Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Saila

Arautegia

Inprimatu

82/2012 DEKRETUA, maiatzaren 22koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak onartzen dituena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 108
  • Hurrenkera-zk.: 2492
  • Xedapen-zk.: 82
  • Xedapen-data: 2012/05/22
  • Argitaratze-data: 2012/06/04

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Gizarte gaiak eta emplegua
  • Azpigaia: Lana eta enplegua; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Euskal Autonomia Erkidegoko 2010. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 2/2009 Legearen bigarren xedapen gehigarriak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua zuzenbide pribatuko erakunde publikoa sortzeari ekin zion.

Gerora, goian adierazitako xedapen gehigarri horretan ezarritakoan oinarrituta, azaroaren 30eko 329/2010 Dekretuaren bidez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onartu ziren, eta, halaber, abenduaren 28ko 354/2010 Dekretuaren bidez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren jardueren hasiera eta bitarteko pertsonal eta materialetarako atxikimendurako baldintzak arautu ziren.

Azaroaren 5eko 1441/2010 Errege Dekretuak jasotzen duen Transferentzien Batzorde Mistoaren akordio baten arabera, Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzen zaizkio lanaren, enpleguaren eta enplegurako lanbide-heziketaren esparruan Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak burutzen dituen lan-arloko legeria betearazteko eginkizunak eta zerbitzuak.

Nolanahi ere, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari buruzko urriaren 13ko 3/2011 Legearen bidez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua administrazio-erakunde autonomo gisa sortzeari ekin zaio, betiere, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 7.3 artikuluan ezarritakoa betez.

Lege horren 2.2 artikuluak ezartzen duenaren arabera, aipatutako erakundea lege horretan ezarritakoaren, administrazio-izaerako erakunde autonomoei EAEn aplikagarri zaien araudiaren eta bere estatutuen bidez arautuko da. Erakundearen estatutuak onartzeko, dekretua emango du Eusko Jaurlaritzak, enpleguaren arloan eskumena duen Sailaren proposamenez.

Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Legea aldatzen duen azaroaren 24ko 4/2011 Legeak aldaketa bat dakar kudeaketa-eredura: Eusko Jaurlaritzak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bitartez, eskumenak eskuratuko ditu zuzenbidezko prestazio ekonomikoak, hau da, diru-sarrerak bermatzeko errenta eta etxebizitzako prestazio osagarria, tramitatzeko eta ebazteko; eskumenak, baita ere, gizarteratze-hitzarmenak egiteko, proposatzeko, negoziatzeko, harpidetzeko eta horien jarraipena egiteko.

Azaldutakoaren arabera, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2012ko maiatzaren 22an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau

Indargabetuta gelditzen da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onartu zituen azaroaren 30eko 329/2010 Dekretua, baita Dekretu honetan ezarritakoaren aurka doan beste edozein xedapen ere, baldin eta maila bera edo apalagoa badu.

Lehenengoa. Laneratzeko enpresen kalifikazioa arautu, eta horietan sartzeko prozedura eta horien erregistroa ezartzen dituen azaroaren 11ko 182/2008 Dekretuak Eusko Jaurlaritzan Gizarteratze arloko eskumena duen Sailari eta Gizarteratze Zuzendaritzari egiten dizkion aipamenak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari egindakotzat hartu behar dira. Halaber, Dekretu horrek Gizarteratzeko zuzendariari egiten dizkion aipamenak, aipatutako erakunde autonomoko zuzendari nagusiari egindakotzat hartu behar dira.

Bigarrena. Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2012ko maiatzaren 22an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua,

MARÍA GEMMA ARÁNZAZU ZABALETA ARETA.

  1. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua administrazio-erakunde autonomoa da, nortasun juridiko propioa eta jarduteko gaitasun osoa du, eta enpleguaren arloan eskumena duen sailari atxikita dago.

  2. Erakunde autonomo hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari buruzko urriaren 13ko 3/2011 Legean ezarritakoaren, administrazio-izaerako erakunde autonomoei EAEn aplikagarri zaien araudiaren eta bere estatutuen bidez arautuko da.

  3. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak Vitoria-Gasteizen du egoitza nagusia, baina beste hainbat egoitza ezar ditzake Euskal Autonomia Erkidegoko edozein udalerritan, beharrezkoa baldin bada esleituta dituen zerbitzuen prestazio egokia ziurtatzeko.

  1. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren helburua da enplegu egonkor eta kalitatezkorako eskubidearen garapen osoari laguntzea, eta langileen enplegagarritasuna bermatzen lagunduko duen lan-merkatuaren garapenaren alde lan egitea, eta enpresaren eskakizunei egokitutako langileen beharrizanak asetzea, bai eta gizartearen eta lurraldearen kohesioari laguntzea, betiere Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenen eremuan esleitzen zaizkion enplegu-politikak kudeatuz eta lan-arloko legeria egikarituz.

    Bereziki, produkzio-sarearen egungo eta etorkizuneko eskakizun guztiak ezagutuz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak lan-merkatu eraginkorra eta kalitatezkoa eratzea bilatuko du, pertsonen enplegagarritasuna eta aldi berean enpresen lehiakortasuna bermatzeko, haien beharrizanei erantzunez.

  2. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren jardunbideak irizpide zehatz batzuk beteko ditu, hala nola, gardentasuna, aukera-berdintasuna eta bere ekintzetan inor ez diskriminatzea; beste politika publikoekin koherentzia eta arrazionalizazioa bilatuko ditu beti, eta bere funtzionamenduan efikazia eta eraginkortasuna etengabe lortzen saiatuko da; tokian tokiko errealitatera egokituko da; bere zerbitzuetan kalitatea eta arreta pertsonalizatua eskainiko ditu; bere funtzio publikoak doakoak izango dira eta etengabeko elkarrizketa izango du gizarte-eragileekin.

    Printzipio horiek guztiak garatzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak hau guztia zainduko du:

    1. Laneratzera eta pertsonen ekintzailetzara orientatutako zerbitzu baten eraginkortasuna eta efikazia, produkzio-sarearen beharrizanak zehazki ezagutuz eta asebetez.

    2. Langileei eta enpresei emandako programen eta zerbitzuen kalitatea, helburuak, ebaluazio-sistemak eta etengabeko hobekuntza ezarriz.

    3. Berrikuntza sustatzea.

    4. Pertsonen eta enpresen erantzukidetasuna.

    5. Enplegu politiken osotasuna, osagarritasuna eta koordinazioa.

    6. Bere jardunen zeharkakotasuna, zerbitzua hobetzen laguntzen duten agente publiko eta pribatu guztien barneratzea eta sinergia errazteko xedez.

    7. Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzarekin elkarlanean aritzea.

  3. Era berean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren xedea bere zerbitzuen erabiltzaileak artatzeko sistema modernizatzea eta informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriak sartzea da.

Euskadiren eskumen-esparruan, honako hauek dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eginkizunak:

  1. Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumeneko enpleguaren, enplegurako prestakuntzaren eta laneratzearen arloko politika publikoen antolamendu eta plangintza orokorra, sektoriala eta lurraldekoa proposatzea. Zehazki, enpleguaren arloan eskumena duen sailari proposamena egingo dio, bai ildo estrategikoei dagokienez, bai enplegu politiken diseinu eta jarraibide nagusiei dagokienez.

  2. Enpleguko, enplegurako prestakuntzako eta autoenpleguaren eta enpresen sorkuntzen sustapenerako programak kudeatzea, diruz lagundutako deialdien onarpena eta izapidetzea barne. Enplegua sortzeko jarduna eta espiritu ekintzailea sustatzera bideratutako programak kudeatzea.

  3. Enplegu egonkorra sortzeko gizarte-ekonomiako programak ezartzea.

  4. Enplegua sortzeko tokiko ekimenak babesteko programak diseinatzea, toki erakundeekin lankidetzan, enpleguaren aldeko tokian tokiko itunak garatzea sustatuz.

  5. Europar Batasunaren Eures Sareari (Europako Enplegu Zerbitzuak) dagozkion eginkizunak betearaztea.

  6. Lan-merkatuaren beharrizanen, okupazio-profilen eboluzioaren, lanbide-eskakizunen eta lan-orientazioaren prospekzio eta informazio arloan betearazteko eginkizun guztiak betetzea.

  7. Lan-bitartekotza kudeatzea eta enpleguaren eskatzaileen erregistroa eramatea, eta lan-kontratuen, euren luzapenen, bukaeren eta eginkizun lotuen komunikazioa jasotzea.

  8. Euskal Autonomia Erkidegoan jarduten duten enplegu-agentziei buruzko gainerako eskumenak baimentzea eta egikaritzea.

  9. Enpleguaren eta prestakuntzaren arloko lankidetza-hitzarmenak sinatzea. Hala, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoarekin eta erkidegoetako enplegu-zerbitzuekin batera eta lankidetzan jardungo da, beren eskumenak baliatuz, enpleguko politika aktibo eta pasiboetan kokatu behar diren jardunetan.

  10. ETEei (Enpresa Txiki eta Ertainak) prestakuntzan, enpleguan eta garapenean laguntzeko bulegoak sortzea, Tokiko Administrazioarekin koordinatutako leihatila bakar gisa.

  11. Enplegu-programa bereziak egitea lan-munduan eta gizartean sartzeko zailtasun bereziak dituzten gizataldeentzako.

  12. Enpresaburuek lan-kontratuak erregistratzeko edo, hala badagokio, jakinarazteko betebeharrarekin zerikusia duten eginkizunak, kontratuak erregistratzeko lan-legerian ezarrita daudenak, betetzea eta lan-kontratua amaitzean Enplegu Bulegoari horren berri ematea.

  1. Enplegu-eskatzaileen izen-ematearekin eta erregistroarekin zerikusia duten eginkizunak betetzea.

  2. Enplegu-eskatzaile gisa langabeziako prestazioen eskatzaileek edo onuradunek dituzten betebeharrak betetzen direla egiaztatzea, eta ez-betetzeen berri ematea, hala dagokionean, prestazioen erakunde kudeatzaileari.

  1. Zehatzeko ahalaz baliatzea enpleguari eta langabeziari buruzko arloetan, bere legeria espezifikoan ezarritako baldintzetan, eta Lan Arloko Agintaritzarekin eta Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzarekin lankidetzan aritzea, kontratazioko iruzurrari jarraipena egin eta hura ebaluatzeko.

  2. Saiakuntzako proiektuak diseinatzea, bereziki europar eremukoak, enplegu-arloko zerbitzuen eskaintzan ikuspegi eta irtenbide berriak garatzea ahalbidetuko dutenak.

  3. Enplegurako Urteko Prestakuntza Plana egitea, onartzea eta ebaluatzea.

  4. Tokiko erakundeen prestakuntza-planetan parte hartzea.

  5. Gizarte-eragileekin parte hartzeko bideak ezartzea.

  6. Enplegurako prestakuntza-jarduerak burutzeko laguntza teknikoa eskaintzea.

  7. Lankidetza-zentroak eta erakundeak homologatzeko eta errekonozitzeko irizpideak ezartzea, bai eta euren funtzionamendua gainbegiratu eta kontrolatzea ere.

  8. Urteko Memoria egitea.

    1. Diru-sarreren bermearen eta gizarteratzearen arloa erregulatzen duen legeriak ezarritako moduan, zuzenbidezko prestazio ekonomikoak tramitatzeko eta ebazteko eskumenez, gizarteratze-hitzarmenak egiteko, proposatzeko, negoziatzeko, harpidetzeko eta horien jarraipena egiteko eskumenez baliatzea, baita arlo horretako zehatze-ahalmenaz ere.

      1. Herritarrek, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zerbitzuak erabiltzen dituztenean, nahi duten hizkuntza ofiziala erkidego honetakoa aukeratzea izango dutela segurtatzea.

      2. Enplegu eta lan-merkaturatze politiken arloetan legeek edo Eusko Jaurlaritzak egozten dizkioten edo Estatuko Gobernuak eskualdatzen, eskuordetzen edo gomendatzen dizkion beste zernahi eginkizun garatzea.

1. SEKZIOA

GOBERNU-ORGANOAK

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko gobernu-organoak honako hauek dira:

  1. Lehendakaritza.

  2. Administrazio Kontseilua.

  3. Zuzendaritza Nagusia.

  1. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Lehendakaritzak zeinak Administrazioa Kontseilua ere zuzenduko baitu erakundearen ordezkaritza izango du.

  2. Honako eginkizun hauek izango ditu Lehendakaritzak:

    1. Administrazio Kontseiluaren bileretarako deia egitea eta bilera horietan buru izatea.

    2. Ohiko eta ezohiko bilkuren deialdia erabakitzea eta gai-zerrenda ezartzea.

    3. Kontseiluko bilkuren mahaiburu izatea, eztabaidak zuzentzea, gai jakinei buruz informatzeko beste pertsona batzuk bertara daitezen baimentzea eta, oro har, bilerak egoki garatzeko behar diren ahalmenak baliatzea.

    4. Aktak eta erabakien egiaztagiriak ontzat ematea.

    5. Administrazio Kontseiluko lehendakari den aldetik, dagozkion bestelako eginkizun guztiak betetzea.

    6. Erakundearen eginkizunen arabera adosten diren lankidetza-hitzarmenak izenpetzea, erakundearen izenean.

    7. Administrazio Kontseiluak eskuordetzen dizkion bestelako eginkizunak.

  1. Administrazio Kontseilua Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren gobernu-organo gorena da, hamabost kide ditu, eta hiru aldekoa, paritarioa eta erabakigarria da.

  2. Administrazio Kontseilua honako kide hauek osatzen dute:

    1. Lehendakaria, enpleguaren arloan eskumena duen saileko titularra.

    1. Lehendakariordea, enpleguaren arloan eskumena duen sailburuordetzako titularra.

    1. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia.

    2. Eusko Jaurlaritzak izendatu, eta, hala badagokio, kargutik kenduko dituen bi kide, enpleguaren arloan eskumena duen sailak proposatuta.

    3. Bost kide, Euskadin ordezkaritzarik handiena duten erakunde sindikalen ordezkari gisa.

      Kide horiek aipatutako erakunde sindikalek hautatuko dituzte, eta Eusko Jaurlaritzak izendatuko ditu, dekretu baten bidez.

      Kontseilukide horiek, erakunde sindikal bakoitzak Euskal Autonomia Erkidegoan egiaztatuta duen ordezkagarritasunaren arabera proportzionalki esleituko dira, eta edozein kasutan bermatzen da ordezkagarrienak diren erakundeek Administrazio Kontseiluan presentzia izango dutela.

      Aurrekoa gorabehera, kontseilukideak izendatzeko eskubidea duen erakunde sindikalen batek ez badu inor izendatzen horretarako ezarrita dagoen epearen barruan, postu horiek bere taldeko gainerako erakundeei gehiagotuko zaizkie, beren ordezkagarritasunaren arabera proportzionalki.

      Halaber, sindikatu batek edo batzuek, agintaldian zehar, erabakitzen badute ordezkaritzari uko egitea, edo Administrazio Kontseiluaren bileretan behin eta berriz huts egiten badute erakunde autonomoaren ohiko funtzionamenduari kalte eraginez, kontseiluburuak kalte eragiten ari direla ohartaraziko die sindikatu horiei. Ordezkaritzari uko egiten edo kontseiluaren bileretara huts egiten jarraituz gero, kontseiluburuak, kontseilukideei kontsulta egin ondoren, kideak berritzeko prozedura bati ekingo dio, ofizioz. Prozedura horren bitartez, gainerako sindikatuetako kideek beteko dituzte hutsik geratutako lekuak, bakoitzaren ordezkaritzaren arabera, aurreko paragrafoetan adierazitakoari jarraituz.

    4. Bost kide, EAEn ordezkaritzarik handiena duten sektore arteko enpresa-erakundeen ordezkari gisa.

      Kide horiek aipatutako enpresa-erakundeek hautatuko dituzte, eta Eusko Jaurlaritzak izendatuko ditu, dekretu baten bidez. Lekurik hutsik geratuz gero, e) idatzi-zatiko laugarren eta bosgarren paragrafoetan ezarritakoa aplikatuko da, eta hutsune horiek adierazitako enpresa-erakundeetako kideekin beteko dira.

  3. Kontseilukideen agintaldiak 3 urte iraungo du. Agintaldia amaitzen denean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak sindikatu eta enpresa-erakundeek hilabeteko epea izango dute titular eta ordezko berriak izendatzeko, eta ez badute epe horren barruan egiten, ulertuko da isilbidez lehendik zeudenak izendatzen dituztela.

  4. Erakundea autonomoko Administrazio Kontseilua osatuko duten kideak izendatzeko orduan, ahaleginak egingo dira gizon eta emakume kopurua berdintsua izan dadin, eta gizon-emakume horiek prestakuntza, gaitasun eta trebakuntza egokiak izan ditzaten, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 23. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

  5. Erakunde bakoitzak, kontseilukideak izendatzen dituenean, bere eskubidearen arabera izenda ditzakeen ordezko nahiz titular guztiak izenda ditzake kontseilukide. Kontseilukide horietako edozeinek bere erakundeko titularrak ordeztu ditzakete titular-postu bat hutsik dagoenean edo titular bat bertaratu ez denean edo gaixorik dagoenean. Eusko Jaurlaritzak, era berean, 5 ordezko izendatu ahal izango ditu, eta horiek titularrak ordeztu ditzakete titular-postu bat hutsik dagoenean edo titular bat bertaratu ez denean edo gaixorik dagoenean.

  6. Aurreko 2. paragrafoko e) eta f) idatzi-zatietan ezarritakoaren arabera, Administrazio Kontseiluan ordezkaritza izan eta modu eraginkorrean hura baliatzen duten sindikatu eta enpresa-erakundeek, finantziazioa eskura dezakete erakunde autonomoarengandik, ordezkaritza instituzionaleko egitekoak aurrera eraman ditzaten eta euren eginkizunetan partaidetza teknikoa izan dezaten. Horregatik, aipatutako egitekoekin lotutako gastuak ordaintzeko partida bat esleituko da urtero erakunde autonomoaren aurrekontuetan.

    Finantzaketa hori egiteko baldintzak ezarri eta banaketa egiteko, agindua emango du, urtero, enpleguaren arloan eskumena duen saileko titularrak.

Hauek dira Administrazio Kontseiluaren eginkizunak:

  1. Erakundearen aurrekontu-aurreproiektua, kontuak eta urteko memoria onartzea, baita onartutako aurrekontu-partidetan egin nahi diren aldaketen proposamena ere.

  2. Erakundearen plan orokorrak eta jarduera-programak onartzea.

  3. Enplegu Plana diseinatu, onartu, jarraipena egin eta ebaluatzea.

  4. Enplegurako Prestakuntza Plana diseinatu, onartu, jarraipena egin eta ebaluatzea.

  5. Erakunde publiko eta pribatu, unibertsitate, enpresa edo partikularrekiko lankidetza-hitzarmenak onartzea enplegu eta prestakuntza arloan.

  6. Enplegu eta prestakuntza arloko laguntza-deialdiak egitea.

  7. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren jarduteko irizpideak prestatzea eta onartzea.

  8. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren kudeaketa kontrolatu eta ebaluatzea, eta, horretarako, bere helburuak hobeto betetzeko beharrezko iritzitako neurriak proposatzea.

  9. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko Erregelamenduaren onarpena proposatzea.

  10. Gai jakinetarako batzorde teknikoak edo lan-taldeak era daitezen onestea, eta bere osaketa eta zereginak erabakitzea.

  11. Zuzendaritza-karguen izendapenaren eta kargu-uzteen berri ematea.

  12. Arriskuen kontrol eta kudeaketarako politika onartzea eta gai horretan hartutako neurrien jarraipena egitea.

  1. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren erakunde laguntzaile izaera lortzeko edo galtzeko irizpideak onartzea.

  2. Nekez bete daitezkeen lanbideen eta atzerriko langileen kontingentearen proposamena egitea.

  1. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren jardueraren jarraipen-batzordeak eratzea, Lurralde Historikoen geografia-eremuaren barruan, gizarte-agenteek parte har dezaten.

  2. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eginkizunak eraginpean hartzen dituzten gaietan arau-proposamenak egitea.

  3. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren estatutuetan aldaketak egiteko proposamena onartzea.

  4. Onartutako programa eta deialdiei jarraipena egitea.

  5. Lan-agintaritzarekin eta Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzarekin batera lan egitea, kontratazioan egiten den iruzurraren jarraipena eta ebaluazioa egiterakoan.

  6. Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoarekin eta erkidegoetako enplegu-zerbitzuekin batera eta lankidetzan jarduteko formulak ezartzea, bere eskumenak baliatuz, enpleguko politika aktibo eta pasiboetan bildutako jardunetan.

  7. Enpleguaren arloan eskumena duen sailari enplegu-politikaren ildo estrategikoak, diseinua eta jarraibide orokorrak proposatzea.

  8. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren jardunaren irizpideak, gidalerroak eta oinarrizko ildoak definitzea, lan-merkatuaren beharrizanei erantzuteko.

  9. Enpresen eta produkzio-sarearen egungo eta etorkizuneko beharrizanen jarraipena egiteko programak eta metodologien planifikazioa ezarri, eta horiek diseinatu eta kudeatzea.

  10. Enplegu-programen eta enplegurako prestakuntzako programen gauzatzean parte hartzen duten erakundeekiko koordinazio-lerroen ezarpena onartzea, baita enpresa-jarduna eta ekintzailetza edozein modutan sustatzen duten gainerako erakunde guztiekikoa ere.

  11. Erakundearen interes bereziak gobernatu eta administratzeko bestelako ahalmenak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko beste organo bati berariaz eman ez zaizkionean.

  1. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseilua beharrezkoa den guztietan biltzen da ohiko bilkuran, eta, gutxienez, hiru hilean behin. Edozein unetan, Lehendakaritzak hala erabakitzen badu, edota, gutxienez kontseilukideen heren batek eskaera idatzia eta arrazoitua egiten badu, ezohiko bilkurarako deialdia egin daiteke. Azken kasu horretan, Lehendakaritzak ezohiko bilkuraren deialdia egin beharko du eskaeraren ondorengo hamabost egun naturaleko epearen barruan, gai-zerrendan sartuz eskaera arrazoituaren xede diren puntuak eta interesgarritzat jotzen dituen beste batzuk.

  2. Deialdia, zeinean gai-zerrenda eta bertan sartutako gaiei buruzko dokumentazioa bildu behar baita, gutxienez hamar egun naturaleko aurrerapenarekin egin behar da ohiko bilkuretarako bada, eta bi egun balioduneko aurrerapenarekin, ezohiko bilkuretarako bada.

  3. Bilkurak lehen edo bigarren deialdian egiten dira, eta bien artean ordu erdiko tartea egongo da.

  4. Administrazio Kontseilua balioz eratzen da, lehen deialdian, lehendakariaz edo idazkariaz gain edo horien ordezkoaz gain kideen erdia bertan dagoenean, eta bigarren deialdian, horien herena dagoenean. Nolanahi ere, kide guztiak bertan badaude eta aho batez erabakitzen badute, Kontseilua balio osoz eratuta geratuko da, baita deialdia egiteko baldintzak betetzen ez direnean ere.

  5. Bertaratutako kideek emandako botoen gehiengo soilarekin hartuko dira Administrazio Kontseiluaren erabakiak, eta Administrazioa ordezkatzen dutenen aldeko botoa beharrezkoa izango da. Lehendakaritzak kalitatezko botoa du berdinketak desegiteko.

  6. Ezingo da gai-zerrendan bilduta ez dauden gaiei buruzko erabakirik hartu, non eta Administrazio Kontseiluko kide guztiak bilkuran ez dauden eta gehiengoaren botoaren bitartez gaia presakakoa dela erabakitzen ez den.

  7. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eginkizunak betetzeko akordiorik hartzea behin eta berriro ezinezko gertatzen denean gutxienez, lau Administrazio Kontseilu, eta erabaki horiek atzeratzerik ez dagoenean, Administrazio Kontseiluko lehendakariak, behin beharra eta presa justifikatu ondoren, dena delako gaiaz botazio ez ohikoa egitea erabaki ahal izango du salbuespen gisa, halako moldez non hartu beharreko akordioa hartu ahal izango den, aski izanik horretarako Administrazioa ordezkatzen duten kideen aldeko botoa.

    Estatutu hauen 7. artikuluan (Administrazio Kontseiluaren eginkizunak), zehazki, a), b), c), d), e), f), g), i), m), n), p) eta q) idatzi-zatietan, adierazi diren eginkizunei buruzko erabakiak izango dira atzeratu ezin daitezkeenak.

  8. Bilkura bakoitzaren akta idazten da, eta bertan honako hau adierazten da: bertaratutako kideak, bilkura non eta noiz egin den, eztabaidatu diren gai nagusiak, bozketa egiteko modua eta horren emaitzak, eta erabakien edukia. Aktak idazkariak sinatzen ditu, lehendakariaren oniritziarekin, eta bilera horretan edo hurrengoan onartzen da.

  9. Administrazio Kontseiluak funtzionamendu-arau osagarriak har ditzake, estatutu hauetan aurreikusitakoez gain. Arau horiek ezean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean kide anitzeko organoei buruz jasotakoa aplikatuko da.

  1. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia izango da idazkari. Zuzendari nagusirik ez dagoenean edo hori bertaratu ez denean edo gaixorik dagoenean, Zerbitzu Zentraletako Zuzendaritzetako batek egingo ditu Idazkaritzako lanak, estatutu hauen 11. artikuluan ezarritako ordena kontuan izanik.

  2. Idazkaritzak honako eginkizun hauek beteko ditu:

    1. Lehendakaritzaren aginduz, bilkuren deialdia egitea eta Administrazio Kontseiluko kideei deialdien berri ematea.

    2. Administrazio Kontseiluko kideen komunikazioak eta, beraz, jakinarazpenak, datu-eskaerak edo bere ardurapean egon behar duten bestelako idazkiak jasotzea.

    3. Administrazio Kontseiluaren bilkurak prestatzea eta, lehendakariaren oniritziarekin, bilkura horien aktak idaztea eta baimentzea.

    4. Akta-liburua betetzea eta zaintzea.

    5. Kontsulten, irizpenen eta harturiko erabakien egiaztagiriak ematea.

    6. Idazkaritzako titular-karguari dagozkion edo Lehendakaritzak bereziki esleitzen dizkion eginkizun guztiak betetzea.

  1. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiko titularra Jaurlaritzaren Kontseiluak izendatzen du, dekretu baten bidez, enpleguaren arloan eskumena duen sailaren titularrak proposatuta, eta, betiere, proposamen horren berri Administrazioari Kontseiluari eman ondoren. Prozedura bera jarraituko da pertsona hori kargutik kendu behar denean ere.

  2. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendaria goi karguduna da, sailburuordearen mailakoa, eta honako eginkizun hauek izango ditu:

    1. Erakundearen aurrekontuaren aurreproiektua landu eta Administrazio Kontseiluari proposamena egitea.

    2. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua zuzentzea eta Administrazio Kontseiluaren erabakiak betearaztea.

    3. Kontseiluari proposatzea erakundearen eginkizunak aurrera eramateko beharrezko jotzen diren hitzarmenak, eta erakunde publiko edo pribatuekin osatutako edo partekatutako kudeaketa-formulak ezartzea.

    4. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari berari dagozkion gaiei buruzko kontratuak izenpetzea, eta herri-administrazioen kontratuei buruzko legeriak kontratazio-organoei esleitzen dizkien eskumen eta ahalmenak baliatzea.

    5. Erakunde autonomoaren helburuak betetzea aldera, haren zerbitzuak zuzendu eta gainbegiratzea, eta langileen zuzendaritzan jardutea.

    6. Erakundearen gastuak onartzea eta ordainketak agintzea. Horretarako, Administrazio Kontseiluari jakinarazi behar zaizkio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua atxikita dagoen Saileko sailburuak edo Jaurlaritzaren Kontseiluak baimendutako gastuak. Administrazio Kontseiluak baimenduko ditu 1.000.000 eurotik gorako kontratuak.

    7. Erakundearen ekintzen urteko memoria egitea, baita Administrazio Kontseiluak agindu dakiokeen beste edozein txosten ere.

    8. Diru-sarrerak bermatzeko errenta (edozein modalitatetan) eta etxebizitzako prestazio osagarria onartzeari, ukatzeari, berrikusteari, aldatzeari, eteteari eta azkentzeari buruzko prozedurak ebaztea.

    9. Inklusio aktiborako hitzarmenak izenpetzea.

    10. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bere helburuak betetzeko atxikita dituen programak eta jardunak zuzentzea, horretarako beharrezkoak diren erabaki eta egintza guztiak hartuz, eta deialdien ebazpena eginez hori eskatzen duten programetan, Administrazio Kontseiluak emandako gidalerroak kontuan izanik.

    11. Jurisdikzio-bide zibilaren eta lanekoaren aldez aurreko erreklamazioak ebaztea.

    12. Zehatzeko ahala erabiltzea, enpleguari eta langabeziari, eta diru-sarreren bermeari eta gizarteratzeari lotutako gaietan, betiere, legeria espezifikoan ezarritako moduan.

    1. Enpleguaren arloan eskumena duen Sailari, bai eta Administrazio Kontseiluari ere, euren egitekoak betetzeko behar duten informazio guztia ematea.

    2. Administrazio Kontseiluak eskuordetzen dizkion ahalmenak erabiltzea eta erabakiak betearaztea.

    1. Administrazio Kontseiluari aurkeztea kudeaketa-plana eta jardueren urteko memoria. Era berean, Administrazio Kontseiluari aurrekontu-garapenaren egoeraren berri emango dio, eta onartutako aurrekontuko kontzeptuak edo partidak aldatzeko baimena eskatuko dio.

    2. Administrazio Kontseiluari proposatzea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eskumenekoak diren laguntzen eta diru-laguntzen deialdiak arautzeko proiektuak, eta Kontseiluak onartzen dituenak argitaratzea.

  3. Zuzendari nagusirik ez dagoenean edo hori bertaratu ez denean edo gaixorik dagoenean, organo horri atxikitako eskumenak Zerbitzu zentraletako zuzendaritzetako titularretako batek beteko ditu, ondorengo artikuluan ezarritako ordena kontuan izanik.

  4. Zuzendari nagusiaren ebazpenek amaiera ematen diote administrazio-bideari.

    2. SEKZIOA

    ZUZENDARITZA- ETA KUDEAKETA-ORGANOAK

    1. AZPISEKZIOA

    ZUZENDARITZA-ORGANOAK

  1. Zuzendaritza Nagusiaren mendetasun organiko eta funtzionalaren azpian, honako zerbitzu zentraletako zuzendaritza hauek daude:

    1. Zerbitzu Orokorretako Zuzendaritza.

    2. Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritza.

    3. Enplegurako Prestakuntzako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Zuzendaritza.

  2. Aurrekoa gorabehera, erakunde autonomoaren organo guztiei babesa edo laguntza eskaintzen dieten zerbitzu komunak zuzenean Zuzendaritza Nagusiaren mende dauden unitatetan egituratzen dira. Bereziki, honako era honetan antolatzen dira ondorengo zerbitzu hauek:

    1. Kabinete Tekniko bat, analisi eta azterketak, informazioa, berrikuntza eta horien antzeko eginkizunak garatzeko. Zerbitzu horretan sartuta dago Lanbide Heziketako Euskal Sistemaren Behatokia.

    2. Lurralde Koordinazioko Unitate bat, erakunde autonomoaren lurralde-zerbitzuak osatzen dituzten bulegoen sarea zuzentzeko eta koordinatzeko laguntza-organo gisa.

    3. Barne Kontroleko Unitate bat; unitate horrek, erakunde autonomoaren helburuak lortzeko izan daitezkeen arriskuak identifikatu eta kudeatuko ditu, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatzen dituen funts publikoen erabilera egokia bermatuko duen auditoretza- eta ikuskapen-plan integral bat diseinatu eta betearaziko du.

  1. Zerbitzu zentraletako zuzendariak goi kargudunak dira, zuzendari-mailakoak, eta euren gain hartzen dute betiere, Zuzendaritza Nagusiaren menpe, antolaketa-unitate baten zuzendaritza (unitate horri dagozkion zerbitzuak atxikiko zaizkio). Oro har, honako eginkizun hauek dagozkie:

    1. Zuzendaritzari atxikitako zerbitzuak zuzendu, koordinatu eta bultzatzea.

    2. Zuzendaritza Nagusiari proposatzea bere Zuzendaritzari izapidetzea dagozkion espedienteak ebazteko, eta bere eskumeneko gaiak ebaztea.

  2. Zerbitzu Zentraletako zuzendariak Jaurlaritzaren Kontseiluak izendatzen ditu, enpleguaren arloan eskumena duen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailaren titularrak proposatuta, zeinek, aldez aurretik, proposamen horren berri eman behar dion Administrazio Kontseiluari. Kargutik kentzeko edo kargu-uztea deklaratzeko, izendapenaren prozedura berari jarraituko zaio.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Zerbitzu Orokorretako Zuzendaritzari honako eginkizun hauek betetzea dagokio:

  1. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren giza-baliabideak administratzea eta kudeatzea, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 10.3 artikuluko eskumenen arabera.

  2. Langileen prestakuntza- eta hobekuntza-planak lantzea; nolanahi ere, horrek ez du esan nahi Funtzio Publikoaren Zuzendaritzak eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak horretarako eskumenik izango ez dutenik.

  3. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zerbitzura lanean dihardutenen euskalduntze eta normalizazio-prozesua sustatzea, baita euskararen erabilera bultzatzea ere, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen gidalerroei jarraiki, eta, betiere, erakunde horrek duen eskumenari kalterik eragin gabe.

  4. Erakundearen Segurtasun eta Osasun Unitatearen jarduerak zuzentzea, Prebentzio Zerbitzuari dagozkion eskuduntzak aparte utzi gabe.

  5. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan indarrean dauden planetan eta arauetan aurreikusitako neurriak gauza daitezen sustatzea.

  6. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aurrekontuaren jarraipena eta kontrola egitea, baita erakunde autonomoari esleitzen zaizkion baliabideak Europako Gizarte Funtsetik datozenak administratzeko beharrezko jarduerak ere.

  7. Kudeaketa ekonomikoa egitea, eta erakunde autonomoaren kanpoko organoen aurrean aurrekontua gauzatzeko fase guztiak bideratzea.

  8. Erakunde autonomoko bulegoen barne-erregimena zaindu eta babestea, baita erakundeari atxikitako ondarea eta bere ekipamendua administratu eta iraunaraztea ere.

  9. Erakunde autonomoaren kontratazio-espedienteen administrazio-izapideak.

  10. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak behar dituen informazio- eta komunikazio-sistemak antolatu eta kudeatzea, informatika-ekipo eta -programen mantentzea egitea, eta erakunde autonomoak behar dituen datu-baseak, sareak eta sistema eragileak kudeatzea.

  11. Erakundearen Aholkularitza Juridikoa.

  12. Enpleguari eta langabeziari lotutako zehapen-espedienteak bideratzea, legeria espezifikoan ezarritako moduan.

  1. Prozesu-hobekuntzako, etengabeko prestakuntzako eta ebaluazioko kudeaketa-planak ezarri eta garatzea, aurrez erakundearen Administrazio Kontseiluak onartu ondoren.

  2. Informazioko eta proiektu-garapeneko sistema bat ezarri eta kudeatzea, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak Europako programen berri izateko eta horietan parte hartzeko, eta jardunbide egokiak detektatzeko.

  1. Zuzendaritza Nagusiak esleitzen dizkion antzeko beste eginkizun guztiak garatzea.

  1. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Lanbidea Aktibatzeko Zuzendaritzari dagokio, erakunde autonomoak ondoren adierazten diren gaietan kudeatu behar dituen programen espedienteak izapidetu eta prozesuak kudeatu, planifikatu, diseinatu eta horiei euskarria ematea:

    1. Enplegu-sustapena.

    2. Laneratzea.

    3. Lan-merkatuko bitartekaritza (Eures Sareari lotutako jarduerak eta enplegu-agentzien administrazio-kontrola barne).

    4. Orientazioa.

    5. Enpresei zerbitzua ematea.

    6. Tokiko garapena.

    7. Ekintzailetza.

  2. Era berean, honako eginkizun hauek betetzea dagokio Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzari:

    1. EAEn laneratzea aktibatzearen arloan beren jarduera garatzen duten gainerako organismoekin koordinatzea eta lankidetzan jardutea.

    2. Gizarteratze-enpresen erregistroa zuzentzea eta kudeatzea.

    3. Gizarteratze aktiborako hitzarmenaren proposamena egitea, hitzarmena sinatu aurretik haren edukia negoziatzea, bertan jasotako ekintzak koordinatzea eta bere aplikazioaren jarraipena egitea.

    4. Enpleguaren arloko betebeharrak, zehazki, jarraian adierazten diren kontzeptuen ondorioz sortutakoak, betetzen direla egiaztatzea: langabezia-prestazio eta -subsidioa, diru-sarrerak bermatzeko errenta edo beste edozein prestazio, subsidio edo laguntza.

    5. Zuzendaritza Nagusiak esleitzen dizkion antzeko eginkizun guztiak garatzea.

  1. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Prestakuntzako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Zuzendaritzari dagokio, erakunde autonomoak ondoren adierazten diren gaietan kudeatu behar dituen programen espedienteak izapidetu eta prozesuak kudeatu, planifikatu, diseinatu eta horiei euskarria ematea:

    1. Enplegurako prestakuntza (eskaintza).

    2. Enplegurako prestakuntza (eskaria).

    3. Prestakuntzaren babesa, laguntza eta ekintza osagarriak.

    4. EAEn enplegurako prestakuntzaren alorrean beren jarduera garatzen duten gainerako organismoekin koordinatzea eta lankidetzan jardutea, eta bereziki Hobetuz-Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioarekin.

    5. Enplegu- eta prestakuntza-jardun mistoak.

  2. Era berean, honako eginkizun hauek betetzea dagokio Enplegurako Prestakuntzako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Zuzendaritzari:

    1. Prestakuntza-zentroen inskripzio, homologazio eta ebaluaziorako beharrezkoak diren jarduerak garatzea.

    2. Profesionaltasun-ziurtagiriak luzatu eta erregistratzeko beharrezkoak diren jarduerak burutzea, hezkuntza-administrazioak lanbide-errekerimenduen eta lanbide-gaitasunen ziurtapenaren arloan garatutako ekimenekin behar bezala koordinatuko direla ziurtatuz.

    3. Diru-sarrerak bermatzeko errenta (edozein modalitatetan) eta etxebizitzako prestazio osagarria onartzeari, ukatzeari, berrikusteari, aldatzeari, eteteari eta azkentzeari buruzko espedienteak bideratzea.

    4. Diru-sarrerak bermatzeko errentaren (edozein modalitatetan) eta etxebizitzako prestazio osagarriaren titular eta onuradun direnei etengabeko segimendua egitea eta horien kontrol bat egitea.

    5. Diru-sarreren berme eta gizarteratzearen arloko zehapen-espedienteei hasiera eman eta horiek bideratzea.

    6. Zuzendaritza Nagusiak esleitzen dizkion antzeko eginkizun guztiak gauzatzea.

      2. AZPISEKZIOA

      KUDEAKETA-ORGANOAK: LURRALDE ZERBITZUAK

  1. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lurralde-zerbitzuak enpleguko lurralde-bulegoen sare batean antolatzen dira, eta horiek, zerbitzu publikoaren prestazioan eraginkortasun-irizpideen arabera ezarrita egonik, Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde osoa barne hartzen dute.

  1. Enpleguko lurralde-bulegoak herritarrei, langileei eta euskal enpresei eskainitako enplegu-zerbitzuen hornidura kudeatzen eta koordinatzen duen oinarrizko unitatea dira, eta horiekin batera produkzio-ehunaren ezaugarriek eta banantze sozioekonomikoak bulegoen kopurua eta kokapena zehaztuko dituzte. Jarduteko geografia-esparrua eta espezializazio funtzionala zerbitzuaren antolaketa-beharrizanak kontuan izanik zehaztuko da.

    Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren plangintza orokorraren esparruan, enpleguko lurralde-bulego bakoitzak autonomia du bere geografia-inguruneko berezitasunetara egokitzen den kudeaketa-plan bat ezartzeko. Plan hori honako printzipio hauek kontuan izanik gauzatuko da: bitartekaritzaren eraginkortasuna, enplegagarritasun pertsonala, enpresa-lehiakortasuna eta ekintzailetza. Horretarako, enpleguko lurralde-bulegoek lan-merkatuaren ezaugarriak eta beharrizanak ezagutzen lagunduko dieten prozedurak, metodoak eta tresnak erabiliko dituzte.

    Zuzendaritza Nagusiari dagokio enpleguko lurralde-bulegoen kudeaketa-planak onartzea, baita horiek aldizka ebaluatzea ere.

  2. Enpleguko lurralde-bulegoak Zuzendaritza Nagusiaren mende daude organikoki, eta gaiari dagokion Zerbitzu Zentralen Zuzendaritzaren mende funtzionalki, eta honako eginkizun hauek dagozkie:

    1. Bulegoaren lurralde-eremuan kokatuta dauden enpresetan prospekzio-jarduerak garatzea, egungo eta etorkizuneko lanbide-beharrizanak detektatzeko.

    2. Harreman sistematikoa ezartzea ikastetxeekin, teknologia-zentroekin, Administrazioekin, erakunde sindikal eta enpresarialekin, gizarte-zerbitzuekin eta toki-eremuan sareko lanaren bitartez Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eginkizunak garatzen lagundu dezaketen agente publiko edo pribatu guztiekin.

    3. Bitartekaritza-jarduerak garatzea, lan-eskaintzak erregistratuz eta kudeatuz, eta lana eskaintzen dutenei laguntza eskainiz lanbide-profilak definitzeko garaian.

    4. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eskaintzen dituen prestazioen eta zerbitzuen berri ematea erabiltzaileei, eta bidezko bada, horiek dagozkien ekintza eta programetara bideratzea, dagokion sailkapenaren ondoriozko laneragarritasun-diagnostikoaren arabera. Arreta berezia eskainiko zaio ekintzailetza-gaitasunen detekzioari eta horren orientabide eta sustapen egokiari.

    5. Langabeak eta lanbide-hobekuntzan dauden pertsonak enplegu-eskatzaile gisa inskribatu eta erregistratzea, hasierako lanbide-kokatze egoki baten bitartez sailkatzea, eta laneratzeko ibilbide pertsonalizatu eta dinamikoak diseinatu eta eskaintzea.

    6. Bere eraginpeko lurralde-eremuan prestakuntza-ekintzak identifikatu eta sustatzea.

    7. Saio kolektiboak egitea, enplegu-eskatzaileek enplegu-bilaketarako prozesuan gaitasunak hobetzeko.

    8. Enplegu-bilaketa aktiboa sustatzea tresna eta material egokien bitartez, laneratze-ibilbide pertsonalizatuen jarraipena eginez.

    9. Lan-kontratuen komunikazioak kudeatzea.

    10. Administrazio-espedienteen izapidetzea bultzatzea, dokumentazioa jasoz, eta politika aktiboen programen kudeaketan ardura duten Zerbitzu Zentraletako Zuzendaritzekin koordinatuta esleitzen zaizkien zereginak garatuz. Zehazki, diru-sarrerak bermatzeko errentaren (edozein modalitatetan) eta etxebizitzako prestazio osagarriaren eskabideak onartu behar dituzte.

    11. Erakunde laguntzaileekin hitzarmenak sinatzeko proposamena egitea, bere jardunaren lurralde-eremuan.

    12. Ikuskapen-planaren esparruan esleitzen zaizkion jarduerak garatzea, eta ezagutzen dituen irregulartasunen berri ematea organo eskudunari.

    1. Zuzendaritza Nagusiak esleitzen dizkion antzeko eginkizun guztiak garatzea.

1 artikuluan Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lurralde-bulegoen kudeaketa-planei dagokienez ezarritakoa gorabehera, erakunde autonomoak lan-merkatuko beharrizan sektorialen gainean taxutu diren zerbitzuen kudeaketa-programak ezarri ahal izango ditu. Programa horiek Administrazio Kontseiluak onartu behar ditu, ezarri aurretik.

LANBIDE-EUSKAL ENPLEGU ZERBITZUko LANGILEAK

  1. Honako hauek dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko langileak:

    1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko kidegoetakoak diren eta erakundearen zerbitzura lanean diharduten funtzionarioak.

    2. Lan-kontratudun langileak, finkoak edo behin-behinekoak.

  2. Honako xedapen hauek ezarriko zaizkie karrerako funtzionarioei: Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutua onartu zuen apirilaren 12ko 7/2007 Legea, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legea, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko karrerako funtzionarioei aplikatzen zaien funtzio publikoko gainerako araudia.

  3. Lan-kontratudun langileei lan-zuzenbidea eta Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutua onartu zuen apirilaren 12ko 7/2007 Legea berariaz aplikatu beharrekoa den hari dagokionez aplikatuko zaie.

  1. Erakundearen titulartasunekoak diren eta hari esleitzen zaizkion ondasun eta eskubideei aplikatzeko araubidea, azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretu bidez onartutako Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bateginean ezarritakora egokitzen da.

  2. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eginkizunak aurrera eramateko behar diren ondasunak eta zerbitzuak kontratatzeko eta eskuratzeko araubide orokorra kontratazio publikoari buruzko arauetan Sektore Publikoko Kontratuei buruzko legeriaren ondorioetarako, Administrazio Publikotzat hartzen diren botere esleitzaileentzako ezarritakoa da.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren baliabideak honako hauek dira:

  1. Urtero diru-kopuru bat izango du, autonomia-erkidegoko aurrekontu orokorretan zehazturik.

  2. Ondasun eta eskubideek sortutako tasak, prezio publikoak, produktuak zein errentak, eta bere jardueren egikaritzaren ondoriozko diru-sarrerak arruntak zein ezohikoak, erakundearen aurrekontuen kargura emandako diru-laguntzen onuradunek betebeharrak ez betetzeagatik izapidetutako itzulketa-prozedurei eta zehapenei dagozkien diru-sarrera publikoak barne.

  3. Ohiko eta ezohiko diru-sarrerak, baldin eta legezko baimena badu, halakorik jaso ahal izateko.

  4. Berari emandako diru-laguntzak, ekarpenak eta dohaintzak.

  5. Eman dakiokeen beste edozein baliabide.

  1. Aurrekontu-araubidea, ekonomia- eta finantza-araubidea, kontrol ekonomikoko araubidea, kontabilitate-araubidea, eta, oro har, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiari dagozkion gaiei buruzko araubidea, erakunde autonomoentzat ezarritakoa izango da.

  2. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak urtero landu eta onartuko du aurrekontuaren aurreproiektua, eta Eusko Jaurlaritzara bidaliko du Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan behar bezala bereizita sar dadin.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.