1. Karrerako funtzionario bat, karrerako funtzionarioa den administrazioan edo beste administrazio batean, zuzendaritza-kide publikoko lanpostu bat betetzera pasatzen bada, zerbitzu berezietako administrazio-egoeran deklaratuko da.

    2. Lan-kontratudun finko bat zuzendaritza-kide publikoko lanpostu bat betetzera pasatzen bada, bere postu eta erakundearekiko dagokion egoeran deklaratuko da, laneko legeriarekin bat etorriz eta Langileen Estatutuan langileen lan-kontratua eteteari buruz dauden xedapenetan aurreikusitakoaren ondorioetarako kargu publiko izaera duela kontuan hartuz.

  5. Zuzendaritza-postuetako titularrek eta zuzendaritza publiko profesional gisa kalifikatu daitezkeen postuetako titularrek beren postuetan jarraituko dute lege hau indarrean sartzean jada hasita dagoen legezko agintaldiaren azkenera arte, edo, postua hutsik gelditzen bada lehenago, hutsik gelditzea gertatzen den arte.

    Hamahirugarrena. Ahalmenak eta eginkizunak egikaritzea funtzionario publikoei dagokienez.

    Oinarrizko arautegi estatalak xedatzen bai baitu arautegi autonomikoak esleitu behar dizkiela ahalmen jakin batzuk toki-erakundeei, lurralde historikoetako foru-instituzioei edo Autonomia Erkidegoko instituzio komunei, lege hau indarrean sartzerakoan ahalmen horiek egikaritzen ari diren administrazio publikoek jarraitu egingo dute horiek egikaritzen, harik eta onesten den arte lege honen bosgarren xedapen gehigarrian aurreikusitako Eusko Jaurlaritzaren dekretua.

  1. Lege honi kontra egiten dioten lege eta xedapen guztiak indargabetuta geratzen dira.

  2. Zehazki honako hauek geratzen dira indarrik gabe:

    1. 326/1994 Dekretua, uztailaren 28koa, Euskadiko Udal Kontseilua sortzen duena.

    2. 364/1987 Dekretua, abenduaren 1ekoa, toki-erakundeek ikur bereizgarriak hartzeko edo aldatzeko prozedura onartzeko dena.

    3. 271/1983 Dekretua, abenduaren 12koa, Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrien izenak aldatzeko prozedura finkatzen duena.

Lehenengoa. Autonomia Erkidego osorako erakundeen eta bertako lurralde historikoetako foruzko jardute-erakundeen arteko harremanei buruzko azaroaren 25eko 27/1983 Legeari egindako aldaketak.

  1. Beste intziso bat gehitzen da Autonomia Erkidego osorako erakundeen eta bertako lurralde historikoetako foruzko jardute-erakundeen arteko harremanei buruzko azaroaren 25eko 27/1983 Legean, 28. artikuluaren 1. apartatuaren amaieran, idazkera honekin:

    Herri Dirubideen Euskal Kontseilua eratutzat joko da ere Euskal Autonomia Erkidegoko udal erakunde-maila osoaren eta bere sektore publikoaren finantza-jarduera Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiarekin eta lurralde historikoetako foru-ogasunekin modu koordinatuan gauzatzearen ondorioetarako.

  2. Beste intziso bat gehitzen da Autonomia Erkidego osorako erakundeen eta bertako lurralde historikoetako foruzko jardute-erakundeen arteko harremanei buruzko azaroaren 25eko 27/1983 Legean, 28. artikuluaren 4. apartatuaren amaieran, idazkera honekin:

    Udal-ordezkarietako edozeinek eskatuta ere bilduko da kontseilua, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legeak 115., 116., 117. eta 118. artikuluetan aurreikusitako materiei dagozkien gaiak aztertzeko.

  3. Beste apartatu bat eransten da Autonomia Erkidego osorako erakundeen eta bertako lurralde historikoetako foruzko jardute-erakundeen arteko harremanei buruzko azaroaren 25eko 27/1983 Legean, 28. artikuluan, idazkera honekin:

    1. Artikulu honetako 2. eta 5. apartatuetan xedatutakoa gorabehera, Herri Dirubideen Euskal Kontseiluan udalen hiru ordezkari sartuko dira, beherago zehazten diren baldintzetan. Ordezkari bat egongo da lurralde historiko bakoitzetik, eta lehendakariak izendatuko ditu, ezarpen handiena duen udalen euskal elkarteak proposatuta. Toki-ordezkaritzaren izendapenean kasu egingo zaie, lehentasunez, lurralde-irizpideei, genero-irizpideari eta neurri ezberdineko udalen presentzia zaintzeari, halako moldez non udal-ordezkarien herena, gutxienez, 5.000 biztanletik beherako udalen kargu hautetsiak izan daitezen.

      Udal-ordezkariak eskubide osoko kide izango dira kontseiluan. Hitz egiteko eta botoa emateko eskubidea edukiko dute, baldin eta aztertzen diren kontuek Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legearen 115, 116, 117.3, 117.5 eta 118. artikuluetan aurreikusitako gaiei eragiten badiete, eta hitz egiteko eskubidea baino ez gainerako gaietan.

      Udal-ordezkariak eskubide osoko kide gisa aritzen direnean gorago aipatutako legearen 115, 116 eta 117.3 artikuluetan jasotako gaietan erabakiak hartzeko, ezinbestekoa izango da erabaki horiek gehiengo osoz onestea, betiere gehiengo horretan ordezkari bat, gutxienez, egon beharko delarik maila instituzional bakoitzetik: autonomikotik, foraletik eta udalenetik.

      Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legearen 117.5 artikuluan aurreikusitako erabakiak foru-aldundien eta udalen ordezkariek soilik hartuko dituzte. Erabaki horiek gehiengo osoz onetsiko dira. Erabaki-hartze horretan berdinketa gertatzen denean, orduan bakarrik hartuko du parte botoarekin Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ordezkaritzak, eta bere botoak berdinketa desegiteko balioko du.

      Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legearen 117.5 artikuluan aurreikusitako kasu guztietan, salbu eta aurreko paragrafoan aipatutako kasuan, Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ordezkaritzak hitz egiteko eskubidea izango du bileretan, baina ez botoa emateko.

      Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legearen 118. artikuluan aurreikusitako erabakiak foru-aldundien eta udalen ordezkariek soilik hartuko dituzte, eta ordezkaritza autonomikoak hitz egiteko eskubidea baino ez du izango. Erabaki horiek gehiengo osoz onetsiko dira, betiere gehiengo horretan bi ordezkari, gutxienez, egon beharko direlarik, hurrenez hurren, maila foraletik eta udal-mailatik.

    Bigarrena. Sistema berria funtzionamenduan jartzea.

    Lege honetan xedatutakoa betetzeko, legea indarrean sartzen denetik bi hilabeteko epean, Euskadin ezarpen handiena duen udalerrien elkarteak Herri Dirubideen Euskal Kontseilurako zein ordezkari izendatu proposatuko dio Lehendakariari.

    Hirugarrena. Zergapideen elkar-egokitasun, erakidetasun eta lankidetasunari buruzko maiatzaren 30eko 3/1989 Legearen aldaketa.

    Zergapideen elkar-egokitasun, erakidetasun eta lankidetasunari buruzko maiatzaren 30eko 3/1989 Legearen 16. artikuluari, beste paragrafo bat eransten zaio.

    1. Artikulu honen 1. paragrafoan xedatutako gorabehera, Zerga Koordinaziorako Organoan Euskadin ezarpen handiena duen udalerrien elkarteak proposatu eta Lehendakariak izendaturiko hiru ordezkari sartuko dira, hitzarekin eta botoarekin, lege honen 7. eta 11. artikuluetan aurreikusitakoaren arabera tokiko zergak aztertu behar direnerako. Horrelakoetan, erabakia hartzeko, gehiengo osoa beharko da, eta gehiengo oso horretan instituzio-eremu bakoitzak erkidegoak, foru-aldundiek eta udalek gutxienez ordezkari bat izan beharko du.

    Laugarrena. Legearen garapena.

    Ahalmena ematen zaio Eusko Jaurlaritzari lege hau garatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

    Bosgarrena. Indarrean sartzea.

    Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.

    Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

    Vitoria-Gasteiz, 2016ko apirilaren 7a.

    Lehendakaria,

    IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Gaiarekin lotutako edukiak


Arauaren historia (12)

Arauaren historia

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.