Arautegia
Inprimatu128/2019 DEKRETUA, uztailaren 30ekoa, zeinaren bidez behin betiko onesten baitira Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 181
- Hurrenkera-zk.: 4315
- Xedapen-zk.: 128
- Xedapen-data: 2019/07/30
- Argitaratze-data: 2019/09/24
Gaikako eremua
- Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; Gobernua eta herri administrazioa
Testu legala
Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen babespean, otsailaren 11ko 28/1997 Dekretuaren bidez behin betiko onetsi ziren Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak, autonomia-erkidego osoaren lurralde-plangintzarako aurreneko tresna izan zirenak. Gainera, gidalerro horien garapen gisa, 14 lurralde-plan partzial eta 10 lurralde-plan sektorial idatzi eta onartu dira, eta hori izan da, oro har, lurralde-antolamenduaren lehenengo belaunaldi bat.
Ordutik hona, urte hauetan diziplina-ikuspegi eta gai berriak sortu dira, lurralde-plangintzan aztertu behar direnak: klima-aldaketaren erronka, hiri-berroneratzea, azpiegitura berdea, paisaia, ekonomia zirkularra eta mugikortasuna, besteak beste; parte-hartze publikoak beste neurri bat hartu du, gobernantza lurraldeko gobernuari nagusitu zaio, eta, azkenik, lurralde-adierazleen kudeaketa gizakiaren ekintza neurtzeko elementu gisa agertzen da.
Aurrekari horiekin, Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak aztertzen dira, lurralde- eta hirigintza-plangintzaren arloko gainerako tresnak berrikusteko erreferentzia-esparru berrituaren funtzioa bete dezaten. Maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 10. artikuluan aurreikusitako prozedurari jarraikiz formulatu eta izapidetu dira gidalerrook, eta indargabetu egiten dira 1997ko gidalerroak.
Dokumentuak testuingurua aztertzea du abiapuntutzat, eta azterketa hori bai lurralde-plangintzaren arloan, bai ikuspegi sozio-ekonomikotik eta lurralde-arlokotik egiten da. Lurralde-arloari dagokionez, orografia irregularra eta biztanleriaren kokatze trinkoa duen lurraldea da EAE (kokatze trinko hori batez ere Kantauriko isurialdean). Aurreikusia dago biztanleria-geldialdia eta -zahartzea, eta horrek mendekotasun-tasa handitzea eragingo du; industriaren tertziarizazioak eta energia berriztagarrien tasa areagotzeko premiak I+Gan inbertsio handiagoa egitea eragingo du. Testuinguru horretan, klima-aldaketaren erronka ere azaltzen da, klima-aldaketak lurraldearen, biztanleriaren, natura-ingurunearen eta jarduera sozioekonomikoen gaineko eraginak okerragotuko baititu, bereziki itsasoaren mailaren igoerari, prezipitazioen erregimenaren aldaketari eta tenperatura, uholde eta bero-boladei dagokienez. Horregatik guztiagatik, gure lurraldea ez da horren kaltebera izan behar, eta bai erresilienteagoa, eta horrelako egoerei aurre egiteko gaitasuna izan behar du.
Lurralde-estrategia berriaren oinarriak bat datoz identifikatutako zenbait lurralde-erronkarekin (2030 Garapen Jasangarrirako Agenda, Nazio Batuen Erakundeak onetsia; Garapen Jasangarriaren 17 helburuak; Quitoko HABITAT III Hiri Agenda Berria; Amsterdameko Itunak onartutako Europar Batasunaren 2020ko Lurralde Agenda). Lurralde bat edo lurralde-antolamendurako politika bat proiektatzen dute, zeinak lurralde-estrategia jasangarri, inklusibo, orekatu, elkarrekin erlazionatu eta partizipatiboa baitu ikuspegitzat.
Dokumentua zenbait printzipio gidaritan oinarritzen da, eta printzipio horiek egungo lurralde-eredua lurralde-erronka berrietara egokitzen dute. Erronka horiek proposatu den lurralde-eredu berriaren balio erantsi bat dira. Lurralde-ereduak elementu hauek ditu bereizgarritzat: ingurumen fisikoa eta egitura berdea; landa-habitata; hiri-habitata; paisaia, kultura-ondarea eta ondare naturala, eta baliabide turistikoak; baliabideen kudeaketa jasangarria; mugikortasuna eta logistika; zeharkako gaiak eta gobernantza.
Ingurune fisikoari buruzko kapitulua dokumentuaren atalik garrantzitsuenetako bat da. Hori dela eta, artikulu bat ez ezik, eranskin arauemaile bat ere eskaintzen zaio, biak ala biak derrigor bete beharrekoak. Zehatz esanda, erabilera-matrizeak adierazten du Euskal Autonomia Erkidegoko lurzoru urbanizaezina antolatzeko oinarria, zeina lurraldearen % 93 baita; gainera, ingurune fisikoaren elementuei eta prozesuei eta jardueren kontrolari buruzko jarraibideak sartzen dira, eta jasangarritasuna eta garapen orekatua dira jarraibide horien guztien funtsak. Azpiegitura berdea hiru modu hauetan sartzen da Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetan: bere definizioa eta ezaugarriak jasoz; autonomia-erkidegoan duen azpiegitura berdea adieraziz; jarraibideak ezarriz, gidalerro horiek eskala desberdinetan garatzeko, lurralde- eta hirigintza-plangintzaren bidez, horrela tresna bat izango baita lurralde-zatiketa birmoldatzeko eta ekosistemetako zerbitzuak indartzeko, lurraldean isolatuta dauden espazio babestuen ikuspegi tradizionala gaindituz eta horren ordez plangintza kontziente bat ezarriz, naturak eskaintzen dizkigun zerbitzu ugariei eta beren funtzionamenduari buruz ulertzen duguna oinarritzat hartuta.
Landa-arloaren eta hiri-arloaren arteko inbrikazio sendoko lurralde batean, ereduak planteatzen du landa-habitatak lehenengo sektorea zaindu eta sustatzea eta herritarren zerbitzuak hobetzea duela premisatzat, bere bizitza-maila hiri-habitatarenarekin parekatzeko.
Uste da guztiz indarrean dagoela «hiriburuen euskal sistema polinuklearra», hiri ertainen eginkizunaren aldeko apustua berresten da jasangarritasun-irizpideen bidez «Eraldaketa-ardatzak» delakoan batera artikulatuz; oraindik uste da eremu funtzionalak piezak direla, eskala egokia duten piezak lurralde-orekako estrategia posibleak aplikatzeko. Hiri-habitataren ikuspegiak hiri kontsolidatua lortzea du helburu, hiri konplexu bat sustatuz, erabilera-nahasketa duen hiri trinko bat, sozialki kohesionatuta dagoena, eta hiri-berroneratzearen aldeko apustu sendoa egiten da, «hiri-hazkundearen perimetroa» izeneko tresnaren alde eginez, hiri-hedapena mugatzea helburutzat hartuta, eta lurzorua hobeto aprobetxatzeko bizitegi-kuantifikazioa bultzatuz, lurzoruaren okupazio berrien aurrean. Aurrekoaren ildotik, lehentasunezkotzat jotzen da arreta berezia eskaintzea dagoen industria-lurzoruari, eta hura birgaitu eta berrerabiltzeari, uste baita zenbait jarduera ekonomikok hiri konplexu bat sortzen lagundu dezaketela, erabilera-nahasketa duen eta kohesionatuta dagoen hiria, eta hurbileko merkataritza-eredua nabarmendu behar da, hiri kontsolidatuan erabilera-nahasketa horri modu nabarian lagundu behar dion jarduera ekonomikotzat hartuta.
Gidalerroek paisaiari buruzko ikuspegi berri bat bere egiten dute, lurraldean dagoen giza jarduera modu integralean ikusteko tresna gisa hartuta, bai paisaia bikainetan, bai antolatu beharra duten ohiko paisaietan ikusteko, alegia. Ondarea (kulturala nahiz naturala) zaindu beharreko baliabide bat da, eta horregatik, funtsezkoa da modu jasangarrian kudeatzea. Bestalde, jarduera turistikoak hainbesteko tamaina hartzen du ezen planifikatu behar baita jasangarria izateko eta gauzatzen den lurraldea desorekatuko duen inpakturik ez eragiteko.
Baliabideen kudeaketa jasangarriak urari buruzko kapituluan uholde-arriskua, hornikuntza eta saneamendua bistaratzen dizkigu; energia ere bai, bi hauek dituelarik lurralde-politikaren eta politika sektorialaren ardatz nagusi: energia-eraginkortasuna eta energia berriztagarriak; ekonomia zirkularra, kanpokoarekiko mendekotasuna gutxitzeko eta barneko baliabideak ahalik eta gehien profitatzeko, eraginkorragoak izanez eta baliabideak fluxu ekonomikoan mantenduz ahalik eta luzeen.
1997ko gidalerroek hiriburuen euskal sistema polinuklearra gauzatzeko proposatzen duten harreman-sistema gehienbat burutu dela jotzen da. Jauzi terminologiko bat proposatzen da: azpiegituraz hitz egitetik mugikortasunaz hitz egitera pasatzen da, euskarri materialetik haratago doan sistema integratutzat hartuta. Intermodalitatea bermatzen duen eredu bat planteatzen da, garraio publikoa sustatzen duena eta oinezkoen eta txirrindularien mugikortasunak garrantzia berreskuratzen duena, batez ere hiriguneetan eta distantzia laburretan. Logistikaren arloan, salgaien garraioko sistema integratu bat proposatzen da, zeinaren barnean finkatzen eta indartzen baita tren, portu eta aireportuetako logistikaren papera.
Bukatzeko, kontzeptu arloko berritasun handi bat: eredua zeharkako zenbait gairekin osatzen da, zeinen politikek gainditzen baitituzte lurralde-antolamenduarenak nahiz eta hausnarketa beharra duten gidalerro hauetatik: irisgarritasun unibertsala, genero-ikuspegia, klima-aldaketa, osasun, euskara eta lurralde-erlazioa. Hiri-eredu jendeztatu batek, erabilera-nahasketaren aldetik konplexua bada eta sozialki kohesionatuta badago, arlo hauetan aipatutako helburuak lortzen laguntzen du. Lurralde-erlazioari dagokionez, gai hori gero eta konplexuagoa da, eta hor sare birtualek fisikoaren harresiak desegiten dituzte; horrexegatik, hain zuzen ere, beharrezkoagoa da erlazio hori kontuan hartzea, Euskal Autonomia Erkidegoak Europaren errotula gisa duen ahalmena garatuz eta lurraldeen arteko lankidetza estutuz. Gaineratu behar da dekretu hau idazteko eta onartzeko prozesuan gauzatu dela Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 18.etik 22.erako artikuluetan xedatutako izapidetza, eta derrigorreko txostenak eman direla.
Gobernantzari buruzko kapitulua berrikuntza da lurralde-plangintzan, eta 1997tik garatutako lurralde-antolamenduaren lehenengo belaunalditik sortutako ondorioetatik abiatzen da: lehenengo eta behin, «parte-hartzearen kultura» bat sortu beharra dago, eragile sozial gehiago inplikatzen duena lurralde-plangintzaren prozesuetan; bigarrenik, pertsonek lurraldearen gainean izango duten ekintza zenbait adierazle bidez neurtu behar da, eta adierazle horiek bermatuko dute erabakiak etorkizunean hartzea; hirugarrenik, irizpideak behar dira lurralde-plan partzialen eta sektorialen arteko koordinazio eraginkorra gertatzeko; azkenik, administrazio-integrazio bat lortu behar da, planen izapidetzean atzerapenik ez gertatzeko, kezka hori beti izan bada egindako parte-hartze prozesu osoan.
Dokumentazio honek osatzen ditu Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak:
12 kapituluko memoria bat: lehenengo biak berrikuspenari, oinarriei eta printzipio gidariei buruzkoak dira; hurrengo 10ak lurralde-ereduaren definizioari buruzkoak dira; bukatzeko, bi eranskin daude, bat azpiegitura berdeaz eta ekosistemetako zerbitzuez ari da, eta bestea, ordea, gaiaren egoeraren adierazleez, helburuez eta lurralde-jarraibideez ari da. Lurralde-jarraibideek aplikazio-arauetako artikuluak betetzen dituzte.
Sintesi-mapa, non Euskal Autonomia Erkidegoan jasotzen baita proposatutako lurralde-eredua.
Aplikazio-arauak, hiru kapitulutan bildutako 38 artikulu dituztenak: lehenengo kapitulua, duen xedeari eta izaerari buruzkoa; bigarren kapituluan, espazioaren antolamendurako eta erabilerarako gidalerroak (derrigor bete beharrekoak) daude; hirugarren kapituluan, ordea, gomendio mailako gidalerroak (administrazio eskudunak ez baditu betetzen gidalerro horiek, justifikatu beharko du hartutako erabakia, bai eta ezarritako helburuekin bateragarria dela ere. Aplikazio-arauak bost eranskinekin osatzen dira.
Dokumentuak bere ingurumen-azterlan estrategikoa ere badu, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearekin bat etorriz egindako ingurumen-izapidetzaren emaitza dena, eta barruan sartu dira ingurumen-organoak emandako ingurumen-adierazpen estrategikoan bildutako zehaztapenak, neurriak eta baldintzak.
Bukatzeko, aipatu behar da dokumentuak parte-hartze prozesu handi bat izan duela, maiatzaren 31ko 4/1990 Legean ezarritakotik haratago doana. Prozesu hori 2015etik 2018ra bitartean gertatu da, erakunde-arloan nahiz arlo sozialean, eta modu presentzialean nahiz digitalean. Prozesuaren ondorio gisa, edukiz beteriko dokumentu bat lortu ahal izan da eta adostasun zabal batera iritsi, eragindako administrazio, erakunde publiko eta pribatuen artean, bai eta planteatu den lurralde-ereduarekin lotutako gai handietan inplikatutako euskal herritar gehienen artean ere.
Ondorioz, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2019ko uztailaren 30ean egindako bileran gaia aztertu eta onartu ondoren, honako hau
Behin betiko onesten dira Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak, zeinen dokumentazio guztia helbide elektroniko honetan kontsultatu ahal izango baita:
https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/lurralde-plangintza-hirigintza-hiri-berroneratzea/
Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen aplikazio-eremua Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde osoa da.
Dokumentu hauek osatzen dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak:
Memoria.
Sintesi-mapa.
Aplikatzeko arauak, dekretu honen I. eranskin gisa sartzen direnak.
Gainera, onespen-dekretu honen barruan jasota dago, II. eranskin gisa, ingurumen-alderdiak txertatzeko moduari buruzko laburpena, ingurumenean duen eraginaren jarraipena egiteko hartuko diren neurriak barne hartzen dituena, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 26.2 artikuluak xedatutakoa betez.
Bi urtean behin, lurralde-antolamenduaren eskumena duen Sailak «Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen egoera» izeneko memoria bat egingo du. Bertan aztertuko dira lurralde-antolamenduaren gidalerroak zer neurritan aplikatzen diren, udal- eta lurralde-plangintzan duten eragina eta, hala badagokio, identifikatutako bat ez etortzeak ekiditeko hartu beharreko neurriak.
Aipatu memoria eratzeko metodologian honako hauek hartuko dira kontuan:
Gidalerroen aplikazioa, ebaluazio-aldian zehar onartutako lurralde-plan partzialen, lurralde-plan sektorialen eta plan orokorren bitartez.
Lurralde- eta hirigintza-iraunkortasuneko adierazleen bilakaera neurtzeko azterketa kuantitatiboa, azterketa egiten den aldian.
Azterketa kualitatibo bat, adituak diren eta Euskal Autonomia Erkidegoko errealitatea ezagutzen duten pertsonei egindako galdetegi eta elkarrizketen bidez.
Memoria egiteko, lurralde-antolamenduaren eskumena duen Sailak aurretiaz udal guztiei eskatuko die esan dezatela beren iritziz nola egokitzen den beren udalerriko antolamendu-plangintza Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetara eta lurralde-plangintzara.
Oro har, Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak indarrean jarri eta zortzi urtera, Eusko Jaurlaritzak ikusiko du berrikusi behar diren ala ez.
Hala ere, lehenago edo geroago berrikus daitezke, gorabehera hauetako bat tartean bada:
Gerora gertatutako gorabehera batzuek aldatzen badituzte Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetan hartutako hipotesiak, populazioaren oinarrizko faktoreei, enplegu-dinamikari edo etxebizitza-merkatuari dagokionez, eta horren ondorioz, ezarritako antolamendu-irizpide orokorrak aldatu behar badira.
Gidalerroen erabakietan aldaketa zehatzak izapidetu behar badira, eta ondorioz, aldaketak gertatzen badira lurraldearen egitura orokorrean.
Gidalerroen garapenak agerian uzten badu helburuak zabaldu egin behar direla edo komeni dela zabaltzea, antolamendu-eredu beraren garapen aurreikusi gabeen bidez.
Erkidegoaz gaindiko plan sektorialen bat onartzeak zehaztapenak ezartzen baditu autonomia-erkidegoan, eta zehaztapen horiek lurralde-ereduaren eraldaketa bat eragiten badute.
Gerora gertatutako beste gorabehera batzuek, antzeko izaera eta garrantzia dutenak, justifikatzen badute, gidalerro horien lurralde-ereduaren funtsezko irizpideei eragiteagatik, eta, zioak eman ondoren, hala erabakitzen badu Eusko Jaurlaritzak.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA. Araba Erdialdeko Lurralde Plan Partziala.
Araba Erdialdeko eremu funtzionalaren lurralde-plan partziala berrikustean honako zehaztapen hauek aintzat hartu beharko dira:
Araba Erdialdearen barnean, beren landa izaeragatik eta problematika espezifikoa dela-eta arreta berezia behar duten Arabako Ibarretako eta Arabako Mendialdeko eskualdeak bereizi eta nabarmentzea. Ondorio horietarako, berrikuspenaren diagnostikoaren aurreko fasean landa-eskualde horien gaineko Hasierako Oinarrizko Azterlana idatziko da.
Hasierako Oinarrizko Azterlanak honako hauek izango ditu barnean:
Soluzioen proposamena lurralde-aniztasuna baterako garapenerako eragile gisa erabiliz, hartako baliabideak hedatu eta dinamizatzeko estrategiak zehaztuz.
Landa-eskualdeetan kontuan hartu behar diren irizpide espezifikoak. Zehazki, haien egoera eta ezaugarri berezien haritik datozen berariazko premiak zehaztuko ditu, desorekak zuzentzeko estrategiak abian jarriko ditu, eta landa-garapen integraleko politikak ezartzea ahalbidetuko duen lurralde-tratamendua ezarriko du.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Busturialdea-Artibaiko lurralde-plan partziala.
Busturialdea-Artibai eremu funtzionaleko lurralde-plan partzialak aurretiaz beharko du aurreko xedapen gehigarrian aipatutako azterlana egitea, kontuan hartuta, batetik, Busturialdea eta Lea-Artibai eskualdeak ongi egituratzearen erronka, eta, bestetik, Urdaibaiko eskualdearen espezifikotasuna, Urdaibaiko Biosfera Erreserba Babestu eta Antolatzeari buruzko uztailaren 6ko 5/1989 Legetik eratorritako lurralde-tratamendua eskatzen duena.
LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA. Lurralde-plan partzialen eta lurralde-plan sektorialen doitze-epea.
Egun indarrean dauden lurralde-plan partzialak eta lurralde-plan sektorialak Dekretu honetan xedatutakora moldatuko dira indarrean sartu eta hurrengo zortzi urteetako epean.
Moldaketa horri lantzen duen lurralde-planaren onarpenerako ezarritako prozedura aplikatuko zaio, eta planak lurralde-antolamenduko gidalerroekin gordetzen duen egokitzapenari buruzko berariazko atal bat sartu beharko du bere justifikazio-memorian.
Dekretu hau indarrean jartzen denean hasierako onarpena izapidean duen lurralde-plangintzak ez du zertan moldaketa egin.
Lurralde-plan partzialak eta lurralde-plan sektorialak indarrean mantenduko dira moldaketarik egiten ez zaien bitartean.
BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA. Hirigintza-plangintza orokorra.
Indarreko plan orokorrak eta arau subsidiarioak zortzi urteetako epean dekretu honetan xedatutakora moldatuko dira, eta baita indarreko lurralde-plangintzara, lehenengo xedapen iragankorrean ezarritakoarekin bat etorrita, beren berrikuspen integrala erkidegoko hirigintza-legeekin bat etorrita abiatzen dutenean. Moldaketa hori gertatzen ez den bitartean, plangintza orokor horrek eta haren proposamenek indarrean jarraituko dute bertan jasotako baldintzetan.
Berrikuspen partziala xede duen hirigintza-plangintza bere helburu eta proposamenak Dekretu honetan ezarritakoan eragina duten neurrian moldatuko da.
HIRUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA. Izapidean den hirigintza-plangintza orokorra.
Dekretu hau indarrean jartzen denean hasierako onarpena duen plangintza orokorrak ez du zertan moldaketa egin.
LAUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA. Bizitegi-kuantifikazioa udaleko hirigintza-plangintzan.
Lurralde-plan partzialak gidalerro hauen aplikazioaren ondoriozko bizitegi-kuantifikaziora egokitu arte, udal-plangintzan honako hau hartuko da gehieneko bizitegi-ahalmentzat: indarrean dagoen lurralde-plan partzialaren ondorioz eta dekretu hau aplikatzearen ondorioz ateratzen diren gehieneko bi balioen artetik txikiena.
Indargabetuta geratzen dira xedapen hauek:
28/1997 Dekretua, otsailaren 11koa, Euskal Autonomi Elkarteko Lurraldearen Antolamendurako Artezpideak behin betiko onesteko dena.
68/2006 Dekretua, martxoaren 28koa, udal planeamendua Lurraldearen Antolamendurako Artezpideetara egokitzeko epea ezartzen duena, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren sententzia betetzeko.
4/2016 Dekretua, urtarrilaren 19koa, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak behin betiko onesten dituen Dekretua aldatzen baita, bizitegi-kuantifikazioari dagokionez.
Dekretua hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2019ko uztailaren 30ean.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,
IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (5)
- Ikus: AGINDUA, 2023ko martxoaren 2koa, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuarena, Debagoieneko Lurralde Plan Partziala Berrikusteko prozedura hasten duena.
- Ikus: AGINDUA, 2023ko martxoaren 2koa, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuarena, Debabarreneko Lurralde-plan Partziala berrikusteko prozedura hasten duena.
- Indargabetzen du: 4/2016 DEKRETUA, urtarrilaren 19koa, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak behin betiko onesten dituen Dekretua aldatzen baita, bizitegi-kuantifikazioari dagokionez.
- Indargabetzen du: 68/2006 DEKRETUA, martxoaren 28koa, udal planeamendua Lurraldearen Antolamendurako Artezpideetara egokitzeko epea ezartzen duena, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren sententzia betetzeko.
- Indargabetzen du: 28/1997 DEKRETUA, otsailaren 11koa, Euskal Autonomi Elkarteko Lurraldearen Antolamendurako Artezpideak behin betiko onesteko dena.