Etxebizitza eta Hiri Agenda Saila

Arautegia

Inprimatu

149/2007 DEKRETUA, irailaren 18koa, Euskadiko Osasun Sisteman bigarren iritzi medikoa eskatzeko eskubideaz baliatzea arautzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Osasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 193
  • Hurrenkera-zk.: 5437
  • Xedapen-zk.: 149
  • Xedapen-data: 2007/09/18
  • Argitaratze-data: 2007/10/05

Gaikako eremua

  • Gaia: Osasun eta kontsumoa; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Euskadin bigarren iritzi medikoa jasotzeko eskubidea uztailaren 18ko 175/1989 Dekretuan aitortzen da (175/1989 Dekretua, Euskal Osasun Zerbitzuaren gaixo eta erabiltzaileen eskubide eta obligazioen karta onartzen duena). Dekretu horren 1. kapituluko 1.f) artikuluan xedatzen denaren arabera, norberaren osasun edo biziarentzat arriskutsuak diren tratamendu terapeutiko, ebakuntza kirurgiko edo prozedura asistentzialez baliatu baino lehen, zalantzarik izanez gero, bigarren iritzi medikoa eskatzeko eskubidea dago.

Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko 8/1997 Legearen 6. artikuluan osasun-politikaren jarraibideetarako printzipio batzuk adierazten dira; besteak beste: unibertsalitatea, solidaritatea, ekitatea, zerbitzuen kalitatea eta herritarren parte-hartzea. Printzipio horiek guztiak zenbait eskubide arautzeko gerora eman diren arauen euskarri eta oinarriak dira; eskubide horietako bat da, hain zuzen ere, bigarren iritzi medikoa jasotzearena.

Lege hori sortu zen euskal botere publikoek herritarrarekiko hartzen duten konpromisoa —osasuna babestu eta zaintzeari buruzko eskubide garrantzitsua garatu eta aplikatzeari dagokiona— antolatuko duen oinarrizko tresna gisa.

8/1997 Legeak zioen azalpenean azpimarratzen duenaren arabera, "sistema sanitarioarekiko herritarren zeregina handia ez ezik, demokratikoa eta parte hartzekoa ere izan behar da". Halaber, behin eta berriro esaten du osasunaren babes legaletik datozen eskubide instrumental eta osagarriak bermatu behar direla; besteak beste, pertsonaren intimitatea eta duintasuna, baimena ematea behar besteko informazioa hartu eta gero, edo zerbitzu sanitarioak aukeratzeko ahalmen handia dagoela onartzea.

Osasun Sistema Nazionalaren kohesioari eta kalitateari buruzko maiatzaren 28ko 16/2003 Legeak 4.a) artikuluan ezartzen du herritarrak bere prozesuari buruz medikuaren bigarren iritzi bat eskatzeko duen eskubidea. Legearen 28.1 artikuluak ezartzen duenaren arabera, eskubide horretaz baliatzea bermatzeko, instituzio asistentzialek egokitu egin beharko dute euren antolamendua.

Batetik, pilaturik dagoen esperientzia, eta bestetik, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko 8/1997 Legearen bidez sortu zen Euskadiko Osasun Sistema taiutzen duten printzipioak kontuan hartuta, bigarren iritzi medikoa jasotzeko eskubidea arautzen da. Helburua: prestazio honen irisgarritasuna, ekitatea eta eraginkortasuna hobetzea, eta bigarren iritzirako gehienezko epe bat bermatzea.

Dekretu honen bidez, bigarren iritzi medikoa jasotzeko eskubidea zein eremutan erabil daitekeen arautzen da; osasun-baliabideetara kalitatezko irizpide batzuekin iristea eta baliabide horiek proportzionaltasunez erabiltzea bilatuko da. Horregatik, beharrezkoa da bigarren iritzia eskatzeko eskubidearen erabilera mugatzea: pazientearen osasunarentzat edo osotasun fisiko edo psikikoarentzat arriskutsuak diren zenbait gaixotasunen prozesuei lotuko zaie, eta beharrezko mugak jarriko dira bigarren iritzia jasotzeko eskubidea erabili ez dadin, ez mediku-aldaketa bat lortzeko, ez mediku edo osasun-zerbitzuaren aukeraketan planteamendu oker bat bideratzeko. Izan ere, prozedura berezi bat erabili behar da horretarako.

Dekretu honetan bigarren iritziaren eskabideak izapidetzeko eredu bat aukeratu da; osasun-zentroetako paziente eta erabiltzaileei arreta eskaintzeko zerbitzuen eta Osasun Sailaren zeregina izango da eredu hori kudeatzea. Unitate horiek izango dira bigarren iritzirako eskabideen izapideak egingo dituztenak, eta ordua beste zerbitzu mediko batean lortzea kudeatuko dute, alegia, ezingo da ordurik lortu lehenengo diagnostikoa eta aukera terapeutikoa eman zuen zerbitzu medikoaren osasun-zentroan; inpartzialtasuna bermatze aldera egingo da hori. Baina horrek ez du esan nahi Osasun Sailak hori guztia bermatu behar ez duenik.

Bigarren iritzia lehenengoarekin bat ez badator, arauak eskubidea aitortzen dio pazienteari balorazioa egin dioten zentroetako edozeinetan jarraitzea aukera dezan. Horrek ez du esan nahi, ordea, ebakuntza kirurgiko bat egiteko itxaron-zerrenda batean baino gehiagotan egon daitekeenik. Ekitatearen eta osasun-baliabide publikoen arrazionaltasunaren izenean hartuko da neurri hori.

Dekretuak, azkenik, bigarren iritzi medikoa eskatzeak ebakuntza kirurgiko baterako itxaron-zerrendan egoteari dagokionez dituen eraginak zeintzuk diren adierazten du. Azken hori 65/2006 Dekretuan arautzen da; izan ere, bertan zehazten da, kasuaren arabera, gehienezko epea aldi batean etetea edo bermea galtzea.

Azkenik, Dekretu hau izapidetzerakoan, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean 19. artikulutik 22. artikulura arte ezartzen diren izapideak egin dira.

Horregatik, Osasun sailburuaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoa ados dela, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2007ko irailaren 18an egindako bilkuran gaia eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

  1. – Euskadiko Osasun Sistemaren eremuan bigarren iritzi medikoa jasotzeko eskubideaz baliatzea bermatzen da, Dekretu honetan adierazitakoaren arabera. Biziarentzat edo bizi-kalitatearentzat arriskutsuak diren gaixotasunen kasuan baliatu ahal izango da eskubide horretaz.

  2. – Bigarren iritzi medikorako eskubideak honako helburua du: lehenengo diagnostiko edo proposamen terapeutikoa egiaztatzea, pertsona bakoitzak bere osasunaren inguruan erabakiak hartzerakoan informazio gehiago izan dezan.

Dekretu honetan arautzen den bigarren iritzi medikorako eskubidea honako prozesu hauetan bermatuko da:

  1. Gaixotasun neoplasiko gaiztoa.

  2. Endekapenezko gaixotasun neurologikoak.

  3. Gaixotasun kardiobaskularrak.

  4. Biziarentzat edo bizi-kalitatearentzat arriskua dakarren beste edozein gaixotasun. Arrisku hori, hain zuzen ere, honela ulertu behar da: minusbaliotasuna, menpekotasun larria edo eguneroko bizitzarako edo lanerako kalte handia.

Bigarren iritzi medikoa eskatu ahal izango dute, Dekretu honetan ezarritakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren erabiltzaileek, baldin eta asistentzia sanitario publikorako eskubidea badute Euskadiko Osasun Sistemaren kontura.

  1. – Bigarren iritzia Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko sare publikoko zentro batean diharduten mediku profesionalek emango dute; ezingo dira izan, ordea, gaixotasuna diagnostikatu duen zentroko profesionalak.

  2. – Bigarren iritzi medikorako eskubideaz baliatzeak eskatzen duen ebaluazioa egingo duen zentroa, ahal dela, eskatzailearen etxebizitzatik gertuen dagoen Euskal Autonomi Erkidegoko zentro bat izango da, betiere, eskatutako espezialitatea baldin badauka.

  3. – Teknika diagnostiko eta/edo terapeutiko baten egoera bereziagatik beharrezkoa gertatzen denean, Euskal Autonomia Erkidegoaz kanpoko beste osasun sistema publiko batekoak diren zentro itunduetan edo osasun-zentroetan lortu ahal izango da bigarren iritzi medikoa, betiere, Osasun Sailaren baimenarekin.

  4. – Bigarren iritzi medikoa jatorrizko zerbitzu-medikoak egindako proba diagnostiko eta terapeutikoetan eta txostenetan oinarrituko da. Halaber, diagnostiko bat lortzeko beharrezkoak diren proba osagarriak ere egin ahal izango dira. Proba horiek, ahal dela, bigarren iritzia eman behar duen zerbitzu medikoa barne hartzen duen zentroaren osasun-azpiegituraren eremuan agindu eta egingo dira.

  5. – Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuak beharrezko neurriak hartuko ditu proba diagnostikoak beharrik gabe errepika ez daitezen, eta osasun-informazioa dagokion historia klinikoan sartzea bermatzeko.

  1. – Bigarren iritzi medikorako eskabidea pazienteak, haren legezko ordezkariak edo interesdunak berariaz baimendutako pertsonak eskatu ahal izango du, baldin eta horretarako eskubidea badu eta Dekretu honen 2. artikuluan adierazitako egoeretakoren batean badago. Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuaren osasun-zentroen sareko Pazientea-Erabiltzailea Atenditzeko Zerbitzuaren edo Osasun Sailaren edozein unitatetan aurkeztu ahal izango da eskabidea, edo bestela, baliabide elektronikoak, informatikoak eta telematikoak erabili ahal izango dira, Euskadiko Osasun Sisteman sinadura elektronikoaren erabilera arautzen duten xedapenen arabera. Halaber, eskabidea aurkeztu ahal izango da Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38.4 artikuluan ezarritako lekuetan.

    Pazienteak bigarren iritzi medikoa eskatzeko gaitasunik ez badu, legezko ordezkaririk ez badu, eta beste pertsona bat berariaz baimendu ez badu, gertuko ahaideek, edo horiek ezean, bigarren iritzia lortzeko bidezko interesa justifikatzen dutenek eskatu ahal izango dute bigarren iritzi hori.

  2. – Eskabidean bigarren iritzi medikoa eskatzera eramaten duten egoeren azalpena jasoko da, eta pazientea lehen aldiz artatu duen asistentzia-zentroan egingo dira izapideak.

  3. – Jatorrizko osasun-zentroan, Pazientea-Erabiltzailea Atenditzeko Zerbitzuak eskabidearen berri emango dio Zuzendaritza Medikoari, eta interesdunaren osasun-asistentziaren ardura duen zerbitzuaren txostena eskuratuko du.

  1. – Eskabidea dagokion erregistroan sartu eta 10 egun balioduneko epean, Pazientea-Erabiltzailea Atenditzeko Zerbitzuak, horretarako eskubiderik badu, bigarren iritzirako eskaerari erantzuna emateko eguna, ordua eta zerbitzu medikoa hitzartuko ditu, 4. artikuluan ezarritakoaren arabera. Eta hitzordua lehentasunaren arabera emango da.

  2. – Bigarren iritzi medikoa ematea, Dekretu honetan ezarritako irizpideen arabera, bidezkotzat jotzen ez bada, Zuzendaritza Medikoak txosten arrazoitu bat emango du, eta bertan irizpide klinikoak erabiliko dira pazientearen eskabidea baloratzeko.

  3. – Ezarritako epea jakinarazpenik egin gabe igarotzen bada, pazienteak edo haren ordezkariak Osasun Saileko organo eskudunari jakinaraziko dio, eta organo horrek ebatziko du, jakinarazpena egin eta bost eguneko epearen barruan. Ebazpena aldekoa bada, bigarren iritzia emango duen zentroa eta zerbitzu espezializatua zein den adieraziko du.

  1. – Behin bigarren iritzi medikoa lortuta, osasun-asistentzia jatorrizko osasun-zentroan emango da, baldin eta bigarren diagnostikoak lehenengoa baieztatzen badu. Baieztatzen ez badu, bigarren iritzi medikoa eman zen osasun-zentroan lortu ahal izango da osasun-asistentzia.

  2. – Bigarren iritzi medikoa lortzeak inola ere ez du esan nahi ebakuntza kirurgiko bererako bi itxaron-zerrendatan aldi berean egoteko eskubiderik dagoenik. Kasu horretan Euskadiko Osasun Sistemaren konturako prozedura kirurgiko programatuetara eta urgenteak ez direnetara iristeko gehienezko epeak ezartzen dituen araudiari jarraituko zaio.

  1. – 8. artikuluari (Bermea galtzea) e) idatz-zatia gehitzen zaio:

    "e) Pazienteak, bere ordezkariak edo bere interesaren alde egiten duenak bigarren iritzi medikoa eman zuen osasun-zentroan artatua izatea aukeratzen badu, Euskadiko Osasun Sisteman eskubide hori erregulatzen duen araudian ezarritakoaren arabera."

  2. – 9. artikuluari (Interbentzio kirurgikorako gehienezko epea aldi batean etetea) e) idatz-zatia gehitzen zaio:

    "e) Pazientea bigarren iritzi mediko baten emaitzaren zain badago, Euskadiko Osasun Sisteman eskubide hori erregulatzen duen araudian ezarritakoaren arabera".

Azaroaren 6ko 268/2001 Dekretuaren 15. artikuluan (Osasun Saileko lurralde-zuzendaritzak) 3. paragrafoari e) idatz-zatia gehitzen zaio (268/2001 Dekretua, Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena). Honela dio idatz-zati horrek:

"f) Euskadiko Osasun Sisteman bigarren iritzi medikoa jasotzeko eskubidea erregulatzen duen araudia aplikatzearen ondorioz sortzen diren administrazio-prozedurak izapidetzea eta ebaztea".

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2007ko irailaren 18an.

Lehendakaria

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Osasun sailburua,

GABRIEL M.ª INCLÁN IRIBAR.