Osasun Saila / Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila

Arautegia

Inprimatu

76/2023 DEKRETUA, maiatzaren 30ekoa, Batxilergoaren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzekoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 109
  • Hurrenkera-zk.: 2728
  • Xedapen-zk.: 76
  • Xedapen-data: 2023/05/30
  • Argitaratze-data: 2023/06/09

Gaikako eremua

  • Gaia: Hezkuntza
  • Azpigaia: ---

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunak (2000) 14. artikuluan ezartzen du pertsona guztiek dutela hezkuntzarako eskubidea barne dela derrigorrezko hezkuntza, prestakuntza eta etengabeko ikaskuntza inklusiboa eta kalitatekoa doan jasotzeko aukera, beren bizitza-proiektuan arrakasta lortzeko gaitasunak eskuratu eta mantentzeko eta gizartean bete-betean parte hartzeko.

Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko eta Babesteko otsailaren 18ko 3/2005 Legeak ezartzen du haur eta nerabe guztiek dutela hezkuntza eta irakaskuntza jasotzeko eskubidea. Bestalde, Haurrak eta Nerabeak Indarkeriatik Begiratzeko Babes Integralaren ekainaren 4ko 8/2021 Legeak adierazten du funtsezkoa dela haurren eta nerabeen giza duintasuna eta integritate fisikoa eta psikologikoa errespetatzen direla ziurtatzea eta errespeta daitezen sustatzea, indarkeria mota ororen prebentzioaren bidez. Eskubide horiek familiak eta eskolak bermatzen dituzte.

Abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoak (Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa aldatzen duena) curriculumaren kontzeptuari buruzko aldaketak sartu ditu. Bestalde, eskumenak banatu dira berriz Estatuaren eta autonomia-erkidegoen artean, eta horrek funtsean aldatzen du Batxilergoko curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzeko irailaren 6ko 127/2016 Dekretuan ezarritakoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuaren 16. artikuluak irakaskuntzaren gaineko eskumen propioa esleitzen dio Euskal Autonomia Erkidegoari, irakaskuntzaren osotasunean, maila eta gradu guztietan eta modalitate eta espezialitate guztietan.

Euskararen Erabilpena arautzen duen azaroaren 24ko 10/1982 Legea da euskal ikasle guztiak euskaraz eta gaztelaniaz behar adinako komunikazio-konpetentziarekin moldatzeko ahaldunduko dituen konpetentzia eleaniztunean aurrera egiteko erreferentzia. Era berean, Euskal Eskola Publikoari buruzko Legean (otsailaren 19ko 1/1993 Legea) helburu hau jasota dago: derrigorrezko irakaskuntza-aldia amaitzean bi hizkuntza ofizialen ezagutza praktikoa izatea bermatzea, baldintza-berdintasunean bermatu ere, euskararen erabilera bultzatuz eta, horrela, euskararen erabilera normalizatzen lagunduz, euskara hezkuntza-komunitatearen jarduera guztietan ohiko adierazpide gisa erabil dadin.

Curriculumari buruzko dekretu honen zehaztasuna helburu honi zor zaio: euskal hezkuntza-sisteman lortutako hezkuntza-mailak hobetzea eta XXI. mendeko erronka handiei erantzungo dieten hezkuntza-xede berriak bultzatzea. Hori guztia, bat etorriz UNESCOren 2030erako Garapen Jasangarrirako Helburuekin (zehazki, 4. helburuarekin: «Guztiontzako kalitatezko hezkuntza inklusiboa eta bidezkoa bermatzea eta etengabeko ikaskuntzarako aukerak bultzatzea»), Euskadi Basque Country 2030 Agendaren testuinguruan, eta bat etorriz etengabeko ikaskuntzarako funtsezko konpetentziei buruz 2018ko maiatzaren 22an Europar Batasuneko Kontseiluak egindako gomendioarekin.

Dekretu hau idazteko, funtsezkoa izan da besteak beste alderdi hauek kontuan hartzea: Euskal Autonomia Erkidegoan egin den hezkuntza-ibilbidea, azken urteetan garatu diren proiektu inklusiboen inplementazioa, euskara sistemaren ardatz nagusi gisa duen esparru eleaniztun baten aldeko apustua eta hezkuntza-komunitateak partekatu eta bultzatu duen kultura pedagogikoa. Era berean, kontuan hartu dira gure inguruneko gizarte- eta hezkuntza-erronkak eta hezkuntza-sistemaren etengabeko hobekuntza.

Horretarako, Batxilergoa amaitzean, ikasleek hezkuntza-xedeak erdietsita izan behar dituzte eta bizitzako esparru eta egoeretan moldatzen jakin behar dute. Horrekin bat etorriz, dekretu berriak berriz formulatzen du ikasleen irteera-profilaren kontzeptua, 127/2016 Dekretuan jasoa, eta testu honexek ordezten du. Ikasleek Batxilergoa amaitzean erdietsi behar dituzten pertsona-eredua eta funtsezko konpetentziak deskribatzen ditu beronek. Alde batera utzi da aurreko dekretuak zeharkako eta diziplinako konpetentzien artean egiten zuen bereizketa, funtsezko konpetentzien eta konpetentzia espezifikoen aldeko orientazioaren mesedetan, Europar Batasuneko Kontseiluaren 2018ko gomendioari jarraituz.

Batxilergoko irteera-profila deskriptore operatiboen bidez definitu da, eta ziurtatu behar da ikasle guztiek erdietsi dituztela etapa amaitzerako deskriptore horiek.

  1. mendeko «ezagutzaren gizarteak» aldaketa sakonak dakartza berekin, eta, ondorioz, beste ezagutza batzuk eta beste konpetentzia batzuk behar dira, ikasleek eskuratu beharrekoak. Hori dela eta, irakasteko eta elkarri eragiteko beste modu batzuk behar dira eskolan. Ikasleen aniztasuna dela eta, paradigmaz aldatu behar da, eta egitura malguagoak eta irakaskuntzan kolaboratzeko prozedurak sortu, baita irakasleen arteko eta ikastetxeen arteko sareak sortu ere.

    Aldaketa horiek adimen-heldutasuna eta giza heldutasuna, ezagutzak, trebetasunak eta jarrerak eman behar dizkiete ikasleei, bizitza aktiboan gaituta eta erantzukizunez hasteko eta arrakasta pertsonala eta soziala lortzeko. Etapa honetan, geroko prestakuntzari eta lanbideari aurre egiteko ezinbesteko konpetentziak eskuratu beharko dira, eta goi-mailako hezkuntzan sartzeko gaitu. Halaber, oinarri sendoak ezarri behar dira honako hau bermatzeko: bizialdi osoan ikasten jarraitzea; norberaren erabakien gaineko erantzukizuna hartzea; oraingo eta geroko beharrak betetzeko gaitasuna izatea, eta parte-hartze aktibo, kritiko eta arduratsuaren bidez integratzea gizartean, munduaren beste ikuskera batzuk errespetatuta eta pertsonak zaintzera bideratuta.

    Ingurumen-krisiak eta krisi humanitarioak, sanitarioak eta balioenak inoiz baino gehiago eskatzen dute Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren ikasleek enpatia, autonomia, erresilientzia, espiritu kooperatibo eta kritikoa, konpromiso soziala eta ingurumenarekiko konpromisoa garatzea. Gainera, funtsezko konpetentziak garatzera bultzatu beharko da, gero eta globalizatuagoa, interdependenteagoa eta zalantzazkoagoa den eta laugarren iraultza industrialean (Industry 4.0) murgilduta dagoen mundu honetan bizitzeko eta gaur egungo gizartea ezaugarritzen duten erronka sozial handietan ondo moldatzeko.

    Garrantzizkoa da, bestalde, kultura bakoitzak behar horietarako eskaintzen dituen erantzunak ezagutzea, etnozentrismoaren arriskuak saihesteko eta kultura guztien ekarpenak baloratzeko edo aintzat hartzeko, kultura guztien arteko errespetua eta elkarrizketa bultzatuko duten kulturarteko hezkuntza-planteamenduen bidez. Era berean, garrantzizkoa da aniztasun afektibo-sexuala eta kulturala onartzea, alde batera utzita sexuaren, sexu-orientazioaren, identitatearen edo genero-adierazpenaren araberako estereotipo eta rol guztiak.

    Hezkuntza-eredu pedagogikoaren esparru berria aurrerapauso bat da Heziberri 2020ren aurreko ereduaren aldean: Heziberri 2020ren zeharkako eta diziplinako konpetentziek bat egiten dute, eta konpetentzia-eredu integratu bat sortzen, funtsezko konpetentzien eta konpetentzia espezifikoen bidez definitzen dena eta Europar Batasuneko Kontseiluaren gomendioak (2018) dioenarekin bat datorrena.

    Gure hezkuntza-eredua hobetzen jarraitzeko, dekretu hau ildo estrategiko hauen barruan errenditzen da, eta berauek izango dira dekretuan jasotako elementuak garatzeko oinarrizko erreferentziak:

    Ikasleak dira euskal hezkuntza-sistemaren giltzarria, eta ikasle bakoitzak Batxilergoko irteera-profila lortzea da hezkuntza-sistemaren helburua. Ziurtatu behar da ikasle guztiak XXI. mendeko erronkei pertsonalki, sozialki eta profesionalki arrakastaz aurre egiteko moduan daudela. Hori guztia, ongizate emozionaleko inguru inklusibo eta seguru batean.

    Ikastetxea da hezkuntza-eraldaketarako ardatza, eta antolakunde ahaldundua izan behar du, lidergoa banatzea sustatzen duena eta hezkuntza-komunitate osoaren ikaskuntzan oinarritutako berrikuntza eta etengabeko hobekuntza sustatuko dituena. Horretarako, hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak ikastetxeen autonomia sustatuko du.

    Irakasleek rol aktiboa hartu behar dute ikaskuntza-prozesuan, eta, hain zuzen, beren irakaskuntza-esparruan eta trebetasun didaktiko eta metodologikoetan duten aditu mailako ezagutza da haien lidergoaren oinarria. Gainera, gidari, orientatzaile edo bultzatzaile gisa jardun behar dute ikaskuntza partekatuko edo ikaskuntza autonomoko jardueretan, bai eta talde-lanera edo kolaborazio-lanera edo proiektu bidezko lanera bideratutako jardueretan edo ikasleak guztiz garatzeko benetan balio duen beste edozein irakaskuntza edo ikaskuntza modalitatetan ere. Tutorearen rola etapa guztietan indartzen da, tutorea ikasleen bideratzaile eta gidari gisa hartuta, ikasle guztien elkarbizitza ona eta arrakasta lortzeari begira.

    Konpetentzia-curriculuma ikaskuntza sakon eta funtzional jakin baterantz bideratzen da: ikasten dena era bateko eta besteko egoeretan erabil daiteke, denboran zehar irauten du eta aukera ematen du egoera errealetan problemak konpontzeko.

    Ebaluazio hezitzailea, hau da, informazioa biltzen eta analizatzen duen prozesu iraunkor eta sistematikoa, bai ikaskuntza-prozesuak eta bai konpetentzien garapenean izandako aurrerapena ezagutzeko eta baloratzeko.

    Arreta berezia jartzen da etapen arteko trantsizioan, ikasleak etapa bakoitzeko erronketara egokitu daitezen.

    Hezkuntza linguistiko eta eleaniztunaren kalitatea funtsezkoa da: beharrezkoak diren tresnak eta baliabideak ematen ditu errealitatea ulertzeko, pentsamendua adierazteko, arrazoitzeko, ezagutza transmititzeko eta mundu-ikuskera eta ulerkera jakin bat eta besteekin harremanetan jartzeko era zehatz bat garatzeko. Euskal Hezkuntza Sistemak konpromiso berezia hartzen du euskararekin hizkuntza propioa baita eta kulturarekin eta haren transmisioarekin, euskara eta euskal kultura identitate-, adierazpen- eta elkarbizitza-tresnatzat hartzen dituen heinean, baita beste hizkuntzekin ere. Gainera, konpetentzia linguistiko eta eleaniztunaren garapenak gainerako funtsezko konpetentzien garapena sustatzen du, eta, beraz, gainerako arloen zerbitzura egongo da.

    Curriculumerako sarbidearen unibertsaltasuna, benetako integraziorako, aukera-berdintasunerako, erabateko parte-hartzerako eta eskola-arrakastarako bidea markatuko duena. Ikaskuntzarako garapen unibertsala hartuko da aintzat irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesuetan.

    Hezkidetza funtsezkoa da pertsonei sexuaren, sexu-orientazioaren, identitatearen edo genero-adierazpenaren araberako estereotipoetatik eta roletatik kanpo garatzen laguntzeko, eta bera izango da hezkuntza-sistemaren ildo estrategikoa eta ikastetxeen antolaketa pedagogikoarentzako irizpide orientatzailea.

    Arreta berezia jarri behar zaie ikasleen ongizate emozionalari eta hezkuntza-komunitate osoa zaintzeari. Ondo eta harmonian sentitzearen esperientzia subjektiboa sartzen da hor, eta norberaren gogobetetasuna ere bai, zailtasunei aurre egiteko eta haiek ondo gainditzeko segurtasuna ematen duena. Ongizate emozionala beharrezkoa da inguruneko eskaerei eta egoerei aurre egiteko edo horietara egokitzeko, eta eskaera horien artean dago ikaskuntza ere. Alde horretatik, curriculumak ongizate emozionalean lagundu behar du.

    Hori guztia aintzat hartuta, Euskadiko Eskola Kontseiluari entzun ondoren, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat, Hezkuntzako sailburuaren proposamenez eta Gobernu Kontseiluak 2023ko maiatzaren 30ean egindako bilkuran gaia aztertu eta onartu ondoren, honako hau

  1. Dekretu honen xedea Batxilergoko etapako curriculum propioa ezartzea da, eta hura nola ezarri, ebaluatu eta garatu arautzea, alde batera utzi gabe Estatuko oinarrizko legediak Batxilergoaren antolamenduaz eta Batxilergoko gutxieneko ikasketez ezartzen duena.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoan ikasketa horiek ematen dituzten ikastetxe guztietan da aplikatzekoa.

Honela ulertu behar dira:

  1. Helburuak: funtsezko konpetentziak eskuratuz ikasleek etaparen amaierarako iritsi beharko lituzketen lorpenak.

  2. Irteera-profila: etapa amaitzerako ikasle guztiek konpetentzietan iritsi behar duten maila, aukera emango diena bizitza-proiektua arrakastaz garatzeko eta bizitzan zehar funtsezko konpetentziak garatzen jarraitzeko.

  3. Funtsezko konpetentziak: ikasleek arrakastaz aurrera egin ahal izateko eta bizitzan zehar erronka eta desafio nagusiei aurre egin ahal izateko ezinbestekotzat jotzen diren jardunak. Pertsona guztiek beren errealizazio eta garapenerako behar dituztenak dira, bai eta herritartasun aktiboa, gizarte-inklusioa eta enplegua sustatzeko behar direnak ere.

  4. Konpetentzia espezifikoak: ikasgai bakoitzeko oinarrizko jakintza beharrezkoa den jardueretan edo egoeretan ikasleek baliatzen jakin behar duten neurriak. Konpetentzia espezifikoak alde batetik funtsezko konpetentziak eta bestetik ikasgaietako oinarrizko jakintzak eta ebaluazio-irizpideak lotzeko eta zehazteko elementuak dira.

  5. Ebaluazio-irizpideak: ikasgai bakoitzaren konpetentzia espezifikoetan aipatutako jardueretan edo egoeretan ikasleek ikaskuntza-prozesuaren une jakin batean iritsi beharko lituzketen jardun-mailak adierazten dituzten erreferenteak.

  6. Oinarrizko jakintza: arlo, ikasgai edo esparruetako berezko ezagutza, trebetasun eta jarrerak, edozein pertsonak menderatu, artikulatu eta mobilizatu behar dituenak konpetentzia espezifikoetan definitutako gaitasunekin batera, problemak konpontzeko edo egoera jakin batzuetan erronkei aurre egiteko. Curriculum-proposamen honetan, konpetentzia espezifikoak eskuratzeko eta garatzeko egiten duten ekarpenarengatik hautatzen dira oinarrizko jakintza horiek, nahiz eta diziplina-logikak eduki horiek hobeto antolatzen eta aurkezten laguntzen duen.

  7. Ebaluazio hezitzailea: irakasteko eta ikasteko prozesua ebaluatzeko modalitate bat da, izaera arautzailea duena, eta ikasleen zailtasunak eta aurrerapenak hautematea du xede, prozesu didaktikoa ikasleen beharretara egokitzeko.

  8. Esparrua: curriculumaren antolaketa globalizatua eta diziplinartekoa, zenbait ikasgai elkarren artean erlazionatzen dituena, eta ikasgaien eta haien atalen batura baino gehiago dena. Esparruak bertan sartutako ikasgaiei dagozkien konpetentzia espezifikoak, ebaluazio-irizpideak eta oinarrizko jakintza biltzen ditu.

  9. Ikas-egoerak: ikasleei funtsezko konpetentziekin eta konpetentzia espezifikoekin lotutako jarduerak garatzea eskatzen dieten egoerak eta jarduerak, konpetentzia horiek eskuratzen eta garatzen laguntzen dietenak. Ikas-egoeretatik abiatuta egindako lanak aukera ematen du konpetentzien araberako ikaskuntzaren ikuspegiaren oinarrian dauden jakintza eta gaitasunak uztartzen dituzten egoeratan oinarrituta egituratzeko ikasturte-programazioa edozein ikasgai edo esparrutan.

  10. Ikaskuntzarako diseinu unibertsala (IDU): curriculuma garatzeko printzipioak dira, ikasle guztiei hezkuntzarako sarbidean aukera-berdintasuna ematen dietenak, eta haien helburua benetako inklusio eta parte-hartzea lortzea da, ikasle guztientzat ikaskuntzarako oztopoak minimizatuz eta ikasteko aukerak maximizatuz.

  1. Hauek izango dira Batxilergoko modalitateak:

    1. Arteak.

    2. Zientziak eta Teknologia.

    3. Orokorra.

    4. Giza eta Gizarte Zientziak.

  2. Arteen modalitateak bi adar izango ditu: Arte Plastikoei, Irudiari eta Diseinuari buruzkoa bata, eta Musikari eta Arte Eszenikoei buruzkoa bestea.

  3. Ikasleek ikasten duten modalitateko ikasgai espezifiko guztien artean hautatu ahal izango dute. Ikastetxeek, horretarako, eskaintzen dituzten modalitateetako eta, hala badagokio, adarretako ikasgai espezifiko guztiak eskaini behar dituzte. Ikasle gutxiegi badago bakarrik mugatu daiteke ikasgaiak eta adarrak hautatzeko aukera, betiere hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak ezarritako irizpide objektiboen arabera. Ikastetxean antolaketa-arrazoien ondorioz ikasgai espezifikoen eskaintza mugatuta geratzen bada, hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak aukera emango du arrazoi horren ondorioz irakatsi ezin diren ikasgaiak urrutiko hezkuntzako modalitatearen bidez edo beste ikastetxe batzuetan ikasteko.

  4. Arteen modalitateko adarren eskaintza antolaketa-arrazoien ondorioz mugatuta geratzen bada ikastetxean, aurreko apartatuan araututakoa aplikatu behar zaie eskainitako adarra osatzen duten ikasgaiei.

  5. Batxilergoko ikasketak ematen dituzten ikastetxeek dekretu honetan ezartzen diren curriculum-elementuetara egokitu behar dute beren irakasle-jarduna, Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legeak ezartzen dituen alderdietan ikastetxe bakoitzak duen autonomia pedagogikoa ezertan galarazi gabe.

    V. eranskinean zehazten da ikastetxeek ikasgai bakoitzean zenbat ordu eman behar dituen gutxienez, baita ikastetxeak bere autonomia baliatuz ikasgaien artean zenbat ordu banatu ditzakeen ere.

  1. Ikastetxe bakoitzak bere hezkuntza-proiektuaren arabera antolatu behar du etapa, banatu behar ditu ikasgaiak edo jakintzak ikasmailen artean eta prestatu behar du ordutegia, bere autonomia pedagogikoaz baliatuz eta ikasleen hezkuntza-premien arabera, eta dekretu honetan ezarritakoa betez betiere.

Batxilergoaren helburua da ikasleei prestakuntza, adimen-heldutasuna eta giza heldutasuna ematea, ezagutzak, gaitasunak eta jarrerak, helduarorako eta bete-beteko bizitzarako prestatzeko, elkarbizitza harmoniatsua garatzearekin eta gizarte bidezkoagoa eta ekitatezkoagoa eraikitzearekin konprometitutako kide aktiboak izan daitezen, bai eta naturaren kontserbazioarekin eta garapen jasangarriarekin konprometitutako pertsonak ere. Etapa honek, halaber, ikasleak goi-mailako ikasketak egiteko edo lan-munduan behar bezala txertatzeko prestatu behar ditu, eta bizitza osoan ikasten eta prestatzen jarraitzeko motibatu.

Batxilergoa honako printzipio hauen arabera antolatuta dago:

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu-titulua dutenek egin ditzakete Batxilergoko ikasketak, edo Lanbide Heziketako edo Arte Plastikoetako eta Diseinuko teknikariaren edo goi-mailako teknikariaren titulua dutenek, edo Kiroletako teknikariaren edo goi-mailako teknikariaren titulua dutenek.

  1. Batxilergoko etapak bi maila ditu: Batxilergoko 1. eta 2. mailak.

  2. Ikasleek lau urte eman ditzakete, jarraian edo ez, Batxilergoa araubide arruntean egiten.

  3. Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak Batxilergoko plaza publikoen eskaintza pixkanaka handitzea sustatuko du, haren modalitate eta adar guztietan.

  4. Batxilergoko etapan garapen pertsonalaren, familiarraren, soziokulturalaren, akademikoaren eta profesionalaren esparruekin erlazionatutako alderdiak landu behar dira.

  5. Irakasle guztiak hezitzaileak dira, eta modu bateratu eta koordinatuan lan egiten dute, dagokien curriculum-ikasgaitik abiatuta, hezkuntzaren ardura partekatzen dutenekin nagusiki, familiarekin edo legezko tutoreekin lankidetzan jardunez, baita instantzia eta eragile sozializatzaileekin eta hezkuntzakoekin ere.

  6. Ikastetxeek, ikasleak onartzeko araudiaren arabera, aukera-berdintasuna sustatu behar dute eskolaratzean eta eskolako ibilbidean. Horretarako, ikasle guztiei hezkuntza-aukera berak eskainiko dizkiete, eta diskriminazio positiboko neurri inklusiboak hartu behar dituzte desabantaila ekonomiko, sozial, kultural edo pertsonalak dituztenen alde, hezkuntza-prozesuan laguntzeko eta eskola-porrotari aurrea hartzeko.

  7. Batxilergoko ikasgaiek curriculumean euskal kulturaren eta hizkuntzaren dimentsio espezifikoa txertatu behar dute eta funtsezko konpetentzia guztiak garatzen lagundu.

  1. Ikastetxeek, inklusioaren eta ekitatearen printzipioa aplikatzen dela bermatzeko, ikasleen aniztasuna kontuan hartuta prestatu behar dituzte etapa honetako ikasle guztientzako proposamen pedagogikoak. Era berean, ikasleen ikasteko askotariko erritmoak kontuan hartuko dituzten, beren kabuz ikasteko gaitasuna bultzatuko duten, talde-lana sustatuko duten eta ikerketa-metodo egokiak aplikatuko dituzten metodoak ezarri behar dituzte.

  2. Hezkuntza-arloak lan egin behar du modu progresiboan garatzeko eta finkatzeko ikasle bakoitzari Batxilergoko irteera-profilean aurreikusitako funtsezko konpetentziak behar bezala eskuratzeko bidea emango dioten oinarriak, betiere ikasle bakoitzaren heltze-prozesua eta etapa honetarako espero diren jardun-mailak kontuan hartuta.

  3. Honako hauek bermatu behar dira: hezkuntza- eta hizkuntza-inklusioa; arreta pertsonalizatua; ikasleek ikastetxeko egituretan eta elkarbizitzan parte hartzea; ikasteko zailtasun espezifikoak hautematea; gaitasun handiko ikasleei arreta ematea, eta laguntzeko eta malgutzeko mekanismoak, alternatiba metodologikoak eta beste neurri batzuk abian jartzea. Hezkuntza-inklusioa bermatzeko hartzen diren antolaketa-, metodologia- eta curriculum-neurriak Ikaskuntzarako Diseinu Unibertsalaren printzipioei jarraitu behar diete, pertsona guztiek hezkuntza-arrakasta lortu dezaten.

  4. Batxilergoko curriculuma honako hauei begira zehaztu eta garatu behar da: ikasle guztien gizarte-inklusioa lortzea, garapen pertsonal orekatua izatea, herritartasun kritikoa, berdinzalea, aktiboa eta konstruktiboa eraikitzea eta geroko prestakuntza-prozesuetarako sarbidea erraztea. Helburu horiek hertsiki erlazionatuta daude I. eranskinean zehazten den Batxilergoko irteera-profilarekin.

  5. Konpetentzia-curriculuma ikaskuntza sakon eta funtzional batera bideratuta dago, ikasitakoak hartara askotariko inguruneetan balio izateko eta erabiltzeko, denboran irauteko eta orotariko egoeretan baliatu eta problemak konpontzeko.

  6. Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak behar diren neurriak bultzatu behar ditu interesa eta irakurtzeko ohitura eta jendaurrean behar bezala hitz egiteko gaitasuna sustatzen dituzten jarduerak baliatzeko ikasgaietan.

  7. Ikasitakoa barneratzen laguntzeko, eskola-ordutegian tarte bat hartu behar da zeharkako proiektu adierazgarriak eta garrantzitsuak egiteko eta arazoak elkarlanean konpontzeko, ikasleen autoestimua, autonomia, gogoeta eta erantzukizuna indartu daitezen.

  8. Ikasgai guztietan, zeharka sustatu behar dira genero-ikuspegia, bakearen aldeko hezkuntza, osasun-hezkuntza, sentsibilitate estetikoa eta sorkuntza artistikoa, jasangarritasunerako eta kontsumo arduratsurako hezkuntza, elkarrenganako errespetua eta indarkeriazko edo diskriminaziozko jarreren eta portaeren prebentzioa, eta berdinen arteko lankidetza. Bereziki, arreta jarri behar zaio indarkeria motaren bat jasaten denean indarkeria matxista, LGTBIfobikoa edo arrazista edo zeinahi dibertsitate motari lotua sortzen diren ondoez-egoerak identifikatzeari.

  9. Arreta berezia jarri behar zaio ongizateari. Ondo, harmonian eta lasai sentitzearen esperientzia subjektiboa eta zailtasunei aurre egin eta ondo gainditu ahal izateko gogobetetasun-esperientzia sartzen dira hor.

  10. Hizkuntza, informaziorako eta ezagutzaren eraikuntzarako atea izanik, ikasteko prozesuaren erdigunean dago. Hizkuntzen ikaskuntzari konpetentzia-ikuspegi globalizatu batetik heltzen zaio, arreta hizkuntzen ikaskuntza integratuan eta hizkuntzen eta jakintzen ikaskuntza integratuan jartzen duten ikuspegi metodologikoen bidez.

  11. Hizkuntza ofizialak laguntza gisa bakarrik erabiliko dira atzerriko hizkuntzak ikasteko prozesuan. Prozesu horretan, ulermena, adierazpidea eta ahozko interakzioa lehenetsiko dira.

  12. Konpetentzien araberako pedagogiaren ikuspegiaren aukera metodologikoen barruan, garrantzitsua da aintzat hartzea konpetentziak osorik garatzea, egoera errealetan oinarritutako benetako jardueren bidez lan egitea, eta abar.

  13. Etapa honetan, ebaluazioa etengabea eta hezigarria da. Halaber, ebaluazioa integratzailea, kolaboratiboa eta parte hartzekoa da. Hori dela eta, ikastetxeek eta irakasle-talde ebaluatzaileek bitarteko eta estrategia egokiak jarri behar dituzte ikasleak eta familiak ebaluazioari lotutako prozesuetan integra daitezen eta horietan aktiboki kolaboratu eta parte har dezaten.

  14. Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak behar diren neurriak sustatuko ditu ikasleen tutoretza pertsonala eta hezkuntza-orientazioa eta orientazio psikopedagogikoa eta profesionala funtsezko elementuak izan daitezen Batxilergoko etaparen antolamenduan.

Batxilergoak honako hauek egiteko gaitasuna garatzen lagundu behar die ikasleei:

  1. Herritartasun demokratikoa egikaritzea, ikuspegi globaletik, eta kontzientzia zibiko arduratsua hartzea, Euskal Autonomia Erkidegoaren balioek eta giza eskubideek inspiratua, gizarte bidezko eta ekitatezko baten eraikuntzan erantzukizun partekatua sustatuko duena.

  2. Heldutasun pertsonala, afektibo-sexuala eta soziala finkatzea, begirunez, arduraz eta modu autonomoan jarduteko eta espiritu kritikoa garatzeko aukera izan dezaten. Gatazka pertsonalak, familiarrak eta sozialak eta indarkeria-egoera posibleak aurreikustea, hautematea eta modu baketsuan konpontzea.

  3. Emakumeen eta gizonen eskubide- eta aukera-berdintasun eraginkorra sustatzea, dauden desberdintasunak analizatzea eta kritikoki baloratzea, baita emakumeek historian izan duten zeregina aitortzea eta irakastea ere, eta benetako berdintasuna eta jaiotzan, sexuan, arraza- edo etnia-jatorrian, desgaitasunean, adinean, gaixotasunean, erlijioan edo sinesmenetan, sexu-orientazioan edo genero-identitatean nahiz beste edozein baldintza edo inguruabar pertsonal edo sozialetan oinarritutako diskriminaziorik eza bultzatzea.

  4. Irakurtzeko, ikasteko eta diziplina izateko ohiturak finkatzea, ikaskuntza eraginkortasunez aprobetxatzeko beharrezko baldintza gisa eta garapen pertsonalerako bitarteko gisa.

  5. Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak ondo jakitea ahoz zein idatziz.

  6. Atzerriko hizkuntza batean edo gehiagotan erraz eta zuzen hitz egitea.

  7. Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak modu fidagarrian eta erantzukizunez erabiltzea.

  8. Gaur egungo munduaren errealitateak, aurrekari historikoak eta bilakaeraren faktore nagusiak ezagutzea eta kritikoki baloratzea. Modu solidarioan parte hartzea beren gizarte-ingurunearen garapenean eta hobekuntzan.

  9. Funtsezko ezagutza zientifikoak eta teknologikoak eskuratzea eta hautatutako modalitatearen berezko oinarrizko trebetasunak menderatzea.

  10. Ikerketaren eta metodo zientifikoen funtsezko elementuak eta prozedurak ulertzea. Zientziak eta teknologiak bizi-baldintzen aldaketan izandako ekarpena ezagutzea eta modu kritikoan baloratzea, eta ingurumenarekiko sentiberatasuna eta errespetua finkatzea.

  11. Espiritu ekintzailea finkatzea, sormena baliatuz, malgua izanez, ekimenez, talde-lana eginez, norberaren gainean konfiantza izanez eta zentzu kritikoa izanez.

  12. Sentsibilitate artistikoa eta literarioa eta irizpide estetikoa garatzea, prestakuntza eta aberaste kulturalaren iturri gisa.

  1. Heziketa fisikoa eta kirola erabiltzea garapen pertsonal eta sozialaren alde egiteko. Jarduera fisikoak eta kirol-jarduerak egiteko ohiturak finkatzea, ongizate fisikoari eta mentalari mesede egiteko, eta garapen pertsonal eta sozialerako bitarteko gisa.

  2. Mugikortasun seguru eta osasungarriaren esparruan errespetu- eta prebentzio-jarrerak finkatzea.

  1. Klima-aldaketaren aurkako borrokan eta garapen jasangarrirako defentsan jarrera arduratsua eta konprometitua sustatzea.

  2. Garapen Jasangarrirako Helburuek ekartzen dituzten aldaketak sustatzea eta erronkei aurre egitea.

  1. Hezkuntza-sistemaren lehentasunezko hizkuntza-helburua da ikasle guztien komunikazio- eta hizkuntza-konpetentzia garatzea, eleaniztasunaren eta kulturartekotasunaren ikuspegitik euskararen erabileran sakonduz. Batxilergoa amaitutakoan, ikasle guztiek oso ondo menderatu behar dituzte hizkuntza ofizialak, ahozko zein idatzizko adierazpenean, eta jarioz eta zuzentasunez aritzeko gai izan atzerriko hizkuntza batean edo gehiagotan.

  2. Hizkuntzen irakaskuntza eta ikaskuntza antolatzeko eta hizkuntzak tratatu eta erabiltzeko irizpideak ikastetxeen autonomiaren esparruan zehaztuko dira, ikasleen eta haien ingurunearen errealitate soziolinguistikoa kontuan hartuta. Ikastetxeak hartzen dituen erabaki guztiak ikastetxearen hizkuntza-proiektuan zehaztu behar dira hezkuntza proiektuaren barne; hala, hizkuntza-proiektu horretan planifikatu behar dira ikasleek hizkuntzak ikasteko, erabiltzeko eta hizkuntzekiko jarrera positiboa garatzeko bideak, bat etorrita I. eranskinean zehazten den irteera-profilarekin. Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak hizkuntza-proiektuon jarraipena eta ebaluazioa egingo du.

  3. Euskararen irakaskuntzari dagokionez, hizkuntza-proiektuak curriculumaren eta ikastetxearen helburuak zehaztuko ditu. Era berean, euskararen ingurumen-erabilera ziurtatzera bideratutako eskolaz kanpoko jardueren proposamenak jaso behar ditu.

  4. Komunikazio- eta hizkuntza-konpetentziaren garapena zeharka landuko da curriculumeko ikasgaietan.

  5. Euskal Hezkuntza Sisteman berandu sartzen diren ikasle atzerritarrak hartzeko eta haiei hizkuntza-arreta emateko, ikasle horien inklusioa ahalbidetuko duten prestakuntza-programa integralak beharko dira.

  6. Irakasleak prestatzeko eta hobetzeko plan bat egin behar da, hizkuntzen esparruan hizkuntza- eta metodologia-gaitasunak hobetzeko.

  1. Batxilergoko etapak Batxilergoko irteera-profila lortzeko behar dituzten konpetentziak garatzen lagunduko die ikasleei; irteera-profila I. eranskinean jasota dago.

  2. Ikasleek etapa amaitzerako izan behar duten Batxilergoko irteera-profila bizitzako esparru eta egoera guztietan moldatzeko gai den pertsonaren ereduari dagokiona da. Era berean, ikasleek oinarrizko irakaskuntza amaitzean eskuratu eta garatu behar izan dituzten funtsezko konpetentziak finkatzen ditu. Ikasleek konpetentzia horiek garatzen jarraitu ahal izango dute etengabeko ikaskuntzaren bidez, eta konpetentzia horiek lagungarriak izango zaizkie helduen bizitzan sartzeko.

  3. Batxilergoko irteera-profila etapa honetako curriculum-arkitekturaren ardatza da. Horrenbestez, hartan oinarritu behar dira eskola-praktikan hartzen diren curriculum-erabakiak, estrategiak eta orientabide metodologikoak, eta bera da erreferentzia-elementua ikasleen ikaskuntzen barne- eta kanpo-ebaluazioari begira. Batxilergoko irteera-profila etapako helburuekin eta arlo bakoitzeko konpetentzia espezifikoekin erlazionatuta dago.

  4. Hezkuntzako sail eskudunak, Batxilergoko irteera-profila erreferentziatzat harturik bat bakarra Euskal Autonomia Erkidegoko ikasle guztientzat, behar diren aholkuak emango dizkie ikastetxeei, ikastetxearen hezkuntza-proiektuan irteera-profil hori beren ikasleentzat egokitu dezaten.

  5. Batxilergoan, ikasleek funtsezko konpetentzia hauek garatuko dituzte:

    1. hizkuntza-komunikaziorako konpetentzia,

    2. konpetentzia eleaniztuna,

    3. matematikarako konpetentzia eta zientzia, teknologia eta ingeniaritzarako konpetentzia,

    4. konpetentzia digitala,

    5. konpetentzia pertsonala, soziala eta ikasten ikastekoa,

    6. herritartasunerako konpetentzia,

    7. ekintzailetza-konpetentzia,

    8. kontzientzia eta adierazpide kulturaletarako konpetentzia.

  6. Dekretu honek ezartzen dituen ikasketen xedea da Batxilergoko irteera-profilean aurreikusitako funtsezko konpetentziak garatzen direla bermatzea. Dekretu honetan ezarritako curriculumetan eta ikastetxeetako hezkuntza-proiektuek curriculumok zehazteko eran, Batxilergoko irteera-profil hori hartuko da erreferentetzat, eta bereziki kontuan hartuko dira dekretu honetako I. eranskinean jasotako funtsezko konpetentzietako deskriptore operatiboak.

  1. Curriculumak honako alderdi hauek hartzen ditu: helburuak, ikasgaietako konpetentziak (funtsezkoak eta espezifikoak), ebaluazio-irizpideak, oinarrizko jakintza gisa enuntziatutako edukiak, ikas-egoerak eta metodo pedagogikoak.

  2. Dekretu honek curriculumaren oinarrizko alderdiak finkatzen ditu, Batxilergoko etapako ikasketak osatzen dituztenak.

  3. Ikastetxeek, beren autonomiaz baliatuz, Batxilergoko curriculuma garatu eta, hala badagokie, osatu egingo dute, beren hezkuntza-proiektuaren barruan.

  4. Dekretu honetako II. eranskinean, ikasgai bakoitzerako konpetentziak, ebaluazio-irizpideak eta oinarrizko jakintzak finkatzen dira.

  5. Funtsezko konpetentziak eta konpetentzia espezifikoak eskuratze eta garatze aldera, hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak agintzen duen eran planifikatuko ditu irakasle-taldeak ikas-egoerak. Irakasleei beren praktika errazte aldera, III. eranskinean, hura diseinatzeko orientabideak azaltzen dira.

  1. Batxilergoko modalitate guztien lehen mailako ikasgai komunak honako hauek dira:

    1. Gorputz Hezkuntza.

    2. Filosofia.

    3. Euskara eta Literatura I.

    4. Gaztelania eta Literatura I.

    5. Atzerriko Hizkuntza I.

  2. Batxilergoko modalitate guztien bigarren mailako ikasgai komunak honako hauek dira:

    1. Espainiako Historia.

    2. Filosofiaren Historia.

    3. Euskara eta Literatura II.

    4. Gaztelania eta Literatura II.

    5. Atzerriko Hizkuntza II.

  1. Arteen modalitatetik jotzen duten ikasleek Arte Plastikoen, Irudiaren eta Diseinuaren adarra edo Musikaren eta Arte Eszenikoen adarra aukeratu behar dute.

  2. Lehen mailan, Arte Plastikoen, Irudiaren eta Diseinuaren adarra aukeratzen duten ikasleek Marrazketa Artistikoa I ikasgaia dute, eta modalitateko beste bi ikasgai, honako hauen artean aukeratu beharrekoak:

    1. Ikus-entzunezko Kultura.

    2. Arte Plastikoei eta Diseinuari Aplikatutako Marrazketa Teknikoa I.

    3. Proiektu Artistikoak.

    4. Bolumena.

  3. Bigarren mailan, Arte Plastikoen, Irudiaren eta Diseinuaren adarra aukeratzen duten ikasleek Marrazketa Artistikoa II ikasgaia dute, eta modalitateko beste bi ikasgai, honako hauen artean aukeratu beharrekoak:

    1. Arte Plastikoei eta Diseinuari Aplikatutako Marrazketa Teknikoa II.

    2. Diseinua.

    3. Artearen Oinarriak.

    4. Adierazpen Grafiko-plastikoaren Teknikak.

  4. Musikaren eta Arte Eszenikoen adarretik jotzen duten ikasleek, berriz, lehen mailan, Analisi Musikala I edo Arte Eszenikoak I ikasgaia dute (aukeratzen dutena), eta modalitateko beste bi ikasgai, honako hauen artean aukeratu beharrekoak:

    1. Analisi Musikala I.

    2. Arte Eszenikoak I.

    3. Korua eta Ahots Teknika I.

    4. Ikus-entzunezko Kultura.

    5. Musika Hizkuntza eta Praktika.

  5. Bigarren mailan, Musikaren eta Arte Eszenikoen adarretik jotzen duten ikasleek Analisi Musikala II edo Arte Eszenikoak II ikasgaia dute (aukeratzen dutena), eta modalitateko beste bi ikasgai, honako hauen artean aukeratu beharrekoak:

    1. Analisi Musikala II.

    2. Arte Eszenikoak II.

    3. Korua eta Ahots Teknika II.

    4. Musikaren eta Dantzaren Historia.

    5. Literatura Dramatikoa.

  1. Zientzien eta Teknologiaren modalitatetik jotzen duten ikasleek, lehen mailan, Matematika I ikasgaia dute, eta modalitateko beste bi ikasgai, honako hauen artean aukeratu beharrekoak:

    1. Biologia, Geologia eta Ingurumen Zientziak.

    2. Marrazketa Teknikoa I.

    3. Fisika eta Kimika.

    4. Teknologia eta Ingeniaritza I.

  2. Era berean, bigarren mailan ikasleek Matematika II edo Gizarte Zientziei Aplikatutako Matematika II ikasgaia dute (aukeratzen dutena), eta modalitateko beste bi ikasgai, honako hauen artean aukeratu beharrekoak:

    1. Biologia.

    2. Marrazketa Teknikoa II.

    3. Fisika.

    4. Geologia eta Ingurumen Zientziak.

    5. Kimika.

    6. Teknologia eta Ingeniaritza II.

  1. Modalitate Orokorretik jotzen duten ikasleek, lehen mailan, Matematika Orokorra ikasgaia dute, eta ikastetxean eskaintzen diren lehen mailako modalitateko ikasgai guztien artean aukeratu behar dituzten beste bi ikasgai. Eskaintza horretan, nahitaez sartu behar da Ekonomia, Ekintzailetza eta Enpresa Jarduera ikasgaia, modalitate horretako espezifikoa.

  2. Era berean, bigarren mailan, ikasleek Zientzia Orokorrak ikasgaia dute, eta ikastetxean eskaintzen diren bigarren mailako modalitateko ikasgai guztien artean aukeratu behar dituzten beste bi ikasgai. Eskaintza horretan, nahitaez sartu behar da Kultura eta Arte Mugimenduak ikasgaia, modalitate horretako espezifikoa.

  1. Giza eta Gizarte Zientzien modalitatetik jotzen duten ikasleek, lehen mailan, Latina I edo Gizarte Zientziei Aplikatutako Matematika I ikasgaia dute (aukeratzen dutena), eta modalitateko beste bi ikasgai, honako hauen artean aukeratu beharrekoak:

    1. Ekonomia.

    2. Grekoa I.

    3. Mundu Garaikidearen Historia.

    4. Latina I.

    5. Literatura Unibertsala.

    6. Gizarte Zientziei Aplikatutako Matematika I.

  2. Era berean, bigarren mailan, ikasleek Latina II edo Gizarte Zientziei Aplikatutako Matematika II ikasgaia dute (aukeratzen dutena), eta modalitateko beste bi ikasgai, honako hauen artean aukeratu beharrekoak:

    1. Enpresa eta Negozio Ereduen Diseinua.

    2. Geografia.

    3. Grekoa II.

    4. Artearen Historia.

    5. Latina II.

    6. Gizarte Zientziei Aplikatutako Matematika II.

Etapa osoan, ikastetxeek astean ordubete utzi behar dute ikasleekin hezkuntzarako tutoretza egiteko.

  1. Ikastetxeek II. eranskinean zerrendatzen diren aukerako edozein ikasgai eskain dezakete, bai eta ikastetxeek berek proposatutako beste ikasgai batzuk ere, baldin eta ikasgai horiek hezkuntzaren arloko eskumena duen sailaren aldez aurreko baimena badute, proposatutako curriculum-edukia Batxilergoko mailari eta ikasketei egokitzen zaien kontuan hartuta.

  2. Hala ere, nahitaez eskaini behar da atzerriko bigarren hizkuntza bat Batxilergoko lehen eta bigarren mailetan, eta Jarduera Fisikoa, Aisialdia eta Osasuna ikasgaia bigarren mailan.

  1. Maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 32.3 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak neurriak ezarriko ditu ikasleak Batxilergoa araubide arruntean hiru ikasturtetan egin ahal izan dezan, baldin eta haren egoera iraunkor edo iragankorra dela-eta hala komeni bada. Kasu horietan, ikasleak Batxilergoko bi mailetako ikasgaiak aldi berean ikasteko aukera aztertu behar da.

  2. Egoera hauetako batean daudenak baliatu daitezke neurri horretaz:

    1. Batxilergoko etapa eta Musikako edo Dantzako ikasketa profesionalak aldi berean egitea.

    2. Goi-mailako edo errendimendu handiko kirolaritzat hartzen direla frogatzea.

    3. Ohikoaz bestelako hezkuntza-arreta behar izatea, berariazko hezkuntza-laguntzaren premiaren bat dutela eta.

    4. Hezkuntza-administrazioaren iritziz neurri hori aplikatzea justifikatzen duten beste kontu batzuk alegatzea.

  3. Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak Batxilergoa osatzen duten ikasgaiak nola banatu behar diren zehaztuko du, eta lehentasuna duten ikasgaien eskaintzaren plangintza egokia dela bermatuko, IV. eranskinean xedatutakoaren arabera.

  1. Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak ikastetxeen pedagogia- eta kudeaketa-autonomia sustatuko du. Gainera, irakasleen talde-lana eta ikerketa-jarduera sustatuko ditu, heziketa-praktikatik abiatuta.

  2. Ikastetxeek autonomia izango dute curriculumak zehazteko, eta, horiek garatzeko, beren hezkuntza-proiektuan ezarritakoa hartuko dute erreferentziatzat. Autonomia hau, era berean, islatuta geratzen da ikastetxe bakoitzak garatzen dituen proiektuetan, zeinek Hezkuntza-proiektua ere hartuko baitute erreferentziatzat. Proiektu guztietan, beharrezkoa da curriculumaren gaineko erabakiak eta antolakuntzaren gainekoak bat etortzea.

  3. Ikastetxe bakoitzak bere curriculuma garatuko du. Horretarako, modu autonomoan kudea dezake dekretu honen V. eranskinean ezarritako asteko ordutegiaren ehuneko bat. Taldeak eta ikasgaiak malgutasunez antola ditzakete; ikasleen ezaugarrien araberako antolaketa-neurri egokienak eta ezaugarri haien arabera aniztasunari arreta emateko neurri egokienak har ditzakete, eta esparru bereko ikasgaiak batera ematea dakarten antolaketa didaktikoak ezar ditzakete.

  4. Curriculuma garatzean, ikastetxeek beste era batean banatu ahal izango dute hautazko ikasgaietako denbora ikasturtean zehar, zuzendaritza eskudunak baimena emanez gero.

  5. Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak ezarritako curriculumak zehaztu edo egokituko dituzte ikastetxeek, eta beren hezkuntza-proiektuan islatuko dute hori, lehentasuna emanez herritartasun aktibora bideratutako ikaskuntza konpetentzialaren berezko printzipioak, helburuak eta metodologia sustatzeari eta garatzeari.

  6. Zuzendaritza-taldeek, beren autonomia esparruaren barruan, hezkuntza-komunitate osoaren parte-hartzea sustatuko dute, ikastetxearen hezkuntza-proiektuan ezarritako konpromisoak betetzeko zeregina bultzatze aldera.

  7. Batxilergoko helburuak erdiesteko, zuzendaritza-taldeek lankidetza- eta kooperazio-harremanak hasiko dituzte hurbileko beste erakunde batzuekin; bereziki, udalekin.

  8. Ikastetxeek laguntza emango diete beren inguruneko erakundeei hizkuntza-normalizazioko planak sustatzeko.

  9. Ikasleek ikastetxearen hezkuntza-proiektuaren prestaketan parte har dezaten sustatuko da.

  10. Ikastetxeek familien parte-hartzea eta inplikazioa sustatuko dute. Horretarako, ikastetxeek eta guraso-elkarteek prestakuntza-ekintzak garatu ditzakete guraso eta legezko tutoreentzat, eta, horietan, curriculumean ezarritako inklusio- eta hezkidetza-printzipioak hartuko dituzte kontuan.

  11. Ikastetxea hezkuntza-sistema baten barruan txertatuta dago eta haren arabera dihardu; ikastetxearen autonomiak, bada, behar bezala egokitu behar du testuinguru horretara. Hezkuntza-esparru hau gai da egokiro bateratzeko helburu eta arau komunak eta ikastetxeek hain beharrezkoa duten pedagogia- eta kudeaketa-autonomia; hori horrela izan dadin, baina, nahitaezkoa da ebaluazioa egiteko eta kontuak emateko mekanismoak ezartzea. Hezkuntza-sistemak erronka handiak ditu aurrez aurre, eta egoera horrek ezinbestean eskatzen du ikastetxeen esku uzten diren bitarteko eta baliabideen erabilerari buruzko informazioa publikoa eta gardena izatea, eta, horrekin batera, lortzen diren emaitzen gaineko balorazioa egitea.

  1. Ikastetxearen hezkuntza-proiektuan, ikastetxeak bere autonomia baliatuz egindako hezkuntza-aukera eta jarraibide nagusiak biltzen dituen proposamen integrala jaso behar da; jarraibide nagusiok erreferentzia gisa balio dute hezkuntza-komunitateak ikastetxean esku hartzeko prozesua koherentziaz zuzentzeko.

  2. Ikastetxearen hezkuntza-proiektuak berariaz jasoko ditu balioak, helburuak eta jarduketa-lehentasunak, eta eskumeneko sailean ezarritako curriculumak ikastetxean nola zehaztuko diren adieraziko du Klaustroak finkatu eta onartuko du curriculuma zehazteko modua; orobat, herritar aktiboak hezteko ikaskuntza konpetentzialak berezko dituen printzipioak, helburuak eta metodologia sustatu eta garatuko ditu. Horiez gain, modu transbertsalean landuko ditu balioetan oinarritutako hezkuntza, garapen jasangarria, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eta diskriminaziorik eza, nesken eta emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzioa, eskolako jazarpena eta ziberjazarpena, eta bake-kultura eta giza eskubideak. Ikastetxearen estrategia digitala ere jasoko du. Ikastetxe bakoitzaren hizkuntza-proiektua eratzeko, ikastetxearen hezkuntza-proiektuaren barruko osagaia izanik, hezkuntza-proiektu osoa eratzeko orduan bezala, arretaz hausnartu eta aztertuko da ikastetxearen ingurunea.

  3. Ikastetxe publikoetako Ordezkaritza Organo Gorenari edo itunpeko ikastetxe pribatuetako titularrari dagokio ikastetxearen hezkuntza-proiektua onartzea. Batean zein bestean, argitara eman behar da.

  1. Ikastetxe bakoitzak ikasgaien artean banatuko ditu ikasmaila bakoitzeko orduak, betiere V. eranskinean gutxienekotzat jotzen den ordu kopurua beteta. Aukera hori baliatzen ez duten ikastetxeek eranskin berean adierazten den erreferentziazko ordutegia beteko dute.

  2. Batxilergoko lehen mailan, astean 34 eskola-ordu eman behar dira gutxienez, eta, bigarren mailan, 33 ordu.

  3. Ikastetxeek, beren autonomia pedagogikoaz eta antolaketa-autonomiaz baliatuz, ordubete baino gehiago edo gutxiago irauten duten ordutegi-moduluak ezar ditzakete, baldin eta ikasleen asteko eskola-orduen gutxieneko kopurua eta irakasleen lanaldia betetzen badira.

  4. Batxilergoko eguneko eskolaldia goizeko saioetan edo goiz eta arratsaldekoetan antola daiteke.

  5. Batxilergoko ikastetxeek, indarrean dagoen araudiaren arabera, ordutegia malgutzeko aukera aurreikusi behar dute, ikasleek dituzten egoera bereziei erantzuteko. Besteak beste, osasuna, eskolatze partekatua edo ikasketen aldiberekotasuna direla-eta sortzen diren egoerak sartzen dira hor.

  1. Gurasoek eta legezko tutoreek eskubidea dute ikasle adingabeen eskola-hezkuntzaren jarraipena egiteko eta haien eskola-hezkuntzan parte hartzeko.

  2. Ikasle adingabeen gurasoek eta legezko tutoreek hezkuntza-prozesuan babesa eman eta parte hartu behar dute, laguntza emanez ikastetxeek ikasleen aurrerabidea errazteko hartzen dituzten laguntza-neurri indargarrietan.

  1. Ikasle talde berean esku hartzen duten irakasleak dira talde horren irakasle-taldea.

  2. Zuzendaritza-taldeak talde-lana, gogoeta eta hezkuntza-ikerketa sustatuko ditu irakaskuntzan, koordinazio-bileren bidez. Esparru horretan, ordutegi espezifikoak aurreikusi behar dira irakasle-taldeen koordinazio-bilera horiek irakasleek ikastetxean egon behar duten aldian egiteko.

  3. Ikastetxeko zuzendariari dagokio ikasle taldeei irakasleak esleitzea. Ikastetxean gerora sortutako beharrei erantzute aldera, ikastetxeko zuzendariak aldi baterako eta behar bezala justifikatuta alda dezake esleipen hori, baita irakastorduen banaketa ere.

  1. Irakasleek konpetentzia-profil egokia izan behar dute egoera ezin hobean beren gain hartzeko beren funtzioen berezko erantzukizunak eta, bereziki, ikasleei Batxilergoko irteera-profilari lotutako konpetentziak lortzen laguntzearekin lotuta dauden erantzukizunak.

  2. Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak zehaztuko du irakasleen konpetentzia-profila.

  3. Irakasleen prestakuntzaren helburua da ikasleei garapen pertsonal eta afektiboan eta konpetentzien garapenean laguntzeko behar den konpetentzia-profila lortzea. Prestakuntza-prozesuetan arreta berezia jarri behar zaie hezkuntza inklusiboari, hezkidetzari, aniztasun afektibo-sexualari eta hezkuntzan laguntza berezia eta berariazkoa behar duten kolektiboentzako arreta egokiari. Era berean, ikastetxeen testuinguruan berdintasunaren, jazarpenaren eta tratu txarren arloak lantzeko prestakuntza espezifikoa ere jasoko da, bai, orobat, haurren aurkako indarkeriari aurre hartzeko, antzemateko eta aurre egiteko prestakuntza ere. Hezkuntza arloko eskumena duen sailak irakasleak prestatzeko jarduerak planifikatuko ditu; jarduera horien eskaintza dibertsifikatua eta doakoa bermatuko du, eta behar diren neurriak ezarriko ditu irakasleek jarduerotan parte har dezaten. Ikastetxe bakoitzaren premien arabera hautatuko da prestakuntza espezifikoa, hausnarketa-prozesuetatik ateratako ondorioak aintzat hartuta.

  4. Hezkuntza-komunitateko kide guztien koordinazioa eta kooperazioa sustatu behar da ikastetxeko hezkuntza- eta antolaketa-arlo guztietan. Era berean, inguruko beste ikastetxe eta hezkuntza-eragile batzuekin koordinatzeko eta kooperatzeko ekintzak sustatu behar dira. Irakasleek prozesu horretan laguntza eman eta parte hartu behar dute.

  5. Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak ebaluatuko ditu irakasleen konpetentziak. Ebaluazio horretan, irakasleek ere parte hartuko dute, beren garapen profesionala hobetzen eta ebaluazio horretatik eratortzen diren prestakuntza-ekintzak planifikatzen laguntzeko.

  1. Hezkuntza-orientazioa etengabeko laguntza-prozesua da, sistematikoa, irakasteko jardueran sartzen dena, eta haren helburua ikasleei oinarrizko konpetentziak garatzen eta eskuratzen laguntzea da, beren proiektu pertsonalaren eta profesionalaren jabe izan daitezen eta herritartasuna gauzatu dezaten.

  2. Hezkuntzarako tutoretza eta orientazioa emateko eginkizuna hezkuntza-komunitate osoaren ardura da; berariaz, irakasle-taldeari dagokio, eta, bereziki, tutoreari. Azken hori da bere taldeko ikasleen orientazio akademiko eta profesionalaren arduradun nagusia, eta hark du, era berean, ikasle horiei eskolak ematen dizkieten irakasleak koordinatzeko eta, ikasle adingabeen kasuan, haien gurasoekin edo legezko arduradunekin komunikazio arina ezartzeko ardura nagusia. Hori guztia irakasle orientatzaileen edo aholkularien laguntzarekin egingo da. Irakasleek hezkuntzarako tutore-lana ondo egiteko, hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak agintzen duen prestakuntza jaso behar dute irakasle guztiek.

  3. Batxilergoko etapa osoan, ikasleek hezkuntzarako ordubeteko tutoretza-saioa izango dute tutorearekin.

  4. Ikastetxearen Hezkuntza Proiektuak hezkuntza-orientazioa arautzen duten printzipioak ezarriko ditu; orobat, hezkuntzarako tutoretzaren eredua zehaztuko du, eta ikasleen eskolaratze-denboran hezkuntzarako tutoretza-ekintza koherentziaz eta modu jarraituan egiten dela bermatuko du eskura dituen bitartekoen bidez.

  5. Ikastetxeko zuzendaritzak adi egon behar du tutoretzako eta hezkuntza-orientazioko ekintzak ikastetxeko profesional guztien eta hezkuntza-komunitateko gainerako kideen artean banatuta eta koordinatuta gauzatu daitezen.

  6. Hezkuntza-orientazioa Orientazio eta Tutoretza Planean islatu behar da (plan hori ikastetxearen Urteko Planean txertatuta dago), eta ikasleen garapen integrala bermatzen duten jarduera programatuak, sistematizatuak eta ebaluagarriak jaso behar ditu, baita laguntza pertsonalizatua ere, eta nork bere burua ezagutzera eta autonomia garatzera bultzatu, erabakiak hartzeko orduan gida ditzan ikasleak. Irakasle-taldeek, gainera, ikasleen ikaskuntzaren eta autonomiaren aldeko estrategia didaktikoak eta pedagogikoak sartu behar dituzte. Egokiro garatzeko, hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak orientabideak emango dizkie ikastetxeei Batxilergoko Orientazio eta Tutoretza Plana egiteko eta garatzeko.

  7. Orientazio-prozesuak barnean hartuko ditu ikasleei beren burua ezagutzen laguntzen dieten eta prestakuntza-ibilbidea eta bizitza-proiektua egiteko orduan erabakiak hartzen laguntzen dieten orientazio pertsonal, sozial, akademiko eta profesionaleko jarduerak, eta lan-orientazio guztien berri jakitea bultzatuko da, estereotipo sexistarik gabeko interes eta bokazioak pizten laguntzeko.

  8. Ikastetxeek informatu eta orientatu behar dituzte ikasleak, beren interesetarako eta ondorengo prestakuntza-orientaziorako modalitate, adar eta ikasgai egokienak aukeratu ditzaten.

  9. Behar bezala garatutako hezkuntzarako tutoretzak bermatu behar du taldeko ikasle bakoitza banaka eta bere berezitasunekin hartzen dela aintzat. Talde bakoitzeko tutorea da laguntzeko, desberdintasunak hautemateko eta inklusioa eta aniztasuna indartzeko aukera gehien duen pertsona hezkuntza-komunitatean.

  10. Hezkuntzarako tutoretza hezkuntza-ekintzen multzo bat da, zeinek funtsezko konpetentziak lortzen laguntzen baitute eta, aldi berean, beharrezkoak baitira ikasleen ibilbide pertsonala, akademikoa eta profesionala bilakaera-unearen arabera modu progresiboan garatzeko.

  11. Hezkuntzarako tutoretzak jarraipen indibiduala eta irakasle guztien jarraipen pertsonalizatua eta taldeko jarraipena konbinatzen ditu, ikasleen gizarte-kohesioan laguntzen duten proposamen pedagogikoak aplikatuz. Halaber, ikasleek beren ikasteko prozesuan eta beren garapen pertsonalean eta sozialean inplikazio aktiboa izan dezaten sustatzen du.

  12. Hezkuntzarako taldeko tutoretza-saioen edukiak lau gai multzoren inguruan antolatu behar dira: garapen pertsonala, pertsonen arteko harremanak, ikasteko prozesuak eta ikasketa-orientazio profesionala. Azken multzo horrek garrantzi handia du etapa honetan.

  13. Ikasleen hezkuntzarako tutoretza irakaskuntza-funtzioaren parte da. Ikasle guztiek izan behar dute tutore bat, eta tutore hori arduratuko da dagozkion ikasleen hezkuntza-prozesua orientatzeaz, banaka zein taldean. Tutorea ikasleen garapen pertsonalaz, haien ongizateaz eta funtsezko konpetentzien lorpen progresiboaz arduratuko da bereziki.

  14. Tutoreari dagokio ikasleei eta haien gurasoei edo legezko tutoreei ikasleak adingabeak izanez gero ikasleen eskola-jarduerei buruzko guztiaren berri ematea; haiek, nolanahi ere, haiek eskubidea dute irakasleengana edo ikastetxeko gobernu-organoetara jotzeko.

  15. Tutoreari dagokio beharrezkoa den dokumentazio akademikoa formalizatu eta betetzea eta irakasle-taldea koordinatzea ikasleen kudeaketa pedagogikoari dagokionez.

  16. Batxilergoan zehar, irakasle-taldeek ikasle bakoitzari buruzko informaziorik garrantzitsuena jaso eta hurrengo mailara eramango dute. Ikastetxeak informazioa jasotzeko eta bidaltzeko erregistro bat izan behar du, eta tutoreak du erregistro horretako informazioa eguneratzeko eta kudeatzeko erantzukizuna. Erregistro horretan, besteak beste, konpetentzietan erdietsi den mailari buruzko datuak eta jaso diren errefortzu-neurriak eta laguntzak sartu behar dira.

  17. Ikasleek eta haien gurasoek edo legezko tutoreek ikasleak adingabeak izanez gero banakako ebaluazio-txostena jasoko dute ikasturte bakoitza amaitutakoan. Txosten hori ikaslearen tutoreak egingo du, irakasle-taldearen laguntzarekin, eta ikaslearen ikaskuntzei buruzko informazioa eta funtsezko konpetentzietan eskuratutako mailari buruzkoa bilduko du hor, eta, hala badagokio, hurrengo ikasturterako gomendioak eta hezkuntza-arloko errefortzu-neurrien proposamenak. Txosten hori ikasleen espedientearekin batera gorde behar da, eta ezarritako koordinazio-mekanismoen bidez eman behar da ikaslea ikastetxez aldatzen denean.

  18. Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak tresna digitalak jarriko ditu eskura aurreko bi puntuetan jasotakoa errazteko. Aipatutako dokumentuak ikasleen dokumentazio akademikoaren parte izango dira, eta hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak adierazi bezala kudeatu behar dira.

  19. Ikastetxeko irakasle orientatzaileek laguntza emango diete tutoreari eta irakasle-taldeari orientazioko eta hezkuntzarako tutoretzako ekintzen plangintza eta jarraipena egiteko. Beharrezkoa izanez gero, ikasteko zailtasun zehatzak aztertzen lagunduko dute, eta aholkularitza emango dute zehazteko zer hezkuntza-erantzun inklusibo baliatu ikasle guztiek eskola-arrakasta lortzeko. Halaber, ikastetxez kanpoko gizarte- eta hezkuntza-arloko eta komunitate-arloko eragile eta babesleekiko elkarlana koordinatuko dute, eta familiei zein ikasleei lagunduko diete eskola-ibilbidean zehar, eta orientabidea emango diete erabakiak hartzeko orduan, beren gaitasunak eta interesak ahalik eta hobekien gara ditzaten.

  1. Mailaz igarotzen denerako, etapa bat bukatu eta beste bat hasten denerako eta ikastetxez aldatzen denerako, ikastetxeek koordinazio-mekanismoak eta informazioa eskualdatzeko mekanismoak izan behar dituzte, hezkuntza-koherentzia eta prestakuntzaren jarraitutasuna errazteko eta ziurtatzeko.

  2. Horretarako, ikaskuntzen garapenaren jarraitutasuna eta ikasleen jarraipen pertsonalizatua bermatzeko, beharrezkoa da haiei buruzko informazioa etapa batetik bestera eramatea. Beren funtzioak betetzeko adingabearen edo haren familiaren ohorea eta intimitatea ukitzen dituzten datu pertsonaletara eta familiarretara irispidea duten irakasleek eta gainerako langileek isilpean gorde beharko dituzte datuok.

  3. Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailari esker, ikasleak Batxilergoko ikastetxean matrikulatu ondoren, ikastetxeak ikasleen historia akademiko osoa eskuratu ahal izango du, barnean direla aurreko etapetan egindako ikasketei buruzkoa eta aurreko etapako bukaerako txosten indibiduala.

  4. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzatik Batxilergora igarotzen laguntzeko, azken horren antolaketan ahaleginak egin behar dira DBHko titulua ikasgairen bat gainditu gabe lortu zuten eta Batxilergoan jarraitzen duten ikasleek indartze-neurriak izan ditzaten, etapa berria ondo betetzen dutela ziurtatzeko.

  5. Beste autonomia-erkidego batera joaten diren ikasleen kasuan, ikastetxeak historia akademikoaren kopia bat eman behar die, dagokien ikastetxean matrikula formalizatzeko aukera izan dezaten.

  6. Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen kasuan, aholkularitza eta orientazio psikopedagogikoko taldeek arreta berezia jarri behar dute trantsizio-prozesuan.

  1. Material eta baliabide didaktikoen erabilerak bat etorri behar du dekretu honetan proposatzen den hezkuntza-eredu pedagogikoarekin. Ekitatearen, inklusioaren eta gizarte-kohesioaren printzipioei erantzun behar die, eskola inklusiborako oinarri gisa.

  2. Diseinatutako eta sortutako baliabide eta material pedagogiko eta didaktikoek aurrera egiten utzi behar diete ikasle guztiei, eta irudikapenean, adierazpidean eta konpromisoan proposamen dibertsifikatuak eskaini behar dizkiete. Irizpide hauei jarraitu behar diete:

    1. genero-ikuspegia,

    2. aniztasun guztiekiko errespetua: generoa, afektibo-sexuala, kulturala, etnikoa...,

    3. materialen eskuragarritasuna hobetzea eta areagotzea eta ikaskuntzarako eta komunikaziorako oztopoak minimizatzea eta ezabatzea,

    4. zorroztasun zientifikoa,

    5. hizkuntza-egokitasuna,

    6. ikaskuntzen pertsonalizazioa,

    7. euskarrien aniztasuna.

  3. Ikastetxeek autonomia dute Batxilergoan erabili beharreko material eta baliabide didaktikoak sortzeko eta aukeratzeko, indarrean dagoen araudian eta aurretik zehaztutako irizpideetan ezarritakoaren arabera.

  4. Hezkuntza Saileko Ikuskaritzak ikastetxeen hezkuntza-prozesuak aztertuko ditu eta ikastetxeek erabiltzen dituzten material eta baliabide didaktikoak dekretu honetan proposatzen den hezkuntza-ereduarekin bat datozen ebaluatuko, irakatsi eta ikasteko prozesua osatzen duten elementu guztiak gainbegiratzeko ohiko prozesuaren barruan.

  1. Ikasleen ikaskuntza-prozesua ebaluatzea funtsezko osagaia da Batxilergoan, eta arretaz planifikatu eta garatu behar da irakasteko eta ikasteko prozesuaren barruan.

  2. Ikasleen ebaluazioak globala, jarraitua, hezigarria eta ikasgaien arabera bereizia izan behar du, eta kasuan kasuko konpetentzien garapen-maila eta ikaskuntza-prozesuan izandako aurrerapena izan behar ditu erreferentziatzat.

  3. Ikasgai bakoitzeko irakasleak erabakiko du ikasturte-bukaeran ea ikaslea dagozkion konpetentzien eskuratze-maila egokira iritsi den etapako helburuak lortzeko.

  4. Ikasleek beren dedikazioa, ahalegina eta errendimendua objektibotasunez baloratua eta aitortua izateko duten eskubidea bermatu behar da, eta, horretarako, behar diren prozedurak ezarri behar dira. Prozedura horiek, betiere, etapa honetako ebaluazioaren izaera jarraitua eta ikasgaien arabera bereizia hartuko dute kontuan.

  5. Ikasgaietan ikasleen ikaskuntza-prozesuak ebaluatzeko, ikaskuntza-prozesuetako konpetentzia espezifikoen ebaluazio-irizpideetan ezarritakoa hartu behar da erreferentziatzat.

  6. Beren autonomiaren esparruan, eta indarrean dagoen araudiaren arabera, ikastetxeek ebaluazio-irizpideak eta ezinbesteko ikaskuntzak garatu eta zehaztu behar dituzte beren hezkuntza-proiektuan, eta ikasle guztien hezkuntza-premiei erantzuteko beharrezkoak diren neurriak ezarri.

  7. Askotariko ebaluazio-tresnak erabili behar dira, ikasle guztien ikaskuntzaren bilakaera behar bezala ebaluatzeko modukoak, ikasleen ezaugarri eta premia indibidualetara eta espezifikoetara eta ikas-egoeretara egokitzen direnak.

  8. Ikasleek eta haien gurasoek edo legezko tutoreek ikasleak adingabeak izanez gero hezkuntza-prozesuaren hasieratik, hauek ezagutu behar dituzte: ebaluazio-irizpideak, ezinbesteko ikaskuntzak, ikaskuntza-prozesua ebaluatzeko prozedurak, kalifikazio-irizpideak eta ikasleak hurrengo mailara igotzeko edo titulazioa lortzeko erabakiak hartzeko erabiliko diren irizpideak. Ikastetxeek alderdi horien guztien berri eman behar diete ikasleei eta haien familiei edo legezko tutoreei ikasleak adingabeak izanez gero ikasturte bakoitzaren hasieran.

  9. Ebaluazioak, nagusiki, ikasleen aurrerapenak identifikatu behar ditu, baita hezkuntza-prozesuan zehar ikasleek dituzten zailtasunak ere, zailtasun horiek zuzentzen lagunduko duten erabakiak hartu daitezen irakasteko eta ikasteko prozesuaren plangintzan.

  10. Irakasle-taldeak koordinazio-espazioak eta prozedura sistematikoak ezarriko ditu ikasleen ikasteko prozesuari buruz eta haiek funtsezko konpetentzien garapenean duten bilakaerari buruz informazioa biltzeko, ikasle bakoitza ondoen orientatuko duten erabakiak hartu daitezen.

  11. Irakasle-taldeak, taldeko tutoreak koordinatuta, ebaluazio jarraitua eta hezigarria egingo du ikasturtean zehar, eta, ikasturtea amaitzean, azken ebaluazio-saioetako lehenengoa egingo du, eta, ikasgairen bat gainditu ez duten ikasleen kasuan, ezohiko azken saio bat. Ikasleek lortutako konpetentzia-garapena aztertu ondoren, promozioari edo, hala badagokio, titulazioari buruzko erabakiak hartuko dituzte, dekretu honen 30. eta 31. artikuluetan jasotakoari jarraikiz. Era berean, behar diren erabakiak hartuko dira laguntza-neurriak planteatu beharrari buruz edo lehendik daudenak berrikusteari buruz.

  12. Irakasleek, ikasleen ikaskuntzak ez ezik, irakasteko prozesuak eta beren irakasle-jarduna bera ere ebaluatu behar dituzte, horiek guztiak hobetzen laguntzeko. Ikasleek lortutako emaitzen analisiari buruzko ondorioetatik abiatuta, neurriak ezarri behar dituzte curriculumaren, antolamenduaren eta, bereziki, irakasle-jardunaren esparruan. Neurri horiek plangintza-dokumentuetan jasotako hobekuntza-helburuetan islatuko dira.

  1. Ikasgaietako ikaskuntzen kalifikazioa kasuan kasuko konpetentzia espezifikoen ebaluazio-irizpideen arabera egingo da.

  2. Curriculum-elementuak zenbait ikasgai biltzen dituzten zeharkako esparru edo proiektu globalizatzaileen bidez antolatu badira, ebaluazioa modu integratuan egin daitekeen arren, kalifikazioa ikasgaika egin behar da.

  3. Aurreko puntuan adierazitako kasuetan, esparru edo proiektu horietan biltzen diren konpetentzia espezifikoak eta ebaluazio-irizpideak definitu behar dira, eta horiek izango dira ebaluazio eta kalifikaziorako erreferentzia. Ikasleei edo familiei ebaluazioaren emaitzari buruz helarazten zaien informazioan, esparru edo proiektuetan lortutako emaitzekin batera, haien parte diren ikasgaien erreferentzia jaso behar da, edo curriculum-elementuak hartu zaizkien haien parte diren ikasgaien erreferentzia.

  4. Lehen zein bigarren mailen amaieran, ikasturteko azken ebaluazioko ondorioekin bat etorrita, irakasle-taldeak erabakiko du zer ondorio duten ikasleen kalifikazioek; alegia, hurrengo maiara igarotzen den eta titulazioa lortzen duen. Horretarako, ikasleei ikasgaiak ematen dizkieten ikasleek eta tutoreak osatuko dute irakasle-taldea. Horretarako, azken ebaluazioko saioa egin behar da, eta saio hori ebaluazio partzialeko azken saioarekin bat etor daiteke.

  5. Ikasgairen batean ebaluazio positiboa lortu ez bada, ikasgai horren ezohiko azken ebaluazioa egin behar da.

  6. Ebaluazio-aktetan jasotako ebaluazioaren emaitzak zerotik hamarrera bitarteko zenbakizko kalifikazioen bidez adierazi behar dira, hamartarrik gabe, eta negatibotzat joko dira bostetik beherako kalifikazioak. Ikasleak ez badira aurkezten aparteko azterketetara, Ez Agertua jaso behar da (EA).

  7. Bigarren mailako aktetan, gainera, aurreko ikasturtean gainditu gabeko ikasgaiak dituzten ikasleak agertuko dira, eta Batxilergoko titulua emateko proposamena jasoko da, etapako batez besteko notarekin batera. Ikasmaila horretan, gainditu gabeko ikasgaien ebaluazio-aktak egin behar dira ohiko eskolaldia eta aparteko azterketaren deialdia amaitzean.

  1. Ikasleak Batxilergoko lehen mailatik bigarren mailara igarotzen dira ikasgaiak gainditzen dituztenean edo gehienez ere bi ikasgaitan ebaluazio negatiboa dutenean. Dena den, bigarren mailan, lehen mailan gainditu ez dituzten ikasgaien matrikula egin behar dute, eta gainditu gabeko ikasgaitzat jotzen dira. Ikastetxeek errekuperazio-jarduerak eta gainditu gabeko ikasgaien ebaluazioa antolatu behar dituzte, hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak ezartzen duen antolaketa-esparruan.

    IV. eranskinean adierazitako bigarren mailako ikasgaiak gainditzeko, ezinbestekoa da eranskin horretan adierazten diren lehenengo mailako ikasgaiak gainditzea, haien arteko jarraitutasuna dela eta. Hala ere, modalitate beraren barruan, ikasleak bigarren mailako ikasgaian matrikulatu ahal dira lehenengo mailan ikasgai hori gainditu gabe, ikasgai hori ematen duen irakasleak iritziz gero bigarren mailako ikasgaia ongi jarraitzeko behar diren baldintzak betetzen dituztela. Bestela, lehenengo mailako ikasgaia ikasi behar dute eta gainditu gabeko ikasgaitzat jotzen da. Hala ere, ikasgai hori ez da kontuan hartzen bigarren mailara igarotzeko baldintzak aldatzeari dagokionez.

  1. Bigarren maila amaitzean ikasgai batzuetan ebaluazio negatiboa duten ikasleek aukera dute ikasgai horietan matrikulatzeko, gainditutako ikasgaiak berriro ikasi beharrik izan gabe, edo maila osoa errepikatzeko.

  2. Batxilergoko lehen maila modalitate edo adar jakin batean egin duen ikasle batek bigarren mailara beste modalitate edo adar batean igaro nahi badu, titulua lortzeko, bi mailetako ikasgai komunez eta hautazkoez gain, modalitate edo adar berriko ikasgai espezifiko guztiak ikasi eta gainditu behar ditu, 12., 13., 14. eta 17. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

  1. Batxilergoko tituluak egiaztatzen du etaparako ezarritako helburuak lortu direla eta dagozkion konpetentziak eskuratu direla.

  2. Batxilergoko titulua lortzeko, ebaluazio positiboa izan behar da Batxilergoko bi mailetako ikasgai guztietan.

  3. Salbuespen gisa, irakasle-taldeak erabaki dezake ikasgai bat ez beste guztiak gainditu dituen ikasle batek Batxilergoko titulua lortu duela, baldin eta, gainera, honako baldintza hauek guztiak betetzen badira:

    1. Irakasle-taldeak uste izatea ikasleak titulu horri lotutako helburuak eta konpetentziak lortu dituela.

    2. Ikasleak ikasgaian behin eta berriz eta justifikaziorik gabe huts egin ez izana. Hutsegite jarraitu eta justifikaziorik gabeko horren gehieneko iraupena ezin da izan dagokion ikasgaiaren ordu kopuruaren % 20 baino handiagoa.

    3. Ikaslea proba guztietara aurkeztu izana eta hura ebaluatzeko beharrezkoak diren jarduerak egin izana, ezohiko deialdikoak barne.

    4. Etapako ikasgai guztietan lortutako kalifikazioen batezbesteko aritmetikoa bost edo gehiago izatea. Kasu horretan, etaparen amaierako kalifikazioa kalkulatzeko, gainditu gabeko ikasgaian lortutako zenbakizko kalifikazioa hartu behar da kontuan.

  4. Batxilergoko titulua bakarra da, eta egindako modalitatea eta lortutako batez besteko kalifikazioa adierazita ematen da. Horretarako, ikasitako ikasgai guztien kalifikazioen batezbesteko aritmetikoa kalkulatzen da, ehunenera biribilduta. Kalkulu hori egiteko, ikasgai komunak eta aukerakoak, tituluari dagokion modalitatearen ikasgai espezifikoak eta, hala badagokio, Erlijioa ikasgaia kontuan hartu behar dira.

  1. Lanbide Heziketako teknikariaren titulua duten ikasleek Batxilergoko titulua lortu dezakete modalitate Orokorrean, baldin eta ikasgai komunak gainditzen badituzte.

  2. Arte Plastikoetako eta Diseinuko teknikariaren titulua duten ikasleek Batxilergoko titulua lortu dezakete Arteen modalitatean, baldin eta ikasgai komunak gainditzen badituzte.

  3. Halaber, Batxilergoko titulua lortu dezakete, Arteen modalitatean, Musikako edo Dantzako ikasketa profesionalak gainditu dituztenek, baldin eta, gainera, ikasgai komunak gainditzen badituzte.

  4. Ikasle horien Batxilergoko tituluan agertuko den kalifikazioa honako haztapen honetatik ondorioztatzen da: a) Batxilergoko ikasgai komunetan lortutako kalifikazioen batezbestekoaren % 60; b) titulua lortzeko bidea ematen duten ikasketetan lortutako batez besteko kalifikazioaren % 40 (ikasketa haiek antolatzeko hurrenez hurreneko errege-dekretuetan ezarritakoaren arabera kalkulatu behar da kalifikazio hori).

  1. Batxilergoko ebaluazio-dokumentu ofizialak hauek dira: ikasturte-bukaerako ebaluazio-aktak, ikasketa-espedientea, historia akademikoa eta, hala badagokio, lekualdaketei buruzko txosten pertsonala. Dokumentu horiekin batera, ikasturte-bukaerako txostena eta etapa amaierakoa jasoko dira.

  2. Historia akademikoa eta, hala badagokio, lekualdaketei buruzko txosten pertsonala oinarrizko dokumentutzat hartzen dira Estatuko lurralde osoan ikasleen mugikortasuna berma dadin.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoan, ebaluazio-dokumentu ofizialak modu digitalizatuan bete eta jaso behar dira, hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak zehazten dituen aplikazio informatikoen bidez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legean eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan adierazitakoaren arabera.

  4. Halakorik dagoen bitartean, paper-formatuko ebaluazio-dokumentu ofizialak ikastetxeetan gorde behar dira. Ikastetxe publikoren bat ixten bada edo itunpeko ikastetxe pribatu bateko jarduerak bertan behera geratzen badira, Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzek finkatuko dituzte ikastetxe iraungiak sortutako dokumentazioa artxibatu eta zaintzeko gidalerroak.

  5. Hezkuntzako Ikuskaritzari dagokio hala ebaluazio prozesua nola ebaluazio-dokumentuak betetzeko eta zaintzeko prozedura gainbegiratzea.

  1. Hezkuntzako Ikuskaritzari dagokio, bere zereginen barruan, ikasleen eta irakasteko eta ikasteko prozesuaren planifikazioa, aplikazioa eta ebaluazioa ondo egiten direla gainbegiratzea.

  2. Hezkuntzako Ikuskaritza, gainbegiratze-prozesuen barruan, aldian-aldian bilduko da ikastetxe bakoitzeko zuzendaritza-taldearekin eta koordinazio pedagogikoko taldeekin. Bilera horietan, ikasleen emaitza akademikoak (barnekoak zein kanpokoak) aztertu eta ebaluatuko dira, emaitzei buruzko gogoeta eta analisia sustatu eta bultzatuko da eta irakasteko eta ikasteko prozesuetan ikastetxeak jarritako helburuak hobetzeko neurriak bultzatuko dira.

  3. Hezkuntzako Ikuskaritzari dagokio ikastetxe publikoetako irakasle-jarduna ebaluatzea, betiere oinarrizko hezkuntza-arauan eta 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera (5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duena). Ebaluazio horren helburu nagusia da irakaskuntza-jardunaren kalitatea bermatzea eta aholku ematea jardun profesional hori hobetzen eta ikasleen hezkuntza-emaitzak hobetzen laguntzen duten neurriak hartzeko orduan.

  1. Ebaluazio objektiborako eskubidea bermatze aldera, irakasleek emandako kalifikazioaren arrazoiak jakinaraziko dizkiete ikasleei eta haien guraso edo legezko tutoreei ikasleak adingabeak izanez gero, eta lortu diren edo lortu ez diren eta kalifikazio hori eragin duten ebaluazio-irizpideak aipatuko dizkiete.

  2. Ikastetxeko aholkularitza- eta orientazio-taldeak tutorearekin kolaboratuko du, ikasleari eta haren gurasoei edo legezko tutoreei ikaslea adingabea bada beharrezko informazioa, orientazioa, aholkularitza eta laguntza emateko eta ikasleak hezkuntza-prozesuan eta eskolatze-aukerarik egokienei buruz orientatzeko.

  3. Gurasoek edo legezko tutoreek ikasleak adingabeak izanez gero seme-alaben edo tutoretzapekoen hezkuntza-prozesuaren bilakaeran parte hartu eta lagundu behar dute, eta haien ebaluazioari, promozioari eta titulazioari buruzko erabakiak ezagutu behar dituzte; gainera, ikastetxeek seme-alaben edo tutoretzapekoen hezkuntza-aurrerapena errazteko hartzen dituzten laguntza- edo indartze-neurriekin kolaboratu behar dute.

  4. Ikasleak adingabeak izanez gero, gurasoei eta legezko tutoreei beren seme-alaben hezkuntza-prozesuan parte hartzeko duten eskubidea eta betebeharra betetzen laguntzeko, ikastetxeak informazioa bidaliko die aldian-aldian beren seme-alaben ikaskuntza-prozesuari buruz, baita orientazioa eman ere prozesu horretan lagun ahal izan dezaten. Ikastetxeak, horretarako, eraginkortzat jotzen dituen bitartekoak baliatuko ditu, hala nola txosten kualitatiboak, banakako elkarrizketak, talde-bilerak eta abar. Gutxienez, banakako bilera bat egin behar da ikasturtearen hasieran, eta beste bat bukaeran, eta, beharrezkotzat joz gero, talde-bilerak.

  5. Adin nagusiko ikasleen kasuan, guraso eta legezko tutoreek aurreko artikuluan adierazitako eskubideak baliatu ahal izango dituzte, interes legitimoa justifikatuta.

  1. Ikasleen datu pertsonalak lortzeari dagokionez eta ikastetxe batzuek beste batzuei datu horien segurtasuna eta konfidentzialtasuna lagatzeari dagokionez, indarrean dagoen datu pertsonalak babesteari buruzko legedian xedatutakoari jarraituko zaio, baita, nolanahi ere, maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren hogeita hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoari ere.

  2. Ikaslearen espediente elektronikoak, gutxienez, ebaluazio-dokumentu ofizialetan jasotako datuak bildu behar ditu, eta berariaz bete behar du urtarrilaren 8ko 4/2010 Errege Dekretuan ezarritakoa (4/2010 Errege Dekretua, urtarrilaren 8koa, Administrazio Elektronikoaren arloko Elkarreragingarritasunaren Eskema Nazionala arautzen duena), baita administrazio elektronikoari buruz Euskal Autonomia Erkidegoan ezarritako araudia ere.

    LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA. Batxilergoko ikasketak eta beste ikasketa batzuk bateragarri egitea.

  1. Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak aukera emango du aldi berean egiteko Batxilergoko ikasketak eta musikako eta dantzako arte-ikasketa profesionalak.

  2. Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak salbuespenezko eskolatze-neurriak baimendu ditzake errendimendu handiko kirol-jarduerak eta antzekoak egiten dituztenentzat.

    BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Erlijioaren irakaskuntza.

  1. Ikasturtea hasi baino lehen, adin nagusiko ikasleek eta adingabeen familiek edo legezko tutoreek adierazi behar dute Erlijioko eskolak jaso nahi dituzten ala ez.

  2. Ikastetxeak bi mailetan eskaini behar du Erlijioa, etapako 70 orduak betetzen direla bermatuta betiere. Ikasleek egin behar dute ikasteko aukera, eta, ikaslea adingabea bada, familiek edo legezko tutoreek. Ikastetxeek antolaketa-neurriak hartu behar dituzte Erlijioa ikasten ez duten ikasleek behar den hezkuntza-arreta jaso dezaten. Arreta horrek funtsezko konpetentzien garapena bultzatu behar du, ikasleen heldutasun pertsonala, soziala eta emozionala lortzen lagunduko duten eta ikasleen autonomia, hausnarketa, erantzukizuna eta balio zibiko eta etikoak sustatuko dituzten komunitatearen zerbitzurako proiektuen bitartez. Erlijioa ikasten ez duten ikasleen hezkuntza-arreta taldeko tutorearen esku egongo da, ahal izanez gero.

  3. Erlijio katolikoaren irakaskuntza Egoitza Santuaren eta Espainiako Estatuaren artean sinatutako Irakaskuntza eta Kultura Gaiei buruzko Akordioan ezarritakoari lotu behar zaio.

  4. Beste erlijio batzuen irakaskuntzak bat etorri behar du Espainiako Estatuaren eta Espainiako Erakunde Erlijioso Ebanjelikoen Federazioaren, Espainiako Komunitate Israeldarren Federazioaren eta Espainiako Batzorde Islamikoaren artean sinatutako kooperazio-akordioetan xedatutakoarekin, eta, hala badagokio, etorkizunean beste erlijio batzuekin izenpetzen diren akordioetan xedatutakoarekin.

  5. Erlijioa ikasgaiaren curriculuma zehaztea kasuan kasuko erlijio-agintaritzen eskumena da. Eskola-liburuak eta material didaktikoak erabiltzeari buruzko erabakiak eta, hala badagokio, horiek gainbegiratu eta onartzeari buruzkoak kasuan kasuko erlijio-agintaritzei dagozkie, Espainiako Estatuarekin sinatutako akordioetan ezarritakoaren arabera.

  6. Erlijio katolikoaren irakaskuntza etapako beste ikasgaien baldintza eta ondorio berekin ebaluatu behar da. Estatuarekin kooperazio-akordioak sinatu dituzten erlijioen irakaskuntzaren ebaluazioa akordio horietan ezarritakoari lotu behar zaio.

  7. Berdintasun-printzipioa eta lehia askea bermatzeko, erlijioko ikasketen ebaluazioan jasotako kalifikazioak ez dira kontuan hartuko batez bestezko media eratzeko orduan, beste ikasketa batzuetara sartzeko edo ikasketa-bekak eta -laguntzak lortzeko deialdietan, prozesu horietan ikasketa-espedienteen lehia badago.

    HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Ikasgaiak atzerriko hizkuntzetan irakastea.

    Curriculumeko ikasgai batzuk atzerriko hizkuntzetan irakasteko baimena eska diezaiokete ikastetxeek hezkuntzaren arloko eskumena duen sailari. Baimena izanez gero, irakaskuntza horrek bere hartan eutsi behar die dekretu honetan araututako curriculumaren oinarrizko alderdiei, eta ahaleginak egin behar dira ikasleek bi mailetan ikasgaien berezko terminologia atzerriko hizkuntzan eta erkidegoko hizkuntza ofizialean edo ofizialetan jakin dezaten.

    Horretarako, ezin izango dira inola ere aldatu maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 86. artikuluan ikasleak onartzeko ezarritako irizpideak.

    LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Helduen hezkuntza.

    Helduentzako Batxilergoa egiten duten ikasleek titulua lortuko dute baldin eta Batxilergoko bi mailetako ikasgai guztietan ebaluazio positiboa lortu badute, edo bigarren mailako ikasgai batean ez beste Batxilergoko guztietan lortu badute, betiere honako baldintza hauek beteta: a) irakasle-taldeak uste izatea ikasleak titulu horri lotutako helburuak eta konpetentziak lortu dituela; b) ikasleak ikasgaia bertan behera utzi ez izana; c) ikaslea proba guztietara aurkeztu izana eta hura ebaluatzeko beharrezkoak diren jarduerak egin izana, ezohiko deialdikoak barne; d) etapako ikasgai guztietan lortutako kalifikazioen batezbesteko aritmetikoa bost edo gehiago izatea.

    BOSGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Batxilergoko beste modalitate batzuk lortzea.

    Batxilergoko titulua lortu dutenek beste edozein modalitate lor dezakete, baldin eta aukeratutako modalitaterako dekretu honen arabera behar diren lehen eta bigarren mailako modalitateko ikasgaiak gainditzen badituzte.

Indargabetuta geratzen da 127/2016 Dekretua, irailaren 6koa, Batxilergoko curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzekoa.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Ezartzeko egutegia.

Dekretu honetan araututako ikasketen curriculuma 2023-2024ko ikasturtean amaituko da ezartzen.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Tutoretza.

  1. Batxilergoan modu progresiboan ezarri behar da tutoretza, ikastetxeek hura planifikatu ahal izan dezaten eta irakasle-taldea prestatu ahal izan dezaten. 2022-2023ko ikasturtean ezartzen hasi, eta 2023-2024ko ikasturtean amaituko da ikastetxe guztietan ezartzen.

  2. Tutoretza modurik onenean ezartzeko, hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak emango dien prestakuntza jaso behar dute Batxilergoko irakasle guztiek.

    AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA. Indarrean jartzea.

    Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

    Vitoria-Gasteizen, 2023ko maiatzaren 30ean.

    Lehendakaria,

    IÑIGO URKULLU RENTERIA.

    Hezkuntzako sailburua,

    JOKIN BILDARRATZ SORRON.

    (Ikus .PDF)

    (Ikus .PDF)

    (Ikus .PDF)

    (Ikus .PDF)

    (Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.