Etxebizitza eta Hiri Agenda Saila

Arautegia

Inprimatu

17/1998 LEGEA, ekainaren 25ekoa, Boluntarioei Buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Legea
  • Organo arau-emailea: Jaurlaritzaren Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 130
  • Hurrenkera-zk.: 3192
  • Xedapen-zk.: 17
  • Xedapen-data: 1998/06/25
  • Argitaratze-data: 1998/07/13

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gizarte Gaiak; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Eusko Legebiltzarrak ondoko legea onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei:

Euskal Autonomia Erkidegoan, arazoei aurre egin ahal izateko jendea elkartzeko ohitura handia izan da beti, eta aspaldi hasi ziren boluntario antolatuen mugimenduak.

Hainbat eta hainbat erakunde aspalditik ibili izan dira herritarrek zituzten behar frankori aurre egiteko komunitatean musutruk lan egiten, era guztietako zerbitzuak emanez, eta beharrei aurre egiteko moduren bat Administrazioak berak aurreikusi baino lehenagotik ibili ere.

Hain zuzen ere, borondatezko lanaren ondorioz sortu ziren mugimendu sindikala, profesionalen talde asko, herritarren erakunde ugari eta hainbat auzo nahiz erlijio erakunde.

Behin onarturik aginte publikoek badutela erantzukizunik giza duintasunarentzako oinarrizko eskubideez benetan baliatzeko bermeari dagokionez, bai eta aukera-berdintasunari eta gizarte-berdintasuna eragozten duten oztopoak kentzeari dagokienez ere, boluntarioen lanak ez du izan behar aurretik aipatutako xedeekin zerikusia duten zerbitzu publikoetan gertatzen diren hutsuneak ordezteko edo betetzeko.

Boluntarioek, euskal administrazio publikoei dagokienez, lagundu egin behar dute, berrikuntzak sartuz eta beste gizarte-eragileekin batera lan eginez, gizartea aldatzea helburu duten politika publikoak diseinatzen, garatzen eta burutzen, betiere lehentasuna emanez pobreziaren eta desberdintasunen aurka borrokatzeari eta zuzentasun eta berdintasun handiagoko gizartea eraikitzeari.

Argi utzi nahi dugu hori. Izan ere, badirudi gaur egun zalantzan jartzen direla oraindik hasi berria dugun gure Ongizate Estatuaren zenbait lorpen, eta arrisku bat dago: borondatezko gizarte-ekimena ekintza profesionalaren ordezkotzat jotzeko arriskua, eta ondorioz gizartearen beharrei aurre egiteko zerbitzu publikoak sortu gabe uzteko arriskua.

Lege hau egitearen arrazoia honakoa da: alde batetik, erakundeei buruzko zenbait alderdi Elkarteen Legean araututa badaude ere, ez dagoela boluntarioen lana bera arautzeko legedi berezirik; bestetik, legearen bidez boluntarioen ekimena babestu nahi da.

Hori dena bermatzeak eta boluntarioen eta kide direneko erakundeen arteko harremanak nahiz erakunde horien eta Administrazioaren arteko harremanak bermatzeak lagundu egiten du boluntarioen zein erakundeen askatasuna areagotzen eta gehiegikeriak saihesten.

Baina lege honen ekarpen nagusia hauxe da: Euskal Administrazioak boluntariotza sustatzeko hartzen duen konpromezua, aldi berean herritar guztiek gizartea eraikitzen jarduteko duten eskubidea azpimarratuz.

Legeak zati hauek ditu: hiru xedapen gehigarri, aldi baterako xedapen bat eta azken xedapen bi.

  1. tituluan araututako xedapen orokorretan, legearen helburua eta aplikazio eremua zein diren eta boluntariotza kontzeptua zer den zehazten da; horrela, boluntariotza pertsona fisikoek aurrera eramaten duten interes orokorreko ekimen-multzoa izango litzateke, betiere zehazten diren baldintzetan egiten direnak; baldintza horietatik kanpo dauden ekimenak eta lege honen arabera boluntariotzaren barrukoak ez liratekeenak ere zehazten dira. Horretaz gain, interes orokorrekotzat joko diren ekimenak eta boluntariotzako ekimenak bideratzeko oinarriak zehazten dira.

  2. tituluan Boluntarioaren Estatutua garatzen da bi kapitulutan banatzen den azalpenean: lehenengo kapituluan, boluntarioei buruzkoan, boluntario kontzeptua azaltzen da eta boluntarioaren eskubideak eta betebeharrak ezartzen dira. Bigarrenean, erakundeei eta erakunde eta boluntarioen arteko harremanei buruzkoan, erakundeek zein baldintza bete behar dituzten zehazten da, eta, lehenengo kapituluarekin bat etorriz, erakunde hauen eskubideak eta betebeharrak arautzen dira. Boluntariotzako erakundeak deiturikoak sortzea ere aurreikusten da, eta, aurrekoak ez bezala, horiek izango duten espezifizitatea dela-eta, agian herri onurakotzat joak izango dira.

  3. tituluak, boluntarioak dituzten erakundeen eta Administrazioaren arteko harremanak arautzen dituenak, Eusko Jaurlaritzak bete beharreko funtzioak ezartzen ditu, gizarte ongizate gaietarako eskumena duen sailaren bidez beteko dituenak. Sail horren menpe egongo da, era berean, Boluntariotzako Erakundeen Errolda Orokorra, eta bertan izena eman ahal izango dute boluntarioak dituzten erakundeek, programak edo egitasmoak Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan egiten dituztenean. Bestalde, III. tituluan administrazio publikoen eta erakundeen arteko harremanen oinarriak ezartzen dira, hala nola elkarlaguntza, osagarritasuna eta parte-hartzea.

  4. tituluan, euskal administrazio publikoek boluntarioen lana sustatzeko eta errazteko bultzatuko dituzten ekintzak ezartzen dira, betiere euren eskumenek eta aurrekontu-ahalmenek horretarako aukera ematen duten neurrian.

    Azkenik, V. tituluan, boluntariotzaren partaidetzari buruzkoan, Boluntariotzaren Euskal Kontseilua sortu eta horren kideak eta eginkizunak zein izango diren arautzen da. Boluntariotza gaiaren inguruan biltzeko, kontsultak egiteko eta aholkuak emateko organoa izango da kontseilua, eta gizarte ongizate arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari atxikita egongo da.

    Xedapen gehigarrietan, berriz, honakoa ezartzen da: alde batetik, erakundeek eskatzen badute, boluntarioak erakundeetan sartzea Justizi, Ekonomi, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak ezarritako hitzarmen- edo konpromezu-eredu normalizatu baten bidez formalizatu ahal izango dela. Bestalde, epe bat ezarriko da Boluntariotzako Erakundeen Errolda Orokorrak eta Boluntariotzaren Euskal Kontseiluak beren funtzionamendu-araudiak egin ditzaten aski izango litzatekeena.

    Azkenik, aldi baterako xedapenean urtebeteko epea ezartzen da, lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita, legea indarrean jartzen denean boluntarioak dituzten erakundeak legean ezarritakora egoki daitezen.

  1. – Lege honen helburua hau da: irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuek egiten dituzten boluntariotzako ekimenetan herritarren parte-hartzea arautzea eta sustatzea; ekimen horietan ez dira sartzen gizartean bere kasa sortzen diren elkartasun-erak.

  2. – Erakunde publikoek boluntarioen esku-hartzea beharrezkoa edo komenigarria dela sumatzean, irabazi-asmorik ez duten erakunde pribatuen bidez bideratuko dute esku-hartze hori; horrek, ordea, ez du inondik ere euskal administrazio publikoen eginkizunen utzikeriarik ekarri behar euskal herritarrei zerbitzu publikoak emateari dagokionez.

  3. – Urtarrilaren 15eko 6/1996 Legearen 2. artikuluan (boluntariotzari buruzkoan) ezarritakoa aldarazi gabe, lege honetanezarritakoaren arabera arautuko dira batik bat Euskal Herrian jardungo duten erakundeak edota egoitza edo ordezkaritza Euskal Herrian duten erakundeak. Horretarako, erakundeak osatzeko ezartzen denari jarraituko zaio.

  1. – Lege honen ondorioetarako, pertsona fisikoek aurrera eramaten dituzten interes orokorreko ekimenen multzoa da boluntariotza, ekimen horiek honako baldintza hauek betetzen badituzte:

    1. Norberaren probetxurako ezer lortzeko asmorik gabekoak izatea eta elkartasunak bultzatuak izatea.

    2. Borondatezkoak eta askatasun osoz eginak izatea; arrazoia lan-, funtzionariotza- edo merkataritza-harremana ez izatea, ez eta obligazio pertsonala edo betebehar juridikoa ere.

    3. Irabazi-asmorik ez duten erakundeen bidez eta programa edo egitasmo zehatzei jarraiki eginak izatea.

    4. Ordainsaririk gabeak izatea.

    5. Ordaindutako zerbitzu profesionalak inolaz ere ez ordezkatzea.

  2. – Legearen ondorioetarako ez dira boluntariotza izango erakundeetatik kanpo une jakin batean edo noizean behin famili kontuengatik, adiskidetasunagatik, on egiteagatik edo auzoko bizikidetasun onak bultzatuta egindako borondatezko ekintzak.

  3. – Ordezko zerbitzu sozial gisa egindakoa ere ez da borondatezko ekintzatzat joko.

Aurreko artikuluan ezarritakoa argitzeko, interes orokorrekotzat jotzen diren ekimenak honakoak dira: gizartearen edo pertsonaren onerako lan egiteko konpromezua dutenak, esparrua edozein dela ere: gizartea, komunitatea, hiria, kultura, garapena, ingurugiroaren babesa edo antzekoa.

Esparru ezberdinetako boluntariotzako ekimenek balore hauek izango dituzte oinarrian: elkartasuna, partaidetza, doakotasuna, autonomia aginte publikoen aurrean, bereizkeriarik eza, aniztasuna, integrazioa, prebentzioa, gizartearen sentsibilizazioa eta, oro har, gizarte demokratiko, moderno eta parte-hartzaile, zuzen eta berdintasunezko batean elkarbizitza errazten duten baloreak.

  1. – Boluntarioa lege honetan aipatutako ekintzak egiteko konpromezua askatasun osoz hartzen duen pertsona fisikoa da; boluntariotzat jotzeko, ekintzek 2. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

  2. – Boluntariotzak boluntarioaren eta erakundearen artean harremanak izatea eskatzen du. Harreman horiek hainbat eskubide eta obligazio sortzen dituzte elkarrekiko, eta horiek, edo horien alderdirik nagusienak, Lege honetako 8.4a) artikuluan aipatutako barne estatutuak arautuko ditu.

  3. – Boluntario izatea eta erakundeko bazkide izatea bateragarria izango da. Erakunde batean profesional modura jarduten dutenek edo erakunde horrekin laneko, merkataritzako edo beste edonolako harreman ordainsaridunak dituztenek ezin izango dituzte, inolaz ere, lan horiek berberak boluntario gisa egin.

Boluntarioaren eskubideak dira:

  1. Sartzen den erakundean aktiboki parte hartzea, erakundeari buruz jaso beharreko informazioa jasoz (batez ere haren xedeei, egiturari eta funtzionamenduari buruzkoa), erakundean parte-hartze organoak sortzea eta organo horietako kide izatea.

  2. Esku hartzen dueneko programa edo egitasmoak diseinatu, egin, burutu eta ebaluatzen laguntza ematea; horretaz gain, erakundeko boluntario den aldetik, berari ere badagozkion gaietan iritzia emateko eskubidea izango du boluntarioak.

  3. Boluntario-lanak eskatzen duen laguntza teknikoa nahiz heziketa- eta giza laguntza jasotzea eta bere izaera eta ahalmenetara hobekien egokitzen den lanetara bideratzea.

  4. Aseguratuta egotea, boluntario gisa lan egitean bitartekoren bati kalterik egin baliezaioke ere; asegurua araudian ezarritako baldintzetan eta araudiak ezarritako kapitalaren bidez egingo da.

  5. Boluntarioak bere lana betetzeko xahututako dirua berreskuratzea, baldin eta erakundea eta boluntarioaren artean hitzartutako baldintzetan horrela ezarrita badago, eta, betiere, hitzarmenean jarritako mugen barruan.

  6. Ekintzak boluntarioaren bizilekutik ahalik eta hurbilen egitea, programek eta egitasmoek horretarako aukera ematen duten neurrian.

  7. Bazterkeriarik gabe eta zuzentasunez tratatua izatea, boluntarioaren askatasuna, intimitatea eta sinismenak errespetatuz.

  8. Lana segurtasun- eta higiene- baldintza egokietan egitea, lanaren ezaugarriek eskatzen dutenaren arabera.

  9. Gizarteari emandako laguntzak merezi duen errespetua eta errekonozimendua lortzea.

  10. Aurrez jakinarazita, boluntario izateari askatasunez uztea.

  11. Lege honetatik eta boluntariotzari buruzko gainerako antolamendu juridikotik etorritako beste guztiak.

Hauek dira boluntarioaren betebeharrak:

  1. Sartuta dauden erakundeari laguntza ematea, bere ahalmen eta borondatearen heinean, parte hartuz eta erakundearekin batera lan eginez.

  2. Erakundearekiko hartutako konpromezuak betetzea, erakundearen araubidea eta helburuak errespetatuz.

  3. Berari egokitutako lanak arduraz egitea eta erakundeko arduradunek ezarritako jarraibideei segitzea.

  4. Erakundeak aurreikusitako heziketa-ekintzetan eta lana behar bezala egiteko beharrezko ekimenetan parte hartzea.

  5. Boluntario gisa lan egitean jasotako edo jakindako informazioa isilpean gordetzea.

  6. Lagundu nahi dituzten pertsonen eta pertsona-taldeen eskubideak errespetatzea.

  7. Boluntario-agiria eta erakundearen bereizgarria egoki erabiltzea.

  8. Boluntarioaren esku uzten diren baliabide materialak zaintzea.

  9. Oro har, boluntario-lana lege honetako 4. artikuluan ezarritako oinarriak betez egitea.

  10. Lege honetatik eta boluntariotzari buruzko gainerako antolamendu juridikotik etorritako beste guztiak.

  11. Onartzen diren segurtasun eta higieneko neurriak betetzea.

  1. – Boluntarioak dituzten erakundeak, edozein lege-ereduri dagozkiola ere, baldintza hauek bete beharko dituzte: legearen arabera osatuak izatea, nortasun juridiko propioa edukitzea, irabazi-asmorik ez izatea, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenen barruan fundazio eta elkarteei dagokien erregistroan behar bezala erregistratuta egotea eta interes orokorreko ekintzen barruan programak edo egitasmoak garatzea (lege honetako 3. artikuluan zehaztuak).

  2. – Boluntariotzako erakunde izendapena erakunde hauek hartuko dute: aurreko baldintzak betetzeaz gain kide gehienak boluntarioak dituztelarik, egiten dituzten programa edo egitasmo gehienak batik bat boluntarioen bidez egiten dituzten erakundeak.

  3. – Boluntarioak erakundean sartzeko bidea idatziz jasoko den hitzarmen edo konpromezua izango da. Bertan erakundearen eta boluntarioaren arteko harremana altruista izango dela eta batak bestearekiko dituen eskubideak eta betebeharrak zeintzuk diren zehaztuko da; horretaz gain, eginkizunak, ekintzak, harremanaren iraupena, harreman hori desegiteko arrazoiak eta erakundeak eta boluntarioek finkatu nahi dituzten beste hainbat puntu zehaztuko dira, legeak dioena betetzen dela ziurtatzeko.

  4. – Erakundeek honakoak egin beharko dituzte:

    1. Erakundearen barnean boluntarioaren estatutu bat eratu beharko dute, eta bertan ezarri, gutxienez, erakundean onartzeko eta ez onartzeko irizpideak zein boluntarioen eskubide eta betebeharrak.

    2. Behar dena antolatu, boluntarioak bai erakundean eta bai parte hartuko duen programa eta egitasmoetan bere laguntza emango duela eta behar duen informazioa jasoko duela bermatzeko.

    3. Egin beharreko lanak egiteko egokiak diren bitartekoak eta laguntza eman boluntarioei.

    4. Boluntarioei lanak ondo egiteko beharrezkoa den heziketa eman.

    5. Boluntarioentzako aseguru-poliza sinatu; horren bidez, boluntarioak bere lana egiterakoan bitartekoren bati kalterik eginez gero aseguruak ordainduko lituzke kalteak, betiere araudian ezartzen diren baldintzetan eta araudiak ezartzen duen kapitalaren bidez.

    6. Boluntario gisa egiten duen berariazko lanari dagozkion segurtasun- eta higiene-baldintzak bermatu.

    7. Boluntarioari berak egindako lanak egiaztatzen dituen agiri bat egin.

    8. Boluntario berri bat erakundean sartzean egiten den hitzarmenean ezarritakoa bete.

    9. Erakundean sartzen direnen eta erakundeko kide izateari uzten diotenen erregistroa egin.

    10. Boluntario gisa lan egitean boluntarioak xahututako diru-kopurua itzuli, baldin eta erakundea eta boluntarioaren artean hitzartutako baldintzetan horrela ezarrita badago, eta, betiere, hitzarmenean jarritako mugen barruan.

    11. Boluntarioari egiaztagiri bat eman bere lanerako gaitu eta identifikatuko duena.

  5. – Erakundeen eskubideak dira:

    1. Egin beharreko lanaren arabera aukeratzea boluntarioak.

    2. Erakundeek egiten duten borondatezko lanaren inguruan beharrezko informazioa eta orientabidea eskatzea Administrazioari eta eskatutako hori jasotzea.

    3. Borondatezko lana sustatzeko ekintzetan aurreikusten diren neurrietara jo ahal izatea.

Boluntariotzari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak honako eginkizun hauek beteko ditu gizarte ongizatearen arloan eskumenak dituen sailaren bidez:

  1. Boluntariotzako Erakundeen Errolda Orokorra kudeatu eta antolatu.

  2. Boluntariotzaren baliabideei buruzko katalogo bat egin, bertan Autonomia Erkidegoan garatzen diren programen edukia agertuko delarik.

  3. Lehendik dauden fondoak koordinatuko dituzten boluntariotzari buruzko agiri-fondoa eta datu-basea sortu.

  4. Boluntariotzako egitasmo jakin bati ekin dioten erakundeei behar eta eskatzen dituzten aholkuak eta laguntza eman.

  1. – Boluntariotzako Erakundeen Errolda Orokorra sortuko du gizarte ongizatearen arloan eskuduntza duen Eusko Jaurlaritzako sailak. Errolda horretan 8. artikuluan aipatzen diren erakundeak sartuko dira, hain zuzen ere 1.3 artikuluan ezarritakoari jarraiki lege hau bete behar duten erakundeak.

  2. – Euskal Autonomia Erkidegoaren eskuduntzapeko fundazio- eta elkarte-erregistroen arduradunek erroldan jakinarazi beharko dute fundazio eta elkarte horietan jende berria sartzean, baldin eta erakundeak boluntarioak baditu. Horretarako, hasieran izen-ematea egiterakoan, erakundeek erregistroei jakinarazi beharko diete boluntarioak dituzten erakundeak direla.

  3. – Dena dela, eta aurreko lerrokadan aurreikusitakoa aldarazten ez dela, erakundeek zuzenean ere eman ahal izango dute izena erroldan.

  1. – Elkarlaguntza, parte-hartzea eta osagarritasuna izango dira administrazio publikoen eta erakundeen arteko harremanen oinarri. Nolanahi ere, boluntariotzako erakundeek antolaketarako eta ekimenak bultzatzeko dutenautonomia babestu beharko du Administrazioak.

  2. – Berariazko hitzarmenen bidez bideratuko da nagusiki administrazio publikoen eta erakundeen arteko elkarlaguntza.

  3. – Administrazio publikoen eta erakundeen arteko harremanak beharrezkoak eta komenigarriak izanik ere, horrek ez ditu inola ere aginte publikoak beren erantzukizunetik libre uzten ez giza duintasunarentzako oinarrizko eskubideez benetan baliatzeko bermeari dagokionez, ez aukera-berdintasunari eta gizarte-berdintasuna eragozten duten oztopoak kentzeari dagokienez.

Boluntarioen lana erraztu eta sustatzeko asmotan, euskal administrazio publikoek honako ekimen hauek bultzatuko dituzte, besteak beste, euren aurrekontu-baliabideek ahalbidetzen dieten neurrian:

  1. Boluntarioak dituzten erakunde ezberdinen baliabide eta bitartekoak bateratu, batez ere heziketari eta informazioa biltzeari dagokienez.

  2. Boluntariotza antolatua oro har sustatzeko bitartekoak jarri, laguntzako boluntariotzaren aurrean boluntariotza eraldatzaileari lehentasuna emanez, sustatzeko bitarteakoak jarri. Modu berezian sustatuko dira lurralde eta udal batera mugatu gabe erakundeen arteko elkarlaguntza bultzatzen duten ekimenak, sektore eta esparru bakarrean jarduteko ez direnak.

  3. Dirulaguntza programetarako deialdiak egin eta hitzarmenak sinatu, hartara administrazio publikoen errolda nahiz erregistroetan sartutako erakundeak iraunarazteko eta horien heziketa eta ekimenak bultzatzeko.

  4. Boluntariotzari buruzko ikerketak, azterketak eta argitalpenak egin.

  5. Erakundeei informazioa, dokumentazioa, aholkuak eta laguntza teknikoa eman.

  6. Boluntariotzari buruzko informazio-kanpainak antolatu eta boluntariotzaren baloreak zabaldu.

  7. Borondatezko lana publikoki eskertzeko ohorezko neurriak ezarri.

  8. Komunikabideetan boluntarioaren mezua agertuko dela bermatu, bai eta boluntarioaren lana oro har publikoki ezagutzera emango dela ere.

  9. Autonomia Erkidegoko erakundeak Autonomia Erkidegoaz kanpoko lurralde eremua duten beste erakunde batzuekin harremanetan jarri.

  10. Lanaldia murrizteko edo egokitzeko neurriak jarri, borondatezko lana egin ahal izateko.

  11. Borondatezko lana errazteko lege-, lan- eta zerga-esparru egokiak bultzatu.

Lege honetako 8.2 artikuluak barne hartzen dituen boluntariotzako erakundeak herri onurakotzat jo daitezke, beren forma juridikoei dagokien berariazko legedian ezarritakoari jarraiki.

  1. – Elkartasun-politikan gizarteko erakundeek eta gizarte osoak parte hartzeko, Boluntariotzaren Euskal Kontseilua sortu da, boluntariotza gaiaren inguruan biltzeko, aholkuak emateko eta kontsultak egiteko organo gisa.

  2. – Kontseilu hori gizarte ongizate arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari atxikita egongo da.

Boluntariotzaren Euskal Kontseiluaren eginkizunak honakoak izango dira:

  1. Arau orokorrak emateko aurreproiektuak edo proiektuak egiterakoan, Boluntariotzaren Euskal Kontseiluak ezinbestean egin beharko du horiei buruzko txostena, baldin eta arau horiek zuzenean boluntariotzari badagozkio. Txostena, boluntarioek eskatu eta hamabost eguneko epean bidali beharko da.

  2. Boluntariotzaren oinarrizko beharrak zeintzuk diren antzeman eta aztertu.

  3. Euskal administrazio publikoei aholkua eman eta proposamenak zein egitasmoak aurkeztu borondatezko lana egiten den esparru ezberdinei buruz. Horrekin batera, boluntariotza programak diruz laguntzerakoan lehentasuna izango luketen irizpideak proposatu.

  4. Boluntariotza sustatzeko neurriak aztertzeko eta zuzentzeko proposamenak egin euskal administrazio publikoei.

  5. Jakinaren gainean egon euskal administrazio publikoek boluntariotza programen gainean egindako jarraipenaz eta ebaluazioaz, bai eta emandako dirulaguntzez ere.

  6. Euskal Autonomia Erkidegoko boluntariotzaren egoeraren berri eman urtero, txosten baten bidez.

  7. Elkartasunarekin zerikusia duten parte-hartze organoetan gizarte eragileak egotea bultzatu.

  8. Kontseiluaren funtzionamendu-araudia proposatu Gobernuari.

  9. Ekintzen urteroko txostena onartu.

  1. – Boluntariotzaren Euskal Kontseiluaren kideak honakoak izango dira:

    1. Lehendakaria: kontseilua Eusko Jaurlaritzako sail bati atxikita egongo denez, sail horretako sailburua bera edo horrek eskuordetutako pertsona.

    2. Lehendakariordea: boluntariotzako erakundeen artean aukeratutako bat. Lehendakariaren hainbat eginkizun beteko ditu, araudiz ezarrita daudenak, hain zuzen.

    3. Bokalak:

      • Eusko Jaurlaritzako sei ordezkari, sailburuorde mailakoak, gizarte ongizate, ingurugiro, babes zibil, kanpo ekintza, kultura, hezkuntza, kirol eta osasun arloan eskumenak dituzten sailek izendatuak.

      • Foru aldundietako hiru ordezkari, aldundiek berek izendatuak.

      • Udaletako hiru ordezkari, ordezkaritza handiena duen euskal udal elkarteak izendatuak.

      • Erakundeetako hamahiru ordezkari, Boluntariotzako Erakundeen Errolda Orokorrean izena emandako erakundeen artetik aukeratuak, hain zuzen ere erakunderik txikienetako ordezkariak ere bokal izan ahal izateko moduko partaidetza-sistema batez aukeratuak. Ordezkari horiek guztiak edo horietako batzuk izendatu gabe egonez gero, kontseiluko lehendakariak izendatuko ditu.

    4. Idazkaria: lehendakariak izendatuko du kontseiluko kideen artean.

  2. – Kontseilukideak hiru urterako aukeratuko dira, duten ordezkaritzaren arabera, nahiz eta aldi hori beste horrenbeste luzatu ahal izango den. Izendatu zituen organoak kendu ere egin ditzake kontseilutik, dagokien aldia bete baino lehen.

  3. – oluntariotzaren Euskal Kontseilura jotzeko eskubidea izango dute, halaber, tratatzen den gaian adituak direnek, baina informatzeko edo aholkua jasotzeko soil-soilik.

Bat.– Eredu normalizatua.

Lege honetako 8.3 artikuluan aipatzen den hitzarmen- edo konpromezu-eredu normalizatua bidaliko die Justizi, Ekonomi, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak hala eskatzen duten erakundeei.

Bi.– Boluntariotzako Erakundeen Errolda Orokorra.

Lege hau indarrean jarri eta sei hilabeteko epean, Eusko Jaurlaritzak funtzionamendu-araudi bat onartuko du Boluntariotzako Erakundeen Errolda Orokorrerako, gizarte ongizatearen arloan eskumena duen sailburuak proposatuta.

Hiru.– Boluntariotzaren Euskal Kontseilua.

Boluntariotzaren Euskal Erakundea eratu eta sei hilabeteko epean funtzionamendu-araudi bat egingo du; funtzionamendu-araudi hori Eusko Jaurlaritzak onartuko du, gizarte ongizatearen arloan eskumena duen sailburuak proposatuta.

ALDI BATERAKO XEDAPENA

Bakarra.– Erakundeak egokitzea.

Lege hau indarrean jartzen den unean boluntarioak dituzten erakundeek lege honetan ezarritakora egokitu beharko dute lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta urtebeteko epean.

Bat.– Araudi bidezko garapena.

Eusko Jaurlaritzari eskumena ematen zaio lege hau garatu eta aplikatzeko eman beharreko xedapenak emateko.

Bi.– Indarrean jartzea.

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Beraz, lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Vitoria-Gasteizen, 1998ko uztailaren 2an.

Lehendakaria,