Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

10/1998 LEGEA, apirilaren 8koa, Landa Ingurunearen Garapenerakoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Legea
  • Organo arau-emailea: Jaurlaritzaren Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 80
  • Hurrenkera-zk.: 1778
  • Xedapen-zk.: 10
  • Xedapen-data: 1998/04/08
  • Argitaratze-data: 1998/05/04

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía; Ingurune naturala eta etxebizitza
  • Azpigaia: Gobernua eta Administrazio Publikoa; Ekonomia; Nekazaritza eta arrantza

Testu legala

Eusko Legebiltzarrak ondoko legea onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei:

10/1998 LEGEA APRIRIALAREN 8ko, LANDA

Euskal landa inguruak ekarpen garrantzitsu eta funtzioanitzak egiten dizkio gizarte osoari, kalitate oneko eta nortasun handiko elikagai zein lehengai osasungarriak ekoizten baititu, eta espazioaren kudeatzailea eta natur baliabideen, bioaniztasunaren eta paisajeen administratzailea baita.

Euskal landa ingurunearen funtzioaniztasunak gizarteari egiten dion ekarpena halakoa edo bestelakoa izan daiteke, Euskal Herri osoaren gizarte, ekonomia eta lurraldearen diseinua egitean funtzioaniztasun horri ematen zaion lekuaren araberakoa. Hala, hiri inguruarekiko harremanak orekatu behar dira, eta ingurune erakargarria osatzeko behar diren baldintzak sortu behar dira, inguru hori gauza izan dadin bere biztanle-galera geldiarazteko eta biztanle eta jarduera berriak erakartzeko.

Dena dela, ezagun da ezinbesteko ekipamendu eta zerbitzuak egokitu behar direla (hezkuntza, osasuna edo etxebizitza). Izan ere, faktore horiek, enplegurako aukerarik ezarekin eta nekazaritzan oinarritutako ekonomiek ematen duten errenta urriekin batera, garrantzi handiko oztopo dira landa inguruaren biziraupenerako eta, beraz, landa inguruak euskal gizarteari eskaintzen dion funtzioaniztasunaren iraupenerako.

Ildo horretatik, agente ekonomiko eta sozial guztiek aho batez sinatu zuten «Euskal Landa Ingurunea Garatzeko Gizarte Ituna». Itun horrek, bada, Euskadiren barne artikulazioan sakontzeko eta lurraldearen egituraketa sendotzeko behar diren borondateak aitortu eta integratzen ditu, landa eremuen lehiakortasuna bultzatzen duen apustu irmo eta berritu baten bitartez.

Horretarako, landa ingurua, bere arazoak eta bere funtzionaltasuna osotasunean biltzen dituen ikuspegia bermatu behar da, eta, aldi berean, diskriminazio orokor positiboa egin behar da, hots, irizpide ekonomikoen edo gutxienezko biztanle kopuruen erabilera neurtu behar da oinarrizko ekipamenduak hornitzerakoan. Horretarako, agerikoa da euskal gizarte osoaren ahalegina behar dela, zeren, azken finean, gizarte osoak jasoko baitu ahalegin horren emaitza.

Eta Euskadi bereziki egokia da gizarteak landa ingururako nahi duen garapen integrala gauzatzeko, azalera geografiko txikia eta batez besteko biztanle dentsitate handia baitu, eta, oro har, garapen ekonomikoaren maila ona baita bertan. Horrez gain, landa eta hiri inguruneen arteko inbrikazio handia dago gure landa eremu batzuetan, eta egoera horrek, zenbait eragozpen sortzen dituen arren, oso alde onak ditu.

Eusko Jaurlaritzak onetsi eta Eusko Legebiltzarrak berretsi zuen «1997-2000 Euskal Landa Ingurunea Garatzeko Jarduera Planak» jardun eremu orokorra zehazten du, eta, hortaz, funtsezko tresna da lehen aipaturiko ituna sinatzean azaldutako borondateak gauzatzeko eta borondate horiek eraginkor bilakatzeko.

Plan horren barruan beren-beregi jasotzen da Landa Ingurunearen Garapenerako Legea, eta politika berriaren oinarrizko osagarritzat hartzen da. Era berean, landa ingurunearen garapenerako kontseilua aipatzen da, eta adierazten da haren baitan erakundeen arteko lankidetza eta elkarlana gauzatu behar direla, kontseilu hori funtsezko elementua izango dela landa garapenerako politikaren diseinu eta plangintza egiteko prozesuan.

Lege honek erantzun egokia eman nahi dio zenbait tresna artikulatu beharrari, tresna horiek —behar adinako malgutasunaz horniturik— aukera eman dezaten politika sektorialak era koordinatuan ezartzeko landa ingurunearen errealitatean, hau da, alderdi ekonomiko edo produktibo soilak gainditzen dituen errealitate batean. Aldi berean, erabakiak hartzeko eta landa ingurunearen aldeko programa estrategikoak egiteko koordinazioa indartuko du lege honek, eta bere aplikazioa ahalik eta gehien hurbilduko da landa inguruneko biztanleen arazoetara.

Adierazi behar da, bestalde, hori guztia Europako Batasunak landa inguruen garapenerako eratu duen politika irmo eta zabalaren baitan kokatu behar dela, eta hainbat tresna juridiko eta finantzario dagoela bera gauzatzeko.

Legearen lehenengo idazpuruan, legearen xedea eta landa ingurunearen garapenerako politikaren helburu orokorrrak eta sektorialak finkatzen dira.

Bigarren idazpuruan helburuak lortzeko oinarrizko tresnetariko bat arautzen da, landa ingurunearen garapenerako programak, alegia, programa horiek aukera ematen baitute herri administrazioek batera esku har dezaten, hala landa ingurunearen garapenari berari dagokionean nola administrazio jardunaren edozein esparrurekin erlazionaturik dagoen eta landa ingurunearen garapenerako programetan ezarritako helburuak lortzeko eragina duen guztian.

Halaber, Autonomia Erkidegoko erakunde erkideei, lurralde historikoetako foru erakundeei eta udalerriei esleitu beharreko eginkizunen banaketa jasotzen da landa ingurunearen garapenari dagokionez, betiere herri administrazioen arteko harremanak orokorki antolatzen dituzten arauetan ezarritako banaketa errespetatzen delarik.

Hirugarren idazpuruan, bestetik, administrazioen lankidetza eta elkarlana aztertzen da bi ikuspuntutatik: batetik, politika sektorialak aplikatzerakoan disfuntzioak eragoztera zuzendutako aurreikuspenak biltzen dira, eta, bestetik, Landaberri sortzen da, landa ingurunearen garapenari dagokion guztian erakundeen arteko lankidetza eta elkarlanerako organo izan dadin, landa ingurunean eragina duten politikak aztertu eta eztabaidatzeko gune naturala izan dadin, bertan erakundeek ordezkaritza egokia dutelarik, hau da, egoera politiko-administratiboa behar bezala islatuta dagoelarik.

Halaber, Landaraba, Landabizkaia eta Landagipuzkoa sortzen dira, landa ingurunearen garapenari dagokion guztian erakundeen arteko lankidetza eta elkarlanerako organoak izan daitezen, zein bere lurralde historikoan, alegia.

Azkenez, landa ingurunearen garapenerako elkarteak sortzen dira, landa ingurunearen garapenerako jarduketetan agente ekonomiko eta sozialek parte hartu eta laguntzeko tresna izan daitezen.

  1. atala.– Legearen xedea.

    Hona hemen legearen xedea:

    1. Landa ingurunearen garapenaren alorrean Euskal Autonomia Erkidegoko herri administrazioen jarduna gidatu behar duten helburuak definitzea.

    2. Landa eremuen garapenera bereziki orientatzen diren politikak garatzeko arau markoa ezartzea.

    3. Gainerako politika eta jarduketa administratiboak lege honetan landa ingurunearen garapenerako ezartzen diren helburuak lortzeari egokitzeko tresnak zehaztea.

      Lege honi dagokionez, hau da landa ingurunearen garapena: Euskal Autonomia Erkidegoan landa inguruko erkidegoak mantendu eta indartzera zuzentzen den prozesua, bertako kultura eta bizimodu propioen artapena bultzatzen duena, biztanleen bizi kalitatea hobetzera jotzen duena. Landa inguruko biztanleek, prozesu horren onuradun nagusiak diren aldetik, biziki parte hartuko dute, inplikaturiko gainerako agente publiko zein pribatuekin batera, gauzatu nahi duten garapen motaren definizio eta lorpenean. Prozesu horrek, halaber, garapen endogenoa bultzatu behar du, baita landa inguruko bizilagunen eta gainerakoen arteko integrazio eta elkarreraginerako lagungarri izan ere, eta landa inguruko erkidegoen zuzperketa ekonomiko eta soziala lortzeko hartzen diren neurri guztiek paisajearen, naturaren eta ingurugiroaren artapenerako bermea izan behar dute.

  2. atala.– Euskal Autonomia Erkidegoko landa ingurunea garatzeko politikaren helburu orokorrak.

    Landa ingurunearen garapenerako politikak ondoko helburu orokor hauek izango ditu:

    1. Euskadiko nekazaritzaren eta landa ingurune osoaren funtzioaniztasuna eta iraunkortasuna bermatu eta sustatzea ekonomi, gizarte, ingurugiro eta kultur alderdietan, nola eta Euskadiko nekazaritzaren egoera eta ezaugarrietara egokitutako eredua disenatuz, landa eremuak despopulatu eta lagatzeko prozesuak eragotziz, eta landa eta hiri inguruen arteko elkarreragina diskriminazio positiboaren bitartez bultzatuz.

    2. Landa ingurunearen berezko ezaugarri nagusiei eustea, landa ingurunea nekazaritzako elikagaien sektoreko produkzio eta eraldakuntzaren inguruan egituratzea, hori guztia oinarri ekonomikoa dibertsifikatzearekin bateragarri eginez.

    3. Nekazaritzak lehiatzeko duen gaitasunaren hobekuntza sustatzea, ingurune fisikoaren ezugarriak eta nekazariek betetzen duten funtzio sozial garrantzitsua kontutan harturik, familia ustiategia oinarritzat harturik, asoziazionismo eta kooperatibismoaren bidez artikulaturik, betiere merkatuari -euskal kontsumitzaileei kalitatezko elikagaien bidez on eginez-, ingurugiroa babesteari eta nekazaritzako elikagaien kalitatea eusteari begira.

    4. Landa inguruetako enpresen eta ekonomi egituren lehiakortasuna areagotzea, arreta berezia jarriz nekazaritzako elikagaien enpresetan, nekazalturismokoetan, landa turismokoetan, nekazaritza ekologikokoetan eta landa ingurunean garapen endogenoko proiektuei ekiten dien beste edozein enpresatan, horiek merkatuaren eta lehiaren joeretara egokitzea bultzatuz, prozesu hori landa inguruak betetzen dituen mota guztietako funtzio eta zerbitzuekin uztartuz. Horren guztiaren helburu nagusia izango da enplegua mantendu eta sortzea landa inguruko biztanleen onerako.

    5. Landa ingurunearen garapenean eragina duten administrazio eta herri erakundeen arau eta jarduketak integratzea, disfuntzioak eta koordinazio falta eragozteko, eta tresnen koherentzia hobea, esku-hartzeen eraginkortasun handiagoa eta landa eta hiri inguruen arteko elkarreragina bultzatzea.

    6. Landa eremuen garapenaren protagonismoari eustea, bai biztanlerian, bai bertako erakundeetan; asoziazionismoa bultzatzea, eta emakumeek eta gazteek prozesu ekonomiko eta sozialetan parte hartzeko erraztasunak ematea.

    7. Landa inguruetako natur, histori, kultur eta hizkuntz ondarea berreskuratu, artatu, garatu eta zabaltzea.

    8. Lurraldearen antolamendua hobetzea, espazioaren erabilera arrazoizkoago eta orekatuagoa bultzatuz.

    9. Landa ingurunearen balioak aintzat hartzen dituen eta landa ingurunearen garapenerako neurri egokiak ezartzeko bidea ematen duen kultura soziala bultzatzea.

  3. atala.– Euskal Autonomia Erkidegoko landa ingurunea garatzeko politikaren helburu sektorialak.

    1. eranskineko lurralde eremuak edota 5.1 atalean ezarritakoaren arabera eratzen direnak —osorik edo zati batez— barne hartzen dituzten landa zonaldeetan eraginik izanez gero, erakunde eta entitate eskudunek beren jarduna egokitu beharko dute, eta atal honetan ezartzen diren helburu berezi edo sektorialak lortzera bideratu. Hala, helburu horien garapen eta burutzapena bat etorriko da landa ingurunearen garapenerako politikarekin, elkarren arteko koordinazio eta koherentzia mantentzen delarik. Edonola ere, landa garapenerako politika aipaturiko helburuen menpean egongo da. Hona hemen helburu berezi edo sektorialak:

      1. – Lurralde antolamenduaren arloan:

        1. Lurraldearen eta hirigintzaren antolamendurako tresnak landa zonaldeen ezaugarri eta beharrizanen arabera ezartzea, harmoniaz uztar daitezen, batetik, natur baliabideak antolatu eta artatzeko premiak eta nekazaritza eta basogintzaren ikuspegitik balio handia duten lurren babesa eta, bestetik, jarduera ekonomikoen mantenimendu eta garapena eta landa herriguneak behar beste zerbitzuz hornitu beharra.

        2. Arreta berezia jartzea landa zonaldeak eta bertako biztanleria beharrezko zerbitzu eta azpiegiturez hornitzen eta alde horietako ekonomiaren dibertsifikatze eta garatze jasangarrian, eta behar bezala haztatzea zein neurritan eratxiki behar zaizkien landa zonaldeei hiri ingurunean sortzen diren eta hiri ingurunearen beharrizanen asegarri diren funtzioak, landa garapenerako politikaren helburuekin bateragarri egin behar dituzten mugen barruan.

        3. Landa inguruneak nekazaritza, basogintza eta natur arloetan dituen balioak babestea.

      2. – Nekazaritza eta basogintza arloan:

        1. Mendiei buruzko foru arauen esparruan, nekazaritza eta basogintzaren zeregina bultzatzea, landa ingurunearen ekonomiaren oinarria izan dadin, eta funtsezko faktorea izan dadin gutxiegi erabilitako lurrak eta natur baliabideak hobeto aprobetxatzeko, artatzeko eta agenteen partaidetzaz antolatzeko, eta lurraldea behar bezala artikulatzeko.

        2. Sektoreko enpresen lehiakortasuna hobetzea, nola eta produktuak kalitateagatik bereiztea sustatuz eta ekoizkortasuna eta ekoizpen kostuak hobetzeko sustapen komertziala bultzatuz, arreta berezia jarriz garapen endogenoko jarduketetan eta hurbileneko merkatuetako sustapenean.

        3. Gazteak nekazaritzan aritzea errazteko baldintzak sortzea, belaunaldi aldaketa gauzatzeko eta enplegua sortzeko bidea emanez.

        4. Transferentzia teknologikoa, teknika eta enpresa arloko prestakuntza, informazioko teknologia berrien erabilera eta ezagutza lehiakortasunerako faktoretzat hartu eta hobetzea.

        5. Euskal nekazaritzako elikagaigintzan kooperatibismoa bultzatzea, sektorearen artikulazioa agenteen parte-hartzetik abia dadin lagunduz.

        6. Sektoreen arteko lankidetza eta nekazaritzako elikagaien industriaren garapena bultzatzea, eta, modu horretara, nekazaritza eta elikagaigintza egituratzea, nekazaritza merkatuetara hurbil dadin eta ahalik eta handiena izan dadin haren balio erantsia, hurbileneko merkatuak bereziki kontuan izanez.

      3. – Landa inguruneko ekonomi ehuna dibertsifikatzeari eta enplegua sortzeari dagokionez:

        1. Enplegu sorkuntza eta landa inguruneko aukera berdintasuna sustatzea eta bultzatzea.

        2. Industri lurzorua eta haren oinarrizko azpiegiturak era ordenatuan eta zentzuz garatzen eta okupatzen laguntzea, betiere landa ingurunearen ezaugarri bereziak errespetatu eta zaintzen direlarik, eta ekonomia dibertsifikatu eta dinamizatu beharrari erantzuten zaiolarik, arreta berezia jarriz garapen endogenoko ekimenak bultzatzen dituzten nekazaritzako elikagaien industriaren proiektuetan.

        3. Industri enpresa txiki eta ertainak ezartzeko erraztasunak ematea, arreta berezia jarriz garapen endogenoko proiektuak sustatzen dituzten lurraldeko produktuen eraldakuntzarako enpresetan, baita zerbitzu enpresetan ere, nekazaritza tradizionaleko ekoizpenari balio erantsirik handiena ematen diotenei lehentasuna emanez.

        4. Lana informazioaren teknologia berrietan oinarriturik antolatzeko eredu berrien garapena bultzatzea, landa inguruneko enpleguaren lan baldintzak eta bizi kalitatea hobetzeko aukera egon dadin.

      4. – Hezkuntza eta kultur arloan:

        1. Hezkuntzako eskaintza landa inguruneko biztanleriarengana behar bezala iristeko modua bermatzea, biztanleria horren berezitasunak kontutan hartzen dituzten irizpide eta baremoekin, hezkuntzako eskaintza landa ingurunera gero eta hurbilagotzen ahaleginduz, batez ere herrigunerik apartatu eta txikienentzako derrigorrezko hezkuntzari dagokionez.

        2. Hezkuntzaren kalitatea hobetzea. Horretarako, euskal landa ingurunearen berezitasunekin bat datozen hezkuntza eredu, teknika eta jaraibide berritzaileak garatu behar dira, landa inguruneko biztanleriari bere ingurua ezagutu eta baloratzeko aukera ematen dioten kurrikulumak diseinatu behar dira, eta zonalde horietako emakume eta gazteen prestakuntza eta trebakuntza lehentasunez bultzatu behar dira.

        3. Landa zonaldeetako biztanleen lanbide heziketa eta heziketa okupazionala egokitzea zonalde bakoitzak lanesku kualifikatua lortzeko dituen beharrizan berezien arabera, lanesku hori beharrezkoa baita enpresa berriak irekitzeko, aktiboken erreziklapena bultzatzeko eta teknologia zein ekoizpen modu berriak erabiltzeko.

        4. Hezkuntza, kultur eta kirol ekipamenduen artikulazio orokorra erraztea, ekipamenduon balioaniztasuna eta funtzioaniztasuna sustatuz, eta egun dauden desorekak zuzenduz.

        5. Landa inguruneko kulturaren ezagutza, zabalkundea eta balorazioa sustatzea.

      5. – Osasun arloan:

        1. Osasun arloko eskaintza lurraldeko herrigunerik apartatu eta txikienetako biztanleengana hurbiltzea, gero eta hurbilagotzea.

        2. Ordenazio Farmazeutikorako Legearen markoan, landa ingurunearen premia bereziei erantzuteko berariaz diseinatutako eskaintza farmazeutikoa sustatzea.

      6. – Etxebizitza arloan:

        Landa ingurunearen berezitasun eta aukeren araberako etxebizitza politika garatzea, kalitate onekoa eta dentsitate txikikoa, alegia, landa ingurunea ohiko bizilekutarako erakargarri bilakatzeko, espekulazioa eragozteko eta landa inguruneko gazteei etxebizitza lortzeko modua errazteko.

      7. – Azpiegitura arloan:

        1. Landa inguruneko biztanleek lana, zerbitzuak, heziketa, aisia, gizarte harremanak eta kontsumoa eskuratzeko dauzkaten aukerak hobetzea, hartarako beharrezko diren azpiegitura guztiak behar bezala garatuz.

        2. Oinarrizko azpiegiturak presaz eta lehentasuna emanez garatzea, hala nola garraio, elektrifikazio, ur-horniketa, saneamendu, gas, telefonia eta ureztatze arlokoak, azken hauek nekazaritza sektorearentzat funtsezkoak baitira. Era berean, arreta berezia jarriko da landa zonaldeetako jarduera ekonomikoak eta zerbitzuak garatzeko aukera onak eman ditzaketen telekomunikazio azpiegituretan.

        3. Aurreko guztiak behar den lehentasuna izango du lurralde bakoitzean, eta erakunde eskudunen babesa beharrezkoa izango da herritar guztiek zerbitzuei buruzkoan dituzten aukera-berdintasunerako eskubide guztiak bermatu ahal izateko.

      8. – Ingurugiro arloan:

        1. Landa ingurunearen garapen jasangarria bultzatzea, oraingo beharrizanei erantzunez, baina etorkizuneko belaunaldiei beharrizanak asebetetzeko ahalmena eragotzi gabe.

        2. Ingurugiroa babestea, narriadurari aurrea hartzea eta kaltetuak izan diren aldeak lehengoratzea.

        3. Bioaniztasuna babestea. Arreta berezia jarriko da agroaniztasunean eta euskal espezie eta arrazak artatu eta berreskuratzen; horretarako, jatorrizko ekosistemetako material genetikoa erabiliko da.

      9. – Turismo arloan:

        1. Landa turismoa bultzatzea. Horretarako, hainbat sustapen ekintza burutuko dira —landa zonaldeetan eta natur ingurunean aisiako jarduerak egiteko gero eta handiagoa den eskariari begira—, eta landa ingurunea helmuga turistiko berezia bilakatuko da. Nekazalturismoa nekazaritzako ustiategien osagarri gisa bultzatzea.

        2. Landa turismoaren garapena antolatzea, nola eta masifikazioa saihestuz, jarduera tradizionalekiko eta natur ingurunearekiko orekari eutsiz, arauak landa ingurunearen egoera, aukera eta beharrizan turistikoetara egokituz, ekimen endogenoetan eta nekazalturismoan arreta berezia jarrita.

  1. atala.– Landa ingurunearen garapenerako programak.

  1. – Bereziki Euskal Herriko landa ingurunea garatzera orientatzen diren politikek landa ingurunearen garapenerako programen forma hartuko dute.

  2. – Landa ingurunearen garapenerako programek ondoko hauek hartuko dituzte beren baitan:

    1. Aplikaziorako lurralde eremuaren muga argi eta zehatzak, baita programaren indarraldiarenak ere.

    2. Aipaturiko lurralde eremuaren garapen sozioekonomikoan sumatutako arazoen deskripzioa, eta lurralde horretan dauden eta aipaturiko arazoen iturburu izan daitezkeen ments eta beharrizanen diagnostikoa.

    3. Jarduera arlo bakoitzean edo Administrazioaren jardun eremu bakoitzean lortu beharreko helburuen zehaztapena, sumatutako beharrizanak asebetetzeko eta mentsak osatzeko.

    4. Helburu zehatzak lortzeko beharrezkoak diren ekintzen programazioa, landa ingurunean aplikatu behar diren politika eta jarduketa-plan sektorialen barruan bildu diren zehaztapenen arabera.

    5. Programatutako ekintzak finantzatzeko aurreikuspenak.

    6. Ebaluazio sistema ezartzea, zertarako eta jakin ahal izateko zein neurritan asebete eta osatzen diren helburu zehatzak finkatzeko oinarri izan diren beharrizanak eta mentsak.

  3. – Landa ingurunearen garapenerako programak Eusko Jaurlaritzaren dekretuz eta foru dekretuen bidez onetsiko dira, lege honen 6. atalean ezarritakoaren arabera.

  1. atala.– Landa ingurunearen garapenerako programen lurralde eta eginkizun eremua.

  1. – Euskal Autonomia Erkidegoko landa ingurunea osatzen duen lurralde osoan ezarriko dira landa ingurunearen garapenerako programak. Horien zehaztapena ondoko irizpide hauen arabera egingo da:

    1. biztanle dentsitate txikia, Euskal Autonomia Erkidegoko beste zonalde batzuekin alderaturik;

    2. biztanleak galtzeko joera nabarmena;

    3. nekazaritzako enplegu maila altua izatea, enplegu osoarekin alderaturik;

    4. zonaldearen sentikortasuna nekazaritzaren bilakaerarekiko, batez ere Nekazaritzako Politika Komunaren markoan;

    5. mendi zonalde edo alde behartsuren baten barruan egotea, 75/268/EEE Zuzentarauaren 3. atalean xedatutakoaren arabera hala sailkaturik, eta

    6. ingurugiroarekiko zonalde sentikorra izatea, eta haren barruan naturaren, kulturaren eta paisajearen ikuspegitik balio handikoak diren elementuak egotea.

  2. – Landa ingurunearen garapenerako programetan jarduera hauek jorratuko dira, besteak beste:

    1. Landa inguruetako ekonomi eta enpresa jardunaren sustapena eta dibertsifikazioa, nekazaritza-jarduera lehentasun gisa bultzatuz eta garapen endogenoko ekimenetan arreta berezia jarriz.

    2. Landa zonaldeetako ingurugiroaren kudeaketa jasangarria, natur baliabideen antolamendua eta naturaren babes eta lehengoratzea.

    3. Landa zonaldeetako azpiegituren garapen eta egokitzapena.

    4. Landa zonaldeetako zerbitzuak Autonomia Erkidegoko gainerako zonaldeetakoekin parekatzea, hezkuntzan, osasunean, etxebizitzan, gizarte zerbitzuetan, kultur azpiegituretan eta zerbitzuetan eta hizkuntz normalizazioan batez ere, landa ingurunearen ezaugarrietarako egokiak diren irizpide eta baremoekin.

      1. atala.– Administrazioen eskumenak.

        Lege hau ezartzea Administrazio autonomikoari eta foru eta udal administrazioei dagokie Autonomi Elkarte Osorako Erakundeen eta bertako Kondaira-Lurraldeetako Foruzko Ihardutze-Erakundeen arteko Harremanei buruzko 27/1983 Legearen esparruan. Hor ezarritakoaren arabera, eginkizun hauek dagozkie:

        1. Eusko Jaurlaritzari:

        1. Landa ingurunearen garapenerako programak egin eta onestea, bere eskumenaren eremuan.

        2. Landa ingurunearen garapenerako programak betetzea, bere eskumenaren eremuan.

        1. Foru aldundiei:

        1. Landa ingurunearen garapenerako programak ezartzeko lurralde eremuak mugatzea, 5.1 atalean xedatutakoaren arabera.

        2. Landa ingurunearen garapenerako programak egin eta onestea, bere eskumenaren eremuan.

        3. Landa ingurunearen garapenerako programak betetzea, bere eskumenaren eremuan.

        1. Landa ingurunearen garapenerako programek ukituriko udalei:

        1. Bere udalerriko landa lurraldea helburu duten landa ingurunearen garapenerako programak egiten biziki parte hartzea.

        2. Landa ingurunearen garapenerako programak betetzea, bere eskumenaren eremuan.

      2. atala.– Landa ingurunearen garapenerako programak egiteko prozedura.

      1. – Hala Eusko Jaurlaritzan nola kasuan kasuko foru aldundian nekazaritza eta landa garapenaren alorreko eskumenak dituzten sailek batera hartuko dute landa ingurunearen garapenerako programak egiteari ekiteko erabakia. Sail horiek, bi hilabeteko epearen barruan, behar duten informazio guztia bilduko dute gainerako administrazio, erakunde eta sailetatik, ukituriko zonaldearen lurralde eremuetarako jarduketa programei eta aurreikuspenei buruz. Epe hori hilabete luza dezakete programa egiteari ekitea erabaki duten Eusko Jaurlaritzako eta kasuan kasuko foru aldundiko sailek, programa egiteko behar den informazioa lortzeko beharrezkotzat jotzen badute, edota ukituriko administrazio, erakunde edo sailetariko baten batek eskabide arrazoitua egiten badu.

        Horrez gain, harako zonaldearen barruan mendi nekazaritza eta landa garapenaren alorrean dauden elkarteetatik ere jasoko da informazioa, betiere lehen ezarritako epeen barruan.

      2. – Programa egiteari ekitea erabaki duten Eusko Jaurlaritzako eta kasuan kasuko foru aldundiko sail eskudunak izango dira prozedura gidatzeko eta hasierako zein behin betiko proposamena egiteko, betiere haien eskumenaren eremuan.

      3. – Programaren hasierako proposamena egin baino lehen, eta bildutako informazio eta aurreikuspenak administrazio, erakunde, sail eta elkarte egokiekin kontrastatu ondoren, programaren aurrerapena egingo da, aipaturiko informazioa jaso eta bi hilabeteko epearen barruan.

        Epe hori, gehienez ere, hilabete luza dezakete prozeduraz arduratzen diren Eusko Jaurlaritzako eta kasuan kasuko foru aldundiko sailek, programaren aurrerapena behar bezala egiteko beharrezkotzat jotzen badute. Aurrerapen hori, gerora, programaren barruan bildutako jarduketen alorrean eskudunak diren administrazio, erakunde eta sailei igorriko zaie, egokitzat hartzen dituzten ohar, iradokizun, hautabide eta proposamenak azal ditzaten atal honen 1. idazatian ezarritako epeen barruan. Horrez gain, jendaurrean jarriko da, eta interesatutako pertsona zein erakundeek alegazioak azal ditzakete epe beraren barruan. Gero, prozeduraz arduratzen diren Eusko Jaurlaritzako eta kasuan kasuko foru aldundiko sailek programaren hasierako proposamena egingo dute epe berberaren barruan.

      4. – Hasierako proposamena lege honen 10. eta 12. ataletan aurreikusitako txostenen pean jarriko da. Txostenak, bestetik, proposamena jaso eta bi hilabeteko epearen barruan eman behar dira. Epe hori hilabete luza daiteke gehienez, prozeduraz arduratzen diren Eusko Jaurlaritzako eta kasuan kasuko foru aldundiko sailen erabaki arrazoituaren ondorioz.

      5. – Lehen aipaturiko txostenak emandakoan, nekazaritza eta landa garapenaren alorrean eskudunak diren sailek dekreturako proposamena egingo dute 4.3 atalean ezarritakoaren arabera.

      6. – Administrazio publiko eskudunek landa ingurunearen garapenerako programak egiten parte hartzea bultzatuko dute eta parte-hartze hori bermatzen dela zainduko dute, programak egiteko prozesu osoan gainerako administrazio eta erakundeek eta gizarte eta ekonomi agenteek biziki parte hartzea bultzatuz.

  1. atala.– Administrazioen arteko lankidetza eta koordinazioa

  1. – Herri administrazioek lege honen 2 eta 3. ataletan adierazi diren helburuen arabera ezarriko dituzte landa zonaldeetan eragina duten arau, politika eta jarduketak, elkarren artean guztiz koherenteak eta osagarriak izan daitezen.

  2. – Landa ingurunearen garapenerako programak batera egin eta betetzeko modua ezarri ahal izango dute herri administrazio eskudunek hitzarmen bidez. Nolanahi ere, 7. atalean ezarritako prozeduraren arabera egingo dira programa horiek.

  1. atala.– Landaberri.

  1. – Landaberri eratzen da, erakundeen arteko lankidetza eta koordinaziorako organoa izan dadin landa garapenari dagokion guztian, eta, hain zuzen ere, organo honen baitan gauzatzen dira lege hau aplikatzeko behar diren lankidetza eta elkarlana. Eusko Jaurlaritzan nekazaritza eta landa garapenaren alorreko eskumenak dituen sailari atxikita egongo da Landaberri. Eusko Jaurlaritzaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko foru aldundien eta udalen ordezkariek osatuko dute, ondoko osaera honen arabera:

    Lehendakaria: Eusko Jaurlaritzan nekazaritza eta landa garapenaren ardura duen sailburua.

    Kideak:

    • Eusko Jaurlaritzan lurralde antolamenduaren eta industri arloen ardura duten sailburuak.

    • Araba, Bizkai eta Gipuzkoako nekazaritza eta landa garapenaren ardura duten foru diputatuak.

    • Euskal Autonomia Erkidegoko landa udalerrien hiru ordezkari, lurralde historiko bakoitzeko bat. Autonomia Erkidegoaren eremuan ordezkaritzarik handiena duen udalerri elkarteak izendatuko ditu ordezkari hauek.

      Gainera, beste sailburu eta foru diputatu batzuek hartuko dute parte Landaberriren bileretan, baita beste herri administrazio batzuek horretarako izendaturiko ordezkariek ere, baldin eta bilera horietan haien eskumeneko gaiak jorratzen badira.

  2. – Landaberriren baitan lantaldeak eratu ahal izango dira, ezaugarri bereziak izan eta tratamendu espezializatua merezi duten arazoak aztertzeko. Lantalde horietan, adituek eta ordezkaritza duten elkarte egokiek har dezakete parte.

    Halaber, Landa Garapenerako Kontseilu Aholkuemailea eratuko da, landa ingurunearen garapenean eta landa ingurunearen garapenerako programetan inplikaturiko agente ekonomiko eta sozialentzako kontsulta eta lankidetza organoa izateko. Kontseilu hori, Landaberri atxikita dagoen sail berari atxikiko zaio.

  3. – Eusko Jaurlaritzak, foru aldundiei eta Euskal Herrian ordezkaritza handiena duen udalerri elkarteari entzun ondoren, dekretu bidez, Landaberriren antolamendu eta jardunerako arauak ezarriko ditu, eta baita ere Landa Garapenerako Kontseilu Aholkuemailearen (gehienez hamabost kide izango ditu) eta sortzen diren lantaldeen osaera eta jardunbidea. Halaber, Landa Garapenerako Kontseilu Aholkuemaile horrek txostena egingo du landa ingurunearen garapenerako programak onetsi baino lehen.

  4. – Hartu beharreko erabakiak hartuko ditu Landaberri atxikita duen sailak, Landaberriri esleitutako eginkizunak behar bezala betetzeko behar den laguntza tekniko eta administratiboa bermatzeko xedeaz.

  1. atala.– Landaberriren funtzioak.

    Legearen beste atal batzuetan jasotako funtzioez gain, ondoko funtzio hauek dagozkio Landaberriri:

    1. Landa ingurunearen garapenerako programetarako proposamenak onetsi aurretik, proposamen horiei buruzko txostenak egitea, baldin eta proposamen horiek Eusko Jaurlaritzaren eskumeneko arloak ukitzen dituzten gaiei buruzkoak badira, 4.3 atalak aurreikusten duenez.

    2. Lege egitasmoei, Eusko Jaurlaritzaren dekretu egitasmoei, eta Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde erkideen plan eta programei buruzko txostenak egitea —beraiek onetsi aurretik eta nahitaez—, baldin eta egitasmo, plan edo programa horiek eragin nabaria badute landa zonaldeetan, bai zonalde horietako jarduera ekonomikoei, zerbitzuei eta kultur jarduerei buruzkoak direlako, bai garrantzi handiko emaitzak dituztelako eta, ondorioz, jarduera eta zerbitzu horien etorkizuneko bideragarritasuna —lege honen bidez ezarritako landa garapenerako politikaren helburuei dagokienez— baldintzaturik geratzen delako. Landaberriri dagokio egitasmo horien eragina ebaluatzea, bere txostenaren pean jarri behar ote diren zehazteko.

      1. eranskinean jasotako plan eta programak Landaberriren txostenaren pean jarriko dira; horrek ez du esan nahi, baina, aipaturiko balizkoen barruan dagoen beste edozein plan edo programari eskakizun hori exigituko ez zaionik. Eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legean ukituriko administrazioei entzuteko ezartzen diren epeen barruan emango dira, eman ere, lurraldearen antolamendurako tresnei buruzko txostenak.

    3. Landa ingurunearen garapenerako programak betetzeko aholkuak ematea.

    4. Erakunde eskudunei lege honen xedearekin erlazionaturiko edozein ekimen proposatzea.

  2. atala.– Landaraba, Landabizkaia, Landagipuzkoa.

  1. – Landaraba, Landabizkaia eta Landagipuzkoa eratzen dira, landa garapenaren arloan erakundeen arteko lankidetza eta koordinaziorako organoak izan daitezen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lurralde historikoetan, hurrenez hurren. Lurraldean lurraldeko foru aldundiak zehaztuko du bertako organoaren osaera.

  2. – Landaraba, Landabizkaia eta Landagipuzkoaren baitan lantaldeak eratu ahal izango dira, ezaugarri bereziak izan eta tratamendu espezializatua merezi duten arazoak aztertzeko. Lantalde horietan, adituek eta ordezkaritza duten elkarte egokiek har dezakete parte.

    Halaber, Landa Garapenerako Lurralde Kontseilu Aholkuemailea eratu ahal izango du foru aldundi bakoitzak, lurraldean lurraldeko landa ingurunearen garapenean eta landa ingurunearen garapenerako programetan inplikaturiko agente ekonomiko eta sozialentzako kontsulta eta lankidetza organoa izateko.

  3. – Lurraldean lurraldeko foru aldundiak Landaraba, Landabizkaia eta Landagipuzkoaren antolamendu eta jardunerako arauak ezarriko ditu, eta baita ere Landa Garapenerako Lurralde Kontseilu Aholkuemailearen eta sortzen diren lantaldeen osaera eta jardunbidea.

  4. – Hartu beharreko erabakiak hartuko ditu lurraldean lurraldeko foru aldundiak, Landaraba, Landabizkaia eta Landagipuzkoari esleitutako eginkizunak behar bezala betetzeko behar den laguntza tekniko eta administratiboa bermatzeko xedeaz.

  1. atala.– Landaraba, Landabizkaia eta Landagipuzkoaren funtzioak.

    Legearen beste atal batzuetan jasotako funtzioez gain, ondoko hauek dira Landaraba, Landabizkaia eta Landagipuzkoaren funtzioak:

    1. Landa ingurunearen garapenerako programetarako proposamenei buruzko txostenak egitea, proposamen horiek lurraldean lurraldeko foru aldundiari aurkeztu baino lehen.

    2. Foru arauen egitasmoei, foru aldundiaren dekretu egitasmoei, eta lurraldean lurraldeko plan eta programei buruzko txostenak egitea —beraiek onetsi aurretik eta nahitaez—, baldin eta egitasmo, plan edo programa horiek eragin nabaria badute landa zonaldeetan, bai zonalde horietako jarduera ekonomikoei, zerbitzuei eta kultur jarduerei buruzkoak direlako, bai garrantzi handiko emaitzak dituztelako eta, ondorioz, jarduera eta zerbitzu horien etorkizuneko bideragarritasuna —lege honen bidez ezarritako landa garapenerako politikaren helburuei dagokienez—baldintzaturik geratzen delako.

      1. eranskinean jasotako plan eta programak Landaraba, Landabizkaia eta Landagipuzkoaren txostenaren pean jarriko dira; horrek ez du esan nahi, baina, aipaturiko balizkoen barruan dagoen beste edozein plan edo programari eskakizun hori exigituko ez zaionik. Eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legean ukituriko administrazioei entzuteko ezartzen diren epeen barruan emango dira, eman ere, lurraldearen antolamendurako tresnei buruzko txostenak.

    3. Landa ingurunearen garapenerako programak betetzeko aholkuak ematea, zeinek bere lurralde historikoaren baitan.

    4. Erakunde eskudunei lege honen xedearekin erlazionaturiko edozein ekimen proposatzea.

  2. atala.– Landa ingurunearen garapenerako elkarteak.

  1. – Jaurlaritzak ezarriko ditu landa ingurunearen garapenerako elkarteak aintzatesteko eskakizunak. Elkarte horiek zuzenbide pribatuko entitateak izango dira, eta landa ingurunearen garapenerako harako programa batek barne hartzen duen zonaldeko sektore ekonomiko eta sozialen ordezkari izango dira. Bestetik, nekazaritzan eta landa garapenean eskumena duten herri administrazioek hartu ahal izango dute parte elkarteotan.

  2. – Ofizialki aintzatesten diren landa ingurunearen garapenerako elkarteekiko hitzarmenen baten bidez zehaztu ahal izango da elkarteok zer nolako parte-hartzea izango duten eta zer nolako lana egingo duten landa ingurunearen garapenerako programen barruko jarduketetan. Hitzarmen horietan ezarriko da elkarte hauek nahitaez egongo direla jaso edo kudeatzen dituzten fondo publikoen erabileraren fiskalizazioaren menpean.

    GEHIGARRIZKO XEDAPENAK

Euskal Autonomi Elkarteko nekazal ustiakuntzen aldeko laguntzei buruzko uztailaren 30eko 210/1990 Dekretuan xedatutakoa lege honen arabera egokituko du Eusko Jaurlaritzak, foru aldundiei entzun ondoren.

Mendi nekazaritzako elkarteen araubidea lege honen arabera egokituko du Eusko Jaurlaritzak.

Landa ingurunearen garapenerako programaren bat garatzeko proiekturik onetsiz gero, ukituriko ondasun eta eskubideak herri onurakoak direla eta presaz atzeman behar direla adieraziko da nahitaez, derrigorrezko desjabetzapenari buruzko legeriaren ondoreetarako.

Ondasun eta eskubideak herri onurakoak direla eta presaz atzeman behar direlako adierazpenak eragina izango du, halaber, proiektuen birplanteatzeak eta gerora onesten diren aldaketek ukituriko ondasun eta eskubideetan. Horretarako, ukituriko ondasun eta eskubideen banan-banako zerrenda jaso behar dute proiektuek eta ondorengo aldaketek.

Herri sozietateek eta zuzenbide pribatuko herri erakundeek, baita 13.2 atalean aurreikusitako landa ingurunearen garapenerako elkarteek ere, baldin eta lege honetan jarri diren helburuak lortzea xedetzat badute, publikotasunaren, lehiaren eta objektibotasunaren printzipioen arabera jardungo dute kontratuei, langileriari eta dirulaguntzei dagokien guztian.

ALDIBATERAKO XEDAPENA

Bakarra.–

Landa ingurunearen garapenerako programak I. eranskinean xedatutako lurralde-eremuen gain aplikatuko dira hasiera batean. Halaber, foru aldundi bakoitzak, 9. eta 11. ataletan ezarritako organoek txostena egin ondoren, landa ingurunearen garapenerako programen aplikazio-eremua zabaldu ahal izango du 5.1 atalean ezarritako irizpideak betetzen dituzten beste zonalde batzuetara.

Lehenegoa.–

Lege hau indarrean jarri eta 30 eguneko epearen barruan eratuko da Landaberri.

Lege hau indarrean jarri eta bi urteko epearen barruan egin behar dira I. eranskinean zehaztutako zonaldeen landa garapenerako programak.

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Beraz, lege hori men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Vitoria-Gasteizen, 1998ko apirilaren 20an.

Lehendakaria,

ARABAKO HARANAK / COMARCA VALLES ALAVESES Armiñón

Berantevilla

Kuartango

Lantarón

Ribera Alta

Ribera Baja / Erribera Beitia

Añana

Valdegovía

Zambrana

ARABAKO MENDIALDEA / COMARCA MONTAÑA ALAVESA Bernedo

Campezo / Kanpezu

Lagrán

Arraia-Maeztu

Peñacerrada

Urizaharra

Harana/Valle de Arana

ARABAKO ERRIOXA / COMARCA RIOJA ALAVESABaños de Ebro

Mañueta

Kripan

Elciego

Elvillar / Bilar

Labastida

Laguardia

Lanciego / Lantziego

Lapuebla de Labarca

Leza

Moreda de Álava

Navaridas

Oyón / Oion

Samaniego

Villabuena de Álava

Eskuernaga

Yécora

GORBEIALDEA / COMARCA ESTRIBACIONES GORBEAAramaio

Urkabustaiz

Zigoitia

Zuia

AIARA / COMARCA AYALA Artziniega

Ayala / Aiara

Okondo

ARABAKO LAUTADA / COMARCA LLANADA ALAVESA Barrundia

Elburgo

Iruraiz-Gauna

San Millán Donemiliaga

Zalduondo

ARRATIA-NERBIOIKO ESKUALDEA

COMARCA ARRATIA-NERVIÓN Arantzazu

Areatza

Artea

Zeanuri

Zeberio

Dima

Orozko

Otxandio

Ubide

ENKARTERRIAK / COMARCA ENCARTACIONESArcentales

Carranza

Galdames

Lanestosa

Sopuerta

Trucios / Turtzioz

TOLOSA-UROLA KOSTALDEA

COMARCA TOLOSA-UROLA COSTA Aia

Albiztur

Alkiza

Asteasu

Beizama

Bidegoyan

Errezil

Hernialde

Larraul

  • Euskal Landa Ingurunea Garatzeko Jarduera Plana.

  • 5b helburuaren barruko zonaldeetan jarduteko programak.

  • Leader ekimeneko jardun programak.

  • Euskadiko Baso Plangintza.

  • Parke naturalen eta babestutako biotopoen de- klarazioa, baita babestutako naturagune horietako natur baliabideen antolamendurako planak edo erabilera eta kudeaketa zuzentzeko planak, edota plan horien aldaketa eta berrikuspenak ere, baldin eta aipaturiko naturagune horiek barne hartzen badute, osorik edo zati batez, I. eranskineko lurralde eremuetariko baten bat edo 5.1 atalaren arabera mugaturikoetariko baten bat.

  • Parke naturalen edo babestutako biotopoen lurraldeko bizilagunen garapen sozioekonomikorako programak, baldin eta aipaturiko naturagune horiek barne hartzen badute, osorik edo zati batez, I. eranskineko lurralde eremuetariko baten bat edo 5.1 atalaren arabera mugaturikoetariko baten bat.

    I. eranskineko lurralde eremuetariko baten bat edo 5.1 atalaren arabera mugaturikoetariko baten bat —osorik edo zati batez— barne hartzen duten lurralde plan sektorialak, ondoko zerrenda honen arabera:

  • Nekazaritza eta Basorako Lurraldearen Antolamendurako Arloko Plana.

  • Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaien eta Erreken Ertzak Antolatzeko Lurraldearen Antolamendurako Arloko Plana.

  • Harrobi Zonetarako Lurraldearen Antolamendurako Arloko Plana.

  • Etxibizitzen Sustapen Publikorako Lurzoruetarako Lurraldearen Antolamendurako Arloko Plana.

  • Ekonomi Ihardueretarako Lurzoru Publikoa Sortzeko Lurraldearen Antolamendurako Arloko Plana.

  • Euskadiko Baliabide Turistikoak Antolatzeko Lurraldearen Antolamendurako Arloko Plana.

  • Telekomunikazioetarako Lurraldearen Antolamendurako Arloko Plana.

  • Gasaren Garraioa eta Banaketa Antolatzeko Lurraldearen Antolamendurako Arloko Plana.

  • Euskal Autonomia Erkidegoko Barne Arroetako Plan Hidrologikoa.

  • Hondakin Uren Saneamendu eta Arazketarako Gida Plana.

  • Kultur Ondareari buruzko Lurraldearen Antolamendurako Arloko Plana.

  • Hezkuntza, Osasun eta Kulturako Ekipamenduak Antolatzeko Lurraldearen Antolamendurako Arloko Planak.

    I. eranskineko zonaldeetariko baten baten zatirik edo 5.1 atalaren arabera mugaturikoetariko baten baten zatirik barne hartzen duten alde funtzionaletarako lurralde plan partzialak.

  • Epe Ertainerako Plan Ekonomikoa.

  • Industri Politika. Jarduketa Esparru Orokorra.

  • Eskualde turistikoen deklarazioa eta Baliabide Turistikoen Antolamendurako Plan Estrategikoa, baldin eta barne hartzen badute, osorik edo zati batez, I. eranskineko lurralde eremuetariko baten bat edo 5.1 atalaren arabera mugaturikoetariko baten bat.

  • Eskola bilguneak sortu, aldatu eta ezabatzea, eta eskola bilguneen lurralde eremua zehaztea, baldin eta barne hartzen badute, osorik edo zati batez, I. eranskineko lurralde eremuetariko baten bat edo 5.1 atalaren arabera mugaturikoetariko baten bat.

    I. eranskineko lurralde eremuetariko baten bat edo 5.1 atalaren arabera mugaturikoetariko baten bat —osorik edo zati batez— barne hartzen duten osasun aldeen, osasun eskualde eta azpieskualdeen eta osasun zonaldeen zehaztapena.

    I. eranskineko lurralde eremuetariko baten bat edo 5.1 atalaren arabera mugaturikoetariko baten bat —osorik edo zati batez— barne hartzen duten farmazi zonaldeen zehaztapena.

  • Euskadiko Herri Babeserako Plana.

  • Lurraldean lurraldeko herri babeserako planak, baldin eta barne hartzen badute, osorik edo zati batez, I. eranskineko lurralde eremuetariko baten bat edo 5.1 atalaren arabera mugaturikoetariko baten bat.

  • Etxebizitza planak

  • Euskal Herriko Errepideen Plan Orokorra.

    I. eranskineko lurralde eremuetariko baten bat edo 5.1 atalaren arabera mugaturikoetariko baten bat —osorik edo zati batez— barne hartzen duten aldeetako oinarrizko kirol azpiegituraren zehaztapena.

    I. eranskineko lurralde eremuetariko baten bat edo 5.1 atalaren arabera mugaturikoetariko baten bat —osorik edo zati batez— barne hartzen duten ureztapen planak.

  • Erkidegoarteko arroetarako plan hidraulikoak, baldin eta eraginik badute I. eranskineko lurralde eremuetariko baten batean edo 5.1 atalaren arabera mugaturikoetariko baten batean, edota haietariko zatiren batean.

  • Euskal Landa Ingurunea Garatzeko Jarduera Plana.

  • 5b helburuaren barruko zonaldeetan jarduteko programak.

  • Leader ekimeneko jardun programak.

  • Euskadiko Baso Plangintza.

  • Parke naturalen eta babestutako biotopoen deklarazioa, baita babestutako naturagune horietako natur baliabideen antolamendurako planak edo erabilera eta kudeaketa zuzentzeko planak, edota plan horien aldaketa eta berrikuspenak ere, baldin eta aipaturiko naturagune horiek barne hartzen badute, osorik edo zati batez, I. eranskineko lurralde eremuetariko baten bat edo 5.1 atalaren arabera mugaturikoetariko baten bat.

  • Parke naturalen edo babestutako biotopoen lurraldeko bizilagunen garapen sozioekonomikorako programak, baldin eta aipaturiko naturagune horiek barne hartzen badute, osorik edo zati batez, I. eranskineko lurralde eremuetariko baten bat edo 5.1 atalaren arabera mugaturikoetariko baten bat.

  • Nekazaritza eta Basorako Lurraldearen Antolamendurako Arloko Plana.

  • Foru aldundien errepide planak —toki errepideak barne—, baldin eta barne hartzen badute, osorik edo zati batez, I. eranskineko lurralde eremuetariko baten bat edo 5.1 atalaren arabera mugaturikoetariko baten bat.

    I. eranskineko lurralde eremuetariko baten bat edo 5.1 atalaren arabera mugaturikoetariko baten bat —osorik edo zati batez— barne hartzen duten ureztapen planak.

  • Obra eta zerbitzuetarako foru planak, baldin eta eraginik badute I. eranskineko lurralde eremuetariko baten batean edo 5.1 atalaren arabera mugaturikoetariko baten batean, edota haietariko zatiren batean.

  • Erkidegoarteko arroetarako plan hidraulikoak, baldin eta eraginik badute I. eranskineko lurralde eremuetariko baten batean edo 5.1 atalaren arabera mugaturikoetariko baten batean, edota haietariko zatiren batean.

Gaiarekin lotutako edukiak


Arauaren historia (10)

Arauaren historia

Eskumenak eta transferentziak (12)

Eskumenak eta transferentziak

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.