Departamento de Seguridad. Gobierno Vasco

Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco Departamento de Seguridad Euskadi.eus

Preguntas y respuestas

Hauteskunde-mahaietako kideak

Izendapena

Osaketa

Eraketa

Eginkizunak

Eskubideak

Betebeharrak

Izendapena

Zer epetan izendatu behar dira hauteskunde-mahaietako kideak? Eta nork izendatzen ditu?

Irailaren 22tik 26ra, biak barne, udalbatzak zozketa bidez izendatzen ditu udalerriko hautesleen artean hauteskunde-mahai bakoitzeko titularrak eta horien ordezkoak (9 izendapen hauteskunde-mahai bakoitzeko: 3 titular eta 6 ordezko) (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 43.4 artikulua).

Zer epe du udalak hauteskunde-mahaiko kideei izendapenaren berri emateko?

Irailaren 23tik 29ra, biak barne (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 44.1 artikulua).

Nora jo behar dut hauteskunde-mahaiko kide izanda bozketa-egunean hara joan ezin badut? Zein da legezko epea hauteskunde-mahaietako kide izendatutako pertsonen eginkizun hori ez betetzeko aitzakiak aurkezteko?

Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 44.1 artikuluaren arabera:

  • Lehenik: Dagokizun eskualdeko hauteskunde-batzordera jo behar duzu, zure aitzakia aurkeztera, edo idazkia faxez bidal daiteke batzorde horretara.
  • Bigarrenik: Irailaren 24tik urriaren 6rako epea duzu, biak barne eta jakinarazpena jaso duzun egunetik zenbatzen hasita, hauteskunde-mahaiko kide ez izateko arrazoiak agiriz egiaztatzeko, dagokion eskualdeko hauteskunde-batzordean. Eskualdeko hauteskunde-batzordeetan inprimaki bat edukiko dute dagozkion aitzakiak idatziz jasotzeko.
  • Hirugarrenik: Justifikatutako arrazoiak direla medio jakinarazpena legezko epetik kanpora iristen bada, aitzakiak aurkezteko epea jakinarazpena jasotzen den egunetik hasten da zenbatzen (teorian 7 eguneko alegazio-epea dago, baina praktikan gutxiago izango dira).

Zer legezko epe dute eskualdeko hauteskunde-batzordeek alegatutako aitzakiak ebazteko?

Irailaren 25etik urriaren 11ra, biak barne (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 44.1 artikulua).
Eskualdeko Hauteskunde Batzordeak (EHB) aitzakien inguruko ebazpenak hartu ondoren:

  • Alegatutako aitzakia aintzat hartzen ez bada EHBak behin betiko jakinaraziko dio hauteskunde-mahaiko kidearen izendapena; gainera, aitzakia baztertu izanaren arrazoia azalduko dio laburki.
  • Alegazioa onartuz gero kargua betetzetik salbuetsiko dute pertsona hori eta beste kide bat izendatuko dute, baita hala jakinarazi ere. Ezin da beste errekurtsorik jarri EHBaren erabakiaren aurka.

Noiz arte izenda nazakete hauteskunde-mahaiko kide? Eta zer epe dut nik aitzakiak aurkezteko?

Bozketa-eguna baino 24 ordu lehenago izenda daiteke hauteskunde-mahaiko kide bat, gehienez ere. Aitzakiak aurkezteko epea jakinarazpen-dataren araberakoa izango da. Bistan denez, bozketa-eguna baino 24 ordu lehenago jaso baduzu jakinarazpena ezin izango duzu 7 eguneko legezko epea eduki alegazioak egiteko, legeak xedatutakoaren arabera.

Zer gertatzen da aitzakiak aurkezteko epea bukatu ondoren behin betiko hauteskunde-mahaiko kidetzat jo eta, hauteskunde-egunean, justifikatutako arrazoi batengatik hauteskunde-mahaira joan ezin denean? Zer egin behar da?

Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 44.2 artikuluaren arabera:

  • Dagokion eskualdeko hauteskunde-batzordean horren berri eman beharko da bozketa-eguna baino 72 ordu lehenago, gutxienez ere, (urriaren 18 eta 20 artean) eta dagozkion justifikagarriak aurkeztu beharko dira
  • Ezintasuna urriaren 21ean sortuko balitz, interesatuak berehala jakinarazi beharko dio dagokion eskualdeko hauteskunde-batzordeari, bozketa-eguneko goizeko 8:30 baino lehen, beti ere, hauteskunde-batzorde horrek ordezkapena egin dezan.

Hauteskunde-mahaiko titular edo ordezkotzat izendatu ondoren nahitaez joan behar al da bozketa-egunean hauteskunde-mahaira?

Hauteskunde-mahaiko kidearen kargua, titularra zein ordezkoa dela, nahitaez bete beharrekoa da; hala, bozketa egunean goizeko 8:00etan joan beharko da hauteslekura, hauteskunde-mahaia eratzeko. Dagokion agirizko justifikazioa aurkeztu gabe ez joatea delitua da eta 3 hilabete eta urtebete bitarteko kartzela-zigorra eta 6 eta 24 hilabete bitarteko isuna dagozkio (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 42.1 artikulua eta Hauteskunde Erregimen Orokorrari buruzko Lege Organikoko 143. artikulua).

Nork ezin du a priori hauteskunde-mahaietako kide izan, legearen arabera?

Ezingo dute hauteskunde-mahaietako kide izan:

  • Hauteskunde-batzordeetako kideek.
  • Hautagai gisa hauteskundeetan parte hartuko dutenek.
  • Hautatutako edo izendapen askeko kargu publikoek.
  • Beren eskubide zibil eta politikoez osotasunean gozatu ezin dutenek (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 42.2 artikulua).

Zer arrazoi jotzen dira justifikagarritzat hauteskunde-mahaiko kide titularra edo ordezkoa izan behar ez izateko aitzakia gisa?

Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 42.3 artikuluan aurreikusitakoak: ez dute bertaratu beharko ospitalean dauden pertsonek edo gainerako pertsonek baldin eta medikuaren ziurtagiriarekin justifikatzen badute, ez eta barrutitik kanpo bizi diren pertsonek ere (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 42.3 artikulua).

Gainera, arau honetan zerrendatutako arrazoiak ere baliozkoak izango dira, agiriz justifikatuta: la instrucción de la Junta Electoral Central 6/2011, de 28 de abril .

Ertzaintzako kide izatea hauteskunde-mahaiko kide ez izateko justifikatutako arrazoitzat jotzen al da?

Bai, justifikatutako arrazoia da, Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordearen 1990eko urriaren 24ko akordioaren arabera.

Nola eta zer eskakizunen arabera izendatzen dira hauteskunde-mahaietako kideak?

Dagokien udaleko udalbatzak izendatzen ditu, udalerriko hautesleen artean zozketa eginez (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 43.2 artikulua).

  • a) Hauteskunde-mahaiko lehendakaria edo horren ordezkoa izateko 70 urte baino gutxiago eduki behar dira, eta 18 urte baino gehiago; oro bat, batxilergoko titulua edo bigarren mailako lanbide-heziketakoa eduki behar dira.
  • Hauteskunde-mahaikide edo ordezko izateko 70 urte baino gutxiago eta 18 baino gehiago eduki behar dira, eta eskola graduatua edo horren antzekoa eduki behar da, edo irakurri eta idazten jakin.

65 urtetik gorakoek izendapen horri uko egin ahalko diote eskualdeko hauteskunde-batzordean, 7 eguneko epean.

Zer erakundek du hauteskunde-mahaiko kide izendatu zaituztela jakinarazteko eskumena?

Udalak, Hauteskunde Batzorde Nagusiaren 1986ko maiatzaren 26ko eta 1986ko ekainaren 9ko akordioen arabera.

Pertsona bat artekari edo ahaldun gisa jarduten ari bada eta jarduten duen hauteskunde-mahai horri dagokion barrutiko hauteslea bada, hauteskunde-mahaiko kide izenda dezakete?

Ez, baldin eta artekari- edo ahaldun-izendapena hauteskunde-mahaiko kide izendatu dutela jakinarazi aurretik gertatu bada. Izendapenak hauteskunde-mahaiko kidetzat esleitu ondoren gertatzen badira, berriz, ezin izango dituzte hautagaitza bateko artekari edo ahaldun gisa izendatu.

2011ko Hauteskunde Orokorretan hauteskunde-mahaiko kide izendatu zituzten pertsonak automatikoki izendatzen al dituzte hauteskunde-mahaiko kide gisa hurrengo Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeetan?

Ez, Hauteskunde Batzorde Nagusiaren 1986ko apirilaren 28ko akordioaren arabera, deitzen den hauteskunde-prozesu bakoitzean izendatzen dira hauteskunde-mahaietako kideak, hauteskunde-mahaien osaketa ezin baita automatikoki errepikatu hauteskunde-prozesu batetik bestera. Hala eta guztiz ere, baliteke aurreko hauteskunde batzuetan hauteskunde-mahaiko kide izendatu duten pertsona bat hurrengo hauteskundeetarako hauteskunde-mahai berean izendatzea (Hauteskunde Batzorde Nagusia, 1998ko urriaren 20a).

2011ko Hauteskunde Orokorretan hauteskunde-mahaiko titular edo ordezko izan den pertsona bat hauteskunde-mahaiko titular edo ordezko izenda dezakete hurrengo Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeetan?

Aurreko atalean azaldu gisa, Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde hauetarako hauteskunde-mahaietako kideak zozketaz hautatu behar dira eta baliteke 2011ko Hauteskunde Orokorretan izandakoekin bat egitea, edo ez.

Zer gertatzen da hauteskunde-mahaiko kide bati ezin zaionean bere eginkizuna jakinarazi?

Udalak horren berri eman beharko dio dagokion eskualdeko hauteskunde-batzordeari eta horrek hauteskunde-mahaiko beste kide bat izendatzeko aginduko dio udalari, behar bezala jakinarazi diezaioten.

Zer egin behar dut udalak edo eskualdeko hauteskunde-batzordeak telefonoz jakinarazten didanean hauteskunde-mahaiko kide naizela, edo izendapena gutunontzian uzten didatenean?

Jakinarazpena egin duen eskualdeko hauteskunde-batzordera deitu behar duzu eta jakinarazpena legez ezarri bezala egitea eskatu, Administrazio Prozedurari buruzko Legean xedatutakoaren arabera (ikusi webgune honetako Helbide interesgarriak atala telefonoak kontsultatzeko).

Hauteskunde-mahaiko kideak izendatzeko legezko epetik kanpo jakinarazi diezadakete hauteskunde-mahaiko kide izendatu nautela?

Jakinarazpenak egiteko legezko epetik kanpo, egin daitezke izendapenak, Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 44.2 artikuluaren arabera, hauteskundeen aurreko eguneko 00:00ak arte

Osaketa

Zein eta zenbat kidez osatzen dira hauteskunde-mahaiak?

Hauteskunde-mahaiko hiru titularrak, hau da, lehendakaria, 1. hauteskunde-mahaikidea eta 2. hauteskunde-mahaikidea (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 97.2 artikulua).

Hauteskunde-mahaietako zein eta zenbat kidek joan behar dute nahitaez hauteskunde-eguneko goizeko 8:00etan hauteskunde-mahaiak osatzeko?

Hauteskunde-mahai bakoitzerako titular eta ordezko gisa izendatutako 9 pertsonek. Hau da, lehendakariak eta bi hauteskunde-mahaikideek (3 pertsona), bai eta lehendakariaren bi ordezkoek eta hauteskunde-mahaikideen 4 lau ordezkoek ere (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 99.1 artikulua).

Zer gertatzen da bozketak dirauen bitartean hauteskunde-mahaiko hiru kideak hauteskunde-mahaian ez badaude?

Bozketak dirauen bitartean lehendakaria eta bi hauteskunde-mahaikideak hauteskunde-mahaitik joan ahalko dira, aldi baterako eta justifikatutako arrazoiak direla medio, baina hauteskunde-mahaiko bi kidek etengabe egon beharko dute hauteskunde-mahaiaren buru.

Hauteskunde-mahaiko titularrek eta ordezkoek hauteskunde-mahai horretako hautesle izan behar al dute?

Bai, Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 43.2 artikuluaren arabera.

Eraketa

Zer ordutan joan behar dute hauteskunde-mahaiko titularrek eta ordezkoek hauteskunde-mahaira hauteskunde-mahaia eratzeko?

Bozketa-eguneko goizeko 8:00etan hantxe egon beharko dute hauteskunde-mahai bakoitzerako titular zein ordezko gisa izendatutako 9 pertsonek (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 97.1 artikulua).

Zer ordutarako egon behar da eratuta hauteskunde-mahaia?

Hauteskunde-mahaiak bozketa-eguneko goizeko 8:30 aldera eratuta egon beharko du.

Zer kiderekin eratzen da hauteskunde-mahaia?

Hiru kide: lehendakaria eta bi hauteskunde-mahaikide (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 97.2 artikulua).

Zer gertatzen da hauteskunde-mahaiko titularren edo ordezkoren bat ez bada hauteslekuan azaltzen bozketa-eguneko goizeko 8:00etan? Nola ordezkatzen dira? Zer ordezkapen-hurrenkerari jarraitu behar zaio?

Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 98.1 eta 98.2 artikuluen arabera, izendatutako lehendakaria agertu ez bada lehendakaritzarako lehen ordezkoak ordezkatuko du, eta azken hori ez badago, bigarren ordezkoak. Azken hori ere agertu ez bada lehen edo bigarren hauteskunde-mahaikideek ordezkatuko dute lehendakaria, hurrenkera horretan.
Ez lehen eta ez bigarren hauteskunde-mahaikideak agertu ez badira edo lehendakariaren kargua hartu behar badute, dagokien ordezkoek hartuko dute haien lekua.

Zer gertatzen da hauteskunde-mahaiko kideak 8:30 baino lehen ez agertzeagatik hauteskunde-mahaia eratu ezin bada?

Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 98.3 eta 98.4 artikuluen arabera, artekariek edo hauteskunde-mahaian dauden beste pertsonek horren berri eman beharko diote hauteslekuko edo hauteskunde-administrazioko ordezkariari, azken horrek udaleko idazkariari edo eskualdeko hauteskunde-batzordeari dagoen arazoa jakinarazi diezaion. Horiek ordezkari bat izendatuko dute, daudenen artean hauta ditzan hauteskunde-mahaiko kide berriak.

Hala eta guztiz ere, hauteskunde-eguneko 11:00k baino lehen hauteskunde-mahaia eratu ezin izan bada, horren berri eman beharko zaio eskualdeko hauteskunde-batzordeari, hurrengo egunean beste bozketa bat deitzeko.

Zer gertatzen da hauteskunde-mahai bat bozketa hasteko ordua (9:00ak) baino ordubete edo gehiagoko atzerapenez eratzen bada?

Unean uneko inguruabarren arabera, hauteskunde-mahaiak bozketa-ordua atzeratu egin ahal izango du, bozketa hasteko izandako atzerapena aintzat hartuta, arau honen arabera: acuerdo Junta Electoral Central 15-09-11 .

Eginkizunak

Zein dira hauteskunde-mahaiaren eginkizun bereziak?

Hauteskunde-mahaiaren eginkizun bereziei dagokienez, bereizketa hauek egin behar dira

  • 8:00etatik 8:30 baino lehenagora: Hauteskunde-mahaia eratzea (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 97. artikulua).
  • Hauteskunde-mahaia eratu ondoren eta 8:30 arte: Hautagaitzetako artekarien egiaztagiriak onartzea edo baztertzea (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 92.9, 92.10 eta 92.11 artikuluak) .
  • Bozketa hasi (9:00etan) baino lehen:
    • Hauteskunde-mahaiak bozketa egiteko material guztiak dituela egiaztatzea (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 99. artikulua).
    • Hauteskunde-mahaiaren Eraketa Akta bete eta sinatzea (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 100. artikulua).
    • Hauteskunde-mahaiaren Eraketa Aktaren kopiak artekari eta ahaldunei ematea (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 100.3 eta 100.4 artikuluak).
  • 9:00etatik 20:00etara:
    • Hautesleei beren nortasun-agiriak eskatzea (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 105. artikulua).
    • Hauteslea hauteskunde-mahaiko erroldako zerrendetan agertzen den egiaztatzea (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 106. artikulua).
    • Hauteskunde-mahaiko zerrenda zenbakituan botoa ematen ari den pertsonaren izena eta abizenak jartzea (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 107.2 artikulua).
    • Hautesleak hala eskatuz gero, botoa eman izanaren ziurtagiria ematea.
    • Honako hauek saihestea (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 111. artikulua):
      • Hauteslekuetan eta horien inguruan hauteskunde-propaganda egitea edo hautesleei bozkatu baino lehen beren botoari buruz galdegitea.
      • Botoa ematearen ekintza askea zaildu, oztopatu edo hertsatzea.
  • 20:00etatik 20:30era, gutxi gorabehera (bozketaren garapenaren arabera):
    • Postaz bidalitako botoak kutxan sartzea (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 112.2 artikulua).
    • Botoa ematea, nahi badute, hauteskunde-mahaiko hauteskunde-mahaikideek, artekariek (baldin eta beren jarduna betetzen duten hauteskunde-mahaiari dagokion barrutiko hautesleak badira) eta lehendakariak (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 112.3 artikulua).
    • Hauteskunde-mahaiko boz-emaileen zerrenda zenbakitua sinatzea (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 112.4 artikulua).
  • 20:30etik aurrera, gutxi gorabehera (hauteskunde-mahaiko zenbaketa egitea):
    • Botoen gutun-azalak kutxatik ateratzea (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 118.1 artikulua).
    • Gutun-azaletik ateratako boto-txartelari dagokion hautagaitza ozen irakurtzea (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 118.1 artikulua).
    • Hautagaitza bakoitzeko botoak, boto baliogabeak eta zuriak zenbatzea.
    • Kutxatik ateratako gutun-azalen kopurua hauteskunde-mahaiko zerrenda zenbakituan jasotako boz-emaileen guztizkoarekin alderatzea (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 118.3 artikulua).
    • Ozen irakurtzea hauteskunde-mahaiko hauteskunde-emaitzak (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 119.1 artikulua).
    • Hauteskunde-mahaiaren Zenbaketaren Behin-behineko Jakinarazpena bete eta sinatzea (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 119.2 artikulua).
    • Kopia bat euskal Administrazioaren ordezkariari ematea, beste bana artekari eta ahaldunei, eta beste kopia bat hauteslekuko sarreran jartzea (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 119.2 artikulua).
    • Hauteskunde-mahaiaren Bilkurari buruzko Akta bete eta sinatzea (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 120.1 artikulua).
    • Aktaren kopiak artekari eta ahaldunei ematea (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 120.2 artikulua).
  • Bozketa bukatzeko eragiketak: Mahaiko zenbaketa-jardun guztiak bukatutakoan:
    • Mahaiaren Bilkurari buruzko Aktari honakoak eranstea:
      • Baliogabetzat jotako boto-txartelak edo erreklamazioaren xede izan direnak, mahaiko kideek sinatuta; bai eta artekariek eta ahaldunek aurka egindako posta bidezko botoen gutun-azalak (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 120.3 artikulua).
      • Hauteskunde-mahaiko artekarien izendapen-orriak (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 120.4 artikulua).
    • Dagozkion agiriak 1. gutun-azalean sartzea (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 121.1 artikulua).
    • Dagozkion agiriak 2., 3. eta 4. gutun-azaletan sartzea (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 121.b) artikulua).
    • Agirien gutun-azal guztiak sinatzea, bai hauteskunde-mahaiko kideek eta bai artekariek ere (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 121.c) artikulua).
    • Agirien lau gutun-azalak hauteskunde-mahaia dagoen udalerriko lehen auzialdiko epaileari edo bake-epaileari ematea (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 122.1 artikulua).

Eraketa Aktaren, Zenbaketaren Behin-behineko Jakinarazpenaren eta Hauteskunde-mahaiaren Bilkurari buruzko Aktaren zenbat kopia eman behar zaizkie eskatzen dituzten hautagaitzei?

Akten kopia bakarra emango zaie hura eskatzen duten hautagaitza bakoitzari (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 100.3 eta 119.2 artikuluak).

Hala eskatzen badute, hauteskunde-mahaiko boto-emaileen zerrenda zenbakitua edo hautesle-erroldako zerrendak eman al diezazkieke artekariei?

Ez, hauteskunde-mahaiko zerrenda zenbakitua zein hautesle-erroldako zerrendak hauteskundeetako agirien 1. gutun-azalean sartu behar dira (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 121.a) artikulua).

Eskubideak

Zer dieta jasotzeko eskubidea dute hauteskunde-mahaietako hiru kideek?

75 euroko dieta hauteskunde-mahaiko kide bakoitzarentzat (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 16.2 c) artikulua).

Noiz ordaintzen zaie dieta?

Hauteskunde-mahaia legez eratu ondoren, hauteslekuko edo hauteskunde-administrazioko arduradunak ordainduko die dieta.

Dieta hori jasotzeko eskubidea al dute hauteskunde-mahaietako titularren ordezkoek?

Ez, bozketa-egunean hauteskunde-mahaiko kide diren pertsonek dute soilik dieta hori jasotzeko eskubidea. Hauteskunde-mahaiko ordezko bat mahaiko titular izatera igarotzen bada, orduan bai, dieta jasotzeko eskubidea izango du.

Dieta hori jasotzeko eskubidea al dute hautagaitzetako artekariek?

Ez.

Hauteskunde-mahaietako kideentzako dietari errenta-zergaren atxikipena egin behar al zaio?

Ez, dieta horiek edozein atxikipenetik aske daude.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan aitortu behar al da hauteskunde-mahaietako kideek jasotzen duten dieta?

Ez.

Hauteskunde-mahaiko kideek eskubidea al dute beren enpresaren ordaindutako baimena jasotzeko, baldin eta hauteskunde-egunean lan egitea badagokie? Eta bozketaren hurrengo egunean lanaldia murriztekoa?

Hauteskunde-mahaietako kideek eskubidea dute ordaindutako baimena jasotzeko, baldin eta bozketaren egunean lana egitea badagokie. Gainera, hauteskunde-egunean lan egitea egokitu edo ez, bozketaren hurrengo egunean 5 orduko lanaldi-murrizketa izateko eskubidea dute (Enplegu eta Gizarte Gaietarako sailburuaren Agindua).

Zer agiri aurkeztu behar dut lan egiten dudan enpresan datozen hauteskundeetan hauteskunde-mahaiko kide izateagatik dagokidan lanaldi-murrizketa eman diezadan?

Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde hauetarako hauteskunde-mahaiko kide izendatu izanaren jakinarazpena jasotzen duen agiri ofiziala. Agiri hori galdu baduzu zure udalarekin harremanetan jar zaitezke, hauteskunde-mahaiko kide izendatu izanaren ziurtagiri bat eman diezazun (Enplegu eta Gizarte Gaietarako sailburuaren agindua).

Hauteskunde-mahaiko ordezko izendatu naute eta bozketa-egunean lan egitea dagokit; enpresak lan-eguna aldatu behar al dit? Zer gertatzen da azkenean hauteskunde-mahaiko kide gisa jardun behar ez badut?

Enpresak lan-eguna aldatu beharko dizu. Azkenean hauteskunde-mahaiko kide gisa jarduten baduzu ez duzu lan-eguna berreskuratu beharko; eta jarduten ez baduzu, berriz, egun hori berreskuratu egin beharko duzu.

Mahaiko kide izendatu naute eta bi enpresatan ari naiz lanean, batean goizez eta bestean arratsaldez. Zer enpresak eman behar dizkit bozketaren hurrengo egunean dagozkidan 5 ordu askeak?

Bi enpresek eman beharko dizkizute ordu askeak, bakoitzean egiten duzun lan-kopuruaren proportzioan, guztira 5 ordu aske izan ditzazun.

Hauteskunde-mahaiko kide izendatu naute, eta lanaldi murriztuan dihardut. Zenbat orduko murrizketa dagokit hurrengo egunean?

5 orduko murrizketa dagokizu, lanaldiaren ordu-kopurua gorabehera.

Hauteskunde-mahaiko kide gisa dagozkidan eginkizunak bete ondoren hasten da nire lanaldia, gaueko txandan, 00:01etik aurrera. Zer eskubide ditut?

Lanaldiaren 5 orduko murrizketa izateko eskubidea duzu, honako arau honen arabera: acuerdo Junta Electoral Central 3-11-2011 .

Hauteskunde-mahaiko kide gisa dagozkidan eginkizunak bete baino lehen baina bozketa-egunean hasten da nire lanaldia, gaueko txandan, 00:01etik aurrera. Zer eskubide ditut?

Txanda beste egun batera aldatzea eskatzeko eskubidea duzu (Enplegu eta Gizarte Gaietarako Sailburuaren agindua).

Hauteskunde-mahaietako kideek eta ordezkoek ba al dute, bozketa-egunean zehar, istripuen edo bestelako gertaeren aurreko asegururen bat?

Bai, Gizarte Segurantzako sistemak babesten ditu hauteskunde-mahaiko lehendakariak eta bi mahaikideak, bai eta hauteskunde-mahaiaren eraketara aurkezten diren ordezkoak ere, hauteskundeetan parte hartzetik erator daitezkeen gertaera eta egoeren aurrean (apirilaren 16ko 605/1999 Estatuko Errege Dekretuko 8. artikulua).

Hauteskunde-mahai bateko lehendakariaren ordezko izendatu ninduten eta, mahaiaren eraketan egon ondoren, hauteskunde-mahai horretako kide izendatu ez nindutenez gero etxera itzultzen ari nintzela, erori eta zauritu egin nintzen. Zer eskubide dut?

Gizarte Segurantzaren babesa duzu. Laguntza sanitarioa behar baduzu honako datu hauek eman beharko dizkiozu Eusko Jaurlaritzari, 94 607 56 35 telefonora deituta:

  • Zauritutako pertsonaren izen-abizenak, NANa eta helbidea.
  • Zer hauteskunde-mahairako izendatu zaituzten ordezko gisa.
  • Istripuaren nolakotasuna eta kokalekua.
  • Zer osasun-zentrotan artatu zaituzten.

Hautagaitzetako artekari eta ahaldunek ba al dute istripuen aurkako asegururen bat bozketaren egunean? Eta hautesleek?

Ez, norberaren Gizarte Segurantzak artatuko ditu horiek istripurik izanez gero.

Poliziak hauteskunde-mahaietako kideren bat atxilotu al dezake bozketaren egunean?

Ez, baldin eta delitu goria ez bada (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 108.5 artikulua).

Ba al dute istripuen aurkako asegururen baten babesa bozketaren egunean hauteskunde-mahaietako emaitzak jasotzeaz arduratzen diren Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren ordezkariak eta hauteslekuetako arduradunek?

Eusko Jaurlaritzak izendatutako langile direnez gero, istripuen aurkako asegurua dute bozketa-egunerako.

Betebeharrak

Zer betebehar dituzte hauteskunde-mahaiko kideek bozketaren egunean?

Hauteskunde-mahaiko kideek honako betebehar hauek dituzte

  • Izendapenean aipatutako hauteslekura eta hauteskunde-mahaira joatea, goizeko 8:00etan, hauteskunde-mahaia eratzeko (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 97.1 artikulua).
  • 8:00ak eta 8:30 bitartean hauteskunde-mahaia eratzea.
  • Mahaiaren Eraketa Akta bete eta sinatzea eta horren kopiak eskatzen dituzten artekari eta ahaldunei ematea (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 100.1 artikulua).
  • Bozketa 9:00etan hastea eta 20:00etan bukatzea (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 101.1 artikulua).
  • Mahaiko zerrenda zenbakituan boz-emaileen izen-abizenak idaztea (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 107.2 artikulua).
  • Braillez botoa ematen dutenei laguntzea: boto-emailea identifikatu ondoren, hauteskunde-mahaiko kide batek horretarako gordetako tokira eramango du, braillez botoa eman ahal izan dezan.
  • Zenbaketaren Behin-behineko Jakinarazpena eta Bilkurari buruzko Akta behar bezala bete eta sinatzea, eta agiri horien kopiak eskatzen dituzten artekari eta ahaldunei ematea (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 119.2, 120.1 eta 120.2 artikuluak).
  • Hauteskunde-mahaiko Bilkurari buruzko Aktan jasotzea bozketaren ordenari eragin ahal izan dion ezein gertaera, bai eta hura eragin duen pertsonaren izen-abizenak ere (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 120.1 k) artikulua).
  • Baliogabetzat edo erreklamazioen xedetzat jotako boto-txartelei zigilua jartzea.
  • Dagozkion agiriak 1., 2., 3. eta 4. gutun-azaletan sartzea (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 121. artikulua).
  • 1., 2., 3. eta 4. gutun-azalak udalerriko lehen auzialdiko epaitegira edo bake-epaitegira eramatea (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 122. artikulua).

Nori utzi diezaiokete sartzen hauteskunde-mahaiko kideek mahai hori hartzen duen lokalera?

Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 109. artikuluan aipatutako pertsonei.

Zer egin behar du hauteskunde-mahaiko lehendakariak baldin eta artekari edo ahaldunen batek beren hautagaitzetako siglei ez dagozkien gai politikoak aipatzen dituzten kamisetak, pegatinak, argazkiak edo muralak badakartzate?

Hauteskunde-mahaiko lehendakariak aginpidea du artekariari edo ahaldunari ikur, kamiseta edo bestelako horiek kentzea eskatzeko; behar balitz, Ertzaintza bertaratzea ere eska lezake. Zalantzarik badu, eskualdeko hauteskunde-batzordera dei dezake, jarraibideak eman diezazkioten (telefono-zenbakiak webgune honetako Helbide eta datu interesgarriak atalean aurki daitezke).

Zer aginpide du hauteskunde-mahaiko lehendakariak bozketak dirauen artean?

Hauteskunde-mahaiko lehendakariak eta, une horretan lehendakaria ez badago, lehendakaritzan dagoen mahaikideak, egoki irizten dizkieten neurriak har ditzakete honako egoera hauek saihesteko:

  • Bozketarako tokietan edo horien inguruan hautagaien aldeko edozein motatako propaganda egitea, eta hautesleei botoa eman baino lehen beren bozari buruzko galderak egitea (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko 5/1990 Legeko 111. artikulua, ekainaren 19ko 15/1998 Legeak aldatua).
  • Hauteslekuetarako sarbidea edonola oztopa dezaketen taldeak sortzea; horrela, hauteslekuen inguruan ez da onartuko botoa aske emateko eskubidea zail edo hertsa dezakeen pertsona edo talderik (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko 5/1990 Legeko 111. artikulua).
  • Bozketaren egunean hauteslekuetan hautagaitzen boto-txartelak banatzea (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko 5/1990 Legeko 89.2 artikulua).
  • Hauteskunde-mahaietan armak edo arma gisa erabil daitezkeen objektuak aldean daramatzaten pertsonak sartzea. Halakoetan, lehendakaritzak arau hori betetzen ez duten pertsonak berehala kanporatzeko aginduko du (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko 5/1990 Legeko 108.3 artikulua).

Hauteskunde-mahaiko kideek, artekariek edota ahaldunek hauteskundeetako emaitzak argitara al ditzakete Twitter, Facebook edo beste sare sozial batzuetan Internet edo sakelako telefonoak baliatuz hauteskunde-mahaiko lehendakariak publikoki emaitzok plazaratu baino lehen?

Ez, hauteskunde-mahaiko emaitzak plazaratzeko prozedurari men egin behar baitzaio, Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko 5/1990 Legeko 119. artikuluaren arabera (Hauteskunde Batzorde Nagusiaren 2011ko maiatzaren 19ko akordioa).

Zer kontsulta edo galdera mota egin diezaiekete hautesleek hauteskunde-mahaiari?

acuerdo de la Junta Electoral Central de 01-12-11 arauaren arabera, hauteskunde-mahaiko lehendakariak ezin du edozein motatako galderarik onartu, baldin eta norberaren boto-eskubidea gauzatzeari ez badagokio, edo hautagaitzen artekari edo ahaldunek egiten ez badute. Hautesleek Eskualdeko Hauteskunde Batzordean aurkez ditzakete beren galderak. Hautesleak behin eta berriro eskatzen badio hauteskunde-mahaiari bere galdera aintzat hartzeko, lehendakariak bere jokabidea aldatzeko eskatuko dio, eta, egoki iritziz gero, poliziaren laguntza eskatu ahalko du hautesle hori hauteslekutik kanporatzeko.

Destacados
¿Cómo votar? Campañas Institucionales Calendario general Texto consolidado de la Ley de Elecciones al Parlamento Vasco
Dirección de Régimen Jurídico, Servicios y Procesos Electorales Última actualización 26/12/2013
» Información Legal © 2012 - Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco
Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco
Subir
Menú principal

Política de cookies

Este sitio web utiliza cookies para hacer el seguimiento de los visitantes en la web, para mejorar el rendimiento y la experiencia como usuario. Al usar este sitio web, usted acepta que podamos almacenar Política de Cookies en su dispositivo

Política de cookies