Osasun Saila / Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila

Arautegia

Inprimatu

78/2024 DEKRETUA, ekainaren 18koa, hezkuntza-sistema inklusibo baten esparruan aniztasunari erantzutekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxeetako ikasleentzat.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 127
  • Hurrenkera-zk.: 3108
  • Xedapen-zk.: 78
  • Xedapen-data: 2024/06/18
  • Argitaratze-data: 2024/06/28

Gaikako eremua

  • Gaia: Hezkuntza
  • Azpigaia: ---

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Hezkuntza-sisteman aniztasunari erantzuteko, esparru etiko bat behar da. Esparru horrek erreferente hauek ditu: giza duintasunaren balioa, desberdintasunen errekonozimendu enpatikoa, pertsona zaurgarrienen babesa, eta hezkuntza-prozesuan parte hartzen dutenentzat irisgarritasuneko eta ikaskuntzako oinarrizko baldintzen berdintasuna gauzatzeko behar diren neurriak hartzeko erantzukizuna. Horretarako, ezinbestekoa da hezkuntza-eredu kalitatezkoak eta ekitatiboak garatzea, baita irisgarritasun unibertsala bermatzen dutenak ere.

Aniztasunari erantzute hori gauzatzeko, hezkuntza-sistemak goian deskribatutako esparru etikoan garatu behar ditu bere politikak, eta antolaketa, metodologiak eta curriculum-neurriak ikasle guztientzat egokitzeko gaitasuna duten ikastetxeetan, «Guztiontzako eskola» kontzeptua errealitate bihurtzeko.

Ikastetxeak benetako espazio inklusibo gisa eraikitzea ikasle bakoitzaren hezkuntza-prozesuaren kalitatea mugatzen duten era guztietako oztopoak eta hesiak gainditzera bideratzen den prozesua da, zaurgarrienei arreta berezia eskaintzen diena. Paradigma-aldaketa horrek hezkuntza-sistemaren estamentu guztiak inplikatzen ditu, eta, ikastetxeetan, lehentasunez, irakasleak. Haiei dagokie ikasle bakoitzari zuzeneko erantzuna ematea, ikasleek pertsona duinak eta baliotsuak direla senti dezaten. Horretarako, hezkuntza-sistemak eginkizun hori betetzeko prestakuntza ahalbidetu behar du.

Hezkuntza-eragileak diren aldetik, entitate hauek dute, besteak beste, arrakasta-itxaropena eskaintzen duten hezkuntza- eta gizarte-ingurune inklusiboak lortzeko ardura: zuzendaritza-taldeak, beren ezinbesteko lidergo pedagogikoa gauzatzean; ikasleak eta haien familiak, laguntzaile eta funtsezko eragile gisa seme-alaben hezkuntza-prozesu osoan erabakiak hartzerakoan; irakasle ez diren langileak eta hezkuntza-langileak; hezkuntzarako laguntza-zerbitzuak; hezkuntza-ikuskaritza; senitartekoen elkarte eta federazioak; unibertsitateak, eta osasun-sistema eta gizarte-sistemak. Gainera, guztion onerako eta gizarte-kohesio handiagorako balio partekatuak sustatzen dituzte.

Nazioarteko esparruan, hezkuntza- eta gizarte-politikek inklusioaren printzipioa defendatzen dute, printzipio hori hartzen baita hezkuntza-garapenari bidea emateko eta gizarte-kohesioa ahalbidetzeko bitartekorik egokientzat. Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazio Batuen Konbentzioaren (2006) abuztuaren 1eko 26/2011 Legearen bidez gure barne-zuzenbidera moldatua 24. artikuluak onartzen duenez, «hezkuntzarako eskubidea eragingarri egiteko asmoarekin, bereizkeriarik gabe eta aukera-berdintasuna oinarri, estatu alderdiek maila guztiak eta bizitza osorako irakaskuntza barneratzen dituen hezkuntza-sistema ziurtatuko dute». Horretarako, laguntza-neurri pertsonalizatuak eta efektiboak hartuko dira garapen ekonomiko eta soziala ahalik eta gehien sustatzen duten inguruneetan, erabateko inklusioaren helburuari jarraikiz.

Hezkuntza 2030 Ekintza Esparruak, UNESCOko 184 kidek Parisen onartuak, hezkuntzaren ikusmoldea indartzen du, bizitzak eraldatzeko bitarteko gisa, eta Garapen Jasangarrirako Helburuak lortzeko eragile nagusi gisa betetzen duen zeregina errekonozitzen du. Zehazki, «Guztiontzako kalitatezko hezkuntza inklusiboa nahiz bidezkoa bermatzea eta etengabeko ikaskuntzarako aukerak bultzatzea» da proposatutako helburuetako bat.

Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazio Batuen Konbentzioak 19. artikuluan ezartzen du modu independentean bizitzeko eta komunitatean sartzeko eskubidea. Desgaitasunen bat duten pertsona guztiek komunitatean baldintza berberetan bizitzeko duten eskubidea onartzen da, gainerakoen aukera berdinekin, eta adierazten da estatu alderdiek neurri eraginkor eta egokiak hartuko dituztela desgaitasunen bat duten pertsonek eskubide hori erabat baliatzeko, eta pertsona horiek komunitatean erabat sartzeko eta parte hartzeko.

Abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoak, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa LOMLOE aldatzen duenak, hezkuntza-sistemaren ekitatean eta izaera inklusiboan aurrera egiteko premia adierazten du; horrez gain, konpetentzien garapen handiagoa (konpetentzia digitalarena barne) eta ikaskuntzaren pertsonalizazioa sustatzen ditu, ikasle guztiek izan dezaten eskola-arrakasta erdiesteko aukera. Era berean, haurren eskubideen errespetua eta genero-berdintasuna sustatzen ditu, baita garapen jasangarrirako hezkuntza ere.

Ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoak, haurrak eta nerabeak indarkeriatik begiratzeko babes integralarenak, esanbidez adierazten du hezkuntza-sistemak hezkuntza-komunitateko kide guztien elkarrekiko errespetua izan behar duela oinarri, eta hezkuntza irisgarria, berdintasunezkoa, inklusiboa eta kalitatezkoa sustatu beharra azpimarratzen du, haur eta nerabe guztien garapena ahalbidetu behar duena, oinarrizko eskubideak eta askatasun publikoak errespetatuko dituen eskola-testuinguru seguru eta ekitatiboan.

Euskal Autonomia Erkidegoan, hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei eman beharreko hezkuntza-erantzuna eskola muinbakar eta integratzailearen esparruan antolatzen duen ekainaren 23ko 118/1998 Dekretua izan da eskolatzearen aldi batean edo eskolatze osoan zehar horren beharra izan duten ikasleei hezkuntza-erantzun egokia bideratzeko arau zuzentzailea. Dekretu horrek Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legean jasotako printzipioak garatu zituen, honela definitzen baitzuen eskola publikoa: «anitza, elebiduna, demokratikoa, gizarte eta kultura mailan bere ingurunean errotua, ezberdintasunen berdintzailea eta dibertsitatearen bateratzailea».

Ekainaren 23ko 118/1998 Dekretuak eta berori garatzeko eman ziren aginduek printzipio horiek indartu zituzten, hezkuntza-premia bereziak (aldi baterakoak edo iraunkorrak) dituzten ikasleen hezkuntza-arretaren antolaketari, baliabideen plangintzari eta antolamenduari buruzko alderdiak arautzean, betiere premia horien jatorria, batez ere, ikasleen hezkuntza- eta eskola-historiari, gaitasun handiagoko baldintza pertsonalei, ezintasun sentsorial, fisiko edo psikikoari edo gizarte-egoera kalteberari egotz dakizkiekeenean.

Alabaina, errealitate soziala, hezkuntzarena eta legala aldatu egin dira, eta, hortaz, bidezkoa da ikasle guztien aniztasunari erantzutea erregulatzen duen araudia eguneratzea. Zenbait kontzeptu, hala nola integrazioa eta desberdintasunen konpentsazioa, atzean utzi dituzte inklusioaren eta ekitatearen kontzeptuek. Era berean, hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei eman beharreko erantzuna, edo, adiera zabalagoan, hezkuntza-laguntzaren premia espezifikoak dituztenei eman beharrekoa, atzean utzi du izaera unibertsala duen kontzeptu batek, hots, aniztasunari erantzutekoak, garapen integrala eta ikaskuntza erraztuko dieten neurri eta laguntza pertsonalizatuak jasotzeko ikasleen eskubide gisa ulertuta. Hori ez da oztopo euskal hezkuntza-sistemak, euskal gizarteak eta irakasleek aniztasunarekin duten etengabeko konpromisoa onartzeko, ikaslerik zaurgarrienei arreta berezia eskainita.

Horiek horrela, Haur Hezkuntzari buruzko maiatzaren 30eko 75/2023 Dekretuak, Oinarrizko Hezkuntzari buruzko maiatzaren 30eko 77/2023 Dekretuak eta Batxilergoari buruzko 76/2023 Dekretuak jasotzen dutenaren arabera, hezkuntzako esku-hartzeak ikasleen aniztasuna errekonozitu eta errespetatu behar du, eta ikasle guztien oinarrizko konpetentziak ahalik eta gehien garatzera bideratutako arreta pertsonalizatua ziurtatu. Aniztasunari erantzuteko neurriek ikasleen hezkuntza-premiak gogoan hartu behar dituzte, haien ingurune normalizatu eta inklusiboan, haien ikasteko interesak, motibazioak eta gaitasunak kontuan harturik, eta, nolanahi ere, neurri horiek Oinarrizko Hezkuntzaren helburuak eta dagokion titulazioa lortzeko aukera emango dien bidea izan beharko dute. Halaber, hezkuntza-laguntzaren premia espezifikoren bat duten ikasleen detekzio eta esku-hartze goiztiarraren premia ezartzen dute. Beharrezkotzat jotzen da, gainera, ikasle guztientzako bizitza-proiektu pertsonalen garapenean aurrera egitea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzari buruzko abenduaren 21eko 17/2023 Legeak (aurrerantzean, EHL), hezkuntza-sistemaren printzipio gisa printzipio hauek zaintzea ezartzen du: inklusioa, ekitatea, gizarte-kohesioa, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eta ikastetxe guztien hezkuntza-sisteman aniztasuna bermatzea. Era berean, hezkuntza-sistemaren helburuen artean, prestakuntza integrala eta malgua bultzatzea dago, balioetan oinarritua, askotariko ikasleentzat kalitatezko hezkuntza-aukerak bermatuko dituena eta berezko gaitasunak dituzten ikastetxeak egotea segurtatuko duena; horretarako, sinesmen-, gaitasun- eta konpetentzia-aniztasunaren aurrean errespetuzko eta tolerantziazko jarrera positiboa garatuko da, eta bizitza pertsonal eta sozial betea eta gizarte kohesionatu eta solidarioa bultzatuko dira. 35. artikuluan, aniztasunari buruzko neurriak ezartzen dituenean, adierazten da aniztasuna dela euskal eskola inklusiboaren jardueraren oinarria, eta, horrenbestez, kalitatezko hezkuntza eta aukera-berdintasuna bermatuko dituela, bidezkoa eta ekitatiboa izango dela, eta ikasle guztien eskola-arrakasta lortzeko xedea duen politika-, kultura- eta praktika-multzo batean gauzatuko dela.

2/2024 Legeak, otsailaren 15ekoa, Haur eta Nerabeei buruzkoa, hezkuntzaren arloan administrazioak jarduteko dituen printzipioen artean, honako hau jasotzen du: desabantaila ekonomikoak, sozialak, kulturalak edo pertsonalak dituztenen alde aukera-berdintasuna errespetatzea eta sustatzea, bai eskolarako sarbidean, bai eskolan dauden bitartean, haur eta nerabe guztiei hezkuntza-aukera berberak eskainiz eta, horretarako, diskriminazio positiboko ekintza inklusiboak eginez, hezkuntza-prozesuan laguntzeko eta eskola-porrota prebenitzeko. Eta, oro har, administrazio guztien erabakien eta jarduketen oinarrizko printzipio inspiratzaile gisa, haurren eta nerabeen interes gorenaren printzipioa eta haien eskubideen babesa hartzen ditu.

Euskal Autonomia Erkidegoko Arreta Goiztiarreko esku-hartze integralari buruzko otsailaren 2ko 13/2016 Dekretuan osasunaren, hezkuntzaren eta gizarte-zerbitzuen arloetan Arreta Goiztiarraren eremuan egiten diren esku-hartzeak antolatzeko eta koordinatzeko oinarrizko arauak ezartzen dira, eta, hala, hezkuntza-politika inklusiboen eredu integrala eratzen da.

Lanbide Heziketaren antolamenduari eta integrazioari buruzko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoak printzipio orokorrak ezartzen ditu 3. artikuluan, eta horien artean dago «gardentasuna, kalitatea, irisgarritasuna, pertsonen arteko tratu- eta aukera-berdintasuna, ekitatea eta inklusioa». Era berean, 4.b) artikuluan zehazten denez, salbuespen gisa, oinarrizko mailako heziketa-ziklo espezifikoak baimendu ahal izango dira honako hauentzat: «Hezkuntza-premia bereziak dituzten 21 urte arteko gazteentzat, eskaintza arruntera egokitzeko neurriak agortu ondoren, edo ohiko eskaintza horretan sartu ezin direnean eta haien premiei ezin zaienean erantzun inklusiorako eta aniztasunari erantzuteko neurrien esparruan». C, D eta E graduko prestakuntza-eskaintzari dagokionez, 69.3 artikuluan honako hau ezartzen da: «Lan-merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten helduak etengabe prestatzeko, gizarteratzeko eta lan-merkatuan sartzeko helburuarekin, prestakuntza modularra jasotzeko aukera emango zaie prestakuntza jasotzeko ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten lan-esperientzia duten helduei. Kasu honetan, dagokion ziurtagiria edo titulua eskatzen den unean eskatu ahal izango da sartzeko baldintzak betetzea ». Gainera, lege honen 70. artikuluak hezkuntza-premia bereziak dituzten pertsonei zuzendutako eskaintzaren modalitateak jorratzen ditu, eta hau zehazten du: «1. Desgaitasuna duten pertsonentzat antolamendu-neurri eta -alternatiba metodologikoak eta aniztasunari eta inklusioari erantzuteko neurriak nahikoak ez direnean, A, B, C eta D mailako berariazko modalitateko eskaintzak egin ahal izango dira hezkuntza-premia bereziak dituzten pertsonentzat. Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketako eskaintzen kasuan, ikastetxe arruntetan edo hezkuntza bereziko zentroetan eskolatutako ikasleak gutxienez 21 urtera arte egon ahal izango dira eskolatuta»; «2. Eskaintzak hartzaileen ezaugarrietara eta profilera egokituko dira, desgaitasun bakoitzarekin bateragarriak diren konpetentzia-estandarrak edo konpetentzia-elementuak eskuratzea sustatuko da, eta enpresetan prestatzeko eskubidea bermatuko da, behar diren egokitzapenekin, enpresaren esleipenean diskriminaziorik jasan gabe»; eta «3. Bizialdi osoko lanbide-heziketaren eskaintza bultzatuko da, desgaitasuna duten pertsonak beren lanbide-ibilbidean gaitzeko eta eguneratuta mantentzeko».

Aurrekoaren ildotik, Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legearen 3.1.g) artikuluak honako hau ezartzen du: «Neurriak bultzatzea prestakuntza-eskaintza berariazko bat eratzeko, egokitua eta bideratua gainditzera gizartean eta lan-munduan sartzeko zailtasunak dituzten kolektiboei eta pertsonei, desgaitasunen bat duten pertsonak barne, lanbide-heziketa jasotzea eragozten dieten oztopoak, era horretara gero lan-merkatuan sartzea erraztuz». Era berean, lege honen 3.2.h) artikuluak honako hau ezartzen du: «Gainditzea gizartean eta lan-munduan sartzeko zailtasunak dituzten kolektiboei eta pertsonei nahiz desgaitasunen bat dutenei prestakuntza jasotzea eragozten dieten oztopoak, eta erraztea prestakuntzaren eta lan-merkatuaren arteko igarotzea». Gainera, Hezkuntza Sistemako Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen Dekretua aldatzen duen otsailaren 2ko 14/2016 Dekretuan jasotako Lanbide Heziketaren helburuen artean txertatzen da «pertsonaren garapen integrala lortzea, alde batera utzita sexuaren araberako estereotipoak eta rolak; bereizkeria mota oro arbuiatzea, eta generoaren mugarik gabeko orientazio akademikoa eta profesionala bermatzea».

Azkenik, Euskal Autonomia Erkidegoan araubide bereziko irakaskuntzen ezarpena xedatzen duten dekretuetan, alde batetik, konpetentziak garatzera bideratutako eta ikaslearengan ardaztutako ikuspegia aukeratzen da, hartara ikaskuntza prozesu didaktiko osoaren ardatza izan dadin eta ikasleak beren ikaskuntzaz arduratzea lortu dezan, «eginez ikastea» printzipioari jarraikiz. Bestetik, aukerako irakasgaien eskaintzaren alde egiten da, ikasleen askotariko interes eta premiei erantzuteko.

Dekretu honek hitzaurre bat, hamar kapitulu, xedapen gehigarri bat, xedapen iragankor bat, xedapen indargabetzaile bat eta azken bi xedapen ditu.

  1. kapituluak xedapen orokorrak jasotzen ditu: xedea eta aplikazio-esparrua, aniztasunari erantzutearen kontzeptua eta jarduketa-printzipioak. Giza duintasunaren balioa da gainerako guztien oinarri den erreferente etikoa. Zuzeneko aplikazioa du hezkuntza inklusiboan, pertsona guztiak barnean hartzea aintzat hartzen baitu, inor baztertu edo marjinatu gabe.

  2. kapituluak hezkuntza-sistema inklusibo batek bere egiten dituen erantzukizunak zehazten ditu, bai eta hezkuntza-arloan eskumena duen sailarenak eta ikastetxeenak ere.

  3. kapituluan, ikasleen aniztasunari erantzuteko neurri eta laguntzei buruzkoan, neurri eta laguntza unibertsalak (ikasle guztiei zuzenduak) eta osagarriak eta intentsiboak (behar dituztenei zuzenduak) definitzen dira. Oztopoak identifikatzeko prozesua, hezkuntzako detekzio eta esku-hartze goiztiarra eta hezkuntza-trantsizioak ere aztertzen dira.

  4. kapituluak onarpena, eskolatzea eta hezkuntzako esku-hartzea ditu aztergai. Alde batetik, onarpena eta eskolatzea aztertzen dira, eskolatze partekatuaren modalitatea barne, eta, bestetik, jarduketa-plan pertsonalizatua planteatzen da.

  5. kapituluak Eskola Inklusiboari Laguntzeko Sarea aintzat hartzen du. Laguntza-sarea definitzen da eta ikastetxe guztietako laguntzak bereizten dira: barnekoak, kanpokoak eta komunitarioak. Ikastetxeez kanpoko baliabideen artean, hezkuntzarako laguntza-zerbitzuak eta hezkuntzako ikuskaritza nabarmentzen dira, azken hori hezkuntza inklusiborako eskubidearen bermatzaile gisa.

  6. kapituluak ebaluazioa aztertzen du eskola inklusiboaren esparruan: bai aniztasunari erantzuteko neurri eta laguntzen ebaluazioa, bai ikasleen ebaluazioa. Era berean, ebaluazioaren ondorio diren erabakiak zehazten dira, mailaz igotzea eta titulazioa lortzea, besteak beste.

  7. kapituluak derrigorrezkoaren ondoko irakaskuntzako aniztasunari erantzutea aztertzen du.

  8. kapituluak prestakuntzarekin, berrikuntzarekin eta ikerketarekin zerikusia duten alderdiak aztertzen ditu. Irakasleek etengabeko prestakuntzan inplikatzeko duten betebeharra jasotzen du, baita hezkuntza-arloan eskumena duen sailak, hezkuntza-jardunbide egokiak bultzatuz eta hedatuz, haien prestakuntza sustatzeko duena ere. Era berean, hezkuntza inklusiboaren esparruan, beste erakunde eta administrazio batzuekin batera, ikerketak egin eta hedatzeko premia aztertzen da.

  9. kapituluak parte-hartzea, koordinazioa eta lankidetza garatzen ditu. Lehenik, familien parte-hartzea eta lankidetza nabarmentzen da, hezkuntzan funtsezko eragileak dira eta. Inguruko eragileen parte-hartzea ere nabarmentzen da, proiektu komunitarioak eta beste administrazio batzuen partaidetza bultzatzearen bidez.

  10. kapituluak datuetarako irispidea, horien tratamendua eta babesa arautzen ditu, datu pertsonalak babesteari buruzko indarreko arauen arabera.

    Amaitzeko, dekretuak xedapen gehigarri bat, xedapen iragankor bat, xedapen indargabetzaile bat eta azken bi xedapen ditu.

    Horrenbestez, Hezkuntzako sailburuak proposatuta, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan aurreikusitako tramiteak egin ondoren, Euskadiko Eskola Kontseiluari entzun ondoren eta Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoari jarraikiz, eta Gobernu Kontseiluak 2024ko ekainaren 18an egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

  1. Dekretu honen xedea da ikasle guztien aniztasunari erantzuteko modua antolatzea, eta, bereziki, hezkuntza-laguntzaren premia espezifikoei eman beharreko erantzuna, Euskal Autonomia Erkidegoan ematen diren hezkuntza-sistemako unibertsitatez kanpoko irakaskuntzetan.

  2. Adierazitako irakaskuntzak ematen dituzten funts publikoekin sostengatutako ikastetxe guztietan aplikatzekoa da dekretu hau.

  3. Itunduta ez dauden ikastetxe pribatuetako irakaskuntzetan, soil-soilik ikastetxe publikoei edo hezkuntza-itunpeko araubidean ematen diren irakaskuntzei zuzenduta ez dauden artikulu eta xedapenetan aplikatzekoa izango da dekretu hau. Hots, itunduta ez dauden ikastetxe pribatuetako irakaskuntzei ez zaizkie aplikatuko funts publikoen kargurako baliabide-zuzkidurari buruzko manuak, ezta, hala badagokio, laguntza-neurri jakin batzuk aplikatzeko gutxieneko ikasle kopuruari buruzkoak ere.

  1. Aniztasunari erantzutea deritzo hezkuntza-arloko politika, kultura eta jardunbideen multzoari (planak, metodologiak, estrategiak, neurriak, laguntzak eta abar), betiere multzo hori ikasleen garapena erraztera bideratuta ez ezik, haien gaitasunetara, ikasteko estilora, interesetara, egoera pertsonaletara, sozialetara, osasun-baldintzetara eta baldintza ekonomiko, kultural eta funtzionaletara egokituta ere baldin badago.

  2. Ikasle guztiak dira dekretu honek arautzen duen hezkuntza-arretaren subjektuak: neurri unibertsalak besterik behar ez duten ikasleak; neurri horiez gain, neurri osagarriak ere behar dituzten ikasleak, eta, azken neurri horiez gain, neurri intentsiboen beharra ere baduten ikasleak. Hori guztia, hezkuntza jasotzeko aukera eta hezkuntza-arrakasta aukera-berdintasunean eta ekitate-baldintzetan bermatzeko.

  1. Honako hauek dira hezkuntza-arloan eskumena duen sailak, ikastetxeek eta profesionalek aniztasunari erantzuteko duten modua zuzendu behar duten jarduketa-printzipioak:

    1. Pertsonaren duintasunarekiko errespetuaren printzipioa. Pertsona oro, pertsona izate hutsagatik, eta bere baldintzez, inguruabarrez eta funtzionamendu pertsonalaz harago, duina da, hots, berez balio du. Duintasunak irizpide erabakigarria izan beharko du inklusioko politikak, kulturak eta hezkuntza-jardunbideak diseinatzeko eta garatzeko, ikasle guztien eskubidea da eta.

    2. Gizarteratze-printzipioa. Guztion ona eta gizarte-kohesioa bilatzen dituzten balio partekatuak sustatzen dira, desgaitasunen bat duten pertsona guztiek bizitza politikoan, ekonomikoan, sozialean, hezkuntzakoan, lanekoan eta kulturalean bete-betean parte hartzeko eta gainerakoen bizi-baldintza berdinez gozatzeko beharrezko aukerak eta baliabideak izan ditzaten.

    3. Prebentzioaren eta komunitate-lanaren printzipioa. Hezkuntza-premien detekzioa eta esku-hartze goiztiarra jarduera eraginkor baten oinarriak dira. Horretarako, ikastetxeek, haur-hezkuntzan, ikasleen garapen pertsonalean gerta daitezkeen aldaketak goiz antzemateko eta identifikatzeko jarduera orokorrak ezarriko dituzte eskolatzearen hasieran hezkuntza-laguntzako premia espezifikoak izateko arriskuan dauden ikasleentzat, eta oinarrizko hezkuntzan jarraitu egingo dute, bai eta prestakuntza-ibilbideetan ere, identifikazio-prozesuak bermatuko dituzten jarduketekin. Hori guztia arreta integratuaren, diziplina anitzekoaren eta diziplina artekoaren esparruan. Era berean, komunitate-lanak, osasun- eta gizarte-zerbitzuekin lankidetzan, eginkizun prebentiboa eta proaktiboa betetzen du, ikaskuntzarako oztopoak identifikatzeko, hezkuntzako esku-hartzea aberasteko eta gizarteratzea sustatzeko; hala, hobeto erantzuten die gure ikasle guztien, haien familien eta hezkuntza-komunitatearen egungo eta etorkizuneko beharrei, eta, aldi berean, testuinguru inklusibo batean berdintasuna eta aniztasunarekiko errespetua bermatzen du.

    4. Irisgarritasun unibertsalaren printzipioa eta Ikaskuntzarako Diseinu Unibertsala. Ikastetxeek irisgarritasun unibertsala bermatuko dute, eta irisgarritasun hori hezkuntza-prozesua osatzen duten elementu guztiek besteak beste, zerbitzuak, garraioak eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak eta sistemak bete beharreko ezaugarritzat hartuko da. Horri esker, pertsona guztiei aukera emango die elementu horiek modu normalizatuan, erosoan, seguruan eta eraginkorrean eskuratu, ulertu, erabili eta gozatzeko. Era berean, ikastetxeen curriculum-proiektuek bakoitzaren hezkuntza-proiektuetan jasota daude ikaskuntzarako diseinu unibertsalak erabiliko dituzte, ikasle guztien ikaskuntzak eta parte-hartzea errazteko.

    5. Parte-hartzearen eta erantzunkidetasunaren printzipioa. Hezkuntza-sistemak hezkuntza-prozesuan esku hartzen duten pertsona, hezkuntza-eragile, instituzio eta hirugarren sektore sozialeko antolakunde guztien inplikazioa eta erantzunkidetasuna sustatuko ditu. Ikastetxeek sarean lan egingo dute beren ikasleen familiekin, hezkuntza-arloan eskumena duen sailaren laguntza-sistemarekin, eta, hala dagokionean, foru-aldundietako oinarrizko gizarte-zerbitzuekin edo espezializatuekin eta osasungintzako profesionalekin, baita hirugarren sektoreko beste erakunde batzuekin ere. Parte-hartzeak honako hauek barne hartzen ditu: irakatsi eta ikasteko prozesuan aktiboki inplikatzea; ikasleek ikastetxeetan dituzten esperientziak; ezartzen diren interakzioak; harreman positiboak; tratu ona, eta ongizatea. Azken batean, ikastetxeetan bizikidetza positiboa garatzea aintzat hartzen du, ikasle guztiei beren garapen pertsonalean lagundu ahal izateko eta behar dituzten konpetentziak eta tresnak haien eskueran jartzeko, gizartean herritar balioetsi, aktibo eta arduratsu gisa parte hartzeko aukera izan dezaten.

    6. Ekitatearen printzipioa. Ikastetxeek ikasleei emango dieten erantzuna haien premietara egokitu beharko da. Era berean, hezkuntza-sistemak ikastetxeen ezaugarri bereizgarrien arabera erantzungo du, haien aniztasuna kontuan hartuta.

    7. Bikaintasunaren printzipioa. Ikastetxeen helburua da ikasle bakoitzaren konpetentziak ahalik eta gehien garatzea. Aniztasunari erantzuteko neurriek gogoan hartu beharko dituzte neurri horien beharra duten ikasleen hezkuntza-premiak, ingurune normalizatu eta inklusibo batean, haien ikasteko indarrak, interesak, motibazioak eta gaitasunak kontuan hartuta, eta, era berean, eskolako eta eskolaz kanpoko programak sakontzea, aberastea eta areagotzea ahalbidetuko dute.

    8. Haurraren eta nerabearen interes nagusiaren printzipioa. Gurasoek eta legezko tutoreek, hezkuntza-arloan eskumena duen sailak, ikastetxeek eta gainerako administrazioek, instituzioek eta profesionalek legezko printzipio horren arabera jardun beharko dute, ikasle bakoitzaren garapena eta haren eskubideen babesa hobekien bermatuko duten baldintzak zaintzea oinarri hartuta.

    9. Autonomiaren printzipioa. Autonomia pertsonalak berekin dakar pertsona bakoitzak bere lehentasunen arabera nola bizi erabakitzeko eskubidea (guztien duintasuna enpatiaz errespetatuz), bai eta eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak garatzeko aukera ere. Hezkuntza inklusiboa definitzean eta gauzatzean, argi izan behar da hezten direnen gaitasun eta autonomia gero eta handiagoa lortu behar duela, pertsona bakoitzaren berezitasuna kontuan hartuta. Printzipio horrek ikastetxeen autonomia ere aintzat hartzen du, baliabideak antolatzeko eta proiektu propioak garatzeko gaitasunari dagokionez, ikasleen hezkuntza-arrakasta lortzeko emaitzekiko erantzukizunari loturik.

    10. Kulturartekotasunaren printzipioa. Hezkuntza inklusiboan, kultura-aniztasunari eman beharreko arretak kulturartekotasun-irizpideak izan behar ditu ardatz. Izan ere, irizpide horiek kulturen arteko errespetu hutsa gainditzen dute, eta, gainera, honako hauek ere hartzen dituzte aintzat: norberaren kultura beste kulturetatik datozen ekarpenekin aberasteko prestasuna; kulturarteko kidetasunetan oinarritutako baterako proiektuak partekatzeko prestasuna, eta ikaskuntzara bideratutako elkarrizketa, ekitatearen eta solidaritatearen testuinguruan egindako elkarrekiko interpelazioetara irekia.

    11. Hezkidetzaren edo berdintasuneko hezkuntzaren printzipioa: hezkuntza inklusiboak genero-ikuspegia hartuko du kontuan, benetako aukera-berdintasuna bultzatzeko eta sexu-orientazioan, genero-identitatean edo genero-adierazpenean oinarritutako edozein diskriminazio mota desagerrarazteko.

  1. Sistema inklusibo baten esparruan, eta aurreko artikuluan jasotako printzipioen errespetuaren barruan, ikasleen aniztasunari erantzuteko politikak, estrategiak eta gidalerroak zehaztea.

  2. Haur Hezkuntzan, Oinarrizko Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren Ondokoan, arau bidez ezartzen diren baldintzekin, funts publikoekin sostengatutako ikastetxeetan ikasle guztien aniztasunari erantzuteko behar diren baliabide pertsonalak eta ekonomikoak bermatzea.

  3. Hezkuntza-sistemaren baliabideak planifikatzea eta antolatzea, hezkuntza-laguntzaren premia espezifikoei erantzuteko.

  4. Hezkuntza-laguntzaren premia espezifikoa duten ikasleei arreta emateko behar diren baliabideez hornitzeko irizpideak zehaztea. Berberak izango dira ikastetxe publikoetarako eta itunpeko ikastetxe pribatuetarako.

  5. Baliabide pertsonal eta teknikoen aprobetxamendu arrazional eta efizienterako antolaketa eta koordinazioa sustatzea, erabilgarri dauden baliabide guztiak modu malgu eta integratuan erabiliz, bai hezkuntza-esparruan, bai osasunaren, gizartearen eta elkarteen beste esparru batzuetan. Arrazoizko doikuntzak ez dira diskriminazio-neurri bihurtu behar eskolan.

  6. Eskola inklusiboaren plan estrategikoak eta garapen-programak egitea eta horiek ebaluatzeko prozedurak zehaztea, behar diren hobekuntzak sartu ahal izateko.

  7. Irakasleen etengabeko prestakuntza-planak garatzea; prestakuntza hori eskola inklusiboaren printzipioekin bat etorriko da, eta irakasleen konpetentzia profesionala areagotzeko xedea izango du, prozesuak berekin dakartzan zailtasunei aurre egiteko.

  8. Familiek, ikasleek eta haiek ordezkatzen dituzten elkarteek ikasle guztientzako eskolatze-ereduen eta aniztasunari erantzutekoen definizioan parte hartu dezaten bultzatzea.

  9. Osasun- eta gizarte-sistemekin batera, zenbait programa eta jarduketaren garapena sustatzea, esku-hartze integratua errazteko, eta haurrei eta haien familiei egokitzen zaien erantzuna ahalbidetzen duen hezkuntzarako espazio soziosanitarioa konfiguratzen laguntzeko.

  10. Aniztasunaren esparruan lan egiten duten gizarte-ekimeneko eta hirugarren sektoreko erakundeekiko lankidetza, parte-hartzea eta solaskidetza sustatzea.

  11. Beste administrazio eta instituzio batzuekin lankidetzan, programa komunitarioak bultzatzea, aukera-berdintasuna sustatuko duten eta esklusioa eta desberdintasun soziala sortu dezaketen testuinguru-egoerak prebenitzen lagunduko duten sare soziosanitarioak sortzeko.

  12. Irabazi-asmorik gabeko elkarteekiko edo osasunaren, gizartearen edo hezkuntzaren esparruko beste erakunde publiko edo pribatu batzuekiko akordioak edo lankidetza-hitzarmenak sustatzea, ikasleen laguntza intentsiboaren premiei modu integratuan erantzuteko.

  1. Haur eta gazteen aniztasunari erantzutea helburu duten jarduketetan parte hartzea eta esku hartzea beren proiektuen eta baliabideen bitartez, eta, hala badagokio, gizarte-, osasun- eta hezkuntza-arloko esku-hartzean erantzukizunak dituzten beste entitate eta instituzio batzuekin partekatzen dituztenen bidez.

  2. Beren proiektuetan, ingurunera irekitzeko aukera aintzat hartzea, eta, horretarako, beren urteko planetan komunitate-esparruko parte-hartze efektiboa zehaztea, zerbitzuak eskainiz eta baliabideak aprobetxatuz.

  3. Hezkidetzaren printzipioari jarraikiz, aniztasun sexuala eta afektiboa, genero-identitatea eta familia-eredu guztiak hezkuntza-esparru osoan eta hezkuntza-sistema inklusiboaren esparruan errespeta daitezen zaintzea.

  4. Hezkuntza-orientazioko talde bat izatea. Ikastetxe bakoitzeko hezkuntza-orientazioko taldekoak izango dira zenbait espezialitatetako (Pedagogia Terapeutikoa, eta Entzumena eta Hizkuntza) maisu-maistrak eta hezkuntza-orientazioko funtzioak betetzen dituzten Bigarren Hezkuntzako irakasleak. Era berean, aholkulariaren figura duten ikastetxeetan, funtzio horiek betetzen dituen pertsona hezkuntza-orientazioko taldekoa izango da. Gainera, hezkuntza-laguntzaren premia espezifikoei erantzuten esku-hartzen duten hezkuntzako beste profesional batzuk ere talde horretan integratuko dira, arau bidez ezarriko diren baldintzetan eta betekizunekin. Orientazio-taldea ikastetxearen egituraren parte da, eta haren eginkizuna da ikastetxeko zuzendaritzari proposatzea ikastetxeko ikasle guztiei arreta emateko neurri eta laguntzen antolaketa eta kudeaketa. Horrez gain, ikasleen jarraipena eta ebaluazioa egin behar du, neurri eta laguntza horiek haien premien arabera moldatzeko.

  5. Irakasle-taldeko kideen arteko koordinazio sistematiko jarraitua egitea, ikasturte bakoitzean zeharreko neurriak eta laguntzak zehazteko, ikasle guztientzako hezkuntza-erantzun inklusiboa emate aldera. Horretarako, hezkuntza-inklusioaren arloko akordioak lortuko dira, antolaketa- eta curriculum-alderdiei buruzkoak, eta neurri eta jarduketa horien inguruko irakaskuntza-jardunbidearen ebaluazioa ere aintzat hartuko da. Ikasleak ikastetxe berean eskolatzen diren ikasturteetan, bermatu egin beharko da hezkuntza-erantzuna hobetzea ekarriko duen informazio objektibo eta garrantzitsua eskualdatuko dela. Era berean, ikasleak ikastetxez aldatzen direnean inklusioari buruzko informazio hori eskualdatuko dela bermatuko da.

  6. Ikastetxeetako zuzendaritza-taldeei egiteko hauek dagozkie, hezkuntza-orientazioko taldearekin lankidetzan, beren autonomia pedagogikoaren, antolaketakoaren eta kudeaketakoaren esparruan:

    1. Irakasleen, hezkuntzako langileen eta zerbitzuetako langileen buru izatea ikastetxe inklusibo baten eraikuntzan; ikastetxe horrek ikasleen sarbidea, parte-hartzea eta ikaskuntza zailtzen duten oztopoak identifikatu eta desagerraraziko ditu, eta hezkuntza-inklusioa erabaki pedagogikoak hartzeko funtsezko zutabetzat hartuko du. Hori guztia familien, hezkuntza-komunitateko gainerako kideen eta beste eragile batzuen parte-hartzearen esparruan, ikasle guztiei ikasteko aukerak eskaintzeko konpromisoa bultzatzearren.

    2. Irakasle guztien prestakuntza ziurtatzea, ikasteko eta parte hartzeko oztopoak identifikatzea ahalbidetuko duten prozesuak eta estrategiak garatzeari eta jardunbide inklusiboak sustatzeari dagokienez.

    3. Ikasle guztientzat hezkuntza-arreta inklusiboa eta kalitatezkoa sustatu eta bermatuko duen ikastetxearen hezkuntza-proiektu bat edukitzea, eta ikastetxeak dauzkan baliabide guztiak helburu horretara bideratzea.

    4. Ikastetxearen hezkuntza-proiektuan jasotako curriculum-zehaztapena egiteko lanak koordinatzea, ikaskuntzarako diseinu unibertsalak gidatzen dituzten printzipioak bultzatzeko eta garatzeko: ikasteko edukien hainbat aurkezpen-modu ematea; ikasitakoa adierazteko eta jarduteko hainbat modu eskaintzea; eta ikaskuntzak motibatu eta bultzatuko dituzten hainbat iturri aukeran jartzea.

    5. Beren ikasleekin esku hartuko duten instituzio eta entitateekin lankidetzan jardutea, horiekin batera eraikitzeko haur eta nerabeei arreta integratua emateko sarea.

    6. Beste ikastetxe batzuekin aktiboki eta elkarlanean lan egitea, ezagutza gehiago eraikitzeko eta arrakasta-jardunbideak partekatzeko.

    7. Itunpeko ikastetxe pribatuetan ikastetxearen titularrari dagokio baliabide pertsonalak eta materialak eskura jartzea; edonola ere, hezkuntza-itunaren araubideari jarraikiz hezkuntza-arloan eskumena duen sailak finantzatzeko aukera ezertan galarazi gabe.

  7. Irakasleei, hezkuntzako langileei eta zerbitzuetakoei dagokie, zuzendaritza-taldea buru dutela:

    1. Bizikidetzarako eta ikaskuntzarako ingurune seguruak sortzea, ikasle bakoitzak hezkuntza-etapa bakoitzerako ezarritako funtsezko konpetentziak lortzeko aukera izan dezan. Horretarako, modu eraginkorrean ziurtatu beharko dira etapen arteko trantsizioak eta prestakuntza-ibilbideak.

    2. Modu prebentiboan jardutea, eta, eginkizun horretan, oztopoak lehenbailehen detektatzea eta desagerraraztea, kasu bakoitzean behar diren esku-hartzeak egokitzeko eta arintzeko. Bidezkoa denean, aholkularitza eskatuko diete hezkuntza-arloan eskumena duen sailaren eta beste entitate batzuen hezkuntzarako laguntza-zerbitzuei.

    3. Ikasle guztiak kontuan hartuko dituzten ikasteko inguruneak sortzea. Horretarako, curriculum malgua eskainiko dute, edukiak, antolaketa, metodologiak, denboralizazioa eta ebaluazioa egokituta.

    4. Ikasleen arrakastan itxaropen handiak izatea eta ikaslea ikasteko prozesuaren protagonista bihurtzea.

    5. Familiekin eta beste eragile batzuekin lan egitea ikasle bakoitzaren hezkuntza-ibilbidea diseinatzen.

    6. Beren etengabeko prestakuntzaz arduratzea, hezkuntza inklusiboa garatzeari dagokionez.

    7. Ikasleei buruzko informazioaren konfidentzialtasuna eta erabilera egokia errespetatzea eta bermatzea.

  8. Erantzukizun horiek guztiak EHLren 100. artikuluan araututako ikastetxe publikoen eta itunpeko ikastetxe pribatuen antolamendu-autonomiaren eremura egokituko dira.

  1. Aniztasunari erantzuteko neurriak eta laguntzak zera dira: hezkuntza kalitatezkoa eta inklusiboa bermatzen duten guztiak, eta sisteman aukera-berdintasunean eta ekitate-baldintzetan eskolatzea, irautea, parte hartzea eta bertatik irtetea ziurtatzen dutenak. Neurri eta laguntza horiek ematen diote ikastetxeari ikaskuntzak, konpetentzien garapena, bizikidetza positiboa eta ongizate pertsonala errazten dituzten hezkuntza-testuinguru inklusiboak sortzeko aukera.

  2. Hezkuntza-arretarako neurriak ikastetxeek antolatzen dituzten ekintzak eta jarduketak dira, ikasteko eta parte hartzeko aukera ematera zuzenduak, ikasle guztiek aurrera egin dezaten ahalbidetzeko, ikasteko zailtasunak prebenitzeko, eta ikasleen gaitasunen eta hezkuntza-testuinguruaren arteko egokitzapena ziurtatzeko. Neurri horiek hezkuntzaren esparru guztietan dute eragina.

  3. Laguntzak baliabide pertsonalak, metodologikoak eta materialak teknologikoak barne dira, bai eta testuinguru-laguntzak eta laguntza komunitarioak ere, zeinak ikastetxeek erabiltzen baitituzte planifikatutako neurriak eraginkorrak eta funtzionalak izan daitezen eta ikasle guztien hezkuntza-arrakasta lortzen lagundu dezaten. Laguntza horiek hezkuntzaren esparru guztietan dute eragina.

  4. Testuinguru arruntetan, ikasle guzti-guztien onurarako izan behar dute neurri eta laguntza unibertsalek, pertsonalki eta sozialki garatu daitezen eta hezkuntza-etapa bakoitzaren funtsezko konpetentzietan aurrera egin dezaten.

  5. Hezkuntza-laguntzaren premia espezifikoak dituzten ikasleek, neurri eta laguntza unibertsalez gain, neurri eta laguntza osagarriak eta/edo intentsiboak ere behar izan ditzakete.

  6. Programa estrukturaltzat hartzen dira neurri osagarriei edo intentsiboei erantzun nahi dietenak, hezkuntza-erantzuna ikasle-talde jakin batzuen premietara egokitzeko. Programa horietan parte hartzeak aukera-berdintasuna sustatu nahi du, eta ikasleei ahalik eta kalitaterik handieneko erantzun integratua ematea du helburu. Horrek eragina izango du haien prestakuntza pertsonalean, autonomiaren garapenean, erabakiak hartzeko gaitasunean eta bizi-kalitatean, eguneroko bizitzan ahalik eta independentzia-maila handiena lortzeko eta herritar gisa parte hartzeko.

  7. Antolaketa-, curriculum- eta metodologia-neurriak eta aniztasunari erantzuteko laguntzak ikastetxeko hezkuntza-proiektuan, aniztasunari erantzuteko planean eta ikasgelako programazioan jasota egongo dira.

  8. Plan hori hezkuntza-orientazioko taldeak egingo du, zuzendaritza-taldea buru duela. Plan horrek, gutxienez, ikastetxearen testuinguruan kokatutako apartatu hauek jaso beharko ditu:

    1. Hezkuntza-premien identifikazioa eta balorazioa, bai eta presentziarako, parte-hartzerako eta ikaskuntzarako oztopoena ere.

    2. Erabakiak hartzeko irizpideak.

    3. Helburuak.

    4. Jarduketen zehaztapena, neurri eta laguntza unibertsalak, osagarriak eta intentsiboak kontuan hartuta.

    5. Familiekiko lankidetza eta koordinazioa.

    6. Euskal hezkuntza-sisteman berandu sartzen diren atzerritar jatorriko ikasleentzako harrera-plana.

    7. Plana garatzeko giza baliabideak eta baliabide materialak.

    8. Inplikatutako profesionalen funtzioak eta erantzukizunak eta haien koordinazioa.

    9. Hezkuntza-komunitatearekiko eta gizarte- eta osasun-baliabideekiko eta inguruko beste batzuekiko koordinazioa eta lankidetza. Sareko lana.

    10. Ebaluazioa, jarraipena eta hobekuntza-proposamenak.

  1. Neurri eta laguntza unibertsalek hezkuntzaren esparru guztietan eta ikasteko ingurune guztietan dute eragina. Izaera proaktiboa eta prebentiboa izango dute, eta bidea emango diete zailtasunen detekzio goiztiarrari eta oztopoen identifikazioari, testuingurua ikasle bakoitzaren ezaugarrien arabera egokituko dela ziurtatzeko.

  2. Funts publikoekin sostengatutako ikastetxeetan eskolatutako ikasle guztientzat dira.

  3. Neurri eta laguntza unibertsalek Ikaskuntzarako Diseinu Unibertsala izango dute irakatsi eta ikasteko prozesuaren ikusmolde nagusitzat. Besteak beste, honako hauek sartzen dira kategoria horretan:

    1. Hezkuntza-testuinguruen aldaketa eta ikaskuntzarako irisgarritasun unibertsala: ikaskuntza pertsonalizatzeko estrategia jakin batzuk hautatzea.

    2. Espazioen, taldeen, denboren eta ikastetxeko baliabide pertsonalen antolaketa eta curriculuma garatzeko metodologia inklusiboen proposamenak: esparruen araberako lana, zenbait arloren baterako lana, ikasgelako bi irakasleren edo gehiagoren laguntza eta/edo errefortzua, ikasgela barruko laguntza espezializatua, taldeak txikiagotan banatzea, taldekatze malguak, irakaskuntza partekatua, elkarlaneko ikaskuntza, proiektuetan oinarritutako ikaskuntza, talde interaktiboak, zerbitzu-ikaskuntza eta garatu litezkeen beste modalitate inklusibo batzuk.

    3. Detekzio eta esku-hartze goiztiarrerako protokoloak aplikatzea.

    4. Prestakuntza-ebaluazioa eta ebaluazio hezitzailea.

    5. Harrera-programa orokorrak.

    6. Tutoretza- eta orientazio-prozesuak. Tutoretzak irakasle guztien hezkuntzako esku-hartzea koordinatuko du eta etengabeko harremana izango du gurasoekin eta legezko ordezkariekin, desberdintasun indibidualei arreta emateko neurrien berri emateko.

    7. Ikasleen aniztasunari erantzuten dioten bestelako jarduketak.

  4. Ikastetxeko profesional guztiek aplikatzen dituzte, zuzendaritza-taldea buru dutela, orientazio-taldearen eta hezkuntzarako laguntza-zerbitzuen aholkularitzarekin eta hezkuntza-komunitate osoaren inplikazio eta konpromisoarekin.

  5. Neurri eta laguntza unibertsalak ikastetxearen dokumentu instituzionaletan islatuko dira: ikastetxearen hezkuntza-proiektua, aniztasunari erantzuteko plana eta ikasgelaren programazioa. Lanbide-heziketako ikastetxe integratuen (LHII) kasuan, haien Proiektu Funtzionalean eta Urteko Planean islatu beharko dira. Dokumentu horiek gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko 19/2013 Legean aurreikusitakoa errespetatuz argitaratu behar dira.

  1. Aniztasunari erantzuteko neurri eta laguntza osagarritzat hartzen dira oztopoak gainditzera bideratutako hezkuntza-jarduketak eta -jardunbideak, neurri unibertsalak erantzun pedagogikoa egokitzeko nahikoa izan ez direnean. Ikasteko prozesua konprometitzen duten eta garapen pertsonala zailtzen duten oztopoetan ardazten dute hezkuntzako esku-hartzea. Neurri osagarriak ikastetxean aurreikusitako neurri unibertsalei lotu behar zaizkie.

  2. Neurri eta laguntza osagarriak talde bati zuzendu dakizkioke edo indibidualak izan daitezke; testuinguruan kokatuta eta modu inklusiboan erabili behar dira, ikasleek ikastetxeko eta ikasgelako hezkuntza-egoeretan ahalik eta parte-hartze handiena izan dezaten.

  3. Neurri eta laguntza osagarriak dira araudi autonomikoak aintzat hartzen dituen programa guztiak; besteak beste:

    1. Izaera estrukturala: errefortzu-programa espezifikoak; hizkuntza indartzeko programak; laguntza pertsonalizatuko eta talde-laguntzako programak, hala nola Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzeko maiatzaren 30eko 77/2023 Dekretuaren 25. artikuluan araututako curriculum-aniztasuneko programak; hezkuntza-arloan eskumena duen sailak bultzatutako hezkuntza-konplexutasun handiko ikastetxeei zuzendutako programak; 77/2023 Dekretuaren 26. artikuluan araututako eskolatze-programa osagarriak; curriculuma aberasteko programak, eta hezkuntza-arloan eskumena duen sailak bultzatutako laguntzeko edo hezkuntza indartzeko beste programa batzuk, irakasle-taldearen aldi baterako esku-hartze mugatua dakartenak.

    2. Izaera indibiduala: 77/2023 Dekretuaren 21. artikuluan araututako tutoretza-ekintza indibidualizatua; erabilgarri dauden baliabideekin eskola-testuingurua irisgarri egiteko neurriak, inguruneak, materialak, prozesuak eta tresnak (ebaluaziokoak barne), ulergarriak, erabilgarriak eta praktikatzeko modukoak izan daitezen eta informaziorako sarbidea, komunikazioa eta ikasteko prozesuan parte hartzea berma ditzaten, eta 266/2006 Dekretuak, abenduaren 26koak, ospitaleko eta etxeko hezkuntza arretarako eta arreta terapeutiko-hezigarrirako lurralde zentroak sortzekoak, araututako ospitaleko hezkuntza-arreta eta etxeko hezkuntza-arreta.

  4. Neurri eta laguntza osagarriak ikastetxeko profesional guztiek aplikatzen dituzte, eta, hala badagokio, inklusioari laguntzeko profesional espezifikoek, hala nola Pedagogia Terapeutikoko espezialitatea duten irakasleek eta Entzumen eta Hizkuntzako espezialitatea duten irakasleek. Irakasle tutoreak izango dituzte buru, hezkuntza-orientazioko taldearekin koordinatuko dira eta familiaren parte-hartzea eta inplikazioa izango dute. Hala badagokio, hezkuntzarako laguntza-zerbitzuen eta hezkuntzako ikuskaritzaren lankidetza izango dute.

  5. Neurri eta laguntza osagarriak ikastetxearen hezkuntza-proiektuan jasotako curriculum-zehaztapenean ezartzen dira eta programazio didaktikoetan zehazten dira. Ikaslearen espedientean eta ikasketa-historian jasota daude, eta, ikasleek izanez gero, haien jarduketa-plan pertsonalizatuan. Lanbide-heziketako ikastetxe integratuen (LHII) kasuan, haien Proiektu Funtzionalean eta Urteko Planean islatu beharko dira. Dokumentu horiek gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko 19/2013 Legean aurreikusitakoa errespetatuz argitaratu behar dira.

  1. Aniztasunari erantzuteko neurri eta laguntza intentsibotzat hartzen dira oztopoak gainditzera bideratutako hezkuntza-jarduketak eta -jardunbideak, neurri eta laguntza unibertsalak eta osagarriak erantzun pedagogikoa egokitzeko nahikoa ez direnean. Ikasleen aurrerabidea konprometi dezaketen irakasteko eta ikasteko prozesuaren eta garapen pertsonal, sozial eta emozionalaren alderdietan ardazten dute hezkuntzako esku-hartzea.

  2. Neurri eta laguntza intentsiboak ohiz kanpoko hezkuntza-jarduketak dira, hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen berezitasunera egokituak, hezkuntza-erantzuna zeharka, maiztasun erregularrarekin eta denbora-mugarik gabe egokitzeko aukera ematen dutenak.

  3. Neurri eta laguntza intentsibo horiek nagusiki ikasgela arruntean aplikatu behar dira, testuinguruan kokatuta eta modu inklusiboan, ikasleek ikastetxeko eta ikasgelako hezkuntza-egoeretan ahalik eta parte-hartze handiena izan dezaten.

  4. Neurri eta laguntza intentsiboak irakasle guztiek eta inklusioari laguntzeko profesional espezifikoek aplikatzen dituzte. Irakasle tutoreak izango dituzte buru, eta hezkuntza-orientazioko taldearen aholkularitza eta familiaren parte-hartzea eta inplikazioa izango dute. Hala badagokio, hezkuntzarako laguntza-zerbitzuen eta hezkuntzako ikuskaritzaren lankidetza izango dute.

  5. Inklusioari laguntzeko profesional espezifikotzat hartzen dira:

    1. Pedagogia Terapeutikoko irakasleak.

    2. Entzumen eta Hizkuntzako irakasleak.

    3. Ikusmen-desgaitasuna duten ikasleei laguntzeko irakasle ibiltariak.

    4. Hezkuntza-laguntzako espezialistak.

    5. Ikusmen-desgaitasuna duten ikasleei laguntza espezializatua emateko teknikariak.

    6. Material-transkribatzaileak.

    7. Fisioterapeutak.

    8. Terapeuta okupazionalak.

    9. Zeinu-hizkuntzaren interpreteak eta/edo komunikazio-bitartekariak.

    10. Entzumen-desgaitasuneko irakasle espezialistak.

  6. Ikasle bakoitzari aplikatutako neurriak eta laguntzak aktetan eta espediente akademikoan agertuko dira, eta jasota geratuko dira Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen duen maiatzaren 30eko 77/2023 Dekretuaren 24. artikuluan araututako Jarduketa Plan Pertsonalizatuan.

  7. Neurri eta laguntza intentsiboak dira araudi autonomikoak aintzat hartzen dituen programa guztiak; besteak beste, 77/2023 Dekretuaren 28. artikuluak araututako laguntza intentsiboko programak, Dekretu bereko 28. artikuluak araututako helduarora igarotzeko programak eta zerbitzu integratuen programak, hala nola hezkuntzako arreta terapeutikoa.

  8. Neurri eta laguntza intentsiboak ikastetxearen hezkuntza-proiektuan ezartzen dira eta ikasgelaren programazioetan zehazten dira. Ikaslearen espedientean eta ikasketa-historian jasota daude, eta, ikasleek izanez gero, haien jarduketa-plan pertsonalizatuan.

  9. Laguntza-premia orokorrak dituzten ikasleentzako laguntza intentsiboko programei (LIP) dagokienez:

    1. Erantzun espezializatua, intentsiboa eta pertsonalizatua behar duten ikasleen inklusioa errazteko ezartzen da. Programa hori ikastetxe arruntaren baliabidea da, ikasle horien presentzia, parte-hartzea, ikaskuntza, gaitasunen garapena eta hezkuntza-testuinguruan egiten duten ekarpena ziurtatzeko, jarduera orokorretan eta haien erreferentziazko taldearen jardueretan.

    2. Programa estruktural hau ohiz kanpoko izaerako baliabide espezifikoa da laguntza-premia orokorrak, larritasun-maila handia eta muga funtzional nabarmenak dituzten eta eskolatzeko erantzun espezializatua, intentsiboa eta pertsonalizatua behar duten ikasleentzat.

    3. Oro har, 16 urte arteko ikasleak hartuko ditu, edo, gehienez ere, 18 urte artekoak, baldin eta beste bi ikasturte eman badituzte Oinarrizko Hezkuntza osoan. Ikasle bakoitzak jarduketa-plan pertsonalizatua izango du. Garapen pertsonalerako eta ikaskuntza funtzionalak eskuratzeko behar diren konpetentzia eta trebetasun moldagarriak izango dira plan horren erreferentzia. Ikasle bakoitzaren planean definitzen diren neurriek hezkuntza-espazio komunetan ahalik eta parte-hartze handiena izatea ahalbidetuko dute, eta ikastetxearen eta komunitatearen baliabideak kontuan hartuko dituzte, horiek baitira ikasleek pertsonalki eta ikaskuntzetan aurrera egiteko laguntza nagusiak.

    4. Hezkuntza-arloan eskumena duen sailak laguntza intentsiboko programen garapena sustatuko du ikastetxe arrunt batzuetan, hezkuntza-premia berezi jakin batzuk dituzten ikasleei erantzuteko. Ikastetxe horiek, halaber, hezkuntza berriztatzeko ikastetxe gisa funtzionatuko dute, hots, jardunbide egokiak sustatzeko eta hedatzeko erreferenteak izango dira.

  10. Zerbitzu integratuen programei dagokienez:

    1. Programa horietan parte hartzeko aukera intentsitate handiko hezkuntza-laguntza behar duten ikasleentzat erreserbatuko da, betiere premiak honako hauei loturik badaude:

      Desgaitasun larriak, osasun-premia iraunkorrak dituztenak eta ingurunearekin oso lotura urria dutenak, baldin oso laguntza espezializatua eta azpiegitura eta laguntza-produktu espezifikoak behar badituzte.

      Jokabidearen nahasmendu larriak.

      Eskola-ingurunera moldatzeko ezintasun larria.

      Hezkuntza- edo osasun-esparruaren esku-hartze integrala behar duten gizarte-bazterketako arrisku larrian dauden ikasleak.

    2. Programa horietan parte hartzeak dekretu honen 3. artikuluan jasotako adingabearen interes gorenaren printzipioa errespetatuko du, eta gurasoen edo legezko ordezkarien parte-hartzea bermatuko da.

    3. Hezkuntza-, osasun- eta gizarte-esparruko profesionalekin lankidetzan garatuko dira.

    4. Zerbitzu integratuen programak ikastetxe espezifikoetan emango dira, eta hezkuntza-arloan eskumena duen sailak arau bidez ezartzen dituen ikastetxeetan.

    5. Programa horietan parte hartzea berrikusi egin daiteke, eta ez du denbora-mugarik izango.

  1. Hezkuntza- edo prestakuntza-premia bereziak (desgaitasunaren edo premia horiek justifikatzen dituzten beste zailtasun espezifiko batzuen ondorioz) dauzkaten pertsonentzako lanbide-heziketaren helburua da lanbide-ikaskuntzaren prozesua erraztea, lan-munduan txertatzea eta enplegua mantentzea ahalbidetzeko. Helburua da oinarrizko konpetentzietan, profesionaletan eta enplegagarritasunerako konpetentzietan prestatzea, bizitza sozial, kultural eta laboralean parte hartu eta prestakuntza-ibilbideak eta ibilbide profesionalak ezarri ahal izateko.

  2. Lanbide-heziketa hori desgaitasuna edo laguntza-premia espezifikoak dituzten pertsonek bakarrik jaso ahal izango dute, baldin eta desgaitasun edo premia horien ondorioz modalitate arruntean sartu eta ikaskuntzaren emaitzak arrakastaz lortu ezin badituzte, ezta aniztasunaren arretarako eta inklusiorako neurri eta alternatiba metodologikoak eta antolaketakoak aplikatuta ere; emaitza horiek Lanbide Heziketako Sistemaren antolamendua garatzen duen uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren 32., 33. eta 34. artikuluetan araututa daude.

  1. Oztopotzat hartzen dira ikasleei garapen pertsonala eta soziala eta ikasteko prozesuan parte hartzea eta aurrera egitea eragozten edo zailtzen dieten trabak. EHLren 35.6 artikuluaren arabera, hauek dira ikasteko eta parte hartzeko oztopoak: desgaitasunetik edo kalteberatasun pertsonaleko, sozioekonomikoko, osasuneko, generoko edo funtzionaleko beste edozein egoeratatik eratorritakoak, bai eta ikaskuntza-helburu egokiak lortzeko neurri eta laguntza espezifikoak hartzea eskatzen duen testuinguru batetik eratorritakoak ere.

  2. Oztopoak identifikatzeko prozesua informazioa biltzeko, aztertzeko, baloratzeko eta erabakiak hartzeko prozesu sistematikoa da, eta ikasle bakoitzaren garapen pertsonala eta aurrerapena zailtzen dituzten oztopoak desagerraraztea du xede.

  3. Prozesu horrek ikasleen prestakuntza-ebaluazioaren emaitzak integratuko ditu, garapen pertsonalari, sozioemozionalari, oinarrizko konpetentzien lorpen-mailari eta egindako aurrerapenari buruzko alderdi garrantzitsuak aintzat hartuko dituen testuinguruaren araberako analisi batean. Era berean, irakatsi eta ikasteko prozesuko beste elementu batzuk ere hartuko ditu kontuan, hala nola konpetentzia profesionala, programazio didaktikoa eta komunitatearekiko harremana. Neurri eta laguntzen proposamenak emango dio amaiera prozesuari.

  4. Oztopoen identifikazioa eta horiek gainditzeko neurrien proposamena ikastetxeko zuzendaritza-taldeak gidatuko du, ikastetxeko irakasleekin, ikasleekin, familiekin eta irakasle ez diren langileekin lankidetzan. Ikastetxeko hezkuntza-orientazioko taldearen eta hezkuntzarako laguntza-zerbitzuen aholkularitza izango du. Oztopoen identifikazioa ikastetxearen dokumentu instituzionalak egiteko eta berrikusteko prozesuaren eta ikaslearen jarduketa-plan pertsonalizatuaren parte izango da, halakorik baldin badu.

  5. Oztopoak identifikatzeko prozesuaren esparruan, ikaslearen ebaluazio psikopedagogikoa egingo da, baldin eta testuinguruaren eta baldintza pertsonal jakin batzuen arteko interakzioaren ondorioz sarbidea, parte-hartzea eta ikaskuntza konprometitzen dituzten oztopoak sortzen badira, eta egiaztatu bada neurri unibertsalak eta, hala badagokio, osagarriak nahikoa izan ez direla.

  6. Ebaluazio psikopedagogikoa diziplinartekoa, testuinguruaren araberakoa eta elkarlanekoa izango da; hezkuntza-orientazioko taldeko profesional kualifikatuek egingo dute, ikaslearekin esku-hartzen duen irakasle-taldearekin lankidetzan, eta hezkuntzarako laguntza-zerbitzuen aholkularitza izango dute. Era berean, familiak eta inklusioari laguntzeko beste profesional espezifiko batzuek eta, hala badagokio, esparru sozialeko eta osasunaren esparruko beste eragile batzuek parte hartuko dute. Ikasleen aldez aurreko baimena eta berariazko adostasuna beharko dira, edo, adingabeak badira edo beste arrazoi batzuengatik baimena eman ezin badute, gurasoena edo legezko ordezkariena.

  7. Hezkuntzarako laguntza-zerbitzuei dagokie ebaluazio psikopedagogikoaren prozesuaren aholkularitza eta baliozkotzea, baita hezkuntza-erantzuna egokitzeko hezkuntza-orientazioa ere. Hala badagokio, informazioa eskatu edo eman ahal izango dute bidezkotzat jotzen diren bideen bitartez.

  8. Ebaluazio psikopedagogikoaren emaitza gisa, ikasleak behar dituen neurriak eta laguntzak eta haren jarduketa-plan pertsonalizatua egiteko orientabideak definitzen dira. Plan horretan jasoko da, beharrezkotzat jotzen bada, curriculum-egokitzapen indibidualizatua, kasu bakoitzaren arabera. Ebaluazio psikopedagogikoa eta curriculum-egokitzapenak hezkuntza-arloan eskumena duen sailaren aplikazioetan erregistratuta geratuko dira.

  9. Hezkuntzako ikuskaritzak, bestalde, prozesua indarreko araudiarekin bat datorrela bermatuko du.

  10. Ebaluazio psikopedagogikoa etapa bakoitzean eguneratu beharko da, baita ikaslearen bilakaera pertsonalak eta hezkuntza-bilakaerak eta/edo hezkuntza-testuinguruak eskatzen dutenean ere.

  11. Ebaluazio psikopedagogikoak irizten dionean inklusioari laguntzeko profesional espezifikoek ezin dietela erantzun ikasleak dituen hezkuntza-premia bereziei testuinguru arruntean, ikaslearentzako eskolatze-proposamenik egokiena egingo da.

  1. EHLren 35.4 artikuluaren arabera, hezkuntza-arloan eskumena duen sailak sarbide, parte-hartze eta ikaskuntzarako oztopoen detekzio eta identifikazio goiztiarra bultzatuko du, eta horretarako programak, protokoloak eta estrategiak garatuko ditu, bai Haur Hezkuntzan pertsonen garapeneko funtsezko etapa bai Oinarrizko Hezkuntzan.

  2. Irakasle eta hezkuntzako langile guztiek aktiboki parte hartu beharko dute inklusiorako oztopoen detekzio goiztiarrean. Hezkuntza-arloan eskumena duen sailak jaso eta arau bidez onartutako programa eta protokoloak aginduzkoak izango dira eta funts publikoekin sostengatutako ikastetxe guztietan aplikatu beharko dira.

  3. Hezkuntza-arloan eskumena duen sailak, osasun-arloan eskumena duen sailarekin eta foru-aldundiekin lankidetzan, hezkuntza-, osasun- eta/edo gizarte-erantzuna behar duten premiak dituzten ikasleen detekzio goiztiarrerako, identifikaziorako eta arretarako ezarritako koordinazio-mekanismoak bultzatuko ditu. Koordinazio hori prebentziorako, detekzio goiztiarrerako eta ikasleekiko esku-hartzerako eskudantziak dituzten beste sail edo administrazio batzuetara hedatuko da.

  1. Hezkuntza-trantsizioek oztopo berriak agerrarazten dituzte ikaskuntzan eta parte-hartzean. Ikastetxeek maila, ziklo, etapa eta eskolatze-modalitateen arteko trantsizio-prozesuak egoki planifikatu beharko dituzte, hezkuntza-koherentzia, prestakuntzaren jarraitutasuna eta erabakiak hartzeko informazioaren erabilera egokia bermatzeko.

  2. Funtsezko unetzat jotzen dira etxetik eskolarako trantsizioa, eskolako mailen, zikloen edo etapen arteko trantsizioa eta ikastetxe-aldaketak.

  3. Gainera, ikastetxe arrunt batetik zerbitzu integratuen programak garatzen dituen beste ikastetxe baterako trantsizioak eskolatze partekatuko aldi bat behar izan dezake, ikaslearen harrera eta egokitzapena errazteko. Aldi horrek, oro har, ezin izango du ikasturte bat gainditu eta, salbuespen gisa, bi ikasturte arte luzatu ahal izango da.

  4. Trantsizioen plangintzan behar den informazioa, aholkularitza eta laguntza bermatuko zaie gurasoei, legezko ordezkariei eta ikasleari, irakaskuntzetan eskolatzeko aukeren eta prestakuntzarekin jarraitzeko edo lan-munduan sartzeko aukeren inguruan.

  5. Era berean, beste osasun- edo gizarte-zerbitzu batzuk inplikatzen dituzten trantsizioak planifikatu beharko dira.

  6. Hezkuntza-arloan eskumena duen sailak trantsizio-prozesuak gauzatzea errazteko protokoloak zehaztuko ditu.

  1. EHLren 28.1 artikuluaren arabera, ikasleak ikastetxeetan sartzeko eta onartzeko prozesuak printzipio hauek izango ditu oinarri: ekitatea, hezkuntza-inklusioa, gizarte-kohesioa sustatzea eta ikastetxea aukeratzeko eskubidea errespetatzea, eskura dagoen hezkuntza-eskaintzaren barruan.

  2. Era berean, lege horrek 29. artikuluan zehazten duenez, hezkuntza-premia bereziak dituzten edo baliabide espezifikoak behar dituzten ikasleek lehentasuna izango dute eskakizun horiei erantzuteko baliabideak dituzten ikastetxeetan sartzeko; horretarako, hezkuntza-arloko eskumena duen sailak zehaztutako plazak gordeko dira.

  3. Intentsitate handiko hezkuntza-laguntza behar duten ikasleak zerbitzu integratuen programak ematen dituzten ikastetxe espezifikoetan eskolatu ahal izango dira, baldin eta ebaluazio psikopedagogikoaren txostenak hala aholkatzen badu eta uste bada eskolatze arruntak, laguntzarik intentsiboenak eta espezializatuenak eskainita ere, ezin diela ikasle horien premia guztiei erantzun. Kasu horietan, gurasoek edo legezko ordezkariek ikasle horien eskolatzean eta hezkuntza-prozesuetan eragina duten erabakietan parte hartzea bermatuko da.

  4. Ikasle guztien eskolatzea indarreko araudian ezarritako adinetan hasi eta amaitzen da. Ebaluazio psikopedagogikoak aholkatzen duenean, hezkuntza-etapetako eskolatzearen hasierako eta amaierako baldintzak malgutzeko neurriak sartu ahal izango dira; hori 75/2023 Dekretuaren 21. artikuluan eta 77/2023 Dekretuaren 34. artikuluan arautzen da.

  5. Euskal Hezkuntza Sisteman berandu sartzen diren ikasleak adinez dagokiena baino maila bat beherago eskolatu ahal izango dira, baldin ziklo bateko edo gehiagoko curriculum-distantzia badute Lehen Hezkuntzan edo bi mailakoa edo gehiagokoa Derrigorreko Bigarren Hezkuntzan. Hasierako ebaluazioaren emaitzak aztertu ondoren hartuko da neurri hori.

  6. Salbuespen gisa, gaitasun intelektual handiko ikasleen derrigorrezko eskolatze-aldia malgutzea eta gehienez ere bi urte murriztea baimendu ahal izango da. Bi urteko murrizketa ezin izango da aplikatu, inola ere, etapa berean. Salbuespen gisa, era berean, Batxilergoan malgutzea eta ikasturte batera murriztea baimendu ahal izango da.

  7. Matrikulatzeko prozesua eta egutegia berbera izango da ikasle guztientzat. Urtero, onarpen-prozesuaren aurretik, eta 1/2018 Dekretuaren 20. artikuluarekin bat etorriz, 132/2022 Dekretuak aldatutako idazketan, hezkuntza-arloan eskumena duen sailak plaza kopuru bat erreserbatuko du funts publikoekin sostengatutako ikastetxeetan, hezkuntza-laguntzaren premia espezifikoak dituzten ikasleen presentzia eta sarbide ekitatiboa bermatzeko. Lanbide Heziketaren kasuan, izena emateko eskaerak aurkezteko, eskaera horiek onartzeko eta matrikula egiteko epeak biltzen dituen egutegi komuna ezartzen duen Hezkuntzako sailburuaren Aginduan finkatuko da ikastetxe bakoitzean desgaitasun egiaztatua duten ikasleentzat erreserbatutako plaza kopurua.

  8. Eskolatzeari buruzko erabakiak berrikusi egin daitezke eta itzulgarriak izango dira. Horretarako, ikastetxeek eta zerbitzu eskudunek etengabeko ebaluazioa eta jarraipena egingo dute, eta arreta berezia jarriko dute hezkuntza-trantsizioetan. Ebaluazio- eta berrikuspen-prozesuan ikasleak eta familia kontuan hartuko dira.

  9. Hezkuntza-arloan eskumena duen sailak aholku emango die familiei edo legezko ordezkariei beren seme-alaben egoera zehatzari hobekien erantzuten dion eskolatze-proposamenaren gainean. Nolanahi ere, erabakia beti oinarrituko da adingabearen interes nagusian, eta gurasoek edo legezko ordezkariek eskolatzean eragina duten erabakietan parte hartzea bermatuko da. Eskolatze-proposamenari buruzko desadostasunik izanez gero, hezkuntzarako laguntza-zerbitzuko profesionalek osatutako batzordea sortuko da. Batzorde horrek kasua aztertu eta azken proposamena zehaztuko du.

  10. Hezkuntza-arloan eskumena duen sailak Haur Hezkuntzako eta Oinarrizko Hezkuntzako etapetan ikasleen premiei erantzun egokia emateko behar diren bitartekoak bermatuko ditu funts publikoekin sostengatutako ikastetxeetan. Halaber, ikasle guztien eskolatzearen jarraitutasuna sustatuko du derrigorrezkoaren ondoko etapan.

  1. Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, eta, salbuespen gisa, Haur Hezkuntzan, eskolatze partekatuaren formula (eskolatze arruntaren eta zerbitzu integratuen programak dituzten ikastetxeetako eskolatzearen artekoa) erabili ahal izango da hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleak eskolatzeko.

  2. Eskolatze partekatuaren proposamenak ebaluazio psikopedagogikoaren txostenean oinarrituta egon beharko du, eta koordinazio eta lankidetza egokia bermatuko du eskolatze arruntaren eta zerbitzu integratuen programa duen ikastetxearen artean, eman beharreko hezkuntza-erantzunaren koherentzia ziurtatzeko eta ikasleen ebaluazioak bi eskolatze-modalitateetako hezkuntza-aurrerapena kontuan hartzea sustatzeko. Baimen hori bat etorriko da gurasoekin, legezko ordezkariekin eta lurralde-zerbitzuen aldez aurreko baimenarekin.

  3. Eskolatze partekatuak jarduketa-plan pertsonalizatua beharko du. Bi ikastetxeek elkarrekin diseinatu, inplementatu eta ebaluatuko dute plan hori.

  4. Hezkuntzako ikuskaritzak, inplikatutako ikastetxeetako erreferentziazko ikuskarien bitartez, ikaslea ikastetxe horietako bakoitzean eskolatzeko denbora-banaketa gainbegiratuko du, ebaluazio psikopedagogikoaren txostenean jasotako proposamena abiapuntu hartuta.

  5. Ikasturte bakoitzaren amaieran, ikasle bakoitzarentzat ezarritako helburuak zenbateraino bete diren ebaluatuko da. Ebaluazio horrek aukera emango du ikasleei orientazio egokia emateko eta aurreikusitako hezkuntza-arreta eta eskolatze-araubidea aldatzeko. Eskolatze-araubideak ikasleek eskolatze-araubide inklusiboenean jarraitzea, aurrera egitea edo irautea bilatuko du.

  6. Modalitate horretako ikasleak eskolatze arrunteko ikastetxean matrikulatuta egongo dira.

  1. Jarduketa-plan pertsonalizatua ikasleak aurrera egiteko behar diren neurri eta laguntzei buruzko erabaki guztiak jasotzen dituen dokumentua da. Erabaki horiek funtsezko konpetentziak eskuratzen laguntzen duten esparruei, arloei edo ikasgaiei buruzkoak dira.

  2. Neurri eta laguntza osagarri edo intentsiboen premia identifikatzen denean egingo da.

  3. Jarduketa-plan pertsonalizatuak ikasleek parte hartzen duten neurri, laguntza, proiektu eta programa estrukturalak eta/edo pertsonalak integratuko ditu, eta hezkuntza inklusiboaren helburuak bermatuko ditu, hau da, pertsonaren garapen integrala. Era berean, gizarte- eta osasun-eragileen beste esku-hartze batzuk aintzat hartuko ditu, halakorik balego behintzat.

  4. Jarduketa-plan pertsonalizatuan sartuta egongo dira ebaluazio-irizpideetatik eta curriculumaren edukietatik nabarmen aldentzen diren curriculum-egokitzapenak, hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei erantzuteko eta funtsezko konpetentziak ahalik eta gehien garatu ahal izateko.

  5. Irakasle tutoreak arduratuko dira plana egiteaz, abian jartzeaz eta haren jarraipena egiteaz. Irakasle-taldeak, hezkuntzako langileek eta, noiz edo noiz, beste eragile batzuek ere parte hartuko dute, eta ikastetxeko hezkuntza-orientazioko taldearen eta, hala badagokio, hezkuntzarako laguntza-zerbitzuen aholkularitza izango dute. Erantzunkidetasunaren printzipioaren arabera, familiak eta ikasleak berak ere parte hartu behar dute, bere adinerako egokienak diren baldintzetan.

  6. Ebaluazio-dokumentu ofizialetan jasota dauden ikasleen ebaluazioaren emaitzak jarduketa-plan pertsonalizatuan bertan ezarritako ebaluazio-irizpideen aplikazioaren araberakoak izango dira.

  7. Gurasoei edo legezko ordezkariei behar bezala eman behar zaie planaren prestaketari, edukiari, haren ebaluazioan eta kalifikazioan eragina duten erabakiei eta, hala badagokio, amaierari buruzko informazioa.

  8. Jarduketa-plan pertsonalizatua ikaslearen aurrerapen pertsonalaren arabera ebaluatu eta eguneratzen da. Aldian behin berrikusten da eta edozein unetan amai daiteke. Erabaki hori, tutoreak proposatuta, behar bezala arrazoituta hartu behar du ikastetxeko zuzendaritzak.

  9. Jarduketa-plan pertsonalizatua ikaslearen ikasketa-espedientean eta historian jaso behar da.

  10. Ikastetxeko zuzendaritzak jarduketa-plan pertsonalizatua aurreikusitako moduan garatzea zainduko du, eta, esku-hartzea gertatzen denean, beste eragile batzuekiko koordinazioa ziurtatuko du. Planak hezkuntzako ikuskaritzaren eskura egongo dira.

  11. Hezkuntza-arloan eskumena duen sailak zehaztuko du dokumentu horren edukia.

    V. KAPITULU

    ESKOLA INKLUSIBOARI LAGUNTZEKO SAREA

  1. Hezkuntza-prozesuan parte hartu eta laguntzen duten pertsona, eragile eta instituzio guztiek osatzen dute hezkuntza inklusiboari laguntzeko sarea. Sare horrek lankidetza aktiboa izan behar du helburu, hezkuntza-sistemako ikasle guzti-guztiei kalitatezko hezkuntza eskaintzeko aukera emango duten ezagutza, esperientziak eta baliabideak partekatzeko. Baliabide horien artean, honako hauek nabarmentzen dira:

    1. Ikastetxearen barne-baliabideak, hau da, haren ohiko eta ezohiko zuzkidura konfiguratzen dutenak, baliabide materialak, metodologikoak eta pertsonalak barne.

    2. Ikastetxeaz kanpoko baliabideak, hau da, hezkuntzako ikuskaritza, hezkuntzarako laguntza-zerbitzuak, ikusmen-desgaitasuna duten ikasleen hezkuntza-inklusiorako baliabideen zentroak, eta ospitaleko eta etxeko hezkuntza-arretarako eta hezkuntzako arreta terapeutikorako lurralde-zentroak.

    3. Baliabide komunitarioak (hau da, hezkuntzarako espazio soziosanitarioa eraikitzen laguntzen dutenak eta jarduketa integratua ahalbidetzen dutenak), hirugarren sektoreko erakundeak barne hartuta.

  1. EHLren 88.3 artikuluaren arabera, hezkuntzarako laguntza-zerbitzuen jarduera-esparrua ikastetxe guztietara hedatzen da, eta, eskura dituzten baliabideen arabera, lehentasuna ematen zaie funts publikoekin finantzatutako ikastetxeei.

  2. Zerbitzu horiek aholkularitza emango dute, bai eta beharrezko laguntza teknikoa eta prestakuntzakoa ere, aniztasunarekiko erantzuna eta laguntza-premiak dekretu honetan ezarritako printzipioekin koherenteak izan daitezen.

  3. Zerbitzu horiek funtzio hauek beteko dituzte, besteak beste:

    1. Eskola inklusiboaren garapena sustatzea, ikasle guztiek parte hartzeko eta ikasteko prozesu gisa, eta ikastetxeen hezkuntza-proiektuak metodologia eta jardunbide inklusiboen bidez eralda daitezen bultzatzea.

    2. Ikasteko eta parte hartzeko oztopoak identifikatzeko eta desagerrarazteko prozesuetan ikastetxeei aholku ematea, ikasle guztien garapen integrala berma dezaten, haien garapen konpetentzial, emozional eta sozial osoa kontuan hartuta.

    3. Unibertsitatez kanpoko irakaskuntza-mailetako irakasleen prestakuntzan ikastetxeei aholku ematea eta haiekin lankidetzan jardutea, proiektu inklusiboak garatzeko.

    4. Irakasleei eta, irakasle izan gabe, inklusioan laguntzen duten profesionalei beren zereginak betetzeko prestakuntza eta aholkularitza ematea, beren funtzioak betetzen dituzten ikastetxeetako irakasle-taldearekin lankidetzan.

    5. Era berean, inklusioa sustatuko duten jardunbide egokiak eta azterketa- eta analisi-ildoak bultzatuko dituzte.

  4. Plan estrategikoek, eta plan horiek laguntza-zerbitzuen urteko planetan zehazteak, eskola inklusiboa garatzeko behar diren neurriak eta ekintzak izango dituzte ardatz egituratzailetzat.

  1. Hezkuntzako ikuskaritzak dekretu honen 5. artikuluan ezarritako ikastetxeen erantzukizunak betetzea zainduko du, eta bere funtzioen esparruaren barruan:

    1. Hezkuntzako ikuskari bakoitzak modu proaktiboan esku hartuko du esleitutako ikastetxeetan. Ikastetxeen artean eta inguruko beste entitate, instituzio eta eragile batzuekin sareak sortzea bultzatuko da, ezagutza gehiago eraikitzeko eta arrakasta-jardunbide inklusiboak partekatzeko.

    2. Hiru urteko planek (eta plan horiek hezkuntzako ikuskaritzaren urteko planetan zehazteak) ikastetxeek hezkuntza inklusiborako eskubidea bermatzeko hartutako neurri eta laguntzen jarraipena eta ebaluazioa hartuko dute aintzat. Dokumentu horiek gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko 19/2013 Legean aurreikusitakoa errespetatuz argitaratu behar dira.

    3. Hezkuntzako ikuskaritza arduratuko da ebaluazio-prozesuak eta horien ondorioz sortutako dokumentazio akademikoa dekretu honetan ezarritakoarekin bat etor daitezen zaintzeaz.

  1. Hezkuntza-arloan eskumena duen sailak, Hezkuntzaren Ebaluazio, Ikerketa eta Prospektibarako Euskal Institutuaren bitartez, dekretu honetan ezarritako neurri eta laguntzei buruzko ebaluazioak egingo ditu, baita haiek ikastetxeetan izandako ezarpenari eta garapenari buruzkoak ere.

  2. Ikastetxearen plangintza-dokumentuetan jasotako neurri eta laguntza unibertsal, osagarri eta intentsiboen ebaluazioa egingo dute ikastetxeek. Prozesu horretan, hezkuntzarako laguntza-zerbitzuen aholkularitza izango dute.

  3. Arestian aipatutako ebaluazioen ondorioek aukera eman beharko dute erabili diren neurri eta laguntzen jarraitutasunari buruzko erabakiak hartzeko.

  1. Ikasleen ikaskuntzaren ebaluazioa Haur Hezkuntzarako, Oinarrizko Hezkuntzarako eta Batxilergorako curriculuma ezartzeko dekretuek erregulatzen duten araudian aurreikusitakoaren arabera egingo da.

  2. Hezkuntza-arloan eskumena duen sailak irisgarritasun-baldintzak eta behar diren egokitzapenak ezarriko ditu ebaluazio-prozedura eta -tresnetan, eta, hala badagokio, horren premia duten ikasleen ebaluazio egokia ziurtatuko duten denborak eta laguntzak. Ikastetxeek neurri eta laguntza unibertsal horien exekuzioa bermatuko dute.

  3. Neurri eta laguntza osagarriak jasotzen dituzten ikasleentzat, esparru, arlo edo ikasgai bakoitzeko funtsezko konpetentziei dagozkien ebaluazio-irizpideak haien jarduketa-plan pertsonalizatuan ezarritakoak izango dira. Irizpide horiek eskolatze-mailari dagozkionak bezalakoak, handiagoak edo txikiagoak izan daitezke. Era berean, ikusteko, entzuteko edo mugitzeko desgaitasuna duten ikasleentzat, bidezkoa denean, curriculumaren elementu jakin batzuk kentzea ahalbidetuko duten baldintzak zehaztuko ditu.

  4. Dena den, titulua eskuratzeak aipatutako irakaskuntzetan ezarritako funtsezko konpetentziak lortzea ekarriko du berekin.

  5. Curriculum arruntetik guztiz bereizita dagoen curriculuma exijitzen duten neurri eta laguntza intentsiboak jasotzen dituzten ikasleentzat edo zerbitzu integratuen programetan parte hartzea dakartenentzat, ebaluazioak haien jarduketa-plan pertsonalizatuan ezarritako irizpideak izango ditu erreferentetzat.

  1. Ikasleak mailaz igotzeko, kontuan hartuko da etapa bakoitzerako curriculuma ezartzen duen araudian aurreikusitakoa.

  2. Jarduketa-plan pertsonalizatua duten ikasleak mailaz igoko dira irakasle-taldeak irizten dionean plan horren bitartez funtsezko konpetentzien behar besteko maila erdietsi dutela, edo, maila hori ez erdietsita ere, inguruabar horrek hurrengo mailan probetxuz jarraitzea eragozten ez dienean, eta errekuperatzeko itxaropen onak dituztela eta mailaz igotzea eremu akademikoan zein pertsonalean ikasleentzat onuragarria izango dela uste denean.

  3. Curriculum arruntetik guztiz bereizita dagoen curriculuma exijitzen duten edo zerbitzu integratuen programetan parte hartzea dakarten neurri intentsiboak dituzten ikasleentzat, mailaz igotzeko irizpideak haien jarduketa-plan pertsonalizatuetan islatzen direnak izango dira. Irizpide horien artean funtsezkoak dira erdietsitako heldutasuna, egoera emozionala eta berdinen taldearekin dituzten gizarte-harremanak.

  4. Batxilergoko ikasleek Batxilergoko curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen duen maiatzaren 30eko 76/2023 Dekretuaren 30. artikuluan jasotakoaren arabera igoko dira mailaz.

  1. Derrigorrezko Oinarrizko Hezkuntza, Batxilergoa edo Lanbide Heziketa amaitzen duten ikasleek dagokion titulua lortuko dute, indarreko araudian ezarritakoa betetzen badute.

  2. Jarduketa-plan pertsonalizatua behar duten ikasleen kasuan, titulua lortzeko, beren planean ezarritako ebaluazio-irizpideak eta -eskakizunak hartuko dira erreferentziatzat. Nolanahi ere, titulua eskuratzeak aipatutako irakaskuntzetan ezarritako funtsezko konpetentziak lortzea ekarriko du berekin.

  3. Etapa hori amaitzean artikulu honetako 1. apartatuan aipatutako irakaskuntzei dagokien titulua lortzen ez duten ikasleei derrigorrezko irakaskuntzen antolamenduari eta curriculumari buruzko arauzko xedapenen araberako ziurtagiri bat emango zaie, eskuratutako konpetentziak jasoko dituena.

  4. Batxilergoko titulua lortzeko, Batxilergoko curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen duen maiatzaren 30eko 76/2023 Dekretuaren 31. artikuluan ezarritakoa bete beharko da.

  1. Hezkuntza-arloan eskumena duen sailak jarraitutasun akademikoa, profesionalizatzailea edo autonomia pertsonal eta sozialerako programak dituzten proposamenak izango ditu. Orientazio-aholkuaren eta hezkuntzarako laguntza-zerbitzuen aholkularitzaren bidez, prestakuntzarekin jarraitzeko aukerarik egokiena proposatuko da. Prozesu horretan, ikasle adingabeen gurasoak eta legezko ordezkariak inplikatuko dira.

  2. Prestakuntza-eskaintza horrek Oinarrizko Lanbide Heziketa kontuan hartuko du. Antolaketa- eta metodologia-neurri eta -alternatibak eta aniztasunari eta inklusioari erantzuteko neurriak desgaitasuna duten pertsonentzat nahikoak ez direnean, A, B, C eta D mailako eskaintzak egin ahal izango dira berariazko modalitatean, hezkuntza-premia bereziak dituzten pertsonentzat. Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketako eskaintzen kasuan, ikastetxe arruntetan edo hezkuntza bereziko ikastetxeetan eskolatutako ikasleak gutxienez 21 urte bete arte egon ahal izango dira eskolatuta.

  3. Oinarrizko Hezkuntzan hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen eskolatzea normalizazio- eta inklusio-printzipioen araberakoa izango da, eta haien diskriminaziorik eza eta hezkuntza-sisteman sartzeko eta irauteko berdintasun eraginkorra bermatuko ditu. Hezkuntza-etapa desberdinak malgutzeko neurriak sartu ahal izango dira, beharrezkotzat jotzen denean. Ikasle horiek hezkuntza bereziko unitate edo ikastetxeetan eskolatu ahal izango dira (21 urte egin arte), betiere ikastetxe arrunten aniztasunari erantzuteko neurrien esparruan ikasle horien premiei erantzun ezin bazaie.

  4. Helduen Oinarrizko Hezkuntzako irakaskuntzak, aurrez aurrekoak edo urrutikoak, honako hauek barne hartzen dituztenak: Bigarren Hezkuntzako graduatu-titulua lortzera bideratutako ikasketak; helduarora igarotzeko programak; erdi-mailako heziketa-zikloetara sartzeko probak prestatzeko ikasketak; eta hainbat administraziok gazteei berariaz eskaintzen dizkieten programa guztiak.

  1. Batxilergoko ikasketetan, ikastetxeek ikasleei erantzun behar diete, etaparen iraupena malgutzea ahalbidetuko duten erritmo eta egoera pertsonaletara egokitutako curriculum-aukeren, ibilbideen eta materialen bidez. Halaber, behar izanez gero, eskola-testuingurua irisgarri egiteko neurriak aplikatu ahal izango dira. Neurri eta laguntza horiek jarduketa-plan pertsonalizatuan jasota geratuko dira. Era berean, eskola-testuinguruan sartzeko neurriak aplikatu ahal izango dira hala behar direnean; esate baterako: materialak eta curriculum-jarduerak egokitzea; estrategia didaktiko eta metodologiko egokiak aurreikustea; ebaluazio-prozesuak eta -tresnak egokitzea, eta ikasteko denborak eta erritmoak malgutzea. Neurri eta laguntza horiek jarduera-plan pertsonalizatuan jasoko dira.

  2. Helduen hezkuntzako ikastetxeetan, talde bakoitzari esleitutako tutoreak hasierako balorazioaren bidez bermatuko du prestakuntza-ibilbide pertsonalizatuaren diseinua. Ibilbide horrek eskola-testuingurua ahalbidetzeko neurriak txertatu ahal izango ditu, hala nola 1. apartatuan aipatutakoak.

  3. Lanbide-heziketako irakaskuntzak edo araubide bereziko irakaskuntzetako heziketa-zikloak modalitate presentzialean eta urrunekoan ematen dituzten ikastetxeek ikasle bakoitzaren ikaskuntza-erritmo eta -ahalbideetara egokitutako ibilbideak eskainiko dituzte. Horien antolaketak behar diren sarbide- eta malgutze-neurriak ezarriko ditu, dagokien titulazioa osorik edo partzialki lortzera zuzendutako helburuak bete ahal izateko.

  4. Hezkuntza-arloan eskumena duen sailak administrazio publikoak eta enpresak prestakuntza-prozesuetan inplikatzea sustatuko du, hezkuntza-laguntza behar duten ikasleentzako praktikak eskain ditzaten sustatzeko eta, hartara, ikasleok lan-munduan txertatzea errazteko.

  5. Lanbide-heziketa, irakaskuntza espezializatuak edo unibertsitateko ikasketak egin nahi dituzten ikasleek dagozkien sarbide-probak egokitzeko eskatu ahal izango dute horren beharra dutenean, indarreko araudiaren arabera eta hezkuntza-arloan eskumena duen sailak landuko dituen gidalerroei jarraikiz.

  1. Irakasleek garatu beharreko funtzio eta zereginen artean dago beren etengabeko prestakuntza irakasle bakoitzaren jardunbideari berari buruzko gogoetan oinarrituta planifikatzea.

  2. Hezkuntza-arloan eskumena duen sailak ebidentzian oinarritutako prestakuntza-proposamenak eskainiko dizkie ikastetxeei eta irakasleei, hezkuntza-kalitatea hobetzen laguntzeko. Nolanahi ere, aniztasunari erantzutearekin lotutako hezkidetzari buruzko prestakuntza eskainiko zaie langile guztiei, funtzioen eta erantzukizunen arabera egokituta.

  3. Halaber, tutoretza-funtzioa eta hezkuntza-orientazioa hobetzeko prestakuntza-jarduketa espezifikoak sustatuko ditu, aniztasunari erantzuteko moduaren kalitatea handitzen laguntzeko.

  4. Hezkuntza-arloan eskumena duen sailak Pedagogia Terapeutikoko eta Entzumen eta Hizkuntzako irakasleen eta irakasle aholkulari eta orientatzaileen konpetentzia profesionalen eguneratze sistematikoa sustatuko du, irakasle-taldeari aholku ematea eta harekin lankidetzan jardutea indartzeko, laguntza osagarriei eta intentsiboei lotutako programak garatze aldera.

  5. Era berean, aniztasunari erantzutearen esparruan, ikastetxeetan zuzenean esku-hartzen duten irakasle ez diren langileen prestakuntzarako ekintzak sustatuko ditu.

  6. Bere eskumenen arabera, aniztasunari erantzuteko moduaren kalitateari eta izaera berritzaileari buruzko hezkuntza-arloko berrikuntza- eta ikerketa proiektuak garatu eta sustatuko ditu ikastetxeetan.

  7. Hezkuntza-arloan eskumena duen sailak ikastetxeetan egindako esperientziak eta jardunbide egokiak ezagutzera emango ditu. Era berean, aniztasunari erantzuteko abian jarritako neurrien ebaluazioaren emaitzak jakinaraziko ditu, ikastetxeek beren urteko planetan jasotzeko aukera izan dezaten.

  8. Hezkuntza-arloan eskumena duen sailak eskola inklusiboak euskal hezkuntza-sisteman izandako garapenari buruzko azterketak eta analisiak sustatu eta gauzatuko ditu. Halaber, kontratuak edo lankidetza-hitzarmenak ezarri ahal izango ditu beste administrazio batzuekin, unibertsitateekin edo ikasketa-institutuekin, jardunbide inklusiboen garapenari buruzko ebidentzia zientifikoak eskainiko dituzten ikerketak egiteko.

  9. Azkenik, lankidetzan jardungo da hirugarren sektoreko entitateekin, hezkuntza-esparruan aniztasuna ulertzeko eta onartzeko, eta horren inguruan sentsibilizatzeko.

  1. Ikastetxeek arautu eta ziurtatu beharko dute gurasoek edo legezko ordezkariek beren seme-alaben eskolatzean eta hezkuntza-prozesuetan eragina duten erabakietan parte hartuko dutela. Aholkularitza indibidualizatua eta behar den informazioa eskainiko dituzte, eta familien lankidetza ahalbidetuko dute parte hartzea eta ikastea zaildu edo eragozten duten oztopoak identifikatzean eta behar diren neurri eta laguntzei buruzko erabakiak hartzean.

  2. Familiek edo legezko ordezkariek beren seme-alaben prozesuan laguntzeko eskubidea eta betebeharra dute. Ildo horretan, hezkuntza-ahalegina partekatu beharko dute, eta indarreko araudiak ezartzen duen moduan parte hartu eta lankidetzan jardun.

  3. Ikastetxearen proiektuen esparruan, hezkuntza-konpromisoak sustatuko dira familien, irakasleen eta ikasleen artean, hezkuntza-etapen curriculumetan ezarritako konpetentziak ahalik egokien lortzeko jarduketak finkatzeko.

  4. Behar izanez gero, erantzunkidetasunaren printzipioaren arabera, familiak eta ikasleak berak bakoitzaren adinari hobekien egokituriko baldintzetan parte hartuko dute, jarduketa-plan pertsonalizatua egiten eta garatzen.

  5. Familien parte-hartze efektiboa eta ikastetxearen eta familien arteko hezkuntza-lankidetza ahalbidetzeko, ikastetxeek eta guraso-elkarteek familiei eta legezko ordezkariei bideratutako prestakuntza-ekintzak antolatu ahal izango dituzte. Ekintza horietan guztietan ikuspegi inklusiboa txertatuko dute.

  1. Hezkuntza-arloan eskumena duen sailak erantzunkidetasuna sustatuko du ikastetxeek, familiek eta inguruko zenbait gizarte- eta kultura-eragilek esku hartzen duten proiektu komunitarioak egitean eta garatzean, testuinguru inklusiboan ikasleen aniztasunari erantzuteko moduan ekitatea eta bikaintasuna sustatzeko.

  2. Ikastetxeek beren hezkuntza-proiektuan jasoko dituzte udalerriko osasun-, gizarte- eta hezkuntza-zerbitzuekiko koordinazioari buruzko erabakiak, baita ikasleei aurrera egiten lagunduko dieten beste instituzio publiko eta pribatuekin aurreikusitako harremanei dagozkienak ere.

  1. Hezkuntza-arloan eskumena duen sailak administrazioen artean lankidetzan jardun beharra bultzatuko du, ikastetxeetan inklusioa garatzeko.

  2. Era berean, beharrezkotzat jotzen dituen lankidetza-akordioak eta -hitzarmenak izenpetu ahal izango ditu foru-aldundiekin, toki-korporazioekin eta beste administrazio batzuekin, oztopoak identifikatzeko eta neurri eta laguntzak proposatu eta garatzeko lankidetzaren bidez, ikasleen aniztasunari erantzuteko modua hobetze aldera, betiere aplikatzekoa den araudi espezifikoan ezarritakoari men eginez.

  1. Profesional guztiek, irakasle direnek eta ez direnek, beren funtzioak betetzean ebaluazio psikopedagogikoaren txostenak, eskolatzeari dagozkionak edo espedientean jasotako beste dokumentu batzuk irispidean dituztenean, konfidentzialtasuna bermatuko dute.

  2. Espedientea hartzen duten administrazio-unitateak arduratuko dira hura gorde eta zaintzeaz: ikastetxeak, hezkuntzako ikuskaritza, hezkuntzarako laguntza-zerbitzuak eta hezkuntza-zerbitzu nagusiak.

  3. Ikasleen datuen tratamenduan haien segurtasuna eta konfidentzialtasuna bermatuko dituzten arau teknikoak eta administratiboak aplikatuko dira, datu pertsonalak babesteari buruzko indarreko araudiari jarraikiz.

  4. Datuak, bestalde, irakasteko, orientatzeko eta planifikatzeko erabiliko dira soil-soilik, eta ezin izango dira tratatu hezkuntzakoaz bestelako xedeetarako, ikasleen edo, adingabeak badira edo beste arrazoi batzuengatik adostasuna eman ezin badute, haien gurasoen edo legezko ordezkarien esanbidezko adostasunik gabe, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan ezarritakoaren arabera.

  5. Funts publikoekin sostengatutako ikastetxe guztiek hezkuntza-laguntza behar duten ikasleen eskolatzeari buruz behar diren datuak emango dituzte, estatistikarako eta zerbitzuak planifikatzeko.

  1. Hezkuntza-arloan eskumena duen sailak irakasle aholkularien profil profesionala zehazteko prozesua ezarriko du, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan aniztasunari erantzuteko taldeen egungo arduradunak diren aldetik.

  1. Arautzeko geroztiko xedapenetara igortzen diren gaietan, eta xedapenok ematen ez diren artean, dekretu hau indarrean jartzen den egunean indarrean dauden maila horretako arauak izango dira aplikatzekoak kasu bakoitzean, betiere dekretuan xedatutakoaren aurkakoak ez badira.

  1. Indargabetuta geratzen da dekretu honetan ezarritakoaren aurka doan maila bereko edo beheragoko xedapen oro eta, bereziki, ekainaren 23ko 118/1998 Dekretua, hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei eman beharreko hezkuntza-erantzuna eskola muinbakar eta integratzailearen esparruan antolatzen duena.

    AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Arau bidez garatzeko gaikuntza.

  1. Hezkuntza-arloan eskumena duen sailaren titularrari gaikuntza ematen zaio dekretu honetan xedatutakoa garatzeko behar diren xedapen guztiak emateko.

  2. Era berean, hezkuntza-arloan eskumena duen sailaren titularrari gaikuntza ematen zaio eranskinak aldatzeko eta ebaluazio psikopedagogikoaren txostenean adierazitako alderdiekin zerikusia duten zientzien ezagutza-eremuetan gerta daitezkeen aldaketetara egokitzeko, baita horiek geroztiko arau-garapenetara egokitzeko ere.

    AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Indarrean jartzea.

  1. Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

    Vitoria-Gasteizen, 2024ko ekainaren 18an.

    Lehendakaria,

    IÑIGO URKULLU RENTERIA.

    Hezkuntzako sailburua,

    JOKIN BILDARRATZ SORRON.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.