Osasun Saila / Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila

Arautegia

Inprimatu

75/2024 DEKRETUA, ekainaren 18koa, zeinaren bidez laugarrenez aldatzen baita Ertzaintzako langileen 2011., 2012. eta 2013. urteetarako lan-baldintzak araupetzeko akordioa onartzen duen dekretua.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Segurtasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 127
  • Hurrenkera-zk.: 3106
  • Xedapen-zk.: 75
  • Xedapen-data: 2024/06/18
  • Argitaratze-data: 2024/06/28

Gaikako eremua

  • Gaia: Segurtasuna eta justizia; Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Herrizaingoa; Lana eta enplegua; Funtzio publikoa

Testu legala

Urtarrilaren 17ko 4/2012 Dekretuaren bidez, Ertzaintzako langileen 2011., 2012. eta 2013. urteetarako lan-baldintzak araupetzen dituen akordioa onartu zen. Akordio hori partez aldatu zen, urriaren 9ko 194/2012 Dekretuaren, azaroaren 20ko 69/2023 Dekretuaren eta maiatzaren 23ko 69/2023 Dekretuaren bidez.

Ertzaintzako langileen lan-baldintzak araupetzen dituen akordioaren 2. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, akordioaren indarraldia luzatuta dago, hura ordezteko beste akordiorik onartzen ez den bitartean.

Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen testu bategina uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen. Testu bategin horretan arautzen da nola parte hartu behar duten Ertzaintzako funtzionarioek beren lan-baldintzak zehazteko orduan, eta, 125. artikuluan xedatutakoari jarraituz, Ertzaintzako langileak ordezkatzen dituzten erakunde sindikalen bitartez bideratuko da parte-hartze hori.

Aipatutako aurreikuspena betez, Segurtasun Sailak lan-baldintzak arautzen dituen akordio berri bat onartzeko negoziazio-prozesu bat egin du Nnegoziazio-mahaian ordezkaritza duten sindikatuekin. Horretarako, aldebiko berrogei bilera baino gehiago egin dira, eta negoziazio-mahaiak bilerak egin ditu 2023ko ekainaren 23an, uztailaren 11n eta azaroaren 16an eta 2024ko otsailaren 23an.

Oraingoz, ez da adostasunik lortu lan-baldintzak oro har arautzen dituen akordio berri bat onartzeko, baina negoziazio-mahaiaren azken bileran, 2024ko otsailaren 23an, akordio bat sinatu zen Segurtasun Sailaren eta EUSPEL erakunde sindikalaren artean, Ertzaintzan berdintasuna hobetzeko neurriei buruzkoa, eta akordio hori ezartzeko, partez aldatu behar da lan-baldintzak araupetzen dituen akordioa.

Gainera, Gobernu Kontseiluak erabaki du aldaketak egitea Zerbitzu Aktibo Modulatuaren araudian, gai horri buruzko erabaki judizialen ondoren behar den barne-koherentzia emateko xedez; erabaki du, orobat, ikerketaren eta eginbidearen lan-eremu espezifikoa indartzeko neurriak ezartzea, delinkuentzia-jardueraren esparruan, poliziaren zeregin mota horrek izandako bilakaeraren ondorioz.

Biak ala biak negoziazioetan landutako gaiak dira, eta ulertu da ez dutela erakunde sindikalen ezezkorik.

Neurri horiek baliozkoak eta eraginkorrak izan daitezen, Gobernu Kontseiluak berariaz eta formalki onartu behar ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen testu bateginaren 126. artikuluan jasotako aurreikuspenak kontuan hartuta.

Horrenbestez, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2024ko ekainaren 18an izandako bileran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau

  1. Hirugarren paragrafoa eransten zaio 2. artikuluari, eta honela idatzita geratzen da:

    Halaber, ezarritako produktibitate-osagarriak jasotzeko eskubideari eutsiko zaio haurdunaldiko arriskuagatiko baja-aldietan, arriskuko haurdunaldiak eta bederatzi hilabetetik beherako haur baten edoskitzaro naturalaren arriskuak eragindako aldi baterako ezintasunagatiko baja-aldietan, eta haurdun dauden funtzionarioek gaueko txandan lan egitetik salbuestea eskatu duten kasuetan, bai eta hamabi hilabetetik beherako semea edo alaba zaintzeko baimena baliatzen ari diren bitartean ere.

    60. artikuluaren 4. apartatua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

    Langileek ordu-konpentsazioa edo konpentsazio ekonomikoa jasotzeko eskubideari eutsiko diote, baldin eta batera gertatzen badira lanaldi planifikatuak benetan egiteagatik konpentsazioa aurreikusten den kasuak eta egoera hauek: oporrak; ezkontidearen, seme edo alabaren, aitaren edo amaren ospitaleratze edo heriotzagatiko baimenak; erditzeagatiko baimenak; aitatasun eta amatasunagatiko baimenak; gai partikularrengatiko baimenak eta antzinatasun-egunak; gehiegizko orduak gozatzea; funtzionarioaren lan-istripuak eragindako aldi baterako ezintasunagatiko baja-aldia; haurdunaldiko arriskuagatiko baja-aldia; arriskuko haurdunaldiagatiko eta bederatzi hilabete baino gutxiagoko haur baten edoskitzaro naturaleko arriskuagatiko aldi baterako ezintasunagatik hartutako baja-aldia; haurdun dauden funtzionarioek gaueko txandan lan egitetik salbuesteko eskatzea, eta hamabi hilabete baino gutxiagoko semea edo alaba zaintzeko baimena baliatzea.

    8. apartatua eransten zaio 60. artikuluari, eta honela idatzita geratzen da:

    1. Lanpostu-zerrendaren arabera ikerketa kriminaleko espezialitatea behar duten eta eginbide- eta ikerketa-funtzioak esleituta dituzten langileek produktibitate-osagarri bat jasoko dute hilean, gehienez 150 eurokoa, funtzio horiek betetzen dituztela egiaztatu ondoren. Lanpostu horiek ertzain-etxeei, Ikerketa Kriminaleko Lurralde Zerbitzuei, Trafikoko Lurralde Unitateei, Ikerketa Kriminaleko eta Polizia Judizialeko Unitateari, Barne Arazoetarako Buruzagitzari eta Polizia Zientifikoaren Buruzagitzari atxikita egon behar dira.

      Hauek ordainduko dira produktibitate-osagarri horren bidez: atxiloketaren eta etxeko indarkeriaren/genero-indarkeriaren prozesurako Ertzaintzan ezarri den kalitatea kudeatzeko sistemak ekarritako eskakizunen ondorioz eginbide- eta ikerketa-lana gero eta konplexuagoa izatea; lege-berrikuntzetara egokitzeko funtzionalitateak betetzea, edo ziberdelituak ikertzea, ikerketa-eredu berri bat ezartzeko xedez ikerketa kriminalaren arloa berregituratzen den artean.

  1. Aldatu egiten da VIII. tituluko I. kapitulua, Ertzaintzako langileak adinagatik babesteko neurriei buruzkoa, eta honela idatzita geratzen da:

    1. Zerbitzu aktiboan dauden Ertzaintzako langileek, Fakultatiboen eta Teknikarien Eskalakoek izan ezik, Zerbitzu Aktibo Modulatura pasatzea eskatu ahal izango dute 55 urte betetzen dituztenetik aurrera, adinagatik erretiroa hartzeko gehienez ere sei urte falta zaizkienean, eta ezarritako zirkunstantziak gertatzen diren urtearen hasieratik aplikatuko da.

    2. Ertzaintzako funtzionarioei zerbitzu aktiboa emateko modalitate hori aitortzea ezeztaezina izango da, eta Gizarte Segurantzaren Lege Orokorrean Ertzaintzaren kolektiboarentzat ezarritako adinera iristean borondatez erretiratzeko konpromisoa ekarriko du. Nolanahi ere, konpromiso hori atzeratu egin ahal izango da, harik eta ertzainak bere zerga-oinarriaren ehuneko ehunaren baliokidea den pentsioa jasotzeko beharrezkoak diren baldintzak betetzen dituen arte. Baldintza hori bete ondoren, erretiroa hartuko du, eta Zerbitzu Aktibo Modulatuan dauden langileei ezin izango zaie zerbitzua luzatu, inola ere.

    3. Zerbitzu Aktibo Modulatuan sartzeko erreferentzia-data ertzainak bere zerga-oinarriaren ehuneko ehunaren baliokidea den pentsioa jasotzeko baldintzak betetzen dituen eguna izango da. Une hori iritsi baino lehen Gizarte Segurantzaren Lege Orokorrean Ertzaintzako langileen erretirorako ezarritako adina beteko balitz, data hori hartu ahal izango da erreferentziatzat Zerbitzu Aktibo Modulatuan sartzeko, soilik baldin eta eskatzaileak borondatez erretiratzeko konpromisoa hartzen badu behin baldintza hori betetzean.

    4. Zerbitzu Aktibo Modulatuan sartzea onartuz gero, horrek berekin ekar dezake langile horiei esleitzea, Giza Baliabideen Zuzendaritzaren Ebazpenean aurreikusitakoaren arabera, Zerbitzu Aktibo Modulatuari atxikitako langileek edo bigarren jarduera onartuta daukatenek bete ditzaketen zereginak, beren lantokiaren esparruan daudenak, betiere horretarako behar den gaitasuna badute.

    1. Interesdunak eskatuta hasiko da prozedura, eta Zerbitzu Aktibo Modulatuan sartzeko eskatzen den urtearen aurreko urteko maiatzaren 31 baino lehen bidali beharko zaio Giza Baliabideen Zuzendaritzari.

    2. Zerbitzu Aktibo Modulatura pasatzeko eskaerarekin batera, langileak GSINren txostena aurkeztu behar du. Txosten horretan adierazi beharko da adinagatik erretiroa hartzeko aurreikusitako data, zeinetan zerga-oinarriaren ehuneko ehunaren baliokidea den pentsioa jasotzeko eskubidea izango duen, aurreko artikuluaren bigarren zenbakian aurreikusitako salbuespenaren kasuan izan ezik. Dokumentu hori eskuratzerik ez badago, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak emandako lan-bizitzaren txostena aurkeztu beharko da, Segurtasun Sailak kalkulua egin dezan.

    3. Giza Baliabideen Zuzendaritzak urriaren 31 baino lehen ebatzi eta jakinarazi beharko du hartutako ebazpena. Horretarako, kontuan hartuko dira jasotako eskaeren kopurua eta unitate bakoitzean izaera hori aitortua duen kategoria bereko ertzainen kopurua.

    4. Zerbitzu aktiboaren jarduera adinagatik modulatzeak funtzionarioak egindako eskaera baiesten duen ebazpena eman eta hurrengo urtearen hasieratik aurrera izango ditu ondorioak.

    Adinagatik zerbitzu aktiboko jarduera modulatzea aitortu zaien Ertzaintzako langileei murriztu egingo zaie urteko lanaldia, eskala honen arabera:

    1. Erretiroa hartu aurreko seigarren urtean: 24 lanordu gutxiago urtean.

    2. Erretiroa hartu aurreko bosgarren urtean: 48 lanordu gutxiago urtean.

    3. Erretiroa hartu aurreko laugarren urtean: 64 lanordu gutxiago urtean.

    4. Erretiroa hartu aurreko hirugarren urtetik aurrera: 96 lanordu gutxiago urtean.

      1. Erretiroa hartzen den urtean, urteko lanaldiaren murrizketa zerbitzu aktiboko denborarekiko proportzionala izango da.

      2. Urteko lanaldiaren murrizketa hori aplikatuko da, eta urte bakoitzaren hasieran langile horiek beren ordutegi-kontrolean aurreko eskalaren arabera dagokien ordu-kopurua zenbatuko da. Neurri horrek ez du ekarriko ezarritako lan-plangintza aldatzea langileek zerbitzuak emango dituzten ordutegi-erregimenarekin bat etorriz ezarria, esleitutako zereginek hala eskatzen dutenean izan ezik.

    1. Zerbitzu Aktibo Modulatuan sartzeko eskabideak aurkezteko epea amaitu aurreko hamabi hilabeteetan gaueko ordutegian lan egitea dakarren ordutegi-erregimen batean lan egin duten Ertzaintzako langileek, Fakultatiboen eta Teknikarien Eskalakoek izan ezik, gaueko lanetik salbuesteko eskatu ahal izango dute.

    2. Giza Baliabideen Zuzendaritzak modalitate hau baimendu ahal izango du, kontuan hartuta jasotako eskaeren kopurua eta unitate bakoitzean modalitate hau onartua duen kategoria bereko ertzainen kopurua.

    3. Kasu horietan, langileek goizeko edo arratsaldeko txandako lana izango dute planifikatuta, beren taldeak gaueko txanda planifikatuta duen asteetan. Langile horiek txanda mota horretan lan egiteko ezarritako konpentsazioa jasotzeko eskubideari eutsiko diote egun horretan esleitu zaien txandan lan egiten dutenean.

    4. Langileek aukera hori baliatu beharko dute zerbitzu aktiboaren jarduna modulatzeko eskaera egiten duten unean. Aukera hori askotarikoa izan daiteke, eta eskaera bidali behar zaio Giza Baliabideen Zuzendaritzari, Zerbitzu Aktibo Modulatuan sartzeko eskatzen den urtearen aurreko urteko maiatzaren 31 baino lehen. Hautaketa egin eta hurrengo urte hasieratik aurrera aplikatuko da egindako aukeraketa. Aukera egin ondoren, hurrengo ekitaldietan ere aukera horri eutsiko zaiola ulertuko da, salbu eta adierazitako epean aldatzen bada.

    5. Erretiroa hartu aurreko seigarren urtetik Zerbitzu Aktibo Modulatuan sartzeko eskaerak berekin ekarriko du gaueko txandan lan egiten jarraitzea Zerbitzu Aktibo Modulatuan dagoen bitartean; beraz, langile horiek ezin izango dute baliatu gaueko txandan lan egitetik salbuesteko aukera, salbu eta beste neurri bat hartu behar bada hala ezartzen duen aldi baterako lan-neurri bat aplikatzearen ondorioz.

    1. Lanpostua Herritarren Babeseko ertzain-etxeetan, Miñoien, Foralen eta Mikeleteen ataletan, eta Trafiko Lurralde Unitateetan duten langileak.

      1. Adinagatik Zerbitzu Aktibo Modulatuan sartzea onartu zaien funtzionarioek zerbitzu aktiboko administrazio-egoeran jarraituko dute, baina, ahal dela, Giza Baliabideen Zuzendaritzaren Ebazpenean ezarritako zereginak betetzeko aginduko zaie (Zerbitzu Aktibo Modulatuari atxikitako langileek edo bigarren jarduera onartuta daukatenek bete ditzaketen eta beren lantokiaren esparruan dauden zereginei buruzkoa), betiere horretarako behar den gaitasuna badute.

        Langile horiek eskatuta, ez dute zuzenean esku hartuko planifikatutako operatiboetan segurtasuna mantentzea helburu duten dispositiboetan, ordena publikoa asalda daitekeela aurreikusten denean.

      2. Adinagatik erretiroa hartu aurreko azken urtean dauden langileek, aurreko urteko maiatzaren 31 baino lehen hala eskatzen badute, ez dute patruila-funtziorik egingo polizia-instalazioetatik kanpo. Horretarako, unitate eta zerbitzuetako burutzek beharrezko neurriak hartuko dituzte neurri hori benetan bete dadin.

    2. Laguntza Taktikoko Burutza Nagusiaren, Erakunde Segurtasunerako Burutza Nagusiaren, Ikerketa Kriminaleko Lurralde Zerbitzuaren, Inteligentziako Lurralde Bulegoaren, Inteligentzia Bulego Nagusiaren, eta Ikerketa Kriminal eta Polizia Judizialaren Burutzaren mendeko unitateren batean lanpostua duten langileak.

      Adinagatik zerbitzu aktiboaren modulazioa aitortzen zaien funtzionarioek zerbitzu aktiboko administrazio-egoeran jarraituko dute, eta beren lanpostu-kodeari esleitutako zeregin guztiak beteko dituzte.

    3. Destinoa gainerako unitateetan duten eta beste lanpostu batzuetara atxikita dauden langileak.

      Adinagatik zerbitzu aktiboaren modulazioa aitortzen zaien funtzionarioek zerbitzu aktiboko administrazio-egoeran jarraituko dute, eta beren lanpostu-kodeari esleitutako zeregin guztiak beteko dituzte; baina ez dute zuzenean esku hartuko planifikatutako operatiboetan segurtasuna mantentzea helburu duten dispositiboetan, ordena publikoa asalda daitekeela aurreikusten denean.

    1. Urte bakoitza hasi baino lehen, unitate bakoitzean dagokion plangintza egingo da, adina dela-eta zerbitzu aktiboaren jardunaren modulazioa aitortuta duen lantalde bakoitzeko kide kopuruaren eta horiek adierazitako lehentasunen arabera.

      Zerbitzu Aktibo Modulatuan sartzea onartuz gero, horrek berekin ekar dezake langile horiei esleitzea, Giza Baliabideen Zuzendaritzaren Ebazpenean aurreikusitakoaren arabera, Zerbitzu Aktibo Modulatuari atxikitako langileek edo bigarren jarduera onartuta daukatenek bete ditzaketen zereginak, beren lantokiaren esparruan daudenak, betiere horretarako behar den gaitasuna badute.

    2. Plangintza horretan zehaztuko da, gaueko txanda programatuta izanik, txanda horretan lan egitetik salbuetsita dauden langileak zein astetan igaroko diren beste lan-txanda batean lan egitera, eta, era berean, zehaztu ahal izango da nork emango dituen zerbitzuak txanda horretan, haien ordez, hargatik eragotzi gabe zerbitzuaren beharrak behar bezala betetzeko ekitaldian zehar egin beharko diren aldaketak. Aurreko ataletan aurreikusitako neurriak ezartzearen ondorioz, lantaldeetako kideak aldatu ahal izango dira, neurri horiek hartu dituzten ertzainen kopurua orekatzeko.

      Egun batzuetan txanda-aldaketak ere egin ahal izango dira helburu horrekin, lan-asteko egun guztietan ordezkapena egin beharrik ez dagoenean.

    3. Egun horietan beste lan-txanda bat planifikatuta eduki eta, gaueko txanda indartzeko neurri horiek aplikatuz, gaueko txandan lan egiten duten langileek, gaueko ordutegian lan egiteagatiko produktibitate-osagarria jasotzeko eskubidea sortuko dute, txanda-aldaketetarako ezarritako kalte-ordainez gain.

      Gainera, arrazoi hori dela-eta langile horiek lan-ziklo berean gaueko txanda planifikatuetan zazpi egunez baino gehiagoz lan egin badute, 27 euroko produktibitate-osagarria jasoko dute egun bakoitzeko, zortzigarrenetik aurrera. Ondorio horietarako, goizeko edo arratsaldeko lan-txandan planifikatuta egon eta arrazoi horregatik zerbitzuak gauez eman diren egunak soilik hartuko dira kontuan, gaueko txandan planifikatutako aurreko astea amaitu zenetik.

    1. Zerbitzu Aktibo Modulatuari atxikitako langileek, baldin eta planifikatuta badute benetako zerbitzua hiru lan-txandetan (goiz, arratsalde eta gau) ematea eta borondatez hala eskatzen badute, Mentoring programan parte hartuko dute. Beraz, atxikita dauden lanpostuko zereginak betetzeaz gain, Ertzaintzan izandako ibilbide profesionalean metatutako ezagutza transmititzea izango dute beren zereginen artean.

    2. Mentoring hori, funtsean, Ertzaintzaren oinarrizko eskalan sartzeko prozesuetan praktiketako langileen tutoretza ematen duten langileei laguntzera bideratuta egongo da, baita aholku operatiboak ematera ere polizia-jarduera gauzatzeko, herritarrekiko harremanetarako eta zerbitzuak ematen dituen lurralde-mugapeko ingurunearen ezagutza transmititzeko, gaueko txandan planifikatzen diren egunen barruan.

    3. Gaueko ordutegian horrelako zereginetan aritzea eta zerbitzuaren beharrei erantzuten jarraitzea bateragarriak direnez, Mentoring jarduerak gaueko txandan planifikatutako lanaldietan bakarrik egin ahal izango dira.

    4. Mentoringean egindako ahalegin gehigarri hori konpentsatzeko, programa honetan sartuta dauden Zerbitzu Aktibo Modulatuko langileek 27 euroko produktibitate-osagarria jasotzeko eskubidea izango dute gaueko txandan planifikatutako egun bakoitzeko, baldin eta txanda mota horretan lan egiteagatik produktibitate-osagarria jasotzeko eskubidea badute, osagarri hori betetzen dutela egiaztatu ondoren.

    5. Giza Baliabideen Zuzendaritzak Mentoring programaren barruan egin beharreko jarduera motak ezarriko ditu, baina unitate-burutza bakoitzak unitatearen errealitate zehatzera egokitzeko aukera izango du.

    1. 71. artikuluko lehen paragrafoan jasotako adin-eskakizuna betetzeko unean, gaitasun fisikoak edo psikikoak gutxitzeagatik bigarren jarduerako administrazio-egoera aitortua duten langileek, adinagatik zerbitzu aktiboa modulatzeko ezarritako baldintzak aplikatzea eskatu ahal izango dute.

    1. Eskaera hori baietsiz gero, aipatutako baldintzak aplikatuko dira; ahalmen fisikoak edo psikikoak gutxitzeagatik bigarren jarduerako administrazio-egoeran jarraituko du, eta 71. artikuluaren bigarren apartatuan ezarritako borondatezko erretiroa hartzeko konpromisoari eutsiko dio.

    2. Produktibitate-osagarria 74. artikuluan aurreikusitako moduan jasotzeko, beharrezkoa izango da aurretik, administrazio-egoera horretan dagoen bitartean, gaueko txandan lan egiten aritzea.

    LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA

    2025ean Zerbitzu Aktibo Modulatuan sartzeko epea eta gaueko txandako lanari buruzko aukera aldatzeko eskabidea aurkezteko epea, bi kasuetan, 2024ko irailaren 30ean bukatuko da.

    BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA

    Dekretu hau indarrean sartzean Zerbitzu Aktibo Modulatuan zerbitzuak ematen ari diren langileei urteko lanaldiaren murrizketa aplikatzeko, Zerbitzu Aktibo Modulatuan sartu zirenean indarrean zegoen araudiari jarraituko zaio.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2024ko ekainaren 18an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.