Etxebizitza eta Hiri Agenda Saila

Arautegia

Inprimatu

382/2024 DEKRETUA, azaroaren 19koa, Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Mugikortasun Jasangarriaren Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 232
  • Hurrenkera-zk.: 5447
  • Xedapen-zk.: 382
  • Xedapen-data: 2024/11/19
  • Argitaratze-data: 2024/11/28

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta Administrazio Publikoa; Sailak

Testu legala

18/2024 Dekretuak sailen egitura berria ezarri, eta egitekoak eta jardun-arloak esleitu dizkie sail berriei 18/2024 Dekretua, ekainaren 23koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena (uztailaren 30eko 36/2024 Dekretuaren bidez aldatua).

Dekretu horren azken xedapenetako lehenengoak ezartzen duenez, sailburuek, Jaurlaritzari buruzko Legearen 26.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, lehendakariari aurkeztuko dizkiote, 2024ko urriaren 31 baino lehen, beren sailei dagozkien erregelamendu organikoen proiektuak, onarpena eman diezaien. Proiektu horiek gobernu-programan sailei izendatutako jardun-arlo bakoitzerako aurreikusitako helburuetara eta printzipio gidarietara egokitu beharko dira.

Erregelamendu horiek antolamendu-irizpide hauek bete behar dituzte: austeritatea, egiturak lautzea, eduki zabaleko arlo funtzionalak elkartzea, egiturazkoak ez diren staff arlo funtzionalak identifikatzea eta informazioaren teknologiak ahalik eta gehien aprobetxatzea.

  1. legegintzaldian, garraioen arloa desagertutako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren eskumenetako bat izan da. Sail hori, legegintzaldi honetan, bi sailetan banatu da: Etxebizitza eta Hiri Agenda Saila eta Mugikortasun Jasangarriaren Saila. Azken sail horretara igaro da garraioen eta mugikortasun jasangarriaren arloa.

    Ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuak 16. artikuluan ezartzen ditu Mugikortasun Jasangarriaren Sailari dagozkion egitekoak eta jardun-arloak, eta bederatzigarren xedapen gehigarrian, berriz, sail berria osatzen duten organoak eta unitateak.

    Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren ekainaren 30eko 6/2022 Legea betez, prozedura hasi ondoren, arau-testuaren proiektua egin da, honako hauetan ezarritakoari jarraituz: hasteko agindua, eta Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Garraio eta Azpiegitura Sailburuordetzaren eta Zerbitzu Zuzendaritzaren egitura mantentzeari buruzko 18/2024 Dekretuaren 16. artikulua eta bederatzigarren xedapen gehigarria. Hala ere, beharrezkoa da Kabinete Zuzendaritza bat sartzea, zuzenean sailburuaren mende egongo dena, eta hari lagunduko diona eginkizunak betetzen.

    Komenigarritzat jotzen da Kabinete Zuzendaritzaren eginkizunak eta Zerbitzu Zuzendaritzarenak bereiztea, aintzat hartuta bakoitzaren arloa, antolaketa, egitura eta zerbitzuen hartzaileak. Lehenengoari dagozkio: Gobernu Programaren helburuak betetzeko sustapen-, zuzendaritza- eta koordinazio-eginkizunak, sailaren jarduera-eremuei lotuta; sailburuaren agendaren jarraipena planifikatzea eta egitea; Eusko Legebiltzarrarekiko, Arartekoarekiko eta beste erakunde batzuekiko harremanak bideratzea, eta sailaren argitalpen-jarduera eta komunikazio-politika zuzentzea eta koordinatzea.

    Dekretu hau, beraz, Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren erregelamendu organikoa da, lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuan aurreikusitakoa.

    Mugikortasun Jasangarriaren Sailak bere gain hartzen du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak trenbideen, bide-sarearen, lurreko, itsasoko, ibaietako eta kable bidezko garraioaren, mugikortasun jasangarriaren, heliportuen eta aireportuen arloetan dituen eskumenen kudeaketa, eta konpromisoa hartzen du sailaren kudeaketa eraginkorra sustatzeko eta gauzatzeko, gobernantza publiko onaren informazio-printzipioen arabera, hau da: plangintza, koordinazioa, ebaluazioa, parte-hartzea eta gardentasuna, bere erantzukizun-eremuan.

    Era berean, bereziki garrantzitsua da euskararen erabilera eraginkorra eta normalizazioa sustatzeko ekimenak bultzatzea eta berdintasun-politikak sailaren berezko jardueretan txertatzea.

    Sailari esleitutako gaiak eta funtzioak eraginkortasunez kudeatzeko helburuak lortzen laguntzeko, sailburuaren mende, hauek osatzen dute Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren egitura organikoa: sailburuordetza bat (Azpiegituren eta Mugikortasun Jasangarriaren Sailburuordetza), Kabinete Zuzendaritza eta Zerbitzu Zuzendaritza (hierarkikoki eta zuzenean sailburuaren mende).

    Azpiegituren eta Mugikortasun Jasangarriaren Sailburuordetzari egiteko hauek dagozkio: lurreko, itsasoko, ibaietako eta kable bidezko garraioaren antolamenduari eta plangintzari, pertsonen mugikortasunari, salgaien garraioari eta trenbide- eta bide- logistikari eta -azpiegiturei buruzko egitekoak. Organikoki, sailburuordetza horren mende daude Mugikortasun Jasangarrirako Estrategiaren Zuzendaritza eta Garraio Azpiegituren Zuzendaritza. Gainera, sailburuordetza horri dagokio Euskal Trenbide Sarea (ETS) zuzenbide pribatuko ente publikoak eta Eusko Trenbideak SA (ET) eta Euskotren Participaciones SA sozietate publikoek garatutako jarduerak koordinatu eta kontrolatzea.

    Kabinete Zuzendaritza sortzen da. Zuzendaritza horrek laguntza zuzena emango dio sailburuari, bere karguaren arabera esleituak dituen eginkizunak bete ditzan, eta, era berean, sailaren jardueren sustapena, plangintza, jarraipena eta ebaluazioa egingo ditu, Gobernu Programaren esparruan. Zuzendaritzak goi-kargudunaren idazkari lanpostu berri bat izango du.

    Bestalde, Zerbitzu Zuzendaritzak, sailak parte hartzen duen zeharkako prozesuen organo horizontal eta ardatz egituratzaile gisa, administrazio-zerbitzu orokorrak erraztea du helburu.

    Dekretuak aurreikusten du, halaber, sailaren estatistika-organo espezifikoa sortzea, dekretu bidez, Zerbitzu Zuzendaritzaren barruan.

    Ondorioz, Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak proposatuta, lehendakariak onartu ondoren, eta Gobernu Kontseiluak 2024ko azaroaren 19an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, hauxe

Mugikortasun Jasangarriaren Sailari honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari dagozkion eskumenen barruan, eta bat etorriz lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 16. artikuluarekin (18/2024 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena):

  1. Trenbideak.

  2. Bide-sarea.

  3. Lurreko, itsasoko, ibaietako eta kable bidezko garraioak.

  4. Mugikortasun jasangarria.

  5. Heliportuak eta aireportuak.

  6. Sailari atxikita dauden edo haren mende dauden sektore publikoko entitateak zuzentzea, legeek eta erregelamenduek ezartzen dutenaren arabera.

  7. Legeek eta erregelamenduek ematen dizkioten gainerako ahalmenak.

  1. Aurreko artikuluan aipatutako gaiei buruzko eskumenak baliatzeko, Mugikortasun Jasangarriaren Sailak egitura orokor hau hartzen du:

    1. Organo nagusiak.

    2. Kide anitzeko organoak.

    3. Sailari atxikitako sektore publikoko entitateak.

  2. Mugikortasun Jasangarriaren sailburuaren mende daude, organo gorena den aldetik, organo zentral hauek:

    1. Azpiegituren eta Mugikortasun Jasangarriaren Sailburuordetza.

      1. Mugikortasun Jasangarrirako Estrategiaren Zuzendaritza.

      2. Garraio Azpiegituren Zuzendaritza.

    2. Zerbitzu Zuzendaritza.

    3. Kabinete Zuzendaritza.

  3. Mugikortasun Jasangarriaren Sailari atxikita daude, sorrera-arauetan aurreikusitakoaren arabera, kide anitzeko organo hauek, emakumeen eta gizonen presentzia orekatua izan beharko dutenak:

    1. Euskal Autonomia Erkidegoko Errepideen Plan Orokorraren Batzordea, Euskal Autonomia Erkidegoko Errepideen Plan Orokorra arautzen duen maiatzaren 30eko 2/1989 Legearen bidez sortua.

    2. Euskadiko Garraio Agintaritza, Euskadiko Garraio Agintaritzaren abenduaren 15eko 5/2003 Legearen bidez sortua.

  4. Mugikortasun Jasangarriaren Sailari atxikita daude sektore publikoko entitate hauek:

    1. Euskal Trenbide Sarea (ETS) zuzenbide pribatuko ente publikoa.

    2. Eusko Trenbideak SA sozietate publikoa. (ET).

    3. Euskotren Participaciones SA sozietate publikoa, zeinaren akziodun bakarra Eusko Trenbideak SA (ET) sozietate publikoa baita.

  1. Mugikortasun Jasangarriaren sailburuari eskumen hauek dagozkio: batetik, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. eta 28. artikuluetan finkaturiko eskumenak baliatzea, eta, bestetik, lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren arabera sailari dagozkion egiteko eta jardun-arloetan indarrean dauden legeek esleitzen dizkiotenak, betiere saileko beste organoren bati esleitu ez bazaizkio (18/2024 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena).

  2. Saileko organo gorena denez, saileko organo eta jarduera guztiak zuzendu, koordinatu eta kontrolatuko ditu.

  3. Sailburuari dagozkio, gainera, honako eskudantzia hauek:

    1. Sailaren politiken helburu estrategikoak definitzea, Gobernu Programan zehaztutako ildo estrategikoen eta programa-konpromisoen esparruan, eta lortutako gizarte-eraginaren azterketa egitea.

    2. Saileko organoen artean eskudantziei buruz sortzen diren gatazkak ebaztea, eta beste sail eta organismo batzuekiko eskumen-arazoak planteatzea.

    3. Saileko organismo edo agintarien ebazpenen aurka aurkeztutako errekurtsoak ebaztea, non eta beste organo baten eskumena ez diren.

    4. Gobernu Kontseiluaren aurretiazko baimenetik kanpo dauden hitzarmen eta protokolo orokorrak baimentzea, sailari dagozkion gaietan, eta horiek sinatzea.

    5. Sailaren 1.000.000 eurotik gorako gastuak baimentzea, gastu horiek ez badira Zerbitzuen zuzendariak kontratazio-organo gisa jarduten duen kontratazio-espedienteen ondorio, ez eta nahitaezko desjabetze-prozeduren ondorio ere; hori guztia Gobernu Kontseiluaren eskumenei kalterik eragin gabe.

    6. Sailaren kontratazio-organo gisa jardutea, 5.000.000 eurotik gorako oinarrizko lizitazio-aurrekontua duten kontratuetan. Halaber, baldintza berdinetan, sailaren eskumena izango da bitarteko propioei enkarguak egitea, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren Kontratazioaren Araubidea ezartzeko uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuaren IV. tituluan aurreikusitakoari jarraituz.

    7. Ondare-erreklamazioko prozedurak eta ofizioz berrikusteko eta kaltegarritzat jotzeko prozedurak hasi eta ebaztea, bere sailaren arloetan.

    8. Plan, programa eta jarduera garrantzitsuak onartzea, Gobernu Kontseiluak onartu behar dituenak izan ezik.

Sailburua buru dela, Zuzendaritza Kontseilu bat dago, hari laguntzeko sailaren politika orokorra planifikatzen eta koordinatzen. Kontseilu horretako partaide izango dira Azpiegituren eta Mugikortasun Jasangarriaren Sailburuordetzako titularrak, Kabineteko zuzendaria eta Zerbitzuen zuzendaria, bai eta, aztertu beharreko gaien arabera, sailburuak izendatzen dituen pertsonak ere.

Sailburuordeari dagokio, bere eskumenen esparruan eta sailburuaren mende zuzenean eta hierarkian, honako eskudantzia orokor hauek baliatzea:

  1. Sailburuordetzaren jarduerak planifikatu, zuzendu, koordinatu, bultzatu eta gainbegiratzea, bai eta zuzendaritzenak eta sailburuordetzaren mendeko gainerako organo eta unitate administratiboenak ere, horretarako behar diren jarraibideak eta aginduak emanez.

  2. Bere arlo funtzionaleko jarduera-politikak definitzea, lantzea eta sailburuari proposatzea, Jaurlaritzaren estrategiaren arabera Sailburuordetzari esleitutako helburu estrategikoak garatzea eta lortutako gizarte-eragina neurtzea.

  3. Sailburuordetzaren barruan, baliabide materialen eta giza baliabideen beharrak definitzea, aurrekontuen aurreproiektua egiteko.

  4. Xedapen orokorren proiektuak, planak, programak eta jarduera esanguratsuak sustatzea.

  5. Oso astuntzat tipifikatutako zehapenak ezartzea dagokien zehapen-espedienteak hasi eta ebaztea.

  6. Sailburuordetzaren mendeko zuzendariek emandako ebazpenen aurka jarritako errekurtsoak ebaztea.

  7. Bere jardun-eremuan izapidetutako nahitaezko desjabetzeen gastuak baimentzea, zenbatekoa edozein dela ere.

  8. Sailburuordetzak eta haren zuzendaritzek ordezkaritza eraginkor eta koordinatua izan dezatela zaintzea, Europako eta nazioarteko proiektu, sare, elkarte, organismo eta erakundeetan.

  9. Euskararen erabilera sustatzea, zerbitzu- eta lan-hizkuntza gisa, bere eskumeneko eremuetan, Gobernu Kontseiluak onartutako Euskararen Agenda Estrategikoarekin bat etorriz.

  10. Bere gain hartzea, eskumeneko esparruetan, emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko ardura, bat etorriz Gobernu Kontseiluak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Planean ezarritakoarekin.

  11. Indarrean dagoen legeriak agintzen dien beste edozein egiteko, edo, orokorrean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailburuordeei esleitzen zaizkien egiteko komunak.

  1. Saileko zuzendaritza bakoitzerako berariaz jasotako egitekoez gain, zuzendaritza bakoitzari honako egiteko hauek dagozkio, bere eskumen-esparruaren barruan eta dagokion sailburuordearen mende:

    1. Bere jardun-arloei esleitutako kudeaketa publikoko politikak garatzea eta Zuzendaritzaren arlo funtzionaletako politika-tresnak garatu eta aplikatzea.

    2. Xedapen orokorren proiektuak, planak, programak eta jarduera esanguratsuak prestatu eta izapidetzea bere eskumeneko gaietan.

    3. Zuzendaritzari dagozkion gaietan, hitzarmenak, protokolo orokorrak eta beste administrazio batzuekin eta gainerako pertsona publiko edo pribatuekin lankidetzan aritzeko bestelako tresnak negoziatu, landu eta izapidetzea, eta horiek gauzatu, jarraitu eta ebaluatzeaz arduratzea.

    4. Dirulaguntzak emateko antolaketa proposatzea, haiek arautzen dituzten dokumentu eta tresna juridiko eta ekonomikoak lantzea, eta horretarako izapideez, kudeaketaz, jarraipenaz eta ebaluazioaz arduratzea.

    5. Zuzendaritzaren tasen eta prezio publikoen zenbatekoa proposatzea eta, hala badagokio, likidazioa egitea.

    6. Kontratazioaren arloan, kontratazio-espedienteetan memoriak eta oinarri teknikoen orriak idaztea, kontratuak behar bezala egiten direla kontrolatzea eta obra-ziurtagiriak onartzea dagokie.

    7. Publizitate aktiboa bultzatzea eta informazio publikoa eskuratzeko eta berrerabiltzeko eskaerak ebaztea, Zerbitzu Zuzendaritzarekin koordinatuta, arlo hauetan: gardentasuna, informazio publikoa eskuratzeko eskubidea, datu publikoak irekitzea eta sektore publikoko informazioa berrerabiltzea.

    8. Errekurtsoak ebaztea, indarrean dagoen araudian aurreikusitako kasuetan.

    9. Zehapen-espedienteak instruitzea, zehatzeko ahala erabiltzearen esparruan. Arlo horretan, zuzendariei dagokie zehapen-espedienteak hasi eta ebaztea, larritzat eta arintzat tipifikatutako zehapenen kasuan, bai eta hertsapen-isunak jartzea ere, zenbatekoa edozein dela ere.

    10. Oro har, zuzendaritzaren arlo funtzionaletako irizpen, txosten eta azterlanak egitea.

  2. Zuzendaritzetako titularrei dagokie:

    1. Zuzendaritzako barne-zerbitzuak eta lan-sistemak antolatzea, jarduerak eta ardurak esleituz, lorpenak kontrolatuz eta kudeaketan beharrezkoak diren zuzenketak ezarriz, organo eskudunek ezarritako arauen arabera.

    2. Zuzendaritzaren jarduerak programatu, zuzendu, bultzatu, koordinatu eta gainbegiratzea, goragoko organoak emandako jarraibideen arabera.

    3. Datu pertsonalak babestearen arloan, zuzendaritzako tratamenduen arduradun gisa dagozkien betebeharrak betetzen direla bermatzea.

    4. Indarrean dagoen Hizkuntza Normalizatzeko Planaren helburuak definitzea berari dagokion eremuan, eta helburu horiek lortzeko ekimenak garatu eta ebaluatzea, euskararen kudeaketa integratua gauzatuz bere Zuzendaritzako zerbitzuburuekin lankidetzan; Hizkuntza Ofizialak Erabiltzeko Irizpideak inplementatzea, eta haien jarraipena egitea Zuzendaritzaren jardun-arloetan. Hori guztia Zerbitzu Zuzendaritzaren koordinaziopean eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin lankidetzan.

    5. Euskal Autonomia Erkidegoko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Planeko helburuak definitzea nork bere alorrean eta helburu horiek lortzeko ekintzak eta ekimenak gauzatu eta ebaluatzea, emakumeen eta gizonen berdintasunerako politiken kudeaketa integratua eginez. Hori guztia Zerbitzu Zuzendaritzaren koordinaziopean eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearekin lankidetzan.

    6. Bere eskumeneko eremuetan dagozkion ebazpenak ematea, eta goragoko organoei ebazpen-proposamenak aurkeztea, hala dagokionean.

    7. Goragoko organoei proposamenak egitea, bere eskumeneko gaietan.

    8. Indarrean dagoen legeriak agintzen dien beste edozein egiteko, edo, orokorrean, Administrazioko zuzendariei esleitzen zaizkien egiteko komunak.

  3. Zuzendaritzetako aholkularitza juridikoek, bakoitzak bere eskumen-eremuan, 7/2016 Legearen 4. artikuluan jasotako eginkizunak beteko dituzte, d), e) eta f) apartatuetakoak izan ezik, horiek Zerbitzu Zuzendaritzaren Zerbitzu Juridikoari baitagozkio (7/2016 Legea, ekainaren 2koa, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoa Antolatzekoa).

  1. Zerbitzu Zuzendaritzari jardun-arlo hauek zuzendu eta koordinatzea dagokio, Mugikortasun Jasangarriaren Sailari esleitutako eskumen-eremuaren barruan, eta Mugikortasun Jasangarriaren sailburuaren mende zuzenean eta hierarkian:

    1. Ekonomia eta aurrekontua.

    2. Pertsonak, euskara eta berdintasuna.

    3. Juridiko-administratiboa.

    4. Kontratazioa.

    5. Herritarrak eta berrikuntza.

    6. Informazio- eta estatistika-sistemak.

    7. Baliabide orokorrak, antolamendua eta informatika.

  2. Horretarako, indarrean dagoen legeriak agintzen dizkion beste egiteko batzuez gain, edo oro har saileko zuzendaritzei esleitzen zaizkien egiteko komunez gain, honako eskumen hauek dagozkio:

    1. Sailaren jarduera ekonomikoa planifikatu eta kudeatzea, aurrekontua gauzatzeko faseak izapidetuz. Sailaren aurrekontu-aurreproiektua egitea eta haren jarraipena eta aldaketak egitea, eta sailari atxikitako administrazio instituzionaleko eta sektore publikoko entitateen aurrekontu-proiektuak koordinatzea eta horiek sailaren aurrekontuarekin bateratzea.

      Arlo horretan, Zerbitzuen zuzendariari dagokio sailaren 1.000.000 eurotik beherako gastuak baimentzea, nahitaezko desjabetzeei dagozkienak izan ezik, horiek sailburuordeei baitagozkie. Horrek ez du eragotziko kontratazioari lotutako gastuei aplikatu beharreko araudia betetzea, artikulu honen 3. apartatuan jasotakoa.

      Era berean, Zerbitzu Zuzendaritzari dagokio sailean sortzen diren gaiei buruzko azterlanak eta txostenak egitea, bereziki gai ekonomikoei buruzkoak, bai eta sailaren jarduera ekonomikorako ildoak planifikatu eta programatzea ere, beste sail edo administrazio batzuek egiten dituzten eta eragin ekonomikoa duten planen prestakuntza-prozesuetan, baldin eta beste zuzendaritza batzuei esleitu ez bazaizkie.

    2. Euskal Enplegu Publikoari buruzko abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 19. artikuluan eta indarrean dagoen gainerako araudian aurreikusitako eginkizunak betetzea, eta sailari atxikitako giza baliabideak administratzea.

    3. Berdintasun Unitatearen jarduerak zuzentzea, eta gainerako zuzendaritzekin, Administrazio Instituzionaleko entitateekin eta sailari atxikitako organoekin batera, sustapen- eta koordinazio-lana egitea eta lankidetzan jardutea, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik gabeko Bizitzetarako Legearen testu bateginean aurreikusitako neurriak betearazten laguntzeko.

    4. Sailaren Segurtasun eta Osasun Unitatearen jardunak zuzentzea, hargatik eragotzi gabe Prebentzio Zerbitzuak bere eskudantziak betetzea.

    5. Jaurlaritzako gainerako sailekiko administrazio-harremanak.

    6. Zerbitzu Zuzendaritzaren aholkularitza juridikoak honako hauek garatzea: 6.3 artikuluak saileko aholkularitza juridikoei aitortzen dizkien egitekoez gainera, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoa Antolatzeko ekainaren 2ko 7/2016 Legearen 4. artikuluaren d), e) eta f) apartatuetan eta Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoari buruzko apirilaren 25eko 144/2017 Dekretuaren 42. artikuluan jasotakoak. Gainera, txosten juridikoak egiteaz arduratuko da, sailaren arau-xedapenak, hitzarmen eta protokolo orokorrak eta plan, programa eta jarduera esanguratsuak egiteko prozeduran. Era berean, ondare-erreklamazioko, ofiziozko berrikuspeneko eta kaltegarritasun-deklarazioko prozedurak izapidetuko ditu, sailaren arloetan.

    7. Gobernu Kontseiluari aurkeztu behar zaizkion sailaren gaiak izapidetzea, bai eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian edo beste edozein aldizkari ofizialetan argitaratu beharreko xedapenak eta administrazio-egintzak ere.

    8. Jurisdikzio-prozeduren eta, hala badagokio, horietan emandako ebazpenen jarraipena eta kontrola egitea, eta sailak parte hartzen duen gaietan Auzibide Zuzendaritzarekin harremanetan jartzea.

    9. Sailaren eskumenekoak diren kontratazio-espedienteak zuzendu, koordinatu eta izapidetzea, bai eta sailaren eremuan kontratazio elektronikoaren prozedurak eta zerbitzuak kudeatu eta hedatzea ere, kontratazio-arloan Kontratazio Batzorde Nagusiari esleitzen zaizkion eskumenei kalterik egin gabe.

    10. Proposamenak lantzea saileko zerbitzuen eta sailean erabiltzen diren lan-sistemen eta -metodoen barne-antolaketaz, arrazionalizazioaz, informazio-sistemez, administrazio digitalaz eta informatizazioaz, saileko beste organoekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko organo eskudunekin batera koordinatuta.

    11. Datu pertsonalen pribatutasun-neurrien arduradun gisa dagozkion eginkizunak betetzea.

    12. Sailaren jarduerak bultzatzea eta Eusko Jaurlaritzaren esparru orokorreko proiektuak koordinatzea sailean, arlo hauetan: kalitatea eta etengabeko hobekuntza, herritarrentzako arreta, administrazio elektronikoa eta zerbitzu digitalak, datuen eta informazioaren gobernantza, berrikuntza, gardentasuna, herritarren parte-hartzea eta gobernu ona.

    1. Erregistro Orokorra, Artxiboa eta Saileko gainerako dokumentazio-zentroak kudeatzea.

    2. Saileko egoitzetako barne-araubidea zaindu eta babestea, eta sailari atxikitako ondarea eta ekipamendua administratu eta kontserbatzea.

    3. Herritarrentzako informazio- eta arreta-zerbitzuen funtzionamendua kudeatzea (2. eta 3. mailak) eta Zuzenean-Herritarrentzako Arreta Zerbitzuarekiko harremanak antolatzea, sailaren jardun-eremuetan dituzten eskubide eta betebeharrei buruz herritarrek egindako iradokizun, kexa eta erreklamazioen kudeaketaren jarraipena eginez eta koordinatuz.

    4. Informazioaren argitaratze aktiboa, informazio publikoa irispidean izateko eskubidea baliatuz egindako eskaerei ematen zaizkien erantzunak, sektore publikoko informazioaren berrerabilera, eta sailaren datu publikoak modu irekian eskaintzeko lana koordinatu eta horien guztien jarraipena egitea, betiere gardentasunaren eta sektore publikoko informazioa berrerabiltzearen politikarekiko koherentziaz.

    5. Sailaren Estatistika Plana lantzea, eta Euskal Estatistika Erakundearekin batera lan egitea Euskal Estatistika Plana eta urteko Estatistika Programak eratzeko lanetan. Era berean, Zerbitzu Zuzendaritzak sailaren estatistika-organo espezifikoari esleitutako eskumenak eta ahalmenak baliatuko ditu, eta laguntza teknikoa emango dio saileko edozein organori saileko estatistikekin lotutako gaietan.

    6. Euskara-unitatearen bidez, eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren gidalerroei jarraituz, saileko zuzendaritzek politika publikoen garapenean eta sailaren ohiko jardunean euskararen erabilera normalizatzeko egiten duten lana koordinatu eta dinamizatzea.

    7. Saileko zerbitzu orokorrak antolatzea eta administratzea, sailburuordetza eta zuzendaritzen lanerako sistema eta metodoak koordinatzea, eta saileko administrazio-unitateen banaketa espaziala eta ekipamendu materiala antolatzea, hargatik eragotzi gabe Ogasun eta Finantza Sailari esleitutako eskumenak.

    8. Sailaren eskumenekoak diren gaiak koordinatzeko neurriak gauzatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak Europar Batasuneko araudia eta politikak lantzeko eta aplikatzeko izan beharreko esku-hartzea garatzeko, indarrean dauden arauak betez. Horren haritik, saileko organoen eta Europako Erkidegoko Erakundeen arteko gaiak eta harremanak bideratuko ditu, Jaurlaritzaren Lehendakaritzaren organo eskudunaren bitartez.

    9. Irailaren 25eko 135/2018 Dekretuaren 9. artikuluan sailari esleitutako argitaratze-egitekoak betetzea (135/2018 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren organismo autonomoen argitaratze-jarduerari buruzkoa).

  3. Zerbitzuen zuzendaria sailaren kontratazio-organoa izango da 5.000.000 euroko edo hortik beherako oinarrizko lizitazio-aurrekontua duten kontratuetan, eta eskumena izango du, halaber, baldintza berberetan, bitarteko propioei enkarguak egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren Kontratazioaren Araubidea ezartzeko uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuaren IV. tituluan aurreikusitakoaren arabera.

    Egiteko horien barruan, hari dagokio, muga berarekin, behar diren gastuak baimentzea. Sailaren kontratazio-organoak Sailaren Kontratazio Mahaiaren laguntza izango du, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren Kontratazioaren Araubidea ezartzeko uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuaren 9. artikuluan aurreikusitako eginkizunak beteko ditu.

  4. Herritarrei arreta integral eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuaren 129.3 artikuluan xedatutakoari jarraituz, Zerbitzuen zuzendaria izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Gobernantza Publikoaren Sailarteko Batzordeko kidea, eta haren ordezkoa Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuaren Sailari proposatuko zaio, sailburuaren agindu baten bidez.

Kabinete Zuzendaritza sortzen da, egiteko hauek dituela:

  1. Sailburuari bere eginkizunak betetzen laguntzea.

  2. Sailaren jardun-eremuei lotutako gobernu-programaren helburuak, legegintza-egutegia eta plan eta programen egutegia bultzatu, zuzendu eta koordinatzea, bai eta horien betetze-mailaren ebaluazioa koordinatzea ere.

  3. Sailburuaren agendaren plangintza eta jarraipena egitea.

  4. Eusko Legebiltzarrarekiko, Arartekoarekiko eta beste erakunde batzuekiko harremanak bideratzea, hargatik eragotzi gabe Lehendakaritzari dagozkion eskumenak.

  5. Sailaren ekitaldi publiko eta ofizialak antolatzea.

  6. Sailaren argitaratze-jarduera zuzendu eta koordinatzea, hargatik eragotzi gabe Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuaren Sailari dagozkion eskumenak.

  7. Sailaren komunikazio-politika zuzendu eta koordinatzea, eginkizun hori betetzeko izendatutako behin-behineko langileekin lankidetzan, sailari lotutako jarduerak, erabakiak eta politikak hedatzen eta zabaltzen laguntzeko.

  1. Azpiegituren eta Mugikortasun Jasangarriaren Sailburuordetzak, sailburuaren zuzendaritzapean, honako jardun-arlo hauek zuzendu eta koordinatuko ditu:

    1. Trenbideak.

    2. Bide-sarea.

    3. Lurreko, itsasoko, ibaietako eta kable bidezko garraioak.

    4. Aireportuak eta heliportuak.

  2. Azpiegituren eta Mugikortasun Jasangarriaren Sailburuordetzak honako egiteko hauek izango ditu, dekretu honen 5. artikuluan oro har esleitutako egitekoez gain:

    1. Azpiegituren eta mugikortasun jasangarriaren arloan antolatzeko, adosteko eta koordinatzeko tresnak diseinatu eta garatzea.

    2. Garraio-azpiegiturak planifikatzeko politikak formulatzea.

    3. Garraioan eta azpiegituretan eragina duten jarduerak antolatzea.

    4. Bere eskumen-eremuari esleitutako baimenak eta ebazpenak ematea.

    5. Koordinaziorako jarraibideak ezartzea, eta, hala badagokio, trenbide-operadoreen eta trenbide-garraioko azpiegituren kudeatzailearen arteko gatazkak konpontzea.

  3. Honako hauek sailari atxikitzearen ondoriozko eskumenak baliatuko ditu Azpiegituren eta Mugikortasun Jasangarriaren Sailburuordetzak: Euskal Trenbide Sarea zuzenbide pribatuko ente publikoa, Eusko Trenbideak SA (ET) eta Euskotren Participaciones SA sozietate publikoak.

  4. Azpiegituren eta Mugikortasun Jasangarriaren Sailburuordetzaren mende daude, zuzenean eta hierarkikoki, Mugikortasun Jasangarrirako Estrategiaren Zuzendaritza eta Garraio Azpiegituren Zuzendaritza.

  1. Mugikortasun Jasangarrirako Estrategiaren Zuzendaritzak sailburuordetzaren jardun-arlo hauetan garatzen ditu bere eginkizunak:

    1. Bide-sarea.

    2. Trenbideko, lurreko, itsasoko, ibaietako eta kable bidezko garraioak.

    3. Aireportuak eta heliportuak.

  2. Arlo horietan, Mugikortasun Jasangarrirako Estrategiaren Zuzendaritzak egiteko hauek izango ditu, dekretu honen 6. artikuluan oro har esleitzen zaizkion egitekoez gain:

    1. Euskadiko Mugikortasun Jasangarriaren Plana egitea, garatzea eta haren jarraipena egitea, garraio-arloko ekintza instituzional publiko eta pribatuak orientatzeko eta garraioa antolatzeko eta koordinatzeko tresna den aldetik.

    2. Lurralde-plan sektorialak idaztea eta formulatzea, trenbideez eta portuez bestelako garraio-azpiegituren plangintza-eremuetan.

    3. Aireko eta kable bidezko garraio-azpiegituren arloan jarduketak egiteko beharrezkoak diren hirigintza-antolamenduko planak eta tresnak prestatzeko eta aldatzeko proposamenak egitea.

    4. Bidaiarien eta salgaien garraioa eta garraio horren jarduera lagungarri eta osagarriak planifikatu eta antolatzea.

    5. Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumeneko garraioen goi-ikuskaritza egitea.

    6. Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenekoak diren kable bidezko garraio-instalazioen segurtasuna ikuskatu eta kontrolatzea.

    7. Garraioa modernizatzeko planak egitea.

    8. Euskal Autonomia Erkidegoko garraiorako politika logistikoak garatzea eta beste lurralde batzuekin batera plataformak bultzatzea.

    9. Euskal Autonomia Erkidegoko Sare Intermodala eta garraiorako zentroak eta oinarrizko eremuak planifikatzea.

    10. Euskal Autonomia Erkidegoak dituen eskumenak baliatzea, Segurtasuneko sailburuak salgai arriskutsuak errepidez garraiatzeko lanbide-gaitasuna eskuratzeari, egiaztatzeari eta kontrolatzeari buruz.

    11. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak dituen aire-garraioko eskumenak baliatzea, baldin eta eskumen horiek zerikusirik ez badute arlo horietan azpiegiturak egin, zuzendu, ikuskatu eta gauzatzearekin.

    12. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak bidaiariak aldiriko trenbidez garraiatzearen arloan dituen eskumenak baliatzea, apirilaren 9ko 368/2024 Errege Dekretuan ezarritako baldintzetan; errege-dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzen zaizkio bidaiariak aldiriko trenbidez garraiatzeko zerbitzuei dagozkien Estatuko Administrazioaren eginkizunak.

    1. Garraioaren arloko ikerketa eta garapen teknologikoa sustatzea.

    2. Euskal Autonomia Erkidegoak bide-azpiegituretan dituen eskumenak erabiltzea, bai eta Lurralde Historikoen Legean eta Euskal Autonomia Erkidegoko Errepideen Plan Orokorra arautzen duen maiatzaren 30eko 2/1989 Legean ezarritako arauetatik eratorritakoak ere, honako hauek barnean hartuta: Euskal Autonomia Erkidegoko Errepideen Plan Orokorrarekin lotutako jarduketa guztiak, plan horren jarraipena, lurralde historikoetako foru-organoekiko harremana eta plan hori aplikatzearen ondoriozko beste jarduketa batzuk.

    3. Bizikleta-bideen eta bidegorrien planak egitea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eskumenen eremuan.

    4. Euskadiko Garraio Agintaritzaren idazkaritza eta laguntza teknikoa ematea.

  3. Euskadiko Garraioaren Behatokiak, Mugikortasun Jasangarrirako Estrategiaren Zuzendaritzari atxikita, urtarrilaren 20ko 11/2004 Dekretuak esleitzen dizkion egitekoak beteko ditu, dekretu horren bidez eratu baitzen Euskadiko Garraioaren Behatokia.

  4. Mugikortasun Jasangarrirako Estrategiaren Zuzendaritzak bere gain hartuko du Eusko Trenbideak SA (ET) sozietate publikoaren administrazio-tutoretza, betiere Azpiegituren eta Mugikortasun Jasangarriaren Sailburuordetzaren zuzendaritzapean eta haren jarraibideekin bat etorriz.

  1. Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak sailburuordetzaren jardun-arlo hauetan garatzen ditu bere egitekoak:

    1. Trenbidearen azpiegitura.

    2. Beste garraio-azpiegitura batzuk.

  2. Arlo horietan, honako egiteko hauek dagozkio Garraio Azpiegituren Zuzendaritzari, dekretu honen 6. artikuluan oro har esleitzen zaizkion egitekoez gain:

    1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eskumenekoak diren garraio-azpiegiturak garatzeko eta mantentzeko inbertsioak planifikatu eta programatzea.

    2. Sailaren eskumenekoak diren garraio-azpiegituren obra-proiektuak idaztea, gainbegiratzea eta proiektu horien onarpen teknikoa egitea, bai eta obra horien zuzendaritza, ikuskapena, jarraipena eta kontrola gauzatzea, obrak jaso bitartean.

    3. Garraio-azpiegituraren arloko jarduketak gauzatzeko beharrezkoak diren desjabetze-espedienteak izapidetzea, hargatik eragotzi gabe Gobernu Kontseiluaren eskumenak.

    4. Bilboko Hiri Trenbideari dagokionez, EAEko Administrazioaren eskumenekoak diren proiektu, obra eta bestelako jarduketak gauzatzea.

    5. Zenbait tresna proposatu eta prestatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta gainerako lurralde-administrazioen arteko lankidetzarako eta koordinazio ekonomiko, tekniko eta administratiborako.

    6. Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sarearen Lurraldearen Arloko Plana idaztea eta formulatzea, eta proposamenak egitea trenbide-azpiegituren arloko jarduketetarako beharrezkoak diren hirigintza-antolamenduko planak eta tresnak prestatzeko eta aldatzeko.

    7. Autonomia Erkidegoaren eskumeneko trenbideetan trenbide-pasaguneak jarri, aldatu eta kentzeari buruzko erabakiak hartzea.

    8. Lurreko garraioaren azpiegituraren arloko ikerketa eta garapen teknologikoa sustatzea.

    9. Gainerako sailei laguntza teknikoa ematea, eraikuntzakoak ez diren herri-lanen proiektuak eta kontratuak egiteko, haiek hala eskatuz gero.

  3. Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak bere gain hartuko du Euskal Trenbide Sarea (ETS) zuzenbide pribatuko ente publikoaren administrazio-tutoretza, betiere Azpiegituren eta Mugikortasun Jasangarriaren Sailburuordetzaren zuzendaritzapean eta haren jarraibideekin bat etorriz.

    LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA. Eskumenak eskuordetzea.

    Mugikortasun Jasangarriaren Saileko sailburuordeak eta zuzendariek eskuordetzan eman ahal izango dituzte beren eskumenak, indarrean dagoen legerian aurreikusitakoaren arabera.

    BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Ordezkapenen araubidea.

    Sailburuordearen eta zuzendarien postuak hutsik badaude, edo horiek kanpoan edo gaixorik badaude, honako ordezkapen-arau hauei jarraituko zaie, sailburuaren berariazko ebazpenik ez badago eta egoera hori gertatu aurretik eskuordetu ez badira:

    1. Sailburuordeari esleitutako eskumenak eta egitekoak hierarkian haren mendeko diren zuzendariek beteko dituzte, dekretu honetan agertzen diren ordena berean.

    2. Zuzendariei esleitutako eskumenak eta eginkizunak goragoko hurrengo karguak beteko ditu.

      LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA

      Dekretu hau indarrean jartzen den unean izapidetzen ari diren espedienteak, dekretu honetan esleitutako eskumen eta eginkizunei buruzkoak badira, dekretuan egiten diren eskumen eta eginkizunen esleipenen arabera izapidetu eta ebatziko dira.

      BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA

      Harik eta Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren Estatistika Organo Espezifikoa sortu arte, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren Estatistika Organo Espezifikoa sortzen duen eta haren antolaketa eta funtzionamendua ezartzen dituen irailaren 14ko 207/2021 Dekretuan ezarritako prozedurari jarraikiz, Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren estatistika-organoak, bereak ez ezik, 207/2021 Dekretuan aurreikusitako ahalmenak ere baliatuko ditu Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren esparruan.

Indargabetuta geratzen da 11/2021 Dekretua, urtarrilaren 19koa, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena, Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Sailburuordetzari eta Etxebizitza Sailburuordetzari erreferentzia egiten dion zatian izan ezik.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Erregelamendu bidezko garapena.

Ahalmena ematen zaio Mugikortasun Jasangarriaren sailburuari dekretu hau garatzeko behar diren xedapenak emateko.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Indarrean jartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2024ko azaroaren 19 an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Mugikortasun Jasangarriaren sailburua,

SUSANA GARCÍA CHUECA.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.