202. Done Milian ermita (Erdoñana, Domemiliaga)
4. ETAPA: ZEGAMA • SALVATIERRA-AGURAIN
Done Milian ermita, Egilazko Ermandadearen egoitza
Done Miliango ermita Santiagoko Bidearen ertzean dago, Zalduondo udalerria eta Donemiliaga udalerriko Erdoñana kontzejuaren artean. Ermita horretara antzina jendea zina egitera joaten zen.
Donemiliagaren sorrera Egilazko Ermandadearekin lotuta dago. Ermandadea Erdi Aroan sortu zen, eta gaur egun Donemiliagaren barruan dauden herri gehienen jabe zen. Bando Gerren garaian, XIV. mendearen bigarren erdian zehar, Araban herrixkak taldeka batzen hasi ziren eta ermandadeak osatu zituzten, beren interesak defendatu eta elkar babesteko.
Egilazko Ermandadea arautzen zuten ordenantzak 1360koak dira. Dokumentu horretan esaten da bertan jasotako ordenantzak zaharrak direla, beraz, uste izatekoa da Ermandadearen sorrera-data lehenagokoa dela. Ermandadeko herri bakoitzak diputatu bat izendatzen zuen, urtero San Migel egunean Erdoñanako Done Milian ermitan egiten zen batzarrera bere herriaren izenean joateko. Arabako ermandadeek bere baitako herri garrantzitsuenaren izena hartu ohi zuten: kasu honetan, Egilatz. Hala ere, denboraren poderioz, batzarra Done Milian ermitan egiten zela eta, izena aldatu eta Egilazko Ermandadea eta Done Miliango Batzarra edota Done Miliango Ermandadea esaten zitzaion. Egoitza ermitan kokatzearen arrazoia izan daiteke tenplua Erdoñanan aurkitzen dela, izan ere, kontzeju hori Donemiliaga udalerriko herriburu izan da beti (gaur egun ere Erdoñana Donemiliagako buru da).
Ermandadeko kide izateko, ordenantzek agintzen zuten herrixketakoren bateko auzoa eta bizilaguna izan behar zela, bai eta ezkutari kaparea eta kristau zaharra ere. 1463an hamalau ermandade batu eta Arabako probintzia sortu zuten (Arabako Ermandadea), tartean zela Egilazkoa.
Done Milian ermitaren jatorriari buruz gutxi dakigu. Hala ere, goi Erdi Aroko eta, beraz, Ermandadea baino lehenagoko herrixka baten zantzuak izan daitezkeen lauza-hilobiak aurkitu ziren 1960ko hamarkadan ermita inguruan egin zen arkeologia-indusketa batean. Historiak aurrera egin ahala, herrixka hura hustu egin zen agian, aztarna bakar gisa baseliza utzita, hain zuzen ere, gaur egungo Done Milian ermita.
Ermita
Done Milian ermitaren oraingo eraikina XVII. mendean egindako lanen emaitza da. Oinplano angeluzuzena du eta burualdean presbiterioa ageri da, gezi-leiho txiki bat duena. Estalkia bost isurikoa da, eta kanpai-horma xumea du, kanpai bakarrekoa eta gurutze txiki batez burutua. Sarrera nagusian ateburudun atea dago, gainean Gaztela eta Leongo armarri barroko bikaina duena, XVII. mendekoa. Tenplua Egilazko Ermandadearen egoitza izan zelako kokatu zuten agian armarria ermitaren fatxadan. Eliza kanpotik luzituta dagoenez, harlangaitzezko horma-atalak estalita daude; aldiz, agerian daude hareharrizko harlanduzkoak diren ertzetako kateak, atezangoak eta leihozangoak.