Etxebizitza eta Hiri Agenda Saila

Arautegia

Inprimatu

183/2012 DEKRETUA, irailaren 25ekoa, Ingurumeneko administrazio-prozeduretan zerbitzu elektronikoen erabilera arautzeko eta ingurumenean eragina duten jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroa sortzeko eta arautzeko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indargabetua

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 193
  • Hurrenkera-zk.: 4374
  • Xedapen-zk.: 183
  • Xedapen-data: 2012/09/25
  • Argitaratze-data: 2012/10/03

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua; Ekonomi Jarduerak
  • Azpigaia: Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa; Informazio etak komunikazioak

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legeak ikuspegi berri bat bultzatzen du, arauak ezartzeko orduan kontuan hartu baitu herritarrek eskubidea dutela Administrazioarekin harremanean ari direla komunikazio elektronikoaren bitartekoak erabiltzeko eta beren eskubideak betetzeko. Eskubide hori aitortzearen ondorioz, bitarteko elektronikoen bidez komunikatzeko aukera eman behar diete administrazio publikoek herritarrei.

Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak, bere aldetik, bitarteko elektronikoak erabilita herritarrek administrazio-prozedurak izapidetzeko duten eskubidea garatu du Euskal Autonomia Erkidegoan. Dekretu horren bidez, gainera, prozedura elektroniko guztiei aplika dakizkiekeen gai orokor guztiak arautu dira, hala nola: egoitza elektronikoa; herritarrak eta Administrazioa identifikatzea nahiz egiazkotzea; erregistro elektronikoa; komunikazio elektronikoak; agiri elektronikoak; eta abar.

Aipatu berri dugun lege horren ildo beretik doa, baita ere, Zerbitzuetako jardueretara libreki sartzeari eta horietan aritzeari buruzko azaroaren 23ko 17/2009 Legea. Azken horren helburua da, hain zuzen, zerbitzu-jardueretarako sarbide askea bermatzeko beharrezkoak diren xedapen eta printzipioak ezartzea eta, hori egitean, prozedurak sinplifikatzea nahiz zerbitzuen kalitate handia sustatzea. Horrela, azaroaren 23ko 17/2009 Legean xedatu da, zerbitzuen sinplifikazioa bultzatzeko asmoz, zerbitzuak ezartzeko eta eskaintzeko orduan aplika daitezkeen prozedurak eta izapideak ikuskatuko dituztela administrazio publikoek. Lege horretan xedatu da, baita ere, elektronikoki eta urrutitik egin ahal izango direla zerbitzu-jarduera batean sartzeko eta hura betetzeko gauzatu beharreko prozedura eta izapide guztiak.

Berrikuntzarako eta Administrazio Elektronikorako Planak, Eusko Jaurlaritzak 2011ko maiatzaren 31n onartuak, honako helburu hauek ditu: zerbitzu publiko digitalak herritarren eta enpresen eskura jartzea, administrazio-prozeduren izapideketan bide elektronikoak eta telematikoak gehiago erabiltzea, paper gutxiago erabiltzea eta administrazio-kudeaketaren eraginkortasuna hobetzea, antolamendua egokituz, prozedurak erraztuz eta teknologia eguneratuz.

Bestetik, Administrazio Elektronikoaren Esparruko Elkarreragingarritasunaren Eskema Nazionala arautzen duen urtarrilaren 8ko 4/2010 Errege Dekretuko zioen azalpenean adierazitakoaren arabera, informazio-sistemek nahiz horietan oinarritutako prozedurek datuak partekatzeko eta elkarren artean informazioa nahiz jakintzak trukatzeko duten gaitasuna da elkarreragingarritasuna. Elkarreragingarritasuna, beraz, beharrezkoa da hauetarako guztietarako: administrazio publikoen baterako zerbitzuak eskaintzeko, integratzeko, garatzeko eta kooperatzeko; hainbat printzipio eta eskubide betetzeko; lehen baino efizientzia hobea lortzearen alde, teknologia transferitzeko eta aplikazioak berrerabiltzeko; zerbitzu berriak gaitzen dituzten hainbat aplikazioren arteko elkarlana bideratzeko; hori guztia administrazio elektronikoaren eta informazioaren gizartearen garapena erraztuz.

Baina, aldi berean, informazio-sistema egoki bat behar da zenbait politika publiko betearazteko, bai eta informazioa ezagutza bihurtzea funtsezkoa da Eusko Jaurlaritzaren Berrikuntza Publikoaren helburu orokorra lortzeko.

Bere eskumenak betez eta arestian aipatutako arauzko aurreikuspen horiekin bat, ingurumenari buruzko informazioa eta metadatuak sartzen ari da, apurka-apurka, ingurumenari buruzko informazioa modu integralean kudeatzeko IKS-eeM Sisteman Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila.

Erakundeen eta Autonomia Erkidegoko ingurumen-administrazioaren artean informazioa elkar trukatzeko prozesuen ardatza da aipatu sistema hori.

Horiek horrela, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila igorpenei eta gai kutsatzaileen transferentziari buruzko Europako erregistroan (PRTR) sartu beharreko datuak nahiz hondakinen kudeaketari buruzko agiriak elektronikoki bidal daitezela sustatzen ari da, 2003. eta 2005. urtetik, hurrenez hurren.

Bestetik, ingurumenari buruzko datuak elektronikoki trukatzeko E3L izeneko hizkera garatu izan da 2006. urtetik ETER proiektuaren esparruan. Hizkera berezi horren helburua da, hain zuzen ere, administrazio publikoek eragile inplikatuei eskatuko dieten informazioaren formatua eta tipologia bateratzea. Irizpideak bateratzean are azkarrago eta errazago egingo dira administrazio-eragiketak eta, bidenabar, informazioaren kalitatea hobetuko da.

Gaur egun, behar-beharrezkoa da ingurumenari buruzko informazioa modu integralean kudeatzeko IKS-eeM Sistemari azken bultzada ematea. Hau da, arau espezifikoak garatu behar dira eta, horiek oinarri harturik, ingurumenean eragina duten jardueren erregistro bakarra sortu Euskal Autonomia Erkidegoan.

Horretaz gain, aipatu helburuak guztiz betetzeko eta sistema eraginkorra izateko, ingurumen-administrazioarekin elkarreraginean diren erakundeek derrigor erabili beharko dute aipatu sistema, horixe baita modu bakarra azken urte hauetan guztietan egindako ahaleginek eta erabilitako baliabideek espero zen errentagarritasuna izan dezaten. Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoaren ingurumenari buruzko informazio-sistemaren bitartez, ingurumenari buruzko informazio guztia berehalako batean eskura izango dute botere publikoek, bai eta horiekin elkarlanean diren erakundeek nahiz herritar orok ere.

Horrela, gerta daiteke beren gaitasun ekonomikoa, teknikoa, lanbide-jarduera edo egiaztatutako beste arrazoi batzuengatik, beharrezkoak diren baliabide teknologikoak erabiltzeko aukera bermatua izatea zenbait pertsona juridikok edo pertsona fisikoen hainbat taldek. Hortaz, baldintza horiek betetzen dituzten pertsona juridikoak nahiz pertsona fisikoen taldeak Administrazioarekin soilik baliabide elektronikoen bidez harremanean jar daitezela ezar daiteke prozedura elektroniko bakoitzaren arautegian, halaxe xedatu baita ekainaren 22ko 11/2007 Legean nahiz administrazio-prozeduretan baliabide elektronikoen, informatikoen eta telematikoen erabilera arautzen duen abenduaren 18ko 232/2007 Dekretuan.

Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren azken urteotako ahalegina ikusirik, azken urratsa emateko unerik egokienean gaudela baiezta dezakegu.

Horixe berretsi du, bederen, berriki onartutako Hondakinei eta Kutsatutako Lurzoruei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak. Zehazki, lege horren bederatzigarren xedapen gehigarrian adierazitakoaren arabera, administrazio publikoek baliabide elektronikoak prest badituzte, administrazio-prozedurak nahiz informazio-betebeharrak elektronikoki izapidetuko dira. Xedapen horretan adierazi da, baita ere, sistemen elkarreragingarritasuna bermatzeko teknologiak eta neurriak ezarriko dituela administrazio publiko bakoitzak bere esparruan, betiere, zerbitzuetako jardueretara libreki sartzeari eta horietan aritzeari buruzko azaroaren 23ko 17/2009 Legearekin bat.

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila, ingurumeneko administrazio-prozeduren izapideketa elektronikoaren arloan, administrazio-izapideketa sinplifikatzeko aukera ikusi du. Horrela, dekretuak batu egiten ditu informazioa eskatzeko eta aldizka eskualdatzeko tresnak, dokumentu bakar bihurtuz, eta dokumentu horiek baliatuta, interesdunek ingurumen arloko arau ugarien ondoriozko beharrizanak errazago eta modu bateratuagoan gauzatuko dituzte.

Arestian aipatutakoa gogoan; Emakumeen eta Gizonen Arteko Berdintasunaren otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 19.etik 22.era arteko artikuluetan jasotako izapideak egin ondoren; Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak proposatuta; Euskadiko Ingurumen Batzordeak txostena egin ondoren; eta 2012ko irailaren 25eko bilkuran Gobernu Kontseiluak horri buruz eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

  1. Dekretu honek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren eskumeneko ingurumen arloko administrazio-prozeduretan zerbitzu elektronikoak nola erabili arautzen du.

  2. Dekretu honen xedea izango da, baita ere, Euskal Autonomia Erkidegoko jardueretatik ingurumenaren gain eragina duten horiei guztiei buruzko informazioa jasotzeko erregistroa sortzea eta arautzea.

  1. Dekretu honek arautuko du zerbitzu elektronikoek ingurumeneko administrazio-prozeduretan duten erabilera, betiere Herritarrek zerbitzu publikoetara sarbide elektronikoa izateari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legean aitortutako eskubideak errespetatuz.

  2. Hizkuntz koofizialtasunaren araubide juridikoa beteko da, hau da, euskararen erabilera normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legea eta hura garatzen duten arauak.

  3. Dekretua indarrean sartzen denetik eta hartan xedatutakoa betez, soilik baliabide telematikoen bitartez izapidetuko dira Eusko Jaurlaritzaren eskumeneko ingurumen arloko administrazio-prozedurak.

Dekretu honetan eta dekretu honek arautzen duen Ingurumenari buruzko Informazioa Kudeatzeko Sistema Integraleko tresna nahiz agirietan erabilitako kontzeptuek esanahi hau dute:

  1. Erakunde: Ingurumenarekin lotura duten administrazio-prozeduren barruan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarekin informazioaren edota metadatuen transakzioak egiteko edota horiek trukatzeko beharra duen edozer pertsona edo erakunde, zeinahi dela haren forma juridikoa.

  2. Gune operatibo: Toki berean aurkitzen diren eta pertsona fisiko edo juridiko bera titular duten instalazio bat edo gehiago, betiere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren eskumeneko ingurumen-gaietako baimenak, aurretiazko jakinarazpenak edota erregistroak bete behar badituzte.

  3. Egoitza operatibo: Leku horretatik kudeatzen eta administratzen dira Dekretu honetan adierazitako erakundeak, betiere, lan hori egingo den gune operatiborik ez badago. Egoitza operatiboak, bidenabar, ez du zertan egon erakundearen helbide berean.

  4. Ingurumeneko Identifikazio Zenbaki NIMA: Gune operatibo edo egoitza operatibo bakoitza identifikatzeko erabiltzen den zenbakia.

  5. E3P. Environmental Electronic Exchange Point. Ingurumen arloko Estatuko Administrazio Publiko guztien arteko elkarreraginkortasuna bideratzeko plataforma.

  1. Teknologia berrietara zuzendutako kudeaketa-tresna telematikoa da IKS-eeM Sistema, hots, Ingurumenari buruzko Informazioa modu Integralean Kudeatzeko Sistema. Erakundeen eta herritar ororen esku jarri du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak tresna hori, bere eskumeneko ingurumen arloko administrazio-prozedurak baliabide elektronikoen bitartez izapidetzeko.

  2. Ingurumenarekin lotura duten administrazio-prozedurak izapidetzeko asmoz erakundeek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoari eman behar dizkieten informazio edota metadatu guztiak jasoko dira Sisteman. Beraz, sistema horren bitartez bidaliko diote informazio guztia erakundeek Administrazio Publikoari. Administrazio Publikoak, bere aldetik, sistemaren bitartez bidaliko die informazioa erakundeei edota tokiko, estatuko nahiz Europar Batasuneko beste administrazio publiko batzuei.

  3. Kontrol eta babespean den ekipamendu informatikoen multzoa denetik, eta aldez aurretik identifikatutako nahiz baimendutako erakundeak baino ezin direnez sisteman sartu, komunikazio-ingurune itxia izango da IKS-eeM Sistema; halaxe xedatu baita 11/2007 Legean eta Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan.

  4. Administrazio Elektronikoaren Esparruko Elkarreragingarritasunaren Eskema Nazionala arautzen duen urtarrilaren 8ko 4/2010 Errege Dekretuan xedatutakoa bete beharko da beti. E3P plataforma erabiltzearen bidez, hain zuzen, ingurumen arloko Estatuko administrazio publikoekiko elkarreragingarritasuna bermatuko du IKS-eeM Sistemak.

  1. Dekretu hau aplikatuko zaie:

    1. Haren eskumeneko ingurumen arloko administrazio-prozedurak direla-eta, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoarekin harremanean dauden erakundeei.

    2. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak gainerako administrazio publikoekin eta sektore publikoko erakundeekin dituen harremanei, haren eskumeneko ingurumen arloko administrazio-prozeduretan.

  2. Dekretu hau Eusko Jaurlaritzak ingurumen arloan eskumenekotzat dituen administrazio-prozedura guztiei aplikatuko zaie. Prozedura horien zerrenda I. eranskinean jasota dago.

  3. Prozedura horietan IKS-eeM Sistema erabiltzeak, erregistro elektroniko komuna erabiltzea dakar. Hizpide dugun sistema, bidenabar, agiri elektronikoak sortzeko eta jakinarazpen elektronikoak egiteko erabiliko da, bietan ere, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretua betez.

  4. Bere eskumeneko ingurumen arloko administrazio-prozeduretan beste administrazio publiko eta sektore publikoko beste erakunde batzuekin informazioa trukatzeko erabil dezake Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak IKS-eeM Sistema. Hura erabili ahal izateko, edonola ere, elkarreragingarritasun tekniko eta semantikoa izan beharko da IKS-eeM Sistemaren eta gainerako administrazio publikoek erabilitako sistema nahiz aplikazioen artean.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan argitaratuko dira IKS-eeM Sistemaren egitura, formatuak, funtzionaltasunak eta funtzionamendu-arau orokorrak. Horrela, egoitza elektroniko horretan argitaratuko dira hizpide dugun Sistemaren egituran, formatuetan, funtzionalitateetan edota haren funtzionamenduari buruzko arau orokorretan egindako aldaketa guztiak.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoan, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan xedatutakoarekin bat etorriz egingo da IKS-eeM Sistemarako sarrera eta harekin elkarreragitea.

  2. Enpresako Kudeaketa Sistema (ERP) daukaten guneek edota egoitza operatiboek beren kudeaketa-plataformetatik kudea ditzakete agiri elektronikoak, IKS-eeM Sisteman sartu beharrik gabe. Plataforma horietatik fitxategiak bidaltzeko eta jasotzeko prozesuen bitartez kudea ditzakete agiriok. Horretarako, alabaina, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoko estandarrekin bat etorri beharko dute aipatu fitxategien formatuak eta fitxategiok bidaltzeko kanalek.

  1. Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretua betez gaitutako erakundeek eta erakunde interesdunek bidal edota elkar truka ditzakete informazioa nahiz metadatuak IKS-eeM sistemaren bitartez.

  2. Zehazki, ingurumen arloko administrazio-prozedurei dagokienez eta aipatu Dekretu horretan xedatutako baldintzekin bat, ingurumen-elkarlaneko erakundeak gai daitezke. Horrez gain, badira Hondakinei eta Kutsatutako Lurzoruei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legea betez baimena lortu duten edota hondakinen arloan kudeatzaile, agente edota negoziatzaile jardun aurretik arauzko jakinarazpena egin duten zenbait pertsona fisiko eta juridiko. Azken horiek, beraz, hondakin-kudeatzaileen ordezkari izateko gaitu daitezke, lehen aipatutako Administrazio Elektronikoari buruzko Dekretuan xedatutakoa betez hondakinak kudeatzeko agiri elektronikoak kudea ditzaten.

  3. Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren bidez sortutako Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ordezkarien erregistro elektronikoan jasoko dira aipatutako ordezkaritza horiek.

Ingurumen Adierazpenaren Eskaera (IA e-E) izeneko tresnaren bitartez, elektronikoki izapidetuko dira ingurumen arloko administrazio-prozedura guztiak. Agiriak elektronikoki izapidetzeko tresna komun eta bakarra da hizpide dugun hori, eta IKS-eeM Sistemaren barruan dago.

  1. Indarrean dauden xedapenetan xedatutakoa betez, ingurumenari buruzko zenbait informazio bidali behar dute urtero Euskal Autonomia Erkidegoko gune edota egoitza operatiboek. Informazio hori guztia jakinarazpen bakar batean bidaliko da, Ingurumen Adieraz­penaren Jakinarazpenaren bitartez (IA e-J), hain zuzen.

  2. Martxoaren 31 baino lehen aurkeztu beharko dira IA e-J eta aurreko ekitaldiari dagozkion datuak.

  3. Artikulu honetan araututako betebeharra betetzeko, Ingurumen Adierazpenaren Jakinarazpena (IA e-J) bere kabuz egin dezake ingurumen arloko eskumena duen Sailak. Horrelakoetan, gune edo egoitza operatiboak balioetsi beharko du agiri hori.

Indarrean dauden xedapenetan xedatutakoa betez, ingurumenari buruzko beste informazio motak ere bidali behar dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko gune edo egoitza operatiboek. Informazio hori, baita ere, IKS-eeM Sistemaren barruan dauden transakzioetarako tresnen bidez bidaliko da.

Aurreko artikuluetan jaso ez arren, ingurumenarekin lotura duen informazioaren beste transakzio batzuk egin daitezke IKS-eeM Sistemaren bitartez.

Ingurumen arloko eskumena duen sailak Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan argitaratu eta etenik gabe eguneratuko ditu honako gai hauen guztien zerrendak: ingurumenari buruzko informazioa bidaltzeko betebeharrak; Ingurumen Adierazpenaren Eskaeraren (IA e-E) tresnak; Ingurumen Adierazpenaren Jakinarazpena (IA e-J); transakzioen formatuak; eta aipatutako egoitza elektronikoa mantentzeko beharrezkoak diren gutxieneko beste eduki guztiak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuratu ahal izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ingurumen-arloko administrazio-prozedura guztietako ardurapeko adierazpenen nahiz aurretiazko jakinarazpenen ereduak.

  1. Prozeduren kudeaketa administratiboa egiteko beharrezkoak diren agiriak sartu ahal izango dira IKS-eeM Sistemaren kudeaketa-prozeduren bitartez. Agiri horiek, bidenabar, agiri elektronikotzat hartuko dira eta horien ondorio berberak izango dituzte.

  2. Ingurumen arloko postontzi elektronikoaren bitartez sartuko dira agiri horiek Sisteman. Postontzi horretan, agiriak jaso eta gordeko dira, eta horien transakzioa zuzenean egin ahal izango da bertatik. Postontziak baditu, baita ere, haren bitartez transferitutako agiriak administratiboki babesturik daudela bermatzeko beharrezkoak diren erregistro-mekanismoak.

  1. Dekretu honen bitartez sortutako Ingurumenaren gain eragina duten instalazioen erregistroa administratiboa izango da, eta bakarra izango da Euskal Autonomia Erkidego osoan.

  2. Ingurumen arloko gaietan eskumena duen sailari atxikiko zaio Erregistroa, eta IKS-eeM Sistemaren barruan sartuko da.

  3. Ingurumen-gaietan informazioa eskuratu, publikoki parte hartu eta auzitegietara jotzeko eskubideak arautzen dituen uztailaren 18ko 27/2006 Legean eta Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoa bete beharko dute ingurumenaren gain eragina duten instalazioen Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroan bildutako datuek.

  1. Ingurumenaren gain eragina duten jardueretatik Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatzen diren horiei buruzko informazio guztia etenik gabe eguneraturik izateko asmoz sortu da erregistro hau.

  2. Ingurumen arloko eskumenak dituen sailak bere kabuz sartuko ditu erregistroan berak emandako baimenei buruzko edota sail horren aurrean aurkeztutako aurretiazko jakinarazpenei buruzko datu guztiak.

  3. Instalazio bakoitzari buruz gutxienez honako informazio hau jasoko da Erregistroan:

    1. maila (Administratiboa). Datu sozialak: IFZ kodea (NAN edo IFK) eta erakundeari buruzko datu sozialekin lotura duten metadatuak.

    2. maila (Operazionala). Datu operatiboak: NIMA kodea eta gune operatiboarekin edota egoitza operatiboarekin lotura duten metadatuak.

    3. maila (Prozedurazkoa) negozioa: erregistro- edo baimen-kodeak eta prozedurazko datuekin lotura duten metadatuak.

Ingurumen-organoaren jarduera-eremuen arabera egituratuko da Ingurumenaren gain eragina duten instalazioen Erregistroa. Haren egitura, beraz, honako hau izango da:

a) PRTR:

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren urtarrilaren 18ko 166/2006 (EE) Erregelamenduaren aplikazio-eremuaren barruan dauden instalazioak. Igorpenen eta transferentzia kutsatzaileen Europako erregistroa sortzeari buruzkoa da aipatu erregelamendu hori.

b) IPPC:

Ingurumen-baimen integratua behar duten instalazioak (IPPC).

  1. Klima-aldaketa eta airearen kalitatea:

    Atmosfera kutsa dezaketen jarduerak gauzatzen diren instalazioak.

    Konposatu Organiko Lurrunkorren Igorpenei buruzko 117/2003 Errege Dekretuaren aplikazio-eremuko jarduerak gauzatzen diren instalazioak.

    Berotegi-efektuko gasak igortzeko eskubideen salerosketaren araubidea bete behar duten jarduerak gauzatzen diren instalazioak.

  2. Hondakinak:

    Hondakinak sortzen dituzten instalazioak.

    Hondakinak kudeatzen dituzten pertsonak.

    Hondakinak kudeatzeko instalazioak.

    Hondakinen agenteak eta tratulariak.

    Hondakinen biltzaileak eta garraiolariak.

    Hondakin bihurtzen den produktuaren sortzailearen erantzukizun zabalduko banakako sistemak.

    Hondakin bihurtzen den produktuaren sortzailearen erantzukizun zabalduko sistema kolektiboak.

  3. Lurzoru kutsatuak.

    Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak.

    Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak gauzatu edo instalazioak kokatu diren lekuak.

    Haien lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpena egin behar den lekuak.

  4. Beste jarduera batzuk:

    Jarduera sailkatuak gauzatzen diren instalazioak.

    Aurreko paragrafoetan jaso ez arren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egin beharra duten beste instalazio batzuk.

  5. EMAS eta etiketa ekologikoa:

    EMAS Ingurumena Kudeatzeko Sistema daukaten erakundeak.

    Etiketa ekologikoa duten jarduerak eta produktuak.

Erregistroak honako funtzio hauek izango ditu:

  1. Indarreko legeen arabera inskriba daitezkeen egintzak gordailutzeko, erregistratzeko eta inskribatzeko prozedura izapidetzea eta arautzea.

  2. Ingurumen-gaietan informazioa eskuratu, publikoki parte hartu eta auzitegietara jotzeko eskubideak arautzen dituen uztailaren 18ko 27/2006 Legearen ondorioz sortutako betebeharrak betetzen laguntzea.

  3. Gordailututako agiriak zaintzea eta gordetzea.

  4. Gainerako administrazio publikoekin informazioa elkar trukatuko dela bermatzea.

Lehenengoa. Gizabanakoak dekretu honetan aipatzen diren ingurumen arloko administrazio-prozeduretan sartu ahal izateko, Zuzenean Jaurlaritzaren Hiritarren Arretako Zerbitzuak honako hauetan beharrezko laguntza eta orientazioa emango ditu: betelanetarako sailkatutako jarduera-araubidearen esparruko txostenak; katalogatutako espezieen harrapaketarako baimena; Urdaibaiko Biosferaren Erreserbaren erabilera eta eraikuntzarako baimenak eta txostenak; salaketak; ingurumenari buruzko informazio lortzeko eskariak; eta norbanako interesdun gisa, jendaurreko informazioko izapideak eta izapide horiek dituzten ingurumeneko administrazio-prozeduretan jendaurreko parte-hartzea.

Halaber, eta Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuarekin bat etorriz, behar beste funtzionariori gaikuntza emango zaie, beren sinadura elektroniko egiaztatuaren bidez, lehenago aipatutako izapideak egin ditzaten, norbanakoen izenean.

Bigarrena. Ingurumenari buruzko Informazioa modu Integralean Kudeatzeko Sistema, hots, IKS-eeM Sistema erabilgarri izan dadin, eta gune edota egoitza operatiboek hura erabili ahal izateko, Ingurumen Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak agindu bidez ezar ditzake IKS-eeM Sistemarekin interakzioan egoteko beharrei lotutako baldintzak. Transakzio-kopurua edo -bolumena, edo gune edo egoitza operatiboaren ahalmena kontuan hartuz finkatuko dira baldintza horiek, zeinek gune edota egoitza operatiboak behartuko baitituzte informazioaren transakzioa egiten duten Enpresa Kudeaketarako Sistemak izatera.

Lehenengoa. Izapidetzen ari diren prozedurak.

Dekretu hau indarrean sartu aurretik hasitako prozedurak, oraindik behin betiko ebazpena jaso ez dutenak, bukatu arte ohiko bideetan izapidetuko dira non eta interesdunek berariaz erabakitzen ez duten bide telematikoak erabiltzea.

Bigarrena. Diru-laguntzei eta laguntzei buruzko prozedurak.

Diru-laguntzei buruzko programetarako deialdia egiten duten aginduek diotena betez honako laguntza hauei buruzko zenbait prozedura telematikoki izapidetuko dira: ingurumen arloko boluntariotzan, hezkuntzan, informazioan, parte-hartzean, prestakuntzan eta sentsibilizazioan diharduten irabazi-asmorik gabeko erakundeentzako diru-laguntzak eta laguntzak; Eskolako Agenda 21 Programako jarduerak garatzeko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeentzako laguntzak; eta natura-ondarea kontserbatzeko jarduerak, lurraldea zaintzeko akordioetan jasota daudenak, finantzatzeko laguntzak.

Hirugarrena. Ingurumen arloko elkarlanerako erakundeak.

Ingurumen arloko erakunde kolaboratzaileei buruzko arau espezifikoak indarrean sartu bitartean, Ingurumen Kalitaterako Zuzendaritzarekin egoki den hitzarmena sinatzen duten erakundeek bete ditzakete dekretu honek haiei esleitutako funtzioak; halaxe xedatu baita Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan. Bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan jasoko dira hirugarrenak ordezkatzeko gaikuntzen baldintzak eta ordezkapenen zerrenda eguneratua.

Lehenengoa. Gaikuntza.

Ingurumen arloan eskumena duen sailari gaitasuna eman zaio dekretu honetan xedatutakoa garatze aldera beharrezkoak diren xedapen eta jarraibide tekniko guztiak emateko. Horrela, ingurumen arloko eskumena duen sailburuaren agindu bidez egunera daiteke dekretu honetako I. eranskineko zerrenda, hots, dekretu hau aplikatuko zaien prozeduren zerrenda; beti ere, ingurumen arloko administrazio-prozedurei aplikatzen zaizkien arauetan egindako aldaketak hala eskatzen badu. Horrez gain, prozedura horien zerrenda eta lotutako zerbitzuen katalogoa beti eguneratuta egongo dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan.

Era berean, geroagoko arauek horretarako bide ematen badute, ingurumen arloko eskumena duen sailburuak agindu bidez egunera dezake ingurumenaren gain eragina duten jardueren erregistroaren egitura.

Bigarrena. Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 22ko 629/2009 Dekretua aldatzea.

Abenduaren 22ko 629/2009 Dekretuaren 10. artikuluan a) atala sartzen da, honela dioena:

  1. Ingurumen Informazioa Kudeatzeko Sistemaren, IKS-eeM Sistemaren eta ingurumenean eragina duten Instalazioen Erregistroaren zuzendaritza eta administrazio-kudeaketa.

Hirugarrena. Indarrean jartzea.

2013ko urtarrilaren 1ean jarriko da indarrean dekretu hau.

Vitoria-Gasteizen, 2012ko irailaren 25ean.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

MARÍA DEL PILAR UNZALU PÉREZ DE EULATE.

IRAILAREN 25EKO 183/2012 dEKRETUAREN I. ERANSKINA

DEKRETU HONEN APLIKAZIO-EREMUAN DAUDEN INGURUMENEKOADMINISTRAZIO-PROZEDUREN ZERRENDA

a) PRTR:

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren urtarrilaren 18ko 166/2006 (EE) Erregelamenduaren aplikazio-eremuaren barruan dauden instalazioen jarduera-abiarazpenari buruzko jakinarazpena, igorpenen eta transferentzia kutsatzaileen Europako erregistroa sortzeari buruzkoa.

  1. Ingurumena arloko baimen integratua:

    Ingurumen-baimen integratuaren prozedura (IPPC).

    Ingurumen-baimen integratua behar duen instalazio baten aldaketa.

  2. Klima-aldaketa eta airearen kalitatea:

    Atmosfera kutsa dezaketen jardueretarako baimena (A eta B taldeak).

    Atmosfera kutsa dezaketen jardueren jakinarazpena (C taldea).

    Jardueretan erabilitako disolbatzaileek sortzen dituzten Konposatutako Organiko Lurrunkorren Igorpenei buruzko 117/2003 EDaren eraginpean diren jarduera-abiarazpenari buruzko jakinarazpena.

    Berotegi-efektuko gasak igortzeko baimena.

  3. Hondakinen kudeaketa:

    Hondakinak sortzen dituzten pertsonen jarduera-abiarazpenari buruzko jakinarazpena.

    Hondakinak kudeatzeko jarduerak baimentzea.

    Hondakinak kudeatzeko instalazioak baimentzea.

    Horiek zabortegian gordetzearen bidez hondakinak ezabatzeko instalazioei baimena ematea.

    Betelanetarako baimenak eta txostenak ematea.

    Hondakinak biltzen dituzten pertsonen jakinarazpena.

    Hondakinak garraiatzen dituztenen jakinarazpena.

    Hondakin bihurtzen den produktuaren sortzailearen erantzukizun zabalduko banakako sistemei buruzko aurretiazko jakinarazpena.

    Hondakin bihurtzen den produktuaren sortzailearen erantzukizun zabalduko sistema kolektiboak baimentzea.

    Hondakinak mugaz bestalde eramateko baimena ematea.

    Hondakinak biltegiratzeko zentroetarako baimena ematea.

    Hondakinak bildu, sailkatu eta batzeko lanetan diharduten zentroen jakinarazpena.

    Hondakin-agenteen eta -tratularien jarduera-abierazpenaren jakinarazpena.

  4. Kutsatutako lurzoruak.

    Lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpena.

  5. Ingurumen-ebaluazioa:

    Ingurumen-inpaktuaren baterako ebaluazioa.

    Ingurumen-inpaktuaren banan banako ebaluazioa.

  6. Biodibertsitatea

    Itsasoko fauna eta landaretza katalogatuetako espezieak harrapatzeko baimena.

  7. Beste prozedura batzuk:

    Jardueraren udal-lizentziaren esparruan neurri zuzentzaileak ezartzeari buruzko txostena.

    Udal antolamenduko tresnak onesteko prozeduretan ematen diren txostenak.

    Urdaibai Biosfera Erreserban eraikitzeko eta lurrak erabiltzeko baimenak eta txostenak.

    Salaketak.

    Ingurumen-informazioa jasotzeko eskariak.

    Ingurumen-ikuskapenak.

    Ingurumen-erantzukizuna.

    Zigor-espedienteak.

    EMAS, ingurumen-kudeaketa eta -ikuskapenari buruzko Batasuneko sistemaren erregistroan inskribatzea.

    Etiketa ekologikoa ematea.

  8. Laguntzak eta diru-laguntzak jasotzeko prozedurak:

    Enpresei diru-laguntzak ematea, ingurumena babesteko inbertsioak egin ditzaten.

    Tokiko erakundeei diru-laguntzak ematea, garapen iraunkorra sustatzeko ekintzak gauza ditzaten.

    Ingurumen arloan boluntariotza, hezkuntza, informazioa, parte-hartzea, prestakuntza eta sentsibilizazioa sustatzeko jarduerak gauzatzen dituzten irabazi-asmorik gabeko erakundeentzako diru-laguntzak ematea.

    Unibertsitateaz kanpoko ikastetxeentzako diru-laguntzak ematea, Eskolako Agenda 21 programa gara dezaten.

    Lurraldea zaintzeko hitzarmenetan jasotako natura-ondarea zaintzeko jarduerak finantzatzekok diru-laguntzak ematea.

  9. Erakundeak:

    Erakundeei egiaztagiriak ematea, lurraren kalitateari buruzko ikerketak eta berreskuratzeak egin ditzaten.