Etxebizitza eta Hiri Agenda Saila

Arautegia

Inprimatu

67/2003 DEKRETUA, martxoaren 18koa, euskararen erabilera Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuan normalizatzeko.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Osasun Saila; Kultura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 64
  • Hurrenkera-zk.: 1945
  • Xedapen-zk.: 67
  • Xedapen-data: 2003/03/18
  • Argitaratze-data: 2003/03/31

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Osasun eta kontsumoa; Hezkuntza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Dekretu honek Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana arautu behar duten oinarriak ezartzen ditu. Plana Euskal Administrazioan euskararen erabilera normalizatzeko prozesu orokorrean dago kokaturik. Hizkuntz normalizazio prozesu hori araudi juridiko berariazko batek bultzatzen du, Euskadiko herritarren borondateari jarraitzen dionak, 10/1982 Legean, Euskararen Erabilera Arauzkotzekoan, hezurmamiturik.

Aipatu Lege hori du abiaburu 8/1997 Legeak, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzkoak, bere 28. artikuluaren bosgarren arau komunean Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuak normalizazio-plan berariazko bat ezarri behar duela arautzeko.

Euskadiko Antolamendu Sanitarioko Legeak plana "berezia" izango dela dio. Hain zuzen ere, euskararen erabilera Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuan arautzeak berezko eitea du, izaera berezi bat, ez soilik Erakundearen konplexutasun eta tamainagatik, baita arrazoi hau dela bide ere: Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuak herritarren osasuna zaintzea eta asistentzia sanitarioa ditu xede.

Hori horrela izanik, Erakundeko jardueraren ezaugarrietan haren giza eta gizarte transzendentzia gailentzen da, zeren eta herritarren biziari alderik pertsonalen eta erabakigarrienetariko batean lotzen baitzaio –osasunari–, eta ez nolanahiko egoeretan, baizik eta harmonia eta hurbiltasun animikoa, Erakundeak bere xedeak beteko baditu, beharrezkoak ez ezik, ezinbestekoak direnean.

Pazientearekiko komunikazioaren kalitatea eta enpatia giltzarri dira jarduera sanitarioaren arrakastarako, bai eta funtsezko parametroetariko bat ere asistentziaren kalitatea balioesteko.

Horregatik guztiagatik, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plan honek lagundu behar du herritarrei ematen zaizkien zerbitzuak hobetzen, are gehiago, eginkizun hori da plana bera hezurmamitzen duten helburu eta ardatzetariko bat. Era horretan planak bat egiten du hobetze aldera Erakundean gauzatzen ari diren gainerako esfortzuekin eta, orobat, harmonikoki lotzen zaio Erkidegoko kudeaketa sanitarioa gidatzen duen filosofiari.

Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuaren berezitasuna zerbitzu-erakundea izatea denez, bezeroen atenditzea izango da plangintza honetako xede nagusia eta, beraz, lehentasunezkoa. Hori dela kausa, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuak euskara zerbitzu-hizkuntza gisa bermatzera bideratu nahi du bere ahalegina, nahiz eta ez duen baztertzen, aukerarik egonez gero, haietaz baliatzea lan-hizkuntza ere izan dadin.

Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuak, hala asistentziaren berezko ezaugarriengatik nola Administrazioak eskueran dauzkan baliabide beti mugatuak arrazionalki administratzeko beharragatik, lehen mailako atentzioari ematen dio lehen mailako lehentasuna eta, beti ere, zerbitzu asistentzialei eta bezeroak atenditzen dituztenei lehentasuna emango die administrazio-zerbitzu eta orokorren aurretik.

Lehentasunezko esparru hori argiro zedarritzearren, Dekretuak berariaz definitzen du lehen mailako atentzioko eremutzat zer hartzen duen, eta hori horrela egiten du zerbitzu asistentzial batzuen ezaugarriak kontuan hartuta, zein diren irispenaren hurbiltasuna, erabileraren maiztasuna eta familia eta herri-bizitzarekin duten lotura.

Ildo beretik, Planak epeak eta helburu partzialak zentro sanitarioen eragin- edo jarduera-eremuetako euskara-ezagutzaren arabera ezartzen ditu, datu ofizialak oinarri, Administrazioak baliabideen erabilerarik egokiena egiteagatik nahiz, egoera soziolinguistiko desberdinen kariaz, beharrizanetan egon daitezkeen maila desberdinengatik. Horren ondorioz, Dekretuak aurreragarritasun jakin bat xedatzen du, berak zedarritzen dituen zona soziolinguistikoen araberakoa.

Gainera, Dekretuak banaketa demografikoaren beste eragile batzuk ere hartzen ditu kontuan, alegia, herri handietan biztanle elebidun asko bizi direla, nahiz eta herritar elebidunen portzentajea apala izan. Hori horrela, neurri jakinak ezartzen ditu, bezeroei medikua edo pediatra beren zonatik kanpo hautatzeko aukera emanez, harremanetarako euskara aukeratzeko modua izan dezaten.

Era berean, kontuan hartu beharrekoa da ume gehienak elebidunak direla, inguru soziolinguistikoa edozein izanda ere. Beraz, zerbitzuen arteko lehentasunak ezartzerakoan, lehentasunezko tratamendua eman beharko zaie umeak atenditzen dituzten zerbitzu sanitarioei.

Aipatu behar da zer garrantzitsua den normalizazioan inplikaturiko eragile sozialek proposatzen ditugun helburuak bere egitea. Administrazio Sanitarioari gagozkiolarik, hezurmamitzen duten langileak eta organoak dira partaide nagusiak, zeren, eurek ekinez parte hartzen ez badute, proposatzen ari garen aldaketa honek, duen izaera eta sakontasunarekin, eragingarritasuna galduko baitu. Hortaz, Planak helburu neurtuak proposatzen ditu, gizartearen aldetik behar adinako adostasuna eta onarpena lortzeko modukoak.

Hori horrela, Dekretuaren 3.2. artikuluan ezarrita dagoen bezala, eta araudiak baimentzen duen partaidetza-maila kontuan hartuta, euskara-plana sindikatuekin kontsultatuko da, eta ahalik eta adostasunik handiena bilatuko da kontsulta horretan. Kontsulta plana onartu aurretik egingo da.

Beste herri-administrazioetan hizkuntz normalizazioko prozesuetan izan diren eskarmentuak kontuan hartuta, komeni da Euskararen Erabilpena Arauzkotzezko 10/1982 Oinarrizko Legeak eta Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legeak emandako hizkuntz erabilerako jarraibide batzuk garatzea eta osatzea, Administrazio honetako jardueren erantzule direnek jarraibide zehatzak izan ditzaten hizkuntza ofizialen erabilerari buruz.

Dekretu honen ezaugarrien artean ere aipatu behar da sei urteko indarraldia duen plan dinamiko bat egiteko oinarriak jartzen dituela, irekita baitago eten gabeko ebaluaziorako mekanismoen bidez araua egokitzeko euskararen normalizazioan gertatzen den aurrerapenari, nahiz Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko aurrerapenari nahiz gizarte osokoari. Plan horren emaitzak hirugarren urtean ebaluatuko dira lehenengo aldiz eta ebaluazio orokorra indarraldiko seigarren urtean egingo da. Ebaluazio orokor horrek aukera emango du helburu berriak zehazteko eta beharrezkotzat jotzen diren egokitzapenak egiteko, dekretu hau aldatuz edo luzatuz.

Oro har, dekretu honek beste aurrerapauso bat dakar hizkuntzaren arloan, 8/1997 Legeak, Euskadiko Antolamendu Sanitarioa aldatzen duenak, 10. artikuluan ezarritakoa aplikatzerakoan. Hala da; Legeak, Sanitateko Lege Orokorrak 10.3. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, herritarren eskubideak bermatu beharrez ezartzen du herritarren nortasuna, duintasuna eta intimitatea errespetatu behar direla, bai eta zerbitzu sanitarioez baliatzerakoan berdintasun-printzipioa ere. Era berean, egin beharreko antolamenduzko aldaketak egiteko eskatzen du, herritarrek aukeratzeko ahalmen handiagoa izan dezaten.

Azkenik, gogora ekarri behar dugu euskararen erabilera Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuan normalizatzeko planaren filosofia goitik behera besarkatzen dutela bai zerbitzatzeko borondateak, printzipio horrexek gidatzen duenez, bai adostasuna eta oreka biltzeko nahiak, funtzionamendu sozialaren bermea izanik.

Ondorioz, Aholku Batzorde Juridikoari jarraituz, Osasun sailburuak eta Kultur sailburuak, biek batera hala proposatuta, eta Jaurlaritza Kontseiluak 2003ko martxoaren 18an egindako bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

  1. – Dekretu honen xedea da euskararen erabilera Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuan normalizatzeko Planaren oinarriak arautzea, edo "Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko Euskara Planaren" oinarriak arautzea. Planaren helburua da Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua arian-arian euskaraz baliatzen joatea, hala zerbitzu sanitarioak emateko herritarrekin dituen ohiko harreman ahozko eta idatzietan nola, ente publikoa denez, bere jarduera osatzen duten prozesu guztietan.

  2. – Euskararen erabilera arian-arian normalizatzeko prozesua plana hasi eta hiru urtetara ebaluatuko da. Horretarako, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuak txosten bat egingo du helburuen betetzeari buruz, eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzara bidaliko du aztertu eta balora dezan.

  3. – Ebaluazio-txostenak bere baitan hartuko ditu, besteak beste, gutxieneko helburuen eta lehentasunen betetze maila, hizkuntzaren aldetik gaitzeko prozesuak, eta hizkuntz eskakizunen egiaztatze gradua.

  4. – Plana hasi eta seigarren urtean ebaluazio orokorra egingo da, planaren betetze-maila zehazteko. Era berean, oinarritzat hartuko da hurrengo plana egiteko.

  1. – Dekretua aplikatuko zaie Jaurlaritzaren Kontseiluak Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua ente publikoarentzat onartutako lanbide-taldeetako efektibo guztiei.

  2. – Dekretua aplikatzeko, hiru esparru izango ditu euskararen erabilera Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuan normalizatzeko prozesuak:

    • Lehen mailako atentzioa

    • Atentzio espezializatua

    • Administrazio-zerbitzuak eta zerbitzu orokorrak

      1. Zerbitzu hauek osatuko dute lehen mailako atentzioaren esparrua:

    • Medikuntza orokorrak.

    • Ospitalekoaz besteko haur-atentzioak.

    • Osasun-zentroetako, anbulatorioetako eta kontsultategietako erizaintzak.

    • Osasun-zentroetako, anbulatorioetako eta kontsultategietako bezeroak atenditzeko eremuek.

    • Etengabeko atentzioko guneek eta emergentzietako unitateek.

      1. Atentzio espezializatuaren esparrua hauek osatuko dute:

    • Zerbitzu asistentzial guztiek, 2.a) atalekoek izan ezik.

    • Atentzio espezializatuko zerbitzu-erakundeetako bezeroak atenditzeko eremuek.

      1. Administrazio-zerbitzuen eta zerbitzu orokorren esparrua hauek osatuko dute:

    • Zerbitzu sanitarioak ematen dituzten erakundeetako eta Erakunde Zentraleko administrazio-zerbitzuek eta zerbitzu orokorrek, bai eta administrazio-zerbitzu horietako bezeroak atenditzeko eremuek ere.

  1. – Onartu aurretik, Euskara Plana kontsultatuko da Sanitateko Mahai Sektorialean ordezkariak dituzten sindikatuekin eta, halaber, ordezkari horiek informatuta egongo dira segimenduaz eta Plana betetzerakoan egiten diren ebaluazioez.

Gutxieneko helburuak eta lehentasunak.

  1. – Orokortasunez, lehentasun-hurrenkera honi jarraituko dio aurreko artikuluan ezarri diren esparruetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesuak, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua ahozko eta idatzizko harremanetan euskaraz baliatzen joateko prozesuaren barruan:

    1. Lehen mailako lehentasuna: lehen mailako atentzioa.

    2. Bigarren mailako lehentasuna: atentzio espezializatua.

    3. Hirugarren mailako lehentasuna: zerbitzu administratiboak eta orokorrak.

  2. – Esparru horietariko bakoitzak ondoko lehentasun-hurrenkera hau izango du:

    1. Lehen mailako atentzioan:

      • Ospitalekoa ez den haur-atentzioko zerbitzuak eta bezeroak atenditzeko eremuak.

      • Gainerako zerbitzu asistentzialak: medikuntza orokorra, erizaintza, etengabeko atentzioko guneak eta emergentzietako unitateak.

    2. Atentzio espezializatuan.

      • Bezeroak atenditzeko eremuak.

      • Pediatriako urgentziak.

      • Ospitaleetako gainerako urgentziak.

      • Ospitalizazioko erizaintzako unitateak.

      • Gainerako zerbitzu asistentzialak, a) idaz-zatian jaso ez direnak).

    3. Zerbitzu administratibo eta zerbitzu orokorretan:

      • Bezeroak atenditzeko eremuak.

      • Administrazio-zerbitzuak.

      • Zerbitzu orokorrak.

  3. – 1 puntuan ezarritakoagatik ere, euskararen erabilera normalizatzeko prozesua hiru esparruetan aldi berean gauzatuko da, baina Dekretu honetan ezarritako gutxieneko helburuen arabera mailaturik.

  1. – Kasuan kasuko derrigortasun-indizea aplikatzearren, gutxieneko helburu batzuk ezartzen dira, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuak arlo honetan lor ditzan:

    1. Zentro sanitarioen eragin- edo jarduera-eremuetako euskaldunen portzentajea %70etik gorakoa denean, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuak elebidunak eskainiko ditu zerbitzu asistentzialak eta bezeroak atenditzeko eremuetakoak.

    2. Zentro sanitarioen eragin- edo jarduera-eremuetako euskaldunen portzentajea %45etik gorakoa eta %70era bitartekoa denean, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuak elebidunak eskainiko ditu bezeroak atenditzeko eremuetako zerbitzuak eta ospitalez kanpoko haur-atentzioko zerbitzuak.

      Halaber, medikuntza orokorreko zerbitzu elebidunak eskaintzen hasiko da, eta eskaintza hori arian-arian handituz joango da.

    3. Zentro sanitarioen eragin- edo jarduera-eremuetako euskaldunen portzentajea %20tik gorakoa eta %45era bitartekoa denean, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuak elebidunak eskainiko ditu bezeroak atenditzeko eremuetako zerbitzuak.

      Gainera, 30.000 biztanle baino gehiago dituzten udalerrietan, haur-atentzioan eta medikuntza orokorrean ere zerbitzu elebidunak eskainiko ditu.

      Halaber, 30.000 biztanle baino gehiagoko udalerrien eskaintza hori gainerako udalerrietara hedatzen hasiko da. Eskaintza arian-arian hedatuz joango da.

    4. Zentro sanitarioen eragin- edo jarduera-eremuetako euskaldunen portzentajea %20 edo txikiagoa bada, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuak elebidunak eskainiko ditu bezeroak atenditzeko eremuetako zerbitzuak.

      Gainera, 30.000 biztanle baino gehiago dituzten udalerrietan, haur-atentzioan eta medikuntza orokorrean ere eskainiko ditu zerbitzu elebidunak.

      Halaber, haur-atentzioari dagokionez, 30.000 biztanle baino gehiagoko udalerrien eskaintza gainerako udalerrietara hedatzen hasiko da. Eskaintza arian-arian hedatuz joango da.

  2. – Osakidetzak pazienteak informatuko ditu mediku orokorra edo pediatra elebiduna aukeratzeko dituzten aukeren gainean.

  1. – Atentzio espezializatuari dagokionez, gutxieneko helburu batzuk ezartzen dira, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuak arlo honetan lor ditzan:

    1. Zerbitzu-erakundearen eragin- edo jarduera-eremuko euskaldunen portzentajea %70etik gorakoa denean, elebidunak eskainiko ditu bezeroak atenditzeko eremuetako zerbitzuak eta pediatriako urgentziak.

      Halaber, zerbitzu elebidunak eskaintzen hasiko da ospitaleko urgentzietan, pediatrian eta ospitalizazioko solairuko erizaintza-unitateetan. Eskaintza hori arian-arian handituz joango da.

    2. Zerbitzu-erakundearen eragin- edo jarduera-eremuko euskaldunen portzentajea %20tik gorakoa eta %70era bitartekoa denean, elebidunak eskainiko ditu bezeroak atenditzeko eremuetako zerbitzuak eta pediatriako urgentziak.

      Halaber, zerbitzu elebidunak eskaintzen hasiko da ospitaleko urgentzia-zerbitzu guztietan, baita ospitalizazioko solairuetako erizaintza-unitateetan ere. Eskaintza hori arian-arian handituz joango da.

    3. Zerbitzu-erakundearen eragin- edo jarduera-eremuko euskaldunen portzentajea %20 edo txiikiagoa denean, elebidunak eskainiko ditu bezeroak atenditzeko eremuetako zerbitzuak.

      Halaber, zerbitzu elebidunak eskaintzen hasiko da ospitaleko urgentzia-zerbitzu guztietan, eta eskaintza hori arian-arian handituz joango da.

  1. – Administrazio-zerbitzuetako bezeroak atenditzeko eremuek zerbitzu elebidunak eskainiko dituzte. Horretarako, arian-arian jardungo dute eta kuantifikatzeko moduko helburuak ezarriko.

  2. – Halaber, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuak arian-arian unitate administratibo elebidunak eratuko ditu. Unitate administratibo elebidunak ardatza izango dira administrazio-zerbitzuetan euskararen erabileraren normalizazioa planifikatzerakoan.

Unitate administratibo elebidunak eta lehen mailako atentzioko eta atentzio espezializatuko unitate elebidunak

  1. – Unitate elebidunek euskara zerbitzu- eta lan-hizkuntza bezala bermatuko dute beren jardun guztietan.

  2. – Unitate administratibo bat elebiduntzat joko da, baldin eta betekizun hauek betetzen baditu:

    1. Unitateko buruak edo arduradunak eta unitateko postuen %80k derrigortasun data duen hizkuntz eskakizuna eduki behar dute.

    2. Unitateko buruak edo arduradunak eta unitateko efektiboen %80k dagokien lanpostuko hizkuntz eskakizuna egiaztaturik eduki behar dute. 4. HE egiaztatu behar dutenean, helburu horretarako 3. HE egiaztatzea hartuko da kontuan.

Hizkuntza ofizialak erabiltzeko jarraibideak

  1. Zenbait jarraibide ezartzen dira Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko zerbitzu-erakundeek, neurri positiboen bidez, euskararen erabilera administratuarekiko harreman-maila guztietan bultza dezaten.

  2. – Ahozko komunikaziorako jarraibideak:

    1. Hartzaile jakinik ez duten ahozko mezuak, hala nola erantzungailu automatikoz, megafoniaz edo antzerako sistemez, emandakoak, euskaraz eta gaztelaniaz emango dira, esandako ordena berean.

    2. Langileek, derrigortasun-data duen lanpostua bete eta dagokion hizkuntz eskakizuna egiaztatu badute, euskara erabiliko dute hizkuntza hori aukeratu duten zerbitzuaren erabiltzaileekin.

    3. Herritar batek euskaraz jotzen duenean Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko langile batengana, langile horrek euskaraz ez badaki, ahal izanez gero, langile elebidun bati eskatuko dio une horretan laguntzeko, beti ere atentzio sanitarioaren jarduera normalari enbarazu egiten ez badio.

  3. – Idatzizko komunikaziorako jarraibideak:

    1. Elebidunak izango dira dokumentu estandarizatuak eta orokortasunez zabaldu edo administratuen talde bati zuzentzen zaizkionak.

    2. Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuak idatzizko harreman elebidunak izango ditu herritarrekin, salbu eta herritarrek prozedura indibidualizatuetan hizkuntza ofizialetatik bakar bat aukeratzen dutenean.

    3. Hizkuntza ofizial biak erabiliko dira Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzu barruko eta kanpoko errotuluetan.

    4. Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuak egindako edo sustatutako argitarapenetan, euskarari eman beharreko tratamenduari dagokionez, apirilaren 7ko 67/1998 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren argitarapenak arautzen dituenak, 15. atalean ezarritakoa beteko da.

  1. – Euskararen Erabilpena Arauzkotzezko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak 8.2 atalean xedatutakoari jarraituz, elebidunak izango dira Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoko beste edozein administraziotara bidaltzen dituen komunikazio administratiboak.

  2. – Komunikazio administratiboak euskaraz idatzi eta bidaliko dira hala eskatzen duten herri-administrazioetara, nola komunikazio administratiboetan euskara hutsa erabiltzen dutela ezaguna den guztietara ere.

  3. – Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko edozein zerbitzutatik Administrazio Autonomikoan elebiduntzat katalogatutako atal batera doazen komunikazio administratiboak apurka-apurka euskaraz bidaliko dira, lanpostuan derrigortasun-data duten langileek hizkuntza-gaitasuna eskuratu ahala komunikazio administratiboa igortzen duen zerbitzuan.

  1. – Lan-hizkuntzaren inguruko jarraibide hauek, batez ere, memoria, azterketa, txosten eta zirriborroak bezalako dokumentuei buruzkoak dira, eta, erabili beharreko hizkuntza ofiziala dela eta, legezko xedapenek ukitzen ez duten bestelako idatzizko jarduketei buruzkoak ere.

  2. – Asistentziaren jarduerari eusten dioten dokumentuetan hizkuntza ofizialak erabiltzeko moduari dagokionez, beti ere idatziko da asistentzia normaltasunez emateko bidea bermatuta.

  3. – Nolanahi ere, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuak elebitasuna dokumentuen esparru honetan ere bultzatuko du.

  4. – Unitate administratibo elebidunetan, euskara zerbitzu-hizkuntza izateaz gain lan-hizkuntza ere izango da, horrela arian-arian bertan sortzen diren agirien sorburu-hizkuntza bihurtu ahal izateko. Halaber, euskara arian-arian lehen hizkuntza gisa erabiliko da jendaurreko harremanetan eta Unitate administratiboaren gainontzeko zereginetan ere.

  5. – Unitate administratibo elebidunetan euskaratik gaztelaniarako itzulpen-beharrizanek, beste Unitate administratiboetan gaztelaniatik euskararako itzulpenek jasotzen duten tratamendu bera izango dute.

  1. – Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuak Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizial bien erabilera bermatuko du pertsonalarekiko harremanetan.

  2. – Arian-arian, euskara erabiliko da Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko langileentzako etengabeko prestakuntzan.

  3. – Prestakuntzako eskaintza guztietan zehaztu beharko da ikastaroak zein hizkuntzatan emango diren.

Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuaren itzulpen politikak lagungarri izan beharko du zerbitzu elebidunetan hizkuntza biak erabiltzeko, bai eta Dekretu honetan hizkuntza ofizialen erabilera arautzeko ematen diren jarraibideak betetzeko ere.

Hizkuntza eskakizunak ezartzea

  1. – Euskararen erabilera Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko zerbitzu-erakundeetan normalizatzeko helburua lortzeko, lanpostu funtzional orok bere hizkuntz eskakizuna izango du.

  2. – Lanpostu funtzional bakoitza betetzeko eta bertan euskaraz jarduteko beharrezko den gaitasun-maila kontuan hartuta erabakiko da lanpostu bakoitzari zein hizkuntz eskakizun dagokion.

  3. – Hizkuntz eskakizuna derrigorrezkoa ez bada, euskararen ezagutza meritu gisa baloratu beharko da, bai hautaketa-prozesuetan bai lanpostuak betetzerakoan.

  1. – Apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuak, Euskal Autonomia Elkarteko Herri-administrazioetan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Prozesua arautzen duenak, 13. artikuluan xedatutako hizkuntz eskakizunak ezarriko zaizkie lanpostu funtzionalei.

  2. – Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuak proposamena egingo du hizkuntz eskakizuna lanpostu funtzionalei, eta derrigortasun-data efektiboei ezartzeko, eta Hizkuntz Politikarako Sailburuordetzara bidaliko du proposamen hori txostena egin dezan.

  3. – Bigarren hizkuntz eskakizuna ezarriko zaie 2. artikuluko a) eta b) idaz-zatietan zehazten diren unitate eta zerbitzuetako efektiboei.

  4. – Uztailaren 26ko 8/1997 Legeak, Euskadiko Antolamendu Sanitarioarenak, Laugarren Xedapen Gehigarrian pertsonala sailkatzeko ezarritakoarekin bat etorriz, hizkuntz eskakizun hauek ezarriko zaizkie 2. artikuluko c) idaz-zatian jasota dauden administrazio-zerbitzuetako eta zerbitzu orokorretako efektiboei:

    A taldea: 3. edo 4. hizkuntz eskakizunak

    B taldea: 3. edo 4. hizkuntz eskakizunak

    C taldea: 2. edo 3. hizkuntz eskakizunak

    D taldea: 2. hizkuntz eskakizuna

    E taldea: 1. edo 2. hizkuntz eskakizunak

  1. – Horretarako, hizkuntz eskakizuna egiaztatu arteko prestakuntzaz arduratzeko eginkizuna emango die Euskal Administrazio Autonomikoko langileak euskalduntzeko ardura daukaten erakundeei edo, hala badagokio, beste erakunde batzuei. Horretarako harremanak berariaz egindako hitzarmenen batez bideratuko dira.

  2. – Zerbitzu-erakundeek banakako hizkuntz prestakuntza-planak egingo dituzte langileek hizkuntz gaitasuna lor dezaten, orokortasunez ezarriko diren irizpideekin bat etorriz.

Derrigortasun-datak.

  1. – Hizkuntz eskakizuna lanpostu funtzionalak identifikatzen dituzten osagaietan jasoko da. Derrigortasun-data, hala dagokionean, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko zerbitzu-erakunde guztietako plantilla funtzionaletan geratuko da jasota.

  1. – Derrigortasun-data zein efektibori ezarri erabakitzeko, 4. artikuluko lehentasunen hurrenkera eta Dekretu honetan ezarritako gutxieneko helburuak eta erabilera-jarraibideak hartuko dira kontuan.

  2. – Orobat, lehenetsi beharko dira jarduera motagatik erabiltzailearen hizkuntzaz baliatzeak zerbitzu sanitarioaren kalitatean eragin zuzenagoa duten efektiboak.

  3. – Derrigorrezko hizkuntz eskakizunak efektiboei ezartzeko irizpideez baliatzean ez da titulazio-taldearen araberako bereizketarik egingo.

  1. – Aurreko artikuluan ezarritako lehentasunak nahikoa ez badira zerbitzu jakin bateko efektiboetatik zein efektibori ezarri behar zaion derrigortasun-data erabakitzeko, derrigortasun-data lehentasunezko irizpide hauei jarraiki ezarriko da:

    1. Derrigortasun-datak, lanpostu funtzionalei kasuan-kasuan dagozkien hizkuntz eskakizunak edo baliokideak egiaztaturik dituzten langileek betetako efektiboei ezarriko zaizkie.

    2. Unitate batean lanpostu funtzional bereko efektibo bat baino gehiago daudela, derrigortasun-data langile finko batek betetzen duen efektiboari ezartzea erabakitzen bada, lehentasun-irizpide hauetaz baliaturik ezarriko da:

      • Lehenengoz, guztizko lehentasuna izango du derrigortasun-data ezartzeko eskatu duen lanpostu funtzional horretako langile finkoaren eskariak.

      • Bigarrenez, derrigortasuna ezarriko zaie lanpostu funtzionalari dagokion hizkuntz eskakizunarekiko euskara maila handiagoa duten langile finkoak atxikitako efektiboei.

      • Hirugarrenez, derrigortasuna aurreko irizpide horiekin erabakitzerik ez badago, lanpostu funtzional horretan denborarik gutxien daraman langile finkoaren efektiboari ezarriko zaio.

      • Laugarrenez, adinaren arabera ezarriko da derrigortasuna, hau da, lanpostu funtzional horretako langile bakoitzak duen adina kontuan hartuta, langile gazteenarengandik hasita.

    3. Langile finkoek betetzen ez dituzten efektiboei derrigortasun data ezarriko zaizkie.

  2. – Salbuespen gisa, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuak Hizkuntz Politikarako Sailburuordetzari proposatu ahal izango dio derrigortasun-data beste efektibo bati ezartzea, baldin eta efektibo horrek baldintza hauek betetzen baditu:

    1. derrigortasun-data jasotzeko proposatzen den efektiboa hutsik geratzea eta aldi baterako edo bitartekotasunez nahiz aukeraketa bidez bete behar izatea,

    2. aldaketa hori euskara erabiltzeko gutxieneko helburuak betetzeko egitea,

    3. efektibo hori atxikirik dagoen unitate edo zerbitzuan, hizkuntz eskakizuna egiaztatzeko ezarritako datan egiaztatu ez duen pertsonal finkoa egotea.

  3. – Aurkeztutako proposamena ikusita, Hizkuntz Politikarako Sailburuordetzak txostena egingo du, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuari helaraziko diona. Eta, hala badagokio, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuak beharrezko aldaketak egingo ditu plantilla funtzionalean.

  4. – Derrigorrezko eskakizuna dagokien efektiboetako hizkuntz eskakizunaren derrigortasun-data planaren sei urteen barruan finkatuko da eta ezarritako ebaluazio orokorraren aurretik.

Derrigortasun-data igarota daukaten lanpostu funtzionaletako efektiboak hizkuntz eskakizuna egiaztatu duten langileek bete behar dituzte, bai langileak hartzeko hautaketa-prozesuetan bai destinoak betetzekoetan.

  1. – Aukeraketa-prozesuetan edo lanpostuak hornitzeko prozesuetan eskakizuna egiaztatzea eskatzerik ez dagoenean, euskararen ezagutzagatik eman daitekeen puntuazioa ondoko portzentaje hauen arabera kalkulatuko da, portzentajea prozesu osoan guztira lor daitekeen puntuazioa aintzakotzat hartuta:

    • %20 izangaiak 4. hizkuntz eskakizuna egiaztatzen badu,

    • %15 izangaiak 3. hizkuntz eskakizuna egiaztatzen badu,

    • %10 izangaiak 2. hizkuntz eskakizuna egiaztatzen badu,

    • %5 izangaiak 1. hizkuntz eskakizuna egiaztatzen badu.

  2. – Lanpostuak hornitzeko prozesuetan euskararen ezagutza baloratzerakoan beti ere mugatzat hartuko da artikulu honetan kasuan kasuko kategoriaren hizkuntz eskakizunari ematen zaion portzentajea. Aukeraketa-prozesuetan euskararen ezagutzagatik emandako puntuazioa bat bera izango da lanpostu berean hutsik dauden efektiboen kasuan, eta lanpostu horretan nagusitzen den hizkuntz eskakizunaren arabera ezarriko da.

Hizkuntza eskakizunen egiaztatzea, salbuespen-arauak eta baliokidetasunak.

  1. Langileak hartzeko hautaketa-prozesuetan, lanpostuak betetzeko prozesuetan eta Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuaren aldi baterako lanerako zerrendetako langileentzat berariaz egiten diren probak.

  2. Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuak helburu horretarako egindako ohiko zein ohiz kanpoko deialdiak.

  3. Hizkuntza eskakizunak egiaztatzeko probak Herri Ardularitzaren Euskal Erakundeak xedatutakoaren arabera egingo dira.

  1. HE4aren baliokidea:

    • Herri Ardularitzaren Euskal Erakundeak egiaztatutako HE4.

  2. HE3aren baliokideak:

    • Herri Ardularitzaren Euskal Erakundeak egiaztatutako HE3.

    • EGA eta baliokideak diren egiaztagiri zein diplomak.

    • Hezkuntza-sistemako HE2.

  3. HE2aren baliokideak:

    • Herri Ardularitzaren Euskal Erakundeak egiaztatutako HE2.

    • Hizkuntz Eskola Ofizialaren 4. maila gaiditua.

    • Hezkuntza-sistemako HE1.

  4. HE1aren baliokidea:

    • Herri Ardularitzaren Euskal Erakundeak egiaztatutako HE1.

      1. – Langileek, aurreko atalean zehaztutako kasuetan sartzen direnean, beharrezkoa den dokumentazioa aurkeztuko dute Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuan.

  1. Plana hasten denean 45 urtetik gora dutenek nahiz 1.2. artikuluko ebaluazioa egiten den egunean adin horretatik gorakoak direnek, kasu bietan baldin eta interesatuek salbuesteko eskatzen badute.

  2. Bigarren Hezkuntzako Graduatua edo baliokideren bat lortu ez duten pertsonak. Ez dira kontuan hartuko, eskolatze-egiaztagiria dela eta, legeek beste helburu batzuetarako ezarritako baliokidetzak edo baliozkotzeak.

  3. Hizkuntzak ikasteko prozesuan ezinbestekoa den gutxieneko trebetasun-gaitasunik ez duten pertsonak, ezintasun hori ageri-agerikoa eta egiaztatua denean eta helduek hizkuntzak ikasteko gaur egun erabiltzen diren programak kontuan hartuta.

  4. Minusbaliotasun fisiko edo psikologikoak izanik, gaur egun helduen hizkuntz trebakuntza eta gaitasuna lortzeko erabiltzen diren programen bidez euskaraz ikasteko eragozpenak eta ezintasunak dituzten pertsonak.

    1. – Hizkuntz eskakizunak egiaztatu beharrarekiko c) eta d) idatz-zatietan aurreikusi den salbuespena eman aurretik, kontraesaneko administrazio-espedientea izapidetuko da, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuak hasiera emanda, bai bere kabuz, bai zerbitzu-erakundeek proposaturik edo interesdunak hala eskaturik.

    2. – Hizkuntz eskakizunak ez betetzeko salbuespenek espedienteari buruzko erabakia hartu den unean langileak betetzen duen lanpostu horrexeri dagokionez bakar-bakarrik izango dute balioa.

    3. – Salbuetsiek lanpostuak betetzeko deialdietan parte hartu eta derrigortasun-data igarota ez duten lanpostuak bete ditzakete.

  1. 45 urtetik gorakoa izanez gero:

    • Salbuespen-eskaera edo interesatuaren adostasuna.

    • Jaiotze-data egiaztatzen duen edozein egiaztagiri ofizial.

  2. Bigarren Hezkuntzako Graduatua lortu ez bada:

    • Salbuespen-eskaera edo interesatuaren adostasuna.

    • Interesatuak egindako zinpeko aitorpena. Bertan adieraziko du interesatuak ez duela Oinarrizko Batxilerra edo Oinarrizko Heziketa Orokorra lortu edo gainditu.

  3. Gaur egun helduen hizkuntza trebakuntza eta gaitasuna lortzeko erabiltzen diren programen bidez hizkuntzak ikasteko prozesuan ezinbestekoa den gutxieneko trebetasun-gaitasunik izan ez, eta ezintasun hori ageri-agerikoa eta egiaztatua denean:

    • Langilearen hizkuntz gaitasun-prozesuaren garapena nolakoa izan den egiaztatzen duen dokumentua. Bertan emandako ordu-kopurua eta prozesuaren emaitza jasoko dira.

    • Espedientea interesatuak eskatuta izapidetzen denean, honek edozein hizkuntzari buruz lortutako ezagutza-maila adierazten duen titulu ofizialari buruzko zinpeko aitorpena aurkeztu beharko du.

  4. Minusbaliotasun fisiko edo psikikoa izanez gero, eta, horren eraginez, gaur egun helduen hizkuntza trebakuntza eta gaitasuna lortzeko erabiltzen diren programen bidez euskaraz ikasteko eragozpenak edo ezintasunak izanez gero:

    • Dagokion erakundean arlo horretaz arduratzen den organoak egindako egiaztagiria, bertan minusbaliotasuna zein den jakinarazita. Era berean, minusbaliotasunaren maila ere zehaztuko da eta, ahal izanez gero, minusbalia horrek hizkuntza ikasteko duen eragina ere bai.

    • HABEren txostena, espedientearen xedeko langileak inoiz euskarako eskolak euskaltegiren batean hartu baditu.

  1. – Batzordeak txostena egingo du hiru hilabete igaro baino lehenago eta, minusbaliotasun horrek gaur egun helduen hizkuntza trebakuntza eta gaitasuna lortzeko erabiltzen diren programen bidez euskaraz ikasteko ezintasunik edo eragozpenik ba ote dakarren zehaztuko du.

  2. – Batzorde tekniko-medikoak bere txostena Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuari bidaliko dio, honek dagokion erabakia har dezan.

  1. Gaikuntza-prozesu etengabea izatea eta ikasleak hirurehun eskola-ordu hartzea. Ordu horiek ikasleak egindako ikastaroaldi osoaren ehuneko laurogei osatuko dute gutxienez.

  2. Gaikuntza-prozesu etena izatea eta ikasleak bostehun eskola-ordu hartzea. Ordu horiek, gutxienez, ikasleak egindako ikastaroaldi osoaren ehuneko laurogei osatuko dute.

    1. – Hala eta guztiz ere, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuak bere kabuz, zein zerbitzu-erakundeek zein interesatuak eskaturik has dezake 29. artikuluko c) idatz-zatian ezarritako arrazoiengatiko salbuespena aitortzeko espedientea. Horrela, ikasketa-prozesutik gaitasun falta larria ondorioztatzen den kasuetan, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuak berariaz izendatutako batzorde tekniko batek aztertuko du proposamena.

    2. – Batzorde teknikoak, hiru hilabete igaro baino lehen, bere txostena bidaliko dio Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuari, honek dagokion erabakia har dezan.

  1. – Dekretuko 29.1. artikuluan ezarritako arrazoiengatiko salbuespena ematen duen erabakia Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko pertsonaleko erregistroan inskribatuko da.

  1. – Arrazoi horietan funtsezko aldaketaren bat gertatuz gero, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuak kasu hori Hizkuntz Politikarako Sailburuordetzari proposatuko dio era indibidualizatuan aztertzeko, efektiboaren hizkuntz eskakizuna eta titularraren euskarazko ezagutza maila kontuan izanik.

  2. – Proposamena aztertutakoan, Hizkuntz Politikarako Sailburuordetzak dagokion txostena egingo du aurretik emandako salbuespena noiz bukatu behar den ezartzeko. Txosten hori Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuari helaraziko dio.

Bakarra.– Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren 8/1997 Legeak 28. artikuluko bigarren arauaren 6. atalean ezarritakori jarraituz, kategorien araberako lanpostu funtzionalak arau bidez garatuta ez dauden bitartean, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko euskararen erabilera normalizatzeko prozesuari hasiera emango zaio zerbitzu-erakundeetako egiturazko plantillak oinarri hartuta.