Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2023ko abenduaren 21ekoa, Langileriak Kudeatzeko zuzendariarena, zeinaren bidez deialdi bat egiten baita, helburu duena Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetan zuzendari-karguan jarduteari dagokion berariazko ordainsari-osagarriaren zati bat finkatzeko prozedura abiatzea. Otsailaren 28ko 29/2023 Dekretuan ezarritakoaren ondorioz, zuzendari-kargua bete duten pertsonek jasoko dute berariazko ordainsari-osagarriaren zati hori.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Hezkuntza Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 12
- Hurrenkera-zk.: 207
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2023/12/21
- Argitaratze-data: 2024/01/16
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
- Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Funtzio publikoa
Testu legala
2/2023 Legegintzako Dekretuak, irailaren 21ekoak, Euskal Eskola Publikoari buruzko Legearen testu bategina onartu zuen. Legeak ikastetxe publikoetako zuzendarien esku uzten du ikastetxeen kudeaketa orokorraren eta funtzionamenduaren ardura, eta bereziki nabarmentzen du irakaskuntza-jarduerari eman behar dioten arreta. Lege horrek zuzendariaren figura indartzeko asmoa adierazten du, eta, horretarako, eginkizun horiek betetzeko behar den prestakuntza duten langileak sustatu nahi ditu.
Hain zuzen, unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako zuzendaritza-lana arautzen duten oinarrizko printzipioak, zuzendaritza-karguen eskumenak eta egitekoak, zuzendariak hautatzeko prozedura eta zuzendaritza-funtzioaren aitorpena ezartzen dira honako bi lege hauen bidez: 2/2006 Lege Organikoa, maiatzaren 3koa, Hezkuntzari buruzkoa; eta aipatutako Euskal Eskola Publikoaren Legea.
Lege horietan ezarritakoa betez, otsailaren 28ko 29/2023 Dekretuak arautzen ditu hezkuntza-arloan eskumena duen sailaren titulartasunekoak diren unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetan zuzendaritza-funtzioa eskuratzea, prestakuntza jasotzea, hura ebaluatzea eta aitortzea, bai eta hura osatzen duten karguek kargua uztea ere. Lehenago, otsailaren 3ko 22/2009 Dekretuak Hezkuntza Sailaren mendeko Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako zuzendariak aukeratzeko eta pertsona bakarreko beste gobernu-organoak izendatzeko eta kargua uzteko prozedura arautzen zuen.
29/2023 Dekretuaren V. Kapituluan, zuzendaritza-funtzioaren ebaluazioa arautzen da, eta, bertan ezartzen denez, zuzendari-karguaren eta Dekretuaren 11. artikuluan ezarritakoa aplikatuz izendatutako zuzendaritza-taldeko gainerako kideen jardunaren azken ebaluazioa egingo da, baldin eta izendapenaren agintaldia bete badute.
Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketako ikastetxe integratuak arautzen dituen apirilaren 1eko 46/2014 Dekretuaren 22. artikuluan ezartzen denez, Lanbide Heziketako ikastetxe publiko integratuetako (Hezkuntza Sailaren mendekoetako) zuzendari, ikasketaburu eta idazkariak agintaldiaren amaieran ebaluatuko dira, hots, lau urteko agintaldiaren amaieran, otsailaren 3ko 22/2009 Dekretuan eta hura garatzen duten xedapenetan ezartzen den prozedurari jarraikiz.
Bestalde, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak, 139. artikuluan, unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetan egindako zuzendaritza-lana aitortzen du. Artikulu horren 4. paragrafoak dioenez, ikastetxe publikoetako zuzendariek, hezkuntza-administrazio bakoitzak finkatzen duen denboraldian kargua balioespen positiboarekin betetzen badute, dagokien ordainsari-osagarriaren zati bat jasotzen jarraituko dute aktibo dauden bitartean, betiere hezkuntza-administrazioek finkatutako neurriak, baldintzak eta betekizunak errespetatuta.
Halaber, Euskal Eskola Publikoaren Legeak, 33 sexies artikuluaren 4. apartatuan, honako hau ezartzen du: Euskal Eskola Publikoko ikastetxeetako zuzendariek, arau bidez finkatzen den denboraldian kargua balioespen positiboarekin bete badute, dagokien ordainsari-osagarriaren zati bat jasotzen jarraituko dute aktibo dauden bitartean, betiere araudi bidez finkatutako neurriak, baldintzak eta betekizunak errespetatuta.
Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketako ikastetxe integratuak arautzen dituen apirilaren 1eko 46/2014 Dekretuaren 22. artikuluak zehazten duenez, zuzendariek, balioespen positiboarekin bete badute kargua, dagokien ordainsari-osagarriaren zati bat jasotzen jarraituko dute aktibo dauden bitartean, betiere urriaren 16ko 204/2012 Dekretuaren bidez ezarritako prozedurari eta zenbatekoei jarraituz.
Horrenbestez, urriaren 16ko 204/2012 Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoen zuzendari-karguari dagokion berariazko ordainsari-osagarriaren zati bat finkatzeko modua arautu zen. Ordainsari-osagarri hori zuzendari-kargua betetzen duten pertsonek jasoko dute, betiere zuzendariak hautatzeko otsailaren 3ko 22/2009 Dekretuak arautzen duen prozesuari jarraituz izendatuak izan badira.
Era berean, otsailaren 28ko 29/2023 Dekretuaren 22. artikuluak arautzen du Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako zuzendari-karguan aritzean berariazko ordainsari-osagarriaren zati bat finkatzea, dekretu horretan xedatutakoaren babesean zuzendariak hautatzeko deitutako prozesuen ondorioz kargu horretan diharduten pertsonei dagokienez. Halaber, aipatutako ordainsari-osagarriaren zati bat finkatzea lortzeko baldintzak ezartzen ditu, bai eta osagarriaren bateraezintasunak eta zenbatekoak ere. Bederatzigarren paragrafoan ezartzen da eskabideak aurkezteko eta ebazteko prozedura Hezkuntza Saileko Langileak Kudeatzeko zuzendariaren ebazpenaren bidez egindako deialdiaren bitartez ezarriko dela.
29/2023 Dekretuaren xedapen indargabetzaileak ezartzen du Indargabetuta geratzen direla otsailaren 3ko 22/2009 Dekretua (horren bidez prozedura arautzen da Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren mendeko Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako zuzendaria aukeratzeko, eta pertsona bakarreko beste gobernu-organoak izendatzeko eta kargua uzteko), urriaren 16ko 204/2012 Dekretua (Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako zuzendari-karguaren berariazko ordainsari-osagarriaren zati bat finkatzekoa) eta dekretu honetan ezarritakoari aurka egiten dion maila bereko edo baxuagoko beste edozein arau. Hala ere, eta Lehenengo, Bigarren eta Hirugarren Xedapen Iragankorrean ezarritakoaren arabera, otsailaren 3ko 22/2009 Dekretuan xedatutakoaren arabera (horren bitartez, prozedura arautzen zen Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren mendeko Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako zuzendaria aukeratzeko, eta pertsona bakarreko beste gobernu-organoak izendatzeko eta kargua uzteko) finkatu behar da zuzendarien berariazko ordainsari-osagarriaren zati bat, hura indarrean jarri aurretik egindako eta amaitutako izendapenei dagokienez. Bestela, tratu-diskriminazioa ekarriko luke 29/2023 Dekretua indarrean sartu aurretik osagarria finkatzea onartu zaien pertsonekiko.
Horrenbestez, hau
Otsailaren 28ko 29/2023 Dekretuaren 22. artikuluaren arabera (2023ko martxoaren 14ko EHAA), Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako zuzendari-karguari dagokion berariazko ordainsari-osagarriaren zati bat finkatzeko prozedurarako deialdia egiten da, 29/2023 Dekretuan bertan eta otsailaren 3ko 22/2009 Dekretuan (Hezkuntza Sailaren mendeko Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako zuzendariak hautatzeko eta pertsona bakarreko beste gobernu-organo batzuk izendatzeko eta kargua uzteko prozedura arautzen duena) ezarritakoaren babesean deitutako zuzendariak hautatzeko prozesuen ondorioz kargu hori betetzen duten pertsonentzat.
Aurreko paragrafoan azaldutakoa eragotzi gabe, 29/2023 Dekretua indarrean sartu aurretik egin eta amaitutako izendapenen zuzendarien berariazko ordainsari-osagarriaren zati bat finkatzeko, otsailaren 3ko 22/2009 Dekretuan xedatutakoa bete behar da (22/2009 Dekretua, otsailaren 3koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren mendeko Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako zuzendariak hautatzeko eta pertsona bakarreko beste gobernu-organoak izendatzeko eta kargua uzteko prozedurari buruzkoa).
Deialdi honetan araututako aitorpena eskuratzeko, otsailaren 28ko 29/2023 Dekretuaren 22. artikuluko lehenengo apartatuan edo, hala badagokio, urriaren 16ko 204/2012 Dekretuaren 2. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dira, eskabidea aurkezteko epearen barruan:
Dagokion eskaera aurkeztea, hezkuntza-arloan eskumena duen saileko langileen kudeaketaren arloan eskumena duen zuzendaritzaren ebazpenean ezarritako moduan eta epeetan.
Hezkuntza-arloan eskumena duen sailaren mendeko ikastetxe publiko bateko zuzendari izendatua izatea lau urterako, otsailaren 28ko 29/2023 Dekretua, edo, hala badagokio, otsailaren 3ko 22/2009 Dekretua aplikatuz deitutako merezimendu-lehiaketa baten ondoren.
Zuzendari-kargua bete izana izendapenaren agintaldi osoan.
Zuzendari-kargua betetzeko jardunaren ebaluazio positiboa izatea dagokion aldian edo aldietan.
Izendapenaren agintaldi osoa amaitu izana.
Hezkuntza-arloan eskumena duen sailaren mendeko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeren batean zerbitzu aktiboan egotea.
29/2023 Dekretuaren 22. artikuluaren zazpigarren eta zortzigarren apartatuetan edo, hala badagokio, urriaren 16ko 204/2012 Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarrian eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuak arautzen dituen apirilaren 1eko 46/2014 Dekretuaren 22.3 artikuluan ezarritakoa alde batera utzi gabe.
Hautagaiek Hezigunea atarian (https://hezigunea.euskadi.eus/eu/inicio) eskuragarri dagoen «Tramitagune - Espediente administratiboak» erregistro elektronikoan prestatutako formularioaren bidez formalizatu beharko dute eskabidea. Bi aukera gaituko dira:
Zuzendarien A osagarriaren finkapena: ikastetxe arruntetan emandako aldiak finkatzeko.
Zuzendarien B osagarriaren finkapena: ezabatutako ikastetxeetan emandako aldiak finkatzeko.
Eskaera bat egin beharko da finkapena eskatzen den aldi bakoitzeko.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.4 artikuluaren arabera, interesdunetako batek eskabidea aurrez aurre aurkezten badu, hura zuzentzeko eta elektronikoki aurkezteko eskatuko zaio. Horretarako, zuzenketa egiten den eguna hartuko da eskabidea aurkezteko eguntzat.
Eskabide-orria aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, eskabidearen xede den ikastetxea kokatuta dagoen Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzan aztertuko dira eskabideak, eta Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzari txostena bidaliko zaio, eskatzaileak deialdian eskatutako baldintzak betetzen dituen adierazteko.
Hezkuntza Sailaren Langileak Kudeatzeko zuzendariak, eskabideak eta dagokien txostena jaso ondoren, berariazko ebazpen bat emango du, deialdi honi jarraituz eskatutako finkapena onartu edo ukatuko duena. Aldeko ebazpena emanez gero, finkatutako osagarria ordaintzeko edo atzeratzeko proposamena egingo da, 29/2023 Dekretuaren 22. artikuluan edo, hala badagokio, 204/2012 Dekretuaren hirugarren artikuluan ezarritako bateraezintasun-araubidea aplikatuta.
Ebazpen horren aurka egiteko, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saileko Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
Zure datu pertsonalak tratatu eta tratamendu-jarduera honi erantsiko zaizkio: Langileak kudeatzea.
Arduraduna: Langileak Kudeatzeko Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.
Helburua: irakasleen eta irakasle ez diren langileen kudeaketa.
Legitimazioa:
Tratamendua beharrezkoa da, interesduna parte den kontratu bat gauzatzeko edo interesdunaren eskariz kontratuaren aurreko neurriak aplikatzeko.
Tratamendua beharrezkoa da, interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean.
4/2023 Legegintzako Dekretua, irailaren 21ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Unibertsitateaz kanpoko Irakaskuntzako Irakasleen Kidegoen Legearen testu bategina onartzen duena.
5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duena.
Hartzaileak:
Estatuko Administrazioko beste organo batzuk.
Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.
Eskubideak: datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere.
Informazio osagarria: gure web-orrian kontsulta dezakezu Datuen Babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua: www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/048100-capa2-eu.shtml
Araudia:
Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (www.euskadi.eus/contenidos/informacion/normativa_dpd/eu_def/adjuntos/RGPD-2016_0679_eu.pdf).
3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf).
Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
ERREKURTSOAK
Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, hala xedatuta baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan, 112.1 artikuluari dagokionez.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko abenduaren 21a.
Langileak Kudeatzeko zuzendaria,
BLANCA MARIA GUERRERO OCEJO.