Osasun Saila / Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila

Arautegia

Inprimatu

58/2020 DEKRETUA, maiatzaren 12koa, «Euskadiko Kirol Portuak» erakundearen estatutuak onartzeko eta jardueraren hasiera zehazteko.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 94
  • Hurrenkera-zk.: 1988
  • Xedapen-zk.: 58
  • Xedapen-data: 2020/05/12
  • Argitaratze-data: 2020/05/19

Gaikako eremua

  • Gaia: Garraio eta herri lanak; Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Ekonomia

Testu legala

EAEko Portuen eta Itsas garraioaren ekainaren 28ko 2/2018 Legea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren 2018ko uztailaren 5eko alean argitaratu zen, 129. zenbakian. Xedapenaren helburuetako bat 1. artikuluan jasotakoa da, honatx: «Autonomia Erkidegoaren Portuko Administrazioaren egitura eta funtzionamendua ezartzea eta Euskadiko Kirol Portuak zuzenbide pribatuko erakunde publikoa sortzea. Erakunde horren ardura izango da Euskadiko itsas-aisialdiko erabilerako portu-azpiegiturak eta horiekin lotutako erabilera-guneak kudeatzea, bai Jaurlaritzak esleitzen dizkionak, bai kontzesionario gisa hartutako kudeaketak, eta Euskadiko Autonomia Erkidegoko Portuko Administrazioaren parte ere izango da.»

Helburu hori 23. artikuluan gauzatzen da, zeinetan «Euskadiko Kirol Portuak» sortu baita nortasun juridiko propioa duen zuzenbide pribatuko erakunde publiko gisa, bere helburuak betetzeko jarduteko gaitasun osoa du eta portuen arloan eskuduna den Jaurlaritzako sailari atxikita dago. 23.2 artikuluan ezartzen da erakundea sortzen duen legean eta estatutuetan xedatutakoaren arabera eraenduko dela, eta estatutuok Eusko Jaurlaritzaren dekretu bidez onartuko dira, gaiaren arloan eskuduna den sailak proposatuta. Horrez gain, ekainaren 28ko 2/2018 Legearen lehen xedapen gehigarrian ezartzen da erakundearen jardueren hasiera Eusko Jaurlaritzaren dekretuaren bidez zehaztuko dela.

Horregatik, legezko mandatu bikoitz hori bete beharrez, dekretu hau onartu dugu «Euskadiko Kirol Portuak» erakundearen estatutuak onartu eta bere jardueraren hasiera zehazteko.

Hala, Gobernuari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 18. artikuluaren ildotik, eta Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorrita, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2020ko maiatzaren 12an egindako bileran gaia eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

1 artikulua. Estatutuak onartzea.

Euskadiko Kirol Portuak erakundearen estatutuak onartu dira, Euskadiko Portu eta Itsas Garraioko ekainaren 28ko 2/2018 Legearen 27. artikuluko 4. atalarekin bat etorririk, honako dekretu honi erantsirik doakion testuaren arabera.

2 artikulua. Euskadiko Kirol Portuak erakundearen jardueren hasiera.

2020. urteko ekainaren 1ean ekingo die lanei Euskadiko Kirol Portuak erakundeak.

2020Ko ekainaren 1etik, harik eta Euskadiko Kirol Portuak erakundeko gobernu-organoak eratu arte, erakundea erabat martxan jartzeko burutu beharreko ekintzak Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak burutuko ditu.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Baimena ematen zaio Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari dekretu hau garatzeko eta betearazteko beharrezko diren xedapen guztiak hartzeko.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Dekretu hau 2020ko ekainaren 1ean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2020ko maiatzaren 12an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

  1. Zuzenbide pribatuko erakunde publikoa da hau, Euskadiko Portu eta Itsas Garraioko ekainaren 28ko 2/2018 Legeak sortu zuen, honako estatutu hauen bitartez arauturik, eta Euskadiko Kirol Portuak du izena.

  2. Euskadiko Kirol Portuak zuzenbide pribatuko erakunde publikoa da, izaera juridiko propioa du eta bere zereginak betetzeko aldera jarduteko ahalmen erabatekoa, eta Eusko Jaurlaritzako sailetatik portuen inguruko gaietan eskumena daukan sailari atxikia dago.

  1. Euskadiko Kirol Portuak Euskadiko Portu eta Itsas Garraioko ekainaren 28ko 2/2018 Legeak xedatuta daukanaren arabera eta estatutu hauen arabera arautuko da. Kanpoko harremanetan, bere jarduera, oro har, zuzenbide zibilaren, merkataritza zuzenbidearen eta lan zuzenbidearen mende egongo da, ahal administratiboak erabiltzea dakarten egintzetan izan ezik, horiek zuzenbide administratiboaren mende izango baitira. Bere barneko harreman eta antolaketaren esparruan, izaera publikoko araudi aplikagarriaren mende jartzen da, aurrekontu-, ekonomia- eta finantza-araubidea, kontabilitatea, ondarea, kontratazioa edo funtzionarioak diren kontuan hartuta.

  2. Hala, zuzenbide publikoaren mende egongo dira Euskadiko Kirol Portuak erakundearen harreman juridikoak, mugatze, kontrolatze, esku hartze edo zergapetze egintzen ondorioz sortutakoak eta, oro har, administrazioaren ahalmenak erabiltzea dakartenak, baita administrazioaren isiltasunaren araubideari eta administrazioaren egintzen aurka egiteari dagokienez ere. Bereziki, hauek dira administrazio izaerako egintzak:

    1. Portuko jabari publikoaren antolamendu- eta kudeatze-egintzak, emakida eta baimen administratiboak ematea barne.

    2. Portuen arloan indarrean dagoen legediak ezarritako zergak kudeatu, kitatu, ikuskatu eta biltzea.

    3. Kontratazioaren arloan Euskadiko Kirol Portuakeko organo eskudunek ematen dituzten egintzak.

  1. Euskadiko Kirol Portuak erakundeak, administrazio instituzionalaren parte den aldetik, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 7.3 b) artikuluan xedatutakoaren arabera, bere jardueraren funtsezko zatia egingo du bitarteko propioa eta zerbitzu teknikoa dituen erakundeekin, eta Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 32. artikuluan eta uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuaren IV. titulua, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren kontratazio-araubideari buruzkoa, baliabide propioei eta zerbitzuei egindako enkarguei buruzkoan xedatutakoa. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailek eta Euskadiko Kirol Portuak erakunde propioaren eta zerbitzu teknikoaren xede diren gainerako erakundeek lanak, zerbitzuak eta xedearekin zerikusia duen beste edozein jarduera enkargatu ahal izango diote.

  2. Euskadiko Kirol Portuak erakundeak, gomendioa egin duen sailak edo erakundeak bere aldetik ezarritako jarraibideen arabera, dagokion enkarguaren bidez eskatzen dizkion lanak egin beharko ditu. Mandatu horiek instrumentalak dira, eta ez kontratuzkoak; beraz, ondorio guztietarako, barnekoak, eta mendekoak dira. Nahitaez bete beharrekoak izango dira Euskadiko Kirol Portuentzat, eta Euskadiko Kirol Portuak atxikita dagoen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailaren arau organikoek adierazten duten organoak nahikotasun ekonomiko-finantzarioaren irizpidearekin finkatutako tarifen arabera ordainduko dira, Euskadiko Kirol Portuak berezko bitarteko eta zerbitzu tekniko diren gainerako erakundeen parte-hartzearekin.

  1. Baliabide instrumental propio eta zerbitzu tekniko gisa Euskadiko Kirol Portuak erakundeari eskatzen zaizkion nahitaezko jarduerak proiektu, memoria edo bestelako dokumentu teknikoetan definituko dira, kasuaren arabera, eta dagokion aurrekontuan balioetsiko dira, finkatutako tarifen arabera. Bitarteko instrumental propioa eta zerbitzu teknikoa denez, «Euskadiko Kirol Portuak» erakundeak ezin izango du parte hartu bitarteko propiotzat dituen erakundeek deitutako lizitazio publikoetan. Nolanahi ere, lizitatzailerik ez badago, lizitazioaren xede den prestazioa gauzatzeko agindu ahal izango dio.

  1. Hemen du egoitza «Euskadiko Kirol Portuak» erakundeak: Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz (Araba).

  2. Euskal Autonomia Erkidegoa da «Euskadiko Kirol Portuak» erakundearen jarduera-esparrua.

Hauxe da «Euskadiko Kirol Portuak» erakundearen xedea:

  1. Itsas-aisialdiko portuen eta hari lotutako guneen kudeaketa osoa, Jaurlaritzak esleituta edo kudeaketa hori bere gain hartuta.

  2. Erkidego Autonomoko Administrazio orokorrean portu-alorreko eskumena duen sailarekin egin beharreko lankidetza teknikoa itsas-aisialdiko erabilerako portuetako eta hari lotutako erabilera-guneetako planifikazioan, sustapenean, garapenean eta programazioan.

  3. Jaurlaritzak eskatutako portu-azpiegiturak eta -instalazioak eraikitzea, baita azpiegitura berri horiek kontserbatzea, kudeatzea eta administratzea ere, zuzenean edo zuzenbide publikoko edo pribatuko beste erakunde baten bidez eta edozein negozio juridikoren bitartez.

  4. Portuko zerbitzuak ematea Jaurlaritzak esleitutako kirol portuetan, objektibotasun, gardentasun eta bereizkeriarik ezaren printzipioak errespetatuz.

  5. Europar Batasuneko eremuan helburu berak dituzten erakundeekin elkarlana.

«Euskadiko Kirol Portuak» erakundearen zereginak dira, gobernuak egotzitako kirol-instalazioetan, Euskadiko Portu eta Itsas Garraioko ekainaren 28ko 2/2018 Legearen 25. artikuluan adierazitakoak. Hauexek dira:

  1. Lankidetza teknikoan jardutea Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean portu alorreko eskumena duen sailarekin, Euskadiko Portu eta Itsas Garraioko ekainaren 28ko 2/2018 Legearen 5. artikuluko 1. paragrafoko d) atalean eta 2. paragrafoko a), f), i) eta j) ataletan aurreikusitako funtzioetan.

  2. Kirol portuak eta portuko instalazioak eraikitzea, handitzea edo eraberritzea, baita mantentzea ere; proiektu teknikoak materialki gauzatzea barne, kendu gabe horiek onartzeko ahalmena portu-alorrean eskumena duen sailari dagokiola.

  3. Portuko jabari publikoaren babesa bermatzeko zereginak burutzea, bereziki klima-aldaketara egokitzeko neurriak; administrazioen emakida eta baimenak ematea, aldatzea eta iraungitzea, baita zaintza eta ikuskaritza ere, hala ere errebisatzeko eta zehatzeko ahalmena portuen alorrean eskumena duen sailaren esku uzten direlarik.

  4. Portuetako esleitutako azpiegiturak administratzea eta portuko zerbitzuak ematea.

  5. Indarrean dauden portuen arloko legeetan ezarritako zergak eta izaera publikoko ondare prestazioak kudeatzea, kitatzea, biltzea eta ikuskatzea.

  6. Oinarri arautzaileak onartzea eta bere eskumeneko arloekin zerikusia duten dirulaguntzak ematea.

  7. Jaurlaritzak ematen dion beste edozein funtzio, zuzenean edo zeharka lotuta dagoena portu-azpiegituretako eraikuntza, kontserbazio eta administrazioarekin edo portuko zerbitzuak ematearekin.

  8. Klima-aldaketak portuko jabari publikoan izan ditzakeen efektuak prebenitzeko hartu beharreko neurriak onartzea.

Honako printzipio orokorren arabera jardun behar du «Euskadiko Kirol Portuak» erakundeak:

  1. Garapen sozioekonomikoaren elementu gisa, Euskal Autonomia Erkidegoko portuen kudeaketa arautuko da jasangarritasun, elkartasun, baliokidetasun, konkurrentzia libre, kudeaketa integratu eta irisgarritasun printzipioen arabera.

  2. Eraginkortasun-, koordinazio- eta lankidetza-printzipioek arautuko dituzte beste administrazio batzuekiko harremanak, bereziki plangintza sektoriala integratzeari, hirigintza-antolamendu egokiari eta itsasertza babesteari begira. Era berean, portuetako jardueren eta zerbitzuen antolaketa eta kudeaketa bideratuko dira portuetako udalerri eta hirietako azpiegituraren eta eguneroko jardueraren arteko bizikidetza baketsura.

  3. Halaber, portuak kudeatuko dira hauek kontuan hartuta: instalazioen funtzio anitzeko erabilera, ingurunearen errealitate sozio-ekonomikoa eta aktibo publikoen arrazoizko errentagarritasuna, laneko segurtasunaren eta osasunaren printzipioei erreparatuz.

  4. Euskal Autonomia Erkidegoko portuen kudeaketak intermodalitatea hartzen du bere gain, garraio-kateen gehienezko eragimena lortzeko, eta logistika-eremuak sortzen ditu ekoizte-prozesuei balio erantsia sartzea errazteko. Era berean, kontuan hartuko ditu bide laburreko itsas garraioko aukerak eta Europar Batasunean definitutako itsasoko autobideetako aukerak.

  5. Euskal Autonomia Erkidegoko portuen kudeaketa hauek bideratuko dute: batetik, portuen erabiltzaile gisa, herritarren interesak babesteko printzipioei errespetua izateak, bereziki ezintasuna duten edo mugikortasuna mugaturik duten pertsonen kasuan, portuetako zerbitzuak kalitate-baldintzetan eskuratzeko eskubidea bermatuz; bestetik, gizonen eta emakumeen arteko aukera berdinak emateko printzipioei errespetua izateak.

  6. Bermatu egiten da itsas-garraioaren zerbitzuak aske ematea bidaiariena, salgaiena, edo garraio mistoena, portuko azpiegituren erabilera, kontsumitzaile eta erabiltzaileen eskubideen errespetua, itsas-segurtasunaren alorrean indarrean dagoen araudia betetzea, baita natur ingurunearen babesa ere.

  1. Honako hauek dira «Euskadiko Kirol Portuak» erakundeko gobernu- eta kudeaketa-organoak, hurrenez hurren:

  1. Administrazio Kontseilua.

  2. Zuzendaritza.

Administrazio Kontseilua da «Euskadiko Kirol Portuak» erakundeko gobernu-organoa.

  1. Gutxienez sei kidek eta gehienez bederatzi kidek osatuko dute Administrazio Kontseilua.

    1. Administrazio Kontseiluko lehendakaria portuen arloan eskumena duen saileko titularra izango da.

    2. Gutxienez kide bat eta gehienez hiru kide, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorraren ordezkaritzan edo bere sektore publikoaren ordezkaritzan, Eusko Jaurlaritzak izendaturik, portuen kontuetan eskumena daukan saileko buruak proposatuta.

    3. Eusko Jaurlaritzak izendaturiko kide bat, ogasun kontuetan eskumena daukan saileko buruak proposatuta.

    4. Eusko Jaurlaritzak izendaturiko bi kide gehienez, ingurumen kontuetan eskumena daukan saileko buruak proposatuta.

    5. Eusko Jaurlaritzak izendaturiko kide bat, lurralde antolamenduetako kontuetan eskumena daukan saileko buruak proposatuta.

    6. Eusko Jaurlaritzak izendaturiko kide bat, hirigintzako kontuetan eskumena daukan saileko buruak proposatuta.

  2. «Euskadiko Kirol Portuak» Erakundeko Administrazio Kontseiluko idazkaria Administrazio Kontseiluak izendatuko du «Euskadiko Kirol Portuak» ko profil juridikoa duten pertsonen artetik. Bileretara joango da, eta hitza izango du, baina botorik ez.

  3. Administrazio-kontseilua osatzerakoan, gizonen eta emakumeen arteko ordezkaritza orekatua izateko ahalegina egingo da; Administrazio Kontseiluko kideen % 40, gutxienez, emakumea izango da.

  1. Administrazio-kontseilua bere zereginak betetzeko behar beste aldiz bilduko da; gutxienez, hiru hilean behin. Bilerak eratu, deitu, egin, erabakiak hartu, aktak eta gainerako agiriak bidali aurrez aurre edo urrutitik egin ahal izango dira. Besteak beste, baliozko bitarteko elektronikoen artean egongo dira posta elektronikoa, audiokonferentziak eta bideokonferentziak.

  2. Administrazio Kontseilua baliozkotasunez eratuko da, baldin eta, lehendakaritzaz eta idazkaritzaz gain, kideen erdiak baino gehiago bertan badaude. Deialdiko baldintzak bete ezean, Administrazio Kontseilua behar bezala eratuta geratuko da, kide guztiak bertan izanik, aho batez hala erabakitzen dutenean. Arau hori bera aplikatuko da gai-zerrendan sartu gabeko gai bat aztertzeko eta, hala badagokio, adosteko.

  3. Administrazio-kontseiluaren eztabaidak isilpean gorde behar dira.

  4. Erabakiak bertaratutako kideen gehiengo soilaz hartuko dira. Berdinketa gertatuz gero, lehendakariak izango du erabakitzeko kalitatezko botoa.

  5. Bilkura bakoitza bukatzean akta egingo da, eta bertan jasoko da bilkuran nork parte hartu duen, noiz eta non izan den saioa, puntu bakoitzean izan diren eztabaiden laburpena, botazioen forma eta emaitzak eta zer erabaki hartu diren. Aktak idazkariaren sinadura beharko du, bai eta lehendakariaren oniritzia ere, eta bilkura horretan bertan edo hurrengoan onartuko da.

  6. Inbertsioak egiteko erabakiak hartzerakoan, inbertsioak zer eragin izango dituen (sozialak, ekonomikoak eta giza eskubideei lotuak) aintzat hartu behar du administrazio-kontseiluak. Halaber, kontseiluaren barruan sor litezkeen interes-gatazkak ebazteko sistemaren bat ere arbitratuko du administrazio-kontseiluak.

  7. Estatutu hauetan aurreikusita ez dagoen guztiari dagokionez, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean xedatutakoa beteko du.

  1. Honako ahalmenak izango ditu «Euskadiko Kirol Portuak» erakundearen administrazio-kontseiluak:

    1. Estatutu hauetan, Portu eta Itsas Garraioko ekainaren 28ko 2/2018 Legean, eta zuzenbide pribatuko honelako erakunde publikoak arautzeko erregulazio autonomikoan ezarrita ez dagoenerako funtzionatzeko arau propioak taxutzea.

    2. Plan estrategikoa onartzea. Plan horretan, besteak beste, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 8. artikuluan aipatzen direnak jaso beharko dira.

    3. Sozietateak eratu eta sortzeko onarpena ematea, bai eta sozietate eta edonolako erakundeetan parte hartzeko ere, horretarako legeak agintzen dituen baimen, muga eta prozedura guztiak barne.

    4. Zuzendaritza Nagusiaren proposamena aurkeztea, lanpostuen zerrendari eta langileen ordainsari-araubideari buruzkoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak arautzen dituen Legean aurreikusitako arauen arabera izapidetu dadin.

    5. Lanpostuetan sartzeko araubidea eta hautaketa-probetako betekizun eta ezaugarriak onartu, bai horniketarako bai sustapen profesionalerako, bai eta sarbide-prozesuak deitzea, kudeatzea eta ebaztea ere, publizitate-, berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun-printzipioen arabera.

    6. Jarduteko, inbertitzeko eta finantzatzeko proposamenak onartu. Administrazio Kontseiluak kredituak, abalak eta beste kauzio batzuk egiteko mugak ezarri beharko ditu, Euskal Autonomia Erkidegoak zorpetzeko eta bermea emateko araubideak arautzen dituen araudiaren esparruan.

    7. Erakunde publikoaren aurrekontu-proposamena, aurreikusitako finantza-egoerak eta jardueren urteko memoria onartzea, eta erakunde publikoaren kontuen likidazioa egitea.

    8. 100.000 eurotik gorako gastuak baimentzea, horien izaera edozein dela ere.

    9. Organo deskonzentratuak sortzeko onespena ematea eta haien konfigurazioa taxutzea.

    10. Zuzendaritzaren proposamenez, beste administrazio publiko batzuekin eta haiekin lotutako erakundeekin lankidetza-hitzarmenak onartzea, erakundearen eginkizunen esparruan, eskumenik eskuordetzea ez dakartenak, eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen duten erakundeek baliabide propio pertsonifikatuei enkarguak egitea, Sektore Publikoko Kontratuen Legean aurreikusitako baldintzetan.

    11. Ondasun eta eskubideen inbentarioa onartzea, bai berezkoenak bai atxikienak.

    12. Honako administrazio-ahalak burutzea:

      Autoantolatzeko ahala.

      Zerbitzuen eta barne-antolamenduaren inguruko arauzko ahala.

    1. Dirulaguntzen deialdien oinarriak onartzea. Deialdi horiek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko dira, erakundearen zuzendaritzaren ebazpen baten bidez.

    2. Atxikitako funtzionarioak behin betiko zerbitzutik baztertzeko Zuzendaritzak aurkeztutako proposamena onartzea.

    1. Estatutu hauek eta indarrean dauden xedapenek erakundeari egotziko dizkieten beste zereginak, beste organoek beren gain har ez ditzaketenak, burutzea, ohiko jardunetik kanpokoak badira.

  2. Administrazio Kontseiluak barne-erregelamendua onartu ahal izango du.

  1. Administrazio Kontseilua portuen arloko eskumena duen saileko burua, edo hark izendatutakoa, lehendakari dela jardungo da, eta kalitate-botoa izango du.

  2. Honako eskumenak bete beharko ditu lehendakariak:

    1. Edozeinen aurrean zein edozein erakunderen aurrean entearen ordezkaritza gorena izatea.

    2. Estatutu hauek eta estatutua garatzeko arauek erakundeari ezarritako helburuak betetzeko ahalegina egitea.

    3. Administrazio-kontseiluaren saioetarako deiak egitea, saioetan buru jardutea, eta saioak ondo funtzionatzeko eta garatzeko ahalegina egitea, aplikazio-arauak interpretatuz une oro.

    4. Administrazio-kontseiluak hartu beharreko akordioak proposatzea, eta akordiook beteko direla ziurtatzea.

    5. Berdinketak ebaztea, kalitatezko botoaren bitartez.

    6. Administrazio-kontseiluaren bileraren batera beste batzuk etortzeko baimena ematea, aztertuko diren gaiak direla-eta egoki irizten badio, betiere, kontseiluko kideek ahal den informazio honena izan dezaten. Nolanahi, kanpoko jende horrek ez du botorik izango.

    7. Aktak zein administrazio-kontseiluaren erabakien ziurtagiriak ikus-onestea.

    8. Administrazio-kontseiluko lehendakari izateak berez dakartzan gainerako eginkizun guztiak betetzea.

  1. «Euskadiko Kirol Portuak» Erakundeko Administrazio Kontseiluko idazkaria Administrazio Kontseiluak izendatuko du «Euskadiko Kirol Portuak» ko profil juridikoa duten pertsonen artetik.

  2. Hauek dira «Euskadiko Kirol Portuak» erakundeko administrazio-kontseiluko idazkari nagusiaren eginkizunak:

    1. Administrazio Kontseiluari aholku juridikoa ematea.

    2. Administrazio Kontseiluari laguntza tekniko eta administratiboa ematea.

    3. Administrazio Kontseiluaren bilkuretako aktak egitea.

    4. Administrazio Kontseiluko bilkuretako eztabaida eta erabakien ziurtagiriak egin eta ematea.

    5. Administrazio-kontseiluak, dagokion erabakiaren bitartez, berariaz esleitutako beste edozein.

  1. Zuzendaritza «Euskadiko Kirol Portuak» erakundea kudeatu eta ordezkatzeko pertsona bakarreko organoa da.

  2. Honako eginkizunak izango ditu Zuzendaritzak:

    1. Erakundearen ordezkari, ohiko administrari eta kudeatzaile jarduteko ahalak burutzea, honako estatutu hauen arabera. Lehendakaria falta denean jardungo da zuzendaria ordezkaritza-lanetan.

    2. Plan estrategikoa garatzeko burutuko den ekintza-plana onartzea.

    3. Egindako lanari buruz eta erakundeari kudeatzea dagozkion kontuei buruz fin-fin informazioa ematea, bai administrazio-kontseiluari bai lehendakariari.

    4. Administrazio-kontseiluaren akordioak betearaztea.

    5. Zerbitzu, obra eta dependentzia guztien buruzagi jardutea, haien zuzendari-, bultzatzaile- eta ikuskaritza-lanak bere gain hartuta.

    6. Administrazio Kontseiluari lanpostuen zerrenda eta langileen ordainsari-araubidea proposatzea, Euskal Autonomia Erkidegoan aplikatzekoak diren arauen arabera izapidetu ditzan. Kontratuak sinatzea eta hautaketa-proben betekizunak eta ezaugarriak proposatzea, bai eta sarbide-prozesuen deialdia, kudeaketa eta ebazpena ere, publizitate-, berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun-printzipioen arabera.

    7. Langileei laneko zehapenak ezartzea, eta, beharrezkoa bada, kaleratzea, administrazio-kontseiluari behar beste informazio emanda.

    8. Beste administrazio publiko batzuekin eta harekin lotutako erakundeekin sinatzea, erakundearen eginkizunen esparruan, eskumenik eskuordetzea ez dakarten lankidetza-hitzarmenak eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen duten erakundeek baliabide propio pertsonifikatuei egindako enkarguak, Sektore Publikoko Kontratuen Legean aurreikusitako baldintzetan.

    9. Laguntzen deialdia eta ebazpena argitaratzea.

    10. Gastuak onartzea, ordainketak agintzea eta, oro har, erakundearen aurrekontu-kudeaketa egitea. Gastuaren zenbatekoa 10.000 eurotik gorakoa bada, Administrazio Kontseiluak baimendu beharko du aldez aurretik.

    11. Kontratazio-organoari dagozkion eginkizunak betetzea sektore publikoko kontratuen legeriaren mende dauden kontratuetan, bai eta maileguen, kredituen, abalen edo bestelako bermeen edo bere helburuen zerbitzura dagoen edozein finantza-tresnaren kontratazioa onartzea ere, Euskal Autonomia Erkidegoak zorpetzeko eta bermea emateko araubideak arautzen dituen araudiaren esparruan.

      Kontratuaren negozio juridikoa 100.000 eurotik gorakoa denean, Administrazio Kontseiluak baimendu beharko du. Kasu horretan, kontratua baimentzearekin batera, dagokion gastua baimenduko da. Kasu horretan, kontratua baimentzearekin batera, dagokion gastua ere baimenduko da.

    12. Erakundearen eskubideak eta interesak babestu aldera, erakundeari dagozkion ekintza nahiz errekurtso judizial edo administratiboak burutzea, nola ohikoak hala apartekoak.

    1. Auzietarako ahalak ematea.

    2. Estatutu hauek eta indarrean dauden xedapenek erakundeari egotziko dizkieten beste zereginak, beste organoek beren gain har ez ditzaketenak, ohiko jardunekoak badira.

    1. Honako ahal administratiboak burutzea dakarten espedienteak ebaztea:

      Zergak, izaera publikoko ondare-prestazioak, tasak, prezio publikoak eta zergazkoak ez diren prestazio publikoak biltzeko eta likidatzeko ahala.

      Erakundeari atxikitako langile funtzionarioen gaineko diziplina-ahala, langilea zerbitzutik behin betiko kentzekoa izan ezik: kasu horretan, proposamena administrazio-kontseilura aurkeztea dagokio.

      Zehatzeko ahala.

      Ondasunak ikertu, mugatu eta berreskuratzeko ahala.

      Erakundearen eskumeneko baimenak, lizentziak eta administrazio-lagapenak emateko ahala.

    2. Estatutu hauek erakundeari agintzen dizkioten beste zereginak eginkizun arruntak ere betetzea, bai eta administrazio-kontseiluak edo lehendakariak eskuordetuak ere, eta indarrean dauden xedapenek erakundeari egotzitakoak, beste inongo organori agindu ez baldin bazaizkio.

    3. Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bateginaren arabera erakunde publikoari dagozkion eskumenak baliatzea, bereziki bere titulartasuneko ondasun eta eskubideen gainekoak, bai eta xedapen horretan xedatutakoaren arabera atxikita dituen ondasunen gainekoak ere.

    4. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen duten erakundeen bitarteko propio pertsonifikatuei enkarguak egitea, Sektore Publikoko Kontratuen Legean aurreikusitako baldintzetan.

    5. Erakundearen urteko aurrekontua egitea.

  3. Eusko Jaurlaritzak izendatuko du erakundearen zuzendaria, portuen arloan eskumena duen sailburuak proposatuta. Zuzendaria goi-kargua izango da; zerbitzu berezien egoeran geratuko da, aldez aurretik funtzio publikoan ari bazen, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko goi-karguen bateraezintasun araubidepean egongo da.

  1. «Euskadiko Kirol Portuak» erakundearen lanpostuak beren-beregi kontratatutako lan-kontratuko langileek eta Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetako kidego eta eskaletako funtzionarioek beteko dituzte, lanpostu bakoitzak dituen eginkizunen izaeraren arabera.

  2. «Euskadiko Kirol Portuak» erakunderako kontratatutako langileak lan-zuzenbidearen pean egongo dira, eta haien lan eta ekonomia-baldintzak aplikatzekoa den hitzarmen kolektiboan ezarritakoak izango dira.

  3. Funtzionarioentzat gordetako lanpostuak lehiaketa bidez beteko dira, erakundeko administrazio-kontseiluak deialdia egin ondoren. Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazio orokorreko eta instituzionaleko funtzionarioek har dezakete parte, betiere, lanpostu bakoitzerako eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte.

  4. «Euskadiko Kirol Portuak» erakundeari dagokio, bere langileei dagokienez, hautaketa-proben betebeharrak eta ezaugarriak zehaztea, baita sarbide-prozesuen deialdia, kudeaketa eta ebazpena egitea ere, publizitate-, berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun-printzipioen arabera.

  1. Euskadiko ondarearen barruan, «Euskadiko Kirol Portuak» erakundeak bere titulartasunekoak dituen ondasun eta eskubide horiexek dira, hain zuzen, erakundearen ondarea, Euskadiko Ondareari buruzko legearen testu bateginaren arabera (azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuak dauka onartua).

  2. «Euskadiko Kirol Portuak» erakundeari dagozkio bere titulartasuneko eta berari atxikitako ondasun eta eskubideen gaineko ahalmenak, bai eta Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bateginean xedatutakoarekin bat egotzita dauzkan besteak ere.

  3. Erakundeari atxikitako ondasunei eta eskubideei jarraipena egingo zaie haren ondare-kontabilitatearen bidez. Halaber, erakunde publikoak behar beste laguntza eman beharko du Euskadiko Ondareko Ondasunen eta Eskubideen Inbentario Orokorra osatzeko, eta merkataritza-sozietaten daukan kapitalaren erakusgarri diren akzio eta tituluen inbentario osagarria osatzeko.

«Euskadiko Kirol Portuak» erakundeak, bere helburuak bete ditzan, diru-baliabide hauek ditu:

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan urtero esleituko zaion diru-kopurua.

  2. Estatuaren, edo foru- edo toki-administrazioen dirulaguntzak eta ekarpenak, eta erakundearen alde emandako dohaitzak.

  3. Bere jardueraren ondoriozko ohiko eta ezohiko diru-sarrerak.

  4. Euskadiko ondareari buruzko araudiari jarraituz, haren ondarea osatzen duten ondasun eta balioak, eta horietatik jasotzen dituzten produktuak eta errentak.

  5. Portuen arloan dauden tasak biltzetik eta prezio publikoak kobratzetik datozen diru-sarrerak, bai eta zergazkoak ez diren prestazio publikoetatik datozenak ere («tarifak»).

  6. Legez dagozkion gainerako beste edozein baliabide.

«Euskadiko Kirol Portuak» erakundeak urtero prestatu eta onartu behar du bere aurrekontu-egitasmoa eta Eusko Jaurlaritzara bidali, han, behar duen independentzia emanda, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu nagusian txerta dadin, Euskadiko aurrekontu-araubidearen arloan indarrean dauden legezko xedapenen gaineko testu bateginaren arabera. Aurrekontuari Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazio eta partzuergoei aplikatzeko aurrekontu-araubidea aplikatu behar zaio (maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintza Dekretuak onetsia).

«Euskadiko Kirol Portuak» erakundearen kontrol ekonomikoa burutzeko, kontrol ekonomiko-finantzarioaren eta kudeaketa iraunkorraren modalitatea landu behar da, urriaren 19ko 2/2017 Legegintza Dekretuaren arabera (horrek onetsi zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomia Kontrolari eta Kontabilitatearen testu bategina).

  1. Kontratazio-espedienteak izapidetzen dituenean, «Euskadiko Kirol Portuak» erakundeak ek botere esleitzaileentzat ezarritako arauetara doituko du bere jarduera botere esleitzaileak administrazio publikotzat jotzen dira Sektore Publikoko kontratazio-arauaren ondorioetarako, baita Euskal Autonomia Erkidegoko legerian eta haren garapen-araudian kontratazioari buruz jasotako arauetara ere. Horretarako, kontratazio-mahaia EAEko sektore publikoko kontratazioaren inguruko araubidearen arabera osatu behar da (uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuaren 8. artikuluak xedatuta daukana aplikatuta), edo hori ordezkatzeko aterako den araudiaren arabera.

  2. «Euskadiko Kirol Portuak» erakundeak kontratazio-kontuetan hartuko dituen ebazpenen kontra Sektore Publikoko kontratazio-araudian erregulatutako errekurtso berezia jar daiteke, araudi horretan zehaztuta dagoen bezala.

  1. «Euskadiko Kirol Portuak» erakundearen egintzen ondare-erantzukizuneko erregimenak honako arauen bidez erregulatuko dira: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, eta 40/2015 Legeko, urriaren 1ekoa, Sektore publikoaren araubide juridikoarena, IV. kapitulua.

  2. «Euskadiko Kirol Portuak» erakundearen ebazpenen kontra, gorako errekurtsoa aurkeztu ahalko zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean portuen arloko eskumena duen sailari.

  3. Zergen arloko egintzen kontra, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio errekurtsoa jarritako egintza eman duen organoari. Berraztertzeko errekurtsoari buruzko ebazpenaren aurka edota egintza beraren aurka, baldin eta errekurtsorik aurkeztu ez bada, erreklamazioa aurkeztu ahal izango zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Ekonomiko Administratiboari, auzitegi hori arautzen duten xedapenen arabera.

  4. «Euskadiko Kirol Portuak» erakundea auzibidean ordezkatu eta defendatu beharra badago, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren zerbitzu juridikoen ardura izango du, arauetan xedaturik daukatenaren arabera.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.