Osasun Saila / Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila

Arautegia

Inprimatu

26/2024 DEKRETUA, martxoaren 5ekoa, Turismo-gidarien Euskadiko Jarduerarena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 58
  • Hurrenkera-zk.: 1411
  • Xedapen-zk.: 26
  • Xedapen-data: 2024/03/05
  • Argitaratze-data: 2024/03/20

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ekonomi jarduerak
  • Azpigaia: Gobernua eta Administrazio Publikoa; Merkataritza eta turismoa

Testu legala

Turismoaren uztailaren 28ko 13/2016 Legean, 64.1 artikuluan, honela daude definituta turismo-gidariak: «Jarduera eta zerbitzu turistikoen erabiltzaileentzako informazio- eta interpretazio-lana egiten dute Euskadiko interes kulturaleko ondasun eta gainerako baliabide turistikoen ondare historiko, natural eta gastronomikoari buruz. Zerbitzu horiek ohikotasunez, profesionaltasunez eta prezio bidez ematen dituzte, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan eta atzerriko beste edozein hizkuntzatan».

Turismoaren Legearen arabera, turismo-gidarien jarduera aske emateko zerbitzua da hau zehaztuta: turismo-gidarientzat, zirkulazio askeko bide edo esparru publikoak beti dira beren zerbitzuak aske emateko esparruak, «salbu eta euskal kultura-ondarea osatzen duten kategorietako baten barruko ondasuntzat katalogaturiko elementuen barruan egiten bada, bat etorriz Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legeak edo lege horren ordezko araudiak ezarritakoarekin». Erreferentzia hori Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legeari egindakotzat hartu behar da gaur egun.

Esparru horietan turismo-gidari lan egiteko, Turismoaren Legeak gaikuntza espezifikoa eskatzen du, eta dekretu honen helburua da agindu hori betearaztea.

Lehendabizi, legea zuzen aplikatzeko, oinarrizko alderdi batzuk finkatu behar dira. Batetik, mugatu behar da nola ulertu behar den «ohikotasunez» eta «prezio bidez» jardutea; izan ere, horrek balioko du zehazteko ea turismo-gidarien berezko zerbitzuen lanbide-jarduera den ala ez. Dekretuak bi osagai argienak aukeratzen ditu lanbide-jarduera den ala ez egiaztatzeko; hauek, alegia: urteko jarduketa kopurua eta zerbitzuak emateko publizitaterik ez izatea.

Dekretuak Turismoaren Legearen 64.1 artikuluan aitortutako zerbitzuak ematen dituzten pertsona guztiak hartzen ditu barnean, edozein dela ere zerbitzu horiek ematen diren espazio-eremua. Lege-eskemari jarraituz, proiektuak ez du obligaziorik ezartzen Euskadiko Turismo Enpresen eta Jardueren Erregistroan izena emateko: inskripzio hori nahitaezkoa da gaikuntza duten pertsonentzat, baina borondatezkoa da gaikuntzarik behar ez duen espazio-eremutik kanpoko jarduerak egiten dituztenentzat; horretarako, nahikoa izango da horri buruzko komunikazio bat bidaltzea.

Dekretuak zehatz-mehatz arautzen ditu Euskadiko kultura-ondarea osatzen duten kategorietako baten barruko ondasuntzat katalogatu diren elementuen barruan zerbitzuak emateko eskatzen diren gaikuntzei buruzko auziak, baina barnean hartzen ditu, hala berean, turismo-gidariaren lanbide turistikoaren berezko zerbitzuak erreserbatutako eremu geografikotik kanpo ematen dituzten pertsonak; alegia, zerrendatu egiten ditu turismo-gidari orok bete eta errespetatu behar dituen eskubideak (proiektuaren 18. artikulua) eta betebeharrak (dekretuaren 19. artikulua), kontsumitzaile eta erabiltzaileen interes legitimoen babesa eta defentsa bermatze aldera.

Turismoaren Legean berariaz aipatzen zen Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legea, uztailaren 3koa, garai hartan indarrean zegoena; baina lege hark diseinatutako sistema aldatu eta ordeztu zuen Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legeak, eta, beraz, mugatu egin behar da zein esparrutan jarduteko behar den gaikuntza Horrenbestez, kontuan hartuta elementu horiek sartu behar direla bai Euskal Kultura Ondarearen Euskal Autonomia Erkidegoko Erregistroan (bertan biltzen baitira babes berezikotzat eta babes ertainekotzat deklaratutako ondasunak), bai Oinarrizko Babesa duten Kultura Ondasunen Euskal Autonomia Erkidegoko Erregistroan, dekretu honek higiezinen barrualdera mugatzen du turismo-gidarientzako espazio-eremu erreserbatua, honela ulertuta barrualdea: esparru itxiak edo mugatuak, zeinen sarbidea ez baita zirkulazio askeko esparrutzat hartzen.

Bestalde, hizpidera ekarri beharra dago, kultura-ondasunen jabe edo edukitzaile legitimoak diren pertsonei dagokienez Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 32.3 artikuluak ezartzen duena, hau da, bisita publikoa baimendu behar dutela nahi eta nahi ez, dagokion foru-aldundian kultura-ondarearen arloko eskumena duen sailak erregelamenduz ezartzen dituen baldintzetan.

Legearen 64.3 artikuluarekin bat etorriz, gaikuntza lortzeko behar den gaitasuna badutela egiaztatzen duten diren titulu- eta esperientzia-eskakizunak ezartzen dira. Zuzeneko gaikuntza-sistema baten bidez ahalbidetuko da jardueran hasi eta jardun ahal izatea; jakintza eta gaitasunak ziurtatzea izango da sistema horren oinarria, bai gaiaren funtsari buruzko gaitasun eta jakintza-akademiko-profesionalak, bai eta hizkuntzari buruzkoak ere.

Dekretuak, lehenik eta behin, titulu akademiko jakin batzuk ikasi ondoren lortutako lanbide-gaitasuna aitortzen du (Turismo gradua; Turismo Enpresa eta Jardueretako diplomatura; Turismo Gidaritzako, Informazioko eta Laguntzako goi-mailako teknikaria 305/2010 Dekretua, azaroaren 23koa, Turismo-gidaritzako, -informazioko eta -laguntzako goi-mailako teknikariaren tituluari dagokion curriculuma ezartzen duena eta horien baliokideak), bai eta kultura-ondarearekin zuzenean lotutako jakintza-arloetan (Arte Ederrak, Artea, Artearen Historia eta antzekoak) graduko ikasketak edo kultura-ondare historiko-arkitektonikoa xede duten graduondoko ikasketa ofizialak egin ondoren lortutakoa ere.

Bigarrenik, arlo hauetako eskumena duen lan-agintaritzak emandako profesionaltasun-ziurtagirien bidezko lanbide-gaitasuna ere onartzen du: «Tokiko turismoa sustatzea eta bisitaria informatzea» (1376/2008 Errege Dekretua, abuztuaren 1ekoa, Ostalaritza eta Turismoaren lanbide-arloko hamar profesionaltasun-ziurtagiri ezarri eta Profesionaltasun-ziurtagirien Estatuko Katalogoan sartzen dituena, zeina aldatu baitzen abuztuaren 2ko 619/2013 Errege Dekretuaren bidez), «Turisten eta bisitarien gidaritza» lanbide-kualifikazioa (1700/2007 Errege Dekretua, abenduaren 14koa, Ostalaritza eta Turismoaren lanbide-arloko bederatzi lanbide-kualifikazio ezarrita Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionala osatzen duena) edo «Turismo-gidaritza» (149/2022 Errege Dekretua, otsailaren 22koa, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalean jasotako Jarduera Fisikoak eta Kirolak, Nekazaritza, Energia eta Ura, eta Ostalaritza eta Turismoa lanbide-arloetako lanbide-kualifikazio jakin batzuk eguneratzen dituena).

Azkenik, turismo-esparrukoak ez diren edo kultura-ondarearekin zuzenean lotuta ez dauden goi-mailako titulu ofiziala, lizentzia edo diplomatura duten pertsonak aitortzen ditu, betiere Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionala garatzeko ezarritako konpetentzia-atal egokiak (HOT335_3) egiaztatzen badituzte: UC1069_3: «Turista eta bisitarien gidaritza» lanbide-kualifikazioko «ardun-esparruan kultura-interesa duten ondasunak eta ondarea interpretatzea turistei eta bisitariei», eta UC2579_3: «Turismo-gidaritza» lanbide-kualifikazioko «hiri-ingurunetan, kultura-intereseko ondasunak eta ondarea ezagutzeko jardueretan turistei gidaritza-, konpainia- eta laguntza-zerbitzuak ematea».

Hizkuntzak jakitea funtsezkoa da turismo-gidarien jardueran; horrenbestez, eskakizun hori egiaztatzeko metodoak ezartzen ditu dekretuak. Interesdunek gaikuntza lortu nahi duten hizkuntzen jakintza hori egiaztatu beharko dute, Europako Kontseiluaren Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko B2 mailan edo goragoko batean, eta dekretuan bertan dago zerrendatuta zer egoeratan eta zer baldintzatan ez den beharrezkoa izango hizkuntzak egiaztatzea, alegia, batez ere hizkuntzon jakite maila nahikoa frogatzen duten ikasketak egin izana hizkuntza horietan, curriculumekoak izan edo ez.

Proiektuak atal berezi bat eskaintzen dio hizkuntza-gaitasunak zeinu-hizkuntzan egiaztatzeari, zeinu-hizkuntza hizkuntza ofizialtzat hartzen baitu urriaren 23ko 27/2007 Legeak, Espainiako zeinu-hizkuntzak aitortu eta gorren, entzumen-desgaitasuna dutenen eta gor-itsuen ahozko komunikaziorako laguntza-baliabideak arautzen dituenak. Hartara, gaikuntza lortzeko aukera emango zaie besteekiko harremanetan hizkuntza hori erabili behar duten pertsonei Desgaitasunen bat duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bategina onartzen duen azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuak agintzen duen moduan, eta erabiltzaileei zeinu-hizkuntzan arreta jasotzeko eskubidea bermatuko zaie, lege horretan eta Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuari buruzko apirilaren 27ko 4/2023 Legean kontsumitzaile eta erabiltzaile kalteberen alde ezarritako berdintasun-aukera, diskriminaziorik eza eta irisgarritasun unibertsala segurtatzeko.

Beste alde batetik, Euskadin aldi baterako jarduteko eskubidea aitortzen die dekretuak beste autonomia-erkidego batzuetan jarduteko gaikuntza duten turismo-gidariei; horretarako, nahikoa izango da aldez aurretiko deklarazio bat aurkeztea. Halaber, dekretuak honela definitzen du aldi baterako jardun hori: denboran iraupen jakin bat gainditzen ez duen jarduera, hots, ondoz ondoko hogeita hamar egun, edo aldizkako hirurogei egun, hamabi hileko aldian. Bestela, adierazitakoa baino denbora luzeagoz jardun nahi badute pertsona horiek kultura-ondareko elementuetan Euskadin, dagokion gaikuntza lortu beharko dute dekretuan ezarritako sistemaren bidez. Xedapen horiek merkatu-batasunaren arloko indarreko arauak betetzen dituzte, Merkatu Batasuna Bermatzeari buruzko abenduaren 9ko 20/2013 Legearen gaineko konstituzio-doktrinarekin bat etorriz: Konstituzio Auzitegiaren 2017ko ekainaren 22ko 79/2017, urriaren 5eko 110/2017 eta urriaren 5eko 111/2017 epaiak.

Dekretuak erantzuna ematen dio, halaber, Europar Batasuneko beste estatu kide batean kokatuta dauden turismo-gidariek zerbitzuak emateari; horretarako, ekainaren 9ko 581/2017 Errege Dekretuan xedatutakoa betetzen du: 581/2017 Errege Dekretua, ekainaren 9koa, zeinaren bidez Espainiako ordenamendu juridikoan sartzen baita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren azaroaren 20ko 2013/55/EB Zuzentaraua, zeinak aldatzen baititu, batetik, 2005/36/EE Zuzentaraua, Lanbide-kualifikazioak aitortzeari buruzkoa eta, bestetik, 1024/2012 Erregelamendua (EB), Barne Merkatuaren Informazio Sistemaren bidez administrazioko lankidetza emateari buruzkoa (BMI Erregelamendua).

Arauketa horrekin bat etorriz, dekretuaren II. kapituluko 5. atalak lanbide-kualifikazioen aitorpena ezartzen du Europar Batasunaren eremuan; 12. artikuluan, zerbitzuak aske emango direla xedatzen du, eta 13. artikuluan kokatzeko askatasuna, aipatutako ekainaren 9ko 581/2017 Errege Dekretuaren II. eta III. tituluetan ezarritakora hizpidera ekarriz, hurrenez hurren, eta beharrezkoak diren eskumen- eta prozedura-gaiak arautuz.

Azaldutako guztia kontuan hartuta, turismo-gidarien Euskadiko jarduera arautzen da, gaikuntza duten turismo-gidariaren figura sustatzeko xedez, etengabeko prestakuntza espezifikoa duten langileak baitira; horren bidez, kalitateko informazio- eta interpretazio-zerbitzuak bermatu nahi dira eta, azken batean, behar bezala babestu euskal kultura-ondareko elementuak, Euskadiko gainerako baliabide turistikoak nahiz kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak.

Dekretuaren egitura hau da: bost kapitulu, 23 artikulutan banatuta, xedapen iragankor bat, xedapen gehigarri bat eta hiru azken xedapen. I. kapitulua xedapen orokorrei buruzkoa da, eta dekretuaren xedea eta aplikazio-eremua ezartzen ditu, baita administrazioarekiko harremanak bitarteko elektronikoen bidez egiteko betebeharra ere.

  1. kapituluaren 1. atalak gaikuntza-sistema, horretarako eskatzen diren eskakizun orokorrak eta horiek lortzeko prozedura ezartzen ditu. 2. atalak lanbide-gaitasunerako eskakizunak arautzen ditu, eta 3. atala, berriz, hizkuntza-gaitasunak egiaztatzeari buruzkoa da.

  1. kapituluko 4. atalak beste autonomia-erkidego batzuetan jarduteko gaikuntza duten gidarien jarduna arautzen du. Lehen adierazi bezala, xedapenak aitortzen du kasu horietan aldi baterako jardutea, aurretiko deklarazio bat aurkeztu ondoren. Jarduera modu iraunkorrean gauzatzeko, ordea, dagokion gaikuntza lortu beharko da, dekretuaren II. kapituluan ezarritako sistemetako baten bidez.

  1. kapituluko 5. atalak dio lanbide-kualifikazioak aitortuko direla Europar Batasunaren eremuan, gorago adierazi den bezala. Alde batetik, zerbitzuak aske emango direla arautzen da; horren arabera, Europar Batasuneko beste estatu kide batean legez kokatuta dauden eta Euskadira etortzen diren turismo-gidariek aldi baterako edo noizbehinka jardun ahal izango dute, baldin eta aurretiko deklarazio bat aurkezten badute, ekainaren 9ko 581/2017 Errege Dekretuaren II. tituluan xedatutakoaren arabera. Bestalde, kokatzeko askatasuna ere aurreikusten da, zeinari jarraikiz gaikuntza duten turismo-gidarien jardueran hasi eta jardun ahal izateko baimena emango baitzaie, dekretu honetan araututako baldintza beretan, hala eskatzen duten pertsonei, aipatutako 581/2017 Errege Dekretuaren III. tituluan ezarritako kasuetan eta eskakizunekin.

    Azkenik, II. kapituluaren 6. atalak aztertzen du zer kasutan utziko dioten ondorioak izateari gaikuntzek, alegia: titularrak uko egiten dionean, titularra hil denean, beste autonomia-erkidego batzuetako edo Europar Batasuneko beste estatu kide batzuetako pertsonek aurkeztutako deklarazioetatik eratorritako aldi baterako jardun-epea igarotzen denean, zehapen-prozedura bat dela-eta edo legezko beste kausa bat dela-eta hala erabakitzen duen administrazio-ebazpen bat ematen denean.

  2. kapituluak gaikuntza duten gidarien ofiziozko erregistro-inskripzioa arautzen du, Turismoaren uztailaren 28ko 13/2016 Legearen 24. artikuluaren arabera, bai eta beren borondatez komunikazio bidez hala eskatzen duten turismo-gidarien erregistro-inskripzioa ere. Era berean, turismo-gidariek beren jardueran erakutsi beharko duten bereizgarria arautzen du.

  3. kapituluak turismo-gidarien eskubideak eta betebeharrak ezartzen ditu, bai turismo-gidariaren lanbidean diharduten pertsona guztiei oro har aplikatzekoak direnak, bai gaikuntza lortu dutenei berariaz dagozkienak, eta zerbitzuaren kalitatea, kultura-ondareko elementuen babesa eta erabiltzaileen eskubideak bermatzeko araubide juridikoa eratzen du.

  4. kapitulua turismo-diziplinari buruzkoa da, eta turismo-ikuskaritzako jarduketen mende jartzen du turismo-gidarien jarduera. Halaber, turismo-gidarien jarduerari dagozkion arau-hausteen tipifikazioa ezartzen du, Turismoaren uztailaren 28ko 13/2016 Legearen VII. tituluko III. kapituluan xedatutakoaren esparruan.

    Dekretuaren xedapen iragankorrak prozedura espezifiko bat ezartzen du gaikuntza zuzenean lortzeko, jardueran aritzeagatik: araua indarrean jartzen denean, aldi jakin batzuetan, euskal kultura-ondareko elementuen barruan turismo-gidari moduan lan egin dutenei aplikatuko zaie.

    Xedapen gehigarriak akordioak eta hitzarmenak sustatzeko arau bat jasotzen du, turismo-gidariei euskal kultura-ondareko ondasunetara sartzeko baimena emateko.

    Azken xedapenetako lehenengoak 112/2019 Dekretua aldatzen du (Euskadiko Turismo Enpresen eta Jardueren Erregistroari buruzko uztailaren 16ko 112/2019 Dekretua), turismo-gidariek aukera izan dezaten borondatez izena emateko eta, aldi berean, II. kapituluko 4. atalean (beste autonomia-erkidego batzuetan jarduteko gaikuntza duten gidariak) eta 5. atalean (Europar Batasunaren eremuan jarduteko gaikuntza duten turismo-gidariak) xedatutakoa aplikatzearen ondorioz gaikuntza lortu duten edo nahitaez inskribatu behar duten pertsonen erregistroari buruzko atal espezifikoa atxikitzen du.

    Azken xedapenetako bigarrenean, Eusko Jaurlaritzan turismo-arloko eskumena duen sailburuari baimena ematen zaio dekretua erregelamenduz garatzeko, eta, azken xedapenetako hirugarrenean, berriz, arauaren indarraldiaren hasiera ezartzen da.

    Dekretua idazteko, Xedapen Orokorrak Egiteko Prozedurari buruzko ekainaren 30eko 6/2022 Legearen II. kapituluan ezarritako arau-kalitatearen printzipioei jarraitu zaie.

    Bereziki, premia- eta efikazia-printzipioak errespetatzen ditu, Turismoaren uztailaren 28ko 13/2016 Legeak aurreikusitako nahitaezko erregelamendu-garapena baita, eta Euskadiko kultura-intereseko ondasunen eta gainerako baliabide turistikoen ondare historiko, natural edo gastronomikoaren informazio- eta interpretazio-zerbitzuen interes orokorrari erantzuten baitio.

    Proportzionaltasun-printzipioa betetzen du, ez baitago eskubideak gutxiago murrizten dituen edo aipatutako interes orokorra ziurtatzeko betebehar gutxiago ezartzen dituen beste neurririk.

    Segurtasun juridikoaren printzipioa ere betetzen du, gainerako ordenamendu juridikoarekin bat datorrelako eta arau-esparru koherente, egonkor eta argia osatzen duelako.

    Gardentasun-printzipioa bete da, batez ere aldez aurretik egindako kontsulta publikoaren bidez.

    Azkenik, efizientziaren printzipioa bete da; izan ere, alferrikako administrazio-kargak edo karga osagarriak saihestu dira, eta baliabide publikoen erabilera arrazionalizatzeko ahalegina egin da.

    Dekretu hau izapidetzeko, aginduzko txostenak egin dira, hauek xedatutakoa betetzeko: batetik, 1/2023 Legegintzako Dekretua, martxoaren 16koa, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duena, eta, bestetik, Gobernu Kontseiluaren 2012ko abuztuaren 21eko Erabakia, zeinaren bidez jarraibideak onartu baitziren genero-inpaktuaren aurretiazko ebaluazioa egiteko eta emakumeen eta gizonen desberdintasuna ezabatu eta berdintasuna sustatzeko neurriak hartzeko.

    Horrenbestez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuaren proposamenez, Gobernu Kontseiluak 2024ko martxoaren 5ean egindako bilkuran eztabaidatu eta onetsi ondoren, hau

  1. Dekretu honen xedea da turismo-gidarien jarduera arautzea, Turismoaren uztailaren 28ko 13/2016 Legearen 64.1 artikuluak xedatutakoaren arabera.

  2. Dekretu honetan xedatutakoa betetzeko, ulertu beharko da ohikotasuna dagoela zerbitzu horiek edozein publizitate-bideren bidez eskaintzen badira edo urte berean bitan edo gehiagotan ematen bada zerbitzua.

  1. Turismo-gidarien jarduera aske emateko zerbitzua da, salbu eta Euskal Kultura Ondarearen Euskal Autonomia Erkidegoko Erregistroan edo Oinarrizko Babesa duten Kultura Ondasunen Euskal Autonomia Erkidegoko Erregistroan inskribatutako ondasun higiezinen barruan egiten bada; horretarako, beharrezkoa izango da dekretu honetan ezarritako gaikuntza izatea.

  2. Nolanahi ere, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 32.3 artikuluak dioenez, jarduera hori foru-aldundiak onartutako bisita publikoaren araubideari segituz egin beharko da.

  3. Turismo-gidarientzat, zirkulazio askeko bide edo esparru publikoak beti dira haien zerbitzuak aske emateko esparruak.

Dekretu honetan ezarritako eskabideak, deklarazioak eta komunikazioak bitarteko elektronikoen bidez soilik aurkeztu eta kudeatuko dira. Prozedurei buruzko izapide guztiak, inprimakiak eta dokumentu-ereduak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri.

  1. atala

    Gaikuntza-sistema

  1. Gaikuntzak ahalmena ematen dio titularrari turismo-gidari jarduteko, aurreko artikuluan adierazitako euskal kultura-ondarearen ondasunen barruan, egiaztatuak dituen hizkuntzetan, eta, hala badagokio, zeinu-hizkuntzan ere.

  2. Gaikuntzak bere jardueratik eratorritako eskubide-betebeharrak ezartzen dizkio turismo-gidariari, dekretu honetan adierazitakoaren arabera.

  3. Jarduera hauetarako ez da beharko inolako gaikuntzarik:

    1. Irakaskuntzako langile profesionalek ikasleekin egiten dituzten eskola-bisitaldiak.

    2. Administrazio publikoetako langileek noizean behin egiten dituzten bisitaldi instituzionalak.

    3. Museoetako, liburutegietako eta euskal kultura-ondareko beste entitate batzuetako langileek jendeari informazioa emateko egiten dituzten jarduerak, beren lanpostuaren eginkizunen barruan.

    4. Foru-aldundietan kultura-ondarearen eskumena duten departamentuek edo udalek kultura-ondareari buruzko informazioa emateko eta zabaltzeko edo haren balioa nabarmentzeko egiten dituzten jarduerak.

    5. ITOURBASK Turismo Bulegoen Euskal Sareko turismo-informazioko bulego eta puntuetako langileek ematen dituzten informazio-zerbitzuak, baldin eta euskal kultura-ondareko ondasunen barruan ematen badira.

  1. Turismo-gidariaren gaikuntza lortu nahi duten pertsona fisikoek eskakizun orokor hauek bete beharko dituzte:

    1. Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko estatu kideren batekoa Europako Esparru Ekonomikoari buruzko akordioari lotua, Espainiako Estatuan elkarrekikotasun-hitzarmena izanik edo langileen zirkulazio askearen aplikazio-eremuaren barnean, edo Erkidegoz kanpoko estatu batekoa, baldin eta Espainian aitortuta badauka ordaindutako jarduerak egiteko eskubidea.

    2. Adin nagusikoa izatea.

  2. Gaikuntza lortzeko, interesdunek egiaztatu beharko dute kapitulu honetako 2. ataleko lanbide-gaitasunerako eskakizunen bat betetzen dutela, bai eta 3. atalean ezarritako hizkuntza-gaitasuna ere.

  1. Gaikuntza lortzeko prozedura eskabide-eredu ofiziala betetakoan hasiko du interesdunak, non adierazi beharko baitu zein hizkuntzatan eta, hala badagokio, zein zeinu-hizkuntzatan lortu nahi duen gaikuntza.

  2. Eskabidearekin batera, lanbide-gaitasunari buruzko eskakizunak eta hizkuntza-gaitasunari buruzkoak betetzen direla egiaztatzen dituzten dokumentuak aurkeztu beharko dira.

  3. Eusko Jaurlaritzan turismo-arloko eskumena duen zuzendaritzak ebatziko ditu eskabideak.

  4. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea hiru hilekoa izango da, eskabidea Eusko Jaurlaritzan turismo-arloko eskumena duen zuzendaritzaren erregistro elektronikoan sartzen denetik aurrera, salbu eta hizkuntzetarako gaikuntza zabaltzeko eskabideen kasuan, zeinetan 10 egunekoa izango baita epea.

  5. Ebazpena ez bada epe horretan jakinarazten, baietsitzat hartuko da administrazio-isiltasunaren ondorioz.

  1. atala

    Lanbide-gaitasuna

  1. Interesdunek lanbide-gaitasuneko eskakizun hauetakoren bat bete behar dute:

    1. Titulu hauetako bat izatea:

      1. Turismo graduaren titulua.

      2. Turismo Gidaritzako, Informazioko eta Laguntzako goi-mailako teknikaria edo haren baliokidea.

      3. Turismo Enpresa eta Jardueretako diplomadunaren titulua.

      4. Arte Ederretako, Arteko, Artearen Historiako, Arkitekturaren Oinarrietako edo antzekoetako lizentziaren edo graduaren titulua.

      5. Kultura-ondare historiko-arkitektonikoa helburu duten graduondoko ikasketa ofizialak (masterra).

    2. Bestela, otsailaren 22ko 149/2022 Errege Dekretuan aurreikusitako «Turismo-gidaritza» (HOT335_3) lanbide-kualifikazioaren profesionaltasun-ziurtagiria izatea. Errege-dekretu horren bidez, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalean jasotako Jarduera Fisikoak eta Kirolak, Nekazaritza, Energia eta Ura, eta Ostalaritza eta Turismoa lanbide-arloetako lanbide-kualifikazio jakin batzuk eguneratzen dira.

  2. Lanbide-konpetentziak egiaztatutzat hartuko zaizkie aurreko 1.a) apartatuan aipatu ez diren goi-mailako tituludun ofizialei, lizentziadunei edo diplomadunei, baldin eta, horretaz gain, «Turismo-gidaritza» (HOT335_3) lanbide-kualifikazioaren konpetentzia-atal hau egiaztatzen badute:

    UC2579-3: hiri-ingurunetan, kultura-intereseko ondasunak eta ondarea ezagutzeko jardueretan turistei gidaritza-, konpainia- eta laguntza-zerbitzuak ematea.

  3. atala

    Hizkuntza-gaitasuna

  1. Interesdunek gaikuntza lortu nahi duten hizkuntzen jakintza egiaztatu beharko dute, Europako Kontseiluaren Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko B2 mailan edo goragoko batean.

    Artikulu honen hurrengo apartatuetan xedatzen ez denari dagokionez, prestigio handiko entitate ofizialek edo pribatuek eman eta ikasketa- edo lan-ondorioetarako onartu ohi diren ziurtagiriak onartuko dira.

  2. Gaztelaniari dagozkion hizkuntza-gaitasunak egiaztatutzat joko dira baldin eta eskatzaileek espainiera hizkuntza ofiziala duten herrialdeetako nazionalitatea edo jatorria badute. Zalantzarik izanez gero, gaztelaniari dagokion hizkuntza-gaitasuna egiaztatzeko, 1137/2002 Errege Dekretuak edo haren ordezko arauak araututako ziurtagiriak aurkeztu beharko dira (1137/2002 Errege Dekretua, urriaren 31koa, Espainieraren diplomak atzerriko hizkuntza gisa arautzen dituena).

    Halaber, gaztelaniari dagozkion hizkuntza-gaitasunak egiaztatutzat joko dira eskatzaileek Espainiako estatuan lortu badute batxiler-titulua, edozein mailatako lanbide-heziketako titulua edo unibertsitate-graduko titulua.

  3. Euskarari dagozkion hizkuntza-gaitasunak 47/2012 Dekretuak edo haren ordezko arauak ezarritakoaren arabera joko dira egiaztatutzat (47/2012 Dekretua, apirilaren 3koa, Euskaraz egindako ikasketa ofizialak aintzat hartzeko eta euskara-maila hizkuntza-tituluen eta ziurtagirien bidez egiaztatzetik salbuesteko dena).

    Dekretu horretan jasota ez dauden kasuetan, 297/2010 Dekretuak edo haren ordezko arauak xedatutakoari jarraituz egiaztatuko da hizkuntza-gaitasuna (297/2010 Dekretua, azaroaren 9koa, Euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailekin parekatzeko dena).

  4. Estatu espainiarrean ofizialak diren beste hizkuntza batzuei dagozkien hizkuntza-gaitasunak kasuan kasuko autonomia-erkidegoek zehazten dutenaren arabera joko dira egiaztatutzat.

  5. Atzerriko hizkuntzei dagozkien hizkuntza-gaitasunak egiaztatutzat joko dira baldin eta eskatzaileek hizkuntza hori ofiziala duten herrialdeetako nazionalitatea edo jatorria badute.

    Hizkuntza horiei dagozkien hizkuntza-gaitasunak ere egiaztatutzat joko dira baldin eta...

    1. dekretu honen 6. artikuluan aipatutako tituluak edo profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko edo konpetentziak egiaztatzeko programan sartuta egon badira hizkuntza horiek.

    2. hizkuntza horietan egin eta gainditu badira bigarren hezkuntzako edo bigarren hezkuntzaren osteko titulu akademiko ofizialak lortzeko ikasketak, atzerriko hezkuntza-sistema baten arabera.

  6. Zeinu-hizkuntzari dagokion hizkuntza-gaitasuna egiaztatutzat joko da Zeinu-hizkuntzaren Interpretazioko goi-mailako teknikariaren edo Komunikazio Bitartekotzako goi-mailako teknikariaren titulua izanez gero.

Gaikuntza duten gidariek edozein unetan eskatu ahal izango dute gaikuntza beste hizkuntza batera edo batzuetara edo zeinu-hizkuntzara zabaltzeko; horretarako, Europako Kontseiluaren Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko B2 mailako edo goragoko hizkuntza-gaitasunak egiaztatzen dituzten dokumentuak aurkeztu beharko dituzte, edo, hala badagokio, Zeinu Hizkuntzaren Interpretazioko goi-mailako teknikariaren titulua eduki.

  1. atala

    Beste autonomia-erkidego batzuetan jarduteko gaikuntza duten gidariek gauzatzea jarduera

  1. Beste autonomia-erkidego batzuetan jarduteko gaikuntza duten turismo-gidariek aldi baterako jardun ahal izango dute Euskadiko kultura-ondareko elementuetan.

  2. Dekretu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, jarduera bat aldi baterakotzat joko da baldin eta ez badu ematen zerbitzuan ondoz ondoko hogeita hamar egun baino gehiago, edo, hamabi hileko aldian, guztira, aldizkako hirurogei egun baino gehiago.

  3. Beste autonomia-erkidego batzuetan jarduteko gaikuntza duten turismo-gidariek, Euskadin aldi baterako jardun ahal izateko, aurretiko deklarazio bat aurkeztu beharko dute, eredu ofizialean, Eusko Jaurlaritzan turismo-arloko eskumena duen zuzendaritzan.

  4. Eusko Jaurlaritzan turismo-arloko eskumena duen zuzendaritzak administrazio-koordinazioko mekanismoen bidez egiaztatu ahal izango du aurretiko deklarazioa aurkezten duten pertsonak ea gaikuntza duten turismo-gidariak diren, eta ea betetzen dituzten jatorrizko tokian beharrezkoak diren eskakizun guztiak jarduera hori gauzatzeko.

Beste autonomia-erkidego batzuetan jarduteko gaikuntza duten turismo-gidariek dekretu honen 10.2 artikuluan adierazitakoa baino denbora luzeagoan jardun nahi badute Euskadiko kultura-ondareko elementuetan, horretarako behar den gaikuntza lortu beharko dute.

  1. atala

    Europar Batasunaren eremuan jarduteko gaikuntza duten gidarien jarduera

  1. Europar Batasuneko beste estatu kide batean legez kokatuta dauden baina aldi baterako edo noizbehinka lekualdatzen diren turismo-gidariek Euskadin eskaini ahal izango dituzte beren zerbitzuak, baldin eta aurretiko deklarazio bat aurkezten badute, 581/2017 Errege Dekretuaren II. tituluan edo haren ordezko arauan xedatutakoarekin bat: 581/2017 Errege Dekretua, ekainaren 9koa, zeinaren bidez Espainiako ordenamendu juridikoan sartzen baita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren azaroaren 20ko 2013/55/EB Zuzentaraua, zeinak aldatzen baititu, batetik, 2005/36/EE Zuzentaraua, Lanbide-kualifikazioak aitortzeari buruzkoa eta, bestetik, 1024/2012 Erregelamendua (EB), Barne Merkatuaren Informazio Sistemaren bidez administrazioko lankidetza emateari buruzkoa (BMI Erregelamendua).

  2. Ekainaren 9ko 581/2017 Errege Dekretuaren 13.5 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, aurretiko deklarazioa ez da beharrezkoa izango baldin eta aurretik aurkeztu bada beste autonomia-erkidego batean. Kasu horretan, aski izango da horren berri ematea jardunean hasi baino lehen.

  3. Jarduera aldi baterakoa edo noizbehinkakoa dela ulertuko da baldin eta ez bada ematen zerbitzuan ondoz ondoko hogeita hamar egun baino gehiago, edo, hamabi hileko aldian, guztira, aldizkako hirurogei egun baino gehiago.

  4. Aurretiko deklarazioa, bai eta ekainaren 9ko 581/2017 Errege Dekretuak edo hura ordezten duen arauak eskatutako dokumentuak eta, hala badagokio, baita komunikazioa ere, Eusko Jaurlaritzan turismo-arloko eskumena duen zuzendaritzan aurkeztu beharko dira.

  5. Artikulu honetan xedatutakoaren arabera aurretiko deklarazioa edo komunikazioa aurkeztu duen eta Euskadin ondoz ondoko urtaldietan aldi baterako edo noizbehinkako zerbitzuak ematen segitu nahi duen turismo-gidariak deklarazioa berritzeari buruzko komunikazioa aurkeztu beharko du Eusko Jaurlaritzan turismo-arloko eskumena duen zuzendaritzan. Berritze horrek hasierako prestazioaren denbora-muga berak izango ditu, artikulu honen 3. apartatuan xedatutakoarekin bat etorriz.

  6. Eusko Jaurlaritzan turismo-arloko eskumena duen zuzendaritzak administrazio-koordinazioko mekanismoen bidez egiaztatu ahal izango du aurretiko deklarazioa aurkeztu duten pertsonek ea benetan duten beharrezkoa den gaikuntza eta ea betetzen dituzten beharrezkoak diren eskakizun guztiak jarduera hori gauzatzeko.

  1. Gaikuntza duten turismo-gidarien jardueran hasi eta jardun ahal izateko baimena emango zaie, dekretu honetan araututako baldintza beretan, hala eskatzen duten pertsonei, 581/2017 Errege Dekretuaren III. tituluan edo hura ordezkatzen duen arauan ezarritako kasuetan eta eskakizunekin: 581/2017 Errege Dekretua, ekainaren 9koa, zeinaren bidez Espainiako ordenamendu juridikoan sartzen baita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren azaroaren 20ko 2013/55/EB Zuzentaraua, zeinak aldatzen baititu, batetik, 2005/36/EE Zuzentaraua, Lanbide-kualifikazioak aitortzeari buruzkoa eta, bestetik, 1024/2012 Erregelamendua (EB), Barne Merkatuaren Informazio Sistemaren bidez administrazioko lankidetza emateari buruzkoa (BMI Erregelamendua).

  2. Eskabideek ekainaren 9ko 581/2017 Errege Dekretuan xedatutakoa bete beharko dute, eta Eusko Jaurlaritzan turismo-arloko eskumena duen zuzendaritzak ebatziko ditu.

  3. Prozeduran, beharrezkoa izanez gero, txostena eskatu ahal izango zaio Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutuari (IVAC-EEI).

  4. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea hiru hilekoa izango da, eskabidea Eusko Jaurlaritzan turismo-arloko eskumena duen zuzendaritzaren erregistro elektronikoan sartzen denetik aurrera.

  5. Ebazpena ez bada epe horretan jakinarazten, baietsitzat hartuko da administrazio-isiltasunaren ondorioz.

  1. Aurreko artikuluan aurreikusitako kasuetan, gaikuntzetan aitortzen den hizkuntza-gaitasuna agintari eskudunak emandako tituluan berariaz adierazitako atzerriko hizkuntzarena izango da.

  2. Eskatzaileek dekretu honen 8. artikuluan aurreikusitakoaren arabera zabaldu ahal izango dute gaikuntza gaztelaniara, euskarara edo beste hizkuntza batzuetara.

  1. atala

    Gaikuntza galtzea

  1. Gaikuntzek ondorioak izateari utziko diote kasu hauetan:

    1. Titularrak uko eginez gero, Eusko Jaurlaritzan turismo-arloko eskumena duen zuzendaritzari egindako komunikazio baten bidez.

    2. Erantzukizunpeko deklarazioaren edo komunikazioaren ondoriozko jarduera-aldia igaroz gero, beste autonomia-erkidego batzuetan jarduteko gaikuntza duten gidarien kasuan edo Europar Batasuneko beste estatu kide batean kokatuta dauden turismo-gidarien kasuan, baldin eta dekretu honen arabera inskribatuta badaude.

    3. Errebokatzearen, heriotzaren edo bestelako legezko kausaren bat dela eta, ondorio-galera deklaratzen duen administrazio-ebazpena emanez gero.

  2. Aurreko apartatuko a) eta b) letren kasuetan, bertatik bertara galduko da gaikuntza, komunikazioa jaso bezain laster edo aipatutako epea igaro ondoren, hurrenez hurren.

  3. Aurreko apartatuko c) letraren kasuan, ondorio-galera turismo-arloko arau-hauste baten ondoriozkoa bada, aplikatu beharreko zehapen-prozedura arautzen duten arauek xedatutakoa bete beharko da. Gainerako kasuetan, errebokatzeko prozedura ofizioz hasiko da, eta Eusko Jaurlaritzan turismo-arloko eskumena duen zuzendaritzak emango du ondorio-galera deklaratzeko ebazpena, aldez aurretik gaikuntzaren titularrari entzuteko izapidea eginda. Hiru hilekoa izango da ebazpena eman eta jakinarazteko epea, prozedura hasteko erabakia hartzen denetik aurrera.

  1. Bai euskal kultura-ondareko ondasunen barruan turismo-gidariaren jardueran aritzeko gaikuntza lortu duten pertsonak, bai beren borondatez beren jarduera esparru horietatik kanpo garatzen dutela komunikatzen dutenak inskribatuko dira.

  2. Euskadiko Turismo Enpresen eta Jardueren Erregistroko inskripzioak ofizioz egingo dira.

Zehazki, honako hauek inskribatuko dira:

  1. Gaikuntza aitortzen duten ebazpenak, hauek banakatuta:

    1. egiaztatutako lanbide-gaitasuna edo xedapen iragankor bakarrean aipatzen den egiaztatutako jarduera.

    2. egiaztatutako hizkuntzak edo zeinu-hizkuntzak.

  2. Gaikuntzaren ondorio-galerari buruzko ebazpenak, deklarazioak eta komunikazioak.

  3. Beste autonomia-erkidego batzuetan jarduteko gaikuntza duten turismo-gidariek edo Europar Batasuneko beste estatu kide batean legez kokatuta dauden gidariek aurkeztutako aurretiko deklarazioak, deklarazio horretatik ondorioztatzen den jarduera-aldia zehaztuta.

  4. Dekretu honen 13. artikuluaren babesean lanbide-kualifikazioa aitortzeko emandako ebazpenak eta egiaztatutako hizkuntzak edo zeinu-hizkuntza.

  1. Gaikuntza duten turismo-gidariek bereizgarri bat jasoko dute, zeinak argazki bat izango baitu eta hauek jasoko baititu: datu pertsonalak eta profesionalak, erregistro-zenbakia eta gaikuntzako hizkuntzak.

  2. Turismo-gidariek, jardun profesionalean dabiltzanean, agerian eraman beharko dute bereizgarria, ikusteko moduan.

  1. Turismo-gidariek eskubide hauek izango dituzte, oro har:

    1. Euskadiko baliabide turistikoen informazio- eta interpretazio-zerbitzuak emateko eskubidea, Euskal Kultura Ondarearen Euskal Autonomia Erkidegoko Erregistroan inskribatutako ondasun higiezinen barruan izan ezik.

    2. Euskadiko lurraldean, turismo-jardueren eta -zerbitzuen erabiltzaileei gidaritza- eta konpainia-zerbitzuak emateko eskubidea.

    3. Ematen dituzten zerbitzuen truke ordainsaria jasotzeko eskubidea, libreki ezartzen dituzten prezioen arabera.

    4. Indarrean dauden gainerako arauak aplikatzearen ondorioz, haien jardueratik segitzen diren eskubideak.

  2. Euskadin jarduteko gaikuntza duten turismo-gidariek, eskubide horietaz gainera, beste hauek ere izango dituzte:

    1. Euskadiko baliabide turistikoen informazio- eta interpretazio-zerbitzuak eskaintzeko gaitasuna ofizialki aitortua izatea.

    2. Haien jardunean ari direla, museoetara eta Euskal Kultura Ondarearen Euskal Autonomia Erkidegoko Erregistroan inskribatutako gainerako higiezinetara sartzeko eskubidea, indarreko arauetan eta xede horretarako egiten diren akordio eta hitzarmenetan ezarritako baldintzetan.

    3. Euskadin jarduteko gaikuntza duten turismo-gidari gisa identifikatzen dituen bereizgarri ofiziala lortzeko eta erabiltzeko eskubidea.

    4. Turismo-administrazioak turismo-gidarien jarduera sustatzeko egiten dituen katalogo, gida edo bestelako sustapen-bitartekoetan parte izatea.

    5. Turismo-administrazioak Euskadin gauzatzen dituen prestakuntza- eta hobekuntza-jardueretan parte hartzea eta sustapen-neurrietarako irispidea izatea.

  1. Hona hemen turismo-gidarien betebeharrak:

    1. Erabiltzaileei informazio argia, ulergarria eta zalantzarik gabea ematea jasoko duten zerbitzuaren funtsezko ezaugarriei eta prezioari buruz, betiere zerbitzua eman aurretik.

    2. Zerbitzuen erabiltzaileekin adostutako bisita-programaren edukia eta iraupena betetzea.

    3. Objektibotasunez eta zabaltasunez informatzea eta behar den arduraz jardutea, zerbitzu-hartzaileei arreta egokia emateko.

    4. Bisitari asko toki berean elkartzearen ondorioz edo ahotsa anplifikatzeko sistemak erabiltzearen ondorioz herritarrei eragiten zaizkien eragozpenak desagerrarazteko edo gutxitzeko moduan jardutea.

    5. Merkataritza-salerosketetan esku ez hartzea, ez zuzenean ez zeharka, ez zerbitzuak ematearen ondoriozkoetan ez zerbitzuak iraun bitartekoetan.

    6. Emandako zerbitzua egiaztatzen duen faktura edo beste edozein egiaztagiri ematea.

    7. Kontsumoaren arloko erreklamazio-orri ofizialak eskura izan eta zerbitzuen erabiltzaileei ematea.

    8. Indarreko gainerako arauak aplikatzearen ondorioz haien jardueratik beretik eratorritakoak.

  2. Euskadin jarduteko gaikuntza duten turismo-gidariek, betebehar horietaz gainera, beste hauek ere izango dituzte:

    1. Euskadin jarduteko gaikuntza duen turismo-gidariaren identifikazio-bereizgarria agerian izanda akreditatzea.

    2. Bisitaldietan, Euskadiko kultura-ondareko ondasunen erabilera- eta babes-arauak betetzea.

    3. Euskadiko Turismo Enpresen eta Jardueren Erregistroan inskribatutako datuen aldaketak jakinaraztea, baita jarduera bertan behera utzi izana ere.

Turismo-gidariak turismo-ikuskaritzaren mende daude, Turismoaren uztailaren 28ko 13/2016 Legearen VII. tituluko II. kapituluan xedatutakoaren arabera, dekretu honetan ezarritako betebeharrei dagokienez.

  1. Turismoaren uztailaren 28ko 13/2016 Legearen VII. tituluko III. kapituluan araututako zehapen-araubidea aplikatuko zaie turismo-gidariei.

  2. Turismo-gidarien arau-hauste arinak hauek dira:

    1. Euskadin jarduteko gaikuntza duten turismo-gidari gisa identifikatzen dituen bereizgarria ikusteko moduan ez erakustea, Euskal Kultura Ondarearen Euskal Autonomia Erkidegoko Erregistroan inskribatutako ondasun higiezinen barruan jarduten dutenean.

    2. Ez betetzea haien zerbitzuen erabiltzaileekin adostutako bisita-programaren edukia eta iraupena.

    3. Ondarea ez errespetatzea, zaintzea eta kontserbatzea, kalte larririk eragiten ez bada.

    4. Kultura- edo arkitektura-ondareko ondasunetara sartzeko aukerei eta bisitei buruzko arauak ez betetzea, ondasunok titulartasun publikokoak zein pribatukoak izan.

    5. Zerbitzuaren erabiltzaileei emandako informazioaren objektibotasun eta zabaltasun falta nabaria izatea.

    6. Erabiltzaileari adeitasunik gabeko tratua edo tratu desegokia ematea.

    7. Bisitari asko toki berean elkartzearen ondorioz edo ahotsa anplifikatzeko sistemak erabiltzearen ondorioz, jardunean, herritarrei eragozpen nabariak sortzea.

    8. Arau-hauste arin gisa kalifikatu behar den beste edozein, Turismoaren uztailaren 28ko 13/2016 Legearen 93. artikuluan xedatutakoaren arabera.

  3. Turismo-gidarien arau-hauste astunak hauek dira:

    1. Euskal kultura-ondareko elementuen barruan turismo-gidari jardutea gaikuntza izan gabe edo aurretiko deklarazioa edo deklarazioa berritzeko komunikazioa aurkeztu gabe, hala behar bada aldi baterako edo noizbehinkako zerbitzuak emateko Euskadin.

    2. Turismo-gidariaren jarduera garatzea euskal kultura-ondareko elementuen barruan, horretarako gaikuntzarik ez duen hizkuntza batean.

    3. Turismo-jardueren edo -zerbitzuen publizitatea edo merkaturatzea baliatzea «gaikuntza duen gidariaren» izaera aipatuta, gaikuntza hori eduki gabe, edo gaikuntzak jasotzen ez duen hizkuntza batean jardunda.

    4. Ondarea ez errespetatzea, zaintzea eta kontserbatzea, kalte larriak eraginda.

    5. Erabiltzailearekin kontrataturiko zerbitzu bat emateari uko egitea edo zerbitzu horren kalitate-baldintzak nabarmenki okerragoak izatea itundutakoak baino.

    6. Merkataritza-salerosketetan esku hartzea, zuzenean edo zeharka, zerbitzuak ematearen ondoriozkoetan edo zerbitzuak iraun bitartekoetan, baldin eta esku-hartze horrek onura ekonomikorik badakar.

    7. Faktura edo kontsumo-harremana egiaztatzen duen agiria entregatzeari uko egitea.

    8. Erreklamazio-orririk ez edukitzea edo hura emateri uko egitea, erabiltzaileek eskatzen duten unean.

    9. Erabiltzailearenganako begirune falta larria izatea.

    10. Arau-hauste astun gisa kalifikatu behar den beste edozein, Turismoaren uztailaren 28ko 13/2016 Legearen 94. artikuluan xedatutakoaren arabera.

  4. Arau-hauste oso astunak izango dira Turismoaren uztailaren 28ko 13/2016 Legearen 95. artikuluan xedatutakoaren arabera hala kalifikatutakoak.

Turismoaren uztailaren 28ko 13/2016 Legearen VII. tituluko V. kapituluan xedatutakoaren arabera zehatuko dira arau-hausteak.

Eusko Jaurlaritzak eta Foru-aldundiek, bakoitzak bere eskumenen esparruan, elkarrekiko akordioak eta hitzarmenak sustatuko dituzte, baita euskal kultura-ondareko ondasunen titularrak diren entitate publiko edo pribatuekin eta sektoreko elkarte profesionalekin ere, turismo-gidariek beren jardunean ondasun horien barrualdean lan egin ahal izan dezaten

  1. Dekretu hau indarrean sartzen denean, euskal kultura-ondareko elementuen barruan turismo-gidari jardun duten pertsonek gaikuntza lortu ahal izango dute, baldin eta eskakizun hauek betetzen dituztela egiaztatzen badute:

    1. Dekretu honen 5.1 artikuluan ezarritako eskakizun orokorrak.

    2. Lan horretan jardun izana, ohikotasunez eta prezio bidez, gutxienez bi urtez lanaldi osoan edo horren baliokidea den ordu kopuruan, azken hamar urteetan.

    3. Hizkuntza-gaitasunak egiaztatzea, dekretu honen 8. artikuluan ezarritakoaren arabera.

  2. Gaikuntza lortzeko, dekretu honen 6. artikuluan adierazten den eskabidea aurkeztu beharko dute turismo-gidariek, dekretua indarrean jarri eta hiru hileko epean.

  3. Xedapen honetan aipatzen diren turismo-gidariek gaikuntza duten gidarien baldintza berberetan jarraitu ahal izango dute beren jarduera behin-behinean egiten, espedientea ebatzi arte.

    AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Aldatzea 112/2019 Dekretua, uztailaren 16koa, Euskadiko Turismo Enpresen eta Jardueren Erregistroari buruzkoa.

    Euskadiko Turismo Enpresen eta Jardueren Erregistroari buruzko uztailaren 16ko 112/2019 Dekretuaren 4.b) artikulua honela aldatzen da:

    b) II. liburua. Turismo-gidariak.

    1. epigrafea. Turismo-gidariak.

      1a azpiepigrafea. Gaikuntza duten turismo-gidariak

      1b azpiepigrafea. Gaikuntzarik ez duten turismo-gidariak.

    AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Arau-garapena baimentzea.

    Eusko Jaurlaritzan turismo-arloko eskumena duen sailburuari baimena ematen zaio dekretu honetako 18. artikuluan adierazitako bereizgarri ofizialaren ezaugarriak eta diseinua arautzeko, bai eta dekretu honetan xedatutakoa garatu eta aplikatzeko behar diren gainerako arauak emateko ere.

    AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA. Indarrean jartzea.

    Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hiru hilabetera jarriko da indarrean.

    Vitoria-Gasteizen, 2024ko martxoaren 5ean.

    Lehendakaria,

    IÑIGO URKULLU RENTERIA.

    Turismo, Merkataritza, eta Kontsumoko sailburua,

    JAVIER HURTADO DOMÍNGUEZ.