Osasun Saila / Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila

Arautegia

Inprimatu

13/2021 DEKRETUA, urtarrilaren 19koa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 21
  • Hurrenkera-zk.: 489
  • Xedapen-zk.: 13
  • Xedapen-data: 2021/01/19
  • Argitaratze-data: 2021/01/29

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Sailak

Testu legala

Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen ditu, eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen. Haren azken xedapenetako lehenengoan ezartzen denez, sailburuek, Jaurlaritzaren Legearen 26.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, 2020ko abenduaren 31 baino lehen aurkeztuko dizkiote lehendakariari euren sailen erregelamendu organikoen proiektuak, hark onar ditzan. Jaurlaritzaren programan sail bakoitzaren jardun-arlo bakoitzari emandako helburuen eta printzipioen arabera egingo dira proiektuok.

Dekretu horren eta ezarritako eskumen-esparruaren ondorioz, beharrezkoa da Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari antolaketa-egitura egokia ematea esleitu zaizkion eginkizunak bete ditzan, dekretu honen 1. artikuluan xehatutako jardun-arloak betetzeko gauza den egitura batera egokitu beharrari erantzuteko. Turismo eta Merkataritza Sailburuordetzako organoek eta unitateek osatzen dute egitura hori, bai eta Zerbitzu Zuzendaritzako eta Kabinete eta Komunikazio Zuzendaritzako unitateek eta baliabide materialek eta giza baliabideek ere, dekretu honetan adierazitako egitekoak badituzte eta bertako jardun-arloei atxikita badaude.

Erregelamendu hau antolaketa-irizpide hauetara egokitzen da: austeritatea, egiturak lautzea, eduki zabaleko arlo funtzionalak elkartzea, egiturazkoak ez diren arlo funtzionalak identifikatzea, eta informazioaren teknologiak ahalik eta gehien aprobetxatzea.

Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 15. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, sail honi dagozkio Ekonomia eta Ogasun Sailak prezio publikoen arloan ordura arte zituen eskumenak.

Aurreikusitako egituraren bidez, turismoaren, ostalaritzaren eta merkataritzaren sustapenean ardaztu nahi da kudeaketa, horien arteko sinergiak sustatuz eta kontsumo-arloarekiko harremana hobetuz. Horretarako, eremu guztien arteko koordinazioa planteatzen da saileko organo gorenen mailan. Horri esker, zeharkako politikak formulatu ahal izango dira, gizartearen eskaeretara, hots, kontsumitzaile eta erabiltzaileen zein enpresa eta profesionalen eskaeretara, eta eskura dauden giza baliabideen eta baliabide materialen aprobetxamendu egokira bideratuta.

Dekretu hau bat dator Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 18. artikuluan xedatutakoarekin. artikulu horren arabera, arauak garatu eta aplikatzerakoan, bai eta planak, programak eta politika publikoak, dirulaguntzen programak eta administrazio-egintzak formulatzeko beste tresna batzuk garatu eta aplikatzerakoan ere, euskal herri-aginteek modu aktiboan izango dute kontuan emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzearen helburua.

Ondorioz, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuaren proposamenez, Lehendakariak onartuta, eta Gobernu Kontseiluak 2021eko urtarrilaren 19an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hau

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Nagusiari dagozkion eskumenen barruan eta Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 15. artikulua garatze aldera (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen ditu dekretu horrek):

  1. Turismoa.

  2. Merkataritza.

  3. Merkataritza, Industria eta Nabigazioko Ganberak.

  4. Kontsumoa.

  5. Prezioen politika.

  6. Sailari atxikita dauden edo sailaren mendekoak diren sektore publikoko erakundeak zuzentzea, legeek eta erregelamenduek ezartzen dutenaren arabera.

  7. Legeek eta erregelamenduek ematen dizkioten gainerako ahalmenak.

  1. Organo zentralak:

    Aurreko artikuluan aipatutako gaiei buruzko eskumenak baliatzeko, honako egitura orokor hau hartzen du Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak:

    1. Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saila:

    1. Kabinete eta Komunikazio Zuzendaritza.

    2. Zerbitzu Zuzendaritza.

    1. Turismo eta Merkataritza Sailburuordetza:

    1. Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritza.

    2. Merkataritza Zuzendaritza.

  2. Organo periferikoak:

    Lurralde historikoetako Turismo eta Merkataritzako lurralde-bulegoak. Funtzionario arduradun bat egongo da horietako bakoitzean. Hierarkikoki, Zerbitzu Zuzendaritzaren mende egongo da, eta, funtzionalki, aldiz, gaiari dagokion zuzendaritzaren mende.

  3. Sektore publikoa:

    Hauek Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari atxikita geratzen dira:

  1. «Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutua» administrazio-erakunde autonomoa, ekainaren 29ko 9/2007 Legearen bidez sortua.

  2. «Basquetour-Turismoaren Euskal Agentzia, Agencia Vasca de Turismo SA» sozietate publikoa, uztailaren 26ko 159/2006 Dekretuaren bidez sortua.

  1. Kide anitzeko organoak:

    Kide anitzeko organo hauek Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari atxikita daude, sortze-arauetan ezarritako moduan:

  1. Merkataritzako Aholku Batzordea.

  2. Merkataritza Establezimendu Handien Batzordea.

  3. Euskadiko Prezioen Batzordea.

  4. Euskadiko Turismo Mahaia.

  5. Merkataritza Banaketaren Behatokia.

  1. Honako egiteko hauek dagozkio Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari: batetik, Jaurlaritzaren ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. eta 28. artikuluetan finkaturiko eskumenak betetzea, eta, bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien funtzioak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren arabera sailari dagozkion egiteko eta jardun-arloetan, indarrean dauden legeek esleitzen dizkioten eskumenak betetzea, betiere, saileko beste organoren bati esleitu ez bazaizkio.

  2. Saileko organo gorena denez, bere gain hartuko ditu saileko organo guztien eta bertako jarduera guztien ordezkaritza, zuzendaritza, koordinazioa eta kontrola.

  3. Sailburuari dagozkio, halaber, honako eskudantzia hauek:

    1. Bere eskumenen eremuko helburu estrategikoak definitzea, Gobernu Programan zehaztutako ildo estrategikoen eta konpromiso programatikoen arabera.

    2. Bere helburu estrategikoak garatzeak gizartean izan duen eragina aztertzea, eta sailaren jarduera-sektoreen helburuetan egin beharreko aldaketak edo garapena zehaztea.

    3. Harremanak izatea Estatuko, autonomia-erkidegoetako eta foru-aldundietako organoekin eta toki-entitate eskudunekin, gaiaren arabera.

    4. Euskal erakundeen eta turismoaren, ostalaritzaren eta merkataritza-banaketaren sektoreko eragileen arteko politika koordinatua garatzea.

    5. Saila ordezkatzea Estatuko Administrazioak turismo- eta merkataritza-arloan sustatutako organo eta/edo batzordeetan.

    6. Izendapen askeko lanpostuak betetzea aurretik deialdi publikoa eginda, eta behin-behineko langileak izendatzea.

    7. Saileko organoen arteko eskudantziei buruz sortzen diren gatazkak ebaztea, eta beste sail eta erakunde batzuekiko eskumen-gaiak planteatzea.

    8. Saileko erakundeen edo agintarien ebazpenen aurka jartzen diren errekurtsoak ebaztea, non eta ez diren beste organo baten eskumena.

    9. Sailaren jarduerari lotutako ondare-erantzukizunei buruzko erreklamazioak ebaztea.

    10. Egintza deuseztagarrien kaltegarritasun-deklarazioa egiteko prozedurak hasi eta ebaztea, baita xedapen eta egintza deusezak ofizioz berrikusteko prozedurak ere; esandako bi kasuetan, sailaren esparruan emandako egintzei dagokienez eta haren araudi espezifikoak beste organo bati esleitzen ez badizkio.

  4. Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari atxikita geratzen da Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutua erakunde autonomoa, sailburuaren mende, hierarkikoki.

  5. Sailburuak Zuzendaritza Kontseiluaren laguntza izango du, zeinaren egitekoa izango baita sailaren politika orokorra planifikatzeko eta koordinatzeko aholkuak ematea. Kontseilu horren parte izango dira: saileko organo zentralen titularrak, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutua erakunde autonomoaren eta Basquetour-Turismoaren Euskal Agentzia, Agencia Vasca de Turismo SAren zuzendariak, baita sailaren titularrak landu beharreko gaien arabera bilerara deituko dituen saileko beste pertsona batzuk ere.

  1. Honako eskudantzia hauek baliatzea Kabinete eta Komunikazio Zuzendaritzari dagokio, zuzenean sailburuaren mende eta Sailburuordetzarekin koordinatuta:

    1. Sailburuari bere egiteko instituzional eta orokorretan jarduteko behar duen laguntza eta aholkua ematea.

    2. Sailaren komunikazio-politika zuzentzea eta koordinatzea, eta, ildo horretan, gizarte-komunikabideekiko harremanak zaintzea.

    3. Sailburuari laguntza zuzena ematea lan-programaren plangintzan eta jarraipenean, batez ere ordezkaritza instituzionaleko ekitaldietarako.

    4. Saileko organoen ekitaldi publikoak eta kanpo-jarduerak programatzea.

    5. Saileko solaskidea izatea, gainerako sailekin, administrazioekin eta erakundeekin jarduteko, beste organo batzuei berariaz esleitutako egoeretan izan ezik.

    6. Legebiltzarrarekiko eta Arartekoarekiko harremanak kudeatzea, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako Zuzendaritzaren bidez.

    7. Informazioaren argitalpen aktiboa, informazio publikoa eskuratzeko eskubideen eskaerei emandako erantzuna eta sailaren datu publikoen irekiera koordinatzea eta horien jarraipena egitea, bat etorriz gardentasun-politikarekin.

    8. Bere jardun-arloan, Euskal Autonomia Erkidegoko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Planaren helburuak definitzea, eta helburu horiek lortzeko ekintzak eta ekimenak gauzatzea eta ebaluatzea, emakumeen berdintasunaren arloko politiken kudeaketa integratua gauzatuz, Zerbitzu Zuzendaritzarekin koordinatuta eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearekin lankidetzan.

  2. Kabinete eta Komunikazioko zuzendariari dagokio baimena ematea bere jardun-arloaren barneko espedienteen ondoriozko gastuetarako, non eta baimen hori ez den beste organo baten eskumena.

  1. Zerbitzu Zuzendaritzari, zuzenean sailburuaren mende eta sailburuordetzarekin koordinatuta, eskudantzia hauek dagozkio:

    1. Sailburuari laguntza tekniko-juridikoa eta administratiboa ematea.

    2. Sailburuari sailaren estrategien eta funtzionamenduaren ikuspegi osoa ematea, eta baliabideak esleitzeko eta programak ebaluatzeko erabaki-esparrua prestatzea.

    3. Sailaren aholkularitza juridikoa eta araugintza, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoa Antolatzeko ekainaren 2ko 7/2016 Legearen 4. artikuluan jasotakoaren arabera. Zerbitzu Juridiko Nagusiarekiko solaskide izatea, eta Koordinazio Juridikoaren Batzordean saila ordezkatzea.

    4. Sailaren barruko kudeaketaren jarraipena zuzendu, koordinatu eta egitea, eta Gobernu Kontseiluaren kontuak kudeatzea.

    5. Sailaren jarduera ekonomikoa eta administratiboa planifikatzea eta kudeatzea.

    6. Sailari atxikitako giza baliabideak kudeatzea, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 10. artikuluak horretarako esleitzen dizkion eskumenak erabiliz.

    7. Sailak langile-premiei buruz egindako aurreikuspenak ebaluatzea, eta Funtzio Publikoaren Zuzendaritzari proposatzea saileko plantilla eta lanpostuen zerrendak egin ditzala. Halaber, sailetako eta sailarteko jarduerak eta proiektuak egin, koordinatu eta ebaluatzea dagokio, barne-egituraketaren eta langileen antolaketaren arloan, lanpostuen zerrenden bidez.

    8. Sailaren informazio-sistemak eta baliabide materialak planifikatzea eta kudeatzea.

    9. Jardun-arloaren barruko espedienteetatik eratorritako gastua baimentzea, non eta baimen hori ez den beste organo baten eskumenekoa.

    10. Sailaren jarduera dela-eta sortzen diren ondare-erantzukizuneko prozedurak hasi, instruitu eta ebazpen-proposamena egitea.

    11. Jurisdikzio-prozeduren jarraipena eta kontrola egitea, eta Eusko Jaurlaritzako Zerbitzu Juridiko Nagusiarekiko harremanak zaintzea.

    12. Sailean, Eusko Jaurlaritzaren eremu orokorreko proiektuak koordinatzea kalitatearen, berrikuntzaren, modernizazioaren, Administrazio elektronikoaren eta berdintasunaren arloetan.

    1. Sailaren jardun-esparruetan herritarrek dituzten eskubideei eta betebeharrei buruzko iradokizun, kexa eta erreklamazioen kudeaketa koordinatzea, eta horren jarraipena egitea.

    2. Hizkuntza Ofizialen Erabilerarako Irizpideak ezartzea, eta horien jarraipena egitea Zuzendaritzaren jardun-esparru guztietan, hala nola: itzulpen-irizpideak, langileen etengabeko prestakuntza orokorra, izendapenak, etab.

    3. Aldizkari ofizialetan egin behar diren argitalpenak kudeatzea.

    4. Erregistro orokorra eta artxiboa kudeatzea.

    5. Eusko Jaurlaritzako Zuzenean-Herritarrentzako Arreta Zerbitzuarekiko harremanak.

    6. Saileko Segurtasun eta Osasun Unitatearen jarduerak zuzentzea, hargatik eragotzi gabe prebentzio-zerbitzuari dagozkion eskumenak.

    7. Sailaren estatistika-jardueren eta estatistika-organo espezifikoaren zuzendaritza.

    8. Datu pertsonalak babesteari buruzko araudia betetzen dela ziurtatzea.

    9. Berdintasun Unitatearen jarduerak zuzentzea, eta gainerako zuzendaritzekin, Administrazio Instituzionaleko erakundeekin eta sailari atxikitako organoekin batera lan egitea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean eta Eusko Jaurlaritzak onartutako Berdintasunerako Planean aurreikusitako neurriak betearaztea sustatzeko.

  2. Zerbitzuen zuzendaria izango da sailaren kontratazio-organoa. Aurrekoa gorabehera, Gobernu Kontseiluaren baimena beharko da aurrekontu-legeek ezarritako muga kuantitatiboak gainditzen dituzten kontratuak edo esparru-akordioak egiteko.

    1. Halaber, Zerbitzuen zuzendariak sailarentzako enkarguak egingo dizkie Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko bitarteko propio pertsonifikatuei.

    2. Zerbitzu Zuzendaritzaren eskumena izango da kontratazio-espedienteak eta saileko bitarteko propio pertsonifikatuei egindako enkarguak izapidetzea.

  3. Zerbitzuen zuzendariari dagokio saileko aurrekontu-aurreproiektua prestatzeko diru-sarreren eta gastuen egoera-orria egitea, haren jarraipena koordinatzea, gastua erabiltzeari eta obligazioa kontratatzeari buruzko eragiketak gauzatzea, eta, oro har, sailaren ekonomia eta aurrekontua kudeatzea. Halaber, koordinatu beharko ditu erakunde autonomoen, zuzenbide pribatuko erakunde publikoen eta sailari atxikitako gainerako erakunde publikoen aurrekontuak, eta horiek sailaren aurrekontuarekin bateratu beharko ditu.

  4. Turismo eta Merkataritzako lurralde-bulegoak Zerbitzuen zuzendariaren mende egongo dira hierarkian.

1. ATALA

SAILBURUORDETZA

  1. Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko sailburuordea sailburuaren mende egongo da zuzenean eta hierarkian, eta jardun-arlo hauek zuzendu eta koordinatuko ditu:

    1. Turismoa.

    2. Merkataritza.

  2. Sailburuordetzari dagokio honako eskudantzia hauek betetzea:

    1. Saila ordezkatzea, titularrak eskuordetuta.

    2. Bere arlo funtzionalari esleitutako kudeaketa-politikak definitzea, helburu estrategikoak garatzea eta eragin soziala aztertzea, baita helburuetan behar diren doikuntzak eta garapenak egitea ere.

    3. Sailburuordetzaren jarduerak zuzendu, koordinatu, bultzatu eta berrikustea, baita zuzendaritzenak eta haien mendekoak diren gainerako organoenak eta administrazio-unitateenak ere.

    4. Sailburuordeari dagozkion egitekoen esparruan, jardun-politikak egitea, horiek sailburuari proposatzea eta laguntza teknikoa ematea.

    5. Europako eta nazioarteko erakunde publiko nahiz pribatuekiko harremanak eta lankidetza sustatzea.

    6. Sailburuordetzaren antolamendu operatiboa proposatzea, zuzendaritzetan eta administrazio-unitateetan antolatuta, ezarrita dauden antolamendu-irizpideekin bat.

    7. Sailburuordetzaren mendeko organoei eta unitateei zuzendutako jarraibideak eta zerbitzu-aginduak ematea, ondo funtziona dezaten.

    8. Sailburuordetzaren jarduerak beste sailburuordetza batzuekin koordinatzea, batek baino gehiagok esku hartu behar duenean proiektu edo prozedura batean, Jaurlaritzaren jardun politiko eta administratiboaren koherentziari eusteko, hargatik eragotzi gabe Jaurlaritzaren koordinazio-jardun orokorra.

    9. Azterlanak eta txostenak egitea, eta azterlan-txosten horiek aztertzea bere eskumenen esparruan.

    10. Sailburuordetzaren mendeko zuzendariek emandako ebazpenen aurka jarritako errekurtsoak ebaztea.

    11. Akordioak edo hitzarmenak sinatzea enpresekin, erakundeekin eta antolakundeekin, non eta eskumena ez zaion beste organo bati eman.

    12. Zehatzeko ahalmena baliatzea bere eskumen-eremuan, eta arau-hauste oso astunen ondoriozko zehapenak ezartzea.

    1. Bere jardun-arloaren barnean hartutako espedienteen ondoriozko gastua baimentzea, non eta baimen hori ez den beste organo baten eskumena.

    2. Basquetour-Turismoaren Euskal Agentzia, Agencia Vasca de Turismo SA sozietate publikoa babesteko egitekoak gauzatzea.

    3. Merkataritza, Industria eta Nabigazioko ganberak babesteko ahalmena.

    4. Merkataritzako erakusketen eta azoken sustapena eta jarraipena.

    5. Sailaren ekimenez sinatu beharreko arau-xedapenen edo hitzarmenen proiektuak aztertzea eta berrikustea.

    6. Prezio publikoen politika zuzentzea.

    7. Bere gain hartzea sailean eta bere eskumeneko esparruetan emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko erantzukizuna, bat etorriz Gobernu Kontseiluak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Planean ezarritakoarekin.

    8. Bere gain hartzea saileko hizkuntza-normalizazioaren erantzukizuna, eta euskara zerbitzu- eta lan-hizkuntza gisa erabiltzea sustatzea bere eskumeneko esparruetan, herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko, bat etorriz Gobernu Kontseiluak onartutako Euskararen Agenda Estrategikoarekin.

    9. Indarrean dagoen araubide juridikoak agintzen dien beste egiteko oro, edo, oro har sailburuordetzei atxikitzeagatik, egiteko komunak direnak.

  3. Hierarkian Turismo eta Merkataritza Sailburuordetzaren mende daude Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritza eta Merkataritza Zuzendaritza.

    2. ATALA

    ZUZENDARITZAK

Saileko zuzendariei dagokie, zuzenean eta hierarkian sailburuordearen mende, edo sailburuaren mende, Kabinete eta Komunikazio Zuzendaritzaren eta Zerbitzu Zuzendaritzaren kasuan, honako eskudantzia orokor hauek baliatzea:

  1. Nork bere jardun-arloan, kudeaketa publikoko politikak garatzea, eta egin beharreko planak eta programak zehaztu, kudeatu eta zuzentzea.

  2. Nork bere jardun-arloari dagozkion helburuak zabaltzea, horretarako jarduerak eta erantzukizunak esleitzea, eta kudeaketan behar diren zuzenketak egitea.

  3. Nork bere jardun-arloaren antolamendu operatiboa proposatzea, eta barruko lan-sistemak zehaztea.

  4. Nork bere jardun-arloaren jarduerak programatu, sustatu, zuzendu, koordinatu eta kontrolatzea.

  5. Nork bere jardun-arloaren jarduketak gainerako zuzendaritzekin koordinatzea, prozeduraren batean batek baino gehiagok parte hartu behar dutenean.

  6. Nork bere jardun-arloko arauak garatzeko proposamenak egitea.

  7. Nork bere eskumeneko gaietan, organo gorenei proposamenak egitea.

  8. Nork esleituta dauzkan egitekoak gauzatzeko behar dituen administrazio-egintzak ematea.

  9. Nork bere eskumen-eremuan, zehapen-ahalmena baliatzea, eta arau-hauste arin eta astunen ondoriozko zehapenak ezartzea.

  10. Indarreko araudian aurreikusitako egoeretako errekurtsoak ebaztea.

  11. Zuzendaritzaren arlo funtzionaletako irizpenak, txostenak eta azterlanak egitea.

  12. Informazio publikoa eskuratzeko eskubideen eskaerak ebaztea.

  1. Nork bere esparruan, Euskal Autonomia Erkidegoko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Planaren helburuak definitzea, eta helburu horiek lortzeko ekintzak eta ekimenak gauzatzea eta ebaluatzea, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko politiken kudeaketa integratua Zuzendaritzako zerbitzu-burutzekin lankidetzan eginez, betiere Zerbitzu Zuzendaritzarekin koordinatuta eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen lankidetzaren bitartez.

  2. Zerbitzu Zuzendaritzaren zuzendaritzapean eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin lankidetzan, bere esparruan indarrean dagoen Hizkuntza Normalizatzeko Planaren helburuak definitzea, eta plan hori lortzeko ekimenak garatzea eta ebaluatzea, euskara modu integratuan kudeatuz, Zuzendaritzako arduradunekin lankidetzan.

  3. Indarrean dagoen araubide juridikoak agintzen dien beste egiteko oro, edo, oro har sailburuordetzei atxikitzeagatik, egiteko komunak direnak.

  1. Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzari dagokio, zuzenean eta hierarkian Turismo eta Merkataritza Sailburuordetzaren mende, eskudantzia hauek baliatzea:

    1. Turismo arloko arauak garatzeko proiektuak sustatu, koordinatu eta kudeatzea.

    2. Turismo arloko erregulazioa eta araudia eguneratzea, sektoreko eragileekin eta administrazio publikoekin lankidetzan.

    3. Baliabide turistikoen antolamendua kudeatzea, turismoko lurralde-plan sektoriala bultzatuta, Euskadiko lurralde-garapen turistikoaren eredua eta kudeaketa turistiko iraunkorra definitzeko.

    4. Turismoa antolatzeko prozedurak gauzatzea, eta turismoaren arloko araudia betetzen dela ikuskatu, kontrolatu eta egiaztatzea.

    5. Laguntza sektorialak planifikatu, kudeatu eta berrikustea.

    6. Euskal ostalaritzaren Plana egitea eta garatzea.

    7. Ostalaritza sustatzea eta bultzatzea, euskal turismoaren beste elementu eragile bat den aldetik.

    8. Turismo Jasangarriaren Euskal Estrategia 2030 berria egin, garatu eta koordinatzea, eta Euskal Turismoaren Plan Estrategikoa ezartzea, sektoreko eragileekin eta administrazio publikoekin lankidetzan. Jarraipena egiteko adierazleak ezartzea, horien betetze-maila ezagutzea, eta gizarteari kontuak eman ahal izatea.

    9. Sektorean, genero-berdintasuna sustatzea.

    10. Enpresa eta jomuga turistikoetan ziurtagiri bidezko kalitatearen garapena eta jardunbide turistiko egokien sistema bultzatzea, sektoreko enpresekin lankidetzan. Euskadiko irisgarritasun turistikoaren eredua kudeatzea.

    11. Azpisektoreetan zein jardun-arloetan, enpresen arteko lankidetza sustatzea, euskal turismo-sektorearen dimentsionamendu lehiakorrago bat lortzeko xedez.

    12. Lanbide turistikoen garapena sustatzea eta babestea. Sektoreko langileentzako prestakuntzaren, kualifikazioaren eta hobekuntzaren arloko jarduerak sustatzea.

    1. Enpresak eta/edo produktu turistiko berriak modernizatzea eta sortzea, enpresa-ondorengotza eta belaunaldi-erreleboa sustatzen duten programak, tresnak edo jarduketak lantzea eta gauzatzea.

    2. Sustapen eta merkaturatze turistikoko plana egitea eta bultzatzea.

    3. Sustapen turistikorako ekintzak bultzatzea.

    4. Euskadi jomugari buruzko informazio turistikoa koordinatzea eta baliabide turistikoak zabaltzea Itourbask turismo-bulegoen sarearen bidez, eta sare hori osatzen duten pertsonen prestakuntza sustatzea.

    5. Euskadiko baliabide turistikoak sustatzeko eta sektoreko eragile guztiak erlazionatzeko teknologia berrien erabilera sustatzea, batez ere web-orrien bidez eta sare sozialetako kontu korporatiboen bidez.

    6. Eskaintza turistikoan bikaintasuna sustatzea, jomugen dibertsifikazioari eta horien berezitasunari lotuta.

    7. Turismoaren adimen lehiakorreko sistema bat garatzea, eragile publiko eta pribatuen lankidetzarekin eta koordinazioarekin.

    8. Azterlan sektorialak, balorazio eta azterketa estatistikoak, eta merkatuari buruzko azterlanak eta txostenak egitea.

    9. Nork bere jardun-eremuan, indarrean dagoen Sailaren Berdintasun Planaren helburuak definitzea, bai eta helburu horiek lortzeko ekimenak garatu eta ebaluatzea ere.

    10. Oro har, turismo-administrazioaren eta lehiakortasunaren arloan agintzen zaizkion bestelako egiteko guztiak garatzea.

  2. Zuzendaritza honi atxikitzen zaio Euskadiko Turismo Mahaia.

  1. Merkataritza Zuzendaritzari dagokio, zuzenean eta hierarkian sailburuaren mende, egiteko hauek betetzea:

    1. Merkataritza-jarduera ordenatu, kudeatu eta zuzentzea.

    2. Nork bere lurralde-eremuan merkataritza-banaketaren sektorearen erregulazioa eta sinplifikazio administratiboa hobetzeko ekimenak bultzatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeekin koordinatuta.

    3. Merkataritza-banaketako egituren eta prozesuen hobekuntza eta modernizazioa sustatzea.

    4. Kalitate-prozesuen eta merkataritzan berrikuntza kudeatzeko prozesuen ezarpena sustatzea, eta banaketa-prozesuko kostuak arrazionalizatzeko eta murrizteko programak bultzatzea.

    5. Euskal Merkataritza Estrategia 2030 garatu eta mantentzea, 2021-2025 Merkataritza Plana ezartzea, hori guztia sektoreko eta administrazio publikoetako eragile guztien parte-hartzearekin. Jarraipena egiteko adierazleak sortzea, horien betetze-maila ezagutzea eta gizarteari kontuak eman ahal izatea.

    6. Merkataritza-sektoreko enpresei eta elkarteei laguntza teknikoa ematea, merkataritzari laguntza teknikoa emateko bulegoen sarearen bidez.

    7. Euskal enpresen kooperazio-estrategiak sustatzea, merkataritza-jardueretarako.

    8. Merkataritza-proiektu berriak erakar daitezen sustatzea eta merkataritza-jarduera biziberritzearen alde egitea.

    9. Merkataritzan kalitate- eta berrikuntza-prozesuen ezarpena sustatzea, eta banaketa-prozesuan kostuak arrazionalizatzeko eta murrizteko programak bultzatzea.

    10. Euskal merkataritza-sektorean negozio-eredu berriak merkaturatzeko eta ezartzeko modu berriak sustatu eta bultzatzea.

    11. Euskal merkataritza-sektorearen prestakuntza eta profesionalizazioa sustatzea, eta Merkataritzaren Prestakuntza Integraleko Plana garatu eta mantentzea.

    12. Merkataritza-sektorean ekintzailetza eta merkataritza-ereduak kontsumo-ohitura berrietara eboluzionatzea sustatzea.

    1. Merkataritza-arloan arauak betetzen direla ikuskatu, kontrolatu eta egiaztatzea.

    2. Prezioen politika kudeatzea, bai eta horretarako sortutako batzordea ere.

    3. Merkataritza Banaketaren Behatokia zuzentzea, laguntza teknikoa eta administratiboa ematea eta haren helburuak definitzea, sailaren estatistika-organoarekin lerrokatuko direnak, baita merkataritza-arloko ezagutza kudeatzeko estrategiak garatzea ere.

    4. Nork bere jardun-esparruan, sailaren indarreko Berdintasun Planaren helburuak definitzea, bai eta helburu horiek lortzeko ekimenak garatu eta ebaluatzea ere.

    5. Oro har, banaketa- eta merkataritza-gaietan indarrean dauden arauak betearazteko eskumenak, bai eta, gai horri dagokionez, beste organo batzuei esleituta ez daudenak ere.

  2. Merkataritza Zuzendaritzari atxikitzen zaizkio Merkataritza Establezimendu Handien Batzordea, Merkataritzako Aholku Batzordea eta Merkataritza Banaketaren Behatokia.

Hierarkian Zerbitzuen zuzendariaren mende, eta, funtzionalki, gaiaren arabera, zein bere zuzendaritzaren mende, Turismo eta Merkataritzako lurralde-bulego bat egongo da lurralde historiko bakoitzean; lurralde-bulegoak sailaren eskumenekoak diren turismoaren eta merkataritzaren alorrean eginkizun betearazleak izango ditu, bakoitzak jarduteko dagokion lurralde-eremuaren barruan.

Turismo eta Merkataritzako lurralde-bulegoen eginkizunak eta eskumenak Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuaren 2017ko irailaren 15eko Aginduan ezarritakoak dira, zeinak arautzen baititu Turismo eta Merkataritzako lurralde-bulegoen eskumenak eta eginkizunak.

Dekretu honek aipatzen dituen organoetako titularren postuak hutsik geratuz gero, edo haien absentziaren edo gaixotasunaren kasuetan, haiei esleitutako egitekoak eta eskumenak hierarkian gorago dagoen organoko titularrak baliatuko ditu, egoera hori luzatzen den bitartean eta saileko titularrak berariazko ebazpena eman ezean, bi kasu hauetan izan ezik: Kabinete eta Komunikazio Zuzendaritzarenean eta Zerbitzu Zuzendaritzarenean, haiek elkar ordezkatuko baitute.

Hau indarrean jartzen denean izapidetzen ari diren espedienteak gaiaren araberako eskumena duten organoek ebatziko dituzte.

Indarrik gabe geratzen da Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 81/2017 Dekretua, dekretu honek aintzat hartzen dituen antolamendu-arauei dagokionez.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2021eko urtarrilaren 19an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,

JAVIER HURTADO DOMÍNGUEZ.