Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Saila

Arautegia

Inprimatu

182/2008 DEKRETUA, azaroaren 11koa, laneratzeko enpresen kalifikazioa arautzen duena, horietan sartzeko prozedura eta horien erregistroa ezartzen dituena

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 225
  • Hurrenkera-zk.: 6515
  • Xedapen-zk.: 182
  • Xedapen-data: 2008/11/11
  • Argitaratze-data: 2008/11/24

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía
  • Azpigaia: Gizarte Gaiak; Gobernua eta herri administrazioa; Ekonomia

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Abenduaren 26ko 305/2000 Dekretuan laneratzeko enpresen kalifikazioa arautzen da, lan-merkatu arruntean sartzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonak enpresa horietan sartzeko prozedura ezartzen da, eta Laneratzeko Enpresen Erregistroaren sorrera, antolamendua eta funtzionamendua arautzen da. Kontua da orain dekretu hori eguneratzea.

Adierazitako abenduaren 26ko 305/2000 Dekretua, Gizarte Bazterkeriaren aurkako maiatzaren 22ko 12/1998 Legean aurreikusitako neurriak garatuta eman zen, bizitza independente bat garatzeko behar adina baliabide pertsonal, sozial edo ekonomiko ez dituzten pertsonei laneratzen laguntzeko helburuarekin.

Lege horretan honela definitzen da kanpoan uztea: «gizarte eskubideak baliatzeko ezintasuna, bereziki lana izateko eskubidea, baina baita hezkuntzarako, prestakuntzarako, kulturarako, osasunerako, etxebizitza duinerako eta gizarte-babeserako eskubideak ere». Era berean, lanaren garrantzia azpimarratzen du, honako hau adierazita: «lan-merkatuan ez parte hartzeak edo hondar parte hartzeak kanpoan uzteko prozesu bat hastea dakar, eta horrek zuzeneko ondorioak ditu gizarte-eskubideen egikaritzean».

Baieztapen horren ondorioz, Eusko Jaurlaritzak hainbat eremutan jarduteko gai ziren neurri batzuk garatu zituen, enpleguaren eremuan bereziki, talde behartsuenei prestakuntzarako eta lan-merkatu arrunterako sarrera erraztera bideratutako politika publikoen bitartez.

Hori praktikan jartzeko bideetako bat laneratzeko enpresen sorrerari eta iraunkortasunari laguntzea da, non gizarte- eta lan-arloko sarrera-prozesua amaitu ondoren, kanporatuak izateko arriskuan dauden artatutako pertsonek aukera izango duten lan-inguru arruntean sartzeko eta bizitza independente bat garatzeko.

Laneratzeko enpresek gizarte-laguntzako, jarraipeneko eta laguntasuneko esku-hartze jakin batzuk eskaintzen dituzte, gizarte-arloko eta lan-arloko ohiturak lortzea errazten dutenak, partaideen enplegagarritasuna hobetzen dutenak, eta lan-merkatuan sartzeko ezinbestekoak direnak.

Laneratzeko enpresen erregimena arautzen duen abenduaren 13ko 44/2007 Legeak erkidego mailako arauak legearen aurreikuspenetara egokitzea eskatzen du, laneratzeko enpresak kalifikatu eta erregistratzeari dagokionez, eta abenduaren 26ko 305/2000 Dekretua arau horien artean dago.

Horren ildotik, 2007-2009ko Gizarteratzeko Erakunde arteko II. Planean enpleguko politika aktiboak garatzearen aldeko apustu sendoa egin da, bereziki Oinarrizko Errentaren edo Gizarte Larrialdiko Laguntzaren moduko prestazio ekonomikoak jasotzen dituzten eta laneratu daitezkeen pertsonetara bideratuak.

Azkenik, abenduaren 26ko 305/2000 Dekretua onartu zenetik igaro den denbora aintzat hartuta, eta horren kudeaketan lortutako esperientzia kontuan hartuta, dekretua egokitu beharra dago.

Horren ondorioz, Aholku Batzorde Juridikoari entzun ondoren, eta Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren proposamenari jarraiki, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2008ko azaroaren 11n egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau:

Dekretu honen helburua da, gizarte bazterkeriaren aurkako eta gizarteratu eta laneratzeko politika publikoen esparruan, laneratzeko enpresen erregimen juridikoa arautzea, lan-merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonak gizarteratu eta laneratzeko agente aktibo gisa.

Helburu horiek betetzeko, dekretu honen edukiak honako xede hauek ditu:

  1. Laneratzeko enpresek kalifikaziorako prozeduran izan behar dituzten baldintzak eta kalifikazio horren ondoriozko betebeharrak arautzea.

  2. Laneratzeko Enpresen Erregistroaren funtzionamendu-arauak ezartzea.

  3. Laneratzeko enpresen sarrera-prozedura eta gizarte bazterkeriako egoeran dauden langileen lan-harremanak laneratzeko enpresetan arautzea.

Laneratzeko enpresen xedea pertsona horiek merkatu arruntean laneratzea da. Laneratzeko enpresa kontratatzaileak prestakuntzarako eta orientaziorako irisbidea erraztuko die bere langileei, dekretu honetan ezartzen diren ekintzak eta neurriak kontuan hartzen dituen behin-behineko laneratze-prozesu baten bitartez.

Dekretu hau EAEko lurraldean kokatutako lantokietan aplikatuko da, atxikiak dauden laneratzeko enpresek egoitza bertan duten ala ez alde batera utzita.

  1. Dekretu honen ondorioetarako, laneratzeko enpresatzat hartuko dira honako ezaugarri hauek dituzten ondasunen edo zerbitzuen ekoizpen-egiturak: gizartean baztertuta edo desabantailan dauden taldeak lan-merkatuan sartzeko helburua dutenak, eta, gainera, gizarteratzeko banan banako proiektuak egiten dituztenak, ikasketa prozesu egoki baten bidez, eta prozesu horrekin, enplegagarritasunaren baldintzak hobetzen laguntzeko trebetasun sozialak, laneko trebetasunak, oinarrizko prestakuntza, laneko kualifikazioa eta merkatuari buruzko ezagupenak barnean hartzen dituztenak, eta ondorengo paragrafoan ezarritako baldintzak betetzen dituztenak.

  2. Laneratzeko enpresen kalifikazioa lortzeko baldintzak honako hauek izango dira:

    1. Merkataritzako edo gizarte ekonomiako sozietate bat eratzea.

    2. Merkatuko edozein sektoretan ondasun-produkzioko edo zerbitzu-prestazioko jarduera ekonomiko zilegi bat garatzea.

    3. Bere helburu sozialarekiko desberdinak diren jarduerak ez egitea.

    4. Bere helburu sozialaren xede nagusi gisa edukitzea lan-merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonen gizarteratzea eta laneratzea.

    5. Bere nortasun juridikoari dagokion erregistroan behar bezala erregistratua egotea.

      7. artikuluan adierazitako erakunde sustatzaile batek edo batzuek sustatuak eta parte hartuak izatea. Merkataritza-sozietateen kasuan, parte-hartze hori kapital sozialaren % 51koa izango da gutxienez. Kooperatiben eta lan-sozietateen kasuan, parte-hartze hori bazkide kolaboratzaile edo atxikientzat aplikagarriak diren legedietan bildutako gehieneko mugetan kokatu beharko da.

    1. Balantzeak, emaitza-kontuak eta ondarea bere helburu sozialarekiko desberdinak diren beste jarduera ekonomiko batzuekin lotuak ez izatea.

    2. Zerga-arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak ordainduak izatea, eta, kalifikazioa eskatzen den unean, Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarekin edo horren erakunde autonomoekin zorrik ez izatea.

    3. Kalifikazioa eskatu aurreko urtean bidegabeki kaleratuta lanposturik kendu ez izana.

  1. Dekretu honen ondorioetarako, gizarteratu eta laneratzeko prozesu bat hasteko asmoz laneratzeko enpresa batean sartu ahal izango dira gizarte-bazterkeriako egoeran dauden, lanik ez duten eta Enplegu Zerbitzu Publikoetan erregistratuak dauden, eta honako talde hauen artean laneratzeko hitzarmen bat sinatu duten pertsonak:

    1. Oinarrizko errentaren titularrak, eta errenta horren onuradunak diren bizikidetza-unitateko kideak.

    2. Errenta jaso ezin duten pertsonak, honako arrazoi hauengatik: eskatzen den egoitza izateko edo erroldatua egoteko denbora ez betetzeagatik, bizikidetza-unitatea ez eratzeagatik, edo errenta jasotzeko legez ezarritako gehieneko epea agortu izanagatik.

    3. Hemezortzi urtetik gorako eta hogeita hamarretik beherako gazteak, Adingabeak Babesteko Erakundeetan ibili direnak.

    4. Drogazaletasuneko arazoak dituzten edo bestelako adikzio-arazoak dituzten eta errehabilitazioko edo gizarteratzeko prozesuan dauden pertsonak.

    5. Espetxean egonik, beren espetxe-egoeragatik enplegu bat eskura dezaketen eta beren lan-harremana uztailaren 6ko 782/2001 Errege Dekretuaren 1. artikuluan araututako lan-harreman bereziaren aplikazio-eremuaren barruan ez duten presoak, eta baita baldintzapeko askatasuneko egoeran daudenak eta preso ohiak ere.

    6. Preso adingabeak, adingabeen zigor-erantzukizuna arautzen duen urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoaren aplikazio-eremuan daudenak, eta beren egoeragatik enplegu bat eskura dezaketenak, eta beren lan-harremana uztailaren 30eko 1774/2004 Errege Dekretuak onartutako adierazitako Legearen Araudiaren 53.4 artikuluak adierazten duen lan-harreman berezien aplikazio-eremuaren barruan ez dutenak, eta baita zaintzapeko askatasuneko egoeran daudenak eta preso ohiak ere.

    7. Euskal Autonomia Erkidegoko agintaritza eskudunek baimendutako urgentziazko bizitoki-zentroetan ibili diren pertsonak.

    8. Lanaren aurreko orientazio- edo prestakuntza-programak egin dituzten edo Euskal Autonomia Erkidegoko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetan ibili diren pertsonak, gizarteratzeko eta laneratzeko hitzarmen baten bitartez zehaztuta.

      1. idatz-zatian adierazitako taldeetan dauden pertsonen bazterkeriako egoera Gizarte Zerbitzu Publiko eskudunek ziurtatu beharko dute.

  1. Laneratzeko enpresek gizarteratu eta laneratzeko ibilbideak aplikatuko dituzte, laneratzeko enpresekin adostuta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek eta Enplegu Zerbitzu Publikoek ezartzen dituzten irizpideen arabera, eta laneratzeko hitzarmen baten bitartez kontratatutako gizarte bazterkeriako egoeran dauden pertsonek ibilbide horiek onartu beharko dituzte, lan-merkatu arruntean sartzea sustatzeko helburuarekin, beharrezkoak diren esku hartzeko eta laguntzeko neurriak definituta.

  2. Esku hartzeko eta laguntzeko neurriak honako hauek izango dira: laneratzeko enpresen ibilbidea modu normalean garatzeko zailtasunak ezartzen dituen bazterkeriako egoeraren ondoriozko arazo espezifikoak asetzera edo konpontzera bideratutako zerbitzuak, prestazioak, orientazioko ekintzak, tutoretzak eta ordainduriko lan-prozesu pertsonalizatu eta lagunduak, lanpostuari lotutako prestakuntza, eta laneko girora eta gizartera ohitzekoak.

  1. Dekretu honen ondorioetarako, erakunde sustatzailetzat hartuko dira beren helburuen artean pertsona behartsuenen gizarteratzea barnean hartzen duten irabazi-asmorik gabeko erakunde publiko edo pribatuak, betiere laneratzeko enpresen sorrera sustatzen badute eta enpresa horietan % 51ko parte-hartzea badute gutxienez, eta, hala badagokio, dekretu honen 23.1.e) artikuluan adierazitako gizarte-laguntzako neurriak ematen baditu.

  2. Kooperatiben eta lan-sozietateen kasuan, parte-hartze hori bazkide kolaboratzaile edo atxikientzat aplikagarriak diren legedietan bildutako gehieneko mugetan kokatu beharko da.

Kalifikazioaren bitartez, dekretu honen 4. artikuluan adierazitako erakundeak laneratzeko enpresa bihurtzen dira, Gizarteratze arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailaren ebazpen arrazoituaren ondorioz, betiere dekretu honetan ezarritako baldintzak bete direla egiaztatu ondoren.

  1. Laneratzeko enpresen kalifikazioa lortzeko, erakunde interesdunek eskabide bat aurkeztu beharko dute Gizarteratze arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailean, zuzenean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako edozein bidetatik.

  2. Kalifikazio-eskabideak honako datu hauek izango ditu:

    1. erakunde eskatzailearen izen soziala, identifikazio fiskaleko zenbakia eta bere nortasun juridikoari dagokion erregistroko inskripzio-datuak.

    2. Dekretu honen 4. artikuluan ezarritako betekizunak betetzen direla egiaztatzen duten justifikazio-memoria eta agiriak.

    3. eskabidearen eguna eta lekua.

  3. Eskabidea oso-osorik betetzen ez bada edo artikulu honen 2.b) paragrafoan adierazitako dokumentazioarekin aurkezten ez bada, erakundeari 10 eguneko epea emango zaio, akatsa zuzendu dezan edo nahitaez aurkeztu beharreko agiriak aurkez ditzan, eta ohartaraziko zaio, agindutakoa bete ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko dela. Kasu horretan, Administrazioak ukatzeari buruzko ebazpen adierazia eman beharra dauka, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 eta 42.1 artikuluetan xedatutakoa betez.

  4. Eskabidea aurkeztuta, eta, hala badagokio, zuzenduta, espedientea hobeto zehazteko, ezagutzeko eta ebazteko egokitzat edo komenigarritzat joz gero, argibideak, frogak edo txosten-eskabideak egitea ebatzi ahalko du ofizioz Gizarteratze arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak.

  5. Espedientea bideratu ondoren, eta ebazpen-proposamena idatzi aurretik, Gizarteratze arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak erakunde eskatzaileari jakinaraziko dio, 10 eguneko epean nahi dituen alegazio guztiak egin ditzan, eta bidezkotzat hartzen dituen agiri eta justifikazio guztiak aurkez ditzan.

  6. Laneratzeko enpresaren kalifikazioa, edo kalifikazioa ukatzea, Gizarteratze zuzendariaren Ebazpen bidez egingo da; ebazpenak ematen den egunetik izango ditu ondorioak, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Ebazpen honen bitartez, erakundea Laneratzeko Enpresen Erregistroan inskribatzea erabakiko da.

  7. Dekretu honen arabera egindako kalifikazio-eskabideak ebatzi eta jakinarazteko gehieneko epea 6 hilabetekoa izango da, eskabidea aurkezten den egunetik zenbatzen hasita. Epe horretan esanbidezko erabakirik ematen ez bada, eskabideak ezetsi egin direla esan nahiko du, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 43. artikuluan ezarritako ondorioetarako, betiere Administrazioak esanbidez ebazteko duen betebeharra alde batera utzi gabe, Lege horren 42.1 artikuluarekin bat etorriz.

  8. Kalifikazioa lortzen duten laneratzeko enpresek «Laneratzeko Enpresa» hitzak edo «LE» laburdura gaineratu ahal izango dute beren izenetan.

  9. Kalifikazioa lor dezakeen sozietateren batek laneratzeko enpresaren kalifikazioa lortzen badu, ez da sozietate-aldaketatzat hartuko.

Laneratzeko enpresaren kalifikazioa lortzeak honako betebehar hauek eragingo ditu, eta horiek betetzen direla egiaztatu beharko da Gizarteratze Zuzendaritzan:

  1. Jardueren memoria eta garatutako esku-hartzeen ebaluazioa aurkeztea urtero.

  2. Urteko kontuak eta zergaldi bakoitzaren itxierari dagokion kudeaketa-txostena aurkeztea, zergaldia itxi eta 90 eguneko epean.

  3. Urtero, auditoretza sozial bat egitea eta balantze sozial bat aurkeztea.

  4. Jardueren plana eta aurreikusitako aurrekontua aurkeztea; biak urtero aurkeztu beharko dira, urtea hasi baino lehen.

  5. Kalifikazioan ondorioak dituzten estatutu-aldaketen ziurtagiriak aurkeztea, 10 eguneko epean, bere forma juridikoari dagokion Erregistroan inskribatzen denetik zenbatzen hasita.

  6. Plantillan egindako aldaketa kuantitatiboak eta kualitatiboak jakinaraztea, eta baita laneratze-prozesuetan dituzten ondorioak ere, aldaketak egiten diren unean.

  7. Lankidetza egokia ematea Enplegu Zerbitzu Publikoei eta laneratze-prozesuan parte hartzen duten Oinarrizko Gizarte Zerbitzuei, dagokion jarraipena egin ahal izateko.

  8. Kalifikatzen denetik, eta kontratazio-modalitatea edozein dela ere, urteko zenbaketan gutxienez langile guztien % 40 laneratze-prozesuan edukitzea jardueraren lehen hiru urteetan, eta plantillaren % 50 gutxienez, eta % 75 gehienez, laugarren urtetik aurrera, eta horien kopurua ezin izango da inolaz ere bi baino txikiagoa izan. Gizarte-ekonomiako enpresen kasuan, ehuneko hori aplikatzeko, besteen kontura lan egiten duten langileak eta bazkide langileak edo laneko bazkideak kontuan hartuko dira.

  9. Laneratze-prozesuan dauden pertsonei laguntza emateko banan banako neurriak prestatu beharko dituzte, besteak beste::

    Prestakuntza, batetik, lanbide jakin bat ikasteko, eta, bestetik, prestakuntza-maila edo gaitasun profesionalak lan-merkatuak eskatzen duenetara egokitzeko.

    Funtzionamendu-jarraibide batzuk, ohitura sozialak eta lanekoak eskuratzeko.

    Gizarte-laguntzako zerbitzua, arazo pertsonalak eta elkarbizitzakoak konpontzeko, hain zuzen ere, lan-munduan moldatzeko prozesu arrunta eragozten edo zailtzen dituzten arazoak konpontzeko.

    Laguntza-zerbitzu bat, merkatu arrunterako bidearen azken fasean.

  10. Langileak laneratzeko enpresan sartzeko baliatutako kontratazio motaren edo gizarte-lotura motaren arabera dagokion lan-erregimenari egokitzea.

  11. Urte bakoitzean lortutako soberakin baliagarriak aplikatzea produkzio-egituren hobekuntzan edo zabalpenean, edo gizarteratzearekin eta laneratzearekin lotutako jardueren sustapenera; eta ez dira inolaz ere irabaziak banatuko.

  12. Urtero, enpresaren jardueraren Balantze Soziala aurkeztea, honako hauek barnean hartuta: memoria ekonomikoa eta soziala, lan-merkatu arruntean izandako laneratze-maila eta plantillaren osaera, egindako laneratze-jardunei buruzko informazioa, eta hurrengo urterako aurreikuspenak.

  1. Urtero auditoretza bat egitea, fakturazioa 600.000 euro baino handiagoa denean edo plantillak 50 langile baino gehiago dituenean.

  1. Laneratzeko enpresek kalifikazio hori galduko dute, honako zirkunstantzia hauetariko bat gertatzen denean:

    1. kalifikaziorako eskatzen diren betekizunetariko bat ez betetzea, edo kalifikazioaren ondoriozko betebeharren bat ez betetzea.

    2. deklaratu diren ekintza edo helburuez bestelakoetarako erabiltzea enpresa kalifikatuaren baldintza.

    3. jarduerarik eza urtebetez.

    4. beste izaera bateko sozietate bihurtzea, betiere sozietate berriak laneratzeko enpresa izateko kalifikazioa eskatzeko duen eskubidea alde batera utzi gabe.

    5. sozietate berri bat eratzea, baita izaera berekoa bada ere, aurretiaz zeuden bi sozietate edo gehiago elkartuta edo xurgatuta, betiere sozietate berriak laneratzeko enpresaren kalifikazioa eskatzeko duen eskubidea alde batera utzi gabe.

    6. sozietate bat edo batzuk sortzen badira lehendik zegoen bat banatzearen ondorioz, betiere banandutako sozietateek laneratzeko enpresaren kalifikazioa eskatzeko duten eskubidea alde batera utzi gabe.

  2. Deskalifikazioa administrazio-bidean irmoa egin ondoren, erregistroan baja eragingo du ofizioz, eta ez du sozietatea desegitea eragingo.

  3. Kalifikazioa galtzea alderdi batek eskatuta egin daiteke, Laneratzeko Enpresen Erregistroan bertan behera uzteko eskaera eginez.

  4. Laneratzeko enpresaren kalifikazioa galtzea Gizarteratze zuzendariaren ebazpen bidez egingo da, Lan eta Gizarte Segurantzaren Ikuskaritzaren aginduzko txostena jaso ondoren.

Laneratzeko Enpresen Erregistroa Eusko Jaurlaritzaren Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren Gizarteratze Zuzendaritzan adskribituta dago, eta bere helburua izango da laneratzeko enpresen kalifikazioa lortu duten enpresak erregistratzea.

  1. Laneratzeko Enpresen Erregistroa honako bi atal hauetan egituratzen da:

    Merkataritza-sozietateen atala.

    Gizarte-ekonomiako sozietateen atala.

  2. Bi ataletan honako datu hauek jasoko dira: erakundearen izena, helbidea, identifikazio fiskala, helburu soziala, jarduera ekonomikoaren sektorea, laneratze-prozesuan dauden langileen kopurua eta plantillako langileen kopurua, langile horien kontratu motak, erakunde sustatzaileen nortasuna, eta horien kapital soziala.

  3. Laneratzeko Enpresen Erregistroak artxibo batean gordeko ditu erregistro-idazpenen oinarrian dagoen edukiaren agiriak, eta baita dokumentazio osagarria ere, kalifikaziorako eskumena duen Administrazioak egiaztatua.

  1. Erregistroan inskribatzearen ondorioz, bildutako datuak jendaurrean jarriko dira.

  2. Inskribatzeak ez ditu erakunde kalifikatuen eratze-ondorioak izango, eta, beraz, jaso dituen egintzak eta datuak gordetzeko eskubidea emango die bakarrik.

  3. Erregistroan inskribatzea ezinbesteko aldez aurreko baldintza izango da laneratzeko enpresa batentzat, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak bere eskumenen eremuan egiten dituen sustapen-neurriak eta diru-laguntzako programak eskuratu ahal izateko.

  1. Laneratzeko Enpresen Erregistroko inskribatzeak ofizioz bertan behera utziko dira deskalifikazio bat gertatzen den kasu guztietan, dekretu honen 11. artikuluko 1. idatz-zatian bildutako baldintzen arabera.

  2. Alderdi batek eskatzen duenean ere inskribatzeak bertan behera utzi ahal izango dira, 11. artikuluaren 3. idatz-zatian aurreikusitako kasuan.

Eusko Jaurlaritzaren Gizarteratze Zuzendaritzak bere erregistroan dauden laneratzeko enpresei buruzko informazioa bidaliko dio sei hilean behin Gobernu Espainoleko Lan eta Immigrazio Ministerioari, eta, espezifikoki, honako dokumentazio hau bidaliko dio: erakundearen izena, helbidea, identifikazio fiskala, helburu soziala, jarduera ekonomikoaren sektorea, laneratze-prozesuan dauden langileen kopurua eta plantillako langileen kopurua, langile horien kontratu motak, erakunde sustatzaileen nortasuna, eta horien kapital soziala.

  1. Pertsona bat laneratzeko enpresa batean besteen konturako langile gisa edo bazkide langile edo laneko bazkide gisa sartzea, nolanahi ere, Oinarrizko Gizarte Zerbitzu eskudunak izapidetu beharko du, Gizarte Zerbitzuak berak detektatutako egoera bati erantzuteko, zein Enplegu Zerbitzu Publiko batek edo, hala badagokio, Enplegurako Orientazio Zerbitzu batek Oinarrizko Gizarte Zerbitzura bidalitako laneratze-proposamen bati erantzuteko; laneratzeko enpresak berak ere proposamena egin ahal izango du.

  2. Aurreko paragrafoan aurreikusitako kasuetan, laneratzeko enpresan laneratzea aldez aurretik laneratze-hitzarmen bat sinatzearen ondoriozko lan-kontratu baten bitartez egingo da, Gizarte Bazterkeriaren aurkako maiatzaren 22ko 12/1998 Legearen II. kapituluan eta Laneratze Hitzarmenak arautzen dituen urtarrilaren 11ko 1/2000 Dekretuan aurreikusitako baldintzei jarraiki.

  3. Sartzeko prozedurari hasiera emateko eskumena duen Oinarrizko Gizarte Zerbitzua laneratuko den pertsonaren helbideari dagokiona izango da.

Laneratzeko enpresa batean sartzeko prozedura izapidetzeko eskatzen den dokumentazioa honako hau da:

  1. Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren txosten bat, laneratuko den pertsonak dekretu honen 5. artikuluan eskatutako baldintzak betetzen dituela esanbidez ziurtatzen duena.

  2. laneratze-hitzarmen bat, Gizarte Bazterkeriaren aurkako maiatzaren 22ko 12/1998 Legearen II. kapituluan eta Laneratze Hitzarmenak arautzen dituen urtarrilaren 11ko 1/2000 Dekretuan aurreikusitako baldintzei jarraiki; hitzarmenak laneratzeko enpresa batean sartzeko erabakia jaso beharko du, eta baita bidezkoak diren neurri osagarriak ere.

  3. Enplegu Zerbitzu Publikoak edo, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoaren mendeko Enplegurako Orientazio Zerbitzuek emandako txostena, laneratzeko enpresan sartu den pertsonaren gaitasunak lanpostuaren ezaugarrietara egokitzen direla ezartzen duena.

  4. Enplegu Zerbitzu Publikoak edo, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoaren mendeko Enplegurako Orientazio Zerbitzuek emandako ziurtagiria, egin nahi den kontratazioaren aurreko bi urteetan, langileak lan-kontratu bidez enpresa batean zerbitzuak eman dituela eta emandako zerbitzuen denbora ziurtatzen duena.

  1. Aurreko artikuluan adierazitako dokumentazioa bildu ondoren, Enplegu Zerbitzu Publikoak edo, hala badagokio, Enplegurako Orientazio Zerbitzuak laneratu den pertsona harremanetan jarriko du laneratzeko enpresarekin, eta lan-harreman bat formalizatzeari buruzko erabakiaren erantzukizuna bi alderdiena izango da.

  2. Kontratua edo gizarte-lotura formalizatzeari buruz bi alderdiek hartutako erabakia Oinarrizko Gizarte Zerbitzuan eta Enplegu Zerbitzu Publikoan edo, hala badagokio, Enplegurako Orientazio Zerbitzuan jakinarazi beharko du laneratzeko enpresak; ezezko erabakia baldin bada, ez formalizatzeko arrazoia adierazi beharko du.

  3. Harremana formalizatzen bada, laneratzeko enpresak lan-kontratuaren edo gizarte-lotura ezartzen duen agiriaren kopia bidali beharko du Oinarrizko Gizarte Zerbitzura, laneratze-prozesuaren jarraipena egiteko, eta baita Enplegu Zerbitzu Publikora edo, hala badagokio, Enplegurako Orientazio Zerbitzura ere, erregistratze aldera.

  1. Laneratzeko enpresen eta gizarte-bazterkeriako egoeran dauden langileen artean itundutako laneratze-prozesuei lotutako lan-harremanak honako hauetan xedaturikoaren arabera arautuko dira: martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Langileen Estatutu Legearen testu bategina, eta gainerako lan-legedia, eta, bereziki, laneratzeko enpresen erregimena arautzen duen abenduaren 13ko 44/2007 Legearen IV. kapitulua.

  2. Laneratzeko enpresek eta dekretu honen 5. artikuluan aurreikusitako egoeretako batean dauden langileek hazkundea eta enplegua hobetzeko abenduaren 29ko 43/2006 Legearen lehen xedapen gehigarrian araututako kontratua egin ahal izango dute, laneratzeko enpresen erregimena arautzeko abenduaren 13ko 44/2007 Legean ezarritako berezitasunak kontuan hartuta.

Gizarteratze arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailaren bitartez, honako eginkizun hauek beteko ditu:

  1. laneratzeko enpresen kalifikazioa.

  2. Laneratzeko Enpresen Erregistroa eramatea.

  3. Erregistroan bildutako datuen estatistika-tratamendua, Datu Pertsonalen Babeserako abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritako printzipioekin bat etorriz.

  4. Dekretu honetan aurreikusitako helburuen betetze-mailaren ebaluazioa, koordinazioa eta zaintza.

  1. Enplegu Zerbitzu Publikoek eta, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoaren mendeko Enplegurako Orientazio Zerbitzuek honako eginkizun hauek izango dituzte:

    1. laneratzeko enpresetan gizarteratzeko eta laneratzeko prozesuetan parte hartu duten pertsonen laneratzeei buruzko datuen urteko estatistika-tratamendua, laneratzeko enpresetan eta lan-merkatu arruntean egindako laneratzeak kontuan hartuta.

    2. laneratzeko eta gizarteratzeko prozesuetan parte hartzea, honako eginkizun hauen bitartez:

      Laneratzeko enpresak eskainitako pertsonen gaitasunen egokitasuna baloratzea.

      Ezagutzen dituzten kasu guztien berri ematea Oinarrizko Gizarte Zerbitzuei, gizarteratzeko eta laneratzeko prozesu bat laneratzeko enpresa batean egokitzeko aukera balora dezaten.

      Lan-kontratua egin baino lehen, egin nahi den kontratazioaren aurreko bi urteetan langileak enpresa batean zerbitzuak eman dituela eta, hala badagokio, emandako zerbitzuen iraupena ziurtatzeko agiri bat ematea.

      Orientazio-zerbitzuak eta lanbide-heziketako zerbitzuak ematea, enpresan laneratu aurretik.

      Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek eskatuta, laneratzeko ibilbideen jarraipenean parte hartzea, enpresan egondako denboran zehar.

      Orientazio-zerbitzuak eta prestakuntza-zerbitzuak ematea, enpresan egonaldia amaitu ondoren.

      Laneratzeko ibilbidearen esparruan hartutako prestakuntza eta, hala badagokio, hartutako esperientziak Kualifikazioen Sistema Nazionaleko profesionaltasun-ziurtagirietan deskribatutako eskumenekin bat datozela ziurtatzea.

  2. Enplegu Zerbitzu Publikoek eta, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoaren mendeko Enplegurako Orientazio Zerbitzuek aurreko paragrafoan definitutako iturriak bete beharko dituzte, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuekin koordinatuta eta elkarrekin lan eginda.

  1. Dekretu honen esparruan, Udaletako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek honako eginkizun hauek izango dituzte:

    1. gizarteratzeko eta laneratzeko prozesuari dagokionez, interesdunek dekretu honen 5. artikuluan aurreikusitako zirkunstantziak biltzen dituztela ziurtatzea.

    2. Oinarrizko Gizarte Zerbitzu eskudunaren bitartez, langilearen zirkunstantzia pertsonalak aintzat hartuta, aurreko laneratze-prozesu baten porrotagatik edo bazterkeriako egoera berri batean erortzeagatik, langilea laneratzeko enpresa batean parte hartzea komeni dela adierazten duen txosten bat ematea.

    3. laneratzeko ibilbidea diseinatzea, interesdunarekin eta, bidezkotzat hartzen bada, beste agente sozial batzuekin lan eginez.

    4. gizarteratzeko eta laneratzeko prozesu baten esparruan laneratzeko enpresa batean sar daitezkeen pertsonei buruzko informazioa helaraztea Enplegu Zerbitzu Publikora edo, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoaren mendeko Enplegurako Orientazio Zerbitzura, eskainitako lanpostuaren ezaugarriei dagokienez, pertsona horien gaitasunen egokitasunari buruzko irizpena eman dezan.

    5. gizarte-laguntzako zerbitzuak ematea enpresa batean laneratzeko prozesuan zehar, zuzenean esku hartzeko aukerarekin, edo esku-hartze hori laneratzeko enpresekin edo erakunde sustatzaileekin itunduta.

    6. laneratzeko prozesuen jarraipena egitea.

  2. Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek aurreko paragrafoan definitutako eginkizunak gauzatuko dituzte, Enplegu Zerbitzu Publikoekin edo, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoaren mendeko Enplegurako Orientazio Zerbitzuekin koordinatuta eta elkarrekin lan eginez.

  1. Eusko Jaurlaritzak, bere eskumen-eremuaren barruan, laneratzeko enpresen sustapenaren alde jardungo du, horiek sortzeko eta iraunarazteko laguntza emanez, bazterkeriako egoeran dauden pertsonei lan-merkatu arruntean laneratzea errazteko gizarte-eginkizuna bete dezaten.

  2. Hala badagokio, laneratzeko enpresek honako laguntza hauek baliatu ahal izango dituzte:

    1. Laneratzeko enpresak sortzeko laguntzak.

    2. Laneratzeko enpresen iraunkortasunerako laguntzak. Horien barruan honako hauek biltzen dira:

      Laneratzeko prozesuan dauden pertsonentzako lanpostuen sorrerara edo iraunkortasunera bideratutako aktibo finkoetan inbertsioak egiteko laguntzak.

      Laneratzeko prozesuan dauden pertsonentzako lanpostuak sortzeko eta mantentzeko laguntzak.

      Produkzioan laguntza ematen duten teknikarientzako lanpostuak sortzeko eta mantentzeko laguntzak.

      Laneratzean laguntza ematen duten teknikarientzako lanpostuak sortzeko eta mantentzeko laguntzak.

      Merkatu-azterlanak egiteko, kontabilitate-auditoretzak eta kudeaketa-auditoretzak egiteko, eta gizarte-auditoretzak egiteko asistentzia teknikoagatiko laguntzak.

      Prestakuntzarako laguntzak.

      I+Grako laguntzak.

      Laneratzeko enpresetan ibili diren langileentzako laguntzak, langile autonomo gisa edo gizarte-ekonomiako formuletan ezar daitezen.

    3. Bazterkeriako egoeran dauden pertsonei lan-merkatu arruntean laneratzea errazteko helburua gauzatzeko bidezkotzat hartzen den beste edozein laguntza eman ahal izango da.

  3. Laneratzeko enpresen interesak defendatzeko, eta aholkularitzako, prestakuntzako, asistentzia juridiko edo teknikoko zerbitzuak eta bazkideen interesetarako bidezkotzat hartzen diren bestelako zerbitzuak antolatzeko, laneratzeko enpresak erkidego mailako elkarte edo talde espezifikoetan antolatu ahal izango dira, betiere lehiakideen defentsa-arauak errespetatuta. Laneratzeko enpresak ordezkatzen dituzten elkarte-egitura horiek laguntza ekonomikoak jaso ahal izango dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen eskutik, sustapen-gastuei eta funtzionamendu-gastuei aurre egiteko hain zuzen ere.

Eusko Jaurlaritzak, Gizarteratze Zuzendaritzaren bitartez, laneratzeko enpresei buruz Erregistroetatik ateratako datuak eta estatistikak bidali ahal izango ditu Herri Administrazioetara, eta, era berean, enpresa horietan gauzatzen diren gizarteratzeko eta laneratzeko prozesuei buruzko informazioa eskuratu ahal izango du herri administrazioetatik, betiere horien artean hartutako erabakietan sinatutakoarekin bat etorriz.

Dekretu hau indarrean jartzen denean jada existitzen diren laneratzeko enpresak dekretuaren aurreikuspenetara egokitu beharko dira hiru hileko epean, argitaratzen denetik zenbatzen hasita.

Dekretu honen aurka dauden maila bereko edo txikiagoko lege xedapen guztiak indargabetuta geratzen dira.

Honako hau indargabetuta geratu da: abenduaren 26ko 305/2000 Dekretua, laneratzeko enpresen kalifikazioa arautzen duena, lan-merkatu arruntean sartzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonak enpresa horietan sartzeko prozedura ezartzen duena, eta Laneratzeko Enpresen Erregistroaren sorrera, antolamendua eta funtzionamendua arautzen duena.

Lehenengoa. Ordezko araubidea.

Administrazio-prozedurari dagokionez, dekretu honetan aurreikusten ez den guztiari dagokionez, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aplikatuko da. Laneratzeko enpresen kalifikazioari, sartzeko prozedurari eta erregistroari dagokienez, laneratzeko enpresen erregimena arautzen duen abenduaren 13ko 44/2007 Legean adierazitakoa aplikatuko da.

Bigarrena. Arauen garapena.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuari eskumena eman zaio dekretu hau garatzeko eta betearazteko beharrezko xedapenak har ditzan.

Hirugarrena. Laguntzen deialdia.

Eusko Jaurlaritzaren Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak laneratzeko enpresentzako laguntzen deialdia egin ahal izango du, urtean behin.

Laugarrena. Indarrean jartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2008ko azaroaren 11n.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

JOSEBA AZCÁRRAGA RODERO.