Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

39/2008 DEKRETUA, martxoaren 4koa, babes publikoko etxebizitzen araubide juridikoari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 59
  • Hurrenkera-zk.: 1810
  • Xedapen-zk.: 39
  • Xedapen-data: 2008/03/04
  • Argitaratze-data: 2008/03/28

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ingurune naturala eta etxebizitza; Ogasun eta Ekonomía
  • Azpigaia: Gobernua eta Administrazio Publikoa; Hirigintza eta etxebizita; Ekonomia

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

1996-1999, 2000-2003 eta 2003-2006 ekitaldietako lau urteko etxebizitza-planak gauzatzean hartutako esperientziak eta Eusko Jaurlaritzak babestutako etxebizitzen sustapen, erosketa, erabilera eta aprobetxamenduaren arloan orain arte onartutako xedapen eta neurriak gaur egungo beharretara egokitu izanak ahalbidetu eta aholkatzen dutenez, botere publikoek babestutako etxebizitzak bultzatzen jarraituko dute; horretarako, 2006-2009 Etxebizitza Bideratzeko Plan berria onartu eta hura gauzatzea xede duten arauak (Dekretua edo garapenerako Aginduak) eguneratu dira.

Hain zuzen, arauak eta, bereziki, babestutako etxebizitzen araubidea eta lurzoruaren eta etxebizitzaren inguruko finantza-neurriak arautzen dituen Dekretua berritzea are beharrezkoagoa da Euskal Autonomia Erkidegoko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legea, ekainaren 30ekoa, indarrean sartu zenetik, lehendik zeuden tipologiak zabaldu baititu.

2/2006 Legearen 8. Xedapen Gehigarriak, zehazki, babestutako etxebizitzen sailkapena aldatu du, eta, horren ondorioz, "etxebizitza tasatu autonomikoak" eta "udal-etxebizitza tasatuak" tipologia berriak sortu dira. Nolanahi ere, biak ala biak "babes publikoko etxebizitzak" izango dira ondorio guztietarako. Honenbestez, babes publikoko etxebizitzak dira 8. Xedapen Gehigarriaren kategorietako batean sartzen diren guztiak, espresuki hala izendatutako "babes ofizialeko etxebizitza" kategoria zehatzekoak barne, haiexek baitira Euskadin zeuden bakarrak 2/2006 Legea indarrean sartu arte.

Gainera, Lege honek babestutako bizileku-tipologia berri bat sortu du, "zuzkidura-bizitoki" izenekoa, eta, 9. Xedapen Gehigarriaren arabera, haien sustapen eta eraikuntzarako etxebizitzaren arloko araudi sektorialean ezarritako laguntza publikoak dagozkie.

Bistan da terminologia dezente aldatu dela; alegia, orain babes publikoko etxebizitzak adierazi beharra dago, eta batzuetan zuzkidura-bizitokiak, babestutako etxebizitzaren arloko jardun guztiak ez baitatoz bat nahitaez babes ofizialeko etxebizitzaren tipologiarekin.

2006-2009 Etxebizitza Bideratzeko Plan berria Gobernu Kontseiluak onartu zuen, 2006ko urriaren 3an egindako bilkuran. Plan horren helburu nagusia da Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren etxebizitzaren alorreko jardunetarako Jarraibideak aldi horretarako ezartzea, estrategia-plangintzarako irizpideak, sustapena, eta estrategikoak ez diren baina etxebizitzaren alorreko eragileentzat eta babes publikoko etxebizitza behar duten herritarrentzat oso garrantzitsuak diren beste orientabide batzuk aintzakotzat hartuta.

Etxebizitza Bideratzeko Planaren oinarrizko ardatzetako bat, funtsezkoena ez bada, babestutako etxebizitza zabaltzeko ahalegin handia egitea da, hala kopuruari nola tipologiei dagokienez. Horretarako, diru-laguntza eta finantza-neurri egokiak erabiltzen dira.

Beraz, araudi berriak udal etxebizitza tasatuen, autonomikoen eta zuzkidura-bizitokien tipologia berrien erregimena arautu behar du, eta era berean haiek eskuratu eta erabili ahal izateko oinarrizko baldintzak ezarri eta haien eraikuntza finantza-neurri egokien bidez sustatu.

Etxebizitza Bideratzeko Planak baditu beste jardun-ardatz estrategiko batzuk: esaterako, babestutako etxebizitzaren alokairuaren sustapena; erabilitako etxebizitza askeetarako diru-laguntza programaren definizio berria, landa-inguruneko, Zaharberritze Integraleko Eremuetako eta degradatutako eremuetako etxebizitzen erosketa sustatzea bilatzen duena; zaharberritze-jardunen sustapena, batez ere Eraikinen Ikuskaritza Teknikoek eskatutakoak (2/2006 Legeak sortuak); edo herri-administrazioek, herri-ondareak eratzeko lurzorua erosiz, babestutako etxebizitza sustatzeko esku hartzea bultzatzeko borondatea.

Jardun-ildo hauek guztiek finantza-xedapen eta -neurri sorta osatzen dute, eta Dekretu hau da multzo horretako oinarrizko araudia. Nolanahi ere, xedapen eta neurri horietako batzuk berriki onartu dira, eta beste zenbaiten izapidetzea oraindik ez da burutu.

Azkenik, bereziki nabarmentzekoa da Eusko Jaurlaritzaren konpromiso irmoa babes publikoko etxebizitzak egiatan baliabide gutxien duten pertsonei helarazten zaizkiela bermatzeko eta behar hori urtetan mantentzen dela egiaztatzeko; izan ere, ez da ahaztu behar aurreko Dekretuak ezarri zuela etxebizitza horiek "behin betiko kalifikazioa" dutela, eta horrek esan nahi du ohiko bizileku iraunkorra izan behar dutela beti.

Halaber, urte hauetako eskarmentuak erakusten digu zenbait hobekuntza egin behar direla aurreko Dekretuaren idazkeran, batez ere "ohiko bizileku iraunkorra" bezalako zenbait kontzeptu juridikoren definizioetan, azalera-eskubidearen inguruko araudian, etab.

Dekretuaren egitura honako hau da: zazpi kapitulu, xedapen iraunkorrak, xedapen indargabetzailea eta azken xedapena, eta, horrez gain, babes ofizialeko etxebizitzak eskuratzeko hitzarmenetan nahitaez agertu behar duten klausulen inguruko hiru eranskin. I. kapituluan aplikazio-eremua zehazten du –babestutako etxebizitza-tipologia guztiak eta zuzkidura-bizitokiak–, babestutako etxebizitza guztien ezaugarriak definitzen ditu, ohiko bizileku iraunkorraren definizioa hobetzen du, eta 3 hilabete baino gehiagotan jarraian hutsik dagoen etxebizitza bat ohiko bizileku izateari utzi diolako presuntzioa ezartzen du.

Berrikuntzarik nabarmenena Babes Publikoko Etxebizitzen Erregistroaren sorkuntza da. Erregistro horrek Euskal Autonomia Erkidegoan dauden babestutako etxebizitza guztien datuak jasoko ditu, eta babestutako etxebizitzak eskuratzearen eta erabiltzearen inguruko legedia betetzen den ala ez egiaztatzeko oinarrizko tresna fiskalizatzailea da.

Babestutako etxebizitzen ezaugarri teknikoei dagokienez, babes ofizialeko etxebizitzak baino ez dira aipatzen, helburua ez baita inolaz ere gainerako babestutako etxebizitzen diseinua mugatzea. Gainera, aurreko araudian ez bezala, Dekretuaren xedea ez da alderdi tekniko horiek xeheki arautzea. Dekretu berri hau, ordea, diseinuaren inguruko Aginduez aritzen da gehienbat. Halaber, araudia oso antzekoa da babes ofizialeko etxebizitzen baldintza ekonomikoei eta lurzoruaren eta urbanizazioaren prezioari dagokienez. Nolanahi ere, lurzoru urbanizatuen ordain-trukeko eskualdatzetan muga horiek ez betetzeak behin-behineko kalifikazioa ukatzea ekarriko du.

Ondoren, Dekretuak "kalifikazioa"ren erregimena ezartzen du, orain ere soilik babes ofizialeko etxebizitzei dagokienez. Aipatzeko moduko berrikuntzen artean hauek ditugu: behin-behineko eta behin betiko kalifikazioaren definizioaren hobekuntza eta behin-behineko kalifikazioaren epearen zabalpena, aldeko isiltasun administratiboagatik; azken neurri horren helburua da behin-behineko kalifikazioa duten espedienteak zehatzago aztertu ahal izatea. Azkenik, hemendik aurrera, behin-behineko kalifikazioak espresuki ezarri behar du babes ofizialeko etxebizitzak esleitzeko prozedura zehatza.

Hurrengo atalean babes ofizialeko etxebizitzak –sustapen publikokoak, tasatuak edo hitzarmen-bidez sustatutakoak– eskuratzeko araubidea ezartzen da, eta, nolanahi ere, publizitatearen, lehiaketa publikoaren eta gardentasunaren printzipioak bermatzen dituen prozedura baten bidez esleituko dira.

Babes publikoko etxebizitza autonomikoak esleitzeko prozedura Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak zuzenduko du Etxebide – Babes Publikoko Etxebizitzak Esleitzeko Zerbitzu Publikoaren bidez.

Gainerako prozeduretan eta beste tipologia batzuetan, udal etxebizitza tasatuetan bereziki, udal-ordenantza bidez arautu daitezke, eta, halakorik ezean, Dekretuak esleitzeko prozeduren inguruko araubide espezifikoa aipatzen du. Hala ere, Etxebideko Etxebizitzen Eskatzaileen Erregistroko berrikuntza gisa, babes publikoko etxebizitza guztietako datuak sartu ahal izango dira, batez ere babes publikoko edozein etxebizitzaren esleipenaren kudeaketa eta kontrolerako datu zehatzak erabilgarriago egite aldera, eta, halaber, arlo honetan aritzen diren Herri Administrazioek, eta bereziki udal etxebizitza tasatuak sustatzen dituzten udalek, etxebizitzen programazio publikoak unean uneko eskaerara egokitu ahal izan ditzaten.

Kapitulu berean, babes ofizialeko etxebizitza eskuratzeko oinarrizko baldintzak ezartzen dira.

Pertsona juridikoek ere babes ofizialeko etxebizitzak eskuratu ahal izango dituzte, baina soil-soilik etxebizitza horiek alokatzeko direnean, edo maizterra Administrazio eskudunekin itundutako gizarte-programak egiten dituen irabazi-asmorik gabeko elkartea denean.

Halaber, erantzun egokiagoa eman nahi izan zaio babes ofizialeko etxebizitzak eskuratzeko hitzarmenen titulartasunari, bizikidetza-unitatearen definizioa deuseztatuta. Era honetan, irtenbidea eman nahi zaio sortu izan diren hainbat arazo praktikori.

Eskakizun positiboari eutsiko zaio, alegia, "Etxebizitzaren beharrari", eta hainbat iruzur sorrarazi dituzten infraetxeen eta antzekoen salbuespenak deuseztatu egingo dira. Ildo berean, erroldako agiriaz gain, bertan bizi dela egiaztatzen duen ziurtagiria beharrezkoa izango da.

Babes publikoko etxebizitzen tipologia guztietarako gutxieneko eta gehienezko diru-sarrerak eguneratuko dira, udal etxebizitza tasatuetarako izan ezik, udal-ordenantzek arautuko baitituzte.

Diru-sarrerei eta haien zenbaketari dagokienez, ez da berrikuntza handirik.

Azkenik, III. Kapitulu honetan, aurreko Dekretuko araubidearen zenbait alderdi berregituratu egin dira, hala nola babes ofizialeko etxebizitzen lagapena eta baimena, babes ofizialeko kontratuen oniritzia eta konturako ordainketak.

Horrez gain, Kapitulu honetan azalera-eskubidea eta babes ofizialeko etxebizitza-ibilbideak arautzen dira.

  1. kapitulua aurreko Dekretuaren oso-oso antzekoa da. Helburua babes ofizialeko etxebizitzak sustatzea da, hala publikoak nola pribatuak, eta bereziki itundutako sustapenen araubidea lantzen du; hartara, esleitzeko prozedura bideragarria da baldintzei dagokienez, eta gardena exekuzio eta egiaztapenari dagokienez.

  2. kapituluak "lurzoruaren arloko jarduna" garatzen du, eta batez ere, helburu publikoak betetzearren etxebizitzak bortxaz hustea eskatzen duten jardun publiko ugaritako "beste bizileku bat eskuratzeko eskubidea" edo ezinbesteko birkokatzea arautzen du, eta xedapen hauen arabera, esleitzen zaizkien etxebizitzen jabetza erabat eskuratzeko aukera ere aitortzen zaie. Oro har, hainbat egokitzapen egin dira artikulu hauetan, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen Bigarren Xedapen Gehigarria indarrean sartu izanak hartaratuta. Egokitzapen horien helburua da legezko okupatzailearen eta ohiko etxebizitzaren definizioak zehaztea, beste bizileku bat jasotzeko eskubidea dakarren egoera zehatza mugatze aldera eta birkokatze horren araubide juridiko subjektibo eta objektiboa xedatze aldera; alegia, etxebizitzaren edukitza-erregimena, diru-sarreren zenbaketa, birkokatze-etxebizitzen kalifikaziorako erregimena, bigarren eta hurrengo eskualdatzeetako prezioen erregimena, etab.

  3. kapituluak, azkenik, Dekretuan ezarritako jardun guztiei zuzendutako "finantza-neurriak" ditu hizpide, baina ez dakar berrikuntza handirik, ez bada laguntza horiek zabaldu direla babes publikoko edozein etxebizitzaren eta halaber zuzkidura-bizilekuen sustapen eta eraikuntzarako. Dena den, zabalpen hori aurreko Dekretuari egindako aldaketa batean jaso zen jada.

    Azkenik, Dekretu honen formulazioa eta izapidetzea Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 22. artikuluak ezarritakoaren arabera egin da, eta orobat Euskadiko Gobernu Kontseiluak 2007ko otsailaren 13an onartu zituen generoaren eragina aurrez ebaluatzeko Jarraibideak kontuan hartuta.

    Horrenbestez, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoak adierazitakoarekin bat etorriz, eta Gobernu Kontseiluak 2008ko martxoaren 4ko bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, honakoa xedatu dut:

  1. – Dekretu honen xedea da babes publikoko etxebizitza guztien araubide juridikoaren printzipioak eta babes ofizialeko etxebizitzen oinarrizko araubide juridikoa ezartzea. Zentzu honetan, babes ofizialeko etxebizitzatzat joko dira araubide orokorreko eta bereziko babes ofizialeko etxebizitzak, etxebizitza tasatu autonomikoak barne.

  2. – Halaber, Dekretu honen helburua da Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan babes ofizialeko etxebizitzak sustatzeko, eskuratzeko, eraikitzeko, erabiltzeko eta ustiatzeko jardueren eta halaber horrelako etxebizitzetarako lurzorua erosteko, prestatzeko eta urbanizatzeko jardueren araubide juridikoa ezartzea.

  3. – Orobat, Dekretu honen xedea da jarduera horiek sustatu eta garatzeko etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriak arautzea, eta, era berean, haien arauketa-eremuaren barneko udal etxebizitza tasatuen inguruko alderdi guztiak.

  4. – Halaber, Dekretu honen arauketa-eremuan sartzen dira Euskal Autonomia Erkidegoko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen bederatzigarren Xedapen Gehigarriak aipatzen dituen eta Dekretu honen Hirugarren Xedapen Gehigarrian definitzen diren zuzkidura-bizilekuak, eta baita birkokatze-etxebizitzen zenbait alderdi, baina ez dio eragingo haien araudi espezifikoari.

  1. – Babes publikoko etxebizitzak izango dira araubide bereziko, orokorreko eta tasatuko babes ofizialeko etxebizitzak, eta orobat Euskal Autonomia Erkidegoko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 8. Xedapen Gehigarrian aipatzen diren araubide bereziko udal etxebizitza tasatuak.

  2. – Hauek izan beharko dute babes publikoko etxebizitzen ezaugarriak:

    • Lurraldeetako herri-erakundeek publikoki sustatu beharko dituzte, edo modu pribatuan Dekretu honetako xedapenen arabera, betiere kasuan kasuko eremu autonomikoko aginduen edo udal-ordenantzen arabera onartutako diseinurako ordenantzek ezarritako ezaugarri teknikoei jarraiki.

    • Eskualdatuak izan beharko dute, jabetza osoko erregimenean edota azalera-eskubideko edo alokairuko erregimenean, betiere babestutako prezio batean, Dekretu honetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 8. Xedapen Gehigarrian jasotako kalkulu-sistema erreferentziatzat hartuta.

    • Publizitatearen, lehiaketa publikoaren, gardentasunaren eta diskriminazio-ezaren printzipioetan oinarritutako prozedura baten bidez esleitu beharko dira. Hartzaileak aurrez egongo dira erregistratuta autonomia erkidegoaren edo udal baten etxebizitza-eskatzaileen erregistro publiko batean, eta horretarako Dekretu honetan edota tokian tokiko udal-ordenantzak babes ofizialeko etxebizitza eskuratzeko berariaz ezarritako gutxieneko baldintzak egiaztatu beharko dituzte.

    • Edozein bizikidetza-unitatek eskuratu ahal izango du halako etxebizitza bat, baldin eta esleipenaren aurretik unitate horretako ezein kidek etxebizitzarik ez badu jabetzan, jabetza soilean, azalera-eskubidean edo usufruktuan. Debekuaren urte-kopurua autonomia-erkidegoaren edo tokian tokiko udalaren arauek xedatuko dute, eta betiere arau horien salbuespenak hartuko dira kontuan.

    • Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri batean erroldatuta egotea egiaztatzen duten onuradunek eskuratu ahal izango dituzte, Dekretu honek –babes ofizialeko etxebizitzei dagokienez– edota tokian tokiko udal-ordenantzek –udal etxebizitza tasatuei dagokienez– ezarritako epeak, baldintzak eta salbuespenak kontuan hartuta.

    • Jabetzako, azalera-eskubideko edo alokairuko titularren ohiko bizileku iraunkorra izan beharko du. Ohiko bizileku iraunkortzat joko da okupatzaileen etxebizitza-premia zuzenean eta berehala asebetetzen dituena, eta, gainera, legezko bizilekua dena, eskubideez baliatzeko eta obligazioak betetzeko lekua delako.

      Nolanahi ere, berariazko kontrako araurik ezean, 3 hilabete baino gehiagotan jarraian hutsik dagoen etxebizitza bat ohiko bizileku izateari utzi diola pentsatuko da, etxebizitzak ohiko bizileku iraunkorra izaten jarraitzen duela arrazoituta dagoenean izan ezik.

    • eskualdaketarako gehienezko prezioa ezarriko zaie, eta haiek lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko eskubidea izango du administrazio jarduleak, eta, betiere, modu subsidiarioan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak.

  1. – Babes Publikoko Etxebizitzen Erregistroa sortuko da, eta haren helburua izango da Euskal Autonomia Erkidegoko babes publikoko erregimenen batean dauden etxebizitza guztiak jasotzea. Ondorengo Liburuak izango ditu gutxienez:

    • Erregimen orokorreko babes ofizialeko etxebizitzak.

    • Erregimen bereziko babes ofizialeko etxebizitzak edo etxebizitza sozialak.

    • Erregimen tasatu autonomikoko babes ofizialeko etxebizitzak.

    • Erregimen orokorreko udal-etxebizitza tasatuak.

    • Erregimen bereziko udal-etxebizitza tasatuak.

    • Zuzkidura-bizilekuak, nahiz eta etxebizitzatzat joak ez izan.

  2. – Babes Publikoko Etxebizitzen Erregistro horren xedea, helburuak eta funtzionamendua Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren Aginduaren bitartez garatuko dira.

  3. – Halaber, Udalek babes publikoko edozein erregimenetako etxebizitzen –eragin publikoek zein pribatuek sustatuak izan– inguruko informazioko erregistroak izan ditzakete.

  1. – Etxebizitza Esleitzeko Zerbitzuaren funtzioak betetze aldera, Eusko Jaurlaritzak Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroari eutsiko dio. Haren xede nagusia da babes publikoko etxebizitzen esleipenaren kudeaketa eta kontrolerako beharrezkoak diren datuak hornitzea da, eta era berean herri Administrazio jarduleei informazio eguneratua ematea, beren etxebizitza-programazio publikoak dagoen eskaerara egokitu ahal izan dezaten.

  2. – Erregistro horren funtzionamendua Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren Aginduaren bitartez arautuko da.

  3. – Etxebide - Babes Publikoko Etxebizitzak Esleitzeko Zerbitzu Publikoak lankidetza-hitzarmenak izenpetu ahal izango ditu Tokiko Administrazioekin, haiek sustatzen edo ituntzen dituzten babestutako etxebizitzak esleitzeko prozeduretan elkarlanean aritze aldera.

Babes ofizialeko etxebizitzen diseinuari buruzko Ordenantzetan ezartzen diren ezaugarri teknikoak bete beharko dituzte Babes Ofizialeko Etxebizitzek.

  1. – Babes ofizialeko etxebizitzen eskualdatzeetako gehienezko prezioak kalkulatzeko etxebizitzaren edo eranskinaren azalera erabilgarriaren metro koadroa Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren agindu bidez zehaztuko den zenbaki batekin bidertuko da, betiere etxebizitzaren motaren eta Euskal Autonomia Erkidegoan duen kokapenaren arabera.

  2. – Halaber, prezioa finkatzeko, azalera erabilgarriari zenbaki bat aplikatzearen ondoriozko erregelaz gain, beste zenbait irizpide osagarri ezar daitezke Agindu bidez behin betiko prezioa finkatzeko, hala nola etxebizitzen kokapen geografikoari, eraikinaren kalitateari, funtzionaltasunari eta ingurumen-iraunkortasunari buruzkoak.

  3. – Prezioak urtero berrituko dira Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren Agindu bidez.

    Hala eta guztiz ere, bigarren eskualdatzerik bada hasierako esleipena gertatu zenetik urtebete igaro baino lehen, haren salmenta-prezioa lehen eskualdatzearena izango da.

    Era berean, prezioen inguruko urteroko Aginduek alokairu-kontratuari aplikatu beharreko gehienezko prezioak arautuko dituzte.

    Orokorrean, babes ofizialeko etxebizitza guztien gehienezko salmenta-prezioa salerosketa-kontratuari oniritzia emateko aurkezten den unean indarrean dagoena izango da, lehen eskualdatzean izan ezik, behin-behineko kalifikazioan jasotakoa izango baita orduan.

    Sustapen bateko babes ofizialeko etxebizitzen lehen eskualdatzea egiten bada behin betiko kalifikazioa egin zenetik urtebete igaro ondoren, salmenta- edo esleitze-prezioa eguneratu ahal izango da urtebeteko epea amaitzen denetik salerosketako kontratua edo esleipenaren agiria sinatzen den arte indarrean dagoen azalera erabilgarriko m2ko salmenta-prezio aplikagarria berrikusten den proportzio berean.

    Hasieran alokairu-erregimenean egon diren babes ofizialeko etxebizitzen jabetzaren eskualdatzea behin betiko kalifikazioa egin zenetik urtebete igaro ondoren egiten bada, salmenta- edo esleitze-prezioa eguneratu ahal izango da, eskualdaketaren unean babes ofizialeko etxebizitzek duten gehienezko prezioa kontuan hartuta.

  4. – Kooperatibek edo jabekideen komunitateek sustatutako babes ofizialeko etxebizitzen kasuan, kooperatibistak edo komunitateko kideak egindako ordainketen multzoa, sustapena eta berorren indibidualizazio fisikoa eta juridikoa egin ahal izateko ezinbestekoak direlako etxebizitzaren kostuei egotz dakiekeena –hala badagokio, kudeaketako ordainsariak barne–, ezin izango da izan Dekretu honetan eta berori garatzen duten arauetan ezarritakoaren arabera finkatutako etxebizitzen eta eranskinen gehienezko salmenta- edo esleipen-prezioa baino handiagoa.

    Horri dagokionez, honakoak joko dira ezinbesteko gastutzat: lurzoruaren eskriturak egiteko eta erregistratzeko gastuak, obra berriaren deklarazioaren eta banaketa horizontalaren gastuak, hipoteka-maileguaren gastuak, konturako kopuruak jasotzeko eta kreditua amortizatzeko aseguruak eta antzeko beste batzuk. Ez dira halakotzat joko sozietatearen kapitalerako ekarpenak, sozietatearen kuotak eta kooperatibak edo jabekideen komunitateak izan ditzakeen bestelako jardueretako partaidetza-kuotak.

    Aurreko muga hori ez betetzea nahikoa arrazoi izango da kalifikazioa ez lortzeko, baina horrek ez du eraginik izango kooperatibaren edo komunitatearen organoei eta, hala badagokio, kudeaketa-entitateari egotz dakiekeen erantzukizunean.

  1. – Babes ofizialeko etxebizitzen sustapenetara zuzendutako lurzoruen balioa arlo honetan aplika daitekeen legediak ezartzen dituen lurzorua baloratzeko erregelak aplikatzearen ondoriozkoa izango da. Horrenbestez, berdin banatzeko prozesuetan, babes ofizialeko etxebizitzarako lurzoru urbanizatuaren oihartzun-balioa sustatu beharreko produktu higiezinen errentagarritasunak haztatuz kalkulatuko da. Nolanahi ere, babes ofizialeko etxebizitzaren lurzoru urbanizatuaren oihartzun-balioak ez ditu inolaz ere muga hauek gaindituko:

    1. Etxebizitzen eta, erregimen bereziko babes ofizialeko etxebizitzen kasuan, gainerako eraikinen gehienezko prezioaren % 15.

    2. Etxebizitzen eta, erregimen orokorreko babes ofizialeko etxebizitzen kasuan, gainerako eraikinen gehienezko prezioaren % 20.

    3. prezio horren % 25, erregulazio autonomikoko erregimen tasatuko babes ofizialeko etxebizitzak direnean.

      Etxebizitzarekin lotuta ez dauden lokalen eta eranskinen gehienezko prezioa kalkulatzeko merkatuko prezioak erabiliko dira.

  2. – Aurreko paragrafoan aurreikusitako ondorioetarako, urbanizazioaren gastutzat joko dira Euskal Autonomia Erkidegoko lurzoruari eta hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 147. artikuluan xedatutakoak.

  3. – Babes ofizialeko etxebizitzaren sustapenera zuzendutako lurzoru, orube, partzela eta jada urbanizatutako hirigintza-eraikigarritasunen kostu bidezko eskualdatzearen gehienezko prezioak ezin izango ditu artikulu honen lehenengo paragrafoan gehienezkotzat jotako portzentajezko mugak gainditu. Kostu bidezko eskualdatzean muga hauek gainditzea arrazoi nahikoa izango da kalifikazioa ukatzeko.

  1. – Kalifikazioa administrazio-prozedura da, eta horren bitartez, babes ofizialeko etxebizitzetarako eskatutako ezaugarriak betetzen direla eta legezkoak direla egiaztatzen da, eta, hala egokituz gero, kalifikazio hori emango da, horrekin loturik dauden ondorioen eta aplikagarri den araudiaren arabera.

  2. – Kalifikazio-prozedura horretan, gutxien-gutxienik, ondorengo administrazio-ekintzak bereizten dira:

    1. Behin-behineko kalifikazioa: hasierako izapide honen bitartez egiaztatzen da indarrean dagoen araudiaren arabera babes ofizialeko etxebizitzei eskatutako ezaugarri horiek betetzen dituen ala ez, eta interesatuek kalifikazioaren eskabidea aurkeztu ondoren emango da.

    2. Behin betiko kalifikazioa: haren bitartez, higiezin batek babes ofizialeko etxebizitzei eskatutako ezaugarriak betetzen dituen ala ez adierazten da, eta ebazpen bidez emango da eraikuntza eta urbanizazio-obrak amaitu ondoren.

  3. – Eraikuntza-obrak ezin izango dira hasi etxebizitzen behin-behineko kalifikazioa lortu arte.

  4. – Babes ofizialeko etxebizitzen sustatzaileak behartuta egongo dira beren erosle edo errentariei etxebizitzen giltzak ematera gehienez ere hiru hilabeteko epean behin betiko kalifikazioa eman denetik.

    Salbuespen gisa, epe hau luzatu ahal izango da eskatzailerik ez dagoela egiaztatzen bada, edo beste edozein arrazoi egiaztaturengatik.

  1. – Babes ofizialeko etxebizitzen behin-behineko kalifikazioa haien sustatzaileak eskatu beharko du eraikin osoak hartzen dituzten eta indarrean dauden erregimenetako bakar bati lotzen zaizkion eraikuntzen kasuan. Kalifikazioa erregistro-finka osoak hartzen dituzten sustapenetarako eskatuko dira, eta halakotzat joko dira, gutxienik, kanpotiko sarbidea atari osoen bidez duten bizitegi-erabilerako eraikin-unitateak.

    Salbuespen gisa, higiezin-multzoen kasuan, etxebizitzekin lotutako eranskinak erregistro-finka desberdin batean sartu ahal izango dira, baldin eta bermatzen bada fisikoki integratuta daudela unitate jarraitu batean, eta, ahal dela, etxebizitzen eraikinaren bertikalean; horrez gain, onargarria da eranskin horiek kalifikatu beharreko eraikinaren gune komun mugakideen azpian egotea; azkenik, eraikuntzan beste aukerarik ez dagoenean soil-soilik, elementu hauetako bat eraikin mugakideen sestraren azpian kokatu ahal izango da.

    Ez da onartuko erregistro-finka bereko erregimen desberdinetako sustapen bateraturik, honakoak izan ezik: mankomunatutako aparkalekuen eremuak eta erregistro-finka berean sartutako gizarte-ekipamenduak.

  2. – Norberaren erabilerarako babes ofizialeko etxebizitzen sustapenaren edo autosustapenaren kasuan, aipatutako etxebizitzen kalifikazioa ukatu egingo da, baldin eta eskatzaileak ez baditu betetzen Dekretu honetako 16. artikuluan eskatzen diren baldintzak babes ofizialeko etxebizitzak lortzeko.

  3. – Etxebizitzen eta Ondasun Erkidegoen Sozietate Kooperatiboek autosustapena egiten duten kasuetan, banaka-banaka egiaztatuko da bazkide edo erkide bakoitzak betetzen ote dituen artikulu horretan eskatutako betebeharrak, dagokion etxebizitzaren esleipen-kontratuari oniritzia emateko unean.

  4. – Babes ofizialeko etxebizitzak kalifikatzeko eskaera aurkeztu eta hilabeteko epean ez bada berariazko erabakirik eman, behin-behineko kalifikazioa onartu dela ulertuko da, hala kalifikazioa behin-behinekoa denean nola behin betikoa denean.

  5. – Artikulu honetan ezarritakoa aplikagarria izango da orobat birkokatze-etxebizitzetan, eta ez du eraginik izango haien araudian sor daitezkeen berezitasunetan.

  6. – Eraikuntza berriko etxebizitzen sustapen osoen kalifikazioa hizpide duten aurreko zenbakietan araututako prozeduraren salbuespen gisa, babes ofizialeko etxebizitzatzat jo ahal izango dira etxebizitza solteak edo sustapen kalifikatu baten barnean ez daudenak, eta, kasu horretan, dagokion lege-erregimenaren menpe egongo dira.

    Kalifikazio indibidual hau emango da etxebizitzaren titularrak hala eskatzen duenean, eta honako kasu hauek har ditzake:

    1. Dagoeneko eraikitako etxebizitzak, baldin eta administrazioaren esku utzi behar badira haien titularrari babes ofizialeko beste etxebizitza esleitu zaiolako.

    2. Moldaketa berriko etxebizitzak, lokalak etxebizitza gisa moldatzeko edo etxebizitza bat bitan edo gehiagotan banatzeko obren ondorioz.

    3. Eraikuntza berriko etxebizitzak, kalifikazio hori beharrezkoa denean lurzoruari eta hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen 80. artikuluak ezarritako babes publikoko erregimenen baten menpeko estandarrak eta gutxieneko zenbatekoak betetzeko.

      Azken bi kasuotan, kalifikazioa eman aurretik, egiaztatuko da eragindako etxebizitzek babes publikoko etxebizitzen araudi teknikoak ezarritako gehienezko azalerak betetzen dituztela.

  1. – Behin-behineko kalifikazioan nahiz behin betikoan ondorengo alderdiak adierazi beharko dira:

    1. Kalifikatuko diren jardunen finantziazio-erregimena zehazten duten arauak.

    2. Sustatzailearen identifikazioa (izena edo sozietatearen izena, zerga-identifikazioa eta helbidea.

    3. Etxebizitza-mota, Dekretu honetan ezarritako sailkapenaren arabera.

    4. Sustapeneko etxebizitzen kopurua eta azalera erabilgarria, eta, halakorik balitz, garaje edo trastelekuena. Azken hauek etxebizitzarekin lotutakoak izango dira baldin eta haien kopurua etxebizitzena baino txikiagoa edo berdina bada, birkokatze-operazioetan izan ezik.

    5. Etxebizitzak eskuratzeko eta hasierako erabilerako erregimena.

    6. Gehienezko salmenta-prezioa.

    7. Babes-erregimenaren kalifikazio iraunkorra.

    8. Mailegu kualifikatuaren eta kasu bakoitzari dagozkion zuzeneko diru-laguntzen zenbatekoa.

    9. Mailegu kualifikatuak Dekretu honetan eta bera garatzen duen araudian ezarritako mugek baldintzatuta egongo dela, maileguak lortzeari eta horien baldintzei dagokienez.

    10. Esleipen-bidea.

  2. – Etxebizitzetara zuzendutako higiezinetako negozio-lokalek babestutako sustapenaren parte izango dira, eta beren azalera erabilgarria ez da izango azalera erabilgarri osoaren % 30 baino gehiago. Lokal hauek solairu osoetan kokatuko dira, eta ez etxebizitzetara zuzendutakoetan; gainera, ezin izango dira inolaz ere bizitegitarako erabili, non eta babes publikoaren menpe ez dauden eta higiezinaren kalifikazioaren aldaketaren bidez espresuki baimentzen ez den.

  1. – Dekretu honetan aurreikusitakoaren arabera, behin betiko kalifikazioa erdiesten duten etxebizitza eta lokalek betiko edukiko dute kalifikazio hori, eta, beraz, baita babes ofizialeko izaera.

  2. – Babes ofizialeko etxebizitzak ezin izango dira gerora deskalifikatu, beste bizileku bat emateko erabiltzen diren etxebizitzak izan ezik; izan ere, horiek deskalifikatu ahal izango dira, etxebizitza eskuratu duten pertsonek edo beren kausadunek hala eskaturik, behin betiko kalifikazioa eman zitzaien egunetik 20 urte igaro ondoren.

  3. – Behin betiko kalifikazioa lortu duten babes ofizialeko etxebizitzen kalifikazio-epea luzatu ahal izango da Lurralde Ordezkariaren Ebazpen bidez, haren titularrak hala eskatuta.

  4. – Kalifikazioan agertzen diren etxebizitzen lagapen-erregimena ezin izango da aldatu, kalifikazio hori emateko organo eskudunak espresuki baimendu ezean. Lagapen-erregimena alokairua denean, gutxienez, 10 urtean mantendu beharko da, sustapen horretarako eskaerarik ez dagoela behar bezala egiaztatu ezean.

  5. – Kalifikazioa aldatu ahal izango da, eta, ondorioz, erregimen bereziko, erregimen orokorreko eta erregimen tasatuko babes ofizialeko etxebizitzen erregimen juridiko espezifikoarekiko lotura, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren Aginduaren bidez. Horren ondoren, esleitu zaien erregimen juridikoko babes ofizialeko etxebizitzatzat joko dira ondorio guztietarako. Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak partikularrekin egindako trukeen bitartez lortutako etxebizitzak babes ofizialeko etxebizitzatzat joko dira Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren Agindu bidez.

  1. – Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren Agindu bidez, babes ofizialeko etxebizitzak esleitzeko prozedura guztiak arautuko dira.

  2. – Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren Agindu bidez, esleitzeko prozeduretatik kanpo utzi ahal izango dira etxebizitza-premia espezifikoa asebetetzera zuzendutako babes ofizialeko etxebizitzak.

  3. – Era berean, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren Agindu bidez, etxebizitza esleitzeko prozeduratik salbuetsi ahal izango dira terrorismoaren biktimak, genero-indarkeriaren biktimak eta degradatutako eremuetako biztanleak –halakotzat hartuko dira berariazko araudian jasotakoak–, baita premia bereziko egoeran dauden beste kolektibo batzuetakoak ere, baldin eta kolektibo horiek sektorean indarrean dagoen araudiak definitu baditu, haien premiak etxebizitzarekin zerikusirik badu, eta betiere kolektibo horien eskubideak babesteko erakunde eskudunak hala egiaztatzen badu.

    Halaber, esleitzeko prozeduratik salbuetsi ahal izango dira Administrazio Publikoak, Hirigintza Birgaitzeko Elkarteak eta irabazi-asmorik gabeko Entitate Pribatuak, zuzeneko esleipenen kasuan.

Etxebide – Babestutako Etxebizitzak Esleitzeko Zerbitzu Publikoak aztertu eta kudeatuko du Euskal Autonomia Erkidegoan dauden babestutako etxebizitzen eskatzaileen zerrenda, eta era berean etxebizitzak esleituko ditu, aurreikusitako aukeraketa-prozeduren bitartez.

  1. – Pertsona fisikoek babes ofizialeko etxebizitzak eskuratu ahal izateko, beharrezkoa izango da dagokion pertsona fisikoak edo bizikidetza-unitateak aldez aurretik jarraian zehaztuko diren baldintzak egiaztatzea. Nolanahi ere, baldintza horiek gutxieneko izaera dute, eta garatu edo zabaldu ahal izango dira Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren Agindu bidez, dagozkion dokumentuak izapidetuta.

  2. – Pertsona juridikoen babes ofizialeko etxebizitzak jabetzan eskuratzea bi egoeratan bakarrik egin ahal izango da: etxebizitzak alokatzeko badira, edo Administrazio eskudunekin itundutako gizarte-programak egiten dituen irabazi-asmorik gabeko elkarteen kasuan.

  1. – Matrimonio bidez elkartuta edo Elkarketa Zibilen Erregistroan inskribatuta dauden pertsonek babes ofizialeko etxebizitza eskuratzekotan, titulartasunak partekatua izan beharko du. Etxebizitza erostekotan, bion partaidetza-ehunekoa berbera izango da, non eta matrimonioaren edo izatezko bikotearen erregimen ekonomikoa ondasunen banaketa-erregimena ez den. Kasu horretan, kide bakoitzak etxebizitzaren titulartasunean duen partaidetza-ehunekoa desberdina izan daiteke.

  2. – Babes publikoko etxebizitza bat erosten duen bizikidetza-unitateko adin nagusiko gainerako kide guztiek haren titularrak izan beharko dute, partaidetza berberarekin, odol bidezko zuzeneko ahaideak direnean izan ezik.

  3. – Pertsona ezinduentzat egokitutako etxebizitzak soilikeskuratu ahal izango dituzte mugikortasun urri iraunkorra duten pertsona ezinduek edo mugikortasun urri iraunkorra duen pertsona ezinduren bat beren kontura guraso-ahal edo tutoretzaren bidez duten pertsonek, betiere jabetza esklusiboan edo titularkidetasunean, edo bestela alokairuan, norberaren izenean edo partekatuta.

  4. – Esleipenaren ondoren bikote izateari utzi dioten izatezko bikoteen kasuan, etxebizitza bi kideetako zeini esleitu behar zaion erabakitze aldera, honako arau hauek ezarriko dira, familiaren egoitzaren erabileraren etorkizunaren inguruko epai irmorik ez dagoen kasuetan aplikatzeko:

    1. Bikoteko bi kideetako bakoitzak banaka betetzen baditu esleipen zehatzerako eskatutako baldintzak, bion artean erabakitako kideari esleituko zaio, eta adostasunik egon ezean, esleipenak ez du ondoriorik izango. Adostasunik ez dagoela pentsatuko da, baldin eta akreditaziorako emandako epea beteta, Administrazioari adostasuna dagoela jakinarazi ez zaionean.

    2. Banandutako bikoteko pertsona batek bakarrik betetzen baditu eskatutako baldintzak, etxebizitza behin betiko esleituko zaio baldintzak betetzen dituen pertsonari.

  5. – Esleipenaren ondoren banandu edo dibortziatu diren senar-emazteen kasuan, epai finkorik baldin bada, hark ezarritakoa bete egingo da.

  1. – Babestutako etxebizitza-tipologia bakoitza eskuratzeko eskatutako baldintza espezifikoak gorabehera, babes ofizialeko edozein etxebizitza eskuratzeko ezinbesteko eta oinarrizko baldintzak izango dira:

    1. adin nagusikoa edo emantzipatua izatea.

    2. Etxebizitza-premia izatea, horretarako ezarritako arauen arabera.

    3. Euskadin erroldatuta egotea, gutxienez etxebizitzak izango duten titularretako bat.

    4. Arauek ezarritako gutxieneko eta gehienezko diru-sarrerak betetzea.

  2. – Babes ofizialeko etxebizitzen titularren arteko trukeen kasuan, ez da eskatuko artikulu honetan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzea.

  3. – Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren Agindu bidez, baldintza hauetako edozein betetzeaz salbuetsi ahal izango dira premia-egoera berezian dauden kolektiboetako kideak, baldin eta premia horrek etxebizitzarekin zerikusirik badu eta kolektibo horien eskubideak babesten dituen erakunde eskudunak egiaztatzen badu.

  4. – Kontratua jardun publiko batean sorburu duen etxebizitza baten errentariari babes ofizialeko beste etxebizitza bat esleitzen zaionean –salmentan zein errentan–, kontratua izenpetu aurretik egiaztatu beharko du errentan okupatzen ari zen etxebizitzan zor zituen diru-kopuru guztiak guztiz kitatu dituela.

  1. – Babes ofizialeko etxebizitza bat azalera-eskubidean eskuratu ahal izateko, bizikidetza-unitateko ezein kidek ezin izango du izan inolako etxebizitzarik jabetzan, jabetza soilean, azalera-eskubidean edo usufruktuan, artikulu honen 3. paragrafoan kasu bakoitzerako ezarritako data bakoitza baino bi urte lehenago.

  2. – Babes ofizialeko etxebizitza bat alokairuan eskuratu ahal izateko, bizikidetza-unitateko ezein kidek ezin izango du inolako etxebizitzarik izan jabetzan, azalera-eskubidean edo usufruktuan, artikulu honen 3. paragrafoan kasu bakoitzerako ezarritako data bakoitza baino bi urte lehenago.

  3. – Etxebizitza-premiaren baldintza betetzen dela egiaztatzeko datak honakoak izango dira:

    1. Dekretu honetako 12. artikuluak aipatzen dituen onuradunen esleipen-prozedurari hasiera ematen dion Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren Agindua argitaratzen den eguna.

    2. Behin-behineko kalifikazioaren eguna, babes ofizialeko etxebizitzaren lehen eskualdatzearen edo alokairuko lagapenaren kasuan.

    3. Salerosketa-kontratuari oniritzia emateko aurkezten den eguna, babes ofizialeko etxebizitzen bigarren edo ondorengoen eskualdatzeetan, edo alokairuko kontratuan, ondorengo alokairuetarako.

  4. – Egoera horretan jarraitu beharko da salerosketa hori eskritura publikoan jaso arte edo alokairu-kontratua gauzatu arte.

  5. – Aurreko paragrafoetan ezarritakoa gorabehera, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren Agindu bidez, etxebizitza-premiaren baldintzarako salbuespenak ezarri eta garatu ahal izango dira.

  1. – Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egotea eskatuko da babes ofizialeko edozein etxebizitzaren onuradun izateko.

  2. – Lehen eskualdatzeko babes ofizialeko etxebizitzak eskuratu behar direnean, bizikidetza-unitatea osatzen duen titularretako bat gutxienez egongo da erroldatuta, kasuan kasuko araudiak ezarritako gutxieneko antzinatasunarekin.

  3. – Lehen eta bigarren eskualdatzeen kasuan, antzinatasuna gorabehera, ezinbesteko baldintza izango da Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egotea.

  4. – Kasu guztietan, erroldatuta egoteaz gain, ezinbesteko baldintza izango da bertan benetan bizi izatea. Hala, kontrako frogarik ezean, erroldako etxebizitza joko da egiazko bizilekutzat. Ondorio hauetarako, egiazko bizilekutzat joko da Dekretu honen 2.2 artikuluan ezartzen den ohiko bizilekuaren kontzeptua.

  1. – Egiaztatu beharko da urteko diru-sarrera haztatuak gutxieneko eta gehienezko kopuru hauen artean egongo direla:

    1. erregimen bereziko babes ofizialeko etxebizitzen eta zuzkidura-bizilekuen alokairurako: 3.000 eta 21.000 euro artean.

    2. erregimen bereziko babes ofizialeko etxebizitzen erosketarako: 9.000 eta 21.000 euro artean.

    3. erregimen orokorreko babes ofizialeko etxebizitzen alokairurako: 3.000 eta 33.000 euro artean.

    4. erregimen orokorreko babes ofizialeko etxebizitzen erosketarako: 9.000 eta 33.000 euro artean.

    5. etxebizitza tasatu autonomikoen erosketa eta alokairurako: 12.000 eta 43.000 euro artean.

      Mugikortasun urriko ezinduen kasuan –etxebizitza-premiaren baldintzak arautzen dituen Aginduak hala definituta– edo ezindu psikikoen kasuan –ezintasun-maila aitortu, deklaratu eta kalifikatzeko prozedurari buruzko abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren 1.A eranskineko 15. eta 16. kapituluetan ezarritakoaren arabera– ez da eskatuko gutxieneko diru-sarrerarik egiaztatzea, eta jabetza osoko edo azalera-eskubideko erregimenean eskuratzeko, berriz, aski izango da 3.000 euroko gutxieneko diru-sarrerak egiaztatzea.

      Halaber, ez zaie gutxieneko diru-sarrerarik izatea eskatuko genero-indarkeriaren biktima izatea egiaztatzen duten emakumeei, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzat etxebizitzaren arloko ekintza positiboko 2006ko urriaren 4ko Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren Aginduan eskatutakoaren arabera.

  2. – Aurreikusitako diru-sarreren mugak eguneratu ahal izango dira Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren Aginduz.

  1. – Gutxieneko eta/edo gehienezko diru-sarreren baldintza betetzat jotzeko diru-sarreren % 90 lan-etekinetatik eta/edo jarduera ekonomiko, profesional eta artistikoetatik etorritako diru-sarrera izatea eskatuko da.

    Alokairuko erregimeneko etxebizitza babestu bat eskuratzen duten pentsiodunei ez zaie baldintza hau betetzea eskatuko.

  2. – Herri Administrazioen gizarteratze-politiketatik etorritako errenten kasuan, alokairuetan soilik zenbatuko dira.

  1. – Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpena Euskal Autonomia Erkidegoan egin behar duten pertsonentzat, eta, egin behar izan gabe ere, egin dutenentzat, honakoak hartuko dira kontuan: dagokion Zergaren gaineko aitorpenaren zerga-oinarria, aurrezki-oinarria eta oinarri orokorra, lan-etekinei aplikatutako hobariak, eta, hala badagokio, egon litezkeen zergarik gabeko errentak, hurrengo paragrafoan ezarritakoaren arabera.

  2. – Euskal Autonomia Erkidegoan errentaren gaineko zergaren aitorpena aurkeztu behar ez duten pertsonen kasuan, honako diru-sarrerak hartuko dira kontuan:

    1. . Lan-etekinei eta langabezia-prestazioei dagokienez, kontzeptu guztietan egiaztatutako diru-sarrera gordinen % 95.

    2. Pentsioei eta langabezia-sorospenei eta halaber zergarik gabeko dietei dagokienez, kontzeptu guztietan egiaztatutako diru-sarrera gordinen % 100.

  3. – Banandutako, dibortziatutako eta alargundutako pertsonen diru-sarrerak zehazteko orduan, edota izatezko bikoteetako kideenak, haietako bat hil edo bikotea desegin bada, egiaztatu beharreko diru-sarrerak matrimonioa edo izatezko bikotea indarrean zegoen aldi bati dagozkionean, honako irizpide hauek jarraituko dira:

    1. Erregimen ekonomikoa ondasun-banaketakoa baldin bada, eskatzailearengandik datozen diru-sarrerak bakarrik hartuko dira kontuan.

    2. Gainerakoetan, senar-emazteen edo izatezko bikotearen diru-sarreren % 50 bakarrik hartuko da kontuan.

  4. – Era berean, pentsio osagarriak diru-sarrera gisa hartuko dira kontuan hura ordaindu behar duen ezkontide ohiaren diru-sarreren minorazio gisa jasotzen duen ezkontide ohiaren diru-sarrera gisa, baldin eta pentsio osagarria ordaindu behar duen ezkontide ohiak agirien bidez egiaztatzen badu benetan ordaindu duela.

  5. – Euskal Autonomia Erkidegoan errentaren gaineko zergaren aitorpena aurkeztu behar ez duten pertsonen kasuan, lan-etekinei dagozkien diru-sarrerak egiaztatzeko, PFEZren atxikipenen ziurtagiri ofizialak soilik hartuko dira kontuan.

  1. – Bizikidetza-unitatea osatuko duten eta babes ofizialeko etxebizitzaren titularkide izango diren pertsona guztiak hartuko dira kontuan diru-sarrera zenbakarrien jasotzaile gisa. "Babes Publikoko Etxebizitzen Alokairuko Programa"ren kasuan, alokatutako etxebizitzan bizi diren pertsona guztien diru-sarrerak hartuko dira kontuan, eta horiek guztiek errentari gisa agertu beharko dute dagokion kontratuan.

  2. – Kontuan hartu beharreko epealdia.

    Aurreko azken zergaldia, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpena egiteko epea amaitu ondoren. Honakoak hartuko dira hasierako data gisa:

    1. Esleipen-prozedurari hasiera emateko Aginduaren argitalpen-data, lehen eskualdatzeetarako, esleipeneko prozedurari buruzko Aginduaren I. Kapituluko II. Tituluan edo hura ordezkatzen duen araudian aurreikusitako etxebizitzak eta eranskinak erosketako edo alokairuko erregimeneko babes publikoko etxebizitzen esleipenerako prozeduren bidez esleitzen direnean. Udalen esleipenetako prozeduren kasuan, zozketaren Oinarri arautzaileen onarpenak hasiera emateko Aginduak duen balio bera izango du.

    2. Alokairuko babes ofizialeko etxebizitzak esleitzen direnean, erregimen orokorreko babes ofizialeko etxebizitza lortzeko gehienezko diru-sarreren baldintza betetzen dela egiaztatu beharko da alokairu-kontratu pribatua sinatzen den egunean, edo alokairu-kontratua Administrazioarekin formalizatzen den egunean. Eta diru-sarrera horiek hartuko dira kontuan hasierako gehienezko errenta finkatzeko.

    3. Behin-behineko kalifikazioaren data, babes ofizialeko etxebizitzen salmentako edo azalera-eskubideko lehen lagapenerako, salbu eta urtebete igaro bada behin betiko kalifikaziotik; kasu horretan, babes ofizialeko etxebizitzen salmentako edo azalera-eskubideko lehen lagapeneko kontratuak oniritzia emateko aurkeztu diren eguna hartuko da kontuan.

    4. Alokairuko kontratuak oniritzia emateko aurkezteko eguna, salbu eta errentaria Euskal Autonomia Erkidegoa denean; kasu horretan, erreferentzia-data babes ofizialeko etxebizitzaren alokairuko kontratuaren formalizazio-eguna izango da. Interesdunak hala eskatuta, azken 3 zerga-ekitaldien batez bestekoa hartuko da kontuan.

    5. Babes publikoko etxebizitzen salerosketa-kontratuak oniritzia emateko aurkeztu diren eguna, babes ofizialeko etxebizitzen bigarren edo ondorengo eskualdatzeetan. Interesdunak hala eskatuta, azken 3 zerga-ekitaldien batez bestekoa hartuko da kontuan.

  1. – Diru-sarreren haztapena honako irizpide hauen arabera egingo da:

    1. Haztatu beharreko elementuak:

      • Diru-sarrerak, Dekretuaren 21. artikuluan ezarritakoaren arabera.

      • Etxebizitzan biziko den bizikidetza-unitateko kideen kopurua.

      • Diru-sarreren % 20 gutxienez irabazten duten bizikidetza-unitateko kideen kopurua.

    2. Aurreko zenbakian aipatutako diru-sarreren haztapena honako formula honen arabera egingo da:

      DH = DK x N x A, honako hauek izanik:

      DH: diru-sarrera haztatuen zenbatekoa.

      DK: Diru-sarrera konputagarriak, Dekretu honen 21. artikuluan ezarritakoaren arabera.

      N: haztapen-koefizientea, bizikidetza-unitateko kide-kopuruaren arabera.

      A: Haztapen-koefizientea, diru-sarreren % 20 gutxienez irabazten duten bizikidetza-unitateko kideen kopuruaren arabera.

    3. N eta A haztapen-koefizienteak, urteko diru-sarrera haztatuak zehazteko aplikatu beharrekoak, honako hauek izango dira:

      N

      1 kide: 1,00

      2 kide: 0,95

      3 kide: 0,90

      4 kide: 0,85

      5 kide: 0,75

      6 kide: 0,65

      7 kide: 0,55

      7tik gora: 0,50

      A

      1 Hartzaile: 1,00

      2 hartzaile: 0,90

      3 hartzaile edo gehiago: 0,85

  2. – Diru-sarreren haztapenak ez du ekarriko, inola ere, aipatutako haztapen horren ondorioz Dekretu honen 19. artikuluan aurreikusitako gutxieneko diru-sarreretara iristen ez diren hartzaileak baztertzea.

  1. – Bai sustapen publikoetan eta bai pribatuetan ere jabetzan edo azalera-eskubidean esleitu diren babes ofizialeko etxebizitzak ezin izango dira ez alokairuan ez eta prekarioan eman, dagokion Lurralde Ordezkariak horretarako berariazko baimena ematen duenean izan ezik.

  2. – Dagokion Lurralde Ordezkariak baimendu edo ukatu ahal izango du, behar bezala arrazoituta, alokairuan edo prekarioan emateko egindako eskaera. Soilik baimenduko da titularrak etxebizitzan bizitzea ezinezkoa egiten duten behin-behineko arrazoiak agiriz egiaztatzen dituenean.

  3. – Hauek izango dira etxebizitza ez erabiltzeko behin-behineko arrazoiak:

    1. Behin-behineko lan-arrazoiak (gutxienez urtebete, eta gehienez 5 urte).

    2. Behin-behineko osasun-arrazoiak (gutxienez urtebete, eta gehienez 5 urte).

    3. Senide batekiko mendekotasuna (gutxienez urtebete, eta gehienez 5 urte).

    4. Deskribatutako horien antzeko beste edozein arrazoi, betiere denbora-muga berdinekin.

  4. – Ez da baimenik emango babestutako etxebizitzaren titularra, haren ezkontidea edo afektibotasun-harreman bertsuarekin harekin bizi den pertsona beste etxebizitza baten jabe bada.

  5. – Baimendutako alokairu-kontratuen gehienezko iraupena ez da bost urtetik gorakoa izango.

    Alokairurako hitzartutako iraupena bost urtetik beherakoa denean, espresuki jasoko da kontratuan ez dela egokia izango nahitaezko luzapena, errentatzaileak bost urte bete baino lehen okupatu behar duelako etxebizitza bertan bizitzeko.

  6. – Etxebizitza alokairuan esleitu bada, erabilera ezin izango da ezein tituluren bidez laga.

  7. – Dagokion eskabidea aurkezten denetik hiru hileko epea igaroz gero inorenganatzeko berariazko baimena jaso gabe, baimendutzat joko da.

  8. – Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren sustapen publikoko babes ofizialeko etxebizitzak bigarren eskualdatzean besterentzeko, ezinbestekoa izango da ordainduta izatea eskualdatutako etxebizitzari dagozkion Administrazioaren aldeko zenbateko guztiak. Nolanahi ere, hirugarren bat subrogatu ahal izango da eskualdatze bidez zordunaren lekuan, nahiz prezioa erabat ordainduta ez egon, betiere Ordezkariaren aldez aurreko baimena baldin badu, eta hala ez baldin bada, zorraren epea aurretiaz eta automatikoki beteko da.

    Dagokion eskabidea aurkezten denetik hiru hileko epea igaroz gero inorenganatzeko berariazko baimena jaso gabe, baimendutzat joko da.

  9. – Dagokion Lurralde Ordezkariak baimendu edo ukatu ahal izango du babes ofizialeko etxebizitzen gehienezko prezioak arautzen dituen Aginduan ezarritako gehienezko prezioan babestutako etxebizitzarekin lotutako aparkalekuen alokairua.

  1. – Babes ofizialeko etxebizitzen eta horien eranskinen jabetza inter vivos eskualdatzeko –lehen eskualdatzean zein bigarren edo ondorengo eskualdatzean–, edo, hipoteka eskubidea izan ezik, horien gaineko azalera-eskubide bat edo beste edozein eskubide erreal eskualdatzeko edo eratzeko edozein eskritura publiko egin baino lehen, dagokion agiri pribatua aurkeztu beharko da Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren Lurralde Ordezkaritzetan, bertan oniritzia eman diezaioten. Agiri hori aurkezteko betebeharra hipoteka-eskubide erreala izan ezik, azalera-eskubidea edo beste edozein eskubide erreal eratzen duen jabeari edo etxebizitzak eskualdatzen dituenari dagokio.

    Gauza bera egin beharko da gauza komunaren gaineko ondasun-erkidegoa iraungitzen edo deuseztatzen denean eta irabazpidezko sozietatean edo foru-komunikazioaren erregimenean ekarpenak egiten direnean.

    Betebehar hori etxebizitzei lotutakoak ez diren baina eraikin, eraikuntza-unitate edo sustapen bereko babes ofizialeko etxebizitzak eskuratzen dituztenei besterentzen edo alokatzen zaizkien garaje eta trastelekuetara ere hedatuko da.

  2. – Halaber oniritzia emateko aurkeztuko dira etxebizitzen eta horiei lotutako eranskinen alokairu-kontratuak. Betebehar hori etxebizitzaren errentatzaileari dagokio eta berdin eskatuko zaie Herri Administrazioei errentatzaile direnean.

  3. – 1. eta 2. paragrafoetan aipatzen diren agiriekin batera, etxebizitzaren eskuratzaileak edo errentariak era honetako etxebizitzak eskuratzeko eskatutako baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu, eta orobat III. eranskinaren ereduarekin bat etorriko den baimen idatzi bat, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak baldintza horiek ikuskatzeko beharrezkoa den informazioa erakunde-eskudunen eskutik biltzeko.

    Alabaina, ez dira agiri horiek aurkeztu beharko babes ofizialeko bi etxebizitza trukatzen direnean.

  4. – Etxebizitza horiek eskuratzeko eskatzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatzen ez bada, Lurralde Ordezkaritzak oniritzirik ez ematea erabakiko du.

  5. – Babes ofizialeko etxebizitzen eta horien eranskinen jabetza inter vivos eskualdatzeko, edo horien gaineko eskubide errealak (hipotekaren eskubidea izan ezik) eskualdatzeko edo eratzeko edozein agiri eskritura publikoan jasotzeko, Notarioek halabeharrez egiaztatu beharko dute eragiketa horiek dagokien oniritzia erdietsi dutela. Oniritzirik gabe, eskualdatzeak ezin izango dira eskritura publikoan jaso, ezta Jabetzaren Erregistroan inskribatu ere.

    Halaber, aurretik oniritzia ematea beharrezkoa ez denean, Notarioek Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailari jakinarazi beharko diote babes ofizialeko etxebizitzen titulartasunean izan daitezkeen aldaketa hauek:

    1. Jabetza, azalera-eskubidea edo beste edozein eskubide erreal mortis causa eskualdatzea.

    2. Ezkontideetako baten aldeko esleipena banantze edo dibortzioaren epai irmoaren bidez.

  6. – Artikulu honetan xedatutakoa babes ofizialeko etxebizitza guztietan aplikatuko da, babes ofizialeko etxebizitzen eskualdatzeetan EAEko Administrazioak duen erosteko lehentasun-eskubideari buruzko apirilaren 15eko 7/1988 Legea gorabehera.

  7. – Salerosketa-kontratuetan edo babes ofizialeko etxebizitzak lehen eskualdatzean esleitzen dituzten agirietan, edo alokairu-kontratuetan lehen esleipenean, etxebizitzen eraikin, eraikuntza-unitate edo sustapen berean kokatutako garaje edo trastelekuak ez badaude horiei atxikirik proiektuan etaerregistro mailan, indarrean dagoen araudian ezarritakoez gain, beste baldintza bat jarriko da nahitaez, eta bertan berariaz jasoko da arestian aipatutako garaje edo trasteleku horietako bat erosteko edo alokatzeko aukera izango duela eskuratzaileak. Hori, nolanahi ere, etxebizitzaren salerosketa- edo esleipen-kontratuari, edo alokairu-kontratuari oniritzia eman baino lehen egin beharko da.

    Eraikin, eraikuntza-unitate edo sustapenean etxebizitzak garajeak edo trastelekuak baino ugariagoak direnean, horiek erosteko edo alokatzeko eskaintza egin beharko zaie etxebizitzen erosleei, betiere eskuratu gabeko garajeak eta etxebizitzak dauden artean.

  8. – Aurreko zenbakian adierazitako ondorioetarako, etxebizitzaren salerosketa- eta esleipen-kontratuei, edo alokairu-kontratuari oniritzia emateko, ezinbestekoa izango da horiekin batera aurkeztea garajearen edo trastelekuaren salerosketa- edo esleipen-kontratua eta, hala badagokio, horiei berariaz uko egin izana.

  9. – Oniritzia ematen den ala ez erabakitzeko eta jakinarazteko epea 4 hilabetekoa izango da, oniritziaren eskaera izapidetua izan dadin dagokion organo eskudunaren erregistroan sartu den egunetik kontatzen hasita. Aipatutako epe horretan berariazko ebazpenik ez emateak onespena eman zaiola esan nahiko du.

  10. – Babes ofizialeko etxebizitzen salerosketa-kontratu guztiek Dekretu honen eranskinetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Aipatutako eranskinetan xedatutakoa betetzen ez bada, aipatutako kontratuek ez dute oniritzirik jasoko. Era berean, Notarioek ez dute adierazitako konpromisoak eta egoerak jasotzen ez dituen ezein agiri publikorik baimenduko.

  11. – Babes ofizialeko etxebizitza bateko titularra etxebizitza libre bateko titular batekin ezkondu edo izatezko bikotea osatuz gero, babes ofizialeko etxebizitza ematen den agiriak ez du oniritzirik jasoko.

  1. – Konturako zenbateko gisa eta uztailaren 24ko 2114/1968 Dekretuak onartutako Babes Ofizialeko Etxebizitzen Araudiaren 114. artikuluak ezarritako baldintzak bete ondoren, babes ofizialeko etxebizitzen sustatzaileek horiek eskuratzen dituztenei eskatu ahal izango dizkiete etxebizitzaren prezioaren % 20 arteko eta eranskinen prezioaren % 40 arteko zenbatekoak. Sustatzaileak aseguru-kontratua edo banku-abala aurkeztu beharko du, kontura jasotako zenbateko horien berme gisa. Alabaina, ez da halakorik aurkeztu beharko Eusko Jaurlaritzak partaidetzak dituen sozietateen artean etxebizitzak salerosten direnean, betiere baldintza hauek betetzen badira:

    1. Babes ofizialeko etxebizitzen salerosketak Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak etxebizitzaren politika publikoaren inguruan finkatutako helburuak betetzen baditu.

    2. Babes ofizialeko etxebizitzak eskualdatzen dituen erakunde sustatzailean Eusko Jaurlaritzak partaidetzak baditu, eta kapital sozialaren kuotak gehiengoa bermatzen badio erakundearen kide anitzeko organo erabakitzaileetan.

  1. – Edozein unetan, babes ofizialeko etxebizitzaren titularrak haren salmenta eskaini diezaioke Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailari, bai Euskal Autonomia Erkidegoak bai haren menpeko Erakunde Administrazioaren beste edozein Entitatek erosteko.

  2. – Salmenta-eskaintza dagokion Lurralde Ordezkaritzan aurkeztu beharko du. Eskaintza hau Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren Agindu bidez edo Lurralde Ordezkariaren ebazpen bidez onartu ahal izango da, non eroslearen izena adieraziko den. Hori guztia, finkatuko diren arauekin bat etorriz.

  3. – Salmenta-eskaintza ez da onartuko ondorengo kasuetan:

    1. Dagokion Lurralde Ordezkaritzako teknikariaren txosten teknikoaren arabera etxebizitzaren egoera eskasa denean.

    2. Dagokion udalerriaren etxebizitzen eskaintza-eskariak hala aholkatzen duenean.

  4. – Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuak artikulu honetan ezarritakoa garatzeko eta aplikatzeko beharrezkoak diren arauak finka ditzake.

  5. – Artikulu honetan xedatutakoa gorabehera, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen zortzigarren xedapen gehigarrian aipatzen den lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko eskubidea gauzatu ahal izango da.

  1. – Herri Administrazioek azalera-eskubideak eratu ahal izango dituzte haienak diren lurren gainean, babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko. Eskubidea, nolanahi ere, azalera-eskubidedunarena izango da.

  2. – Azalera-eskubidea eskualdatu ahal izango da eta karga ezarri ahal izango zaio eratzerakoan finkatutako mugen arabera, eta artikulu honetako xedapenek, eskubidea eratzeko tituluak eta, subsidiarioki, Zuzenbide pribatuko arauek arautuko dute. Hori guztia, Lurzoru eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen 116.1. eta 130. artikuluetan ezarritakoa salbu.

  3. – Azalera-eskubidea eskritura publiko bidez eratu beharko da, eta, eraginkorra izateko, jabetza Erregistroan inskribatu beharko da.

  4. – Azalera-eskubidea iraungi egingo da eratze-akordioan aurreikusitako epean eraikitzen ez bada.

  5. – Azalera-eskubidearen epeak ez du 75 urteko epea edo estatuko oinarrizko araudiak legez ezarritako gehienezko epea gaindituko.

  6. – Epea bukatuta azalera-eskubidea iraungitzen denean, Administrazioak, lurzoruaren jabea den aldetik, bereganatuko du eraikitakoaren jabetza, eta ez du horregatik kalte-ordainik ordaindu behar izango, eskubide hura eratzeko titulua edozein dela ere.

  7. – Administrazioek eta gainerako erakunde publikoek emandako azalera-eskubideak babes ofizialeko etxebizitza publikoen araudiaren onurak izango ditu, betiere araudi horretako baldintzak betetzen badira.

  1. – Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak bermatu beharko du babes ofizialeko etxebizitzak azalera erabilgarrira eta etxebizitza horien titularren edo errentarien bizikidetza-unitateen beharretara egokitzen direla.

    Babes ofizialeko etxebizitzen bizikidetza-unitate esleipendunetan aldaketak izanez gero, interesdunek eskabidea aurkeztu beharko dute dagokien Lurralde Ordezkaritzan, etxebizitza aldatu behar duten ala ez erabakitzeko.

  2. – Etxebizitza aldaketa eskatzeko beharrezkoak diren baldintzak:

    1. Pertsona bakoitzeko 15 metro koadroko ratioa betetzen ez duten bizikidetza-unitateak izan beharko dute. Hori egiaztatzeko, etxebizitzan gutxienez urtebete daramaten bizikidetza-unitatearen kide guztien errolda-ziurtagiria aurkeztu beharko da.

    2. Eskuratu beharreko babes-erregimenerako finkatu diren gehienezko diru-sarrerak betetzen direla egiaztatu beharko da.

    3. Halaber, egiaztatu beharko du ohiko bizilekua duen etxebizitza babestuaz gain ez duela bestelako etxebizitzarik.

  3. – Hauek dira aurreko paragrafoan aurreikusitako helburua bermatze aldera hartuko diren neurriak:

    1. EAEko Administrazioak partaidetza duen sozietateek kudeatzen dituzten errentamendu-kontratuen titularren artean babes ofizialeko etxebizitzak aldatzeko laguntza administratiboa, etxebizitzaren azalera erabilgarria bizikidetza-unitatera egokitzeko. Errentari batek, behinik behin, etxebizitza aldatzeko premia espezifikoa aitortuta izan beharko du artikulu honetako 1. paragrafoan aipatzen den ebazpenaren bidez.

    2. Babes ofizialeko etxebizitza zuzenean esleituko da Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren Agindu bidez; dagokion Lurralde Ordezkaritzak etxebizitza aldatzeko premia espezifikoa aitortu eta gero. Ondoren, truke bidez formalizatu beharko da etxebizitza-aldaketa. Horretarako emandako epean uko eginez gero edo sinadura faltaz gero, esleipen zuzena baliogabetu egingo da, eta etxebizitza aldatzeko premia espezifikoaren aitorpena bertan behera geratuko da bi urtez uko egin duenetik edo epea amaitu denetik kontatzen hasita.

  1. – Babes publikoko etxebizitzen sustapena publikoa edo pribatua izan daiteke.

    1. Publikoa izango da lurraldeko erakunde publikoek sustatuta denean.

    2. Sustapen pribatua izango da gainerako pertsona fisikoek edo juridikoek sustatutakoa, itundutako sustapenak barne. Azken sustapen hauen erregimen juridikoa eta esleitzeko modua hurrengo artikuluan arautzen dira.

  2. – Estatistikak egitean, Administrazio Publiko bakoitzak edo beren lurraldeko ente publikoek bultzatutako sustapenak bereiziko dira.

Itundutako sustapentzat joko da, Administrazioaren lurzoruaren gainean sustatzailearen alde azalera-eskubidea eratuz, edo sustatzaileari lehiaketa publikoan edo, hala badagokio, hitzarmenean ezarritako onurak emanez, Euskal Autonomia Erkidegoak bultzatutako sustapen pribatu oro.

  1. – Oro har, itundutako sustapenak lehiaketa ireki bidez esleituko dira. Horren harira, arau honek arautzen ez duen orotan, kontratazio administratiboaren arloan indarrean dagoen legeria aplikatuko da.

  2. – Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen Zuzendaritza izango da babes ofizialeko etxebizitzak sustatzeko proposamenak aurkezteko lehiaketa publikoa deituko duena.

  3. – Sailak esleipen zuzenaren bidez erabaki ahal izango du onuradunaren nortasuna, esleipenduna irabazi asmorik gabeko entitate asistentziala edo soziala –hala nola, fundazioak, mutualitateak, kooperatibak eta antzekoak– izanez gero, betiere babes ofizialeko etxebizitzak sustatzeko helburua badu. Horrelakoetan, sustatzailearen eta Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren artean izenpetu beharreko Hitzarmenaren bidez finkatuko dira onurak.

    Hitzarmenak, gutxienez, eduki hau izan beharko du:

    1. Jarduera-esparrua.

      • Sustapenaren deskribapena.

      • Sustatu beharreko etxebizitza-kopurua, eta dagokien babes ofizialeko erregimena.

      • Aprobetxamendua.

      • Etxebizitzen salmenta-prezioa.

      • Burutzeko epea.

      • Gehienez emandako diru-laguntza.

    2. Kalitate-irizpideak.

    3. Baldintza ekonomikoak.

      • Diruz lagundu beharreko kontzeptuak.

      • Berezitasunak diru-laguntzen ordainketan (portzentajea eta ordaintzeko unea...)

      • Eman beharreko hipoteka-maileguen baldintzak eta gehienezko zenbatekoa.

    4. Hitzarmenaren garapena eta jarraipena.

  1. – Deialdi bakoitza Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Lurralde Historikoko hedapen handieneko egunkari batean argitaratuko da.

  2. – Deialdi (proiektuarekin edo gabe), kontratu-programa edo hitzarmen bakoitzak eduki hau izango du gutxienez:

    1. Sustapena egingo den lurraren identifikazioa eta deskribapena.

    2. Sustapenaren ezaugarri teknikoak, edonola ere, babes ofizialeko etxebizitzen diseinuaren inguruan indarrean dauden ordenantzekin bat etorriko direnak. Proiekturik gabeko lehiaketak sustatzen direnean, zehaztapen teknikoak dagokien udal-planeamenduan finkaturik egongo dira.

    3. Atxikitako urbanizazio-lanak dauden ala ez zehatu beharko da.

    4. Eraiki beharreko gehienezko etxebizitza-kopurua.

    5. Sustapenean eraiki beharreko aparkalekuak, trastelekuak eta merkataritza-lokalen azalera, eta horiek eskualdatzeko erregimena.

    6. Lanak hasteko eta sustapen osoa burutzeko gehienezko epeak, eta orobat sustapenaren martxa ona bermatzeko kasu jakin bakoitzean egoki irizten diren agiriak aurkezteko epeak ere.

    7. Proiektua duten lehiaketak sustatzen direnean, kontrataren aurrekontua.

    8. Esleipenaren edo salmentaren gehienezko prezioa, edo, hala badagokio, errentaren gehienezko prezioa, lehen eskualdatzean, etxebizitzaren metro koadro erabilgarri bakoitzeko.

    9. Sustapenaren aldi bereko onurak.

    10. Azalera-eskubidea eratzeko baldintza teknikoak eta juridikoak.

    11. Berariaz adierazi beharko da Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak indarrean dagoen araudiaren arabera aukeratuko dituela etxebizitzen esleipendunak.

    12. Aipatutakoez gain, epigrafe hauek azalduko dira sustapena lehiaketa bidez esleitzen denean:

      • Lehiaketa arautuko duten administrazio-baldintza partikularrak.

      • Proposamenak aurkezteko epea, lehiaketa Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren.

  3. – Deialdi horietara pertsona naturalak nahiz juridikoak aurkez daitezke, espainiarrak zein atzerritarrak, jarduteko gaitasun osoa dutenak eta dagozkien erregimen juridikoen arau erregulatzaileen arabera eratutakoak, baldin eta ekainaren 16ko 2/2000 Errege Dekretu Legegileak onartutako Herri Administrazioen Kontratuen Legearen Testu Bateginaren 15. artikuluak eta hurrengoek, edo hura ordezkatzen duen ondorengo araudiak ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

    Lanak zuzenean sustatu-eraiki ahal izango dira, edo bestela, eraikuntza-enpresa bat kontratatu ahal izango da lan guztiak egiteko. Edonola ere, aukeratutako sistema eskaintzan zehaztu beharko da. Lehiatzailearena ez den beste eraikuntza-enpresa bat kontratatzen bada obra osoa egiteko, eskaintzan enpresa hori zein den adierazi eta kontratuaren agiriak aurkeztu beharko dira. Halaber, eraikuntza-enpresa horiek egiaztatu beharko dute Administrazio Publikoarekin aurrekontu berdineko obrak kontratatzeko eskatzen den sailkapen bera dutela, eta zergen eta gizarte-segurantzaren alorrean egin beharreko ordainketak egunean dituztela.

  1. – Proposamenak Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailean aurkeztuko dira deialdi bakoitzean adierazitako epean, eta deialdian zehazten den dokumentazioa izango dute, baita honakoak ere:

    1. Proposamena aurkezten duen pertsonaren nortasuna eta, hala badagokio, ordezkaritza egiaztatzen duen agiria, ondorengo artikuluen eta araudiaren arabera: ekainaren 16ko 2/2000 Errege Dekretu Legegileak onartutako Herri Administrazioen Kontratuen Legearen Testu Bateginaren 15. artikuluak eta hurrengoak, eta Herri Administrazioen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorra onartzen duen urriaren 12ko 1098/2001 Errege Dekretuaren 21., 22. eta bat datozen artikuluak, edo hura ordezkatzen duen ondorengo araudia.

    2. Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela ziurtatzen duen agiria, ondorengo artikuluen eta araudiaren arabera: ekainaren 16ko 2/2000 Errege Dekretu Legegileak onartutako Herri Administrazioen Kontratuen Legearen Testu Bateginaren 20. artikulua, eta Herri Administrazioen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorra onartzen duen urriaren 12ko 1098/2001 Errege Dekretuaren 13tik 16ra bitarteko artikuluak, edo hura ordezkatzen duen ondorengo araudia.

    3. Sustapenaren balorazio teknikoa, urbanistikoa eta arkitektonikoa baloratzeko deskribapena.

    4. Kontzeptu guztien gastuak eta diru-sarrerak.

    5. Xedapen librekoak ez diren elementu pribatiboen, eranskinen eta etxebizitzen lehen eskualdatzeko esleipenaren edo salmentaren prezioa edo, hala badagokio, alokairuaren gehienezko errenta.

    6. Finantzaketa-sistema eta eskuratzaileen ordainketa-baldintzak.

    7. Estatutuak eta barne-jarduerako araubidea, kooperatiba, Elkarte edo Fundazio bidezko sustapena denean.

  2. – Kartazalak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo hiru hilabeteetan, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen Zuzendariak deialdiaren onurak proposamenik onuragarrienari emango dizkio edo, bestela, esleitu gabe utziko du.

    Onurak esleitzeko, deialdiaren orrietan ezarritako irizpideen arabera aurkeztu diren proposamenak baloratuko dira.

  3. – Sustapen bakoitzean aurreikusitako onurak lotuta daude abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan araututako Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeen eta itzulketen erregimen orokorrari.

  1. – Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak, 32. artikuluan aurreikusitako prozedurari jarraitu gabe, zuzenean esleitu ahal izango die Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren lurzoruaren gaineko azalera-eskubidea eratzea, edo laguntzak ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak kapitalaren gehiengoaren partaidetza duen sektore publikoko Sozietateei, edo Zuzenbide Publikoko Entitateei.

  2. – Esleipen hori lankidetza-hitzarmenen edo kontratu-programen bidez egingo da, eta gutxienez, hauxe zehaztu beharko da:

    1. Jarduera-esparrua.

      • Sustapenen deskribapena.

      • Sustapena egingo den lurralde historikoa eta udalerria zehaztuko dira.

      • Sustatu beharreko etxebizitza-kopurua, eta dagokien babes ofizialeko erregimena.

      • Aprobetxamendua.

      • Etxebizitzen salmenta-prezioa.

      • Burutzeko epea

      • Gehienez emandako diru-laguntza.

    2. Kalitate-irizpideak.

    3. Baldintza ekonomikoak.

      • Diruz lagundu beharreko kontzeptuak.

      • Berezitasunak diru-laguntzen ordainketan (portzentajea eta ordaintzeko unea, diru-laguntzak eskualdatzeko aukera...)

      • Diru-laguntzak hainbat urtetan banatzea.

      • Eman beharreko hipoteka-maileguen baldintzak eta gehienezko zenbatekoa.

    4. Hitzarmenaren edo kontratu-programaren garapena eta jarraipena.

    5. Kontratua eguneratzeko eta sustapenak eransteko modua.

    6. Indarraldia eta berritzea.

  3. – Era berean, lurzorua eskuratzeko eta urbanizatzeko diru-laguntza publikoak jaso ahal izango dituzte babes ofizialeko etxebizitzak egiteko lurzorua eskuratu duten edo eskuratuko duten artikulu honetako lehen paragrafoko Entitateek edo Sozietateek. Horrelakoetan, izenpetu beharreko Hitzarmenean edo Kontratu Programan, diru-laguntzen onuradunak Herri Administrazioari lurzoruen jabetza soila emateko konpromisoa hartu beharko du. Lurzoruen azalera-eskubidea, gehienez, 75 urtekoa izango da.

  1. – Beste bizileku bat jasotzeko eskubidea lurzoruaren erregimenari buruz indarrean dagoen araudian eta hirigintzako legedian ezartzen da, eta EAEko Administrazioaren hirigintzako jarduerak direla-eta bermatu beharko da. Hartara, etxebizitzak desjabetzen baditu, edo izenpetutako Hitzarmenaren arabera eskubide hori bermatu behar badu, Administrazioak, edo desjabetzearen onuradunak beste etxebizitza batzuk eman beharko dizkie etxebizitzak legez okupatzen zituztenei. Etxebizitza horiek ematean, kontuan hartuko dira kaltetuen etxebizitza-premia, diru-sarrerak eta familia-osaera, eta ohiko bizilekuaren edukitza-erregimen bera (jabetza edo alokairua) bermatuko da, hurrengo paragrafoetan ezarritakoa salbu.

  2. – Beste bizileku bat jasotzeko eskubidea lurzoruaren erregimenari buruz indarrean dagoen araudian eta hirigintzako legedian ezartzen da, eta Tokiko Administrazioen hirigintzako jarduerak direla-eta bermatu beharko da. Hartara, etxebizitzak desjabetzen badituzte, edo izenpetutako Hitzarmenaren arabera eskubide hori bermatu behar badute, Administrazioek, edo desjabetzearen onuradunek beste etxebizitza batzuk eman beharko dizkiete etxebizitzak legez okupatzen zituztenei. Etxebizitza horiek Udaletan finkatzen den moduan emango dira, aipatutako legedian ezarritakoa gorabehera.

  3. – Jabetza-erregimena erabatekoa izango da, beste bizileku bat ematen den sustapenaren erregimena gorabehera.

  4. – Kaltetuak eta EAEko Administrazioak adostuz gero, ohiko bizilekuarena ez den beste jabetza-erregimen bat finkatu daiteke:

    Interesdunak nahi izanez gero, jabetza-erregimena eskatu ahal izango du alokairu-eregimenaren ordez, baldin eta urtero gutxienez 3.000 euroko diru-sarrera ziurtatzen badu.

    Interesdunak nahi izanez gero, alokairu-eregimena eskatu ahal izango du jabetza-erregimenaren ordez.

  5. – Interesdunei esleitu zaien etxebizitzaren edukitza-erregimena –alokairukoa zein jabetzakoa- pertsona horiek parte hartzen duten gizarteratzeko programatan zehaztutako baldintzen menpe jar daiteke, gizarte zerbitzu eskudunek hala eskatuz gero. Nolanahi ere, horrela jaso beharko da etxebizitza eskuratzeko izenpetu beharreko kontratuan.

    Baldintza hori betetzea gizarte zerbitzuek finkatutako prozeduraren arabera egiaztatuko da. Hartara, pertsona interesdunari entzungo zaio, eta baliteke pertsona horrek prekarista-egoerara igaro behar izatea.

  1. – Aurreko artikuluan aipatutako eskubidea izango dute hirigintza-jardueraren ondorioz desjabetu dituzten etxebizitzen legezko okupatzaileek, baldin eta ohiko etxebizitzak badira.

  2. – Legezko okupatzailetzat joko da etxebizitza batean erroldatuta dagoen eta bertan edozein tituluren bidez –prekarioa barne– bizi den pertsona oro.

  3. – Ohiko etxebizitzatzat joko da okupazioaren aurretiko akta edo okupazioa baimentzen duen titulua egin aurretik, gutxienez, urtebetez okupatu den etxebizitza. Ohiko etxebizitza dela egiaztatzeko, errolda-ziurtagiria, desjabetutako etxebizitzaren okupazioa eta, EAEk beharrezkotzat joz gero, besteak beste uraren, argindarraren eta gasaren kontsumoa zehazten duten konpainia hornitzaileen egiaztagiriak aurkeztu beharko dira.

  4. – Diru-sarrerak araudi hau kontuan hartuta zenbatuko dira, Errentaren Aitorpena aurkezteko epea bukatu, eta okupazio-akta edo Administrazioak batera tasatzeko, konpentsatzeko edo birzatitzeko proiektua behin betiko onartzeko akta izenpetu baino lehen. Hala ere, desjabetze-prozedura bertan behera uzten denean, Administrazioak eteteko erabakia bertan behera utzi aurreko zergaldia hartuko da kontuan.

  5. – Interesdunak eskatuta, diru-sarreren erreferentzia gisa okupazio-akta edo Administrazioak batera tasatzeko edo birzatitzeko proiektua behin betiko onartzeko akta izenpetu aurreko hiru urteetako batez bestekoa hartuko da kontuan, betiere batez besteko horren eta azken zerga-ekitaldiaren arteko aldea % 25etik gorakoa bada.

  1. – Bizilekuak desjabetutakoen egoera ekonomikoaren eta etxebizitza-premiaren arabera emango dira, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren Aginduan arautukoarekin bat etorriz:

    1. Desjabetutakoek alokairuzko erregimenean eskuratu ahal izango dituzte etxebizitzak, urteroko errenta sustapenaren gehienezko salmenta-prezioaren % 1 eta % 6 artekoa bada, araudiak finkatutako esleipenaren erregimen orokorraren arabera.

      21.000,00 eurora arte diru-sarrera haztatuak –banakakoak nahiz bizikidetzako unitateetan integratutakoak– dituztenek jabetza-erregimenean lortu ahal izango dute etxebizitza, betiere haren prezioa ez bada sustapen pribatuko etxebizitza sozialen gehienezko prezioa baino handiagoa, ezta etxebizitza sozialen eranskinen gehienezko prezioaren halako 1,5 baino txikiagoa ere.

      21.000,00 eurotik gorako diru-sarrera haztatuak –banakakoak nahiz bizikidetzako unitateetan integratutakoak– dituztenek jabetza-erregimenean lortu ahal izango dute etxebizitza, sustapen pribatuko etxebizitza sozialen gehienezko prezioa baino prezio handiagoan, Dekretu honen arabera. Etxebizitzaren prezioa desjabetutako pertsonaren edo bizikidetza-unitatearen gehiegizko diru-sarreren proportzionala izango da babes-araudian finkatutako diru-sarreren mugarekiko.

  2. – Etxebizitzaren salmenta- edo alokairu-prezioa proportzionala izango da desjabetutako pertsonaren edo bizikidetzako unitatearen diru-sarrerekiko.

  3. – Aurreko paragrafoetan aipatutako gehienezko prezio aplikagarriak prezio hauei dagozkie:

    1. Etxebizitza eraikitzen ari direnean, behin-behineko kalifikazioan ezarritakoari.

    2. Gainerako kasuetan, okupazio-akta edo Administrazioak batera tasatzeko, konpentsatzeko edo birzatitzeko proiektua behin betiko onartzeko akta izenpetu aurretik indarrean zegoenari.

  4. – Aipaturiko etxebizitzei atxikitako eranskinak babes-araudiak finkatutako gehienezko prezioetan eskuratuko dira. Salbuespen gisa, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren Aginduz, eta beste bizileku bat jasotzeko eskubidearen titularrak edo titularrek aurretik uko eginez gero, eranskinak bereizi ahal izango dira.

  1. – Dekretu honen 36. artikuluaren arabera desjabetu beharreko etxebizitzen legezko okupatzaileak diren bizikidetzako unitateek beste bizileku bat jasotzeko duten eskubidea bermatze aldera, Lurralde Ordezkaritzek bideratu, izapidetu eta ebatziko dituzte etxebizitza babestuen esleipenak, esleitzeko prozedura arrunten aurrean lehentasuna emanez.

  2. – Zuzenean desjabetuz gero, Lurzoru eta Hirigintza Zuzendaritzak desjabetze-espediente bakoitzean dauden eskubideen eta ondasunen titularren berri emango die Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen Zuzendaritzari eta dagokion Lurralde Ordezkaritzari. Halaber, okupazio-akta izenpetu ondoren, legezko okupatzaileari jakinaraziko dio, 15 eguneko epean, dagokion Lurralde Ordezkaritzan aurkeztu beharko dituela beharrezkotzat jotzen diren agiriak.

  3. – Aurkeztu beharreko agiriak:

    1. Nortasun-agiri nazionalaren fotokopia.

    2. Familia-liburua edo behar bezala konpultsatutako fotokopia, edo, hala dagokionean, bizikidetza-ziurtagiria.

    3. Beste bizileku bat jasotzeko eskubidea duten bizikidetza-unitatearen kideen diru-sarrerak egiaztatzen dituen agiria, balio justuaren kobrantzari dagokionez desjabetze-espedientean azaldu behar duten pertsonak barne.

    4. Etxebizitzaren egoera egiaztatzen duen agiria, bizigarritasun-baldintzak eskasak direnean.

    5. Banantzea edo dibortzioa arautzen duen hitzarmena, eta banantze edo dibortzioarengatik emandako epai irmoa.

    6. Udal-ziurtagiria, bertan eman diren urteak egiaztatzeko.

    7. Minusbaliotasun motaren ziurtagiria, eta gurpil-aulkia behar duela ziurtatzen duen medikuaren agiria.

    8. Etxebizitza ematen denetik gehienez sei hilabeteko epean bizikidetza-unitate iraunkorra osatzeko konpromisoa.

    9. Eskabidearen eta erantsitako dokumentazioaren datuak benetakoak direla eta eskatzaileen errealitate familiarrarekin eta ekonomikoarekin bat datozela dioen zinpeko aitorpena. Eskabidearekin batera aurkezten ez diren agiriak edo zehazten ez diren datuak ez dira aurrerantzean kontuan hartuko, ezkutatu nahi izan direla ulertuko baita.

  4. – Hitzarmen eta/edo akordio bidez beste bizileku bat emateko ardura hartuz gero, Lurralde Administrazio Publikoak eta/edo hirigintzako sozietate publikoak epe berean aurkeztu beharko du aipatutako dokumentazioa Lurralde Ordezkaritzan.

  5. – Lurzoru eta Hirigintza Zuzendaritzari jakinarazi ondoren, Lurralde Ordezkaritzek, horretarako emandako Ebazpenaren bidez, onartu edo ukatuko dute beste bizileku bat jasotzeko eskubidea eta orobat eskubide horren baldintzak, etxebizitzaren kokapena eta azalera, eskuratzeko eta erabiltzeko erregimena, erosteko edo alokatzeko prezioa, eta ordaintzeko baldintzak; legezko okupatzaileen diru-sarreren eta osaera familiarraren arabera.

  6. – Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren Aginduari jarraiki, aipatutako eskubidea bermatzera bideratutako etxebizitzak ez dira prozedura orokorraren bidez esleituko, baizik eta legez ezarritako prozeduraren bidez.

    Prozedura orokorraren bidez esleitzeko etxebizitzarik ez bada, bigarren eta ondorengo esleipenetarako ezarritako prozedura jarraituko da.

  7. – Babes publikoko etxebizitzak eskuratzeko eta erabiltzeko erregimena arautzen duen araudia aplikatzearen ondorioz eragozpenik balego desjabetutako pertsonari babes ofizialeko etxebizitza bat emateko, prozedura hau jarraituko litzateke:

    1. Kaltetutako etxebizitza dagoen Udalak eta, ezberdinak izatekotan, jasotzen den etxebizitza dagoen Udalak EAEko Administrazioari eska diezaioke aipatutako etxebizitza aldi baterako etxebizitzatzat jo dezala. Horrelakoetan, kalifikazio horri jarraiki, desjabetutako pertsona etxebizitzaren erregimen juridikoa eskuratzeko baldintza guztiak edo batzuk betetzetik salbuetsi dezakete. Halaber, EAEko Administrazioak ofiziozko kalifikazio hori sustatu ahal izango du.

    2. Aipatutako etxebizitzaren ondorengo inter vivos transmisioak, alokairuak eta erabilera-xedapenak bere kalifikazioari dagokion erregimen juridikoaren eta ekonomikoaren menpe egongo dira.

    3. Gehienezko diru-sarreren baldintza betetzetik salbuetsiz gero, kalifikazioarengatik dagokion gehienezko prezio legala baino handiagoa den prezio bat finka daiteke etxebizitzarako. Prezio hori desjabetutako pertsonaren gehiegizko diru-sarrerarekiko proportzionala izango da babes-araudian finkatutako diru-sarreren mugarekiko.

  1. – Bigarren eta ondorengo eskualdatzeetako etxebizitzen eta eranskinen gehienezko prezioa, lehen eskualdatzean aplikatutako bera izango da. Prezio hori eguneratu ahal izango da azalera erabilgarriaren metro koadroko gehienezko salmenta-prezioa berrikusi den proportzio berean, betiere udalerrian eta etxebizitza mota beraren arabera, Dekretu honen 2. artikuluak zehazten duen sailkapenarekin bat etorriz.

  2. – Dena den, aurreko paragrafoan ezarritako araua aplikatuko da, baldin eta, denborak aurrera egin duelako eta interesdunak edo bere kausadunek hala eskatu dutelako, etxebizitzak babes publikoko etxebizitza izateari utzi ez badio Dekretu honetako 11-2. artikuluan ezarritakoari jarraiki.

  3. – Etxebizitza babes-araudian finkatutako gehienezko prezioa gaindituz besterenduko balitz, Dekretu honetako 39-7 c) artikuluan ezarritakoari jarraiki, etxebizitza hori aldi baterako etxebizitzatzat jo zuen Administrazioak gainprezio hori ordaindu beharko dio etxebizitza jaso duen pertsonari edo bizikidetza-unitateari, baldin eta babes publikoko etxebizitza den bitartean besterentzen badu.

  1. – Dekretu honetan aurreikusitako neurri finantzarioak jarraian aipatzen diren jardueretan aplikatuko dira, baldin eta EAEko lurralde-eremuan egiten badira:

    1. Babes ofizialeko etxebizitza gisa kalifikaturiko eraikuntza berriko etxebizitzak errentan lagatzeko, saltzeko eta norberak erabiltzeko sustapena, eta baita etxebizitza librearen sustapena ere hura babespeko errentan jartzeko.

    2. Babes publikoko etxebizitzak eta eskuratzailearen bizitoki ohiko eta iraunkor izatera bideratutako bestelako etxebizitzak (erabilitako etxebizitza libreak) eskuratzea. Eta erabilitako etxebizitzak alokatzea (maizterrarentzako laguntzak).

    3. Etxebizitzaren babespeko errentamendua, etxebizitzak erostea haien babespeko errentamendurako eta etxebizitzaren lagapena babespeko errentan jartzeko.

    4. Ondare urbanizatua eta eraikia birgaitzea, eta birgaitze-jarduketak, betiere haien helburua etxebizitzak sustatzea bada, ondoren jabetzapean edo errentamendupean lagatzeko.

    5. Lurzorua urbanizatzea berehala eraikitzeko, hala dagokionean, hura kostubidez eskuratzea barne hartuta, eta orobat lurzorua kostubidez eskuratzea edozein Herri Administrazioren menpeko lurzoruaren ondare publikoak eratzeko, betiere babes ofizialeko etxebizitzak sustatzeari lehentasuna emanez.

    6. Etxebizitza hutsak errentan jartzea.

    7. Zuzkidura-bizilekuak sustatzea eta eraikitzea.

    8. Landa-inguruneetan etxebizitzak birgaitzeko eta alokairuan jartzeko proiektu pilotuak martxan jartzea, ingurune hori sustatzeko programa publikoen lagungarri gisa.

  2. – Jarduera hauek Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren Aginduaren bidez garatuko dira.

  1. – Hauek dira aurreko artikuluko jarduera babesgarrietarako dauden laguntza finantzarioak:

    1. Finantziazio kualifikatua:

      1. Kreditu Erakundeek emandako mailegu kualifikatuak, EAEko Administrazioak Erakunde horiekin izenpetutako Hitzarmenen esparruan edo 44.4. artikuluak aipatzen dituen kasuetan itundutakoak.

      2. Kreditu Erakundeen obra-ziurtagirien banku-beherapenak. Banku-beherapenetan, Kreditu Erakundeak eraikitzaileari obra-ziurtagiriaren zenbatekoa aurreratzen dio, kobratzeko eskubidea berari emanez.

    2. Zuzeneko diru-laguntzak:

      1. EAEko Administrazioak emandako itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak. Diru-laguntza horiek dirutan edo gauzaz eman ahal izango ditu, lurzorua emanez, proiektua entregatuz edo erabakitzen den beste modu baten bidez.

      2. EAEko Administrazioak mailegu kualifikatuen eta obra-ziurtagirien deskontu-eragiketen interes-tasa guztiz edo neurri batean sorostea.

  2. – Finantziazio kualifikatua eta, hala dagokionean, sorospena eskatzailearen egoera pertsonala kontuan hartuta emango da. Hori dela eta, hirugarrenen alde subrogatzeko, Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen Zuzendaritzaren baimen administratiboa eskatu beharko da aurretik, eta, nolanahi ere, hipoteka-maileguaren interes-tasaren sorospena baliogabetzea ekarriko du.

Mailegu kualifikatuek ezaugarri hauek izango dituzte, jarduera babesgarrietarako finkatuko diren zenbatekoak eta gabealdiak eta amortizaziorako epeak gorabehera:

  1. – EAEko Administrazioarekin finantza-Lankidetzarako hitzarmena izenpetu duten Kreditu Erakundeek emango dituzte, betiere horien esparrua eta baldintzak kontuan hartuta, 44.4. artikuluarekin bat etorriz itundu daitezkeenak gorabehera.

  2. – Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak mailegu bakoitza baimendu beharko du, eskritura publikoa edo aipatutako maileguaren poliza eratu baino lehen.

  3. – Eusko Jaurlaritzak Dekretu bidez finkatuko du Maileguen hasierako urteko interes-tasa efektiboa.

  4. – Amortizazioa eta kreditu-erakundeen interesak barne hartuko dituzten kuotak iraunkorrak izango dira (sistema frantsesa) eta sei hilabetean behin sortuko dira, horiek ordaintzeko era edozein delarik ere.

  1. – Eusko Jaurlaritzak, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren bidez, mailegu kualifikatuengatik eta obra-egiaztagirien deskontu-lerroengatik sortutako interes-motak sorotsiko ditu, halako moldez non haien ondoriozko tasa, betiere tasa efektibotzat joko dena, onuradunarentzat kasu bakoitzean ezarritakoa izango baita.

  2. – Interes-tasak sorosteko sistema honakoa izango da:

    1. Maileguaren tronkoa amortizatzeko eta interesak ordaintzeko hilerokoak kalkulatzeko amortizaziorako sistema frantziarra erabiliko da (pixkanakako amortizazioa mugaeguneratutako interesekin). Interes-tasa kasu bakoitzean sorotsitakoa izango da eta hileroko ordainketak iraunkorrak izango dira.

    2. Horrela kalkulatu da hilerokoa: batetik aldi horretan sortutako interesen ordainketa eta, bestetik, jasotako maileguaren zati baten pixkanakako amortizazioa.

    3. Kreditu-establezimendurako aldi bakoitzeko interesak amortizatzeko dagoen kapitalaren (kapital biziaren) arabera zehaztuko dira, aldi bakoitzean indarrean dagoen interes-tasaren arabera kalkulatuta.

    4. Eusko Jaurlaritzak interesak sorostea honetan datza: Kreditu Erakunde bakoitzari ordaintzean hileko kitatzealdi bakoitzean hitzarmenaren tasaren (lehenengo urteko hasierako tasa finkoaren edo berrikusteko tasa aldakorraren) arabera amortizatzeko dagoen kapitalak sortutako interesen eta sorotsitako tasa efektiboaren, onuradunaren, arabera ordaindutako interesen artean dagoen aldea.

    5. Obra-egiaztagirien deskontu-lerroen kasuan sistema berdina da emandako finantziazioa dela eta. Interesak hilero kitatzen dira lerroaren aldi baterako bizian zehar eta inoiz ez da egiten "tirakadako" deskonturik edo interesen behar baino lehenagoko deskonturik.

      Sorospenak arau honetan babes daitekeen irudi bakoitzarentzat zehaztutako iraupena izango du.

  3. – Sorospenak bateragarri dira EAEko Administrazioak eta bestelako Administrazio edo Erakundeek ezar ditzaketen beste batzuekin, betiere emandako diru-laguntzen guztizkoak ez duenean gainditzen jardueraren guztizko kostua.

    Araudi honetan espresuki jasotzen ez diren gorabeheretan EAEko Herriogasuntza Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren VI. Titulua aplikatuko da.

  4. – Eusko Jaurlaritzak maileguen interes-tasa hauek ere sorotsiko ditu: artikulu honetan jasotako zehaztasunak izanik, EAEko Administrazioak parte harturiko merkataritzako pertsona juridikoek (baldin eta haien helburu soziala bat baldin badator babes ofizialeko etxebizitzei buruzko politika publikoekin) kreditu erakundeekin hitzartu ditzaketenenak, Dekretu honetako 42-1.a) eta 43-1 artikuluek aipatzen dituzten hitzarmenetan adostu ez diren baldintzetan bada ere.

    1. Hitzarturiko interes-tasa handiagoa bada kreditu-erakundeek EAEko Administrazioarekin izenpetu duten indarreko hitzarmenean jasotakoa baino, azken horren eta sorotsitako urteko interes-tasa efektiboaren arteko aldea sorotsiko da.

    2. Txikiagoa bada, hitzarturiko interes-tasak sorotsitako urteko interes-tasa efektiboarekiko duen aldea sorotsiko da.

  1. – Ogasun eta Herri Administrazio Saileko eta Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saileko sailburuek urtero eta elkarrekin finkatuko dituzten Kreditu Erakundeekin hitzartu beharreko baliabideen gehienezko bolumena, arau honetan adierazitako jarduera babesgarrien finantziazio kualifikatuari dagokionez.

  2. – Zuzeneko diru-laguntzen guztizko bolumenak ez ditu gaindituko dagokion ekitaldian EAE Aurrekontu Orokorren Legean jasotako kredituak edo, kreditu-transferentziak egiten direnean, eguneratzetik lortutako kreditua, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontuen Erregimenari buruzko legezko xedapenen testu bategina onartzen duen irailaren 27ko 1/1994 Legegintzako Dekretuan erabakitakoari jarraiki.

  3. – Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailari atxikitako sozietate publikoen kasuan, deskontu-lerroen bidez urtean finantzatzeko mugak dagokion EAEko Aurrekontu Orokorren Legean zehaztuko dira.

  4. – Urtero, ekitaldi bakoitzeko lehen hiru hilabeteen barruan eta Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren agindu bidez, diru-laguntza lerro honetara zuzendutako laguntzak finantzatzeko esleitutako kredituen zenbatekoa argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

  5. – Ez da laguntzak emateko erabakirik hartuko, gastua egozteko aurrekontuak ez duenean aurrez zehaztutako xederako kreditu egoki eta nahikorik. Hori dela eta, eten egingo da arau honen eraginkortasuna laguntza berriak emateari dagokionez. Hori gertatuz gero, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da.

  1. – Erosteko edo birgaitzeko zuzeneko diru-laguntzak jaso dituzten etxebizitzak edo merkataritza-lokalak ezin izango dira inter vivos laga, salerosketako eskritura publikoa ematen denetik zenbatzen hasi eta 10 urteko epearen barruan, ez eta obra-amaierako ziurtagiria ematen denetik zenbatzen hasi eta 5 urteko epearen barruan ere, ez bada aldez aurretik jasotako laguntzak dagozkien legezko interesarekin itzuli direla egiaztatzen.

  2. – Hauek dira itzuli beharko ez diren diru-laguntzak eta esleipenak:

    1. Higiezinetako osagai komunak birgaitzeko diru-laguntzak.

    2. Etxebizitzaren edo lokalaren titularkide baten alde esleitutakoak, elkarketa zibilen udal-erregistroan inskribatutako zein inskribatu gabeko bikoteen banantzeen edo senar-emazteen dibortzioen ondorioz, eta lehen graduko ahaideek osatutako bizikidetza-unitateen banantzeen ondorioz.

  3. – Erosteko edo birgaitzeko zuzeneko diru-laguntzak jaso dituzten etxebizitzen jabeek konpromisoa hartzen dute Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren Lurralde Ordezkaritzaren aurrean etxebizitza erabiltzeko muga erregistratzeko:

    • 10 urtez, salerosketa-eskritura publikoa ematen denetik zenbatzen hasita, erabilitako etxebizitza librea erosteko zuzeneko diru-laguntzak jaso direnean.

    • 5 urtez, obra-amaiera egiaztatu denetik zenbatzen hasita, birgaitzeko zuzeneko diru-laguntzak jaso direnean.

      Konpromiso hori adierazten duen agiria dagokion Jabetza Erregistroan aurkeztuko dute, eta bertan, dokumentu hori ikusi ondoren, hipoteka-legeriaren arabera erregistratuko da jabaria erabiltzeko muga.

  4. – Laguntza eman duen Administrazioak jabaria erabiltzeko muga Jabetzaren Erregistroan aurkeztu dela frogatzen duen agiria jasotzen duenean, itzuli beharrik gabeko diru-laguntzaren ordainketa aginduko du.

Etxebizitzaren jabeak hala eskatzen baldin badu onartu ahal izango da kalifikazioa kentzea, bere egungo jabeak edo aurreko edozein jabek etxebizitza birgaitzeko edo eskuratzeko jasotako zuzeneko diru-laguntzen zenbateko osoa –hura jaso zenetik sortutako interesak barne– itzuli ondoren, indarrean dagoen legezko interes-tasaren arabera.

Erregimen autonomikoko zuzkidura-bizilekuak horrelakoak izango dira:

  1. – Diseinuari dagokionez:

    1. Zuzkidura-bizileku bakoitzaren azalera erabilgarria ez da ez 25 metro koadrotik beherakoa ez 60 metro koadrotik gorakoa izango.

    2. Jateko, janaria prestatzeko eta lo egiteko gela bat izango dute gutxienez, eta orobat dutxa duen komun bat.

    3. Osagai komunetara eta bizilekuetara gurpil-aulkiekin sartu ahal izango da.

    4. Gurpil-aulkia behar duten erabiltzaileentzat bizileku bat gordeko da 50 bizilekuko. Gauza bera egingo da etxebizitza-kopurua, 50era iritsi gabe, 25etik gorakoa denean.

    5. Instalazio guztiak, telekomunikazioetakoak izan ezik, komunitarioak izango dira, banakako kontagailurik gabekoak. Hori dela eta, denon artean ordaindu beharko dira bai gastu horiek bai etxebizitzaren mantentze-gastuak.

    6. Eraikinak gune komunak izango ditu eta bizilekuetatik sartu ahal izango da bertara. Gune horietan honakoak egongo dira:

      • Bizilekuetan ez dauden instalazioak (sukaldea, arropa garbitzeko eta lehortzeko instalazioak, etab.).

      • Etxebizitza mantentzeko eta kontrolatzeko gelak eta ekipoak.

    7. Eraikinak edo ondoko ingurune urbanoak aparkalekuak bermatu beharko dituzte, bizileku bakoitzeko aparkaleku bat.

    8. Eraikinak bizikletak aparkatzeko eta gordetzeko lokal bat izango du.

  2. – Erabilerari dagokionez:

    1. Debekatuta dago edozein lan egitea, etxebizitza konpontzeko eta mantentzeko lan arruntak izan ezik.

    2. Bizileku hauen truke erabiltzaileek kanon bat ordaindu beharko dute hilero, emakida esleitzean bizilekuko prezio gorenean zehaztuko dena.

    3. Erabiltzaileek ezin izango dute beste bizileku bat eduki ez jabetzan ez beste titulu baten bidez.

    4. Bizilekuak hilero, gehienez urtebete baterako, eskuratu ahal izango dira. Epe hori urtero luzatu ahal izango da lau alditan.

  3. – Sustapenari dagokionez:

    1. Honela sustatu ahal izango da:

      • Zuzenean, Herri Administrazioaren eskutik.

      • Zeharka, emakida administratiboko erregimenean.

    2. Emakidaren xedea zuzkidura-bizilekuen obra eta/edo kudeaketa izan daiteke.

    3. Emakidadunak emakida administratiboa hipotekatu ahal izango du zuzkidura-bizilekuen eraikuntzaren sustapena eta/edo kudeaketa finantzatzeko, oinarrizko administrazio-legedian sektore publikoaren kontratazioari buruz ezarritakoaren arabera.

    4. Oinarrizko altzariak eta etxetresna elektrikoak dituztela entregatuko zaizkie bizilekuak erabiltzaileei.

    5. Zuzkidura-bizilekuen eta sestra-azpiko aparkalekuen sustapena eta kudeaketa batera zein banaka eslei daiteke, eta hainbat pertsonak edo enpresak har dezakete. Era berean, zuzkidura-bizileku baten eta aparkaleku baten erabilera baterakoa zein banakakoa izan daiteke eta hainbat pertsonari edo enpresari eslei dakieke.

  4. – Hirigintza-kalifikazioari dagokionez:

    1. Gutxienez hirigintza-partzela bat jabari eta erabilera publikokoa izango da.

    2. Bateraezina izango da beste edozein hirigintza-eraikigarritasun motarekin.

  5. – Zuzkidura-bizilekuak esleitzeko moduari eta eskuratzeko baldintzei dagokienez, aurreikusten ez den orotan, babes publikoko etxebizitzen arloan ezarritakoak aplikatuko dira.

Dekretu honetako xedapenak subsidiarioki aplikatuko dira, udal-ordenantza espezifiko baten faltan, jarduera hauei buruzko erregimen juridikoa garatu ez duten udalerrietan: udal-etxebizitza tasatuak, zuzkidura-bizilekuak sustatzeko, eskuratzeko, eraikitzeko, erabiltzeko eta aprobetxatzeko jarduerak, eta orobat etxebizitza horietara bideratutako lurzorua eskuratzeko, egokitzeko eta urbanizatzeko jarduerak.

Xedapen horiek aplikatzeko, erreferentzia gisa hartuko dira Dekretu honetan aipatzen diren babes ofizialeko etxebizitza tasatuei buruzko parametroak.

  1. – Dekretu hau indarrean sartu aurretik aurkezten diren alokatzeko edo prekarioan lagatzeko kontratuei oniritzia emateko edo baimentzeko eskaerak aurreko araudiak arautuko ditu.

  2. – Etxebizitza babestuaren besterentzea edo lagapena, hura besterendu edo laga zenean indarrean zegoen araudiak arautuko du ondorio guztietarako.

Etxebizitzaren arloko finantza-neurriei buruzko uztailaren 30eko 213/1996 Dekretua baino lehenagoko araudiaren arabera kalifikatutako babes ofizialeko etxebizitzei dagokienez, 20 urtekoa izango da babes ofizialeko etxebizitzen legezko erregimenaren iraupena, dagokion behin betiko kalifikazioa ematen den egunetik hasita. Dena den, babes ofizialeko erregimena, hala badagokio, emandako finantza-neurriak osorik amortizatu arte luzatuko da.

Dena dela, babes ofizialeko erregimenaren iraupena 30 urtekoa izango da ondorengo kasuetan:

  1. – Alokairuzko babes ofizialeko etxebizitzak direnean.

  2. – Jabetza osoan besterendutako sustapen publikoko babes ofizialeko etxebizitzak direnean.

  • 2006ko abenduaren 29ko Agindua, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuarena, etxebizitza erosteko finantza-neurriei buruzkoa.

  • 2006ko abenduaren 29ko Agindua, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailbururena, etxebizitza birgaitzeko finantza-neurriei buruzkoa.

  • 2006ko abenduaren 29ko Agindua, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuarena, lehentasunez erregimen orokorreko zein erregimen bereziko babes ofizialeko etxebizitzak sustatzera bideratutako lurzoru-ondare publikoak osatzeko lurzorua kostu bidez eskuratzeari dagozkion lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzkoa.

  • 2006ko urriaren 4ko Agindua, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuarena, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzat etxebizitzaren arloko ekintza positiboko neurriei buruzkoa.

  • 2002ko abenduaren 30eko Agindua, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuarena, babes ofizialeko etxebizitza sustatzeko eta alokairua bultzatzeko neurriei buruzkoa.

  • 2003ko abuztuaren 25eko Agindua, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuarena, babes ofizialeko etxebizitzen gehienezko prezioak zehazteari buruzkoa.

Babes publikoko etxebizitzen salerosketa-kontratuetan nahitaez agertu beharreko baldintzak (lehen eskualdatzea)

  1. – Erosketaren xede den etxebizitza horrek babes ofizialeko etxebizitzen erregimenaren ondorio diren debeku eta mugak bete behar ditu, eta erabilera-baldintzak behin betiko kalifikazioan adierazitakoak izango dira eta salmentaren prezioek ezin izango dituzte ezarritako mugak gainditu.

  2. – Saltzailea beharturik dago etxebizitzaren giltzak hiru hilabeteko gehienezko epean ematera, behin betiko kalifikazioa ematen den egunetik edo kontratua egiten den egunetik –hori gerokoa balitz– kontatzen hasita, non eta Ordezkaritzak epe hori luzatzen ez duen.

  3. – Eroslea beharturik dago etxebizitza hori okupatzera hiru hilabeteko gehienezko epean giltzak eman zaizkionetik kontatzen hasita, hori ez egiteko arrazoi justuren bat egon ezean.

  4. – Saltzailea beharturik dago eskuratzaile edo errentariaren esku kontratu bat jartzera, Ordezkaritzak behar bezala bisatua.

  5. – Erosleak etxebizitza horretan izango du bere ohiko etxebizitza iraunkorra hiru hilabeteko epean, eta hori egiaztatzeko dagokion udal-ziurtagiria aurkeztu beharko du Lurralde Ordezkaritzan, eta halaber, konpromisoa hartzen du etxebizitza horretan bere ohiko etxebizitza iraunkorra finkatzeko.

  6. – Etxebizitza hori ohiko bizileku iraunkorrerako ez erabiltzeak normalean okupatu gabe edukiz, edo bigarren bizileku izateko edo baimendu gabeko beste xede batzuetarako erabiltzeak, egindako legehauste oso larri horri dagozkion diru-zigorrez gain, interes sozialarengatik etxebizitzaren desjabetzea eragin dezake.

  7. – Saltzailea beharturik dago salerosketaren kontratu pribatua eskritura publikoan jasotzera, hiru hilabeteko epean, etxebizitzaren behin betiko kalifikazioaren edo kontratuaren –hura gerokoa balitz– egunetik kontatzen hasita, epe hori Ordezkaritzak luzatu ezean.

  8. – Obra berriaren adierazpenari eta zatiketa horizontalari buruzko gastuak, baita hipoteka-mailegua eratu eta zatitzeari dagozkionak ere, edonola ere, etxebizitzaren sustatzailearen kontura izango dira.

  9. – Erosleak kontratua amaiaraztea eskatu ahal izango du, etxebizitzaren behin betiko kalifikazioa ezesten baldin bada.

  10. – Etxebizitzaren eskualdatzea apirilaren 15eko 7/1988 Legearen –babes ofizialeko etxebizitzen eskualdatzeetan EAEko Administrazioak duen erosteko lehentasun-eskubideari buruzkoa– preskripzioen eta hura garatzen duten xedapenen menpe dago; Lurzoru eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen zortzigarren xedapen gehigarrian aipatutako lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko Tokiko Administrazioek dituzten eskubideak gorabehera.

  11. – Hitzarmenaren sinatzaileek berariaz onartuko dute dekretu honetako 15. artikuluan finkatutako esleipen-prozedura. Azkenean esleipendun suertatzen ez den pertsonari dagokionez, hitzarmen hori zuzenbide osoz ebatziko da.

  12. – 31/1978 Errege Dekretu-Legearen babes ofizialeko erregimenaren ondorio diren gainerako debekuak eta mugak, eta haiek garatzen dituzten gainerako xedapenak bete beharko dira.

Babes publikoko etxebizitzen salerosketa-kontratuetan nahitaez agertu beharreko baldintzak (bigarren eta ondorengo eskualdatzeak).

  1. – Erosketaren xede den etxebizitza horrek babes ofizialeko etxebizitzen erregimenaren ondorio diren debeku eta mugak bete behar ditu, eta erabilera-baldintzak behin betiko kalifikazioan adierazitakoak izango dira eta salmentaren prezioek ezin izango dituzte ezarritako mugak gainditu.

  2. – Saltzailea beharturik dago etxebizitzaren giltzak hiru hilabeteko gehienezko epean ematera, kontratua egiten den egunetik kontatzen hasita, non eta Ordezkaritzak epe hori luzatzen ez duen.

  3. – Eroslea beharturik dago etxebizitza hori okupatzera hiru hilabeteko gehienezko epean giltzak eman zaizkionetik kontatzen hasita, hori ez egiteko arrazoi justuren bat egon ezean.

  4. – Saltzailea beharturik dago eskuratzaile edo errentariaren esku kontratu bat jartzera, Ordezkaritzak behar bezala bisatua.

  5. – Erosleak etxebizitza horretan izango du bere ohiko etxebizitza iraunkorra hiru hilabeteko epean, eta hori egiaztatzeko dagokion udal-ziurtagiria aurkeztu beharko du Lurralde Ordezkaritzan, eta halaber, konpromisoa hartzen du etxebizitza hori bere ohiko etxebizitza iraunkorra izateko.

  6. – Etxebizitza hori ohiko bizileku iraunkorrerako ez erabiltzeak normalean okupatu gabe edukiz, edo bigarren bizileku izateko edo baimendu gabeko beste xede batzuetarako erabiltzeak, egindako legehauste oso larri horri dagozkion diru-zigorrez gain, interes sozialarengatik etxebizitzaren desjabetzea eragin dezake.

  7. – Etxebizitzaren eskualdatzea apirilaren 15eko 7/1988 Legearen –babes ofizialeko etxebizitzen eskualdatzeetan EAEko Administrazioak duen erosteko lehentasun-eskubideari buruzkoa– preskripzioen eta hura garatzen duten xedapenen menpe dago, Lurzoru eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen zortzigarren xedapen gehigarrian aipatutako lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko Tokiko Administrazioek dituzten eskubideak gorabehera.

  8. – Hitzarmenaren sinatzaileek berariaz onartuko dute dekretu honetako 15. artikuluan finkatutako esleipen-prozedura. Azkenean esleipendun suertatzen ez den pertsonari dagokionez, hitzarmen hori zuzenbide osoz ebatziko da.

  9. – 31/1978 Errege Dekretu-Legearen babes ofizialeko erregimenaren ondorio diren gainerako debekuak eta mugak, eta haiek garatzen dituzten gainerako xedapenak bete beharko dira.

Etxebizitza babestuak eskuratzeko baldintzak egiaztatze aldera, beste erakunde batzuei datu pertsonalak eskatzeko EAEko Administrazioari emandako baimena.

"Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailari baimena ematen diot etxebizitza babestuak eskuratzeko eskatzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatzeko beharrezkotzat jotzen diren datuak erakunde eskudunei eskatzeko. Erakunde eskudunak izango dira, behinik behin, Foru Ogasunak, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorra, Estatistikako Institutu Nazionala eta Jabetza Erregistroak".

Gaiarekin lotutako edukiak


Arauaren historia (34)

Arauaren historia

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.