Osasun Saila / Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila

Arautegia

Inprimatu

202/2015 DEKRETUA, urriaren 27koa, ingurumena babesteko inbertsioak egiteko diru-laguntzak enpresei emateko baldintzak arautzen dituena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ingurumen eta Lurralde Politika Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 212
  • Hurrenkera-zk.: 4702
  • Xedapen-zk.: 202
  • Xedapen-data: 2015/10/27
  • Argitaratze-data: 2015/11/06

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía
  • Azpigaia: Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa; Ekonomia

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskura dauden teknologiarik onenak ekoizpen-sistemetan sartzea erraztuko duten ingurumen-inbertsioak enpresetan sustatzeko programa diruz lagungarriak exekutatzea sartu du azken urteetako ingurumen-politikan, alderdi kritiko gisa mantenduz bai kutsatzen duenak ordaindu behar duelako printzipioaren egiazko aplikazioa, bai ingurumen-kostuen erabateko barneratzea, kostuek kutsatzen dutenei eragin diezaieten.

Ingurumenaren aldeko estatu-laguntzei buruzko erkidego-xedapenetan esandakoa aplikatuz, ingurumena babesteko inbertsioak egiteko diru-laguntzak enpresei emateko baldintzak arautzeko den urriaren 19ko 260/2010 Dekretuak kontu berriak ekarri zituen, hala nola lagundu daitezkeen proiektuen artean aplikazio-arauak gainditzeko inbertsioei zuzenean lotutako ikerketak sartzeko aukera, bereziki kontuan hartuz eko-berrikuntzako proiektuak eta kutsatutako orubeen saneamendua.

Era berean, laguntzak arlo honetan ondo bideratzeko prozedurazko kontuak gehitu ziren aurreko arau horren bidez, eta, hala, adierazi zen bi izango liratekeela diru-laguntzak esleitzeko prozedurak, eta Administrazioarekin bitarteko elektronikoen bidez komunikatzeko derrigorrezkotasuna ezar litekeela prozeduraren arauketan.

Ingurumenaren aldeko estatu-laguntzei buruzko EBren araudian aldaketak izan dira oraindik orain, honako hauek indarrean jarri ondoren: 2014ko uztailaren 1ean, ingurumenaren babes- eta energia-arloko estatu-laguntzei buruzko jarraibideak (2014-06-28ko AO C 200); 2014ko ekainaren 17an, 651/2014 (EB) Erregelamendua, laguntza-kategoria jakin batzuk barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dituena, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz (2014-06-26ko AO, L 187).

Bi testuok estatu kideei ezartzen diete ematen dituzten laguntzak EBren araudi berrira egokitu beharra; horregatik, beharrezkoa da aldatzea enpresei ingurumena babesteko inbertsioak egiteko diru-laguntzak ematea arautzen duen dekretua.

Kontuan hartuta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak arlo honetan izan duen laguntza-araubidea bat datorrela 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduan jasotako aurreikuspenekin (651/2014 (EB) Erregelamendua, zeinaren bidez laguntza-kategoria jakin batzuk bateragarritzat jotzen baitira barne-merkatuarekin, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz; 2014-06-26KO AO, L 187), ingurumena babesteko inbertsioak egiteko diru-laguntzak enpresei emateko programa hartara egokituko da.

Laguntza-araubidearen berritasunetako bat da irabazi-asmorik gabeko entitate pribatuak ere eskatzaile moduan jasotzea.

Bestalde, diru-laguntzetarako programa hori Eskualde Garapeneko Europako Funtsarekin (Egef) batera finantzatu ahal izango da, 2014-2020ko EAEKO Egef Programa Eragilearen barruan. Egefren ekarpena Eusko Jaurlaritzak diruz lagundutako guztizko kopuruaren ehuneko berrogeita hamarra izango da. Horrek beste betebehar batzuk dakarzkio diru-laguntzaren onuradunari; besteak beste honako hauek: ordaindutako fakturak edo froga-balio bereko kontabilitate-dokumentuak aurkeztea; kontrolari, ardurari, zehapen-araubideari eta ez-betetzeari dagokien erkidego-legedia betetzea; Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 2. ataleko 115. artikuluan aurreikusitako zerrenda publikoan agertzea onartzea; eta Egefren bidezko erkidego-kofinantzaketa aipatzea hedapen horretarako sortutako materialetan eta euskarrietan.

Azaldutako guztia dela-eta, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak ezarritakoaren arabera, Ingurumen Batzordeari eta Ingurumenerako Aholku Kontseiluari entzunda, bai eta Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeari ere, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak proposaturik eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2015eko urriaren 27an eginiko bileran proposamena eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

Dekretu honen xedea da, hain zuzen, enpresei Euskal Autonomia Erkidegoan ingurumena babesteko inbertsioak egiteko eman beharreko diru-laguntzen baldintzak arautzea. Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz (2014ko ekainaren 26ko EBAO L 187) zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dituen Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduan jasotako baldintza eta mugetara egokituko dira diru-laguntza horiek.

Laguntza-araubide honen barruan, honako hauek eman ahal izango dira:

  1. Ingurumenaren babeserako Batasunaren arauetatik haragoko laguntzak, edo, Batasunaren araurik ezean, ingurumenaren babes-maila handitzen dutenak.

  2. Batasunaren geroko arauetara aurrez egokitzeko laguntzak.

  3. Ingurumen-azterketak egiteko laguntzak.

  4. Hondakinak berrerabiltzeko eta birziklatzeko inbertsioetarako laguntzak, baldintza metagarri hauek betez gero:

    1. Inbertsioa beste enpresa batzuek sortutako hondakinak murrizteko erabiltzen da.

    2. Beste egoera batzuetan, tratatutako material birziklatu edo berrerabiliak ezabatu egingo lirateke, edo ingurumena gutxiago zainduz tratatuko lirateke.

    3. Laguntzek ez diete zeharka kenduko kutsatzen dutenei Batasuneko legediaren arabera beraiek beren gain hartu beharrekoa den edo enpresa-kostu normaltzat jo beharrekoa den ezein karga.

    4. Inbertsioaren ondorio bakarra ez da birziklatzeko materialen eskaria handitzea material horien bilketa handitu gabe.

    5. Inbertsioa teknikaren egungo egoeratik harago joango da.

  5. Lur kutsatuak saneatzeko laguntzak, ezin bada identifikatu zein den kutsaduraren erantzulea, edo ezin bada legez hartu birgaitzearen finantzaketaren arduraduntzat, «kutsatzen duenak ordaindu egiten du» printzipioaren arabera.

  6. Enpresa txiki eta ertainentzako laguntzak, ingurumen alorreko aholkularitza-zerbitzuetarako.

  1. Industria-jardueretan, merkataritza jardueretan edo irabazteko asmoko zein irabazi-asmorik gabeko zerbitzuak emateko jardueretan aritzen diren zuzenbide pribatuko edozein pertsona fisiko edo juridiko izan daiteke dekretu honetan arautzen diren diru-laguntzen onuradun, hala nola pertsona horiek osatutako elkarteak, interes orokorrak eta komunak ordezkatzen badituzte.

    Honako hauek geratuko dira laguntza hauetatik kanpo: tokiko entitateak, erakunde autonomoak, zuzenbide pribatuko erakunde publikoak eta sozietate publikoak, bai eta sektore publikoko beste erakunde batzuk ere, esaterako, fundazioak eta partzuergo publikoak.

    ETE-etan ingurumen alorreko kanpo-aholkularitzako zerbitzuak finantzatzeko laguntzak eskatzeko, enpresa txiki edo ertaina dela egiaztatu beharko da, Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an mikroenpresa, enpresa txiki eta ertainaren definizioari buruz emandako 2003/361/EE Gomendioak ezarritakoarekin bat.

  2. Diru-laguntzak eman eta, hala badagokio, ordaindu ahal izateko, amaituta eduki behar dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomoek emandako izaera bereko diru-laguntza publikoak itzultzeko prozedura nahiz zigor-prozedura guztiak, prozedura horiek oraindik izapide-aldian badaude behintzat.

  3. Ezin izango dituzte arau honetan aipatzen diren laguntzak eskuratu diru-laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penala duten erakundeek, edo legezko debekuren bat dutenek, tartean dela Euskal Herriko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorreko 117. artikuluan eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen Azken Xedapenetatik Seigarrenean ezarritakoa, baldin eta neurri zuzentzaile egokiak betearazten ez badira eta zehapena bete ez bada.

  4. Ezingo dute diru-laguntzarik jaso Batzordeak laguntza bat legez kontrakotzat eta barne-merkatuarekin bateraezintzat jotzea erabaki ondoren berreskuratzeko agindu bat oraindik betetzeko duten enpresek, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduaren (EB) 1.4 artikuluan adierazitakoaren arabera. Erregelamendu horrek barne-merkatuarekin bateragarriak diren diru-laguntzen kategoria batzuk ezartzen ditu, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluekin bat (2014ko ekainaren 26ko EBAO L 187).

  5. Halaber, dekretu honetan araututako laguntzak eskuratzeko, eskatzaileek egunean egon beharko dute zerga-betebeharrei eta gizarte-segurantzarekin dituzten betebeharrei dagokienez.

  1. Dekretu honetan araututako diru-laguntzak prozedura hauen bidez esleituko dira:

    1. Prozedura arrunta: norgehiagoka eta hainbanaketaren bidezko kuantifikazioa.

    2. Prozedura erraztua: norgehiagokarik gabekoa.

  2. Prozedura arruntean, dekretu honen 2. artikuluko 1., 2., 3., 4. eta 5. paragrafoetan jasota dauden diruz laguntzeko moduko lerroak lagunduko dira diruz.

    Prozedura horretan, gutxieneko puntuazioa lortzen edo gainditzen duten proiektuak baino ez dira diruz lagunduko; puntuazio hori urtero finkatuko da dekretu honen 13. artikuluan ezartzen den deialdi-aginduaren bidez.

    Diru-laguntzaren kuantifikazioa egiteko honako hauek hartuko dira kontuan: proiektuetan diruz lagungarriak diren kostuak; deialdian prozedura horretarako aurreikusten den aurrekontu-zuzkidura; I. eranskinean diru-laguntzetarako aipatutako ehuneko handienak; eta, lortutako puntuazioa. Diru-laguntzaren proportzio handiagoa emango zaie balorazio hobea lortzen duten proiektuei.

    Kuantifikazio-prozesuan deialdirako urteko aginduak diru-laguntzei dagokienez ezarritako gutxieneko zenbatekora heltzen ez diren proiektuak ez dira diruz lagunduko.

  3. Prozedura erraztuan, dekretu honen 2. artikuluko 1., 2., 3., 4., 5. eta 6. paragrafoetan jasota dauden diruz laguntzeko moduko lerroak lagunduko dira diruz.

    Prozedura horretan, onartutako eskabideen kopuruaren artean zatituko da ildo bakoitzerako eskuragarri dagoen aurrekontu-esleipena, eta ez da, inola ere, dekretu honek finkatutako inbertsioaren gehieneko ehunekoa gaindituko, ez eta urteroko deialdi-aginduan ezarriko den laguntzaren gehieneko zenbatekoa ere.

  4. Dekretu honen 2. artikuluko 1., 2., 3., 4. eta 5. paragrafoetan aurreikusitako lerroetan kontuan hartutako diru-laguntzak bai prozedura arruntaren bitartez bai prozedura erraztuaren bitartez esleituko dira, eskatutako proiektuaren inbertsioaren zenbatekoaren arabera.

    Urteroko deialdi-aginduak prozedura arruntera jotzeko inbertsioaren gutxieneko zenbatekoa zehaztuko du, eta zenbateko horretara heltzen ez diren inbertsioak dagokion prozedura erraztura bideratu beharko dira.

  1. Ez dira diruz lagunduko eskabidea aurkeztu aurretik hasitako inbertsioei dagozkien proiektuak.

  2. Diruz lagundutako inbertsioak betearazteko epea diruz lagundutako proiektuan zehaztutakoa izango da, eta gehienez ere bi urte eta sei hilekoa izango da urteko deialdia argitaratzen denetik.

    Dena dela, diru-laguntzaren xede den proiektuaren baldintza espezifikoekin lotutako eta behar bezala justifikatutako arrazoiak direla eta, pertsona onuradunak, ezarritako betearazpen epea amaitu baino lehen, diruz lagundutako jarduketa egiteko hasieran xedatutako epea luzatzeko eskatu ahal izango du. Epea ezingo da luzatu urte bi baino gehiago, hasieran ezarritako epeaz den bezainbatean, eta luzapen-eskaera hori Ingurumeneko sailburuordearen ebazpen baten bidez onartu beharko da, organo kudeatzaileak aldeko txostena egin ondoren.

  1. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak ezarritakoarekin bat, ingurumen-helburuak lortzeko behar den kostu gehigarria baino ez da diruz lagunduko, eta inbertsioaren gastu orokorrak kanpo geratuko dira, ingurumena babestearekin zerikusia ez dutenean.

  2. Diruz lagungarriak diren kostuak honela zehaztuko dira:

    1. Interes komuneko helburua lortzeko behar diren kostuak inbertsio bereizi gisa identifika badaitezke inbertsioaren guztizko kostuetan, inbertsio bereiziaren kostuak izango dira diruz lagun daitezkeenak.

    2. Gainerako kasuetan, diruz lagun daitezkeen kostuak inbertsio-kostu gehigarriak izango dira, eta laguntzak jaso dituen inbertsioa laguntzarik gabeko egoera hipotetikoarekin alderatuta kalkulatuko dira. Hasiera batean, teknikoki parekagarria den inbertsio baten kostua hartu ahal izango da erreferentzia gisa, baldin eta hura modu sinesgarrian lortu ahal bada laguntzarik gabe, eta ez badu biderik ematen interes komuneko helburua lortzeko, edo hori neurri txikiagoa lortzen badu. Dekretu honen II. eranskinak diruz lagun daitezkeen kostuen kalkulua jasotzen du.

  3. Edonola ere, diruz lagun daitezkeen kostuen zenbateko garbia hemendik kalkulatuko dira: produzitzeko gaitasuna handituko balitz lortuko liratekeen abantailetatik, inbertsioaren lehenengo bost urteetan sortzen diren kostuen aurrezkietatik eta denboraldi berean izandako produkzio gehigarrietatik.

  4. Baldin eta diru-laguntzaren eskaeran inbertsio garbiaz emandako datuaren eta organo kudeatzaileak inbertsio garbiaz kalkulatutako datuaren artean dagoen aldea urteroko deialdi-aginduan zehaztuko den ehunekoa baino handiagoa bada, organo horrek jakinaraziko dio erakunde eskatzaileari egindako inbertsio garbiaren kalkuluaren emaitza, bai eta hori lortzeko kontuan hartutako datuak ere, eta hamar eguneko epea emango zaio, hala balegokio, egokitzat jotzen dituen alegazioak aurkeztu ditzan.

    Betiere, Balorazio Epaimahaiak erabakiko du azkenean zein diren diruz lagun daitezkeen kostuak.

  1. Diru-laguntzaren zenbatekoa deialdiaren aginduan ezartzen den aurrekontu-zuzkidurara egokituko da.

  2. Ematen diren diru-laguntzek ezin izango dituzte, inola ere, dekretu honen I. eranskinean azaldutako ehunekoak gainditu, proiektu-mota bakoitzerako. Urteko deialdi-aginduan aipatutako kopuru handienak eta txikienak ere kontuan hartu beharko dituzte.

Diru-laguntzak prozedura arruntaren barruan ematean, gutxienez, honako esleipen-irizpide hauek kontuan hartuko dira:

  1. Industria-jarduerak ingurumenean duen eragina.

  2. Aurreikusitako inbertsioak ingurumenari ekarriko dion hobekuntza eta inbertsioa ekologiaren aldetik eraginkorra den.

  3. Honako hauei eragiten dieten inbertsioak egitea: baso-hegaztien kontserbazioari buruzkoa den 1979ko apirilaren 2ko Kontseiluaren 79/409/EEE Direktiban eta habitat naturalak eta flora nahiz fauna basatiak zaintzeari buruzkoa den 1992ko maiatzean 21eko Kontseiluaren 92/43/EEE Direktiban aipatzen diren zona sentikorrei; Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bategina onartzen duen 1/2014 Legegintzako Dekretuaren arabera babestutako natura-guneei; eta hiri-guneei.

  4. Proiektua ekologiaren aldetik berritzailea izatea. Irizpide horretan, haren berritasun- eta transferigarritasun-maila kontuan hartuko da.

  5. Proiektuaren koherentzia eta kalitatea.

  6. Laguntzak eskatzen dituzten pertsona juridikoek euren enpresa txikia edo ertaina dela egiaztatzea, Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an mikroenpresa, enpresa txiki eta ertainaren definizioari buruz emandako 2003/361/EE Gomendioak ezarritakoarekin bat etorriz.

  7. Inbertsioa gauzatzen den tokian ingurumen-kudeaketako sistemen (SGMA) baliozko ziurtagiriak izatearen egiaztapena.

  8. Langileen kudeaketan Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Plana izatearen egiaztapena, edo «emakume eta gizonen arteko berdintasunerako erakunde laguntzaile» gisa aitortua egotea, edo emakume eta gizonen arteko berdintasunerako politiken edo jardueren garapenean esperientzia izatea.

  1. Interesa duten pertsona onuradunek bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte prozedura honen izapide guztiak eskatu, kontsultatu eta burutzeko.

  2. Izapidetze elektronikoa honako hauen bidez arautzen da: Administrazio Elektronikoaren otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren bidez, eta E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa Platea onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenaren bidez.

  3. Eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak izapidetzeko moduari buruzko zehaztasunak egoitza elektronikoan daude eskuragarri.

  4. Eskabidearen ondorengo izapideak egoitza elektronikoko «nire kudeaketak» erabiliz egingo dira.

  1. Eskaerari jarraian adierazten den dokumentazioa erantsi beharko zaio:

    1. Proiektuari buruzko informazioa. Horretarako aurkeztu beharreko inprimakiak egoitza elektronikoan egongo dira.

    2. Jarduera-lizentzia, baldin eta instalazioak halakorik behar badu.

    3. Dekretu honetako 11. artikuluan adierazitakoa egiaztatzeko behar den dokumentazioa.

  2. Aurkeztutako eskabideak prozedura arruntaren edo, bestela, prozedura erraztuaren bidez baino ezingo dira ebaluatu. Proiektu bat bi prozeduretarako aurkezten bada, edo hutsegite baten ondorioz prozedura desegoki batean aurkeztu bada, organo kudeatzaileak erabakiko du zer prozedura egokituko zaion laguntza-eskaerari.

  1. Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du laguntzak eskatzen dituzten erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela, horretarako haien baimena behar izan gabe.

  2. Erakunde eskatzailea legez eratuta dagoela egiaztatu beharko da, eta eskaera egiten duenak ordezkatzeko behar besteko ahala duela.

  3. Eskabideek honako aukera hau jaso beharko dute: diru-laguntzak eskatzen dituen erakundeak berariaz adieraztea baimena ematen diola organo kudeatzaileari gainerako datuak edo dokumentuak lortu edo egiaztatzeko, Administrazio Publikoak esleituta dituen egiaztatu, kontrolatu edo ikuskatzeko ahalmenak bazter utzi gabe.

  4. Honako hauek egiaztatuko dira erantzukizunpeko adierazpen bidez:

    1. Edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribaturen diru-laguntzaren, laguntzaren, sarreraren edo beste bitartekoren bat eskatu, eta, hala egokituz gero, lortu bada helburu berarekin.

    2. Pertsona edo erakunde eskatzailea honela ez egotea: administrazio- edo zigor-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta, edo diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko ezgaitzen duen legezko debekuren baten eraginpean, bereziki kontuan izanik sexu-diskriminazioaren ondoriozkoetan.

    3. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi eta oraindik bideratzeko dagoen edo bukatuta dagoen edozein itzultze- edo zigor-prozeduratan sartuta ez egotea.

    4. Egiazkoak direla eskaeran eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen direla diru-laguntza hauek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak.

    5. Estatuko laguntza-araubide hauetakoren baten barruan legez kontrako laguntza edo laguntza bateraezinen bat jaso duen enpresa bat ez izatea, eta hura itzuli edo gordailutu ez izana dagozkion interesekin batera blokeatuta dagoen kontu batean: Araba I, Araba II eta Araba III (CR 48/99, CR 49/99 eta CR 58/99); Gipuzkoa I, Gipuzkoa II eta Gipuzkoa III (CR 50/99, CR 53/99 eta CR 59/00) eta Bizkaia I, Bizkaia II, Bizkaia III (CR 52/99, CR 54/99 eta CR 60/00).

Diru-laguntzaren eskaerak ez baditu betetzen aurreko artikuluetan eskatutako baldintzak, ez eta, hala egokituz gero, aplikagarria den lege berezian eskatutakoak ere, hamar eguneko epean akatsa zuzentzeko eskatuko zaio interesdunari, edo aginduzko dokumentuak ere aurkezteko, eta esango zaio, hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, deialdia ebazteko eskumena duen organoak horretarako ebazpena eman ondoren.

Urtero, eta Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren agindu bidez, aurrekontuko ekitaldi bakoitzeko honako alderdi hauek ezarriko dira:

  1. Ekitaldi horretan esleipen-prozedura bakoitzeko eta 2. artikuluan xedatutako diru-laguntzen esparruaren barruan eman beharreko laguntza-lerro zehatzak, bai eta lerro bakoitzari dagozkion azpilerroak ere.

  2. Erabilgarri dauden aurrekontu-atal zehatzak, esleipen-prozedura bakoitzeko, eta, hala badagokio, laguntza-lerro eta azpilerro bakoitzeko.

  3. Eskabideak aurkezteko epea.

  4. Eskabide normalizatuak eta eskabidea aurkeztean entregatu beharreko dokumentazioa, prozedura arruntaren eta prozedura erraztuaren artean behar diren aldeak ezarrita.

  5. Prozedura arruntaren bidez izapidetzen diren diru-laguntzen eskaerek baloratuak izateko lortu beharreko gutxieneko puntuazioa.

  6. Balorazio Epaimahaiak zer ehunekotatik aurrera jakinaraziko dion erakunde eskatzaileari ebaluazio-taldeak inbertsio garbiaz egindako kalkuluaren emaitza.

  7. Esleipen-irizpideak aplikatzeari buruzko haztapena.

  8. Esleipen-irizpide berriak, dekretuaren 8. artikuluan ezarritakoei gehituko zaizkienak.

  9. Inbertsioaren zenbatekoa, zeinak ezarriko baitu zein esleipen-prozeduraren menpe egongo den diru-laguntzaren eskaera.

  10. Esleitzeko prozedura bakoitzean proiektu eta/edo produkzio-zentro bakoitzeko eman beharreko diru-laguntzen gehienezko eta gutxieneko zenbatekoa.

  11. Ihobe, S.A. erakunde laguntzaile izendatzea, eta hark bete beharreko eginkizunen norainokoa zehaztea. Era berean, izendapena egiteko eta eginkizunak antolatzeko modua ere zehaztuko dira. Aginduan erakunde laguntzaileari dagozkion eginkizunak zehaztu ezean, dekretuaren 15. artikuluan zerrendatutako guztiak dagozkiola ulertuko da.

Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren barruan laguntza-araubide honi dagokionez eskumenak esleituta dauzkan zuzendaritzari egokituko zaio dekretu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko eginkizunak betetzea.

  1. Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoa Ihobe, SA, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren mendekoa dena, dekretu honetan arautzen diren diru-laguntzak kudeatzeko erakunde laguntzaile izendatu ahal izango da, honako hauek ezarritakoarekin bat: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua; eta, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten Erakunde Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua.

  2. Erakunde laguntzaileak honako eginkizun hauek bete ahal izango ditu:

    1. Aurkeztutako dokumentazioa gainbegiratzea eta, hala badagokio, hutsegiteak zuzentzea proposatzea.

    2. Eskabidea egiten duten pertsonek laguntzak eskuratu ahal izateko ezarritako baldintzak eta betekizunak betetzen dituztela egiaztatzea.

    3. Balorazio Epaimahaiarekin lankidetzan aritzea, eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko lan materialetan.

    4. Jarduera egiten dela eta diru-laguntza ematean lortu nahi den helburua betetzen dela egiaztatzea.

    5. Pertsona onuradunek eskatutako luzapenen egokitasuna aztertzea.

    6. Entitate onuradunei laguntzak ordaindu aurretik diruz lagundutako ekintzak egin izana eta ekintzen kostua ziurtatzen dituzten agiriak egiaztatzea.

    7. Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari proposatzea diru-laguntzak behar bezala kudeatzeko administrazio-neurriak edo bestelako neurriak har ditzala, pertsona onuradunak laguntza-araubide honen arabera aplikagarriak diren baldintza eta betekizunak ez betetzeagatik hartu behar diren neurriak barne.

  1. Balorazio Epamahaia honako hauek osatuko dute: epaimahaiburu gisa, laguntza-araubide honi dagokionez eskumenak esleituta dauzkan zuzendaria; eta epaimahaikide gisa, aipatutako zuzendaritzako bi funtzionario, lehen aipatu zuzendariak izendatuak.

  2. Epaimahai horrek kasuan kasuko ebazpen-proposamen egokia egingo du, aurrekontu-mugetara egokituta eta, prozedura arruntaren kasuan, esleipen-irizpideetara. Horrela, diru-laguntza lor dezaketen proiektuak zehaztuko ditu, baita laguntzen zenbatekoak ere, hala nola ezetsitako eskariak, horretarako arrazoiekin batera. Proposamen hori Ingurumeneko sailburuordeari helaraziko zaio, eta hark, dagokion ebazpenaren bidez, deialdia ebatziko du.

  1. Esleitzeko prozedura bakoitzeko ebazpena urteko agindua Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta gehienez ere ondorengo sei hileko epean eman eta jakinaraziko zaie pertsona interesdunei.

  2. Epe horren barruan erabakiaren berri ematen duen jakinarazpenik jaso ezean, kasuan kasuko eskabidea ez dela onetsi joko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

  3. Diru-laguntzak emateko prozeduraren ebazpena Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan argitaratuko da, publizitate-ondorioetarako.

  4. Diruz lagundutako proiektuak 2013ko abenduaren 17ko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 2. ataleko 115. artikuluan aurreikusitako zerrenda publikoan agertuko dira.

  1. Prozedura arruntaren arabera emandako diru-laguntzen kasuan, emateko ebazpenak, proiektu bakoitzak dauzkan ezaugarriak kontuan hartuta, diruz lagundutako proiektua gauzatzeko nahitaez zer baldintza tekniko eta/edo ekonomiko bete behar diren zehaztuko du. Baldintza horiek onuradunei bana-banaka helaraziko zaien baldintza-agiri batean jasoko dira.

  2. Baldintza-agiri hori ez da aplikatuko prozedura erraztuaren bidez esleitzen diren diru-laguntzetan, 19. artikuluan xedatutakoa baztertu gabe.

  1. Diru-laguntzaren onuradun diren pertsonek agiri bidez egiaztatuko dute diruz lagundutako inbertsioa benetan gauzatu dela, eta hark izandako kostua, inbertsioa egin eta gehienez ere sei hileko epean. Egiaztatze hori ordaindutako fakturak edo froga-balio bereko kontabilitate-dokumentuak erabiliz gauzatuko da.

  2. Pertsona onuradunek diru-laguntza emateko ebazpenean aurreikusitako betebeharrak betetzen dituztela egiaztatuko du kudeaketa-organoak, eta, era berean, ofizioz egiaztatuko du onuradun horiek egunean daudela zerga-betebeharrei eta gizarte-segurantzako kuotak ordaintzeari dagokienez. Gainera, prozedura arruntaren bidez emandako diru-laguntzen kasuan, baldintza-agiria betetzen dela egiaztatuko du, eta, hala egokituz gero, beharrezkotzat jotako guztietan ikuskatuko ditu onuradunaren instalazioak, diru-laguntzaren xede den inbertsioa gauzatzen dela egiaztatzeko.

  3. Artikulu honetan aipatzen diren baldintzak beteta, diru-laguntza ordaindu egingo da, ordainketa bakarrean, eskumenak laguntza-araubide honi dagokionez esleituta dauzkan zuzendariak horretarako ebazpena eman ondoren.

Dekretu honek araututako diru-laguntzen onuradunek betebehar hauek bete behar dituzte, betiere:

  1. Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, onuradunak laguntzari berariaz eta idatziz uko egin ezean, ebazpena jakinarazi eta 15 eguneko epean, diru-laguntza onartu egiten duela ulertuko da.

  2. Diru-laguntza eman den helburu zehatzerako erabili behar dute. Halaber, ekipamendu-ondasunak edo zerbitzuak hiru urtez diru-laguntzaren helburu zehatzerako erabiltzeko konpromisoa hartuko dute, salbu eta Ingurumen Sailburuordetzak denboraldi laburragoa erabakitzen badu, betiere horretarako behar bezala justifikatutako eta proiektuaren ezaugarriekin lotutako arrazoiak egonez gero.

  3. Jaso dituzten diru-laguntzen inguruan Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, beren eginkizunetan dihardutela, eskatzen dieten informazioa eman egin beharko diete.

  4. Edozein administraziok proiektu berbererako beste diru-laguntza edo laguntzaren bat esleitu badie, horren berri izan eta 10 egun balioduneko epean, laguntza hauen kudeaketaren ardura duen zuzendaritzari jakinarazi beharko diote, bai eta organo emailea eta laguntza edo diru-laguntzaren zenbatekoa ere.

  5. Proiektua gauzatzean diru-laguntza emateko kontuan hartu zen edozein baldintza aldatzen bada, hori ere jakinarazi beharko diote laguntza hauek kudeatzeaz arduratzen den zuzendaritzari.

  6. Proiektuaren egoeraren berri eman beharko dute, laguntza hauek kudeatzeaz arduratzen den zuzendaritzak hala eskatuz gero.

  7. Proiektua zabaltzeko egiten diren agirietan eta publizitatean, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren babesa dutela aipatu beharko dute. Aipamen hori Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburuan jasotakoaren arabera txertatuko da. Dena dela, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak txosten bat egiteko eskatu ahal izango du, lortutako ingurumen-hobekuntzaren ikuspuntutik garrantzitsutzat jotzen diren proiektuak jendaurrean jartzeko.

  8. Diruz lagundutako jarduerei buruzko informazio- eta komunikazio-jarduerak egiten badira, erkidegoak EGEFren bidez finantzaketan parte hartu duela aipatu beharko da hedapen horretarako sortutako material eta euskarrietan, Batasunaren ikurra eta Europar Batasunari buruzko aipamena ere jasoz. Era berean, proiektua gauzatu bitartean, haren deskripzio laburra egingo da Interneten dagokion gunean, Europar Batasunaren finantza-babesa nabarmenduz, eta proiektuari buruzko informazioa izango duen kartel bat jarriko da gutxienez A3 gutxieneko neurrikoa jendeak ongi ikusteko moduko leku batean, eta bertan Batasunaren finantza-laguntza aipatuko da.

  9. Gauzatzen diren ekintzei buruzko finantza- eta administrazio-informazioa nahiz haien garapenaren jarraipenari buruzkoa artxibatuta izan beharko da, eragiketaren gastuak jasota dauden kontuen aurkezpenaren ondoko abenduaren 31tik hiru urte igaro bitartean. Onuradunak erraz eskuratzeko moduan artxibatu beharko du informazio hori (kontabilitate-sistema bereizia edo kodetze espezifikoa).

  10. Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 2.3 artikuluan xedatutakoa bete beharko da. Ildo horretatik, entitateek sexuaren araberako datuak eduki beharko dituzte, hizkera ez dute modu sexistan erabiliko, zuzendaritza organoetan gizonen eta emakumeen kopurua orekatua egotea sustatuko dute eta, oro har, Gizonen eta Emakumeen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3. artikuluak ezarritako printzipio orokorrak errespetatuko dituzte.

  11. Kontabilitate-liburuak, eginbidetutako erregistroak eta gainontzeko dokumentuak behar bezala ikuskatuta izan beharko dituzte, kasuan kasuko entitate onuradunei aplikatu ahal zaizkien merkataritza arloko legeriak eta legedi sektorialak eskatutakoari jarraikiz.

  12. Jasotako funtsen erabilerari buruzko ziurtagiriak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztatu eta kontrola daitezkeen bitartean.

  1. Laguntza esleitzeko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, betiere, diru-laguntzaren helburua betetzat jotzen bada, eta, hala badagokio, diru-laguntza horrekin batera beste edozein erakunde publikok emandako diru-laguntza edo laguntzarik jaso bada helburu bererako, diru-laguntzak emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, behar den ebazpena emango da, esleitutako diru-laguntzen zenbatekoak moldatze aldera.

  2. Dekretu honek arautzen dituen diru-laguntzak ezin izango dira metatu Europako Erkidegoak ematen dituen beste laguntza edo ekarpen batzuekin, baldin eta metaketaren ondorioz, laguntzaren intentsitateak Dekretu honetako I. Eranskinean aurreikusitako gehienezkoa gainditzen badu. Beste entitate batzuek diruz lagun daitezkeen kostu berei badagozkie ere beste helburu baterako diren laguntzak emanez gero, laguntza onuragarrienaren gehieneko muga aplikatuko da.

Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren diru-laguntza horretarako eskatu eta eman zeneko zertarakoetarako erabiltzen ez bada, diru-laguntzaren jatorri izan zen ekintzarako erabiltzen ez bada, horietarako eskatu zeneko helburu jakinetan erabili dela justifikatzen ez bada, edo oro har emateko arrazoi izandako baldintzetakoren bat ez dela betetzen egiaztatzen ez bada, ikuskatze-lanak eragozten badira, edo pertsona onuradunei esleitu zaizkien betebeharrak ez badira betetzen, interesatuari entzunaldia emango zaio, galdu egingo du ordaintzeko falta ziren kopuruak jasotzeko eskubidea, eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak eta legez dagozkien interesak itzuli beharko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusian. Hori guztia honako hauek ezarritakoarekin bat egingo da: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua; Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra; eta, Euskal Autonomi Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaiki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua.

Dekretu hau indarrean jarri aurretik emandako diru-laguntzak urriaren 19ko 260/2010 Dekretuak xedatutakoaren arabera kudeatuko dira. Dekretu horrek ingurumena babesteko inbertsioak egiteko enpresei diru-laguntzak emateko baldintzak arautzen ditu.

Ingurumena babesteko inbertsioak egiteko enpresei diru-laguntzak emateko baldintzak arautzen dituen urriaren 19ko 260/2010 Dekretua indargabetuta geratzen da, bai eta dekretu honen kontra doazen maila bereko edo gutxiagoko xedapen guztiak ere.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Dekretu honetan aurreikusi gabekoari dagokionez, honako hauek xedatutakoa izango da aplikagarria: Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamendua, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dituena, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz; Europako Parlamentu eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamendua; Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra; eta, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak garatzen duen Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21ko 887/2006 Errege Dekretua; eta, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Erkidego-arau bereziak dituzten sektoreetako enpresentzako diru-laguntzak ematean, aipatutako xedapen horietako irizpideak eta edukiak beteko dira betiere.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Dekretu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2015eko urriaren 27an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua,

ANA ISABEL OREGI BASTARRIKA.

(Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak


Arauaren historia (9)

Arauaren historia

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.