Arautegia
Inprimatu214/2006 DEKRETUA, urriaren 31koa, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Jaurlaritzaren Lehendakaritza
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 220
- Hurrenkera-zk.: 5737
- Xedapen-zk.: 214
- Xedapen-data: 2006/10/31
- Argitaratze-data: 2006/11/17
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Sailak
Testu legala
Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea otsailaren 5eko 2/1988 Legearen bidez sortu zen. Harrezkero, aldatu egin dira Emakunderen eginkizunak Emakumeen eta gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeko lehenengo azken xedapenean xedatutakoari jarraiki.
Ezarritako eginkizun berriak betetzeko, eta Emakumeen eta gizonen berdintasunerako Legea garatzeko, orain arte Emakunderen antolaketa eta jardute-egitura organikoa eta funtzionala arautu duen abenduaren 13ko 301/1988 Dekretua ordeztu behar da. Ildo horretatik, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako Legeko azken xedapenetatik hamaikagarrenean Emakunderen egiturari buruzko beste dekretu bat onestea aurreikusi da.
Testu bakar batean bildu nahi izan dira Emakunderen kide anitzeko gobernu-organoa den Zuzendaritza Kontseiluari buruzko arauak, eta, horretarako, dekretu honen bidez haren jardun-araubidea ezarri da (orain arte araubide hori maiatzaren 15eko 132/1990 Dekretuan zegoen ezarrita).
Ondorioz, Lehendakaritzaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2006ko urriaren 31ko bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau
– Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea, otsailaren 5eko 2/1988 Legean ezarritakoaren arabera, administrazio-erakunde autonomoa da, Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzari atxikia.
– Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak berezko nortasun juridikoa dauka, eta bere eginkizunak betetzen jarduteko gaitasun osoa. Erakunde honen araubide juridikoa ondokoetan ezarri da: erakundea sortu zuen Legean; 1/1994 Legegintzako Dekretuan, irailaren 27koan, Euskadiko Aurrekontu Erregimenari buruz indarrean dauden lege xedapenen Testu Bategina onetsi duenean; 1/1997 Legegintzako Dekretuan, azaroaren 11koan, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onetsi duenean; honako dekretu honetan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde autonomoei aplikatu beharreko gainerako legerian.
– Emakunde sortu zuen Legean ezarritakoaren arabera, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak Euskal Herriko politika, ekonomia, kultura eta gizarte-bizitzako alor guztietan gizonezkoen eta emakumezkoen arteko benetako eta egiazko berdintasuna lortzea du funtsezko xedea, eta hori lortzeko honako helburuak ezarri ditu erakundeak: emakumeari bereizkeria egiteko era guztiak ezabatzea, sexuen arteko berdintasuna errazteko bideak sustatzea, eta hori bete-betean lortzeko eragozpen diren izatezko eta lege-aldetiko oztopo guztiak kentzea.
– Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak eginkizun hauek ditu:
Arestian proposatu diren xedeak lortzeko gidalerroak lantzea eta Autonomia Erkidegoko herri-aginte guztiek aplika ditzaten bultzatzea.
Berdintasunerako politiken eta Autonomia Erkidegoko legeriaren jarraipena egitea, gizonen eta emakumeen berdintasunaren printzipioa betetzen den ala ez egiaztatzeko; horretaz gainera, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako Defentsa Erakundeak bereizkeriaren aurkako arautegia analizatu, ebaluatu eta aztertu dezake.
Emakumeen eta gizonen benetako berdintasuna eragozten edo zailtzen duten oztopoak ezabatzeko lege-aldaketen proposamenak egitea, baita 4/2005 Legea garatzeko arauak proposatzea ere.
Erkidegoko Administrazioak sustatzen dituen arauen prestakuntza-prozeduran txostenak egitea, 4/2005 Legeko 19. eta 20. artikuluetan xedatutakoa zuzen aplikatzen den ala ez egiaztatzeko, eta, bidezkoa denean, hobetzeko proposamenak egitea.
Eusko Jaurlaritzako sailek, foru-aldundiek eta toki-erakundeek emakumeen eta gizonen berdintasunerako egiten dituzten planen egokitasunari buruzko txostenak egitea, hau da, plan horiek Eusko Jaurlaritzak legegintzaldi bakoitzerako onetsi behar duen plan orokorreko esku-hartze ildoekin eta jarraibideekin bat datozen ala ez argituko duten txostenak egitea.
Genero-ikuspegia politikaren arlo guztietan txertatzeko metodoak diseinatzea eta bultzatzea, eta, batez ere, generoaren araberako eraginaren aurretiazko ebaluazioa egiteko gidalerroak proposatzea, eta Administrazioaren jardunean eta arautegian desberdintasunak ezabatzeko eta emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko neurriak sartzea.
Emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan ari diren erakunde, organo eta unitate eskudunetako langileen eginkizunei eta trebakuntzari buruzko gutxieneko baldintzak, oinarrizkoak eta komunak, proposatzea EAEko herri-administrazioetako organo eskudunei.
Emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko jarduerak bultzatzea, eta EAEko herri-botereei horretaz aholkuak ematea eta haiekin lankidetzan aritzea, batez ere emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko trebakuntza-planak —emakumeen aurkako indarkerian esku hartzeko planak barne— diseinatzeko.
Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Sail arteko Batzordearen eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Erakunde arteko Batzordearen egitekoak bultzatzea eta koordinatzea, eta Autonomia Erkidegoko herri-botereek garatzen dituzten programetatik emakumeen egoeran zein emakumeen eta gizonen berdintasunean eragina izan dezaketenak koordinatzeko neurriak bultzatzea.
Emakumeen eta gizonen inguruabar, beharrizan eta interesak aztertzea, bai eta horren guztiaren ondorioz politikan, ekonomian, kulturan eta gizartean dauden desberdintasunak ere, eta, batez ere, jarduera-eremu bakoitzean aplikatu beharreko politikak zehazteko azterlanak sustatzea.
Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Plana egitea eta Eusko Jaurlaritzak onar dezan proposatzea, bai eta plana ebaluatzea ere.
Euskal Autonomia Erkidegoan emakumeen aurkako indarkerian esku hartzeko dauden zerbitzu eta programen eraginkortasuna eta irismena ebaluatzea.
Enpresa eta erakundeei aholkuak ematea eta enpresa eta erakundeontzako laguntzak eta bestelako sustapen-neurriak ezartzea, baliabide material eta ekonomikoak zein giza baliabideak zuzkitze aldera, enpresa eta erakundeok emakumeen eta gizonen berdintasunerako planak, programak eta jarduerak garatu ahal izan ditzaten.
Gizonen eta emakumeen berdintasunaren arloko zerbitzuak eman nahi dituzten erakundeek behar duten homologazioa lortzeko bete beharreko gutxieneko betekizunak eta baldintzak —oinarrizkoak eta komunak— proposatzea organo eskudunari.
Bereizkeria anizkoitza jasaten duten emakumeen oinarrizko gizarte-eskubideak bermatzeko zerbitzuak bultzatzea, eta horien inguruko proposamenak egitea.
Gizonen eta emakumeen bizitza pertsonala, lana eta familiako ardurak bateratzen lagunduko duten zerbitzu soziokomunitarioak bultzatzea, eta horien inguruko proposamenak egitea.
Bidezko jotzen diren sentsibilizazio-, sustapen- etazabalkunde-ekintza eta kanpainen bidez, herritarrak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esanahiaz eta garrantziaz sentsibilizatzea, bai eta hori lortzeko zein emakumeei botere gehiago emateko lan egin beharraz ere.
Nolako xedeak edo eginkizunak dituzten kontuan hartuta, Emakunderen helburuak lortzen lagundu dezaketen elkarte, fundazio eta enteekin harremanak ezartzea, bai eta haiekin lankidetzan aritzeko bideak ere.
Beste autonomia-erkidego batzuetako, Estatuko eta nazioarteko antzeko erakunde eta organismoekin harremanak ezartzea, bai eta haiekin lankidetzan aritzeko bideak ere.
Sexuaren zioz emakumeek jasaten dituzten bereizkeria, abusu edo eskubide-urratzeak direla-eta aurkezten diren salaketak bideratzea, eta behar diren ekintzak abiaraztea.
Zehatzeko ahala erabiltzea, otsailaren 18ko 4/2005 Legean ezarritakoaren arabera (4/2005 Legea, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako Legea).
Agintzen zaizkion gainerako eginkizun guztiak, baldin eta bere xedeekin zerikusia badute.
– Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak, aurreko artikuluan aipatzen diren eginkizunak betetzeko, organo hauek ditu:
Gobernu-organoak:
Zuzendaritza Kontseilua.
Zuzendaritza.
Kudeaketako administrazio-organoa.
Idazkaritza Nagusia.
– Ondoren azalduko diren organoak, bakoitza bere sorkuntzari eta jardunari buruzko arauetan ezarritakoarekin bat etorriz, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeari atxikita eta/edo lotuta daude:
Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Erakunde arteko Batzordea.
Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Sail arteko Batzordea.
Begira-Berdintasuna Garatzeko Iragarkien Aholkularitza.
Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko Aholku Batzordea.
Etxeko tratu txar eta sexu erasoen biktima diren emakumeei eskaintzen zaien laguntza hobetzeko Erakundeen arteko Akordioaren Jarraipen Batzordea.
Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean eta haren antolamendu eta jardunerako arautegian ezarritakoaren arabera, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Defentsa Erakundea Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeari atxikita egongo da, haren egitura hierarkikoan txertatu gabe, eta bere eginkizunak betetzeko erabateko autonomia izango du Administrazioaren beste atalekiko.
Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen egoitza Gasteizen egongo da; nolanahi ere, lurralde-ordezkaritzak ezar ditzake.
Otsailaren 5eko 2/1988 Legean xedatutakoarekin bat etorriz, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendaritza organo nagusiak Zuzendaritza Kontseilua eta Zuzendaritza dira.
Zuzendaritza Kontseilua honako hauek osatuko dute:
Kontseiluburua: Eusko Jaurlaritzako lehendakaria.
Kontseiluburuordea: Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria.
Kontseilukideak:
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak sei ordezkari izango ditu, hain zuzen ere hezkuntza, enplegua, osasuna, industria, kultura eta gizarte arazoen arloetako eskumenak dituzten sailburuek izendatutako sei sailburuorde.
Foru-administrazio bakoitzak hiru ordezkari izango ditu: organo eskudunek izendatutako foru-diputatuak izango dira.
Toki-administrazioek hiru ordezkari izango dituzte, Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkaritza handiena duen udal elkarteak izendatuak.
Eusko Legebiltzarrean emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan eskuduna den Batzordeak ordezkari bat izango du; legegintzaldi bakoitzean, legebiltzarkideetako bat hautatuko da ordezkari.
Eusko Legebiltzarrak sei ordezkari izendatuko ditu, legegintzaldi bakoitzean; izendapenerako, pertsona horiek emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde arlo pertsonalean edo profesionalean egindako lana hartuko da kontuan.
Emakunderen Aholku Batzordeak ordezkari bat izango du.
Idazkaria: Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko idazkaria izango da; hitza izango du, baina botorik ez. Kanpoan edo gaixorik dagoenean, edo kargua bete gabe dagoenean, kontseilukiderik gazteena ariko da idazkari-lanetan.
Hona Zuzendaritza Kontseiluaren eginkizunak:
Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Plana onestea, gero Jaurlaritzari aurkezteko.
Euskal Autonomia Erkidegoko emakumeen egoerari buruzko ebaluazio-txostena eta herri-botereek arlo horretan izandako jardunari buruzko memoria onestea, gero Jaurlaritzari aurkezteko.
Emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko arauen proiektuak onestea, gero Jaurlaritzari aurkezteko.
Erakundearen jardunari buruzko urteko memoria onestea.
Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako defendatzailea proposatzea.
– Zuzendaritza Kontseiluak ohiko bi bilkura egingo ditu urtean, gutxienez: bata, lehenengo seihilekoan eta bestea, bigarrenean.
– Horiez gainera, bilkura bereziak egin daitezke ondokoek eskatuta:
Kontseiluburuak, edo
Kontseiluko kideen bi herenak.
– Eskaera idatziz egin behar da b) idatz-zatiko kasuan, eta bertan, aztertu nahi diren gaiak proposatu behar dira eta zergatik aztertu nahi diren azaldu. Kontseiluburuak eskaera jaso eta hamabost egun igaro baino lehen deituko du bilkura berezia. Gai-zerrendan, nahitaez agertu behar dira eskatutako aztergaiak, eta kontseiluburuak gehiago ere sar ditzake.
– Kontseiluaren ohiko bilkuretarako deialdiak kontseiluburuak egin behar ditu, edo kontseiluburuordeak, haren lekuan ari denean.
Zuzendaritza Kontseiluaren bilkuretarako deialdia bilkuraren eguna baino hamar egun lehenago egin behar da, gutxienez. Kontseiluburuak bilkura bat presazkotzat jotzen badu, nahikoa izango da deialdia lau egun lehenago egitea. Horrelako kasuetan, deialdian bertan azaldu behar da zergatik den presazkoa.
Deialdia idatziz egin behar da; bertan, bilkura non, noiz eta zer ordutan izango den zehaztu behar da, eta aztertuko diren gaien zerrenda agertu behar da. Horrekin batera, Kontseiluko kideek bilkura prestatzeko behar dituzten agiriak eta txostenak ere banatu behar dira.
– Bilkuretako gai-zerrenda kontseiluburuak finkatuko du, edo kontseiluburuordeak, haren lekuan ari denean. Kontseiluko kideek gai zehatzak aztertzeko egiten dituzten proposamenak zerrenda prestatu baino lehen aztertuko dira. Nolanahi ere, kideen heren batek, gutxienez, formalki proposatzen dituen gaiak nahitaez sartu behar dira zerrendan.
– Zuzendaritza Kontseiluaren bilkurak, normalean, Emakunderen egoitzan, Gasteizen, egingo dira. Aparteko kasuetan, kontseiluburuak bidezko arrazoia dela-eta aginduta, bilkura Euskal Autonomia Erkidegoko beste toki batean egin daiteke.
– Kontseilua legez eratutzat jotzeko, ezinbestekoa da bilkuran, lehenengo deialdian, kontseiluburua, edo haren ordezkoa, eta gainerako kideen erdia egotea, gutxienez.
Lehenengo deialdian aurrekoa gertatzen ez bada, ordubete geroago bilduko da Kontseilua, eta orduan nahikoa izango da kideen heren bat bertan izatea, kontseiluburua edo haren ordezkoa barne.
– Kontseiluak bilkuran diren kideen gehiengo soilaren aldeko botoez hartuko ditu erabakiak. Salbuespen bat dago: Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Plana onesteko, gehiengo osoaren aldeko botoak beharko dira. Berdinketa gertatuz gero, kontseiluburuak ebatziko du bere kalitatezko botoarekin.
– Idazkariak izan ezik, Kontseiluko kide bakoitzak botobana edukiko du.
– Botazioak besoa jasoz egingo dira; aldeko edo aurkako botoa eman daiteke, eta abstenitu ere egin daiteke.
– Kontseiluburuak, bere ekimenez zein bilkuran bertan dauden kideen bosten batek eskatuta, botoa idatziz eta sekretuan emateko agindu dezake.
– Idazkariak emango du botazioen emaitzen berri.
– Zuzendaritza Kontseiluko kideek gehiengoaren erabakiaren aurkako boto partikularra aurkez dezakete, edo iragarri, betiere bilkura amaitutzat jo baino lehen. Norbaitek hori eginez gero, botoa idazki batean bidali behar dio Kontseiluko Burutzari, hiru egun igaro baino lehen. Epe horretan boto partikularraren idazkia aurkeztu ezean, uko egin zaiola pentsatuko da.
– Eguneko gai-zerrendan ez dauden gaiez ezin da baliozko erabakirik hartu, non eta kontseilukide guztiak bertan ez dauden, eta gehiengoaren aldeko botoaren bidez gaia presakoa dela deklaratzen ez den. Erabakiak gehiengoaren botoen bidez hartuko dira.
– Idazkariak bilkura guztien akta egingo du; akta horietan ondokoak jasoko ditu: bilkuran izan direnen izenak; aztertu diren gaiak; botazioen emaitzak, eginez gero, eta hartutako erabakiak.
– Kontseiluko kideek erabakien aurkako botoa agerraraz dezakete aktan, bai eta boto hori emateko arrazoiak ere.
– Bilkuren aktak Kontseiluak onetsi behar ditu, idazkariak sinatu eta kontseiluburuak berretsi baino lehen.
artikuluan azaldutakoez gainera, kontseiluburuak eskumen hauek ditu:
Organoaren ordezkari nagusia izatea.
Ohiko eta ohiz kanpoko bilkurak noiz egingo diren adostea, eta bilkura horietarako gai-zerrenda finkatzea; gainerako kideek egiten dituzten eskaerak ere kontuan hartuko ditu, baldin eta behar hainbesteko aurrerapenez egiten badituzte.
Kontseiluaren bilkuretan buru aritzea, deliberamenduak zuzentzea, eztabaidak moderatzea, bilkurak bertan behera uztea horretarako arrazoirik egonez gero, eta, oro har, behar diren ahalmenak erabiltzea bilkurak ondo burutzeko.
Berdinketak bere kalitatezko botoarekin ebaztea.
Legeak betetzen direla ziurtatzea.
Organoaren erabakiei buruzko aktak eta egiaztagiriak ikus-onestea.
Kontseiluburuari dagozkion gainerako zereginak burutzea.
Kontseiluburua ez dagoenean, kontseiluburuordea ariko da haren eginkizun guztietan.
Hauek dira idazkariaren zereginak:
Bilkurak prestatzea.
Kontseiluaren bilkuretako aktak egitea.
Kontseiluaren erabakien ziurtagiriak ematea.
Kontseiluak izapidetzen dituen espediente guztiak bultzatzea, eta haien jarraipena egitea.
Aurreko idatz-zatietan azaldutako egintzak jasotzen dituzten dokumentuak biltzea eta zaintzea.
Kontseiluburuak agintzen dizkion kudeaketa- eta koordinazio-egintza guztiak egitea, bai eta karguari dagozkionak ere.
– Kontseilukideek eginkizun hauek dituzte:
Bilkuretara joatea eta eztabaidetan aritzea.
Bidezkoak jotzen dituzten proposamenak aurkeztea Kontseiluari.
Dekretu honetako 9.2. artikuluan ezarritako ekimena abiaraztea.
Botoa ematea, haren zentzua adierazita, eta boto partikularra ematea, gehiengoarekin bat datorrena zein ez datorrena.
Kide anitzeko organo bateko kide diren aldetik dagozkien beste eginkizun guztiak.
– Kontseilukideek diru-konpentsazioa jaso dezakete bidaia-gastuengatik eta bilkuretan izateagatik, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen aurrekontuaren kargura.
Zuzendaritza Kontseiluak kontseiluburuordeari eskuordetu ahal dizkio erabaki bidez finkatzen dituen eginkizun guztiak.
– Emakundeko zuzendaria dekretu bidez izendatuko da, baita kargutik kenduko ere. Ondorio guztietarako, zuzendariaren maila sailburuordearena izango da.
– Hona zuzendariaren eginkizunak:
Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen legezko ordezkaria izatea.
Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen eginkizunetatik berariaz Zuzendaritza Kontseiluaren edo Idazkaritza Nagusiaren eskumenekoak ez direnak burutzea.
Euskal Autonomia Erkidegoan emakumeen eta gizonen berdintasunerako politikak gainbegiratzea eta zuzentzea.
Neurrien plana, ebaluazio-txostena eta herri-botereen jardunari buruzko memoria prestatzea (Emakunde sortu duen Legeko 4. artikuluan ezarri dira), gero Zuzendaritza Kontseiluak onets ditzan.
Emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko arau-proiektuak prestatzea eta Zuzendaritza Kontseiluari aurkeztea, gero Jaurlaritzaren Kontseiluak onets ditzan.
Emakunderen helburuak lortzea xede duten akordioak edo hitzarmenak sinatzea, eta horretarako administrazio-ebazpenak ematea.
Emakunderen administrazioa zuzentzea, bai eta bere zerbitzuen jardueren kudeaketa eta barne-ikuskapena ere.
Emakunderen urteko kudeaketari eta jardunari buruzko memoria prestatzea, eta aurrekontuaren aurreproiektua onartzea.
Ordenamendu juridikoaren arabera erakunde autonomoek ondareaz eta kontratazioaz dituzten eskumenak erabiltzea, eta, bereziki, bere eginkizunak betetzeko behar dituen kontratu publiko eta pribatu guztiak egitea Emakunderen izenean. Horrek ez du esan nahi, hala ere, Jaurlaritzaren Kontseiluak eta Ogasun eta Herri Administrazio Sailak ekainaren 5eko 136/1996 Dekretuak eman dizkien eskumenak erabiliko ez dituztenik (136/1996 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren kontratazio-araubideari buruzkoa).
Emakunderen pertsonal-politika zuzentzea, eta hari atxikitako langileak izendatzea eta kargutik kentzea, bai eta langileon egoerak adieraztea ere; horrek ez du esan nahi, hala ere, Jaurlaritzaren Kontseiluak eta Ogasun eta Herri Administrazio Sailak Funtzio Publikoaren alorrean dituzten eskumenak erabiliko ez dituztenik.
Bere eginkizunak ondo burutzeko, beharrezkotzat jotzen duen emakumeen eta gizonen egoerari buruzko informazio guztia eskatzea Jaurlaritzako sailei eta gainerako herri-botereei, batez ere arlo horretan egiten dituzten jarduerei buruzkoa; horretarako egokitzat jotzen dituen komunikazio-mekanismoak ezarriko ditu.
Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Erakunde arteko Batzordeko buru eta etxeko tratu txar eta sexu erasoen biktima diren emakumeei eskaintzen zaien laguntza hobetzeko Erakunde arteko Akordioaren Jarraipen Batzordeko buru aritzea.
Zuzendaritza Kontseiluko eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Sail arteko Batzordeko buruaren ordezkoa izatea.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Defentsa Erakundearekin eta Emakumeen eta gizonen berdintasunerako Legeko 24.5. artikuluan ezarritako erakundearekin izango dituen harremanetan bitartekari aritzea.
Emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko arau-hauste arina egiten dutenei zehapenak ezartzea.
Zuzendaritza Kontseiluak eskuordetzen dizkion eginkizunak eta ordenamendu juridikoaren arabera dagozkionak egikaritzea.
Idazkari nagusia ez dagoenean, gaixorik dagoenean eta kargu hori bete gabe dagoenean, arau honetan hari emandako eginkizun eta eskumen guztiak burutzea, egoerak dirauen artean.
– Aurreko paragrafoko f), i) eta j) idatz-zatietan adierazitako egitekoen inguruan zuzendariak ematen dituen ebazpenek administrazio-bideari amaiera ematen diote.
– Idazkaritza Nagusiaren buru idazkari nagusia izango da; dekretu bidez izendatuko da, eta bere maila zuzendariarena izango da ondorio guztietarako.
– Idazkaritza Nagusia Zuzendaritzaren menpe egongo da zuzen-zuzenean, eta egiteko hauek izango ditu:
Zuzendaritzak eskuordetuta, Emakunderen ordezkari aritzea Eusko Jaurlaritzako sailekiko eta beste administrazio eta erakunde publiko zein pribatuekiko harremanetan.
Emakunderen zerbitzuak bultzatzea, koordinatzea eta gainbegiratzea arlo hauetan: ekonomiaren eta finantzen kudeaketa; ondarearen eta aurrekontuaren kudeaketa; plangintza, azterketak eta dokumentazioa; lege-aholkularitza eta informazioa; programazioa eta beste erakunde batzuekiko lankidetza.
Ondokoak bultzatzea, koordinatzea eta gainbegiratzea: kudeaketa-prozedurak eta laguntza informatikoak, bai eta Emakunderen azpiegiturak eta baliabide materialak beharrizanetara egokitzen direla ere.
Ekonomiaren eta finantzen arloko xedapenak, egintzak, kontratuak eta espedienteak izapidetzeko eta erregistratzeko barne-prozedurak prestatzea, eta gastuak baimentzeko eskumena erabiltzea, baldin eta eskumen hori legez beste organo bati ez badagokio.
Emakundeko langileak administratzea eta kudeatzea, eta haiek trebatzeko eta hobetzeko planak eta programak prestatzea, arlo horretan Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak dituen eskumenak eragotzi gabe.
Begira-Berdintasuna Garatzeko Iragarkien Aholkularitza zuzentzea, eta batzorde horren administrazio-kudeaketaz arduratzea.
Zuzendaritza Kontseiluko, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Erakunde arteko Batzordeko, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Sail arteko Batzordeko eta etxeko tratu txar eta sexu erasoen biktima diren emakumeei eskaintzen zaien laguntza hobetzeko Erakundeen arteko Akordioaren Jarraipen Batzordeko idazkari aritzea, eta horien guztien administrazio kudeaketaz arduratzea.
Txostenak egitea, batez ere 2. artikuluko d) eta e) idatz-zatietan aipatuak eta emakumeen eta gizonen berdintasuna bultzatzen duten irabazi-asmorik gabeko erakundeak herri onurakotzat jotzeko prozeduretakoak.
Emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko arau-hausteak zehatzeko espedienteak izapidetzea.
Emakundeko Zuzendaritzari laguntza teknikoa eta administratiboa ematea hark eskatzen duenean, eta Zuzendaritzak berariaz eskuordetzen dizkion eginkizunak eta ordenamendu juridikoaren arabera dagozkionak burutzea.
Erakundeko zuzendaria ez dagoenean, gaixorik dagoenean eta kargu hori bete gabe dagoenean, arau honetan hari emandako eginkizun eta eskumen guztiak burutzea, egoerak dirauen artean.
Administrazioa aldatzeko eta eraberritzeko organo eskudunak ezartzen dituen ekimenak eta arauak garatzeko eta betetzeko behar diren oinarriak bermatzea. Helburua: erakundearen jardute-eremuan Jaurlaritzaren programako aurreikuspenak —arlo horri dagozkionak— garatzea.
Herritarrei informazioa eta arreta emateko erakundeak dituen zerbitzuen funtzionamendu ezin hobea bermatzea (Jaurlaritzako Zuzenean-Herritarrei arreta emateko zerbitzuaren 2. eta 3. mailak), eta erakundearen eskumeneko gaietan solaskide eragileak egongo direla ziurtatzea.
Kudeaketa-programak garatzeko, administrazio-unitateak sortuko dira, eta unitate horiek Idazkaritza Nagusiaren menpe egongo dira zuzenean. Unitateok, bada, Funtzio Publikoaren Legea garatzeko eta betearazteko ematen diren xedapenen bitartez eta lanpostu-zerrendei buruzko dekretuen bitartez sortu eta azkenduko dira, eta eginkizunak ezarri ere xedapen eta dekretuon bitartez ezarriko zaizkie.
Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak emakumeek eta herritarren elkarteek politika sozial, ekonomiko eta kulturalen garapenean benetan parte hartzeko bidea eskainiko duen entitatea sortzea sustatuko du; entitate hori Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeko 24.5. artikuluan dago aurreikusita.
Dekretu hau indarrean jartzen den egunaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean izendatu behar dira karguagatik berez Kontseiluko kide ez diren kontseilukideak, hain zuzen ere, dekretu honetako 7. artikuluko c) idatz-zatian adierazitakoak, bai eta haien ordezkoak ere. Eusko Legebiltzarrak arlo pertsonalean edo profesionalean egindako lana kontuan harturik izendatutako 6 kontseilukideek ez dute ordezkorik izango. Ordezkoek erabaki-ahalmen politikoa eduki behar dute ordezkatzen duten erakundean.
Indargabetuta geratzen dira dekretu honetan xedatutakoaren aurka doazen maila bereko eta apalagoko xedapen guztiak, ondokoak bereziki: 301/1988 Dekretua, abenduaren 13koa, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen antolaketa eta jardute-egitura ezartzen duena; eta 132/1990 Dekretua, maiatzaren 15ekoa, Emakumearen Euskal Erakundeko Zuzendaritza Kontseiluaren funtzionamendurako erregimena ezartzen duena.
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra dekretu honek.
Vitoria-Gasteizen, 2006ko urriaren 31n.
Lehendakaria,
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (7)
- Aldatutakoa: 6/2014 DEKRETUA, otsailaren 4koa, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen dekretua aldatzeko dena.
- Aldatutakoa: 360/2013 DEKRETUA, ekainaren 11koa, Begira / publizitate eta komunikazio ez-sexista erabiltzeko Aholku Batzordearena.
- Ikus: 4/2005 LEGEA, otsailaren 18koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoa.
- Aldatutakoa: 48/2022 DEKRETUA, apirilaren 12koa, generoaren arloko aukera-berdintasunerako jarduketa-eremuko zenbait dekretu aldatzen dituena, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organiko eta funtzional berrira egokitzeko.
- Indargabetzen du: 132/1990 DEKRETUA, maiatzaren 15eko, zeinen bidez Emakumearen Euskal Erakundearen Zuzendaritza Kontseiluaren funtzionamendurako erregimena ezartzen baita.
- Indargabetzen du: 301/1988 DEKRETUA, abenduaren 13koa, Instituto Vasco de la Mujer/Emakumearen Euskal Erakundearen antolaketa eta ihardutze-egitura ezartzen duena.
- Ikus: Otsailaren 5eko 2/1988 LEGEA, «Instituto Vasco de la Mujer / Emakumearen Euskal Erakundea» sortarazteari buruzkoa.