Arautegia
Inprimatu2/2017 LEGEGINTZAKO DEKRETUA, urriaren 19koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomia Kontrolari eta Kontabilitateari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Legegintzako Dekretua
- Organo arau-emailea: Ogasun eta Ekonomia Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 216
- Hurrenkera-zk.: 5399
- Xedapen-zk.: 2
- Xedapen-data: 2017/10/19
- Argitaratze-data: 2017/11/13
Gaikako eremua
- Gaia: Ogasun eta Ekonomía; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Ogasun; Gobernua eta herri administrazioa; Sailak
Testu legala
Eusko Legebiltzarrak urriaren 19ko 2/2017 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomia Kontrolari eta Kontabilitateari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.
Euskal Autonomia Erkidegoko 2017. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen apirilaren 11ko 2/2017 Legeak, azken xedapenetako laugarreneko 3. paragrafoan, baimena ematen dio Eusko Jaurlaritzari, lege hau indarrean sartzen denetik sei hilabete baino gutxiagoko epean, testu bakar batean batzeko Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomia Kontrolari eta Kontabilitateari buruzko ekainaren 30eko 14/1994 Legea eta gerora emandako beste lege batzuek eragin dizkioten aldaketak.
Aurreko lerroaldietako baimenak bere barne hartzen du batu behar diren testuak arautzea, argitzea eta harmonizatzea, baita behar diren terminologia-egokitzapenak egitea eta sistematizatzea ere, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 52.4 artikuluarekin bat etorriz.
Hori dela eta, Ogasun eta Ekonomiako sailburuaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat edo hari entzun ondoren, eta Gobernu Kontseiluak 2017ko irailaren 26an egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu eta gero, hauxe
Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomia Kontrolari eta Kontabilitateari buruzko ekainaren 30eko 14/1994 Legeari buruz beste xedapen batzuetan egindako aipamenak hemen onartutako testuari buruz egindakoak direla jo behar da.
Legegintzako dekretu honen bitartez onartutako testu bategina indarrean sartzen denean, indarrik gabe geldituko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomia Kontrolari eta Kontabilitateari buruzko ekainaren 30eko 14/1994 Legea eta testu bateginean ezarritakoaren aurka doazen maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.
Legegintzako Dekretu honen bidez onartutako testu bategina Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO EKONOMIA KONTROLARI ETA KONTABILITATEARI BURUZKO LEGEAREN TESTU BATEGINA
Legearen planteamendua.
Euskadiko Ogasun Nagusiaren eskumena da Autonomia Erkidegoko ekonomia-jarduerak bete behar duen kontrol- eta kontabilitate-sistema, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 1.2.c) artikuluaren arabera.
Aurrerapen handia izan zen Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomia Kontrolari eta Kontabilitateari buruzko ekainaren 30eko 14/1994 Legea Euskadiko Ogasun Nagusia osatzen dituzten gaiak artikulatzeko; izan ere, lehenengo aldiz eta egiturazko izaera oso batekin arautu zen haren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren barneko kontrol ekonomikoa. Kontrol horrek, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren bidez egiten den kanpoko kontrolarekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoko jarduera ekonomikoaren kontrola ziurtatzen du.
Geroago, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartu zuen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuak 14/1994 Legearen aplikazio-eremua Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikora zabaltzea ekarri zuen, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 7. artikuluan islatzen den sailkapen instituzionalaren arabera. Halaber, 14/1994 Legea aplika ahal zitzaien, ordutik, kontabilitate publikoaren araubidearen mende dauden Lan Harremanen Kontseiluari, Kooperatiben Goren Kontseiluari, Ekonomia eta Gizarte Kontseiluari eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoari, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren barruan aurrekontuak dituzten erakundeei eta ezarritako terminoetan funts edo diru-laguntza publikoak jasotzen edo erabiltzen dituzten pertsona fisiko publiko nahiz pribatuei aplikatzeaz gain.
Beste mugarri garrantzitsu bat izan zen lege hauek argitaratzea: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina aldatzeko den martxoaren 1eko 6/2012 Legea, Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomia Kontrolari eta Kontabilitateari buruzko Legea eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Legea, Euskal Autonomia Erkidegoko arlo publikoaren gehiengoko partaidetza edo finantziazioa daukaten erakundeak arautze aldera. Aipatu legeak eta horri geroago egin zaizkion aldaketek aukera ematen dute Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren kontrol-eginkizunak Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren partaidetza duten erakundeen gainean ere egiteko, araubide ekonomikoa eta finantzarioa arautzen dituzten hitzarmenek ezarritako terminoetan.
Arau honetako barneko kontrol ekonomikoaren eredua oso-osoa izan nahi duen kontrol gisa osatu da, baina a priori beligeranteegia izan gabe. Arauen gaineko prebentzio-kontrolak eta jarduera ekonomikoaren ondorengo kontrolak lantzen ditu, jardunbide ekonomikoak aldatzeko. Oso-osoko kontrola da, gertakari eta eragiketa ekonomiko guztiak, hau da, administrazio-jarduera ekonomiko guztiak baitaude kontrolpean. Era berean, administrazio-arauen eta -xedapenen prebentziozko kontrola egingo da, alor horretan hartzen diren arau-mailako erabakiak ekonomikoki eta finantzarioki zentzuzkoak direla bermatzeko, alor finantzario eta ekonomikoko jarduera administratiboa zehatz-mehatz egituratzen dutenak onartu baino lehen.
Aipatutako ezaugarri horiekin oreka lortzeko eta sailek ekonomia kontuetan egunero egiten duten lanarekiko jarrera positiboa izateko, kontrol hori gogoetan oinarritua eta esku-sartzerik gabekoa izatea nahi da, kontraesana izan gabe.
Gogoetari ematen zaio lehentasuna, gerora egindako kontrolek, orokorrean edo gai zehatzen inguruan, osotasunezko ikuspuntua ematen baitute, eta kudeatzaileek hartu beharreko erabakietan eragina izango du. Horrela, erantzukizun publikoa herri-erakundeen kudeaketan gailenduko da, eta ez horrenbeste kontrolean. Era berean, kontrol horrek ez du gehiegizko esku-hartzerik izango, eskubideak onartu edo gastuetara behartzeko erabakiak hartzen dituztenek ez baitute, orokorrean behintzat, «intromisio» delakorik jasango, eta hori izan da aldez aurretik eta modu kritikoan egindako kontu-hartzeek ekarri izan dutena orain artean. Lege honetan, lehentasuna du arduraz egindako kudeaketak, kontrolatu gabeko ustezko jarduerak baino. Gainera, zaila izan daiteke haiek ordezkatzea jarduera hipotetiko horiek irregularrak direnean.
Baina, lege honen bidez lortu nahi den barneko kontrol ekonomikoaren alderdi bakarrak ez dira izaera integrala, prebentzioa, hausnarketa eta tartean ez sartzea. Horiekin batera, barne-kontrolaren ezaugarri nagusietako bat mugikortasuna da. Hain zuzen ere, kontrol ekonomikoaren dinamismoa azaltzen duten artikulu batzuk daude, kide anitzeko organoetan kontrolatzeko formulak ezartzen baitituzte, kontrol hitzartuak zehazten eta probatzen baitituzte, eta, laburbilduz, kontrol-organoen esku uzten baitute aurretiko kontrol selektiboak egiteko urtero aukera zehazten diren aurrekontu-programen arabera.
Bukatzeko, esan behar da lege hau Autonomia Erkidegoko administrazio-egiturak berritzeko ere ahaleginaren barruan sartzen dela eta, helburu hori gogoan izanda, jardunbideak gero eta arrazoizkoagoak izateko balio izan beharko du. Horrela, burokratizazioa gero eta txikiagoa izango da eta ekonomiaren inguruko ekintza publikoa kudeatu eta kontrolatu behar duten organoek azkartasun handiagoarekin jardungo dute.
I. tituluko xedapen orokorrak.
tituluko xedapenek, Legeko 1. artikulutik 4. artikulura, barneko kontrol ekonomikoa zehazten dute kanpoko kontroletik bereizteko; horrez gain, osatzen duten baliabideak eta haren helburu nagusia arautzen dituzte, kontrol horren legezko araudia ezarri eta kontrolean nagusi diren printzipio orokorrak aditzera ematen dituzte, eta, bukatzeko, kontrol hori ia oso-osoan zein organok eramango duen aurrera deskribatzen da laburki. Aipatzekoa da barneko kontrol ekonomikoaren oinarrizko printzipioek argitzen dutela zer parametrotan mugitu behar den kontrol ekonomikoa Euskal Autonomia Erkidegoan. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren eremuan barneko kontrol ekonomikoa bateratuko duen gunea izango da Kontrol Ekonomikoko Bulegoa.
Kontabilitatea eta kontabilitate-kontrola.
Legeko II. tituluan, 5. artikulutik 14. artikulura, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sektore publikoan erabili beharreko kontabilitate-kontroleko eta kontabilitateko ereduak zehazten dira. Orokorrean, kontabilitatearen arloan etengabeko deszentralizazioa bultzatuko da, erakundeek kontrolatzeko printzipioa aukeratu arren. Nolanahi ere, benetan baliagarria da Kontrol Ekonomikoko Bulegoak zenbait erakundetan aurrera eramandako egungo kudeaketa-modua, emaitzak oso onak izan baitira; hortaz, ez dago asmorik bide hori indarrik gabe berehala uzteko.
Kontabilitatea, oinarrian, erabakiak hartzeko informazioa bada, ezaugarri hori indartzen du lege honek, informazioaren eta oharren gardentasuna bermatzen duen tresna bihurtzen baitu kontabilitate-kontrola. Kontabilitatearen kontrola eta kontabilitatea, haien izaeragatik, Estatukoaren nahiz gainerako autonomia-erkidegoetakoen antzera gauzatuko dira, bai finkapen-ondorioei bai eskumenei dagokienez.
III. titulua. Kontrol kontu-hartzailea.
Titulu hau 5 kapitulutan dago banatuta, eta 15. artikulutik 29. artikulura bitartekoak hartzen ditu barnean. Kontrol kontu-hartzaileak zer egitura, osaera eta funtzionamendu erakusten duten gutxieneko parametroak garatzen eta ezartzen dira.
Gauzak horrela, kontrol kontu-hartzailea egiten duen organoaren inguruan egituratuta dagoen kontrolen sistema da aipatutakoa. Organo horrek autonomia osoa dauka kontrolpean dituen zerbitzu edo erakundeei dagokienez, eta, gainera, beste informazio batzuk ere biltzen ditu zeinek EAEko jarduera ekonomikoa zehaztasunez ezagutzeko, funtzionamenduaren arazoak hautematen laguntzeko eta kudeaketarekin orekatuta egongo den legezkotasuna bermatzeko balio izan baitezakete.
Proposatutako ereduak indartu egiten du kontrol finantzen eta kudeaketaren kontu-hartzailea, kontrol publikoa gidatzen duten printzipioek aldarrikatzen duten kontrolaren unibertsaltasuna ondoen betetzen duena baita. Indartu egiten da kontrol hori, eta kontabilitatea ordezkatzeko nolabaiteko izaera ematen zaio, erantzukizunak eskatzeko indarra duten kontrol-aktak egiteko aukera ezartzen baita. Bestalde, maila guztietan egiten den kontu-ikuskatzaileen ohizko kontrola dugu hau, eta EAEko sektore publikoaren efikazia, efizientzia eta ekonomia neurtzeko balio behar du.
Zerga-izaerako kontrol kontu-hartzailea kontrol mugatua izango da bere aplikazio-eremuan, eta legezkotasuna bermatu beharko du dagokion alorrean. Ez da eskubide eta betebehar ekonomikoak sor ditzaketen ekintza, dokumentu eta espedienteen legezkotasun finantzarioaren gaineko kontrol oso-osoa, partziala baizik; izan ere, ez ditu kontrolatzen aukera guztiak, ez eta kasu zehatzei aplika dakizkiekeen legezkotasun-parametro guztiak ere. Horrek kudeaketa dinamizatzen eta malgutzen du, ekonomikoki garrantzitsua dena soilik kontrolatzen baita. Hasiera batean behintzat, nahiko helburu orekatua du, bi zatitan banatuta: egiturazko zatia, legean agertzen dena; eta egoeraren araberako zatia, urte bakoitzean xeda daitekeena. Bestaldetik, ez da alde batera uzten zerga-txostenean hautemandako akats batzuen ondorioz izapideak eteteko ondorio mugatua.
Horretaz gain, izaera ekonomiko-normatiboa duen kontrol kontu-hartzailearen helburua izango da ebaluatzea zer eragin ekonomiko duten ikuskatuko diren lege-aurreproiektu eta xedapen arautzaileen proiektuek aurrekontuko diru-sarrera eta gastu publikoetan nahiz aurrekontutik kanpokoetan. Ekonomia- eta antolakuntza-alderdiei dagokienez, kontrol horrek barne hartzen du organoen nahiz erakundeen sorrera fiskalizatzea, baita diru-laguntzen programak eta haren deialdiak garatzeko araudia ere.
Azkenik, izaera ekonomiko-administratiboa duen kontrol kontu-hartzailea kontrol logiko bat izango da diru-sarreren bidean, eta zabala, gastuen bidean.
Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren ekonomia- eta kontabilitatearen kontrolaren araubidea arautzea da lege honen xedea.
Kontrol ekonomikotzat jotzen da Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren jarduera ekonomikoaren gainean egiten dena, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren gaien gainean egiten dena, eta haietatik etorririk edo haiek aipatuz egiten diren eta hura osatzen duten eskubideekin eta betebeharrekin zuzeneko edo zeharkako lotura duten banakako eragiketen gainean egiten dena.
Kontrol ekonomikoa barnekoa edo kanpokoa izan daiteke. Kontabilitate-kontrola, kontrol kontu-hartzailea eta erreklamazio ekonomiko-administratiboen bidez egindako kontrola dira barneko kontrol ekonomikoak. Kanpo-kontrola Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egindakoa da.
Lege hau modu berean aplikatuko zaie bai lehenengo xedapen gehigarrian jasotako erakundeei, bai Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren mendeko aurrekontuak dituzten erakundeei, baita ezarritako terminoetan funts edo diru-laguntza publikoak erabiltzen edo jasotzen dituzten pertsona fisiko eta juridiko publiko nahiz pribatuei ere.
Kontabilitatea eta, kontabilitateko eta kontu-hartzeko kontrolak lege honetan, legearen aldaketetan edo hura erregulatzen edo garatzen duten arauetan ezarritakoaren arabera arautuko eta erabiliko dira.
Izaera ekonomiko-administratiboa duen kontrol kontu-hartzailea arautzeari buruz lege honetan aipatzen diren berezitasunak direla eta, erreklamazio ekonomiko-administratiboen bidez egiten den kontrola bere araudi espezifikoaren arabera ezarriko da.
Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren kontrola bere araudi espezifikoaren arabera arautzen eta gauzatzen da.
Barneko kontrol ekonomikoa oinarrizko printzipio hauen arabera gauzatuko da:
Kontrol-gaiaren unibertsaltasunaren printzipioa. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoak egindako jarduera ekonomiko orok barneko kontrol ekonomikoa eduki dezake.
Kontrolatzailearen unitatearen printzipioa eta hierarkia organikoaren printzipioa. Lege honetan kontrol kontu-hartzaile ekonomiko-administratiborako ezartzen den salbuespena kenduta, bakarra izango da barneko kontrol ekonomikoa gauzatzen duen organoa EAEko sektore publiko osorako, eta barneko kontrol ekonomikoaren erantzukizunetan eskuduna den Eusko Jaurlaritzako Sailaren barruan kokatuko da egituraz.
Independentzia funtzionalaren printzipioa. Barneko kontrol ekonomikoaz arduratzen den organoak erabateko autonomia du kontrolatzen dituen organo eta erakundeekiko.
Dagokion jarduerara mugatutako erantzukizunaren printzipioa. Barneko kontrol ekonomikoaz arduratzen direnak erantzule izango dira soilik baldin eta doluarekin, erruarekin edo zabarkeria larriarekin bete ez badute Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiari kalteak eragiten dizkieten ekintza edo xedapenen desegokitasunaren edo legezkotasunik ezaren gainean duten erantzukizuna, eta haiek sortzeko, egiteko eta gainbegiratzeko prozesuan parte hartu badute aurrez.
Lankidetza organikoaren printzipioa. Aitortutako eskumenen barruan, barneko kontrol ekonomikoaz arduratzen den organoak lankidetza eta laguntza aktiboa emango dizkie kontrolatzen dituen organoei, dagozkien funtzioak eta eskumenak eraginkortasunez bete ditzaten.
Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egingo ditu lege honetan kontabilitaterako eta barneko kontrol ekonomikorako ezarritako funtzioak, legean bertan ezarritako baldintzetan.
Kontrol Ekonomikoko Bulegoa Eusko Jaurlaritzaren egituraren barruko organoa da eta barneko kontrol ekonomikoaren eta kontabilitatearen arloan du eskumena. Bulegoko zuzendaria izango da burua, eta goi-karguduntzat joko da Jaurlaritzari buruzko 7/1981 Legearen ondorioetarako.
Kontu-hartzaileen bidez burutuko dira Kontrol Ekonomikoko Bulegoak bere langileen bidez egingo dituen kontu-hartzearen kontrol-lanak. Kontu-hartzaileak indarrean dauden xedapenetan ezartzen den kontabilitate-erantzukizunaren mende egongo dira, xedapen horietan adierazitako terminoetan. Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren jarduera hori zuzenean edo ordezkotza duten organoen bidez eraman ahal izango da aurrera. Era berean, finantzen eta kudeaketaren kontrol ekonomikoari buruzkoa denean, horretarako kontratatutako Administrazioz kanpoko baliabideak erabili ahal izango ditu.
Kontrol Ekonomikoko Bulegoak lege honetan aurreikusitako kontrol kontu-hartzailea gauzatzeko erabateko autonomia eta askatasuna izango du kudeaketa kontrolatzen dien gainerako organo eta erakundeekiko. Hori dela eta, ez du jarraibiderik jasoko inongo administrazio-organoren aldetik.
Arau bidez ezarriko dira Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren egitura eta antolamendua, bai eta haren funtzioak egiteko moduak ere.
Barneko kontrol ekonomikoa egin ahal izateko, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak beharrezko dituen espediente, datu, txosten, aholkularitza tekniko, aurrekari, agiri edo argibideak eskatu ahal izango dizkie kasuan kasuko erakunde guztiei. Errekerimendu horri ezin izango zaio ezezkorik erantzun ezinbesteko arrazoiren batengatik edo jarduera isilpekoa delako ez bada, indarrean dagoen legediaren arabera.
Euskal Autonomia Erkidegoko kontabilitate-kontrolari, kontrol kontu-hartzaileari eta kontabilitateari buruzko erregelamenduak egiteko ahala bultzatzeko aginpidea duen organoa da Kontrol Ekonomikoko Bulegoa. Era berean, aipatutako gai horiei buruzko edozein ekimeni buruzko iritzia entzun beharko zaio.
Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egingo duen kontrola, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren xedapen gehigarri bakarrean aipatzen diren erakundeen gainean, kasuan kasuko hitzarmenetan esaten dena bete beharko du.
Kontabilitatea Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren aurrekontu, finantza, ondare eta diruzaintzari buruzko informazioa ematen duen tresna edo sistema da, eta atxikitako erakunde bakoitzaren ondarearen, finantza-egoeraren, aurrekontu-egoeraren eta emaitzen irudi fidagarria ematea izango da haren xedea, dokumentuen, kontuen, liburuen eta egoeren bidez.
Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoak egindako ekintza eta eragiketa ekonomiko guztiak, kasuan kasuko erakundearen kontabilitatean jaso beharko dira eta erabakitako moduan justifikatu beharko dira.
Titulu honen ondorioetarako, hauek osatzen dute Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa: Eusko Legebiltzarra, Administrazio orokorra, Administrazio instituzionala, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretu bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 7. artikuluko 4. paragrafoko a), b) eta c) letretan adierazitako erakundeak, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren barruan sartuta dituzten gainerako erakunde guztiak.
Kontabilitate publikoaren araubideari atxikirik egongo dira EAEko Administrazio orokorra, erakunde autonomoak eta sektore publikoko partzuergoak. Euskal Autonomia Erkidegoaren Kontabilitate Publikoko Planean, plan horren garapeneko arauetan eta aplikaziokoak diren gainerako arauetan jasotako kontabilitate-printzipio eta -arauak beteko dituzte erakunde horiek.
Enpresa-kontabilitateko araubideari atxikirik egongo dira zuzenbide pribatuko erakunde publikoak, sozietate publikoak eta sektore publikoko fundazioak. Kontabilitate-arloko merkataritza-araudian eta, bereziki, Kontabilitate Plan Orokorrean eta hura garatzen duten xedapenetan jasotako kontabilitate-printzipio eta -arauak beteko dituzte erakunde horiek.
Artikulu honetako 1. paragrafoan adierazitakoari jarraituz, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren barruan dauden Autonomia Erkidegoko sektore publikoko gainerako erakundeak, bestalde, atxikirik egongo dira kontabilitate publikoko araubideari zein enpresa-kontabilitateko araubideari, lehentasunez zuzenbide publikoaren edo zuzenbide pribatuaren arabera, hurrenez hurren, salbu haiek sortzeko arauak ez badu ezartzen aplikagarri den araubide espezifikoren bat.
Kontabilitateak aukera eman beharko du:
Erabakiak hartzeko, bai arlo politikoan, bai eta antolamenduaren, ekonomiaren eta kudeaketaren arloetan ere.
Kostua zehazteko, eta, hala badagokio, zerbitzuen errendimendua zehazteko.
Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak nola gauzatzen diren erregistratzeko, bai eta ondarearen eta diruzaintzaren egoera eta mugimenduak jasotzeko ere.
Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak egiteko eta haien likidazioaren kontuak emateko, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko urteko kontuak egiteko ere.
Euskadiko kontu ekonomikoak egiteko.
Kontrol kontu-hartzailea gauzatzeko.
Sektore publikoko erakundeen jardueraren ondorio ekonomiko eta finantzarioak aztertzeko tresna izateko.
Hauek izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko kontabilitateak ematen duen informazioaren hartzaileak, araudian ezartzen den baldintzetan: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren ordezkaritza politikoaren organoak, zuzendaritza-organoak eta kudeaketa-organoak, sektore publikoko kanpoko eta barneko kontrol ekonomikoaren organoak, eta erakunde pribatuak, elkarteak eta hiritarrak oro har.
Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren urteko kontuek honi buruzko informazioa emango dute, gutxienez ere:
EAEko sektore publikoaren egoera ekonomikoari, finantzarioari eta ondareari buruzkoa.
Ekonomiaren eta ondarearen alorreko urteko emaitzei buruzkoa.
Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren gauzatzeari eta likidazioari buruzkoa.
Kontabilitate eta kontabilitateko erantzukizunetan eskuduna den Eusko Jaurlaritzako sailak egingo ditu kontu ekonomikoak, kontabilitate nazionalaren beharrei erantzunez. Euskadiko administrazio publiko guztiek kontu ekonomikoak egiteko behar duen informazio eta lankidetza guztia emango diote aipatu sailari.
Egiteko hauek dagozkio kontabilitate eta kontabilitateko erantzukizunetan eskuduna den Eusko Jaurlaritzako sailburuari:
Euskal Autonomia Erkidegoko Kontabilitate Publikoaren Plana onestea.
Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko erakunde eta organoek aurkeztu beharreko urteko kontuak eta gainerako dokumentazioa zehaztea, bai eta haien egitura eta ereduak ere, merkataritza-araudiarekin eta Kontabilitate Plan Orokorrarekin bat etorriz, enpresa-kontabilitateari dagokionez.
EAEko sektore publikoko erakunde guztiei aplikatuko zaien kontabilitate-araubidea zehaztea, haien arauetan gai horretaz ezer agintzen ez den kasuetan.
Kontabilitatearen mende dauden erakundeek organo, eragiketa edo baliabide zehatzei buruzko kontu espezifikoak eman diezazkiotela zehaztea.
Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren kontabilitatea zuzentzen duen zentroa da Kontrol Ekonomikoko Bulegoa, eta eskumen hauek ditu:
Kontabilitate Publikoaren Plana garatzea eta haren arabera egiten diren plan partzial edo bereziak onartzea, bai eta enpresa-kontabilitatearen araubidera atxikitako EAEko sektore publikoko erakundeek Kontabilitate Plan Orokorraren arabera egindakoak ere.
Kontabilitate-arauak onartzea. Haien bidez, kontabilitate publikoko araubidera atxikita dauden erakundeek bete beharreko kontabilitate-arauak ezarriko dira.
Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren likidazioa eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren urteko kontuak egitea. Horrez gain, kontu ekonomikoak egingo ditu, kontu nazionalen beharrak kontuan hartuz.
Kontabilitate publikoko araubidera atxikita dauden erakundeen kontabilitate analitikorako arauak eta prozedurak ezartzea.
Kontabilitateko informazioa erregistratzeko eta egiteko baliabide eta bitarteko informatikoak zuzentzea eta kontrolatzea, hargatik eragotzi gabe zer sailetara dauden atxikita.
Kontabilitatearen mende dauden organoek eta erakundeek erabaki egokiak hartzen dituztela bermatze aldera, hauetan hartuko dute parte:
Kontabilitate Publikoaren Plana, eta haren arabera egiten diren plan partzial edo bereziak garatzeko araudia eta enpresa-kontabilitatearen araubidearen mendeko EAEko sektore publikoko erakundeek Kontabilitate Plan Orokorrari buruz egindako planak garatzeko araudia egiten.
Kontabilitate publikoko araubidearen mende dauden erakundeek bete beharreko kontabilitate-arauak ezartzen dituzten kontabilitate-arauak egiten.
Administrazio orokorrerako, erakunde autonomo eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko partzuergoetarako ezartzen den kontabilitate-sistemaren kudeaketaren ezaugarriak eta kudeaketa horretatik ondorioztatutako informazioa zehazten, bere baliabideak behar bezala kudeatzeko beharrezko den kontabilitate-informazioa jasotzeko aukera izanik.
Kontrol Ekonomikoko Bulegoak kudeatuko du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren, haren erakunde autonomoen eta sektore publikoko partzuergo guztien kontabilitatea. Jaurlaritzak ezarri ahal izango du erakunde autonomo administratiboen eta partzuergoen kontabilitatea deszentralizazio-araubidearen arabera kudeatuko dela.
Administrazio Orokorraren sailek, erakunde autonomoek eta sektore publikoko partzuergoek eragiketa ekonomikoei buruzko kontabilitate-informazioa bidaliko diote Kontrol Ekonomikoko Bulegoari. Kontabilitatearen mende dauden EAEko sektore publikoko gainerako erakundeek kontabilitatea kudeatuko dute haien organoen bidez.
EAEko sektore publikoko erakundeek Gobernu Kontseiluari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta kanpoko kontrolerako organoari aurkeztuko dizkiete indarrean dauden xedapenek ezartzen dituzten kontuak.
Araudietan ezartzen denari jarraituz, hauek izango dira kontabilitatearen alorreko erantzuleak:
Sailetako sailburuak.
Kontrol Ekonomikoko Bulegoa.
Erakunde autonomoen buruak edo zuzendariak.
Zuzenbide pribatuko erakunde publikoen buruak edo zuzendariak.
Sozietate publikoetako administrariak edo administrazio-kontseiluetako kideak.
EAEko sektore publikoko gainerako erakundeei dagokienez, haien araudiak ezartzen dituen kudeaketa-organoak.
Kontabilitatea kontrolatzea da EAEko sektore publikoko jarduera ekonomikoaren jarraipena egitea, ziurtatzeko eta bermatzeko eragiketa guztiak behar bezala daudela jasota kontabilitatean.
Kontabilitatea kontrolatuko zaie EAEko sektore publikoko erakunde guztiei.
Erakunde horiek behartuta egongo dira ekintza eta eragiketa ekonomikoen kontuak ematera, lege honi jarraituz.
Kontrol Ekonomikoko Bulegoa kontabilitatea kontrolatzeaz arduratuko den organoa da, eta egiteko hauek ditu:
EAEko Administrazio publikoa osatzen duten erakundeen eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 7. artikuluko 4. paragrafoko a), b) eta c) letretan adierazitako erakundeen kontabilitate-bulegoen jarduera ikuskatzea, eta, esparru horretan, kanpoko kontroleko organoari edo beste organo batzuei aurkeztu beharreko kontuak eta gainerako dokumentuak aztertzea eta haien aurkezpena jasotzea, egoki iruditzen zaizkion oharrak eginez, hala badagokio.
Zehaztea kontabilitate-izaerako zer informazio bidali beharko dioten EAEko sektore publikoko erakundeek, bai eta zenbatean behin bidali beharko dioten eta zer komunikazio-prozedura erabili beharko duten ere, bere zentralizazio-funtzioak gauzatu ahal izan ditzan eta sektore publikoko informazio ekonomiko eta finantzarioa egin ahal izan dezan.
Kontabilitatearen kontrolarekin erabat lotuta dago sektore publikoko erakundeen era guztietako kontabilitate-informazioa jasotzeko aukera, eragiten dieten kontabilitate-txosten ekonomikoak jasotzeko aukera, eta kontabilitatearen informazioa zentralizatzeko aukera hura finkatu eta gehitzeko.
Kontrol kontu-hartzailetzat hartzen da EAEko sektore publikoaren jarduera ekonomikoaren gainean egiten den barneko kontrola, titulu honetan jasotako modalitateetan.
Kontrol-modalitate hauek osatzen dute kontrol kontu-hartzailea:
Kontrol ekonomiko-finantzarioa eta kudeaketakoa.
Kontrol ekonomiko-fiskala.
Kontrol ekonomiko-normatiboa.
Kontrol ekonomiko-administratiboa.
Kontrol kontu-hartzaileak helburu hauek izango ditu:
EAEko sektore publikoa osatzen duten erakundeen jarduera ekonomikoak ekonomiaren, finantzaren, aurrekontuen, ogasunaren eta kontabilitatearen alorreko lege-xedapen aplikagarriak betetzen dituela bermatzea.
Eragiketa ekonomikoen kudeaketan eta administrazioaren antolaketan ekonomia, efizientzia eta efikazia lortzea.
EAEko sektore publikoa osatzen duten erakundeen jarduera ekonomikoari buruzko beharrezko informazioa ematea dagokien organoei, beharrezko erabakiak hartzen laguntzeko.
Politika ekonomiko publikoak gauzatzen laguntzea.
Legezkotasun finantzarioa betetzen dela bermatzea, EAEko Ogasun Nagusiaren eskubideak errespetatzen direla ziurtatzeko.
Kontrol ekonomiko-finantzarioak eta kudeaketakoak xedetzat izango du:
Egiaztatzea Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren kudeaketa ekonomiko-finantzarioa bat datorrela hura osatzen duten erakunde, zerbitzu eta unitateen jokabide ekonomiko-finantzarioa arautzen duten xedapen eta jarraibideekin eta hura zuzentzen duten erregulartasun-, legezkotasun-, eraginkortasun-, -efizientzia eta ekonomia-printzipioekin.
Begiztatzea kontrolatzen diren organo eta erakundeen kontabilitateak eta informazio ekonomiko-finantzarioak egiazki islatzen dutela haien finantza-, ondare- eta aurrekontu-egoera, eta bat datozela aplikagarriak diren xedapen eta printzipioekin.
Kontrol ekonomiko-finantzarioko eta kudeaketa-kontroleko txostenek kontrolatzen diren erakundeen kudeaketa hobetzeko beharrezko diren gomendioak erantsiko dituzte.
Orokorrean edo modu zehatzean ezarriko den moduan, edozein erakunde edo enpresa publiko edo pribatu nahiz norbanakori aplikatu ahal izango zaio kontrol ekonomiko-finantzarioa eta kudeaketakoa, baldin eta edozein laguntza jaso badu Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren edo Batasuneko funtsen kontura. Era berean, administrazioarekin laguntzak kudeatzen lankidetza-erakundeak ere hartu ahal izango ditu kontrol horrek. Kontrola esatean, laguntzak modu egokian erabiltzea eta haien helburura bideratzea esan nahi da, baina dena delako laguntza onuradunaren finantziazio-bide nagusia denean, jarduera ekonomiko osoa kontrolatu ahal izango da. Aipatzen ari garen ondorioetarako, hauek joko dira laguntzatzat: Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoak ondasunak edo industria, kredituak, abalak edo bestelako berme batzuk dohainik edo merkatuko prezioa baino merkeago ematea edo uztea, diru-laguntzak, zergak ordaindu behar izatetik salbuestea edo zergetan onurak eskaintzea.
Artikulu honetako 2. paragrafoan aipatzen diren pertsonak eta erakundeak lokaletara sartzeko eta kontrolatu beharreko dokumentazioa ikusi ahal izateko aukera eman beharko dute, eta horretaz arduratzen diren funtzionarioei fakturak, antzeko dokumentuak, haien ordezko dokumentuak edo kontrol horren mende dauden eragiketekin lotutako bestelako dokumentuak lortzeko aukera eman beharko diete.
Kontrolaz arduratzen diren funtzionarioak, haien funtzioak egiten ari direnean, agintaritza-agentetzat hartuko dira.
Kontrol ekonomiko-finantzarioa eta kudeaketa-kontrola egitean, auditoretza-teknikak erabiliko dira jarduera ekonomikoaren jarraipena egiteko. Auditoretza horiek izan daitezke kudeaketaren arlokoak, finantzaren arlokoak, aurrekontua eta legezkotasuna betetzen den edo ez ikustekoak edota ikuskatutako erakunde, zerbitzu eta norbanakoen prozedurak eta barneko kontrola aztertzekoak.
Kontrol ekonomiko-finantzarioa eta kudeaketa-kontrola kontrolaren menpekoarentzat denboraren edo ekonomiaren aldetik esanguratsua den epealdia amaitu ondoren egingo da, izaeraren arabera. Dena den, hala zehazten bada, kontrol ekonomiko-finantzarioa eta kudeaketa-kontrola etengabe egin ahal izango dira, baita administrazio-zerbitzu edo -unitateetan ere.
Aurreko artikuluko 2. paragrafoan aipatzen diren kontrol ekonomiko-finantzarioa eta kudeaketa-kontrola diru-laguntzak eta laguntzak ematea arautzen duten xedapenetan ezarritako unean egingo dira. Bestela, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak zehazten duen unean.
Kontrol ekonomiko-finantzarioaren eta kudeaketako kontrolaren alorrean egingo diren jarduerak Auditoretzen Urteko Planean gehituko dira; plan hori Kontrol Ekonomikoko Bulegoak landua da, eta barneko kontrol ekonomikoko gaietan eskuduna den Eusko Jaurlaritzako sailburuak onartuta, hura aplikatuko den ekitaldia hasi baino lehen. Gobernu Kontseiluari jakinaraziko zaio plan hori, jakinaren gainean egon dadin. Auditoretzen Urteko Planak kontrol ekonomiko-finantzarioaren eta kudeaketako kontrolaren arloko ekimenak jasoko ditu, bai kontrol-organoan bertan sortzen direnak, bai eta kontrolatu daitezkeen erakundeetan sortzen direnak ere.
Kontrol ekonomiko-finantzarioa eta kudeaketakoa kontrol-txostenean gauzatuko da. Kontrolaren mendekoaren kudeaketa ekonomiko-finantzario osoari egin diezaiokete erreferentzia, edo kudeaketa horren zati bati bakarrik, aztertutako aldiaren barruan. Kontrol ekonomiko-finantzarioak eta kudeaketakoak 17. artikuluko 2. paragrafoari egiten badiote erreferentzia, txostena mugatuko da azken hitz-tartean ezarritakora.
Ahaleginak birritan ez egiteko edo gastuak murrizteko, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak beste kontrol-organo batzuek edo kanpoko auditoreek egindako txostenak erabili ahal izango ditu, eta, hala badagokio, txosten horiek gehitu eta bere egin, kontrol finantzarioaren txostena egiteko, iturria aipatuz betiere.
Arauetan zehazten denari jarraituz, kontrolatutako erakundeei edo organoei, sailetako sailburuei eta Gobernu Kontseiluari bidaliko zaizkie txostenak.
Txostena egin baino lehen, kontrolatutako organoari edo erakundeari jakinaraziko zaio espedientea. Berariaz jasoko dira txostenean organo edo erakunde horrek adierazitako epean egiten dituen alegazioak eta onartzen ez direnak.
Kontrol ekonomiko-finantzarioa eta kudeaketakoa gauzatzean EAEko Ogasun Publikoari kalte eragin dioten edo kalteak eragin diezazkioketen gorabeherak hautematen badira, arau-hauste horiek kontrol finantzarioaren aktetan jasoko dira, bai eta aurreko artikuluan aipatu diren txostenetan ere. Arau-hausteak eskudun organoetara bidaliko dira, dagozkion kalte-ordainen erantzukizunak eskatzeko lanak has daitezen, eta barneko kontrol ekonomikoko gaietan eskuduna den Eusko Jaurlaritzako sailburuari ere bidaliko zaizkio, jakinaren gainean egon dadin.
Kontrol ekonomiko-fiskala da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren, haren erakunde autonomoen eta sektore publikoko partzuergoen jarduera ekonomikoa fiskalizatzea, aplikagarri zaizkien xedapenak betetzen dituztela bermatzeko.
Lege honen ondorioetarako, jarduera ekonomikotzat joko dira ekintza administratibo guztiak, bai eta fondoen eta baloreen mugimenduan edo EAEko Ogasun Nagusian eskubideak eta betebeharrak sor ditzaketen garrantzia ekonomikoko gertaerak eta eragiketak ere.
Era berean, xedapen aplikagarritzat joko dira EAEko Ogasun Nagusia osatzen duten arloekin lotura duen finantza-, ekonomia-, aurrekontu-, ondare- eta kontabilitate-legezkotasunaren blokea osatzen duten arauak eta lege- eta araudi-erregelak.
Hauek sartuko dira kontrol ekonomiko-fiskalaren barruan:
Hauek aldez aurretik fiskalizatzea:
Zuzeneko nahiz zeharkako eduki ekonomikoa duten erabaki-proposamenak, haiek baimentzea eta onartzea Gobernu Kontseiluaren aginpidea denean edo haiek ezagutzea dagokionean.
Aurrekontu-aldaketak, ondare-eragiketak kontratu txikitzat hartzen diren eragiketak salbu eta EAEko Diruzaintza Orokorraren kargura bermeak emateko diren eragiketak.
Zehaztu gabeko kopuruko gastuak sortaraz ditzaketen ekonomia-ekintzak edo -eragiketak, segidako hiru aurrekontu-ekitaldi baino gehiagorako diru-sarrera eta gastu konpromisoa dakartenak eta gastu-mota bakoitzeko zenbatekoa araudiz ezarritakoa baino gehiagokoa duten gastu-espedienteak. Lege honetatik kanpo geratzen dira kontratu txikiak, langileen kontratuak, betetzealdi jarraituko eta aldizkako izaera dutenak, datozen egintza edo hasierako aldia edo haien aldaketak kontrolatu ondoren, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan izendapen bidez emandako diru-laguntzak ere.
Dagozkien obra, hornidura, eskuratze eta zerbitzuen egiaztatze fisikoa eta selektiboa.
Ordaindu beharreko aitorpenaren ziurtagiriak egiaztatzea.
Ordainketak aldez aurretik kontrolatzea.
Ez daude kontrol ekonomiko-fiskalaren mende aldez aurreko agizko fondoak.
Artikulu honetako 1. paragrafoan ezarritakoaz gain, Gobernu Kontseiluak ezarri ahal izango du, ekitaldi jakin batean, aurrekontu-programa zehatz batzuetako gastuen edo diru-sarreren espediente guztiek edo batzuek kontrol ekonomiko-fiskalaren mende egotea.
Aurreko paragrafoetan finkatutako eremua osatzeko, kontrol ekonomiko-fiskal hitzartuak egitea adostu ahal izango da dagokion kudeaketa-organoaren eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren artean. Itundutako kontrol ekonomiko-fiskaltzat hartzen da ekintza, gertaera edo eragiketa ekonomiko batzuk kontrolatzea, hasiera batean ez egon arren kontrol horren mende; baina, haien garrantzia kualitatiboagatik edo kudeaketa-organoaren ustez aukerako beste arrazoi batzuengatik, kontrola egin behar da aipatu programak hoberen betetzeko.
Ikuskapena izan daiteke sakona edo laginketa bidezkoa. Laginketa bidez hauek soilik ikuskatuko dira: administrazio-organo beretik datozen eta denbora-tarte jakin batean Kontrol Ekonomikoko Bulegoan jaso diren ekintza, gertaera edo eragiketa ekonomikoak edo antzekoak.
Izaera ekonomikoko ekintzak, gertaerak edo eragiketak sortzen diren unearen aurre-aurretik egingo da kontrol ekonomiko-fiskala, eta, horretarako, Administrazio orokorren, haren erakunde autonomoen eta partzuergoen espediente osoak bidali beharko dituzte Kontrol Ekonomikoko Bulegora, araudietan ezarritako baldintzetan.
Urtero, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak txosten bat egingo du, kontrol ekonomiko-fiskalaren mende egon den gainerako jarduera ekonomikoak lege-xedapenak zenbateraino betetzen dituen azaltzeko. Txosten hori geroko auditoretzaren prozeduren bidez egingo da.
Administrazioaren kide anitzeko organoen sorrera eta funtzionamendua arautzen duten arauek, zeinek lege honetako 22.1 artikuluan adierazitako diru-sarreretan eta gastuetan izaera ekonomikoko konpromisoak hartzea eragin dezaketen erabakiak hartzen badituzte, Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren arduradun batek organo horietan parte hartzea ezarri ahal izango dute. Kasu horietan, organoan egingo da kontrol ekonomiko-fiskala eta dagokion une erabakitzailean. Arau bidez ezarriko dira parte-hartze horren mugak, presentzia-araubidea eta gainerako egoerak.
Kontrol ekonomiko-fiskala egiteko, fiskalizazio-txostenak egingo dira. Txosten horiek erabakigarriak izango dira halako txostenak nahitaez behar dituzten prozedurak ebazteko.
Aldeko txostenek ez dute beharko zioen azalpenik, baina idatziz jaso beharko dira.
Aurkako txostenek, berriz, dagozkion izaera ekonomikoko gertaerak edo eragiketak sortzeko, onartzeko edo egiteko espedienteen izapidetzea etengo dute, kasu hauetan:
Fiskalizazio-txostenaren oinarria bada ez egotea nahikoa kreditu edo beste finantziazio-iturri legalik, edo ez baditu egokitzat jotzen.
Ekintza, gertaera edo eragiketa egitea edo ebaztea horretarako eskumenik ez duen organo bati proposatzen bazaio.
Arau-hauste larriak hautematen badira ordainketa-aginduen frogagirietan edo ez bada behar bezala egiaztatzen hartzailearen eskubidea.
Aurkako txosten horren oinarria bada egiaztatu ahal izatea lanak, hornidurak, erosketak eta zerbitzuak desegokiak edo izaerarik gabekoak direla.
Uste bada administrazio-kudeaketaren jarraipenak galera ekonomikoak ekar diezazkiokeela EAEko Diruzaintza Nagusiari edo hirugarren bati.
Dagokion xedapena egiteko edo sortzeko eskumena duen organoak, edo hura proposatzeko eskumena duenak, Gobernu Kontseiluaren eskumenekoa bada, hautemandako akatsak konpondu ahal izango ditu, aurkako txostena ikusi ondoren, edo, ados ez badago, Gobernu Kontseilura aurkeztu desadostasuna, behin betiko ebatz dezan.
Arauetan ezarritako epean egin beharko da fiskalizazio-txostena. Epe hori igarotzen bada fiskalizazio-txostenik gabe, dagokion kudeaketa-organoak erabaki ahal izango du espedientearen jarraipena. Dena den, kontrol ekonomiko-fiskalaren mende dagoen ekintza sortu baino lehen jasotzen bada fiskalizazio-txostena, artikulu honetako 1. paragrafoan adierazitako ondorioak sortuko ditu txosten horrek.
Aurreko paragrafoan aipatutako epea eten egin ahal izango da, baldin eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren iritziz beharrezkoa bada dokumentuak jasotzea edo informazio gehigarria lortzea. Gainera, salbuespen gisa, txostena egiteko epea eten ahal izango du Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, hala egitea komeni bada espedientearen konplexutasunagatik eta EAEko Ogasun Nagusiaren eskubideetan eta betebeharretan duen garrantziagatik.
Fiskalizazio-txostena eskatu gabe edo lege honetako 22. artikuluan adierazitako prozeduretan txosten hori egiteko ezarritako epea igaro aurretik hartzen badira gastu-konpromisoak, aitortutako obligazioaren ordainketa gelditu egingo da. Kontrol Ekonomikoko Bulegoak fiskalizazio-txostena egingo du dagokion prozedura-unean, eta txostena aldekoa bada, espedienteak aurrera jarraitu ahal izango du. Bestela, Gobernu Kontseiluari jakinaraziko zaio. Nolanahi ere, txostena eskatu ez dela jakinaraziko zaio Gobernu Kontseiluari.
Hau izango da kontrol ekonomiko-normatiboaren xedea: EAEko Administrazio publikoko organo eskudunek egin behar dituzten izaera ekonomikoko lege-aurreproiektuak eta arauak ezartzeko proiektuak fiskalizatzea.
Kontrol horrek, alderdi ekonomiko-antolatzailean, barne hartzen du Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoko organo eta erakunde ororen eraketaren zein ezabaketaren ikuskapena, bai eta organo eta erakunde horien aldaketen eta berregituraketen ikuskapena ere.
Kontrol hori izango dute, kasu guztietan, diru-laguntzetarako programak garatzeko ematen diren arauek eta horien deialdiek.
Kontrol ekonomiko-normatiboaren helburua izango da ebaluatzea zer eragin ekonomiko duten, aurrekontuko diru-sarrera eta gastu publikoetan nahiz aurrekontutik kanpo, ikuskatuko diren arau- edo xedapen-proiektuek. Alderdi hauek hartuko ditu barnean:
Dagokion arauaren edo xedapenaren aurrekontuari aurre egiteko kreditu bat edo finantziazio bat existitzen dela eta egokia dela ziurtatzea.
Zer eragin duen arauak edo xedapenak une bakoitzean indarrean dagoen EAEko Diruzaintza Nagusiaren araubidean, ondarearenean, kontabilitatearenean, kontratazioarenean, bere zerga-sistemarenean, zorpetzearenean edo bermeak ematearenean, bai eta Euskadiko Aurrekontuen Araubideari buruzko Legean edo Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren urteko legeetan jasotako gastu eta diru-sarrera publikoak gauzatzeko araubidean eta aurrekontuen araubidean ere.
Zer eragin duen kontrolatu beharreko arauak edo xedapenak dagozkion ekonomia- eta aurrekontu-programen helburuetan eta ekintzetan, eta ea egokitzen den haietara.
Proposatutako arauaren edo xedapenaren finantza-arrazoizkotasuna, kuantifikatzeko moduan.
Jarduera ekonomikoan eta EAEko Ogasun Nagusiaren alorretan duten eraginagatik garrantzitsuak diren beste alderdi batzuk.
Kontrol ekonomiko-normatiboa aurreko artikuluko 2. paragrafoarekin lotuta badago, aurreko paragrafoan aipatzen diren eta aplikagarri zaizkion atalez gain, barnean hartu beharko ditu zerbitzuen errendimenduaren eta kostuaren egoera, bilakaera eta aldaketa, eta haien eraginkortasunari buruzko iritzi arrazoitu bat eman beharko du.
Kontrol ekonomiko-normatiborako, nahitaezko kontrol-txostena egingo da. Kontrol hori kontrolatu beharreko araua edo xedapena horretarako eskumena duen organoari onartzeko aurkezten zaion unea baino lehenago gauzatuko da, edo, hala badagokio, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoari kontsulta egin baino justu lehenago. Azken kasu horretan, onartu baino lehenago, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari jakinarazi beharko zaizkio aholku-organo horren iradokizunen eta ebazpen-proposamenen ondorioz lege-aurreproiektuetan eta arau-xedapenen proiektuetan egiten diren aldaketak.
Aurreko artikuluko a) letraren arabera kontrol ekonomiko-normatiboaren mende dauden arauek edo xedapenek kontrako txostena jasotzen duten kasuetan, edo arauak edo xedapenak EAEko Diruzaintza Nagusiari edo haren ondareari kalte ekonomikoak eragin diezazkiokeela uste den kasuetan, espedientearen izapideak etengo dira, arazoa konpondu arte.
Dagokion araua edo xedapena egiteko eskumena duen organoak, edo hura proposatzeko eskumena duenak, Gobernu Kontseiluaren eskumenekoa denean, aurkako txostena ikusi ondoren, hautemandako akatsak konpondu ahal izango ditu, edo, ados ez badago, Gobernu Kontseilura aurkeztu desadostasuna, behin betiko ebatz dezan.
Ekonomia eta antolakuntza motako txostenen berri emango zaio administrazioaren antolamendu eta langileen araubide juridiko eta ordainketari buruzko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako Sailari edo, aurkakoak direnean, Jaurlaritza-Kontseiluari, barneko kontrol ekonomikoko gaietan eskuduna den sailburuaren bitartez.
Kontrol ekonomiko-normatiboko txostenak barnean hartuko ditu, haren baldintzetan, kasuan kasu eta indarrean dauden lege-xedapenek agindutakoaren arabera, barneko kontrol ekonomikoko gaietan eskumenak dauzkan edozein organok eman beharreko txosten guztiak, bakoitzaren sorburuaren berri emanda.
Arauetan ezartzen den epean egingo da kontrol ekonomiko-normatiboaren txostena. Araututako epe hori ez da izango 15 egunetik beherakoa. Txostena aipatutako epean egiten ez bada, jarduerekin jarraitu ahal izango da.
Kontrol ekonomiko-administratiboa errekurtso eta erreklamazio ekonomiko-administratiboak jartzea da era horretako organoen aurrean, EAEko Ogasun Nagusiaren eskubideak eta betebeharrak berrezartzeko egindako zenbait eragiketa ekonomikotan.
Erreklamazio ekonomiko-administratiboak jarri ahal izango dira, haietan izatezko edo eskubidezko gaiak jorratzen badira, gai hauekin lotuta:
Bere zergak kudeatzea, ikuskatzea eta biltzea; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretu bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 35. artikuluko zergen gaineko errekarguak; eta EAEko zuzenbide publikoko gainerako diru-sarrera motak, aipatutako lege-testuko 32. artikuluko d) apartatuan jasotakoa izan ezik.
EAEko Diruzaintza Nagusiaren obligazioen aitorpena eta likidazioa, eta haren kargura ordaindu beharreko eragiketekin lotutako gaiak. Horrez gain, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren erakundeek egindako gastuak eta ordainketak, baldin eta aurreko a) letran aipatutako lege-testuko 18., 22. eta 23. quater artikuluen arabera zuzenbide publikoa aplikatu behar zaien harremanetatik badatoz.
EAEko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen eskumeneko pentsio eta eskubide pasibo guztien aitorpena eta ordainketa.
Legez hala ezartzen den beste edozein.
Bere eskumeneko arloei dagokienez, dagozkion erreklamazioak jartzeko legitimazioa izango dute barneko kontrol ekonomikoko gaietan eskuduna den sailburuak, aipatu saileko sailburuordeek eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoko zuzendariak.
Kontrol ekonomiko-administratiborako, dagozkion errekurtsoak eta erreklamazioak jarriko dira haiek izapidetzeaz eta ebazteaz arduratzen diren organo ekonomiko-administratiboetan, eta indarrean dagoen prozedura ekonomiko-administratiboaren eta EAEn haiek eraentzen dituzten arauen arabera gauzatuko da kontrol hori.
LEHEN XEDAPEN GEHIGARRIA
Lan Harremanen Kontseilua, Kooperatiben Goren Kontseilua, Ekonomia eta Gizarte Kontseilua eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa kontabilitate publikoaren araubidearen mende egongo dira, lege honen 6.2 artikuluan jasotako modu berean Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrari, erakunde autonomoei eta sektore publikoaren partzuergoei dagokienez.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Zuzenbide pribatuko erakunde publikoek eta sozietate publikoek, Gobernu Kontseiluak hala egitea erabakitzen duen kasuetan, Ikuskaritza eta Kontrol Batzordea eratu beharko dute. Batzorde horretan administrazio-kontseiluak izendatutako kontseilari ez-exekutiboak izango dira gehien, eta, era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren kontabilitaterako eta barneko kontrol ekonomikorako esleitutako organoaren ordezkari bat ere egongo da gutxienez.
Jaurlaritzari baimena ematen zaio Lege hau erregelamendu bidez garatzeko.
Beraz, Legegintzako Dekretu honi men egiteko eta eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko azaroaren 8a.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (4)
- Aldatutakoa: 21/2023 LEGEA, abenduaren 22koa, Euskal Autonomia Erkidegoko 2024. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituena.
- Aldatutakoa: 20/2023 LEGEA, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa.
- Aldatutakoa: 3/2022 LEGEA, maiatzaren 12koa, Euskal Sektore Publikoarena.
- Indargabetzen du: 14/1994 LEGEA, ekainaren 30ekoa, Euskal Autonomi Elkarteko Ekonomia Kontrolari eta Kontabilitateari buruzkoa.