Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2022ko abuztuaren 16koa, Joko eta Ikuskizunen zuzendariarena, zeinaren bidez arautzen baita onarpen-zerbitzuko langile gisa gaitzeko sistema eta onartzen baitira proba horien oinarri izango diren moduluak.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Segurtasun Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 172
- Hurrenkera-zk.: 3919
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2022/08/16
- Argitaratze-data: 2022/09/08
Gaikako eremua
- Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Segurtasuna eta justizia; Hezkuntza
- Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; Herrizaingoa; Nekazaritza eta arrantza
Testu legala
Jendaurreko ikuskizunen eta jolas-jardueren abenduaren 23ko 10/2015 Legean, ikuskizunek eta jolas-jarduerek bete beharreko baldintzak eta betekizunak ezartzen dira, bai eta ikuskizun eta jarduera horiek gauzatzeko erabiltzen diren establezimenduek edo guneek bete beharrekoak ere. Gainera, alderdi horiek sendotzeko zenbait gairi heltzen die: eskaintzen diren zerbitzuen segurtasuna eta kalitatea, zerbitzu horiek ematen dituztenen erantzukizuna eta profesionaltasuna, eta ikusleen eskubideak. Horrela, besteak beste, sarbidea zaintzeko eta kontrolatzeko betebeharrak, onarpen-baldintzak eta sarrera ukatzeko eskubidea arautzen dira.
Jendaurreko ikuskizunen eta jolas-jardueren abenduaren 23ko 10/2015 Legearen 21.1 artikuluak, establezimendu baten titularren edo ikuskizunen edo jolas-jardueren antolatzaileen zaintzako eta sarbide-kontroleko betebeharren barruan, ezartzen du erregelamendu bidez zehaztuko dela zer ikuskizunek, jarduerak eta establezimendu publikok beren izaeragatik, edukieragatik edo herritarren bizikidetzan duten eraginagatik izan behar dituzten harrera-zerbitzu espezifikoak, behar bezala identifikatutako eta egiaztatutako langileekin, bezeroen edo erabiltzaileen sarrera kontrolatzeko. Gainera, ahalmena ematen die titularrei sarbide-kontrola izateko, hala nahi izanez gero, legean aurreikusitako baldintzetan; eta ezartzen du, sarbide-funtzioa garatu ahal izateko, jendaurreko ikuskizunen eta jolas-jardueren arloan eskumena duen sailaren gaikuntza lortu beharko dela.
Otsailaren 5eko 17/2019 Dekretuak, 10/2015 Legea garatzeko Erregelamendua onartzen duenak, onarpen-zerbitzuko langileen figura definitzen du, haien eginkizunak zerrendatzen ditu eta behar den gaikuntza lortzeko oinarrizko betekizunak zein diren zehazten du. Ezartzen du, orobat, ikuskizunen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzak izango duela onarpen-zerbitzuaren funtzioak betetzeko gaikuntza espezifikoa lortu duten pertsonen erregistro bat.
Gaikuntza hori Eusko Jaurlaritzak emandakoa izan daiteke edo autonomia-erkidego honetako edo beste autonomia-erkidego batzuetako, Estatuko edo Europar Batasuneko beste botere publiko batzuetako beste erakunde publiko eskudun batzuek emandakoa izan daiteke.
Era berean, 17/2019 Dekretuaren 63.2 artikuluak ezartzen du ikuskizunen arloko eskumena duen zuzendaritzak ebazpen bidez arautuko dituela proben oinarri izango diren moduluak, bai eta proben edukia eta aldian behin egiteko modua ere. Modulu horien gutxieneko edukia dekretuaren V. eranskinean ezarritakoa izango da.
Ebazpen honen bidez, onarpen-zerbitzuko eginkizunak betetzeko gaikuntza-azterketaren sistema informatikoa eta erregistroan izena emateko sistema arautzen dira, eta proben oinarri izango diren moduluak onartzen dira.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 6/2021 Dekretuak Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzari esleitzen dizkio jendaurreko ikuskizunen eta jolas-jardueren legeriak esleitzen dizkion ahalmenak eta funtzioak.
Horiek horrela, honako hau
Lehenengoa. Onarpen-zerbitzuko gaikuntza-probarako izena ematea.
Onarpen-zerbitzuko eginkizunak bete nahi dituen pertsonak berariazko gaikuntzarik ez badu, Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak zehaztutako gaikuntza-proba gainditu beharko du.
Gaikuntza-probarako izen-ematea Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren bidez egingo da: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/10951
Bide elektronikoak erabiltzeko jarraibideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri, hain zuzen, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa/
Bigarrena. Euskal Autonomia Erkidegoko establezimendu publikoetako onarpen-zerbitzuko langileak gaitzeko sistema.
Gaikuntza-azterketak organo eskudunak horretarako diseinatutako eta prestatutako sistema informatikoaren bidez soilik egingo dira.
Hirugarrena. Azterketak egiteko modua.
Azterketak KZgunea sareko zentroetan egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko establezimendu publikoetako onarpen-zerbitzuko langileen gaikuntza-probak kudeatzeko, prestatzeko, banatzeko eta ebaluatzeko garapen informatikoaren bidez. Proba horiek Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak diseinatu eta garatu ditu.
Hori izango da azterketa egiteko eta Euskal Autonomia Erkidegoko onarpen-zerbitzuko langileen eginkizunak betetzeko gaikuntza lortzeko bide bakarra.
Laugarrena. Matrikulatzeko baldintzak.
Baldintza hauek betetzen dituzten pertsonak matrikulatu ahal izango dira:
Adinez nagusia izatea.
Europar Batasuneko estatu kideren bateko nazionalitatea izatea edota dagokion bizileku- eta lan-baimena edukitzea.
Aurrekari penalik ez izatea edota ezereztu direla egiaztatzea.
Indar Armatuen edo Segurtasun Indar eta Kidegoen zerbitzutik kentzeko zehapenik jaso ez izana, segurtasun pribatuko langile gisa jarduteko gaikuntza behin betiko erretiratuta ez edukitzea eta aurreko hiru urteetan gaikuntza erretiratuta ez edukitzea.
Gutxienez honako titulu hauetatik bat edukitzea: lehen-mailako ikasketen ziurtagiria, eskola-graduatua, derrigorrezko bigarren hezkuntzako graduatua edo erdi-mailako lanbide-heziketa edo horren baliokidea, hezkuntza-administrazioak homologatuta.
Matrikulazioa Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren bidez egingo da.
Bosgarrena. Izena ematea eta azterketa egiteko tokia eta data aukeratzea.
Azterketak etengabe egingo dira, erabiltzaileak KZgunearen plangintzaren aukeren barruan erabakitzen duen tokian eta egunean.
KZguneen plangintza, azterketak egiteko datak eta tokiak barne, sisteman kargatuko da, bai eta eguneratzeak ere. Erabiltzaileak azterketaren data eta tokia aukeratu ahal izango ditu izena ematen duen unean erabilgarri dauden aukeren artean.
Izen-ematea azterketa egin baino gutxienez 7 egun lehenago egin beharko da.
Seigarrena. Azterketa-arauak.
Azterketa erantzun anitzeko test bat izango da. Erantzun bakarra izango da baliozkoa, eta akatsek ez dute punturik kenduko.
Sistemak azterketa bakoitza egiten den unean sortuko du, eta automatikoki eta ausaz aterako ditu galderak eta erantzunak Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak sortutako galdera-sortatik.
Zazpigarrena. Zuzenketak eta erreklamazioak.
Azterketa automatikoki zuzenduko du sistema informatikoak.
Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak ebatziko ditu erreklamazioak. Galderen enuntziatuari buruzko erreklamazioak onartuko dira; inola ere ez da azterketaren berrikuspen orokorrik egingo.
Zortzigarrena. Gainditzea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Onarpen Zerbitzuko Langileen Erregistroan izena ematea.
Gainditu dutenak Euskal Autonomia Erkidegoko Onarpen Zerbitzuko Langileen erregistroan sartuko dira. Erregistro hori Jendaurreko ikuskizunen eta jolas-jardueren 10/2015 Legea garatzen duen 17/2019 Dekretuaren 64. artikuluan xedatutakoaren arabera sortuko da; hori guztia, dekretu horren 63. artikuluan zerrendatutako baldintza guztiak betetzen direla egiaztatu ondoren.
Azterketa gainditu ez dutenek berriro izena eman ahal izango dute azterketa berriro egiteko, kalifikazio hori jakinarazten zaien unetik aurrera.
Bederatzigarrena. Unitate didaktikoak eta galdera-sorta argitaratzea eta haietarako sarbidea izatea.
Probak «Onarpen-zerbitzuko langile gisa gaitzeko ikastaroa. Euskal Autonomia Erkidegoa» eskuliburuari buruzkoak izango dira. Helbide honetan kontsultatu eta deskargatu ahal izango da: https://www.euskadi.eus/ikuskizunen-argitalpenak/web01-a2joko/eu/. Eskuliburu horren unitate didaktikoak ebazpen honen eranskinean jasota egongo dira.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Segurtasuneko sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 121. eta hurrengo artikuluekin bat etorriz.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honek ondorioak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2022ko abuztuaren 22a.
Joko eta Ikuskizunen zuzendaria,
AITOR MIKEL URIARTE UNZALU.
Euskal Autonomia Erkidegoko onarpen-zerbitzuko langile gisa gaitzeko probak unitate didaktiko hauek hartuko ditu barnean:
unitatea
Jendaurreko ikuskizunei eta jolas-jarduerei buruzko araudiaren oinarrizko alderdiak. Legearen aplikazio-eremua. Definizioak. Printzipio orientatzaileak.
unitatea
Ikusleen eta erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak. Oinarrizko eskubideak.
unitatea
Sarrera ukatzeko eskubidea. Sarrera ukatzeko erreserba. Sartzea eta bertan egotea onartzeko baldintzak. Onartzeko baldintza espezifikoak.
unitatea
Onarpen-zerbitzuko langileen eginkizunak.
unitatea
Establezimenduen segurtasun-neurriak eta autobabesari buruzko araudia. Establezimenduen, jendaurreko ikuskizunen eta jolas-jardueren baldintza teknikoak. Autobabeserako plana, aurreikus daitezkeen arriskuetarako gailuak. Edukia.
Autobabeserako plana. Aurreikus daitezkeen arriskuetarako gailuak. Definizioa. Gutxieneko edukia.
Autobabeserako planaren adibide bat. Larrialdietarako jarduketa-diagrama.
unitatea
Ixteko ordutegiak. Ordutegi orokorra. Ordutegi bereziak. Ordutegiak handitzea. Nahitaez ixtea. Amaitzea eta utzaraztea. Lokalen kanpoaldean edariak kontsumitzea.
unitatea
Adingabeen araubide juridikoa. Sartzeko mugak eta debekuak. Salbuespenak. Adinaren araberako sailkapena.
unitatea
Lehen sorospenen oinarrizko kontzeptuak. Politraumatismoak. Zauri larriak. Odoljario larriak eta shocka.
unitatea
Jendaurreko jarrera eta portaera. Autokontrol emozionala. Gatazkak konpontzea. Autobabesa. Establezimendura edo ikuskizunera joaten diren pertsonekiko jarrera eta tratua.
Emozioak eta jokabidean duten eragina. Gatazka-egoerak eta erasoak. Aurreikustea eta ekitea.
Autokontrol-teknikak. Ikusleekin asertibitatez jarduteko zenbait teknika.
Autobabesa eta defentsa pertsonala.
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (2)
- Ikus: AGINDUA, 2022ko azaroaren 24koa, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuarena, Euskadiko onarpen-zerbitzuko langileen erregistroa sortzen duena.
- Ikus: 17/2019 DEKRETUA, otsailaren 5ekoa, jendaurreko ikuskizunen eta jolas-jardueren Legea garatzeko Erregelamendua onartzen duena.