208. Done Erroman eliza (Ezkerekotxa, Iruraitz-Gauna)
5. ETAPA: SALVATIERRA-AGURAIN • VITORIA-GASTEIZ
Landa-gune txiki baten aberastasunaren erakusgarri
Arabako Lautadaren ekialdeko hegalean kokatua, Ezkerekotxa Iruraitz-Gauna udalerriko kontzeju txiki bat da, tradizionalki nekazaritza eta abeltzaintzatik bizi izan dena.
Lehen aipamen dokumentala 1040koa da. Ezkerekotxa San Adriandik datorren eta Arabako Lautada zeharkatzen duen Donejakue Bidean kokaturik dago. Jatorri askotariko erromes eta bidaiarien lekuko izan zen, eta hala, hainbat kultura eta pentsamolderen eragina jaso zuen, bertako populazioan eta arkitekturan nolabaiteko aztarna utzi zutenak. Horren adibide da bide ertzean dagoen eliza. Done Erroman tenplua herri erdigunean dago, eta garai eta joera artistiko ezberdinetako elementu adierazgarri ugari ditu, mendeen joanean bertako artistek egin zuten lan onaren eta kalitatearen erakusgarri direnak.
Erdi Arotik XIX. mendera arte, parrokia bat bere komunitateak sostengatzen zuen, hamarrenak eta primiziak ordainduz. Hamarrenak parrokiako elizgizonen mantenurako erabiltzen ziren, eta onuradunen kopurua (hau da, eliza bati atxikitako apaizen kopurua) zerga horren bidez jasotzen ziren errenten arabera definitzen zen. Primiziaren bidez bildutakoa, ordea, elizaren gastu materialak ordaintzeko erabiltzen zen, hala nola obrak, konponketak, argiztapena, lan artistikoak, elementu liturgikoen erosketa, altzariak, etab.
Dokumentatuta dago XVI. mendearen erdialdean Ezkerekotxak 24 biztanle zituela, eta Done Erroman elizak bost onuradun; kopuru handia, herriko biztanleria txikia kontuan hartuta. Onuradunen kopurua oso datu esanguratsua da, herriko aberastasunaren eta parrokia-elizak jasotzen zuen errenta-kopuruaren erakusgarri baita. Ideia hau eliza osatzen duten elementuen kantitateak eta kalitateak ere indartzen du, benetako bitxi artistikoak baitira, eliztarren ekarpen ekonomikoari esker egin ahal izan zirenak.
Done Erroman eliza, Donejakue Bideko moda artistikoen lekuko
Done Erroman eliza XIII. mendekoa da eta oinplano angeluzuzena du, burualde oktogonala eta nerbio-gangadun estalkia. Hainbat garaitako eraikuntza-faseak eta elementuak ikusten dira. Zatirik zaharrena portada da, aurreko tenplu erromaniko batekoa, beharbada XII. mendekoa. Erdi-puntuko arkua du, eta hiru arkibolta, motibo geometriko sinpleekin apainduak, hala nola Jakako takeatua. Arkiboltak gai figuratiboz eta landare-elementuz apaindutako kapiteldun zutabeetan bermatzen dira.
XIII. mendean eliza absidearen aldetik handitu zuten. Garai horretakoa da absideko leiho bikainki apaindua, non erromanikoaren eta hasierako gotikoaen elementuak ageri diren: landaretza hostotsu batez apaindutako arkiboltetan, gizon baten eta emakume baten irudiak nabarmentzen dira; eskuetan objektuak daramatzate eta emakumeak buruko oihala du. Kapiteletan askotariko gaiak dituzten elementu figuratiboak ageri dira, adibidez: landare-motiboak, animalia fantastikoak, liburu bat esku artean duen zalduna.
Barrualdean dago elizako bitxi artistikorik nabarmenena, erretaula nagusia. Errenazentista klasizista estiloko harrizko erretaula da, eta antzina osorik polikromatua zegoen arren, gaur egun arrastoak bakarrik geratzen dira. Ez dakigu nor izan zen egilea, baina agerian uzten du nola barreiatzen ziren joera artistikoak Bidean zehar, eta halaber, Arabako Lautadan lan egiten zuten artistek Italiako korronte berriak ikasi zituztela. Erretaulako irudi nagusia, San Roman, tronuan eserita dago monje-abitua jantzita duela. Nabarmentzekoa da sagrarioa, alboetan pertsonaia biblikoak dituen hiru gorputzeko tenplu biribila imitatzen duena, bai eta San Romanen martirioa xehetasun handiz erakusten duten erliebeak ere.
Halaber, aipagarria da presbiterioan kokatuta dagoen Erdi Aroko kredentzia: gurtzarako elementuak gordetzeko armairu liturgiko bat. XV. mendetik aurrera ez ziren erabiltzen, sakristien erabilera hedatu baitzen. Ezkerekotxako kredentziak dekorazio-elementu begetalak ditu eta emakumezko aurpegi baten irudia, polikromia hondarrak dituena. Bestalde, egungo bataiategian sagrario gotiko polikromatu bat aurkitzen da.