Etxebizitza eta Hiri Agenda Saila

Arautegia

Inprimatu

178/2002 DEKRETUA, uztailaren 16koa, edateko uraren kalitatea kontrolatzeko eta zaintzeko nahiz horri guztiari buruz informatzeko sistema arautzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Osasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 137
  • Hurrenkera-zk.: 4104
  • Xedapen-zk.: 178
  • Xedapen-data: 2002/07/16
  • Argitaratze-data: 2002/07/19

Gaikako eremua

  • Gaia: Osasun eta kontsumoa; Ekonomi Jarduerak; Garraio eta herri lanak
  • Azpigaia: Industria

Testu legala

Azaroaren 10eko 353/1987 Dekretuaren bidez sortu zen Euskal Autonomia Erkidegoko edateko ura kontrolatzeko eta zaintzeko sarea. Sare horrek uraren kalitate mikrobiologikoa eta fisikokimikoa hobetzea zuen helburu, baita, edateko uraren horniketaz bezainbatean, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen jardun eraginkorra lortzea ere.

Kontrol eta zaintze sare horrek, 1987an sortu zenetik, edateko uraren kalitatea oso ona izatea ekarri du berekin. Dena den, bidezko jotzen da aldatzea 1998ko azaroaren 3ko 98/83/EEE Arauak xedatutakoetara, partehartzaile guztien arteko informazioaren joan-etorriei darizkien beharretara eta Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio sanitarioaren antolaketara egokitzeko.

Araudi honek Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 3. artikuluan jasotzen den osasun publikoaren tutela orokorraren printzipioa garatzen du, edateko urari dagokionez.

Dekretuak 5 kapitulu ditu.

  1. kapituluak arau honen helburuak zehazten ditu; baita horiek betearaziko dituztenak xedatu ere; hau da, nori bere eskumenak eta ardurak aitortu eta egitekoak eta egintzak mugatu nahiz, osasun agintea den aldetik, Osasun Sailari dagozkion funtzioak ezarri.

  2. kapituluak edateko uraren kalitatea kontrolatzeko eta zaintzeko nahiz horri guztiari buruz informatzeko sistema arautzen du. Horien artean, batez ere, kontrol eta zaintze unitateak nabarmendu behar dira. Izan ere, unitate horiek egingo eta betearaziko dituzte hornitzeko sistemaren eta uraren kalitatea kontrolatzeko eta zaintzeko urteko programak, osasun administrazioaren baimena jaso eta gero. Egiteko hori etenik gabe egingo da eta kontsumitzaileen osasunaren berme nagusi bihurtuko.

    Kontrol eta zaintze unitate horiek beti izango dira harremanetan Osasun Saileko eskualdeetako zentroekin. Horretarako EKUIS informazio sistema sortuko da dekretu honen bidez eta informazio sistema horri jakinaraziko zaizkio ur-hornitze, -biltze, -tratatze eta -banatzeari buruzkoak, baita egun indarrean dagoen araudi sanitarioarekin bat etorriz egindako azterketen emaitzak ere.

    Hiru mailatan gauzatuko dira aginte sanitarioaren egitekoak. Lehenengo edo oinarrizko maila osasun publikoko eskualdeetako zentroek eratuko dute, bigarren maila Osasun Saileko lurralde zuzendaritzetan egon eta sarea kudeatzen duten lurralde zentroek eta hirugarrena Erkidegoko Zentroak, Osasun Publikoko Zuzendaritzan dagoenak.

  3. kapituluak edateko uraren hornitze-sistema eraikitzeko eta aldatzeko proiektuetan Osasun Sailak duen egitekoa arautzen du.

  4. kapituluak, edateko uraren osasun kontrola egiteko, lurralde historikoetan batzorde iraunkor bana eratu beharra xedatzen du.

    Azkenik, V. kapituluak zehatze arauak jasotzen ditu. Zehatze arau horiek Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren 8/1997 Legean oinarrituko dira, dekretu honetan eta indarrean dagoen araudi tekniko sanitarioan jasotakoak urratzen dituztenak zigortzeko.

    Horiek horrela, Osasun sailburuak proposatuta, Aholku Batzorde Juridikoa entzunda eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2002ko uztailaren 16an egin zuen bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

Dekretu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko edateko uraren kalitatea kontrolatzeko eta zaintzeko nahiz horri guztiari buruz informatzeko sistema arautzea.

Dekretu honek ondoko helburuak ditu:

  1. – Bermatzea Euskal Autonomia Erkidegoko edateko uraren hornitze sistemaren osasun kontrolaren eta zaintzaren eraginkortasuna.

  2. – Kontrol eta zaintza sistema bat sortzea. Sistema edo sare hori Euskal Autonomia Erkidegoko edateko uraren kontrol eta zaintze lanen ardura duten eragileek osatuko dute.

  3. – Eragile horien egitekoak eta betebeharrak zehaztea.

  4. – EKUIS sortzea, hau da, Euskal Autonomia Erkidegoko Edateko Uraren Informazioa Sistema.

Goian aipatutako helburuen ardura, nork bere eskumenen esparruan, ondoko eragileek izango dute:

  1. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, Euskal Autonomia Erkidegoko aginte sanitarioa den aldetik.

  2. Toki erakundeek, udalek eta mankomunitateek; herritarrak urez hornitzeko, Toki Araubidezko Legeak aitortzen dizkien eskumenen esparruan.

  3. Hornitzea kudeatzen dutenek eta hornitzaileek berek eta banatzaileek, publikoak zein pribatuak, baldin eta edateko ur-hornitze, -biltze, -tratatze eta -banatze lanetarikoren batean edo guztietan badihardute.

  1. – Dekretu honetan xedatutakoaren arabera, ondokoak dagozkio Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari:

    1. Aginte sanitarioa den aldetik, Euskal Autonomia Erkidegoan berezkoak dituen egitekoak.

    2. Edateko uraren kontrol eta zaintza sarea onik zaintzea eta informazio sistema kudeatzea.

  2. – Osasun Sailak ondoko unitateen bitartez beteko ditu egiteko horiek:

    1. Osasun Publikoko eskualdeko zentroen bidez. Eskualde horiek, osasun publikoari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoko osasun eskualdeekin bat egiten dute.

    2. Osasun Saileko Lurralde Zuzendaritzetako Ingurumenaren Osasun Unitateen bidez. Unitate horiek, dekretu honetako II. kapituluan ezarritakoaren arabera, edateko uraren kontrol eta zaintza sarea kudeatzen duten lurralde zentro izango dira.

    3. Osasun Publikoko Zuzendaritzaren bidez. Zuzendaritza hori erkidegoko zentro izango da, halaxe xedatzen baita dekretu honetako II. kapituluan.

Euskal Autonomia Erkidegoko edateko uraren Kontrol eta Zaintza Sarea, Osasun Saileko Osasun Publikoko Zuzendaritzari atxikia, ondokoek osatuko dute:

  1. Kontrol eta zaintza unitateek.

  2. Osasun Publikoko eskualdeko zentroek.

  3. Sarea kudeatzen duten lurraldeetako zentroek.

  4. Erkidegoko Zentroak.

Hona hemen Kontrol eta Zaintza Sarearen helburuak:

  1. Kontrol estrategia eraginkorrak eta egungo teknikari egokituak sustatzea Euskal Autonomia Erkidegoa edateko urez hornitzeko.

  2. Erakundeak eta kontsumitzaileak informatzea edateko urarekin zerikusia duten gai garrantzitsuez.

  3. Osasun gaiei buruzko aholkuak ematea; batez ere, edateko ur-baliabide, ura garraiatzeko lan eta instalazio, urandel, ura banatzeko sare eta ura tratatzeari buruzkoak.

  4. Etengabeko prestakuntza bultzatzea, bai kontrol eta zaintza unitateen ardura duten langileena, bai edateko urez hornitzearen ardura dutenena.

  1. – Edateko urez hornitzen duten sistema guztietan izango dira kontrol eta zaintza unitateak, sistemetakoak bertakoak edo kontzertatuak, eta ondoko egitekoak izango dituzte:

    1. Urteko programak egin eta betearaztea hornitze sistemen eta uraren kalitatea kontrolatzeko eta zaintzeko. Horretarako aldez aurretik Osasun Publikoko Eskualdeko Zentroaren aldeko txostena eta ebaluazio txostena jaso beharko du. Sarea kudeatzen duen lurralde zentroak koordinatuko du Osasun publikoko eskualde bati baino gehiagori dagozkion hornitze inguruetako programen ebaluazioa.

    2. Ura biltzeko guneak eta instalazioak kontrolatzea, baita ura garraiatzeko bidea, urandelak, banatze sareak eta tratatze sistemak ere.

    3. Sareko informazio sistemara bidaltzea uraren kalitateari buruzko emaitzak nahiz urez hornitzeko sistemen osagai eta ezaugarriei buruzko informazioa. Hori guztia sistema kudeatzen duenak zehaztutako betekizun teknikoen arabera egingo da.

    4. Osasun Publikoko eskualdeko zentroei eta udal agintariei jakinaraztea uraren kalitateari eta ura bildu eta banatzeari buruzko informazioa, baita herritarrei banatzen zaien uraren kalitatean eragina izan lezaketen gertaera guztien berri ere.

    5. Ura aurkitzeko ikerketa lanetan eta uraren kalitatea hobetzeko egintzetan laguntzea.

  2. – Kontrol eta zaintza unitatetzat hartuko dira edateko uraren banatzaileak eta hornitzaileak, baldin eta beharrezko bitartekoak badituzte, bai eta uraren kalitatearen zaintza eta kontrol zerbitzuak ere, enpresok egitekook aurrekoekin hitzartuta badituzte.

  3. – Hornitu beharreko lurralde historikoko Osasun Saileko lurralde zuzendariak emango ditu baimenak Kontrol eta Zaintza Unitateko arduradunaren eskabidea jaso ondoren. Eskabidearekin batera arduradun horrek ondokoak aurkeztuko ditu:

    1. Hornitze sistema zein den jakinaraziko du.

    2. Halakorik izanez gero, hornitze sistemako titularrak hartutako erabakia, kontrolatze eta zaintze lanak eskatzailearen esku uzten dituena.

    3. Horniketa kontrolatzeko eta zaintzeko balia ditzakeen baliabideen deskripzioa, norbereak edo hitzartuak izan. Laborategiei dagokienez, lehiakortasunaren kanpoko ebaluazio planetan emaitza positiboak adierazi beharko dira analisi bideak aztertzean.

    4. Egin beharreko egintzen txostena. Gutxienez, ondokoak adieraziko dira:

      • Instalazioen zaintza eta kontrola.

      • Uraren kalitatearen laginak eta zaintza analitikoa.

      • Sareko informazio sistemari (EKUIS) emaitzak jakinaraztea.

  4. – Emango den ebazpenak Euskal Autonomia Erkidegoko edateko uraren Kontrol eta Zaintza Sareko unitate bihurtuko du Kontrol eta Zaintza Unitatea.

  5. – Lehenengo baimena eta baimen hori berrituz emandako hurrengoak ere 8 urtez egongo dira indarrean, baldin eta ez bada haren funtzionamenduan aldaketa nabarmenik ematen. Baimena berritzeko eskaera, gutxienez, baimena amaitu baino hilabete lehenago eskatuko da.

  6. – Baimena berriztatzen dela adierazten duen ebazpena emateko lau hilabete izango dira.

Hona hemen Osasun Publikoko eskualdeko zentroen egitekoak, eskualdeak hornitzeko sistemei dagokienez:

  1. Uraren kalitateari eta horniketen egoerari buruzko txostenak egitea. Txostenok egitean, osasun publikoa zaintzeko hartu beharreko neurriak proposatuko dituzte.

  2. Lortutako datuen eta egindako azterketen berri ematea udal agintariei, baita, behar denetan, udal mankomunitateei ere.

  3. Kontrol eta zaintza unitate guztiei laguntza teknikoa ematea, sortuta edo sortzeko zorian egon.

  4. Eskualdeko kontrol eta zaintza unitateek egindako zaintza programak ebaluatzea eta, Erkidegoko Zentroak zehaztutako irizpideekin bat, osasun publikoaren mesedetan beharrezko jotzen diren aldaketa guztiak egiteko eskatzea.

Hona hemen sarea kudeatzeko lurraldeetako zentroen egitekoak:

  1. Kontrol eta zaintza unitateek funtzionatzen duten eta haien helburuak betetzen diren koordinatzea, lurralde historikoan.

  2. Kontrol eta zaintza unitateak sareari atxikitzeko proposatzea.

  3. Lurralde historikoan lortutako datuei buruzko azterketak eta txostenak egitea nahiz azterketa eta txosten horien berri ematea.

  4. EAEko edateko uraren informazio sistema kudeatzen laguntzea.

  5. Indarrean dagoen legedian zehaztutakoaren arabera jakinaraztea Foru agintariei bereziki eta, oro har, jendeari uraren kalitateari buruzko datuak.

Hona hemen Erkidegoko Zentroaren egitekoak:

  1. Irizpideak zehaztea EAEn edateko uraren zaintza programetarako.

  2. Ikerketak diseinatzea eta egitea, ura edateak eragin lezakeen osasun arriskuei buruzkoak.

  3. Uraren kalitateari eta autonomia erkidegoko horniketen egoerari buruzko txostenak egitea.

  4. Indarrean dagoen legedian zehaztutakoaren arabera jakinaraztea datuak estatuko eta Europako Erkidegoko erakundeei.

  5. EAEko edateko uraren informazio sistema garatzea eta kudeatzea.

Osasun Publikoko Zuzendaritzaren menpeko Osasun Publikoko Laborategia izango da Azterketetarako erreferentzia zentroa, bai erabilitako metodoak baliagarriak direla zehazteko, bai Osasun Saileko laborategiek eta Zaintza Sareak egoki irizten dituen kalibrazioak eta osagarriak zehazteko.

  1. – Euskal Autonomia Erkidegoko Edateko Uraren Informazio Sistema sortu da (EKUIS).

  2. – EKUIS Informazio Sistemak Kontrol eta Zaintza Sareko unitateak eta Euskal Autonomia Erkidegoko edateko uraren hornitzaile eta banatzaile guztiak bilduko ditu. Horiek guztiek hornitze-azpiegiturei, biltze-, tratatze- eta banatze-jarduerei eta onartutako zaintza programen eta indarrean dagoen araudi tekniko-sanitarioaren arabera lortutako emaitzei buruzko datuak emango dituzte.

  3. – Osasun sailburuak emandako agindu baten bidez zehaztuko dira EKUIS Informazio Sistema antolatzeko eta abian jartzeko oinarri teknikoak.

Euskal Autonomia Erkidegoko edateko uren hornitze sistemak eraiki eta aldatzeko, Osasun Saileko tokian tokiko lurralde ordezkaritzaren txostena beharko da. Txosten hori loteslea izango da, baldin eta jendearen osasunari kalte eragin ahal dion gabeziaren bat aurkitzen bada.

Hornitze sistemen sustatzaileek eskabideaz gain ondoko agiriak aurkeztu beharko dituzte Osasun Saileko tokian tokiko lurralde zuzendaritzan:

  1. Teknikoak egindako proiektua.

  2. Biltze, instalatze eta tratatze lanen deskripzioa nahiz eragin ditzakeen arriskuen identifikazioa eta balorazioa.

  3. Uraren kalitate fisikokimikoari eta mikrobiologikoari buruzko datuak.

  1. – Osasun Saileko tokian tokiko lurralde zuzendaritzaren txosten tekniko sanitarioa beharko da berriro abian jartzeko jendea edateko urez hornitzeko erabiltzen ez ziren hornitze sistemak. Beste hainbeste eskatuko zaie edateko ura edukiontzi, upel edo urandel mugikorren bidez banatzen dutenei. Txosten horiek aurkakoak badira, lotesleak izango dira.

  2. – Txostenak jendearen osasunari kalteren bat ekar diezaiokeen huts edo akatsen bat agerian jartzen badu, Osasun Saileko tokian tokiko lurralde ordezkaritzako zuzendariak indarrean dauden legeetan jasotako neurriak hartuko ditu egoera zuzentzeko eta jendearen osasuna babesteko.

  1. – Osasun Saileko lurralde zuzendaritzetan edateko uraren kontrol sanitarioa egiteko batzorde iraunkor bana eratuko da. Hona batzorde horien egitekoak:

    1. Kalitate irizpideren bat betetzen ez duen uraren behin-behineko hornitzea proposatzea, baldin eta jendearen osasunari kalte onartezinen bat ez badakarkio eta indarrean dagoen legedia urratzen ez badu.

    2. Hondamendi eta larrialdietan egintzak proposatzea.

      a) idatz-zatian adierazitako baimenak emateko, beharrezko kontrol bereziak eta ezinbesteko neurri sanitario zuzentzaileak proposatzea.

    1. Teknikaren eremuan-eta organo aholku-emailea izatea eta uraren zein haien instalazioen egokitasunari buruz Eusko Jaurlaritzako sailek eskatutako txostenak egitea.

    2. EKUIS Informazio Sistemako organo aholku-emaile izatea.

  2. – Osasun sailburuak izendatutako lehendakari batek eta sei kidek osatuko dute Kontrol Sanitarioko Batzorde Iraunkorra, lurralde historikoetan. Kideetako bat Euskal Udalerrien Elkarteak hautatuetarikoen artetik izendatuko da.

  3. – Batzordeotako eraketa eta jardunbidea Osasun sailburuaren agindu bidez zehaztuko da.

Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legeak VI. tituluan araututakoaren arabera zigortuko dira dekretu honetan eta edateko uraren horniketa eta kalitate kontrola arautzen duen araudi teknikoa eta sanitarioan xedatutakoa urratzen dutenak. Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen zigortzeko ahalmenari buruzko otsailaren 20ko 2/1998 Legeak xedatzen duenez, zigorrak dagokion espedientea egin ondoren jarriko dira.

Edateko uraren hornitze sistemek kontrol eta zaintza unitate bana izango dute, berea nahiz kontzertatua, dekretu hau indarrean jartzen denetik kontatzen hasita bi urte igaro baino lehen. Unitate horiek izan arte Osasun Publikoko zentroek jarraitu ahal izango dute kontrol eta zaintza zerbitzuak egiten, baldin eta, dekretu hau argitaratu aurretik, hornitze sistema horien zaintza lana Osasun Sailaren menpeko zerbitzuek egiten bazuten.

Kontsumo publikorako diren edateko uren Kontrol eta Zaingorako Sarea ezartzen duen azaroaren 10eko 353/1987 Dekretua indargabetu egiten da.

Lehena.– Dekretu hau garatzeko eta gauzatzeko beharrezko diren xedapenak emateko eskumena aitortzen zaio Osasun sailburuari.

Vitoria-Gasteizen, 2002ko uztailaren 16an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Osasun sailburua,

GABRIEL M.ª INCLÁN IRIBAR