Osasun Saila / Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila

Arautegia

Inprimatu

2/2007 LEGEGINTZAKO DEKRETUA, azaroaren 6koa, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzeko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Legegintzako Dekretua
  • Organo arau-emailea: Jaurlaritzaren Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 15
  • Hurrenkera-zk.: 419
  • Xedapen-zk.: 2
  • Xedapen-data: 2007/11/06
  • Argitaratze-data: 2008/01/22

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Ogasun eta Ekonomνa; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Ogasun; Gobernua eta herri administrazioa; Sailak

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Eusko Legebiltzarrak ondoko Legegintzako Dekretua onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei

2/2007 Legegintzako Dekretua, azaroaren 6koa, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzeko dena

Euskadiko Ondareari buruzko azaroaren 17ko 5/2006 Legea aldatzeko ekainaren 22ko 6/2007 Legearen lehenengo azken xedapenak baimena ematen dio Jaurlaritzari lege hori indarrean jarri eta gehienez lau hilabetera testu bakar batean biltzeko Euskadiko Ondareari buruzko azaroaren 17ko 5/2006 Legea eta aipaturiko aldaketako 6/2007 Lege hori.

Aipaturiko lehenengo azken xedapen horren arabera, testu bategina honetara mugatuko da: bi legeak testu bakarrean biltzera eta artikuluak, kapituluak eta xedapenak behar den neurrian berriro zenbakitzera, bai eta testu bakarrean bildu beharreko legeen barne-bidalketak zenbakera berriari egokitzera ere.

Horren indarrez, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoari entzun eta gero, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2007ko azaroaren 6n eginiko bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

Euskadiko Ondareari buruzko azaroaren 17ko 5/2006 Legea aldatzeko ekainaren 22ko 6/2007 Legearen lehenengo azken xedapenean ezarririkoarekin bat etorriz, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzen da, eta honen ondoren eransten da.

Xedapen indargabetzailea

Legegintzako dekretu honen indarrez onartzen den testu bategina indarrean jartzean, indargabeturik geratuko dira honako xedapen hauek:

  • 5/2006 Legea, azaroaren 17koa, Euskadiko Ondareari buruzkoa.

  • 6/2007 Legea, ekainaren 22koa, Euskadiko Ondareari buruzko azaroaren 17ko 5/2006 Legea aldatzekoa.

    Azken xedapena

    Indarrean jartzea.

    Legegintzako dekretu hau eta onartzen duen testu bategina Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko dira indarrean.

    Euskadiko Ondareko Ondasunen eta Eskubideen Inbentario Orokorrari buruzko xedapenak indarrean sartzea atzeratu egingo da, harik eta testu bateginaren bigarren xedapen iragankorrean aipaturiko agindua indarrean izan arte.

  1. – Euskal Autonomia Erkidegoko ondarea edo Euskadiko ondarea osatzen duten ondasun eta eskubideen araubide juridikoa ezartzea da lege honen xedea. Hona hemen legearen aplikazio-eremu subjektiboa:

    1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorra, organismo autonomoak eta zuzenbide pribatuko erakunde publikoak.

    2. Eusko Legebiltzarra.

    3. Herri Kontuen Euskal Epaitegia.

    4. Arartekoa.

    5. Euskal Herriko Unibertsitatea, bosgarren xedapen gehigarrian xedaturik dagoenaren arabera.

    6. Lan Harremanen Kontseilua.

    7. Ekonomia eta Gizarte Kontseilua.

    8. Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseilua.

    9. Datuak Babesteko Euskal Bulegoa.

    10. Sortzeko legean hala xedaturik daukaten gainerako erakunde publikoak.

  2. – Edozein titulu bitartez, aurreko paragrafoko erakunde horien jabetzapekoak diren, edo erakunde horienak direla jotzen diren, ondasun eta eskubide guztiek osatzen dute Autonomia Erkidegoko ondarea edo Euskadiko ondarea.

  3. – Ez dirua, ez baloreak, ez kredituak ez eta Euskadiko Ogasuneko gainerako finantza-baliabideak ere ez dira Euskadiko ondarearen barruan daudela ulertuko, eta, zuzenbide pribatuko erakunde publikoen kasuan, ezta haien altxorra osatzen duten baliabideak ere.

Lege honen eta lege hau garatzen edo osatzen duten xedapenen arabera arautu behar da Euskadiko ondarea.

Euskadiko ondareko ondasunak eta eskubideak, Herri Administrazioen Ondareari buruzko azaroaren 3ko 33/2003 Legeko 4. artikuluan xedaturik dagoen moduan, herri-jabarikoak eta jabari pribatukoak edo ondare-ondasunak dira.

  1. – Hauek dira Euskadiko ondareko herri-jabariko ondasunak eta eskubideak: 1. artikuluko erakundeen titulartasunpekoak izanik erabilera orokorrerako edo zerbitzu publikorako loturik daudenak bai eta legeren batean berariaz herri-jabariko modura jasota daudenak.

  2. – Erakunde horiek zerbitzu, bulego eta egoitzatarako dauzkaten titulartasunpeko higiezinak herri-jabarikoak izango dira beti, bai eta lanagatik edo karguagatik erabiltzen diren higiezinak ere.

  1. – 1. artikuluko erakundeen titulartasunpekoak diren baina herri-jabarikoak ez diren ondasunak eta eskubideak dira jabari pribatukoak.

  2. – Honako hauek jabari pribatukotzat joko dira, beti:

    1. Errentamendu-eskubideak.

    2. Merkataritza-sozietateetako akzioen, merkataritza-sozietateetako kapitaleko partaidetzen edo halako sozietateek jaulkitako obligazioen ordezko baloreak eta tituluak, bai eta gerokoen eta aukeren kontratuak ere baldin eta azpitik duten aktiboa sozietateetako akzioek edo partaidetzek osatzen badute.

    3. Jabetza gorpuzgabeen eskubideak.

    4. Edergarri eta apaingarritarako ondasun higigarriak.

    5. Ondare-ondasunen eta ondare-eskubideen titulartasunetik datorren eskubide oro.

  1. – Euskadiko ondare barruan baldin badaude, ondasun higiezinen jabetza, higiezinen eskubide errealen eta errentamendu-eskubideen titulartasuna eta gorputzik gabeko jabetza-eskubideen titulartasuna Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrari dagokio, horien erabiltzaile, sortzaile edo eskuratzaile edozein erakunde dela ere. Bi salbuespen salbu: Euskal Irrati-Telebista erakunde publikoa dela-eta laugarren xedapen gehigarriak dakarrena eta Euskal Herriko Unibertsitatea dela-eta bosgarren xedapen gehigarriak dakarrena.

  2. – Gainerako ondasun eta eskubideen jabetza eta titulartasuna, berriz, eskuratu dituen pertsona juridikoarena izango da.

  1. – Dena delako organismoaren edo erakundearen helburuak betetzeko behar ez badira, Administrazio orokorraz besteko erakundeen titulartasunpeko ondasunak eta eskubideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren titulartasunpekoak bihurtuko dira, kasu hauetan izan ezik (salbuespen horietan, organismo edo erakunde titular horrek alferreko ondasun edo eskubide horren jabetza besterentzeko ahalmena izango du):

    1. Dena delako organismoa edo erakundea sortzeko arauan bestelakorik baldin badator aginduta edo besterentzeko ahalmenik baldin badu aitorturik.

    2. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean ondarearen inguruko eskumenak dituen sailak uste badu ez dela egokia ondasun edo eskubide hori berera ekartzea.

  2. – Administrazio orokorraz bestekoa den erakundea azkendu egiten bada, berriz, haren ondasun eta eskubide guztien titulartasuna Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrari egokituko zaio, non eta azkentze hori baimentzen duen xedapen edo egintzan ez den bestelakorik agintzen.

  3. – Aurreko paragrafoetako ondasun edo eskubide horren eskualdatzea gauzatzeko, emate-akta edo edukitza hartzeko akta erabiliko da. Emate-akta hori ondarearen inguruko eskumenak dituen saileko ordezkariak eta organismo autonomo edo erakunde emailearen ordezkariak izenpetu beharko dute, eta edukitza hartzeko akta, berriz, sail eskumendunaren ordezkariak egingo du, bere kasa.

  1. – Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren titulartasunpekoak diren eta Euskadiko ondare barrukoak diren ondasun eta eskubideen gaineko jabari-ahalmenak erabiltzea, ondasun eta eskubide horiek kudeatzea, administratzea eta ustiatzea, ordezkatzea eta auzitegietatik kanpora defendatzea, lege honetan arauturiko gaiei buruz Gobernu Kontseiluak hartzen dituen erabakiak betearaztea, eta auzitegietan ondasunen eta eskubideen aldeko akzioak baliatzea, horiek guztiak ondareari buruzko eskumenak dituen sailaren ardurak dira, non eta ez zaizkion, berariaz, beste organo edo erakunderen bati agindu, eta atxikitze-egintzak berak berarekin dakartzan ahalmenei ezer kendu gabe.

  2. – Baina ondasun eta eskubideen titulartasuna ez baldin bada Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrarena, beste erakunde batena baizik, ondare-arloan eskudun den sailaren eskuetan aurreko paragrafoan utzitako ahalmenak eta eskumenak erabiltzea ondasun eta eskubide horien titulartasuna duen erakundeari egokituko zaio, paragrafo horretan bertan zehazturiko salbuespenak salbu, sorrerako edo antolakuntzako arauen edo estatutuen arabera, eta eskumenak berariaz eman ez badira, erakundearen legezko ordezkaritza duen organoari egokituko zaio.

  3. – Epaiketetako ordezkaritza dela-eta, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoa epaiketetan defendatzeko legedian xedaturik dagoena bete beharko da.

  4. – Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren titulartasunpeko ondasun edo eskubideak darabiltzaten eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren barruan dauden erakunde guztietan beharko du ordezkaturik egon ondareari buruzko eskumenak dituen sailak. Halakoetarako, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 7. artikuluko 4. paragrafoan zehazturik dagoena izango da Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa -testu bategin hori azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretu bidez onartu zen.

  5. – Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren eta Administrazio instituzionalaren titulartasunpeko ondasunak eta eskubideak eskuratu, erabili, kudeatu, administratu, ustiatu eta besterentzeko egintzei buruz, eta ondasun nahiz eskubide horiek xedatzeko bestelako egintza batzuei buruz, lege honetan emandako eskumenak deskontzentratu egin ahal izango dira, edo bestelako organo edo erakunde baten esku utzi, baldin eta, ondare-arloan eskumenak dituen sailburuak proposaturik, Gobernu Kontseiluak dekretu bidez horrela ezartzen badu.

  1. – Perituaren tasazioa dela-eta, ondarearen kudeaketarako, tasazioari dagokion espedientea ebatzi behar duen organoa da tasazio hori egiteko eskuduna, eta zein parametrotan oinarritu diren ere zehaztu beharko du. Baina tasazio hori espedientea eskatu duenak ekar dezala ere eska dezake, edo halakoak egiteko ahalmena duen beste administrazio-organo edo administrazio-teknikariren bati agindu diezaioke. Legez gaituriko tasazio-sozietateei edo enpresei eskatzeko aukera ere badago.

  2. – Kontabilitaterako baldin bada, balioespena egiteko, dena delako erakundean aplikatu beharreko kontabilitate-arauak bete beharko dira, eta ekonomia-kontrola eta kontabilitatea arautzeko legediaren arabera ikusi beharko da zein organori dagokion balioespena egitea.

Lege honen 1. artikuluan zehazturik datozen erakundeek Euskadiko ondarea babesteko eta defendatzeko betebeharra daukate, eta horretarako, ondare hori osatzen duten ondasunak eta eskubideak ondo identifikatu, erregistroetan inskribaturik egon daitezen saiatu, eta horretarako beharrezkoak diren administrazio-ahalak eta akzio judizialak erabili eta sustatu behar dituzte.

  1. – Euskadiko ondareko ondasunik edo eskubiderik ardurapean baldin badute, organoetako pertsona titularrek ondasun-eskubide horiek zaintzeko, defendatzeko, kontserbatzeko eta osorik mantentzeko betebeharra izango dute.

  2. – Herri-jabariko edo jabari pribatuko ondasunen gaineko emakidarik edo beste eskubiderik titulartasunpean dutenek ere betebehar berbera izango dute.

  1. – 1.artikuluan zehazturik datozen erakundeetako langileek Euskadiko ondareko ondasunak eta eskubideak babesten, defendatzen eta administratzen laguntzeko betebeharra daukate. Horretarako, ondasun-eskubide horiek direla-eta eskatzen dizkieten datu, txosten eta agiri guztiak eman beharko dizkiete ondarearen inguruko eskumenak dituzten organoei, eskumenak behar bezala baliatzeko behar duten laguntza eta lankidetza guztia eskaini beharko diete, eta, ondasunei fisikoki kalte egiteko moduko ezeren berri baldin badute edo erakunde horiek ondasun eta eskubide horien gainean dituzten eskubideak urratzeko moduko ezeren berri baldin badute, jakinarazi egin beharko diete.

  2. – Pertsona fisikoek eta juridikoek ere lankidetza eskaini behar berbera daukate, publikoak nahiz pribatuak izan. Hau da, hala eskatzen badiete, eta Euskadiko ondareko ondasunak eta eskubideak kudeatzeko eta defendatzeko garrantzirik baldin badute, aurreko paragrafoan zehazturik dauden organoei esku artean duten datu, agiri eta txosten oro eman beharko diete, baita ondasun eta eskubide horiei buruzko ikuskapenak eta beste ikerlan batzuk egiten lagundu ere, betiere datu pertsonalak babesteko aplikatu beharreko arauak errespetatuta.

  3. – Segurtasuneko Indar eta Kidegoen martxoaren 13ko 2/1986 Lege Organikoan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren uztailaren 17ko 4/1992 Legean jasota dagoenarekin bat, V. kapituluko ahalak baliatzeko eskumena duten organoei beren egintzak nahitaez betearazteko behar duten laguntza emango die Ertzaintzak.

  1. – Herri-jabariko ondasunak eta eskubideak besterenduezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira.

  2. – Ondare-ondasunak eta ondare-eskubideak prozedurari jarraituz besterendu daitezke, legez agindurik dauden baldintzak bete eta gero. Era berean, hirugarrenek badute ondasun eta eskubide horiekiko eskuratze-preskripzioa, Kode Zibilean eta lege berezietan xedaturikoaren arabera.

  3. – Auzitegi eta administrazio-agintaritza batek ere ezin du ondare-ondasunak eta ondare-eskubideak enbargatzeko probidentziarik eman, ez horien aurkako betearazpen-manamendurik eman, kasu hauetan: zerbitzu publiko batera edo eginkizun publiko batera loturik daudenean, etekinak edo besterentzearen emaitza legez helburu jakin batera loturik daudenean, edo politika publikoak gauzatzen dituzten edo ekonomia-interes orokorreko zerbitzuak ematen dituzten sozietate publikoen kapitala ordezkatzen duten baloreak edo tituluak direnean.

Euskadiko ondarea osatzen duten ondasunen eta eskubideen transakzioa egiteko, dela judiziala dela judizialaz bestelakoa, eta ondasun eta eskubide horiek direla-eta sortzen diren liskarrak arbitraje-konponbidean jartzeko, dekretu bidez baimendu beharko da, ondareari buruzko eskumena duen sailburuak proposaturik.

  1. – Euskadiko Ondareko Ondasunen eta Eskubideen Inbentario Orokorra ondarea kudeatzen laguntzeko tresna bat da. Bertan daude zehazturik Euskadiko ondareko ondasunak eta eskubideak, gorabehera hauek denak azaltzeko behar bezain aipamen zehatz eta guzti: identifikazioa, eskualdatzeko mugak –arrazoia edozein delarik ere– eta lege aldetik zein egoeratan dauden eta zein jomuga edo helburutarako darabiltzaten zehazteko behar direnak.

  2. – Inbentario orokor horretan Euskadiko ondarea osatzen duten ondasun higiezin guztiak eta ondasun horiekiko eskubide errealak egongo dira bildurik, bai eta dekretuz zehazten diren gainerakoak ere –ondareari buruzko eskumenak dituen sailburuak proposaturik beharko du izan–.

  3. – Honako hauek, ordea, artikulu honetan aipaturik dagoen inbentario orokor horretatik kanpora daude: organismo edo erakunde publiko batek eskuratzen dituenak, baldin eta dena delako erakundearen helburu berezien arabera atzera ondare-trafiko juridikora eramateko eskuratu baditu, edonahitaez bete behar dituzten zuzkidurak edo beste erreserba batzuk betetzeko direnak, bai eta ondasun kontsumigarriak ere.

  4. – Edonola ere, kontrolak ezarriko zaizkie ondasun eta eskubide guztiei, beren izaerari eta erabilera edo xedeari egokituta.

  5. – Sozietateetako kapitala ordezkatzen duten akzioak eta tituluak ondare-kontabilitatean agertuko dira, eta beste inbentario osagarri batean jasoko dira. Beste inbentario horrek ondare-kontabilitaterako sistemarekin koordinaturik egon beharko du.

  6. – Euskadiko Ondareko Ondasunen eta Eskubideen Inbentario Orokorra ezin da erregistro publikotzat jo, eta bertan jasota dauden datuak, bai eta datu horiek eranstearen edo estatistikarako erabiltzearen ondorioak ere, barruko kudeaketarako informazio lagungarria dira. Datu horiek ez dute hirugarrenentzako inolako eraginik izango eta ezingo dira administrazioaren aitzinean eskubideak aldarrikatzeko erabili. Hirugarrenek inbentario orokorreko daturik kontsultatu nahi baldin badute, datuok espediente bateko parte izan beharko dute eta halakoetara iristeko arau orokorren arabera beharko du izan, bestela ezingo dituzte kontsultatu.

  1. – Euskadiko Ondareko Ondasunen eta Eskubideen Inbentario Orokorra honela dago osaturik:

    1. Aurreko artikuluaren arabera inbentario orokorra osatzen duten ondasun eta eskubideei dagozkielarik Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko sail bakoitzak dituen inbentarioak. Sail hartzailearen ardura izango da inbentario horiek eratzea eta eguneratzea, eta, desjabetze bidez eskuratu baldin badituzte, desjabetzea bultzatu duen sailarena izango da ardura hori. Sail baten menpeko organismo autonomoen eta erakunde publikoen ondasunen eta eskubideen inbentarioak dena delako sail horren inbentarioaren eranskin gisa agertuko dira.

    2. Lege honetako 1. artikuluan ageri diren gainerako erakundeen inbentario hauek: artikulu horren arabera Inbentario Orokorraren barruan dauden eta erakunde horiek berek eskuratu behar dituzten ondasun eta eskubideen inbentarioak. Dena delako erakundean ondarea kudeatzeko ardura duen organoak eratu eta eguneratu beharko ditu inbentario horiek.

  2. – Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean ondareari buruzko eskumenak dituen sailburuak zehaztuko ditu, agindu bidez, Euskadiko Ondareko Ondasun eta Eskubideen Inbentario Orokorraren eraketaren, eguneratzearen eta oinarriaren gutxieneko zehaztasunak, egitura eta edukiak. Inbentarioa eraman behar duten organoek darabiltzaten sistema informatiko ezberdinen arteko bateragarritasuna bermatu beharko dute zehaztasun horiek.

  3. – Ondareari buruzko eskumenak dituen sailaren ardura izango da Euskadiko Ondareko Ondasunen eta Eskubideen Inbentario Orokorra osatzen duten inbentarioak behar bezala eratzen eta eguneratzen dituztela zaintzea, eta, nahi badu, inbentario horiek eta beharrezkotzat jotzen dituen datu edo agiri guztiak bidaltzeko eska dezake, nahi duenean.

  1. – Euskadiko Ondareko Ondasunen eta Eskubideen Inbentario Orokorrean behar bezala inskribaturik ez badaude, Euskadiko ondareko ondasun higiezinetan ezin da ondare-eragiketarik egin.

  2. – Euskadiko Ondareko Ondasun eta Eskubideen Inbentario Orokorraren barruan egon behar duten ondasun eta eskubideak direla-eta egiten diren ondare-eragiketak kontabilitate publikoan agertu behar dira, dela banan-banan dela bat eginda, kontabilitateko arauetan xedaturik dagoenaren arabera.

  1. – Inskribatu beharrekoak baldin badira, Euskadiko ondareko ondasunak eta eskubideak dagokien erregistroan inskribatu beharko dira, herri-jabarikoak izan nahiz ondarekoak izan, baita, erregistro horietara iritsi badaitezke, ondasun eta eskubide horiei buruzko egintza eta kontratu guztiak ere. Alabaina, hipoteka-legediaren arabera inskribatu daitezkeen errentamenduak baldin badira tarteko, eskubidearen titulartasuna duen erakundeak aukerakoa izango du inskripzio hori.

    Herri Administrazioen Ondareari buruzko azaroaren 3ko 33/2003 Legeko 37.etik 40.era bitarteko artikuluetara eta 83. artikulura eta aplikatu beharreko gainerako arauetara egokitu beharko da erregistroen sistema.

  2. – Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren titulartasunpekoak baldin badira, ondasunak eta eskubideak ondareari buruzko eskumenak dituen sailak inskribatuko ditu, administrazio horren izenean.

  3. – Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraz besteko erakundeen titulartasunpekoak baldin badira, dena delako erakunde horrek inskribatu beharko ditu, bere izenean, ondasunak eta eskubideak. Ondareari buruzko eskumenak dituen sailari ohar soil bat edo inskripzio-egiaztagiria bidaliko zaio.

  4. – Egintzen inskripzioa eta, inskribatu beharrekoak baldin badira, egintza horien inguruko kontratuen inskripzioa, egintza eman duen edo erregistroan jaso beharreko kontratuan esku hartu duen organoak eskatuko du, edo, bestela, administrazio- eta kudeaketa-ardura duenak Ondareari buruzko eskumenak dituen sailari ohar soil bat edo inskripzio-egiaztagiria bidaliko zaio.

  5. – Euskadiko ondareko ondasunak eta eskubideak egiaztatzen, ordezkatzen edo gauzatzen dituzten agiriak, eskritura publikoak edo tituluak zaintzeko ardura erakunde titularrari dagokio, eta, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorra bada, ondareari buruzko eskumenak dituen sailari.

  6. – Gobernu Kontseiluaren dekretu bidez, ondasun, egintza edo kontratu jakin batzuetarako, artikulu honetan jasota datozen eskumenak beste organo batzuen eskuetan utz daitezke.

  1. – Euskadiko ondarea dela-eta, lege honetako 1. artikuluan zehazturiko erakunde publikoek ahal hauek erabil ditzakete:

    1. Ondasunak eta eskubideak ikertzeko ahala.

    2. Mugatze-ahala.

    3. Edukitza ofizioz berreskuratzeko ahala.

    4. Botatze administratiborako ahala.

  2. – 6.– atalean tipifikaturiko arau-hausteengatik zehapen-ahala ere erabil daiteke.

  3. – Ahal horiek erabiltzeko orduan, kapitulu honetan zehazturiko eskumen-arauak eta prozedura-arauak bete beharko dira.

  4. – Zuzenbide pribatuko erakunde publikoek herri-jabariko ondasunak defendatzeko baino ezingo dituzte erabili artikulu honetako 1. paragrafoan jasota dauden ahalak.

  5. – Erakunde juridiko-pribatuek inola ere ezingo dituzte kapitulu honetan jasota dauden ahalak erabili. Dena delako ondasuna edo eskubidea halako erakunde batera atxikita baldin badago eta ondasuna edo eskubidea atxikita duenari baldin badagokio eskumena, erakunde juridiko-pribatu horrek gainetik duen edo loturik dagoen sailak edo erakunde publikoak erabiliko ditu ahal horiek.

  1. – Aurreko artikuluan zehazturik dauden ahalak erabiltzeko prozedura hasi eta gero, prozedura ebazteko eskumena duen organoak beharrezkoak iruditzen zaizkion behin-behineko neurri guztiak hartu ahal izango ditu, hartara, gerora egintzarik badator ere, eraginkorra izango dela bermatzeko. Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 72. artikuluan jasota dagoen moduan egin beharko du.

  2. – Dena delako ondasun hori galdu edo hondatu egingo ez ote den berehalako arriskurik baldin badago, behin-behineko neurri horiek prozedura hasi baino lehenago ere har daitezke, 72. artikuluko 2. paragrafoan zehazturiko baldintzetan.

Kapitulu honetan zehazturik datozen ahalak erabiliz egiten diren jardunetan, kontrol judizialerako eta egitate zigorgarrien jakinarazpenerako sistema Herri Administrazioen Ondareari buruzko azaroaren 3ko 33/2003 Legeko 43. eta 44. artikuluetan jasota dagoena izango da, baina Estatuko Abokatutzaren txostena jartzen duen lekuan organo jardulearen aholkularitza juridikoaren txostena jarri behar duela ulertuko da.

Lege honetako 1. artikuluan zehazturik dauden erakundeek ustez beren ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak zertan diren ikertzeko ahala daukate, titulartasuna zehaztearren, titularra nor den garbi ez baldin badute.

  1. – Ondareari buruzko eskumenak dituen sailari dagokio ustez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko titulartasunpekoak diren ondasunak eta eskubideak ikertzeko ahalmena.

  2. – Ustez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraz besteko erakundeen titulartasunpekoak diren eskubideak eta ondasunak direla-eta, ustez ondasunen eta eskubideen jabea den erakundeari dagokio eskumena, eta, erakunde horren barruan, arauetan zehazturik dagoen organoari, eta halakorik ez badago, erakundearen legezko ordezkariari.

  3. – Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedaturik dagoen moduan eraman behar da aurrera prozedura. Arau hauek ere bete beharko dira:

    1. Ikerketa-prozedurari hasiera emateko erabakia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian dohainik argitaratuko da, baina osagarri modura beste zabalkunde-bide batzuk erabiltzeko aukera ere hortxe dago. Erabakiaren kopia bat ondasuna dagoen udalera bidali behar da, jendearen aurrean jar dezaten iragarki-oholean.

    2. Dena delako ondasunaren edo eskubidearen titularra 1. artikuluko erakundeetakoren bat dela behar bezala egiaztaturik dagoela uste bada, prozedurari amaiera ematen dion ebazpenean hala zehazturik utzi beharko da, eta gero tasazioa egin, Euskadiko Ondareko Ondasunen eta Eskubideen Inbentario Orokorrera bildu eta, hala egin behar denetan, Jabetzaren Erregistroan inskribatu. Era berean, edukitza lortzeko beharrezkoak diren neurri guztiak hartu beharko dira.

      a) letran zehazturik dagoen argitaratze hori egin eta hurrengo egunetik aurrera bi urteko epean oraindik ez baldin bada ikerketa-espedientea ebatzi, jardunak artxibatzeko erabakia hartu beharko da, beste izapiderik gabe.

    1. Ondasun edo eskubideen gaineko ikerketa-espedienteetan nahitaezkoa izango da aholkularitza juridikoa ematea dagokion organoak txosten bat egitea, kasuan kasuko ebazpena eman baino lehen. Administrazio orokorraren kasuan, ogasun eta ondare arloan eskumena duen saileko dagokion organoak egingo du txosten juridiko hori.

Lege honen 1. artikuluan zehazturik dauden erakundeek beren ondareko ondasun higiezinak hirugarrenen jabetzapeko beste batzuetatik mugatzeko aukera dute, haien arteko mugak behar bezain zehatzak ez badira edo usurpazio-zantzurik baldin badago. Behin mugatze-lanetarako administrazio-prozedurari hasiera eman eta gero, izapideek dirauten bitartean ezingo da helburu berbererako prozedura judizialik eskatu.

  1. – Ondareari buruzko eskumenak dituen sailaren ardura da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko titulartasunpeko ondasunen mugatzea.

  2. – Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraz besteko erakundeen titulartasunpekoak diren eskubideak eta ondasunak direla-eta, erakunde titularrari dagokio eskumena, eta erakunde horren barruan, arauetan zehazturik duten organoari, eta halakorik ez badago, erakundearen legezko ordezkariari.

  3. – Prozeduran bete beharreko izapideak erregelamendu bidez zehaztu beharko dira, arau hauei jarraituz:

    1. Prozedura ofizioz, norberaren ekimenez edo mugakideek eskaturik hasiko da. Azken kasu horretan, sortzen diren gastuak ordaintzea ere badagokie, eta espedientean gastu horiekin ados daudela jaso beharko da, berariaz. Gastu horiek kobratzeko, premiamendu-bidea erabil daiteke.

    2. Prozedurari hasiera emateko erabakiaren berri dagokion jabetza-erregistroari jakinarazi behar zaio, hasiera emate horren berri jasota uzteko, inskripzioaren alboko ohar baten bidez.

    3. Beste publizitate-bide batzuk ere erabil daitezkeen arren, prozedurari hasiera ematearen berri Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, dohainik, baita mugatu beharreko ondasuna dagoen herriko udaleko iragarki-oholean ere. Era berean, finka mugakideetan eskubideak dituzten eta mugaketaren eraginik nozitu dezaketen pertsonei ere jakinaraziko zaie prozedurari hasiera emateko erabakia.

    4. Espedientea ebazteko eskumena duen organoko aholkularitza juridikoak txostena egin ondoren emango da mugaketa onartzeko ebazpena. Administrazio orokorraren kasuan, ogasun eta ondare arloan eskumena duen saileko dagokion organoak egingo du txosten juridiko hori. Ebazpena mugaketa-prozeduraren eraginpean gertatu direnei jakinaraziko zaie, eta aurreko paragrafoan zehazturik dagoen moduan argitaratu. Mugaketa ebazteko erabakia irmoa denean, beharrezkoa bada, mugarriak jartzeari ekin beharko zaio. Hala eskatzen duten interesdun guztiek esku hartuko dute, eta dagokion jabetza-erregistroan inskribatuko da.

    5. Gehienez ere hemezortzi hilabeteko epea egongo da mugatze-prozedura ebazteko, hasiera emateko erabakiaren egunetik aurrera zenbatzen hasita.

      Epe hori ebazpenik eman eta jakinarazi gabe amaitzen bada, iraungi egingo da prozedura eta jarduketak artxibatzea erabakiko da.

Mugatzearen inskripzioa dela-eta, Herri Administrazioen Ondareari buruzko azaroaren 3ko 33/2003 Legeko 53. artikuluan xedaturikoa bete beharko da.

  1. – Behar ez bezala galdu bazuten, lege honetako 1. artikuluan zehazturik dauden erakundeek beren ondareko ondasunen eta eskubideen edukitza beren kasa atzera berriro eskuratzeko aukera izango dute.

  2. – Edukitzaz berreskuratu beharreko ondasun eta eskubide horiek herri-jabarikoak baldin badira, edozein momentutan erabil daiteke ahal hau.

  3. – Ondare-ondasunak eta ondare-eskubideak baldin badira, haien edukitza administrazio-bidea erabiliz berreskuratzeko, kasuan kasuko ondasuna edo eskubidea ustez daukanari jakinarazi beharko zaio prozeduraren hasiera, hain zuzen ere usurpazioaren hurrengo egunetik zenbatzen hasita urtebete pasatu baino lehen. Epe hori amaiturik, ondasun horien edukitza berreskuratu nahi izatera, jurisdikzio zibileko organoetara jo, eta, han, dagozkion akzioak baliatu beharko dira.

  1. – Dena delako ondasuna edo eskubidea atxikita duen sailari edo erakundeari dagokio espedienteari hasiera ematea, instrukzioa egitea eta ebaztea, lege honetako 19. artikuluko 4. eta 5. paragrafoetan zehazturik dauden salbuespenak salbu.

  2. – Ondasuna edo eskubidea ez baldin badago inora atxikita, ondasuna jabetzapean duen edo eskubidea titulartasunpean duen erakundearena izango da eskumena, gorago aipaturiko artikuluko 4. paragrafoko salbuespena salbu; eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorra bada erakunde hori, ondareari buruzko eskumenak dituen sailari egokituko zaio.

  1. – Prozedurari hasiera eman ondoren, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean aginduta dagoen moduan izapidetu ondoren, organo eskudunak, lehenik, edukitza-usurpazioa bera eta hasi zen eguna konprobatu, eta ebatzi beharko du okupatzaileari errekerimendua egitea, zortzi egun balioduneko epean lekua husteko, eta, ez baldin badu borondatez hala egiten, datozen paragrafoetan zehazturik dagoen moduan jokatuko dutela ohartaraztea.

  2. – Irteteko errekerimenduari borondatez jaramonik egiten ez bazaio, ondasunaren edo eskubidearen edukitza berreskuratzeko hartu beharreko neurriak hartu beharko dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko VI. tituluko V. kapituluan xedaturik dagoenarekin bat etorrita.

  3. – Segurtasun Indar eta Kidegoei buruzko martxoaren 13ko 2/1986 Lege Organikoan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legean jasota dagoenaren arabera, Ertzaintzaren laguntza ere eska daiteke irtenarazteko, edo hertsatzeko isunak erabili, ondasun okupatuen balioaren ehuneko bosterainokoak, bata bestearen atzetik zortzi egun baliodunez behin, lekutik irten arte. Halakoetan, berreskuratze-prozedurak sortzen dituen gastuak usurpatzaileak ordaindu beharko ditu; diru hori premiamendu-bidea erabiliz ordainarazteko aukera ere badago, eta, ondasun usurpatuetan inolako kalterik eragin badute, baita kalte horien ordaina ere.

Hirugarrenek okupatzeko bidea ematen zuten titulua, baldintzak edo gorabeherak bertan behera geratzen badira edo desagertu egiten badira, lege honetako 1. artikuluan zehazturik dauden erakundeek administrazio-bidea erabiliz berreskuratu dezakete herri-jabariko beren ondasunen edukitza.

Okupaturiko ondasuna atxikita duen sailari edo erakundeari dagokio botatze administratiboa erabakitzeko eskumena, lege honetako 19. artikuluko 5. paragrafoan jasotakoa salbuespen dela.

  1. – Botatzeko ahala erabili ahal izateko, aurretiaz, herri-jabariko ondasunak erabiltzeko eskubidea ematen zuen titulua azkendu edo iraungi egin dela deklaratu beharra dago.

  2. – Titulua azkenduta edo iraungita dagoela deklaratzen duen organoak –hori egin baino lehenago interesdunari entzun egin behar dio–, egintza horretan bertan edo beste batean, irteteko epea ere jarriko du, eta edukitza duenari ohartaraziko dio, eta haren bidez baita tartean diren gainerako guztiei ere, epe horretan ez baldin bada borondatez irteten, organo eskudunak botatzeko erabakia hartuko duela, epe hori amaitzen denean, aurreko artikuluan xedaturikoaren arabera.

  3. – Kalte-ordainik eman beharra baldin badago, botatzeko agindua eman baino lehenago ordaindu beharko da, edo hari dagokion zenbatekoa zainpean utzi administrazio jarduleak gordailuak kudeatzeko duen establezimenduan.

  4. – Irteteko epea amaitzen denean, erabakia hartzeko eskumena duen organoak botatzeko aginduko du eta edukitza duenari ohartaraziko dio, eta haren bidez tartean diren gainerakoei, bota egingo dituztela edo hertsatzeko isuna jarriko zaiela gutxienez zortzi egun balioduneko epea eta gero. Epe hori amaitzen denean, irtenarazteko edo hertsatze-isuna jartzeko agindu ahal izango du.

  5. – Segurtasun Indar eta Kidegoei buruzko martxoaren 13ko 2/1986 Lege Organikoan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legean jasota dagoenaren arabera, Ertzaintzaren laguntza ere eska daiteke botatze-lana egiteko. Horretarako, nahikoa izango organo jarduleak agindua idatziz ematea eta, beharrezkoa bada, dagokion baimen judiziala. Aginduaren kopia bat interesdunari eman beharko zaio.

  6. – Hertsatzeko isunak jarriz gero, isun horiek, gehienez ere, okupaturiko ondasunen balioaren ehuneko bostekoak izan daitezke, eta zortzi egun baliodunez behin jarri ahal dira, behin eta berriz, harik eta lekutik irten arte.

  7. – Irtenarazteak eta botatzeak sortzen dituen gastuak edukitzaileak ordaindu beharko ditu. Kopuru hori premiamendu-bidea erabiliz ordainarazteko aukera badago, baita eragindako kalteen ordaina ere, halakorik baldin badago.

  1. – Zehapen-ahala eta kalte-galeren erantzukizun-araubidea, lehen-lehenik, halakoetan aplikatu beharreko lege berezien arabera arautu behar da, eta, halakorik ez badago, lege honen, Herri Administrazioen Lege Araubidearen eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen eta Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen Zehatzeko Ahalari buruzko otsailaren 20ko 2/1998 Legeko xedapenen arabera beharko da arautu.

  2. – Hurrengo artikuluan zehazturik dauden arau-hausteetakoren bat egiten duenak, arau-haustearen balioa zehaztu eta gero, eragindako kalte-galeren ordaina jarri beharko du, eta ondasunak itzuli eta lehen zeuden bezala utzi, edo ordezko berriak ekarri, ordezkatu beharreko ondasunaren edo eskubidearen erakunde titularrak ados dagoela idatziz adierazi ondoren.

  3. – Aurreko paragrafoan zehaztutako betebeharrak izateak ez du esan nahi jarri beharreko zehapena jarri ezin denik, edo, hala egin behar bada, ondasunekiko zituen harreman juridikoak azkendu ezin direnik.

  1. – Hona hemen arau-hauste administratiboak:

    1. Euskadiko ondareko ondasunak suntsitzea edo hondatzea.

    2. Euskadiko ondareko ondasunak usurpatzea.

    3. Okupazio-eskubidearen titularrek ondareko ondasunak ondo zaintzeko duten betebeharra ez betetzea, edo eskubide horrek berarekin dakarren beste edozein betebehar ez betetzea.

    4. Baimenik gabeko obra, lan edo beste edozein jardun dela medio, ondasunetan aldaketak eragitea.

    5. Okupazioa legezkoa egiten duen titulua azkendu ondoren ondasunak utzi nahi ez izatea.

    6. Ondasunak dagokion titulurik gabe erabiltzea, tituluaren edukiari ihes eginez erabiltzea, titulua emateko xedeez beste batzuetarako erabiltzea, edo lortzeko baldintzei iruzur eginez erabiltzea.

    7. Herri-jabariko ondasunen erabilera orokorra arautzen duten xedapenak ez betetzea.

    8. Zerbitzu batera loturik dauden ondasunetan zerbitzua eragozteko edo oztopatzeko moduko jardunak egitea.

    9. Dohainik eskualdaturiko ondasunak edo eskubideak berez erabili behar diren horretarako ez erabiltzea.

    10. Lege honen 11. eta 12. artikuluetan zehazturik dauden zaintza) eta lankidetza-betebeharrak ez betetzea.

    11. Ondasunak eta eskubideak Ondasun eta Eskubideen Inbentario Orokorrean ez inskribatzea.

      16.3 artikuluan aurreikusitako inbentarioak ez bidaltzea.

  2. – Lege honetan zehazturik dauden arau-hauste administratiboak arinak, larriak edo oso larriak izango dira.

    a), b), c), d), g), j), k) eta l) idatz-zatietan zehazturikoak dira arau-hauste arinak, baldin eta kalte ekonomikoak 1.500 euro baino gehiagokoak direla baloratzeko biderik ez badago behintzat.

    1. Arau-hauste larriak, berriz, a), b), c), d), g), j), k) eta l) idatz-zatietan zehazturikoak izango dira, baina eragindako kalteak 1.500 euro baino gehiagokoak eta gehienez ere 10.000 eurorainokoak baldin badira; eta e), f), h), eta i) idatz-zatietan tipifikaturikoak, non eta ez den posible baloratzea kalte ekonomikoak 10.000 euro baino gehiagokoak direla.

    2. Oso arau-hauste larriak, azkenik, artikulu honetako 1. paragrafoan zehazturikoak izango dira, baina kalteak 10.000 euro baino gehiagokoak direnean.

  1. – Zehapen hauek jarri beharko dira:

    1. Arau-hauste arina: 1.950 euro arteko isuna arau-haustea jabari pribatuko ondasunei dagokienean, eta 3.000 euro arteko isuna herri-jabariko ondasunei dagokienean.

    2. Arau-hauste larria: 1.950 euro eta 15.600 euro bitarteko isuna arau-haustea jabari pribatuko ondasunei dagokienean, eta 3.000 euro eta 24.000 euro bitarteko isuna arau-haustea herri-jabariko ondasunei dagokienean.

    3. Oso arau-hauste larria: 15.600 euro eta 39.000 euro bitarteko isuna arau-haustea jabari pribatuko ondasunei dagokienean, eta 24.000 euro eta 60.000 euro bitarteko isuna arau-haustea herri-jabariko ondasunei dagokienean.

  2. – Zein isun jarri erabakitzeko, gauza hauek izango dira kontuan: kalteen ordaina, tartean diren ondasunen edo eskubideen balioa, arduradunak lehenengo aldia duen edo ez, eta zein mailataraino den erruduna.

    Arau-hausleak damututa dagoela erakusten badu, aringarri gertatuko zaio. Horretarako, gertaerak aitortu egin beharko ditu, eta kalteak onbideratzeko beharrezko neurri zuzentzaileak hartu beharko ditu, zintzo, errekerimenduan ematen zaion epean. Zehapen larririk edo oso larririk jarri behar den kasuan, isuna aurreikusitako kopuru txikienaren erdiraino jaisteko aukera emango du inguruabar aringarri horrek.

    Arau-haustea larriagoa izango da, ordea, hasierako kaltea areagotzeko gogo edo jarrera igartzen bazaio arau-hausleari, edo, kalteak konpontzen edo arintzen lagundu nahi ez eta azkenean hasierakoa baino kalte handiagoa sortzen badu. Era berean, arau-haustea larriagoa izango da ondasunak herri-jabarikoak badira, salbu eta inguruabar hori arau-hauste motaren ezaugarria denean.

  3. – Hiru urteko epean arau-hauste larririk edo oso larririk berriro egiten badu, arau-hauslea titulartasunpean baimenik edo emakidarik eskuratzeko gaitasunik gabe deklara daiteke urtebete edo hiru urte bitarterako.

  1. – Prozedurak honako arau hauek izango ditu jarraibide: Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen Zehatzeko Ahalari buruzko otsailaren 20ko 2/1998 Legea eta lege horren garapen-arauak. Alabaina, kontuan hartuko dira ondoren jasotako zehaztasunak.

  2. – Ondasunak atxikita dituen saileko edo erakundeko zerbitzu juridikoari dagokio espedientearen instrukzioa egitea, non eta sail edo erakunde horretako arau organikoetan ez duen jartzen instrukzioa beste organo batek egin behar duela. Ondasuna atxikita duen erakundea pribatua baldin bada, 19.5 artikuluan xedaturik dagoena bete beharko da. Eta ondasuna inora atxikita ez badago, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzaren ardura izango da espedientearen instrukzioa egitea.

    Instrukzioa egin behar duen unitate organikoko titularrak izendatu beharko du instrukzio-arduraduna. Nahitaezkoa da Zuzenbideko lizentziatura edukitzea.

  3. – Zehapenak jartzeko eskumena, berriz, erakunde titularrarena izango da, eta, Administrazio orokorra bada, isun arin eta larrien kasuan ogasun eta ondare arloan eskumena duen saileko buruarena, eta isun oso larrien kasuan, Gobernu Kontseiluarena.

  4. – Arau-hausteen preskripzio-epeak honako hauek izango dira, arau-haustea egin zenetik edo –kaltea berehala gertatu ez bada– hauteman zenetik kontatzen hasita:

    1. Urtebete, arau-hauste arinetan.

    2. Hiru urte, arau-hauste larrietan.

    3. Bost urte, arau-hauste oso larrietan.

  5. – Zehapenen preskripzio-epeak honako hauek izango dira:

    1. Arau-hauste arinengatik ezarritako zehapenentzat, urtebete.

    2. Arau-hauste larriengatik ezarritako zehapenentzat, hiru urte.

    3. Arau-hauste oso larriengatik ezarritako zehapenentzat, bost urte.

      Zehazpenen preskripzio-epea, betiere, zehapena eragin duen administrazio-ebazpenak irmotasuna hartzen duen egunaren biharamunetik kontatzen hasita kalkulatuko da.

  1. – Zehapenen zenbatekoa eskatzeko eta harturiko erantzukizunetatik datozen betebeharrak betetzeko eskatzeko, Herri Administrazioen Lege Araubidearen eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean nahitaezko betearazpenetarako jasota dauden prozedurak erabil daitezke.

  2. – Nahitaez betearazte horretarako jartzen diren hertsatzeko isunak ezin dira jarritako zehapenaren ehuneko hogei edo erantzukizunen harira eratorritako betebeharren ehuneko hogei baino handiagoak izan, eta zortzi egun balioduneko baino epe txikiagoetan ezin dira atzera berriro jarri.

  1. – Lege honen arabera titulartasuna zein pertsona juridikori dagokion, hark erabakiko du jarauntsiak, legatuak eta dohaintzak onartzea. Aurretiaz Gobernu Kontseiluaren baimena beharko da, hala ere, kasu hauetan: zamak edo kargak, guztira, ondasunaren edo eskubidearen tasazio-prezioaren ehuneko hogeita bost baino handiagoak badira, eskuratzeak baldintza edo erabilera-konpromiso bereziren bat badakar berarekin eta baldintza edo erabilera horrek gastuaren bat badakar, edo ondasunak enpresa-ondarearen barnekoak baldin badira.

  2. – Titulartasuna Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrari baldin badagokio, ondareari buruzko eskumenak dituen sailari dagokio onartze hori, lege honetan zehazturik dauden organismo edo erakundeetako onuraduna edozein dela ere. Nolanahi ere, ondasun edo eskubidearen atxikipena edo, hala dagokionean, haren etekin ekonomikoaren kalkulua egiterakoan, kontuan hartu ahal izango da beti eskualdatzailearen borondatea. Hona hemen eskumen horretarako salbuespenak:

    1. Ondasunak euskal kultura-ondarearen barnekoak baldin badira. Halakoetan, paragrafo honetan zehazturik dagoen eskumena kulturako eskumenak dituen sailari dagokio.

    2. Zuzenean ikastetxeetan erabiltzeko diren ondasun higigarri gorpuzdunak inter vivos eskualdatzea baldin bada kontua, eta ez baldin badute hiru mila euro baino gehiago balio. Gehiago balio dutenean, hezkuntzako eskumenak dituen saila izango da arduraduna.

    3. Doako erabilera-baimenak eta behin-behineko eta doako erabilera-lagapenak lortzea, berriz, haien beharra duen sail edo erakundearen ardura da.

  3. – Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraz besteko erakunde bati baldin badagokio titulartasuna, haren arauetan jarriko du zein organok daukan doako xedapenak onartzeko eskumena, eta halakorik zehazten ez bada, haren legezko ordezkaritza duenak izango du eskumena.

  4. – Onarpena egiteko eskumena duen organoak uste badu halako ondasun batek, euskal kultura-ondarearen barnekoa ez izanagatik ere, balitekeela artearen edo kulturaren aldetik balio nabarmena izatea, onartu edo ez erabaki baino lehen, kulturako eskumenak dituen sailari galdetuko dio interes hori zenbaterainokoa den. Erantzuna ez da loteslea izango.

  5. – Ondasun edo eskubideen titulartasuna, lege honetako 6. artikulua aplikatuta, batetik, Administrazio orokorrak, eta, bestetik, 1. artikuluan zehazturiko erakundeetako batek edo batzuek, beren artean banatu behar badute, eta ondasun edo eskubide horiek erakundeen artean batera onartu behar badira, ondare-arloan eskudun den sailak eman behar du baterako onarpena, betiere titulartasuna hartzekoak diren erakundeen izenean. Ondasun jakin horien titulartasuna edukiko duen Administrazio orokorraz besteko erakundeak, berriz, onarpenarekin ados dagoela adierazi beharko du berariaz, aurretiaz, egokituko zaizkion ondasun jakin horien dagokienez.

  6. – Erakunde publikoen arteko eskualdaketa bidez gertatzen diren eskuraketetan, berriz, halakoetan aplikatu beharreko arauak bete beharko dira.

  7. – Usukapio bidezko eta kostu gabeko beste bide batzuetatik egiten diren eskuratzeetan, Kode Zibila edo kasuan kasu aplikatu beharreko legeak bete beharko dira, eta kapitulu honetan zehazturik datozen arauak ere aplikatzekoak izango dira, izatez eta araubidez egokiak baldin badira.

  8. – Jarauntsiei, legatuei edo dohaintzei uko egitea haiek onartzea dagozkien organoen eskumena izango da. Halakoei uko egin ahal izateko, ezinbestekoa izango da Gobernu Kontseiluak aurretiaz baimena ematea -salbu eta aurreko 2. paragrafoko b) idatz-zatian jasotako balizkoan, edo hiru mila euro baino gutxiago balio duten ondasun higigarri gorpuzdunen eskualdaketa orotan- eta uko egitearen arrazoiak espedientean justifikatzea.

  1. – Berekin gasturik baldin badakarte edo kostu bidezko baldintza edo jardun-moduren bat baldin badakarte loturik, halako ondasunak edo eskubideak onartzeko, kargaren balioak ezingo du eskuratzen den horren balioa baino handiagoa izan. Kargak ondasunaren balioa baino handiagoak baldin badira, interes publikoko arrazoiek bultzatuta baino ezingo dira halako ondasunak onartu, eta doako xedapen hori onartzeko eskumena duen organoak iritzi beharko dio hala den edo ez.

  2. – Behin betiko helburu jakin baterako loturik egoteko baldintzapean edo modalitatepean eskuratzen baldin badira ondasunak edo eskubideak, helburu horretarako hogeita hamar urtez erabili eta gero baldintza edo modalitate hori beteta eta iraungita dagoela ulertu beharko da, baita gero, interes publikoko arrazoi sortu berriek aginduta, horrela loturik egoteari uzten badio ere.

  3. – Jarauntsiak inbentario-onuraren arabera onartzen direla ulertu beharko da beti.

  1. – Eskumenei eta prozedurei buruz erabakita dauden arauak betez, lege honetako 1. artikuluan zehazturiko erakundeek antolamendu juridikoan jasota dauden moduetako edozein erabiliz eskura ditzakete eskubideak eta ondasunak.

  2. – Lege honetan eta lege hau garatzeko arauetan aurreikusi gabeko kasuetan, Euskal Autonomia Erkidegoak sorturiko arauak bete beharko dira kostu bidezko eskuraketetan, eta, halako araurik ez badago, Estatuko ondarean halakoetarako agintzen duten xedapenak.

  1. – Lege honetako 6. artikuluaren arabera titulartasuna zein pertsona juridikori dagokion, hark erabakiko du ondasunak eta eskubideak kostu bidez eskuratzea edo errentan jartzea.

  2. – Titulartasuna Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrena denean, ondareari buruzko eskumenak dituen sailari dagokio erabakia hartzea eta espedientea izapidetzea. Nolanahi ere, bete beharrekoa izango da desjabetze bidezko eskuraketarako xedaturikoa.

    Kasu batzuk ez daude aurreko zehaztapen horretan bildurik, eta, legez edo erregelamenduz bestelakorik agintzen ez bada, beharra duen sailarenak edo erakundearenak izango dira ardurak. Hauek dira kasuok:

    1. Standak edo lokalak errentan jartzea, sustapen-ekintzak burutzeko, informazioa zabaltzeko edo noizbehinkako beste jarduera batzuk egiteko, baldin eta errentamendua ez bada urtebete baino gehiagorako eta prezioa ez bada hogeita hamar mila euro baino gehiagokoa. Gehienezko denbora-tarte eta prezio horretan, luzapenak ere kontuan harturik daude.

    2. Ibilgailuak gordailuan uzteko errentamenduak.

    3. Legez hornigaitzat jotzen diren ondasun higigarriak eskuratzea.

  3. – Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraz besteko erakunde bati baldin badagokio titulartasuna, haren arauetan jarriko du zein organok daukan eskumena, eta halakorik zehazten ez bada, haren legezko ordezkaritza duenak izango du eskumena.

  1. – Ondasun edo eskubideak eskuratu edo errentan hartu baino lehenago, espedientea izapidetu beharko da, eta espediente horri hauek guztiak erantsi behar zaizkio:

    1. Txosten bat, ondasuna edo eskubidea eskuratzea edo errentan hartzea beharrezkoa edo komenigarria dela azaltzeko, ondasun edo eskubide hori zertarako erabiltzeko asmoa dagoen azaltzeko eta zein esleipen-modu proposatzen den azaltzeko.

    2. Kreditua badagoela egiaztatzeko agiria, edo legezko ordezko agiria.

    3. Erabili eta jarri asmo diren prozedurari eta baldintzei buruzko txosten juridikoa.

    4. Oinarrien agiriaren edo agiri baliokide baten onarpena (kontratazio-organoak eginda) eta gastuaren onarpena (organo eskudunak eginda).

    5. Ondasunaren edo eskubidearen tasazioa, behar bezala onartuta eta dagokion merkatu-azterketa ere jasota.

  2. – Kontratu txikietan, espedientea izapidetzeko, nahikoa izango da gastua onartzea eta dena delako kontratua edo titulua eranstea. Luzapenak eta guzti hogeita hamar mila euro baino gehiagokoa ez bada izapidetu daiteke hitzarmena kontratu txiki modura.

  1. – Eskuraketa edo errentamendua egin baino lehenago, lehia-prozeduraren bat jarri behar da martxan, herri-administrazioen kontratuetarako arauetan jasota dauden esleipen-prozedura edo -moduetakoren bat, egin beharreko eragiketaren izaera eta ezaugarriei egokitua, erabiliz. Salbuespena egingo da kontratu txikietakoren bat denean edo zuzenean esleitzea erabakitzen denean. Zuzenean esleitzeko erabakia hartzeko, berriz, gorabehera hauetako bat egongo da tartean –espedientean egiaztatu beharko da–:

    1. Eskuraketa urgentea izatea, ustekabeko bat gertatzearen ondorioz.

    2. Bete beharreko premiaren berezitasuna.

    3. Merkatu-baldintzak.

    4. Ondasuna bereziki egokia izatea.

    5. Saltzailea edo errentatzailea beste herri-administrazio bat izatea, edo, oro har, sektore publikoko eta zuzenbide publikoko edo pribatuko edozein pertsona juridiko izatea. Hara zer izango den, halakoetarako, sektore publikoko zuzenbide pribatuko pertsona juridikoa: merkataritza-sozietateak, baldin eta kapitalean, zatirik handienean, herri-administrazio baten edo batzuen edo -zuzenbide publikoko pertsona juridikoen zuzeneko edo zeharkako partaidetzak badituzte, eta sektore publikoko fundazioak.

    6. Arinago deklaratuta egotea esleitu gabe utzi dela eskuraketarako edo errentamendurako aurretiaz sustaturiko lehia-prozedura.

    7. Jabekidetza-kasuetan, jabekide bati ondasun bateko kuota bat eskuratzea.

    8. Lehentasunez eskuratzeko eskubidea erabiliz egindako eskuraketa edo errentamendua.

  2. – Jabetza zuzenean a) eta f) bitarteko idatz-zatietan jasota dauden gorabehera horietakoren batean oinarriturik eskuratzeko, aurretiaz, Gobernu Kontseiluaren baimena beharko da, ondareari buruzko eskumenak dituen sailburuak eta interesa duen saileko buruak edo erakundeko legezko ordezkariak, biek batera, proposatuta.

  3. – Zuzeneko eskuraketa edo errentamenduetan, ahal bada, gutxienez hiru eskaintza eskatu behar dira, esleipenduna aukeratu baino lehenago.

  4. – Lehia-prozeduretan, deialdiaren iragarkia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da. Herri-administrazioen kontrataziorako arauetan prozedura irekietarako zehazturik dagoen epe orokorra utzi beharko da, gutxienez, deialdia argitaratu eta esleipena egiten den bitartean, non eta epeak laburtzeko legez aurreikusitako gorabehera ez dagoen tartean.

  5. – Artikulu honetan zehazturik dauden kontratuetan, kontratatzeko gaitasuna duten pertsona guztiek esku har dezakete eta izan daitezke kontratistak. Kode Zibilean kontratu-mota orotarako gaitasun orokorraz eta, zehazki, kasuan kasuko den delako kontratu-motaz arauturik dagoena izan behar da kontuan gaitasun hori nork duen jakiteko.

  6. – Lehiaketan, lehiatzaile bakoitzak ezingo du proposamen bat baino gehiago aurkeztu. Gutunazal itxian egin beharko du, eta oinarrien agirian jasotako ereduan zehazturik dagoen bezala; proposamenak beste gutunazal batean egon behar du, ez lehiatzailearen gaitasun juridikoa eta jarduteko gaitasuna egiaztatzeko eta, beharrezkoa bada, haren ordezkaritza egiaztatzeko agiriekin batera, ez eta kontratuaren xedea dela-eta oinarrien agirian zehazturik dauden gainerako agiriekin ere.

  7. – Kontratazio-organoak baliteke kontratazio-mahai bat izatea, lagungarri. Zuzeneko kontratazioan, aukerakoa izango da, eta lehia-prozeduretan, berriz, nahitaezkoa.

Eskuraketen prezioaren ordainketa, aldeak ados jartzen baldin badira, zatitu ahal izango da aurrekontu-ekitaldi batean baino gehiagotan ordaintzeko, Euskadiko Diru Egitamuen Jaurbideei buruzko Legeak konpromiso-kredituentzat jasotzen dituen aurreikuspenei jarraituz.

  1. – Baldintzaz edo modalitatez, helburu jakin baterako betiko loturik dauden eskuraketetan, lege honetako 39. artikuluko 2. paragrafoan xedaturik dagoena bete beharko da.

  2. – Ondasunik edo eskubiderik kostu bidez eskuratu behar bada, eskuratzeko helburuarekin bateragarria ez den zama edo karga orotatik aske eskuratuko da.

  1. – Ondasunen eta eskubideen eskuraketarako edo errentamendurako negozio juridikoetan, alderdiek, ondasun eta eskubide horiek direla-eta, edo erakunde kontratatzailearen ondare barruko beste batzuk direla-eta, beste prestazio erantsi batzuk egiteko aukera ere izango dute, baldin eta behar bezala bermaturik badago betebehar horiek bete egingo direla. Negozio konplexu horiek espediente bakar batean izapidetu behar dira, eta zati nagusia duten ondare-negozio juridikoari dagozkion arauen arabera gauzatu behar dira.

    Prestazio erantsi horiek herri-administrazioen kontratuei buruzko arauen peko kontratu baten xede baldin badira, kontratua gauzatzeko, lege horietan jasotako gaitasun-, publizitate) eta lehia-betekizunak ere errespetatu beharko dira.

  2. – Ondasunak edo eskubideak eskuratzeko eskubide bat administrazioaren alde osatzeko negozio juridikorik ere hitzartu daiteke. Direnak direlako ondasunak edo eskubideak eskuratzeko bete behar diren gaitasun- eta prozedura-arauak bete beharko dira halako kontratuetan, baina gastu-espedientea primari dagokion kopururako baino ez da izapidetuko, baldin eta halakorik zehaztu bada, aukera ematearren.

  1. – Legez hornigai-kontratutzat hartzen diren ondasunak kostu bidez eskuratzeko, herri-administrazioen kontratuei buruzko arauetan halako kontratuetarako zehazturik dagoena bete beharko da.

  2. – Jabetza gorpuzgabeen eskubideak herri-administrazioen kontratuei buruzko arauen peko kontratu bidez eskuratzekoak baldin badira, lege horietan xedaturik dagoena aplikatu beharko da. Eskubide horiek lankidetza-hitzarmenen bidez eskuratzeko, hitzarmen horietarako arau bereziak eta hitzarmenean bertan jasotakoa bete beharko da. Nolanahi ere, juridikoki hitzarmenaren bidea aukeratzen bada, horren arrazoiak emango dira, eta zehatz adieraziko dira Administrazioak eman beharko dituen prestazioak.

  1. – Ondasunak nahitaez desjabetu behar direnean, desjabetze-prozesuaren barruan erabakiko da ondasun horien gaineko zamek edo kargek beren horretan dirauten edo ez.

  2. – Euskal Autonomia Erkidegoak desjabetzeko duen ahala erabiltzea, eskumen hori lege-mailako arau bidez edo dekretu bidez eskuratua duten sailei dagokie, eta, halakorik ez badago, lurra kudeatzeko eskumena duenari.

    Kostu bidez eskuratzekoa den ondasun-motaren arabera eskumena duen sailak eskatu beharko du espedientea; non eta jabetza-kentzea ez den azpiegitura hidraulikoak egiteko obretarako, garraiobideetarako, portuetarako, telekomunikabideetarako edo baliabide naturalak babesteko. Halakoetarako, desjabetzearen helburuaren arabera eskumena duen sailak eskatuko du desjabetze-prozedura.

  3. – Desjabetze-espedientea amaiturik, hala gertatu dela jasota gera dadin, eta beharrezkoa bada inskripzioa egiteko, espedientea osatzeko erabili diren agiriak eta jabetza zehazten duten agiriak ondareari buruzko eskumenak dituen sailera bidali behar dira.

  4. – Jabetza Nahitaez Kentzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legeko 54. artikuluko 2. paragrafoan eta Lurraren Araubideari eta Balorazioei buruzko apirilaren 13ko 6/1998 Legeko 40. artikuluko 2. paragrafoan zehazturiko bidea eta baldintzak betez egiten bada, desjabetze bidez eskuraturiko ondasun edo eskubide bat jaregiteak edo haren xedea aldatzeak ez dakar itzultzeko eskatzeko eskubiderik.

  5. – Itzultzeko eskubideak eskaintzea eta deklaratzea –halakorik egin baino lehenago ondasun horiek depuratu egin beharko dira, bai fisikoki bai juridikoki–, hala egitea egokia denean, desjabetze-xedearen arabera eskumena dagokion sailaren ardura izango da, baita gerora ondasun hori beste sail batera atxiki izan arren ere. Halakoetan, gerora ondasuna atxiki zaion sail edo erakunde horrek itzulketa deklaratzeko eskumena duenari itzultze-eskubidea sortzen duen gorabehera gertatu dela jakinarazi behar dio. Itzulketa-eskubidea aitortzeak dena delako ondasunaren edo eskubidea jaregitea dakar berarekin.

  1. – Baliteke prozedura judizialek edo administrazio-prozedurek lege honetako 1. artikuluko erakundeen alde ondasunik edo eskubiderik esleitzea ekartzea. Halakoetan, administrazioaren ordezkariak esleipenduna izatekoa zen erakundeari jakinarazpen bat bidaliko dio, eta, bertan, esleitu beharreko ondasuna edo eskubidea deskribatuko du, behar bezain zehatz, eta berarekin dakartzan zamak eta edukitza norena den ere azaldu beharko dio. Esleipendun hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorra baldin bada, ondareari buruzko eskumenak dituen sailari bidali behar zaio jakinarazpen hori, eta haren ardura izango da beharrezkoa bada esleipen-eskaria egitea edo adostasun-adierazpena egitea.

  2. – Administrazio-bidean esleituriko ondasunen edukitza hartu ahal izango da, eta horretarako, beharrezkoa bada, lege honetako II. tituluko V. kapituluko 5. atalean arauturik dagoen botatze-ahala erabili ahal izango da.

  1. – Zorrak ordaintze aldera Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiari administrazio-bidean ondasunik edo eskubiderik eman behar zaionean, Euskal Autonomia Erkidegoaren Finantzen azaroaren 8ko 8/1996 Legeko hirugarren xedapen gehigarrian zehazturik dagoena bete beharko da.

  2. – Arau berezien peko eskuraketetan, arau horietan zehazturik dagoena bete beharko da.

  1. – Titulu honetan xedaturik dagoenaren arabera, Euskadiko ondareko ondasunen lotzeak, jaregiteak, atxikitzeak edo desatxikitzeak eta herri-jabariko aldaketak, esanbidez, isilbidez edo inplizituki gertatzen dira.

  2. – Lege honetako 6. artikuluaren arabera ondasunaren edo eskubidearen titularra den erakundeari dagokio, bere kasa edo sail edo erakunde interesdunaren eskariz, egin beharreko esanbidezko egintzak egiteko erabakia hartzea, eta Euskadiko Ondareko Ondasunen eta Eskubideen Inbentario Orokorrean jasotzeko agintzea edo, hala egin behar bada, eskatzea, esanbidez edo isilbidez nahiz inplizituki egin diren begiratu gabe. Ondasun edo eskubidearen titulartasuna Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrarena baldin bada, ondareari buruzko eskumenak dituen sailak erabiliko du eskumen hori.

  3. – Lotze-, atxikitze edo aldaketa-eskarian, aurreikusitako helburua ere azaldu beharko da. Sail baten menpeko edo sail bati loturiko erakunderen batek egiten badu eskaria, eta eskaria Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrarentzat baldin bada, izapidetu baino lehenago, gainetik duten edo loturik dauden sail horren adostasuna beharko da.

  4. – Ondasunak edo eskubideak dagoeneko ez badira hasierako helbururako beharrezkoak, jaregitea edo desatxikitzea eskatu beharko da.

  5. – Titulu honetan aipaturik dauden jardunek, esanbidez eginikoak badira, sail edo erakunde eskuratzaileak ondasunak edo eskubideak formalki eskuratzen dituenetik aurrera sortuko dituzte ondorioak. Ondasunak edo eskubideak formalki eskuratzeko, egin daiteke bai emate-akta bidez, bai edukitza eskuratzeko akta bidez. Lehenengo akta, ondasunak edo eskubideak jaso edo eman behar dituzten sailek edo erakundeek izendaturiko ordezkariek izenpetu beharko dute, eta bigarrena, berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen sailak egin beharko du, bere kasa, nahitaezkoa baldin bada dena delako jardunean sail horrek ere esku hartzea.

  1. – Ondasuna edo eskubidea lotzeak esan nahi du herri-jabariaren barnera bildu beharra dakarren erabilera orokor edo zerbitzu jakin baterako izango dela ondasun edo eskubide hori.

  2. – Ondasuna edo eskubidea lotzeak ondasun edo eskubide hori herri-jabarira biltzea dakar.

  3. – Ondasun lotuak lotu diren horretarako erabili behar dira.

  1. – Ondasuna esanbidez lotzeko egintzan adierazita geratu beharko da, gutxienez, zein ondasun edo eskubide lotzen den, zertarako den, eta herri-jabarira bilduta geratu dela.

  2. – Isilbidez edo inplizituki eginiko lotze-egintzak Euskadiko Ondareko Ondasunen eta Eskubideen Inbentario Orokorrean jasotzerakoan, gutxienez, zein ondasun edo eskubide lotzen den adierazi beharko da, zertarako den, eta isilbidez edo inplizituki egindako lotze hori zein gertakarik edo jardunek eragin duen.

Hona hemen noiz gertatzen den isilbidezko lotzea edo lotze inplizitua:

  1. Euskadiko ondareko ondasunak eta eskubideak, benetan, denen aurrean eta nabarmen, herri-jabarira biltzea dakarren erabilera edo zerbitzuren baterako erabiltzea, gutxien-gutxienez urtebete jarraian.

  2. Ondasunak edo eskubideak nahitaezko desjabetze bidez eskuratzea, herri-jabarira biltzea dakarren erabilera edo zerbitzu baterako.

  3. Ondasunak edo eskubideak antolamendu juridikoan jasota dagoen beste edozein bide erabiliz eskuratzea, herri-jabarira biltzea dakarren erabilera edo zerbitzu baterako dela adierazten badu bide horrek.

  4. Ondasunak edo eskubideak usukapio bidez eskuratzea, baldin eta eskuratze-preskripzioa ekarri duten edukitza-egintzek dena delako ondasuna edo eskubidea herri-jabarira biltzea dakarren erabilera edo zerbitzu batera loturik utzi badute, zuzenbide pribatuaren argitara hirugarrenek ondasun edo eskubide horiekiko lortuak dituzten eskubideei ezer kendu gabe, halakorik egotekotan.

  5. Gobernu Kontseiluak jardun orokorreko programak edo planak onartzea, edo obra edo zerbitzuetarako egitasmoak onartzea, eta, ondorioz, herri-jabarira biltzea dakarten erabilera edo zerbitzuetara loturik geratzea ondasun edo eskubide jakin batzuk.

  1. – Helburuak bateraezinak ez badira, herri-jabariko ondasunek bigarren mailako edo aldi bereko lotze bat, edo bat baino gehiago ere, izan dezakete.

  2. – Bigarren mailako edo aldi bereko lotze hori erabakitzen duen ebazpenean, erabilera edo zerbitzu bakoitzaren ardura duen organoari zein ahalmen eta betebehar dagokion ere zehaztu beharko da.

  3. – Bigarren mailako lotzerik baldin bada, ondasun edo eskubide berberak aldi berean lotze bat baino gehiago izateak ez du lotze nagusiak eskatzen duen atxikipen organikoa aldatzen.

  1. – Jareginik geratzen badira, herri-jabariko ondasunak eta eskubideak hala izateari utzi eta ondarekoak bilakatuko dira, aurrerantzean ez direlako herri-jabarira bildu beharra dakarren erabilera edo zerbitzu baterako izango.

    Alabaina, behar bezala egiaztatutako aparteko arrazoiengatik Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko ondare-interesetarako hala komeni bada, ondasunak jaregitea eta, gero, besterentzea erabakitzeko aukera ere badago, aldi batean ondasun horien erabilera galdu gabe.

  2. – Bigarren mailako edo aldi bereko lotzeetarako ez bada behinik behin, ondasuna jaregiteak esan nahi du ondasun hori administrazioaren jabari pribatura bilduko dela. Betiere, ordea, itzultze-eskubidea baliatu ahal izango da, hala badagokio, legean jasota dagoen moduan.

  3. – Jaregindako ondasunak eta eskubide jabari pribatura biltzeko, eta biltze horrek indarra izateko, esanbidezko deslotze-adierazpena beharko da, edo, bestela, kalifikazio-aldaketa hori Ondasunen eta Eskubideen Inbentarioan jaso beharko da.

Dena delako ondasuna edo eskubidea herri-jabarira bildu beharra dakarren erabilera baterako edo zerbitzu baterako beharrezkoa ez denean, orduan izango da egokia hura esanbidez jaregitea erabakitzea, baita aurreko artikuluko 1. paragrafoko bigarren lerroaldean zehazturiko kasuan ere.

Hona hemen noiz gertatzen den jaregite inplizitua:

  1. Herri-jabariko ondasunak mugatzeko espedienteetan sobera geratu diren zati edo jabetzetan, mugaketa onartzeko erabakian halakoak direla zehazturik baldin badago.

  2. Nahitaez desjabetzeko espedienteetan soberan daudela deklaratu diren zati edo jabetzetan.

  3. Ondasun higigarriak besterentzeko erabakietan.

  4. Desjabetutako ondasunak edo eskubideak itzultzeko erabakietan.

  1. – Ondasun edo eskubide bat jareginez eta, aldi berean, 1. artikuluko erakundeen titulartasunpeko beste erabilera publiko edo zerbitzu publiko batera lotuz egiten bada, herri-jabariko aldaketak ez dakar ondasunaren edo eskubidearen kalifikazio juridikoa aldatzea; berariaz formalizatu beharko da, eta lotura-aldaketa eta, hala gertatu bada, atxikitzea ere adierazi beharko du.

  2. – Lege honetako 1. artikuluan aipaturik dagoen sailik edo erakunderik sortu, suntsitu edo aldatu behar denean, agindutako eginkizunak aldatzeak ez du esan nahi lotura zehazten duen arrazoia berritu egin behar dela; ondasunek lehengo helburuetara loturik jarraituko dute, horretarako esanbidezko adierazpen beharrik gabe Ondasunaren edo eskubidearen atxikipen-aldaketa, berariaz formalizatzen ez bada, dena delako xedapen organikoan edo funtzionalean inplizituki gertatua ulertu beharko da, eta Ondasunen eta Eskubideen Inbentario Orokorrean ere adierazi beharko da, baldin eta inbentario horretako ondasun edo eskubiderik ukitzen badu.

  3. – Arau baten bidez herri-jabariko ondasun edo eskubide batzuen titulartasuna administrazioaren aldekotzat edo orain artekoa ez den beste erakunde publiko baten aldekotzat deklaratzen bada, titulartasuna deklaratzen edo ematen duten arauetan jasota dagoen moduan formalizatu beharko da ondasun edo eskubide horien titulartasun-eskualdaketa, kalifikazio juridikoa edo lotura-mota aldatu gabe, eta, halakorik ez badago, de-kretu bidez.

  4. – Lege honetako 1. artikuluan zehaztu diren erakundeen herri-jabariko ondasun eta eskubideei dagokienez, Estatuko Administrazioaren edo haren erakunde publikoen, Tokiko Administrazioaren edo haren mendeko erakunde publikoen eta, oro har, edozein erakunde publikoren eskumeneko erabilera edo zerbitzu publiko batzuetara lotu ahal izango dira, elkarrekikotasun baldintzetan eta erregulamenduz ezarriko den moduan. Hori dela eta, elkarrekikotasuna dagoela ulertuko da erakundeari aplikatzekoa zaion arautegiak aukera ematen dionean bere titulartasunekoak diren herri-jabariko ondasunak lege honen 1. artikuluan aipatutako erakundeei lotzea, haiek beren eskumenekoa duten erabilera edo zerbitzu baterako baliatzeko. Halako aldaketak, ordea, ez du eraginik izango ondasunen eta eskubideen titulartasunean, ez eta horien herri-jabari izaeran ere.

  1. – Atxikipenak, atxikipena jasotzen duen erakundeari, atxikitako ondasunen edo eskubideen erabilera, administrazioa, mantentzea eta zainketa ematen dio, esanbidez beste erakunde bati emandako ahalmenak izan ezik. Betiere, ordea, errespetatu egin beharko dira lege hau garatze aldera ezartzen diren baimen, eskakizun eta baldintzak.

  2. – Atxikipenak ez dakar inoiz ondasunen edo eskubideen titulartasuna edo kalifikazio juridikoa aldatzea.

  3. – Ondasunaren edo eskubidearen izaeraren arabera, atxikipena egiteko arrazoien arabera eta aplikatu beharreko arau teknikoen arabera erabiliko dira atxikipenak dakartzan ahalmenak.

  1. – Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko titulartasunpeko ondasunen eta eskubideen atxikitzearen xedea jabari publikoko edo pribatuko ondasun eta eskubideak atxikitzea izan daitezke, eta 1. artikuluan zehazturiko erakundeen alde, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorra osatzen duten sailen alde eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen duten erakundeen alde egin daiteke.

    Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraz besteko ondasunak eta eskubideak ere atxiki daitezke bai lege honetako 1. artikuluan zehazturiko erakundeetara, bai erakunde titularrak antolakuntza-egituran dituen sailetara, baita, aurreko paragrafoan zehazturik dauden eskakizun eta baldintzen parekoak betetzen baldin badituzte, erakunde horrek sorturiko sozietate eta fundazioetara ere.

  2. – Ondasunak eta eskubideak izate juridiko-pribatuko pertsona juridikoei atxikita baldin badaude, babes-ahal administratiboak erabiltzeko, eta herri-jabariaren gaineko baimenei eta emakidei buruzkoak erabiltzeko, 19.5 artikuluan eta 70. artikuluko 3. paragrafoan xedaturik dagoena bete beharko da, hurrenez hurren.

  3. – Ondasuna edo eskubidea atxikita duen sailak edo erakundeak ondasunaren edo eskubidearen jabetzari edo titulartasunari eragiten dion gorabehera oro erakunde titularrari jakinarazi behar dio. Ondasun edo eskubidearen jabetza edo titulartasuna Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrarena baldin bada, ondareari buruzko eskumenak dituen sailari jakinarazi beharko zaio.

Esanbidezko atxikipenean, datu hauek denak adierazi behar dira: zein erakundetara atxikitzen den, zein ondasun edo eskubide atxikitzen diren, eta ondasun edo eskubide hori justu zertarako erabili behar den. Ahal denean, esanbidezko atxikipena lotze-egintzaren edukiaren barnean izango da.

Hona hemen noiz gertatzen den isilbidezko atxikipena edo atxikipen inplizitua:

  1. Isilbidezko lotzea edo lotze inplizitua gertatzen denean. Halakoetan, ondasunak beren helburuen inguruko eskumenak dituen sail edo erakundera atxikita daudela ulertuko da.

    1. artikuluan aipatutako sail edo erakundeek beren erabilerarako eskuratzen dituztenean. Halakoetan, eskuratzaileari atxikita daudela ulertuko da.

    59.2 artikuluan aurreikusitako atxikipen-aldaketan.

  1. – Atxikitzeko zeuden helburuak betetzeko aurrerantzean haien beharrik ez dagoenean erabakiko da ondasunen edo eskubideen desatxikipena.

  2. – Ondasunak edo eskubideak, hala badagokio zehazturiko epean, ez baldin badira aurreikusitako helbururako erabiltzen hasten, edo gerora horretarako erabiltzeari uzten badiote, edo zehazturiko beste edozein erabilera-baldintza urratzen bada, erakunde eskumendunak desatxikipena egiteko aukera izango du, errekerimendua egin eta gero.

  3. – Erabilerako xedea edo baldintzak ez betetzeagatik egiten bada desatxikipena, ondasunaren edo eskubidearen titularrak kalte eta hondaketen ordaina eskatzeko aukera izango du, desatxikipena egiten den momentuan eguneraturik, edo, bestela, konponketak balio duena.

Hona hemen noiz gertatzen den desatxikipen inplizitua:

  1. Desatxiki beharreko ondasunen edo eskubideen besterentzea edo itzulketa gertatzen denean.

    59.2 artikuluan aurreikusitako atxikipen-aldaketan.

  1. – Aginte eskumendunak emandako titulu baimentzailerik gabe, inork ere ezingo du herri-jabariko ondasunik okupatu edo agian denei dagokien erabilera-eskubidea gainditzeko moduan erabili.

  2. – Herri-jabariko ondasunei buruzko baimenetarako eta emakidetarako, lehenik, baimen-emakida horiek arautzeko lege bereziak bete beharko dira, eta arau bereizirik ez badago edo nahikoa ez badira, lege honetako xedapenak beharko dira bete.

Herri-jabariko ondasunak erabilera-sistema honen pean daude:

  1. Erabilera publikoko ondasunak erabiltzeko, titulu honetako xedapenak bete behar dira.

  2. Ondasunetan zerbitzurik, bulegorik edo egoitzarik baldin badago, edo ondasunak zerbitzu publiko bat eskaintzeko erabiltzen baldin badira, halako ondasunak erabiltzeko, zerbitzuaren erabilera) eta funtzionamendu-xedapen bereziak bete beharko dira, eta, halakorik ez badago, ordezko modura titulu hau bete beharko da.

Erabilera publikoko ondasunak honela erabil daitezke:

  1. Erabilera erkidea: herritar guztiei dagokie, denei berdin eta bereizketarik gabe, eta, ondorioz, batzuek erabiltzeak ez du gainerako interesdunek erabiltzea eragozten. Bi eratakoa izango da:

    • Orokorra: tartean gorabehera berezirik ez badago.

    • Berezia: erabilerak herri-jabariaren aprobetxamendu berezi bat dakar. Ez du erabilera erkidea eragozten, baina tartean diren gorabehera batzuen ondorioz –erabileraren arriskua edo intentsitatea, eskasia dagoenean erabilerak lehentasuna izatea, erabilerak aparteko errentagarritasuna lortzea, edo antzeko beste batzuk– guztiei dagokien erabileraren gainetik gehiegizko erabilera edo harentzako traba izatea gertatzen da.

  2. Erabilera pribatiboa: herri-jabariaren zati bat okupatzea dakar, eta, ondorioz, beste interesdunei hura erabiltzeko aukera mugatzen edo erabat kentzen zaie.

  1. – Erabilera erkide orokorrak ez du inongo baimen beharrik, eragozpenik gabe egin daiteke, eta muga bakarrak hauek ditu: beste pertsona batzuek erabiltzeak dakartzanak, ondasunen izaera errespetatu beharra eta haiek ondo zaindu beharra, eta bai polizia-arauak bai zentzuz erabiltzeko emandako argibideak nahitaez bete beharra.

  2. – Erabilera erkide bereziak bai behar du baimena, non eta hasierako iraupena bost urte baino gehiagokoa den edo iraupen osoa, luzapenak barne, zortzi urte baino gehiagokoa den, halakoetan administrazio-emakida beharko baita.

  3. – Erabilera pribatiboak, berriz, halakoetarako moduko titulu bat aurretiaz eman beharra du, arau hauei jarraiki:

    1. Okupazioa soilik instalazio desmuntagarriz edo ondasun higigarriz egiten bada, eta hasiera batean ez baldin bada bost urte baino gehiagorako, halakoetan baimena beharko da.

    2. Okupazioa obra edo instalazio finkoak erabiliz egiten bada, edo hasierako epea bost urte baino gehiagokoa bada, administrazio-emakida beharko da.

  4. – Sailek edo erakundeek berei atxikita dituzten ondasun eta eskubideak erabiltzeko baldin bada, ez da artikulu honetan zehazturiko titulurik eman beharrik izango.

    Egintzak edo kontratuak ondasuna okupatzeko bidea ematen baldin badio, kontratistak edo hirugarren batek erabiltzeko edo okupatzeko ere ez da titulu horien beharrik, baldin eta arauetan eskatzen den prozeduraren arabera agindu zaion eginkizuna betetzeko edo jarduera gauzatzeko beharrezko tresna modura badagokio erabilera edo okupazio hori. Halakoetan, dena delako ondasuna kontratista edo hirugarren horrek erabiltzeko edo okupatzeko, bi aldeek ondasuna kontratistaren esku uzteko akta izenpetu beharko dute. Ondasuna oinarri modura behar duen eginkizuna edo jarduera betetzeko enkargua dakarren egintza edo kontratuaren ondoren formalizatuko da akta hori.

  5. – Administrazio orokorraren titulartasuneko ondasunak direnean Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzak aurretiaz txostena eginda, baimen bereziak eman ahal izango dira, pertsona fisiko edo juridiko publiko edo pribatuen fabore, 67. artikuluko b) idatz-zatiko ondasunak zati batean erabiltzeko, helburu edo eginkizun publikoak edo gizarte-intereseko edo interes orokorreko jarduerak aldi batean bete ditzaten. Baimen berezi horien bidez, obra edo instalazio finkoak egin ahal izango dira; lanok baimenaren onuradunaren kontura izango dira eta Administrazioaren eskuetara itzuliko dira haren indarraldi-epea bukatzen denean. Epe hori, gehienez ere, hamar urtekoa izango da, luzapenak barne. Baimena emateko ebazpenean, Administrazioak eta onuradunak elkarri ematera behartutako kontraprestazio ekonomikoak eta beste edozein eratakoak zehaztuko dira; kontraprestazio horiek, bestalde, bi aldeek sinatutako hitzarmenean jaso beharko dira.

  6. – Hirugarrenek EAEko ondarearen administrazio-eraikinetako espazioak okupatzea onartu ahal izango da, salbuespenez betiere, beharrezkoa denean langileei eta bisitariei zerbitzu batzuk emateko, hala nola kafetegiak, banku-bulegoak, kutxazain automatikoak, posta-bulegoak edo antzeko beste batzuk, edo ustiapen marjinala egiten denean administrazio-zerbitzuentzat beharrezkoak ez diren espazioei dagokienez.

    Okupazioan ezingo da trabatu edo kaltetu higiezin horretan kokatuta dauden organo edo unitateek hura erabiltzea. Okupaziorako, gainera, kasuan kasuko baimena edo emakida beharko da, edo okupazioa egiteko kontratu bat, kontratu publikoari buruzko arauetan aurreikusitakoari lotuz eratua.

  1. – Ondasunaren titulartasuna daukan erakundeari dagokio administrazio-baimen eta -emakidei buruzko espedienteak izapidetzea eta ebaztea.

  2. – Erakunde titularra Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa baldin bada, ondasuna atxikita duen sailari dagokio eskumen hori, eta, halakorik ez badago, ondasunak kudeatzeko ahalmena duen sailari.

  3. – Ondasuna atxikita duen erakundea izaera juridiko pribatukoa baldin bada, izaera juridiko publikoko sail edo erakunderen batera loturik egongo da eta sail edo erakunde horren ardura izango da herri-jabariko baimenak edo emakidak ematea.

  4. – 69. artikuluko 5. paragrafoan aipaturik dauden baimen bereziei dagokien eskumena, berriz, onuraduna zuzenbide pribatuko pertsona juridiko bat edo nazioarteko erakunde bat baldin bada, Gobernu Kontseiluarena izango da.

  1. – Gobernu Kontseiluak bere esku du emakida) eta baimen-kategoria berezi batzuk emateko baldintza orokorrak onartzea –Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko dira–, baita orokorrean aplikatzeko baldintza zehatzen ereduak ere.

    Ondasunaren edo eskubidearen titulartasuna Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrarena baldin bada, ondareari buruzko eskumenak dituen sailak egin beharko du proposamena, non eta ez duen bereziki sail, organismo edo erakunde jakin bat ukitzen, bereziki ukitutako sail horrekin batera egingo baita halakoetan.

  2. – Organo eskudunak emakida edo baimena emateko onartzen duen baldintza zehatzen agiria bete beharko dute emakidek eta baimenek, betiere, halakorik baldin badago, baldintza orokorrei eta baldintza zehatzen ereduei lotuta.

    Emakidak edo baimenak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren titulartasunpeko ondasunak biltzen baldin baditu, baldintza zehatzen agiria onartu baino lehenago, ondareari buruzko eskumenak dituen sailaren aldeko txostena beharko da, non eta agiri horretan ez den, soil-soilik, Gobernu Kontseiluak onarturiko eredua aplikatu besterik egiten. Orokorrean onarturiko baldintzetarako edo Gobernu Kontseiluak onarturiko baldintza berezien orrien ereduetarako salbuespenak zehaztea baldin bada kontua, orduan ere beharko da, nahitaez, sail horren txostena, eta loteslea izango da gainera.

    Hogeita hamar egun baino gehiagorako ez badira, erabilera-baimenetarako ez da aurretiaz baldintza berezien agiria onartu beharrik izango, ezta oso noizean behin egitekoak diren hitzaldi, mintegi, zerbitzu edo halako beste ekintza batzuk antolatzeko ere.

  1. – Aurkako xedapenik ez badago, Administrazioaren esku dago herri-jabariaren gaineko baimenak eta emakidak nori eman erabakitzea, baina, betiere, titulu honetan jasotako prozeduren eta edukien arabera hartu beharko du erabaki hori. Helburu jakin baterako eman beharko ditu, xedea, iraupena eta mugak zehaztuz, inoiz ez muga-eperik gabe, eta administrazioak ondasunak ikuskatzeko eta zaintzeko ahalmena izango du, eta, halakorik baldin badago, baita instalazioak eta eraikinak ere.

  2. – Interes orokorrak hala eskatzen duela uste bada, betebehar erantsi batzuk ezarri ahal izango zaizkio titularrari, hala nola, baloreak eskuratu beharra, sozietate-eskakizun jakin batzuk onartu eta mantendu beharra, edo antzeko beste batzuk.

  3. – Baldintza orokorretan edo zehatzetan ezar daitezkeen bestelako zehaztapenez gainera, baimenerako edo emakidarako erabakian, gutxienez, hauek guztiak adierazi beharko dira, esanbidez nahiz baldintza-agirira igorriz:

    1. Ondasuna edo eskubidea erabiltzeko araubidea.

    2. Baimena edo emakida zein ekonomia-araubidetara loturik dagoen.

    3. Jarri beharreko bermea, hala badagokio.

    4. Ondasuna edo eskubidea zaintzeko eta mantentzeko gastuak, zergak, tasak eta gainerako tributuak onartu beharra, eta ondasuna den horretarako erabiltzeko eta jasotako moduan entregatzeko konpromisoa.

    5. Dena delako ondasuna erabiltzeko edo ondasun horren gainean egin beharreko jarduera egiteko beharrezkoak diren lizentzia eta baimen guztiak bere kontura lortzeko konpromisoa.

    6. Okupazioak dakarren erantzukizuna onartzea, eta, beharrezkoa bada, horretarako asegurua hitzartu beharra ere aipatzea.

    7. Lagatzaileak beretzat gordetzea baimenduriko ondasuna ikuskatzeko ahalmena, baimendutako moduan erabiltzen dutela bermatzearren.

    8. Luzapenerako eta subrogaziorako epea, halakorik egotekotan. Edonola ere, aurretiaz baimena beharko da.

    9. Azkentzeko arrazoiak.

      1. artikuluko 5. paragrafoan zehazturiko erabilera-baimen berezietan eta 71. artikuluko 2. paragrafoko azkeneko lerroaldean zehazturikoetan ere bete beharko da agindu honetan xedaturikoa, baimenon ezaugarrien, xedearen eta helburuaren arabera hala egitea egokia den neurrian.

  1. – Emakidak doakoak izan daitezke, kontraprestazio truke edo baldintzapean eman daitezke, edo herri-jabariko ondasunak erabiltzeko tasapean egon daitezke.

    Erabilerak emakidadunari ez badakarkio onura ekonomikorik, edo, halako onura egonda ere, erabilerak onuradunari beste baldintza edo kontraprestazio batzuk eskatzen badizkio eta haien bidez onura hori ezereztu egiten bada, ez da tasarik ordaindu beharko. Hala baldin bada, emakidako baldintza-agirian edo klausula-agirian hala dela zehaztu beharko da.

    Baimenetarako ere, ekonomia-araubide berbera aplikatuko da.

  2. – Ekonomia-araubide aplikagarria edozein dutelarik ere, baimen eta emakiden titularrei bermeak eska dakizkieke, iriztea zaion modurik egokienean, bai ondasunaren erabilerarako bai atzera bere horretan uzteko edo konpontzeko, edo, aldaturik uzten badu, kalteen ordaina eska dakieke. Jarritako bermea baino gastu handiagoak sortzen baditu, premiamendu-bidea erabiliz kobra daitezke.

  1. – Baimenak eta emakidak lehia-araubidea erabiliz emateko prozedura ofizioz hasiko da, norberaren ekimenez edo interesdunaren ekimenez.

  2. – Administrazio emailearen beraren ekimenez bada, lehia-araubidepeko prozedurari hasiera emateko, deialdia egin beharko da, eta deialdi hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da. Interesa dutenek hogeita hamar eguneko epea izango dute eskaria aurkezteko.

  3. – Interesdunak eskatu ondoren ofizioz hastekoa bada, eskari-egileak txosten bat aurkeztu beharko du, eta, han, proposaturiko okupazioa zein komenigarria den, zein egokia den eta horrelako gainerako gorabeherak azaldu beharko ditu. Dena delako organo eskumendunak eskari hori aztertu, eta izapidetzeko onarpena eman edo baztertu egin beharko du. Tartean diren ondasunen titulartasuna Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrarena baldin bada, aurretiaz, ondareari buruzko eskumenak dituen sailaren aldeko txostena beharko da. Organo horrek berak erabakiko du, diskrezionaltasunez, eskaera izapidetzeko onarpena eman edo bazterrean utzi.

    Izapidetzeko onarpena emanez gero, prozedurari hasiera ematea erabaki beharko da, eta, jendaurreko iragarki bidez, beste interesdun batzuei prozedurara biltzeko gonbita egiteko aukera ere egongo da. Gonbita egiten ez bada, aurkezturiko eskariei publizitatea emango zaie, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz. Kasu batean zein bestean, hogeita hamar eguneko epea zabalduko da, eta, epe horretan, ondasun berbera okupatzeko beste eskari batzuk aurkez ditzakete, dela helburu berbererako dela beste zerbaitetarako, baldintza-agirian jartzen duenaren arabera.

  4. – Emakida edo baimena eman edo ez erabakitzeko, eskatutako erabilera edo aprobetxamenduen artean interesgarriena eta interes publiko handienekoena zein den begiratu behar da. Balorazio hori egiteko orduan, baldintza-agirian zehazturiko irizpideak izango dira kontuan.

Baimenak eta emakidak emateko prozedura ebazteko, gehienez ere sei hilabeteko epea egongo da, eta epe horretan ez baldin bada ebazpena jakinarazten, eskariari ezezkoa erantzun zaiola ulertu beharko da.

  1. – Hona hemen herri-jabariaren gaineko emakidak eta baimenak azkentzeko arrazoiak:

    1. Banakako erabiltzailearen edo emakidadunaren heriotza edo ezgaitasuna gertatu delako, edo nortasun juridikoa azkendu delako. Organo emaileak jaraunsleei edo oinordekoei, hauek eskatuta, baimenaren edo emakidaren jarraipena ematea erabakitzen badu, gero heriotza edo ezgaitasuna gertatzeak ez du ezeren azkentzea ekarriko. Ez jarraitzeko erabakia hartzen badu, ordea, ez da falta den denboragatik kalte-ordainik izango.

    2. Erabiltzailearen edo emakidadunaren nortasun juridikoa aurretiazko baimenik gabe eskualdatu izateagatik edo aldatu izateagatik, dela bat-egite bidez, dela xurgapen bidez edo dela zatiketa bidez.

    3. Epea amaiturik, iraungi delako.

    4. Kalte-ordaina ordaindu eta emakida berreskuratzea gertatu delako, edo aldeetako batek bere kasa baimena ezeztatu duelako.

    5. Ados jarri, eta suntsiarazpena erabaki dutelako.

    6. Suntsitu egin delako, kanona ez ordaintzeagatik, edo emakida edo baimenaren titularrak ezarritako betebeharretako beste edozeinetan ez betetze larria egiteagatik. Ez betetze horiek emakida edo baimena eman zuen organoak deklaratuko ditu.

    7. Ondasuna desagertu edo aprobetxamendua agortu delako.

    8. Ondasuna jaregin delako. Halakoetan, ondasunaren kitapena egin beharko da, 78.artikuluan zehazturik dagoen moduan.

    9. Bete beharreko baldintza orokorretan edo zehatzetan aurreikusitako beste edozein arrazoi.

  2. – Artikulu honetako 1. paragrafoko f) letran zehazturik dauden klausula-urraketa edo baldintza-urraketa horietakoren bat gertatzen bada eta emakida azkentzeko espedientea zabaltzea erabakitzen bada, hartzekodun hipotekarioei ere jakinarazi beharko zaie, beren eskubideak defenditzera agertzeko modua izan dezaten, eta, hala nahi badute, emakidako klausulak urratu dituen emakidadunaren ordez beste hirugarren bat proposa dezaten.

  1. – Baimena edo emakida azkentzen denean, herri-jabariko ondasun okupatuan obrarik, eraikinik edo instalaziorik baldin badago,baimenaren edo emakidaren titularrak kendu edo bota egin beharko ditu, edo, betearazte subsidiarioa erabilita, Administrazioak hartuko du ardura hori, titularrak ordaindurik, non eta tituluan ez dagoen berariaz jasota beren horretan utzi behar direla edo titulu hori emateko eskumena duen organoak ez duen hala erabakitzen.

  2. – Titulua azkendu ondoren beren horretan uzten diren obrak, eraikinak eta instalazioak ondasunaren titulartasuna duen administrazioak eskuratuko ditu, dohainik eta zama eta kargarik gabe.

  3. – Emakida, aurreko artikuluko 1. paragrafoko d) letran zehazturik dagoen moduan, garaiz aurretik erreskatatzen bada, azkentze aurreratu horiek sorturiko zuzeneko kalte materialaren kalte-ordaina eman behar zaio titularrari; eta erreskate hori gertatzen den egunean bermea jabetza-erregistroan inskribaturik daukaten hartzekodun hipotekarioen eskubideak ere kontuan izan beharko dira, kalte-ordainaren zenbatekoa eta hartzailea zehazteko.

  4. – Baimenak eta emakidak azkentzen diren guztietan, organo emaileak espediente bat osatuko du, eta bertan onuradunak betebeharrak zenbateraino bete dituen, zehaztuko du loturik zeuden herri-jabariko ondasunen egoera eta erabilera-balioa, eta ea bidezkoa den espedientea irekitzea lege honetako II. tituluko V. kapituluko 6. atalean xedaturik dagoen moduan eska daitezkeen erantzukizunak eskatzeko. Baimen eta emakiden azkentzea eta paragrafo honetan aipaturik dagoen espediente horren emaitza Euskadiko Ondareko Ondasunen eta Eskubideen Inbentario Orokorrean jakinarazi beharko da.

  1. – Emakidaren edo baimenaren xede den herri-jabariko ondasuna jareginda geratzen bada, emakidak eta baimenak azkendu egingo dira, arau hauei jarraituz:

    1. Erabiltzeko epea beteta baldin badaukate, edo administrazioak, eperik gabe, dena delako baimena edo emakida bere kasa erreskatatzeko ahalmena beretzat hartua baldin bazuen, iraungita daudela deklaratuko da.

    2. Gainerakoetan, kontratuetan zehazturiko epeak bete ahala ebatziko da iraungita daudela.

  2. – Azkentzen ez diren bitartean, baimen eta emakida horietatik datozen erlazio juridikoei, edukiz, berdin-berdin eutsiko zaie. Alabaina, aurrerantzean, erlazio juridiko horietan zuzenbide pribatuak aginduko du, eta erlazio horiek direla-eta inolako auzirik sortzen bada, jurisdikzio zibilean aztertu beharko da.

    Edonola ere, indarrean dirauten eskubideen desjabetzea erabakitzeko aukera ere badu administrazioak, baldin eta uste badu haiei indarraldiak dirauen bitartean beren horretan eustea kaltegarria dela ondasunek gerora duten jomugarako, edo balioa nabarmen galaraztea dakarrela, besterendu behar badira ere.

Baimenak, zuzenean, eskaturiko baldintzak betetzen dituzten eskatzaileei emango zaizkie, non eta, arrazoia edozein delarik ere, eskatzaileen kopurua ez dagoen mugaturik. Halakoetan, lehia-sistema erabiliz banatuko dira baimen horiek, eta, eskatzaileen ezaugarri berezirik baloratu ezin dela-eta, ez bada egokia halakorik egitea, zozketa erabiliko da, non eta baldintza arautzaileetan ez den beste zerbait zehazten.

  1. – Baimena emateko orduan baimendunaren ezaugarri berezirik ere izan behar baldin bada kontuan, edo baimen-kopurua mugatuta baldin badago, halako baimenak ezin dira eskualdatu, non eta baldintza arautzaileetan ez dagoen zehazturik bai egin daitekeela.

  2. – Baimenak ezin dira bost urte baino gehiagoan indarrean izan, baina bai luza daitezke. Luzapenak ezin dira hasierako baimena baino luzeagoak izan, eta, guztira, luzapenak barne, baimenak ezin du zortzi urte baino gehiago iraun.

  3. – Interes publikoko arrazoiak direla medio, Administrazioak, bere kasa, edozein momentutan ezeztatu ditzake baimenak, kalte-ordainetarako eskubiderik sortu gabe, dela gerora onartu diren baldintza orokorrekin bateraezinak direlako, dela herri-jabarian kalteak sortzen dituztelako, dela herri-jabari hori interes publiko handiagoko beste jarduera batzuetan erabiltzeko oztopo direlako, edo dela ondasunaren erabilera orokorra edo loturik duen xedea kaltetzen dutelako.

    Baimena emateko erabakian, alde bakarreko ezeztatzearen onarpena ere jasoko da. Ez da kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik izango, arrazoiak interes publikoak izango dira, eta kasuak aurreko paragrafoan daude zehazturik.

Lehia-sistema erabiliko da herri-jabariko ondasunen gaineko emakidak emateko. Dena den, zuzenean eman ahal izango dira, Herri Administrazioen Ondareari buruzko azaroaren 3ko 33/2003 Legearen 93. artikuluko 1. paragrafoan aipatzen diren kasuetan.

  1. – Emakidak epe jakin baterako egin beharko dira. Luzapenak barne, emakidak ezin dira hirurogeita hamabost urte baino gehiagorako izan, non eta aplikatu beharreko arau berezietan ez den beste epe laburrago bat zehazten.

  2. – Emakidetan, jabetza-eskubidea ezin da inoiz urratu eta hirugarrenei ezin zaie kalte egin.

  3. – Emakidak berarekin darama epea amaitu baino lehen erreskatatzeko ahalmena. Interes publikoko arrazoirik bat-batean agertzen baldin bada egin daiteke, eta kalte-ordaina eman beharko da.

  4. – Emakidadunak ondasunak edo instalazioak behar bezala erabiliko dituela bermatzeko, nahikoa berme zehaztu behar da.

  5. – Herri-administrazioen kontratuei buruzko arauetan jasota dauden kontratatze-debekuetakoren baten pean diren pertsonek, inoiz ere ezingo dute herri-jabariko ondasun eta eskubideen gaineko emakidarik titulartasunpean hartu. Emakida esleituta dagoela, titularrak debeku horietakoren bat hausten badu, emakida azkendu egingo da.

Emakidadunak emakidaren tituluan baimendurik dagoen jarduera gauzatze aldera egin dituen obra, eraikin edo instalazio finkoekiko dituen eskubide errealak direla-eta, Herri Administrazioen Ondareari buruzko azaroaren 3ko 33/2003 Legeko 97.etik 99.1era bitarteko artikuluetan xedaturikoa bete beharko da.

  1. – Esleipen-bidea edozein izan delarik ere, emakida eman eta gero, emakida hori administrazio-agiri batean formalizatu beharko da. Agiri hori emakida Jabetza Erregistroan inskribatzeko behar besteko titulu izango da.

  2. – Ondasun edo eskubidearen titulartasuna Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrarena baldin bada, ondareari buruzko eskumenak dituen sailaren ardura izango da administrazio-agiria formalizatzea.

  3. – Emakidak Euskadiko Ondareko Ondasunen eta Eskubideen Inbentario Orokorrean jakinarazi beharko dira. Hala ere, arlokako arauetan beste jakinarazpenik agintzen bada, hori ere egin beharko da.

  1. – Emakida hartzen duenak emakida hori bertako klausulen arabera eta titulu honetan xedaturikoaren arabera erabiltzeko eta harekin hala gozatzeko eskubidea du.

  2. – Emakidaren behin betiko esleipena emakidadunari jakinarazi behar zaio, eta, hark, jakinarazpen horren hurrengo hamabost egunetan, behin betiko bermea jarri beharko du. Emakidako jabari-ondasunaren balioaren eta, halakorik baldin badago, egin beharreko obren aurrekontuaren ehuneko hirukoa izango da berme hori.

    Obrei dagokien fidantza, obra horiek itzulgarriak baldin badira, atzera emakidadunari itzuli behar zaio, amaiturik dituela egiaztatzen duenean.

  3. – Emakida esleitu ondoren, emakidadunak nahitaezkoa du hura gauzatzea. Norberaren ezaugarriei begira eman denetan izan ezik eta berariazko arauetan ezinezkoa dela jartzen duen kasuetan izan ezik, emakida eskualdatu egin daiteke, baina, horretarako, aurretiaz erakunde emailearen baimena beharko da.

  4. – Jaregin edo kostu bidez besterendu beharreko ondasunen gainean, emakidadunak, ondasunak herri-jabarikoak zirenean egindako emakidetatik etorrita, eskubiderik baldin badu indarrean, eskubide horien titularrak ondasunok lehentasunez eskuratzeko eskubidea izango du. Eskubide hori Herri Administrazioen Ondareari buruzko azaroaren 3ko 33/2003 Legeko 103. artikuluan dago jasota eta hor zehazturik dagoen moduan erabili beharko da.

Administrazio emaileak betebehar hauek ditu:

  1. Emakidako klausulak errespetatzea.

  2. Emaniko ondasunak emakidadunaren esku uztea, dituen pribilegioak horretarako erabiliz, eta haien gozamena bermatzea.

  3. Erreskatatu egiten baditu, emakidadunari kalte-ordaina ematea, hala badagokio.

  4. Arauetan eta baldintza-agirian zehazturiko beste edozein.

  1. – Berez erabilera orokorrerako izanagatik ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak bere titulartasunpeko ondasunak bere erabilera esklusiborako gorde ditzake, bere eskumenpeko helburuak betetzearren, baldin eta tartean onura publikoko edo interes orokorreko arrazoirik badago.

  2. – Erreserba hori helburu batzuetarako erabakiko zen, eta helburu horiek betetzeko beharrezko denbora iraungo du.

  3. – Gobernu Kontseiluak deklaratuko du erreserba, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da eta Jabetza Erregistroan inskribatu.

  4. – Ondasunen beste edozein erabileraren aurretik geratuko da erreserba, eta lehenagotik zeuden eskubideetakoren bat ez bada erreserba horrekin bateragarria, erreserbak eskubide hori onura publikokoa dela eta okupatu egin behar dela aitortzea dakar berarekin, desjabetzeari ekin ahal izateko.

  1. – Titulu honen ondorioetarako, xedapen-egintzaren xedeak honako hauek izan daitezke: ondasunaren jabetza edo eskubidearen titulartasuna eskualdatzea, haren erabilera edo ustiaketa aldi baterako lagatzea, kasu jakin-jakin batzuetarako erabilera-baimena ematea, kargak edo jabetza mugatzeko eskubideak osatzea, eta, oro har, antolamendu juridiko pribatuak baimentzen duen edozein xedapen-egintza.

  2. – Arau berezietan bestelakorik ez baldin badio behintzat, jabari pribatuko edo ondareko ondasunak eta eskubideak besterentzeko edo haiekin beste xedapen-egintza juridiko-pribatu batzuk egiteko, jabari pribatukoak edo ondarekoak izan behar dute eta ezingo dute erakunde titularraren eskumenak eta eginkizunak baliatzeko beharrezkoak izan.

    Hala ere, beste aukera bat da besterentzea erabakitzea, baina, interes publikoko arrazoi egiaztatuak tarteko, aldi baterako erabilera-erreserba gordetzea. Aldi baterako erabilera hori taxutzeko, errentamendu-kontratuak egin daitezke edo besterendutako ondasunak erabiltzeko bidea ematen duen beste edozein tresna erabil daiteke. Besterentze-negozioaren aldi berekoak izan beharko dute, eta, lehiaren eta prozeduraren aldetik, haren arau berberak bete beharko dituzte.

  1. – Besterentze-egintza, karga ezartzeko egintza edo beste edozein xedapen-egintza baino lehenago, espedientea izapidetu beharko da, eta espediente horretan agiri hauek jaso:

    1. Txosten bat, egintza hori zein beharrezkoa edo komenigarria den adierazteko, eta esleipena egiteko zein prozedura proposatzen den azaltzeko.

    2. Txosten juridiko bat, erabili asmo den prozedurari eta jarri asmo diren baldintzei buruz.

  2. – Eskubide errealak, kargak eta gainerako xedapen-egintzak besterentzeko eta osatzeko, aurretiaz, ondasunaren arazketa fisikoa eta juridikoa egin beharko da, eta, horretarako, beharrezkoa bada, ondasuna mugatu, edo, hala egin behar denetan, Jabetza Erregistroan inskribatu beharko da, lehenagotik inskribaturik ez bazegoen.

    Besterentzen dituen horren titulartasunpeko beste batzuetatik banandu beharreko ondasunak direnean, edo inskribatzeko edo mugatzeko izapide-bidean daudenean, edo zama edo karga pean daudenean, baldin eta eskuratzaileari gorabehera horiek jakinarazi eta hark onartu egin baditu, ez da aurreko paragrafoan jasota dagoena eskatuko.

  3. – Higiezina besterendu baino lehen, besterengarritasun-adierazpena beharko da, ondareari buruz eskumenak dituen sailburuak emanda. Alabaina, adierazpen hori ezingo da eman honako ondasun eta eskubide hauek tartean direnean:

    1. Ez baldin badituzte aurreko paragrafoan zehazturiko baldintzak betetzen.

    2. Auzi-bidean baldin badira, non eta ez diren 95. artikuluko baldintzak betetzen.

    3. Titulazioan dituzten datuak identifikaziorako nahikoak ez badira.

    4. Xede edo eginkizun publikoak betetzeko beharrezkoak badira, edo interes publikoetarako komenigarria baldin bada haiek ustiatzea.

  4. – Arau bidez agindutako xedapen-egintzetan ez da artikulu honetan xedaturikoa bete beharrik izango.

  1. – Ondare-ondasunei eta -eskubideei buruzko xedapen-egintzarik baldin badaukate, kontratuak, hitzarmenak eta gainerako negozio juridikoak itun-askatasunaren mendean egongo dira, eta administrazioak komenigarriak iruditzen zaizkion klausula eta baldintzak jar ditzake, baldin eta ez badira interes orokorraren aurkakoak, antolamendu juridikoaren aurkakoak edo administrazio onaren printzipioen aurkakoak.

  2. – Bereziki, ondare-ondasunak eta -eskubideak ustiatzeko, besterentzeko, lagatzeko edo trukatzeko negozio juridikoetan, ondasun eta eskubide horiek direla-eta, edo erakunde kontratatzailearen titulartasunpeko beste batzuk direla-eta, alderdiek beste prestazio erantsi batzuk egiteko aukera ere izango da, baldin eta behar bezala bermaturik badago betebehar horiek bete egingo direla. Negozio konplexu horiek espediente bakar batean izapidetu behar dira, eta ondare-negozio juridikoari dagozkion arauen arabera gauzatu behar dira.

    Prestazio erantsi horiek herri-administrazioen kontratuei buruzko arauen peko kontratu baten xede baldin badira, kontratua gauzatzeko, lege horietan jasotako gaitasun-, publizitate) eta lehia-betekizunak ere errespetatu beharko dira.

Titulu honetan aurreikusitakoa betearazte aldera interesdunak eskaturik hasten diren prozedurak, ez badituzte berariaz ebazten eta sei hilabeteko epean jakinarazten, ebatzita daudela eta eskariari ezetz erantzun zaiola ulertu beharko da.

  1. – Galkorrak diren edo zerbitzurako egokiak ez diren ondasun higigarriak lege honetako VI. tituluko II. kapituluan jartzen duen moduan saldu ahal izango dira, edo beste eskuraketa bateko prezioaren zati modura eman.

  2. – Saltzea ezinezkoa gertatu bada edo, modu arrazoituan, uste bada salmenta ez dela aukerarik egokiena, dohainik besterentzeko aukera izango da, lege honetako VI. tituluko III. kapituluan jasota dagoen moduan.

  3. – Aurreko paragrafoetan xedaturik dagoena aplikaezina bada, besterentzea egiteko eskumena duen organoak dagoeneko hondakintzat jotzen diren ondasun higigarri galkor edo zerbitzurako balio ez duten horiek behar bezala kudeatzeko ardura izango du, eta, horretarako, kudeatzaile baimendun baten esku utzi beharko ditu. Halakoetan, ahal dela, birziklatu egingo dira edo beste zerbaitetan erabiltzeko modua egingo da, eta, ezinezkoa bada, ezabatu egin beharko dira, betiere pertsonen osasuna zainduz eta ingurumena babestuz.

  4. – Halakoak zuzenean besterentzeko, dohainik besterentzeko eta birziklatzeko edo ezabatzeko, aurretiaz, erabaki horiek hartzeko eskumena duen organoak deklaratu beharko du ez dutela zerbitzurako balio. Zaharregiak izatea, hondaturik egotea, edo aprobetxaezinak izatea edo aprobetxamendu garestiegia edukitzea izan beharko da deklarazio horren oinarria.

    Artikulu honen ondorioetarako, ondasunak zaharregiak direla edo erabilerak hondaturik daudela pentsatuko da baldin eta tasatzen diren momentuan eskuratu zirenean zuten balioaren ehuneko hogeita bost baino balio txikiagoa badute.

  1. – Bai besterentzea bai kostu bidezko beste xedapen-egintza batzuk edozein negozio juridikoren itzalpean egin daitezke, berdin negozioa tipikoa edo atipikoa den.

  2. – Aprobetxamendu errentagarria izan badezakete, eta ez badira besterentzekoak, ondare pribatuko ondasunak eta eskubideak zuzenean, erakunde instituzional baten bitartez edo partikularrek ustia ditzakete. Partikularrek egin behar badute, ustiapen-oinarrien arabera eta dagokion kontratuaren arabera egin beharko dute. Kontratu horrek edozein negozio juridiko, tipikoa nahiz atipikoa, izan dezake bere barnean, eta, luzapenak barne, ezingo du hogei urte baino gehiago iraun, behar bezala egiaztaturiko aparteko kasuetan izan ezik.

  3. – Ondasunak eta eskubideak beste inoren ondasun edo eskubideekin trukatzeko, lehenengo, tasazioa egin beharko da, eta ikusi beharko da beren arteko balio-aldeak ez duela gehien balio duenak daukan balioaren ehuneko berrogeita hamar gainditzen.

    Trukatu beharreko ondasunen edo eskubideen artean ehuneko hamarrekoa baino alde handiagoa baldin badago, ordaindu egin beharko da, dela dirutan dela beste ondasun edo eskubide batzuk emanda.

    Bihar-etziko obraren bat trukatzeko aukera ere badago.

  4. – Lege honetan eta lege hau garatzeko arauetan aurreikusi gabeko kasuetan, Euskal Autonomia Erkidegoak sorturiko arauak bete beharko dira kostu bidezko xedapen-egintzetan, eta, halako araurik ez badago, Estatuko ondarean halakoetarako agintzen duten xedapenak.

  1. – Xedapen-egintza erabakitzeko eskumena duen organoak onartu ahal izango du prezioa beranduago ordaintzea, baina ez hamar urte baino beranduago, eta gerorako utzitako kopuruak benetan ordainduko direla behar bezala bermaturik egotekotan, suntsiarazpen-baldintza esanbidez jasota, edo hipoteka, banku-abal, kauzio-aseguru edo merkatuan ohikoa den behar adinako beste berme baten bidez. Gerorako utzitako kopuru horietarako interesak ezingo du diruaren legezko interesa baino txikiagoa izan.

  2. – Prezioaren zati bat gauzatan ordaintzea ere onar daiteke. Enkante bidezko esleipen-prozeduretan, prezioaren zati bat gauzatan ordaintzea onartzeko, beharrezkoa da oinarri-agirian aukera hori agertzea eta zein ondasun-mota onar daitekeen zehaztea. Prezioaren zati modura eskainitako ondasun horri lehiatzaileak eskaintzan emandakoa baino diru-balorazio txikiagoa ematen badio administrazioak, lehiatzaileak bi aukera izango ditu: aldea dirutan ordaindu edo eskaintza bertan behera utzi.

  1. – Euskadiko ondareko auzipeko ondasunak eta eskubideak besterentzeko aukera ere badago, baita haiekin kostu bidezko beste xedapen-egintza batzuk egiteko ere, baldin eta baldintza hauek betetzen badira:

    1. Oinarri-agirian, ondasuna edo eskubidea ukitzen duen auziaren xedea, zatiak eta erreferentzia aipatu beharko dira, berariaz eta zehazki, eta zehaztu beharko da esleipendunak auzi-bidearen arriskuak eta ondorioak oso-osorik hartu behar dituela bere gain.

    2. Legez aurreikusitako zuzeneko esleipen-kasuetan, espedientean agiri bidez jasota geratu behar du eskuratzaileak badakiela auzi-bidearen xedea eta norainokoa, eta ezagutzen dituela auzi-bide horren ondorioak eta arriskuak eta bere gain hartzen dituela.

      Xedapen-egintza formalizatzen den agirian nahitaezkoa da jasota geratzea eskuratzaileak edo onuradunak bere gain hartzen dituela auzi-bideak dakartzan ondorioak eta arriskuak.

  2. – Esleipen-prozedura hasi eta gero planteatzen baldin bada auzia, eta prozedura hori zein fasetan dagoen kontuan izanik ezinezkoa bada aurreko paragrafoan zehazturik dagoena betetzea, jardunetan atzera egin beharko da, harik eta paragrafo horretan agindurik dagoena betetzeko aukera izan arte.

  3. – Ondasuna auzi-bidean dagoela iritziko zaio, hain zuzen, besterentzeko eskumena duen organoak dagokion jurisdikzioan dena delako akzioa baliatu dela eta akzio horren edukia formalki jakiten dituen momentutik aurrera.

  1. – Ondasun higiezinak, eskubide errealak, gorputzik gabeko jabetzak eta berariaz jaso gabeko beste ondasun edo eskubide batzuk baldin badira tartean, dena delako ondasunaren edo eskubidearen erakunde titularrari dagokio kostu bidez xedatzeko egintzaren erabakia hartzea.

  2. – Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorra baldin bada erakunde titularra, ondareari buruzko eskumenak dituen sailari dagokio eskumen hori, kasu hauetan izan ezik:

    1. Atxikitako ondasun eta eskubideak baldin badira tarteko, nahitaezko eskualdaketa eta lagapenetan, eta zortasunak ezartzeko eta nahitaezko beste karga batzuk ezartzeko egintzetan, ondasuna edo eskubidea atxikita duen sailari dagokio bertara agertzeko eta ados dauden edo ez adierazteko eskumena.

    2. Atxikitako ondasun eta eskubideak baldin badira tarteko, hogeita hamar egunera arteko erabilera baimentzeko eta lagatzeko eskumena, edo hitzaldiak, mintegiak, aurkezpenak edo noizbehinkako beste gertakari batzuk antolatzeko eskumena, dena delako ondasuna edo eskubidea atxikita duen sailari dagokio.

  3. – Ondasun higigarriei dagokienez, halako ondasunak eskuratzeko eskumena duen sailari edo erakundeari dagokio kostu bidez xedatzeko erabakia hartzea.

  1. – Kasu hauetan, kostu bidezko xedapenerako erabakiak, aurretiaz, Gobernu Kontseiluaren baimena behar du: ondasunak edo eskubideak milioi bat eta berrehun mila euro baino gehiago balio badu; edo legez edo erregelamenduz hala aurreikusita baldin badago.

  2. – Ondasunak hiru milioi euro baino gehiago balio badu, aurretiaz Legebiltzarrak baimena eman beharko du, Gobernu Kontseiluak eskatuta. Gobernu Kontseiluak Legebiltzarraren baimena eskatzeko hartzen duen erabakiak aurreko paragrafoan zehaztutako baimena ere badaramala iritziko zaio.

  3. – Kasu hauetan, ez da artikulu honetan eskatzen den baimenik behar izango: aurreko artikuluko 2. paragrafoko a) eta b) idatz-zatietan jasota dauden xedapen-egintzetarako; sozietate publikoetan harpideturiko kapital-ordainketa modura egiten diren ekarpenetarako, baina dirutan egiten direnak alde batera utzita; eta zuzenean etxebizitza sustatzeko diren xedapen-egintzak.

  1. – Besterentzeko edo kostu bidezko beste xedapen-egintza batzuetarako esleipenetan, herri-administrazioen kontratuei buruzko arauetan jasota dauden prozedurak eta esleipen-moduak erabil daitezke.

  2. – Prozedura negoziatuan edo zuzeneko esleipenean, Administrazioak modu arrazoituan aukeratzen duen interesatuaren aldekoa izango da esleipena. Hurrengo artikuluko 4. paragrafoko d), e), f), j), ρ) eta o) idatz-zatietan jasota datozen kasuetan, ahal den guztietan, prozeduran esku hartzeko hiru gonbidapen egin beharko dira gutxienez.

  3. – Esleipen-prozedura iragarri ondoren ere, arrazoi egiaztaturen batengatik ez baldin bada interes publikorako komenigarria, organo esleitzaileak prozedura horretan atzera egiteko aukera izango du, eta ez espedientea izapidetu izanak, ez enkantea egin izanak, ez proposamenak baloratu izanak ez diete espedientean esku hartu zutenei inolako eskubiderik ekarriko.

  4. – Proposamen onargarririk aurkezten ez bada, esleipena egin gabe utzi dela deklaratuko da, eta, esleipendunak betebeharrak bete ez dituela-eta xedapen-egintza ezin bada formalizatu, esleipenak huts egin duela deklaratuko da. Huts egin duela deklaratzen bada, eskaintzen hurrenkerari begira onartuen artean hurrengo dagoen lizitatzaileari edo lizitatzaileei esleitzeko aukera dago, esleipendun berri hori ados egotekotan, edo, bestela, beste esleipen-prozedura bat has daiteke.

  1. – Oro har, prezioa izango da eskaintzak baloratzeko irizpide bakarra.

  2. – Kasu hauetan, eskaintzak baloratzeko, hainbeste irizpide erabil daiteke:

    1. Dena delako xedapena edo lagapena etxebizitzak sustatzeko baldin bada, eta indarrean diren politika publikoetatik datozen arauak kontuan hartzekoak diren gainerako kasuetan.

    2. Organo esleitzailearen ustez, esleipenerako, prezioa alde batera utzita, beste gorabehera edo prestazio batzuk ere kontuan izan behar diren kasuetan.

  3. – Herri Administrazioaren Ondareari buruzko azaroaren 3ko 33/2003 Legeko 107. artikuluko 1. paragrafoan jasotako kasuetan, ondare-ondasunen eta ondare-eskubideen ustiaketa esleitzeko, lehiaketa erabili beharko da.

  4. – Xedapena egiteko erabakia hartzeko eskumena duen organoak zuzeneko esleipena egitea erabaki dezake, kasu hauetan:

    1. Esleipenduna izaera juridiko-publikoko pertsona juridikoa baldin bada edo sektore publikoaren barrukoa baldin bada, edo sozietate publiko nahiz pribatuekin harpideturiko kapital-ordainketa modura eginiko ekarpenak baldin badira tartean, baina ez diru-ekarpenak.

    2. Esleipenduna onura publikokotzat deklaraturiko fundazio edo elkarte bat baldin bada.

    3. Paragrafo honetako a) eta b) letretan zehazturik datozen pertsonez besteko batek zerbitzu publikoko eginkizun bat edo interes orokorreko helburu bat betetzeko beharrezkoa bada xedapen-egintza.

    4. Aurretiaz lehia-prozeduraren bat esleitu gabe utzi denean, baldin eta jatorrizko baldintzak aldatu ez badira eta prozedura hori egin zenetik urtebete baino gehiago pasa ez bada.

    5. Xedatu beharreko orubeetan, itxuragatik edo tamaina txikiagatik, ezinezkoa baldin bada eraikinik egitea, eta halako xedapen-egintzaren onuraduna mugakideren bat baldin bada.

    6. Xedatu beharreko nekazaritza-finkek ez badute ekonomikoki ustiatzeko adinako azalerarik edo ez badute diren horretarako erabiltzeko balio, eta halako xedapen-egintzaren onuraduna mugakideren bat bada.

    7. Ondasunaren edo eskubidearen titulartasuna bi jaberena edo gehiagorena bada, eta salmenta jabekide baten edo gehiagoren alde egitekoa bada. Jabekide bat baino gehiago dagoenean interesaturik, eskaintza aurkezteko eta prozeduran esku hartzeko gonbidapena egingo zaie denei.

    8. Salmenta lehentasunezko eskuratze-eskubidea duenaren alde egiten bada, eta eskubide hori legezko xedapenez badago onarturik.

    9. Aparteko arrazoiak direla-eta, salmenta higiezina okupatzen duenaren alde egitea komeni dela uste bada.

    10. Industria sustatzeko, bultzatzeko eta berregituratzeko planen esparruan sorturiko zorrak ordaintzeko esleitu edo eman badira ondasunak, eta esleipendunak ondasunok plan horien barruko jardueretarako badarabiltza.

    11. Nahitaezko eskualdaketa edo lagapenetan, eta nahitaezko zortasun eta beste kargatze-egintza batzuetan.

    12. Xedapen-egintza gehienez ere hogeita hamar egunera arteko erabilera-baimena edo erabilera-lagapena bada, edo hitzaldiak, mintegiak, aurkezpenak eta noizbehinkako beste gertakari batzuetarako bada, eta, oro har, erabilera-baimen hutsak badira, aldi baterakoak eta ez esklusiboak, ondare-eskubideak eskualdatu beharrik ez dakartenak.

    1. Truke bidezko besterentzeetan.

    2. Konpentsazio-batzordeetarako ekarpenak edo besterentzeak badira.

    3. Ondasun higigarri galkorrak badira edo zerbitzurako balio ez dutenak, eta hala direla deklaraturik baldin badago, 92. artikuluko 4. paragrafoaren arabera.

      93. artikuluko 2. paragrafoan aurreikusitako ustiakuntza ekonomikoan, Herri Administrazioen Ondareari buruzko azaroaren 3ko 33/2003 Legeko 107. artikuluko 1. paragrafoan jasotako kasuetakoren bat gertatzen bada.

  5. – a), b), c), d), i), j), m) eta o) idatz-zatietan jasotako gorabeheretakoren batean oinarriturik baldin badago, zuzeneko esleipenerako, aurretiaz, Gobernu Kontseiluaren baimena beharko da, eta proposamena, berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen sailburuak eta interesa duen saileko buruak edo erakundeko legezko ordezkariak, biek batera, proposatuta.

  6. – Zuzeneko esleipen-kasu berberean interesdun bat baino gehiago baldin badago, kasu jakin horretan indarrean den interes orokorrari begira hartuko da ebazpena.

    100. artikulua.– Kontratuak egiteko prozedura-arauak eta eskakizunak.

  1. – Lehia-prozedurak, bai irekiak bai mugatuak, dohainik iragarriko dira Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta ondasuna dagoen probintziako aldizkarian, herri-administrazioen kontratuetarako arauetan zehazturik dagoen denbora-tarte orokorra gutxienez utzita. Hala ere, presakotasun-adierazpenik edo arauetan zehazturiko beste kasurik baldin badago tartean eta epe hori laburtu egin behar bada, laburtu egingo da. Iragarkia kasuan kasuko udal-mugarteko udalari ere bidaliko zaio, iragarki-oholean jar dezan; horrez gainera, beste publizitate-bitarteko batzuk ere erabili ahal izango dira, ondasunaren izaerak eta ezaugarriek hala eskatzen badute.

    Ondare arloan eskumena duen sailak beste mekanismo osagarri batzuk ere ezarri ahal izango ditu, salgai dauden edo kostu bidez xedatzeko bestelako egintza duten ondasun higirigarriei buruz informazioa zabaltzeko. Mekanismo horien artean egon daiteke fitxategiak sortzea ondasun horien buruz informazioa jaso nahi dutela beren kabuz eta berariaz eskatzen duten pertsonen datuekin, betiere Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren aurreikuspenei lotuz.

  2. – Kontratu-mota orotarako, eta bereziki kasuan kasuko kontratuetarako, gaitasun orokorrari buruz Kode Zibilean jasota dauden arauen arabera kontratuak egiteko gaitasuna duen pertsona orok esku hartu dezake esleipen-prozeduretan, eta izan daiteke esleipenduna eta kontratista kapitulu honetan zehazturik dauden jardunetan eta kontratuetan. 93. artikuluko 2. paragrafoan zehazturik dauden kontratuetan, beste baldintza bat ere bete beharko da: herri-administrazioen kontratuei buruzko arauetan ageri diren debekuetako batean ere tarteko ez izatea.

  3. – Prezio-tipoa edo oinarrizko prezioa xedapen-egintza erabaki behar duen organo eskudunak ezarriko du, onartutako tasazioari lotuta. Lizitazioan prezioaz bestelako esleipen-irizpiderik kontuan hartu behar denean, aplikatzekoak diren politika publikoetatik atera daitezkeen jarraibideak kontuan izanik finkatuko ditu klausula-agiriak. Nolanahi ere, baldintza-agiriak finkaren egoera fisiko, juridiko eta erregistrala jasoko ditu.

    Lehia-prozeduretan esku hartzeko, oinarrien agirian edo agiri baliokidean tipo modura hartzen den kopuruaren gehienez ere ehuneko hogei kontratazio-mahaian jartzeko eska daiteke, edo Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusian edo erakunde jarduleak gordailuak kudeatzeko duen establezimenduan kopuru hori bera, dela dirutan, dela abal modura edo dela txeke bidez jarri dela egiaztatzeko eska daiteke.

  4. – Goranzko enkanteak gehienez ere hiru izan daitezke, baldin eta, lehenengoa esleitu gabe geratuta, edo, hala badagokio, bigarrena ere bai, ondare eta kontratazio arloko zuzendariak beste enkante baterako deia egiteko erabakia hartzen badu. Lehenengoaren jarraian datozen enkanteetan, salmenta-oinarriaren beherapen metatuak ezingo du lehenengo enkanteko tipoaren ehuneko hogeita bost gainditu. Esleipenak huts egiten badu, hurrengo enkanteak huts egin duen horren maila izango du, eta eredu berbera erabiliz egingo da deialdia.

    Lehenengo enkantea egin zenetik urtebete baino gehiago joan eta ondasunak oraindik ez badira esleitu, deitzen den hurrengoa atzera lehenengotzat jo beharko da, eta, hortaz, ondasunak berriro tasatu beharko dira.

101. artikulua.– Doako xedapen-egintzen araubidea.

  1. – Jabari pribatuko ondasun eta eskubideen gaineko doako xedapen-egintzetarako, lege honetan eta lege hau garatzeko arauetan xedaturik dagoena bete beharko da.

  2. – Lege honen 102. artikuluko d) eta e) idatz-zatietan jasotako kasuetan eta a) idatz-zatian jasotakoetan, ondasun higigarrien gainekoak badira eta deialdi publiko bidez izapidetzen badira, lege honetan eta lege honen garapen-arauetan jasota ez dagoenerako, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretu bidez onartu zen– eta laguntza eta diru-laguntza publikoei buruzko garapen-arauetan xedaturik dagoena bete beharko da.

    Lege horietan jasotako arau-hausteen eta zehapenen sistema aplikatzeari dagokionez, isunaren zenbatekoa zehazteko orduan, ondasunaren edo eskubidearen balioa hartuko da erreferentzia-baliotzat.

    102. artikulua.– Doan xedatzeko egintzak noiz diren zilegiak.

    Lotzea edo ustiatzea aurreikusteko modukoa dutela jotzen ez bada, kasu hauetan erabaki daitezke ondasunen eta eskubideen gainean doan xedatzeko egintzak:

    1. Helburua onura publikokoa edo interes publikokoa edo gizarte-interesekoa izanik, eta herri-administrazioen, izate juridiko-publikoko beste erakunde batzuen, sektore publikoa osatzen duten beste erakunde batzuen eta onura publikokotzat deklaraturiko fundazioen edo elkarteen aldekoa denean.

    2. Fundazio pribatuen aldeko fundazio-zuzkidura modura xedatzen direnean.

    3. Ondasun higigarri galkorrak edo zerbitzurako balio ez dutenak direnean, 92. artikuluko 2. eta 4. paragrafoetan jasota dagoen moduan.

    4. Industria sustatzeko, indarberritzeko eta berregituratzeko planen esparruan sortutako zorrak ordaintze aldera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrari esleitutako edo emandako ondasunak eta eskubideak direnean, baldin eta xedapen-egintzaren helburua ekonomia-jarduera sustatzea bada, administrazio honen diru-laguntza egintzen esparruan.

    5. Denak batera harturik mila eta bostehun euro baino gehiago balio ez duten ondasunak edo eskubideak direnean, baldin eta urteko kopuru metatua ez bada Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren legean halakoetarako zehazturik dagoen muga baino handiagoa, sustapen-jardueren esparruan egiten badira eta laguntza eta diru-laguntza publikoetarako arauak betetzen badituzte.

    6. Eskualdaketak, jabetza-mugaketak eta beste kargatze-egintza batzuk, nahitaezkoak eta doakoak direnean.

    7. Gehienez ere hogeita hamar egun arteko erabilera-baimena edo erabilera-lagapenak direnean, edo hitzaldiak, aurkezpenak, mintegiak eta noizbehinkako beste gertakari batzuk antolatzeko denean, eta, oro har, erabilera-baimen hutsak direnean, aldi baterakoak eta ez esklusiboak, ondare-eskubideak eskualdatu beharrik ez dakartenak, baldin eta, kasu horietako batean ere onuradunaren aldeko erabilera ekonomikorik ez badago, edo erabilera ekonomiko hori hutsala bada.

    8. Legebiltzarrak salbuespen modura baimendutako kasuak direnean.

    9. Lege-indarreko arau bidez aurreikusitako beste kasu batzuk direnean.

      103. artikulua.– Doako xedapen-egintzek xedearekin duten lotura.

      1. – Dohainik xedatzen diren ondasunak eta eskubideak, betiere, xedatzen diren horretarako erabili behar dira, eta dena delako erabakian modua eta baldintzak zehazturik utzi baziren, horiek ere bete beharko dira. Aurreko artikuluko c) idatz-zatian zehazturik dagoen kasuan, aukerakoa izango da xede zehatz hori jartzea edo ez.

      2. – Ondasunak higigarriak baldin badira, eta dagokion xedapen-egintzan besterik zehazten ez bada, modua beteta dagoela ulertuko da, eta eskualdaketa, berriz, bost urtean zehar ondasunak zehazturik zegoen xederako erabili izan badira, garbia eta sinplea izango da.

      3. – Beste kontrol-sistema batzuk ere ezarri ahal diren arren, ondasun higiezinen edo horien gaineko eskubideen lagapen-hartzaileek ondasunen xedea egiaztatzen duten agiriak bidali beharko dizkiote hiru urtetik behin xedapen-egintzaren zehaztapenak betetzea zaintzeko eskumena duen organoari. Ondare-alorrean eskumena duen sailak, kasu bakoitzaren gorabeherak kontuan izanik, eginbehar horretatik salbuetsi ahal izango ditu ondasunen lagapen-hartzaile batzuk, edo epe luzeagoak ezarri agiriak bidaltzeko.

        104. artikulua.– Doan xedatzeko egintzak erabakitzeko eskumena.

      1. – Doako xedapen-egintzetan, eskumenak banatzeko arau hauek bete beharko dira:

        1. 101. artikuluko 2. paragrafoan zehazturiko kasuetan, eskumenerako, laguntza eta diru-laguntza publikoetarako arauetan xedaturikoa bete beharko da. Baina ondasun higiezinak edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren titulartasunpeko jabetza gorpuzgabeen eskubideak baldin badira tarteko, deialdi publikoa egin baino lehen edo zuzeneko emakida-erabakia hartu baino lehen, ondareari buruzko eskumenak dituen sailaren aldeko txostena beharko da.

        2. 102. artikuluko a) idatz-zatiko kasuen artetik aurreko paragrafoan ageri ez diren kasuetan eta 102. artikulu horretako b), h) eta i) idatz-zatietan jasotako kasuetan, doako xedapen-egintzak hartzeko eskumena Gobernu Kontseiluarena izango da, non eta i) idatz-zatian jasotako kasurako arauak ez duen besterik agintzen.

        3. 102. artikulu horretako f) eta g) idatz-zatietan jasotako kasuetan, erakunde titularrari dagokio xedapen-egintzak erabakitzeko eskumena, eta erakunde titular hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorra baldin bada, ondasuna atxikita duen sailari edo erakundeari dagokio; eta ez baldin badago atxikita, ondareari buruzko eskumenak dituen sailari dagokio.

        4. 102. artikulu horretako c) idatz-zatiko kasuetan, eskuraketa egiteko eskumena duen organoarena izango da eskumena.

      2. – Sail edo erakunde jakin baten eginkizunekin loturiko xederen bat betetzera bideraturik baldin badago xedapen-egintza, ardura hauek sail edo erakunde horren eskumenpekoak izango dira:

        1. Xedapen-egintzaren nondik norakoak betetzen ote diren zaintzea.

        2. Laguntza eta diru-laguntza publikoetarako arauetan jasota dagoen zehapen-prozedura izapidetzea eta ebaztea, hala egin beharra egokitzen denean.

        3. Ondasunak eta eskubideak itzultzeko espedientea izapidetzea.

          Bestelako kasuetan, eskumen horiek ondareari buruzko eskumenak dituen sailarenak izango dira.

          105. artikulua.– Doako xedapen-egintzetarako prozedura.

          1. – Kostu bidezko xedapen-egintzetarako behar diren kasu berberetan behar dira Gobernu Kontseiluaren eta Legebiltzarraren aurretiazko baimenak. Xedapen-egintzak Gobernu Kontseiluarenak baldin badira, egintza horiek ez dute haren baimen beharrik.

          2. – 101. artikuluko 2. paragrafoan jasotako kasuetan, laguntza eta diru-laguntza publikoetarako arauetan zehazturik dagoena izango da xedapen-egintzaren esleipenduna edo onuraduna aukeratzeko prozedura.

          3. – Gainerako kasuetan, zuzeneko esleipena erabiliko da prozedura modura, 102. artikuluko h) eta i) idatz-zatietan jasotako kasuetan izan ezik, hau da, Legebiltzarraren baimen bidez edo dena delako arauaren bidez kasu horietarako bestelakorik zehaztu bada izan ezik.

          4. – 102. artikuluko c) idatz-zatian jasota datorren kasuan, ofizioz prozedura publiko bati emango zaio hasiera, norberaren ekimenez edo interesdunaren eskariz. Hasteko agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian iragarri beharko da, interesdunek nahi dituzten eskariak egin ahal izan ditzaten.

            Iragarki horretan, esleipenduna aukeratzeko zein prozedura erabiliko den zehaztu beharko da, eta, beharrezkoa bada, baita jarrita dauden eskakizunak eta baldintzak ere edo oinarrien agiriko zein paragrafotan dauden jasota.

            Esleipendunak aukeratzeko sistema zozketa edo banaketa izan daiteke, edo agirian zehazturiko irizpide neurtu jakin batzuk erabiliz egin daiteke.

            Prozedura publikoa amaitu eta, baldintzak betetzen dituen interesdunik ez dagoela-eta, ez baldin bada esleipenik egin edo esleipena osorik egin ez bada, ondasunak edo ondasunetatik soberan dagoen zatia zuzenean esleitu daiteke, prozedura publikoa amaitu eta urtebete baino lehen.

            106. artikulua.– Legebiltzarrari doako xedapen-egintzen berri ematea.

            Lege honen 102. artikuluko f), g), h) eta i) idatz-zatietan jasotako kasuetan izan ezik, doako xedapen-egintzak eta egintza horien luzapenak Eusko Legebiltzarrari jakinaraziko zaizkio.

            107. artikulua.– Doako xedapen-egintzaren epea eta edukia.

          1. – Xedapen-egintzan, ondasunaren edo eskubidearen identifikazio zehatza jaso beharko da, eta, 103. artikuluaren arabera hala egin behar denetan, ondasun edo eskubide hori zein helburu zehatzetarako erabiliko den ere bai. Inguruabar hauek guztiak ere jaso beharko dira: esanbidez edo beste norabait igorriz, beharrezko baldintzak, mugak eta bermeak, eta, hala egin behar bada, itzulketarako arrazoiak eta kasuak, baita ondasunaren edo eskubidearen balioa ere, edo balio hori kalkulatzeko prozedura, hartara, zehapen-sistema aplikatu ahal izateko eta, itzulketa-beharra betetzen ez bada, edo itzulketa hori hurrengo artikuluan zehazturikoak baino kontserbazio-baldintza okerragoetan egiten bada, kalte-ordainak kalkulatu ahal izateko.

          2. – Ondasunaren jabetza edo eskubidearen titulartasuna eskualdatzen ez duten xedatze-egintzak baldin badira, iraupen-epeak ezingo du hamar urte baino gehiagokoa izan, eta luzapenik bai egin daiteke, baina luzapen bakoitzak ezin du hasierako iraupena baino luzeagoa izan, eta dena batera harturik, luzapenak barne, iraupenak ezin du hogeita hamar urte baino gehiagokoa izan.

            108. artikulua.– Ondasuna edo eskubidea itzultzea.

          1. – Xedapen-erabakietan hala zehazturik dagoen kasuetan, kapitulu honetan jasota dauden ondasunak eta eskubideak Administraziora itzuliko dira. Hala egin behar denean, diru-laguntza eta laguntza publikoak itzultzeko kasuak eta itzulketa-kasuak ere zehaztu beharko dira erabaki horietan. Diru-laguntzak eta laguntzak itzultzeko kasu horiek Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean datoz jasota –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretu bidez onartu zen testu hori–, eta itzulketa-kasuak, berriz, jarritako epean helburu zehazturako erabili ez izateagatik, helburu horretan erabiltzeari gerora utzi izateagatik, edo xedapen-erabakian zehazturiko epea amaitzeagatik gertatuko dira.

          2. – Itzultze-aukera jasota badute, xedapen-erabaki horietan, onuradunaren betebehar hau ere jaso beharko da: gutxienez, jaso zituen bezain ondo itzuli beharko dituzte ondasunak, ondasunaren erabilera normalak berez dakarren hondatzea salbu.

          3. – Sorrera-arrazoi duen xedapen-egintza agintzeko eskumena duen organoak izango du, hain zuzen, itzultze-espedientea ebazteko eskumena.

109. artikulua.– Enpresa-ondarearen kontzeptua, titulartasuna eta araubidea.

  1. – Titulu honen ondorioetarako, hauek osatzen dute enpresa-ondarea: merkataritza-sozietateak ordezkatzen dituzten baloreek; obligazioek eta akzioak bihur daitezkeen obligazioek; lehentasunezko harpidetza-eskubideek; aukeren finantza-kontratuek; finantza-trukeko kontratuek; partaidetza-kredituek eta bigarren mailako merkatu antolatuetan negoziatzekoak diren beste batzuek, baldin eta lege honetako 1. artikuluan jasotako erakundeetarako eskubideak ordezkatzen badituzte.

  2. – Enpresa-ondarea osatzen duten ondasunen eta eskubideen titulartasuna pertsona eskuratzailearena da. Nolanahi ere, bete beharrekoa izango da 114. artikuluan xedaturik dagoena.

    Ondareari buruzko eskumenak dituen sailak, bestalde, akzioen titulartasunak berez dakartzan eskubideak behar bezala baliatzeko beharrezkoak iruditzen zaizkion jarraibideak eman diezazkieke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak eta sektore publikoak enpresetako sozietate-organoetan dituzten ordezkariei.

    Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren titulartasunpekoak badira, enpresa-ondarea osatzen duten ondasun eta eskubideen gordailuen tituluak edo ordezkagiriak ondareari buruzko eskumenak dituen sailean gorde beharko dira.

  3. – Titulu honetan xedaturik dagoenaren arabera arautu behar dira enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eta, titulu honetan jasota ez dagoenerako, lege honetan eta lege hau garatzeko arauetan jasota dauden xedapenak bete beharko dira.

    110. artikulua.– Enpresa-ondarea eskuratzeko aurretiazko baimena, eskumena eta prozedura.

  1. – Enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Gobernu Kontseiluaren baimena beharko da, dekretu bidez emana, eta horretarako proposamena, berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen saileko buruak eta, zuzenean nahiz bitarteko erakunde baten bidez, sozietatea loturik duen edo loturik izango duen saileko buruak egin beharko dute, biek batera. Dekretu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, baina, edonola ere, ematen den egunetik aurrera izango da indarrean.

    Kapitala ordezkatzen duten baloreak eskuratzeko baimena ematen duen dekretuak, doako eskuraketa ez baldin bada behinik behin, nahitaezkoa izango du sozietatearen xedea adieraztea, baita Euskal Autonomia Erkidegoak eskuratze horretan izango duen partaidetzaren ehunekoa ere, zuzenean nahiz zeharka.

  2. – Erosketa edo truke bidezko eskuratzea ondareari buruzko eskumena duen sailaren ardura da, non eta eskuratze hori egiten duen erakundeak ez duen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrarena ez den beste nortasun juridiko bat, halakoetan erakunde horren arauetan jarriko baitu zein organori dagokion, eta jartzen ez badu, haren legezko ordezkaritza duen organoaren ardura izango da.

    Erosketa bidezko eskuraketetan, erosketaren zenbatekoa ere zehaztu beharko da, normalean onartzen diren balorazio-metodoak erabilita. Baloreek bigarren mailako merkatu antolaturen batean kotizatzen baldin badute, eragiketa gertatzen den momentuan eta egunean merkatuak zehazten duen balioari dagokiona izango da eskuratze-prezioa.

    Alabaina, erakunde eskuratzaileko zerbitzu teknikoek uste baldin badute baloreen ohiko negoziazio-bolumenak ez duela bermatzen merkatu-prezio egoki bat osatuko denik, bai eskuraketa bai prezio-zehaztea beste eskuratze) edo baloratze-metodo bat erabiliz egiteko proposa dezakete, hartarako arrazoiak emanda. Metodo horrek legez onartzeko modukoa izan beharko du.

  3. – Bazkide-eskubideak darabiltzan organoaren ardura izango da kapitala ordezkatzen duten baloreak harpidetzaz eskuratzea.

  4. – Enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak lege honetako III. tituluan jasota datozen prozedurak erabiliz eskura daitezke, edo bigarren mailako merkatu antolatuen bitartez. Edonola ere, halakorik eskuratu baino lehenago, III. titulu horretan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko legearen testu bategineko III. tituluko IV. kapituluan zehazturik datozen baimenak beharko dira, hala badagokio –testu hori azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretu bidez onartu zen–.

    111. artikulua.– Sozietateetako administrazioan, bazkide-eskubideak eta ordezkaritza-eskubideak erabiltzea.

  1. – Merkataritza-enpresetako zuzeneko partaide modura Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak dituen bazkide-eskubideak erabiltzea, sozietatearen titular bakarra Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorra baldin bada, Gobernu Kontseiluaren ardura izango da, eta sozietatea partaidetzakoa baldin bada, sozietate publikoa izan zein ez, ondareari buruzko eskumena duen sailaren ardura izango da, ondare eta kontratazio arloko zuzendaritzaren bitartez. Ondareari buruzko eskumenak dituen saileko buruak hala agintzen badu, partaidetza-sozietateetan bazkide-eskubideak erabiltzeko ardura sail bereko edo beste sail bateko beste organo batzuei emateko aukera ere badago.

    Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorra ez den beste pertsona juridiko baten bazkide-eskubideak erabiltzea zein organori dagokion jakiteko, haren arauetan begiratuko da, eta, han ezer ez badago, haren legezko ordezkariari dagokio.

  2. – Zuzenean nahiz zeharka Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren edo instituzionalaren titulartasunpekoak diren akzioen ordezkariek sozietate-estatutuak onartzeko edo aldatzeko onarpena emateko, Gobernu Kontseiluaren baimena beharko dute, ondareari buruzko eskumenak dituen sailburuak eta sozietatea loturik duen sailburuak biek batera proposaturik.

    Akordio batzuetan baliteke, era berean, akordio-gai diren eskubideak beste akzionista batzuekin adosturik erabili beharra izatea, esate baterako, sindikatze-itunetan, eta lehentasunezko harpidetza-eskubideei uko egin beharra edo akzio berriak izendatzeko eskubideei uko egin beharra: halakoetarako ere, Gobernu Kontseiluaren baimena beharko da. Partaidetza-ehunekoa aurretik zegoena baino txikiagoa zehazten badute, akzioak eskuratzeko baimentze-dekretuetan, harpidetza-eskubideei uko egiteko baimena dekretuak berak berarekin dakarrela ulertuko da.

    Paragrafo honetan aurreikusitako ondorioetarako, zeharkako titulartasuneko akzio izango dira Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren edo instituzionalaren erabateko partaidetzako sozietateenak, partaidetza hori modu bateratuan eduki edo erakunde bakarrak eduki.

  3. – Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoak partaidetza duen sozietateen administrazioan arlo horrek izan behar duen partaidetzaren ordezkaritza dela-eta, lege honetako 116. artikuluko 1. eta 2. paragrafoetan jasota dauden arauak bete beharko dira.

    112. artikulua.– Enpresa-ondarea kostu bidez besterentzeko eskumena eta aurretiazko baimenak.

  1. – Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren titulartasunpekoak baldin badira, enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak kostu bidez besterentzeko, ondareari buruzko eskumenak dituen sailak hartu beharko du erabakia.

  2. – Berezko nortasun juridikoa propioa baina Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrari dagokionaz bestekoa duten erakundeen titulartasunpekoak badira, ondasunak eta eskubideak kostu bidez besterentzeko, erakunde horien arauetan zehazturik dauden organoek hartuko dute erabakia, eta, halakorik ez badago, haien lege-ordezkaritza duen organoak.

  3. – Edonola ere, besterentze horiek baimendu baino lehenago, lege honetako VI. tituluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko III. tituluko IV. kapituluan zehazturik datozen baimenak bete beharko dira –testu hori azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretu bidez onartu zen–.

    113. artikulua.– Enpresa-ondarea besterentzekoprozedura.

  1. – Enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak besterentzea –edonola delarik ere, lege honetan eta beste batzuetan eskatzen diren baimenak beti eduki beharko dira horretarako–, bigarren mailako merkatu antolatuetan edo merkatu horietatik kanpora egin ahal izango da, indarrean dagoen legediaren arabera eta edozein egintza edo negozio juridiko bitartez.

  2. – Besterentze hori egin ahal izateko, titularra den autonomia-erkidegoko administrazio orokor edo instituzionalak zuzenean saldu ahal izango ditu enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak; edo autonomia-erkidegoko zuzenbide pribatuko erakunde publiko baten edo sozietate publiko baten alde ekarri edo eskualdatu ahal izango dira ondasunak eta eskubide horiek, baldin eta sozietatearen xedean jasota baldin badaude merkataritzako erakundeetako akzioak eta partaidetzak edukitzeko, administratzeko, eskuratzeko eta besterentzeko aukerak. Beste aukera bat kudeaketa-hitzarmen bat egitea da, eta han zehaztu sozietate edo erakunde horrek nola egin behar duen salmenta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokor edo instituzionalaren kontura. Tituluak hirugarrenen alde saltzeko tresna juridikoa zehazteko, trafiko pribatuaren jardunbide arrunta hartuko da aintzakotzat, eta eskura egingo da, edo prezioa geroago ezarriz, baldin eta gerorako uzteko nahikoa berme badago.

    Administrazio orokor edo instituzionalak, paragrafo honetan zehazturiko ondorioetarako, sozietate publiko baten alde ekartzen dituen ondasunak edo eskubideak, eskualdatzailearen kontuetan ageri den kontularitzako balio garbian erregistratuko dira erakunde edo sozietate horren kontularitzan.

  3. – Besterentzearen zenbatekoa zehazteko, normalean onartzen diren balorazio-metodoak erabiliko dira. Besterendu beharreko baloreek bigarren mailako merkatu antolaturen batean kotizatzen baldin badute, eragiketa gertatzen den momentuan eta egunean merkatuak zehazten duen balioari dagokiona izango da besterentze-prezioa.

    Alabaina, erakunde besterentzaileko zerbitzu teknikoek uste baldin badute baloreen ohiko negoziazio-bolumenak ez duela bermatzen merkatu-prezio egoki bat osatuko denik, bai besterentzea bai prezio-zehaztea beste besterentze) edo baloratze-metodo bat erabiliz egiteko proposa dezakete, hartarako arrazoiak emanda. Metodo horrek legez onartzeko modukoa izan beharko du.

  4. – Bigarren mailako merkatu antolatuetan kotizatzen duten baloreen kasuan, besterendu nahi den zenbatekoa ezin bada benetako ondare-inbertsiotzat jo, eta sozietate anonimoaren kapitalean ez baldin badu nabarmentzeko moduko partaidetzarik osatzen, besterentzea egiteko eskumena duen organoak bere esku izango du besterentze hori legez baimenduriko finantza bitartekari bati enkargua eginez egitea. Halakoetan, eragiketaren komisioak edo zerbitzu-sariak eragiketa horren emaitza gordinetik ken daitezke, eta besterentzearen etekin garbia ingresatu altxorrean.

  5. – Ondasunek eta eskubideek ez baldin badute bigarren mailako merkatu antolatuetan kotizatzen, edo artikulu honetako 3. paragrafoko bigarren lerroaldean jasota datorren kasuan, besterentzea egiteko eskumena duen organoak erabakiko du salmentarako zein prozedura erabili, lege honetako VI. tituluan jasota daudenen artetik. Zuzeneko besterentzea egiteko erabakia kasu hauetakoren bat gertatzen denen har daiteke:

    1. Akzioak askatasunez eskualdatzeko mugak egotea estatutuetan, edo lehentasunez eskuratzeko eskubideak egotea.

    2. Eskuratzailea zuzenbide publiko nahiz pribatuko edozein pertsona juridiko baldin bada, eta sektore publikokoa bada.

    3. Enkante bat esleitu gabe utzi bada. Halakoetan, enkantea egin eta urtebeteko epea egongo da zuzeneko salmenta egiteko, eta salmentaren baldintzek ezingo dute enkanterako argitaratu ziren haietatik urrundu.

    4. Akzio-salmenta sozietatearen beraren aldekoa bada, Sozietate Anonimoen Legeko testu bategineko 75. artikuluan eta hurrengoetan zehazturik dauden kasuetan eta baldintzetan eta eskakizunetan (abenduaren 22ko 1564/1989 Legegintzako Errege Dekretu bidez onartu zen testu bategin hori); edo sozietateko beste partaide baten edo batzuen alde egiten bada. Azken kasu horretan, akzioak sozietateari eskaini beharko zaizkio, eta hark, berriz, halakoak eskuratzeko interesa duten partaideen artean banatu beharko ditu, sozietateko kapitalean duten partaidetzaren arabera dagokien heinean.

      114. artikulua.– Enpresa-ondarearen berregituraketa.

      1. – Ondareari buruzko eskumenak dituen sailburuak proposaturik harturiko erabaki bidez, Gobernu Kontseiluak bere esku du bai Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren edo instituzionalaren titulartasunpeko akzio partaidetzak, bai zuzenean edo zeharka kapital guztia erakunde horien titulartasunpekoa duten sozietate publikoen titulartasunpeko akzio-partaidetzak Autonomia Erkidegoko beste erakunde publiko batzuetara edo haien beste sozietate batzuetara biltzea erabakitzea, baldin eta erakunde eta sozietate horien xedea akzio-partizipazioak kudeatzea bada. Era berean, Administrazio instituzionalaren edo arestian aipaturiko sozietate-publikoen titulartasunpeko akzio-partaidetzak Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrera biltzeko erabakia ere har dezake Gobernu Kontseiluak, ondareari buruzko eskumenak dituen sailburuak eta atxikita dituen edo zaindu behar dituen sailburuak, biek batera proposaturik.

        Halako guztietan, Gobernu Kontseiluaren erabakia baino lehenago, Ekonomia Gaietarako Ordezko Batzordearen txostena beharko da.

        Erabakietan zehaztu daiteke, era berean, akzioak jasotzen dituen erakundea nola eta zein baldintzatan subrogatuko den erakunde eskualdatzaileak eraginpeko sozietateekin mantentzen dituen harreman juridikoetan, eskubideetan eta betebeharretan.

      2. – Artikulu honetan xedaturik dagoenaren ondorioetarako, dagokion erabakia hartzen denetik aurrera eskuratuko dute erakunde hartzaileek akzio eskuratu berrien jabari osoa. Erabaki horren kopiak titulartasun berria egiaztatzeko agiri modura balioko du, bai kontuko idazpenak aldatzeko eta akzio izendunak aldatzeko, bai eta egin beharreko beste edozein administrazio-jardun, sozietate-jardun edo kontularitzako jardun egiteko ere. Erabakia hartzen den unean aurreko titulartasunaren pean zuten kontabilitateko balio garbi berberarekin erregistratuko dira jasotako akzio-partaidetzak titular berriaren kontabilitatean, baina behar diren balorazio-zuzenketak egingo dira urtealdia amaitzean.

      3. – Artikulu hau betetze aldera Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoan titulartasun-aldaketako eragiketarik eta barruko berrantolaketa-eragiketarik egiten bada, eragiketa horiek ez dira balore-merkatuaren legeen menpe egongo, ez eta eskuraketetarako eskaintza publikoen sistemaren pean ere. Era berean ez dute emango ez lehentasunez erosteko eskubiderik, ez atzera eskuratzeko eskubiderik, ez eta eskualdatu diren partaidetzen sozietateetako beste akziodun batzuek, edo, hala badagokio, hirugarren batzuek, estatutuz nahiz hitzarmen bidez, partaidetza horiek lehentasunez eskuratzeko beste inolako eskubiderik ere. Gainera, arau hau aplikatu beharrez sozietate-partaidetzen eskualdaketarik eta berrantolaketarik egiten bada, hori, huts-hutsean, ezingo da sozietate horiek elkarren artean dauzkaten harreman juridikoak aldatzeko edo suntsiarazteko arrazoi modura hartu.

      4. – Artikulu hau bete beharrez sortzen diren egintzetan esku hartzen duten notarioen eta jabetza-erregistratzaileen eta merkataritza-erregistratzaileen tarifak jaitsi egin beharko dira, Estatuko Administrazioaren enpresa-ondarerako erabakitako hein berean.

115. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren barruan dauden sozietate publikoen sorrera eta amaiera.

Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren barruan dauden sozietate publikoen sorrerari eta amaierari dagokionean, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko III. tituluko IV. kapituluan xedaturikoa eta titulu honetako xedapenak bete beharko dira –testu hori azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretu bidez onartu zen–.

116. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko sozietate publikoen administratzaileak.

  1. – Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko sozietate publikoetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrari eta sektore publikoari dagozkien administratzaileen bostetik biren izendapena ondareari buruzko eskumenak dituen saileko buruak proposatuko du, batzar orokorrean bazkide-eskubideak baliatzen dituen organoaren bitartez, Gobernu Kontseiluak bestelakorik agintzen ez badu behinik behin.

  2. – Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoan aritzen diren goi-karguak eta langileak, arlo horren ordezko modura sozietateetako administratzaile izendatzen baldin badituzte, ez dira Sozietate Anonimoen Legearen testu bategineko 124.2 artikuluan jasotako debekuaren pean egongo –testu hori abenduaren 22ko 1564/1989 Legegintzako Errege Dekretu bidez onartu zen–, aplikatu beharreko arlokako legeetan bi jardueretan batera aritzeko bidea zabalik uzten den kasuetan.

    117. artikulua.– Diruzkoak ez diren ekarpenak, zuzenean nahiz zeharka oso-osorik Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren edo instituzionalaren titulartasunpekoak diren sozietate publikoetarako.

    Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak edo instituzionalak zuzenean nahiz zeharka oso-osorik Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren edo instituzionalaren titulartasunpekoak diren sozietate publikoetarako egiten dituen ekarpenak diruzkoak ez direnean, ez da Sozietate Anonimoen Legearen testu bategineko 38. artikuluan aurreikusitako aditu independenteen txostenaren beharrik izango –testu hori abenduaren 22ko 1564/1989 Legegintzako Errege Dekretu bidez onartu zen–, eta, haren ordez, lege honetako 9. artikuluan zehazturik dagoen tasazioa erabiliko da.

118. artikulua.– Xedea.

Lege honen 1. artikuluan jasotako erakundeek hitzarmenak egin ditzakete beste herri-administrazio batzuekin edo zuzenbide publikoko nahiz zuzenbide pribatuko pertsona juridikoekin ondareari eta hirigintzari dagokienez arlo jakin batean elkarrekin dituzten harremanak antolatzeko, edo, bakoitzaren ondareak dituen ondasunak eta eskubideak direla-eta, lege honetan adierazitako jardunak burutzeko.

119. artikulua.– Izaera, edukia eta prozedura.

  1. – Hitzarmenean partaide diren aldeen arteko ondare) eta hirigintza-harremanak antolatzeko egoki edo beharrezko iritzitako nahi beste zehaztapen adostu ahal izango dira hitzarmenetan, baldin eta interes publikoa, antolamendu juridikoa edo administrazio onaren printzipioak hausten ez badituzte.

  2. – Etorkizunari begira alderdiek hartu dituzten jardun-konpromisoak jasotzeko izan daitezke hitzarmenak, besterik gabe, lanerako esparru-akordio edo protokolo orokorrak jartzearren, edo, bestela, eragiketa zehatzak eta jakinak egiteko izan daitezke, eta, horrelakoetan, hitzarmenak berehala betearaztekoak eta nahitaezkoak izan daitezke dira alderdientzat.

  3. – Hitzarmenak berehala betearaztekoak eta nahitaezkoak direnean, bertan jasotako eragiketa guzti-guztiak negozio konplexu bakar batean sartuta daudelako ustean jokatuko da. Hitzarmena bukatu ahal izateko, beharrezkoa izango da lege honetan nahiz beste batzuetan ondare-eragiketetarako ezarritako prozedura-izapideak eta eskakizunak beteta izatea.

    120. artikulua.– Eskumena.

  1. – Lotutako ondasunen eta eskubideen titulartasuna duen erakundeari dagokio hitzarmenak egitea.

  2. – Titulartasuna Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrari dagokionean, ondare-alorrean eskumena duen sailburuak izenpetuko du hitzarmena, betiere, hala dagokionean, beharrezko diren baimen guztiak jasota aurretiaz.

    Ondasunak edo eskubideak atxikita dituen sailak edo erakundeak ondasun edo eskubide horiek besterentzeko ahalmena duenean, bere arauetan ezarrita dagoen organoari dagokio hitzarmena sinatzea, eta, horrelakorik ezean, haren ordezkaritza duenari, betiere, hala dagokionean, beharrezko diren baimenak aurretiaz lortuta, eta, egoera edozein dela ere, ondare-alorrean eskumena duen sailak emandako txostena eskuratuta.

  3. – Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraz besteko erakunde bati dagokionean titulartasuna, bere arauetan zehazturik dagoen organoari dagokio sinatzeko eskumena, eta, horrelakorik ezean, erakundearen legezko ordezkariari, betiere, hala dagokionean, beharrezko diren baimenak eskuratuta.

Lehena.– Zenbatekoak aldatzea eta eguneratzea.

  1. – Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren legeen bidez aldatu ahal izango dira lege honetan ezarritako zenbatekoak.

  2. – Gobernu Kontseiluak eguneratu egingo du lege honetan aurreikusten diren zehapenen zenbatekoa, kontsumo-prezioen indize orokorraren arabera.

Etxebizitza-politikaren alorrean, etxebizitzak sustatzeko diren ondasun eta eskubideek berariaz dituzten arauak izango dituzte jarraibide, eta, osagarri modura, lege hau; lege hau aplikatzerakoan, ordea, etxebizitza-arloan eskudun den sailak baliatuko ditu ondare-arloan eskudun den sailari esleitutako eskumenak.

  1. – Partzuergoen eta lege honetako 1.1 artikuluan jasotzen ez diren izaera publikoko beste erakunde batzuei dagokienez, baldin eta erakunde horiek gehiengoan Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrek finantzatuta badaude, ondare-araubidea, hain zuzen, beren sorrera-legean edo beren estatutuetan ezarritakoa izango dute, eta, modu osagarrian, lege honetan eta lege hau garatzeko arauetan aurreikusitakoa.

  2. – Lege hau partzuergoei edo erakundeei modu osagarrian aplikatu behar zaienean, baldin eta bestelakorik berariaz aurreikusi ez bada, ondasun eta eskubideen titulartasunaren araubidea ez da izango lege honen 6. artikuluan zehaztutakoa, baizik eta partzuergoak edo erakundeak eskuratutako ondasun eta eskubideen jabetza eta titulartasuna haiena beraiena izango da, eta lege honetan Administrazio orokorrean ondare arloko eskumenak dituen sailari izendatutako aginpideak, berriz, kasuan kasuko partzuergo edo erakundeari esleitutzat joko dira, betiere bete beharko diren arren lege honetan ezarritakoaren arabera Gobernu Kontseiluari eta Legebiltzarrari dagozkien erabakiak eta baimenak.

  1. – Euskal Irrati-Telebista erakunde publikoaren ondareak berariaz dagokion legeak izango ditu jarraibide, eta, osagarri modura, lege honetan eta lege hau garatzeko arauetan ezarritakoa.

  2. – Euskal Irrati-Telebista erakunde publikoaren kudeaketa-sozietateen ondareak berariaz dagozkion legeak izango ditu jarraibide, eta, osagarri modura, merkataritza-zuzenbidea eta zuzenbide zibila.

  1. – Euskal Herriko Unibertsitatearen ondarea, Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren XI. tituluan ezarritakoak, eta, horren aurka ez badago behintzat, Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko otsailaren 25eko 3/2004 Legean, lege honetan eta lege horiek osatzen eta garatzen dituzten arauetan ezarritakoak arautuko dute. Alabaina, Gobernu Kontseiluari eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko organoei esleitutako eskumenak, unibertsitate-estatutuek finkatzen dituzten organoen esku daudela ulertuko da.

  2. – Euskadiko ondaretik herri-jabariko ondasunen titulartasuna unibertsitateari eskualdatzea dekretu bidez egingo da, eta ondasunek jatorrizko kalifikazio juridikoa izango dute.

Legebiltzarraren eta haren mendeko erakundeen ondasun higiezinen titulartasuna, higiezinen eskubide errealen eta errentamendu-eskubideen titulartasuna, baita jabetza gorpuzgabearen eskubidearena ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrari dagokio.

Nolanahi den ere, aipatutako erakunde horiei dagozkie lege honen bitartez Gobernu Kontseiluari, ondare-arloan eskudun den sailari eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari eman zaizkion eskumenak; eta betiere, beren arauetan ezarritako organoen bidez baliatuko dituzte eskumen horiek.

Ondasun horiek direla-eta egiten diren negozio juridikoak notario aurrean formalizatu eta erregistroan inskribatu behar direnean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren izenean egingo da.

Lege hau Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoan aplikatu behar denean, Euskal Trenbide Sareari buruzko maiatzaren 21eko 6/2004 Legean ezarritakoari kalterik egin gabe aplikatuko da.

Ondasun edo eskubideak direla-eta erakunde horren organoek burututako jardunetatik sortzen diren negozio juridikoak, baldin eta, lege honen 6. artikuluan ezarritakoaren arabera, titulartasuna Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio orokorrarena bada edo berea izan behar badu, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio orokorraren izenean formalizatuko dira notario aurrean eta inskribatuko dira erregistroan.

Eusko Jaurlaritzak jakinarazpena igorriko dio Eusko Legebiltzarrari merkataritza-sozietateak, fundazioak, elkarteak eta zuzenbide publiko eta pribatuko bestelako erakundeak sortzeari buruz, bai eta haietako partaidetzak eskuratu, galdu edo aldatzeari buruz ere, orobat aldaketa horiek sozietate publikoen bitartez edo Autonomia Erkidegoko sektore publikoan txertatutako bestelako erakundeen bitartez egiten direnean ere.

Jakinarazpen hori erakundea sortzen edo partaidetza aldatzen denetik hiru hilabeteko epean bidaliko da.

  1. – Aseguru Entitateen Batzorde Likidatzaileak egindako likidazio-prozeduretan, Euskadiko Ogasun Nagusiak, betiere, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 42. artikuluko 3. paragrafoan ezarritakoa izango du jarraibide –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretu bidez onartu zen–, bai eta lege hori garatzeko arauak ere.

  2. – Aseguru Entitateen Batzorde Likidatzaileak likidatu dituen erakundeei lotutako ondasun publiko zein pribatuak, besterendu egin ahal izango dizkiote batzorde horri lege honen VI. tituluko II. kapituluan adierazitako organoek, betiere kapitulu horretan bertan jasotako baimenak lortuta aurretiaz.

Lehena.– Azaroaren 17ko 5/2006 Legea indarrean jarri aurretik hasitako ondare-espedienteei buruzko araubide iragankorra.

Lehendik hasita dauden espedienteak, azaroaren 17ko 5/2006 Legea indarrean sartu aurretik bukatuta ez badaude, aurreko araudian izango dute jarraibide.

Euskadiko Ondareari buruzko azaroaren 17ko 5/2006 Legea indarrean sartzen denetik hasita, bi urteko epean 16. artikuluko 2. paragrafoan ezarritako agindua eman beharko da.

Bazkide-eskubideak baliatzeko esleipenek, Euskadiko Ondareari buruzko azaroaren 17ko 5/2006 Legea indarrean sartu aurretik egindakoak badira, indarrean jarraituko dute 111. artikuluan adierazitako aginduak bestelako esleipenik egiten ez duen bitartean.

Lehena.– Euskal Irrati Telebista Herri Erakundea Sortzen duen maiatzaren 20ko 5/1982 Legearen aldaketa.

Paragrafo berria erantsiko zaio Euskal Irrati-Telebista Herri Erakundea Sortzen duen maiatzaren 20ko 5/1982 Legearen 46. artikuluari, 2.a. Aurrerantzean, beraz, artikulu horretako oraingo paragrafoa lehena izango da, eta bigarrena, berriz, honela geratuko da idatzita:

"2.– Euskal Irrati-Telebista erakunde publikoaren ondareak, Euskadiko ondarean txertatuta egonik, lege honetan ezarritakoak eta Euskadiko ondarea arautzeko legeetan xedatutakoak izango ditu jarraibide, honako zehaztasun hauek ere aintzakotzat hartuta:

  1. Nolanahi den ere, Euskal Irrati-Telebista erakunde publikoari dagozkio erakundeak berak sortutako edo erositako ondasun higigarriak, jabetza gorpuzgabeak eta enpresa-ondarea erosteko, kudeatzeko, administratzeko, ustiatzeko eta besterentzeko titulartasuna eta eskumenak.

  2. Erakundeak zuzenbide pribatuaren arabera ustiatu, laga edo errentan jarri ahal izango ditu programak ekoizteko instalazioak, haiei lotutako ondasun higigarriak eta haietatik sortutako programak eta bestelako ekoizpenak.

  3. Gobernu Kontseiluak dekretu bidez ezarri ahal izango ditu prozedurak zehazteko eta eskumenak erakundeko organoei esleitzeko arauak, zuzenbide pribatuari lotutako prozedura-jardunak gauzatzeko, era horretara publizitatea, gardentasuna, lehia, objektibotasuna eta kudeaketaren errentagarritasuna bermatuta gera daitezen".

Aldatu egingo da Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen araubide juridikoari buruzko uztailaren 27ko 16/1983 Legearen 3. artikulua. Aurrerantzean honela egongo da idatzita:

"Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak Gasteizen du bere egoitza".

  1. – Aldatu egingo da Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 25. artikuluko 2. paragrafoa. Aurrerantzean honela egongo da idatzita:

    "2.– Bi hilabeteko epean, Eusko Jaurlaritzan kultura-arloan eskudun den saileko dagokion organoak lehentasunez erosteko eskubidea baliatu ahal izango du, bai beretzat, bai instituzio publiko batzuentzat, bai irabazi asmorik gabeko instituzio kultural batzuentzat, adostutako prezioa ordaindu beharra onartuta. Lehentasunez erosteko eskubidea baliatzeko, erosi behar duen instituzioak, kasuan-kasuan eskudun den organoaren bitartez, kostu bidezko eskuraketaren ebazpena eman beharko du aurretiaz, egin beharreko aurrekontu-erreserba eginda, edo, instituzio publikoa ez denean, ordainketa-bermea emanda, era horretara, adostutako erosketa gauzatu ahal izan dadin".

  2. – Paragrafo berriak erantsiko zaizkio Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 40. artikuluari, 3.a eta 4.a, era honetara idatzita:

    "3.– Kalifikatuta eta inbentarioan jasota dauden titulartasun publikoko ondasunak preskribaezinak eta enbargaezinak dira.

  1. – Herri-administrazioek ezin izango dituzte kalifikatutako ondasunak besterendu. Salbuespena beren artean egindako eskualdatzeak izango dira".

  1. – Aldatu egingo da Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legearen 61. artikulua. Aurrerantzean honela egongo da idatzita:

    "Ikastetxeko ordezkaritza-organo gorenak ondasun higigarri gorpuzdunak onartu ahal izango ditu jasotzeko doako eskualdatzeak ikastetxearen alde, betiere Euskadiko Ondareari buruzko Legeak eskumen hori hezkuntza-arloan eskumena duen sailari esleitzeaz dioenari jarraituz".

  2. – Paragrafo berria erantsi zaio Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legearen 63. artikuluari, 3.a, era honetara idatzita:

    "3.– Ikastetxe bakoitzari dagokion esparruan, zuzendariak izango dira organo eskudunak, hezkuntza arloko sail eskudunari dagozkion jardunak burutzeko Euskadiko Ondareari buruzko Legean ezarritakoaren arabera, lege horren 96. artikuluko 2. paragrafoko a) eta b) idatz-zatietan eta 3. paragrafoan ezarritakoa nahiz 104. artikuluko 1. paragrafoko c) idatz-zatian ezarritakoa aplikatuta".

Aldatu eta erantsi egingo dira Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomia Kontrolari eta Kontabilitateari buruzko ekainaren 30eko 14/1994 Legearen ondorengo manuak:

  1. – Aldatu egingo da Legearen 1. artikuluko 4. paragrafoa. Aurrerantzean honela egongo da idatzita:

    "Lege hau modu berean aplikatuko zaie bai bigarren xedapen gehigarrian jasotako erakundeei, bai Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren parte diren aurrekontuak dituzten erakundeei, baita, ezarritakoaren arabera, funts edo diru-laguntza publikoak erabiltzen edo jasotzen dituzten pertsona fisiko eta juridiko publiko nahiz pribatuei ere".

  2. – Aldatu egingo da legearen 6. artikuluko 1. paragrafoa. Aurrerantzean honela egongo da idatzita:

    "1.– Titulu honen ondorioetarako, hauek dira Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen dutenak: Eusko Legebiltzarra, Administrazio orokorra, Administrazio instituzionala, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 7. artikuluko 4. paragrafoko a), b) eta c) idatz-zatietan adierazitako erakundeak –testu hori azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretu bidez onartu zen–, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren parte diren aurrekontuak dituzten gainerako erakunde guztiak".

  3. – Aldatu egingo da legearen 22. artikuluko 1. paragrafoaren a) idatz-zatiko 2. zenbakia. Aurrerantzean honela egongo da idatzita:

    "2.– Aurrekontu-aldaketak, ondare-eragiketak –kontratu txikitzat jota dauden eragiketak salbu–, eta Euskal Herriko Diruzaintza Orokorraren kargura bermeak emateko diren eragiketak".

  4. – Lehen xedapen gehigarri berria erantsiko da, era honetara idatzita:

    "LEHEN XEDAPEN GEHIGARRIA

    Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 7. artikuluko 4. paragrafoko a), b) eta c) idatz-zatietan adierazitako erakundeei dagokienez –testu hori azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretu bidez onartu zen–, lege honetan ekonomia eta kontabilitatea kontrolatzeko jasotako araubidea aplikatuko zaie, eta horretarako, erakunde horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio instituzionalaren barruan dauden zuzenbide pribatuko erakunde publikoekin berdinduko dira, betiere, ordea, beren izaera juridikoak dakartzan berezitasunak aintzakotzat hartuta".

  5. – Aldatu egingo dira xedapen gehigarri bakarraren izenburua eta edukia. Aurrerantzean testu hau jarriko da aurrekoaren ordez:

    "BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

    Lan Harremanen Kontseilua, Kooperatiben Goren Kontseilua, Ekonomia eta Gizarte Kontseilua eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa kontabilitate publikoaren egiteko araubidearen mendean egongo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrari eta bere organismo autonomoei dagokienez lege honen 6.2 artikuluan jasotako modu berean".

  6. – Hirugarren xedapen gehigarri berria erantsiko da, era honetara idatzita:

    "HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

    Zuzenbide pribatuko erakunde publikoek bai eta sozietate publikoek, Gobernu Kontseiluak hala egitea erabakitzen duen kasuetan, Ikuskaritza eta Kontrol Batzordea eratu beharko dute. Batzorde horretan administrazio-kontseiluak izendatutako kontseilari ez-exekutiboak izango dira gehien, eta, era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoko organoaren barruan barne-ekonomia eta kontabilitatea kontrolatzeko eginkizuna esleituta duen organoaren ordezkari bat ere egongo da gutxienez".

Aldatu eta erantsi egingo dira Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko ondorengo manuak –testu hori azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretu bidez onartu zen–:

  1. – Aldatu egingo da legearen 7. artikuluko 3. paragrafoaren b) idatz-zatia. Aurrerantzean honela egongo da idatzita:

    "b) Zuzenbide pribatuko erakunde publikoak".

  2. – Aldatu egingo da legearen 7. artikuluko 4. paragrafoa. Aurrerantzean honela egongo da idatzita:

    "4.– Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoan, 2. eta 3. paragrafoetan adierazitako erakundeak daude, eta ondorengo hauek ere bai:

    1. Sozietate publikoak.

    2. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazioak.

    3. Berezko nortasun juridikoa duten partzuergoak, hain zuzen ere Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 6. artikuluko 5. paragrafoan, eta Toki Araubidearen Oinarriak Arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 87. artikuluan adierazitakoak, baldin eta, partzuergoen egintzak zuzenean zein zeharka Euskal Autonomia Erkidegoko organo baten erabakitzeko ahalmenari lotuta daudela, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoan txertatutako erakunde batek edo batzuek, gehiengo izanik, dirua, ondasunak edo industria eman badiete partzuergo horiei, edo, eratzeko unean, partzuergoa gehiengoz finantzatzeko konpromisoa hartu badute.

      Erakunde horietako bakoitzak berezko nortasun juridikoa izango du, gainerako erakundeek dutenaz bestelakoa".

  3. – Aldatu egiten da 19. artikulua, eta honela idatzita geratuko da:

    "19. artikulua.– Kontzeptua.

    Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen duten erakundeek, zuzenbide publikoaren nahiz pribatuaren arabera dihardutela, merkataritza-sozietate baten kapitalean gehiengoz parte hartzen badute, orduan, sozietate publikoak izango dira. Partaidetza hori gehiengoa den ala ez erabakitzerakoan, aipatutako erakunde guztien partaidetzak hartuko dira".

  4. – Kapitulu berria erantsiko zaio III. tituluari, izenburu eta eduki honekin:

    "V. KAPITULUA

    EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO SEKTORE PUBLIKOKO FUNDAZIOAK

  1. bis artikulua.– Kontzeptua.

    Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazio izango dira beren patronatuko kide gehienak sektore publiko horretako erakundeek izendatuak dituztenak eta, horrez gainera, honako ezaugarrietako bat daukatenak:

    1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak edo Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko gainerako erakundeek, zuzenean nahiz zeharka, gehiengoz egin duten ekarpen bati esker eratuta badaude.

    2. Beren fundazio-ondarea, ehuneko berrogeita hamarretik gorako portzentaje batean, aurreko idatz-zatian adierazitako erakundeek emandako edo utzitako ondasunez edo eskubidez eratuta badago modu iraunkorrean.

      1. ter artikulua.– Fundazioak sortu, aldatu eta azkentzea.

        Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazioak eratu, estatutuak aldatu, bat egin edo azkentzeko, eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazio izate hori eskuratzea edo galtzea dakarten egintzak edo negozioak burutu ahal izateko, Gobernu Kontseiluak horretarako baimena eman beharko du kasuan kasuko erabakia hartu baino lehen, betiere justizia-arloan eskumena duen sailak eta ondare-arloan eskumena duen sailak aurretiaz txosten bana eginda.

      1. quater artikulua.– Erregulazioa.

        Euskadiko Ogasun Nagusiari dagozkion gaietan, fundazio hauek gai horietan berariaz aplikatzekoak zaizkien xedapenak izango dituzte jarraibide, eta xedapen horiekin kontraesanean ez dagoen guztian, berriz, zuzenbide pribatua. Bestalde, aplikatzekoa izango da fundazioei buruzko legeria, eta fundazioak Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren menpe egongo dira".

      1. – Aldatu egingo da legearen 28. artikuluko f) idatz-zatia. Aurrerantzean honela egongo da idatzita:

        "Atxikita dituzten erakundeen aurrekontu-aurreproiektuak aurretiaz onartzea, erakunde horiek Euskadiko Autonomia Erkidegoko sektore publikokoak baldin badira".

      2. – Aldatuko egingo dira legearen 29. artikuluko 2. paragrafoa eta artikuluaren izenburua. Aurrerantzean honela egongo dira idatzita:

        "29.artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen duten erakunde instituzionalen eta bestelako erakunde batzuen dituzten eskumenak.

      1. – Zuzenbide pribatuko erakundeek eta lege honen 7.4 artikuluko a), b) eta c) idatz-zatietan adierazitako erakundeek beren aurrekontuen aurreproiektua prestatzeko eskumena izango dute, baita, Euskadiko Ogasun Nagusiari dagokionez, antolamendu juridikoak ematen dizkien gainerako eskumen guztiak ere".

      1. – Aldatu egingo da legearen 48. artikuluko 5. paragrafoa. Aurrerantzean honela egongo da idatzita:

        "Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren bitartez finantzatutako erakundeek, beren izaera edo forma juridikoa edozein dela ere, titulu honetan jasotako publizitate-, lehia) eta objektibotasun-printzipioetara egokituko dute beren diru-laguntza jarduna.

        Zehazki, zuzenbide pribatuko erakunde publikoek eta lege honen 7.4 artikuluko a), b) eta c) idatz-zatietan adierazitako erakundeek, beren izaera juridikoarekin bateragarria den heinean, 49. artikuluko 3, 10, 11 eta 12. paragrafoetan, 50. artikuluko 1, 2 eta 3. paragrafoetan, 51. artikuluko 1. paragrafoan, eta 53. artikuluko 1 eta 2. paragrafoetan xedatutakoa aplikatu beharko dute. Oinarri arautzaileak eta diru-laguntzak estatutu sozialen edo erakundea sortzeko arauaren arabera eskudunak diren organoek onetsiko dituzte, eta oinarri horien zabalkundea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren bidez egitea bermatuko da".

Aldatu egingo dira Euskal Autonomia Erkidegoko Finantzen azaroaren 8ko 8/1996 Legearen honako xedapen hauek:

  1. – Aldatu egingo da 10. artikuluaren izenburua eta testua, eta honela idatzita geldituko da:

    "10. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen duten erakundeen finantziazioa.

  1. – Gobernu Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen duten erakundeei urtebetera arteko kredituak eta aurrerakinak ematea onartu ahal izango du, diru-zaintzaren arloan eskumena duen sailak proposatuta.

  2. – Erregelamenduz ezarriko dira kreditu eta aurrerakin horiek emateko prozedura eta baldintza orokorrak, eta diru-zaintzaren arloan eskumena duen sailaren ardura izango da kasuan kasuko baldintza bereziak erabakitzea eta kreditu eta aurrerakinak formalizatzea".

  1. – Aldatu egingo da 21. artikuluaren izenburua eta testua, eta honela idatzita geldituko da:

    "21. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen duten erakundeen aldeko transferentziak eta diru-laguntzak.

    Autonomia Erkidegoko Administrazioaren aurrekontuetan administrazio horren sektore publikoko erakundeen alde agertzen diren zuzkidurak honela emango dira:

    Gastu arruntetarako aurreikusitakoak, hain zuzen, aldez aurretik zehaztutako aldietarako eta aldi horiei eta zuzkidura osoari proportzionalki dagozkien zenbatekoz emango dira, erregelamenduz ezarritakoaren arabera, momentu horretara arte onartutako aurrekontu-aldaketak barne.

    Kapital-eragiketetarako aurreikusitakoak, ordea, kasuan kasuko erakundean mota horretako ordainketei aurre egin beharra sortzen denean emango dira, erregelamenduak eskatzen dituen baldintzak bete ondoren".

  2. – Aldatu egingo da II. tituluko II. kapitulua. Honela idatzita geldituko da:

    "II. KAPITULUA

    EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO SEKTORE PUBLIKOKO GAINERAKO ERAKUNDEEN ZORPETZEA

  1. – Zuzenbide pribatuko erakunde publikoek eta sozietate publikoek zorpetze-eragiketak egin ahal izateko, zorpetzearen ezaugarriak, epea eta formalizazio-sistema edozein direlarik, ezinbestekoa da eragiketa horiek dagozkien aurrekontuetan edo indarreko legediaren arabera onartutako aldaketetan jasota egotea.

  2. – Eragiketa horiek, betiere, erakundeak ekitaldian ordaindu beharreko kapital-aurrekontuko eragiketei aurre egiteko dituen finantza-beharretara mugatuko dira. Nolanahi ere, eragiketok ezin izango dira hitzartu harik eta erakundeak kapital-transferentziak jaso eta aurreikusitako kapital-handitzeak burutu arte.

  3. – Artikulu honetan aipatutako zorpetze-eragiketa guztiek, formalizatu baino lehen, zorpetze-arloan eskumena duen sailaren baimena beharko.

  4. – Aurreko ekitaldian irekitako eta guztiz erabili gabeko kreditu-lerroek ere zorpetze-arloan eskumena duen sailaren baimena beharko dute, eta aurreikusita zituzten eragiketak finantzatzeko bakarrik erabili ahal izango dira.

  5. – Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazio eta partzuergoek zorpetze-eragiketak egin ahal izango dituzte ekitaldian ordaindu beharreko gastuei aurre egiteko finantza-beharrizanak estaltzeko. Horretarako, aplikagarri izango da aurreko 2. paragrafoko bigarren tartekian eta 3. eta 4. paragrafoetan xedatutakoa".

  1. – Aldatu egingo da III. tituluko II. kapitulua. Honela idatzita geldituko da:

    "II. KAPITULUA

    EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO SEKTORE PUBLIKOKO GAINERAKO ERAKUNDEEK BERMEAK EMATEA

Autonomia Erkidegoko Administrazio instituzionala osatzen duten zuzenbide pribatuko erakunde publikoek, sozietate publikoek eta partzuergo eta fundazioek bermeak emateko, beharrezkoa izango da arlo horretan eskumena duen sailak aldez aurretik baimena ematea".

  1. – Gobernu Kontseiluak lege hau garatzeko eta aplikatzeko beharrezkoak diren arau guztiak eman ahal izango ditu.

  2. – Ondare-gaietan eskumena duen sailburuak beharrezkoak diren prozedurak eta sistemak ezarri eta arautzeko ahalmena izango du, bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoak aplikatu ahal izateko ondarearen kudeaketan eta Euskadiko ondarea zaintzeko eta babesteko eginkizunean.

    Beraz, Legegintzako Dekretu honi men egiteko eta eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

    Vitoria-Gasteiz, 2007ko abenduaren 27a.

    Lehendakaria,

Gaiarekin lotutako edukiak


Arauaren historia (13)

Arauaren historia

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.