Etxebizitza eta Hiri Agenda Saila

Arautegia

Inprimatu

15/2012 LEGEA, ekainaren 28koa, Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzekoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Legea
  • Organo arau-emailea: Jaurlaritzaren Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 132
  • Hurrenkera-zk.: 3068
  • Xedapen-zk.: 15
  • Xedapen-data: 2012/06/28
  • Argitaratze-data: 2012/07/06

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Segurtasuna eta justizia
  • Azpigaia: Herrizaingoa; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Eusko Legebiltzarrak 15/2012 Legea, ekainaren 28koa, Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzekoa onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.

Lege honen xedea Euskadiko segurtasun publikoaren sistema antolatzea da. Sistema horretan, herri-administrazio guztiek hartuko dute parte, eta printzipio hauek izan behar ditu oinarrian: osagarritasuna, lankidetza, koordinazioa, elkarlana, elkarrekiko informazioa eta erakundeen arteko leialtasuna.

Segurtasun publikoaz aritzerakoan, beharrezkoa da ikuspegi sistematiko eta integral bat hartzea, zeinak artikulatzen baitu administrazio publikoek abian jartzen duten xedapen, prozedura, bitarteko eta baliabide sorta bat, helburu duena baldintzak sortzea eta oztopoak ezabatzea pertsonek bete-betean disfruta ditzaten beren eskubideak eta askatasunak eta posible izan dezaten bizikidetza baketsuan, ongizatean eta gizarte kohesionatuan bizitzea, hartarako ahal den neurrian murriztuz arriskuak eta perilak, nahita edo nahi gabe gertatu ohi direnak, pertsonen eskubideei eta askatasunei dagokienez, bai eta pertsonen euren, beraien ondasunen eta ondare kolektiboaren segurtasunari dagokionez ere.

Halako segurtasunaren eskean daude, gero eta gehiago, gaur egungo gizarte moderno eta aurreratuak, eta eskari horri erantzuteko helburua dauka, hain zuzen, lege honek, segurtasuna hori lortzeko beharrezko baldintza objektiboak taxutzeko tresna eta erremintak emanez.

Horra hor nola ulertzen den segurtasun publikoa, eta horregatik hain zuzen ere, politika publikoek herritarra dute ardatz, zerbitzu publikoak erabili behar dituen subjektu aktibo modura ulerturik. Ardatza ez da, beraz, garai batean bezala, soil-soilik Estatuaren segurtasuna eta ordena publiko materiala zaindu beharra.

Ikuspuntu berri horretatik abiaturik, aginte publikoek herritarrak eta antolakundeak eta erakundeak mehatxuetatik babesten saiatu behar dute, mehatxu horiek eskubideen eta ondasunen aurkakoak izan, edo ongizatearen eta gizartearen onuraren aurkakoak izan, nahita sortutakoak, edo nahi gabe gertatutakoak.

Autonomia Estatutuaren 17. artikuluaren aginduz, Euskal Autonomia Erkidegoak badu ordena eta segurtasun publikoaren inguruko eskumenik, eta horri jarraiki oso-osorik kudeatzen du Euskadiko segurtasun publikoa, salbu eta Estatutuak berak zehazten dituen erkidegoz gaindiko eta kanpoko gaiak.

Eskumen hori eta segurtasun publikoarekin lotura zuzena duten beste eskumen espezifiko batzuk funtsean polizia bereziaren jarduntzat hartzen baitira zentzu publikoan baliatuta, gure autonomia-erkidegoak segurtasun publikoari buruzko bere berariazko ordenamendua osatu zuen joan den mendeko azken hamarkadan. Eta, hala, besteak beste, lege hauek onartu zituen: Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legea; Larrialdiak Kudeatzeko apirilaren 3ko 1/1996 Legea; Jendaurreko ikuskizunei eta jolas jarduerei arautzeko azaroaren 10eko 4/1995 Legea; edo Euskal Herriko Autonomia Elkartean jokoa arautzeko azaroaren 8ko 4/1991 Legea.

Eskarmentuak erakutsi duenez, segurtasun publikoarekin zerikusia duten osagaien eta arlo-politiken artean bada hainbat lotune eta sinergia, eta derrigorra zen begi bistan jartzea, indartzea eta koordinatzea.

Eta hori guztia ikusita, beharrezko gertatzen da Euskadiko segurtasun publikoaren arau-sistema berriro antolatzea. Abiapuntua izango litzateke segurtasun publikoa arragoa moduko baten modura ulertzea, hainbat azpisistemaren helburuen, oinarrizko printzipioen eta elementu erkide batzuen arragoa.

Segurtasun publikoaren sistemaren barruan daude polizia eta herritarren segurtasunarena eta larrialdiak eta babes zibilarena. Badira, hala ere, jarduera administratiboaren beste arlo batzuk, hala nola zirkulazioa eta bide-segurtasuna, jokoa, ikuskizunak eta jolas-jarduerak, eta bada segurtasun publikoari loturik dauden edo segurtasun publikoaren osagarri diren beste jarduera batzuen araubidea ere (hala nola segurtasun pribatua), eta haietako bakoitzak bere arautegia du.

Horrela, bada, gure ordenamendu juridikoan itxura batean inongo loturarik gabe arau-ildo ezberdinetan bilduta ageri ziren hainbat azpisistema sistema komun batean egituratzen ditu lege honek, guztiek azken helburu bera eta hartarako gaitzen duen bide bera baitituzte: segurtasun publikoa. Arau honen helburua da segurtasun publikoaren arloko euskal antolamenduaren erpina edo arau ardatza izatea, alegia, sektore horretako gainerako lege guztien aterpe izatea, denak ere segurtasun publikoaren arauen azpisistema honetan bil daitezen.

Proiektuaren I. tituluaren I. kapituluan arautzen dira legearen xedea, segurtasun publikoaren sistemaren kontzeptua, bere baitan dituen zerbitzuak, administrazio eskumendunak eta sisteman parte hartzen dutenak, eta zein printzipio diren bide-argi segurtasun-publikoko politikak osatzeko, administrazioaren jardunerako eta erakunde arteko harremanetarako.

Sistemaren integrazioaren oinarriak dira: jarduteko printzipio komun batzuk izatea, erakundeen arteko koordinaziorako eta elkarlanerako organismo formalak egotea eta administrazioek segurtasun publikoaren arloan garatu behar dituzten politika publikoak era mailakatu eta koherente batean planifikatzea.

Nola jardun jakiteko, segurtasun publikoaren sistema osorako printzipioak ere finkatzen ditu legeak. Printzipio horien artean aipagarria da sistema hau herritarren eskubide-askatasunak eta pertsonen eta ondasunen segurtasuna mehatxatzen dituzten arriskuen prebentzio proaktibora bideratzen duena, hau da, aurretiaz eta kalteei aurrea hartzeko moduan planifikatu behar dela Administrazioak zer egingo duen.

Nahiz eta segurtasun publikoaren eskumena autonomia-erkidegoko erakunde komunena izan, udalerriek eta lurralde historikoek ere parte hartzen dute segurtasun-politikak formulatzen eta gauzatzen, bakoitzari dagozkion sektoreko eskumenetan.

  1. tituluaren II. kapituluan, segurtasun publikoaren sistemako partizipazio eta koordinazio-organoak datoz zehazturik, hala nola, Euskadiko Segurtasun Publikoaren Kontseilua; eta Segurtasunean Parte Hartzeko herri-kontseiluak (herritarrek ere segurtasun publikoko politikan parte hartuko dutela bermatzen dutenak).

    Organo horiei esker, herri-administrazio guztiek, agintariek, polizia-kidegoek eta segurtasunarekin zerikusia duten gainerako zerbitzu publikoek parte hartuko dute segurtasun publikoko politikak diseinatzen, aplikatzen eta ebaluatzen.

    Lan hori egingo dute, baina, arlo honetan jarduten duten beste organoei ez eginkizunetan ez aginpidetan ezer kendu gabe, gaur egungo legediaren arabera hainbat organo baitago segurtasun publikoan eta polizian, ausazko jokoetan, ikuskizunetan eta jolas-jardueretan, larrialdietan eta babes zibilean, zirkulazioan eta bide-segurtasunean eta baita segurtasun pribatuan ere.

    Legeak zehazten du partizipazioko organo horiek eta planifikazioko tresnek zer-nolako harremana eduki behar duten segurtasun publikoarekin zerikusia duten beste organoekin, hala nola bide-segurtasunean, babes zibilean, jokoetan, genero indarkerian edo antzeko beste arloetan lan egiten duten organoekin.

    Lege honen arabera, herritarrak berak ere parte hartuko du bere segurtasun-arazoak konpontzeko orduan, eta, horrela, sistemak hobeto ulertu ahal izango du herritarren segurtasun-gabezien nondik norakoa. Lege honen arabera, herritarra bera ere bada bere segurtasuna eraikitzeko arduretan bide-lagun. Horra hor, helburu horretan lagungarri, tokian tokiko segurtasunean parte hartzeko kontseiluak sortu eta segurtasun publikoaren sistema hobetzeko herritar-ekimenen Bulegoa eraberritzea.

  1. tituluaren III. kapituluak arautzen du segurtasunaren planifikazioa, bai erkidegorako, bai eta herrirako ere. Euskadiko Segurtasun Plan Orokorrean dator jasota, era berean, orokorrean zer-nolako aurreikuspenak espero diren arriskuetarako, jardueretarako eta baliabideetarako, segurtasun pribatua barne, arlo hauetan: herritarren segurtasunean, larrialdietan, bide-segurtasunean eta Euskadin herritarren elkarbizitzarekin eta pertsonen eta ondasunen segurtasunarekin zerikusia duten beste batzuetan.

    Arkitektura txukuna eta egituraketa zuzena ematea ez da nahikoa segurtasun publikoaren sistemaren eraginkortasunerako, horretaz gainera, esku artean ditugun baliabideak zuzen eta arrazoi-legez erabili beharko ditugu, hartara, segurtasunaren esparruan erdietsi nahi ditugun helburuak artezago lortu ahal izateko.

    Horretarako, lege honen I. tituluaren IV. kapituluak zenbait mekanismo jartzen ditu Segurtasun Publikoaren Administrazioaren efizientzia, ekonomikoa nahiz antolakuntzakoa, integratu, arrazionalizatu eta bilatzeko. Hala, segurtasun publikoaren sistemaren baitako zerbitzu guztiak komunikazioetarako eta kudeaketa koordinaturako sistema bakar batean biltzea sustatzeko agintzen du. Sistema bakar hori erabilita, datuak eta informazioak transmititzeko bidea eta gertakariak eta baliabideak kudeatzeko eta konpontzeko bidea izan beharko du, hartara, sistemaren baliabideak koordinatzeko sostengua izateko denbora errealean. Halaber, zenbait bitarteko eta baliabide baditu sistema osorako, esate baterako, herritarrek aukera izatea segurtasun publikoaren sistemara jotzeko larrialdi eta emergentzietako telefono-zenbaki bakarraren bitartez (112); segurtasun publikoaren sistema hobetzeko herritarren ekimenak biltzeko bulegoa, edo Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia, titulu berezia ere baduena.

    Halatsu, segurtasun publikoaren arloan administrazio-kontratazioa arrazoi-legez egiteko hainbat neurri jaso da.

  1. tituluan, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia lantzen da, nola sortu eta arautuko den, alegia. Eginkizunetan orain arteko Euskal Herriko Poliziaren Ikastegia ordezkatuko du, baina zeregin berriak zehaztuko zaizkio, segurtasun publikoaren sistema osoa harturik aintzakotzat.

    Hainbat zerbitzu dabil helburu bera erdietsi nahian, alegia, pertsonei segurtasuna ematea eta pertsona horien ondasunak babestea, eta zerbitzu horiek elkarrekin ibili beharko dute eta elkarri lagundu beharko diote, erakunde berri horrek zerbitzu horiek prestakuntzaren aldetik hobeto integratzen laguntzeko. Gainera, segurtasuneko eta larrialdietako zerbitzuen etengabeko prestakuntzak ekonomiaren eta administrazioaren aldetik dakartzan kostuak arrazoitzen laguntzen du, aukera ematen baitu sinergiak sortzeko eta guztiek erabiltzeko moduko azpiegiturak sortzeko, prestakuntzarako eta ikasketetarako baliabideak bikoizten ibili beharrik gabe.

    Akademiaren taxu berriak aldaketak ekarriko ditu Zuzendaritza Kontseiluaren osaketan, tarteko diren erakunde guztiek beren tokia izan dezaten; gainera, akademiaren berezko prestakuntza-eremuan sartuta dauden beste zerbitzuetako langileei ere emango zaie aukera irakaskuntzako zereginetan aritzeko.

  1. tituluan, polizia-sistema edo herritarren segurtasuneko sistema arautzen da; segurtasun publikoaren sistemaren osagai modura arautu ere, eta, alde horretatik, Autonomia Erkidegoko polizia-eredua osatzera dator. Bertan aurreikusten dira Euskal Herriko polizia-zerbitzuak koordinatzeko eta elkarlanean aritzeko tresnak, eta baita zerbitzu horien jarduera osagarriak integratzeko tresnak ere.

    Araudiarekin euskal polizia-eredua sendotu eta modernizatu nahi da, eta horrela, gizarteak eskatzen eta behar duena kontuan izanda, erantzuteko gaitasun egokia izateaz gainera, lege honetan zehazten diren erakunde politikoetan eta partaidetzako erakundeetan finkatutako politikak garatzeko aukera izan dezala lortu nahi da.

    Legeak aldarrikatzen duen polizia-ereduak aurreko araudiaren oinarrizko ildoei jarraitzen die: Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoa egongo da, Ertzaintza, Eusko Jaurlaritzaren menpe, eta hori izango da ereduaren muina, polizia orokor eta integrala izango den neurrian, eta horren osagarri, udalerrietako udaltzaingoa egongo da. Bi kidego horiek Euskal Herriko Polizia osatuko dute, estatutuen erregimen komun eta homogeneoa duena, nahiz eta berezitasunen batzuk ere egongo diren.

    Lege honetan egiten diren proposamenek bi arrazoi nagusi dituzte; batetik, Ertzaintzak Euskal Autonomia Erkidegoko polizia integral gisa lortutako heldutasun eta prestigio sozialaren aitormena, eta bestetik, udaltzaingoak, lehen udal demokratikoak lanean hasi zirenetik berrantolaturik, egindako lan eredugarria.

    Herrietako udaltzaingoak beren borondatez hasi ziren herritarrek segurtasunaren arloan egiten zituzten eskariei erantzuten, egungo polizia-eredua gauzatu aurretik zeuden hutsune legal edo instituzionalei aurre egiten, eta abian ipini zituzten gerora beste autonomia-erkidego batzuentzat eredugarri izan ziren zerbitzu aitzindariak.

    Baina polizia-zerbitzu bakoitzak bere edo elkarbanaturik izango dituen eskumenak alde batera utzita, legearen asmoa euskal erakundeetako polizia-kidegoen ahaleginak batzea da, guztien artean segurtasun publikoa lortzeko.

    Horretarako, lehentasunezkoa da polizia-zerbitzuak arrazionalizatzea, zerbitzua eskaini ahal izateko behar besteko egitura eta baliabide egokiak izanda.

    Ondorioz, udaltzaingoen arteko koordinazioari bultzada nabarmena eman beharko zaio, hain zuzen ere egituretan, plantilletan eta baliabideetan dagoen hainbesteko aldeak ez diezaion kalterik egin polizien arteko lankidetza eta koordinazioari.

    Hori lortzeko, legeak udaltzaingoak koordinatzeko bide formal eta materialak sustatzen ditu, bereziki Udaltzaingoak Koordinatzeko Batzordea, eta udaltzaingoen erregistroa eta lanbidea egiaztatzeko bideak ere arautzen ditu.

    Udaltzaingoak arautzeko orduan, kontzeptualki, ezaugarriei nahiz eskumenei dagokienez, osotasun bakartzat hartzen dira, baina horrek ez du esan nahi kidego horren barruan dauden errealitate ezberdinak ahazten direnik, bai plantillen artean, bai benetan egiten diren lanen artean, beharrizanak ere askotarikoak izatearen ondorioz.

    Legeak kontuan hartzen du konplexutasun hori, eta tokian tokiko biztanle kopuruaren eta egitura profesionalaren arteko lotura homogeneoa egotea bultzatzen du; horren barruan, udaltzaingoa zer den ulertzeko kontzeptu bakarra izanik ere, talde handiagoak edo txikiagoak egongo direnez, eginkizun gehiago edo gutxiago eskuratuko lituzkete, Ertzaintzarekin harremanetan edo lankidetzan jardunda.

    Hori hala izanik, eta udaltzaingoari buruzko kontzeptua bakarra izatea nahastu gabe, polizia-kidego handiek, beste txikiago batzuekin alderatuta, nolako ekarpena egin dezaketen balioesten uzten da, eta aukera ematen da Ertzaintzaren eta udaltzaingoaren artean koordinaturik zein eginkizun burutuko diren zehazteko, lurralde-eremu bakoitzaren ezaugarri bereziekin bat.

    Azken batean, nahiz eta orokorrean hitz eginda udaltzaingoen talde guztiek eginkizun berak izan, taldearen tamainak, esperientziak, gaitasunak eta baliabideek konpromiso handiagoa edo txikiagoa izatea ekar dezakete, polizien arteko elkarlanaz ari garela, segurtasuna zaintzean.

    Baina aldi berean, saihestu nahi da polizia-kidegoak besterik gabe sortzea, baldin eta polizia-kidego horiek ez badute zerbitzua etengabe eskaintzeko behar besteko azpiegiturarik. Eta, ildo horretatik, bai lege honetan eta bai Euskal Herriko Poliziaren Legea aldatzeko legean, zenbait alternatiba ere jartzen dira aukeran, polizia-zerbitzua emateko nahiko bitarteko ez daukaten herrietarako, hala nola figura espezifikoak sortzea, adibidez, estatutu juridiko erabatekoa daukaten udal-zaindariak, edo udalerrien arteko elkarlana bultzatzeko mekanismoak jartzea, edo Ertzaintzarekin batera jarduteko aukera ematea.

    Azken batean, deskribatu diren neurri horiei guztiei esker, udalek autonomia izango dute beren baitako polizia-kidegoak egituratzeko, eta aukera izango dute, aldi berean, polizia-zerbitzua eratzean bide bat baino gehiago baliatzeko, egoera bakoitzeko ezaugarriak kontuan izanda, baina betiere polizia-zerbitzuaren oinarrizko ezaugarriak bermaturik, halakotzat har dezaten.

    Bukatzeko, polizia-eredua ixteko, aipatu den ordenamenduaz gainera, polizien arteko koordinaziorako eta elkarlanerako bideak garatu beharra ere badago, eta legean xehetasunez heltzen zaio gai horri, lankidetzaren alde eginda, kidego bakoitzaren barruko koordinazioa sustatuta, edo baliabideak elkarbanatzearen alde eginda.

    Ildo horretatik, Ertzaintzak eta udaltzaingoek akordioak izenpetzeko ohiko tresnak ere arautzen dira, horrela elkarrekin lankidetzan aritzeko bideak egon daitezen, bakoitzak dituen eskumenen barruan; edo elkarlana eta eginkizunak banatzea izan dezaten, bi poliziek egiteko modukoak diren zereginetan, edo zerbitzua elkarrekin ematea izan dezaten, hala behar duen kasuetan, eta baita eginkizunak nahiz zerbitzuak eskuordetzea izan dezaten, aurreikusiko diren kasuetan eta baldintzetan.

    Gainera, baliabideak elkarbanatzea errazten duten neurriak ere jasotzen dira, dagoeneko badaudenak arrazionalizatzeko eta beharrezkoak ez diren bikoiztasunak saihesteko.

    Asmo hori bera du Euskal Herriko Poliziaren Datu Bilketarako Zentroa arautzeak, III. tituluaren III. kapituluan; datu pertsonalak babesteko indarrean den araudiak dioena kontuan hartuta egiten da hori, eta polizien artean datu-baseak eta komunikazioa elkarbanatzea aurreikusten da.

  1. tituluaren V. kapituluan, segurtasunaren osagarriak diren beste jarduera batzuekin lankidetzan eta koordinaturik aritzeko bideak aurreikusten dira.

    Gaur egun, polizia-zerbitzuak ez ezik, badira beste eragile batzuk herritarren segurtasuna hobetzeko lan egiten dutenak (oso orotara hartuta, segurtasun pribatuko industriak emandako zerbitzuak ere bai).

    Segurtasun pribatuak eta publikoak bakoitzak muga batzuk ditu, eta norabideak eta lehentasunak askotarikoak izan daitezke; hori hala izanik, segurtasun pribatuak lehentasuna ematen dio kalteei eta galerei aurrea hartzeari, eta ez delituari aurre egiteari. Jarrera hori, baina, ez da nahikoa ikuspegi publiko batetik begiratuta, ez delako arazoaren iturburura jotzen. Hala ere, eta azaldutakoaren ildotik, segurtasunaren ikuspegi zabala baldin badugu, ezin da ukatu badirela beste eragile batzuk pertsona eta ondasunak babesten, eta horiekin sinergia positiboak lortzea egon daiteke, segurtasuna erdiestearen ikuspegitik.

    Gaur egun segurtasun pribatuari buruz indarrean den legediak era horretako zerbitzuen esparrua zein den zehaztu eta mugatu egiten du, Administrazioaren kontrol zorrotza ezartzen die, eta segurtasun publikoko agintaritzekin eta polizia-kidegoekin aktiboki lankidetzan aritzera behartzen ditu.

    Baina segurtasunaren Administrazioa ezin da mugatu segurtasunaren arloko sektore pribatuaren jarduna zorrozki kontrolatzera; horren ordez, jardun horren ekarpena segurtasun publikoaren sisteman jasotzen saiatu behar du, eta, horretarako, kontrol-neurriez gainera, benetako lankidetzaren alde egingo duten beste neurri batzuk garatu behar ditu.

    Hori da, hain zuzen ere, segurtasun pribatua koordinatzeko batzorde mistoa sortzeko arrazoia, segurtasun pribatuaren eta Administrazioaren artean esperientziak elkartrukatzea errazteko.

    Esandakoaz gainera, segurtasun publikoko eskumena duen sailari gaitasuna ematen zaio zenbait kasutan babes-neurriak jarri behar ote diren edo ez ebazteko. Horren bidez, aukera izango du mehatxaturik dauden edo jazarpenen bat jasaten duten pertsona edo erakundeak babesteko zerbitzuak nola eskaini behar diren planifikatu eta zuzentzeko, poliziaren zerbitzu publikoaren bidez edo segurtasunaren arloko enpresa pribatuen bidez. Era berean, eraikin eta instalazio publikoetan segurtasun-neurriak jartzeari buruz ere erabaki ahal izango du, betiere eraikinaren edo instalazioaren titularrarekin ados jarrita.

    Berebiziko garrantzia duten azpiegiturez ari garela, hau da, horiek desegiteak oinarrizko zerbitzu publikoetan inpaktu larria eragitea ekarriko lukeen kasuetan, horien kudeatzaileei segurtasun-planak egitea eskatzeko aukera aurreikusten da legean, nahita egindako erasoei aurre hartu ahal izateko, betiere Europako eta Estatuko araudiek gai horren inguruan diotena kontuan izanda.

    Plan horien osagarri, laguntzako beste plan operatibo batzuk egin beharko ditu segurtasun publikoko eskumena duen sailak, eta koordinatu egin beharko dira larrialdietarako eta babes zibileko araudiaren arabera eskatzekoak diren beste plan batzuekin nahiz derrigorrezkoak diren gainerako segurtasun-neurriekin, segurtasun pribatuko araudian esaten denaz bat.

    Aurreikusitakoaren arabera, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak prestakuntza eskainiko die eraikin eta instalazio publikoetan eta azpiegitura kritikoetan babes eta segurtasunaz arduratuko direnei, eta baita segurtasun publikoko eskumena duen sailak planifikatu eta zuzenduta pertsonak babesteko zerbitzuetan dihardutenei ere. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak edo arlo publikoko beste erakunde batzuek deialdia egin eta zaintza eta segurtasuneko zerbitzuei buruzko kontratu publikoak eskuratzen dituzten enpresek derrigor eskaini beharko diete prestakuntza hori langileei.

  1. tituluan, larrialdiei aurre egiteko eta babes zibilerako euskal sistema jasotzen da, hain zuzen ere lege honetan jasotako printzipio komunen barruan eta Larrialdiak Kudeatzeko apirilaren 3ko 1/1996 Legean eta lege hori garatzen duten erregelamenduetan jasotako araudi sektoriala ere kontuan izanda; era berean, babes zibilari buruz Estatuko legediak dioena ere hartu beharko da kontuan. Eta hori guztia, larrialdiei aurre egiteko eta babes zibilerako euskal sistemaren araudien asmoa larrialdietan eman beharreko erantzuna planifikatzea delako, dauden erakunde maila guztietan, urratsez urrats, modu bateragarri eta integratuan.

    Hori hala izanik ere, lege honek segurtasun publikoaren eremu osoan bete beharreko printzipioak ezartzen dizkio larrialdiei aurre egiteko eta babes zibilerako euskal sistemari, eta horrekin batera, babes zibilaren planifikazioa segurtasun publikoaren arloko planifikazio orokorrean integratzea aurreikusi da.

    Bestalde, koordinaziorako berariazko irizpideak ere jarri dira, berebiziko garrantzia duten azpiegiturak babesteari dagokionez eta ekintza kriminalen edo hainbat biktimatako larrialdiko egoeretan esku-hartzeari dagokionez.

  1. tituluan zenbait aurreikuspen jasotzen dira segurtasun publikoaren arloko politikak beste politika sektorial batzuekin elkarlotzeko; hala nola, trafiko eta bide-segurtasuneko politikekin edo ikuskizun publiko eta jolas-jardueren arloko politikekin. Beste horrenbeste egiten da segurtasun publikoko politikak lurraldearen eta hirigintzaren plangintzarekin elkarlotzeko.

  1. kapituluan zenbait neurri aurreikusten dira bide-segurtasunaren esparrurako, eta lehen aldiz, lege mailako arau batean Euskadiko Bide Segurtasuneko Batzordea arautzen da; batzorde horrek bide-segurtasunaren arloko plan estrategikoak eta jarduerak aztertzen ditu, hain zuzen ere gai horretan esku hartzen duten agente guztien ahaleginak koordinatzeko.

    Euskadiko Bide Segurtasunaren arloko Plan Estrategikoa eta bide-segurtasunaren arloko beste jardute-plan batzuk arautzen dira, eta aukera egongo da herri barruko bide-segurtasunaren arloko planak zehazteko ere, Euskadiko Bide Segurtasunaren arloko Plan Estrategikoan jarritako jarraibideekin bat.

  2. kapituluan ikuskizun eta jolas-jardueretarako establezimendu publikoetako segurtasun-neurriak antolatzeko aukera aurreikusten da, gune horien kontrako delituei aurre hartzeko, hirugarrenei zuzeneko arriskua eragitea gerta badaiteke edo bereziki kalteberak baldin badira.

    Zehazki esanda, ikuskizun eta jolas-jarduerek segurtasun-zerbitzu pribatua izan beharko dute, horiek antolatzen diren lekuetan 700 pertsona baino gehiago sartzen baldin badira.

    Erregelamendu bidez erabaki ahal izango da gune publikoetan edo jolas-jarduerak burutzen diren lekuetan sarrera emateko zerbitzu berezitua jarri beharra, eta horietan modu egokian identifikatutako eta egiaztatutako langileak egotea, gaikuntza bereziaren bidez. Sarrera emateko zerbitzu horretan posible izango da segurtasun pribatuko langileak egotea, baina soilik segurtasuneko zaintzaile gisa lanean ari ez badira.

  3. kapituluan esaten da segurtasun publikoaren plangintzan aurreikusitako helburuak derrigor hartu beharko direla kontuan lurraldeko nahiz hirigintzako plangintza idazterakoan, nahiz azpiegitura handien proiektuak idazterakoan, horiek guztiek herritarren segurtasunean nolako eragina duten, arrisku orokorrak zein diren eta bide-segurtasunarekiko eragina zein den ebaluatu beharko baita.

    Bukatzeko, IV. kapituluan aurrea hartzen zaio emakumeen aurkako indarkeriari administrazioen arteko plangintzaren eta jardunaren bitartez.

  1. Lege honen xedea da Euskadiko Autonomia Erkidegoak segurtasun publikoaren arloan dituen eskumenak antolatzea, bereziki poliziaren eta herritarren segurtasunaren arloetakoak, eta segurtasun-sistema orokor propio batean, zeinetan parte hartuko baitute arlo horretako eskumenak dituzten gainerako administrazioek ere, integratzea bai eskumen horiek eta bai beste batzuk, hala nola larrialdien eta babes zibilaren arlokoak, trafiko eta bide-segurtasunaren arlokoak, eta joko, ikuskizun eta jolas-jardueren arlokoak.

    Horren guztiaren helburua da herritarrak mota guztietako arriskuen aurrean babestea eta haiek beren eskubide eta askatasun guztiak era baketsuan eta aske erabil ditzaten bermatzea.

  2. Hartara, lege honetan hauek arautzen dira:

    1. Euskadiko segurtasun publikoaren sistemaren jarduera-printzipio erkideak.

    2. Sistema integratzen laguntzen duten mekanismoak, hala nola planifikazioa, sistemaren koordinazio-organoak eta sisteman parte hartzeko organoak.

    3. Segurtasun publikoaren sistema hobetzeko eta arrazionalizatzeko administrazio-neurriak; bertan sartzen da Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia sortzea.

    4. Udaltzaingoen koordinazioa.

    5. Poliziaren eta herritarren segurtasunaren azpi-sistemak eta larrialdietakoak eta babes zibilekoak berezko izaten dituzten integrazio, elkarlan eta koordinazio-mekanismoak.

  3. Estatuko Administrazio orokorraren koordinazioa eta lankidetza antolamendu juridikoan aurreikusitako mekanismoen bitartez egingo da, eta, bereziki, Ertzaintzaren eta Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoen koordinazioari dagokionez, Segurtasunerako Batzordearen bitartez, Autonomia Estatutuaren 17.4 artikuluan ezarritakoaren arabera.

  1. Euskadiko segurtasun publikoaren sistemak barne hartzen du xedapen, prozedura, bitarteko eta baliabide sorta bat, zeina euskal administrazioek erabiltzen baitute, prebentzio eta babes-politika publikoen bidez, bai herritarren eta ondasunen segurtasuna eta herritarren eskubideen eta askatasunen erabilera librea bermatzeko, bai herritarrak asaldatzen dituzten egintzak borrokatzeko.

  2. Euskadiko segurtasun publikoaren sistemak polizia eta herritarren segurtasuna, bide-segurtasuna eta larrialdi eta babes zibilaren kudeaketa hartzen ditu, zein bere araudi espezifikoarekin, bai eta pertsonen eta ondasunen segurtasuna bermatzeko eta eskubideen eta askatasunen erabilera librea bermatzeko beste politika publiko sektorial batzuk ere.

  3. Politika publiko horien xedea da baldintzak sustatzea eta eragozpenak kentzea pertsonek bete-betean disfruta ditzaten beren eskubideak eta askatasunak eta posible izan dezaten bizikidetza baketsuan, ongizatean eta gizarte kohesionatuan bizitzea eta jardutea, hartarako ahal den neurrian murriztuz pertsonen eskubideak eta askatasunak asalda ditzaketen arrisku eta peril nahita edo nahi gabe gertatuak, bai eta pertsonen euren, beraien ondasunen eta ondare kolektiboaren segurtasuna asalda ditzaketenak ere.

  4. Ulertzen da Euskadiko segurtasun publikoaren sisteman sartuta daudela euskal administrazio publikoek ondoko organo eta zerbitzuen bidez ematen eta gauzatzen dituzten jarduerak, zerbitzuak eta prestazioak:

    1. Segurtasun publikoaren arloan eskumena daukaten agintariak, bai eta herritarren segurtasunean, larrialdietan eta babes zibilean eskumena daukatenak ere.

    2. Euskal Herriko polizia-kidegoak, bai eta udalerrien mendeko jagole eta udalerrien mendeko mugikortasun-agenteak ere.

    3. Larrialdietako eta babes zibileko zerbitzuak, larrialdietako koordinazio-zentroak eta suteak prebenitzeko eta itzaltzeko zerbitzuak eta salbamendu-zerbitzuak, eta larrialdiei aurre egiteko eta babes zibilerako euskal sistema osatzen duten gainerakoak.

    4. Segurtasun publikoaren arloko koordinazio-organoak, kontsulta-organoak eta parte hartzeko organoak.

  5. Era berean, Euskadiko segurtasun publikoaren sisteman parte hartzen dute bai segurtasun-zerbitzu pribatuek bai ondasunak eta pertsonak babesten laguntzeko xedea duten gainerako zerbitzuek, lege honetan ezarritako baldintzen arabera eta zerbitzu publikook edo pribatuok arautzen dituen araudiak xedatutakoaren arabera.

  6. Ordenamenduan aurreikusitako lankidetza-betebeharrak betez parte hartzen dute herritarrek segurtasun publikoaren sisteman; baita boluntario gisa ere, larrialdien eta babes zibilaren gaineko araudian aurreikusitako boluntario-erakundeen bidez; eta, orobat, politika publikoak lantzen eta zehazten eta lege honetan aurreikusitako ekimenak aurkezten parte hartzeko ezarritako formulen bidez ere.

  1. Euskadiko segurtasun publikoaren sistemak printzipio gidari hauek ditu:

    1. Arriskuen eta mehatxuen prebentzioa.

    2. Herritarrek dituzten beharrizanak ezagutzea eta zerbitzu publikoa haiei egokitzea.

    3. Herritarrekiko hurbiltasuna eta arin erantzutea.

    4. Ekintza publikoaren eraginkortasuna eta segurtasun- eta larrialdi-zerbitzu publikoetako baliabideak eta bitartekoak efizientziaz jokatzea.

    5. Arazoak identifikatzea, erantzuna planifikatzea eta emaitzak ebaluatzea.

    6. Segurtasunarekin zerikusia duten eta gizarte-bazterkeriaren kontrako borrokan eginkizunen bat duten instituzio, zerbitzu eta erakunde publiko edo pribatuekiko eragina.

    7. Gardentasuna eta herritarrentzako informazioa.

    8. Herritarrek beren ordezkaritza erakundeen bidez, organo espezifikoen eta programen bitartez, parte hartzea delinkuentzia eta arriskuak prebenitzeko prozesuetan eta politiketan.

    9. Jarduerak egokitzea bitartekoen eta baliabideen osagarritasunaren eta subsidiariotasunaren arabera, eta babes zibileko larrialdi-planak aplikatzean integrazioa, gaitasuna eta nahikotasuna bilatuz.

  2. Segurtasun publikoaren arloko administrazio-jarduerak honako printzipio hauek arautuko dituzte:

    1. Legezkotasun-printzipioa. Eskubideak eta askatasunak murriztea edo baldintzatzea dakarten egintzek lege-mailako arau baten baimena beharko dute. Nolanahi ere, murriztapenik gutxien dakarren neurria hautatuko da, eta arrazoitu egin beharko da interes publikoa babesteko beharrezkoa dela eta gauzatu nahi den helbururako egokia dela azalduz, bazterkeria dakarren traturik inolaz ere eragin gabe.

    2. Subsidiariotasun-printzipioa: segurtasun publikoaren arloan eskumena duten agintarien esku-hartzeak ez ditu eragotziko beste botere publikoei dagozkien ahalmenak eta betebeharrak; esku-hartze hori subsidiarioa izango da polizia bereziko administrazio-ahalen peko gaiei dagokienez.

    3. Egokitasun-printzipioa edo diskrezionalitate-tartea erabakitzeko zein esku-hartze izango den, esku-hartzearen hartzaile nortzuk izango diren eta egoerak eskaintzen dituen legezko aukeren artean erabili beharreko bitartekorik egokienak zein diren erabakitzeko.

    4. Esku-hartze publikoaren proportzionalitate-printzipioa eta bitartekoak iritsi nahi diren helburuen arabera egokitzeko printzipioa.

  3. Segurtasun publikoaren arloan jarduten diren euskal herri-administrazioek eta haien ardurapeko zerbitzuek lankidetzaren, koordinazioaren eta elkarlanaren printzipioen arabera izango dituzte elkarrekiko harremanak.

  1. Segurtasunaren arloko agintari publikoak dira:

    1. Eusko Jaurlaritza, segurtasunaren arloan organo gorena den aldetik, bere eginkizuna lehendakariaren zuzendaritzapean betetzen duena.

    2. Segurtasun publikoaren eskumena duen sailburua.

    3. Segurtasun publikoko eskumena duen saileko organoetan, segurtasun publikoaren arloan eskumenak dituzten titularrak.

  2. Lege honek mugatzen duen esparruaren barruan eta bakoitza bere eskumenen alorrean agintari den neurrian, honakoek hartzen dute parte segurtasun publikoaren sisteman:

    1. Alkateek eta udal-organoetako beste titular batzuek, bakoitzak bere eskumenen esparruan.

    2. Lurralde historikoetako diputatu nagusiek, bakoitzak bere eskumenen esparruan.

  3. Aurreko paragrafoetan xedatutakoaren kontra ez doan heinean, dagokien agintariek jarraituko dute tokiko araubidearen arloko legediaren arabera dagokien polizia bereziaren ahalmena erabiltzen, baita trafiko, ikuskizun publiko, jolas-jarduera eta babes zibila bezalako arloen gaineko legedia eta gainerako antolamendu juridikoa ere

Segurtasun publikoaren eskumena duen sailari dagozkio segurtasun publikoaren arloko honako eginkizun hauek:

  1. Eskubide eta askatasunen alde jardutea, beste erakunde batzuek arlo horretan dauzkaten zereginaz aparte.

  2. Eusko Jaurlaritzaren segurtasun publikoko politika zuzentzea.

  3. Herritarren segurtasuna prebenitu, mantendu eta berrezartzea.

  4. Interes bereziko pertsonen, eraikinen, instalazioen, jardueren eta objektuen segurtasuna planifikatu eta koordinatzea, eta horretarako neurriak onar daitezen proposatu edo xedatzea, edo beharrezkoak diren arauak onartzea.

  5. Ertzaintzaren agintaritza gorena betetzea.

  6. Udaltzaingoak koordinatze aldera, lege honek jasotzen dituen ahalmenak betetzea, udalerrien autonomia errespetatuz.

  7. Ertzaintzaren eta herrietako polizien arteko lankidetzako mekanismoei bultzada ematea.

  8. Larrialdietan eta babes zibilaren esparruko egoeretan, prebentzioari, planifikazioari eta erantzunari legez dagozkion eskudantziak baliatzea.

  9. Legez dagozkion eskudantziak baliatzea trafiko eta bide-segurtasunean, ikuskizun publiko eta jolas-jardueretan, ausazko jokoetan eta segurtasun pribatuan.

  10. Esku-hartze subsidiarioa polizia bereziaren administrazio-ahalmenen barruan, ahalmenok berariaz esleitu ez direnean, herritarren arteko elkarbizitza ziurtatzeko, bortizkeria ezabatzeko, espazio publikoak bakez erabiltzeko eta delituei eta faltei aurrea hartzeko.

  11. Legeak beteko direla ziurtatzeko, beharra duten beste agintari publiko batzuei behar duten laguntza exekutiboa ematea.

  12. Lege hau garatzeko eta aplikatzeko erregelamendu-arau orokorrak egin eta Gobernuari aurkeztea, onar ditzan.

  1. Euskadiko segurtasun publikoaren plan orokorra prestatu eta Gobernuari aurkeztea, onar dezan.

  2. Lege honen xedeak erdiesteko beharrezkoak diren ekintzak bultzatu eta koordinatzea.

  3. Eusko Legebiltzarrari urteko memoria igortzea Euskal Herriko Poliziaren jarduerari buruz, zeinean aipatuko baitira lurralde eta udalerri bakoitzean egin diren delituak, delitu mota, zenbat epaitu eta kondenatzen diren eta zenbat gelditzen diren epaitzeko.

Udalerriek segurtasun publikoari eusteko lanetan parte hartzen dute honako lege hauetan ezarritakoaren arabera: lege hau, toki araubideari buruzko legedia, Herritarren Segurtasuna Babesteari buruzko Lege Organikoa, Euskal Herriko Poliziari buruzko Legea eta larrialdien eta babes zibilaren, trafikoaren eta bide-segurtasunaren, ikuskizun publikoen eta jolas-jardueren arloetan indarrean dagoen araudia.

Lurralde historikoetako foru-aldundiek segurtasun publikoari eusten parte hartzen dute lege honetan, Lurralde Historikoei buruzko Legean, Euskal Herriko Poliziari buruzko Legean eta larrialdien eta babes zibilaren arloetan indarrean dagoen araudian ezarritakoaren arabera.

  1. Euskadiko Segurtasun Publikoaren Kontseilua sortzen da Euskal Autonomia Erkidegoko kontsulta-organo eta parte hartzeko organo goren gisa, segurtasun publikoari buruzko politikarekin zerikusia duten eta haren eragina jasaten duten era bateko eta besteko entitate eta erakundeen jardueren koherentziaren aldeko ideiak eta esperientziak trukatzearren.

  2. Kontseiluaren eginkizunak dira:

    1. Euskadiko segurtasun publikoaren egoera orokorra analizatu, aztertu eta ebaluatzea, segurtasunaren inguruan nabarmenenak diren erreferenteetatik abiatuta, EAEko segurtasun publikoaren sisteman sartuta dauden zerbitzuei egoera zehatz eta baloragarrien gainean eragiteko aukera emango dieten jokabideen azterlanak eta egoeren analisiak sustatuz.

    2. Herritarren arteko elkarbizitza baketsua asaldaraz dezaketen faktoreen jarraipena egitea, hala nola terrorismoa, kaleko bortizkeria eta talde-bortizkeria eta antzeko talde edo fenomenoak, genero-bortizkeria, xenofobia edo arrazismoa, herritarrak edo gizarteko baliorik funtsezkoenak arriskuan jar ditzaketen gatazkak eta arriskuak prebenitze aldera.

    3. Segurtasun-egoera hobetzeko neurri orokorrak sustatzea eta segurtasun publikoarekin zerikusia duten herri-administrazio batzuek eta besteek ematen dituzten zerbitzuak hobetzeko ekimenak bultzatzea.

    4. Euskadiko segurtasun publikoko plan orokorrari buruzko txostena egitea.

  3. Kontseilu horren kide izango dira, gutxienez, honako ordezkari hauek:

    1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa; segurtasun publikoaren eskumena duen saila ere nahitaez sartzen da haren ordezkaritzan.

    2. Estatuko Administrazio orokorra.

    3. Toki-administrazioa.

    4. Foru-administrazioa.

    5. Euskal Herriko Justizia Administrazioa.

      Era berean, tratatu beharreko gaien arabera, larrialdien eta babes zibilaren, zirkulazioaren eta bide-segurtasunaren, jokoaren, ikuskizun eta jolas-jardueren arloko arduradunek ere parte hartu behar izango dute; baita beste pertsona fisiko edo juridiko batzuek ere, publiko nahiz pribatuek, baldin eta Euskadiko Segurtasun Publikoaren Kontseiluaren helburuetarako interesgarriak badira.

  4. Erregelamenduz ezarriko dira Euskadiko Segurtasun Publikoaren Kontseiluaren antolaketan eta funtzionamenduan jarraitu beharreko arauak.

  1. Udalerriek aukeran daukate herritarren segurtasunen parte hartzeko tokiko kontseiluak sortzea, betiere, beren eskumenen esparrua gainditu gabe, udalerriko segurtasuna hobetzeko neurriak aztertu eta arlo horretan eskumena daukaten organoei neurri horiek proposatzeko.

  2. Parte hartzeko moduak, bitartekoak eta prozedurak tokiko araugintza-ahalmenak erabiliz burutuko dira. Kontseilu horietan, ezinbestean egon behar dute udalerrian aritzen diren Euskal Herriko Poliziako kidegoek.

Segurtasunaren arloan eskumena duten agintariek planifikatu egingo dituzte beren helburuak, estrategiak eta jarduera-lerroak, lege honetako 3. artikuluan azaldutako printzipioei, organo gorenek eta koordinaziokoek onartutako segurtasun-politikaren helburuei eta Eusko Jaurlaritzak onartutako segurtasun-plan orokorraren jarraibide teknikoei jarraituz, horien koherentzia, homogeneotasuna eta integrazioa bideratze aldera.

  1. Euskadiko segurtasun-plan orokorrak arriskuen, jardueren eta bitartekoen azterketa eta aurreikuspen orokorrak hartzen ditu ondoko arlo hauetan: herritarren segurtasuna, larrialdiak, bide-segurtasuna eta Euskadiko herritarren elkarbizitzari eta pertsonen eta ondasunen segurtasunari eragiten dieten beste batzuk

  2. Plan hori Eusko Jaurlaritzak egin eta onartzen du bost urtean behin, segurtasun publikoaren eskumena duen sailburuak proposatuta eta Euskadiko Segurtasun Publikoaren Kontseiluak aldez aurretik txostena eginda. Onartzen den plana Eusko Legebiltzarrera igorriko da, zein urtero informatuko baitu segurtasun publikoaren eskumena duen sailak.

  1. Segurtasun-planek aztertu beharko dute plangintzan sartzen den eremuaren segurtasun-egoera; definitu beharko dituzte helburu orokorrak eta lehentasunak, bai eta helburuok lortzeko balia daitezkeen bitarteko eta errekurtso eskuragarriak ere, eta zehaztu beharko ditu abiatu beharreko ekintzak, aplikazio-egutegia, jarraipen- eta ebaluazio-metodo egokiak eta indarraldia.

  2. Segurtasun publikoaren eskumena duen saileko titularrak kontuan eduki beharko ditu segurtasun-planetan ezarritako jarraibideak.

  3. Toki-agintariek aukera daukate bakoitzak bere herrirako segurtasuneko udal-plan orokorrak, sektorialak, urtarokoak edo espezifikoak onartzeko; betiere, beren eskumenen barruan eta eskuragarri dituzten baliabideen arabera, eta Euskadiko segurtasun-plan orokorrean ezarritako printzipio eta jarraibideen arabera. Segurtasun publikoaren eskumena duen sailari jakinarazi behar zaizkio plan horiek.

Segurtasun-planek kontuan hartu behar dituzte, zeinek bere eremuan, ondoko arloen gaineko planetan sartzen diren aurreikuspenak: babes zibila, trafiko eta bide-segurtasuna, joko eta ikuskizunetako segurtasuna eta planei eragin diezaieketen bestelakoak.

  1. Segurtasun publikoaren eskumena duen sailak, baliabideen koordinazioa unean-unean egin ahal izateko, euskal administrazioetako segurtasun publikoko zerbitzu guztiek erabili beharreko estandarrak ezarriko ditu informatika eta telekomunikazioen arloan, datuak transmititu eta gertakari nahiz baliabideak kudeatu zein bideratu ahal izateko.

  2. Datuen transmisioa egiterakoan, bete beharrekoak izango dira Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1998 Lege Organikoan eta Izaera Pertsonaleko Datuen Titulartasun Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean jasotako aurreikuspenak.

  1. Urgentzia eta larrialdi kasuan, segurtasun publikoaren sistemara sarbidea izateko eskubidea bermatzen zaie herritarrei 1-1-2 telefonoaren bitartez; segurtasun publikoaren eskumena duen sailean larrialdien eta babes zibilaren arloko erantzukizuna duten organoek kudeatzen dute telefono hori.

    1-1-2 telefonoa izango da Euskadiko segurtasun publikoaren sistemako zerbitzu guztiek erabili eta publizitatu beharko duten urgentziazko telefono bakarra. Zerbitzuok ezingo dute ezarri ez publizitatu 1-1-2az besteko telefonorik horretarako. Nolanahi ere, ezar ditzakete beste telefono batzuk bestelako zeregin batzuetarako.

    1-1-2 telefono-zenbakiaren bidez ematen den larrialdietarako zerbitzuaren eta SOS Deiak larrialdiak koordinatzeko zentroen kudeaketa Larrialdiak Kudeatzeko apirilaren 3ko 1/1996 Legean eta lege hori garatzeko araudian xedatutakoaren arabera egin behar da; horrela bermatuko da laguntza eskatzeko deiei erantzuteko zerbitzua aurretik badauden taktika operatiboetan eta mobilizazio-prozeduren barruan baitaratuta geratuko dela.

  1. Segurtasun publikoaren eskumena duen sailak, zerbitzu horien kalitatea hobetze aldera, herritar-ekimenen bulegoa sortuko du segurtasun publikoaren sistema hobetzeko, herritarrek segurtasun publikoaren sistemari eta sistema horrek eskaintzen dituen zerbitzuei buruzko kexak, iruzkinak eta hobekuntzarako iradokizunak eta abar egiteko aukera izan dezaten.

  2. Bulegoak kexak edo ekimenak dagozkion administraziora bideratuko ditu, baldin eta kexok edo ekimenok zerikusirik ez badute segurtasun publikoaren eskumena duen sailak zuzenean ematen dituen zerbitzuekin.

    Euskal herri-administrazioek bulegoari jakinaraziko dizkiote segurtasun publikoaren sistemari buruz herritarrengandik jasotako edo aztertutako ekimenak eta iradokizunak, zerbitzuak hobetzeko helburuz.

  3. Bulego honetatik kanpo geratzen dira arauketa espezifikoa duten bai administrazio-ekintzei bai zigor-arloko ekintzei eta bai beste arlo batetik eratorritako ekintzei ere dagozkien eskaerak.

  4. Segurtasun publikoaren eskumena duen sailak segurtasun publikoaren sistema hobetzeko herritar-ekimen eta -kexen bulegoaren jarduerei buruzko memoria egingo du urtero eta Eusko Legebiltzarrari bidaliko dio.

  1. Segurtasun publikoaren eskumena duen sailak ezarriko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren segurtasun publikorako ekintzetan erabiliko diren informatizazio-plan eta -programak eta komunikazio-sistemak, zeinetan sartuko baitira behar diren ekintzen aurreikuspenak ere.

  2. Jaurlaritzaren berariazko dekretu baten bidez arautuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoak segurtasun publikoan erabiltzen dituen informatika- eta komunikazio-ondasunak eta -zerbitzuak erosi, alokatu, mantendu, besterendu edo bestela eskuratzeko egintzak eta kontratuak.

  1. Halaber, segurtasun publikorako ondasunen eta zerbitzuen kontratazioa teknikoki arrazionalizatzeko mekanismoak ezarriko dira, hala nola esparru-akordioak egitea, sistema dinamikoen artikulazioa edo obrak, zerbitzuak eta hornidurak segurtasun publikoaren eskumena duen sailaren zerbitzu espezializatu batean zentralizatzea.

  2. Segurtasun publikoan aritzen diren Euskal Autonomia Erkidegoko beste lurralde-erakunde batzuek, eta bakoitzaren sektore publikoaren erakundeek, bat egin ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko kontratazio-organoek segurtasun publikoaren arloan sustatutako kontratuekin, betiere arauek xedatzen duten moduan.

  1. Segurtasun publikoaren eskumena duen saileko kontratazio-organoek eta bere organismo autonomoek ikerketa eta garapen-kontratuak egin ahal izango dituzte, bai eta segurtasun publikoko bitarteko, material eta baliabide operatiboen prototipoak fabrikatu eta probatzeko kontratuak ere, zerbitzu publikoaren beharretarako merkatuan direnak baino konponbide tekniko eta teknologiko berritzaile eta abantailatsuagoak eskuratzearren.

  2. Sektore publikoko kontratuen legedian kasu horietarako xedatutakoak arautuko ditu kontratu horiek.

  3. Kontratu horiek gauzatzeko, indarrean dagoen legediaren arabera, segurtasun-neurri bereziak behar direnean, edo Estatuaren segurtasunerako funtsezko interesak babestu behar direlako segurtasun-neurri horiek ezarri behar direnean, kontratu horiek ezkutukoak edo erreserbatuak izendatu ahal izango dira.

  1. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia sortuko da Administrazio-izaerako organismo autonomoa izango da, eta bere helburuak betetzeko berezko nortasun juridikoa eta jarduteko gaitasun osoa izango ditu.

  2. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren helburua da herritarren segurtasuna lortzeko zerbitzu publikoak ematen jarduten diren edo parte hartzen duten pertsonek beharrezkoa den lanbide-heziketa eskuratzeko baldintzak eta bitartekoak sortzea, eta gaikuntza hori beste pertsona batzuei ere eskaintzea, baldin eta, segurtasun publikoko zerbitzuetakoak izan ez arren, interes profesionala badute edo beren jarduerak zerbitzu horien garapenean eragiten badu.

  3. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren xedea da Gobernuak segurtasun publikoaren arlorako duen prestakuntza-, hautaketa-, ikerketa- eta berrikuntza-politika gauzatzea, hala Euskal Herriko Poliziari dagozkion arloetan nola babes zibilari eta larrialdi-zerbitzuei dagozkienetan. Horretarako, Euskadiko erakunde erkideei dagozkien eskumenen eremuaren barruan eta lege honetan ezarritakoarekin bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko segurtasun publikoko politika gauzatzen jarduten edo esku hartzen duten giza baliabideen prestakuntza eta, hala dagokionean, hautaketa planifikatu eta kudeatu beharko ditu.

  4. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak prestakuntzarako duen eskaintzak honako kolektibo hauek izango ditu kontuan:

    1. Euskal Herriko polizia-kidegoetako langileak, bai eta udaleko jagole edo udalerrien mendeko mugikortasun-agenteak.

    2. Suteak prebenitzeko eta itzaltzeko eta salbamenduko zerbitzuetako langileak.

    3. Larrialdietako eta babes zibileko zerbitzuetako langileak, bai eta larrialdiak koordinatzeko zentroetakoak ere.

    4. Segurtasun publikoaren eta larrialdien eta babes zibilaren kudeaketaren ardura duten agintariak eta beste hautetsi publiko batzuk.

    5. Osasun-zerbitzuetako langileak, basogintza-zerbitzuetakoak edo larrialdiko eta babes zibileko egoeretan ondasunak eta pertsonak babestearekin zerikusia duten eginkizunak dituzten beste zerbitzu publiko batzuetako langileak.

    6. Segurtasun pribatuko langileak, batez ere lege honetako 52., 53. eta 54. artikuluetan aipatzen diren jagoletza- eta babes-eginkizunetan dabiltzanak.

    7. Segurtasun publikoaren edo pribatuaren arloetan, larrialdien kudeaketan edo babes zibilean eragiten duten jardueretan dabiltzan profesionalak.

    8. Babes zibileko zerbitzuei eta larrialdien kudeaketako zerbitzuei laguntzen dieten boluntarioak eta beste agente batzuk, bai eta, hala balegokio, herritarrak eurak ere.

  1. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia segurtasun publikoaren arloan eskumenak dituen Eusko Jaurlaritzako sailari dago atxikia, sail horren egitura organikoa ezartzen duen dekretuak ezarritako eran.

  2. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak, bere helburuak betetzeko orduan, Eusko Jaurlaritzaren eta segurtasun publikoaren arloan eskumena duen eta Akademiako goi-zuzendaritza eta ikuskaritza gauzatzen duen sailaren plangintzako eta politika orokorreko jarraibideei jarraitu beharko die.

  3. Bere jarduera-eremuari dagokion araudi espezifikoak arautuko du Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren jarduera, bereziki Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legeak, Larrialdiak Kudeatzeko apirilaren 3ko 1/1996 Legeak, lege honek beronek eta horretarako onartuko den antolakuntza- eta jarduera-araudiari buruzko erregelamenduak. Administrazio-ahalak baliatzerakoan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak arautuko du haren jarduera.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak Arkautin izango du egoitza nagusia, Gasteizko udalerrian. Nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoko beste herri batzuetan ere sor ditzake bulegoak eta beste instalazio tekniko batzuk bere jarduerak gauzatzeko.

  1. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren eginkizunak izango dira, Poliziari eta herritarren segurtasunari eta arlo horretako jarduera osagarriei dagokienez:

    1. Ertzaintzaren eskala eta kategorietan sartzeko hautaketa-prozesuen oinarriak ezartzea, hautaketa-prozesu horietarako deialdiak egitea, epaimahai kalifikatzaileak izendatzea eta, oro har, hautaketa-prozesuak egiteari dagozkion eskudantzia guztiak.

    2. Toki-administrazioaren mendeko polizia-kidegoetako eskala eta kategorietan sartzeko oinarrizko arauak egitea. Arauok Ertzaintzan beste horien baliokide diren eskala eta kategorietarako ezarritakoen antzeko irizpideei egokituko zaizkie. Orobat, eta batez ere, guztientzako berdinak eta nahitaez aplikatzekoak diren hautaketa-prozesuetako programa, eduki eta egiturak egitea.

    3. Euskal Herriko Polizia osatzen duten kidegoetako eskaletan eta kategorietan sartzeko aldez aurreko prestakuntza-ikastaroak eta praktikaldiak programatu, antolatu eta garatzea, eta Euskal Herriko Poliziako kideen etengabeko prestakuntza eta espezializaziorako prestakuntza antolatu eta garatzea. Horretarako, akademiak, dagozkien administrazioekin batera, kidego horien prestakuntza-beharrizanak ebaluatuko ditu aldiro-aldiro. Akademiak toki-erakundeen prestakuntza-zentroei eskuordetu ahal izango dizkiete, hala eskatzen badute, beren menpeko polizia-kidegoetako eskala eta kategorietan sartu aurreko prestakuntza-ikastaroen eta praktikaldien antolaketa eta garapena.

      Hizkuntza-trebakuntzarako ikastaroak programatu, antolatu eta garatzea Ertzaintzako kideak euskalduntzea lortzeko.

    4. Udalerrien mendeko karrerako funtzionarioen prestakuntza-planetarako oinarrizko irizpideak prestatzea, haien garapena koordinatzea eta gauzatzen laguntzea.

    5. Udal-jagole edo mugikortasun-agente sartzeko oinarrizko arauak egitea, eta horien prestakuntza-ikastaroak programatu, antolatu eta garatzea. Akademiak hala eskatzen duten toki-erakundeen prestakuntza-zentroen gain utzi ahal izango du langile horien prestakuntza-ikastaroen antolaketa eta garapena.

    6. Dagokion udalerriak akademiaren esku uzten duenean, toki-administrazioaren mendeko polizia-kidegoen eskala eta kategorietan sartzeko hautaketa-prozesuak gauzatzea. Era berean, udalerriekin elkarlanean aritu ahal izango da, eta laguntza teknikoa ere eskaini ahal izango die, polizia-kidegoetako funtzionarioen hautaketari dagozkion gaietan. Halaber, udalerriek hautaketa-prozesuetarako deialdiak egiten dituztenean, eginkizunak egokiro betetzeko behar dituzten lankidetza-materiala eta laguntza teknikoa eskuratu ahal izango dizkie epaimahaiei.

    7. Segurtasun pribatuko langileak gaitzeko prestakuntza edo zabalkunde-jarduerak garatzea, eta herritarrak babesten jarduten diren beste erakunde publiko edo pribatu batzuekin batera elkarlanean jardutea, beren helburuak betetzeko egokia den prestakuntza sustatuz eta garatuz.

  2. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren eginkizunak, larrialdiei erantzuteko eta babes zibileko eremuan, honako hauek dira:

    1. Larrialdiei aurre egiteko eta babes zibilerako euskal sistemaren barruan euskal administrazioen menpeko diren eta arauz ezarrita dauden funtsezko edo oinarrizko zerbitzuetako langile izateko aurretiko prestakuntza-ikastaroak eta praktikaldiak programatu, antolatu eta garatzea. Akademiak toki-erakundeen prestakuntza-zentroei eskuordetu ahal izango dizkiete, hala eskatzen badute, larrialdiei aurre egiteko eta babes zibilerako euskal sistemako funtsezko edo oinarrizko zerbitzuetako eskala eta kategorietan sartu aurreko prestakuntza-ikastaroen eta praktikaldien antolaketa eta garapena.

    2. Larrialdietako eta babes zibileko gaiei buruzko prestakuntza-ekintzak planifikatu, programatu, antolatu eta ematea, larrialdiei aurre egiteko eta babes zibilerako euskal sisteman zuzenean edo zeharka esku hartzen duten profesional eta langile mota guztientzat, diren enplegatu publikoak, erakunde pribatuetako enplegatuak edo boluntarioak.

    3. Suteak prebenitzeko eta itzaltzeko zerbitzuetan eta salbamendu-zerbitzuetan sartzeko eta zerbitzu horietako lanpostuetan gora egiteko hautaketa-prozesuak, edo prozesuaren zatiren bat, planifikatu, antolatu eta gauzatzen laguntzea, dagokion prozesuaren ardura duen administrazioak gomendio uzten dionean. Nolanahi ere, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak laguntza teknikoa eta aholkularitza eskainiko dizkie administrazio-eskudunei, hala eskatzen diotenean.

    4. Foru- eta toki-administrazioekin elkarlanean aritzea, suteak prebenitzeko eta itzaltzeko zerbitzuetako eta salbamenduko zerbitzuetako langileak hautatzeko behar diren profilak, ezagupenak eta eskumenak zehazteko orduan, eta hautaketa-prozesuetako probak eta metodoak helburu horiei egokitzea.

    5. Curriculumak lan daitezela eta programak homologa daitezela sustatzea, larrialdiei aurre egiteko eta babes zibilerako euskal sistema eratzen duten mailetan kualifikaziorik onena eta prestakuntza-baliokidetasuna lortze aldera.

      Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak ahaleginak egingo ditu hitzarmenak eta akordioak lotzeko Euskadiko su-itzaltze eta -aurreikuspeneko eta salbamenduko zerbitzuen entitate titularretako organo eskudunekin, emango dituzten ikastaroak baliozkotzeko helburuz. Izan ere, litekeena da ikastaro horiek ere kontuan hartzea zerbitzu horietarako hautaketa-probetan edo, zenbait kasutan, barne-promozioan.

  3. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren eginkizunak dira, orobat, honako hauek:

    1. Ikerketa eta berrikuntza sustatzea eta bultzatzea segurtasun publikoaren arloan, unibertsitateekin eta bestelako ikerketa-zentroekin lankidetzan.

    2. Segurtasun publikoaren arloko zuzendaritza-postuetako lana behar bezala egiteko prestakuntza diseinatu eta garatzea, eta segurtasun publikoaren arloan erakunde publiko nahiz pribatuek zuzendaritza-postuetarako ematen dituzten beste ikastaro batzuk ere egiaztatzea eta homologatzea, edukiak eta irakastorduak kontuan hartuta.

    3. Akademiak ematen dituen ikastaroak gainditu izana edo haietan parte hartu izana egiaztatzen duten tituluak eta diplomak ematea, eta ikastaro horiek baliozkotu edo ez erabakitzea.

    4. Prestakuntzarako edo zabalkunderako argitalpenak lantzea Euskal Herriko Poliziako funtzionarioentzat eta larrialdiei aurre egiteko eta babes zibilerako euskal sistemako esku-hartzaileentzat, haien kualifikazio profesionala eta espezializazioa lortze aldera.

    5. Unibertsitateko, hezkuntzako eta lanbide-heziketako erakundeekiko edo izaera berdintsuko helburua duten beste zentro edo eskola batzuekiko lankidetza sustatzea.

    6. Segurtasun publikoaren arloko dokumentazio-zentro bat sortzea, segurtasun-zerbitzuetako eta larrialdi-zerbitzuetako ikasle eta langileen prestakuntza eta eguneratze iraunkorrean lagun dezan.

    7. Lege honek esleitzen dizkionak edo beste lege edo xedapen batzuek aitortzen dizkiotenak.

  4. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak ahalegina egingo du eskumena daukan administrazioak bateratasun akademikoa eman dezan, bere mendeko zentroetan ematen diren ikasketetarako. Horretarako, akademiak ahalegina egingo du ikastaro horien izaera eta iraupena eta ikasten hasteko eskatu beharreko titulazioa hezkuntza-administrazioaren eskakizunetara egokitzeko; gainera, hezkuntza-administrazioaren, unibertsitatearen, Botere Judizialaren eta ikaskuntzarako lagungarri izan daitezkeen beste erakunde, zentro edo ikastetxeen lankidetza ere sustatuko da.

    Hezkuntza-sistema orokorreko unibertsitate-ikasketen barruan, segurtasun publikoari eta larrialdiei dagokion prestakuntza emateko, aukeran dago Euskal Herriko Unibertsitateari atxikitako prestakuntzako unibertsitate-zentroa sortzea. Horretarako sortutako kontseilu akademikoak aginduko lituzke zentro horretarako alderdi akademikoak, eta egitura eta funtzionamendu-alderdiak, berriz, prestakuntzaz arduratzen den organoak. Hori guztia bat etorrita unibertsitate-legeriarekin, unibertsitateko berezko araudiarekin eta atxikipena arautzen duen lankidetza-hitzarmenarekin, zeinak zentroaren egitura, irakaskuntza-jarduerak, finantziazioa eta funtzionamendua arautuko baititu.

  1. Hauek dira Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren gobernu- eta kudeaketa-organoak:

    1. Zuzendaritza Kontseilua.

    2. Akademiaren Zuzendaritza Nagusia.

    3. Administrazio eta Zerbitzu Zuzendaritza.

  2. Eusko Jaurlaritzak akademiaren antolaketako eta funtzionamenduko erregelamendua onartuko du dekretu bidez.

  1. Zuzendaritza Kontseilua kide hauek osatuko dute:

    1. Lehendakaria: segurtasun publikoaren eskumena duen sailburuak izango du kargu hori. Bere egitekoa izango da beharrezko egokitzapenak sustatzea akademia bat etor dadin Gobernuaren eta segurtasun publikoaren eskumena duen sailaren planifikazio-jarraibideekin eta politika orokorrarekin, eta akademiaren goi-zuzendaritza eta -ikuskaritza eramatea.

    2. Lehendakariordea: segurtasun publikoaren eskumena duen sailburuak izendatutako sailburuordea, segurtasun-arloan dituen eskumenak aintzat hartuta. Lehendakariaren ordez jardutea dagokio hura falta bada, gaixo badago edo bere zeregina betetzen uzten ez dion beste edozer gorabehera gertatzen bada.

    3. Kontseilukideak:

      1. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendari nagusia.

      2. Segurtasun publikoaren eskumena duen sailak aukeratutako bost ordezkari, sailburuak izendatuak besteak beste arlo hauetan dituzten erantzukizunak aintzat hartuta: polizia eta herritarren segurtasuna; larrialdiak eta babes zibila; trafikoa; udaltzaingoen koordinazioa; kudeaketa ekonomikoa eta aurrekontuak, eta giza baliabideak.

      3. Jaurlaritzan aurrekontu-, ogasun- eta finantza-arloko ardura daukan saila ordezkatzen duen pertsona bat, sail horretako sailburuak aukeratutakoa eta segurtasun publikoaren eskumena duen sailburuak izendatutakoa.

      4. Hiru pertsona Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrien ordezkari gisa. Horietako bi Euskal Autonomia Erkidegoan hedatuen dagoen udalen elkarteak aukeratuko ditu, eta segurtasun publikoaren eskumena duen sailburuak izendatuko ditu. Hirugarrena hiriburuek aukeratuko dute, ados jarrita, beren ordezkari izateko, eta segurtasun publikoaren eskumena duen sailaren titularrak izendatuko du.

      5. Hiru pertsona lurralde historikoen ordezkari gisa, lurralde historikoen artean adostasunez aukeratutakoak eta segurtasun publikoaren eskumena duen sailburuak izendatutakoak.

      6. Ertzaintzan ordezkaritza handiena duten bi erakunde sindikaletako ordezkari bana, erakunde sindikalek beraiek aukeratutakoak.

      7. Euskal Autonomia Erkidegoko Toki Administrazioan ordezkaritzarik handiena duen erakunde sindikalak aukeratutako ordezkari bat.

    4. Idazkaria: Administrazio eta Zerbitzuetako Zuzendaritzaren titularra, hitza eta boto eta guzti.

  2. Zuzendaritza Kontseiluari dagokio:

    1. Akademiaren aurrekontuen aurreproiektua eta urteko memoria onartzea.

    2. Zuzendaritza Nagusiak proposatuta, akademiaren jardueren urteko plana onartzea eta plan hori betetzen dela zaintzea.

    3. Akademiaren barne-araubideari buruzko xedapen orokorren txostena egitea, onartu aurretik.

    4. Zuzendari Nagusiak proposatuta, hautaketa- eta prestakuntza-plan orokorrak onartzea.

    5. Akademiak, bere eginkizunen esparruan, erakunde publiko edo pribatuekin sina ditzakeen hitzarmenak onartzea.

    6. Akademiaren antolaketa- eta funtzionamendu-arauak onartzea. Arau horiek, akordioen araubideari dagokionez, administrazio-prozeduraren legedian kide anitzeko organoetarako xedatutakoa beteko dute.

    7. Kideetako edozeinek proposatutako gaien ardura hartzea eta txostena egitea, eta egoki iritzitako jarduerak Zuzendaritza Nagusiari eskatu eta proposatzea.

  1. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Zuzendaritza Nagusia da erakunde autonomoaren organo betearazlea, erakundearen ohiko zuzendaritza eta ordezkaritza dagozkio, eta akademia osatzen duten zerbitzuen funtzionamendu egokiaz arduratzen da.

  2. Eusko Jaurlaritzaren dekretu bidez izendatu eta kenduko da kargutik haren titularra, segurtasun publikoaren eskumena duen sailburuak proposatuta, eta goi-karguduna izango da sailburuorde mailarekin.

  3. Akademiaren Zuzendaritza Nagusiak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren legezko ordezkaritza dauka, eta haren titularrari dagozkio ikastegiko zerbitzuen eta jardueren zuzendaritza, kudeaketa, koordinazioa eta ikuskapena, baita erakunde autonomoari agintzen zaizkion helburuak betetzeko gainerako eginkizun guztiak ere, baldin eta eginkizun horiek ez bazaizkie beste organo batzuei esleitu.

Akademiaren Administrazio eta Zerbitzu Zuzendaritza ekonomia, ondare eta aurrekontuaren kudeaketa zuzenaren arduraduna izango da, eta akademiako zerbitzu orokorren eta giza baliabideen kudeaketarena, erregelamenduz ezarritako eran. Halaber dagokio akademiaren zuzendari orokorrak, hala dagokionean, eskuordetutako eskumenak betearaztea, baita zuzendaria ordeztea ere, ez dagoenean, haren postua hutsik dagoenean edo gaixorik dagoenean.

  1. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren jarduerak plan estrategikoan, zerbitzu-kartan, prestakuntzarako eta ikerketarako gida-planean eta jardueren urteko planetan oinarritu behar dira.

  2. Bere ikasketa-plan eta -programak idazteko, bere baitan horretarako sortuko den batzorde akademikoak emandako aholku eta laguntza jasoko du akademiak; dena delako ikasketa arloko profesionalak eta adituak bilduko ditu batzorde horrek. Zuzendaritza Kontseiluak izendatuko du batzordea.

  3. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren plana eta urteko programazioa egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetako eskumendun organoek, urte bakoitzeko ekainaren bata baino lehen, akademiari jakinaraziko dizkiote polizia arloetan hurrengo urterako dituzten lanpostuen dotazioari buruzko aurreikuspenak, postu kopurua eta postuen izenak, baita ikastaroaren aurreko hautaketa-prozesuaren deialdia egiteko eta prozesua amaitzeko aurreikusten diren datak ere. Hori guzti hori, bakoitzaren plantilla organikoek eta lan-eskaintza publikoek xedatutakoarekin bat egingo da.

    Modu berean jokatuko da akademiari larrialdi-zerbitzuetako eta babes zibileko langileen eta suteak prebenitzeko eta itzaltzeko eta salbamendu-zerbitzuetako langileen hautaketa-prozesuen kudeaketaren ardura emanez gero.

  4. Era berean, aldizkakotasun berarekin, akademiari jakinaraziko dizkiote espezializazio ikastaroei, etengabeko prestakuntzari eta birziklatzeari dagokienez dituzten beharrizanak, horrela, hala badagokio, prestakuntza-planean integratu ahal izateko.

  5. Akademiak prestakuntza-planaren proiektuan sartuko ditu egokitzat sortzen diren ikastaroak. Horrekin batera, ikastaroen oinarrizko edukiak gai eta arloka banatuta, plaza-kopurua, iraupena eta prestakuntza-ekintza bakoitza zein alditan egingo den adieraziko ditu proeiktuan.

    Akademiak prestakuntza-plana bidaliko die prestakuntzako eskaintza jasoko duten administrazioei, urria baino lehen bidali ere, beren errekurtsoak planifikatzen hasteko.

Akademiak, funtzionamendurako, honako baliabide hauek ditu:

  1. Urtero Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ezartzen diren diru-izendapenak.

  2. Akademiaren jardueragatik legez ezartzen diren tasak eta diru-sarrera publikoak.

  3. Akademiari emandako diru-laguntzak, ekarpenak eta dohaintzak eta Estatuko edo Erkidegoko funtsetatik akademiaren helburuak betetzeko datozen ekarpenak.

  4. Bere ondarea osatzen duten ondasun eta eskubideen errendimenduak, eta ondaretatik sortutako produktu eta errentak.

  5. Akademiak egiten dituen hitzarmenetatik eta haren jarduerengatik jaso ditzakeen ordainak.

  6. Legezko edo erregelamenduzko xedapenen arabera dagokion beste edozein baliabide.

Akademiaren ondare- eta kontratazio-araubidea Euskal Autonomia Erkidegoko ondareari buruzko legedian ezarritakoak eta herri-administrazioen kontratazio-arau orokorrek arautuko dute.

  1. Akademiak urtero aurrekontu-aurreproiektua egin behar du, ogasun-arloan eskumena duen sailak adierazitako egiturarekin, eta segurtasun publikoaren eskumena duen sailera bidali behar du, sailaren aurrekontu-aurreproiektuan sar dezan.

  2. Akademiaren aurrekontu-araubidea Euskadiko Aurrekontu Erregimenari buruzko Legeak ezarritakoa da, irailaren 27ko 1/1994 Legegintza Dekretuaren arabera.

  3. Araubide ekonomiko eta finantzarioa eta kontrol ekonomikoaren eta kontabilitatearen araubidea Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde autonomoentzat ezarritakoa izango da.

  1. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako lanpostuak lan-kontratuko langileei gordetako lanpostu gisa sailkatzen dira. Lanpostuen edukia eta espezialitatea kontuan izanda, zehaztu egin ahal izango da irakaskuntzako, hautaketako edo ikerketako eginkizunak dituzten lanpostuetatik zeintzuk bete ditzaketan polizia-kidegoetako langileek edota suteak prebenitzeko eta itzaltzeko zerbitzuetako edo edozein administrazio publikotako babes zibileko zerbitzuetako langileek.

  2. Antolaketa eta funtzionamendua arautzeko erregelamenduak zehaztuko ditu bai dibisio-buruzagitzen kopurua bai zer funtzio izango duten, kontuan hartuta kokapen hierarkiko berezia eta antolakuntzaren barruko erantzukizun berezia. Dibisio-buruzagitza horiei aplikatuko zaien araubidea izango da segurtasun publikoaren eskumena duen saileko segurtasun-administrazioko zerbitzu lagungarrietako zein Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendaritza-kideentzat modu orokorrean aurreikusten dena.

  3. Polizia-kidegoetako funtzionarioei, suteak prebenitzeko eta itzaltzeko eta salbamenduko zerbitzuetako funtzionarioei, babes zibileko zerbitzuetako funtzionarioei, baita Segurtasun Administrazioko zerbitzu lagungarrietako langileei eta beste enplegatu publiko batzuei ere, irakaskuntzako, hautaketako edo prestakuntzako eginkizunak esleitu ahal izango zaizkie aldi baterako, zerbitzu-eginkizunetan, esleitzean publizitate-, merezimendu- eta gaitasun-printzipioak aintzat hartuta.

    Aurreko paragrafoan aurreikusitako zerbitzu-eginkizunak, gehienez lau urterako eman ahal izango dira, eta iraupen bereko beste aldi batez luzatu ahal izango dira.

    Zerbitzu-eginkizunetan atxikitako langileak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Zuzendaritza Nagusiaren menpe egongo dira funtzionalki, eta lanpostuei edo eginkizunei esleitutako ordainsariak jasoko dituzte. Zerbitzu-eginkizuna, eginkizun batzuk egiteko bada, ordainsariak ezin izango dira inoiz jatorrizko lanposturako adierazitakoak baino txikiagoak izan.

  4. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak ikertzaileak kontratatu ahal izango ditu Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren ekainaren 1eko 14/2011 Legean ezarritakoaren arabera.

  5. Giza baliabideen arloan, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiari dagokio bere lan-eskaintza finkatzea, lanpostura iristeko sistema zehaztea, hautaproben betekizunak eta ezaugarriak zehaztea, baita lanpostuen horniketa eta lanbide-sustapeneko prozeduren deialdia, kudeaketa eta ebazpena ere. Akademiako langileen mugikortasun-araubidea kasuan kasuko enplegu-harremanaren izaerari dagokiona izango da.

  1. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Zuzendaritza Nagusiaren eta Zuzendaritza Kontseiluaren administrazio-egintzek ematen diote amaiera administrazio-bideari.

    Administrazio eta Zerbitzu Zuzendaritzak emandako administrazio-egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Zuzendaritza Nagusiari.

  2. Berrikusteko errekurtso berezia aurkaratutako egintza eman duen organoari aurkeztu behar zaio, administrazio-prozeduraren legediak araututako kasuetan. Organo hori da, era berean, ebazpena emateko eskumena duena.

  3. Auzibide zibilera edo lan-auzibidera jo aurretiko erreklamazioa Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Zuzendaritza Nagusiari aurkeztu behar zaio, hori baita ebazteko eskumena duena.

  1. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako ikasleen diziplina-araubidea erregelamendu bidez ezarriko da, eta hutsegiteak, zehapenak eta irakaskuntzako diziplina-prozedura adieraziko dira.

  2. Hutsegiteen tipifikazioan kontuan izan behar dira bertaratzeko, ikasteko eta ebaluatzeko betebehar akademikoak haustea dakarten egintzak eta, era berean, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako ikasleen bizikidetza-, segurtasun-, uniformetasun- eta jarduera-arauen eta baliabideen kontserbazioko arauen kontrako jokabideak sartu behar dira.

    Amonestazioak eta ikasle izateak berez dakartzan eskubideak kentzea izango dira diziplina-zehapenak.

  3. Ikasleari dagokion edo ikasleak iritsi nahi duen kidegoaren edo egitura profesionalaren diziplina-araubidea aplikatuko da zuzenean, diziplina-hutsegite akademikoak ez diren hutsegite larrien kasuan.

  4. Diziplina-araubideak behar adina bermatuko du arau-hauste eta zehapenen tipizitate-printzipioa, horien arteko proportzionaltasuna eta entzuera-eskubidea, halatan non espedientatu orok alegazioak egin eta frogak proposatu ahal izan ditzan, dagokion ebazpena eman baino lehen, egozten zaizkion jokabideen inguruan.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren segurtasun-sistema Euskal Herriko Poliziaren kidego eta agintariek Ertzaintzak eta udaltzaingoek osatzen dute, Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoei Autonomia Estatutuaren 17. artikuluarekin bat etorriz esleitutako eskumenen kontra ez doan heinean.

  2. Lege honen ondorioetarako, Euskal Herriko Poliziaren zerbitzuen koordinazio-mekanismoak honako hauek dira:

    1. Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde erkideek udaltzaingoak koordinatzeko dituzten ahalmenak, lege honetan definitutakoak.

    2. Polizia-kolaboraziorako eta -lankidetzarako titulu honetan aurreikusitako mekanismo formalak, eta horiek bultzatzeko baliabideak.

  3. Ertzaintzaren eta Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoen arteko koordinazioa Autonomia Estatutuaren 17.4 artikuluan ezarritako Segurtasun Batzordearen bidez egingo da.

  4. Segurtasun publikoaren eskumena duen sailak, lege honetan eta aplikatzekoa den gainontzeko araudian xedatutakoarekin bat etorriz, neurri zehatzak agindu ahal izango ditu segurtasuneko politika publikoetan parte har dezaten bai nahitaezko segurtasun-neurriak izan behar dituzten eta segurtasunerako garrantzitsuak diren jarduerek bai segurtasun pribatuko zerbitzuek.

Kapitulu honetan jasotakoen ondorioetarako, koordinazioaz ari garenean, elkarri informazioa eman, baliabide material eta giza baliabideen dotazioa homogeneo izan eta elkarrekin aritzeko aukera ematen duten bitarteko eta baliabideak finkatzeko jardun-sistemen multzoaz ari gara, alegia, udalerriei nahiz Euskal Autonomia Erkidegoari agindutako jardun-ahalmenek bat egiteko moduan.

  1. Euskadiko udaltzaingoen jardueraren koordinazioa tokiko autonomia errespetatuz egin behar da beti, lege honetan ezarritako beste jardueren kontra joan gabe. Jarduera horien barruan, hauexek:

    1. Esparru-arauak zehaztea, udaltzaingoen antolamendu- eta funtzionamendu-erregelamenduak esparru horretara egokitu daitezen.

    2. Udaltzaingoen egituraren, langile-plantillaren, baliabide teknikoen, uniformetasunaren eta egiaztatze profesionalerako dokumentazioaren homogeneizazioa bultzatzea.

    3. Aplikatzekoa den araudiaren esparruan, udaltzaingoetako kideen hautaketa, prestakuntza, sustapen eta mugikortasunerako oinarrizko irizpideak finkatzea.

    4. Tokiko polizien prestakuntza profesionala koordinatzea.

    5. Udaltzaingoetako kideen araubide juridikoa (eskubideak, betebeharrak eta diziplina-araubidea) finkatzea, aplikatzekoa den araudiaren esparruan.

    6. Udalerrien arteko lankidetza aurreikusi eta bilatzea, inoiz premiazko egoera bereziren batean halakorik behar izanez gero, laguntza hartu edo eman ahal izateko.

    7. Estandarrak ezartzea informatika eta telekomunikazioen arloan, datuak eta txostenak transmititu eta gertakari nahiz baliabideak kudeatu zein bideratu ahal izateko, datuen babesari buruzko araudian ezartzen den eran.

    8. Arau bidez zehaztea udaltzainek zer-nolako armak erabili behar dituzten.

    9. Uniformeen, ikurren, bereizgarrien, ekipoen, ibilgailuen eta uniformatzeko moduko gainerako udaltzain-osagarrien ezaugarri komunak zein izango diren zehaztea, operazioetako efektibitatea bermatzeko eta udaltzainak jendartean erraz identifikatzeko modukoak izan daitezen; halere, udalerri bakoitzak aukera izango du bere osagarri bereziak ere jartzeko.

    10. Informazioa eta aholkua ematea kontu horiei buruz galde egiten dieten tokiko erakundeei.

    11. Koordinazio-tresnei ikuskapenak egiteko neurriak hartzea.

  2. Koordinazioko zereginak udalerrietan segurtasun-lanak egiten dituzten langileetara ere zabaltzen dira, direla jagoleak edo mugikortasun-agenteak.

Udaltzaingoen koordinazio-organoak hauexek dira:

  1. Gobernu Kontseilua: lege honen barruan, koordinazio-arau orokorrak agintzen ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko Udaltzaingoak Koordinatzeko Batzordearen txostena aztertu ondoren.

  2. Segurtasun publikoaren eskumena duen sailaren egitura-dekretuan zehazten diren organoak, eta haien eginkizuna izango da udaltzaingoak koordinatzeko neurriak bultzatzea, haien eragingarritasuna zaintzea eta laguntza eta aholkua ematea udalei, baldin eta koordinazio-arau orokorrak betetze aldera halakorik eskatzen badute.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoko Udaltzaingoak Koordinatzeko Batzordea.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Udaltzaingoak Koordinatzeko Batzordea da udaltzaingoak koordinatzeko kontsultarako organoa, eta segurtasun publikoaren eskumena duen sailari dago atxikia.

  2. Honako kide hauek osatzen dute batzordea:

    1. Segurtasun publikoaren eskumena duen sailburuak, lehendakari gisa.

    2. Segurtasun publikoaren eskumena duen saileko hiru ordezkarik, sailaren titularrak izendatuak.

    3. Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historikoetako hiriburuetako alkateek, edo beren ordezkari izateko hautatu dituzten zinegotziek.

    4. Udalerrietako lau ordezkarik: Euskal Autonomia Erkidegoko euskal udalen elkarterik edo federaziorik zabalduenak izendatuko ditu alkateen artean, edo alkateek ordezkari izendatzen duten zinegotzien artean.

    5. Udaltzaingoetako funtzionario batek, Euskal Herriko Tokiko Administrazioan ordezkari gehien daukan sindikatuak izendatua.

    6. Autonomia-erkidegoko administrazioko karrerako funtzionario batek: segurtasun publikoko eskumena duen sailburuak izendatuko du, Zuzenbideko Lizentziatura daukatenen artetik. Idazkari jardungo du, hitza bai baina botorik ez duela.

  3. Batzordearen bileretan egoteko eskubidea izango dute bilera horretarako deia jaso duten aholkulari eta espezialistek, hitza bai baina botorik ez dutela, hala nola udaltzaingoko agintarien elkargo ofizialetako ordezkariek.

  4. Honako zereginak ditu batzordeak:

    1. Txostenak ematea, gehienez hilabeteko epean, udaltzaingoen arloko xedapen orokorren inguruko proiektuei buruz.

    2. Poliziaren zerbitzuak hobetzeko, poliziako langileen prestakuntza eta perfekzionamendua hobetzeko eta beren esku dauden baliabide tekniko eta materialen homogenizazioa lortzeko neurriak proposatu.

    3. Lege honek koordinatzen dituen kontuetan aholku ematea segurtasun publikoaren eskumena duen sailari, sail horrek eskatzen dizkion txosten tekniko guztiak prestatuz Udaltzaingoaren egitura, antolaketa, funtzionamendu eta bitarteko teknikoei buruz edo horrekin lotutako beste edozein gairi buruz.

  1. Udaltzaingoen Erregistroa eratzen da honen bidez, segurtasun publikoaren eskumena duen sailari atxikia, kapitulu honetan jorratutako koordinazio-lan hori ondo betetzeko, akreditazio profesionalerako dokumentuak emateko eta denok erabiltzeko sare eta sistema informatikoetara jo ahal izateko.

  2. Erregistro horren barruan sartzen dira udaltzaingoetako kide guztiak, bai eta, arauak hala ezarri ahala, udal-jagoleak eta mugikortasun-agenteak ere.

  3. Erregistroan jarriko dira izena eta abizenak, nortasun agiri nazionalaren zenbakia, jaiteguna eta sexua, zenbaki profesionala, maila profesionala eta zerbitzuko alta- edo baja-egoera; halaber, jarriko dira ondoko eginkizunetarako behar-beharrezko, egoki eta ez-gehiegizko diren eta araubidez zehaztuko diren datu profesionalak ere: akreditazio profesionalerako dokumentuak emateko eta mantentzeko; erabilera komuneko sare eta sistema informatikoetarako sarbidea errazteko, hala behar bada, eta kapitulu honetan aurreikusten diren koordinazio-eskumenak betetzeko. Datu guztiak jarrito dira izaera pertsonaleko datuak babesteko legedian ezarritakoari jarraiki.

  4. Udalek erroldan jasotzen diren beren langileen datuak eguneratuta izan beharko dituzte.

Udaltzaingoetako kide guztiek eraman beharko dute aldean akreditazio profesionalaren agiria, zeina segurtasun publikoaren eskumena duen sailak egingo eta dagokion udal-organo edo -agintaritzak emango baitu. Agiriak arauz ezarritako ezaugarri fisiko eta segurtasunezko komunak jasoko ditu, eta bertan agertuko da, gutxienez, zein udalerritan daukan jatorria, zein kategoria profesionaletakoa den eta erregistro indibidualaren zenbakia.

  1. Segurtasun publikoaren eskumena duen sailak eta udalerriek Ertzaintzaren eta udaltzaingoen arteko jarduera koordinatu eta bateratua bideratuko dute, behar izanez gero, beren eskumen-eremuan sortzen diren arazoei eraginkortasun handiagoz aurre egiteko, bakoitzak bere eskumenen barruan eta kapitulu honetan ezarritako koordinazio-mekanismoen arabera.

  2. Ertzaintzak eta udaltzaingoek elkarri lagundu eta informazioa eman beharko diote, bakoitzak bere eginkizunen barruan.

  3. Segurtasun publikoaren eskumena duen sailak erabilera komuneko komunikazio-sare bat sortu eta mantenduko du konektatzeko bai Ertzaintza eta udaltzaingoak elkarrekin bai bi horiek segurtasun publikoaren sistemako gainontzeko zerbitzu profesionalekin ere.

    Segurtasun publikoaren eskumena duen sailak eta udalerriek Ertzaintzaren eta udaltzaingoen komunikazio-zentralen arteko komunikazioa gauzatuko dute.

  4. Segurtasun publikoaren eskumena duen sailak behar diren neurriak hartuko ditu udaltzaingoak Euskal Herriko Poliziaren Datu Bilketarako Zentroan sar daitezen, lege honen 46. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

  5. Segurtasun publikoaren eskumena duen sailak eta udalerriek polizia-instalazioen erabilera partekatua eta zerbitzu komunen sorrera bultzatuko dute, eta, era berean, agiri, inprimaki eta formulario komunen erabilera bultzatuko dute, udaltzaingoek eta Ertzaintzak erabiltzeko, bakoitzak bere eskumenen barruan.

  1. Tokiko polizia-koordinaziorako batzordeak polizia-zerbitzuen esku-hartzeak koordinatzeko organoak dira, Autonomia Estatutuaren 17. artikuluko 4. paragrafoan Ertzaintzaren eta Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoen arteko koordinazioari buruz xedatutakoaren kalterik gabe.

  2. Herri-mailako poliziak koordinatzeko batzordeak eratuko dira hiriburuetan eta Ertzaintzaren lurralde-mugape bakoitzean, arauz ezarritako baldintzetan.

  3. Herri-mailako poliziak koordinatzeko batzordeetan egongo da Ertzaintzako eta dagokion lurralde-mugapeko udaltzaingoko arduradunik eta bai polizia-kidego propiorik ez edukitzeagatik bat egiten duten beste udalerrietako arduradunik ere.

  4. Ertzaintzaren eta udaltzaingoen polizia-zerbitzuen koordinazioa eta lankidetza dira tokiko polizia-koordinaziorako batzordeen helburua, esleituta dituzten eginkizunak betetzen dituztenean, betiere, kidego bakoitzaren eskumenak errespetatuz; horretarako, hauek egin ahal izango dituzte:

    1. Dagokion lurralde-esparruan, segurtasun publikoaren egoera aztertzea.

    2. Polizia- eta delitu-jardueren hileko laburpenak, informazioa eta datu estatistikoak trukatzeko prozedurak eta eduki zehatzak ezartzea, udalerri bakoitzean udalerriko segurtasunerako garrantzitsutzat jotzen diren alderdiak zehaztuz.

    3. Jarduteko irizpide berdinak sortzea denentzat eta prebentzioko segurtasunaren arloko erantzukizun operatiboak banatzea, eta lankidetzarako arau eta prozedurak finkatzea.

    4. Delitu-egintzak prebenitzeko protokolo eta jarduera-planak egitea, segurtasun publikoaren plangintzatik eratorritako irizpide eta jarraibideak kontuan hartuta.

    5. Ertzaintzak toki-erakundeei legez ezarritako kasuetan egindako laguntza-eskabideez arduratzea, horien gaineko informazioa ematea eta bideratzea.

    6. Polizia-zerbitzuen artean elkarrekiko informaziorako eta datuak koordinatzeko sistemak aplikatzean sor daitezkeen gorabeherak ebaztea.

    7. Batzordearen esparruan jarduten duten Euskal Herriko polizia-kidegoen arteko gorabeherez arduratzea.

  5. Tokiko polizia-koordinaziorako batzordeen osaera eta araubidea erregelamendu bidez arautuko dira.

  1. Segurtasun publikoaren eskumena duen sailak polizia-lankidetzarako hitzarmenak sinatzeko aukera dauka horretarako interesa duten udalekin, lankidetzarako eta elkarlanerako modu eta prozedurak zehazteko.

  2. Lankidetza-hitzarmenetan, gutxienez, hauek ezarriko dira:

    1. Helburuak eta xedeak.

    2. Kidegoen artean zerbitzuak mugatzea eta esleitzea, legez ezarritako eginkizunen arabera, kidego bakoitzak berak bakarrik eskaintzen dituen zerbitzuak eta zerbitzu konpartituak zeintzuk diren adieraziz.

    3. Presentzia polizialaren estandar orokorrak.

    4. Lankidetzaren irismena eta protokoloak polizia-informazioaren alorrean eta koordinazio operatiboaren esparruan eta, hala badagokio, batera jarduteko planak egiteari edo baterako kudeaketako zerbitzuak eskaintzeari dagokienez.

    5. Emaitzak ebaluatzeko adierazleak.

  3. Dena delako lurraldeko polizia-baliabideak optimizatzeko asmoz, hitzarmen horien bidez, udaltzaingoek polizia judizialeko zereginetan ere lagun dezatela erabaki ahal izango da, salaketak jasotzeko lanetan eta zehaztutako legez kontrako egintzei eta arloei buruzko ekintzen ikertze-lanetan, betiere, udaltzaingoko kideek ardura horiek hartzeko besteko gaitasun operatiboa, baliabide teknikoak, prestakuntza eta esperientzia badituzte.

  4. Lurralde historikoetako hiriburuetako udaltzaingoen kasuan, lankidetza-hitzarmenetan jasota utziko da Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legearen 27. artikuluak udaltzainentzat bereziki jasotzen dituen zereginez aparte, hiritarren segurtasuna bermatzeko zerbitzu eta zereginetan ere parte hartuko dutela, baita hurbileko poliziaren eta polizia judizialaren zereginetan ere, parte-hartze horren eremu materialaren barruan definitu eta mamituko diren arauen arabera.

  1. Segurtasun publikoaren eskumena duen sailaren egitura organikoaren barruan, Euskal Herriko Poliziaren Datu-bilketarako Zentroa sortzen da, datuak fitxategi automatizatuetan biltzeko, gordetzeko, lantzeko, sailkatzeko eta kontserbatzeko administrazio-organo izateko. Polizia-zerbitzuek beren eginkizunak betetzeko beharrezko dituzten datuak izango dira datu horiek, bai eta subjektu baimenduei jakinarazteko datuak ere.

  2. Arauak ezarriko dira Euskal Herriko Poliziaren Datu Bilketarako Zentroaren egitura eta segurtasun-baldintzak zein izango diren finkatzeko. Polizia-zerbitzuari lotutako izaera pertsonaleko datuak dauzkaten fitxategiak segurtasun publikoaren eskumena duen saileko titularraren agindu baten bidez sortuko dira.

  3. Zentroa segurtasuneko beste indar eta kidego batzuekin koordinatuko da, indarrean dagoen legedian aurreikusitako baldintzetan.

  1. Udaltzaingoak Euskal Herriko Poliziaren Datu Bilketarako Zentroan integratuko dira eta beren datuak erantsiko dituzte, segurtasun publikoko eskumena duen sailaren eta kasuan kasuko udalen arteko protokolo egokietan zehazten den eran eta moduan.

  2. Txertaketa horren helburua da polizia-jarduna eraginkorra izango dela bermatzea, Udaltzaingoei aukera emanez Euskal Herriko Poliziaren Datu Bilketarako Zentroan jasotako informazioa eskuratzeko, Udaltzaingoaren zereginetarako behar dutena, betiere, horretarako ezarritako segurtasun-mailen eta mugen barruan. Horrez gain, udaltzainek herritarrei segurtasuna ematen eta Polizia judizialari laguntzen sortzen duten poliziarako informazioa ere Euskal Herriko Poliziaren Datu Bilketarako Zentroan txertatuko da berdin-berdin.

  3. Arau-hauste penal eta administratiboen, eta herritarren segurtasunaren eta polizia judizialaren arloan udaltzaingoek egiten dituzten jarduerekin lotutako pertsona eta ibilgailuen gaineko datuak, Euskal Herriko Poliziaren Datu Bilketarako Zentroan sartuko dituzte udaltzaingoek, segurtasun publikoaren eskumena duen sailak ezartzen dituen prozedura eta irizpideen arabera.

  4. Segurtasun publikoaren eskumena duen sailak, Euskal Herriko Poliziaren Datu Bilketarako Zentroan txertatzeko protokoloek agintzen dutena betez, beharrezko erreminta eta tresna guztiak emango dizkie udalerriei, beren datuak zentro horretara transferitzea erabat segurua izan dadin.

  1. Euskal Herriko Poliziaren Datu Bilketarako Zentroaren funtzionamendua abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan, Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzkoan, eta otsailaren 25eko 2/2004 Legean, Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzkoan, xedatutakora egokituko da, polizia-xedeetara lotutako datuei buruz ezarritako berezitasunekin.

  2. Administraziorako besterik biltzen ez diren polizia-zerbitzuari lotutako izaera pertsonaleko datuak dauzkaten fitxategiak, jabetza publikoko fitxategiak direnez, aurreko paragrafoan aipatutako legeetan ezartzen den araubide orokorrari atxikita egongo dira.

  3. Euskal Herriko Polizia-kidegoek izaera pertsonaleko datuak polizia-xedeetarako biltzea eta tratatzea, datu horien helburuaren berarengatik eta norakoarengatik interesdunaren adostasuna eskatzea ezinezkoa denetan, segurtasun publikorako arrisku benetakoen ez arrisku hipotetikoen prebentzioan beharrezko direnetara mugatuko dira, edo arau-hauste penalak erreprimitzeari lotuta egongo dira. Datu horiek, gainera, horretarako sortuko diren berariazko fitxategietan biltegiratuko dira, eta fitxategi horietan, haietan dauden datuen fidagarritasun-mailaren sailkapena jasoaraziko da.

  4. Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 7.2 eta 3 artikuluaren arabera bereziki babestutako datuak direnean, berriz, datu horiek biltzea eta tratatzea ikerketa zehatz batekin zuzenean lotuta egongo dira, eta lege horretan datu horien tratamenduari eta ezabapenari buruz ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

  5. Terrorismoa eta antolatutako delinkuentzia larriak ikertzeko fitxategiei dagokienez, fitxategiko arduradunak datuak babesteko eskumena daukan organoari jakinaraziko dio halako fitxategia badaukatela, eta bere ezaugarri orokorrak eta helburua zein diren ere adieraziko dio, justu fitxategi hori eratu aurretik (hala agintzen du Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 2.2.c) artikuluak).

  6. Berariazko araudiaren bidez eraentzen dira Euskal Herriko Polizia-kidegoek bideo-kamerak erabiliz lortzen dituzten irudi eta soinuetatik datozen datu pertsonalak biltzea eta lantzea, Segurtasun Indar eta Kidegoek toki publikoetan bideo-kamerak erabiltzea arautzen duen abuztuaren 4ko 4/1997 Lege Organikoarekin bat etorriz, bai eta Eusko Jaurlaritzak lege hori garatzeko emandako erregelamenduzko arauekin bat etorriz ere.

  7. Berariazko araudiaren bidez eraentzen da, era berean, estatistiketarako besterik ez diren eta funtzio estatistiko publikoari buruzko legeen babesean dauden datu pertsonalen tratamendua.

  1. Polizia-kidegoren bat duten udalerriek hitzartu ahal izango dute, segurtasun publikoaren eskumena duen sailak baimena eman ondoren, beste udalerri batzuetako udaltzaingoko funtzionarioek, banaka zehaztuta, haien udal-mugarteetan jardun ahal izatea aldi jakin batean, funtzio publikoari buruzko legedian jasota datozen mekanismoak aplikatuta, zerbitzuen aldi baterako gutxiegitasuna dela-eta langile-talde baten zuzkidura indartzea beharrezko denean.

  2. Artikulu honen arabera norberaren udal-mugartetik kanpo egiten diren zerbitzuak, betiere, jarduten den udalerriko alkatearen burutza gorenaren pean egingo dira, eta alkateak berak izendatuko du aginte operatiboa, zerbitzuaren izatasunaren eta berezitasunen arabera.

  1. Elkarren mugan dauden euskal udalerriek aukera daukate bazkidetzeko, segurtasun publikoaren eskumena duen sailak baimena ematen badu, poliziaren zerbitzuak emateko, bakoitzak bere aldetik ez baldin badauka horretarako nahikoa baliabide; nolanahi, elkartutako udalerrietako batek ere ezin ditu eduki 20.000 biztanle baino gehiago, eta elkartuta ere ezingo dute 50.000 biztanle baino gehiago eduki, eta biek ere arauak ezarritako baldintzak errespetatu beharko dituzte.

  2. Elkartze-akordioek, gutxienez, alderdi hauek zehaztu beharko dituzte:

    1. Kidegoaren burutza beteko duen kide bakarreko organoa.

    2. Zerbitzu-prestazioaren uniformetasuna elkartutako udalerri bakoitzean.

    3. Burutzaren kokapena eta zerbitzuaren bulegoak.

    4. Funtzionatzeko eta finantzatzeko araubidea, eta zein udal-organok hartuko duten laguntzeko zerbitzuen zeregina.

    5. Elkartea desegiteko prozedura.

    6. Elkartearen antolaketarekin, funtzionamenduarekin eta garapenarekin lotutako beste alderdi batzuk.

Eusko Jaurlaritzak erregelamendu bidez garatuko du, segurtasun publikoari eta pribatuari buruzko estatu-legediak eta honako lege honetan xedatutakoak zehazten duten esparruan, pertsonek eta enpresa pribatuek Euskadin segurtasuneko eta ikerketetako eginkizunak betetzeko galda daitezkeen eskakizun eta baldintzak, bai eta, delitu-egintzak prebenitzeko enpresek edo establezimenduek hartu behar dituzten segurtasuneko neurriak ere.

Segurtasun publikoaren eskumena duen sailak segurtasun publikoaren sistemaren eta sistema horren jarduera osagarrien arteko lankidetzako eta koordinazioko mekanismo batzuk jarriko ditu abian, eta horretarako:

  1. Industriako, merkataritzako edo zerbitzuetako enpresek herritarren segurtasuneko eta segurtasun pribatuko legedian delitu-egintzak prebenitzeko aurreikusita dauden segurtasuneko neurriak hartzea agindu ahal izango dute.

  2. Komunikazio-kanalak instituzionalizatu ahal izango dituzte, eta segurtasun pribatuko enpresa eta langileei jarraibide eta gidalerroak igortzea erraztu ahal izango dute.

  3. Gertakari kritikoetan erantzuna planifikatu ahal izango dute, eta segurtasun pribatuko enpresa eta langileentzako laguntza bilatu beren eginkizunak betetzean, polizia-indarrekin edo segurtasun publikoaren sistemako beste alde batzuekin.

  4. Segurtasun pribatuko enpresa eta langileen jarduerei buruzko polizia-kontrola segurtatu ahal izango dute.

  5. Polizia-kidegoen eta segurtasun pribatuaren arteko lankidetza gainbegiratu ahal izango dute.

  1. Segurtasun publikoaren eskumena duen sailak ebatziko du Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde komunen eraikin eta instalazio publikoek behar dituzten babes- eta segurtasun-neurriak ezartzeaz, eraikin eta instalazio horien ardura duen administrazioarekin komunikatu eta gero.

  2. Foruen eta tokiko erakundeen titularitateko eraikin eta instalazio publikoen babesa eta segurtasuna bakoitzaren administrazioaren eskumena da.

  1. Segurtasun publikoaren eskumena duen sailak, interes publikokoa bada, planifikatu eta koordinatu ahal izango du mehatxua edo jazarpena jasaten duten pertsona edo erakundeak babesteko zerbitzua, bai polizia-zerbitzu publikoaren bitartez, bai berariaz horretarako kontratatutako segurtasun-zerbitzu pribatuak erabiliz.

  2. Eta, horretarako, eman beharreko jarraibideak emango ditu, Segurtasun Pribatuaren Legearen 1.4 artikuluan ezarritakoaren arabera orokorrean eman daitezkeen jarraibideei kalte egin gabe.

  1. Segurtasun publikoaren eskumena duen sailak ebatziko du azpiegitura kritikoetan babes-neurriak ezartzearen gainean, baldin eta azpiegitura horien jarraitutasuna oinarrizkoa bada eta haiek eteteak edo hondatzeak eragin larria izan badezake funtsezko zerbitzu publikoetan, gai horri buruzko Europako eta Estatuko araudiak xedatzen duenaren eta lege honen garapenean ematen denaren esparruan.

  2. Azpiegitura kritiko katalogatuen kudeatzaileek segurtasuneko planak eduki beharko dituzte, azpiegitura kritiko horien funtzionaltasuna, jarraitutasuna eta osotasuna segurtatzeko, azpiegitura haien kontra nahita egindako eraso batek sortutako kaltea prebenitze, arintze eta indargabetze aldera, eta jarduketa horiek beste subjektu arduradun batzuetatik, nork bere eskumen-eremuaren barruan, datozen gainerako jardunekin integratzea bermatze aldera.

  3. Segurtasun publikoaren eskumena duen sailak beharrezko diren laguntza operatiboko planak prestatuko ditu, horrelako azpiegitura bakoitzeko segurtasun-arduradunarekin lankidetzan, herri-administrazioen eta gizartearentzako funtsezko zerbitzuak ematen dituzten azpiegituren erakunde eta organismo kudeatzaile edo jabeen arteko koordinazioa eraginkorra izan dadin.

  4. Artikulu honetan aipatzen diren segurtasuneko planak larrialdietako eta babes zibileko araudiak galdatzen dituen planekin integratzea eta koordinatzea bilatuko da, bai eta segurtasun pribatuko araudiaren arabera nahitaezko diren gainerako segurtasun-neurriekin ere.

Segurtasun publikoaren eskumena duen sailari dagokio segurtasun pribatuaren arloko Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren legedia betearaztea, eta horretarako, eskuduntza hauetaz baliatzen da:

  1. Egoitza soziala Euskadin dutela, beren jarduerak Euskadiko lurraldea gainditzen ez duten segurtasun pribatuko enpresei baimena ematea.

  2. Euskadin segurtasun pribatuaren arloan egiten diren jardunak ikuskatzea eta zehatzea.

  3. Segurtasun pribatuaren arloko langileak prestatzeko zentroak baimentzea.

  4. Segurtasuneko eta ikerketako zerbitzu pribatuak Ertzaintzarekin eta udaltzaingoekin koordinatzea.

  1. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak, era berean, lege honetako 52. eta 54. artikuluetan aipatzen diren eraikin, instalazio eta azpiegituretan babeseko eta segurtasuneko eginkizunak egiten dituzten langileei berariaz zuzendutako prestakuntza-jarduerak prestatuko, emango eta baliozkotuko ditu, bai eta 53. artikuluan aipatutako babes-zerbitzuak ere.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo Administrazio horren sektore publikoa osatzen duten erakundeek deitutako jagoletzako eta segurtasuneko kontratu publikoen baldintza-agiriek klausula bat jaso beharko dute, eta han segurtasun pribatuko enpresen betebeharra ezarriko da, hau da, enpresa horiek halako zerbitzuetara bideratzen dituzten langileei Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak zehazten duen hasierako edo aldizkako prestakuntza ematekoa.

  1. Euskadiko Segurtasun Pribatua Koordinatzeko Batzorde Mistoa sortzen da, eta xede izango du ordezkatuta dauden sektore guztien esperientziak trukatzea, segurtasuneko enpresen eta Administrazioaren artean koordinatzeko irizpideak proposatzea, segurtasun pribatuko langileen prestakuntzako jarduerak proposatzea eta batzordean ordezkatuta dauden antolakundeei kontsulta egiteko bidea izatea.

  2. Batzordea osatuko dute segurtasun pribatuko enpresen sektorearen ordezkariek, segurtasun pribatuko antolakunde profesionalen ordezkariek, sektorean ordezkaritzarik handiena duten sindikatuen ordezkariek eta segurtasun-neurriak edukitzera behartuta dauden erekundeen ordezkariek, bai eta segurtasun publikoaren eskumena duen sailaren ordezkariek ere.

  3. Batzorde honen osaera eta antolaketa erregelamendu bidez arautuko da eta aurreko paragrafoan aipatu diren sektoreen ordezkaritza bermatu beharko du.

  1. Euskal herri-administrazioek, nork bere eskumenen esparruan, larrialdiei aurre egiteko eta babes zibilerako sistema bat eratzen dute, sistema integratu eta bateragarria, era guztietako larrialdien arreta eta kudeaketa bilatzen duten Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioen multzoaren plan, prozedura, mekanismo, bitarteko eta baliabide guzti-guztiek osatzen dutena.

  2. Larrialdiei aurre egiteko eta babes zibilerako euskal sistemak honako hau hartzen du bere baitan: etorki natural, teknologiko edo antropikoko era guztietako arriskuek edo mehatxuek pertsonei, ondasunei eta ondare kolektiboari eragindako kalteak ekiditeko, murrizteko edo zuzentzeko ekintza-multzoa, arrisku edo mehatxu horien ondorio potentzial edo eraginkorren zabaltasunak edo larritasunak eraginpe kolektibo larria, hondamendia edo herri-lazeria dakarrenean, bai eta horrelakoak eragin ditzaketen beste urgentzia- eta larrialdi-kasu batzuetan edo hainbat zerbitzu eta operatiboren koordinazioa eskatzen dutenetan ere.

    Aurrekoan sartzen dira hondamendiak edo herri-lazeriak eragin ditzaketen gertakari meteorologikoak, bereziki klima-aldaketaren eraginaren ikuspegitik eragin daitezkeenak.

Larrialdiei aurre egiteko eta babes zibilerako euskal sistemak babestu beharreko elementu kalteberak, honako hauek dira:

  1. Pertsonak eta pertsonen osotasuna.

  2. Biztanleentzako oinarrizko edo funtsezko zerbitzuak.

  3. Azpiegitura kritikoak eta gainerako azpiegitura eta zerbitzu publikoak.

  4. Ingurumena eta biodibertsitatea.

  5. Ondasunak, oro har.

  6. Giza eta gizarte-jarduerak, eta jarduera horien garapen normala.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko pertsona eta ondasunak babesteko, laguntzeko eta sorosteko helburuz jarduten diren elkarte, erakunde edo instituzio guztiek osatzen dute larrialdiei aurre egiteko eta babes zibilerako euskal sistema.

  2. Larrialdiei aurre egiteko eta babes zibilerako sistemaren zerbitzu funtsezkotzat eta oinarrizkotzat hartzen dira administrazio batek zuzenean edo zeharrean ematen dituenak, baldin eta beharrezkoak badira larrialdi egoeretan, egonkorrak direlako, hainbat diziplina biltzen dituztelako edo espezialitatekoak direla, hala nola:

    1. Alerta sarearen zerbitzuak, Metereologiako Euskal Zerbitzua barne.

    2. Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroa.

    3. Koordinatuta Eskuhartzeko Zerbitzua.

    4. Suteak prebenitu eta itzaltzeko zerbitzuak eta sallbamendu-zerbitzuak.

    5. Segurtasun-indar eta -kidegoak.

    6. Larrialdietako asistentzia sanitarioko zerbitzuak.

    7. Basoko suteen kontrako zerbitzuak.

    8. Sorospen, erreskate eta salbamenduko zerbitzuak.

  3. Ostera, zerbitzu osagarriak dira, hain justu, administrazioek, profesionalen edo boluntarioen talde edo elkarte publiko nahiz pribatuek emandakoak izanda, larrialdietarako mobilizatzen direnak, baina funtsezko zerbitzuen lana osatzeko. Honako hauek dira:

    1. Babes zibileko boluntarioak.

    2. Segurtasun-arloko elkarte tekniko eta profesionalak, segurtasunaren arau-eremuetako baten batean jarduteko edozein akreditazio izanda, borondatez edo administrazio publikoaren batek eskatu diolako beren laguntza ematen dutenak.

    3. Enpresako su-hiltzaileak.

    4. Administrazio publikoen zerbitzuetatik sistemarako funtsezko edo oinarrizkotzat jotzen ez direnak, esate baterako, errepideak eta obra publikoak zaintzeko zerbitzuak, aterpetxeen eta gizarte-zerbitzuen sarea.

    5. Egiten duten lana dela-eta, herritarrei laguntza emateko zerbitzurako beharrezko jotzen diren enpresak, publikoak nahiz pribatuak. Horren barruan sartzen dira telekomunikazio-sareak, eta ur, gas eta argindarraren sareak hornitzea, mantentzea eta zaintzea.

    6. Beste bitarteko lagungarri batzuk.

  1. Euskal Herriko herri-administrazioen jarduna, betiere, Larrialdiak Kudeatzeko buruzko apirilaren 3ko 1/1996 Legean xedatutakora egokituko da, alde batera utzita babes zibilaren gaineko estatu-legediak erkidegoaz gaindiko interesen bat dagoenerako xedatzen duena.

  2. Euskal Herriko herri-administrazioek arlo honetan duten jardunak beharrezko jarduketen koordinazio, zuzendaritza eta kontrol eraginkor bati erantzungo dio, eta beren harremanetan lankidetzaren eta leialtasun instituzionalaren printzipioen pean geratuko dira.

  1. Larrialdien kudeaketari buruzko araudian biltzen diren aurreikuspen orokorrak, orobat, aplikaziokoak izango zaizkie asmo kriminalez eragiten diren larrialdiei, kontuan izanda biktima anitzen edo azpiegitura jakin batzuen babesak eskatzen duen tratamendu berezia.

  2. Babes zibileko kasuan kasuko planetan lehentasunez jasoko dira Ertzaintzak terrorismoaren arloan, legeek ezarritako baldintzetan, betetzen dituen polizia judizialeko eta ikerketa kriminaleko eginkizunak, eta eginkizun horiek aurreikusten diren gainerako neurriekin koordinatuko dira.

  3. Biktima anitzeko kasuetan, auzitegietako medikuen eta polizia zientifikoaren jardunak elkarlanean eta batera jarduteko garatuko diren antolaketa arloko protokolo eta prozedurak ere horrelako kasuetarako aurreikusten diren babes zibileko planetan sartuko dira.

  1. Euskadiko Bide Segurtasuneko Batzordea segurtasun publikoaren eskumena duen sailari atxikitako aholku-organo bat da, honako hauetaz arduratzen dena: alde batetik, bide-segurtasunean eragiten duten eskumenez baliatzen diren herri-administrazioen koordinazioa errazteaz, eta, beste alde batetik, koordinazio horren hobetzea bultzatzeaz, trafikoarekin eta bide-segurtasunarekin lotutako erakunde publiko eta pribatuen elkartzearen eta parte-hartzearen bidez.

  2. Euskadiko Bide Segurtasuneko Batzordeak prestatzen diren bide-segurtasunaren arloko plan estrategikoak aztertuko ditu, plan horiek Eusko Jaurlaritzak onartu baino lehenago, eta jardute-plan bateratuak proposatu ahal izango ditu, aldez aurretik haietan finkatutako gidalerroak betetzeko edo batzordearen onarpenetik pasarazteko.

  3. Euskadiko Bide Segurtasuneko Batzordea osatuko dute polizia, larrialdi eta babes zibil, zirkulazio eta bide-segurtasun, hezkuntza, osasun, garraio eta errepideen eskumenak dituzten euskal administrazio publikoen ordezkariek eta Eudel Euskadiko Udalen Elkartearen ordezkariek.

    Erregelamenduaren bidez haunditu ahal izango da batzordearen osaera bide-segurtasunean lan egiten duten beste sektore ekonomiko edo profesionale batzuek ere parte hartzeko, hala nola autoeskolek, autobideen emakidadunek, unibertsitateak eta abarrek.

  1. Bide-segurtasunaren arloko plan estrategikoek eta jardute-planek zehazten dituzte bide-segurtasunean inplikatuta dauden eragile publiko zein pribatuen multzoaren lerro estrategikoak, programak eta ekintzak, honako helburu hauekin: zirkulazioko segurtasuna gehitzea, istripu-tasa murriztea, mugikortasun iraunkorra bilatzea, gidakeran eta zirkulazioan aldaketa kulturala bultzatzea, biktimak dituzten istripuen etengabeko beherapena eta trafiko-arloko arrisku handiko portaerekiko arbuioa eragiteko.

  2. Euskadiko Bide Segurtasunaren arloko Plan Estrategikoa Jaurlaritzaren Kontseiluak onartuko du, segurtasun publikoaren eskumena duen sailburuaren proposamenez eta Euskadiko Bide Segurtasuneko Batzordeak aztertu ondoren.

    Euskadiko Bide Segurtasunaren arloko Plan Estrategikoa onartu eta Eusko Legebiltzarrari bidaliko zaio hark ezagutu dezan.

  3. Bide Segurtasunaren arloko Plan Estrategiko hori trafikoaren arloan eskudun diren segurtasun publikoaren eskumena duen saileko organoek garatuko dituzten urteko jardute-planen edo sektore-programen bidez jarriko da abian.

  4. Udalerriek ere beren hiri-eremuan bide-segurtasuneko planak prestatzea sustatuko da, Euskadiko Bide Segurtasunaren Arloko Plan Estrategikoan ezartzen diren gidalerroei jarraituz.

  1. Segurtasun publikoaren eskumena duen sailak, herritarren segurtasuneko eta segurtasun pribatuko araudiak xedatzen duenarekin bat etorrita, ikuskizun eta jolas-jardueretan beharrezko segurtasun neurriak hartzea agintzeko ahalmena dauka, dena delako ekitaldi horiek martxan direla norbaitek egin ditzakeen delituak prebenitzeko edo ekitaldiak egiteak ekartzen dituen arriskuak edo kalte-egoerak ekiditeko.

  2. Segurtasun pribatuko zerbitzua edukitzera behartuta egongo dira, beharrezko gertatzen den proportzio, kopuru eta baldintzetan (eta segurtasun pribatuko legeditan ezarrita dauden baldintza eta eskakizunekin), 700 pertsonatik gorako edukiera duten lokal edo barrunbeetan egiten diren jendaurreko ikuskizunak edo jolas-jarduerak, bai eta, dagoen arriskuari edo kalteberatasunari erantzunez, segurtasun publikoaren eskumena duen saileko organo eskudunek erabakitzen duten beste batzuetan ere.

  3. Jendaurreko ikuskizunetarako eta jolas-jardueratarako aukeran dago sarrera emateko zerbitzu berezia jartzea; behar bezala baimendutako eta identifikatutako langileak arituko dira lanean, zein bezero edo erabiltzaile sartzen diren kontrolatzeko.

    Segurtasun pribatuko langileek betetzen ez dituzten sarrera emateko zerbitzuetako langileen eginkizunak, eskakizunak, prestakuntza eta egiaztapena erregelamendu bidez arautuko dira, lege honetan eta Jendaurreko Ikuskizunak eta Jolas Jarduerak arautzeko Legean xedatutakoa garatzeko.

  4. Sarrera emateko zerbitzuko langileek ezingo dituzte bete, inola ere, segurtasun pribatuko langileentzat ezarritako eginkizunak; segurtasun pribatuko langileek ere ezingo dituzte aldi berean bete beren eginkizunak eta sarrera emateko zerbitzuko langileei dagozkienak; dena dela, segurtasuneko zaintzaile moduan lan egiten ez dutenean, azken eginkizun horiek bete ahal izango dituzte.

Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean egiten diren lurralde-planen, hirigintza-planen eta azpiegitura edo ekipamendu handien proiektuen sustatzaileek derrigor aintzat hartu behar dute pertsona eta ondasunen segurtasunaren, arrisku kolektiboen, mugikortasunaren eta bide-segurtasunaren eremuetan duten eragina, eta aurreikusi egin beharko dute, behar izanez gero, lege honetan aurreikusitako segurtasun publikoaren plangintzako tresnetan finkatzen diren helburuen betetzea bultzatzen duten neurri zuzentzaileak hartzea.

  1. Euskadiko Segurtasun Plan Orokorrak, bai eta segurtasuneko gainerako lurralde-plan sektorialek ere, kontuan izango dute genero-ikuspegia, eta plan horien lehentasunen artean sartuko dute emakumeen kontrako indarkeria-forma eta -adierazpen guztien aurkako borroka.

  2. Euskal administrazio publikoek, bakoitzaren eskumenen esparruan, emakumeen eta gizonen berdintasunerako indarrean dauden legeetan eta emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako borrokari buruzko legedi espezifikoan aurreikusitakoarekin bat eginez, ondokoak lortzen saiatuko dira:

    1. Emakumeen kontrako indarkeriaren sorburu diren emakumeen gaineko botere-harremanak sustatzen dituzten eta horiei eusten dieten patroi soziokulturalak kentzea.

    2. Emakumeen kontrako indarkeria marxista sortzen duten egoerak antzematea, eta horiei aurrea hartzea eta aurre egitea.

    3. Emakumeei dagozkien eskubideak bermatzea haiekiko arreta, harrera eta babesari dagokienean, eta orobat, beren erreparazio eta oneratze pertsonalari dagokienean.

    4. Emakumeen kontrako indarkeria matxista pairatzen dutenei arreta emateko eta horien oneratzean laguntzeko politika publikoen sistema integral koordinatua ezartzea.

Lehenengoa. Erreferentziak.

Indarrean dagoen ordenamenduan Euskal Herriko Polizia Ikastegiari, haren zuzendaritzari edo haren titularrari egiten zaizkion erreferentziak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiari, haren zuzendaritza nagusiari edo haren titularrari egindakotzat ulertuko dira.

Bigarrena. Euskal Herriko Polizia Ikastegiaren ondorengo izatea eta langileak integratzea.

  1. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia Euskal Herriko Polizia Ikastegiaren ondorengo da eskubide, ondare, baliabide, kontratu, zor eta hari dagozkion betebehar guztietan.

  2. Euskal Herriko Polizia Ikastegiaren langileak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiari atxikitzen zaizkio. Euskal Herriko Polizia Ikastegiaren lan-kontratuko langileei dagokienez, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak subrogatu egiten ditu hark eta segurtasun publikoaren eskumena duen sailak haren zerbitzuko langileei buruz izenpetutako kontratuak.

  3. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren aurrekontua, jarduerei ekiten dien ekitaldi ekonomikoari dagokiona, Jaurlaritzaren Kontseiluak onartuko du, eta horren berri emango dio Eusko Legebiltzarreko dagokion batzordeari.

    Jarduerei ekingo zaien ekitaldiari dagokion aurrekontuak, bestalde, Euskal Herriko Polizia Ikastegiari erasantzat leudekeen aurrekontu orokorretako partida guztiak hartuko ditu bere baitan, giza baliabide eta bitarteko materialei buruzkoak ere barne direla, akademia horren jarduera-arlo berrietarako aurreikusten direnez gain.

    Hirugarrena. Herritarren segurtasunaren arloko agintari eskudunak autonomia-erkidegoan.

  1. Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren 17. artikuluak dioenaren babesean, eta beste lege batzuen arabera (martxoaren 13ko 2/1986 Lege Organikoa, Segurtasun Indar eta Kidegoena, eta otsailaren 21eko 1/1992 Lege Organikoa, Herritarren Segurtasunaren Babesari buruzkoa), segurtasun-kontuen eskumena eta herritarren segurtasuna zaintzeko eta onera ekartzeko beharrezko ekintzak agintzeko eskumena segurtasun publikoaren eskumena duen sailburuak eta sail horretako organoetako titularrek dute, arlo horiei dagozkien arauzko eta legezko xedapenen arabera.

  2. Gobernu Kontseilua eta aurreko paragrafoan aipatutako organoak ere eskudun dira herritarren segurtasunaren arloan legeak zehaztuta dituen arau-hausteen ondoriozko zehapenak eta bestelako neurriak ezartzeko, eskala honen arabera:

    1. Gobernu Kontseiluak 300.506,06 eurotik 601.012,1 eurora arteko isunak ezar ditzake, bai eta arlo horretarako arauz ezarritako beste edozein zehapen ere.

    2. Segurtasun publikoaren eskumena duen sailburuak 60.101,22 eurotik 300.506,05 eurora arteko isunak ezar ditzake, bai eta legeak aurreikusten duen beste edozein zehapen ere.

    3. Artikulu honetako 1. paragrafoak aipatzen dituen gainerako organoek 60.101,21 euro arteko isunak ezar ditzakete, bai eta legeak aurreikusten duen beste edozein zehapen ere.

      Laugarrena. Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Legearen aldaketa.

      Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Legearen testu bateginaren IV. tituluan, VIII. kapitulu berri bat sartzen da. Honela geratuko da idatzita:

      1. Kapitulua. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak Ikasketa Egiaztagiriak eta Baliozkotzeak Egiteagatik ordaindu beharreko tasa.

        95 bis artikulua. Zergapeko egitatea.

        Tasa honen zergapeko egitatea da Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak ikasketa-egiaztagiriak eta beren kopiak, homologazioak, baliozkotzeak eta aitorpenak, eta orobat kopia kautoak edo kautotuak eta aipatutako dokumentuen konpultsa egiteko beharrezkoak diren zerbitzuak ematea.

        95 ter artikulua. Subjektu pasiboa.

        Tasa horren subjektu pasiboak dira ikasketa-egiaztagiri horiek eta beren kopiak, homologazioak, baliozkotzeak eta aitorpenak, eta orobat, kopia kautoak edo kautotuak eta aipatutako dokumentuen konpultsa eskatzen dituztenak.

        95 quater artikulua. Sortzapena.

        Dagozkion egiaztagiri edo dokumentuak egitean sortuko da tasa. Hala ere, agiria emateko eskabidea egiten den unean ordaintzeko eskatu ahal izango da.

        Ikasketa-egiaztagiriak ofizioz egiten direnean, agiriok emateko eskabidearekin sortuko da tasa, eta une horretan eskatuko da bere ordainketa.

        95 quinquies artikulua. Kuota.

        Tarifa honen arabera eskatuko da tasa (euroak):

        1. Homologazioak: 122,98 euro.

        2. Ikasketa-egiaztagiriak egitea: 23,83 euro.

        3. Aitorpen- eta baliozkotze-eskabideak: 50,00 euro.

        4. Kopiak, kopia kautoak, kautotutako kopiak eta agiriak konpultsatzea: 4,69 euro. Konpultsatu beharreko dokumentuaren orri gehigarria: 0,47 euro.

Lege honetako 15. artikuluan aurreikusitako integrazioa gertatzen ez den bitartean, funtzionatzen jarraitu ahal izango dute 1-1-2 telefonoaz bestelako beste telefono batzuek ere, zerbitzu jakin bateko zerbitzu espezifikoetara egindako urgentzia-deiak atenditu ahal izateko.

Indargabetuta geratzen dira lege honen aurka doazen arau guztiak, eta, bereziki:

  1. Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legearen I. tituluaren I. kapituluko («Organoak eta haien aginpideak») 2. atala («Euskal Herriko Polizia Ikastegia»), 6-11. artikuluak, biak barne.

  2. Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legearen II. kapitulua («Polizia Zerbitzurako Datu-Bilketarako Zentroa»), IV. kapitulua («Euskal administrazio publikoen arteko elkarlana eta lankidetza») eta V. kapitulua (Polizia-zerbitzuak hobetzeko ekimen-bulegoa).

  3. Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legearen V. tituluaren III. kapitulua («Udaltzaingoen koordinaketa»).

  4. Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legearen hamaikagarren, hamalaugarren, hamazazpigarren eta hemezortzigarren xedapen gehigarriak.

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko uztailaren 2a.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Gaiarekin lotutako edukiak


Arauaren historia (15)

Arauaren historia

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.