Arautegia
Inprimatu73/2021 DEKRETUA, otsailaren 23koa, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 47
- Hurrenkera-zk.: 1304
- Xedapen-zk.: 73
- Xedapen-data: 2021/02/23
- Argitaratze-data: 2021/03/05
Gaikako eremua
- Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Sailak
Testu legala
Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutua onartu zuen abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren 10.2 artikuluan, gure autonomia-erkidearen eskumen esklusiboen artean, badago autogobernatzeko erakundeen antolamenduari, araubideari eta funtzionamenduari dagokiena, betiere Estatutuaren arauen barruan. Ondorioz, Autonomia Estatutuaren 30. artikuluarekin eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 8.c) artikuluarekin bat, lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena azaroaren 15eko 20/2012 Dekretuak lehengo legegintzaldirako onartu zuen sailen egitura berrantolatu du hauteskundeen ondorengo errealitate berrira egokitzeko; Eusko Legebiltzarrari aurkeztutako gobernu-programaren ildo nagusiak ere egokitu ditu, lan politiko-administratiboaren jarraitutasuna bermatzen duen trantsizio ordenatua errazte aldera.
Alde horretatik, 18/2020 Dekretuaren 2. artikuluak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailen egitura zehaztu du, eta sail horietariko bat Kultura eta Hizkuntza Politika da. Bestetik, 14. artikuluak sail horri honako egiteko eta jardun-arlo hauek esleitzen dizkio:
Hizkuntza-politika.
Euskara sustatzea.
Kultura-ondarea.
Ondare historiko-artistikoa kudeatu eta babestea; museoak, liburutegiak eta artxibategiak.
Arte- eta kultura-jarduerak eta horien sustapena eta zabalkundea.
Jarduera fisikoa sustatzea.
Kirolak.
Komunikabide sozialak; irratien emakida eta frekuentzien esleipena.
Sailari atxikita dauden edo haren mendeko diren sektore publikoko entitateak zuzentzea, legeek eta erregelamenduek ezartzen dutenaren arabera.
Legeek eta erregelamenduek ematen dizkioten gainerako ahalmenak.
18/2020 Dekretuaren 14.2 artikuluaren arabera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari atxikita daude «Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea / Instituto de Alfabetización y Reeuskaldunización de Adultos (HABE)» eta «Euskadiko Liburutegia» organismo autonomoak; «Euskal Irrati Telebista / Radio Televisión Vasca (EITB)» eta «Instituto Vasco Etxepare Euskal Institutua / Basque Institute» zuzenbide pribatuko ente publikoak; «Euskadiko Orkestra SA / Orquesta de Euskadi SA» sozietate publikoa; eta «Fundación Euskadi Kirola Fundazioa» eta «Fundación Joven Orquesta de Euskal Herria-Euskal Herriko Gazte Orkestra Fundazioa» sektore publikoko fundazioak.
Orain arte, Jaurlaritzaren antolaketa-egitura ezartzeko, kontuan hartu da Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuan ezarritakoa, eta, 18/2020 Dekretuaren 14. artikuluan aipatutako egiteko eta jardun-arloetarako, apirilaren 11ko 82/2017 Dekretua, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituena. Ondorioz, azken dekretu honek diseinatutako antolamendu- eta funtzio-egitura Kultura eta Hizkuntza Politika Sailarentzat aipatutako 18/2020 Dekretuaren 14. artikuluan ezarritako egiteko eta jardun-arloetara egokitu behar da, alderdi batzuetan aurreko 24/2016 Dekretuaren 14. artikuluan eta Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoetatik ezberdinak baitira; eta, azken batean, 82/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Kultura eta Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena, indarrean egon den bitartean sortutako errealitate berrietara.
Hori dela eta, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren proposamenez, lehendakariak onartuta eta Gobernu Kontseiluak 2021eko otsailaren 23an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hau
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 14. artikuluan zehaztutako egitekoak eta jardun-arloak dagozkio Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari; eta egiteko eta jardun-arlo horiek sailburuaren zuzendaritzapean gauzatuko dira.
Aurreko artikuluan adierazitako egitekoei eta jardun-arloei dagozkien eskumenak baliatzeko, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak organo hauek izango ditu:
Organo zentralak:
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua:
Kabinetearen eta Gizarte Hedabideen Zuzendaritza.
Zerbitzu Zuzendaritza.
Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritza.
Kultura Sailburuordetza:
Kultura Ondarearen Zuzendaritza.
Kultura Sustatzeko Zuzendaritza.
Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza:
Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritza.
Euskara Sustatzeko Zuzendaritza.
Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritza.
Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko entitateak.
Administrazio instituzionala: Kultura Sailari atxikita daude Administrazio instituzionaleko entitate hauek:
Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea (HABE) organismo autonomo administratiboa.
Euskal Irrati Telebista zuzenbide pribatuko ente publikoa eta haren mendeko sozietateak. Euskal Irrati Telebista zuzenbide pribatuko ente publikoko zuzendaritza-postuak honakoak izango dira:
EiTBko Zuzendaritza Nagusia.
EiTBko Zuzendaritza Kudeatzailea.
EiTBko Estrategia eta Komunikazio Korporatiboko Zuzendaritza.
Etxepare Euskal Institutua / Basque Institute zuzenbide pribatuko ente publikoa.
Euskadiko Liburutegia organismo autonomo administratiboa.
Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko beste entitate batzuk:
Euskadiko Orkestra SA sozietate publikoa.
Basque Team fundazioa.
Euskal Herriko Gazte Orkestra Fundazioa.
Kide anitzeko organoak:
Kulturaren Euskal Kontseilua.
Euskararen Aholku Batzordea.
Kirolaren Euskal Kontseilua.
Euskal Kultura Ondarearen EAEko Kontseilua.
Euskal Kultura Ondarearen Erakundearteko Organoa.
Euskadiko Museoen Kontseilu Aholkularia.
Euskadiko Liburutegien Aholku Batzordea.
Dokumentazioa Balioesteko eta Aukeratzeko Batzordea.
Sustapen Olinpikorako Euskal Batzordea.
Kiroleko Indarkeriaren Aurkako Euskal Batzordea.
Kirol Justiziako Euskal Batzordea.
Unibertsitate Kirolaren Euskal Batzordea.
Baliokidetzen Jarraipen Batzordea.
Kiroleko Dopinaren aurkako Aholku Batzordea.
Erabilera Terapeutikoko Baimenen Euskal Batzordea.
Kultura eta Hizkuntza Politika Sailean, sailburuaren mendean, Kultura Sailburuordetza eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza egongo dira.
Sailburuordeek ahalmen hauek izango dituzte ematen zaizkien jardun-arloetan:
Sailburuordetzaren mendeko zuzendaritzen eta bestelako organo eta administrazio-unitateen jarduerak zuzendu, koordinatu eta gainbegiratzea.
Jardun-politikak lantzea eta sailburuari proposatzea, Kabinetearen eta Gizarte Hedabideen Zuzendaritzarekin koordinaturik.
Sailburuari laguntza teknikoa ematea gomendioan utzi zaizkion egitekoen eremuan.
Sailburuari xedapenetarako proiektuak proposatzea, ezarritako jardun-politikaren arabera.
Sailburuordetzaren jarduerak programatzea.
Sailburuordetzako zuzendariek emandako ebazpenen aurka jartzen diren errekurtsoak ebaztea.
Plan estrategikoen eta urteko jardun-planen lanketa, kudeaketa eta garapena gainbegiratzea.
Kontratazio-organoa izatea esleituta dauzkan jardun-arloetako gaietan, baldin eta indarreko legeen arabera kontratu txikitzat jo ezin badira. Dena den, zuzenean beren mendeko diren zuzendaritzen jardun-eremua gainditzen duten kontratu txikietan eta beren jardun-eremuko gaietan ere jardungo dute kontratazio-organo gisa.
Sailaren eta administrazio honetako organoen arteko harreman-organoa izatea bere eskumeneko arloan, behar denean. Zerbitzu Zuzendaritzak eta Kabinetearen eta Gizarte Hedabideen Zuzendaritzak dituzten egitekoak eragotzi gabe egingo dute lan hori.
Zehapen-prozedurak hastea eta zehapenak jartzea bere jardun-eremuan baldin eta beste organo bati ez badagozkio.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarekiko elkarlanean jardutea, «Etxepare Euskal Institutua / Basque Institute» ente publikoarekiko harremanetan, Kultura Sailari atxikita egoteak dakarzkien jardun-arloetan.
Beheragoko organoen jarduna gainbegiratzea eta jarraibideak eta zirkularrak ematea sailburuordetzaren administrazio-unitateek egoki funtziona dezaten.
Organikoki mendean dauzkan zuzendaritzen arteko gatazkak ebaztea.
Eskumenak eskuordetzea edo goragokoak eskumenak bereganatzea, organikoki mendean dauzkan zuzendaritzei dagokienez.
Eragin soziala aztertzea eta sailburuordetzaren zuzendaritzen helburuetarako behar diren aldaketak eta garapenak zehaztea.
Harremanak izatea Estatuko, autonomia-erkidegoetako eta foru-aldundietako organoekin eta toki-entitate eskudunekin, gaiaren arabera.
Sailburuordetzaren antolamendu operatiboa proposatzea, zuzendaritzetan eta administrazio-unitateetan antolatuta, ezarrita dauden antolamendu-irizpideekin bat.
Azterlanak eta txostenak egitea, eta azterlan-txosten horiek aztertzea bere eskumenen esparruan.
Saileko hizkuntza-normalizazioaren ardura bere gain hartzea eta, bere eskumeneko arloetan zerbitzu- eta lan-hizkuntza euskara izan dadila bultzatzea, Gobernu Kontseiluak onartutako Euskararen Agenda Estrategikoarekin bat.
Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko zuzendaritza bakoitzaren arduraduna zuzendari bat izango da; zuzendari horiek zuzenean eta organikoki nor bere sailburuordearen mende egongo da, hauek izan ezik: Kabinetearen eta Gizarte Hedabideen zuzendaria, Zerbitzuen zuzendaria eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria, sailburuaren mende egongo dira eta. Zuzendariek honako egiteko hauek izango dituzte, oro har:
Zuzendaritzako jarduerak programatu, zuzendu, koordinatu eta kontrolatzea organo eskudunek emandako arauen arabera.
Organo arduradunei planak, jardun-programak eta arau-garapenak proposatzea bakoitzak eskumeneko dauzkan gaietan.
Dekretu honek esleitzen dizkien egitekoetarako behar diren administrazio-egintzak ematea.
Mendeko zerbitzu eta unitateak antolatzea, baita horien lan-sistemak ere.
Indarreko legeen arabera txikitzat jotzen diren kontratuen gastuak baimentzea, bakoitzak bere jardun-arloan, eta, oro har, kontratu horietako kontratazio-organoa izatea.
Zerbitzu Zuzendaritzarekin koordinaturik eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekiko lankidetzan, indarrean dagoen Euskara Normalizatzeko Planaren helburuak arlorako definitzea eta, helburuok lortzeko xedeaz, ekimenak garatu eta ebaluatzea euskararen kudeaketa integratua egon dadin, zein bere zuzendaritzako zerbitzuburuekiko elkarlanean.
Zuzendaritzako jardun-eremuetan, hizkuntza ofizialak erabiltzeko irizpideak ezartzea eta horien jarraipena egitea besteak beste: itzulpen-irizpideak, langileen etengabeko prestakuntza orokorra, izendapen ofizialak eta sailak antolatutako jendaurreko ekitaldiak. Halaber, hala badagokio, hizkuntza-irizpideak txertatzea administrazio-kontratazioan eta dirulaguntzetarako deialdietan.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari dagokio Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. eta 28. artikuluetan ezarritako eskumenak baliatzea, baita indarrean dauden legeek esleitzen dizkiotenak ere, lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren arabera sail honi dagozkion egiteko eta jardun-arloen esparruan (18/2020 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena).
Saileko organo gorena denez, bera arduratuko da saileko organo guztien eta bertako jarduera guztien zuzendaritzaz, koordinazioaz eta kontrolaz.
Langileen alorrean, berriz, sailburuak eskumen hauek izango ditu, Euskal Funtzio Publikoari buruzko 6/1989 Legearen arabera:
Saileko lanpostuen zerrendak proposatzea, Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legearen 10.1 artikuluaren e) letran xedatutakoarekin bat.
Falta astun eta oso astunen ondoriozko zehapenak ezartzea, funtzio publikoaren legeen arabera, hauek izan ezik: zerbitzutik behin betiko kentzea edo, hala badagokio, iraiztea.
Izendapen askeko lanpostuak betetzea, aurretik haien deialdi publikoa eginda, eta behin-behineko langileak izendatzea.
Sailburua kontratazio-organoa izango da sailburuordetza bakoitzaren esparrutik kanpo geratzen diren gaietarako, baldin eta indarreko legeen arabera kontratu txikitzat jo ezin badira, bai eta Kabinetearen eta Gizarte Hedabideen Zuzendaritzari, Zerbitzu Zuzendaritzari eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzari dagozkien kontratu ez txikietarako ere.
Sailburuari dagokio Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretako dirulaguntza izendunak ematea sailaren jardun-arloan.
Halaber, Gobernu Kontseiluaren aldez aurretiko baimena behar ez bada, sailburuari dagokio sailaren alorreko hitzarmenetarako eta akordioetarako baimena ematea, eta, hala badagokio, horiek sinatzea.
Sailburuari dagokio ondare-erantzukizunari buruzko espedienteak ebaztea baldin eta horien ebazpena ez bada Gobernu Kontseiluaren eskumenekoa.
Sailburuari dagokio xedapen eta administrazio-ekintza deusezak ofizioz berrikusteko espedienteak hasi eta ebaztea, berak edo sailaren gainerako organoek emandako ekintzak edo xedapenak badira.
Sailburuari dagokio hasiera eta, hala badagokio, kaltegarritasun-deklarazioa ematea, deusezta daitezkeen egintza eta xedapenei dagokienez, berak edo sailaren gainerako organoek emandako ekintzak edo xedapenak badira.
Sailburuari dagokio sailaren organismo edo agintarien aurka jarritako errekurtsoak ebaztea, beste organo baten eskumenekoak ez badira.
Sailburuari dagokio bere eskumen-arloko helburu estrategikoak definitzea, betiere Gobernu Programan ezarritako lerro estrategiko eta konpromiso programatikoen arabera.
Sailburuari dagokio helburu estrategikoak garatuz gizartean zer-nolako eragina lortzen den aztertzea, eta saileko jarduera-sektore bateko eta besteko helburuetan egin beharreko aldaketak edo garapenak zehaztea.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua buruan dela, Zuzendaritza Kontseiluak, administrazio-organotzat hartzen ez bada ere, sailburuari lagunduko dio sailaren politika gainbegiratzen eta jarraipena egiten, jardueren plangintza orokorra egiten, eta gomendioan uzten zaizkion gai guztietan.
Sailburua zuzendari gorena izanik, Zuzendaritza Kontseilua hauek osatuko dute: saileko sailburuordeak, Zerbitzu Zuzendaritza, eta Kabinetearen eta Gizarte Hedabideen Zuzendaritza.
Horietaz gain, sailburuak izendatutako beste pertsona batzuek ere parte hartu ahal izango dute Zuzendaritza Kontseiluan.
Sailburuak izendatuko du Kontseiluaren idazkaritza-egitekoak egingo dituen pertsona bat.
Sailburuak, ematen zaizkion ahalmenez baliatzeko, zuzenean izango du bere mende Kabinetearen eta Gizarte Hedabideen Zuzendaritzaren laguntza eta aholkularitza; 4. artikuluak saileko zuzendariei ematen dizkien egiteko orokorrez gain, artikulu honetako apartatuetan zerrendatutako egitekoak eta jardun-arloak ere badagozkio zuzendaritza horri.
Sailburuaren kabineteari dagokionez, zeregin hauek izango ditu:
Sailburuari laguntzea Kultura eta Hizkuntza Sailari emandako eskumenak era koordinatuan baliatzen.
Jardun-irizpideak aztertzea eta sailburuari proposatzea, sailaren eskumeneko gaietan, ezertan ere urratu gabe saileko sailburuordeek gai horietan dituzten ahalmenak.
Sailaren harremanak koordinatu eta zaintzea, bai Eusko Legebiltzarrarekikoak, bai Arartekorekikoak, bai gainerako erakundeekikoak, sailean harreman instituzionalen eskumena duen organoaren bidez.
Sailaren kanpoko harremanen alorrean behar diren ekintzak egitea. Bereziki, sailak Europar Batasuneko erakundeekin izan behar dituen jardunak koordinatu eta zaintzea, sailean kanpo-harremanetarako eskumena duen organoaren bidez.
Sailak beste administrazio publiko batzuekin izan behar dituen jardunak koordinatu eta zaintzea, saileko organo eskudunaren bidez.
Sailak sustatutako kongresuak, jardunaldiak edo mintegiak antolatzeko lanak koordinatzea.
Sailaren ekitaldi publiko eta ofizialak antolatzea.
Sailak gizarte-komunikabideekin, informazio-agentziekin eta prentsa idatziarekin dituen harremanak koordinatzea, irudi-lanak eta sailaren kanpo-harremanak egikaritzea, baita sailaren iragarki ofizialak, prentsa-oharrak eta publizitate-kanpainak kudeatzea ere, beste sail batzuen eskumenak eragotzi gabe.
Sailaren arlokako atalekin barruko kudeaketa-planak eta horien jarraipen- eta ebaluazio-txostenak egiteko lanak koordinatzea.
Koordinatzea eta jarraipena egitea informazio-argitalpen aktiboari, informazio publikora iristeko eskubidea baliatzeko eskabideen erantzunei eta saileko datu publikoen irekierari, gardentasunarekin politikarekin bat.
Koordinatzea eta jarraipena egitea sailean herritarren esku jarritako interakzio-bide elektroniken erabilerari, eta plangintza-prozesuetan, araugintzan, politiken ebaluazioan eta zerbitzu publikoen kalitatearen ebaluazioan parte hartzeko bide presentzialak edo birtualak ireki daitezen sustatzea.
Gizarte-hedabideen alorrean, dagozkion administrazio-jarduera guztiak egingo ditu baldin arauz Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko beste organo bati ez badagozkio. Berdintasunerako Administrazio-unitatearekin eta Euskararen Administrazio-unitatearekin lankidetzan egingo ditu jarduera horiek, eta emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta euskara sustatzeko politikak sustatuko ditu. Egitekoen arlo honetan, nolanahi ere, hauek sartuko dira:
Telekomunikazioen arloko eskumenak dituzten organoekiko lankidetzan, teknologia digitalari loturiko komunikabideak eta bestelako zerbitzuak ezartzeko eta egikaritzeko egin beharreko administrazio-jardunak garatzea.
Behar den administrazio-kudeaketa egitea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren eskumenekoak diren irrati-telebistako zerbitzuak emateko behar diren titulu juridikoak ematera bideratutako prozeduretan.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren eskumenekoak diren irrati-telebistako operadoreek irratiari eta telebistari buruzko xedapen orokorrak eta operadoreek zerbitzua emateko izenpetutako dokumentuetako aurreikuspenak betetzen dituztela jarraitu eta egiaztatzea.
Zehapen-prozedurei hasiera ematea eta, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrari arlo horretan dagozkion zehapenak jartzea, beste organo bati ez badagozkio, eta ikuskapen- eta instrukzio-egitekoetarako Komunikabideen Zerbitzuko teknikariek autoritate izaera izango dute.
Ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuetan behar diren erregistroez arduratzea.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarekiko elkarlanean jardutea «Euskal Irrati Telebista» ente publikoarekin egin behar diren jardunetan, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari atxikitako erakundea den aldetik.
1. 4. artikuluak saileko zuzendariei dagozkien egiteko orokorrez gain, Zerbitzu Zuzendaritzak, sailburuaren mende, zerrendatutako egiteko hauek ere izango ditu:
Kudeaketa ekonomikoaren eremuan:
Sailaren eskumeneko arloetan eduki ekonomikoa duten azterketak eta txostenak programatzea eta, hala badagokio, saileko zuzendaritzekin batera lantzea. Sailaren aurrekontuen aurreproiektua prestatzeko, zuzendaritzak koordinatuko ditu eta aurreproiektu propioa formulatuko du sailburuaren gainbegiradapean.
Sailaren ekonomia eta aurrekontua kudeatzeko jarduketak egin eta koordinatzea, betearaztea, eta jarraipena eta ebaluazioa egitea. Zerbitzuen zuzendariak sailaren gastuak baimenduko ditu, baldin eta dekretu honetan xedatutakoaren arabera beste organo bati ez badagozkio, eta Gobernu Kontseiluaren eskumenak eragotzi gabe.
Sailak dituen ondasunak direla eta, zuzendaritza eskudunarekin izan beharreko harremanak koordinatzea, Euskal Ondareari buruzko Legeak dioen bezala. Era berean, sailarekiko elkarlanean, sailarenak diren ondasun eta eskubideen ondare-inbentarioa osatzen laguntzea.
Asistentzia juridikoaren eremuan, Zerbitzu Zuzendaritzari atxikitako Aholkularitza Juridikoa sailaren zuzenbideko aholkularitzako administrazio-zerbitzua da. Sailaren zerbitzu erkidea da, eta irizpide-batasunarekin jarduten du eremu horretan. Honako hauek dagozkio:
Saileko organoei aholkularitza juridikoa ematea, eta eskatutako zuzenbide-txostenak ematea, beste organo batzuen eskumenak eragotzi gabe.
Sailaren edo berari atxikitako Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko entitateen egintzen aurka edo sailaren gaietan jarritako administrazio-errekurtsoak ebazteko proposamenak aztertu, izapidetu eta formulatzea.
Sailaren jarduerari lotutako ondare-erantzukizunari buruzko erreklamazioak hasi eta izapidetzea.
Administrazioarekiko auzibidera jo aurretik eta Konstituzio Auzitegiko eta Arbitraje Batzordeko prozedurak abiatu aurretik, beste administrazio publiko batzuek egindako errekerimenduei buruzko ebazpen-proposamenak prestatzea, Eusko Jaurlaritzako Zerbitzu Juridiko Nagusiarekiko lankidetzan.
Sektore publikoaren kontratuei buruzko legeei lotutako prozedurak izapidetzea, gainerako sail-zuzendaritzek izapidetzen dituzten kontratu txikiak izan ezik, baina horrek ez ditu eragotziko ez Kontratazio Batzorde Nagusiaren eskumenak ez beste organo batzuei arauz esleitutako eskumenak. Horretaz gain, saileko organoei gai hauei buruzko aholkularitza ematea dagokio: sektore publikoaren kontratuei buruzko legeak, araututako ezein prozeduratan legeak egoki aplikatzea eta kontratuak egitea; betiere beste organo batzuen eskumenak eragotzi gabe.
Fundazioen gaian, indarreko legeek sailari esleitzen dizkioten gai horretako egitekoak bereganatu eta koordinatzea.
Xedapen orokorreko proiektuak prestatzea, baita txosten juridikoak ematea eta aurretik behar diren lan tekniko-juridikoak egitea ere.
Gobernu Kontseiluari edo haren organo delegatuei aurkeztu behar zaizkien espedienteak eta gaiak izapidetzea, koordinatzea eta prestatzea.
Oro har, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoa Antolatzeko ekainaren 2ko 7/2016 Legeak eta Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoari buruzko apirilaren 25eko 144/2017 Dekretuak sailetako aholkularitzei esleitzen dizkieten egitekoak, bai eta aholkularitza tekniko-juridikoaren arloan esleitzen zaizkion eta Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiari ez dagozkion gainerako egitekoak.
Langileak kudeatzeko eremuan:
Sailari atxikitako langileen gaineko prozedurak administratu eta kudeatzea, Euskal Funtzio Publikoaren Legearen 10. artikuluak zehazten dituen eskumenez baliatuta, betiere beste organo eskudun batzuei dagozkien egitekoak urratu gabe.
Saileko langileen beharrizanak ebaluatzea, eta saileko lanpostuen zerrendak eta plantillak prestatzeko proposamenak egitea.
Sailari atxikitako giza baliabideen esparruan, jarduera bateragarritasunari buruzko espedienteak ebaztea.
Langileentzako prestakuntza- eta hobekuntza-planak eta -programak sustatzea; hala badagokio, IVAP-Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen eta gaiko sail eskudunaren arteko lankidetzan.
Organo eskudunek langileen gainean hartutako erabaki eta ebazpenen gaineko informazio egokia ematea saileko zerbitzuei, eta betetzen direla zaintzea.
Langileen arloan, indarrean dauden legeen arabera behar diren espedienteei hasiera ematea eta zehapen arinak jartzea.
Aurrekoez gain, sailaren zeharkako kudeaketako organoa den aldetik:
Behar den euskarria bermatzea, Eusko Jaurlaritzaren eremu orokorreko ekimenak eta gidalerroak garatu eta gauzatzeko, kudeaketa aurreratuko gaietan, modernizazioan, Administrazio elektronikoan, gobernantzan eta berrikuntzan bermatzea, eta sailean bertan sustatzea.
Sailak herritarrei informazioa eta arreta emateko dituen zerbitzuek ahalik eta ongien funtziona dezaten ziurtatzea (2. eta 3. arreta-mailak), eta Eusko Jaurlaritzaren Zuzenean-Herritarrentzako Zerbitzuarekiko harreman egokiak ezartzea.
Sailaren jardun-eremuetan herritarrek dituzten eskubide eta betebeharrei buruzko iradokizun, kexa eta erreklamazioen kudeaketa koordinatzea eta horren jarraipena egitea.
Sailaren ikus-entzunezkoen argitalpenak, elektronikoak, informatikoak eta telematikoak koordinatzea, eta saileko zuzendaritzekin batera bermatzea bere eskumen-eremuko gaietan solaskide operatiboak daudela.
Lanpostuen banaketa fisikoarekin, ekipamenduarekin eta eraberritze-lanekin zerikusia duten saileko unitate guztien jardunak zuzentzea, Administrazioan beste sail batzuei gai honetan emandako eskumenak kaltetu barik. Sailaren bulegoen mantentze-lanak egitea, atxikitako ondarea administratzea eta kontserbazioaz arduratzea.
Sailaren informatika-gaietako beharrizanak aplikazioak eta euskarriak planifikatu eta koordinatzea baldin eta ez badaude Administrazioko beste sail batzuei esleituta.
Administrazio-xedapen eta -egintzak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea izapidetzea eta koordinatzea.
Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren laguntzaz, gainerako zuzendaritzek hizkuntza-normalizazioaren arloan egiten duten lana koordinatu eta dinamizatzea, bai eta euskara sustatzea saileko politika publikoetan eta sailak kudeatzen duen beste edozein eremutan; horretarako, Euskararen Administrazio -unitatea atxikiko zaio.
Sailburuordetza edo Zuzendaritzaren baten eremutik kanpo geratzen diren gaietan, kontratazio-organo gisa jardutea baldin eta indarreko legeen arabera kontratu txikitzat jotzen badira.
Sailean kalitate- eta berrikuntza-ereduak diseinatu eta garatzea.
Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen edukiak eta Eusko Jaurlaritzak onartutako Berdintasunerako Planaren edukiak identifikatu eta garatzea, gainerako zuzendaritzekin, Administrazio instituzionaleko entitateekin eta hari atxikitako organoekin batera lan eginda eta koordinatuta, legean aurreikusitako neurriak bete daitezen, gizon eta emakumeen berdintasunerako unitateei emandako egitekoekin bat.
Sailaren administrazio-unitateen funtzionamendua eta egitura arrazionalizatzeko proposamenak eta txostenak egitea, baita kudeaketa-prozedurak diseinatu eta eguneratzea ere; baina horrek ez ditu eragotziko beste sail batzuei gai berean esleitutako eskumenak.
Datu pertsonalen pribatutasun-neurrien arduradun gisa dagozkion egitekoak betetzea.
Zerbitzu Zuzendaritzaren mende, Kultura Sailaren Estatistika Organoak eskumenak izango ditu, eta ahalmenak baliatuko, dekretu hauetan ezarritakoaren arabera: ekainaren 22ko 180/1993 Dekretua (haren bidez arautu ziren Jaurlaritzako sailen estatistikarako organoak), eta apirilaren 23ko 86/1996 Dekretua (haren bidez sortu zen Kultura Sailaren estatistikarako organoa). Eta, bereziki, informazio-, estatistika-, azterketa- eta analisi-sistemen arloko kudeaketa eta koordinazioa egingo du, Ekonomia eta Ogasun Sailari dagozkion eskumenak eragotzi gabe.
Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzari dagokio dekretu honen 4. artikuluan ezarritako egitekoak betetzea, jarduera fisikoa eta kirola sustatzeko arloetan.
Era berean, euskara bultzatuko du jarduera fisikoa eta kirola sustatzeko politika publikoetan, baldin eta bere eskumen-eremuan garatzen badira, saileko Euskararen Administrazio-unitatearekin lankidetzan eta koordinatuta; genero-ikuspegia txertatuko du bere eskumen-eremuan garatzen diren jarduera fisikoa eta kirolak sustatzeko politika publikoetan, eta emakumeen eta gizonen berdintasunerako neurriak ezarriko ditu, bai eta ekintza positiboak beharrezkoak diren eremuetan, Saileko Berdintasunerako Administrazio-unitatearekin lankidetzan eta koordinatuta; eta emakumeen eta gizonen tratu- eta aukera-berdintasuna bermatzeko politikak garatuko ditu kirol-modalitate guztietan eta emakumeen zein gizonen kirol-jardueren babesletzan horien parte-hartze gutxiengoa duen modalitateetan; emakumeak gehiengoa diren kirol-modalitateetarako laguntza publikoak areagotzeko behar diren ekimenak egingo ditu ere.
Beharrizanak aztertzea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari dagozkion arauzko neurriak proposatzea, Euskadiko Kirolaren ekainaren 11ko 14/1998 Legean xedatutakoaren arabera.
Era guztietako kirol elkarteen sorrera bultzatzea.
Kirol federazioei laguntzea eta lankidetzan jardutea beren egitekoak bete indarreko arauen arabera bete ditzaten, baita Estatuko, Europako, Europaz gaindiko organismo eta entitateekin elkarlanean aritzea ere kirolaren gaian guztien interesekoak diren jardueretan.
Jarduera fisiko eta kirol politika integralak garatzea, erakundearteko eta sailarteko lantaldeak koordinatuta.
Jarduera fisikoa eta kirolaren inguruko informazioa eta dokumentazioa bildu eta hedatzea, bai eta horren gainean egoki iritzitako ikerketa eta azterketa guztiak egin eta sustatzea ere.
Jarduera fisikoa eta kirolari loturiko zientzia- eta teknika-ikerketak bultzatzea.
Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumen-eremuan, goi-mailako kirol jarduerak sustatu eta koordinatzea.
Bertoko kirolak sustatzea eta horiei laguntza ematea.
Jarduera fisikoa eta euskal kirolaren presentzia Estatuan eta nazioarteko eremuan ziurtatzeko neurriak ezartzea.
Erkidego-mailako eskola-lehiaketak antolatzea.
Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera fisikoa eta kirola egiteko instalazio-sare bat planifikatzea eta sustatzea.
Euskal Autonomia Erkidegoko Kirol Erakundeen Erregistroa zuzendu eta kudeatzea.
Indarreko legeek esleitzen dizkioten ikuskapen-egitekoak betetzea, eta, Euskadiko Kirolaren ekainaren 11ko 14/1998 Legearen eta Kiroleko Dopinaren aurkako ekainaren 21eko 12/2012 Legearen arloan, Eusko Jaurlaritzari dagozkion zehapen-espedienteak instruitzea.
Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzaren administrazio-zerbitzu zentralez gain, bertan administrazio-zerbitzu hauek ere egongo dira, Euskadiko Kirolaren ekainaren 11ko 14/1998 Legean eta Kiroleko Dopinaren aurkako ekainaren 21eko 12/2012 Legean xedatutakoaren arabera:
Kirolaren Euskal Eskola.
Kirol Medikuntzako Zerbitzua.
Goi-mailako zentroa Basque Team Zentroa.
Dopinaren Aurkako Euskal Agentzia.
Jarduera Fisikoaren Zerbitzua.
Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak emango dizkio Kirol Justiziako Euskal Batzordeari bere egitekoak behar bezala gauzatzeko behar dituen baliabideak.
Kulturako sailburuordeari dagozkio 3. artikuluan saileko sailburuordeari esleitutako egiteko orokorrak, jardun-arlo hauetan:
Historia- eta arte-ondarea, museoak, liburutegiak, artxiboak eta jabetza intelektuala kudeatu eta babestea.
Arte- eta kultura-jarduerak eta horien hedapena.
Kulturako sailburuordeak honela jardungo du esleituta dituen jardun-arloetan:
Kultura- eta ondare-politika publikoetan eta bere eskumen-eremuan garatzen diren politika publiko guztietan euskara sustatuz, saileko Euskararen Administrazio-unitatearekin lankidetzan eta koordinatuta.
Kultura- eta ondare-politika guztietan eta bere eskumen-eremuan garatzen diren guztietan genero-ikuspegia txertatuz, eta emakumeen eta gizonen berdintasunerako neurriak ezarriz, bai eta ekintza positiboak beharrezkoak diren arloetan, saileko Berdintasunerako Administrazio-unitatearekin lankidetzan eta koordinatuta.
Kulturako sailburuordeak emango die hasiera euskal kultura-ondarea osatzen duten ondasunak kalifikatzeko eta inbentariatzeko espedienteei, eta espediente horien izapideak egiteko behar diren erabakiak hartuko ditu baldin eta erabaki horiek hartzea administrazioko beste organoren bati ez badagokio.
Beste organo bati ez badagokio, Kulturako sailburuordeak hasi eta ebatziko ditu sailari lege hauen arabera dagozkion espedienteak: Euskadiko Museoei buruzko abenduaren 1eko 7/2006 Legea eta Euskadiko Liburutegien urriaren 26ko 11/2007 Legea.
Sailburuordeak Kulturaren Euskal Behatokia zuzenduko du, Euskal Autonomia Erkidegoko kultura-arloko informazio-, dokumentazio- eta ikerketa-zentroa den aldetik.
Sailburuordeak koordinatuko du Auzolan programa, eragile publiko eta pribatuen arteko lankidetza helburu duena.
Kulturako sailburuordeak zuzendaritza hauek izango ditu hierarkian mende, esleituta dituen egitekoak gauzatzeko:
Kultura Ondarearen Zuzendaritza.
Kultura Sustatzeko Zuzendaritza.
Kultura Ondarearen Zuzendaritzak dekretu honen 4. artikuluan ezarritako egitekoak izango ditu, euskal kulturaren ondarea zaintzea, aberastea, babestea, zabaltzea eta sustatzea xede duten eremuetan, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean eta bera garatzeko ematen diren xedapenen arabera. Horrekin batera, egiteko horiek izango ditu museoei eta liburutegiei loturiko eremuetan, Euskadiko Museoen abenduaren 1eko 7/2006 Legean, Euskadiko Liburutegien urriaren 26ko 11/2007 Legean eta legeok garatzeko ematen diren xedapenetan ezarritakoaren arabera.
Era berean, kultura-ondarea sustatzeko politika publikoetan euskara bultzatuko du, baldin eta bere eskumen-eremuan garatzen badira, saileko Euskararen Administrazio-unitatearekin lankidetzan eta koordinatuta. Genero-ikuspegia txertatuko du bere eskumen-eremuan kultura-ondarea sustatzeko garatzen diren politika publikoetan, eta emakumeen eta gizonen berdintasunerako neurriak ezarriko ditu, bai eta ekintza positiboak horiek beharrezkoak diren eremuetan, saileko Berdintasunerako Administrazio-unitatearekin lankidetzan eta koordinatuta.
Egiteko horiek gauzatzeko zerbitzu hauek ditu Kultura Ondarearen Zuzendaritzak:
Kultura Ondarearen Zentroa.
Museoen Zentroa.
Euskadiko Artxibo Historikoa.
Liburutegi Zerbitzua.
Jabetza Intelektualaren Erregistroa eta Kultura Ondarearen Aholkularitza Juridikoa.
Euskadiko Liburutegi Digitala Zerbitzua.
Kultura Ondarearen Zentroari hau dagokio:
Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 3.2 artikuluan aurreikusitako egitekoak garatzea.
Honako espediente hauek proposatzea eta izapidetzea: babes bereziko eta ertaineko ondasunak deklaratzeko espedienteak, Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistroan edo Oinarrizko Babesa duten Kultura Ondasunen EAEko Erregistroan inskribatzeko espedienteak, inbentarioa eta balizko zona arkeologikoak, bai eta euskal kultura-ondarea desatxikitzeko espedienteak ere.
Hala badagokio, esleitutako jardun-eremuan, Euskal Autonomia Erkidegoko hirigintza-plangintzako eta lurralde-antolamenduko dokumentuak eta ingurumen-ebaluaziorako nahitaezko prozeduren mendean jarritako planak edo proiektuak informatzea.
Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari esleitutako gai honi buruzko egitekoak garatzea: euskal kultura-ondarea gordetzeko, aberasteko, babesteko, hedatzeko eta sustatzeko aurrekontuetan dagoen ehuneko bateko erreserbatik datozen funtsak aplikatzeko irizpideak. Eta funts horiek erabiltzeko irizpide materialak proposatzea.
Euskal Autonomia Erkidegoan gordeta egon eta euskal kultura-ondarea, arlo dokumentalean izan ezik, osatzen duten elementuak eta artelanak esportatzeko eta mugimenduak ikuskatzeko Eusko Jaurlaritzari dagozkion administrazio-jardunak egitea.
Eusko Jaurlaritzak babes bereziko kultura-ondasunak, arlo dokumentalean izan ezik, lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko espedienteak izapidetzea, bai beretzat bai bestelako erakunde publikoentzat edo irabazi-asmorik gabeko kultura-erakundeentzat.
Euskal Autonomia Erkidegoko material arkeologikoaren gordailua kudeatzea.
Kultura-ondarearen arloko zehapen-espedienteak instruitzea, ebazpena edo zehapena ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko organoei badagokie, betiere.
Industria Ondare Higigarriaren Bildumaren zabalkundea eta ezagutza osatu, ikertu eta kudeatzea, baita haren ikerketa ere.
Euskal Autonomia Erkidegoaren Ondare Materiagabearen ikerketa, sailkatzea eta ezagutza bultzatzea.
Museoen Zentroari hau dagokio:
Euskadiko Museoei buruzko abenduaren 1eko 7/2006 Legeak 3. artikuluan aurreikusitako egitekoak garatzea, eta bereziki Museo eta Bildumen Sistema antolatu, eguneratu eta kudeatzea.
Museoen gaian diren beharrizanak aztertzea eta arauzko neurriak proposatzea.
Euskal Autonomia Erkidegoko museo eta bildumei laguntzak emateko sistema kudeatzea.
Museo eta Bildumen sistema antolatu, eguneratu eta kudeatzea.
Euskadiko Museoen Legearen eremuan, Eusko Jaurlaritzari dagozkion zehapen-espedienteak instruitzea.
Euskadiko Artxibo Historikoari hau dagokio:
Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen bidez sortu zen Euskadiko Artxiboen Sistema Nazionala dela-eta, Artxibo Zerbitzuetako Araudia eta Euskal Autonomia Erkidegoko Dokumentazio Ondarea erregulatzeko arauak onartu zituen azaroaren 21eko 232/2000 Dekretuak ezartzen dizkion egitekoak gauzatzea.
Kultura-ondareari buruzko politikaren esparru orokorraren barruan, dokumentu-ondareari eta artxiboei buruzko politika espezifikoa diseinatu eta kudeatzea.
Euskal Autonomia Erkidegoko Artxibo Zerbitzuen kudeaketa-jarduerak koordinatzea.
Euskal Autonomia Erkidegoko Artxibo Zerbitzuetako agirien tratamendua eta irizpideak normalizatzea, eta horien edukiaren hedapena sustatzea.
Euskal Autonomia Erkidegoan dauden edo hari buruzkoak diren artxibo publiko eta pribatuetako funtsetan dagoen informazioaren deskribapena eta hedapena sustatzea.
Dokumentu-ondarearen eta artxiboen gaian, beharrizanak aztertzea eta arauzko neurriak proposatzea.
Euskal Autonomia Erkidegoko dokumentu-ondarearen eta artxiboen balioari buruzko kontzientzia sozial eta kolektiboa bultzatzeko neurriak aztertu eta proposatzea eta gai horretako prestakuntza eta hezkuntza sustatzeko behar diren organismoekin lan egitea.
Euskal Autonomia Erkidegoan gordeta egon eta euskal kultura-ondarea osatzen duten elementuak esportatzeko eta mugimenduak ikuskatzeko Eusko Jaurlaritzari dagozkion administrazio-jardunak egitea arlo dokumentalean.
Eusko Jaurlaritzak arlo dokumentaleko kultura-ondasunak lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko espedienteak izapidetzea bai beretzat bai bestelako entitate publikoentzat edo irabazi-asmorik gabeko kultura-entitateentzat.
Liburutegi Zerbitzuari hau dagokio:
Euskadiko Liburutegien urriaren 26ko 11/2007 Legearen esparruan Euskadiko Liburutegien Irakurketa Publikoko Sareari dagozkion planifikazio-, funtzionamendu- eta koordinazio-egitekoak garatu eta gauzatzea. Zehazki ondoko hauek:
Euskadiko Liburutegien Irakurketa Publikoaren Sarearen liburutegi-politika diseinatu eta kudeatzea; horretarako behar diren proiektuak sustatu eta zuzentzea.
Sarea osatzen duten liburutegien arteko lankidetza koordinatzea, liburutegietako baliabideak hobeto aprobetxatzeko.
Sarea osatzen duten liburutegietako funtsen erreferentzia bibliografikoak biltzen dituen katalogo kolektiboa diseinatu eta kudeatzea, eta hartarako irispidea ziurtatzea.
Liburutegietan ematen diren zerbitzuak ebaluatzeko tresnak diseinatu eta kudeatzea eta lortutako datuak aztertzea; ondoren, liburutegiei beren ahalmenak ondoen aprobetxatzeko metodologia eskaintzeko.
Irakurtzeko zaletasuna sustatzeko neurriak diseinatzea.
Liburutegien eremuan euskararen erabilera normalizatzeko zer beharrizan dagoen ikertu eta zehaztea.
Erabilera publikoko liburutegietan lan egiten duten pertsonen prestakuntza bultzatzea eta horien profila definitzea.
Euskadiko Liburutegi Sistema osatzen duten erabilera publikoko liburutegietarako jardun-eredu izango diren irizpide teknikoak eta jarraibideak ezartzea, Euskadiko Liburutegi Digitala Zerbitzuarekin lankidetzan.
Indarreko legeek ematen dizkioten ikuskapen-egitekoak gauzatzea eta Euskadiko Liburutegien urriaren 26ko 11/2007 Legearen esparruan Eusko Jaurlaritzari dagozkion zehapen-espedienteak izapidetzea.
Jabetza Intelektualaren Erregistroari eta Kultura Ondarearen Aholkularitza Juridikoari hau dagokie:
Inskripzioa eta idazpena egiteko eskaerak izapidetu eta ebaztea, eta, behar izanez gero, inskripzioak indargabetu eta egitea.
Jabetza Intelektualaren Erregistroan inskribatuta dauden eskubide, egintza eta kontratuak ziurtatzea eta publikotasuna ematea.
Txosten teknikoak egitea beren eskumen-eremuan.
Gordailuko dokumentu eta materialak artxibatu eta zaintzea.
Oro har, Jabetza Intelektualaren Erregistroa kudeatzeko behar diren jardunak, baita indarreko ordenamendu juridikoak esleitzen dizkionak ere.
Entitate edo entitate-elkarte hauei baimena ematea eta errebokatzea: beren kontura edo inoren kontura ustiatze-eskubideak edo ondarearen arloko beste batzuk kudeatu nahi dituztenak, betiere jabetza intelektualaren eskubideen autore batzuen edo beste titular batzuen kontura eta interesen alde.
Kudeaketa-entitate horien estatutuak eta horien aldaketak onartzea.
Kudeaketa-entitate guztiek indarreko araudian ezarrita dauden baldintzak eta betebeharrak betetzen dituztela zaintzea.
Kudeaketa-entitateen jardunaren kontrola eta, hala badagokio, ordezkaritza edo kudeaketa egiten duten erakundeena.
Bitartekaritza eta arbitrajea, Estatuko Administrazio orokorraren ahalmenei kalterik egin gabe.
Kultura Ondarearen Zuzendaritzari aholkularitza juridikoa ematea eskumeneko gaietan.
Euskadiko Liburutegi Digitala Zerbitzua:
Euskal Autonomia Erkidegoan eta euskararen hizkuntza-esparruan argitaratu edo egindako lan guztiak eta euskararekin edo euskal kulturarekin erlazionatutakoak identifikatu, katalogatu eta zabaltzea, Liburutegi Zerbitzuarekin lankidetzan.
Euskal ondare bibliografikoaren arloko beharrizanak aztertzea, eta arauzko neurriak proposatzea.
Euskal bibliografiaren katalogoak bateratu, kudeatu eta zabaltzea.
Euskal ondare digitala sortu, babestu eta zabaltzeko eta ondarerako irispidea bermatzeko mekanismo egokiak jartzea.
Ondare digitalaren alorrean lankidetza-programak sustatzea.
Lege-gordailuaren eta ISBNaren alorretan Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioak dituen egitekoak betetzea.
Kultura Ondarearen Zuzendaritzari atxikita daudenez, kide anitzeko organo hauen egitekoak beteko ditu zuzendaritza horrek:
Euskal Kultura Ondarearen EAEko Kontseilua.
Euskal Kultura Ondarearen Erakundearteko Organoa.
Dokumentazioa Balioesteko eta Aukeratzeko Batzordea, azaroaren 21eko 232/2000 Dekretuak arautua.
Euskadiko Museoen Aholku Batzordea, martxoaren 18ko 54/2008 Dekretuak arautua.
Euskadiko Liburutegien Aholku Batzordea, abenduaren 30eko 232/2008 Dekretuak arautua.
Kultura Ondarearen Zuzendaritzari atxikita geratzen dira Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Bizkaiko eta Gipuzkoako lurralde historikoetan dituen lurralde-zerbitzuak.
Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak dekretu honen 4. artikuluan ezarritako egitekoak gauzatuko ditu honako arlo hauetan: musika, arte eszenikoak, liburua, ikus-entzunezkoak, ikusizko arteak eta kultura- eta sormen-industriak.
Kultura Sustatzeko Zuzendaritza lehen aipatutako arloetako lanbide-jarduerez arduratuko da bereziki.
Era berean, kultura-ondarea sustatzeko politika publikoetan euskara bultzatuko du, baldin eta bere eskumen-eremuan garatzen badira, saileko Euskararen Administrazio-unitatearekin lankidetzan eta koordinatuta. Genero-ikuspegia txertatuko du bere eskumen-eremuan kultura-ondarea sustatzeko garatzen diren politika publikoetan, eta emakumeen eta gizonen berdintasunerako neurriak ezarriko ditu, bai eta ekintza positiboak horiek beharrezkoak diren eremuetan, saileko Berdintasunerako Administrazio-unitatearekin lankidetzan eta koordinatuta.
Eginkizun horiek betetzeko, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak honako zerbitzu hauek ditu:
Kultur Plangintzako Zerbitzua.
Kultura eta Sormen-industrien Zerbitzua.
Kultur Plangintzako Zerbitzuari dagokio:
Bere eskumeneko arloetan kultura proiektuen sorkuntza, ekoizpen eta hedapenaren sustapenerako ekintzak proposatu eta kudeatu.
Bere eskumen arloko dirulaguntzen programak eta lerroak kudeatzea.
Abian jarritako ekintzen jarraipena eta balorazioa egitea eta, hala badagokio, neurri zuzentzaileak proposatzea.
Kultura-sektorearekin elkarrizketa eta kontraste espazioak sustatzea eta kudeatzea, eta, hala badagokio, proposamen berriak bultzatzea.
Etxepare Euskal Institutuarekin lankidetzan, sortzaileak eta kultura-proiektuak kanpoan sustatzeko proposamenak koordinatzea.
Kultura- eta Sormen-industrien Zerbitzuari dagokio:
Euskal Kultura eta Sorkuntza Barrutia proiektuaren garapena kudeatzea.
Euskadiko kultura- eta sormen-industrien sektorearen garapena sustatuko duten ekintzak proposatzea.
Eragile publiko eta pribatuekiko koordinazio- eta lankidetza-formulak proposatzea.
Beste sektore eta jakintza-arlo batzuekin elkartzeko guneen sorrera kudeatzea.
Kanpoko sareetan harreman-eremuak proposatzea eta Euskadi berrikuntzaren eta lehiakortasunaren arloan aukera-lurralde gisa kokatzen duten programak eta/edo proiektuak hautematea.
Hizkuntza Politikarako sailburuordeak dekretu honen 3. artikuluan ezarritako egitekoak izango ditu honako jardun-arlo hauetan:
Hizkuntza-politika.
Euskararen sustapena.
Eta arlo horietan jardungo du bere eskumen-eremuan garatzen diren politika publikoetan genero-ikuspegia txertatuz eta emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko neurriak ezarriz, bai eta ekintza positiboak horiek beharrezkoak diren arloetan, saileko Berdintasunerako Administrazio-unitatearekin lankidetzan eta koordinatuta.
Jardun-esparru horretan, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak egiteko hauek izango ditu:
Eusko Jaurlaritzaren hizkuntza-politika artikulatzea eta jarraipena egitea euskararen erabilera normalizatzeari dagokionez, eta Eusko Jaurlaritzak emanda Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek arlo honetan bete behar dituzten jardun-irizpideak ezarri eta garatzea.
Lehendakaritzak eta Jaurlaritzako sail guztiek beren egitura organiko eta funtzionaletan sortuak dituzten edo sortzen dituzten euskara-unitateen jardun-irizpideak ezartzea, politika publikoetan eta kudeatzen dituzten administrazio-gai guztietan euskara bultzatzen laguntzeko.
Jaurlaritzaren egungo egituran, hizkuntzaren eremuan, egiteko espezifikoak dituzten organo eta zerbitzu guztiek sarean, koordinatuta eta modu osagarrian jarduten dutela bermatzea, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren zuzendaritzapean.
Arlo honetako zuzendaritzek hizkuntza-politikaren arauak ezartzeko, aldatzeko edo aplikatzeko egiten dituzten proposamen orokorrak eta espezifikoak koordinatzea eta, hala badagokio, sailburuari helaraztea.
Eusko Jaurlaritzako sailek edo mendeko organismoek egindako ikerketa soziolinguistikoak edo alderdi soziolinguistikoak jasotzen dituzten bestelako lanak koordinatzea, horien eremua edozein dela ere, Jaurlaritzaren hizkuntza-plangintzak koherentzia eta efizientzia handiagoa izan dezan.
Euskal Autonomia Erkidego osorako plangintza orokorra prestatzea eta baterako jardunak gauzatzeko planak formulatzea, Jaurlaritzak onar ditzan.
Hizkuntza-politikan eskumena duten botere publikoak elkarlanean aritzeko neurriak dinamizatu eta bultzatzea, horretarako behar diren ekimen guztiak sustatuta eta erakundearteko elkarlana eta koordinazioa areagotzen duen beste edozein formula ikertuta.
Azaroaren 24ko 10/1982 Legea (Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizkoa) eta gainerako xedapen osagarriak egoki garatzen eta aplikatzen direla zaintzea, hargatik eragotzi gabe Administrazioko beste organo batzuek horretarako espezifikoki dituzten egitekoak. Esleitutako jardun-eremuan, euskararen erabilera normalizatzeko xedez, arreta berezia jarriko du botere publikoek xedapen orokorrak bete ditzaten, baita Eusko Jaurlaritzaren jarraibideak eta Euskararen Aholku Batzordearen gomendioak ere, eta betetze-maila ebaluatuko du.
Hizkuntza normalizatzeko zereginetan, euskara normalizatzen eta araupetzen diharduten entitateekiko harremanak izatea eta, euskal hiztunen komunitate osoa kontuan izanik, beste lurralde batzuetako era guztietako entitateekin ere aritzea.
Hizkuntza-eskakizunak zehazteko eta eskakizun horiek aplikatzeko proposamena egitea, Euskal Funtzio Publikoaren Legean ezarritako ondorioetarako. Gainera, administrazio publikoekin batera arituko da irizpide horietara egokitzeko planak lantzen eta ezarritako helburuen betetze-maila ebaluatzen. Horrek ez ditu eragotziko administrazio horietako bakoitzak dituen eskumen eta eskudantziak, ezta Jaurlaritzako sailek dituztenak ere.
Euskararen jakintza-mailari dagozkion titulu eta ziurtagiriak homologatzeko prozedura aurrera eramatea, izan agiriok Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailek edo horien mendeko organismoek emandakoak, izan hizkuntza-eskola ofizialek emandakoak, edo izan berez helduen euskalduntzearen arlotik kanpo egonda ere euskara irakasten duten beste erakunde batzuek emandakoak. Halaber, dagoeneko homologatuta daudenak eguneratzea edo egokitzea ere badagokio. Horretarako, azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuan jasotako aurreikuspenak beteko ditu, besteak beste, eta, ondorioz, Baliokidetzen Jarraipen Batzordeari esleitutako atazak zuzenduko ditu, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari atxikita baitago.
Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak esleituta dituen egitekoak gauzatzeko honako zuzendaritza hauek izango ditu hierarkikoki mendean:
Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritza.
Euskara Sustatzeko Zuzendaritza.
Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritza.
Helduen Alfabetatze Berreuskalduntzerako Erakundea (HABE) organismo autonomo administratiboa, azaroaren 25eko 29/1983 Legean xedatutakoarekin bat, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari atxikita dago, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren bidez.
Euskararen Aholku Batzordea Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari atxikita dago, urriaren 16ko 176/2007 Dekretuan xedatutakoarekin bat.
Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritzari dagozkio Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde publikoetan euskararen erabilera normalizatzeko dekretu honen 4. artikuluan ezarritako egitekoak.
Era berean, genero-ikuspegia txertatuko du bere eskumen-eremuan garatzen diren herri-administrazioetako hizkuntza-normalizazioko politika publikoetan, eta emakumeen eta gizonen berdintasunerako neurriak ezarriko ditu, bai eta ekintza positiboak horiek beharrezkoak diren eremuetan, saileko Berdintasunerako Administrazio-unitatearekin lankidetzan eta koordinatuta.
Ildo horretatik, Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritzak egiteko hauek izango ditu:
Euskararen erabilera normalizatzeko legeak garatzeko arauzko neurriak aztertu eta proposatzea, baita kontrataziorako, argitalpenetarako, administrazio-baimena edo -emakida behar duten jardueretarako, dirulaguntzetarako eta bestelako laguntzetarako hizkuntza-irizpide orokorrak ere.
Euskararen erabilera normalizatzeko hartutako arauzko neurriak eta administrazio-neurriak benetan betetzen diren eta eraginkorrak diren aztertzea eta horren jarraipena egitea.
Dekretu honen 13.2 artikuluaren b) apartatuan xedatutakoa betetzeko behar den jardunak egitea.
Eusko Jaurlaritzaren euskara-plana lantzeko eta garatzeko beharrezkotzat jotzen diren jardunak proposatzea, baita planaren koordinazioa eta jarraipena Eusko Jaurlaritzako sailetako arduradunekin batera egiteko nahiz Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio instituzionaleko entitatetako arduradunekin batera egiteko egoki irizten diren neurriak ere.
Aholkularitza eta laguntza eskaintzea Euskal Autonomia Erkidegoko foru-aldundietako, udaletako eta gainerako entitate publikoetako euskara-planak diseinatzeko eta ezartzeko, BikainEuskararen Kalitate Ziurtagiria oinarri hartuz.
Plan horiek zenbateraino bete diren ebaluatzeko eta jarraitzeko lanak egitea eta planak berrikusteko irizpideak zehaztu eta ezartzea, Bikain-Euskararen Kalitate Ziurtagiria oinarri hartuz.
Instituzio eta entitate publikoetan euskara-planak abiarazteko behar diren zerbitzuak antolatzeko, egituratzeko eta funtzionamenduan jartzeko proposamenak egitea.
Sozietate publikoetako eta zuzenbide pribatuko erakunde publikoetako euskara-planen diseinuan eta ezarpenean aholkularitza eta laguntza ematea.
Esleiturik duen helburu nagusiaren araberako azpiegiturak bultzatzea eta, hala badagokio, horien arduradunei prestakuntza ematea behar diren metodologia eta baliabideak egoki erabil ditzaten, bestelako administrazio-organoen eskumenak urratu gabe.
Dekretu honen 13.2 artikuluaren j) apartatuan ezarritakoa betetzeko behar diren jardunak garatzea. Horrekin batera, Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratua ere kudeatuko du.
Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza, goi-mailako ikasketak eta unibertsitatekoak eginda lortutako hizkuntza-maila aztertzea, lortutako maila horren baliokidetza edo egiaztatzetik salbuespena egiteko euskararen jakite-maila egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arabera eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuaren arabera, hargatik eragotzi gabe Jaurlaritzako beste organo batzuei esleitu zaizkien eskumenak. Halaber, sektore publikoan euskararen komunikagaitasuna nahitaezkoa den lanpostuetan, ohiko bidea den hizkuntza eskakizunak egiaztatzetik at, lanpostu horietan jarduteko bide berriak aztertzea eta proposatzea.
Behar diren txostenak ematea, aldez aurretik eta nahitaez, Eusko Jaurlaritzan egiten diren xedapen orokorren proiektuek euskararen erabileraren normalizazioan zer eragin duten eta hizkuntza arloan indarrean dagoen araudia betetzen duten argitzeko.
Euskadiko toki-erakundeetan hizkuntza ofizialen erabilera instituzionala eta administratiboa normalizatzeari buruzko azaroaren 19ko 179/2019 Dekretuaren 56. artikuluan Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari ezartzen zaion betebeharra egitea: Hizkuntza Inpaktuko Azterlanaren gaineko txostena egitea.
Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa egiteko behar diren aholkularitza lanak eta prestakuntza saioak egitea.
Bikain ziurtagiriaren ebaluazio eta kudeaketan parte hartzea, organismo publikoen ebaluazioak kudeatuz eta Idazkaritza Teknikoaren barruan eta Artezte Kontseiluan parte hartuz. Arlo horretan, 86/1997 Dekretuaren eraginpeko entitateei aholkularitza ematea, Bikainera aurkezteko bidean, eta baita ebaluazio simulazioak egitea.
Instituzio eta entitate publikoekin batera, koordinazio ekimenetan zein bestelako proiektuetan parte hartzea.
Euskara Sustatzeko Ekintza Planen (ESEP) jarraipena egitea toki- eta foru-erakundeen artean.
Instituzio eta entitate publikoei aholkularitza ematea euskararen normalizazioan izan ditzaketen arazo tekniko eta juridikoak argitzeko.
IVAPekin batera, berariazko prestakuntza saioak antolatu, kudeatu eta egitea EAEko erakunde eta organismo publikoetako teknikarientzat.
Hala eskatzen duten herritarrei beren hizkuntza-eskubideak babesten laguntzea, informazioa eta aholkularitza ematea eta eragindako organismoei elkarlana eskaintzea eskubide horiek benetan bete ditzaten, uztailaren 29ko 150/2008 Dekretuak sortutako Elebide-Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzuaren bitartez.
Euskal administrazio publikoetako lanpostuetan ezarri beharreko hizkuntza-eskakizunen eta derrigortasun-daten gaineko nahitaezko txostena egitea, Euskal Funtzio Publikoari buruzko 6/1989 Legearen 97.5 artikuluan xedatutakoarekin bat. Halaber, erabilera-planei buruzko nahitaezko txostenak egingo ditu, apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuarekin bat (Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzekoa).
Herri Aginteen Koordinaziorako Batzordearen bidez (HAKOBA) hizkuntza-politikan eskumena duten botere publikoen arteko lankidetza bultzatzea, koordinatuta jardun dezaten.
Dekretu honen 13.2 artikuluaren k) apartatuan ezarritakoa betetzeko behar diren jardunak garatzea.
Euskara Sustatzeko Zuzendaritzak dekretu honen 4. artikuluan ezarritako egitekoak izango ditu euskararen erabilera bultzatzeko eta sustatzeko lanaren alorrean, betiere euskararen erabilerari gainbalio positiboa gehituta.
Era berean, genero-ikuspegia txertatuko du bere eskumen-eremuan garatzen diren herri-administrazioetako hizkuntza-normalizazioko politika publikoetan, eta emakumeen eta gizonen berdintasunerako neurriak ezarriko ditu, bai eta ekintza positiboak horiek beharrezkoak diren eremuetan, saileko Berdintasunerako Administrazio-unitatearekin lankidetzan eta koordinatuta.
Ildo horretatik, Euskara Sustatzeko Zuzendaritzak egiteko hauek izango ditu:
Euskarak edozein gizarte-arlotan duen erabileraz edo bizi duen egoeraz gizartea sentiberatzeko kanpainak edo neurriak garatu eta koordinatzea.
Euskarak hedabideetan duen presentzia sustatzeko ekimenak bultzatzea.
Euskarazko hedabideak indartzeko eta sustatzeko ekimenak bultzatzea.
Hizkuntza bizikidetzan oinarritzen den gizarte aktibazioa indartzeko ekimenak bultzatzea eta, bereziki, Euskaraldia-ren sustapen eta koordinazio lanak egitea.
Berrikuntza bultzatzea Euskararen normalkuntzan, bereziki Hizkuntza Teknologiak bultzatuz eta ingurune digitalean euskararen presentzia sustatzeko ekimenak eta programak bultzatuz.
Bere kabuz edo beste entitate edo organo batzuekiko elkarlanean, berez esleiturik duen egiteko nagusia betetzera bideratutako beste edozein jarduni ekitea.
Haurrak eta gazteak eremu informaletan euskara erabiltzera bultzatzeko ekimenak eta programak proposatu eta kudeatzea, bereziki, ahozkotasunari lehentasuna emanez.
Euskalgintzako organismo eta elkarteekin batera, euskararako, interes globaleko proiektuak garatzea.
Euskadiko toki-erakundeetan hizkuntza ofizialen erabilera instituzionala eta administratiboa normalizatzeari buruzko azaroaren 19ko 179/2019 Dekretuaren V. kapituluaren arabera (toponimiari eta bide eta zerbitzuetako seinaleztapenari buruzkoa), Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari dagozkion eskumenak baliatzea, 45.1 artikuluan aurreikusitakoa izan ezik.
Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzak dekretu honen 4. artikuluan ezarritako egitekoak izango ditu, bai euskararen normalizazioan inplikatuta dauden eragileekiko jardunbide eta harremanei dagokienez, bai euskararen egoerari eta garapenari buruzko ikerketei dagokienez.
Era berean, genero-ikuspegia txertatuko du bere eskumen-eremuan garatzen diren herri-administrazioetako hizkuntza-normalizazioko politika publikoetan, eta emakumeen eta gizonen berdintasunerako neurriak ezarriko ditu, bai eta ekintza positiboak horiek beharrezkoak diren eremuetan, saileko Berdintasunerako Administrazio-unitatearekin lankidetzan eta koordinatuta.
Ildo horretatik, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzak egiteko hauek izango ditu:
Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren zuzendaritzen arteko koordinazioa gauzatzea.
Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako zeharkako politikak garatu eta jarraipena egitea.
Euskararen Aholku Batzordeak eta haren batzorde bereziek lanerako behar dituzten datuak jaso eta prestatu-tratatzea, lanak koordinatzea eta jarraipena egitea, baita batzordearen idazkaritza-lanak egitea ere.
Euskara Sustatzeko Ekintza Planaren jarraipena egiteko, plana ebaluatzeko eta aldian-aldian eguneratzeko behar diren azterlanak eta analisiak egitea.
Eusko Jaurlaritzaren Euskararen Agenda Estrategikoa kudeatzea eta jarraipena egitea, hizkuntza-politika gobernu-jardunaren ardatzetako bat izan dadin.
Euskararen normalizazioa bultzatzea Iparraldeko eta Nafarroako Foru Komunitateko erakundeekiko lankidetzan.
Espainiako gainerako hizkuntzen gaineko eskumenak dituzten erakundeekiko lankidetza bultzatzea.
Europako lankidetza-proiektuak koordinatu eta kudeatzea, hizkuntza-politikaren ardura duten beste elkarte eta organismo batzuekin batera.
Ikerketarako eta lankidetzarako akordioak bideratzea, gutxiengoen hizkuntzek Europar Batasunean eta handik kanpora bizi duten errealitate sozialaren gaineko lanketa askotarikoak bideratzeko.
Euskara eta hizkuntza gutxituen eremuan, egokitzat jotzen diren azterketak eta ikerketak dokumentatu, egin eta zabaltzea.
Euskal Herriko Inkesta Soziolinguistikoa eta Euskal Autonomia Erkidegoko Mapa Soziolinguistikoa aldian-aldian egin eta berrikustea.
Euskararen Adierazle Sistema elikatu eta jarraipena egin nahiz zabaltzea euskararen eremu eta arloetako kideekin lankidetzan.
Bestelako hizkuntza-ikerketak egin eta bultzatzea, eta dekretu honen 13.2 artikuluko e) apartatuko ikerketak eta lanak koordinatzea.
Behaketa- eta prospekzio-proiektu estrategikoak garatzea, hizkuntza-politikaren arlora berrikuntza dakarten jardueren jarraipena eginda.
Sektore sozioekonomiko pribatuari lotutako plana garatu eta jarraipena egitea, eta, eremu sozioekonomikoan euskara sustatzeko baliabide askotarikoak kudeatzea.
Sektore sozioekonomikoaren parte diren eremu askotarikoekiko (erakunde publiko eta pribatuak) lankidetza eta koordinazioa bultzatzea eremu sozioekonomikoan euskara sustatzeko baliabideak antolatu eta kudea daitezen.
Entitate publiko eta pribatuen jardueretan euskararen kudeaketa, aitorpen eta ebaluazio sistemari lotutako erreminta askotarikoak aztertu eta garatzea indarrean dauden kalitate-ziurtapenen sistemetan jasotako parametroetan oinarrituta.
Erakunde pribatuetan kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideak babesteko eta euskararen erabilera bermatzeko ekimenak sustatzea.
Helduen Alfabetatze Berreuskalduntzerako Erakundea (HABE) organismo autonomo administratiboa Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari atxikita egoteak sailari dakarzkion jardunak garatzea.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA. Ordezkapen-araubidea.
Saileko sailburuordeen edo zuzendarien postuak hutsik egonez gero edo beraiek absente edo gaixorik egonez gero, beren eskumenak lehenago inori eskuordetu ez badizkiote, egoerak dirauen bitartean arau hauen bidez egingo dira ordezkapenak:
Sailburuordeek dituzten eskumenak eta egitekoak beren mende dauden zuzendariek beteko dituzte dekretu honetan ezarritako hurrenkeran.
Zuzendaritzei esleitutako eskumenak sailburuordetza bereko zuzendariek beteko dituzte egiturako hurrenkeraren arabera, hau da, aurre-aurrean dagoenari egokituko zaio dena delako zuzendaria ordezkatzea, eta lehenengoa sailburuordeak ordezkatuko du; horiek ezin badute, hierarkikoki gainetik dagoenak beteko ditu, hurrengo apartatuan xedatzen den kasuan izan ezik.
Zuzenean sailburuaren mende dauden zuzendarien ordezkapena txandaka egingo da dekretu honen 2.1.a) artikuluak ezarritako ordenaren arabera.
Aurreko arauak nahiko ez badira, gain-gainetik dagoen administrazio-organoak izendatutako pertsonak beteko ditu administrazio-organoaren eskumenak.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Baliabide propio pertsonifikatuei egindako enkarguak.
Era berean, Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko kontratazio-organoek eskumena izango dute, baldintza beretan, obrak gauzatzeko eta zerbitzuak emateko enkarguak egiteko, sektore publikoko kontratazioa arautzen duen araudian aurreikusitako baldintzetan.
LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA. Izapidean dauden espedienteak.
Dekretu hau indarrean jartzen denean izapidetzen ari diren espedienteak eskumena duten organoek izapidetu eta ebatziko dituzte, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 82/2017 Dekretuaren arabera.
BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA. Euskadiko Ondare Arkitektoniko Monumentalaren Aholku Batzordea.
Euskadiko Ondare Arkitektoniko Monumentalaren Aholku Batzordeak bere egitekoak betetzen jarraituko du, Euskadiko Ondare Arkitektoniko Monumentalaren Aholku Batzordearen egitura eta funtzionamendua arautzen dituen urriaren 23ko 284/1990 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz, harik eta Euskal Kultura Ondarearen EAEko Kontseiluaren erregelamendu-garapena (Euskal Kultura Ondareari buruzko 6/2019 Legearen 4. artikuluan arautua) indarrean sartu arte, lege horren hirugarren xedapen iragankorrean ezarritako moduan. Era berean, erregelamendu hori garatu arte, Kultura Ondarearen Zuzendaritzak 11.3 artikuluan deskribatutako egitekoak beteko ditu.
Berariaz indargabetuta geratzen dira honako arau-xedapen hauek:
82/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena.
218/2003 Dekretua, irailaren 23koa, Euskal Ikus-entzunezkoaren Erakundearteko Batzordea sortu eta erregulatzeko dena (EIEB).
232/2000 Dekretutik, azaroaren 21ekoa, Artxibo Zerbitzuetako Araudia eta Euskal Autonomia Erkidegoko Dokumentazio Ondarea erregulatzeko arauak onartzen dituena, indargabetuta geratzen dira 4. eta 22.2.a) artikuluak, bai eta VI. kapituluko 1. atala.
Halaber, indargabetuta geratzen dira maila bereko edo beheragoko arau guztiak, dekretu honetan xedatutakoarekin kontraesanean dauden edo aurka dauden alderdiei dagokienez.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Gaikuntza.
Ahalmena ematen zaio Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari dekretu hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapenak emateko eta zuzendaritzaren mailara heltzen ez diren unitate organikoak bateratu, sortu edo desagerrarazteko baldin eta horrek gastuak areagotzen ez baditu.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Indarrean jartzea.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2021eko otsailaren 23an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (5)
- Aldatutakoa: 41/2022 DEKRETUA, apirilaren 5ekoa, Euskadiko Toki-Erakundeetan hizkuntza ofizialen erabilera instituzionala eta administratiboa normalizatzeari buruzko Dekretua aldatzekoa.
- Indargabetzen du: HUTS-ZUZENKETA, honako dekretu honena: 82/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena.
- Indargabetzen du: 82/2017 DEKRETUA, apirilaren 11koa, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena.
- Indargabetzen du: 218/2003 DEKRETUA, irailaren 23koa, Euskal Ikus-entzunezkoaren Erakunde arteko Batzordea sortu eta erregulatzeko dena. (EIEB).
- Partzialki indargabetzen du: 232/2000 DEKRETUA, azaroaren 21ekoa, Artxibo Zerbitzuetako Araudia eta Euskal Autonomia Erkidegoko Dokumentazio Ondarea erregulatzeko arauak onartzen dituena.