Arautegia
InprimatuERABAKIA, 2013ko ekainaren 19koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluarena, Osasun Eskola garatzeko Zuzendaritza Batzordea eratzen duena eta batzorde horri eginkizunak esleitzen dizkiona.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Akordioa
- Organo arau-emailea: Osasun Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 139
- Hurrenkera-zk.: 3349
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2013/06/19
- Argitaratze-data: 2013/07/22
Gaikako eremua
- Gaia: ---
- Azpigaia: ---
Testu legala
Aztertuta geratu da Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua izeneko ente publikoaren estatutu sozialak onartzen dituen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretua, eta kontuan harturik nolako garrantzia duen dekretu hori jarduera zehatzen bidez garatzeak, ontzat hartu da «Osasun Eskola garatzeko Zuzendaritza Batzordea» delakoa eratu eta berari eginkizunak esleitzeko proposamena. Horri erantsi behar zaio Osakidetzako Zuzendaritza Kontseiluak Osasun Eskola hori abian jartzea onartu duela, inplikatutako diziplina guztietako profesional sanitarioen korporazio-lanari esker. Horrenbestez, beharrezkoa eta ezinbestekoa da hartan bildutako lerroak garatzea, berrantolatzeko ekimenari heltzeko. Ildo horretan, pazienteei, zaintzaileei eta oro har herritarrei beharrezko informazioa eta prestakuntza erraztu eta eskainiko zaie, osasuna zaintzeko edo sustatzeko aukera izan dezaten eta osasun- eta gaixotasun-prozesuan eragiten dieten erabakiak erantzukizunez hartzerakoan ahalik eta ondoen jardun dezaten, horrela prozesu hori behar bezala koordinatu ahal izateko.
Proposamena administrazioko eta korporazio-kudeaketako erakunde zentraleko zuzendari nagusiak egin du, orain sortzen den batzordeari esleituko zaizkion eginkizunak kontuan harturik eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren estatutu sozialak ezartzen dituen 255/1997 Dekretuaren 12.3 artikuluan jasotako agindua bete nahirik, erakunde zentralaren egitekoa baita «aholkularitza eta laguntza teknikoko zerbitzu komunak eskaintzea, besteak beste, honako hauekin guztiekin zerikusia dutenak: zerbitzu sanitarioetako erakunde bakoitzaren programa eta aurrekontuak prestatzea, antolakuntza eta giza baliabideak, hirugarrenekiko kanpo-harremanak, informazio- eta komunikazio-sistemak, aholkularitza juridikoa, finantza-kudeaketa, baliabide materialen eta zerbitzu osagarrien kudeaketa, zerbitzuen jarraipena, kontrola eta ikuskapena, interes orokorreko helburuetarako estatistika, eta argitalpenak».
Behin proposamena aztertuta, entitate publikoari estatutu sozialen 4.1 artikuluak ematen dion eskumenaren barruan kokatu behar da ekintza hau; izan ere, artikulu horren arabera, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak «nortasun juridiko publiko berezia du, eta bere helburuak betetzeko gaitasun osoz jardun ahal izango du». Eta eskumen horren bidez, «informazio-mailak etengabe hobetzera bideratutako jarduerak behar bezala betetzea» lortu nahi da, 3.b) artikuluarekin bat etorriz.
Eta, horrenbestez, azaldutakoaren arabera, Administrazio Batzorde honek ondoko erabakia hartu du, adierazitakoa behar bezala betetzeko eta aipatutako estatutu sozialen 8.5 artikuluak esleitzen dizkion eskumenen indarrez:
ERABAKIA
Lehena. Osasun Eskola abian jartzea.
HELBURUAK:
Gaixotasuna kudeatzeko jakintza eta trebetasunak eskuratzea ahalbidetuko duten beharrezko informazioa eta prestakuntza eskaintzea, paziente, zaintzaile eta herritarrak trebatzeko, eta horrela, beren bizi-kalitatea hobetzeko eta beren osasunari eragiten dioten erabakietan duten parte-hartzea indartzeko.
Osasunaren profesionalak pazientea bizkortzearekin zerikusia duten gaietan prestatu eta sentsibilizatzeko jarduerak zabaltzea (Stanford metodologia, erabaki partekatuak hartzea, elkarrizketa klinikoa eta profesionalentzako talde-teknikak, eta abar).
Osasun eskolak ezarri beharreko programetarako komunikazio-planak egitea.
Osasun Eskolaren jarduerarekin zerikusia duten erakunde eta eragileekiko aliantzak bultzatzea
Ezarritako helburuen betetze-maila ebaluatzea
Osasun Eskolaren eta haren eskumeneko programa bakoitzaren zerbitzu-zorroa zehaztea.
Programa bakoitzaren aurrekontuak zehaztea eta baliabideak hornitzea.
JARDUN LERROAK:
Osasun Eskolaren jardun-ildoak bat etorriko dira Osasun Sailaren eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren estrategiarekin. Profesionalak prestatzea metodologia-moduluen (zuzenekoak zein birtualak) bitartez, paziente eta zaintzaileekiko irakasteko eta autozaintza indartzeko gaitasunak eskura ditzaten.
Komunikazio-plana.
Osasunerako hezkuntza-programak (zuzenekoak eta birtualak) garatzea, osasuntsu dauden edo patologia kronikorik ez duten pertsonentzat. Pazienteen elkarteei aholku ematea. Webgune bat sortzea.
Paziente, zaintzaile eta oro har herritarrentzako autozaintza-alorreko informazioa egituratzea eta zabaltzea, osasunaz eta gaixotasunaren autokudeaketaz kontzientzia hartzeko liburuxka edo argitalpenen bitartez. Mendeko pazienteen zaintzaileei prestakuntza eskaintzea, baldin eta horrelakorik eskatzen badute.
Herritarrentzako Paziente Eskolen Sarean eta European Innovation Partnership on AHA erakundean parte hartzea.
Beste komunitate/erakunde batzuen lankidetza-eskaerak kudeatzea eta antolatzea. Kronet eta Osarean integratzea.
2013ko JARDUN PLANA
Osasun Eskola sortzea, Osasun Sailaren Administrazio Kontseiluaren erabakiaren eta Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiaren ondorengo ebazpenaren bitartez.
Osasun Eskolaren kokapena ezartzea.
Zerbitzu-zorroa zehaztea.
Osasun Eskolarako webgunea sortzea.
Bigarrena. Paziente Aktiboa Programa abian jartzea.
Autozaintzei eta gaixotasunaren kudeaketari buruzko prestakuntza eskaintzea da programa honen helburua, prestakuntza hori paziente kronikoei eskainiz berdinen eskutik, gaixotasuna hobeto ulertzeko eta beren osasunaren gaineko erantzukizuna hartzeko trebatuko dituzten ikastaroen bitartez.
HELBURUAK:
«Paziente aktiboa» prestatzea «Zure osasuna kontrolatuz» ikastaroaren bitartez, metodologia birtuala eta zuzenekoa erabiliz.
«Diabetesaren maneiu pertsonala» programaren zabalkundea sendotzea.
Patologia berriei heltzea «Paziente aktiboa» metodologiari jarraiki.
Pazienteekin elkarreragiteko plataforma digitala garatzea eta mantentzea (webguneen, blogen, facebooken, twiterren, youtuberen bitartez eta abar).
Prestatzaile kopuru egokia bermatzea, programaren zabalkundearekin jarraitzeko.
Paziente Aktiboa programari buruzko ikerketa-azterlanaren emaitzak garatzea, aztertzea eta aurkeztea.
Programa hobetzeko beharrezko azterlanen garapena eta jarraipena.
Programa bultzatzeko beharrezko materialak eta tresnak garatzea.
JARDUN ILDOAK:
«Zure osasuna kontrolatuz» ikastarorako liderrak prestatzea, zerbitzu-erakunde bakoitzean.
«Diabetesaren maneiu pertsonala» programaren zabalkundearekin jarraitzea.
Hainbat patologia garatzeko metodologia zehaztea.
Saiakuntza klinikoaren datuak garatu eta aurkeztea.
Eskuliburua eta liburua gure testuingurura eta beste zenbait gaixotasunetara egokitzea, euskaratuta.
On line ikastaroen garapena bultzatzea.
Komunikazio-plan bat zabaltzea.
Programaren metodologia eta paziente laguntzaileen baldintzak zenbateraino betetzen diren jarraitzea.
Pazienteen elkarteei aholku ematea.
2013ko JARDUN PLANA
«Zure osasuna kontrolatuz» ikastarorako liderrak prestatzea, zerbitzu-erakunde bakoitzean.
Ikastaro bakoitzak 24 orduko iraupena dauka, 4 egunetan banatua
5 ikastaro emango dira 2013ko lehen seihilekoan, eta ikastaro bakoitzak gehienez 20 parte-hartzaile lider izango ditu. Gehienez 100 prestatzaile lider izateko aukera izango da (+/- 50 paziente eta 50 profesional). Bikote bakoitzak gutxienez «.. kontrolatuz» ikastaro bat eman beharko du 2013ko bigarren seihilekoan. Guztira 500 paziente aktibo egongo lirateke prestatuta
«Diabetesaren maneiu pertsonala» programaren zabalkundea sendotzea.
Ikastaro bakoitzak 24 orduko iraupena dauka, 4 egunetan banatua
2013. urtean 2 ikastaro emango dira bikote bakoitzeko, eta bakoitzak gehienez 12 parte-hartzaile izango ditu. Gehienez 1000 paziente izateko aukera izango da.
Komunikazio-plana zabaltzea.
Barrukoa: Pazienteak biltzeko profesionalak sentsibilizatzea.
Kanpokoa: elkargo profesionalak; erakunde eta instituzio publikoak; hirugarren sektorea; enpresak; paziente eta profesionalen elkarteak
Etorkizunean abiarazteko patologia berriei lehentasuna ematea.
«PAZIENTE AKTIBOA» PROGRAMAREN ARDURADUNA
Zuzendaritza Batzordearen mendekoa izango da arduradun hori, eta hark izendatuko du. Honako eginkizun hauek izango ditu:
Programa osoaren kontrola eta jarraipena
Saiakuntza klinikoaren kontrola, jarraipena eta antolamendua.
Programa profesional eta herritarren artean zabaltzeko jarduerak.
Stanfordekiko eta proiektuarekin erlazionatutako beste zenbait komunitaterekiko harremanak.
Zenbait eragilerekiko aliantzak bilatzea, Programaren esparruan.
Pazientea ahalduntzeari buruzko lantaldean parte hartzea.
Saiakuntza klinikoaren 600 pazienteak datu-basean sartzea.
EDUKIEN KOORDINAZIOA
Programaren barruko ikastaroetako edukiak lantzea.
Eskuliburuak egokitzeko lanetan esku hartzen duten paziente-elkarteekiko edo profesional taldeekiko harremanak.
Paziente eta profesionalentzako birziklatze-ikastaroak diseinatu eta egitea.
Programaren kalitatearen elaborazioa eta jarraipena.
0 KOORDINAZIOA.
Paziente Aktiboa programari buruzko informazio erakargarri eta eguneratua garatzea zenbait formatutan, formatu elektroniko eta gizarte-sare guztietan zabaltzeko, ikastaroan parte har dezaketen pertsonen eta profesional sanitarioen artean. Webgunea eta gizarte-sareak mantentzea eta eguneratzea.
Ikastaroan parte hartu duten pazienteen eta prestatzaileen arteko topagune bat garatzen eta mantentzen laguntzea, zuzeneko ikastaroetan sortutako harremanarekin aurrera jarraitu ahal izateko, dokumentuak partekatzeko aukera emanez eta abar.
On line prestakuntzak eskaintzen dituen aukeretatik (foroa, txata, materialak, mezuak, bideokonferentzia, moderatzailearen figura eta abar) eskuragarri dituen on line ikastaroak garatzeko laguntza. On line bertsio horrek garapen teknologikoa eskatzen du, baita zuzeneko bertsioaren materialak, ariketak eta dinamikak egokitzea ere.
ERAKUNDE SANITARIO INTEGRATUKO/ESKUALDEKO ARDURADUNA
Ikastaroen eskaria kudeatzea, bere zerbitzu-antolamenduaren barruan.
Bi noranzkoko komunikazioa mantentzea, prestakuntza-jarduerak koordinatuta.
Programaren sentsibilizazio- eta zabalkunde-jarduerak, bere zerbitzu-antolamenduaren barruan.
Fotokopiak egitea eta ikastaroak emateko beharrezko materiala eramatea ikastaroak eman behar diren tokira.
Prestakuntza-ekintza antolatzea: pazienteei orduetarako deitzea, parte-hartzaileen zerrendak egitea eta ekintza emateko tokiak bilatzea.
Programan parte hartzen duten pazienteei buruzko datuak Osabiden sartzea.
PRESTAKUNTZA EKINTZAK KOORDINATZEA
Ikastaroak planifikatzea erakunde sanitario bakoitzean.
Prestakuntza-eskaintza kudeatzea eta ikastaroei prestatzaileak esleitzea.
Ikastaro bakoitzerako beharrezko materialen (liburuak, posterrak, triptikoak) kudeaketa eta prestaketa erraztea.
Prestatzaile berrien ikastaroak planifikatu eta antolatzea erakunde sanitario bakoitzean.
Paziente laguntzaileek parte hartzeko baldintzak ezartzea.
Paziente aktiboari buruzko programaren sentsibilizazioa eta zabalkundea bultzatzea.
Paziente laguntzaileak onestea.
MASTER TRAINERS
Hainbat zerbitzu-erakundetarako eta beste eremu batzuetarako lider berriak prestatzeko ikastaroak egitea.
Paziente Aktiboa lantaldean parte hartzea, proiektua hobetzeko aukerak lantzeko.
Programaren hobekuntzak bilatzeko hainbat jarduera egitea.
PRESTATZAILEAK
Pazienteentzako ikastaroak egitea.
Programaren zuzendaritzak antolatutako birziklatze-saioetan parte hartzea.
Programaren hobekuntzak bilatzeko hainbat jarduera egitea.
O+BERRI BULTZATZEA
Osasun Eskolaren lan-eremuko jarduera berritzaileak bultzatzea.
ADMINISTRAZIO LAGUNTZA
Beste bide batzuetatik (programaren webgunea eta telefonoa) parte hartzea eskatzen duten pazienteen zitazioa.
Programan parte hartzen duten pazienteei buruz Osabiden eskuragarri dauden datuen jarraipena eta ustiapena.
Programa bultzatzeko administrazio-zereginak.
Programan egindako galdesortetako emaitzen mekanizazioa.
Hirugarrena. Osasun Eskola garatzeko Batzorde Zuzentzailea sortzea, honako eskumen hauek esleituta:
Osasun Eskolarako eta Osasun Eskolatik eratorritako programetarako urteko helburuak eta jarraitu beharreko estrategia finkatzea.
Urtean behin, ezarritako helburuen betetze-maila ebaluatzea.
Osasun Eskolaren funtzionamenduari buruzko eta beste zenbait alderdi garrantzitsuri buruzko erabakiak hartzea.
Osasun Eskolaren jarduera-eremuarekin zerikusia duten beste hainbat erakunde, entitate eta eragilerekiko aliantzak bultzatzea.
Paziente Aktiboa programaren arduraduna izendatzea.
Laugarrena. Batzorde horrek entitate publikoaren kide anitzeko organo gisa jardungo du, batzordea eratzeko lehenengo bilkuran ezartzen denarekin bat etorriz; beteko da, orobat, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen II. eta III. kapituluetan eta II. tituluan xedatutakoa. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Zuzendaritza Nagusiaren menpean egongo da, hierarkikoki eta funtzionalki. Bere egitekoak azkarrago betetzeko, bere baitan lantaldeak sortu ahal izango dira. Batzordeak onetsi beharko ditu lantalde horien emaitzak.
Bosgarrena. Batzordeak egiten dituen eginkizunak gai horri dagokionez indarrean dagoen lege-esparruaren barruan egin beharko dira, eta asistentzia sanitarioko dibisioarekin koordinatuta. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiak izendatuko ditu sortutako batzordeko kideak edo horien ordezkoak, horretarako ebazpena emanez. Batzordeko bi kide izango dira lehendakaria eta idazkaria, eta zuzendari berak izendatuko ditu.
Seigarrena. Batzordeak honako organigrama hau izango du:
Erabaki honek hartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu nahiz ez argitaratu, eta Batzorderako izendatutako kideei jakinarazpena egin nahiz ez egin.
Vitoria-Gasteiz, 2013ko ekainaren 19a.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluko lehendakaria,
JON DARPÓN SIERRA.
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (2)
- Garatzen du: 255/1997 DEKRETUA, azaroaren 11koa, Osakidetza-Servicio vasco de salud Ente Publikoaren Estatutuak ezartzen dituena.
- Aldatutakoa: ERABAKIA, 2021eko azaroaren 25ekoa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluarena, zeinaren bidez aldatzen baitira Osasun Eskolako gobernantza-organoen osaera eta eginkizunak.