Etxebizitza eta Hiri Agenda Saila

Arautegia

Inprimatu

98/2022 DEKRETUA, abuztuaren 30ekoa, zeinaren bidez bigarren aldiz aldatzen baita Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak onartzen dituen Dekretua.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Lan eta Enplegu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 176
  • Hurrenkera-zk.: 3998
  • Xedapen-zk.: 98
  • Xedapen-data: 2022/08/30
  • Argitaratze-data: 2022/09/14

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gizarte Gaiak; Lana eta enplegua; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak onartzen dituen maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onartu ziren, bai eta organismo autonomo horri dagozkion egitura eta egitekoak ere, barneko organo bakoitzaren egitekoekin batera.

Ekainaren 29ko 156/2021 Dekretuaren bidez aldatu ziren estatutu horiek, indarrean jarri zirenetik izan ziren aldaketak (antolaketan eta lurralde-egitura mailan) jasotzeko asmoz, eta haien egitura Lanbidek bere gain hartutako beharretara eta eginkizun berrietara egokitzeko, betiere organismo autonomo horrek esleituta dituen zerbitzuak modu egoki eta eraginkorrean eman ahal izateko.

Egituran egindako aldaketetako bat izan zen lehengo Enplegurako Prestakuntzako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Zuzendaritza arlo espezializatu bitan banatzea: batetik Enplegurako Lanbide Heziketaren Zuzendaritza eta bestetik Prestazioen eta Inklusioaren Zuzendaritza.

Hots, unitate zehatz bat sortu zen prestazioak kudeatzeko. Gainera, bizitzeko gutxieneko diru-sarreren errealitatea txertatu zen; Lanbidek 2020ko irailaren 1etik du prestazio hori kudeatzeko ardura, eta transferentzia osoa 2022rako aurreikusita dago, 20/2020 Errege Lege Dekretuak bosgarren xedapen gehigarrian aurreikusten duen bezala (20/2020 Errege Lege Dekretua, maiatzaren 29koa, Bizitzeko Gutxieneko Diru Sarrera ezartzen duena). Xedapen hori berretsi eta modu berean jaso da Bizitzeko Gutxieneko Diru Sarrera ezartzen duen abenduaren 20ko 19/2021 Legean.

Lanbideren Estatutuetan artikulu berria sartu zen, 15 bis izenekoa, eta horren bidez Prestazioen eta Inklusioaren Zuzendaritzaren eginkizunak arautu ziren. Eginkizun guztiak daude prestazioen kudeaketari lotuta eta, bereziki, diru-sarrerak bermatzeko errenta eta bizitzeko gutxieneko diru-sarrera kudeatzeari lotuta.

Orain beste urrats bat eman behar da Prestazioen eta Inklusioaren Zuzendaritzaren eraketan, inklusioari lotutako eginkizun zehatzak eman behar zaizkio.

Izan ere, urrats hori eman behar da diru-sarrerak bermatzeko errentaren eta bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren prestazioek lotura izan behar dutelako gizarte- eta lan-aktibazioko programa eta neurriekin. Prestazio horien onuradunen inklusio-prozesuetarako laguntza indartu behar da, eta tresna berriak garatu behar dira, aurrera egiteko bai arretaren pertsonalizazioan, bai Ongizate Estatuaren beste sistema batzuekin kasuistika konplexuak sektoreen artean jorratzeko lanean.

Diru-sarrerak bermatzeko sistemaren erabiltzaileak gizarteratzeko tresna berri horiek garatu eta zehaztu behar dira. Sistemaren ikuspegi integral batetik eta prestazioen kudeaketarekin estuki lotuta dagoen ikuspegitik heldu behar zaio erronka horri.

Era berean, Lanbideren Administrazio Kontseiluak trantsizioari eta hobekuntzari lotutako «Lanbide Hobetzen» proiektua onartu zuen 2021eko azaroan. Proiektu horretan antolaketa egiteko esparru estrategikoa ezartzen da, gaur egungo egoeraren diagnostikoa egiten da, eta zerbitzuen, arretaren eta esku-hartzearen eredu berri baten oinarriak ezartzen dira, herritarren eta enpresen beharrei erantzun ahal izateko.

Herritarrentzako arretari dagokionez, Lanbide Hobetzen planean jasotzen den eredu berriaren arabera, diagnostikoa egokia izan behar da, pertsonen ezaugarriak eta beharrizanak hasieran segmentatu behar dira, eta, ondorioz, zerbitzu eta ibilbide pertsonalizatuak eta dibertsifikatuak definitu behar dira, enplegagarritasun-maila handiagoa edo txikiagoa izango duten eta enplegura arteko zer distantzia izango duten aintzat hartuta.

Aipatu ereduaren esparruan, bada, dekretu honen bidez Estatutuak aldatzen dira Prestazioen eta Inklusioaren Zuzendaritzaren bitartez gizarteratzeko eta laneratzeko lan-merkatutik oso urrun dauden pertsonak, enplegagarritasuna hobetzeko laguntza handia behar dutenak, laguntza espezifikoak behar dituztenak edo gizarteratzeko eta laneratzeko hainbat laguntza behar dituztenak, eta, beharbada, sektorearteko esku-hartzeak Ongizate Estatuko beste sistema batzuekin (gizarte-zerbitzuak, osasuna, etxebizitza, hezkuntza).

Horrelako ibilbideetan sartzen da, hain zuzen ere, baztertuta geratzeko arriskuan daudelako edo desgaitasunen bat dutelako lan-merkatutik urrun dauden pertsonen gizarteratzea eta laneratzea eta enplegagarritasuna bultzatzera bideratutako programen eta tresna espezifikoen kudeaketa, hala nola laneratze-enpresetan eta enplegu-zentro berezietan garatutakoak, orain arte Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzak kudeatzen zituenak.

Bestalde, estatutuen aldaketa horren bidez, hizkuntza-normalizazioa organismo autonomoaren kudeaketa orokorrean txertatzen da, eta arlo horretako eskumenak esleitzen zaizkie Lanbideko zuzendaritza-organoei, Eusko Jaurlaritzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plan Orokorraren eraginkortasuna bermatzeko VI. plangintzaldirako (2018-2022).

Azkenik, Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzaren eta Prestazioen eta Inklusioaren Zuzendaritzaren eginkizun-aldaketak Estatutuetan jaso ostean, komeni da arau-xedapen jakin batzuetan ere jasotzea: laneratze-enpresetako eta enplegu-zentro berezietako erregistroak eta dirulaguntzen programa espezifikoak arautzen dituzten xedapenetan, eta horietan araututako eginkizunak betetzean eskumena duten organoei dagokienez eragina duten xedapenetan. Hori da azken xedapenetako lehenengoaren, bigarrenaren eta hirugarrenaren helburua.

Hori dela eta, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuak proposatuta, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz eta Gobernu Kontseiluak 2022ko abuztuaren 30ean egindako bileran gaia eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

Lehenengoa. 10. artikuluko 2. apartatuari idazketa berria ematen zaio, eta honela geratzen da idatzita:

  1. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia goi-karguduna da, sailburuordearen maila du, eta egiteko hauek beteko ditu:

    1. Organismoaren aurrekontu-aurreproiektua egitea eta Administrazio Kontseiluari proposatzea.

    2. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua zuzentzea eta Administrazio Kontseiluaren akordioak gauzatu eta betearaztea.

    3. Kontseiluari proposatzea organismoaren egitekoak betetzeko behar diren hitzarmenak, eta entitate publiko edo pribatuekin integratutako edo partekatutako kudeaketa-formulak ezartzea.

    4. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari berez dagozkion gaietako kontratuak izenpetzea eta administrazio publikoen kontratuei buruzko legeek kontratazio-organoei ematen dizkieten ahalmenak eta eskumenak baliatzea.

    5. Organismo autonomoaren zerbitzuak zuzendu eta gainbegiratzea xedeak betetzeko, eta langileak zuzentzea.

    6. Organismoaren gastuak onartzea eta ordainketak agintzea, Zerbitzu Orokorren zuzendaritzei esleitutakoak izan ezik. Halaber, Administrazio Kontseiluari jakinaraztea zer gastu baimentzen dituzten Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua atxikita daukan sailburuak edo Gobernu Kontseiluak. Administrazio Kontseiluari dagokio 1.000.000 eurotik gorako kontratuak baimentzea.

    7. Organismoaren urteko jarduera-memoria egitea, bai eta Administrazio Kontseiluak gomendatzen dion beste edozein txosten ere.

    8. Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan aurreikusitako dirulaguntza izendunak ematea, eta lehiaketetako dirulaguntza-deialdiak ebaztea, aurreikusten bada eskabideak aldez aurretik ezarritako irizpide batzuen arabera baloratu eta alderatuko direla.

    9. Lan-arloko auzibidearen aurreko erreklamazioak ebaztea.

    10. Zehatzeko ahala baliatzea enpleguari eta langabeziari, diru-sarrerak bermatzeari eta gizarte-inklusioari buruzko gaietan, bakoitzari dagozkion legeetan xedatutakoaren arabera.

    11. Enpleguaren arloko sail eskudunari eta Administrazio Kontseiluari beren egitekoetarako behar duten informazio guztia ematea.

    12. Administrazio Kontseiluaren erabakiak betearaztea eta hark eskuordetzen dizkion ahalmenak baliatzea.

    1. Administrazio Kontseiluari kudeaketa-plana eta jardueren urteko memoria aurkeztea. Halaber, Administrazio Kontseiluari aurrekontu-garapenaren egoeraren berri emango dio, eta onartutako aurrekontuko kontzeptuak edo partidak aldatzeko baimena eskatuko dio.

    2. Administrazio Kontseiluari proiektua proposatzea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eskumenekoak diren laguntza eta dirulaguntzetarako deialdiak arautzeko, eta onartutakoak argitaratzea.

    1. Zuzendaritza Nagusiaren mendeko organoek emandako ebazpen eta administrazio-egintzen aurka jarritako errekurtsoak ebaztea.

    2. Lanbideko hizkuntza-normalizazioaren ardura bere gain hartzea eta beraren eskumeneko alorretan zerbitzu- eta lan-hizkuntzan euskararen erabilera sustatzea, herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko, Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartutako Euskararen Agenda Estrategikoari jarraikiz.

Bigarrena. 12. artikuluaren 1. apartatuari d) letra gehitzen zaio, eta honela geratzen da idatzita:

  1. Zerbitzu Orokorretako Zuzendaritzaren gidaritzapean eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin elkarlanean, indarrean dagoen Euskara Normalizatzeko Planeko helburuak definitzea berari dagokion alorrean eta horiek lortzeko ekimenak garatu eta ebaluatzea bere Zuzendaritzako arduradunekin batera euskararen kudeaketa integratua eginez.

    Hizkuntza ofizialak erabiltzeko irizpideak ezartzea eta horien jarraipena egitea Zuzendaritzako jardun-eremuetan, besteak beste: itzulpen-irizpideak, langileen etengabeko prestakuntza orokorra, izendapen ofizialak eta antolatutako jendaurreko ekitaldiak. Halaber, hala dagokionean, hizkuntza-irizpideak txertatzea administrazio-kontratazioan eta dirulaguntza-deialdietan.

Hirugarrena. 13. artikuluari p) eta q) letrak gehitzen zaizkio, eduki honekin:

  1. Politika publikoetan eta Lanbidek kudeatzen dituen administrazio-arloko gaietan hizkuntza normalizatzen eta euskara sustatzen laguntzea, hizkuntza-politikaren arloan eskumena duen organoaren irizpideekin bat etorrita.

  2. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren laguntzarekin, gainerako zuzendaritzek hizkuntza-normalizazioan egiten duten lana koordinatzea eta dinamizatzea, eta euskara sustatzea politika publikoetan eta Lanbidek kudeatzen duen beste edozein arlotan.

Laugarrena. Aldatu egiten da 14. artikuluaren 2. apartatua, eta honela geratzen da idatzita:

  1. Era berean, honako eginkizun hauek betetzea dagokio Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzari:

    1. EAEn laneratzea aktibatzearen arloan beren jarduera garatzen duten gainerako organismoekin koordinatzea eta lankidetzan jardutea.

    2. Enpleguaren arloko betebeharrak, zehazki, jarraian adierazten diren kontzeptuen ondorioz sortutakoak, betetzen direla egiaztatzea: langabezia-prestazioa eta -subsidioa, diru-sarrerak bermatzeko errenta edo beste edozein prestazio, subsidio edo laguntza.

    3. Zuzendaritza Nagusiak haren esku uzten duen antzeko beste edozein egiteko garatzea.

Bosgarrena. Aldatu egiten da 15 bis) artikulua, eta honela geratzen da idatzita:

15 bis artikulua. Prestazioen eta Inklusioaren Zuzendaritza.

Prestazioen eta Inklusioaren Zuzendaritzari honako egiteko hauek dagozkio:

  1. Diru-sarrerak bermatzeko errenta, edozein modalitatetan, eta etxebizitza-gastuetarako prestazio osagarria aitortu, ukatu, berrikusi, aldatu, eten eta azkentzeko espedienteak instruitzea eta ebaztea.

  2. Inklusio aktiboko hitzarmenak izenpetzea.

  3. Diru-sarrerak bermatzeko errenta, edozein modalitatetan, edo etxebizitza-gastuetarako prestazio osagarria jasotzen duten titularren eta onuradunen jarraipen etengabea eta kontrola egitea.

  4. Diru-sarreren bermearen eta gizarte-inklusioaren gaietako zehapen-espedienteak hastea eta instruitzea.

  5. Bizitzeko gutxieneko diru-sarrera eta, hala badagokio, soldataren ordezko beste edozein prestazio edo subsidio kudeatzea; horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoaren esku utzitako edo eskualdatutako egitekoak betetzea.

  6. Baztertuta geratzeko arriskuan dauden pertsonak eta desgaitasuna duten pertsonak gizarteratzeko eta laneratzeko eta haien enplegagarritasuna handitzeko tresna eta programa espezifikoak kudeatzea.

  7. Lidergo funtzionala ezartzea enplegagarritasuna hobetzeko laguntza handia eta babes espezifikoa behar dituzten pertsonak gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbideetan.

  8. Laneratze Enpresen Erregistroa eta Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroa zuzendu eta kudeatzea.

  9. Jardun-eremuko helburuak betetzeko behar den bezainbeste erabaki hartzea eta egintza ematea.

  1. Dekretu hau indarrean jartzen den egunean ebatzi gabe dauden prozedurak ebaztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan gai horretako eskumena duen zuzendariari dagokio, kontuan hartuta zer egiteko esleitu zaion dekretu honetan.

  2. Aurreko apartatuan xedatutakoa gorabehera, dirulaguntza eman zuen organoak berak hasi eta ebatziko ditu dirulaguntzak itzultzeko prozedurak.

    AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

    Laneratzeko enpresen kalifikazioa arautzen duen eta horietan sartzeko prozedura eta haien erregistroa ezartzen dituen azaroaren 11ko 182/2008 Dekretuan egiten diren aipamenak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak onartzen dituen Dekretua aldatzen duen ekainaren 29ko 156/2021 Dekretuaren azken xedapenetako lehenengoan xedatutakoaren arabera Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzari eta Laneratzea Aktibatzeko zuzendariari eginak zirela ulertu behar zirenak, orain, hurrenez hurren, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Prestazioen eta Inklusioaren Zuzendaritzari eta Prestazioen eta Inklusioaren zuzendariari egiten zaizkiela ulertuko da.

    AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

    Aldatu egiten da urriaren 29ko 168/2019 Dekretua, zeinaren bidez arautzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoan desgaitasuna duten pertsonen enplegagarritasunarekin loturiko programak eta zerbitzuak eta Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroa. Honako hauek dira aldaketak:

    Lehenengoa. Aldatu egiten dira 70. artikuluaren 1., 2. eta 3. apartatuak, eta honela geratuko dira idatzita:

    1. Dekretu honen II. kapituluko 1. atalean (desgaitasuna duten pertsonen enplegua sustatzeko laguntzak) eta 2. atalean (enplegu lagunduko jarduketetarako laguntzak) araututako laguntzak kudeatzeko eta ebazteko organo eskuduna Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritza izango da.

      Dekretu honen II. kapituluko 3. atalean (enplegu-zentro berezietako enplegurako laguntzak) araututako laguntzak kudeatzeko eta ebazteko organo eskuduna Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Prestazioen eta Inklusioaren Zuzendaritza izango da.

      II. kapituluko 2. atalean (enplegu lagunduko jarduketetarako laguntzak) eta 3. ataleko 4. azpiatalean (lanbide-jardueran laguntzeko unitateentzako laguntzak) araututa dauden laguntzei dagokienez, Laneratzea Aktibatzeko zuzendariaren eta Prestazioen eta Inklusioaren zuzendariaren ebazpenak jakinarazteko, hurrenez hurren, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-taula elektronikoa erabiliko da: https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/

    1. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariaren eta Prestazioen eta Inklusioaren zuzendariaren ebazpenek ez diote amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haien aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke organismo autonomo horren zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

    Bigarrena. Emandako dirulaguntzen berri emateko eta 70. artikuluko 5. apartatuan, 74. apartatuan eta 75. artikuluko a) eta b) letretan jasotako itzulketa-prozedurak hasteko eta ebazteko organo eskudunari buruz egiten diren aipamenak, hurrenez hurren, laguntzak emateari buruzko ebazpena eman duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendariari buruzkoak direla ulertuko da.

    Hirugarrena. Aldatu egiten da 82. artikuluaren 2. apartatua, eta honela geratzen da idatzita:

    1. Aipatutako erregistroa Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua organismo autonomoari adskribatzen zaio, Prestazioen eta Inklusioaren Zuzendaritzaren bitartez, eta hark izango du haren antolaketaren, kudeaketaren eta funtzionamenduaren ardura.

    Laugarrena. Aldatu egiten da 87. artikuluaren 1. apartatua, eta honela geratzen da idatzita:

    1. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Prestazioen eta Inklusioaren Zuzendaritzari dagokio eskabidea izapidetzeko eta enplegu-zentro bereziaren kalifikazioa emateko ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko beharrezkoak diren jarduketak egitea.

    Bosgarrena. Kalifikazioari buruz ebazteko eta, hala badagokio, enplegu-zentro berezi gisa inskribatzeko edo deskalifikazio-prozedura hasteko organo eskudunari buruz 87. artikuluaren 2. apartatuan eta 90. artikuluaren 2. apartatuan egiten diren aipamenak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Prestazioen eta Inklusioaren zuzendariari egiten zaizkiola ulertuko da.

    Seigarrena. Aldatu egiten dira 87.4 eta 90.4 artikuluak, eta bata zein bestea honela geratzen dira idatzita:

    Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Prestazioen eta Inklusioaren zuzendariaren ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke organismo autonomo horren zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

    AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

    Aldatu egiten da 463/2013 Dekretuaren 7. artikuluaren 6. apartatua (463/2013 Dekretua, abenduaren 17koa, Profesionaltasun-ziurtagirien eta Egiaztapen Partzial Metagarrien Euskal Erregistroa sortu eta ziurtagiri eta egiaztapen horiek erregistratzeko eta emateko prozedura ezartzen duena). Honela geratuko da:

    1. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketaren zuzendariak ebatziko du profesionaltasun-ziurtagiriak edo egiaztapen partzial metagarriak inskribatu eta eman behar diren ala ez. Organo horren ebazpenek ez diote amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haien aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke organismo autonomo horren zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

    AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA

    Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

    Donostian, 2022ko abuztuaren 30ean.

    Lehendakaria,

    IÑIGO URKULLU RENTERIA.

    Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua,

    IDOIA MENDIA CUEVA.