Etxebizitza eta Hiri Agenda Saila

Arautegia

Inprimatu

124/2008 DEKRETUA, uztailaren 1ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoan deribazio judizialaren bidezko Familia Elkarguneak arautzen dituena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 149
  • Hurrenkera-zk.: 4661
  • Xedapen-zk.: 124
  • Xedapen-data: 2008/07/01
  • Argitaratze-data: 2008/08/07

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Segurtasuna eta justizia
  • Azpigaia: Gizarte Gaiak; Gobernua eta herri administrazioa; Justizia

Testu legala

...Erakutsi textu osoa[+]
Aurkibidea erakutsi

Nazio Batuen Haurren Eskubideei buruzko 1989ko azaroaren 20ko Konbentzioak beren aita eta/edo amarengandik bereiz bizi diren haurrek eta nerabeek biekin erregularki harreman pertsonalak eta harreman zuzena izateko duten eskubidea aitortzen du, harreman horiek adingabekoaren interes gorenaren aurkakoak ez badira behintzat.

Kode Zibilak ere zentzu berean dihardu, berarekin ez dituen seme-alaben gurasoaren bisita-, komunikazio- eta egote-eskubideak arautzean; bai eta Kode Zibila eta Prozedura Zibilaren Legea zati batean aldatzen dituen Adingabearen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoak ere, pertsona adingabeen interes gorenaren lehentasuna ezartzean gerta litekeen beste edozein interesen gainetik. Kode Zibilak arautzen du, halaber, haurrek eta nerabeek bestelako senitarteko eta ahaideekin eta, bereziki, aiton-amonekin harremana izateko duten eskubidea, 160. artikuluan ezarritako eran.

Europar Batasuneko Estatuetako Ministroen Batzordearen Europako Kontseiluaren Familia Bitartekotzari buruzko Gomendioaren R(98) (Ministroen Batzordeak 1998ko urtarrilaren 21ean hartua) zioen adierazpenean esaten da haurraren edo nerabearen interesak eta ongizatea babestea bermatu behar dela, bereziki zaintza eta bisita-eskubideari dagozkionez banatze edo dibortzio kasuetan, eta gomendioen artean sartzen du, Estatuek familia bitartekotza sustatu behar dutela, eta bitartekotza sustatu eta era eraginkorrean erabiltzeko neurriak hartu edo indartu behar dituztela, bereziki haurrekin lotura duten gaietan eta, batez ere, zaintza eta bisita-eskubidearekin zerikusia dutenetan.

Hala banatze, dibortzio, deuseztasun edo izatezko neurriak erregulatzeko prozesuetan, nola adingabekoak babesteko arloan hartutako neurrien esparruan, lehen kasuetan ezkontide ohiak edo izatezko bikotekide ohiak, eta bigarrenean, tutoretzan edo zaintzan jarduten duten pertsonak eta harrera-familiak eta jatorrizkoak, haurren eta nerabeen garapena eta ongizateari buruzko akordioetara heltzen ahalegindu behar dira. Elkar ulertzea ez denez beti erraza eta, sarritan, familia eraketa berria eta harreman-dinamika berriak berregituratzeko zailtasun handiak izaten direnez -ez seme-alaben eta gurasoen artean bakarrik, baita haurrarekin edo nerabearekin bizi ez diren anai-arrebekin eta aiton-amonekin edo bestelako senitarteko edo ahaideekin ere-, laguntza-baliabide egokiak artikulatzeko beharra aurreikusi behar dute botere publikoek, hala familia-unitatean gatazkak daudenean nola administrazioak tutoretza bere gain hartu behar izan duenean, familia-konfigurazio berrirako trantsizioa erraztu eta ahalik eta traumarik txikiena sortzea bermatzeko xedez; gainera, erreferentzia nagusitzat eta babesteko ondaretzat haurraren edo nerabearen interes gorena hartuko da beti.

Familia Elkarguneak helburu hori duten laguntza-baliabideetako bat dira. Bere garapena hainbat herrialdetan jada finkatua dago, batez ere Frantzian, Belgikan, Suitzan, Erresuma Batuan, Hungarian, Australian eta Kanadan, eta estatu mailan ere nabaritzen ari da, oso maila ezberdinean bada ere erkidego autonomoen arabera.

Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan, gisa horretako zenbait zerbitzu garatu da azken urteetan, Autonomia Estatutuaren 10.12 eta 10.14 artikuluetan bere egiten dituen eskumenen babesean, hurrenez hurren, laguntza soziala eta antolakuntza, eta adingabeen babeserako eta tutoretzako erakundeen eta establezimenduen araubidea eta funtzionamenduaren arloei buruzkoak, Haurrak eta nerabeak zaintzeko eta babesteko otsailaren 18ko 3/2005 Legean garatzen dira ongien eskumenok adingabeko pertsonei dagokienez.

3/2005 Legearen III. tituluan haurrei eta nerabeei eman beharreko babesaren arloan esku hartzeko esparrua zedarritzen da, eta lehen kapitulua familia babesteko ekintzari eskaintzen dio. Esparru horretan, testuak, haurrak eta nerabeak hazi eta hezteko erantzukizun oinarrizkoa aitari eta amari, tutoreari edo haien zaintza esleitu zaien pertsonei dagokiela azaldu ondoren, haur eta nerabeek, beren aita edo amarekin edo bietako inorekin bizi ez direnetan, hauekin harremanak izateko duten eskubidea jasotzen du, zuzenbide-antolamenduak ezarritako eran eta hark jarritako mugen barruan. Aurrekoarekin lotuta, eta familia barruko gatazkak konpontzeko ordezko bide bat eskura jartzeko, aipatu legeak Eusko Jaurlaritzari ematen dio familia-bitartekaritza arautu eta sustatzeko betebeharra, baita guraso eta seme-alaben arteko harremana bermatzeko modua emango duten elkarguneak sortzea sustatzekoa ere, egoera dela-eta bisita ikuskatzea komeni denean edo elkargunea neutroa izateak harremanari on egin liezaiokeela uste denean.

Agindu hori eta Gizarte Zerbitzuei buruzko urriaren 18ko 5/1996 Legearen 9.2 eta 10.3 artikuluek gizarte-zerbitzuak arau bidez garatu eta antolatzeko Eusko Jaurlaritzari ematen dizkioten eskumenak betetzeko, dekretu honek gizarte-zerbitzuen arloan deribazio judizialaren bidezko Familia Elkarguneak arautzen ditu, hala nola erantzukizun publikoko zerbitzua, eta gisa honetako errekurtso guztiei aplikagarri zaie, izan publikoak zein itunpeko pribatuak, eta azken kasu honetan, izan irabazi-asmorik gabeko ekimen sozialekoa edo merkataritza-izaerakoa, Euskal Autonomia Erkidegoan dihardutenak.

Horretarako Eusko Jaurlaritzak Deribazio judizialaren bidezko Familia Elkarguneen funtzionamendua sortu eta bermatuko du, erantzukizun publikoko zerbitzu gisa, eta ekintza zuzeneko deklaratuko ditu Gizarte Zerbitzuei buruzko urriaren 18ko 5/1996 Legearen 9.2 artikuluan xedatuari jarraiki.

Xedapen orokorrek dekretuaren helburua, Familia Elkargunearen berezko helburuak, bere funtzionamendua eraentzen duten printzipioak eta eskumen-babesa mugatzen dituzte eta, II. kapituluan, arauak errekurtso mota hauen pertsona erabiltzaileen eta profesionalen eskubideak eta betebeharrak erregulatzen ditu. Jarraian, III., IV. eta V. kapituluek errekurtso hauek bat etorri behar diren funtzionatzeko eskakizunak, eskakizun materialak eta antolaketa- eta langile-egiturak arautzen dituzte, hurrenez hurren.

Azkenik, xedapen gehigarri bakarrak xedatzen du, sistema judizialetik eratorritako kasuez arduratzeko, Eusko Jaurlaritzak demanda dagoen udalerrietan deribazio judizialaren bidezko Familia Elkarguneak sortzea, biztanle gehien dutenei lehentasuna emanez.

Xedapen iragankorrak funtzionatzeko baimena ezartzen du, hala nola dekretu hau indarrean sartzen den datan dauden deribazio judizialeko kasuez arduratzen diren Familia Elkarguneen ezaugarriak arauak ezarritako betekizunei lotzeko epeak ere; horretarako indarrean sartzen den datatik bi urteko epea izango da.

Emakume eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearekin lotuta, dagozkion nahitaezko txostenak eman dira, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2007ko otsailaren 13an onartutako Hirugarren Gidalerroan eskatzen den bezalaxe.

Ondorioz, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren adostasunarekin eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2008ko uztailaren 1ean egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

  1. – Dekretu honen helburua deribazio judizialaren bidezko Familia Elkarguneek bete behar dituzten funtzionatzeko eskakizunak, eskakizun materialak eta langileei dagozkienak arautzea da.

  2. – Bere xedapenak Euskal Autonomia Erkidegoan dauden deribazio judizialaren bidezko Familia Elkargune guztiei aplikatu ahal izango zaizkie, izan publikoak zein itunpeko edo hitzartutako pribatuak.

  1. – Dekretu honen ondoreetarako, Familia Elkargunea espazio neutral eta egokia izango da, non diziplina anitzeko ekipo tekniko baten laguntzarekin eta segurtasun eta ongizate bermearekin, krisi egoeran den edo, egoera horretan ez bada ere, gizarte-hezkuntzazko jarraipen- eta laguntza-zerbitzua behar duen familia bateko kideen arteko topaketa gertatuko den, eta nolanahi ere, bere erabilera ebazpen judizial bidez xedatua izango da.

  2. – Banatze, dibortzio, deuseztasun edo izatezko neurriak erregulatzeko prozesuen ondoriozko egoeretan, seme-alaben eta euren aitaren, amaren, bien familiaren, tutoretza edo zaintza duen pertsonaren, edo inguruko pertsonen arteko harremanak aldi baterako bermatu eta erraztera bideratutako gizarte-zerbitzuak dira Familia Elkarguneak.

  1. – Familia Elkarguneen hartzaile izan ahalko dira, ebazpen judizialak hala ezartzen badu betiere, egoera hauetakoren batean dauden haur eta nerabeak:

    1. bikote-hausturagatiko gatazkak eta bisita-araubidea betetzearekin lotutako arazo larriak dauden familia bateko kide badira;

    2. bikote-hausturagatiko gatazkak dauden familia bateko kide badira, eta genero-indarkeria egoeretan, urruntzeko eta biktima babesteko neurriren bat indarrean bada, edo izapidetze-bidean bada;

  2. – Halaber, Familia Elkarguneen erabiltzailetzat hartuko dira ebazpen judizial bidez erabakitako bisita-araubidea betetzeko edo haur eta nerabeei laguntzeko bertara jotzen duten pertsona helduak eta baimenduak.

  3. – Dena dela, Familia Elkarguneetaratzeko baldintza izango da zaintza edo tutoretza duen pertsona, edo pertsona adingabea, Euskal Autonomia Erkidegoan bizitzea.

    Aurrekoari oztoporik jarri gabe, euskal herri-administrazio eskumendunek beste autonomia erkidegoekin ezartzen dituzten lankidetza-hitzarmenen esparruan, dekretu honetan arautzen diren Familia Elkarguneetara sarbidea izan ahal izango da, 31. artikuluan xedatutakoarekin bat.

  4. – Ez da inola ere Familia Elkarguneetara sarbiderik izango harremanak edo bisitak izateko eskubidea judizialki etenda badago.

Ondokoak izango dira Familia Elkarguneen helburu espezifikoak:

  1. Haurrek eta nerabeek euren aita, ama, tutorea, zaintzailea, bestelako senide edo ahaideekin harremanak izateko duten oinarrizko eskubidea bermatzea.

  2. Amak eta aitak euren seme-alabekin harremanak izateko duten eskubidea bermatzea, baita bestelako senide edo ahaideek ere, bereziki aiton-amonek euren ilobekin harremanak izateko duten eskubidea, Kode Zibilaren 160. eta 161. artikuluetan xedatu bezala.

  3. Bisita-erregimenak dirauen bitartean, haurren eta nerabeen segurtasuna eta ongizatea bermatzea.

  4. Haurrek eta nerabeek askatasunez eta beldurrik gabe euren sentimenduak eta beharrizanak adieraztea ahalbidetzea.

  5. Ardura duen hirugarren pertsona inpartzial eta neutral baten presentzia bermatzea, hala behar bada, haur eta nerabeen eta euren gurasoen, senitartekoen edo zaintza eta babespea esleituta ez duten bestelako ahaideen arteko bisitak egiten direla ikuskatzeko.

  6. Aitamen eta seme-alaben arteko harremanak hobetzeko eta hezteko trebetasunak erdiesteko orientabideak ematea.

  7. Nolabaiteko autonomia lor dezaten eta zerbitzuaren laguntzarik eta ikuskaritzarik gabe euren seme-alaba adingabeekin harremanak izateko gai izan daitezen dohainak ematea amei eta aitei; helburu hau zaintza edo tutoretza duten pertsonei zabaltzen zaie, baita zerbitzu hau erabiltzen duten bestelako senitarteko eta ahaideei ere.

  8. Bisitetan familiartekoek dituzten harremanei buruzko informazio fidagarria eta objektiboa izatea, amen eta aiten, tutore edo zaintzaileen, edo, behar bada, bestelako senitarteko edo ahaideen bidez, baita informazio hori eskumeneko administrazio-erakundeei eta erakunde judizialei informazio hori ematea ere, hala behar balitz, haurren eta nerabeen eskubideen defentsa oinarritu dezaten.

  9. Aitak eta amak prestatzea euren seme-alabak errespetuan, berdintasunean eta elkarbizitzan hezi ditzaten.

  1. – Familia Elkarguneek ondoko zerbitzuak emango dituzte:

    1. Babestutako bisitak. Familia Elkarguneetako bisitak zentroko langilearen ikuskaritzapean, uneoro bertan dela, egingo dira agintari judizialak horrela eskatzen duenean.

      Zenbait kasutan, ikuskaritzan sartu ahal izango du langile teknikoak bisita prestatzea eta pertsona helduekin eta pertsona adingabearekin esku hartzea, ezarritako esku hartzeko banan banako planari erantzunez.

    2. Ikuskaritzarik gabeko bisitak zentroan. Bisitak Familia Elkargunean egingo dira zuzeneko ikuskaritzarik edo zentroko pertsonalaren uneoroko presentziarik gabe.

    3. Familia Elkargunetik kanpoko bisita babestuak. Puntualki egingo dira, eta ahal dela, ikuskaritzarik gabeko bisitak egin aurreko egokitzeko tarteko fasea izango dira.

    4. Trukeak. Familia Elkarguneak haurrak eta nerabeak hartu eta jasotzen direla ikuskatzeko bakarrik erabiliko dira eta bisita zentrotik kanpo egingo da.

    5. Laguntzak. Familia Elkarguneetako pertsona profesionalak haurra edo nerabea lagunduko du bere ama edo aita tutorea edo zaintzailea, baimendutako harremana duten bestelako senide edo ahaideak dauden espetxera, ospitalera edo erresidentziara, betiere hauek ezin badira Familia Elkarguneetara joan.

  2. – 1. idatz-zatian aurreikusitako bisitek zenbat iraun behar duten haurraren edo nerabearen eboluzio-adina eta bisita horietan landu beharreko helburuak kontuan hartuz erabakiko da.

  3. – Familia Elkarguneek orientazio psikologikoa eta soziala erraztuko dute. Orientazioaren funtzioa aitamen eta seme-alaben arteko harremanen hobekuntza sustatzea izango da eta amek eta aitek akordioak ezartzean egokitzen zaizkien ardurak beren gain hartzea ahalbidetzea, eta akordio horiek betez, euren adingabeko seme-alabekiko komunikazio eta bisita araubideari dagozkienak. Hala behar denean, halaber, zerbitzu hauek Familia Elkarguneak erabiltzen dituzten haurren eta nerabeen eta tutorea edo zaintzailea edo bestelako senide edo ahaideen arteko harremanak hobetzea sustatuko dute.

  1. – Familia Elkarguneen oinarrizko printzipio iradokitzailea errespetua, haurren eta nerabeen interes gorena sustatu eta defendatzea eta euren garapena bermatzeko euren eskubideak babestea izango da, horri buruz Haurrak eta nerabeak zaintzeko eta babesteko otsailaren 18ko 3/2005 Legearen 4. artikuluan arautzen denari jarraiki. Oro har, lege horren 5. artikuluan jasotako administrazio-jardunaren printzipio gidariak ere aplikatzekoak izango dira.

  2. – Halaber, eta Gizarte Zerbitzuei buruzko urriaren 18ko 5/1996 Legean xedatutakoari jarraiki, Familia Elkarguneak ondoko printzipioen arabera zuzenduko dute euren jarduna:

    1. Inpartzialtasun printzipioa. Familia Elkargunean burututako jardunean objektibotasuna eta inpartzialtasuna gailenduko dira gatazkan dauden alderdiekin esku hartzean.

    2. Autonomia printzipioa. Pertsona erabiltzaileen autonomia printzipioari jarraiki, Familia Elkarguneek ez dute familia gatazkak eskatzen duena laguntza baino handiagoa eskainiko.

    3. Parte hartzeko printzipioa. Bere antolaketan, Familia Elkarguneek zerbitzua erabiltzen duten pertsonen banan banako parte-hartzea eta kolektiboa errazten duten bideak ezarri beharko dituzte jardunetan eta zerbitzuaren funtzionamenduan oro har, eta halaber, parte-hartze hori ahalik eta gehien indartu beharko dute.

    4. Integrazio printzipioa. Familia Elkarguneen helburua bera ikusirik, kokalekuari eta antolaketari dagokionez, ohiko komunitate-ingurunean egitea lehenetsiko da, baina haurraren edo nerabearen egonkortasuna eta segurtasuna babestea beharrezkotzat jotzen den kasuetan, beste herri bateko Familia Elkargunean egin ahal izango da.

    5. Normalizazio printzipioa. Familia Elkarguneek euren arretaren filosofia eta euren esku hartzea eta funtzionamendua normalizazio printzipioaren arabera antolatuko dute, eta seme-alaba adingabekoen eta beren ama edo aita, tutorea edo zaintzailea edo bestelako senide edo ahaideen arteko topaketak, ahal den heinean, familia bizitzako ohiko estandarren eta estandar normalizatuen araberakoak izan daitezela bermatzen saiatuko dira.

    6. Arreta pertsonalizatuaren printzipioa. Familia Elkarguneetan emandako arreta haurraren edo nerabearen eta bere familiaren beharren araberakoa izango, eta beren egoeraren ebaluazioa oinarritzat harturik planifikatuko da.

    7. Profesionalizazio printzipioa. Euren lana Familia Elkarguneetan egiten duten arduradunek eta profesionalek euren maila profesionalari eta betetzen duten karguari edo lanpostuari dagokion prestakuntza teknikoa izan beharko dute. Hala ere, boluntarioen edo praktikaldian diren langileen laguntza izango dute, dekretu honetan xedatzen den gisan.

    8. Koordinazio printzipioa. Familia Elkarguneek kasu bakoitzean eskumena duen organo judizialarekin koordinatu beharko dute euren jarduna, bai haurtzaroa eta nerabezaroa, emakumea eta familia artatu eta babestearen arloan eskumena duten herri-administrazioekin, nahiz arlo horietan diharduten erakunde publiko eta pribatuekin.

    9. Kooperazio printzipioa. Familia Elkarguneek erakunde administratibo, judizial eta polizialekin kooperatu beharko dute, dekretu honetan xedatzen den gisan.

    10. Behin-behinekotasun printzipioa. Familia Elkarguneak behin-behineko eskuartze-hautabidea izango dira, une eta egoera jakin baterako laguntza eskaintzen dutenak, eta ezin izango dira inolaz ere harreman iraunkorrerako formula izan.

  1. – Gizarte-zerbitzuetan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak deribazio judizialaren bidezko Familia Elkarguneak sortu eta euren funtzionamendua bermatuko du, erantzukizun publikoko zerbitzu gisa, eta ekintza zuzeneko deklaratuko ditu Gizarte Zerbitzuei buruzko urriaren 18ko 5/1996 Legearen 9.2 artikuluan xedatuari jarraiki.

  2. – Halaber, sail horrek deribazio judizialaren bidezko Familia Elkarguneen planifikazio orokorra egingo du eta eskumena duten administrazioen eta ekimen itundu pribatuko erakundeen jardunen koordinazioa sustatuko du, Gizarte Zerbitzuei buruzko urriaren 18ko 5/1996 Legearen 10. artikuluaren 1. eta 2. idatz-zatietan xedatuari jarraiki.

  1. – Gizarte Zerbitzuei buruzko urriaren 18ko 5/1996 Legearekin bat, deribazio judizialaren bidezko Familia Elkarguneak dagozkien baimen-emate, erregistro, homologazio eta ikuskaritzako administrazio-jardunei atxikiko zaizkie, eta hauen erakunde titularraren izaera publiko edo pribatua aintzat hartuko da, Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-zerbitzuen baimen-ematea, erregistroa, homologazioa eta ikuskaritza arautzen duen martxoaren 10eko 40/1998 Dekretuan xedatzen den gisan.

  2. – Administrazioak baimendu eta homologatzeko, deribazio judizialaren bidezko Familia Elkarguneek dekretu honetan araututako eskakizun materialak, funtzionalak eta langileei dagozkienak beteko dituzte.

  3. – Titulartasun publikoko errekurtsoek dekretu honetan araututako eskakizun materialak, funtzionalak eta langileei dagozkienak beteko dituzte.

  1. – Oro har, Familia Elkargunearen erabiltzaileek eta profesionalek Euskal Autonomia Erkidegoan Gizarte Zerbitzuen Erabiltzaileen eta Profesionalen Eskubideak eta Betebeharrak eta Iradokizunen eta Kexen Araubidea onartzen dituen apirilaren 4ko 64/2004 Dekretuan xedatutako eskubideak izango dituzte.

  2. – Espezifikoki, aipatu elkarguneetan artatutako haurrek eta nerabeek Haurrak eta nerabeak zaintzeko eta babesteko otsailaren 18ko 3/2005 Legean eta indarrean den gainerako ordenamendu juridikoan jasotako eskubideak izango dituzte.

  3. – Aurreko ataletan aipatu eskubide eta betebeharrak era eraginkorrean erabiltzeak kapitulu honetan ezarritako xedapenak errespetatzea eskatzen du.

Familia Elkarguneen erabiltzaileek ondoko eskubideak izango dituzte:

  1. Gizarte-zerbitzuetara sarbidea berdintasun, duintasun eta pribatutasun baldintzetan.

  2. Euren datuen erreserba eta konfidentzialtasuna, Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Izaera Pertsonaleko Datuen Fitxategien eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeko otsailaren 25eko 2/2004 Legean xedatutakoarekin bat.

  3. Familia Elkarguneetara sarbidea eta artatuak izatea sortze, adin, arraza, sexu, egoera zibil, sexu-joera, gaitasun fisiko edo psikiko, osasun-egoera, hizkuntza, kultura, erlijio, sineskeria, ideologia edo bestelako egoera edo kondizio pertsonal, ekonomiko edo sozialagatiko diskriminaziorik gabe, norberaren jatorria, kultura eta erlijioa errespetatuz.

  4. Familia Elkarguneen esku hartzea eragiten duten arrazoien berri jasotzea.

  5. Familia Elkarguneen funtzionamendu-arauen eta topaketa zein eratan gertatuko denaren berri jasotzea, eta bai ezarritako arauak ez betetzeak ekar ditzakeen ondorioen berri ere.

  6. Zerbitzu neutrala eta inpartziala jasotzea.

  7. Banan-banan eta era pertsonalizatuan artatua izatea.

  8. Norberaren espediente pertsonalean dagoen informazioa eskuratzea, betiere haurraren edo nerabearen interes gorenaren aurkakoa ez bada edo babesteko agindu baten gerizan denaren segurtasuna arriskuan ezartzen ez badu, eta betiere beste interesdunen konfidentzialtasun-eskubidea urratzen ez badu.

  9. Kexak eta iradokizunak aurkeztea, eta hauei emandako erantzunak jasotzea, Euskal Autonomia Erkidegoan Gizarte Zerbitzuen Erabiltzaileen eta Profesionalen Eskubideak eta Betebeharrak eta Iradokizunen eta Kexen Araubidea onartzen dituen apirilaren 4ko 64/2004 Dekretuan xedatutako eran. Halaber, Familia Elkarguneen arduradunari edo, beharrezko jotzen bada, administrazio publiko eskudunari errekurtsoaren funtzionamenduan, antolaketan edo instalazioetan atzemandako irregulartasunak edo anomaliak jakinarazi ahal izango dizkiote, baita artatuen eskubideen urraketa larrien susmoak ere.

Familia Elkarguneen erabiltzaileek ondoko betebeharrak izango dituzte:

  1. Familia Elkarguneen funtzionamendu-arauak bete eta errespetatzea.

  2. Elkartzeko ezarritako egun eta orduan puntualki bertaratzea, edo 24 ordu lehenago jakinaraztea, ahal bada, bertaratzea eragotziko duten arrazoiak; arrazoiak justifikatu beharko dira.

  3. Familia Elkarguneetan elkartzeko baldintza fisiko eta psikiko egokietan agertzea.

  4. Jokabide ona izatea eta elkarrekiko errespetuan, tolerantzian eta kolaborazioan oinarritutako jarrera izatea.

  5. Errespetuzko jokabidea erakustea zerbitzuaren profesionalekiko eta zuzenean edo zeharka zerbitzuan parte-hartzen dutenekiko, izan boluntario gisa zein praktikaldian dauden profesional gisa.

  6. Instalazioak behar bezala erabiltzea, eta haurrek eta nerabeek errespeta ditzatela ardura hartzea.

  1. – Deribazio judizialaren bidezko Familia Elkarguneetako profesionalek legeek eta dagozkien hitzarmenek lanaren eta funtzio publikoaren esparruan aitortzen dizkieten eskubide guztiak izango dituzte.

  2. – Ondoko eskubideak ere izango dituzte:

    1. Familia Elkargunearen ezaugarri berezietara egokitzea errazteko hasierako prestakuntza izatea eta postuan dauden artean prestakuntza profesional jarraitua izatea. Prestakuntza hori antolatu eta ematea errekurtsoaren kudeaketaren ardura duen erakunde pribatuari edo bere gainetik den erakunde publikoari egokitu ahal izango zaio.

    2. Bere funtzioa egokiro betetzeko organo deribantearengandik beharrezko informazioa jasotzea.

    3. Eskubide hau era eraginkorrean erabiliko dela bermatzeko parte hartzea, ondokoak egin ahal izango dituelarik:

      • parte hartzeko organoen bidez zerbitzuen antolaketan eta funtzionamenduan esku hartu;

      • zerbitzuaren kalitatea ikuskatu eta aldizka ebaluatzeko prozeduretan parte hartu;

      • kexak eta iradokizunak aurkeztu.

    4. Zerbitzua ematen dela bermatzeko beharrezko neurriak ukatea, dekretu honetan araututako eskakizun funtzionalen, materialen eta langileei dagozkienen arabera, eta administrazio publiko eskudunak bere kudeaketa-eskumenen eta baimen-emate, erregistro, homologazio eta ikuskaritzako jardunen esparruan horiek betetzen direla zaintzea.

    5. Beren nagusiek eta gainontzeko profesionalek errespetuz tratatzea, baita Familia Elkarguneen erabiltzaileek ere.

    6. Generoaren ikuspegitik esku hartze sozialen arloan gaitzea.

  1. – Profesionalek legeak eta dagozkien hitzarmenek lanaren eta funtzio publikoaren esparruan aitortzen dizkieten betebehar guztiak izango dituzte.

  2. – Ondoko betebeharrak ere izango dituzte:

    1. Erabiltzaileen datu pertsonalei buruzko sekretu profesionala gordetzea, baita Familia Elkarguneekiko duten harremana amaitu eta gero ere, eta Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren eta Izaera Pertsonaleko Datuen Fitxategien eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeko otsailaren 25eko 2/2004 Legearen eskakizunak betetzea.

    2. Haurtzaroa eta nerabezaroa artatu eta babestearen arloan eta gizarte-zerbitzuen arloan indarrean den araudia ezagutu eta betetzea.

    3. Zentroaren funtzionamendu-arauen erregelamendua izatea, administrazio eskudunak ikuskatua, eta erabiltzaileei ezagutzera ematea.

    4. Jarduten duten Familia Elkarguneetan eta beren jardunarekin lotutako beste edozein lekutan elkarbizitza-arauak eta elkarrenganako errespetua gordetzea.

    5. Haurrei eta nerabeei, eta Familia Elkarguneen erabiltzaileei nola gainontzeko profesionalei aitortutako eskubide guztiak errespetatzea.

    6. Zerbitzua ematen duten Familia Elkarguneetako eta beren jardunarekin lotutako beste edozein lekutako altzariak, tresnak, ekipamenduak eta, oro har, instalazio guztiak errespetatzea eta era egokian erabiltzea.

    7. Zerbitzuaren kalitatea ikuskatu eta aldizka ebaluatzeko prozeduretan parte hartzea.

    8. Familia Elkarguneen arduradunari edo, beharrezko jotzen bada, administrazio publiko eskudunari errekurtsoaren funtzionamenduan, antolaketan edo instalazioetan atzemandako irregulartasunak edo anomaliak jakinaraztea, baita erabiltzaileen eskubideen urraketa larrien susmoak ere.

    9. Arrisku edo babesgabetasun egoera adierazten duen zeinahi elementu edo faktore administrazio publikoari berehala jakinaraztea.

    10. Familia Elkarguneetara sarbidea izateko behar diren ebazpenak eman dituzten organo judizialekin kolaboratzea.

    11. Dekretu honetan aurreikusitako printzipioak eta eskakizunak osoki errespetatuz jardutea euren eginkizunetan.

Familia Elkarguneak gehienez ere urtebetean erabiliko dira, hala ere, egoeraren arabera aldia luzatu ahal izango da, ebazpen judizialaren bidez. Dena dela, 27. artikuluan xedatutako amaitzeko egoeraren bat gertatzen bada, eten egingo da.

Familia Elkargune publikoek emandako zerbitzuak doakoak izango dira erabiltzaileentzat.

  1. – Familia Elkarguneek zerbitzua emateko ordutegi zabala izango dute, bisita-eskubidea eskola-egutegia eta -ordutegiarekin eta lan-bizitzarekin bateratzea errazteko xedez.

  2. – Familia Elkarguneak astean bi lanegunetan eta asteburu guztietan zabaldu beharko dira gutxienez erabiltzaileentzat. Familia Elkarguneen erakunde arduradunek, euren antolaketa-autonomiaren esparruan, arreta ez zuzeneko lan teknikoak eta administrazio-lanak burutzeko profesionalek zenbat denbora eskaini behar duten zehaztuko dute, artatutako kasu kopuruaren arabera.

  3. – Familia Elkargune bakoitzak bere ordutegia egingo du eta berau zabaltzeko eta malgutzeko baldintzak zentroaren beharren arabera zehaztuko ditu.

Familia Elkarguneak erregistro-liburu bat izango du eta, bertan, artatutako pertsonen identifikazio-datuak idatziko dira egunero. Bere diseinuari, eguneratzeari eta erabilerari dagokionez Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Izaera Pertsonaleko Datuen Fitxategien eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeko otsailaren 25eko 2/2004 Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

Familia Elkarguneetara dagokion epaitegiko deribazio judizialaren bidez sartuko da.

Aurreko artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, dagokion deribazio judiziala jarduteko protokolo baten araberakoa izango da, eta protokolo horren eremuan, ondoko datuak barne hartuko dituen txosten bat emango du organo deribanteak:

  1. Haurraren edo nerabearen izena, abizenak, sortze-data, helbidea, telefonoa.

  2. Haurra edo nerabea zein egoera judizialetan dagoen.

  3. Amaren eta aitaren izena, abizenak, helbidea eta telefono-zenbakia.

  4. Hala behar bada, genero-indarkeria dela-eta gurasoetako bat babesteko agindua edo segurtasun-neurriak badaudela.

  5. Beste anai-arrebak nortzuk diren eta zein egoera judizialetan dauden.

  6. Kasua Familia Elkarguneetara deribatzea justifikatzen duten arrazoiak.

  7. Zerbitzua erabiltzeko hasieran ezarritako denbora.

  8. Eskatzen den esku hartze mota espezifikatzea eta bere periodikotasuna.

  9. Bisitak egiteko baimena duten pertsonen izena, abizenak, helbidea eta telefono-zenbakia.

  10. Organo deribanteko erreferentziazko profesionalaren izena, abizenak, helbidea eta telefono-zenbakia.

  11. Interesa duten bestelako datuak.

  1. – Behin organo deribanteak emandako txostena jaso eta aztertuta, espedientea irekiko da Familia Elkargunean.

  2. – Familia Elkargunean kasuarentzat erreferente gisa jardungo duen profesional bat izendatuko da eta bere izena espedientean agertuko da.

  3. – Espedientean kasua nola ari den garatzen eta horrekin lotuta gertatzen diren jazoerak jasoko dira, ondokoak bereziki aipatuko dira:

    1. Asistentzia eta puntualtasuna.

    2. Haurraren edo nerabearen jarrera eta jokabidea.

    3. Amaren, aitaren edo baimena duen eta bisitetara joaten den beste ezein pertsonaren jarrera eta jokabidea.

    4. Zaintza duenaren kolaborazio maila.

    5. Haurrek edo nerabeek azaleratutako sentimenduak, bereziki topaketa berri baten aurrean.

    6. Amaren, aitaren edo baimena duen eta bisitetara joaten den beste ezein pertsonaren aipamen jakingarriak.

  4. – Familia Elkarguneetara deribatzea erabakitzen duen organo judizialak eta interesdunek soilik izango dute espedientera sarbidea, betiere, adingabearen interes gorenaren aurkakoak ez bada eta agindu baten babespean den pertsonaren segurtasuna arriskuan ezartzen ez bada. Halaber, espedientera sarbidea izango dute, Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutako baldintzetan, geroago kasuan esku hartzen duten beste organo judizial edo administratiboek eta legez egoki dakion beste ezein erakunde publikok.

  1. – Familia Elkargunean erreferente izendatutako profesionala interesdunekin harremanetan jarriko da, eta horretarako bi bide izango ditu: bata, gutun ziurtatua hartu-agiriarekin eta, bigarrena, eta betiere ahal bada, telefono-deia, topaketak hasi baino lehen elkarrizketa bat eta zentrora bisita bat egitea hitzartzeko.

  2. – Familia Elkargunean erreferente izendatutako profesionalak erabiltzaile bakoitza bakarka elkarrizketatuko du, baita haurrak eta nerabeak ere. Elkarrizketa horien esparruan, segurtasun eta konfiantza giroa bultzatu nahian, zentroaren funtzionamendu-arauak jakinaraziko ditu, eta bisita, truke edo laguntzetarako aurreikusitako datak eta ordutegiak eta ebazpen judizialaren bidez erabakitako bisita-erregimena zehaztuko ditu.

  3. – Familia Elkargunean erreferente izendatutako profesionalaren eta kasuarekin zerikusia duten helduen arteko elkarrizketek dirauten artean, haurrak eta nerabeak jolasten edo beste jarduera bat burutzen ariko dira inguruarekin, giroarekin eta Familia Elkarguneetako profesionalekin etxekotzeko.

  1. – Familia Elkargunean erreferente izendatutako profesionalak hasierako balorazio bat egingo du eta errekurtsoaren gainontzeko profesionalen ekipoari jakinaraziko dio, ondoren guztien arteko balorazioa egiteko.

  2. – Ebaluazio horretan oinarriturik, erreferente izendatutako profesionalak esku hartzeko banan banako plana landuko du, 15 egun balioduneko epean gehienez; bertan egoeraren ezaugarrien arabera orientazio- eta laguntza-zerbitzu egokienak zein diren zehaztuko du, eta organo deribanteari honi buruzko informazioa emango dio.

  3. – Esku hartzeko banan banako plana egin ostean, plan horren esparruan aurreikusitako bisitak, trukeak edo laguntzak hasiko dira, betiere deribazioko ebazpen judizialean xedatutako erregimena errespetatuz.

Erabiltzaileei informazio-fitxa bat emango zaie, bertan zentroaren funtzionamendu-arauez gain, egunak, ordutegiak eta bisita-, truke- edo laguntza-erregimenaren beste ezein alderdi zehaztuko direlarik. Dekretu honen 2.3 artikuluan aipatu erabiltzaile orok fitxaren kopia bat sinatu beharko du adostasun-berme gisa, eta fitxa hau espedienteari erantsiko zaio hartu izanaren berri izateko.

  1. – Bisitak eta trukeak aurrez hitzartutako egun eta orduan egingo dira. Hitzordura haurraren edo nerabearen zaintza eta babespea esleitua ez duen ama edo aita agertuko dira, edo, hala aurreikusia balego, beste senitarteko edo baimendutako pertsona batzuk, bisita edo trukerako hitzordua baino 15 minutu lehenago.

    Hala ere, Familia Elkarguneko profesional erreferenteak eta erakunde deribanteak adosturik, bisitek aurretik prestatzea edo ostean esku hartzea eskatzen dutela zehazten diren kasuak salbuespen izango dira.

    Haurraren edo nerabearen zaintza duen ama edo aita edo, hala badagokio, tutorea edo zaintzailea, edo harrera-familia ezarritako orduan agertu beharko da eta adingabea utzi eta zentrotik joango da.

  2. – Laguntza-kasuak direnean, laguntzeko ardura duen profesionala haurrarekin edo nerabearekin hitzartutako orduan agertuko da dena delako espetxean, ospitalean edo erresidentzian.

  1. – Familia Elkarguneetako langileen balorazioa aintzat hartuta, bisita- edo truke-eskubidea duen pertsonaren baldintza fisiko edo psikikoak ez balira egokiak, ez da baimenduko haurrarekin edo nerabearekin elkartzea, eta bisita edo trukea bertan behera geratu dela kontsideratuko da eta hori eragin duten arrazoiak emango dira.

  2. – Alderdietako batek bisita edo trukea aldatu nahi izanez gero, 24 ordu lehenago egingo du data aldaketa adosteko, Familia Elkargunean kasuko erreferente izendatutako profesionalak baloratu beharreko kasu berezietan izan ezik. Aldatu nahi dela aurretik esaten ez bada, edo hori eragiten duen arrazoia justifikatzen ez bada, bisita, trukea edo laguntza ez-betetzat joko da.

  3. – Hitzordurako ezarritako ordutik 30 minutu igarota, haurra edo nerabea edo bisita-eskubidea duen titularra agertzen ez badira, bisita ez-burututzat joko da.

  4. – Bisita egiten ez bada, arrazoia edozein delarik ere, ez agertu izanaren agiria emango da, hori eragin duen arrazoia zehaztuz, eta erakunde judizial deribanteari honen kopia bat igorriko zaio, bai eta haurraren edo nerabearen zaintza esleitua duen pertsonari edo erakundeari ere, azken kasu honetan, ez agertzea egotzi ezin bazaio betiere.

  1. – Esku hartzeak ebazpen judizialean xedatutako bisita- edo truke-erregimenaren nola aurreikusitako esku hartzeko banan banako planaren eta plan horretako jardunen araberakoak izango dira.

  2. – Bisitak dirauen artean, haurren eta nerabeen zaintza eta artatzea bisita-eskubidea duenaren ardura izango dira, eta Familia Elkargunean erreferente izendatutako profesionalari egokituko zaio adingabeak ongi zaintzen eta artatzen direla begiratzeko ardura.

  3. – Euren bisita-eskubidea Familia Elkarguneetan burutzen dutenek haurraren edo nerabearen arabera behar diren gauza pertsonal guztiak ekarri beharko dituzte bisita ahalik eta normaltasun handienarekin igaro dadin. Bisita arratsaldean bada, haurraren edo nerabearen askaria ere ekarri beharko dute.

  4. – Programatutako bisita-denbora haurren eta nerabeen eta euren bisita-eskubidea Familia Elkarguneetan burutzen dutenen eskubidea da, hortaz, komunikazioan interferentziarik edo etenik gerta ez dadila bermatzeko behar diren neurriak hartuko dira, batez ere, espazio berean familia-unitate batek baino gehiagok bat egiten badute.

  5. – Familia Elkargunean kasuko erreferente izendatutako profesionalak bisitaren edozein unetan esku hartu ahal izango du, aurretiko edo haurraren edo nerabearen ongizatearentzat kaltegarri diren jokabide eta jarreren ondorioz adostutako orientazioei eta argibideei jarraiki, eta haurraren edo nerabearen interes gorenak edo zentroaren funtzionamendu onak hala eskatzen duela irizten badio, eten ere egin ahal izango du. Eteten bada, txosten arrazoitua igorri beharko dio organo judizial deribanteari.

  1. – Bisiten kasuan, eta behin programatutako bisita-denbora amaituta, euren bisita-eskubidea gauzatzera Familia Elkarguneetaratu direnak bertan egon beharko dira zentro horretan kasuko erreferente izendatutako profesionalak hala adierazi arte.

    Haurraren edo nerabearen zaintza eta babespea esleitua duena aurrez ezarritako orduan joango da Familia Elkargunera, adingabea hartu eta zentrotik alde egingo du.

  2. – Truke-kasuetan, haurraren edo nerabearen zaintza eta babespea esleitua duena edo, hala dagokionean, harrera-familia, adingabea hartzeko ezarritako ordua baino 15 minutu lehenago joango da Familia Elkargunera.

    Ezarritako denbora amaituta, haurraren edo nerabearen zaintza eta babespea esleitua ez duen amak edo aitak edo euren bisita-eskubidea gauzatzen diharduen senideak haurra edo nerabea ezarritako orduan utziko du Familia Elkargunean eta zentrotik alde egingo du.

  3. – Nola bisitetan hala laguntzetan, alderdi interesdunetako bat ez balitz haurra edo nerabea itzultzeko ezarritako orduan Familia Elkarguneratuko, aldez aurretik berandutzearen arrazoia jakinarazi gabe, 30 minutu igarota, zerbitzuaren gainetik dagoen administrazioari jakinaraziko da gertakaria.

  4. – Laguntza-kasuetan, Familia Elkargunean kasuko erreferente izendatutako profesionala bertan agertuko da jasotzeko ezarritako orduan.

Familia Elkargunean kasuko erreferente izendatutako profesionalak jarraipen-txostena igorriko dio organo judizial deribanteari deribazio ebazpenean zehazten den maiztasunarekin edo, halakorik ezean, hiru hilero; bertan, espediente pertsonalean seinalatutako gertakariak, eta esku hartzen jarraitzea, bertan behera uztea, aldatzea edo eteteari buruzko ekipo teknikoaren iritzi arrazoitua jasoko dira. Aipatu txostena ez da loteslea izango organo deribantearentzat esku hartzen jarraitzea, bertan behera uztea, aldatzea edo etetea erabakitzeko. Aurrekoak ez du esku hartze bakoitzean gerta litezkeen balizko gertaerei buruzko informazio puntuala eman behar izatetik salbuetsiko.

  1. – Kasuaren deribazioko ebazpen judizialean ezarritako bisita- eta truke-aldia igarota, Familia Elkarguneko ekipo teknikoak azken txostena egingo du eskumena duen organo judizialak zerbitzua beste aldi batez erabiltzeko aukerari buruz ebatz dezan.

  2. – Bisita edo trukeen luzapena ematen duen ebazpen judiziala arrazoitua izango da eta Familia Elkargunea erabiltzeko beste aldi bat ezarriko du. Hala gertatuz gero, haurraren edo nerabearen edo familiaren egoeran aurreko deribazioko ebazpenetik eman ahal izan diren aldaketak ere jasoko ditu aipatu ebazpenak.

  1. – Babesteko agindua dagoen kasuetan edo gatazka asko dagoela egiaztatu den kasuetan arrisku egoerak saihesteko neurriak hartu beharko dira, eta bisita-modalitate guztietan nahitaezkoa izango da profesional erreferente bat bertan egotea.

  2. – Bereziki, eta amak eta aitak Familia Elkarguneko espazio berean edo inguruetan topo egitea saihesteko, babestutako pertsonarekin, eta betiere haurraren edo nerabearen interes gorena zainduz, ondoko neurrietako bat adostuko da:

    1. Bere bisita-eskubidea gauzatzera Familia Elkarguneetaratu dena ezarritako ordua baino hogeita hamar minutu lehenago bertaratuko da, eta zentrotik haurra edo nerabea jaso eta hamabost minutura alde egingo du.

    2. Familia Elkarguneko profesionalak etxetik eta zentrorako joan-etorriko bidean adingabea laguntzen duela bermatzea.

  1. – Beren eginkizunak betetzean eta beren jardunean, Familia Elkarguneek euren funtzioak ondokoekin koordinatuko dituzte:

    1. Familiaren arloan eskumena duten epaitegiak, familia-epaitegiak batez ere, lehen auzialdiko eta instrukzioko epaitegiak eta Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Arloko epaitegiak.

    2. Gizarte-zerbitzuak, haurtzaroa eta nerabezaroa babesteko zerbitzuak batez ere, emakumea eta familia artatzeko eta babesteko zerbitzuak eta familia bitartekotzarako zerbitzuak.

  2. – Deribazio judizialaren bidezko Familia Elkargunea zerbitzuaren titular den Euskal Administrazio Publikoak lankidetza- eta kooperazio-hitzarmenak egin ahal izango ditu beste autonomia-erkidegoetako pareko zerbitzuekin.

  1. – Orokorki, kexak eta iradokizunak Euskal Autonomia Erkidegoan gizarte-zerbitzuen erabiltzaileen eta profesionalen eskubideak eta betebeharrak eta iradokizunen eta kexen araubidea onartzen dituen apirilaren 4ko 64/2004 Dekretuaren IV. kapituluan xedatutakoaren arabera aurkeztu, izapidetu eta ebatziko dira.

  2. – Bereziki, Familia Elkarguneen antolakuntzari eta funtzionamenduari dagokionez erabiltzaileek formulatutako kexak eta iradokizunak zentro horretan kasuko erreferente izendatutako profesionalari helaraziko zaizkio, eta bere eskumenen esparruan egokitzen badira erantzungo die honek.

    Bestela, zentro horretan kasuko erreferente izendatutako profesionalak kexak eta iradokizunak autoritate edo erakunde eskudunari emango dizkio, bost egun balioduneko epean. Aurrekoaren ondorioetarako, autoritate eskuduna zerbitzuaren gainetik den administrazioa dela ulertuko da.

    Dena dela, erabiltzaileek euren kexak zuzenean helarazi ahal izango dizkiote administrazio eskudunari.

Familia Elkarguneetan burututako esku hartzeak ondoko arrazoiengatik etengo dira:

  1. Izan bere ekimenez zein aipatu zentroko ekipo teknikoaren proposamenez, aurretik txosten arrazoitua emanda, deribazioa Familia Elkarguneetaratu zuen autoritate judizialaren ebazpena.

  2. Deribazioko ebazpenean ezarritako denbora amaitzea, luzapenik gertatzen ez den kasuetan.

  3. Sei hilabeteko aldian Familia Elkargunea ez erabiltzea aipatu egoera justifikatu gabe, aurretik zentroko ekipo teknikoak organo judizial deribanteari jakinarazita.

  1. – Deribazio judizialaren bidezko Familia Elkarguneak erkidegoko lokaletan edo pisuetan egongo dira, eta beren jarduna garatzeko eta erabiltzaileak artatzeko nahikoa azalera izan beharko dute, erabiltzaileekiko esku hartze profesionalen eta familia bereko kideen arteko harremanen pribatutasuna errespetatzea ahalbidetuko duten baldintzetan.

  2. – Familia Elkarguneak garraio publikoaren bidez behar bezala komunikatutako guneetan egongo dira, eta plaza edo lorategi publikoetara erraz iristeko gisan.

  3. – Familia Elkarguneetaratzea erraza izango da, Irisgarritasuna sustatzen duen abenduaren 4ko 20/1997 Legean xedatutako gisan, mugikortasun- edo komunikazio-arazoak dituzten pertsonak zentro hauetara iristea bermatzeko.

  1. – Familia Elkarguneek ohiko etxebizitzen bizigarritasun baldintzak bete beharko dituzte, eta ondoko oinarrizko instalazioak izango dituzte gutxienez:

    • harrera, truke eta elkarrizketetarako gela 1.

    • erabilera profesionalerako balio anitzeko bulego edo gela 1.

    • bisitetarako gela 1.

    • haur jolasetarako gela 1.

    • sukalde 1, mikrouhin-labe, hozkailu, jaki-toki eta harraskarekin.

    • 2 bainugela, bata emakumeentzat eta bestea gizonentzat erreserbatua, aldatzekoarekin eta haurrek zein mugitzeko arazoak dituztenek sartu eta erabiltzeko egokituak.

  2. – Instalazioen antolaketak, ekipamenduak eta dekorazioak giro atsegina sortaraziko dute.

  1. – Ekipamendu, altzari eta dekorazioko materialek kalitate duina izango dute eta funtzionaltasun-, ongizate- eta segurtasun-irizpideekin bat etorriko dira.

  2. – Leku guztiek hirigintza-araudiak ezartzen dituen ezinbesteko osasungarritasun-, segurtasun-, aireztapen- eta argiztapen-eskakizunak beteko dituzte.

  3. – Familia Elkargune guztietan irteera nagusiak eta larrialdiko irteerak behar bezala seinaleztatuta egon beharko dira.

  4. – Familia Elkarguneek ondoko instalazioak eta ekipamendua izango dute gutxienez:

    1. Telefono finko bidezko komunikazio-sistema.

    2. Babesledun beroketa-sistema. Ezin izango dira inolaz ere erabiltzaileen eskueran ezarri kontaktu bidez erredurak eragin ditzaketen bero-iturriak.

    3. Larrialdietako botika-kutxa.

    4. Sukaldeko oinarrizko ekipamendua eta tresnak, arriskuak saihestu eta erabiltzaile eta profesionalen segurtasuna bermatzeko beharrezko diren neurriak hartzea eragotzi gabe.

    5. Jolas-materiala.

  5. – Espezifikazio teknikoak eta mantenukoak eta aplikatzekoa den arautegiak kasu bakoitzerako eskatzen dituen baldintzak bete beharko dituzte instalazioek eta zerbitzuek.

  6. – Familia Elkarguneko lokalak, instalazioak eta altzariak kontserbazio, garbiketa eta desinfekzio egoera egokian mantenduko dira.

  7. – Familia Elkarguneek, geletako batean, norabide bakarreko ispilu bat izango dute bisiten behaketa eta ikuskaritza errazteko.

  8. – Familia Elkarguneek suteen aurkako babes-araudian xedatutakoa bete beharko dute. Ke-detektagailuak, itzalgailuak eta ebakuazio-plana izango dituzte bereziki.

  1. – Familia Elkarguneetako profesionalek erabiltzaileen eta instalazioen segurtasuna zainduko dute. Elkarbizitza alda dezaketen jazoera esanguratsuak gertatzen badira, elkarrizketaren bidez normaltasuna berrezartzen ahaleginduko dira; pertsonen osotasunarentzat arriskua badago soilik emango diote abisua dagokion polizia-autoritateari.

  2. – Deribazio judizialaren bidezko Familia Elkarguneen gainetik den administrazio publikoak jarduteko protokolo komun bat landuko, Ertzaintzarekin edo udaltzaingoarekin elkarlanean, elkarbizitza alda dezaketen eta Familia Elkarguneen erabiltzaileen eta profesionalen osotasunarentzat arriskua sor dezaketen jazoera esanguratsuak gertatzen direnetan.

  3. – Babesteko agindua dagoen kasuetan edo gatazka asko dagoela egiaztatu den kasuetan arrisku egoerak saihesteko segurtasun-neurri bereziak hartu beharko dira adingabeak eta eraso baten biktima izateko arriskua duten pertsona helduak zaindu eta babestea bermatzeko; horretarako, jarduteko protokolo bat bideratuko da Ertzaintzarekin edo udaltzaingoarekin elkarlanean.

  4. – Familia Elkarguneetako profesionalek, erabiltzaileen segurtasunerako arriskua dagoela irizten diotenean, autoritate judizial edo polizialei bisitak poliziaren laguntzaz babesteko eskatuko diete.

Familia Elkarguneek ondoko antolaketa egitura izango dute:

  1. Koordinatzaile bat, zentroak egoki funtzionatzeaz arduratuko dena, ekipo teknikoa osatzen dute kideek izendatua, eta bere koordinazio-funtzioak esku hartzeko zereginekin bateragarri egingo dituena.

  2. Ekipo teknikoa.

  1. – Familia Elkarguneek euren esku hartzean funtzio sozioedukatiboak eta famili orientabidekoak betetzeko behar den prestakuntza duten profesionalak edukiko dituzte, eta ondokoak izango dituzte gutxienez:

    • psikologo 1.

    • gizarte-langile 1.

    • 2 gizarte-hezitzaile.

  2. – Aurreko atalak aipatzen duen prestakuntza egiaztatzeko dagozkion titulu akademikoak aurkeztuko dira.

  1. – Deribazio judizialaren bidezko Familia Elkargunea zerbitzuaren titular den Euskal Administrazio Publikoak boluntarioen jarduna hitzartu ahal izango du Boluntariotza Erakundeen bidez, zeinekin aurretik lankidetza-hitzarmenak sinatu baitzituen, eta ez du inolaz ere onartuko banakako lankidetzarik. Dena dela, esku hartuko duten boluntarioek prestakuntza espezifikoa izatea beharrezkoa izango da esku hartzeko funtzio sozioedukatiboak eta famili orientabidekoak betetzeko.

    Boluntarioen ekainaren 25eko 17/1998 Legeak eskatzen dituen eskakizunak bete beharko dituzte boluntarioek eta euren jardunean profesionalekin kolaboratu beharko dute, euren trebakuntza aberasteko, eta ezin izango dira inolaz ere euren funtzioetan ordeztu eta profesional hauen ikuskaritzapean jardungo dute beti.

    Familia Elkargunean esku hartzen duen boluntario kopurua ezin izango da inolaz ere profesionalena baino handiagoa izan.

  2. – Deribazio judizialaren bidezko Familia Elkargunea zerbitzuaren titular den Administrazio Publikoak praktikaldi akademikoan edo profesionalean diren pertsonen jarduna baimendu ahal izango du eta zerbitzuko profesionalen ikuskaritzapean jardungo dute beti.

  3. – Halaber, Familia Elkarguneetan ikerketa-lanak egitea baimendu ahal izango zaie ikerketa sozialean espezializatutako erakunde publikoei eta pribatuei eta, nolanahi ere, norbanakoen egoerei buruzko informazioa isilpekoa dela bermatuko da.

Familia Elkarguneak sortzea.

Dekretu hau argitaratzen denetik Eusko Jaurlaritzak, gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duen sailaren bidez, deribazio judizialaren bidezko Familia Elkarguneko zerbitzuak ezarriko ditu martxan, eta biztanle asko duten udalerriak lehenetsiko ditu, dagoen eskaerari erantzuteko.

Jada existitzen diren zerbitzuen funtzionamendua.

Egun dagoen eskaera aintzakotzat hartzeko, dekretu hau indarrean sartu baino lehen deribazio judizialaren bidezko kasuei erantzuten ari diren Familia Elkarguneak, horrela funtzionatzen jarraitu ahal izango dute.

Aurrekoari kalterik egin gabe, aipatu puntuek administrazio-baimena izan beharko dute bi urteko epean, dekretu honen 8. artikuluan xedatzen den bezala.

Gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duen sailaren titularrari baimena ematen zaio dekretu hau garatzeko beharrezko diren xedapenak emateko.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hartuko du indarra dekretu honek.

Vitoria-Gasteizen, 2008ko uztailaren 1ean.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburua,

JAVIER MADRAZO LAVÍN.

...Erakutsi textu osoa[+]