Segurtasun Saila

Arautegia

Inprimatu

4/2011 DEKRETUA, urtarrilaren 18koa, Gizarte Larrialdietarako Laguntzei buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 27
  • Hurrenkera-zk.: 673
  • Xedapen-zk.: 4
  • Xedapen-data: 2011/01/18
  • Argitaratze-data: 2011/02/09

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gizarte Gaiak; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Gizarteratzeko eta Diru-sarrerak Bermatzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legearen helburu nagusia, Zioen Azalpenean dioen bezala, sistema sendo bat egituratzea da, krisi-egoeretan sendotasuna bermatzeko, azken urteotan ikusi den premien bilakaerara ondo egokitutako sistema bat. Aurreko ereduaren esparruan pobrezia-tasei eusteko eta fenomenoaren modurik muturrekoenak eraginkortasunez prebenitzeko gai izan zen balantze positiboa onartu arren, ezinbestekotzat hartzen du politika publikoen ahaleginak berrorientatzea, bilakaera horren ezaugarri kualitatiboak ezarri dituzten hainbat joera kontuan izanik, bereziki pobreziaren feminizazioa guraso bakarreko egoerekin zuzenean lotua eta, beharbada garrantzi handiagoarekin haren egitura-profila dela medio, soldata-maila baxuei lotutako pobrezia.

Helburu hori lortzeko eta ekintza publikoa eremu horretan biztanleen benetako premietara egokitzeko, testuak indarrean jartzen du Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistema, eta bi funtsezko osagai esleitzen dizkio: prestazio ekonomikoak eta gizarteratzera eta laneratzera bideratutako tresnak. Lehenengoen artean ere, argi eta garbi bereizitako bi kategoria ezartzen ditu: eskubideko diru-prestazioak -diru-sarrerak bermatzeko errenta eta etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarria- eta subentzio-erako diru-laguntzak.

Ildo horretatik, Gizarteratzeko eta Diru-sarrerak Bermatzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legeak prestazio ekonomiko osagarrien sistema egonkor bat eratu nahi du, hain zuzen ere, diru-sarrerak bermatzeko errenten onuradunek etxebizitzaren egiturazko gastuekin zerikusia duten gastuei aurre egiteko modua izan dezaten. Hori hala eginda, gizarte-larrialdietarako laguntzak aldizkakoak ez diren gastuak ordaintzeko erabiltzeko modua egongo litzateke, eta egiturazkoa den arazo bati, behin-behingoz behintzat, erantzun egonkorra emango litzaioke, gaiari modu integralagoan heltzen zaion arte. Hori etxebizitzaren arloko politika publiko baten bidez egin beharko litzateke, lotura zuzena baitu horrek babes sozialaren helburuekin.

Helburu horrek bere isla izan du, etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarriari buruzko urtarrilaren 12ko 2/210 Dekretua onartu delako. Aipatutako prestazioaren helburua premia handiena dutenek hau da, diru-sarrerak bermatzeko errentaren titularrak direnek etxebizitza lor dezaten laguntzea da. Beraz, orain arte gizarte-larrialdietarako laguntzen bidez estaltzen ziren premietako batzuk aurrerantzean prestazio honekin bideratuko dira, baina alde nabarmen bat egongo da, hemendik aurrera laguntza hori jasotzeko eskubidea izango baita. Horrekin batera, alde onetako bat da testuinguru egokia sortuko dela gizarte-larrialdietarako laguntzak aldizkakoak ez diren laguntza bihurtzeko.

Era berean, azken urte hauetan Europa osoan bizi izan dugun krisialdi sakona gorabehera, ez da, inola ere, baztertu, gizarteratzeko modurik onena enplegua dela pentsatuz, lan-merkatuan sartzea nahiz eta soldata apaleko lanpostua izan erakargarri bihurtuko duen eredu bat ezartzea, hori baita, bestalde, Enpleguaren Estrategia Europarrak gizartearen kohesioa eta laneratzea lortzeko jarraibideetan eskatzen duena.

  1. kapituluak xedapen orokorrak biltzen ditu, eta prestazioa definitzen duten elementuak, prestazioaren xedea, definizioa, izaera, prestazio horren xede diren estalduraren gastu espezifikoak, ezaugarriak, prestazioaren xede diren pertsonak, horien betebeharrak eta etxebizitza berean bizi diren, baina bizikidetza-unitate bera osatzen ez dutenek aldi berean beste diru-laguntza batzuk jasotzeko aukera, ezartzen ditu. Horri dagokionez, Gizarteratzeko eta Diru-sarrerak Bermatzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legearekin bat etorriz, ezarri da gehienez ere bi bizikidetza-unitatek eska ditzaketela Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren prestazioak, gizarte-larrialdietarako laguntzak barne, eta lehentasuna emango zaie sistemaren zuzenbideko prestazioak (DBE eta EPO, esaterako) jasotzeari.

  2. kapituluak diru-laguntza horren ekonomia-araubidea definitzen du, eta bereziki kontuan hartzen du baliabide eta ondare konputagarriak, laguntzen gehieneko zenbatekoak (urtero zehaztuko dira agindu bidez) eta laguntza horiek emateko mugak zehaztea. Laguntzaren egiazko zenbatekoari dagokionez, Dekretuaren testuak biltzen du Udal eskudun bakoitzak honako betebehar hau duela: urteko aginduaren arabera, kontzeptu bakoitzarengatik eman daitekeen gehieneko zenbatekoa eskatzaile guztien eskaerari modu berean erantzuteko Udalaren ustez nahikoa den ehuneko negatiboan murriztea, betiere dauden aurrekontu-baliabideak kontuan hartuta.

    Nolanahi ere, Gizarteratzeko eta Diru-sarrerak Bermatzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legeak agintzen duena kontuan hartuta, gizarte-larrialdietarako laguntzen emakida eta zenbatekoak baldintzatzen dituzten mugak ezartzen dira. Zehazkiago, berariaz xedatzen denez, laguntzak etxebizitza edo ohiko bizitokia erosteko eskatu diren kredituen interesetatik eta amortizaziotik eratorritako gastuak ordaintzeko direnean, kontzeptu horretarako gizarte-larrialdietarako laguntzak jasotzeko gehieneko denboraldia ez da hamabi hilabetetik gorakoa izango bizikidetza-unitatea dagoen denboraldi osoan edo etxebizitza beraren edo ohiko alojamenduaren gainean eskatutako kreditua ordaintzeko. Muga horiek ez zaizkie aplikatuko zahartzeagatiko pentsiodunei.

  3. kapituluan prestazioa onartzeari buruzko oro biltzen da, baita eskabidea aurkezteko modua eta tokia eskatzailea bizi deneko udalerria, behar den dokumentazioa, prozeduraren argibideak, eskatzaileen eta horien bizikidetza-unitateen edo laguntzaren onuradun izan daitezkeen baliabideen egiaztapena eta laguntzaren ebazpena, laguntza ematea eta ordaintzea, gastuen justifikazioa eta aldizkako berrikuspenak ere. Dekretuak ezartzen du premia-egoera gutxienez sei hilean behin berrikusi behar dela.

  4. kapituluan jaso behar ez ziren prestazioak itzultzeko prozedura aipatzen da; V. kapituluan, aldiz, prozedurari buruzko arau komunak arautzen dira, eta honako hau ezartzen da: gizarte-larrialdietarako laguntzen eskatzaileei edo onuradunei, horien bizikidetza-unitateko gainerako kideei eta prestazioaz balia litezkeen gainerako pertsonei dagokienez Euskal Administrazio Publiko eskudunek eska litzaketen datu eta txosten guztiak Gizarteratzeko eta Diru-sarrerak Bermatzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legean ezarritako prestazioak lortzeko baldintzak eta betebeharrak betetzen ote diren egiaztatzeko nahitaezkoak direnetara mugatuko dira. Horretaz gain, adierazten da Euskal Administrazio Publikoek isilpean gordeko dituztela espedienteak izapidetzeko eskuratutako datuak.

  1. kapituluan finantziazioa eta laguntza hauetan eskumena duten administrazioen arteko diru-transferentziak aipatzen dira. Atal hau bereziki garrantzitsua da tokiko erakundeek izapidetzen eta Jaurlaritzak finantzatzen dituen laguntzei dagokienez. Ildo horretatik, esan behar da, Euskal Autonomia Erkidegoan ematen diren prestazioak eta zerbitzuak bateratzeko, Administrazio Publiko guztiek ahalegin handia egin behar dutela udalerriek, beren nahitaezko autonomia errespetatuz, prestazio horren kudeaketari dagokionez erantzun koherentea eta elkartua eman diezaieten herritarrei, eta horretarako baliagarria izango da dekretu honetan eta Eusko Jaurlaritzak argitaratzen dituen urteko aginduetan ezarritakoa.

    Dekretu honen Xedapen Osagarri Bakarrean honako hau ezartzen du Gizarteratzeko eta Diru-sarrerak Bermatzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legearen VII. Tituluan biltzen den arau-hauste eta zehapenen araubideari dagokionez: Diru-sarrerak Bermatzeko Errentari buruzko maiatzaren 25eko 147/2010 Dekretuaren VII. kapituluan aurreikusitako zehapen-prozedura aplikatuko da, gizarte-larrialdietarako laguntzen kasuan izan ezik; kasu horretan prozedura abiarazteko, izapidetzeko eta ebazteko eskumena duen administrazioa dagokion udala izango baita.

    Xedapen Iragankorrean ezartzen da Gizarte Zerbitzuei buruzko Informazioaren Euskal Sistema martxan egon arte, udalen eta Eusko Jaurlaritzaren arteko informazioa euskarri informatiko estandarizatu bidez emango dela, gizarteratzeko eta diru-sarrerak bermatzeko alorrean eskumena duen Eusko Jaurlaritzaren Sailak ezartzen duen bezala, betiere datuen edukiei buruz artikuluetan aipatzen diren baldintzak betez. Udalei diruz laguntzen dien baina Jaurlaritzak zuzenean izapidetzen ez duen prestazio batean Jaurlaritzak datuak eskuragarri izatea funtsezko pieza bat da Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemak laguntza horren kontrol egokia eta erantzukidetasunean oinarritutako iraunkortasuna izan dezan, bestela, Sistemaren aginte-ekintza itsu-itsuan egiten da eta zalantza askorekin, eta horrek zailtasunak ekarriko dizkie parte hartzen duten Administrazio Publiko guztiei, baita laguntza horiek jasotzen dituzten herritarrei ere.

    Dekretu honen asmoa zera da, gizarte-larrialdietarako laguntza iraunkorrak, esku hartzen duten Administrazio Publiko guztiek modu arduratsuan kudeatzen dituztenak eta aldizkakoak ez diren premia-egoeretarako diru-laguntzen zeregina behar bezala betetzen dutenak garatzea, eta ahal den neurrian, ahalegina eginez sakontasun handieneko premia-egoerak Sistemaren zuzenbideko prestazioen bitartez, hau da, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren eta Etxebizitza Gastuetarako Prestazio Osagarriaren bitartez estal daitezen. Udaletako esku-hartze sozialeko profesionalen eskutan dagoen lanerako tresna eraginkorrak izango diren laguntzak, premia-txosten zorrotzetara lotuak eta ematerakoan automastimoetatik aldenduta daudenak eta Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren gainerako prestazioen zenbateko txikiagoa dutenen osagarri huts bihurtu direnak.

    Horrenbestez, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak proposatuta, Gizarteratzeko Erakunde arteko Batzordeak eta Gizarteratzeko Euskal Kontseiluak esateko zer zuten entzunda, gaiari buruzko nahitaezko txostenak emanda, eta Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, 2011ko urtarrilaren 18an egindako Bilkuran Jaurlaritzaren Kontseiluak aztertuta eta onartuta, honako hau

  1. Dekretu honen xedea Gizarteratzeko eta Diru-sarrerak Bermatzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legeak ezarritako gizarte-larrialdietarako laguntzak eta prestazio ekonomikoak arautzea da, laguntza horietan sartu behar diren kontzeptuak eta Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde osoan emateko baldintzak zehaztuz.

  2. Laguntza horiek emateko baldintzek eta aplikatzeko prozedurek aipatutako Legean, dekretu honetan eta hori garatzeko ematen diren xedapenetan xedatutakoari jarraituko diote.

    Aurrekoa gorabehera, bizikidetza-unitatearen eta etxebizitzaren edo bizitokiaren kontzeptuei dagokienez, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentari buruzko maiatzaren 25eko 147/2010 Dekretuaren 5. eta 6. artikuluetan, hurrenez hurren, ezartzen dena hartuko da kontuan.

  1. Gizarte-larrialdietarako laguntzak aldian-aldian emango ez diren prestazio ekonomikoak dira, eta haien hartzaileak hauek izango dira: gizarte-bazterkeriaren egoerak prebenitzeko, saihesteko edo leuntzeko beharrezko diren gastu espezifikoei ohikoak zein apartekoak aurre egiteko behar beste baliabide ez duten pertsonak.

  2. Gizarte-larrialdietarako laguntzak diru-laguntzatzat hartuko dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan helburu horretarako kreditua ezarrita egotearen baitan egongo da horiek ematea ala ez. Aurrekoa bazter utzi gabe, Eusko Jaurlaritzak eta Udalek, administrazio publiko eskudunak diren aldetik, laguntza horiekin lotutako gastuei aurre egiteko behar adinako zenbatekoak esleituko dituzte urtero.

Aurreko artikuluaren 1. paragrafoan aurreikusitakoaren ondorioetarako, honako gastu hauek hartuko dira gastu espezifikotzat, ohiko edo aparteko gastutzat, gizarte-bazterkeriaren egoerak prebenitzeko, saihesteko edo arintzeko gastutzat, besteak beste:

  1. Ohiko etxebizitza edo alojamendua eduki eta mantendu ahal izateko beharrezkoak diren gastuak; horren barruan sartuko dira:

    1. Alokairu-gastuak.

    2. Gizarte-larrialdian egon aurretik etxebizitza edo bizitokia erostearen ondorioz hartutako kredituen interesek eta amortizazioak eragindako gastuak.

    3. Energia, ura, estolderia eta zaborretarako gastuak, baita ondasun higiezinen gaineko zergari dagozkionak ere, ondasunak landa- zein hiri-eremukoak izan.

    4. Etxebizitzaren edo ohiko bizitokiaren bizigarritasunerako eta oinarrizko ekipamendurako beharrezko gastuak. Honako hauek hartzen dira mota horretako gastutzat:

      Altzari-gastuak.

      «Linea zuria» izeneko etxetresna elektrikoen gastuak.

      Etxebizitza egokitzeko edo konpontzeko gastuak.

      Etxebizitzako oinarrizko instalazioen gastuak.

  2. Bizikidetza-unitateko kide batek edo gehiagok dituzten oinarrizko premiei buruzko gastuak, esate baterako: jantziak, hezkuntza eta prestakuntzakoak eta osasun-arretakoak, betiere sistema publikoek gastu horiek estaltzen ez dituztenean.

  3. Aurretiko zorpetzeko gastuak, a) eta b) idatz-zatietan aipatutako gastu-kontzepturen batean sortuak, edo bizitzaren oinarrizko beste premia batzuei aurre egiteko gastuetarako.

  1. Gizarte-larrialdietarako laguntzak helburu jakin baterako dira; beraz, helburu horretarako baino ezin dira erabili.

  2. Gizarte-larrialdietarako laguntzak subsidiarioak dira eta, hala badagokio, indarreko legerian aurreikusten diren eta onuradunak edo haren bizikidetza-unitateko edozein kidek nahiz, hala badagokio, etxebizitza edo bizitoki berean bizi diren beste pertsona batzuek jaso ditzaketen eduki ekonomikoko edozein motatako gizarte-baliabide eta -prestazioen osagarriak dira.

  3. Alokairu-gastuak ordaintzeko aurreikusitako gizarte-larrialdietarako laguntzak ez dira bateragarriak diru-sarrerak bermatzeko errentaren edozein modalitaterekin.

    Halaber, ez dira bateragarriak izango Etxebizitzako Gastuetarako Prestazio Osagarriarekin Dekretu honetako 3. artikuluaren a) idatz-zatian aipatzen diren gastuak, hots, etxebizitzaren gastuak ordaintzera bideratutako gizarte-larrialdietarako laguntzak.

  4. Gizarte-larrialdietarako laguntzak ezin dira eskuz aldatu, eta, beraz, ezin izango dira:

    1. Obligazioen berme gisa eskaini.

    2. Lagatu, ez osorik, ezta partzialki ere.

    3. Konpentsatu edo deskontatu, jaso behar ez ziren prestazioak itzultzeko izan ezik, betiere Dekretu honetako IV. kapituluan aurreikusitako baldintzen arabera.

    4. Atxiki edo bahitu, aplikatzekoak diren Estatuko lege orokorretan aurreikusitako kasuetan eta mugekin izan ezik.

  1. Gizarte-larrialdietarako laguntzak jasotzeko, Dekretu honetan aurreikusitako baldintzetan, honako baldintza hauek bete behar dira:

    1. Laguntza eskatzen den udalerrian erroldatuta egotea eta bertan benetan bizitzea, eta Euskal Autonomia Erkidegoko edozein udalerritan benetan bizitzea, eskabidea aurkeztu baino sei hilabete lehenagotik gutxienez.

      Gutxieneko epe hori bete ezean, eskatzaileak Euskal Autonomia Erkidegoko edozein udalerritan erroldatuta eta bertan benetan bizi izandakoak izango dira bost urtez jarraian aurreko hamar urteen barruan.

      Idatz-zati honetan aurreikusitako baldintzak, hots, erroldarena eta bertan benetan bizi izatearena, ez zaizkie exijituko maiatzaren 27ko 8/1994 Euskal Autonomia Erkidegoz kanpoko Euskal Gizatalde eta Etxeekiko harremanei buruzko Legearen 11.1 artikuluak aipatzen dituen euskal gizataldeei, betiere artikulu horretan aurreikusitako gainerako baldintzak betetzen badituzte.

    2. Gutxienez eskabidea aurkeztu baino urtebete lehenago sortutako bizikidetza-unitatea izatea, eta epe hori bete behar izatea honako hauentzat geratuko da salbuetsita:

      1. Adingabeak ekonomikoki beren kargura dituztenentzat.

      2. Ezkontza bidez edo horren antzeko harreman iraunkor baten bidez bizikidetza-unitate berri bat osatzen dutenentzat.

      3. Bizikidetza-unitate berri bat osatzen dutenentzat banantze, dibortzio edo ezkontza-deuseztasun bidez, izatezko loturaren desegite bidez edo bikoteko kideetako bat hil delako, betiere unitate berria aurreko bizikidetza-unitateko kideek soilik osatzen badute.

      4. Bizikidetza-unitate berri bat osatzen dutenentzat, beren aitaren eta amaren, tutoreen edo legezko ordezkarien heriotzagatik edo behin betiko sartu dituztelako izaera sozial, sanitario edo soziosanitarioko abegi-zerbitzu batean edo espetxe batean.

      5. Bizikidetza-unitate berri bat osatzen dutenentzat ohiko etxebizitza utzi egin behar izan dutelako etxeko edo familia barruko indarkeriaren biktimak izan direlako, betiere unitate berria aurreko bizikidetza-unitateko kideek soilik osatzen badute.

      6. 18 urte baino gutxiago izan eta artikulu honetako d) idatz-zatian azaltzen diren egoeretakoren batean daudenentzat.

      7. Kotizaziopeko edo kotizaziorik gabeko zahartzaroko, baliaezintasuneko edo alarguntzako pentsioen onuradunek osatutako bizikidetza-unitate berria osatzen dutenek bikotekidearekin edo senar-emazteen pareko harreman jarraitua dutenekin batera, eta ekonomikoki haien mendekoak direnekin batera. Aurrekoaren ondorioetarako, lehenengoekiko ekonomikoki mendekotzat hartuko dira inolako diru-baliabiderik ez duen pertsona bakar bati dagokion Gizarteratzeko eta Gizarte-babeserako Oinarrizko Errentaren zenbatekoa baino diru-sarrera konputagarri handiagoak ez dituzten pertsonak, salbuetsita geratuz lan egiteagatik edo osagarriak izan daitezkeen pentsioetatik datozen diru-sarrerak lortzen dituzten pertsonak.

      8. Aurreko idatz-zatian adierazitako unitatearen gainerako kideek osatutako bizikidetza-unitate bat osatzen dutenentzat, Gizarteratzeko eta Diru-sarrerak Bermatzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legearen aplikazioaren ondorioz betiere orain unitate independente bat osatzen badute.

    3. Etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarriaren jasotzaileak ez izatea, salbu eta gizarte-larrialdietarako laguntzak 3. artikuluko b) eta c) idatz-zatietan azaltzen diren gastuak ordaintzeko eskatzen badira.

    4. 18 urte izatea. Gutxieneko adin-muga horretatik salbuetsita daude gazteago izanik ondorengo egoeraren batean daudenak, baldin eta gainerako baldintzak betetzen badituzte:

      1. Ekonomikoki beren kargura % 45etik gorako minusbaliotasun-kalifikazioa duten edota autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 legean aurreikusitakoaren arabera II. graduko 1. mailako mendetasuna edo handiagoa duten adingabeak edo helduak dituztenean.

      2. Erabateko zurztasuna egiaztatzen dutenak.

      3. Ezkonduta edo horren pareko bestelako harreman iraunkor baten bidez beste bati lotuta daudenak, egoera horretan gutxienez sei hilabete badaramate.

      4. Etxeko edo familia barruko indarkeriaren biktimak izan direnak.

    5. Dekretu honetako 3. artikuluan jasotako gastu espezifikoei aurre egiteko behar beste baliabide ez izatea, baldin eta horrek haien bizikidetza-unitateko kideei eragiten badie; hala, ez dagoela behar beste baliabide ulertuko da ondoren azaltzen diren baldintzak betetzen direnean:

      1. Azken urtean edo prestazioek helburu duten gastuekin lotzen den edo lotuko den denboraldian, errendimenduak (Dekretu honetako 13. artikuluan ezartzen denaren arabera erabakiak) etxebizitza-unitateko kide kopuruaren arabera legokiokeen gizarteratzeko eta gizarte-babeserako oinarrizko errentaren gehieneko zenbatekoa baino % 150 handiagoak izatea. Aurrekoa bazter utzi gabe, kontuan hartuko dira, halaber, eskatzailea bizi den etxebizitza edo bizitoki berean bizi diren gainerako kideek jaso ditzaketen prestazioen errendimenduak.

      2. Gizarteratzeko eta Diru-sarrerak Bermatzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legearen 9.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, bizikidetza-unitatetzat har litezkeen pertsonak aipatutako legearen 9.1.b artikuluan aipatutako loturetakoren bat duten pertsonekin etxebizitza edo bizitoki berean bizi badira, eta pertsona horiek guztiek, dagokion denboraldirako, beren errendimenduak badituzte eta errendimendu horien balioa dagokion gizarteratzeko eta gizarte-babeserako oinarrizko errentaren gehieneko zenbatekoa baino hiru aldiz txikiagoa bada, baldin eta pertsona horiek ez badute inolako errekurtsorik, betiere adierazitako artikuluan aipatzen diren loturengatik elkarrekin lotuta dauden pertsona guztiak kontuan hartuta.

    6. Batere baliabiderik izan ezean eta bizikide (aipatutako loturen bidezko harremana dutenak) kopuruaren arabera legokiekeen gizarteratzeko eta gizarte-babeserako oinarrizko errentaren urteko zenbatekoaren lau halako baino txikiagoa izatea beren ondarea. Ondarearen balioa diru-sarrerak bermatzeko errentari buruzko maiatzaren 25eko 147/2010 Dekretuaren III. kapituluaren 4. atalean ezarritakoarekin bat etorriz zehaztuko da.

    7. Gizarte-larrialdietarako laguntzak alokairu-gastuei aurre egiteko erabiltzen direnean, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren Etxebide zerbitzuan etxebizitza-eskatzaile bezala izena emanda egotea edo izena ematea eskatu izana.

      Baldintza hori ez da eskatzekoa izango honako kasu hauetan:

      Gizarte-larrialdietarako laguntzak baliatzeko eskakizunak beteta dituztela, Etxebiden sartzeko baldintzak betetzen ez dituzten pertsonak, bizileku-baldintza betetzen ez dutelako nahiz baliatzeko gutxieneko ekonomikoak betetzen ez dituztelako.

      65 urtetik gorako pertsonak, zahartzaroko kotizaziopeko edo kotizazio gabeko pentsioen onuradunak, etxebizitza berean 10 urte baino gehiagoz bizi direla egiaztatzen dutenak, edo gutxieneko epe hori betetzen ez badute ere, ohiko etxebizitzan geratu beharra dutenak, dagokion Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren ustez.

    8. Inolako ahaidetasun-harremanik ez egotea odolkidetasun edo ahaidetasunezko hirugarren mailaraino eskatzailearen bizikidetza-unitatea osatzen duen edozein kideren eta etxebizitzaren errentatzailearen edo haren familia-unitateko edozein kideren artean, gizarte-larrialdietarako laguntzak alokairu-gastuak ordaintzeko diren kasuetan.

  2. Ezin izango dituzte baliatu alokairu-gastuak edo ohiko etxebizitza edo bizilekua erosteko hartutako kredituen interesetatik edo amortizaziotik eratorritako gastuak ordaintzera bideratutako gizarte-larrialdietarako laguntzak, eskatzaileak edo haien bizikidetza-unitateko beste edozein kide honako egoera hauetakoren batean baldin badago:

    1. Etxebizitza bat alokairuan edo jabetzan izatea, eta etxebizitza hori babes publikoko etxebizitza motaren batean sartuta egotea, Eusko Jaurlaritzak edo beste Administrazio Publiko batzuek edo horien mendeko erakundeek sustatua, eskaera egin zenean indarrean zegoen legerian aurreikusitakoaren arabera.

    2. Etxebizitza bat jabetzan edo usufruktuan izatea eta gizarte-larrialdietarako laguntzak eskatzea beste etxebizitza baten alokairu-gastuei aurre egiteko, azken hori haren ohiko bizitokia izanda ere, salbu eta banantzeagatik edo dibortzioagatik eta beste arrazoi batzuengatik, hala nola utzarazpena, beren ohiko bizilekua utzi behar izan duten edo etxeko indarkeriaren biktima diren pertsonak badira, besteak beste.

  1. Diru-sarrerak Bermatzeko Errentari buruzko maiatzaren 25eko 147/2010 Dekretuaren 6.1 artikuluan azaltzen diren etxebizitzen edo bizitokien kasuan, honako irizpide hauek aplikatuko dira:

    1. Etxebizitza edo bizitoki berean bizi diren bizikidetza-unitateei gizarte-larrialdietarako bi laguntza eman ahal izango zaizkie gehienez.

      Gizarte-larrialdietarako laguntzen bi eskaera baino gehiago pilatuz gero, eskabidearen antzinatasunaren arabera artatuko dira, salbu eta erreferentziazko oinarrizko gizarte-zerbitzuak beste irizpideren bat finkatzen badu, txosten sozialaren bidez, eta, nolanahi ere, 1. paragrafo honetako c) idatz-zatian ezarritakoa ahaztu gabe.

    2. Aurrekoa gorabehera, etxebizitza edo bizitoki berean, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentari buruzko maiatzaren 25eko 147/2010 Dekretuaren 6.1 artikuluan araututakoaren arabera, bi bizikidetza-unitate edo gehiago bizi badira, beren artean ahaidetasun-loturak dituztela, Gizarteratzeko eta Diru-sarrerak Bermatzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legearen 9.2.a) eta b) artikuluetan araututakoaren arabera, bizikidetza-unitate horietako bati bakarrik eman ahalko zaizkio alokairu-gastuetarako edo ohiko etxebizitza edo bizitokia erosteko hartutako kredituen interesetatik edo amortizaziotik eratorritako gastuetarako gizarte-larrialdietarako laguntzak. Horrela gertatuz gero, prestazioa aurrena eskatu duenari emango zaio, salbu eta erreferentziazko gizarte-zerbitzuak bestelakorik adierazten badu premia handiagoko arrazoiak tarteko.

    3. Etxebizitza berean bizi diren eta Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren prestazioak, zuzenbideko prestazio ekonomikoak barne (diru-sarrerak bermatzeko errenta eta etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarria eta gizarte-larrialdietarako laguntzak) eska ditzaketen bizikidetza-unitateak bi izango dira gehienez. Aipatutako zenbaketarako zuzenbideko prestazioak eskatu dituzten bizikidetza-unitateei emango zaie lehentasuna.

  2. Bizitoki kolektiboen kasuan, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentari buruzko maiatzaren 25eko 147/2010 Dekretuaren 6.2 artikuluan bizitoki horiek definitzen diren baldintzetan, gizarte-larrialdietarako laguntzen gehieneko kopurua dagokion bizitokirako legez aitortzen diren gehieneko plaza kopuruak mugatuko du.

Gizarte-larrialdietarako laguntzen onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

  1. Gizarte-larrialdietarako laguntzak zein helburutarako jaso dituen, horrexetarako baino ez erabiltzea.

  2. Dagokion ebazpena eman aurretik, baita laguntza jaso bitartean ere, eskatzaileari edo horren bizikidetza-unitateko beste edozein kideri legokiokeen eskubide edo prestazio ekonomiko oro baliatzea.

  3. Jada onartutako gizarte-larrialdietarako laguntzen eskabidea zuzendu zaion Udalari jakinaraztea laguntzak baliatzeko aukera eman lezaketen baldintzak betetzeari buruz gerora jazotako gertaerak, eta zehazkiago honako hauek, gertaera horiek jazotzen direnetik zenbatzen hasita egutegiko hamabost eguneko gehieneko epean:

    1. Bizikidetza-unitatea osatzeari eragiten dioten gertakariak, baita, hala badagokio, gizarte-larrialdietarako laguntzen onuradun izan daitezkeen gainerako pertsonei buruzko bizileku-aldaketa ere, eta, nolanahi ere:

      Bizikidetza-unitateko kideren baten heriotza.

      Onuraduna edo bizikidetza-unitateko beste edozein kide egoitza-zentro publiko edo pribatuetan, zentro sanitario publiko edo pribatuetan, espetxeetan, desintoxikazio-zentroetan edo harrera-zentroetan sartzea, hilabeteko edo gehiagoko aldi baterako.

      Bizikidetza-unitatea uztea eta onuraduna ohiko bizilekutik ateratzea.

      Adopzioa, familiako harrera iraunkorra edo adopzio aurrekoa, edo tutoretza.

      Titularrarekin laugarren edo bigarren mailarainoko odol-ahaidetasuna edo kidetasuna, hurrenez hurren, duen pertsona bat bizikidetza-unitatean sartzea.

      Bizikidetza-unitatearen osaeran eragina duen beste edozein aldaketa.

    2. Prestazioaren zenbatekoa kalkulatzeko oinarritzat erabili diren baliabideak ukitzen dituzten gertakariak, hala nola:

      Hileroko diru-sarreren motan edo zenbatekoan izandako aldaketak, eta ondare-gehikuntzak edo -murrizketak.

      Diru-baliabideak handitzea, b) idatz-zatian aurreikusitako eskubide ekonomikoak baliatzearen ondorioz diru-sarrerak lortu direlako.

    3. Laguntza emateko eskatutako baldintzaren bat aldi baterako edo behin betiko galtzea ekar lezakeen beste edozein gertakari edo egoera.

  4. Jada onartutako gizarte-larrialdietarako laguntzen eskabidea zuzendu zaion Udalari jakinaraztea, gertakariak jazotzen direnetik zenbatzen hasita egutegiko hamabost eguneko gehieneko epean, onuradunaren ohiko bizilekuari buruzko aldaketa oro.

  5. Jaso behar ez zirela jasotako prestazioen edo prestazioengatik jaso behar ez zen zenbatekoa itzultzea, Dekretu honetako IV. kapituluan bildutakoaren arabera.

  6. Administrazioaren aurrean agertzea eta harekin lankidetzan aritzea, hori eskatzen bazaio.

  1. Gizarte-larrialdietarako laguntzen zenbatekoa zehazteko, Dekretu honetako 9. eta 12. bitarteko artikuluetan xedatutakoa bete beharko da.

  2. Eskatzailearen eta bizikidetza-unitateko gainerako kideen baliabideak ezartzeko, baliabide guztiak zenbatuko dira Dekretu honetako 13. eta 14. artikuluetan aurreikusitako baldintzak kontuan hartuta.

Gizarteratzeko eta diru-sarrerak bermatzeko alorrean eskumena duen Eusko Jaurlaritzaren Sailak urtero ezarriko ditu, Agindu bidez, Dekretu honetako 3. artikuluan aurreikusitako gastu espezifikoetako bakoitzerako gizarte-larrialdietarako laguntzen kontzeptupean urte bakoitzean eman beharreko gehieneko zenbatekoak, orokorrean.

  1. Aurreko artikuluan ezarritakoa bazter utzi gabe, gastu espezifiko bakoitzeko eskatzaile bakoitzari aplika dakiokeen gehieneko zenbatekoa ezartzeko honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:

    1. Eskatzailearen eta haren bizikidetza-unitateko gainerako kideen baliabide-maila, baita, hala badagokio, laguntza horien onuradun izan litezkeen gainerako pertsonena ere, betiere 5.1.e) artikuluan aurreikusitako baldintzen arabera.

    2. Egindako edo egitekoak diren gastu espezifikoen zenbatekoa.

    3. Gizarte-zerbitzuek ondorengoak egiaztatzeko egiten duten balorazioa: gastua benetan beharrezkoa den, laguntza-premia duten pertsonak gizarteratzen laguntzeko garrantzitsua den edo lehentasunezkoa den.

  2. Laguntzari eslei dakiokeen zenbatekoa gizarte-larrialdietarako laguntzei buruzko urteko aginduak kontzeptu bakoitzerako ezartzen duen gehieneko zenbatekoaren gainean ehuneko jakin bat aplikatzearen emaitza izango da; edo gastuaren egiazko zenbatekoa kontzeptuaren gehieneko zenbatekoa baino txikiagoa bada, ehunekoa egiazko gastuaren zenbatekoaren gainean aplikatuko da. 1. paragrafoan aipatutako irizpideak oinarri hartuta, kasu bakoitzean aplikatu beharreko ehunekoaren ezarpena Dekretu honetako 9. artikuluan aipatzen den urteko Aginduan ezarriko da.

  1. Eskabide bakoitzari eman dakiokeen laguntzaren egiazko zenbatekoak ezin izango ditu muga hauek gainditu:

    1. Dekretu honetako 9. artikuluan aipatzen den Aginduak gastu espezifiko bakoitzerako ezartzen dituen urteko gehieneko zenbatekoak.

      Muga horrek eskatutako laguntza espezifikoari egingo dio erreferentzia, baita, hala badagokio, emandako beste laguntza batzuen elkartzeari ere, aurrekontu-denboraldi berean, eskatzaileari edo horren bizikidetza-unitateko beste edozein kideri ere; halaber, erreferentzia egingo dio etxebizitza edo bizitoki partikular berean bizi diren eta prestazio horien onuradun izan litezkeen beste pertsona batzuei, betiere Dekretu honetako 5.1.e) artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

    2. Kasu partikular bakoitzean aplika daitekeen gehieneko zenbatekoa, aurreko artikuluan aurreikusitako prozeduraren arabera ezartzen dena.

  2. Kasu partikular bakoitzean aplika daitekeen zenbatekoa, aurreko artikuluan aurreikusitako prozeduraren arabera ezartzen dena, ordea, Udal eskudunak murriztu beharko du dauden aurrekontu-baliabideak kontuan hartuta, eta kasu horretan Dekretu honetako 9. artikuluan aipatzen den urteko aginduaren arabera, kontzeptu bakoitzarengatik eman daitekeen gehieneko zenbatekoa eskatzaile guztien eskaerari modu berean erantzuteko Udalaren ustez nahikoa den ehuneko negatiboan murriztu beharko da.

Gizarte-larrialdietarako laguntzak emateko eta zenbatekoak zehazteko, honako muga hauek izan beharko dira kontuan:

  1. Diru-sarrerak bermatzeko errenta gizarte-larrialdietarako laguntzak eskatu diren urte berean jaso dituzten bizikidetza-unitateei dagokienez, bizikidetza-unitatearen diru-sarrera konputagarrien eta diru-sarrerak bermatzeko errentaren kontzeptupean, edozein modalitatetan, etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarriaren eta gizarte-larrialdietarako laguntzen kontzeptupean bizikidetza-unitate berari eman dakizkiokeen prestazioen eta laguntza ekonomikoen baturak ezin izango du ezein kasutan titularraren ezaugarri berak dituen bizikidetza-unitate bati urte baterako legokiokeen diru-sarrerak bermatzeko errentaren modalitatearen gehieneko zenbatekoaren % 200 gainditu.

  2. Gizarte-larrialdietarako laguntzak jasotzen dituzten pertsonen kasuan, baldin eta hasitako urtean ez badira diru-sarrerak bermatzeko errentaren titularrak izan (modalitate bakar batekoak ere ez direnak), bizikidetza-unitate horren diru-sarrera kontagarrien eta urte horretan gizarte-larrialdietarako laguntzen kontzeptupean eman zaion urteko guztizko zenbatekoaren baturak ezin izango du, inola ere, kopuru hau gainditu: titularraren ezaugarri berak dituen bizikidetza-unitatearen urte baterako legokiokeen gizarteratzeko eta gizarte-babeserako oinarrizko errentaren gehieneko zenbatekoaren % 200.

  3. Laguntzak etxebizitza edo ohiko bizitokia erosteko eskatu diren kredituen interesetatik eta amortizaziotik eratorritako gastuak ordaintzeko direnean, kontzeptu horretarako gizarte-larrialdietarako laguntzak jasotzeko gehieneko denboraldia ez da hamabi hilabetetik gorakoa izango bizikidetza-unitatea dagoen denboraldi osoan edo etxebizitza beraren edo ohiko alojamenduaren gainean eskatutako kreditua ordaintzeko.

    Idatz-zati honetan ezarritako muga ez zaie aplikatuko zahartzaroko pentsioen titularrei.

  1. Eskatzailearen, bere bizikidetza-unitateko gainerako kideen, eta, hala badagokio, 5.1.e) artikuluan aurreikusitako prestazioen onuradun izan daitezkeen gainerako pertsonen hileko baliabideak zehazteko, diru-sarrerak bermatzeko errentari buruzko maiatzaren 25eko 47/2010 Dekretuaren III. kapituluaren 2., 3. eta 4. ataletan aurreikusitakoa aplikatuko da.

  2. Behin hilabeteko baliabideak aurreko lerroaldean jartzen duen moduan zehaztu ondoren, urteko baliabideak edo dagokion denbora-tarterako baliabideak zehaztu nahi badira laguntza gastu jakin baterako eskatuko baitzen, eta gastu hori denbora-tarte batean egiteko izango baita, hilabeteko baliabide horiek bider hainbeste egin beharko da, dena delako denbora-tarteak zenbat hilabete dituen gorabeheran.

Eskatzailearen bizikidetza-unitatearen baliabideak, baita, hala badagokio, 5.1.e) artikuluan aurreikusitakoaren arabera prestazioen onuradun izan litezkeen gainerako pertsonen baliabideak ere, aurreko artikuluan aurreikusitakoaren arabera zenbatuta, laguntzak lortzeko modukoak izan daitezkeen zenbatekoak baino txikiagoak badira, ulertuko da aintzat hartutako gastu espezifikoei aurre egiteko nahikoa baliabide dituztela eta, ondorioz, ezin izango dira gizarte-larrialdietarako laguntzen onuradun izan, honako kasu hauetan: egiaztatzen denean bizikidetza-unitateko kideren batek ondasun eta zerbitzu jakin batzuk erosten dituela edo aitortu dituenez bestelakoak diren eta prestazioaren bitartez lortutakoez bestelakoak diren baliabideak egotea eskatzen duten ondasun jakin batzuen mantentze-gastuak dituela, betiere titularrak edo, hala dagokionean, bizikidetza-unitateko beste edozein kidek ezin duenean egiaztatu horiek ez direla bere baliabide ekonomikoak Kasu horietan, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentari buruzko maiatzaren 25eko 147/2010 Dekretuaren 20. artikuluan ezohiko diru-sarrerentzat aurreikusitako tratamendua emango zaie ondasunei.

  1. Interesdunak bere erroldatzea eta benetako bizilekua duen udalerriko Udalari aldez aurretik igorritako eskabidearen bidez lortu ahal izango ditu gizarte-larrialdietarako laguntzak eta eskabide hori udalaren gizarte-zerbitzuetan aurkeztu beharko du, eta zerbitzu horiek beharrezkoa den informazio eta orientazio guztia emango diete eskatzaileei eskabidea izapidetzeko.

  2. Dekretu honetako eranskinean horretarako ezarri den eredu normalizatuaren arabera aurkeztuko da eskabidea, eta interesdun guztiek eskuragarri izango dute Euskadiko Autonomia Erkidegoko Udal guztietan.

  1. Aurreko artikuluan arauturiko eskaerak honako agiri hauek bildu beharko ditu:

    1. Eskatzailearen eta bizikidetza-unitateko gainerako kide diren 14 urteko edo hortik gorakoen nortasuna egiaztatzen duen dokumentuaren fotokopia.

    2. Dagokion familia-liburuaren edota, kasuak kasu, zaintza eta babespea edo tutoretza egiaztatzen duten agirien fotokopia.

    3. Tratu txarrak daudela dagokion ebazpen judizialaren edo Ministerio Fiskalaren txostenaren fotokopia bidez egiaztatu beharko da, non jasota dagoen zantzuen arabera salatzailea genero-indarkeriaren biktima dela, babes-agindua ematen den bitartean.

    4. Ezkontzaren antzeko harreman iraunkorrak daudenean, hori honako modu hauetakoren batean egiaztatu beharko da:

      1. Lotura hori dagoela adierazten duen Izatezko Bikoteen Erregistroaren ziurtagiriaren bitartez, hala udal-erregistroa, nola Euskal Autonomia Erkidegoko Erregistroa, edo beste Autonomia Erkidego batean edo beste herrialde batean dagoen izaera baliokideko erregistroa izanik.

      2. Izatezko bizikidetza dagoenean baina inolako erregistro-inskripziorik gabe, bizikidetza hori bikotea osatzen duten kideen erantzukizun-adierazpen bidez egiaztatuko da, edo izatezko bizikidetza egiaztatzen duen ebazpen judizialaren kopia konpultsatu bidez.

    5. Banantzearen, dibortzioaren edo ezkontza-deuseztasunaren kasuan, dagokion ebazpenaren fotokopia, eta izatezko lotura hautsi denean, dagokion erregistroaren ziurtagiria, lotura horren inskripzioa kendu dela egiaztatuz, edo bestela, bikoteko kideen erantzukizun-aitorpena, izatezko bizikidetza amaitu dela adieraziz.

    6. Dekretu honetako 5.1.a) artikuluaren hirugarren paragrafoak aipatzen dituen euskal gizataldeetako kideen kasuan, Espainiako lurraldetik kanpo bizi izandako aldiaren kontsul-egiaztagiriak, eta Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldeko edozein udalerritan azken aldiz bizi izanaren egiaztagiria, edo halakorik ezean, bizi izan dela egiaztatzen duen beste edozein dokumentu.

    7. Eskatzailea errefuxiatua denean, honako hau aurkeztu beharko du: nortasun-agiria, izaera hori dagoeneko onartu diotenean, eta izaera hori izapidetzen ari bada, hori lortzeko eskabidea, eta hala badagokio, eskabide hori izapidetzeko onartu izan dela adierazten duen egiaztagiria.

    8. Eskatzailea aberrigabea baldin bada, izaera hori onartu zaiola egiaztatzen duen txartela aurkeztu beharko du.

    9. Eskatzaileak Asilo Eskubidea eta Babes Subsidiarioa arautzen duen urriaren 30eko 12/2009 Legean bilduta dagoen babes subsidiariorako eskubidea duenean, zirkunstantzia hori egiaztatzen duen dokumentazioa gaineratu beharko du.

    10. Erabateko umezurtz diren eta 18 urtetik behera dituzten pertsonek, egoera hori egiaztatzen duten beharrezko dokumentuak aurkeztuko dituzte.

    11. Gizarte-larrialdietarako laguntzak alokairu-gastuak ordaintzeko erabiltzen badira:

      1. Ohiko etxebizitzaren edo bizitokiaren gastuak (gizarte-larrialdietarako laguntzak gastu horiek ordaintzeko erabiltzen dira) egiaztatzen dituzten dokumentuak, dagokionaren arabera:

        Faktura.

        Harrera-zentro batean bizi dela egiaztatzeko agiri bat.

        Indarrean dagoen azpierrentako, baterako errentamenduko, ostatu-hartzeko edo gelak alokatzeko kontratua, dagozkion ordainagiriekin batera.

        Indarrean dagoen errentamendu-kontratua, dagozkion ordainagiriekin batera.

        5.1.h) artikuluaren arabera etxebizitzaren edo bizitokiaren jabearekin edo haren familia-unitateko beste edozein kiderekin familia-loturak ez daudela biltzen duen erantzukizun-aitorpena.

      1. Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren Etxebide Zerbitzuan etxebizitza alokatzeko eskatzaile gisa erregistro batean dagoela edo egoteko eskatu izana egiaztatzen duten egiaztagiriak, inskripzio hori eskatzen den kasuetan.

      2. Jabetzan edo usufruktuan etxebizitzarik ez daukala biltzen duen erantzukizun-aitorpena.

      3. Babes publikoko etxebizitzen moten artekoren batean barne hartutako etxebizitzarik alokairuan edo jabetzan ez daukala biltzen duen erantzukizun-aitorpena, betiere eskabidea egin zenean indarrean zegoen legerian aurreikusitakoaren arabera.

        1. Gizarte-larrialdietarako laguntzak etxebizitzarenak edo ohiko bizitokiarenak ez diren gastuetarako erabiltzen diren kasuetan:

          1. Gizarte-larrialdian egon aurretik etxebizitza edo bizitokia erostearen ondorioz hartutako kredituen interesek eta amortizazioak eragindako gastuak egiaztatzen dituzten dokumentuak.

          2. Energia, ur, estolderia eta zaborretarako gastuak, baita ondasun higiezinen gaineko zergari dagozkionak ere, egiaztatzen dituzten dokumentuak, ondasunak landa- zein hiri-eremukoak izan.

          3. Etxebizitzaren edo ohiko bizitokiaren bizigarritasunerako eta oinarrizko ekipamendurako gastuak egiaztatzen dituzten dokumentuak (aurrekontuak edo fakturak, halakorik badago), 3.a) eta 4. artikuluen arabera.

          4. Diru-laguntzarekin ordaindu nahi dituen oinarrizko premiei dagozkien gastuak egiaztatzeko dokumentuak (aurrekontuak edo fakturak, halakorik badago), 3.b) artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

          5. Aurretiko zorpetzeko gastuak, 3. artikuluko a) eta b) idatz-zatietan aipatutako gastu-kontzepturen batek sortuak, edo bizitzaren oinarrizko beste premia batzuei aurre egiteko gastuak egiaztatzen dituzten dokumentuak (aurrekontuak edo fakturak, halakorik badago).

            1. Gizarte-larrialdietarako laguntzaren eskaerak duen helburu bereko edozein prestazio ekonomikoren eskaeraren edo ematearen edo ez-ematearen, egiaztagiriak edozein Administrazio tartean dagoela ere, eta betiere adierazi egin beharko du zer organok ematen duen eta kontzeptu horrengatik eskaturiko edota emandako zenbatekoa.

            2. Eskabidea aurkeztu den hilabeteko diru-sarreren edo etekinen erantzukizun-aitorpena, baita bizikidetza-unitateko kide guztien ondarearena ere. Erantzukizun-aitorpen horri honako dokumentu hauek erantsi beharko zaizkio:

              1. Bankuko kontuak eta tituluak zertan diren erakusten duten bankuko egiaztagiriak.

              2. Ondasun higiezinak edukiz gero, Jabetzaren Erregistroak emandako ondasun higiezinen egiaztagiria, edo Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren azken ordainagiria (landa-ondasunei edo hiri-ondasunei dagokiena, kasuak kasu).

              3. Besteren kontura diharduten langileen kasuan, hileko azken nominaren fotokopia, eta, hala behar badu, baita lan-kontratuarena ere.

              4. Pentsiodunen kasuan, eskuratutako azken pentsioaren ordainagiriaren fotokopia edo eguneratutako pentsioa dela erakusten duen Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren egiaztagiria.

              5. Langabeak badira eta langabezia-sorospena edo prestazioren bat jasotzen badute, prestazioaren edo sorospenaren azken ordainagiriaren fotokopia; edo INEMen egiaztagiria, egungo prestazioa edo sorospena zein den egiaztatzeko.

              6. Aldian aldiko beste prestazioen kasuan, azken ordainketaren ordainagiriaren fotokopia, laguntza arautzen duen hitzarmena, edo laguntza horri dagokion ebazpena aurkeztu beharko du.

              7. Enpresaburuen edo profesionalen kasuan, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren azken aitorpenaren fotokopia.

              8. Diru-sarrerak bermatzeko errentaren prestazioa jasotzen dutenak badira, prestazio hori jaso dela egiaztatzen duen dokumentua.

                1. Hala dagokionean, eskatzaileak bidezkotzat jotzen dituen eta espedienteari gaineratu nahi dizkion dokumentuak.

                2. Hala dagokionean, Administrazioak, baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eskatu nahi dituen beste dokumentu batzuk.

  2. Nor non bizi den edo norekin bizi den egiaztatzeko, herritarren udal errolda erabiliko da. Horretarako, udalak dagokion erroldatze-egiaztagiria gehitu beharko dio espedienteari, eta egiaztagiri horretan, dena delako etxebizitzan bizi diren guztien zerrenda zehaztu beharko du.

  3. Udalak eskaera egin duten lagunei jakinaraziko die ebazpena erabakitzeko eta prozedura jakinarazteko gehienezko epea, baita administrazio-isiltasunak eragin ditzakeen ondorioak ere. Informazio hori guztia, eskaera erregistroan sartu eta hamar eguneko epean jakinaraziko du, eta jakinarazpenean zehaztuko da eskaera jaso deneko eguna.

    Era berean, Udalak eskatzaileari eskabidea aurkezten duen unetik aurrera bizikidetza-unitatearen eta prestazioaren titulartasuna lortzerakoan hartzen diren betebeharren edozein aldaketaren berri eman behar duela jakinaraziko dio, eta horiek ez betetzetik eratorriko diren ondorioen berri emango dio.

  4. Edozein kasutan ere, arintasuneko eta administrazio-ekonomiako printzipioak gauzatzeko eta administrazio publikoen arteko lankidetza- eta koordinazio-betebeharrari jarraiki, administrazio publikoek, gizarte-larrialdietarako laguntzen kudeaketaren esparruan, beharrezko neurriak hartuko dituzte herritarrek jada administrazio horien esku dauden datuak eta dokumentuak ez ekartzeko duten eskubidea bermatzeko.

    Bereziki, administrazio horiek bitarteko elektronikoak erabiliko dituzte informazio hori jasotzeko, betiere datu pertsonalei gagozkiela, interesdunen baimena badute, Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak ezarritakoaren arabera, edo lege-maila duen arau batek hori zehazten badu, salbu eta murrizketak badaude jasotako datu eta dokumentuei aplikatzekoa den araudiaren arabera. Bitarteko elektronikoen bidez igorri eta jaso ahalko da baimen hori.

  1. Eskatzailea erroldatuta dagoen eta bizilekua bertan duen udalerriko udalak izapidetuko du espedientea.

  2. Udalak eskabidearen edukia eta aurkeztutako dokumentazioa egiaztatuko ditu, baita gizarte-larrialdietarako laguntzak emateko baldintza espezifikoak betetzen ote diren ere.

    Horretarako, beharrezkoak diren datu eta txosten guztiak eskatu ahal izango dizkie beste erakunde eta entitate publiko eta pribatuei edo eskatzaileari berari, eta prestazioa baliatzeko bete beharreko baldintzak eskatzaileak betetzen dituela egiaztatzeko ezinbestekoak direnetara mugatuko da. Era berean, ebazteko garrantzitsuak izan daitezkeen eta berak dauzkan dokumentuak erantsi behar dizkio udalak eskabideari.

  3. Eskabidean akats edo kontraesanik atzemanez gero, Udalak beste edozein datu, dokumentu nahiz txosten eska diezaioke eskatzaileari berari nahiz beste erakunde publiko zein pribatu bati, espedientea osatzeko edo konpontzeko beharrezkoa dela baderitzo. Horrek ez du esan nahi, hala ere, beste Euskal Administrazio Publiko eskudun batzuek, aurrerago, hori bera konprobatu edo berraztertzeko beste ezer egin ezin dutenik. Udalak eskatzaileari idazki bidez adierazitako zirkunstantziak eskatzaileak 10 eguneko epean konpontzen ez baditu, eskabidea ezetsitzat joko da, zirkunstantziak, gertakariak eta aplika daitezkeen arauak zehaztuko dituen ebazpena eman ondoren.

  4. Eskatzaileak aurkeztutako gertakari edo frogez gainera, udalak beste batzuk ere kontuan eduki nahi izango balitu, entzunaldi horretarako izapideak egingo ditu, dena delako pertsonak arrazoibideak aurkezteko aukera izan dezan.

  1. Udalak egiaztatuko du eskatzaileak eta haren bizikidetza-unitateko kideek jaso ditzaketen eduki ekonomikoko gizarte-eskubideak eta -prestazioak osorik baliatu dituztela.

    Horretarako, honako zirkunstantzia hauetan ulertuko da eskubideak oso-osorik baliatu direla:

    1. Edozein jurisdikzio-ordenari lotutako eskubide eta prestazioen kasuan, dagokion epaia edo beste ebazpen judiziala eman ondoren edo, halakorik ez badago, eskubidea edo prestazioa erreklamatzeko prozedura formaz hasi ondoren eta horretan atzera egin ez bada.

      Ebazpen judizialak jadanik onetsi dituen baina jaso ez diren eskubideen edo prestazioen kasuan, horiek baliatu direla ulertuko da horiek eman behar dituen pertsonari dagokion ez-betetzeagatiko ebazpen judizialaren betearazpen-gorabeherari hasiera eman zaiola egiaztatzen denean.

    2. Gainerako kasuetan, dagokion eskubidea edo prestazioa erreklamatzeko prozedura formaz hasita dagoenean, ez bada horretan atzera egiten edo ez bazaio horri uko egiten.

  2. Eskatzaileak edo haren bizikidetza-unitateko kideek egikaritu ez dituzten eduki ekonomikoko eskubideak balia baditzakete, udalak eskatzaileari eskatuko dio eskubide horiek dagokion ebazpena eman baino lehen egikari ditzala, indarrean dagoen legerian xedaturikoaren arabera.

  3. Baldin eta eskatzaileak ez badu betetzen aurreko paragrafoan aipatutako betebeharra, eskatzaileak bere eskabidean atzera egiten duela ulertuko da, Udalak espedientea artxibatu ahal izango du beste inolako izapiderik egin gabe.

  1. Gizarte-larrialdietarako laguntzen eskabideak aurkeztu diren Udalak dagokion ebazpena eman eta jakinaraziko du, hori emanez edo ukatuz, eskabidea aurkeztu zen egunetik zenbatzen hasi eta gehienez ere bi hilabeteko epean.

  2. Epe hori amaitu eta esanbidezko ebazpenik ez badago, gizarte-larrialdietarako laguntza ukatu direla ulertuko da, esanbidezko ebazpena emateko betebeharra alde batera utzi gabe.

  3. Prozedura eten egin behar bada, eta errua eskatzailearena bada, aurreko epe hori ere eten egin beharko da.

  1. Baiezko ebazpena, edo, horrela badagokio ezezkoa ezezko ebazpenak arrazoitua izan beharko du beti, ematen duen egunetik zenbatzen hasita hamar eguneko epearen barruan jakinaraziko dio udalak eskatzaileari, eta aurreko artikuluan aurreikusitako epearen barruan. Jakinarazpenak ebazpenaren testu osoa eraman beharko du erantsita, eta zehaztu ere egin beharko da ebazpena behin-betikoa ote den, administrazio-bidearen barruan zein errekurtso jar daitekeen, zein organotan aurkeztu behar diren, eta zein epe dagoen horiek aurkezteko.

  2. Gizarte-larrialdietarako emakida-ebazpenean, Udalak eskatzaileari dagokion prestazioaren zenbatekoa ezarriko du, eta baita onuradun-izaera horren ondoriozko eskubideen eta betebeharren zerrenda ere.

  1. Gizarte-larrialdietarako laguntzak eman aurretik, erreferentziazko oinarrizko gizarte-zerbitzuak kasu guztietan egiaztatu beharko du benetako premia-egoera dagoela; era berean, helburu horretarako kreditua ezarrita dagoela ere egiaztatu beharko da.

  2. Gizarte-larrialdietarako laguntzak onartzen dituen emakida-ebazpenean ezarrita dagoen moduan ordainduko ditu emakida-ebazpen hori eman duen organoak.

  3. Oinarrizko gizarte-zerbitzuak erabakitzen duenaren arabera, prestazioak dena batera edo zatika ordainduko dira. Emakida-ebazpenean organo eskudunak zehaztuko du nola egingo den zehazki ordainketa, eta epe bat ezarriko du egindako gastuen fakturak edo dagozkien ziurtagiriak aurkezteko. Ez badira fakturak edo ziurtagiriak aipatutako epean aurkezten, hala balegokio, laguntzak itzultzeko prozedurari ekingo zaio.

  4. Gizarte-larrialdietarako laguntza eskatzaileari ordainduko zaio. Aurrekoa gorabehera, Udalak erabaki ahal izango du, oinarrizko gizarte zerbitzuak proposatuta, prestazioa eskatzailea ez den beste pertsona bati ordaintzea, honako kasu hauetan:

    1. Eskatzailearen ezintasunaren legezko aitorpena.

    2. Eskatzailearen egoitza-zentro publiko edo pribatuetan edo espetxeetan sartzean hilabeteko edo gehiagoko aldirako.

    3. Eskatzaileak ez betetzea prestazioa hartarako eman zen helburura aplikatzeko betebeharra.

    4. Oinarrizko gizarte-zerbitzuaren txostena, eskatzaileak, arrazoi soziopertsonalak direla-eta, prestazioa eman zen helbururako erabili ezin duela edo horretarako zailtasunak dituela egiaztatuz.

      Horrelako kasuetan, erreferentziako oinarrizko gizarte-zerbitzuaren iritziz egokiena den pertsonari ordaindu beharko zaio prestazioa, bizikidetza-unitatean jarduteko gaitasuna dutenen artean, edo, bestela, adingabeen eta ezgaituen kasuen tutoretza edo ordezkaritza legez dagokion pertsonari.

  5. Salbuespen gisa, hartzailetzat hartu ahalko dira titularraz eta bizikidetza-unitateko kideez bestelako pertsonak, bereziki irabazi-asmorik gabeko gizarte-zerbitzuen erakundeetako pertsonak, behar bezala erregistraturikoak Gizarte Zerbitzuen abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 50.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, eta kasu horretan, prestazio horien titularren eskubide eta betebehar berak izango dituzte. Aurrekoaren ondorioetarako, honako kasu hauek emango dira salbuespenezkotzat:

    1. Prestazioaren eskatzailea bizikidetza-unitateko jarduteko gaitasuna duen pertsona bakarra den egoeretan.

    2. Prestazioa bizikidetza-unitateko beste edozein kideri ordainduz gero, prestazioa hartarako eman zen helbururako aplikatuko dela bermatuko ez duten egoerak.

  1. Emakida-ebazpenean jasoko da gizarte-larrialdietarako laguntzaren onuradunak ezinbestean aurkeztu beharko dituela egindako gastuen fakturak edo ziurtagiriak. Ordainketa osoa batera egiten bada, hilabete izango dute, gehienez ere, ebazpen hori jakinarazten den egunetik zenbatzen hasita, eta zatika ordaintzen bada, berriz, hamabost egun, zatikako ordainketa bakoitza egin zenetik zenbatzen hasita.

  2. Alokairu-gastuak edota gizarte-larrialdian egon aurretik etxebizitza edo bizitokia erostearen ondorioz hartutako kredituen interesen eta amortizazioaren ondoriozko gastuak ordaintzeko gizarte-larrialdietarako laguntzen kasuan, onuradunak sei hilean behin ohiko etxebizitzaren edo bizitokiaren alokairu-gastuen ziurtagiriak ordainagiri pribatuak, fakturak nahiz banku-ordainketako ziurtagiriak udalerriko oinarrizko gizarte-zerbitzuan aurkeztu behar dituela ezarriko da emakida-ebazpenean. Sei hilean behingo aldizkakotasun hori egokitzat jotzen den bezainbeste laburtu ahal izango da mugikortasun handia ikusten den kasuetan, eskatzailearen ohiko bizileku-aldaketekin.

  3. Gastuak egin izanaren frogagiriek pertsona fisiko edo juridiko igorlearen identifikazioko eta lokalizazioko oinarrizko datuak, haren identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZ) edo nortasun-agiri nazionala (NAN) baren, gastu-kontzeptua eta horiek dagokien zenbatekoa bildu beharko ditu.

  4. Banketxe bitartez egiten ez diren ordainketen kasuan, pertsona fisikoen ziurtagiriek horien sinadura izan beharko dute eta, pertsona juridikoen kasuan, aplikatu behar zaien arautegiaren arabera eman behar duten faktura, aurkeztu beharko da.

Gizarte-larrialdietarako laguntzen eskatzaileak bere eskabidean atzera egin ahal izango du eskabidea aurkeztu duen Udalera zuzendutako idazki baten bitartez. Udalak ebazpena emango du, eta bertan kasu horretako zirkunstantziak adieraziko dira, jazotako gertakariak eta arau aplikagarriak ere adierazita.

Organo eskudunak egokitzat jotako aldian behingo behar beste berrikuspen egin ahal izango ditu, prestazioa ematea eragin duten arrazoiek bere horretan jarraitzen ote duten egiaztatzeko. Ondorio horretarako, Administrazioetan aurkezteko eta horiei laguntzeko eskatu ahal izango zaie onuradunei. Nolanahi ere, sei hilean behin gutxienez berrikuspen bat egitea derrigorrezkoa izango dela ezarri da.

1. 22. artikuluan adierazitako fakturak edo ziurtagiriak aipatutako epean aurkezten ez badira, behar ez bezala edo ez dagokion neurrian jasotako prestazioak itzuli beharko ditu onuradunak, hori ezarriko baitio Udalak.

  1. Horrez gain, onuradunak gizarte-larrialdietarako laguntzak behar ez bezala edo ez dagokion neurrian jaso baditu, itzuli egin beharko ditu, dekretu honen 18. artikuluan aurreikusitako diru-baliabide eta gizarte-prestazioen ordainketa aztertu ondoren; halaber, Euskal Autonomia Erkidegoaren Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuko 53.1 artikuluko b), c), d) eta e) idatz-zatietan jasotzen diren kasuetan ere itzuli beharko ditu.

  1. Aurreko atalean jasotako kasu guztietan, dagokion udalak itzulketa-prozedurari emango dio hasiera.

  2. Prozedura hasi ondoren, Udalak honako hau jakinaraziko dio onuradunari: prozedura horri hasiera eman zaiola, zein kausatan oinarritzen den, eta zein ondorio ekonomiko izan ditzakeen, baita ebazpena hartzeko eta jakinarazteko epea eta administrazio-isiltasunak eragin ditzakeen ondorioak ere. Interesdunek, hilabeteko gehieneko epean, egokitzat jotzen dituzten alegazioak egin ahalko dituzte.

  3. Alegazio horiek jaso ondoren, edo horretarako epea amaitu eta oraindik ez bada alegaziorik egin, Udalaren organo eskudunak hilabete izango du jaso behar ez ziren prestaziorik jaso ote den edota ez dagozkion neurrian jaso ote diren erabakitzeko ebazpenaren bitartez. Ebazpen horrek arrazoituta egon beharko du.

  4. Gizarte-larrialdietarako laguntzei dagokienez, jaso behar ez zen prestazioren batekin edo ez dagokion neurrian jasotako prestazioren batekin lotutako egoera dagoela ebazten bada, aurreko paragrafoan aurreikusitako ebazpenean dagozkion kopuruak interesik gabe itzuli behar direla jasoko da, interesdunak betebehar hori gauzatzeko izango duen gehieneko epea zehaztuz, baita egin beharreko hileko itzulketen kopurua eta zenbatekoa ere. Aipatutako betebeharra betetzen ez bada, premiamendu prozedurari ekingo zaio, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Dirubilketa Erregelamendua onartzen duen abuztuaren 31ko 212/1998 Dekretuan ezarritakoaren arabera.

  5. Aurreko paragrafoan aurreikusitako ondorioetarako, Udalak indarreko gizarte-larrialdietarako laguntzetarako prestazioetatik zati bat ofizioz konpentsatzeko edo kentzeko aukera izango du, horiek onuradunaren bizikidetza-unitateko edozein kideri dagozkiola ere. Konpentsazio edo kenketa hori Udalak egin beharko du, epeak, kopurua eta zenbatekoa ezarriz.

  6. Jaso behar ez ziren prestazioen itzulketagatik edo konpentsazioagatik aurrekontu-ekitaldi bakoitzean lortutako zenbatekoak gizarte-larrialdietarako laguntzen prestaziotarako erabili beharko dira.

Itzultzeko prozeduraren ebazpena emateko eta jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, prozedurari hasiera ematen zaionetik zenbatzen hasita. Epe horretan inolako esanbidezko ebazpenik ematen eta jakinarazten ez bada, prozedura iraungiko da, eta emandako ebazpenak jardunak artxibatzeko aginduko du. Prozedura pertsona interesdunaren erruz geldiarazten den kasuetan, ebazpena emateko eta jakinarazteko epea ere eten egingo da.

  1. Jaso behar ez ziren gizarte-larrialdietarako laguntza gisa jasotako zenbatekoak itzultzeko betebeharra Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren eskubideei eta betebeharrei aplika dakiekeen araudian aurreikusitakoaren arabera preskribatuko da.

    Preskripzio-epea administrazio eskudunak jaso behar ez zen prestazioa itzultzeko betebeharra sorrarazten duen gertakariaren berri duen egunetik hasiko da zenbatzen edo, hala badagokio, itzultzeko ebazpenaren benetako jakinarazpena gauzatzen den egunetik zenbatzen hasita.

  2. Prestazioak jasotzeko eskubidea urtebete geroago iraungiko da. Interesdunari prestazioa eman zaiola formaz jakinarazi eta biharamunetik aurrera hasiko da zenbatzen epe hori. Aldizkako prestazioak direnean, hileko kuota jasotzeko eskubidea prestazioaren muga-egunetik urtebetera iraungi egingo da.

  1. Gizarte-larrialdietarako laguntzak eman nahiz ukatzeko ebazpenen aurka, eta eman behar ez ziren laguntzak itzultzeko prozeduretan hartzen direnen aurka, indarrean den legerian zehaztutako administrazio- eta jurisdikzio-errekurtsoak aurkez daitezke.

  2. Errekurtso horiek jartzea aparte utzi gabe, interesdunek kexa arrazoitua aurkeztu ahalko diote diru-sarrerak bermatzeko eta gizarteratzeko alorrean eskuduna den Eusko Jaurlaritzaren sailari.

  3. Oinarritzat hartzen dituen arrazoiak adierazi beharko ditu kexa-idazkiak, eta dagozkion administrazio- edo jurisdikzio-errekurtsoetako arrazoiez bestelako zirkunstantziei buruzkoak izan beharko dute.

  4. Organo eskudunak dagozkion neurriak hartuko ditu, eta betiere bat etorriko dira formulaturiko kexaren nondik norakoarekin.

  1. Euskal Administrazio Publiko eskudunek eska ditzaketen gizarte-larrialdietarako laguntzen onuradunen, haien bizikidetza-unitateko kideen, edota prestazioaren onuradun izan daitezkeen bestelako pertsonen datu eta txosten guztiak mugatuta egongo dira, zehazki, Diru-sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legean ezarritako prestazioak edota betebeharrak baliatzeko baldintzak betetzen direla egiaztatzeko ezinbestekoak direnetara mugatuta.

  2. Euskal Administrazio Publikoek bermatuko dute organismo eskudunek espedienteak izapidetzerakoan lortutako datuak isilpean gordeko dituztela, Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoari jarraiki.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan gizarte-larrialdietarako laguntzetarako zenbatekoak finantzatzeko behar beste baliabide ekonomiko gorde beharko da urtero.

  2. Udalek urtero esleituko dituzte beren aurrekontuetan beharrezko baliabide ekonomikoak Diru-sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko abenduaren 23ko 18/2008ko Legean eta dekretu honetan aurreikusitako eskumenak egikaritzeko, eta dekretu honetan, gizarte-larrialdietarako laguntzak izapidetzeko eta kudeatzeko.

  1. Gizarteratzeko Erakunde arteko Batzordeak aztertu ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan gizarte-larrialdietarako laguntzak ordaintzeko dagoen dirua erkidego barruko lurralde historikoen eta udalerrien artean nola banatuko diren zehazteko irizpideak gizarte-zerbitzuetako eskumena daukan Eusko Jaurlaritzaren Sailak zehaztuko ditu urtero, eta beharren adierazleei begira zehaztu beharko ditu batez ere.

  2. Erreferentziazko irizpideen aplikazioari jarraiki, Eusko Jaurlaritzan gizarte-zerbitzuetako eskumena duen Sailak Udal bakoitzari dagokion gehieneko aurrekontua finkatuko du, horren guztiaren berri emanez EHAAn argitaratuko den sailburuaren Aginduaren bitartez.

  3. Eusko Jaurlaritzan gizarte-zerbitzuetako eskumena duen Sailak aurreikusitako baliabideak banatzeko irizpideak berrikusiko ditu aurrekontu-ekitaldiaren barruan. Horrela, behar izanez gero, udal bakoitzari esleitutako kredituak egokitu ahal izango ditu, eta baita banaketarako beste irizpide batzuk ezarri ere, kontuan hartuz Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontuen Legeak urteri ezarritako mugak ezin izango direla gainditu; horretarako, honako prozedura honi jarraituko zaio:

    1. Aurrekontu-ekitaldiaren hiruhileko bakoitzaren hasieran, bigarrenetik aurrera, Eusko Jaurlaritzaren Sail eskudunak laguntzak banatzeko irizpideak Udal bakoitzean aurkeztutako eskariaren arabera aplikatzen direla egiaztatuko du. Eskabideari erantzuna eman behar horretan batere hutsunerik antzematen bada, Udal bakoitzari esleitutako kredituak egokituko dira, hiruhileko horren barruan. Horrenbestez, udal bakoitzari urtean dagozkion kopuruak berriz finkatuko ditu, betiere aurrekontu-ekitaldian horretarako guztira gordetako aurrekontu-esleipenak gainditu gabe.

    2. Alde horretatik, banaketa-irizpideak berriz aztertu behar direla uste bada, diru-sarrerak bermatzearen eta gizarteratzearen alorrean eskumenak dituen Eusko Jaurlaritzaren Sailak beste banaketa-irizpide batzuk finkatu ahal izango ditu, Gizarteratze Lanetarako Erakunde Arteko Batzordeak gaia aztertu ondoren. Hortaz, udal bakoitzak eskura dituen kopuruak berriro antolatuko ditu, betiere, aurrekontu-ekitaldian horretarako guztira gordetako aurrekontu-esleipenak gainditu gabe.

  4. Erreferentziazko irizpideen aplikazioari jarraiki, Udal bakoitzari dagokion aurrekontu-muga ezarri ondoren, Eusko Jaurlaritzaren Sail eskudunak esleitutako zenbatekoak trasferituko dizkio Udal bakoitzari hiru hilean behin, dekretu honen 33. artikuluan eta xedapen iragankorrean adierazitako jasotzaileei buruzko informazioa igorri ote den kontuan hartuz.

    Azken hiruhileko naturalean, diru-sarrerak bermatzearen eta gizarteratzearen alorrean eskumena duen Eusko Jaurlaritzaren barruko Sailak azken ordainketa transferituko dio Udal Bakoitzari, hala badagokio, dekretu honen 33. artikuluan ezarritakoari jarraiki esleitutako aurrekontu-mugetan sar litezkeen egokitzapenak kontuan hartuz, eta betiere udal bakoitzaren gastu-maila eta helburua egiaztatzeko behar diren datuen azterketaren arabera, aurreko paragrafoan ezarritakoari jarraiki.

  5. Eusko Jaurlaritzan aurrekontu-ekitaldia ixten denean, Udal bakoitzari dagozkion kopuru guztiak erregulatu beharko dira behin betiko, aurrekontu-ekitaldi horretan laguntzak emateko benetan hartutako ebazpenetan oinarrituta, eta kontuan hartuz, horretarako, Udalek dekretu honetako 33. artikuluan ezarritakoari jarraiki bidalitako dokumentazioa.

  6. Udalek prestazioen ordainketari aplikatu gabeko soberakin-zenbatekoak Euskadiko Ogasun Nagusiari ordaindu beharko dizkiote.

  1. Dagozkion hiru hilean behingo ordainketak igorri eta hurrengo hilabetearen lehen hamabostaldian, Udalek diru-sarrerak bermatzearen eta gizarteratzearen alorrean eskumena duen Eusko Jaurlaritzaren barruko Sailera aurreko hiruhilekoan emandako prestazioei dagokien informazioa eta justifikazio-dokumentuak igorriko dituzte.

    Aurreko hiruhilekoari dagokionez, titularrari eta haren bizikidetza-unitateko kide guztiei buruzko nahiz baliabide ekonomikoei eta ondare-ondasunei buruzko datu pertsonalak eta emandako laguntzen zenbatekoak eta kontzeptuak jaso beharko dituzte aipatutako datuek, emateko edo ukatzeko ebazpenei dagokienez. Era berean, egin behar ez ziren kobrantzak edo ordainketak itzultzeko prozedurak aplikatu behar zaizkien zenbatekoak ere bildu beharko dira.

  2. Aurreko paragrafoan aipatutako datuen igorpena Gizarte Zerbitzuei buruzko Informaziorako Euskal Sistemaren bitartez egingo da, dagokion gastu-kalkuluarekin.

Arau-hausteen eta zehapenen erregimena. Diru-sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legearen VII. tituluan bilduriko arau-hausteen eta zehapenen erregimenari dagokionez, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentari buruzko maiatzaren 25eko 147/2010 Dekretuaren VII. kapituluan ezarritako zehapen-prozedura aplikatuko da, betiere gizarte-larrialdietarako laguntzen kasuan prozedura hasteko, izapidetzeko eta ebazteko eskumena duen administrazioa dagokion udala ez bada.

Dekretuko honetako 33. artikuluan aipatzen diren datuen bidalketari dagokionez, Gizarte Zerbitzuei buruzko Euskal Informazio Sistemaren funtzionamendua araututa ez dagoen bitartean, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren 2004ko urriaren 8ko Aginduan ezarritako moduan egingo da. Agindu horren bidez argitaratu zen Gizarte Larrialdietarako Laguntzen eskabide-eredu berria, eta prestazio horiei buruzko dokumentazioa euskarri informatikoan bidaltzeko modua arautu zen. Edo, bestela, aipatutako aginduan ezarritakoa ordezkatzen duen euskarri informatiko estandarizatuaren bitartez, diru-sarrerak bermatzearen eta gizarteratzearen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak zehazten duen moduan, datuen edukiari buruz aipatutako 33. artikuluan eskatzen diren baldintzak betez, betiere.

Indargabetuta geratzen dira Dekretu honetan xedatzen denari kontrajartzen zaizkion edo xedatzen denaren aurka dauden maila bereko edo beheragoko arau guztiak eta, zehazki, berariaz indargabetzen da 199/1999 Dekretua, apirilaren 20koa, Gizarte Larrialdietarako Laguntzak arautzen dituena.

Lehenengoa. Ordezko araubidea.

Administrazio-prozedurari lotuta dekretu honetan aurreikusten ez den guztiari dagokionez, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aplikatuko da.

Bigarrena. Dekretua arau bidez garatzea.

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuari dekretu hau garatzeko eta gauzatzeko behar diren xedapenak hartzeko eta dekretu honetan ezarritako eskabide-eredu normalizatua aldatzeko ahalmena ematen zaio.

Hirugarrena. Indarrean jartzea.

Dekretu hau indarrean sartuko da Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian argitara eman eta biharamunetik hasita, eta 2011ko urtarrilaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2011ko urtarrilaren 18an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua,

MARÍA GEMMA ARÁNZAZU ZABALETA ARETA.