Etxebizitza eta Hiri Agenda Saila

Arautegia

Inprimatu

277/1996 DEKRETUA, azaroaren 26koa, Euskal Autonomi Elkarteko Jokoen Katalogoa onartzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Herrizaingoa
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 245
  • Hurrenkera-zk.: 6216
  • Xedapen-zk.: 277
  • Xedapen-data: 1996/11/26
  • Argitaratze-data: 1996/12/20

Gaikako eremua

  • Gaia: Segurtasuna eta justizia
  • Azpigaia: Herrizaingoa

Testu legala

Osasun zentru, zerbitzu eta establezimenduak irekitzeko, ihardunean jartzeko eta aldatzeko baimenei buruz urriaren 11n emandako 396/1994 Dekretua garatzeko asmotan, Euskal Autonomi Elkartean ospitaleak sortzeko, jardunean jartzeko eta bertan aldaketak egiteko baimenak arautzeko Agindua eman zuen Osasun sailburuak 1996ko otsailaren 29an.

Xedapen horren bitartez, baimenak emateko prozesu formala arautzeaz gain, Euskal Autonomi Elkarteko ospitale-zentru guztiek bete beharreko gutxieneko baldintzak eta betekizun teknikoak ezarri ziren.

Agindu hori ezartzean izandako lehenengo esperientziak agerian utzi du zenbait arazo daudela berori praktikan jartzeko. Beraz, beharrezko egiten da aginduaren zenbait manu aldatzea.

Ondorioz, 396/1994 Dekretuaren 4. atalean eta azken xedapenetatik bigarrenean xedatutakoarekin bat etorriz, eragindako osasun arloko lanbide-elkargoei entzun ondoren, hauxe

Lehenengo atala.– Euskal Autonomi Elkartean ospitaleak sortzeko, jardunean jartzeko eta bertan aldaketak egiteko baimenak arautzeko Osasun sailburuak 1996ko otsailaren 29an emandako Aginduaren 9.1. atala horrela geratuko da idatzita:

«9.1.– Ospitale bat edo horren atal bat behin-betiko itxi nahi bada, ordezkariak horren berri emango dio Osasun Antolamendu eta Ebaluaziorako zuzendariari, hiru hilabeteko aurrerapenarekin gutxienez.

Aldaketak egin nahi direlako edo beste edozein arrazoirengatik ospitalea aldi baterako itxi nahi bada, Osasun Antolamendu eta Ebaluaziorako zuzendariari jakinaraziko zaio, gutxienez hilabeteko aurrerapenarekin. Dena den, zentruko langileek ohiko oporrak hartu dituztelako zenbait unitate itxi arren, ospitaleak asistentzia-prestazioak mantentzen baditu, egoera hori ez da aldi baterako itxieratzat joko Agindu honen ondorioetarako.

Zentru bat behin betiko edo aldi baterako ixten bada, jakinarazpenarekin batera bi idazki aurkeztuko dira: batean ikututako zerbitzu guztien zerrenda jasoko da eta, bestean, ikututako zerbitzuak erabiltzen duen jendearen atentzio sanitarioan itxierak ahalik eta eragin txikiena izan dezan zentruak hartuko dituen neurriak.»

Bigarren atala.– Kendu egingo da 1996ko otsailaren 29ko Agindu horren I. Eraskineko 6) idazatiko bigarren lerroaldea.

Hirugarren atala.– 1996ko otsailaren 29ko Agindu horren II. Eraskinean aldatu egingo da B.2. idazatiko (Psikiatri Ospitalea) 3. puntua (Diagnostiko eta Tratamendu Aldeak). Honela geratuko da idatzita:

«3.– Diagnostiko eta Tratamendu Aldeak

  1. – Analisi klinikoetako laborategia (Itundua ere izan daiteke).

  2. – Irudi bidezko diagnostikoa (Itundua ere izan daiteke).

  3. – Farmazia zerbitzua edo botika biltegia, berariazko araudiak ezarritakoaren arabera.»

    Laugarren atala.– 1996ko otsailaren 29ko Agindu horren III. Eraskinean aldatu egingo dira ondoren aipatzen diren idazatiak, bertan jasotzen diren terminoetan:

    2.1.f) idazatia horrela geratuko da idatzita:

    «Gutxienez komun bat egongo da 6 oheko, dutxa bat 8 oheko eta komun laguntzadun bat erabilgarri.»

    2.4.d) idazatia horrela geratuko da idatzita:

    «Komunetan kanpotik irekitzeko sistema bat eta tanga baxuko sistema bat edo fluxometroa.»

    2.7.i) idazatia kendu egiten da:

    3.5. idazatiko b.7) puntua horrela geratuko da idatzita:

    «Larrialdietarako esterilizazioa erabilgarri.»

    3.5. idazatiko c.2) puntua horrela geratuko da idatzita:

    «Kirofano bakoitzean oinarrizko monitorizazioa duen ohe bat erabilgarri.»

    4.1.b) idazatia horrela geratuko da idatzita:

    «Esterilizazio kimikoa, berotasunarekiko eta hezetasunarekiko sentikorra den materiala tratatzeko, bere prozedurek hala eskatzen badute.»

    ALDIBATERAKO XEDAPEN BAKARRA

    Agindu hau era berean aplikatuko zaie indarrean jartzen denean aurkeztuta eta erabakitzeke egon daitezen eskabideei ere.

Vitoria-Gasteiz, 1996ko azaroaren 27a.

Osasun sailburua,

IÑAKI AZKUNA URRETA.

Azaroaren 8ko 4/1991 Legeak, Euskal Autonomi Erkidegoan jokoa arautzen duenak, 3. atalaren 1. idazatian, Jokoen Katalogoa Jaurlaritzaren Kontseiluak onartuko duela xedatzen du. Katalogo honetan zehaztuko dira jokoen izen desberdinak, egon litezkeen modalitateak, jokatzeko behar diren elementu eta pertsonak eta jokoak garatzeko funtsezko arauak.

Halaber, atal beraren 4. idazatiak xedatzen duenez, Jokoen Katalogoan barne harturik ez dauden joko guztiak debekatutzat hartuko dira. Bidezkoa da, beraz, katalogoan zein joko barne hartuko diren zehaztea, horrela hauek arau bidez garatu ahal izango baitira 4/1991 Legeko 7. atalean aurreikusitako baldintzetan.

Ondorioz, Herrizaingo sailburuaren proposamenez, Euskal Herriko Joko- Kontseiluak txostena jaulki duenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 1996ko 26an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

Atal bakarra.– Euskal Autonomi Elkarteko Jokoen Katalogoa onartu eta bere testua jarraian txertatu da.

Lehena.–

  1. – Jokoa arautzen duen Legean xedatutakoaren arabera, pertsona fisiko edo juridiko publiko zein pribatu baten antolaketa- eta kudeaketa-eremuan garatu eta iharduera horren bidez irabaziak lortzera zuzendutako joko-modalitateak sartzen dira bere aplikazio-esparruan, nahiz eta antolatzailea irabazi-asmorik gabeko elkarte bat izan.

  2. – Joko-iharduerarik ez dagoela ulertuko da apustuen, apustu-ekinaldien edo diru-transferentzien baturak hileko lanbide arteko gutxieneko soldataren zenbatekoa gainditzen ez duenean eta iharduera ohitura bati jarraituz garatzen ez denean.

Euskal Herriko Autonomi Estatutuko 35.10. atalak xedatzen duenaren arabera, Kirol-ongintzazko Elkarrekiko Apustuak Dekretu honen esparruaz kanpo geratzen dira.

  1. – Euskal Autonomi Elkarteko Jokoen Katalogoan barne hartuta ez dauden jokoak debekatutzat hartuko dira. Halaber, barne hartuta egon arren, beharrezko baimena izan gabe edo emandako baimenetan eta dagozkien legezko arau aplikagarrietan zehazten diren era, leku edo pertsonez bestelakoek egiten dituztenak ere debekatuta egongo dira.

  2. – Katalogoan aurreikusitako jokoak ezin izango dira baimendu dagokien garapen-araudia eman arte.

  1. – Dekretu honek baimentzen dituen jokoak egin eta antolatzeko, Herrizaingo Saileko Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzaren baimena beharko da, garapen-araudiak xedatzen duenaren arabera, burutzen dituzten pertsonak direnak direla ere.

  2. – Katalogo honek aztergai dituen jokoen indarrez emandako baimenak izaera arautua edukiko dute. Baimen horiek joko-azpisektore bakoitzaren garapen-araudian adieraziko den ihardunbidearen arabera emango dira.

  3. – Halaber, berariazko arautegiek formulatutako eskabideak erabakitzeko epea, ustezko egintzen onespen- edo gaitzespen-ondorioak eta erabakien aurka jar daitezkeen errekurtsoak ezarriko dituzte. Arautze zehatzik ezean, baimen-espedienteak erabakitzeko epea hiru hilabetekoa izango da eta epe hau igaro ondoren berariazko erabakirik eman ez bada, eskabideak ukatu egin direla ulertuko da.

Jokoa arautzen duen 4/1991 Legeko 5. atalean xedatutakoaren arabera, lege honetan araututako iharduerak burutu ahal izateko fidantza jarri beharko da berariazko araudiak xedatzen duen moduan. Fidantza hori aipatutako legean eta hau garatzen duen araudian aurreikusita dauden betebeharrak ez betetzearen ondoriozko diru-zigorrak eta iharduerari dagozkion administrazio-tasak ordaintzeko erabili beharko da.

  1. – Dekretu honek baimentzen dituen kasino-jokoei indarrean dagoen Joko-Kasinoen Araudian ezarritako arauak aplikatuko zaizkie, joko horien izaera kontuan izanda.

  2. – Aurreko idazatian xedatutakoaren kaltetan izan gabe, aipatutako araudiko 47. atalean adierazitako joko-mahaietarako aurrerakin minimoak honako hauek izango dira gutxienez:

    1. Zori-erruletaren jokoan, mahaiko apustu minimoaren zenbatekoa 15.000rekin biderkatzearen emaitza.

    2. Karta-uzterik gabeko poker jokoan, mahaiko apustu minimoaren zenbatekoa 10.000rekin biderkatzearen emaitza.

    3. «Pai Gow Poker» jokoan, mahaiko apustu minimoaren zenbatekoa 15.000rekin biderkatzearen emaitza.

  3. – Zirkuluko kasino-jokoen eta «Pai Gow Poker» jokoaren gainean ezarritako mozkin maximoak, jokatutako apustuen edo jokalariek irabazitako kopuruen gaineko portzentaia gisa ezarritakoak, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den Herrizaingo sailburuaren aginduaren bidez alda daitezke, aldez aurretik Euskal Autonomi Elkarteko kasinoen titularrei entzunda.

Jokoa arautzen duen azaroaren 8ko 4/1991 Legeko 11. atalean xedatutakoaren arabera, Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak baimena eman ondoren, joko-kasinoetan bingo-aretoetarako eta joko-aretoetarako baimendutako jokoak ere egin ahal izango dira, baita «C» motako makinak instalatu ere.

Katalogo honek aztergai dituen jokoetan parte hartzeko eskubidea erabilera legaleko dirua entregatuz eskuratuko dute jokalariek. Aurrekoaren kaltetan izan gabe, jokoak garatzeko araudiarekin bat etorriz, legezko beste edozein ordainbide baimendu ahal izango da, baina kasu orotan guztiz debekatuta egongo da jokalariei inolako mailegurik egitea.

  1. – Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzari egokituko zaio Euskal Autonomi Elkartean baimentzekoak diren jokoetarako material, osagarri, tresna edo elementuak zehaztu, homologatu eta ikuskatzea.

  2. – Dekretu honek onartutako jokoak garatzeko jokoaren material, osagai edo elementu jakin bat erabiltzeko baimena ematen duen administrazio-egintza da homologazioa. Homologazio horrek aldez aurretik egiaztatze-prozesu bat egitea eskatuko du, Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzako joko-erregistroetan eredu gisa inskribatuta dauden aleekin alderatuta jokoaren araudiak material, osagai edo elementu jakin bati dagokionez exijitzen dituen ezaugarriak biltzen ote dituen egiaztatu ahal izateko.

  3. – Kasuan kasuko materialaren ezaugarrien ondorioz ezaugarri teknikoen arautegi bat aurrez zehaztu beharrik ez dagoenean, jokoaren material, osagai edo elementuak diseinatua izan denerako funtzionaltasuna betetzen duela egiaztatzeko ihardunbidea hartuko da homologaziotzat.

Joko-kasinoetan eta bingo-aretoetan, joko bakoitzaren jarraibideen liburuskak egon behar dira erabiltzaileen eskueran, Euskal Autonomi Elkarteko bi hizkuntza ofizialetan idatzita. Halaber, lokal horietako titularrek derrigorrez eduki behar dituzte joko horien araudi ofizialak, hauek ere jokalarien eskueran.

INDARGABETZE XEDAPENA

Hamargarren xedapen gehigarrian xedatutakoa dekretu honek indarra hartzen duenetik hasi eta sei hilabeteko epean bete beharko da.

Dekretu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hartuko du indarra.

Vitoria-Gasteizen, 1996ko azaroaren 26an.

Lehendakaria,

JOSÉ ANTONIO ARDANZA GARRO.

Herrizaingo sailburua,

JUAN MARÍA ATUTXA MENDIOLA.

  1. atala.– Jokoen katalogoa.

  1. – Euskal Autonomi Elkartean baimendutako Jokoen Katalogoak, Jokoa arautzen duen azaroaren 8ko 4/1991 Legeak 3. atalean aurreikusitakoak, honako joko hauek barne hartzen ditu:

    1. Kasino-jokoak:

      1. – Erruleta frantsesa.

      2. – Zero bakarreko erruleta amerikarra.

      3. – Hogeita bata edo «Black Jack».

      4. – Bola edo «boule».

      5. – Hogeita hamar eta berrogeia.

      6. – Dadoak edo «craps».

      7. – Puntu eta bankua.

      8. – Trenbidea, «Baccara» edo «Chemin de Fer».

      9. – Bi oihaleko «Baccara».

      10. – Zori-erruleta.

      11. – Karta-uzterik gabeko pokerra.

      12. – Poker sintetikoa.

      13. – Pai Gow Poker edo Poker txinatarra.

      14. – Seven Card Stud Poker.

    2. Bingoa.

    3. Apustuak:

      1. – Zaldi-apustuak.

      2. – Herri-kiroletako apustuak.

      3. – Pilota-apustuak.

      4. – Estropada-apustuak.

      5. – Beste kirol batzuetako apustuak.

    4. Loteriak.

    5. Txartelak.

    6. Jokatzeko makinak.

    7. Errifa edo zozketak.

    8. Tonbolak.

    9. Ausazko konbinazioak.

  2. atala.– Kasino-jokoak.

  1. – Erruleta frantsesa.

    1. – Deskribapena.

      Erruleta zorizko jokoa da, kontrapartidakoak deitzen direnetakoa. Parte-hartzaileek establezimendu antolatzailearen kontra jokatzen dutela dauka funtsezko ezaugarritzat. Irabazteko aukera gurpil horizontal birakari baten barruan mugitzen den bola baten mugimenduak erabakitzen du.

    2. – Jokoaren elementuak.

      Erruletaren tresnak.

      Joko honen materiala 56 cm inguruko diametroko zurezko zilindro batek osatzen du eta, honen barruan, metalezko ardatz batek eusten dion disko birakari bat dago. Disko honen goialdeak gainazal ahur samarra dauka eta metalezko tabike txikiek bereizten dituzten 37 laukitxo erradialetan banatuta dago. Konpartimentu hauek gorriak eta beltzak dira, txandaka, eta 1etik 36ra zenbakituta daude; beste batek zeroa dauka eta zuria edo berdea izaten da, baina ezin da ez gorria ez beltza izan. Elkarren segidako bi zenbaki ez daude inoiz elkarren ondoan eta, bestalde, zifren batura bikoitia duten zenbakiak eta 10a eta 29a beltzak dira beti, 19a izan ezik. Ardatzetik kanporatzen den gailu bati esker –erruletaren erdi-erdian gurutzatzen diren bi zeharragak osatzen dute–, erruletari plano horizontalean mugimendu birakaria eman dakioke.

      Erruleta mahai luze eta angeluzuzen batean jokatzen da, eta honen erdian edo mutur batean egoten da aipatutako gurpila. Honen alde batean taula edo taulak daude. Taula honetan erruletan dauden 36 zenbaki gorri eta beltzak ezarrita daude, hamabina zenbakiko hiru zutabetan jarrita, zeroarentzako espazio bat gordeta dago eta beste espazio batzuk konbinazio edo «zorte» desberdinetarako; espazio hauetan konbinazio edo «zorte» horien adierazgarri diren hitz edo laburtzapen desberdinak Autonomi Elkarteko bi hizkuntza ofizialetan inprimatuta egongo dira.

      Mahaian taula bat edo bi dauden kontuan hartuta, erruletari «oihal bakarrekoa» edo «bi oihalekoa» deitzen zaio, hurrenez hurren.

    3. – Langileak.

      1. – Motak:

        Erruleta bakoitzari dagokion langileriak honako hauek biltzen ditu:

        1. «Bi oihalekoa» deritzon erruleta: mahai-buru bat eta mahai-buruorde bat, aurrez aurre eta zilindroari begira kokatu behar direnak; lau «croupier», mahaiaren erdian kokatzen direnak, buruaren eta buruordearen eskuin eta ezkerraldean; eta bi «mahai-ertzeko», mahaiaren muturretan kokatuta.

        2. «Oihal bakarrekoa» deritzon erruleta: mahai-buru bat, bi «croupier» eta «mahai-ertzeko» bat.

      2. – Eskumenak:

        1. Buruak eta buruordeak partida zuzentzea eta honek dirauen bitartean egiten diren aldaketak kontrolatzea dute eginkizun. Debekatuta daukate dirua, plakak edo fitxak edozein modutan manipulatzea.

        2. «Croupierrek» zilindroari eragin eta bola jaurtikitzeaz arduratu behar dute, txandaka eta ezarritako errotazio-ordena bati jarraituz. Horrez gain, funtzionamendu-arauei dagokien idazatian zehazten diren jokoa burutzeko beharrezko eragiketak egiteaz arduratuko dira. Halaber, posturak mahai gainean jarri ahal izango dituzte.

        3. «Mahai-ertzekoek» jokalariek eskatzen dietenean posturak beren kontrolpeko eremuan jartzea eta hauek bereziki zaintzea dute eginkizun, hutsegite, eztabaida eta iruzurrik gerta ez dadin.

    4. – Erruletaren arauak.

      1. – Konbinazio posibleak.

        Jokalariek jarraian adierazitako konbinazioak baino ezin dituzte erabili:

        1. Posibilitate edo «zorte» anizkunak.

        1. Bete-betekoa edo zenbaki osoa. Apustua 37 zenbakietako edozeinetan egitean datza eta irabazten duen jokalariari egindako postura bider hogeita hamabost itzultzen dio.

        2. Bikotea edo zangalatraba. Apustua zangalatraba jartzen da bi zenbaki bereizten dituen lerroaren gainean eta irabazten duen jokalariari egindako postura bider hamazazpi itzultzen dio.

        3. Zeharkako ilara. Ilara bat osatzen duten hiru zenbaki jarraietan jokatzen da, ilarak zorte bakunetara destinatutako alboko espazioetatik bereizten dituen luzekako lerroaren gainean jarriz apustua. Hiru zenbakietako bat ateratzen bada, jokalariak jarritako kopurua bider hamaika lortzen du. Halaber, «0, 1, 2» eta «0, 2, 3» konbinazioen gainean jarritako fitxak bider hamaika ordainduko dira, postura hauek tradizionalki 0aren zeharkakotzat hartzen baitira.

        4. Laukia. Apustua elkarren ondoan lauki bat osatuz dauden lau zenbakiren gainean egiten da, postura zenbaki horiek bereizten dituzten lerroen gurutzagunean jarriz. Irabaziz gero, jarritako postura bider zortzi lortzen da. Halaber, «0, 1, 2, 3» konbinazioen gainean jarritako fitxak bider zortzi ordainduko dira. Postura honi «4 lehendabizikoak» izena ematen zaio.

        5. Seikoa edo zeharkako ilara bikoitza. Apustuak sei zenbaki hartzen ditu eta egindako postura bider bost irabaz daiteke.

        6. Zutabea. Apustuak zutabe bat osatzen duten hamabi zenbakiak hartzen ditu eta jokatutako kopurua bider bi irabaz daiteke.

        7. Dozena. Apustuak 1etik 12ra bitarteko zenbakiak (lehen dozena), 13tik 24ra bitarteko zenbakiak (bigarren dozena) edo 25etik 36ra bitarteko zenbakiak (hirugarren dozena) hartzen ditu, eta jokatutako kopurua bider bi irabaz daiteke.

        8. Bi zutabe edo zutabea zangalatraba. Apustua bi dozenako 24 zenbakitan egiten da eta irabazia posturaren erdia da.

        9. Bi dozena edo dozena zangalatraba. Apustua bi dozenako 24 zenbakitan egiten da eta irabazia posturaren erdia da.

          Kasu guztietan, irabazten duen jokalariak bere apustuari eutsi egiten dio eta erretiratu egin dezake.

        1. Posibilitate edo «zorte» bakunak.

        1. Posibilitateak. Jokalariek apustua egiterakoan bikoiti ala bakoiti (zenbaki bikoitiak ala bakoitiak), gorri ala beltz (zenbaki gorriak ala beltzak), edo «falta» (1etik 18ra bitarteko zenbakiak) ala «pasa» (19tik 36ra bitarteko zenbakiak) aukera dezakete.

          Kasu hauetan guztietan, irabazten duen jokalariak bere apustuari eutsi egiten dio eta erretiratu egin dezake. Irabazia jokatutako kopuruaren adinakoa da.

        2. Zeroa irteten bada. Kasu honetan, zorte bakun baten gaineko apustua egin duen jokalariari aukeratzen uzten zaio: edo bere apustuaren erdia erretiratu eta beste erdia bankuak berreskuratzen du, edo bestela apustua osorik uzten du «presondegian». Hurrengo jokaldian zeroa berriz irteten ez bada, «presondegian» jarrita dauden postura irabazleak libre geratzen dira, besterik gabe, eta beste guztiak behin-betiko galtzen dira.

          Zeroa bigarren, hirugarren… aldiz irteten bada, jokalariak aukera berbera egin dezake, baina kontuan izan behar da bere apustuaren hasierako balioak zeroa irteten den bakoitzean bere balioaren %50 galdu duela. Mahaiko minimoaren azpitik baldin badago, apustuak «presondegian» egon beharko du libre geratu arte.

          Zeroa ekitaldiko azken jokaldian irteten denean, jokalariak bere hasierako apustuaren erdia, laurdena, zortzirena eta abar itzuli beharko du nahitaez, zero zenbakia atera den lehendabiziko, bigarren, hirugarren… aldia den kontuan hartuta.

      2. – Apustuen maximoak eta minimoak.

        1. Muga horiei buruzko arau orokorrak.

          Erruletako apustu minimoa Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak emandako baimenean zehaztuta dago.

          Maximoa dauden joko-konbinazioak kontuan hartuta finkatzen da:

        1. Zorte bakunetan, postura minimo gisa finkatutako kopurua bider 360 da maximoa.

        2. Zorte anizkunetan honako hau da maximoa:

          Bete-beteko edo zenbaki osoan, apustu minimoa bider 20; bikote edo zangalatraban, bider 40; zeharkako ilaran, bider 60; laukian, bider 80; seikoan, bider 120; zutabean eta dozenan, bider 240; zutabe bikoitzean eta dozena bikoitzean, bider 480.

        1. Arau bereziak.

          Kasinoko zuzendariak apustuen minimoak aldatu egin ditzake joko edo mahai jakin batzuetan, beti ere kasinoak horretarako baimena badu, 1979ko urtarrilaren 9ko Joko-Kasinoen Araudiko 16.e) atalean xedatutakoaren babespean eta, kasu orotan, honako baldintza hauek betez:

        1. Ekitaldian zehar eta mahai bat abiarazi denean, kasinoak ezin izango du bertako apustuaren muga aldatu.

        2. Dena den, kasinoak gutxienez mahai bat joko horretarako baimendutako apustuen muga minimoarekin abiarazi beharko du, baimen zehatzean bestelakorik xedatzen ez bada behintzat.

          Apustuen minimoetako aldakuntza honek mahai bakoitzari entregatu behar zaion aurrerakinean, apustuen muga maximoan eta kasinoak kutxan apustuen berme gisa eduki behar duen diru-kopuruan izango du eragina, Kasinoen Araudiko 49. atalak ezarritako eran.

      3. – Jokoaren funtzionamendua.

        Jokoaren fase desberdinak hauexek dira:

        1. Aparatua maniobratzeaz arduratzen den croupierrak aldi bakoitzean aurrekoaren kontrako norantzan eragin behar dio zilindroari, eta bola zilindroaren kontrako norantzan jaurtiki behar du.

        2. Maniobra hau egin baino lehen, eta indar zentrifugoak bola galerian atxikitzen duen bitartean, jokalariek apustuak egin ditzakete, croupierrak bolaren mugimendua mantxotu egiten dela eta disko barrura erortzeko zorian dagoela ikusi eta «no va más» («besterik ez») iragartzen duen arte. Hemendik aurrera ezin izango da inolako posturarik onartu.

        3. Bola hogeita hamazazpi laukitxoetako batean gelditzen denean, croupierrak ozenki iragarriko du zenbakia, baita zorte bakun irabazleak adierazi ere, bere erraketarekin zenbaki hori ukituz, jendeak argi eta garbi ikus dezan. Jarraian, «croupierrek» galtzaile izan diren apustuak erretiratu eta irabazle izan direnak ordainduko dituzte, honako ordena honi jarraiki: zutabeak, dozenak, zutabe bikoitzak eta dozena bikoitzak; zorte bakunak (gorria, beltza, bikoitiak, bakoitiak, pasa eta falta); zeharkako ilarak eta seikoak, laukia eta bikoteak, eta azkenik, bete-betekoak edo zenbaki osoak. Oihal bakarreko mahaietan «croupierrak» izango dira apustu galtzaileak erretiratu ondoren irabazle suertatu diren apustuak ordainduko dituztenak.

        4. Bola biraka dabilen bitartean zilindroan fitxaren bat edo beste edozein objektu erori edo bola zilindrotik kanpora jausten bada edota croupierrak bola gaizki jaurtikitzen badu, mahaiburuak jokoa eten eta berehala adierazi behar du ozenki jokaldiak baliorik ez duela («jaurtialdi baliogabea» / «tirada nula»); bola hartu eta croupierrari emango dio, honek berriz jaurtiki dezan, lehendabizi aurreko jokaldian erori den zenbakian jarriz.

        5. Ekitaldi bakoitzaren amaieran zilindroa giltza edo zigilu batez hornitutako estalki batekin itxi beharko da.

  2. – Zero bakarreko erruleta amerikarra.

    Erruletaren aldaera amerikarraren funtzionamenduak erruleta frantsesa araupetzen duten printzipio berberei jarraitzen die. Hori dela-eta, idazati honetan erruleta amerikarrari dagozkion arau bereziak baino ez dira biltzen. Bestalde, arau hauetan aurreikusi gabeko guztian, katalogo honen 01. epigrafean bildutako erruleta frantsesari buruzko xedapenak aplikagarritzat joko dira.

    1. – Erruleta amerikarraren tresnak.

      Bi desberdintasun daude europar erruletarekiko:

      1. Apustuak tapetearen alde bietako baten gainean jartzen dira. Honen antolakera, apustuak ezkerraldean jartzen direnean, irudian ikus daitekeena da.

      2. Zilindroaren ertzean, dauden koloreen kopuru maximoa bezainbat kaxa edo konpartimentu jarriko dira. Kaxa hauek, batzuk besteetatik nabarmenki bereiz, balio jakinik gabeko fitxa bat jartzeko erabiliko dira, eta jokalariak kolore horretako fitxei emandako balioa adierazten duen markagailu bat jartzen da gainean. Balio hau mahaian zenbaki oso baten gainean dagoen posturaren minimotik maximora bitartekoa izan daiteke, eta kasinoan dauden fitxen balio indibiduala egokitu egiten da.

        Jokalariak fitxei emandako balioaren markagailuak, halaber, Joko-Kasinoen Araudiko 50.2. atalean adierazten den joko-mahaiaren aldameneko lekuan jar daitezke, baita zilindroaren kanpoaldeko arkuari itsatsitako idulki batean ere, honen oinarria zilindroaren ertzaren altueran egon dadin.

    2. – Elementu pertsonalak.

      1. Mahai-jokoak dimentsio txikiak ditu, baina mahai bikoitz bat erabiltzea baimen daiteke. Parte har dezakeen jokalari-kopurua mugatua izango da, mahaiaren ezaugarrien araberakoa.

      2. Erruleta bakoitzari dagokion langileriak honako hauek biltzen ditu: mahai-buru bat, croupier bat eta, behar izanez gero, laguntzaile bat, beste hainbat laguntza-eginkizunez gainera fitxa-piloak ordenatzeaz arduratuko dena.

        Mahaiburua jokoaren argitasun eta erregulartasunaren, ordainketen, bere mahaian egindako eragiketa guztien eta markagailuen kontrolaren erantzulea da.

    3. – Jokoaren funtzionamendua.

      1. Jokaldi bakoitzean, croupierrak, laguntzailerik ez duenean, fitxa-piloak berregin behar ditu.

      2. Ordainketak ordena honi jarraituz egin behar dira beti: zutabe bikoitza, zutabea, pasa, bakoitia, beltza, gorria, parea, falta, dozena bikoitza, dozena, seikoa, zeharkakoa, laukia, bikotea edo zangalatraba eta, azkenik, bete-betekoa edo zenbaki osoa. Alabaina, jokalari batek konbinazio irabazle bat baino gehiago baldin baditu, guztiak batera ordaintzen dira, nahiz eta apustuak mota desberdinetakoak izan. Ordainketak jokalari irabazleari dagozkion balio jakin bateko koloretako fitxekin egiten dira, edo balio-fitxa eta -plakekin edota biekin.

    4. – Jokoaren konbinazioak.

      Zorte bakunen barruan, zeroa irteten bada, apustuaren erdia galdu eta beste erdia berreskuratu egiten da.

    5. – Apustuen maximoak eta minimoak.

      Jokalariak balio-fitxak nahiz koloretako fitxak erabil ditzake jokoan. Azken kasu honetan, jokalariak, fitxa-sorta bat eskuratzen duenean, fitxa bakoitzari eman nahi dion balioa finka dezake, zenbaki oso baten gaineko minimoaren eta maximoaren mugen barruan. Jokalariak bere fitxei eman nahi dien balioa croupierrari adierazten ez dionean, hauek mahaiko apustuaren balio minimoa hartuko dute.

      Maximoa jarraian adierazitako eran finkatzen da:

      1. Zorte bakunei dagokienez, postura minimoa bider 360.

      2. Zorte anizkunei dagokienez, zenbaki osoan aipatutako kopuru minimoa bider 20; bikote edo zangalatraban, bider 40; zeharkako ilaran, bider 60; laukian, bider 80; seikoan, bider 120; zutabean eta dozenan, bider 240, eta zutabe bikoitzean eta dozena bikoitzean, postura minimoa bider 480.

  3. – Hogeita bata edo «black-jack».

    1. – Deskribapena.

      Hogeita bata edo «Black-Jack» zorizko karta-jokoa da, kontrapartidakoak deitzen direnetakoa. Parte-hartzaileek establezimenduaren kontra jokatzen dute, eta jokoak hogeita bat puntu lortzea edo muga hori gainditu gabe puntu hauetara hurbiltzea du helburu.

    2. – Jokoaren elementuak.

      1. – Kartak.

        Hogeita bat edo «Black-Jackean» 52na kartako sei karta-sortarekin jokatzen da, hiru kolore batekoak eta beste hirurak beste kolore batekoak. Irudiek hamar puntu balio dute, batekoak puntu bat edo hamaika, jokalariari komeni zaiona, eta beste kartek beren zenbakiaren balioa izango dute.

      2. – Banagailua edo «sabot».

        Kartak behar bezala nahastu ondoren banatzeko sartzen direneko ontzia da. Bertan irrist egin eta banan-banan azaltzen dira.

        Banagailu guztiak zenbakitu egin behar dira establezimendu bakoitzean, eta karten armairuan edo exijentzia berberak betetzen dituen besteren batean gorde behar dira. Zuzendariak edo horretaz arduratzen den langileak banatzen ditu mahai desberdinetan ekitaldi bakoitzaren hasieran, banagailu berberak sistematikoki mahai berberetan jar ez daitezen ahaleginduz.

        Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak homologatutako modeloetako batekoa izan beharko du derrigorrez.

        Aldez aurretik homologatuta, elementu, gailu edo osagai elektroniko edo informatikoak dituzten eta kartak croupierrak parte hartu gabe automatikoki nahastu eta banatzen dituzten banagailu edo «sabot» automatikoak erabiltzeko baimena eman dezake Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak.

        Homologazioa «sabot» edo banagailuak diseinatua izan denerako funtzionaltasuna betetzen duela egiaztatzean datza.

        «Sabot» automatikoak erabiltzeko baimena ematen denean, hauek zaindu, erabili eta manipulatzeko eginkizunak jokoen katalogo honen arabera horretaz arduratu behar duen langileak beteko ditu.

    3. – Hogeita bat edo «Black-Jackeko» langileak.

      Ikuskatzailea edo mahaiburua.

      Jokoa kontrolatzea eta jokoak dirauen bitartean sortzen zaizkion arazoak konpontzea du eginkizun. Bi mahaietatik behin egon daiteke ikuskatzaile edo mahai-buru bat.

      Croupierra.

      Partida zuzentzen duen langilea da, eta kartak nahastea, jokalarien artean banatzea, postura galtzaileak erretiratzea eta irabazle suertatzen diren posturak ordaintzea du eginkizun.

    4. – Jokalariak.

      1. Eserita. Jokoan parte har dezakeen jokalari-kopuruak bat etorri behar du tapetean markatutako apustuen plaza-kopuruarekin; azken hauen gehienezko kopurua zazpikoa da. Plaza batzuk bete gabe baldin badaude, jokalariek hutsik daudenetan egin ditzakete apustuak. Halaber, jokalariek beste edozein jokalariren «eskuan» ere egin ditzakete apustuak, beti ere honen baimena izanik eta apustu maximoaren mugen barruan. Dena den, lauki bakoitzaren parean aurrez aurre dagoen lehendabiziko jokalaria izango da bertan aginduko duena.

        Jokalari baten «esku» bakoitza indibidualki kontuan hartuko da eta kartak banatu eta eskatzeko ordena arruntari jarraituko dio.

      2. Zutik dauden jokalariek ere jokoan parte har dezakete, jokalari baten «eskuan» apustu eginez, beti ere honen baimena izanik eta plaza bakoitzeko apustu maximoaren mugen barruan. Alabaina, jokalariari ezin diote aholkurik edo jarraibiderik eman, eta honen erabakiak onartu behar dituzte.

      3. Plaza edo lauki bakoitzeko apustu-kopuruak ezin izango du inolaz ere lautik gorakoa izan.

    5. – Jokoaren arauak.

      1. – Jokoaren posibilitateak.

        1. Joko bakuna edo Hogeita bata edo «Black-Jack».

          Apustu guztiak egin direnean, croupierrak karta bat emangodio «esku» bakoitzari, bere ezkerraldetik hasi eta erlojuaren orratzen norantzari jarraituz, eta bere buruari beste karta bat emanez.

          Gero bigarren karta bat emango dio «esku» bakoitzari, ordena berari jarraituz beti.

          Jarraian, «eskua» duten jokalariek lortu duten puntuazioa iragarriko du eta beste kartarik nahi duten galdetuko die. Jokalari bakoitzak ezezkoa eman edo karta gehiago eska dezake, banan-banan, egoki irizten dion arte, baina ezin izango du karta gehiago eskatu 21 edo puntuazio handiagoa lortu baldin badu. «Esku» batek 21etik gorako puntuazioa lortzen duenean galdu egingo du eta croupierrak, lortutako puntuazioa iragarriz, berehala jasoko ditu bere apustua eta kartak, hurrengo «eskura» pasatu baino lehen.

          Jokalariek beren jokoa egin dutenean, croupierrak karta bat edo gehiago emango dizkio bere buruari. 17 puntura iristen denean planto egin beharko du, eta ezin izango du karta gehiago hartu. Osterantzean, karta gehiago eskatu beharko ditu, bere guztizko puntuazioa 17 edo gehiagora iritsi arte. Bere karten artean bateko bat daukanean, hamaika puntu zenbatu beharko ditu balio honekin 17 puntu edo gehiago lortzen baditu, beti ere horrela 21 puntu baino gehiago egiten ez baditu; kasu honetan puntu batekoa izango da balioa. Hala eta guztiz ere, jokalari guztiek pasa egin badute, croupierrak ez du karta gehiago hartu beharko.

          Croupierrak, bere puntuazioa iragarri ondoren, apustu galtzaileak jaso eta irabazle suertatu direnak ordainduko ditu, eskuinetik ezkerrera. Orduan, jokalarien kartak lehengo ordena berean jaso eta aurpegiz behera jarriko ditu horretarako erabiltzen den ontzi batean, bere kartak utziz azkenerako.

          Bankaria 21 puntutik pasatu bada, oraindik tapetearen gainean dauden apustu guztiak ordainduko ditu.

          Bankariak 21 puntu ez baditu, bere puntuazioa baino txikiagoa duten «eskuen» apustuak jaso eta puntuazio handiagoa dutenenak ordainduko ditu. Bankariaren puntuazio berdina lortu duten «eskuak» baliogabeak izango dira, eta hauen titularrek egindako apustuak erretiratu ahal izango dituzte beren kartak jasotakoan.

          Ordainketak beste horrenbestez egingo dira, hots, jokatutako kopuru bera ordainduz, baina jokalariren batek Hogeita bat edo «Black-Jack» egiten badu, hau da, bi kartarekin bakarrik 21 puntu lortzen baditu, jokatutako biren truke hiru ordainduko zaizkio beti. Hogeita bat edo «Black-Jack» jokaldiak beti irabaziko dio bi karta baino gehiagorekin lortutako 21eko puntuazioari.

        2. Asegurua.

          Croupierraren lehendabiziko karta batekoa denean, jokalariek bankuak lor lezakeen «Black-Jack» edo Hogeita bataren kontrako asegurua hartzeko aukera izango dute. Croupierrak aseguru hau jokalari guztiei proposatuko die, hirugarren karta eskatzen duen lehendabiziko jokalariari eman baino lehen. Une honetatik aurrera ezin izango du inork asegururik hartu.

          Asegurua hartzen duen jokalariak bere postuaren parean kokaturik dagoen «aseguru» lerroan jarriko du gehienez ere bere jatorrizko apustuaren erdia bestekoa izango den kopurua. Croupierrak hamarreko bat ateratzen badu, hots, Hogeita bat edo «Black-Jack» egiten badu, apustu galtzaileak jaso egingo ditu eta aseguruak ordaindu, jarritako biren truke bat ordainduz. Hogeita bat edo «Black-Jack» egiten ez badu, aseguruak jaso eta beste apustuak joko bakunean bezala kobratu edo ordainduko ditu.

        3. Pareak.

          Jokalari batek balio berdineko lehendabiziko bi kartak jasotzen dituenean, «bi eskutara» jokatu ahal izango du. Aukera honetaz baliatzen bada, hasierako apustuaren berdina egin beharko du beste kartan. Hemendik aurrera bi karta hauek eta bi apustu hauek «esku» bereizi eta independentetzat hartuko dira, eta bakoitzak bere balio eta destino propioa izango du. Beraz, jasotzen dituen balio berdineko karta-kopurua bezainbat «esku» osatu ahal izango ditu.

          Jokalariak joko bakuneko baldintza berberetan planto egin, kartak eskatu eta jokatuko du, bere eskuinaldean daukan «eskutik» hasi eta hurrengora igaro baino lehen. Beste pare bat osatzen badu, berriz bereizi eta beste apustu berdin bat jarri ahal izango du.

          Jokalari batek bateko pare bat bereizten duenean, ezin izango du karta bat baino eskatu «esku» berri bat osatu duen bateko bakoitzerako.

          Jokalari batek bateko pare bat edo 10na puntu balio duten karta pare bat bereizten badu eta hurrengo kartarekin 21 puntu lortzen baditu, jokaldi hau ez da Hogeita bat edo «Black-Jack» izango, eta jarritakoaren beste horrenbeste baino ez zaio ordainduko.

        4. Apustu bikoitza.

          Jokalariak lehendabiziko bi kartekin 9, 10 edo 11 puntu lortzen dituenean, bere apustua bikoiztu ahal izango du. Kasu honetan, beste karta bat baino ezin izango du hartu. Apustu bikoitza «esku» guztietarako egongo da baimenduta, pareak barne.

          Adierazitako kasu horretan, croupierrak espreski ohartaraziko dio jokalariari batekoaren balioa puntu batekoa dela.

          Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak «apustu metatua» izenekoa baimendu ahal izango du joko-mota honetarako.

      2. – Apustuen maximoak eta minimoak.

        Jokalarien apustuak, fitxen bidez soilik adieraziak, minimo eta maximoaren mugen barruan egin behar dira, kartak banatu baino lehen.

        1. Minimoa Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak emandako baimenaren bidez finkatuko da. Joko honi erruletaren arauak aplika dakizkioke, apustuen minimoa eta maximoa aldatzeko aukerari dagokionez.

        2. Apustuen maximoa mahai bakoitzak finkatzen du baimenean, posturaren minimoa bider 50, 100 edo 200 adinako kopuruan.

          Maximoa «esku» bakoitzari dagokio eta beste jokalarien hainbat «eskuren» titular den eseritako jokalari baten kasuan gainditu egin daiteke.

          1. – Jokoaren funtzionamendua.

            Partida bakoitza hasi baino lehen egitekoak diren hainbat eragiketa daude:

            1. Kartak gordailutik atera, paketea zabaldu eta kartak nahasteko Joko-Kasinoen Araudiko arauak beteko dira.

            2. Aurretiazko eragiketa horiek amaitutakoan, karta-pilo bakoitza bereiz nahastu eta pikatuko da, hiru aldiz gutxienez. Jarraian, croupierrak sei sortak bildu eta pikatze bat egingo du eta, azkenik, dozena erdia azkenekoan karta gorria jaso zuen jokalariari eskainiko dio, honek azken pikatzea egin dezan. Pikatzeari uko egiten badio, croupierrak beste jokalariei eskainiko die, croupierraren ezkerretik hasi eta erlojuaren orratzen norantzari jarraituz, hauek pikatzea egin dezaten. Jokalari batek ere ez badu onartzen azken pikatze hau egitea, mahaiburuak egingo du. Partidari hasiera ematen zaionean, azken pikatze hori croupierraren ezkerretik hasita mahaian eserita dagoen lehendabiziko jokalariari eskainiko zaio.

              Azken pikatze hori egin ondoren, croupierrak adierazgarri edo blokeo gisako bereizgailu bat jarriko du, gutxienez joko baten adinako karta-kopuru bat erreserba gisa uztearren. Jarraian, kartak banagailu edo «sabotean» sartuko dira.

            3. Kartak banatu aurretik, croupierrak lehendabiziko bost kartak banagailutik kenduko ditu, erakutsi gabe, eta gero partida hasiko da.

              Kartak aurpegiz gora banatuko dira beti. Bereizgailua azaltzen denean, croupierrak jendeari erakutsi beharko dio eta egiten ari den jokaldia «eskualdiko» azkena dela aditzera emango du. Banagailuan kartaren bat aurpegiz gora azalduko balitz, baztertu egingo litzateke.

  4. – Boule edo bola.

    1. – Deskribapena.

      Bola edo «boule» zorizko jokoa da, kontrapartidakoak deitzen direnetakoa. Parte-hartzaileek establezimendu antolatzailearen kontra jokatzen dute eta irabazteko aukera, erruletan bezala, plataforma zirkular baten barruan mugitzen den bola baten mugimenduak erabakitzen du.

    2. – Jokoaren elementuak.

      Bolaren jokoa mahai batean egiten da. Mahai honen erdian plataforma zirkularra dago, eta honen alde banatan, apustuak jasotzeko prestatutako bi oihal. Oihal bakarrekoa ere izan daiteke.

      Aipatutako plataforma 1,85 metroko aldea duen karratu batean sartuta dagoen 1,50 metroko diametroko plater zirkular bat da. Erdian irtenune bat dauka eta honen inguruan 1etik 9ra bitarteko zenbakiak dituzten hemezortzi zuloko bi ilara banatzen dira. Kautxuzko bola zulo hauetako batean eroriko da eta hori izango da zenbaki irabazlea.

      Hauetatik, 1, 3, 6 eta 8 zenbakiak dituzten zuloak kolore beltzekoak dira, 2, 4, 7 eta 9 zenbakiak dituztenak kolore gorrikoak, eta 5 zenbakia duen zuloa horia, edo beste kolore batekoa, baina inoiz ez gorria edo beltza.

      Joko-oihalak berdin-berdinak dira, eta konbinazio posible desberdinei dagozkien lauki-kopuru jakin batean banatuta daude. Jokalariak zorte anizkunen edo bakunen artean aukera dezake. Zorte bakunek honako apustuak egiteko aukera ematen dute: bikoiti ala bakoiti (zenbaki bikoitiak ala bakoitiak), gorria ala beltza (zenbaki gorriak ala beltzak), pasa (5etik gorako zenbakiak), eta falta (5etik beherako zenbakiak). Adierazitako bost zenbakia ez dago konbinazio horietako batean ere, taularen erdiko laukian dago eta beste edozein zenbakirekin joka daiteke, baina ez da ez gorria ez beltza eta bakoiti, pasa edo falta serieetatik kanpo dago.

    3. – Langileak.

      Hauexek dira langileak:

      1. Mahaiburua mahaia zuzentzeaz arduratzen da.

      2. Oihal bakoitzeko «croupier» bat izango da. Croupierrak bola jaurtikitzeaz arduratuko dira, zuzendaritzak ezarritako txandakatze-ordena bati jarraiki. Croupier batek ezin izango du eginkizun honetan espezializatu.

    4. – Jokalariak.

      Partida bakoitzean jokalari-kopuru zehaztu gabeak parte har dezake.

    5. – Jokoaren arauak.

      1. Konbinazio posibleak.

        Bi konbinazio baino ezin dira erabili:

        Lehena: 1etik 9ra bitarteko zenbaki oso baten gainean apustu egitea; kasu honetan irabazleak egindako apustuaren balioa bider zazpi jasotzen du. Bigarrena: zorte bakun baten gainean apustu egitea (gorria ala beltza, bikoitia ala bakoitia, pasa ala falta). Kasu hauetan guztietan, irabazleak bere apustua berreskuratu eta beste horrenbesteko balioa jasotzen du. Dena den, 5 zenbakia irteten denean, zorte bakun hauen gainean egindako apustu guztiak galdu egiten dira.

      2. Apustuen maximoak eta minimoak.

        Apustuen minimoa Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak emandako baimenean finkatuta dago. Hala eta guztiz ere, establezimenduaz arduratzen den zuzendariak baimendutakoaren bikoitza den apustu minimoarekin ireki ditzake oihalak, beti ere establezimendu hori irekita dagoen bitartean gutxienez oihal batean minimo hari eusten bazaio.

        Apustuen maximoa baimenean finkatuta egongo da. Zenbaki oso baten gaineko apustuetarako ezin izango da baimendutako minimoa bider berrogei baino txikiagoa izan, ez eta minimoa bider ehun baino handiagoa ere. Bestalde, zorte bakunetarako ezin izango da minimoa bider berrehun baino txikiagoa izan, ez eta minimoa bider bostehun baino handiagoa ere.

        Maximo hau, mahaiz mahai, jokalari bakoitzari bakarka aplikatzen zaio. Horregatik, establezimenduak ezin du maximo bat finkatu jokalari desberdinenak diren eta zenbaki oso baten edo zorte bakun baten gainean jarrita dauden apustuen multzorako.

      3. Jokoaren funtzionamendua.

        Partidako buruak «hagan sus apuestas» («egin itzazue apustuak») iragartzen duenetik aurrera egiten dituzte apustuak jokalariek. Apustuak fitxa bidez jartzen dira jokalariak aukeratutako taularen laukietako batean.

        Jarraian, croupierrak plater zirkularraren kanpoaldeko ertzean zehar jaurtikitzen du bola eta honek bira ugari ematen ditu zuloak dauden eremura hurbildu baino lehen. Une honetan, «¿están hechas las apuestas?» («egin dituzue apustuak?») galdetzen du croupierrak. Jarraian «no va más» («besterik ez») iragartzen du. Une honetatik aurrera, abisu hori egin ondoren jartzen diren apustu guztiak baztertu egiten dira eta croupierrak bere arrastelu edo erraketarekin itzultzen dizkio fitxak posturagile berantiarrari.

        Bola zulo batean gelditzen denean, bola jaurtiki duenak emaitza iragartzen du, zenbaki irabazlea eta zorte bakunak ozenki aditzera emanez.

        Orduan croupierrak bere arrasteluarekin jasotzen ditu apustu galtzaile guztiak eta irabazle suertatu direnak mahai gainean uzten ditu, irabazia gaineratzeko. Irabazten duen jokalariak bere apustua berreskuratzen du kasu guztietan, eta jokotik erretiratu egin dezake.

  5. – Hogeita hamar eta berrogeia.

    1. – Deskribapena.

      Hogeita hamar eta berrogeia zorizko karta-jokoa da, kontrapartidakoak deitzen direnetakoa. Parte-hartzaileek establezimenduaren kontra jokatzen dute, eta hainbat konbinazio irabazle daude.

    2. – Jokoaren elementuak.

      1. – Kartak.

        Hogeita hamar eta berrogeian 52na kartako sei karta-sorta frantsesekin jokatzen da, guztiak kolore berekoak, indizerik gabe. Irudiek hamar puntu balio dute, batekoak puntu bat eta beste kartek beren zenbakiaren balioa izango dute.

      2. – Joko-mahaia.

        Mahaiak ezkutu-forma izango du eta lau zatitan banatuta egongo da; zati hauetako bi handiagoak izango dira, «gorria» eta «beltzari» dagozkienak. Bi hauen artean «kolorea» edukiko duen errenkada bat egongo da, erdian, eta beherago triangelu-formako laugarren zatia kokatuko da, «alderantzizkoa».

        Beste aldean mahaiburua jarriko da eta honen alde banatan bi «croupierrak» ezarriko dira. Croupier tailatzailearen aurrean eta ezkerraldean zirritu bat egongo da erabilitako kartak uzteko eta bi «croupierren» parean, bestalde, mahaiko bankua daukan kutxa.

    3. – Langileak.

      Mahai bakoitzak une orotan bertan ihardungo duten mahai-buru bat eta bi «croupier» izango ditu:

      Mahaiburua jokoa behar bezala garatzeaz arduratuko da.

      «Croupierrak»: bi izango dira, aurrez aurre kokaturik. Bietako batek, croupier tailatzaileak, kartak banatzea izango du eginkizun, eta besteak, apustu irabazleak ordaindu eta postura galtzaileak erretiratzea.

    4. – Jokalariak.

      Partida bakoitzean jokalari-kopuru zehaztu gabeak parte har dezake.

    5. – Jokoaren arauak.

      1. – Konbinazio posibleak.

        Bi karta-ilara desplazatu osatu behar dira: goikoa «beltza» da eta behekoa «gorria». Ilara bakoitzean hogeita hamar eta berrogei bitarteko puntuazioa lortu arte banatuko dira kartak.

        Jokalariek jarraian adierazitako konbinazioak baino ezin dituzte erabili, eta egindako apustuaren baliokidea jasoko dute:

        1. Gorria ala beltza: 31 puntutik hurbilen dagoen balioa duen karta-ilarak irabaziko du.

        2. Kolorea ala alderantzizkoa: kolorea dago ilara irabazlea ilara beltzeko lehendabiziko kartaren kolore berekoa bada.

          Osterantzean, alderantzizkoa dago.

          Bi ilarek puntu berbera osatzen dutenean, jokoa baliogabea da, puntu hori 31 denean izan ezik. Kasu honetan, erruletan zeroaren sistema arautzen duten xedapen berberek agintzen dute. Apustu berdinek edo handiagoek, posturaren unean egindako apustuaren zenbatekoaren %1 jarriz; horretarako, seinale edo plaka bat jarriko da posturaren gainean apustua egiterakoan.

      2. – Apustuen maximoak eta minimoak.

        Apustuen minimoa Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak emandako baimenean zehaztuta dago.

        Maximoa, ezarritako minimoa bider hogeita bost izango da.

      3. – Jokoaren garapena.

        Croupierrak kartak nahastu ondoren, honek eskuinaldean hurbilen duen jokalariak kartak pikatu egingo ditu.

        Jarraian, croupierrak karta gorri bat jartzen du piloko azkeneko bost karten aurrean. Karta gorri hau azaltzen denean une horretan martxan dagoen jokoa baliorik gabe geratzen da; orduan, azkeneko bost kartak ahoz behera jartzen dira mahai gainean eta zenbatu egiten dira.

        Kartak «sabotean» sartu ondoren, kartak mahai gainean jartzen dira, agerian, eta beti ilara beltzetik hasita. Guztizko puntuazioa 31ra iritsi edo puntuazio hau gainditzen duenean, kartak ilara gorrian jartzen hasiko dira. Jarraian, croupierrak ozenki iragartzen ditu ilara bakoitzeko puntuazioa eta zorte irabazleak (esate baterako: bi beltza eta kolorea irabazle edo beltza eta alderantzizkoa irabazle, eta gauza bera gorritik hasita, hau da, bi gorria eta kolorea irabazle edo beltza eta alderantzizkoa irabazle; halaber, kolorea irabazle edo kolorea galtzaile den iragarriko du croupierrak). Jarraian, apustu irabazleak ordainduko dira; eragiketa hau zortez zorte egingo da derrigorrez, beti kolore edo alderantzizkotik hasita eta ondoren beltza eta gorria, eta croupierrarengandik urrutien dauden apustuetatik. Galtzaile suertatu diren posturak erretiratu arte ezin izango da apustu irabazleak ordaintzen hasi.

        Apustuak erretiratzen eta ordaintzen diren bitartean kartak mahai gainean utzi behar dira, jokalariek joko desberdinetako puntuazioak egiaztatzeko aukera izan dezaten.

  6. – Dadoak edo «craps».

    1. – Deskribapena.

      Dadoen jokoa zorizko jokoa da, kontrapartidakoak deitzen direnetakoa. Parte-hartzaileek establezimenduaren kontra jokatzen dute, eta hainbat konbinazio irabazle daude.

    2. – Jokoaren elementuak.

      1. – Dadoak.

        Dadoen jokoa 20 eta 25 mm bitarteko aldea duten dadoekin jokatzen da. Dadoak kolore berekoak dira, material gardenez eginak eta gainazala leunduta daukate. Ertzak ongi definituta (zorrotzak) izan beharko dituzte, angelu biziak eta puntuak arrasean markatuta. Beraz, ertzak alakatuta, angeluak biribilduta edo puntu ahurrak dituen dadorik ez da onartuko.

        Aurpegietako batean fabrikatzailearen ordena-zenbakia eta establezimenduko siglak azalduko dira, dadoaren oreka kaltetu gabe.

        Ekitaldi bakoitzean egoera ezin hobean dauden sei dado jarriko dira joko honetan aritzen den mahai bakoitzaren eskueran; aurreko ekitaldian erabilitakoez bestelakoak izango dira.

        Bi dado partidan erabiliko dira eta beste laurak erreserba gisa geratuko dira joko-mahaietan horretarako prestatuta dagoen barrunbe batean, lehendabizikoak ordezkatu ahal izateko.

    3. – Langileak.

      Dado-mahai bakoitzean mahai-buru bat bi «croupier» eta «stickman» bat ariko dira lanean:

      Mahaiburua jokoaren argitasun eta erregulartasunaren erantzulea da, eta croupierrei laguntzen die fitxak maneiatu eta dirua kutxan jartzen.

      «Croupierrak» apustu galtzaileak jasotzeaz, hala badagokio apustuak kutxan jarri eta puntua adierazteaz, eta apustu irabazleak ordaintzeaz arduratuko dira. Halaber, jokalariek eskatzen dizkieten bilete eta fitxak trukatzeaz arduratuko dira.

      «Stickmana» dadoak egoera onean daudela egiaztatzeaz, dadoak jokalariei emateaz eta jokoa garatzeko beharrezkoak diren ohartarazpenak egiteaz arduratuko da.

    4. – Jokoaren arauak.

      1. – Konbinazioak.

        Jokalariek jarraian adierazitako zorte-motak baino ezin izango dituzte erabili:

        1. Zorte bakunak, beste horrenbestez ordainduko direnak.

          Win.

          Lehendabiziko jaurtialdian jokatzen da. 7 edo 11rekin irabazi egiten du eta 2, 3 edo 12rekin galdu. Beste zifra bat ateratzen bada, emaitza zintzilik geratzen da eta atera den zenbakia puntua da, croupierrak zenbaki honi dagokion kaxaren gainean jartzen duen plaka baten bidez adierazten duena. Win-en gaineko apustuek irabazi egiten dute puntua errepikatzen bada, galdu egiten dute 7 ateratzen bada eta errepikatu egiten dira beste zifraren bat ateratzen bada. Dadoak «eskuz» aldatzen dira 7 ateratzen denean, galarazi egiten baitu.

          Don’t Win.

          Lehendabiziko jaurtialdian jokatzen da. 2 edo 3rekin irabazi egiten du, 7 edo 11rekin galdu, eta 12rekin emaitza baliogabea du. Beste zifra bat ateratzen bada, emaitza zintzilik geratzen da eta atera den zenbakia puntua da. Don’t Win-en gaineko apustuek irabazi egiten dute 7 ateratzen bada eta galdu egiten dute puntua errepikatzen bada.

          Come.

          Lehendabiziko jaurtialdiaren ondorengo edozein unetan jokatzen da. Zorte honek irabazi egiten du hurrengo jaurtialdian 7 edo 11 ateratzen bada, eta galdu egiten du 2, 3 edo 12 ateratzen bada. Beste edozein zifra ateratzen bada, atera den zenbakia duen laukiaren gainean jartzen da apustua. Hurrengo jaurtialditik aurrera, irabazi egiten du zenbaki hori ateratzen bada eta galdu egiten du 7 ateratzen bada; beste edozein zenbaki ateratzen bada, emaitza zintzilik geratzen da.

          Don’t Come.

          Lehendabiziko jaurtialdiaren ondorengo edozein unetan jokatzen da. Irabazi egiten du 2 edo 3 ateratzen bada, 7 edo 11rekin galdu egiten du eta 12rekin emaitza baliogabea du. Beste edozein zifra ateratzen bada, apustua dagokion laukian jartzen da eta, hurrengo jokalditik aurrera, irabazi egiten du 7 ateratzen bada eta galdu egiten du apustua jarrita dagoeneko puntua ateratzen bada.

          Win-en gainean jarritako apustuak ezin dira erretiratu eta irabazi edo galdu arte jokatu behar dira.

          Field.

          Partidaren edozein unetan jokatzen da, eta «jaurtialdi» bakoitza erabakigarria da. Irabazi egiten du 2, 3, 4, 9, 10, 11 edo 12 ateratzen bada, eta gainerako emaitzek galdu egiten dute. Bikoitza ordaintzen da 2 edo 12 ateratzen bada, eta gainerako puntuazioak jokatutakoaren beste horrenbeste.

          Big 6.

          Partidaren edozein unetan jokatzen da. Irabazi egiten du edozein modutan osatutako 6ko puntuazioa ateratzen bada eta galdu egiten du puntuazioa 7koa bada. Puntuazio hauetakoren bat ateratzen ez den bitartean apustuak jarraitu egiten du, baina jokalariak erretiratu egin dezake.

          Big 8.

          Partidaren edozein unetan jokatzen da. Irabazi egiten du edozein modutan osatutako 8ko puntuazioa ateratzen bada eta galdu egiten du puntuazioa 7koa bada. Puntuazio hauetakoren bat ateratzen ez den bitartean apustuak jarraitu egiten du, baina jokalariak erretiratu egin dezake.

          Under 7.

          Partidaren edozein unetan jokatzen da. Irabazi egiten du dadoek osatzen duten puntuazioa 7tik beherakoa bada eta galdu egiten du 7 edo hortik gorakoa bada.

          Over 7.

          Partidaren edozein unetan jokatzen da. Irabazi egiten du dadoek osatzen duten puntuazioa 7tik gorakoa bada eta galdu egiten du 7 edo hortik beherakoa bada.

        2. Zorte anizkunak; partidaren edozein unetan joka daitezke.

          Hard Ways.

          Bikoitzez osatutako 4, 6, 8 edo 10eko guztizkoen gainean jokatzen da. Apustuak erabakigarria ez den jaurtialdi bakoitzaren ondoren erretira daitezke. Irabazi egiten du «aukeratutako bikoitza» ateratzen bada eta galdu egiten du 7 ateratzen bada edo zenbakiaren guztizkoa bikoitzez osatuta ez badago. 2ko bikoitza eta 5eko bikoitza, egindako apustua bider zazpi ordaintzen dira, eta 3ko bikoitza eta 4ko bikoitza, egindako apustua bider bederatzi.

          7ko jokoa.

          Apustua bider lau ordaintzen da. Irabazi egiten du 7 ateratzen bada eta galdu egiten du beste edozein emaitza ateratzen bada.

          11ko jokoa.

          Apustua bider hamabost ordaintzen da. Irabazi egiten du 11 ateratzen bada eta galdu egiten du beste edozein emaitza ateratzen bada.

          Any Craps.

          Apustua bider zazpi ordaintzen da. Irabazi egiten du 2, 3 edo 12 ateratzen bada eta galdu egiten du beste edozein emaitza ateratzen bada.

          Craps 2.

          Apustua bider hogeita hamar ordaintzen da. Irabazi egiten du 2 ateratzen bada eta galdu egiten du beste edozein emaitza ateratzen bada.

          Craps 3.

          Apustua bider hamabost ordaintzen da. Irabazi egiten du 3 ateratzen bada eta galdu egiten du beste edozein emaitza ateratzen bada.

          Craps 12.

          Apustua bider hogeita hamar ordaintzen da. Irabazi egiten du 12 ateratzen bada eta galdu egiten du beste edozein emaitza ateratzen bada.

          Horm.

          Apustua bider lau ordaintzen da. Craps-a 11ko jokoarekin elkartzen duen zorte honek irabazi egiten du 2, 3, 12 edo 11 ateratzen bada eta galdu egiten du beste edozein emaitza ateratzen bada.

        3. Zorte elkartuak. Zorte hauek dagokien zorte bakunaren apustua –honen puntua ezaguna da– egin ondoren bakarrik joka daitezke eta haren zorteari jarraitzen diote, baina erabakigarria ez den joko baten ondoren erretiratu egin daitezke.

          Win-i elkartutako zortearen apustua dagokion zorte bakunaren hurbilean eta kanpoaldean egiten da, irabazi egiten du puntuarekin, galdu egiten du 7 ateratzen bada eta emaitza baliogabea du beste edozein guztizkorekin. Apustuak honela ordainduko dira: jarritako 1en truke 2, puntua 4 edo 10 bada; 2ren truke 3, puntua 5 edo 9 bada; eta 5en truke 6, puntua 6 edo 8 bada.

          Don’t Win-i elkartutako zortearen apustua dagokion zorte bakunaren apustu nagusiaren gainean egiten da, irabazi egiten du 7 ateratzen bada, galdu egiten du puntuarekin eta emaitza baliogabea du beste edozein guztizkorekin. Apustuak honela ordainduko dira: jarritako 2ren truke 1, puntua 4 edo 10 bada; 3ren truke 2, puntua 5 edo 9 bada; eta 6ren truke 5, puntua 6 edo 8 bada.

          Come-ri elkartutako zortearen apustua dagokion zorte bakunaren apustu nagusiaren gainean edo hurbil egiten da. Zorte honek Come zortearen baldintza berberetan irabazi, galdu edo ematen du emaitza baliogabea, eta Win-i elkartutako zortea bezala ordaintzen da.

          Don’t Come-ri elkartutako zortearen apustua dagokion zorte bakunaren apustu nagusiaren gainean egiten da. Zorte honek Don’t Come zortearen baldintza berberetan irabazi, galdu edo ematen du emaitza baliogabea, eta Don’t Win-i elkartutako zortea bezala ordaintzen da.

        4. Place Bets: partidaren edozein unetan joka daitezke 4, 5, 6, 9 edo 10 zenbakien gainean eta apustuak erabakigarriak ez diren jaurtialdietan erretiratu egin daitezke.

          Right Bet: apustua jokalariaren posizioaren arabera egiten da, lerroaren gainean zangalatraba, hautatutako edozein zenbakiren aurrean nahiz atzean. Zorte honek irabazi egiten du puntua 7 baino lehen ateratzen bada, galdu egiten du 7 ateratzen bada edo emaitza baliogabea du. Apustuak honela ordaintzen dira: jarritako 6ren truke 7, puntua 6 edo 8 bada; 5en truke 7, puntua 5 edo 9 bada; eta 5en truke 9, puntua 4 edo 10 bada.

          Wrong Bet: apustua hautatutako zenbakiaren atzeko laukian egiten da eta croupierrak «Wrong Bet» adierazpena daukan kontramarka baten bidez adierazten du. Irabazi egiten du 7 puntua baino lehen ateratzen bada, galdu egiten du puntua ateratzen bada edo emaitza baliogabea du. Apustuak honela ordaintzen dira: jarritako 5en truke 4, puntua 6 edo 8 bada; 8ren truke 5, puntua 5 edo 9 bada; eta 11ren truke 5, puntua 4 edo 10 bada.

      2. – Apustuak.

        Apustu minimoa eta maximoa kasinoaren baimenean zehaztuko dira.

        Zorte bakunetan, apustu maximoak ezin izango du mahaiko minimoa bider 100 baino txikiagoa izan, ez eta minimoa bider 1.000 baino handiagoa ere.

        Zorte anizkunetan, lor litekeen irabazia gutxienez zorte bakunetako maximoak baimendutakoaren berdina eta, gehienez ere, irabazi horren hirukoitza izateko moduan kalkulatuko da apustu maximoa.

        Win eta Come-ri elkartutako zorteetan, dagozkien zorte bakunen gainean benetan egindako apustuen zenbatekoaren arabera zehaztuko da apustu maximoa.

        Don’t Win eta Don’t Come-ri elkartutako zorteetan, apustuaren maximoa jokatutako puntuaren arabera finkatuko da, hau da: 4 eta 10erako, dagokion zorte bakunaren gainean egindako apustuaren zenbatekoaren %200; 5 eta 9rako, zenbateko horren %150; eta 6 edo 8rako, zenbateko horrexen %120.

        Right Bet-etan, apustuaren maximoa jokatutako puntuaren araberakoa izango da eta zorte bakunetako apustuen maximoaren berdina izango da 4, 5, 9 eta 10erako, edo maximo honen %120koa 6 eta 8rako.

        Wrong Bet-etan, apustuaren maximoa jokatutako puntuaren araberakoa izango da eta zorte bakunetako apustuen maximoaren %125ekoa izango da 6 eta 8rako, maximo honen %160koa 5 eta 9rako, eta %220koa 4 eta 10erako.

      3. – Funtzionamendua.

        Dado-mahai bakoitza okupa dezakeen jokalari-kopuruak ez du mugarik izango.

        Dadoak jokalariei eskainiko zaizkie, partida hasterakoan «croupierren» ezkerraldean dagoen jokalariarengandik hasita eta gero erlojuaren orratzen norantzari jarraituz. Jokalari batek dadoei uko egiten badie, hurrengo jokalariari eskainiko zaizkio, aurreikusitako ordenari jarraituz. «Stickmanak» bastoi baten bidez pasatuko dizkio dadoak jokalariari; dadoak aztertu behar dituenean edo eroritakoak lurretik jasotzeko baino ez ditu ukituko.

        Dadoak jaurtikitzen dituen jokalariak «ya no va más» («besterik ez») iragarri bezain laster bota beharko ditu, eta ez ditu dadoak igurtzi edo eskuan gorde behar.

        Jaurtitzaileak dadoak aldatzeko eska dezake jaurtiki baino lehen, baina ezin izango du halakorik eskatu puntutzat jo den zenbakia lortzeko behar dituen jaurtialdiak dirauen bitartean, dado batek mahaitik kanpora jauzi egin eta lurrera erortzen ez bada behintzat. Kasu honetan, mahaiko beste lau dadoen artean aukeratzen utziko zaio, jokaldia amaitu ahal izateko. Jokaldia amaitutakoan galdutako dadoa aurkitzen ez bada, mahaian beste dado-sorta bat jarri eta lehengoak erretiratu egingo dira.

        Dadoak mahaian zehar jaurtikiko dira, bi dadoak jaurtiki dituen jokalariaren beste aldeko ertza ukitu eta mahai barruan gelditzeko moduan.

        Jokaldia baliozkoa izan dadin, dadoak biraka ibili behar dira, ez irristaka. Dadoak hautsi egiten badira, bata bestearen gainean jarri, fitxa baten gainean geratzen badira edo mahaitik edo honen gainean nahiz erreserbako dadoen saskian erortzen badira, edota jaurtiketa ez bada behar bezala egin, «tirada nula» («jaurtialdi baliogabea») iragarriko du «stickmanak».

        Jokalariren batek jaurtiketako arauak behin eta berriz betetzen ez baditu, mahaiburuak dadoak jaurtitzeko eskubidea ken diezaioke.

        Jaurtialdi-kopuru jakin baten ondoren, mahaiburuak dadoak aldatzeko erabakia har dezake. «Cambio de dados» («dado-aldaketa») iragarriko du «stickmanak» eta, bastoiaz baliatuz, mahaiko sei dadoak jarriko ditu jokalariaren aurrean. Jokalariak bi dado hartuko ditu eta beste laurak, jokalarien begi-bistan, horretarako aurreikusitako kaxara bueltatuko ditu.

        «Ya no va más» («besterik ez») iragarri ondoren ezin izango da apusturik egin. Dadoak jaurtikitzen dituen jokalariak bota baino lehen egin beharko du Win edo Don’t Win-en gaineko apustua eta, gainera, beste zorte posible guztien gainean ere joka dezake.

  7. – Puntu eta bankua.

    1. – Deskribapena.

      Puntu eta Bankua hainbat jokalari elkarrekin lehian jartzen dituen karta-jokoa da. Beste jokalariek bankuaren alde nahiz kontra egin ditzakete apustuak. Kasu orotan establezimenduari dagokio banku gisa ihardutea.

    2. – Jokoaren elementuak.

      1. – Kartak.

        52na kartako sei karta-sorta erabiliko dira, indizeekin, erdia kolore batekoa eta beste erdia bestekoa. Kartak behin eta berriz erabili ahal izango dira, beti ere egoera ezin hobean badaude.

      2. – Banagailua edo «sabot».

        Katalogo honen 03 epigrafeko II. idazatiko 2. zenbakian xedatutakoari jarraituko zaio.

      3. – Joko-mahaia.

        Forma obalatukoa izango da eta bi ebaki edo tarte izango ditu mahaiaren alde handietan, bata bestearen parean, bertan mahaiburua eta bi «croupierrak» jartzeko. Mahaiak hainbat atal izango ditu, bananduta eta mahaiburuaren eskuinetik hasita zenbakituta; honek bat zenbakia izango du. Zenbakiak korrelatiboak izango dira, baina 13 zenbakia kendu ahal izango da. Atal bakoitzean jokalari bat egon daiteke eserita. Halaber, beste horrenbeste laukitxo daude, bankuaren alde egindako apustuak jasotzeko. Laukitxo hauen zenbakiak bat etorriko dira jokalarien atalen zenbakiekin. Halaber, jokoa «Black-Jack» edo Hogeita bateko mahaiaren antzeko dimentsio eta ezaugarriak dituen mahai txikiago batean ere egin daiteke. Kasu honetan, zazpi jokalarik edo gutxiagok parte har dezakete eserita.

        Mahaiaren erdialdeko gainazalak honako irekiune hauek eduki behar ditu: bat, erabilitako kartak bertan uzteko, saski deitzen zaiona; beste bat edo bi, langileei ematen dizkieten eskupekoak jasotzeko; eta beste bat fitxa edo plaken truke aldatzen diren bileteak sartzeko. Halaber, laukitxo bat izango da mahaiaren erdi-erdian, berdinketaren aldeko apustuak jasotzeko.

    3. – Langileak.

      Joko-mahai bakoitzak mahai-buru bat eta bizpahiru «croupier» izango ditu. Mahai txikiagoan jokatuz gero, «croupier» bat edo bi izango ditu.

      1. – Mahaiburua.

        Jokoa fase guztietan zuzentzea dagokio, Katalogoaren epigrafe honetan zehar ematen zaizkion eginkizunen kaltetan izan gabe.

        Horrez gain, hutsik geratzen diren lekuak betetzeko lehentasun-ordena finkatuko duen zerrenda bat eramango du.

      2. – «Croupierrak».

        Bakoitza mahaiaren bere aldeko apustuen erantzule izango da, eta apustu galtzaileak jasotzeaz eta apustu irabazleak ordaintzeaz arduratuko da. Halaber, kartak nahastea, «sabotean» sartzea eta erabili ondoren saskian ipintzea dagokie. Horrrez gain, establezimenduaren alde egin beharreko kenkaria jasoko dute, eskupekoak hartu eta horretarako destinatutako zirrituan sartuko dituzte. Jokaldi bakoitzaren hasiera eta «esku» irabazlea iragarriko dituzte, eta jokalariei kasu bakoitzean jarraitu beharreko arauen berri emango diete. Halaber, «sabota» pasatuko dute, jokaldi bakoitzaren amaieran kartak jaso eta zein egoeratan dauden egiaztatuko dute.

        Jokoa mahai txikian egiten denean, croupierrari egokituko zaio kartak banatzea, lehendabizikoa eta hirugarrena Punturako eta bigarrena eta laugarrena Bankurako, eta beste karta bat aterako du Punturako edo Bankurako, hirugarren kartaren arauei jarraituz.

        Apustu galtzaileak jaso eta irabazle suertatu direnak ordaindu ondoren, kartak ahoz behera erretiratu eta horretarako destinatutako ontzi edo kutxatila batean utziko dira.

    4. – Jokalariak.

      Jokoan zenbakitutako atalen aurrean eserita dauden jokalariek eta, kasinoko zuzendaritzak horrela erabakiz gero, zutik dauden jokalariek parte har dezakete.

      Jokalariek kartak banatzea aukerakoa da. Errotazio-txanda bat ezartzen da 1 zenbakidun atalaren aurrean dagoen jokalariarengandik hasita. Jokalariren batek kartak banatu nahi ez baditu, «sabota» bere eskuinaldean dagoenari pasatuko dio.

      Kartak banatzen dituen jokalariak bankuaren «eskua» jokatzen du; jokalariaren «eskua» apusturik handiena egin duen jokalariari egokituko zaio; jokalariaren «eskuaren» aldeko apusturik ez badago, kartak croupierrak izango ditu. Bankuak jokaldia galtzen duenean kartak banatzeko eskubidea galdu egingo da, eta ezarritako txandaren arabera dagokion jokalariari pasatuko zaio «sabota».

    5. – Bankua.

      Establezimendua da bankua eta berari dagokio apustuak kobratu eta ordaintzea. Bankuaren «eskua» irabazle suertatuz gero, apustu irabazleen %5erainoko kenkaria egingo da establezimenduaren alde.

      Posturen minimoa desberdina izan daiteke mahai bakoitzerako, baina ezin da ezein kasutan Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak baimendutako minimoa baino txikiagoa izan. Apustuen maximoa 50 edo 100 bider minimoan finkatuko da mahai bakoitzerako, eta kasinoko zuzendaritzak apustuak mahaiko minimoaren multiploak izan daitezen erabaki dezake.

    6. – Jokoaren arauak.

      1. – Jokalari bakoitzari bi karta ematen zaizkio hasieran. Jokoaren balioa karta bakoitzari emandako puntuen araberakoa da; puntu hauek kartak inskribatuta dituenak dira, 10ekoaren eta irudien kasuan izan ezik, ez baitute inolako zenbaki-baliorik, eta batekoak puntu bat balio du. Puntuen batuketan hamarrekoak mesprezatu egiten dira eta, jokoaren ondorioetarako, unitateen zifrak bakarrik balio du. Bederatziko puntuazioa edo zifra honetatik hurbilenekoa daukan jokalariak irabaziko du. Berdinketarik izanez gero, jokaldia baliogabetzat joko da eta apustuak erretiratu ahal izango dira, «berdinketan» egindakoak izan ezik, hauek establezimendutik kobratuko baitute beren irabazia, jarritako baten truke zortzi jasoz.

        Jokalariaren «eskuak» eta bankuaren «eskuak» lehendabiziko bi kartak jasotzen dituztenean, hauetakoren baten puntuazioa 8 edo 9 bada, jokoa amaitutzat ematen da, eta beste «eskuak» ezin du hirugarren karta eskatu.

      2. – Hirugarren kartaren arauak.

        1. Jokalariaren «eskuarentzat».

          • Bere puntuazioa 0, 1, 2, 3, 4 edo 5 denean, karta eskatu behar du.

          • Bere puntuazioa 6 edo 7 denean, planto egin behar du.

            Bankuaren «eskuarentzat» jokoa jarraian adierazitako taulan xedatutakoari egokituko zaio:

    7. – Jokoaren garapena.

      Kartak kontatu, nahastu eta karta-piloa pikatzeko eragiketak egin ondoren, barnealdean blokeo-karta edo gelditze-karta bat jarriko da, beste kartetatik ongi bereizteko moduko kolorekoa, honen azpian zazpi karta utziz. Gelditze-karta hau azaltzen denean partida amaitutzat emango da eta ezin izango da beste jokaldirik egin, une horretan jokatzen ari dena izan ezik.

      Jarraian croupierrak lehendabiziko karta atera eta erakutsi egiten du. Honen balioak erabakiko du zenbat karta baztertu eta sartuko diren saskian. Kasu honetarako, hain zuzen, irudien eta hamarrekoen balioa hamar puntukoa izango da.

      Croupierraren «no va más» («besterik ez») agindua eta, jarraian, «cartas» («kartak»), «sabota» daukan jokalariari zuzentzen zaio, honek «esku» bakoitzari bi karta eman diezazkion, ahoz behera. Jokalariaren «eskuari» dagozkion lehendabiziko eta hirugarren kartak croupierrari eramaten zaizkio, eta bankuari dagozkion bigarren eta laugarren kartak «sabotaren» aurrealdeko eskuineko izkinaren azpian geratzen dira. Jarraian, jokalariaren «eskuko» kartak eramaten dira, «esku» horren aldeko apusturik handiena egin duen jokalariari ematen zaizkio eta honek kartak erakutsi eta gero croupierrari itzultzen dizkio; honek guztizko puntuazioa iragarri eta kartak bere eskuinaldean jarriko ditu. Halaber, kartak banatzen dituen jokalariak erakutsi egiten ditu eta croupierrari eramaten dizkio. Honek bi kartetarako guztizko puntua iragarri eta bere ezkerraldean jartzen ditu.

      Ezarritako arauei jarraiki, jokalariak planto egin behar duenean, croupierrak iragarriko du: «El jugador se planta… (punto total)» –«Jokalariak planto egiten du… (guztizko puntua)»–; osterantzean, «Carta para el jugador» («Karta jokalariarentzat») esango du ozenki. Bankuaren «eskuari» arau berberak aplikatzen zaizkio.

      Jokaldia amaitutakoan, croupierrak puntuaziorik handiena duen «eskua» iragarriko du, eta hau izango da irabazlea. Jarraian, apustu irabazleak ordainduko dira eta, hala badagokio, establezimenduaren mozkinari dagokion kenkaria egingo da.

      Berdinketarik izanez gero, berdinketaren alde jokatu duen jokalariak ezarritako irabazia kobratuko du.

  8. – Trenbidea, baccara edo chemin de fer.

    1. – Deskribapena.

      Baccara-trenbidea, «chemin de fer» izenaz ere ezagutzen dena, hainbat jokalari elkarrekin lehian jartzen dituen karta-jokoa da, zirkulukoak deitzen direnetakoa. Jokalarietako batek bankua dauka eta eserita dauden jokalari guztiek eta hauen atzean zutik daudenek haren kontra egin ditzakete apustuak.

    2. – Jokoaren elementuak.

      1. – Kartak.

        52na kartako sei karta-sorta frantses erabiliko dira, indizerik gabe, erdia kolore batekoa eta beste erdia beste kolore batekoa.

        Kartak hainbat aldiz erabil daitezke eta ez dira beste batzuekin ordezkatu beharko, beti ere egoera ezin hobean badaude. Kartek bildu behar dituzten ezaugarriei eta kartak nahastu eta jokoan maneiatzeko moduari dagokienez, Joko-Kasinoen Araudian xedatutakoari jarraituko zaio.

      2. – Banagailua edo «sabot».

        Katalogo honen 03 epigrafeko II. idazatiko 2. zenbakian xedatutakoari jarraituko zaio.

      3. – Joko-mahaia.

        Forma obalatukoa izango da eta croupierraren posizioa adierazten duen ebaki edo tarte txiki bat izango du mahaiaren alde handietako batean. Mahaiak hainbat atal izan behar ditu, bananduta eta croupierraren eskuinetik hasita zenbakituta. Atal bakoitzean jokalari bakar bat egon daiteke.

        Mahaiaren erdialdeko gainazalak honako irekiune edo zirritu hauek eduki behar ditu: bat erdian, erabilitako kartak bertan uzteko, saski deitzen zaiona; beste bat, croupierraren eskuinaldean, etxearen mozkinetarako egiten diren kenkariak sartzeko, putzu edo «cagnotte» deitua; eta azkenik, beste bat edo, hala badagokio, bi, eskupekoak sartzeko. Bankua osatzen duen diru-kopurua croupierraren aurrean egongo da, bere ezkerraldean, eta bankua osatzen ez duten bankariaren irabaziak eskuinaldean jarriko dira (bankariak jokoan jarri ez dituenak).

    3. – Langileak.

      Joko-mahai bakoitzak une orotan bertan ihardungo duten ikuskatzaile bat, croupier bat eta diru-trukatzaile bat (truke-langilea) izango ditu.

      1. – Ikuskatzailea.

        Jokoa behar bezala garatzeaz arduratzen da. Zuzendaritzaren ordezkari gisa iharduten du eta joko-mahaian planteatzen den edozein arazo konpontzea dagokio. Hutsik gera litezkeen lekuak betetzeko prest dauden jokalarien zerrenda bat eramango du.

      2. – Croupierra.

        Katalogoaren epigrafe honetan zehar ematen zaizkion eginkizunen kaltetan izan gabe, honako hauek bete beharko ditu: kartak kontatu, nahastu eta «sabotean» sartzea; bere palaren bitartez kartak jokalariei eramatea; jokoari dagozkion esaldi desberdinak eta jokalarien ekintzak ozenki iragartzea; putzuari dagokion kopurua kalkulatu eta dagokion zirrituan sartzea; eta erabilitako kartak eta jasotako eskupekoak horretarako destinatutako zirrituetan sartzea.

        Halaber, bankua osatzen duen diru-kopurua zaindu eta kontrolatzea dagokio, baita jokalariei irabaziak ordaintzea ere. Bestalde, eskatzen duten jokalariei kasu bakoitzean aplikagarriak diren arauei buruzko orientabideak eman behar dizkie.

      3. – Diru-trukatzailea.

        Croupierraren parean edo atzean zutik egoten den langile honek eskatzen dioten jokalariei eta croupierrari diruaren truke fitxak ematea du eginkizun.

        Horrez gain, zerbitzari laguntzaileak ere izango dira: gehienez ere bat izango da lau mahai edo frakzio bakoitzeko. Ezin izango dute jokoaren garapenarekin, karta edo fitxekin zerikusia duen ezertan parte hartu.

    4. – Jokalariak.

      Mahaiko atal bakoitzaren parean jokalari bat eser daiteke. Ataletako gainazala fitxak uzteko eta, hala badagokio, kartak maneiatzeko erabil daiteke. Jokalari hauez gainera, nahi duten jokalari guztiek parte har dezakete, mahaiaren inguruan eta eserita dauden jokalarien atzean zutik jarrita.

      Ondorio guztietarako, honako lehentasun-ordena hau ezartzen da jokalarien artean: eserita daudenek lehentasuna izango dute zutik daudenekiko; lehendabizikoen artean, atalen zenbaki korrelatiboei jarraituko zaie, bankariaren eskuinaldean kokaturik dagoenetik hasita. Zutik daudenen artean eserita daudenen artekoen lehentasun-ordena berberari jarraituko zaio. Eserita dagoen jokalari batek «eskualdiak» dirauen bitartean lekuz aldatzen badu «eskua» pasatzen utzi beharko du («agur egin»); gainera, ezin du bere lehentasun-eskubidea erabili pasatutako «eskua» bereganatzeko, hots, bankua hartzeko, edo bankua egiteko «agur egiten» ez duen arte. Gauza bera gertatuko da «sabot» bat banatzen ari denean jokalari batek leku huts bat betetzen duenean.

      Eserleku-aldaketa edo jokalari berri baten etorrera «eskualdia» amaitutakoan egiten bada, lehentasun-ordena bere horretan geratuko da.

      Jokalari batek ezin du, inolaz ere, joko-mahai batean baino gehiagotan aldi berean eserlekurik okupatu.

      Hutsik geratzen diren lekuak honela beteko dira: «eskualdiak» dirauen bitartean, ikuskatzaileak daukan itxaron-zerrendan izena emanda dutenek izango dute lehentasuna; «eskualdia» amaitzen denean, eserleku-aldaketa eskatu duten eseritako jokalariek.

      «Eskua» hartzeari bi aldiz jarraian uko egiten dion jokalariak joko-mahaian duen lekua utzi egin beharko du.

      Debekatuta dago zutik dauden jokalariek «eskuari» jarraitzeko lekuz aldatzea. Horrelakorik egiten duenari lehendabizi kobratuko zaio edo, hala badagokio, azkena ordaindu.

      «Eskua» hartzea dagokionean mahaian ez dagoen jokalariak bere lekua galdu egingo du, eta itxaron-zerrendan lehendabiziko tokian dagoena jarriko da bere ordez.

      Une baterako hutsik dagoen eserleku bat ezin izango da ezein kasutan bete.

    5. – Bankua.

      Bankua hasiera batean croupierraren eskuinaldean dagoen jokalariari adjudikatuko zaio (1 zenbakidun atalaren parean eserita dagoenari), eta atalen zenbakikuntza-ordenari jarraituz txandakatuko da.

      Edozein jokalarik, eserita nahiz zutik dagoela, bankuaren edozein pasetan, bankariarekin elkartea osa dezake, honek onartzen badu, bankariaren eskueran diru-kopuru jakin bat jarrita. Bankariaren elkartekideak ezin izango du inoiz jokoan parte hartu eta bankariaren baldintza berberetan irabazi edo galduko du.

      Jokalariak irabazten duen bitartean bankua bere eskuetan eduki dezake, baina galtzen duenean bere eskuinaldean dagoen jokalariari eman beharko dio. Gauza bera gertatuko da bankua norberaren borondatez uzten denean. Jokalariren batek bankua hartu nahi ez badu, bankuak ezarritako ordenaren arabera jarraituko du txandaka. Dena den, bankua hartzen duen jokalariak, borondatez utzi duenaren kopuru berarekin hartu beharko du gutxienez.

      Eserita dauden jokalarietako inork bankua eskuratu nahi ez badu, zutik daudenei eskaintzen zaie eta inork eskuratzen ez badu, bankua utzi edo «eskua» pasatu duen jokalariak berriz har dezake diru-kopuru berberaren truke. Jokalari bakar batek eskuratzen duen pasatutako «eskuak» lehentasuna du elkarte gisa eskuratutakoarekiko. «Eskua» pasa duen bankariak elkartea osa dezake geroztik eskuratu duen jokalariarekin.

      Errotazio-txandan bankua inork eskuratzen ez duenean, enkantean jarri eta eserita nahiz zutik dauden jokalarien artean eskaintza handiena egiten duenari adjudikatuko zaio, bankariari izan ezik. Eserita dauden jokalariek eskaintza berdinen kasuan baino ez dute lehentasuna izango zutik daudenekiko.

      Zutik dagoen jokalariren batek bankua eskuratzen badu («eskua» hartzen du) eta berriz pasatzen badu, eserita dauden jokalarien artean bankua eduki duen azken jokalariaren eskuinaldean eserita dagoen jokalariari eskaintzen zaio lehendabizi. Bankua eskuratzen duen jokalaria eserita badago pasatzen duenean, bere eskuinaldean eserita dagoen jokalariari eskainiko zaio lehendabizi.

      Bankua adjudikatu ondoren, berau osatzen duen guztizko kopurua jokalariak handitu egin dezake eskainitako kopuruari dagokionez, baina inoiz ez kopuru hori urritu.

      Adjudikatutako bankua aurreko bankua baino handiagoa bada, «eskua» pasa baino lehen bankua egin duen jokalariak kartak hartzeko eskubidea dauka, nahiz eta bere apustua beste jokalari batzuena baino txikiagoa izan, baina jokaldi baterako besterik ez.

      «Eskua» pasatzen duen bankariak eta bere elkartekideak ezin izango dute pasa berri duten «eskuaren» enkantean parte hartu. Hurrengo bankariak «eskua» pasatzen duenean, ordea, parte hartu ahal izango dute, eta horrela ondoz ondo.

      Jokalarietako batek ere ez badu bankua eskuratzen, «eskua» pasa duen bankariaren eskuinaldean dagoen jokalariarengana itzultzen da, eta honek mahaian ezarritako minimoaren truke onartu behar du. Horrela egiten ez badu, utzi egin behar du bere lekua.

      Pasatutako «esku» bat bereganatu duen jokalariak galtzen duenean, «sabota» «eskua» pasatu duen bankariaren eskuinaldean eserita dagoen jokalariarengana itzultzen da.

      Bankua eskuratzen duen jokalariak kartak behin eman behar ditu gutxienez. Kartak emateari uko egiten badio, bankua enkantean jarriko da, baina jokalari honek ezin izango du eskaintzarik egin, ez eta aurreko bankariak ere, «eskua» pasatu baldin badu behintzat. Lehendabiziko jokaldi honetan puntu-berdinketarik izanez gero, bankua arau orokorren arabera laga daiteke.

      Puntuaren minimoak edo posturen minimoak, hots, bankuaren kontra puntu gisa jokatu ahal izateko kopuru minimoak, ez du zertan berdin-berdina izan mahai desberdinetarako, eta ezin izango du ezein kasutan Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak baimendutako minimoa baino txikiagoa izan. Minimo hau nabarmenki adierazita egon beharko da mahaian.

      Puntuaren maximoa edo jokalari bakoitzak joka dezakeen kopuru maximoa jokaldi bakoitzean bankuan dagoen kopuruaren baliokidea da. Jokalari bat kopuru maximo horretara iristen denean, «bankua egiten duela» esaten da.

      Bankuaren maximoak punturako baimendutako minimoa bider ehunen baliokidea izan beharko du, eta bankuaren minimoa ezin izango da puntuaren minimoa baino txikiagoa izan. Kasinoek eskaera egin ondoren, bankuak maximo mugaturik gabe jokatzea baimendu ahal izango da.

      Establezimenduaren mozkinetarako kenkaria bankariak jokaldi bakoitzean irabazitako kopuruen gaineko %5erainokoa izan daitekeen kopuruan finkatzen da.

      «Garajea» jarraian adierazitako kasuak edo zirkunstantziak biltzen direnean bankariak jokotik baztertzen duen kopurua edo kopuru-multzoa da:

      1. Borondatezko «garajea».

        Bankariak lortzen dituen irabaziak normalean bankua osatzen dute, baina bankariak bere borondatez har dezake irabazi horiek jokotik baztertzeko erabakia, beti ere hauen baturak puntuaren minimoa bider berrogeita hamarren baliokidea den kopurua gainditzen badu. Kasu honetan «garajea» osatuko du.

      2. Derrigorrezko «garajea».

        Bankuaren zenbatekoak puntuen balioen batura gainditzen duen neurrian bankariak jokotik baztertu behar duen kopurua da.

      3. «Sasi-garajea».

        Bankurako baimendutako kopuru maximoa gainditzen duelako, hots, puntuaren minimoa bider ehunetik gorakoa delako, bankariak jokoan jarri ezin duen bankuaren zatia da.

      4. «Garajea» baztertzea.

        Bankuak maximo mugaturik gabe jokatzen badu, bankariak «garajeari» uko egin diezaioke, «todo va» («guztia jokoan») iragarriz.

    6. – Jokoaren arauak.

      Jokoaren balioa karta bakoitzari emandako puntuen araberakoa da; puntu hauek kartak inskribatuta dituenak dira, 10ekoaren eta irudien kasuan izan ezik, ez baitute inolako zenbaki-baliorik, eta batekoak puntu bat balio du. Puntuen batuketan hamarrekoak mesprezatu egiten dira eta unitateen zifrak bakarrik balio du. Bederatziko puntuazioa edo zifra honetatik hurbilenekoa daukan jokalariak irabaziko du. Berdinketarik izanez gero, jokaldia baliogabetzat joko da.

      Bankariak hasieran eta txandaka bi karta ematen dizkio ezkutuan berarekin lehiatzen den jokalariari, eta beste bi karta ematen dizkio bere buruari, hauek ere ezkutuan. Lehendabiziko kartak jasota, puntuazioa zortzi edo bederatzikoa bada, hauek agerian jarri eta jokoa erakutsi egiten da eta beste lehiatzaileak, halaber, bere jokoa erakutsi behar du.

      Gainerako kasuetan, bankuarekin lehiatzen den jokalariak hirugarren karta bat eska dezake edo aski duela pentsatu, eta hurrenez hurren «carta» («karta») eta «no» («ez») hitzez baliatuz emango du aditzera. Jokalariaren iharduketak honako arau hauei jarraituko die:

      0, 1, 2, 3 edo 4 daukanean karta eskatu behar du.

      5 daukanean aukeratu egin dezake.

      6 edo 7 daukanean planto egin behar du.

      Jokalariak bankua egiten badu, ez zaizkio arau hauek aplikatuko eta askatasun osoa izango du karta eskatu edo nahikoa duelako planto egiteko, beti ere joko-zuzendariak partida hasi baino lehen baimentzen badu. Jarraian, bankariak aukera egin dezake, hots, karta eskatu edo ez, zero («baccara») daukanean izan ezik, kasu honetan derrigorrezkoa baita hirugarren karta eskatzea. Aurrekoak ez bezala, hirugarren karta agerian ematen da beti. Jokoaren amaieran jokalari bakoitzaren puntuazioa iragarri, kartak agerian jarri eta apustuak ordaindu edo, hala badagokio, erretiratu egiten dira.

      Jokalari guztiek jokoaren arauei buruzko argibideak eska diezazkiokete croupierrari eta honek derrigorrez eman beharko dizkie. Jokalariak 5eko puntuazioa badu eta croupierrari aholkua eskatzen badio, honek planto egiteko esango dio.

      Bankariak, nahi badu, bankuaren jokaldi-taula eska diezaioke croupierrari; horrelakoetan, taula horretan ezarritakoari jarraitu beharko dio.

    7. – Jokoaren garapena.

      Jokoa hasi ahal izateko ezinbesteko baldintza da mahaian gutxienez lau jokalari izatea, eta kopuru honi partidak dirauen bitartean eutsi beharko zaio.

      Partida bakoitzaren hasieran, croupierrak kartak nahastu eta jarraian jokalariei eskaintzen dizkie, honela esanez: «señores, las cartas pasan» («jaun-andreak, badoaz kartak»). Kartak edozein jokalarik nahas ditzake eta, era berean, croupierrari itzultzen dizkiotenean honek azkeneko aldiz nahastuko ditu. Hau egin ondoren, kartak bere ezkerraldean dagoen jokalariari pasatzen dizkio, eta horrela ondoz ondo, jokalariren batek karta-piloa pikatzen duen arte.

      Jarraian, karta-piloaren barnealdean blokeo-karta edo gelditze-karta bat jarriko da, beste kartetatik ongi bereizteko moduko kolorekoa, honen azpian zazpi karta utziz. Gelditze-karta hau azaltzen denean partida amaitutzat emango da eta ezin izango da beste jokaldirik egin, une horretan jokatzen ari dena izan ezik.

      Bankua adjudikatu ondoren, bankariak jokoan jarri den diru-kopurua iragarriko du, croupierrari fitxetan entregatuko zaiona, honek mahai gainean jar ditzan, bere ezkerraldean. Jarraian, honek kopurua iragarriko du, joka dezaketen zifra maximoa dela adieraziz jokalariei; horretarako, «hay…, pesetas en la banca» («… pezeta daude bankuan») adierazpena erabiliko du.

      Bankua egin nahi duten hainbat jokalari baldin badaude, IV. idazatian ezarritako lehentasun-ordenari jarraituko zaio.

      Jokalari batek bakarrik egindako bankuak, zutik egon arren, lehentasuna du elkarte gisa egindako bankuarekiko.

      Eserita edo zutik dauden jokalarietako inork ez badu bankua egiteko asmorik, banku partziala iragar daiteke, «banco con la mesa» («bankua mahaiarekin») adierazpenaren bidez; horretarako, posturaren kopuruak bankuaren erdia izan beharko du. Jarraian, croupierrak gonbita egingo die gainerako jokalariei, beren apustuekin bankako kopurua osa dezaten, «no van más apuestas» («beste apusturik ez») esaldiarekin apustuak egiteko denbora amaitutzat eman arte.

      «Bankua mahaiarekin» iragarri duen jokalariak kartak hartzeko eskubidea dauka, zutik egon arren, beste jokalariren batek «con la mesa y último completo» («mahaiarekin eta azkena osaturik») esaldia esaten ez badu behintzat, beste erdia osatzeak lehentasuna ematen baitu. «Bankua mahaiarekin» egitea gertakari bakantzat jotzen da eta ez du hurrengo jokaldirako lehentasunik ematen, bakarrik egin ez bada behintzat.

      Bankua edo «bankua mahaiarekin» inork egiten ez duenean, eserita dauden jokalarien artean apusturik handiena duen jokalariari ematen zaizkio kartak. Apustu-berdinketarik izanez gero, jokalarien arteko lehentasun-ordena orokorrari jarraituko zaio. Debekatuta dago eserita dagoen jokalari batek bere apustua zutik nahiz eserita dauden beste jokalari batzuenarekin elkartzea.

      Banku-eskaerak ez du lehentasunik kartak banatuta daudenean, jokalariak bankua errepikatzen duenean izan ezik («banku jarraia»). Izan ere, kasu honetan kartak banatu ondoren ere egin dezake, beti ere beste jokalari batek ordurako kartak eskuan ez baditu. Bankua egin eta galdu duen jokalariak «banku jarraia» eskatzeko eskubidea dauka.

      «Banku jarraiaren» kasuan, croupierra nahasi eta kartak beste jokalari bati ematen badizkio, kartak erreklamatu ahal izango dira oraindik ikusi ez badituzte (karta ikusitzat hartzen da tapizetik altxatzen denean).

      «Banku jarraiaren» eskaera kartak banatu eta beste jokalari bati eman ondoren egiten bada, azken honek lehentasuna izango du kartak hartu eta ikusi baditu.

      «Banku jarraia» behar bezala iragarri eta croupierrak «banku jarraia» iragarri duen jokalariari eman baino lehen beste jokalari batek kartak hartzen baditu, croupierrak kendu egingo dizkio, ikusi baditu ere, eta dagokion jokalariari emango dizkio.

      Bertan behera utzitako «banku jarrai» oro berreskuratu egin daiteke bankariak eta beste jokalari batek edo batzuek puntuazio berdinak dituztenean.

      Bankua inork egiten ez duenean eta bankuaren kontrako apustua jokalari batek bakarrik egiten duenean, honek «banku jarraiturako» eskubidea izango du.

      Apustuak egin ondoren, eta croupierrak «no van más apuestas» («beste apusturik ez») aditzera eman ondoren, bankariak kartak «sabotetik» atera eta banan-banan banatuko ditu txandaka, kontrako jokalariarengandik hasita. Kartak croupierrak eramango dizkio palaren bitartez. Bankariak formalki debekatuta dauka croupierrak «no van más apuestas» («beste apusturik ez») iragarri baino lehen kartak banatzea; hala eta guztiz ere, esaldi hori esan ondoren egindako posturak erretiratzeko eska diezaioke croupierrari.

      Kartak begiratu eta, hala badagokio, hirugarrena eskatu ondoren, bakoitzak bere jokoa erakutsiko du eta croupierrak irabazleari ordainduko dio. Irabazlea bankaria izan bada, croupierrak «cagnotte» edo putzuari dagokion kenkaria egin eta honen zenbatekoa horretarako destinatutako zirrituan sartuko du. Bankariaren irabaziak bankura pasatuko dira, V. idazatian aurreikusitakoaren arabera jokotik baztertzeko erabakia hartzen ez badu behintzat. Kasu honetan, croupierrak mahai gainean jarriko ditu, bere eskuinaldean.

      «Sabot» bateko kartak amaitu direnean, croupierrak karta-piloa nahastu, pikatu eta «sabotean» sartuko du. «Eskualdi» bateko jokaldia irabazten duen bankariak hurrengoan bankari izateko eskubidea dauka, orduan bankua osatzen zuen kopuruaren adinakoa eskaintzen badu.

      Jokalariren batek eskatuz gero, «eskualdiaren» amaieran kartak kontrolatu egingo dira.

    8. – Jokoan egindako hutsak eta arau-hausteak.

      1. – Debekatuta dago apustuak egiteko denbora amaitu baino lehen kartak banagailutik ateratzea. Ateratzen diren kartak ezin izango dira ezein kasutan berriz «sabotean» sartu, eta behar ez bezala atera dituen jokalariak derrigorrez jarraitu beharko du jokaldia. Salbuespenezko kasuren batean ikuskatzailearen iritziz arau hau zorrozki aplikatu behar ez bada, ateratako karta edo kartak derrigorrez baztertu beharko dira eta pasatutako «eskua» hartzen duen jokalariak ezin izango ditu erabili.

        «Sabotetik» ateratzerakoan agerian azaltzen diren karta guztiak erabiltezintzat jo eta baztertu egingo dira, eta jokalariek ezin izango dituzte beren apustuak urritu edo erretiratu.

        Kartak banatzerakoan bi karta edo gehiago elkarrekin itsatsita azaltzen badira, jokaldia baliorik gabe utziko da.

        Kartaren bat lurrera erortzen denean, croupierrak edo establezimenduko beste edozein langilek baino ezin izango dute jaso, eta bere balioari eutsiko dio. Jarraian, berriz ekingo zaio jokaldiari.

      2. – Croupierraren hutsak.

        Croupierrak kartak banatzen ari direnean ustekabean kartaren bat agerian jartzen badu, jokalariek bankari eta puntuari buruzko jokoarenarauei jarraitu beharko diete. Puntuko bi kartak agerian geratzen badira, bankariak bankuaren jokaldi-taulan xedatutakoari jarraitu beharko dio, eta karta eskatu beharko du aukerako kasuetan. Croupierrak kartak banatzen ari direnean egiten duen beste edozein hutsegitek jokaldia baliorik gabe utziko du, beti ere bankariari eta jokalariari kalterik sortu gabe zuzentzerik ez badago.

        Croupierra nahasi eta puntuak «no» («ez») esan duenean «carta» («karta») iragartzen badu, jokaldia taularen arabera leheneratzen da. Bankariak 0, 1, 2, 3, 4 edo 5 badauka eta karta bat atera badu, hau adjudikatu egiten zaio; bi karta atera baditu, lehendabizikoa adjudikatu egiten zaio eta bigarrena baztertu egiten da; 6 edo 7 badauka, ateratako edozein karta baztertu egiten da.

      3. – Bankariaren hutsak.

        Bankariak puntuari bi karta eta bere buruari beste bi eman ondoren, bosgarren karta bat ateratzen badu, berarentzat onartu beharko du, baldin eta puntuak hirugarren karta eskatzen ez badu.

        Bankariak hasierako banaketan bere buruari bi karta baino gehiago ematen badizkio, zero puntuazioa («baccara») daukala kontuan hartuko da, nahiz eta beste karta bat eskatzeko eskubidea izan.

        Hirugarren karta ematerakoan bankaria nahasi eta kontrako jokalariari bi karta ematen dizkionean, bi horietatik puntuazio handiena osatzen duen karta adjudikatuko dio. Bankariak bere buruari karta bat eman beharrean bi ematen dizkionean, kontrakoa gertatuko da.

        Puntuaren lehendabiziko bi kartak banatzerakoan bankariak kartaren bat saskian erortzen uzten badu, puntuak jokaldia 9 punturekin erakusten duela kontuan hartuko da. Hau puntuaren hirugarren kartarekin gertatzen denean, 9ko puntuazioa duela kontuan hartuko da. Kasu honetan, bankariak hirugarren karta hartzeko eskubidea izango du, 7 daukanean izan ezik.

        Banatzen ari den bitartean bankariak lehendabiziko edo hirugarren karta agerian uzten badu, biak puntuari zuzentzen zaizkionez gero, bankariak berari dagokion karta agerian jarri beharko du. Bankaria nahasi eta kontrakoari zuzendutako bi kartak agerian jartzen dituenean, bere bi kartak agerian jartzeaz gain, bere jokoa bankuaren jokaldi-taularen arabera egokitu beharko du derrigorrez.

        Bankariak puntuaren ondoren hitz egin behar du beti. Puntuak erabakirik hartu baino lehen bankariak bere jokoa erakusten badu, jokalariek beren apustuak erretiratu ahal izango dituzte. Bankariak 8 edo 9 puntu izan eta kartak eman edo eskaintzen dituenean, jokaldia erakusteko eskubidea galdu egiten du.

        Bankariak kartaren bat beste jokalari guztiek argi eta garbi ikusi baino lehen saskian sartzen badu, jokaldia galdu egingo du.

        Jokaldia amaitu eta apustuak kobratuta edo ordainduta daudenean, ezin izango da bankariaren kontrako inolako erreklamaziorik egin.

    9. – Jokalarien hutsak.

      Formalki debekatuta dago jasotako kartak poliki ikustea eta eskuan denbora luzez edukitzea. Bere jokoa iragartzen denbora luzeegia erabiltzen duen edozein jokalarik ezin izango du kartak edukitzen jarraitu.

      Croupierrak ez beste inork ezin die jokalariei aholkurik eman. Arau hau hausten denean, jokaldi-taulan xedatutakoari jarraituko zaio.

      Puntua nahastu eta «no» («ez») esan beharrean «carta» («karta») esaten badu, edo alderantziz, bankariak karta eman edo ukatzeko eskubidea dauka, jokalariak «baccara» daukanean izan ezik. Dena den, karta atera baino lehen erabaki beharko du bankariak.

      Puntuak dagokionean jokoa erakustea ahazten badu, eskubide hori galdu egiten du; karta eskatu badu, bankariak hartuko du erabakia. 9ko puntuazioa izanik jokoa erakustea ahazten duen puntuak galdu egiten du bankariak jokoa erakutsi eta 8 puntu baditu.

      Puntuak jokoa iragartzerakoan egiten duen beste edozein huts zuzendu egingo da eta, bidezkoa bada, huts horren ondorioz jokoan jarritako kartak baztertu egingo dira. Bankua egiten duen jokalariaren kasua arau honen salbuespentzat joko da eta bere hutsaren ondorioak jasan beharko ditu, bere lehendabiziko bi kartekin zero («baccara») daukanean izan ezik, kasu honetan beti izango baitu hirugarren karta eskatzeko aukera.

      Kartak ikusi baino lehen jokalariak saskian botatzen baditu, bere jokaldia galtzailetzat joko da.

      Puntuen apustuak agerian jarri behar dira mahai gainean, eta eurek zaindu beharko dituzte. Arau hau betetzen ez bada, ezin izango da inolako erreklamaziorik onartu. Posturak marraren gainean kokaturik daudenean, erdia jokatzen dute; jokalariak beste edozer iragartzen duenean, croupierrak berehala egin behar du aldaketa, eta jokalariak ezin du kontrakorik adierazi.

      Jokoen Katalogoaren epigrafe honetan aurreikusten ez diren kasuak mahaiko ikuskatzailearen iritzipean jarriko dira eta honek dagokion erabakia hartuko du.

  9. – Bi oihaleko «baccara».

    1. – Deskribapena.

      Bi oihaleko «baccara», bankua den jokalari bat beste hainbat jokalarirekin lehian jartzen dituen karta-jokoa da, zirkulukoak deitzen direnetakoa. Bankua den jokalariaren kontra bai joko-mahaiaren inguruan eserita dauden jokalariek eta bai hauen atzean zutik daudenek egin ditzakete apustuak.

      Bankua edo banku frantsesa izenaz ere ezagutzen da eta bi modalitate izan ditzake: banku mugatua eta banku libre edo irekia. Lehendabiziko kasuan, bankariak mahai gainean dagoen eta bankua une bakoitzean osatzen duen kopuruaz baino ez du erantzungo. Banku libre edo banku irekian, honen titularrak postura guztien aurrean erantzun behar du, inolako mugarik gabe.

      Banku mugatuan muga edo zifra maximo bat izango da bankua osatu edo eratzeko, nahiz eta jokatzen ari diren bitartean bankariak bere irabaziekin adjudikazio-kopuru maximo hori gainditu.

    2. – Jokoaren elementuak.

      1. – Kartak.

        52 kartako karta-sorta frantsesak erabiliko dira, indizerik gabe. Derrigorrezkoa izango da karta-sortak beti estreinatzekoak izatea. Sei karta-sorta beharko dira, hiru kolore batekoak eta beste hiru beste kolore batekoak, bai banku librean, bai banku mugatuan.

      2. – Banagailua edo «sabot».

        Katalogo honen 03 epigrafeko II. idazatiko 2. zenbakian xedatutakoari jarraituko zaio.

      3. – Joko-mahaia.

        Forma obalatukoa izango da eta croupierraren posizioa adierazten duen ebaki edo tarte txiki bat izango du mahaiaren alde handietako batean. Honen parean bankaria jarriko da eta bere eskuinaldean izango du lehendabiziko oihala; oihal honek hainbat atal izango ditu, bankariarengandik hurbilen dagoenetik hasita zenbakituta eta, horrenbestez, 1 zenbakia izango du honek. Bankariaren ezkerraldean bigarren oihala egongo da; honek ere lehendabiziko oihalak adina atal izango du, lehendabiziko oihaleko azken atalaren zenbakiaren hurrengotik hasi eta korrelatiboki zenbakituta; bankariarengandik hurbilen dagoen atalak izango du oihal honetako lehendabiziko zenbakia.

        Horrez gain, oihal bakoitzak beste oihalean egin nahi diren posturak jasotzeko mugatutako gainazal bat edukiko du. Gainazal hori oihalaren gainerako zatitik bereizten duen marran jartzen diren apustuek erdibana jokatuko dute bi oihaletan.

        Mahaiaren zati librean lehendabiziko zirritu bat izango da erabilitako kartak sartzeko, saskia deitzen zaiona; bigarren zirritu bat, croupierraren eskuinaldean, bankariaren irabazietatik etxearen mozkinetarako egindako kenkariak sartzeko, putzua edo «cagnotte» izenekoa; eta hirugarren zirritu bat, edo bi, eskupekoak jasotzeko.

    3. – Langileak.

      Hauexek dira gutxienez behar diren langileak: ikuskatzaile bat, croupier bat, diru-trukatzaile bat eta laguntzaile bat. Ikuskatzaileari, croupierrari eta diru-trukatzaileari Katalogo honen 08 epigrafeko III. idazatiko 1, 2 eta 3. zenbakietan xedatutakoa aplikatuko zaie, hurrenez hurren.

    4. – Jokalariak.

      Jokalariei «puntu» izena ere ematen zaie. Bakoitza mahaiko atal zenbakidunetako batean eser daiteke. Halaber, jokalari gehiago ere jar daitezke eserita, beste horien atzean, mahaiko atal desberdinen artean.

      Era berean, eserita dauden jokalarien atzean zutik dauden jokalari guztiek apustuak egin ditzakete oihal desberdinetan.

      Apustuen ondorioetarako, jokalarien arteko lehentasun-ordena ondokoa izango da: oihal beraren barruan, lehendabizi bankariarengandik hurbileneko atal zenbakidunetan eserita dauden jokalariak; jarraian, gainerako jokalariak, eserita daudenen ordena berari jarraiki.

      Bi oihaletan bankua iragartzen bada, zozketa egingo da oihalen arteko lehentasuna ezartzeko.

      Atal zenbakidunetan eserita dauden jokalariek baino ezin izango dituzte kartak maneiatu; horretarako, errotazio-txanda bat ezarriko da oihal bakoitzaren zenbaki-ordenaren arabera. Bankuak irabazten duenean, jokalariak ezarritako txandari jarraiki utzi beharko ditu kartak. Zutik edo kartak maneiatzeko eserita egonik bankua egiten duen jokalaria arau honetatik salbuetsita dago.

      Eserleku bat okupatu nahi duten jokalariek ikuskatzaileak mahai bakoitzean daraman itxaron-zerrendan eman beharko dute izena.

    5. – Bankua.

      1. – Ikuskatzaileak, irekitzerakoan, bankariaren izena eta bankuaren zenbatekoa aditzera emando ditu. Bankaririk ez badago, ikuskatzaileak enkantean jarriko du bankua eta eskaintza onena egiten duenari adjudikatuko dio. Jokalari guztiek egin ditzakete bankua eskuratzeko eskaintzak.

        Eskaintza berdinen kasuan, adjudikazioa zozketa bidez egingo da.

        Adjudikazioa «eskualdi» baterako edo batzuetarako egin daiteke, eta joko-zuzendariak hala erabakiz gero, egun baterako edo batzuetarako. Bankuaren zenbatekoa partidari hasiera eman baino lehen gordailatu beharko da kasinoaren kutxan, eskudirutan edo banketxe batek igorpendutako txekeen bidez.

        Lehendabiziko jokaldia egin ondoren, bankariak bertan behera utz dezake bankua, erretiratzen duen kopurua iragarriz. Bankariak irabazi eta erretiratu egiten bada, «sabot» horrek dirauen artean ezin izango du berriz bankari izan.

        Bankuan fondorik geratzen ez denean, porrot egin duela ulertuko da. Kasu honetan bankariak jarraitzeko eskubidea dauka, hasierakoa bezalako beste gordailu bat edo handiagoa eginez, edo bankua bertan behera utz dezake. Bankuarekin jarraitzea erabakitzen badu, «sabota» alda dezake.

        Edozein kasutan, bankariak bankua bertan behera uzten duenean, ikuskatzaileak beste jokalari bati eskainiko dio, hasierako kopuru berberaren truke. Inork onartzen ez badu, enkantean jarriko da edo, hala badagokio, berriz zozketatuko da, eta gero «sabot» berri bat hasiko da. Eskaintzailerik aurkezten ez bada, partida amaitutzat emango da.

        Posturen minimoa eta maximoa baimenean ezarrita egongo dira. Minimoak desberdinak izan daitezke joko-mahai desberdinetarako.

        Bankua osatzen duen kopuruak mugatua izan beharko du banku mugatuaren modalitatean. Baimenean finkatuko dira bankuaren maximoa eta minimoa.

      2. – Banku librean ez da muga maximorik izango bankurako, eta establezimenduak ezin izango die maximorik ezarri jokalarien posturei. Banku librearen modalitatean edozein jokalari izan daiteke bankari, baldin eta establezimenduaren kutxan bertan edo establezimenduko zuzendaritzak aurrez onartutako kreditu-entitateren baten kutxan behar adinakotzat jotzen den gordailua egin duela justifikatzen badu. Honela, apustu guztiak ordaindu ahal izango ditu, establezimenduaren erantzukizuna ezein unetan estuasunean jarri gabe.

        Banku libreko «baccara» establezimendu bakoitzeko mahai batean bakarrik gauza daiteke, eta gehienez ere tartean afalordua izango duten bi joko-ekitalditan. Ekitaldi bakoitzean bi «eskualdi» jokatuko dira.

      3. – Establezimenduaren mozkinetarako kenkaria bankariak jokaldi bakoitzean irabazitako kopuruen gaineko %2an finkatzen da banku mugaturako, eta %1,25en banku librerako.

    6. – Jokoaren arauak.

      Katalogo honen 08 epigrafeko VI. idazatian bildutako arauak orokorki aplika daitezke. Horren kaltetan izan gabe, jarraian zehazten diren egokitzapen edo moldaketak ezartzen dira.

      Bi jokalari, oihal bakoitzetik bat, bankariaren kontra lehiatzen dira, IV. idazatiko 5. paragrafoan ezarritako txandari jarraiki.

      Lehendabiziko bi karten puntuazioa 0, 1, 2, 3 edo 4koa baldin bada, jokalariek hirugarren karta eskatu behar dute; puntuazio hori 5ekoa bada, karta eska dezakete edo planto egin; eta, azkenik, puntuazioa 8 edo 9koa bada, kartak erakutsi egin behar dituzte. Partidaren hasieran bankua egiten duen jokalaria arau honetatik salbuetsita egongo da.

      Bankariak karta eska dezake edo planto egin, croupierrari bankuaren jokaldi-taula eskatzen dionean izan ezik; kasu honetan, taulari jarraitu beharko dio, beti ere bi oihaletarako gauza bera adierazten bada. Bankuaren jokaldi-taula Katalogo honen 08 epigrafean bildutakoa da.

      Lehendabiziko bi kartekin lortutako 8ko puntuazioak beti irabazten dio hirugarren karta erabiliz lortutako 8 edo 9koari.

      Eserita nahiz zutik dagoen edozein jokalarik eska dezake bankua, behingoz eta partida bakoitzaren hasieran. Bankuak bi oihalak hartuko ditu, baina jokoa bi jokalari egongo balira bezalaxe garatuko da eta, horrenbestez, jokalariak ezin izango ditu bigarren oihaleko kartak ikusi lehendabiziko oihalean jokatu arte. Joko baliogabea izanez gero, jokaldia beste bi aldiz errepika daiteke. Bi jokalarietako batek ere ezer irabazi edo galdu ez duenean ulertuko da joko baliogabea izan dela.

      Puntuek debekatuta daukate elkartea osatuz jokatzea.

    7. – Jokoaren garapena.

      Jokoa hasi ahal izateko ezinbesteko baldintza da oihal bakoitzean gutxienez bi jokalari izatea, eta kopuru honi partidak dirauen bitartean eutsi beharko zaio.

      Kartak kontatu, nahastu eta karta-piloa pikatzeko eragiketak egin ondoren, barnealdean blokeo-karta edo gelditze-karta bat jarriko da, beste kartetatik ongi bereizteko moduko kolorekoa, honen azpian 10 karta utziz. Gelditze-karta hau azaltzen denean partida amaitutzat emango da eta ezin izango da beste jokaldirik egin, une horretan jokatzen ari dena izan ezik.

      Bankua V. idazatian ezarritakoaren arabera adjudikatu ondoren, bankariak jokoan jarritako diru-kopurua fitxetan entregatuko dio croupierrari, honek zain dezan. Jarraian, posturak egingo dira bi oihaletan, IV. ataleko 3. paragrafoak ezartzen duen lehentasun-ordenaren arabera, croupierrak «ya no va más» («besterik ez») esaldiaren bidez apustuak egiteko denbora amaitu dela adierazten duen arte. Apustuak ezin izango dira berehala jarri bankariaren eta croupierraren eskuinaldean edo ezkerraldean.

      Jokalariaren eremua eta apustuen eremua bereizten dituen marraren gainean jarritako apustuek erdia jokatzen dute. Era berean, oihal bateko apustuen eremua eta beste oihaleko eremua bereizten dituen marraren gainean jarritako posturek bi oihaletan jokatzen dute. Kasu honetan, zangalatraba dagoen apustu baten erdiak apustu-unitateen kopuru bakoitia ordezkatzen duenean, frakzio handienak lehendabiziko oihalean jokatzen duela kontuan hartzen da.

      Bankariak, orduan, kartak «sabotetik» atera eta banan-banan emango ditu, honako ordena honi jarraiki: lehendabiziko oihala, bigarren oihala eta bankua. Croupierrak kartak jokalariei eramango dizkie pala baten bitartez. Dagokien jokalariek izango dituzte kartak eta hauek jokatuko dute bankuaren kontra, IV. idazatiko 5. paragrafoan ezarritako txandaren arabera. «Eskua» daukan jokalariak, bere puntuazioa ikusi ondoren, jokoa erakusten duela nahiz ez, kartak mahai gainean utzi behar ditu. Kartak ikusi ondoren, oihal bakoitzean «esku» diren jokalariek dagokien ordenan hitz egin beharko dute, bankariak baino lehen beti. Jokaldia amaitutakoan, croupierrak kartak banandu eta puntua iragartzen du. Bankariak bi oihalei erakutsi beharko die bere puntua.

      Jarraian, croupierrak postura irabazleak ordaindu eta galtzaile suertatu direnak erretiratu egingo ditu; bankariak bi oihaletan irabazten badu, edo oihal baten lortzen duen irabazia bestean izan duen galera baino handiagoa bada, croupierrak «cagnotte» edo putzuari dagokion kopurua horretarako destinatutako zirrituan sartuko du. Bankariaren irabaziak bankuaren jabetzara pasatuko dira. Jokalariren batek eskatuz gero, «eskualdiaren» amaieran kartak kontrolatu egingo dira.

    8. – Jokoan egindako hutsak eta arau-hausteak.

      1. – Debekatuta dago apustuak egiteko denbora amaitu baino lehen kartak banagailutik ateratzea. Ateratzen diren kartak ezin izango dira ezein kasutan berriz «sabotean» sartu, eta behar ez bezala atera dituen jokalariak derrigorrez jarraitu beharko du jokaldia. Salbuespenezko kasuren batean establezimenduaz arduratzen den zuzendariaren iritziz arau hau aplikatu behar ez bada, ateratako karta edo kartak derrigorrez baztertu beharko dira eta «eskua» hartzen duen jokalariak ezin izango ditu erabili.

        «Sabotetik» ateratzerakoan agerian azaltzen diren karta guztiak erabiltezintzat jo eta baztertu egingo dira, eta jokalariek ezin izango dituzte beren apustuak urritu edo erretiratu.

        Kartak banatzerakoan bi karta edo gehiago elkarrekin itsatsita azaltzen badira, jokaldia baliorik gabe utziko da.

        Kartaren bat lurrera erortzen denean, croupierrak edo establezimenduko beste edozein langilek baino ezin izango dute jaso, eta bere balioari eutsiko dio. Jarraian, berriz ekingo zaio jokaldiari.

        «Eskua» daukan jokalariaz bestelakoren bat nahastu eta kartak hartu eta hitz egin badu, jokaldiari eutsi egingo zaio, eta hurrengo jokaldian kartak zegozkion jokalariari pasatuko zaizkio.

      2. – Bankariaren hutsak.

        Banaketa irregularren kasu guztietan jokaldia zuzendu egingo da, zuzenketa nabarmenki egin badaiteke; bestela, jokaldia baliorik gabe utziko da.

        Bankariak «no» («ez») esan duen oihal bati karta ematen badio edo eskatu duen oihal bati kartarik ematen ez badio, jokalarien hutsei buruzko arauen arabera leheneratuko da jokaldia.

        Kartak banatzerakoan oihal bateko bi kartak agerian jartzen badira, idazati honetako 3. zenbakiko hirugarren paragrafoan xedatutakoaren arabera burutuko da jokaldia, eta apustuak ezin izango dira handitu, murriztu edo erretiratu.

        Kartak banatzerakoan karta batzuk ikusi gabe saskian erortzen badira, jokaldia baliorik gabe geratuko da kartak galdu dituen oihalerako edo bi oihaletarako, kartak bankariari badagozkio. Hirugarren apustuetakoren bat bada, ikusi baldin bada, croupierrak berreskuratu egingo du eta jokaldiak aurrera jarraituko du.

      3. – Leheneratutako jokaldietan bankariak egin beharrekoa.

        Oihal batek bankariari joko maximoa erakusten dionean, bankuaren jokaldi-taulari jarraitu behar dio beste oihalari dagokionez, hirugarren karta eskatuz aukerako bi kasuetan.

        Bankuaren jokaldi-taulak bi oihaletarako gauza bera adierazten duenean, bankariak jarraitu egin beharko dio.

        Taulak oihal batean karta eskatzeko eta bestean planto egiteko adierazten duenean, bankariak askatasun osoa du planto egin edo karta eskatzeko, baldin eta hutsa jokalari batek edo croupierrak egin badu. Hutsa bankariarena izan bada, ordea, bost puntu edo gutxiago baditu karta eskatu beharko du derrigorrez eta bestelako kasuetan planto egin beharko du. Eskatu ez duen oihal bati karta ematea edo oihal bati besteari dagokion karta ematea ez da bankariaren hutsegitea eta, horrenbestez, ez du hirugarren karta eskatzeko eskubidea galtzen.

      4. – Jokalarien hutsak.

        Lehendabiziko oihalak bost puntu baino gutxiago izanik «no» («ez») esaten badu eta bigarren oihalak karta hartu badu, hau lehendabiziko oihalera itzuliko da; orduan, bigarren oihalari hurrengo karta emango zaio, bankariak jaso badu nahiz ez badu, eta honek idazati honetako 3. zenbakian xedatutakoaren arabera ihardungo du.

        Lehendabiziko oihalak sei puntu edo gehiago izanik karta eskatzen badu, hartutako karta bigarren oihalera joango da, honek karta eskatu badu, edo bankariarengana, idazati honetako 3. zenbakian bildutako arauen arabera.

        Lehendabiziko oihalak «carta» («karta») esan ondoren «no» («ez») esaten badu, edo alderantziz, croupierrak zer nahi duen zehazteko esan beharko dio jokalariari eta bere puntuazioa egiaztatuko du. Puntuazioa bostekoa bada, lehendabiziko hitza zuzentzat joko da; beste punturen bat badauka, jokaldia aurreko paragrafoetako arauen arabera leheneratuko da.

        Zortzi edo bederatzi puntu izanik «no» («ez») esaten duen jokalariak bere jokoa erakusteko eskubidea galtzen du; karta eskatzen badu, jokaldia aurreko paragrafoen arabera leheneratuko da.

        Bigarren oihalaren eta bankariaren artean arau berberak aplikatuko dira oihal horren hutsen kasuan.

      5. – Formalki debekatuta dago jasotako kartak poliki ikustea eta eskuan denbora luzez edukitzea. Bere jokoa iragartzen denbora luzeegia erabiltzen duen edozein jokalarik ezin izango du kartak edukitzen jarraitu.

        Croupierrak ez beste inork ezin die jokalariei aholkurik eman. Arau hau hausten denean, jokaldi-taulan xedatutakoari jarraituko zaio.

        Bankariaren edo puntuetakoren baten kartak erakutsi gabe saskira botatzen badira, beren puntuazioa zero («baccara») zela kontuan hartuko da. Hutsegite hau croupierrak egin badu, kartak jaso egingo dira eta puntuazioa berriz eratuko da kartak saskira bota dizkioten jokalariaren eta kartak ikusi dituzten beste jokalarien testigantzaren arabera.

        Berea ez den puntu bat iragartzen duen bankariak hirugarren karta eskatu ahal izango du, beti ere beste jokalariek beren puntuak erakutsi ez badituzte. Osterantzean, idazati honetako 3. zenbakiko hirugarren paragrafoan xedatutakoari jarraituko zaio.

        Jokaldia amaitu eta apustuak ordaindu edo kobratuta daudenean, ezin izango da inolako erreklamaziorik formulatu.

        Jokoen katalogo honetan aurreikusten ez diren kasuak mahaiko ikuskatzaileak erabakiko ditu.

  10. – Zori-erruleta.

    1. – Deskribapena.

      Zori-erruleta zorizko jokoa da, kontrapartidakoak deitzen direnetakoa. Parte-hartzaileek establezimendu antolatzailearen kontra jokatzen dute eta irabazteko aukera gurpil birakari baten mugimenduak erabakitzen du.

    2. – Jokoaren elementuak.

      Zori-erruleta apustuen serieak marraztuta dituen mahai batean jokatzen da.

      Erruleta zurezkoa da eta urre-koloreko tatxet bat dauka erdi-erdian. 152 cm-ko diametroa dauka eta zurezko oinarri sendo batean bermatzen den 8 hazbeteko zurezko zutoin batean muntatuta dago. Metalezko berrogeita hamalau banaketa ditu (laukitxoak); bakoitzak postura bati dagokion ikur bat marraztuta dauka.

      Mahaia konbinazio posible desberdinei dagozkien laukitxoetan banatuta dago; laukitxo-kopuru jakin bat dago. Jokalariak honako konbinazio hauen artean aukera dezake: 24, 15, 7, 4, 2 eta «Joker» edo komodina.

      Mahaiak kutxa bat izango du eskudirua sartzeko eta beste kutxa bat apustuetarako.

    3. – Langileak.

      Hauexek dira langileak:

      1. Mahaiburua, mahaia zuzendu eta gurpila birarazteaz arduratzen dena.

        Croupierra, ordainketak egin eta galtzaile suertatzen diren apustuak erretiratzeaz arduratzen dena.

    4. – Jokalariak.

      Partida bakoitzean jokalari-kopuru zehaztu gabeak parte har dezake.

    5. – Jokoaren arauak.

      1. – Konbinazio posibleak:

        Hauexek dira aukerak: apustua 24 posiziotan eginda, irabazleak berdindu egiten du; apustua 15 posiziotan eginda, irabazleei 1 ordaintzen zaie jokatutako 1en truke; 7 posiziotan eginda, 5 ordaintzen zaizkie jokatutako 1en truke; 4 posiziotan eginda, 10 ordaintzen zaizkie jokatutako 1en truke; 2 posiziotan eginda, 20 ordaintzen zaizkie jokatutako 1en truke; eta bi Jokerretan 45 ordaintzen zaizkie jokatutako 1en truke.

      2. – Apustuen maximoak eta minimoak:

        Apustuen maximoa eta minimoa Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzaren baimenean finkatuta daude.

      3. – Jokoaren funtzionamendua:

        Mahaiburuak «hagan sus apuestas» («egin itzazue apustuak») iragartzen duen unetik aurrera jokalariek apustuak egiten dituzte. Hauek fitxen bidez jartzen dira jokalariak aukeratu duen mahaiko laukitxo batean.

        Jarraian, mahaiburuak gurpilari eragin eta honek bira ugari ematen ditu gelditu baino lehen. Gurpila biraketan indarra galtzen ari denean, croupierrak «¿están hechas las apuestas?» («apustuak eginda daude?») galdetzen du. Jarraian «no va más» («besterik ez») iragartzen du. Une honetatik aurrera, abisu hori egin ondoren jartzen diren apustu guztiak baztertu egiten dira eta croupierrak fitxa itzuli egiten dio posturagile berantiarrari. Gurpila laukitxo batean gelditzen denean, mahaiburuak emaitza iragartzen du, posizio irabazlea ozenki aditzera emanez.

        Orduan croupierrak apustu galtzaile guztiak jaso eta irabazle suertatu direnak mahai gainean uzten ditu, dagokien irabazia gaineratzeko. Irabazten duen jokalariak bere apustua berreskuratzen du kasu guztietan, eta jokotik erretiratu egin dezake.

  11. – Karta-uzterik gabeko pokerra.

    1. – Deskribapena.

      Karta-uzterik gabeko pokerra joko-kasinoetan soilik jokatzen den karta-jokoa da, kontrapartidakoak deitzen direnetakoa. Parte-hartzaileek establezimenduaren kontra jokatzen dute, eta jokoak croupierrak lortzen duen jokaldia baino hobea lortzea du helburu. Hainbat konbinazio irabazle daude.

    2. – Jokoaren elementuak.

      1. – Kartak.

        Karta-uzterik gabeko pokerrean «Black-Jack» edo Hogeita batean erabiltzen direnen ezaugarri beretsuetako 52 kartako karta-sorta batekin jokatzen da. Karten balioa, handitik txikira ordenatuta, honako hau da: Batekoa, Erregea, Dama, Jota, 10, 9, 8, 7, 6, 5, 4, 3 eta 2koa.

      2. – Joko-mahaia.

        Mahaiak Hogeita bat edo «Black-Jackekoen» antzeko neurri eta ezaugarriak izango ditu. Apustuetarako zazpi laukitxo izango ditu bi espaziotan banatuta, hasierako posturarako bat eta honen aurrean bigarren apusturako beste bat, eta ongi bereizitako beste zazpi leku Jackpot-eko apustua jokatu ahal izateko. Beste ezaugarri guztiei dagokienez, «Black-Jack» edo Hogeita bateko mahaietarako araudi berezian aurreikusitako konfigurazio berdinekoa izango da joko-mahaia.

    3. – Langileak.

      1. Mahaiburua: jokoa kontrolatzea eta honek dirauen bitartean sortzen diren arazoak konpontzea dagokio. Mahai-buru bat egon daiteke bi mahaietatik behin, edo mahai-buru bat Poker, Hogeita bat edo «Black-Jack» edo Puntu eta Bankuko (modalitate txikia) mahai bakoitzeko, beti ere mahai hauek elkarren jarraian badaude.

      2. Croupierra: partida zuzentzen du, eta kartak nahastu eta jokalarien artean banatzea, apustu galtzaileak erretiratzea eta irabazle suertatzen direnak ordaintzea du eginkizun. Jokoaren fase guztiak iragarriko ditu eta jokalariei eskudirua trukatuko die.

    4. – Jokalariak.

      1. – Eserita.

        Jokoan parte har dezakeen jokalari-kopuruak bat etorri behar du tapetean markatutako apustuen plaza-kopuruarekin; azken hauen gehienezko kopurua zazpikoa da.

      2. – Zutik dauden jokalariek ere jokoan parte har dezakete, jokalari baten «eskuan» apustu eginez, beti ere honen baimena izanik eta apustu maximoaren mugen barruan. Plaza edo laukitxo bakoitzeko apustu-kopuruak ezin izango du lautik gorakoa izan.

        Laukitxo bakoitzaren aurrean eserita dagoen jokalariak aginduko du bertan eta ezin izango dizkie bere kartak gainerako posturagileei erakutsi, ez eta jokatzen ari den partidari buruzko iruzkinik egin ere.

    5. – Jokoaren arauak.

      1. – Konbinazio posibleak.

        Konbinazio posibleak, handitik txikira ordenatuta, honako hauek dira:

        1. Kolore-eskailera gorena. Palo bereko bost karta korrelatibo altuenek osatzen dute (adibidez: Bateko, Errege, Dama, Jota eta 10eko hirusta). Apustua bider 100 ordaintzen da.

        2. Kolore-eskailera. Palo bereko bost karta korrelatibok osatzen dute (adibidez: 4, 5, 6, 7 eta 8ko hirusta). Apustua bider 25 ordaintzen da.

        3. Poker. Balio bereko lau kartak osatzen dute (adibidez: 4 Errege). Apustua bider 20 ordaintzen da.

        4. Full. Balio bereko hiru kartak eta honetaz bestelako balio bereko beste bik osatzen dute (adibidez: 3 zazpiko eta 2 zortziko). Apustua bider 7 ordaintzen da.

        5. Kolorea. Korrelatiboak ez diren palo bereko bost kartak osatzen dute (adibidez: Bateko, 4, 7, 8 eta Dama hirusta). Apustua bider 5 ordaintzen da.

        6. Eskailera. Bost karta korrelatibok osatzen dute, guztiak palo berekoak izan gabe (adibidez: 7, 8, 9, 10 eta Jota). Apustua bider 4 ordaintzen da.

        7. Hirukoa. Balio bereko hiru kartak osatzen dute (adibidez: hiru Dama). Apustua bider 3 ordaintzen da.

        8. Pare bikoitza. Balio bereko bi kartak eta honetaz bestelako balio bereko beste bik osatzen dute (adibidez: 2 Errege eta 2 zazpiko). Apustua bider 2 ordaintzen da.

        9. Parea. Balio bereko bi kartak eta beste hiru karta desberdinek osatzen dute (adibidez: 2 Dama). Apustuaren beste horrenbeste ordaintzen da.

        10. Karta handiagoak. Aurreko konbinazioetako bat ere lortzen ez denean, baina jokalariaren kartak croupierrarenak baino handiagoak direnean. Kartak handiagoak diren erabakitzeko, lehendabizi baliorik handieneko kartak alderatuko dira, berdinak badira hurrengoa, eta horrela ondoz ondo. Apustuaren beste horrenbeste ordainduko da.

          Nolanahi ere, jokalariak bere konbinazioa croupierrarena baino handiagoa denean baino ez ditu irabaziko apustuak; bere konbinazioa txikiagoa denean galdu egingo du eta berdina denean bere apustuari eutsi egingodio, baina ez du inolako saririk irabaziko. Croupierrak eta jokalariak jokaldi bera daukatenean, konbinazioa balio handiagoko kartaz osatuta daukanak irabaziko du apustua, honako arau hauei jarraiki: biek Poker daukatenean, handiagoa daukanak irabaziko du (adibidez: Errege-pokerrak irabazi egiten dio Dama-pokerrari).

          Biek Full daukatenean, hiru karta berdinak balio handiagokoak dituenak irabaziko du.

          Biek Eskailera daukatenean, edonolakoa izanik, balio handiagoko karta daukanak irabaziko du.

          Biek Kolorea daukatenean, balio handiagoko karta daukanak irabaziko du (karta handiagoetarako deskribatutakoaren arabera).

          Biek Hirukoa daukatenean, balio handiagoko kartaz osatuta daukanak irabaziko du (Pokerrean bezala).

          Biek Pare Bikoitza daukatenean, balio handiagoko kartaz osatutako parea daukanak irabaziko du; bienak berdinak izanez gero, bigarren pareak erabakiko du eta, azkenik, geratzen den karta handiagoa duenak.

          Biek Parea daukatenean, balio handiagokoa daukanak irabaziko du, eta berdinak badira, balio handiagoko karta daukanak (karta handiagoetarako deskribatutakoaren arabera).

      2. – Apustuen maximoak eta minimoak.

        Jokalarien apustuak fitxen bidez bakarrik egin daitezke eta joko-mahai bakoitzerako ezarritako mugen barruan egin behar dira.

        Joko-Kasinoak mahai bakoitzerako finkatuko du apustuen zenbatekoa, Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak baimendu dion fluktuazio-bandaren arabera.

      3. – Jokoaren garapena.

        Kartak gordailutik atera, paketea zabaldu eta kartak nahasteko Joko-Kasinoen Araudiko arauak beteko dira.

        Kartak banatu baino lehen, jokalariek beren hasierako apustuak egin beharko dituzte, joko-mahai bakoitzeko muga minimo eta maximoen barruan. Jarraian, croupierrak apustuak itxiko ditu «no va más» («besterik ez») adieraziz eta kartak banatzen hasiko da. Kartak banan-banan emango dizkio «esku» bakoitzari, ahoz behera, bere ezkerraldetik hasi eta erlojuaren orratzen norantzari jarraituz; bankuari ere karta emango dio, «esku» bakoitzak eta bankuak bost karta izan arte. Bankuaren azken karta agerian emango da. Kartak banagailu edo «sabot» automatikoaren bidez nahastu eta banatzen badira, croupierrak bosnaka banatuko ditu jokoan parte hartzen duen «esku» bakoitzarentzat, eta berarentzat azkeneko bostak utziko ditu, hauetako azkena agerian emanez.

        Jokalariek beren kartak begiratu eta «voy» («banoa») esanez jokoa jarraitu («joan») ala «paso» esan eta jokotik erretiratzea («paso egin») erabaki dezakete. «Joateko» erabakia hartzen dutenek hasierako apustua bikoiztu egin beharko dute, hasierakoaren kopuru bikoitza jarriz bigarren apusturako laukitxoan; «paso egiteko» erabakia hartzen dutenek hasierako apustua galdu egingo dute eta croupierrak une horretan bertan erretiratuko du.

        Jokalariek «joan» ala «paso egiteko» erabakia hartu ondoren, croupierrak bankuaren lau karta estaliak agerian jartzen ditu.

        Bankuak jokatu ahal izateko bere karten artean gutxienez Bateko bat eta Errege bat eduki behar ditu, edo konbinazio handiagoa; bestela, jarritako kopuruaren adinako beste horrenbeste ordainduko dio jokalari bakoitzari (1 jarritako 1en truke).

        Bankuak jokatzen badu, hots, gutxienez Bateko bat eta Errege bat edo konbinazio handiagoa badu, croupierrak bere kartak jokalarienekin konparatuko ditu eta berea baino konbinazio handiagoak ordainduko ditu, bigarren apusturako jokoaren arauei buruzko 1. idazatian ezarritakoaren arabera, hasierako postura beste horrenbestez ordainduz (1 jarritako 1en truke).

        Croupierrarena baino konbinazio txikiagoa duten jokalariek galdu egingo dituzte beren apustuak, eta croupierrak oso-osorik erretiratuko ditu.

        Berdinketa izanez gero, 1. idazatian xedatutakoari jarraituko zaio.

        Kartak banatzerakoan edozein huts gertatuz gero, hau da, karta-kopuruan hutsen bat izan edo kartaren bat agerian azalduz gero, jokaldi osoa baliorik gabe geratuko da.

        Debekatuta dago jokalariek elkarri beren kartei buruzko informazioa ematea edo kartak behar baino lehen erakustea; debeku honen edozein urrapenek apustu osoaren galera ekarriko du.

        Apustu galtzaileak erretiratu eta irabazleei dagozkien sariak ordaindu ondoren, jokaldia amaitutzat eman eta beste bat hasiko da.

      4. – Jackpot.

        Jokalarientzat beste apustu independente bat dago, Jackpot izenekoa, jokalariak lortzen duen jokaldia bakarrik kontuan hartuz sari berezi bat lortzea helburu duena. Jackpotean jokatzeko, hitzartutako kopuru bat jarri beharko da jokalari bakoitzak horretarako duen laukitxoan. Halaber, hainbat mahaik amankomun izan dezakete beste Jackpot bat. Joko-modalitate honen garapenak mahaian egon beharko du erakusgai, begi-bistako lekuren batean jarrita, saria dakarten konbinazioak eta haien zenbatekoa adieraziz.

        Hauexek dira Jackpot lortzeko aukera ematen duten konbinazioak: Eskailera Gorena, mahai guztietan metatutakoa lortzen duena, eta Kolore-Eskailera, metatutakoaren %10 lortzen duena.

        Jackpoterako apustuaren maximoa mahaiko minimoaren erdia izango da.

  12. – Poker sintetikoa.

    1. – Deskribapena.

      Poker sintetikoa hainbat jokalari elkarrekin lehian jartzen dituen karta-jokoa da, joko-kasinoetan soilik jokatzen dena, zirkulukoak deitzen direnetakoa. Jokoak ahalik eta balio handieneko karta-konbinazioa lortzea du helburu, bost karta erabiliz: croupierrak jokalari bakoitzari banatutako bi karta eta karta-pilotik banan-banan atera ondoren mahai gainean jarritako bostkartetako hiru.

    2. – Jokoaren elementuak.

      1. – Kartak.

        «Black-Jack» edo Hogeita batean erabiltzen direnen ezaugarri beretsuetako 28 kartarekin jokatzen da, palo bakoitzeko Batekoa, Erregea, Dama, Jota, 10, 9 eta 8koa bakarrik erabiliz.

      2. – Joko-mahaia.

        Biribila edo forma obalatukoa izango da eta croupierraren posizioa adierazten duen ebaki edo sartune bat izango du mahaiaren alde handietako batean. Mahaiak hainbat atal izan ditzake, 10 atal gehienez, bananduta eta croupierraren lekuaren eskuinetik 1 zenbakiarekin hasi eta korrelatiboki zenbakituta. Aulki edo atal bakoitzean jokalari bat egon daiteke.

        Mahaiak bi zirritu eduki behar ditu, croupierraren eskuinaldean bata, etxearen mozkinetarako kenkarien zenbatekoa sartzeko, putzu edo «cagnotte» izenekoa, eta ezkerraldean bestea, eskupekoak sartzeko. Horrez gain, «Black-Jack» edo Hogeita batean erabiltzen direnak bezalako erretilu bat izango du croupierraren parean, fitxak trukatzeko eta establezimenduari dagokion kopuruaren kenkaria egiteko.

    3. – Langileak.

      Joko-mahai bakoitzak une orotan bertan ihardungo duten croupier bat eta diru-trukatzaile bat izango ditu. Jokoa garatzen deneko aretoa mahai-buru baten kontrolpean egongo da.

      1. – Mahaiburua.

        Jokoa behar bezala garatzeaz arduratzen da. Zuzendaritzaren ordezkari gisa iharduten du eta joko-mahaian planteatzen den edozein arazo konpontzea dagokio. Hutsik gera litezkeen lekuak betetzeko prest dauden jokalarien zerrenda bat eramango du.

      2. – Croupierra.

        Aurrerago ematen zaizkion eginkizunen kaltetan izan gabe, honako hauek bete beharko ditu: kartak kontatu, nahastu eta jokalarien artean banatzea; jokoaren fase desberdinak eta jokalarien ekintzak ozenki iragartzea; establezimenduari dagokion kopurua kalkulatu eta mahaian horretarako dagoen zirrituan sartzea; jasotako eskupekoak horretarako destinatutako mahaiaren zirrituan sartzea; eta eskatzen duten jokalariei dirua fitxekin trukatzea.

        Jokoa kontrolatuko du eta arretaz zainduko du jokalariek txandaz kanpo apusturik egin ez dezaten, pot-a osatzen duen diru-kopurua eta honen ordainketa zaindu eta kontrolatuko du. Horrez gain, jokalariei une bakoitzean aplikatu beharreko arauei buruzko zalantzak argituko dizkie. Jokalariren batekin arazoak baldin baditu, mahaiburuari horien berri eman beharko dio.

    4. – Jokalariak.

      Mahaiko atal bakoitzaren parean jokalari bakar bat eser daiteke. Ataletako gainazala fitxak uzteko eta, hala badagokio, kartak edukitzeko erabil daiteke.

      Partidaren hasieran postuak zozketatuko dira.

      Partida hasita badago eta jokalariak eserita, mahaiburuak emango dio mahaiko postua, leku librerik baldin badago.

      Jokalari batek eskatzen badu, atsedena har dezake bi «eskualditan», mahaian duen postua galdu gabe.

      Debekatuta dago jokalari batek mahai-jokotik alde egin eta beste jokalari bati uztea bere apustuak egiteko ardura. Halaber, ez da zilegi izango:

      • Binaka jokatzea, nahiz eta aldi baterako besterik ez izan.

      • Pot-a elkarrekin jokatzea.

      • Pot-a borondatez banatzea.

      • Jokalarien artean ados jartzea.

      • «Eskualdia» hasi ondoren beren gaineratikoa handitzeko fitxak erosi edo gehitzea.

      • Jokalariek elkarri diru-maileguak egitea.

      • Gaineratikoaren fitxak gordetzea.

      • Kartak mahaitik erretiratu edo croupierraren eta beste jokalarien begi-bistatik urruntzea.

      • Croupierrak agerian ematen dituen kartak ukitzea.

      • Jokaldiak dirauen bitartean bezeroen artean jokaldiei buruzko iruzkinak egitea, baita beste jokalari batzuen kartak begiratzea ere, nahiz eta «eskualdi» horretan jokatzen ez aritu.

      • Joko-mahaiaren eremuan ikusle gisa egotea.

    5. – Jokoaren arauak.

      1. – Konbinazio posibleak.

        Jokalariek jarraian deskribatutako konbinazioak baino ezin dituzte erabili. Beren garrantzia kontuan hartuta, handitik txikira ordenatuta daude. Jokalariek palo bakoitzeko Batekoa balio txikieneko karta bezala erabil dezakete jokatzen duen txikienaren aurrean, edo balio handieneko karta gisa Erregearen atzean.

        1. Kolore-eskailera gorena: palo bereko bost karta korrelatibo altuenek osatzen dute (Batekoa, Erregea, Dama, Jota eta 10ekoa).

        2. Kolore-eskailera: palo bereko bost karta korrelatibok osatzen dute (8, 9, 10, Jota eta Dama).

        3. Poker: balio bereko lau kartak osatzen dute (lau Errege).

        4. Kolorea: korrelatiboak ez diren palo bereko bost kartak osatzen dute (8, 9, 10, Dama eta Bateko hirusta).

        5. Full: balio bereko hiru kartak eta beste balio bateko beste bik osatzen dute (3 zortziko eta 2 bederatziko).

        6. Eskailera: palo desberdinetako bost karta korrelatibok osatzen dute.

        7. Hirukoa: balio bereko hiru kartak osatzen dute, eta beste biek ez dute parea osatzen (3 zortziko, Dama eta Erregea).

        8. Irudiak: Batekoaren eta Jotaren bitartean dauden bost kartak osatzen dute.

        9. Pare bikoitza: balio desberdineko bi karta-parek osatzen dute (2 bederatziko, 2 Jota eta Bateko bat).

        10. Parea: balio bereko bi kartak osatzen dute (2 Errege, 8, 9 eta Batekoa).

        11. Karta handiena: «esku» batek aurreko konbinazioetako bat ere ez duenean, kartarik handiena duen jokalariak irabazten du.

      2. – Apustuen maximoak eta minimoak.

        Jokalarien apustuak fitxen bidez bakarrik egin daitezke eta joko-mahai bakoitzerako ezarritako mugen barruan egin behar dira.

        Joko-Kasinoak mahai bakoitzerako finkatuko du apustuen zenbatekoa, Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak baimendu dion fluktuazio-bandaren arabera.

        Halaber, joko-kasinoak mahai bakoitzerako finkatuko du hasierako gaineratikoaren eta birjarpenaren zenbatekoa, honako eskala honen arabera:

        • Hasierako gaineratikoa.

          1. 100 bider mahaiko apustuaren zenbatekoa.

        • Birjarpena.

          1. 100 bider mahaiko apustuaren zenbatekoa.

      3. – Mozkina.

        Kasinoaren mozkina «eskualdi» bakoitzean jarritako diruaren %4rainokoa izango da. Kenkaria «eskualdi» bakoitza irabazten duen jokalariari ordaindu baino lehen egin eta «cagnotte» edo putzuan sartuko da. Mozkin hori establezimenduak finkatuko du, aipatutako mugaren barruan, eta jokalariei partida hasi baino lehen emango zaie aditzera.

      4. – Jokoaren garapena.

        Mahaian gutxienez jokoan parte hartzen ari diren lau jokalari eserita daudenean baino ez du mahaia abiarazi beharko joko-kasinoak. Jokalari-kopurua hortik behera jaisten bada, partiden garapena bertan behera utzi beharko da egoera hori leheneratu arte.

        Gutxienez lau jokalari ez daudelako mahaiko partidak bertan behera uzten direnetik hamabost minutu igaro ondoren, joko-zuzendariak mahaia ixteko erabakia har dezake.

        Croupierrak jokoa garatzeko erabili beharreko karta guztiak daudela egiaztatu ondoren, honela ihardungo du:

        1. Kartak «Chemin de Fer» edo «Baccara» jokoan egiten den antzera nahastu eta gero multzokatu egingo ditu.

        2. Kartak nahastu egingo ditu, mahaiko jokalari batek ere kartak ez ikusteko moduan.

        3. Nahastu dituen kartak pikatu egingo ditu, esku bakar bat erabiliz eta pikatzerakoan kartaren aurrealdea jokalari batek ere ez ikusteko moduan.

        4. Croupierrak kartak banatzen hasi baino lehen, partidan parte hartuko duten jokalari guztiek Kasinoak aurrez finkatutako apustu minimoa egin beharko dute. Apustu guztiak «pot» izena duen mahaiko leku komun batean biltzen dira.

          Aurreko eragiketa guztiak egin ondoren, croupierrak kartak jokalariei banatuko dizkie, bere ezkerraldetik hasi eta erlojuaren orratzen norantzari jarraituz. Kartak beste jokalariek ez ikusteko moduan emango ditu, mahai gainean irristatuz emanez jokalari bakoitzari.

          Croupierrak bi karta emango dizkio jokalari bakoitzari, estalita, eta karta-piloa bere eskuetan edukiko du. Hemengo lehendabiziko karta atera eta bere aurrean jarriko du mahai gainean, agerian, eta honen ondoren besteak jarriko ilaran, estalita, mahaian bost karta egon arte.

          Mahaiko lehendabiziko karta erakutsi arte, jokalariek ezin izango dituzte begiratu croupierrak eman dizkien kartak.

          Croupierrak kartak banatu ondoren, «eskua» daukan jokalariak hasiera ematen dio lehendabiziko apustu-txandari. Txanda hau amaitutakoan, bigarren karta erakutsi eta lerroan jartzen du, eta «eskua» daukan jokalariak bigarren apustu-txanda irekiko du, eta horrela ondoz ondo, azkeneko apustu-txanda irekiko duen bosgarren karta (azkena) erakutsi eta lerroan jarri arte.

          Txanda bakoitzean apustu egiteko kopurua berbera izango da jokalari eta apustu-ekinaldi bakoitzerako, eta ezin izango da gainditu berriz apustu egiteko txanda iritsi arte. Kopuru hau Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak baimentzen duen fluktuazio-bandaren araberakoa izango da.

          Apustuak amaitzen direnean, «esku» den jokalariarengandik hasita, kartak erakutsi egingo dira eta irabazleari edo, balio bereko hainbat jokaldi badaude, irabazleei ordaindu egingo zaie.

          Jokalariek hasierako apustua egin eta apustuen txanda iristen denean, honako aukera hauek izango dituzte:

        1. Erretiratu eta jokotik irten. Horretarako, bere asmoa aditzera eman beharko du bere txanda iristen denean, kartak mahai gainean utzi eta jokoan erabiltzen ari direnetatik ahalik eta urrutien jarriz. Kasu honetan croupierrak jokalari horren kartak erretiratu egingo ditu, eta ez ditu inork ikusi behar.

          Jokalari batek erretiratzeko erabakia hartzen duenean, ezin izango du pot-ean parte hartu; beraz, egin dituen apustu guztiei uko egingo die eta ezin izango du jokoari buruzko inolako iritzirik azaldu, ez eta beste jokalarien kartak begiratu ere.

        2. Paso egin eta bere txandan apusturik ez egin. Apustua egiteko txanda iristen zaion jokalariak paso egin dezake eta bere txandan apusturik ez egin, beti ere partidako beste jokalariek aukera bera egin badute txanda iritsi zaienean.

        3. Itxaron. Jokoan parte hartzen ari den edozein jokalarik itxaron egin dezake beste jokalariren batek apustu egiteko erabakia hartu arte; kasu honetan, jokoan parte hartzen jarraitu nahi badu, apustua berdindu egin beharko du.

        4. Apustua berdindu. Horretarako, pot-ean fitxa-kopuru jakin bat sartu beharko du, hauen balioa beste edozein jokalariren balioaren berdina izan dadin, baina ez handiagoa.

        5. Apustua igo. Horretarako, pot-ean apustua berdintzeko behar adinako fitxa-kopurua sartu eta beste fitxa batzuk gehiago jarri beharko ditu, beti ere fluktuazio-bandaren arabera mahairako baimendutako mugaren barruan; honen ondorioz, bere eskuinaldean dauden jokalariek arestian deskribatutako ekintzetakoren bat burutu beharko dute.

          Apustuen amaieran, eskualdian dirauten jokalari guztiek (aktiboak) fitxa-balio berbera jarrita eduki beharko dute pot-ean, beren gaineratikoa guztizko baliora iristen ez denean izan ezik, orduan zati proportzionala jokatuko baitute.

          Apustuen txanda amaitzen denean apustua jokalari bakar batek egin eta beste guztiek paso egin badute, apustua egin duen jokalariak «eskualdia» automatikoki irabazi eta pot-a eskuratuko du.

          Apustua egin baino lehen, jokalari bakoitzak mahaian dagokion espazioaren barruan bil ditzake bere fitxak. Fitxak bere espazioa mugatzen duen marraz beste aldera eramaten dituenean ulertzen da jokalari batek apustua egin duela; egoera ez oso argietan, croupierrak fitxak pot-ean sartzen dituenetik aurrera, jokalariak eragozpenik jartzen ez badu.

          Jokalari batek ezin izango du bere apustua egin, beste jokalarien erreakzioa ikusi eta gero apustua igo. Apustuak argi eta garbi eta berehala egin beharko dira, jokalariak bere jokaldiari buruzko zalantzak dituenaren itxurak egin gabe. Jokalariek «eskualdia» amaitzeko behar hainbat diru eduki beharko dute fitxa-moduan. Ez baldin badute, apustuan jarritako kopuru proportzionala jokatuko dute.

          Erabiltzen ez diren kartak croupierrak kontrolpean eduki beharko ditu eta partidak dirauen bitartean jokalariek ezin izango dituzte ikusi. Ez da beharrezkoa izango jokalari batek kartak erakusten dituenean zein konbinazio daukan esatea eta, gainera, esaten duena ez da kontuan hartuko, croupierra izango baita agerian jarri diren konbinazioen balioa ezarriko duena, konbinazio handiena duen jokalaria zein den adieraziko duena eta, hala badagokio, jokalariek oker esandako konbinazioak zuzenduko dituena.

          Croupierrak, jokalari guztiek irabazlearen kartak ikusi ahal izan dituztela eta, halaber, guztiak konbinazio irabazlearekin ados daudela ziurtatu duenean, pot-a irabazleari eman eta kartak mahaitik erretiratuko ditu. Balio bereko bi konbinazio edo gehiago baldin badaude, croupierrak arauzko kenkariak egin eta, jarraian, konbinazio bera duten jokalari desberdinen artean banatuko du pot-a.

          Jokalariek ezin izango dute beste jokalari batek egiten duen jokoan eraginik izan edo hau kritikatu. Behar bezala baimenduta dauden kasinoko langileek baino ezin izango dute egon partidari begira.

          Croupierrak «eskualdian» ematen dituen kartak berak jokaldia erakusteko adierazten duenean baino ez dira erakutsiko.

          Jokalariek bakarrik ikus ditzakete beren karta estaliak, eta ezin izango dizkiete beste inori erakutsi.

          Jokalariek «eskualdi» bakoitzari hasiera eman baino lehen mahai gainean dituzten fitxak edo dirua baino ezin izango dute jokatu.

    6. – Jokoaren garapeneko disfuntzioak.

      1. – Banaketan egindako hutsak.

        Kartak banatzerakoan jarraian adierazitako kasuren bat gertatzen bada, croupierrak karta guztiak jaso eta berriz hasiko du «eskualdia»:

        1. Jokalariei ez badizkiete kartak araudi bidez ezarritako ordenan ematen.

        2. Jokalari bati dagozkionak baino karta gutxiago edo gehiago ematen badizkiote.

        3. Kartaren bat agerian azaltzen bada.

      2. – Croupierraren hutsak.

        1. Croupierrak apustu-tarte bakoitzean bost karta komunetako bat baino gehiago agerian jartzen baditu, lehendabizikoa hartuko da baliozkotzat eta besteen ordez erabili ez diren karta-sortako kartak emango dira; behar hainbat karta ez badago, «eskualdia» baliogabetzat joko da.

        2. Apustu-txanda amaitu baino lehen croupierrak bost karta komunetako bat agerian jartzen badu, karta hau baliogabetzat joko da eta bere ordez karta-sortan geratzen direnetako bat jarriko da.

    7. – Partiden iraupena.

      Kasinoko Joko Zuzendaritzak aldez aurretik finka dezake partida bakoitzaren iraupena, beti ere erabiltzaileei horren berri ematen bazaie. Kasinoak ahalmen hau erabiltzen ez badu, iraupenak, gutxienez, partida hasten duen jokalari bakoitzari bi aldiz «esku» izateko aukera emateko adinakoa izan beharko du.

  13. – Pai gow poker.

    1. – Deskribapena.

      Pai Gow Pokerra joko-kasinoetan soilik jokatzen den karta-jokoa da, kontrapartidakoak deitzen direnetakoa. Parte-hartzaileek establezimenduaren kontra jokatzen dute. Mahaian eserita dagoen jokalari bakoitzari zazpi karta ematen zaizkio eta honek bi «esku» egin behar ditu: bi kartako «esku» bat («esku» txikia edo baxua) eta bost kartakoa bestea («esku» handia edo altua).

      Jokalariaren bi «esku» horiekin Bankuaren bi «eskuak» gainditzea du helburu. Jokalariaren bi «eskuek» Bankuaren hurrenez hurreneko «eskuek» baino handiagoak izan behar dute. Jokalariaren «esku» batek eta Bankuaren «eskuak» puntuazio berbera lortzen badute, berdintasuntzat joko da, eta Bankuak irabazten ditu berdintasun guztiak. Jokalariak «esku» bat irabazi eta bestea galtzen badu, berdinketatzat joko da, apustuak zeuden bezala geratuko dira eta jokalariak berreskuratu egin ditzake. Lor daitekeen bi kartako «esku» handiena bi Batekok osatutakoa da eta bost kartakoa, aldiz, bost Batekok osatua. «Esku» irabazleak beste horrenbestez ordainduko dira, zehaztutako komisio-portzentaia izan ezik. Galtzaile suertatzen direnei jokatutako dirua erretiratuko zaie.

    2. – Jokoaren elementuak.

      1. – Kartak.

        Pai Gow Pokerrean 52 kartako karta-sorta tradizional batekin eta joker edo komodin batekin jokatzen da. Hau Bateko gisa baino ezin da erabili, eskailera bat, kolore bat edo kolore-eskailera bat osatzeko.

      2. – Joko-mahaia.

        Hogeita bat edo «Black Jack» jokoan erabiltzen direnetakoen antzeko neurriak eta ezaugarriak izango ditu, baina jokoak berezkoa duen tapetea: gehienez ere 6 laukitxo izango ditu apustuak jartzeko, eta beste horrenbeste leku bi laukitxotan banatuta, «esku» handia jartzeko bata eta «esku» txikia jartzeko bestea. Horrez gain, «Black-Jack» edo Hogeita batean erabiltzen direnak bezalako erretilu bat izango du, fitxak trukatzeko eta komisioari dagokion kopuruaren kenkaria egiteko.

      3. – Godaleta eta dadoak.

        20 eta 25 mm bitarteko aldea duten hiru dado erabiliko dira, kolore berekoak eta gainazalak leunduta dituztela. Dadoak godalet edo ontzi baten barruan jarriko dira, bota baino lehen astintzeko.

    3. – Langileak.

      Mahai bakoitzak bertan ihardungo duten croupier bat eta mahai-buru bat izango ditu.

      1. – Mahaiburua.

        Jokoa bere fase guztietan zuzentzea dagokio, eman diezaioketen beste edozein eginkizunen kaltetan izan gabe. Horrez gain, hutsik gera litezkeen lekuak betetzeko lehentasun-ordena zehaztuko duen zerrenda bat eramango du.

      2. – Croupierra.

        Kartak nahastu eta banatzeaz arduratzen da, eta jokoa eta partida amaitu ondoren, apustu galtzaileak kobratu eta irabazle suertatu direnak ordaintzeaz, baita kartak jaso eta kontrolatzeaz ere. Jokoaren fase guztiak iragarriko ditu, jokalariei eskudirua trukatuko die eta, bidezkoa bada, establezimenduaren mozkinetarako komisioaren kenkaria egingo du.

      3. – Jokalariak.

        Tapetean markatuta dagoen leku-kopuruarekin bat datorren jokalari-kopuruak parte hartu ahal izango du jokoan, eserita. Gehienez ere sei jokalarik parte har dezakete.

        Jokalari baten «esku» bakoitza indibidualki kontuan hartuko da eta kartak banatu eta eskatzeko ordena normalari jarraituko dio. Laukitxo bakoitzaren aurrean kokaturik dagoen jokalariak aginduko du bertan eta ezin izango dizkie bere kartak gainerako posturagileei erakutsi.

    4. – Konbinazio posibleak.

      Konbinazio posibleak, handitik txikira ordenatuta, honako hauek dira:

      1. – Bost Bateko: bost Batekok osatzen dute konbinazio hau (lau Bateko eta Jokerra).

      2. – Eskailera gorena: palo bereko bost karta korrelatibo altuenek osatzen dute (Batekoa, Erregea, Dama, Jota eta 10ekoa). Bigarren eskailera altuena karta hauek osatzen dute: Batekoa, 2, 3, 4 eta 5ekoa.

      3. – Kolore-eskailera: palo bereko bost karta korrelatibok osatzen dute (8, 9, 10, Jota eta Dama).

      4. – Poker: balio bereko lau kartak osatzen dute (lau Errege).

      5. – Full: balio bereko hiru kartak eta beste balio bateko beste bik osatzen dute (3 zortziko eta 2 bederatziko).

      6. – Kolorea: korrelatiboak ez diren palo bereko bost kartak osatzen dute (8, 9, 10, Dama eta Bateko hirusta).

      7. – Eskailera: palo desberdinetako bost karta korrelatibok osatzen dute.

      8. – Hirukoa: balio bereko hiru kartak osatzen dute, eta beste biek ez dute parea osatzen (3 zortziko, Dama eta Erregea).

      9. – Pare bikoitza: balio desberdineko bi karta-parek osatzen dute (2 bederatziko, 2 Jota eta Bateko bat).

      10. – Parea: balio bereko bi kartak osatzen dute (2 Errege, 8, 9 eta Batekoa).

      11. – Karta handiena: «esku» batek aurreko konbinazioetako bat ere ez duenean, kartarik handiena duen jokalariak irabaziko du.

    5. – Apustuen maximoak eta minimoak.

      Jokalarien apustuak fitxen bidez bakarrik egin daitezke eta joko-mahai bakoitzerako ezarritako mugen barruan egin behar dira.

      Joko-Kasinoak mahai bakoitzerako finkatuko du apustuen zenbatekoa, Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak baimendu dion fluktuazio-bandaren arabera.

      Esanahiak:

      Irabazia: Apustua beste horrenbestez ordaintzen da, eta portzentai atxikipen bat egiten zaio kasinoarentzako komisio gisa.

      Galera: Apustua galdu egiten da.

      Partida baliogabea: Bezeroak oso-osorik berreskuratzen du apustua.

      Komisio gisako portzentaia %4rainokoa izan daiteke, establezimenduaren arabera, eta jokalariei partida hasi baino lehen emango zaie aditzera.

    6. – Jokoaren arauak.

      Kartak gordailutik atera, paketea zabaldu eta kartak nahasteko Joko-Kasinoen Araudiko arauak beteko dira.

      Croupierrak karta-sorta bezero bati emango dio honek pikatzeko. Ondoren, kartak banatu baino lehen, jokalariek beren hasierako apustuak egingo dituzte horretarako dauden laukitxoetan, joko-mahai bakoitzeko muga minimo eta maximoen barruan. Jarraian, croupierrak apustuak itxiko ditu «no va más» («besterik ez») esanez, hiru dadoak dituen godaleta hartu, astindu eta mahai gainera botako ditu dadoak, dadoen batura iragarriz, lehendabiziko «eskua» nori dagokion zehazteko.

      Bankariaren posizioa 1, 8 edo 15 izango da beti 7 posizio eta 6 jokalarirekin aritzeko. Croupierra bankariaren posiziotik hasten da kontatzen. Eragiketa hau egin ondoren, croupierrak jokalari bakoitzaren aurrean jarriko ditu kartak (croupierraren beraren aurrean ere jarriko ditu), dadoek adierazi duten abiapuntutik hasi eta erlojuaren orratzen norantzari jarraituz.

      Croupierrak kartak nahastu eta mahaian zenbat jokalari dauden, zazpina kartako hainbat «esku» osatuko ditu, ahoz behera, aurrerakina daukan erretiluaren aurrean. Hau egin ondoren, sobera dauden kartak egiaztatu eta erabilitako karten edukiontzian jarriko ditu.

      Croupierra edo beste edozein jokalari izan daiteke Bankua. Hori dela-eta, Bankua jokalari bakoitzari eskainiko zaio eta honek onartu egin dezake edo paso egin, eta kasu honetan hurrengo jokalariari eskainiko zaio. Croupierrak beti hartu beharko du bankua txanda iristen zaionean. Honen txanda amaitutakoan, berriz eskainiko zaie jokalariei, eta horrela ondoz ondo. Bankua duena zirkulu zuri baten bidez identifikatzen da.

      Jokalari bakoitzak bi «esku» osatuko ditu: bi kartako «esku» txiki edo baxua, eta bost kartako «esku» handi edo altua. «Esku» handiak «esku» txikiak baino balio handiagoa izan beharko du. Croupierrak ezin izango ditu bere kartak begiratu jokalari guztiek, bankaria barne, beren «eskuak» horretarakodestinatutako laukitxoetan jarri arte, kartak ahoz behera dituztela. Hau egin ondoren, croupierrak bere kartei buelta eman eta bi «eskuak» osatuko ditu fitxen erretiluaren parean, kartak ahoz gora jarriz. Lehendabizi bankua daukan jokalariaren «eskuak» croupierraren «eskuekin» konparatzen dira. Hona hemen aukera desberdinak biltzen dituen konparazio-taula:

      KASUA «ESKU» «ESKU» BEZEROAREN ORDAINKETAK/KOBRANTZAK

      HANDIA TXIKIA EMAITZA

      1 Handiagoa Handiagoa Irabazia Beste horrenbeste, ken %5

      2 Handiagoa Txikiagoa Partida baliogabea Apustu osoa berreskuratzen du

      1. Bis Txikiagoa Handiagoa Partida baliogabea Apustu osoa berreskuratzen du

        3 Handiagoa Berdina Partida baliogabea Apustu osoa berreskuratzen du

      2. Bis Berdina Handiagoa Partida baliogabea Apustu osoa berreskuratzen du

        4 Txikiagoa Berdina Galera Apustu osoa galtzen du

      3. Bis Berdina Txikiagoa Galera Apustu osoa galtzen du

        5 Berdina Berdina Galera Apustu osoa galtzen du

        6 Txikiagoa Txikiagoa Galera Apustu osoa galtzen du

      1. kasua: Bezeroaren bi «eskuek» croupierraren bi «eskuei» irabazten diete => Irabazi egiten du.

      2. eta 2. bis kasuak: Bezeroaren «esku» batek croupierraren «esku» bati irabazten dio eta besteak galdu egiten du => Partida baliogabea.

      3. eta 3. bis kasuak: Bezeroak «esku» bat irabazten du, baina bestea croupierraren berdina du => Partida baliogabea.

      4. eta 4. bis kasuak: Bezeroak «esku» bat galtzen du eta bestea croupierraren berdina du => Galdu egiten du.

      5. kasua: Bezeroak croupierraren berdinak ditu bi «eskuak» => Galdu egiten du.

      6. kasua: Bezeroak galdu egiten ditu bi «eskuak» => Galdu egiten du.

        Croupierrak 1. bezeroaren kasua erabaki duenean 2. bezeroarengana pasatuko da eta horrela ondoz ondo. Txanda bakoitzean, balio ez duten kartak erabilitako karten edukiontzian jasotzen dira.

        «Esku» irabazleak ahoz gora utziko dira apustuen zirkuluaren azpian. Galtzaile suertatu direnei croupierrak apustua erretiratu egingo die eta kartak horretarako edukiontzian utziko ditu.

    7. – Oharrak.

      1. – Bankua duen jokalariak bere kartak erakusten dituenetik aurrera, beste jokalariek ezin izango dituzte beren kartak ukitu.

      2. – Jokalariek ezin dizkiete beren kartak edo osatu dituzten «eskuak» beste jokalariei erakutsi. Halaber, ezin dute beste jokalariekin hitz egin «eskuak» erakusten diren arte.

      3. – Behar ez bezala osatutako edozein «esku» galtzailetzat joko da beti.

  14. – Seven card stud poker.

    1. – Deskribapena.

      Seven Card Stud Pokerra hainbat jokalari elkarrekin lehian jartzen dituen zirkuluko karta-jokoa da, joko-kasinoetan soilik jokatzen dena. Jokoak croupierrak emandako zazpi kartarekin ahalik eta balio handieneko konbinazioa lortzea du helburu, kontuan hartuz jokalariak kartak erakusten dituenean karta horietatik bostek baino ez dutela balio.

    2. – Jokoaren elementuak.

      1. – Kartak.

        Seven Card Stud Pokerrean «Black-Jack» edo Hogeita batean erabiltzen direnen ezaugarri beretsuetako 52 kartako karta-sorta batekin jokatzen da. Karten balioa, handitik txikira ordenatuta, honako hau da: Batekoa, Erregea, Dama, Jota, 10, 9, 8, 7, 6, 5, 4, 3, 2 eta 1ekoa.

      2. – Joko-mahaia.

        Biribila edo forma obalatukoa izango da eta croupierraren posizioa adierazten duen ebaki edo sartune bat izango du mahaiaren alde handietako batean. Mahaiak hainbat atal izan ditzake, bananduta eta croupierraren lekuaren eskuinetik 1 zenbakiarekin hasi eta korrelatiboki zenbakituta. Aulki edo atal bakoitzean jokalari bat egon daiteke.

        Mahaiak bi zirritu eduki behar ditu, croupierraren eskuinaldean bata, etxearen mozkinetarako kenkarien zenbatekoa sartzeko, putzu edo «cagnotte» izenekoa, eta ezkerraldean bestea, eskupekoak sartzeko. Horrez gain, «Black-Jack» edo Hogeita batean erabiltzen direnak bezalako erretilu bat izango du croupierraren parean, fitxak trukatzeko eta establezimenduari dagokion kopuruaren kenkaria egiteko.

    3. – Langileak.

      Joko-mahai bakoitzak une orotan bertan ihardungo duten croupier bat eta diru-trukatzaile bat izango ditu. Jokoa garatzen deneko aretoa mahai-buru baten kontrolpean egongo da.

      1. – Mahaiburua.

        Jokoa behar bezala garatzeaz arduratzen da. Zuzendaritzaren ordezkari gisa iharduten du eta joko-mahaian planteatzen den edozein arazo konpontzea dagokio. Hutsik gera litezkeen lekuak betetzeko prest dauden jokalarien zerrenda bat eramango du.

      2. – Croupierra.

        Aurrerago ematen zaizkion eginkizunen kaltetan izan gabe, honako hauek bete beharko ditu: kartak kontatu, nahastu eta jokalarien artean banatzea; jokoaren fase desberdinak eta jokalarien ekintzak ozenki iragartzea; establezimenduari dagokion kopurua kalkulatu eta mahaian horretarako dagoen zirrituan sartzea; jasotako eskupekoak horretarako destinatutako mahaiaren zirrituan sartzea; eta eskatzen duten jokalariei dirua fitxekin trukatzea.

        Jokoa kontrolatuko du eta arretaz zainduko du jokalariek txandaz kanpo apusturik egin ez dezaten, pot-a osatzen duen diru-kopurua eta honen ordainketa zaindu eta kontrolatuko du. Horrez gain, jokalariei une bakoitzean aplikatu beharreko arauei buruzko zalantzak argituko dizkie. Jokalariren batekin arazoak baldin baditu, mahaiburuari horien berri eman beharko dio.

    4. – Jokalariak.

      Gutxienez lauk eta gehienez zortzi jokolarik jokatu ahal izango dute.

      Mahaiko atal bakoitzaren parean jokalari bakar bat eser daiteke. Ataletako gainazala fitxak uzteko eta, hala badagokio, kartak edukitzeko erabil daiteke.

      Partidaren hasieran postuak zozketatuko dira.

      Partida hasita badago eta jokalariak eserita, mahaiburuak emango dio mahaiko postua, leku librerik baldin badago.

      Jokalari batek eskatzen badu, atsedena har dezake bi «eskualditan», mahaian duen postua galdu gabe.

      Debekatuta dago jokalari batek mahai-jokotik alde egin eta beste jokalari bati uztea bere apustuak egiteko ardura. Halaber, ez da zilegi izango:

      • Binaka jokatzea, nahiz eta aldi baterako besterik ez izan.

      • Pot-a elkarrekin jokatzea.

      • Pot-a borondatez banatzea.

      • Jokalarien artean ados jartzea.

      • «Eskualdia» hasi ondoren beren gaineratikoa handitzeko fitxak erosi edo gehitzea.

      • Jokalariek elkarri diru-maileguak egitea.

      • Gaineratikoaren fitxak gordetzea.

      • Kartak mahaitik erretiratu edo croupierraren eta beste jokalarien begi-bistatik urruntzea.

      • Croupierrak agerian ematen dituen kartak ukitzea.

      • Jokaldiak dirauen bitartean bezeroen artean jokaldiei buruzko iruzkinak egitea, baita beste jokalari batzuen kartak begiratzea ere, nahiz eta «eskualdi» horretan jokatzen ez aritu.

      • Joko-mahaiaren eremuan ikusle gisa egotea.

    5. – Jokoaren arauak.

      1. – Konbinazio posibleak.

        Jokalariek jarraian deskribatutako konbinazioak baino ezin dituzte erabili. Beren garrantzia kontuan hartuta, handitik txikira ordenatuta daude:

        1. Kolore-eskailera gorena: palo bereko bost karta korrelatibo altuenek osatzen dute (Batekoa, Erregea, Dama, Jota eta 10ekoa).

        2. Kolore-eskailera: palo bereko bost karta korrelatibok osatzen dute (8, 9, 10, Jota eta Dama).

        3. Poker: balio bereko lau kartak osatzen dute (lau Errege).

        4. Full: balio bereko hiru kartak eta beste balio bateko beste bik osatzen dute (3 zortziko eta 2 bederatziko).

        5. Kolorea: korrelatiboak ez diren palo bereko bost kartak osatzen dute (8, 9, 10, Dama eta Bateko hirusta).

        6. Eskailera: palo desberdinetako bost karta korrelatibok osatzen dute.

        7. Hirukoa: balio bereko hiru kartak osatzen dute, eta beste biek ez dute parea osatzen (3 zortziko, Dama eta Erregea).

        8. Pare bikoitza: balio desberdineko bi karta-parek osatzen dute (2 bederatziko, 2 Jota eta Bateko bat).

        9. Parea: balio bereko bi kartak osatzen dute (2 Errege, 8, 9 eta Batekoa).

        10. Karta handiena: «esku» batek aurreko konbinazioetako bat ere ez duenean, kartarik handiena duen jokalariak irabazten du.

      2. – Apustuen maximoak eta minimoak.

        Jokalarien apustuak fitxen bidez bakarrik egin daitezke eta joko-mahai bakoitzerako ezarritako mugen barruan egin behar dira.

        Joko-Kasinoak mahai bakoitzerako finkatuko du apustuen zenbatekoa, Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak baimendu dion fluktuazio-bandaren arabera.

        Halaber, joko-kasinoak mahai bakoitzerako finkatuko du hasierako gaineratikoaren eta birjarpenaren zenbatekoa, honako eskala honen arabera:

        • Hasierako gaineratikoa.

          1. 100 bider mahaiko apustuaren zenbatekoa.

        • Birjarpena.

          1. 100 bider mahaiko apustuaren zenbatekoa.

      3. – Mozkina.

        Kasinoaren mozkina «eskualdi» bakoitzean jarritako diruaren %5erainokoa izango da. Kenkaria «eskualdi» bakoitza irabazten duen jokalariari ordaindu baino lehen egin eta «cagnotte» edo putzuan sartuko da. Mozkin hori establezimenduak finkatuko du, aipatutako mugaren barruan, eta jokalariei partida hasi baino lehen emango zaie aditzera.

      4. – Jokoaren garapena.

        Mahaian gutxienez jokoan parte hartzen ari diren lau jokalari eserita daudenean baino ez du mahaia abiarazi beharko joko-kasinoak. Jokalari-kopurua hortik behera jaisten bada, partiden garapena bertan behera utzi beharko da egoera hori leheneratu arte.

        Gutxienez lau jokalari ez daudelako mahaiko partidak bertan behera uzten direnetik hamabost minutu igaro ondoren, joko-zuzendariak mahaia ixteko erabakia har dezake.

        Croupierrak jokoa garatzeko erabili beharreko karta guztiak daudela egiaztatu ondoren, honela ihardungo du:

        1. Kartak «Chemin de Fer» edo «Baccara» jokoan egiten den antzera nahastu eta gero multzokatu egingo ditu.

        2. Kartak nahastu egingo ditu, mahaiko jokalari batek ere kartak ez ikusteko moduan.

        3. Nahastu dituen kartak pikatu egingo ditu, esku bakar bat erabiliz eta pikatzerakoan kartaren aurrealdea jokalari batek ere ez ikusteko moduan. Pikatzerakoan kartaren bat agerian geratzen bada, kartak berriz nahastu beharko dira.

        4. Croupierrak kartak banatzen hasi baino lehen, partidan parte hartuko duten jokalari guztiek Kasinoak aurrez finkatutako apustu minimoa egin beharko dute. Apustu guztiak «pot» izena duen mahaiko leku komun batean biltzen dira.

          Aurreko eragiketa guztiak egin ondoren, croupierrak kartak jokalariei banatuko dizkie, bere ezkerraldetik hasi eta erlojuaren orratzen norantzari jarraituz. Kartak beste jokalariek ez ikusteko moduan emango ditu, mahai gainean irristatuz emanez jokalari bakoitzari.

          Jokalari bakoitzak bi karta estalita jasoko ditu, eta beste bat agerian. Une honetatik aurrera, jokalariak beren apustuak egiten has daitezke, agerian daudenen artean karta txikiena daukanak hasteko aukera izango duela kontuan hartuz. Ezin izango du paso egin edo erretiratu, gutxienez mahaiko apustu minimoa egin beharko baitu. Karten zenbakikuntzan berdinketarik izanez gero, lehen apustua nork egin behar duen erabakitzeko, karta-sortako paloen ordenari jarraituko zaio, txikitik handira: hirusta, diamanteak, bihotza eta pikak.

          Jarraian croupierrak beste karta bat emango dio jokalari bakoitzari, laugarrena, hau ere agerian. Karta handiena daukan jokalariak lehendabiziko apustu-ekinaldia egingo du kasu honetan. Hau egin ondoren, croupierrak beste karta bat emango dio «eskualdian» jarraitzen duen jokalari bakoitzari, bosgarrena, hau ere agerian, eta hurrengo apustu-ekinaldia hasiko da. Jarraian seigarren karta emango dio, agerian, oraindik uko egin ez duen jokalari bakoitzari eta, aurreko kasuetan bezalaxe, bidezkotzat jotzen diren apustu-ekinaldiak egingo dira. Azkenik, zazpigarren karta (azkena) emango dio «eskualdian» parte hartzen jarraitzen duen jokalari bakoitzari, estalita.

          Txanda bakoitzean apustu egiteko kopurua berbera izango da jokalari eta apustu-ekinaldi bakoitzerako, eta ezin izango da gainditu berriz apustu egiteko txanda iritsi arte. Kopuru hau Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak baimentzen duen fluktuazio-bandaren araberakoa izango da.

          Apustuak amaitzen direnean, «esku» den jokalariarengandik hasita, kartak erakutsi egingo dira eta irabazleari edo, balio bereko hainbat jokaldi badaude, irabazleei ordaindu egingo zaie.

          Jokalariek hasierako apustua egin eta apustuen txanda iristen denean, honako aukera hauek izango dituzte:

        1. Erretiratu eta jokotik irten. Horretarako, bere asmoa aditzera eman beharko du bere txanda iristen denean, kartak mahai gainean utzi eta jokoan erabiltzen ari direnetatik ahalik eta urrutien jarriz. Kasu honetan croupierrak jokalari horren kartak erretiratu egingo ditu, eta ez ditu inork ikusi behar.

          Jokalari batek erretiratzeko erabakia hartzen duenean, ezin izango du pot-ean parte hartu; beraz, egin dituen apustu guztiei uko egingo die eta ezin izango du jokoari buruzko inolako iritzirik azaldu, ez eta beste jokalarien kartak begiratu ere.

        2. Paso egin eta bere txandan apusturik ez egin. Apustua egiteko txanda iristen zaion jokalariak paso egin dezake eta bere txandan apusturik ez egin, beti ere partidako beste jokalariek aukera bera egin badute txanda iritsi zaienean.

        3. Itxaron. Jokoan parte hartzen ari den edozein jokalarik itxaron egin dezake beste jokalariren batek apustu egiteko erabakia hartu arte; kasu honetan, jokoan parte hartzen jarraitu nahi badu, apustua berdindu egin beharko du.

        4. Apustua berdindu. Horretarako, pot-ean fitxa-kopuru jakin bat sartu beharko du, hauen balioa beste edozein jokalariren balioaren berdina izan dadin, baina ez handiagoa.

        5. Apustua igo. Horretarako, pot-ean apustua berdintzeko behar adinako fitxa-kopurua sartu eta beste fitxa batzuk gehiago jarri beharko ditu, beti ere fluktuazio-bandaren arabera mahairako baimendutako mugaren barruan; honen ondorioz, bere eskuinaldean dauden jokalariek arestian deskribatutako ekintzetakoren bat burutu beharko dute.

          Apustuen amaieran, «eskualdian» dirauten jokalari guztiek (aktiboak) fitxa-balio berbera jarrita eduki beharko dute pot-ean, beren gaineratikoa guztizko baliora iristen ez denean izan ezik, orduan zati proportzionala jokatuko baitute.

          Apustuen txanda amaitzen denean apustua jokalari bakar batek egin eta beste guztiek paso egin badute, apustua egin duen jokalariak «eskualdia» automatikoki irabazi eta pot-a eskuratuko du.

          Apustua egin baino lehen, jokalari bakoitzak mahaian dagokion espazioaren barruan bil ditzake bere fitxak. Fitxak bere espazioa mugatzen duen marraz beste aldera eramaten dituenean ulertzen da jokalari batek apustua egin duela; egoera ez oso argietan, croupierrak fitxak pot-ean sartzen dituenetik aurrera, jokalariak eragozpenik jartzen ez badu.

          Jokalari batek ezin izango du bere apustua egin, beste jokalarien erreakzioa ikusi eta gero apustua igo. Apustuak argi eta garbi eta berehala egin beharko dira, jokalariak bere jokaldiari buruzko zalantzak dituenaren itxurak egin gabe. Jokalariek «eskualdia» amaitzeko behar hainbat diru eduki beharko dute fitxa-moduan. Ez baldin badute, apustuan jarritako kopuru proportzionala jokatuko dute.

          Erabiltzen ez diren kartak croupierrak kontrolpean eduki beharko ditu eta partidak dirauen bitartean jokalariek ezin izango dituzte ikusi. Ez da beharrezkoa izango jokalari batek kartak erakusten dituenean zein konbinazio daukan esatea eta, gainera, esaten duena ez da kontuan hartuko, croupierra izango baita agerian jarri diren konbinazioen balioa ezarriko duena, konbinazio handiena duen jokalaria zein den adieraziko duena eta, hala badagokio, jokalariek oker esandako konbinazioak zuzenduko dituena.

          Bi jokalari edo gehiagoren artean berdinketarik izanez gero, hurrengo karta handiena duen jokalariak irabaziko du, eskala Batekotik behera doala kontuan hartuz. Bi fullen kasuan, hiruko handiena daukanak irabaziko du. Bost kartak berdinak badira, irabaziak banatu egingo dira.

          Croupierrak, jokalari guztiek irabazlearen kartak ikusi ahal izan dituztela eta, halaber, guztiak konbinazio irabazlearekin ados daudela ziurtatu duenean, pot-a irabazleari eman eta kartak mahaitik erretiratuko ditu. Balio bereko bi konbinazio edo gehiago baldin badaude, croupierrak arauzko kenkariak egin eta, jarraian, konbinazio bera duten jokalari desberdinen artean banatuko du pot-a.

          Jokalariek ezin izango dute beste jokalari batek egiten duen jokoan eraginik izan edo hau kritikatu. Behar bezala baimenduta dauden kasinoko langileek baino ezin izango dute egon partidari begira.

          Croupierrak «eskualdian» ematen dituen kartak berak jokaldia erakusteko adierazten duenean baino ez dira erakutsiko.

          Jokalariek bakarrik ikus ditzakete beren karta estaliak, eta ezin izango dizkiete beste inori erakutsi.

          Jokalariek «eskualdi» bakoitzari hasiera eman baino lehen mahai gainean dituzten fitxak edo dirua baino ezin izango dute jokatu.

          Jokalari batek apustu-ekinaldietako batean apustu guztiei aurre egiteko behar adina fitxa ez badu, jokalari horrek gaineratiko gisa lor dezake bere fitxekin berdin dezakeen amaierako baturaren zatia, eta beste jokalari guztiek elkarrekin apustu egiten jarrai dezakete. Kasu honetan, gaineratiko gisa doan jokalariak aurre egin diezaiokeen batura baino ezin duela lortu ulertuko da eta beste jokalariek, aldiz, geroztik egindako apustuen zenbatekoa ere lor dezakete.

          Jokalari bakoitzak komenigarritzat jotzen dituen gaineratikoak atera ditzake, baina beti «eskualdien» artean.

    6. – Jokoaren garapeneko disfuntzioak.

      Jokoa garatzen den bitartean disfuntziorik gertatzen bada, honela ihardungo da:

      1. – Karta-piloan ez dago behar bezalako karta-kopurua. Uneren batean piloa osatzen duten karta guztiak ez daudela edo bat edo beste sobera dagoela antzematen bada, jokatzen ari den «eskualdia» baliorik gabe utziko da eta apustuen zenbatekoa jokalariei itzuliko zaie, kasinoko zuzendaritzak erabil litzakeen beste ekintza batzuen kaltetan izan gabe. Honek ez du eraginik izango aurrez jokatu diren «eskualdi» edo partidetan.

      2. – Kartak nahasterakoan hauetako bat jokalarien begi-bistan geratzen da. Kasu honetan, croupierra berriz hasiko da kartak nahasten.

      3. – Kartak nahastu ondoren karta-sorta pikatzea ahaztea. Lehendabiziko apustua baino lehen antzematen bada «eskualdia» baliogabetzat joko da, baina kartak banatuta eta apustuak martxan badaude, «eskualdia» baliozkotzat joko da.

      4. – Karta-sorta pikatzerakoan karta bat edo gehiago ikusten dira. Nahasketa baliorik gabe utzi eta kartak berriz nahastuko dira.

      5. – Croupierrak kartak banatzerakoan karta bat erakustea. Hau gertatzen bada «eskualdia» baliogabetzat joko da oraindik apusturik egin ez bada. Apusturen bat egin bada, ikusitako karta edo kartak croupierrak daukan karta-piloan jarriko dira, behealdean. Mahaiko norbaitek kartak ikusten dituenean, karta horiek banatzeko karta-piloaren behealdean jarri baino lehen ikusteko eskubidea dute partidan dauden jokalariek.

      6. – Edozein jokalariri behar baino karta gehiago ematea. Croupierrak edozein jokalariri arauzkoak baino karta gehiago ematen badizkio eta jokalariek beren kartak begiratu baino lehen antzematen badute, sobera dituen kartak croupierraren karta-piloaren behealdean jarriko dira. Apustuak hasi badira eta jokalariak bere kartak ikusi baditu, ordea, «eskualdia» baliogabetzat joko da eta croupierrak kartak erretiratu egingo ditu.

      7. – Edozein jokalariri behar baino karta gutxiago ematea. Jokalariren bati behar baino karta bat gutxiago ematen badiote eta apustuak hasi baino lehen antzematen bada, croupierrak beste karta bat emango dio. Bi karta gutxiago ematen badizkiote bere «eskua» baliogabetzat joko da. Jokalariren bati behar baino karta gutxiago ematen badizkiote eta lehendabiziko apustua egin ondoren antzematen bada, bere «eskua» baliogabetzat joko da. Alabaina, «esku» hori irabazle suertatzen bada eta behar adina karta ez dituela antzematen ez bada, eta gertakari horretaz pot-a ordaindu ondoren ohartzen badira, kasu honetan «eskua» baliozkotzat joko da.

      8. – Behar baino «esku» gehiago banatzea. Croupierrak behar baino «esku» bat edo batzuk gehiago banatzen baditu eta karta estaliak bakarrik banatu direnean antzematen bada, sobera emandako karta horiek ikusi gabe jarri beharko dira karta-piloaren behealdean. Sobera banatutako «eskuak» kartaren bat agerian badauka, karta hori jokalari guztiei erakutsi eta karta estaliekin batera jarri beharko da karta-piloaren behealdean.

      9. – Behar baino «esku» gutxiago banatzea. Aurreko kasuaren alderantzizkoa gertatzen bada, hots, jokalariei behar baino «esku» gutxiago banatzen badizkiete eta hauek beren karta estaliak begiratu baino lehen eta ageriko lehendabiziko karta jaso aurretik antzematen bada, croupierrak karta-piloaren goiko karta eman diezaioke okerraren ondorioz kartarik gabe geratu den jokalariari. Jokalariek bi karta estaliak badituzte, croupierrak beste jokalariei eska diezaieke beren ezkerraldeko jokalariari karta bat pasa diezaioten, eta jokalari bakoitzari bi kartak banan-banan eman. Jokalari bati ez zaizkio inolaz ere bi karta jarraian emango.

      10. – Hurrengo txandarako karta bat erakustea. Hurrengo txandako kartaren bat erakusten bada, baztertu egin beharko da («erre»), karta-piloaren behealdean jarri eta partidak normaltasun osoz jarraituko du.

      11. – Huts egin eta azkeneko karta estalia erakustea. Hutsen baten ondorioz azkeneko karta ikusten bada (estalita eman behar da), egokitzen zaion jokalariarentzat eragozpena denez gero, azkeneko txanda horretan ez da apustu-ekinaldirik izango, ez eta karta ikusi zaion jokalariarentzat ere.

      12. – Jokalariak bere karta estaliak erakustea. Jokalaria da bere karta estaliak besteek ez ikustearen erantzule bakarra. Horrelakorik gertatuko balitz, jokaldia ez litzateke inolaz ere baliogabetzat joko.

    7. – Partiden iraupena.

      Kasinoko Joko Zuzendaritzak aldez aurretik finka dezake partida bakoitzaren iraupena, beti ere erabiltzaileei horren berri ematen bazaie. Kasinoak ahalmen hau erabiltzen ez badu, iraupenak, gutxienez, partida hasten duen jokalari bakoitzari bi aldiz «esku» izateko aukera emateko adinakoa izan beharko du.

      1. atala.– Bingoa.

      1. – Bingo-jokoa laurogeita hamar zenbakirekin (batetik laurogeita hamarrera, biak barne) jokatzen den loterien motako joko-modalitate bat da. Kartoiak edo txartelak ditu euskarri, hamabost zenbaki desberdinetako zenbaki-konbinaziok osatuak. Zenbaki hauek bosna zenbakiko hiru lerro horizontaletan eta hiru, bi edo zenbaki bat izan ditzaketen bederatzi zutabe bertikaletan banatuta daude; kartoi batek ezin du zenbakirik gabeko zutaberik izan. Honako konbinazio hauek izango dute saria:

        1. Lerroa: Lerroa osatu dela ulertuko da berau osatzen duten zenbaki guztiak atera direnean, beti ere aurreko bolak atera direnean beste jokalariren batek lerroa behar bezala kantatu ez badu. Kartoi edo txartel bat osatzen duten hiru lerroetako edozein izan daiteke: goikoa, erdikoa edo behekoa.

        2. Bingoa: Bingoa osatu dela ulertuko da kartoi edo txartela osatzen duten hamabost zenbakiak atera direnean.

          Kasu batean zein bestean, konbinazio irabazle bat baino gehiago azaltzen badira, sariak proportzionalki banatuko dira.

      2. – Atal honen 1. idazatian ezarritakoaren kaltetan izan gabe, garapen-araudiaren arabera, bingo-jokoan aritzeko euskarri materialez egindako kartoiak edo txartelak erabili beharrean hauen erreprodukzio elektronikoak edo informatikoak erabil daitezke, horretarako Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak homologatutako materiala eta sistema informatikoak erabiliz.

      3. – Araudi bidez xedatzen denaren arabera, bingo-jokoaren beste modalitate batzuk joka daitezke, kantatutako bola ateratzeko ordena edo ausazko beste zirkunstantzia batzuk kontuan hartuta bingo arruntaz bestelako zenbatekoa duen sari bat ematen dutenak, dela eskudirutan, dela gauzatan. Bingo-jokoaren modalitate horiek euskarri tekniko, telematiko edo informatikoetan inplementatu beharko dira, eta joko-modalitate horietan egindako eragiketen gardentasuna, fidagarritasuna eta kontrola ziurtatu beharko da.

      4. – Euskal Autonomi Elkarteko bingo-areto guztiak edo batzuk elkarri lotzeko baimena eman daiteke, areto bakoitzean ematen diren sariez bestelakoren bat eman ahal izateko.

      5. – Bingo-kartoien adierazgarri diren euskarri fisiko edo informatikoen modeloek berdinak izan beharko dute Autonomi Elkarteko honetako bingo-areto guztietarako.

      6. – Bingo-jokoaren modalitate guztietan jolas-makina lagungarriak erabiliz jokatu ahal izango da. Makina hauek bingo-aretoetako kontrol-mahaiari konektatuta egongo dira eta bingo-jokoan parte hartzeko euskarriak izango dira, kartoien ordez erabiliko direnak. Makina hauei, partiden garapenari dagokion guztian, bingo-jokoa arautzen duen araudian xedatutakoa aplikatuko zaie.

        Aurreko paragrafoan aipatutako makina lagungarriak aldez aurretik Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak homologatu eta baimendu beharko ditu. Homologazio hori bingo-jokoa euskarri fisikozko kartoiekin eskuz parte hartzen duten gainerako erabiltzaileekin berdintasunezko baldintzetan jokatzeko egokiak direla egiaztatzean datza.

        Makina horien baimena eta funtzionamendua honako baldintza hauei egokituko zaie:

        1. Instalatutako makina-kopuru maximoa ondokoa izango da:

          Kategoria bereziko eta 1. kategoriako aretoak: 12 makina.

          1. kategoriako aretoak: 8 makina.

          2. kategoriako aretoak: 6 makina.

        2. Partida batean makina eta jokalari bakoitzeko joka daitekeen serie-kopuru maximoa 6koa izango da.

          Makina hauetan begi-bistan egongo da jokatutako kartoien identifikazioa, hauen seriea eta zenbakia eta partida bakoitzean jokatutako kartoi-kopurua adieraziz.

          1. atala.– Jokatzeko makinak.

          1. – Makinekin egiten den jokoa txanponek edo bestelako ordainbide baliokideek eragindako eskuzko aparatuen edo automatikoen bidez garatzen da; jokalariari denbora pasa edo jolasteko aukera ematen diote, eta honek trebetasuna edo zoria dela medio, saria lor lezake.

          2. – Euskal Autonomi Erkidegoan jokoa arautzen duen azaroaren 8ko 4/1991 Legeko 13. atalaren arabera, makinak jarraian adierazitako motetan sailkatzen dira:

            1. «A» motako makinak edo jolas-makinak. Jarraian adierazitako ezaugarriren bat edo batzuk biltzen dituzten denborapasa hutsezkoak dira «A» motako makinak edo jolas-makinak:

              Prezio jakin baten truke, erabiltzeko edo jolasteko denbora bat ematen dute, aurrez kontrolatuta edo programatuta dagoena.

              Eskain dezaketen eragingarri bakarra partidaren zenbatekoaren itzulera izan daiteke, eskudirutan edo gauzatan nahiz edonolako ondasunekin truka daitezkeen fitxa gisa. Horrez gain, partida bera luzatzeko aukera edo hasierako zenbateko beraren truke partida gehiago lortzekoa eskain dezakete.

              Errealitate birtualekoak deritzanak, simulaziokoak eta antzekoak «A» motako makina gisa barne hartzen dira.

            2. «B» motako makinak edo jolas-makina saridunak: jokaldiaren prezioaren truke, jokalariari erabiltzeko denbora bat eta, noizean behin, diru-saria ematen diote.

            3. «C» motako makinak edo zorizkoak: prezio baten truke, jokalariari erabiltzeko edo jolasteko denbora bat eta, noizean behin, diru-saria ematen diote, beti zoriaren araberakoa izango dena. Makina hauek joko-kasinoetan eta untzi baimenduetan baino ezin izango dira instalatu, Jokoa arautzen duen legearen 11. ataleko 2. idazatian xedatutakoarekin bat etorriz.

              »C» motako makinak kasinoko joko-aretoaz bestelako areto definituetan kokaturik daudenean, argi eta garbi jasota azaldu beharko da kanpoaldeko sarbideetan, Euskal Autonomi Elkarteko bi hizkuntza ofizialetan idatzita, adingabekoek sarrera debekatuta daukatela. Era berean, kontrol eta jagoletzako zerbitzu edo sistema berezi bat edukiko dute, kasinoaren erantzukizunpean, adingabekoei eta legez debekatuta daukaten pertsonei edo aretoko ordena, lasaitasuna eta jokoen garapena nahas dezaketenei sarrera galaraziko diena eta, halaber, lokalak baimenduta daukan aforoa kontrolatuko duena. Ondorio hauetarako, makina-aretoan sartu nahi duten pertsonei behar bezala identifikatzeko eska diezaiekete titularrek. Izan ere, joko-kasinoarentitularrari sarrera-kontrol hori gauzatu ahal izateko harrera-eskubideaz baliatzeko ahalmena ematen zaio.

          3. – Garapen-araudiak ezartzen duenaren arabera, joko-programa autonomo bat garatzen ez duten arren, katalogo honetan kontuan hartutako joko-modalitateak garatzeko euskarri izan daitezkeen makina lagungarriakinstalatzeko baimena eman ahal izango da. Garapen-araudi horiek zehaztuko dituzte makina horiek ustiatzeko baldintzak eta makina-kopuru maximoa zein diren eta zein lekutan instala daitezkeen.

          1. atala.– Apustuak.

          1. – Aurrez zehaztuta dagoen, amaiera ezezaguna edo zalantzazkoa duen eta parte-hartzaileekin zerikusirik ez duen kirol-gertakari baten emaitzen gainean diru-kopuru bat arriskatzen duen iharduera hartzen da apustutzat. Honako apustu hauek daude katalogo honetan barne hartuta: zaldi-apustuak, pilota-apustuak, estropada-apustuak, herri-kiroletakoak eta beste kirol batzuetakoak, barneko eta kanpoko modalitateetan.

          2. – Barneko apustutzat hartzen da kirol-esparru barruan egiten dena, horretarako prestatutako instalazioetan, bertan egiten diren kirol-iharduerei dagokiena.

          3. – Kanpoko apustutzat hartzen da kirol-esparruez kanpo egiten dena, behar bezala baimendutako lokaletan, edozein esparrutan egiten diren kirol-iharduerei dagokiena.

            Halaber, kanpoko apustutzat hartuko da, apustuaren xede diren iharduerak burutzen direneko lokalaren barruan egin arren, apustua egiten deneko esparruaz bestelako batean edo batzuetan egiten diren kirol-iharduerei dagokiena.

          4. – Zaldi-apustuak, pilota-apustuak, estropada-apustuak, herri-kiroletakoak eta beste kirol batzuetakoak, beren arautegi bereziek araupetuko dituzte.

          5. – Zehaztuko diren baldintzetan eta ezarriko den plangintzaren eremuan, atal honek aztergai dituen jokoetarako apustuak egiteko lokal bereziak baimendu ahal izango dira.

          6. atala.– Loteria.

            Loteria besteak beste honako modalitate hauek onartzen dituen zorizko jokoa da:

            1. Zozketa finkoak: hauetako bakoitzean, zenbakiei, koloreei edo konbinazio-erlazioak onartzen dituen beste edozein zeinu edo ikurri, dagozkien zozketan eskainitako sariak adjudikatzen zaizkie, beti ere sarituak suertatzen badira. Horrela, txartel bakoitza erosten duenak badaki zein konbinaziorekin jokatzen duen, txartelean inprimatuta baitago, eta zein sari lortzeko aukera daukan, kopuru finkokoa izaten da-eta.

            2. Bi aldagairen menpeko zozketak, hots, parte-hartzaile kopuruaren eta jokalari bakoitzak inprimaki edo txartel batean horretarako laukitxoetan aukeratzen dituen zenbaki, kolore, zeinu edo ikurren menpekoak. Beraz, jokalariak ez daki zozketa egin baino lehen zein den egoki dakiokeen sariaren zenbatekoa.

          7. atala.– Txartel-jokoak.

          1. – Txartel-jokoa, horretarako baimena duten establezimenduetan txartel baimenduak ezarritako prezio baten truke erosita, txartelean aurrez zehaztutako saria lortzeko aukera ematen duen joko-modalitate bat da.

          2. – Txartela bortxaezintasun-baldintza jakin batzuk bete beharko duen euskarri fisiko bat izango da, inork iruzurkeriaz manipulatu edo irakur ez dezan. Halaber, honako ezaugarri hauek bete beharko ditu:

            1. Erabiltzaileek eta txartelak landu eta banatzen dituztenek ezin ikusi dituzten zenbaki edo ikur batzuk eduki behar ditu inprimatuta, behar bezala estalita, zenbaki edo ikur bakoitzaren segurtasuna ziurtatuta egon dadin.

            2. Lote bakoitza osatzen duten txarteletan baliozkotze-kode bakarra eta errepikaezina edukitzea. Halaber, serieak osatuz antolatuta egon beharko dute, txartel bakoitza indibidualki identifikatu ahal izateko.

            3. Beharrezko jarraibideak edukitzea txartela moztu, laukitxoak arraspatu edo beste moduren batean laukitxoak aztertu eta, hala badagokio, aurrez zehaztutako ikurren konbinazioak txartelari kalterik eragin gabe begiratu ahal izateko.

            4. Txartelaren prezioa finkatuta edukitzea.

          3. – Jokalariak txartela erosten duenean, txarteletan bertan bildutako jarraibideen arabera egiaztatuko du saria daukan ala ez: jarraibideetan bertan aurrez zehaztutako zenbaki bat edo zenbaki-konbinazio bat, edota ikur bat edo ikur-konbinazio bat daukaten txartelak izango dira saridunak. Eskuarki, txartelak jokoaren jarraibideak laburbilduta azalduko ditu, baita sariak dituzten konbinazio posible guztiak ere, bakoitzari dagokion zenbatekoarekin batera.

          4. – Txartel-jokoan eskudirutan eman beharko dira sariak.

          5. – Txartel-jokoaren publizitate-erregimenak honako iraupen eta maiztasuna izango du:

            1. Luzeen jota ere bi hilabeteko iraupena izango duen publizitate-kanpaina bat txartel-jokoa ezartzen denean eta, halaber, hurrengo loteak baimentzen diren bakoitzean.

            2. Luzeen jota ere hamabost eguneko iraupena izango duen publizitate-kanpaina gehigarri bat urtean.

              1. atala.– Errifa edo zozketak.

                Errifa edo zozketa ondasun edo zerbitzu bat edo batzuk zotz egitean datzan joko-modalitate bat da. Ez da ezein kasutan dirua edo honen ordezkorik zozketatuko. Zozketa prezio bakar eta jakin bat duten eta korrelatiboki zenbakituta edo beste eraren batean bata bestetik bereizita dauden txartel bat edo batzuk erosten dituztenen artean egiten da.

              2. atala.– Tonbolak.

                Tonbola hainbat gauza aldi berean zozketatzean datzan joko-modalitate bat da. Horrela, txartel bakar batekin zozketatutako edozein gauza eskuratzeko aukera dago, edo berehala edo puntuak zifra jakin batera iritsi arte batuz. Prezio bakarrekoak izango diren txartel guztien baturak, gutxienez, zozketatutako gauza guztien prezioa estali behar du.

              3. atala.– Ausazko konbinazioak.

              1. – Konbinazioak zozketa bidezko joko-modalitate bat dira, produktu edo zerbitzu baten publizitatea egitea helburu dutenak. Publizitatearen gai den ondasun edo zerbitzuaren kontsumoa kontraprestazio gisa izanik, bere ohiko kostuaren inolako gehikuntzarik gabe sari jakin batzuk eskaintzen dituzte, eskudirutan, gauzatan edo zerbitzutan.

              2. – Ausazko konbinazioak tarte bakarrekoak izan daitezke, zozketa egun jakin batean egiten denean, edo aurrerantzeko tartekoak, zozketak baimendutako publizitate-promozioan finkatutako denboraldian egiten direnean, aurrerantzeko egunetan.